<![CDATA[Ianire Renobales | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 26 Nov 2022 19:35:30 +0100 hourly 1 <![CDATA[Ianire Renobales | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Jokaldi apurtzaileak]]> https://www.berria.eus/albisteak/109820/jokaldi_apurtzaileak.htm Fri, 10 Apr 2015 10:47:47 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/albisteak/109820/jokaldi_apurtzaileak.htm <![CDATA[Garapena trenbideetara iritsi zenekoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1833/038/001/2015-02-25/garapena_trenbideetara_iritsi_zenekoa.htm Wed, 25 Feb 2015 00:00:00 +0100 Ianire Renobales https://www.berria.eus/paperekoa/1833/038/001/2015-02-25/garapena_trenbideetara_iritsi_zenekoa.htm Trenak eta Euskal Herriko gizartea EHU eta Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak argitaratutako liburuaren edizioan aritu da Pedro A. Novo EHUko irakasle eta historialaria (Barakaldo, 1960). Trenak bidaiariak garraiatzeaz ez ezik, aldaketa ugari ekarri zituen.

Euskal Herriko lehenengo trenbidea 1850eko hamarkadan egin zuten, Lapurdin, Bordeletik Baionara iritsiko zen trenarentzat. 1855. urtean, Espainian Trenbideen Legea onartu zen. Lege horrek trenbideak non eta nola egin behar ziren arautzen zuen, eta bazterturik utzi zuen Bizkaian bultzatzen ari ziren Madril eta Irun Bilbotik lotuko zituen trenbidearen proiektua. Horren ordez, Altsasutik igaroko zen lineari eman zion lehentasuna. Baina Gipuzkoako zatia sortzeko garaian, tunel eta zubi ugari egiteko beharra ikusi zuten. Novok azaldu duenez, «zailtasun tekniko asko zeuden, eta Italiako Piamontetik tunelak egiten espezializatuta zeuden langileak ekartzea erabaki zuten». Historialariaren arabera, «langile horiek egun ezagutzen den trikitiaren egokitzapena sartu zuten Euskal Herrian. Gainera, euren gastronomia eta kultura ere ekarri zuten». Trenbideen eraikuntzak zeresana sortu zuen gizartean, eta bertso askotako gai bilakatu ziren. «Gipuzkoan sortutako bertso gehienak trenbideen aldekoak ziren; baina beste batzuk aurka agertzen ziren, atzerritarrak erakarri eta eurekin ohitura berriak ekarri zituztelako».

Bitartean, Bizkaian, Bilbo eta Tutera lotuko zituen trenbide bat egiteko lanak hasiak ziren, eta 1863rako martxan zebilen. «Bilbotik irten zen lehenengo trena Tuterara zihoana zen». Lineak ez zuen asko iraun; 1877an egin zituen azken bidaiak.

«Euskal Herriko trenbide sarea bikain egokitu zen garai hartako gizarte eta industria beharrizanetara». Baina Arabako garapena beranduago etorri zen; «trenen zirkulazioarekin zerealen komertzioa sustatu nahi zuten». Pedro A. Novok dioenez, «enpresa bakoitzak bere bidea eraikitzen eta ustiatzen zuen merkantziak hirira eraginkortasunez helarazteko». Hala ere, 1906an, enpresa ustiatzaileek indarrak batzea erabaki zuten eta, elkartze horren bidez, zirkulazioa nabarmenki areagotu zen. Eta hogei urte geroago, trenbide guztia elektrifikatu zuten. «Nahiz eta geroago handitze gehiago egin ziren, 1910erako euskal trenbide sarea osatuta zegoen. Meatzaritza eta beste konpainia batzuei esker, bultzada handia egon zen eta, orotara, 900 kilometro egin ziren Hego Euskal Herrian».

Novoren ustez, XIX. mendearen erdialderako trena zen garraiobide nagusia. «Hasiera batean, trena merkantzien garraiorako eratu zuten, baina berehala landa eremuetako pertsonak industria eta hiri ingurura lekualdatzeko erabili zen». Esaterako, Ezkerraldeko lineak langileak Sestao eta Barakaldoko lantegietara eta labe garaietara eramateko balio izan zuen. 1926an, Santurtziraino luzatu zuten, merkantziak Bilboko porturaino eramateko. «Biztanleak mobilizatzea nahi zuten». Itsasadarraren Eskuinaldeko linea, ordea, goi mailako biztanleen garraiorako sortu zen. Bilbotik Areetara eta Plentziara eramaten zituen bidaiariak. Hala eta guztiz ere, garai hartan trenbideek konpetentzia handia zuten. «Tranbia 60 geltoki baino gehiago izatera heldu zen, eta auzuneetatik pasatzen zen. Gainera, merkeagoa zen, eta zenbait txartel mota zituen», gaineratu du Novok. Loraldiak gutxi iraun zuen. 36ko gerraren ondoren, tranbien garrantzia murriztuz joan zen.

Trenbide estuen loraldia

Trenaren urrezko aroak XX. mendearen lehenengo erdialdera arte iraun zuen. Urte horietan, trenbideen hazkuntzak eragina izan zuen geltokien arkitekturaren estetikan. «Geltoki handienak deigarri izatea nahi zuten, eta monumentuak sortu nahi zituzten». Erdi mailako geltokiak, ordea, baserrietako estilora egokitzen ahalegindu ziren, eta, herri eraikuntzaren ildoei jarraituz, estetika ez apurtzen saiatu ziren. «Tren geltokiak hirietako ateak ziren, bidaiariek izaten zuten lehen irudia».

Burdinbideetan igota, telegrafoa eta egunkariak herri txikiagoetara heldu ziren. «Trenak ateak ireki zizkion migrazioari, eta hara eta hona mugitzen ziren bidaiariek albiste berriak ekartzen zituzten nasetara». Baina abantaila horien artean, oztopoak ere bazeuden. Adibidez, Bilboko tren geltokiak, erdigunean zegoenez, hiriaren zabalkundea galarazten zuen. Guztira, 90.000 metro koadro hartzen zituen, eta espazioa «hobeto» aprobetxatzeko, proiektu berriak proposatuta, 1929an eraitsi egin zuten. Hogei urte behar izan zituzten berreraikitzeko; izan ere, 36ko gerrak trenbideen garapena oztopatu eta moteldu egin zuen. «Errepublika garaian, ideia handiak planteatu ziren eraikuntzari dagokionez, baina azpiegituretarako inbertsioak oso murritzak ziren».

XIX. mendearen amaieran, asko burdinbide estuak ziren. Obra gutxiagorekin eraiki zitezkeen, eta kurbak edo maldak erosoago igotzeko aukera ematen zuten. «Jarduera industriala zegoen eremuetan agertzen hasi ziren, eta horrek salgaien garapena ekarri zuen». Geltokietara salerosketarako produktu ugari heltzen ziren. Gipuzkoaren kasuan, gehienak 1880ko hamarkadan eratu ziren lantegien gorakadarekin batera. Hala, industria guneak eta herriak lotuta, gizartean aldaketak hasi ziren. «Trenbideak industria garrantzitsuetatik gertu igarotzen ziren, eta herri txikietako biztanleek aukerak ikusi zituzten horietan. Industriak eskaintzen zituen aukerei heltzeko, seme-alabak alfabetatzeko moduaren bila hasi ziren asko, baserrietatik harago lan egiteko abagunea eduki zezaten».

Aisialdirako ere bai

Trenbide estu garrantzitsuenen artean, Enkarterriko (Bizkaia) meategien ingurukoak zeuden. Aldundiaren laguntzaz, Ortuella eta Muskiz lotzen zituen linea sortu zuten. Baina, mearen komertzioak sortzen zituen etekinak zirela eta, enpresa pribatu askok begiak ipini zituzten inguru horretan; Franco-Belga enpresa zegoen tartean. Meatzaritzaren ustiaketak inguruko herriei eragin zien, eta langile askok Trapagarango funikularra erabiltzen zuten meategietara heltzeko.

Funikularrak aisialdirako ere sortu zituzten. Adibidez, 1912an Donostiako Igeldokoa inauguratu zuten. Horren bidez, dirudunek eta turistek mendi tontorrera igo eta jolas parkean ibiltzeko aukera zuten. Turismoa erakartzeko balio izan zuen bai Igeldokoak, eta bai Larrun mendira igotzen den kremailera trenak.

Hazkundea etengabekoa zirudien arren, 36ko gerrak muga jarri zion. Eskasia urteetan, trenbideetan eta garraiorako azpiegituran inbertsio gutxi egin ziren. Gainbeherak 1940ko hamarkadan ere jarraitu zuen, errepide bidezko garraioarekin. «Kamioiek atetik atera mugitzen zituzten salgaiak. Garraioa trenez eginez gero, kamioia tren geltokira bidali behar zuten». Bestalde, 1950eko hamarkadan, Santurtziko portua indarra hartzen hasi zen, merkantzia asko burdinbideetan garraiatu beharrean, itsasontziz egiten baitzen». 1970eko hamarkadan, autoen salmenta handiek ere eragina izan zuten trenaren erabileran.

«Gaur egun, proiektu handiak daude abiadura handiko trenei dagokienez, baina ikusi beharko dugu etorkizunean errentagarriak diren. Galdera asko daude airean, txartelek zenbat balioko duten, edo hain azpiegitura handia egiteko garaia izan den», gaineratu du Novok. Hala ere, historialariak argi dauka: «Burdinbideak sarean sortu behar dira; banaka ez dute funtzionatzen. Denek lotuta egon behar dute, bidaiariak eta salgaiak hemugara hel daitezen».]]>
<![CDATA[«Kultura neandertala ez da berez existitzen»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2015-02-24/kultura_neandertala_ez_da_berez_existitzen.htm Tue, 24 Feb 2015 00:00:00 +0100 Ianire Renobales https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2015-02-24/kultura_neandertala_ez_da_berez_existitzen.htm Bizkaiko neandertalen urratsen atzetik.

Duela zenbat urte bizi izan ziren neandertalak Bizkaian?

Zaila da esatea. Giza eboluzioan mugak jartzea ez da batere erraza. Pentsatzen dugu neandertalak Europan bizi ziren arbasoen eboluzio bat izan zirela. Berez, lehenak segur aski duela 200.000 urtekoak izango ziren, eta azkenak, orain dela 40.000 urtekoak, gutxi gorabehera.

Zergatik desagertu ziren? Homo sapiens-ak zerikusirik izan zuen?

Nire ikerketa gai nagusia horixe da. Komunitate zientifikoak 30 urte inguru daramatza hori ikertzen, eta, oraingoz, ez da behar bezalako arrazoirik topatu. Segur aski, ez zen arrazoi bakarra eman. Adibidez, badakigu bukaera aldera, talde txikietan, sakabanatuta ibiltzen zirela eta ahultasun bat nabaritzen da. Eta ahultasun momentu batean beste eragileren bat sartzen denean, dena nahastu egiten da. Beharbada, hortik dator neandertalen desagerpena. Agian, gure espeziea Europan sartzen hasi zen lekua zegoelako, neandertalak desagertzear zeudelako. Hori nire hipotesia da.

Bizkaian, non bizi ziren?

Lurralde osoan bizi izan ziren; leku batetik bestera mugitzen ziren etengabe. 100.000 urtean baino gehiagoan bizi izan ziren Bizkaian. Gainera, zenbait aztarnategitan haiek utzitako arrastoak daude.

Ezagunenetarikoa Axlorrekoa da.

Bai; Diman dago, eta oso aztarnategi zabala da. Han neandertal gizartearen 20.000 urteko eboluzio aldaketa dago. Bizkaiko neandertal arrasto bakarrak hor daude; haginak eta kaskezur zatitxoak topatu genituen. Beste leku batzuetan, haiek utzitako aztarnak aurkitu ditugu. Adibidez, Lemoako Arlanpen, Dimako Baltzolan, Abadiñoko Asuntzen, Karrantzako Polvorin eta Ventalaperran eta Barrikako zenbait ingurutan. Nire ustez, aztarnategi asko daude oraindik topatzeko.

1967an, Barandiaranek bost giza hortz berreskuratu zituen Axlorren. Zu ere bertan ibili zinen. Zein ondorio atera zenituen?

Gutxi. Arrasto batzuk agertu ziren, baina ez asko. Paleoantropologoek ikerketa gehiago egin beharko dituzte dieta eta bizi-historia ezagutzeko.

Nola bizi ziren neandertalak? Ehiztari eraginkorrak al ziren?

Haragia zen haien energia iturri nagusia, baina beste motatako jakiak ere garrantzitsuak izango ziren, tuberkuluak eta fruituak, esaterako. Zestoako beste aztarnategi batean arrainen arrastoak topatu zituzten.

Zein informazio lortu duzue aurkitutako animalien hezurretatik?

Ez zuten edozein animalia ehizatzen, espezie batzuk aukeratzen zituzten. Datu horiekin aztertu dugu kobazuloetara zein zati eramaten zituzten eta hezurrak tresnak egiteko erabiltzen zituzten. Halere, Bizkaian lan gutxi egin da horri buruz.

Kultura aldetik, hildakoak lurperatzen al zituzten?

Kultura neandertala ez da berez existitzen; neandertalen kulturak daude. Leku zehatz batzuetan, hildako batzuk hilobiratzen zituzten, baina oso gutxi daude. Siberiatik Gibraltarrera talde, ekosistema, baliabide eta eboluzio historiko ugari egon ziren, eta neandertal gizarte asko egon ziren.

Aurreko astean, hipotesi berri bat zabaldu zuen ikerlari talde batek, lanak sexuaren arabera banatzen zituztela neandertalek. Ados al zaude horrekin?

Hipotesi erakargarria da, baina, nire ustez, ez dute gauza handirik esan. Normala da gizarte guztietan generoak eta adinak ezberdintasun batzuk markatzea. Indibiduo gutxi analizatu dituzte, kobazulo konkretuetan eta kronologia handi batean.

Barrikako Aranbaltzako aire zabaleko aztarnategian induskatzen ibili zara. Egundaino, datu azpimarragarririk atera al duzu?

Gauza interesgarriak daude, bestela ez ginen han egongo. Baina, oraingoz, ezin dugu asko esan. Datorren urtean datuak plazaratuko ditugu.]]>
<![CDATA[«Tetrisera jolastu behar izaten da txosnekin»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2089/040/001/2014-08-31/tetrisera_jolastu_behar_izaten_da_txosnekin.htm Sun, 31 Aug 2014 00:00:00 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/paperekoa/2089/040/001/2014-08-31/tetrisera_jolastu_behar_izaten_da_txosnekin.htm
Nondik jaio zen mota horretako enpresa bat sortzeko ideia?

Getxoko jai batzordean denbora luzea eman ondoren, sektore hau nahiko ondo ezagutzen nuen; banekien nola funtzionatzen zuen. Beraz, negozio aukera bat agertu zenean, horri heldu genion, eta enpresa sortzea erabaki genuen.

Herriko jaiak direla eta, mugimendu handiena udan izaten da. Nolakoa da egoera neguan?

Denboraldiko lanbide bat da geurea. Normalean, bederatzi hilabetez lan egiten dugu; abenduan, urtarrilean eta otsailean ez dugu ia lanik izaten. Bestalde, lan karga ezberdina izaten da hilabetez hilabete. Martxoan lehenengo txosnak ezartzen hasten gara, baina ekainetik irailera arte izaten da lan handiena; izan ere, jai gehienak tarte horretan ospatzen dira gure inguruan. Neguan, ostera, oso gutxitan lan egiten dugu.

Txosnarik gabeko jaiak imajinatzen al dituzu?

Euskal Herrian ezingo nituzke imajinatu. Txosnak mota askotakoak izan daitezke, eta festaren edo tokiaren arabera, itxura alda diezaiekegu. Esaterako, jaietan muntatzen diren ohiko txosnak, karpak edo haima itxurakoak daude. Oro har euskal herritarrok asko edaten eta jaten dugunez, eta udan hori kalean egin dezakegunez, oso ohituta gaude herriko jaietan txosnak ikustera. Nik, beti, txikitatik ezagutu ditut txosnak herriko jaietan, nahiz eta horiek egurrezko lau oholtzarekin eginak izan. Beti egon dira presente.

Gure festen ikono bihurtu direla esan daiteke?

Nik baietz esango nuke. Nire ustez, txosnak eta kalimotxoa dira bertoko edozein herrik eta auzok amankomunean dituzten ikonoak. Euskal Herriko edozein tokitan ateratzen dugu festa kalera, eta horrek txosnak ezartzera gonbidatzen du.

Alkohola aipatu duzu. Gau giroan ezartzen direnez, jendeak errespetatu egiten ditu txosnak?

Betiko moduan, denetarik dago. Oro har bai, jendeak errespetatu egiten ditu, eta alokatzen dituztenek egoera onean itzultzen dizkigute. Baina ulertu behar da jai giroan erabiltzen direla, eta, batzuetan, hondatuta heltzen dira. Pintaketekin eta eranskinekin heltzea oso ohikoa izaten da. Hala ere, txosnak alokatzen dituztenak saiatzen dira hauek ongi zaintzen.

Zenbat txosna muntatu ohi dituzue herri bakoitzean?

Guk tamaina desberdineko egiturak eskaintzen ditugu, eta, horri esker, bakoitzak nahierara eska ditzake. Txikiak nahi badituzte, bat baino gehiago jar daitezke. Adibidez, auzo txikietako jaietan bakarra muntatu ohi dugu. Hala ere, kopurua aldatu ohi da herri eta festa ezberdinen arabera.

Zenbat denbora behar izaten duzue dena prest izateko?

Tetrisera jolastu behar izaten da txosnekin. Batzuetan, zuhaitz, kaleargi eta banku artean ibili behar dugu txosnak jarri ahal izateko. Baina, espazio libre nahikoa badugu, bi ordutan munta ditzakegu.

Euskal Herri osoan ibiltzen zarete? Eta Euskal Herritik kanpo?

Enpresa Berrizen [Bizkaia] daukagu, eta, batez ere, Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan aritzen gara. Kantabriara ere joan ohi gara, Bizkaitik gertu dauden herrietara. Oro har, euskal herritar asko ibiltzen dira herri horietan oporretan, eta txosnak ezartzeko eskaerak jasotzen ditugu.

Jaien garaia amaituta, txosna funtzioa emateaz gain, biltegi, aldagela edo stand bezala ere erabil daitezke estruktura horiek.

Gure egiturek, batez ere, txosna funtzioa hartzen dute. Horretaz gain, erabilera ezberdinak ematen dizkiete. Adibidez, Eibarren [Gipuzkoa] tonbola antzeko bat muntatzen dute udaro, eta produktuak zozketatzen dituzte. Hala ere, ostalaritza zerbitzuetarako prestatuta daude, salmahaia, harraska, hozkailua eta argiztapena baitituzte.

Krisiak eragin al dizue? Herrietan txosna gutxiago jartzen al dira?

Krisialdia beranduago igarri dugu. Hasieran ez genuen nabaritu; fakturazioa antzekoa izan ohi zen urtero. Baina, azkenaldian, txosna gutxiago eskatzen direla sumatu dugu, eta, gainera, prezioarekin negoziazioak egin behar direla. Horrez gain, karpa muntaketekin ere lehiatu behar dugu. Euskal Herriko klima dela eta, herri askotan, txosna ezarri beharrean, karpak jartzea aukeratzen dute. Beherakada izan da, baina ondo moldatzen gara. Herritarrek txosnak nahi dituzte.]]>
<![CDATA[Oporretarako erromesaldia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/029/001/2014-08-01/oporretarako_erromesaldia.htm Fri, 01 Aug 2014 00:00:00 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/paperekoa/1736/029/001/2014-08-01/oporretarako_erromesaldia.htm
Bizkaian atzo jaieguna zenez, askok, zubia egin, eta oporrak hasi zituzten. Hala, ohi baino mugimendu handiagoa izan zen atzo Bilboko Termibus autobus geltokian. Goizean goizetik, nasak jendez gainezka egon ziren, eta, autobus guztien ate aurrean, bidaiarien ilara luzeak osatzen, maletak eta motxilak uzten, autobusera igotzen eta errepidean desagertzen igaro zen goiza. Burgos, Lekeitio, Hendaia, Santiago, Pontevedra eta Santander. Autobus batek alde egin bezain laster, beste batek hartzen zuen haren tokia; mugimenduak behin eta berriro errepikatuz.

Atzealdean, eskuineko nasetan, Loiuko aireportura doan autobusak motorra piztu bezain laster, isiltasuna urratu eta hizkuntzak nahastu ziren. Erresuma Batutik etorritako Kevin Lewis urduri eseri zen, ez zekien bagajearen erregistroa garaiz egin ahal izango zuen. Hamabost egun eman ditu Euskal Herria bisitatzen, eta etxera bueltatzeko ordua heldu zaio. Atzeko eserlekuan, bidaia osoa eztabaidan eman zuten senar-emazte batzuk zituen, Tenerifera zihoazen oporretan, eta euren maleta oso pisutsua omen zen. «Emazteak beti sartzen du gehiegizko arropa, erabiliko ez ditugun jantziak. Ez du sekula ikasten», zioen kexaka Carlos Fernandezek.

Loiuko Aireportuan ere maleta handiak eta pisutsuak ageri ziren nonahi. Eta aldiro aldatuz doazen informazio paneletara begira zeuden bidaiariak, euren ontziratze atearen zenbakiaren zain. Aireportuko zuzendaritzak emandako datuen arabera, atzo 61 hegaldi lurreratu eta beste 60 aireratu ziren Loiun. Bidaiarien joan-etorria etengabekoa zen, eta fardelen zigilatze zerbitzuak ez zuen atseden hartzeko astirik izan. Ehunka maleta forratu zituztela nabarmendu zuen Roque Toribiok, zerbitzu horretako arduradunak: «Jendeak bagajea ez zabaltzeko edo hegazkinen biltegietan egon ohi den koipearekin ez zikintzeko forratzen ditu maletak. Behin itxita eta zigilua jarrita, poliziak baino ezin ditu ireki». Bogotara (Kolonbia) zihoan familia batek segurtasunagatik forratu zituen maletak. «Madrilen beste hegazkin bat hartu behar dugu familia bisitatzeko. Halako bidaia luzeak egitean, guk nahiago dugu maletak forratzea, lasaiago goaz», zioen Kolonbiara zihoan Carmen Rodriguezek. Bagajea hartu eta berehala jarri zen Madrilera doan hegazkinaren ilaran. Gero eta bidaiari gehiago elkartzen ari ziren. Irantzu Sacristanek ere Madrilerako hegazkina hartu zuen atzo. Nikaragua zuen helmuga. «Bidaia luzea dugu, baina sekulako gogoarekin goaz. Deskantsatu, surf egin eta toki berriak ezagutzeko irrikaz gaude».

Grebak tren zerbitzuetan

Garraiobideetako grebek atzeratze asko sorrarazten dituzte, eta, oporretan doazenei eragiteaz gain, oporretatik datozenei ere kalte egiten diete. Jon Txarroaldek Galizian eman ditu oporrak eta atzo hartu behar zuen Bilborako trena. Baina, Renfek eta Adifek atzo abiaturiko lanuztea dela eta, zegokion trena kendu zioten. Langileen urritasuna eta bortxazko lekualdatzeengatik abiatu zuten atzo hasi eta gauera arte iraungo duen greba. Hala, arazoak izan zituen etxerako bidean. Txarroaldek azaldu zuenez, aurreko egunean eman zioten zerbitzuen murrizketari buruzko abisua eta txartela aldatzeko aukera. Bartzelonara zihoan trena hartu behar izan zuen, eta Gasteizen jaitsi, handik etxerako autobus bat hartzeko. «Bidaiariontzat endredo bat da, baina ulergarria da langileen egoera. Haiek harrabotsa sortu nahi dute».

Errepideetan ere izan ziren arazoak atzo. A-8 autobidean, Kantabriarako noranzkoan, adibidez, 20 kilometro arteko auto ilarak izan ziren.]]>
<![CDATA[«Edozer egingo genuke amaren leka plater bero batengatik»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2014-07-31/edozer_egingo_genuke_amaren_leka_plater_bero_batengatik.htm Thu, 31 Jul 2014 00:00:00 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2014-07-31/edozer_egingo_genuke_amaren_leka_plater_bero_batengatik.htm Biziklautakizena jarri dioten gurpil gaineko abenturaren berri ematen.

Nola murgildu zineten proiektu honetan?

Ideia ero guztiak bezala, kuadrillako gau batean sortu zen. Indiara arte bizikletaz joatea bururatu zitzaien. Baina, ideiaren berri eman zidatenean, mundu osoari buelta ematea proposatu nien. Hurrengo egunetan bueltaka ibili ginen, plan berria diseinatzen. Urte luze batean, irudia, izena, eslogana, dosierra eta webgunea sortu genituen.

Ibilbidea behin baino gehiagotan aldatu duzue, bisak direla eta. Bidea ez da erraza izan.

Lehenengo oztopoa Iran eta Pakistan arteko muga gurutzatzerakoan heldu zen. Pakistango bisa lortu ahal izateko, Madrilen eskatzera behartzen gintuzten, eta hori ezinezkoa zen. Horregatik, Arabiar Emirerri Batuetara pasatu, eta hurrengo herrialdetik, Omanetik, Indiara arte doan ontzi bat hartzea erabaki genuen. Orain, Kanbodiara hegazkinez joango gara, Myanmar eta Thailandia herrialdeen mugak itxita daudelako.

Zein izan da egoerarik zailena?

Bidean bizitzeak noiz edo noiz egun latzak oparitzen dizkigu. Hotzak, euriak, beroak edota bakardadeak eguna oso azkar zapuztu ahal dizute. Baina urte osoan izan dugun egoerarik zailena nik belauna izorratu nuenean izan zen. Eslovenia eta Kroazia arteko herrialdeak gurutzatzerakoan, bizikletatik jaitsi behar izan nuen.

Eta onena?

Badakigunez askok ezingo dutela izan halako abentura bat, proiektuarekin jarraitu ahal izatea da gertatzen ari zaigun gauzarik onena.

Zein izan da ezagutu duzuen leku deigarriena? Zergatik?

Iran. Batez ere, gure herrialdera handik heltzen diren berri txar guztiengatik. Europako eta Ameriketako politikariek Iran zikintzen dute, ematen dituzten gezurretako berriekin. Egia da emakumeen egoera oso txarra dela, matxismo oso sakon batean bizi direlako. Baina, han egonda, jendea oso jatorra da, eta asko laguntzen dizute. Hain jende gutxik bidaiatzen duenez bertara, oso pozik daude hara doan edonorekin.

Non egiten duzue lo?

Normalean, basoan edota oihanean jartzen ditugu gure kanpin dendak. Baina, Couchsurfingeta Warmshowerswebguneen bidez, mundu osoko edozein tokitako jendea ezagutzeko posibilitatea dugu, eta, gainera, doako ostatuak eskaintzen dizkigute.

Egundaino, nolakoa izaten ari da esperientzia?

Bidaiak kultura diferenteak ezagutzeko posibilitatea ematen digu, eta hori ez da gauza arrunt bat. Baina gu geu ezagutzen ari gara: nolakoa den gure portaera, zergatik garen horrelakoak eta, garrantzitsuena, nolakoak izan nahiko genukeen etorkizunean.

Zerbait aldatuko zenukete abentura honetatik?

Halako bidaia bat egitean, edozein arazok handiagoa dirudi. Etxe finko bat ez izateagatik segurtasun falta nabaritzen duzu zenbait herrialdetan. Baina bidaia mota hau horrelakoa da; gauza txarrak eta onak ditu. Askatasuna edukitzea, ez jakitea hurrengo egunean zer egingo duzun eta egunero zuk gura dituzun erabakiak hartzea dira bidaia hau horrela egin gura izatera bultzatzen gaituzten arrazoiak.

Etxeko zeren falta sumatzen duzue gehien?

Normalean, ohean lo egitea izaten da jendeak pentsatzen duen gauzarik inportanteena. Baina edozer egingo genuke amaren leka plater bero batengatik.

Hainbeste kilometro bizikleta gainean egin ostean, zer izango da Bilbon egingo duzuen lehenengo gauza?

Bilbora heldu bezain pronto, baina etxera heldu aurretik, lagunekin garagardo hotz bat hartzera joateko asmoa daukagu. Bizikleta eta guzti, gainera.]]>
<![CDATA[Bilboko Konpartsek goitibeherak berreskuratu dituzte Aste Nagusirako]]> https://www.berria.eus/albisteak/94407/bilboko_konpartsek_goitibeherak_berreskuratu_dituzte_aste_nagusirako.htm Tue, 29 Jul 2014 13:57:27 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/albisteak/94407/bilboko_konpartsek_goitibeherak_berreskuratu_dituzte_aste_nagusirako.htm <![CDATA[«Denentzat dago lekua; ez gara hasiko besteak kriminalizatzen»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1846/010/001/2014-07-25/denentzat_dago_lekua_ez_gara_hasiko_besteak_kriminalizatzen.htm Fri, 25 Jul 2014 00:00:00 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/paperekoa/1846/010/001/2014-07-25/denentzat_dago_lekua_ez_gara_hasiko_besteak_kriminalizatzen.htm
Zein da Gipuzkoako EHNEren osasuna?

Biltzarra amaitu berritan, balorazio ona egiten dut. Jendeak babesa eman dio zuzendaritza berriari. Batzarrera etorri garen kideok adostasuna erakutsi eta iritzia emateko eskubidea praktikara ekarri dugu.

Zein ildori eutsiko diezue etorkizunean?

Erronka latza dago afiliazio sektorea kohesionatzen. Urte askoan oso era interesatuan erabilitako dinamika antzua bukatu behar da esparru guztietan, sektorean eta instituzioetan. Elkar uztartuta etorri behar du sektorean ezinbizi hau sortzen duen egoerari buelta emateko irtenbideak. Planteamenduak mahai gainean jarri behar dira, sektoreak arnasa har dezan eta, batez ere, baserritar orori bizimodu duin bat ematea posible izan dadin. Egoera oso latza da, baina sinesten dugu egoera honetara ekarri gaituzten jarrerak gainditu eta urratsak egin daitezkeela.

Zein erronka finkatu dituzue datozen urteetarako?

Sektore denetan dauden arazo batzuk baditugu. Lehentasunetako bat izango da sektore formatu bat izatea. Gure produktuetatik bizi nahi dugunez, merkaturatzean gardentasuna eta gertutasuna lortu nahi ditugu erosleekin. Salmenta zuzenean aritzen direnek, denda bati saltzen ari diren baserritarrek edo kooperatiba batean salmenta kolektiboak bultzatzen dituztenek; gure erronka da denek funtzionatzea behar bezala. Azken gatazkarekin, gizartearen aurrean antzezten ibili garela irudikatu da, baserritarren defentsan aritu garela irudikatu ordez. Eta irudi hori bukatu behar da.

Egun, zaharkituta dago sektorea. Gazteak nekazaritzan sartzeko, zer egiteko asmoa duzue?

Gazte batek, bizitza hautu hori egiteko, errentagarritasun ekonomikoa behar du. Eguneroko ogia lortzeko bidea baldin bada, jendeak hori aukeratuko du. Ezin da sektore bat erromantizismoz planteatu eta ahaztu denok ditugula beharrizanak eta soldata baten truke lan egiten dugula. Merkaturatze bideak eta egiturak aldatu eta parte hartze instituzionala lortu behar da.

Kontsumo taldeei buruz, bitartekariak gutxitzeaz hitz egin da. Nola landuko duzue arlo hori?

Salmenta bide ezberdinak bilatu behar dira, eta kontsumo taldeak indartu. Sistema horren bidez erosteko aukera duten baserritarrei ere lagundu behar zaie. Guztientzako lekua dago, eta ez dugu sartu behar batzuek besteak kriminalizatzeko pelikula horretan.

Afiliatu talde batek EHNE utziko duela esan du. Horrek nola eragin diezaioke Gipuzkoako EHNEren osasunari?

Autokritika etengabekoa izan da, eta hala izan behar du gerora ere. Baina kideek taldea uztea ez da ona inorentzat; 1.200 kideetatik berrogei inguruk utzi dute.

Sindikatua utziko dutenek diote batzarren deialdia modu irregularrean egin dela. Hori egia da?

Ez, ez da egia. Prozesu osoa azaldu diogu jendeari. Eta norbait kexu bada, edozeinek dauzka kezkak bideratzeko zilegitasun osoko bideak.

Baserritarren arteko batasun faltak nola eragiten dio sektoreari?

Pertsona batzuek darabilten diskurtsoarekin, batasuna nekez lantzen da. Kontrara, jarrera eraikitzaile batekin esertzen bagara, elkarren arteko ezberdintasunak oso azalekoak direla ikusiko dugu. Gaur askotariko kideak bildu dira: esne, haragi, baso sektorea... Denetik egon da. Beraz, inork ezin du esan eredu talka dagoenik. EHNEk bere oinarriari eutsiko dio, eta hori baserritarren defentsa da.]]>
<![CDATA[Etxaide: «Sistema publikoa ez da ari bere lana betetzen»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1884/009/002/2014-07-23/etxaide_sistema_publikoa_ez_da_ari_bere_lana_betetzen.htm Wed, 23 Jul 2014 00:00:00 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/paperekoa/1884/009/002/2014-07-23/etxaide_sistema_publikoa_ez_da_ari_bere_lana_betetzen.htm
LABen arabera, patronalak eta Gasteiz eta Iruñeko gobernuek aurrera eramaten dituzten politikek lan egoerari eragiten diote, kalitate txarreko enplegua sortuz, langabezia tasa handia eratuz eta pobrezia bultzatuz. Gogoratu du 2014ko lehen seihilekoan Hego Euskal Herrian sinatutako kontratuen %94,6 behin-behinekoak izan zirela. Horrez gain, urtarriletik ekainera arte, lanaldi osoko 9.400 kontratu eta lanaldi erdiko beste 3.000 kontratu desagertu ziren.

Iraupen handikoak gehitzen

Ekaineko datuen arabera, 214.872 langabe zeuden Hego Euskal Herrian; hau da, langabezia tasa biztanleria aktiboaren %17,5era iritsi zen. Iraupen luze-luzeko langabezia etengabe handitzen ari dela ohartarazi zuen Etxaidek. Izan ere, hamar langiletik sei duela urte bat baino gehiagotik daude langabezian. «Horrek esan nahi du sistema publikoa ez dela ari bere lana betetzen».

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, «krisia bankuentzat negozio bihurtu da». Hori dela eta, uste du instituzioek bideratutako «larrialdiko plan» bat eta elkarlana indartu behar direla. Horretarako, hainbat talderen artean sortu berri duten eskubide sozialen karta lagungarria izango dela dio. «Ezin da onartu jendea aukeratzen ibili beharra sendagaiak erostearen edo beste oinarrizko beharrizan batzuk estaltzearen artean».]]>
<![CDATA["Iraupen luze-luzeko langabezia etengabe handitzen ari da hilero"]]> https://www.berria.eus/albisteak/94195/iraupen_luze_luzeko_langabezia_etengabe_handitzen_ari_da_hilero.htm Tue, 22 Jul 2014 10:05:26 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/albisteak/94195/iraupen_luze_luzeko_langabezia_etengabe_handitzen_ari_da_hilero.htm
LABen arabera, “patronalaren ekintza bateratuak, zeina Gasteiz eta Iruñeko gobernuen laguntzaz finkatzen ari diren, erregimen soziala eta laborala kalitate txarreko enpleguan (%25), langabezia tasa handian (%15) eta pobrezian (%17) oinarrituta dago". Sindikatuak azaldu duenez, 2014ko lehen seihilekoan Hego Euskal Herrian sinatu diren kontratuen %94,6 behin-behinekoak izan dira. Gainera, urtarriletik ekainera arte, lanaldi osoko 9.400 kontratu eta lanaldi erdiko 3.000 kontratu desagertu dira. SEPEk ekainean argitaraturiko datuak ekarri ditu gogora LABek: 214.872 langabe zenbatu ziren Hego Euskal Herrian; hau da, langabezia tasa biztanleria aktiboaren %17,5era iritsi zen. Datuei erreparatuz, iraupen luze-luzeko langabezia etengabe handitzen ari dela adierazi du Etxaidek. Izan ere, hamar langiletik seik urtebete baino gehiago daramate langabezian. “Horrek esan nahi du sistema publikoa ez dela bere lana betetzen ari". Idazkariaren esanetan, “krisi hau negozio bihurtu da bankuentzat eta botere ekonomikoarentzat". Hori dela eta, instituzioek bideratutako plan “urgente" bat eta elkarlana indartu behar direla azpimarratu du. Horretarako, sortu berri duten Karta Soziala lagungarria izango dela deritzote. LABen arabera, gutxieneko soldata bat ezartzea “ezinbestekoa" da. “Ezin da onartu jendeak aukeratu behar izatea sendagaiak erostea edo beste oinarrizko beharrizan batzuk asetzea".]]>
<![CDATA[Prestakuntza "negozio" bihurtu dela salatu du ELAk]]> https://www.berria.eus/albisteak/94165/prestakuntza_negozio_bihurtu_dela_salatu_du_elak.htm Mon, 21 Jul 2014 10:53:57 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/albisteak/94165/prestakuntza_negozio_bihurtu_dela_salatu_du_elak.htm <![CDATA[Zerbitzuek eta industriak %1,5eko hazkundea ekarriko dute 2015erako]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/011/001/2014-07-18/zerbitzuek_eta_industriak_15eko_hazkundea_ekarriko_dute_2015erako.htm Fri, 18 Jul 2014 00:00:00 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/paperekoa/1736/011/001/2014-07-18/zerbitzuek_eta_industriak_15eko_hazkundea_ekarriko_dute_2015erako.htm
%1,2ko igoera aurreikusi du Nafarroarentzat; %1,4koa 2015erako.

Zalantzak eta kezkak ez dira desagertu, ordea]]>
Euskadiko ekonomia txostenean.

BPGari dagozkion aurreikuspen horiek beteko balira, langabezia tasari zuzenean eragingo liokete. Urte bukaerarako, Hego Euskal Herriko langabezia tasa 0,5 puntu jaits daitekeela azaldu zuen Joseba Madariagak, Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendariak. 2015ean, ordea, %1 jaits daitekeela diote txostenean.

INEk emandako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langabezia tasa %17koa zen 2013aren amaieran, eta hurrengo hilabeteetan jarduera ekonomikoa maila berean mantenduz gero, 2015eko langabezia tasa %15,5 izatera pasatuko litzateke.

Hala eta guztiz ere, sektore industrialaren, zerbitzuen eta kontsumoaren portaerek bereziki baldintzatuko dute langabezia tasaren bilakaera. Hori dela eta, balorazioak «tentuz» egin behar direla gogoratu zuten hizlariek. «Lan merkatuaren portaerari begiratzen badiogu, ez dugu baikorrak izateko arrazoirik; izan ere, lurralde eremu guztietan behera egin du enpleguak», adierazi zuen Xabier Egibarrek, Laboral Kutxako zuzendariordeak.

Iazko urtean, hiru sektore ekonomikoetan jaitsi zen enplegua. Batez ere, lehen sektorean —nekazaritzaren esparruan—, industrian eta eraikuntzan— eta zerbitzuen eskaintzan gertatu ziren jaitsiera handienak.

Nazioarteari begira

Madariagak azaldu zuenez, 2013. urteko bigarren seihilekoan hazkunde fase bat hasi zen, eta geroztik «susperraldia» igartzen ari dira. Aurten erregistratzen ari diren datuek «hobekuntza» islatzen dute. Bi arrazoi azpimarratu dituzte hori azaltzeko: barne eskaria eta kanpoko merkatuak Hego Euskal Herriko ekonomiari egiten ari zaizkion ekarpena. Adituen arabera, inbertsioak handitzen direnean egongo da bermatuta hazkunderako bidea. Madariagak azaldu zuenez, inbertsioekin enplegua igo egingo litzateke eta, aldi berean, barne eskaintzak ere gorantz egingo luke.

«Aurreikuspenek norabide egokia adierazten dute, baina zalantzak daude oraindik ere», gaineratu zuen Madariagak. Etapa berri horren «sendotasunak» kezkatzen ditu adituak. «Gizarte Segurantzan dagoen afiliatuen kopuruari eta langabezia tasaren datuei erreparatuz gero, lan merkatuak hobekuntza batzuk erakusten ditu», azaldu zuen Madariagak.

Edonola ere, nazioarteak hartzen dituen erabakiek Hego Euskal Herriko ekonomian eragina izango dutela azpimarratu zuten. AEBetako Erreserba Federalak, Europako Banku Zentralak, Asiako merkatuen zorpetzeek, defizit publikoen eboluzioak edota Espainiako lan merkatuaren bilakaerak egungo aurreikuspen onak alda ditzakete.

Adibide moduan, Europako bi merkatu hartu zituzten. Izan ere, Frantziako eta Alemaniako merkatuetan «motelaldi bat» gertatzen ari dela igarri dute, eta horrek hurrengo hilabeteetan Hego Euskal Herriko BPGaren garapenean eragina izan dezakeela azaldu zuten. Horrez gain, zor pribatuaren tasa oraindik ere altua dela gogoratu zuten, eta horrek atzo jakinarazitako aurreikuspenetan eragina izan dezakeela argitu zuten.

Duda gabeko ondorio bat atera zuen Egibarrek: «2007ko egoera ekonomikoa berreskuratzeko, krisialdia hasi baino lehenagoko garaietara heltzeko, urte asko behar izango dira oraindik ere».]]>
<![CDATA[300 ekitaldi baino gehiago antolatuko dituzte Bilboko Aste Nagusirako]]> https://www.berria.eus/albisteak/93979/300_ekitaldi_baino_gehiago_antolatuko_dituzte_bilboko_aste_nagusirako.htm Tue, 15 Jul 2014 08:07:31 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/albisteak/93979/300_ekitaldi_baino_gehiago_antolatuko_dituzte_bilboko_aste_nagusirako.htm
Berritasun gisa, nerabeentzako kontzertuak antolatuko dira 20:00etan, Europa Parkean. Hala, Abraham Mateo eta Sweet Californiaren emanaldiak ikusteko aukera izango dute.

Jaiegunak baliatuta, saioak grabatuko dituzte zenbait taldek. Bilboko Doctor Deseo taldeak 30 urteko ibilbidea bete du, eta, hori ospatzeko, CD bat grabatuko du Bilbon eskainiko duen kontzertuarekin. Era berean, BOS eta Korrontziren kontzertuarekin, beste grabazio bat egingo dute.

Bestalde, suak, ohiko gastronomia lehiaketak, bertsolariak, erraldoiak, kalejirak, herri kirolak eta familian edo lagunartean gozatzeko ekintzak egongo dira, goizez eta gauez. Antzerkigintzak ere espazio zabala hartuko du. Hala, heldu eta umeentzako beste hamabost antzerki prestatuko dira, eta, horietatik, lau obratan keinu hizkuntza bidezko komunikazioa erabiliko dute. Udalak adierazi duenez, aurreko urteetako aurrekontua mantendu dute Aste Nagusia ospatzeko, hau da, 2,5 milioi euro.

]]>
<![CDATA[Non zabaltzen dira maletak?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1976/034/001/2014-07-04/non_zabaltzen_dira_maletak.htm Fri, 04 Jul 2014 00:00:00 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/paperekoa/1976/034/001/2014-07-04/non_zabaltzen_dira_maletak.htm
SALOU

Hondartzazaleek leku bat izaten dute buruan: Salou (Tarragona, Herrialde Katalanak). Harea gainean ibiltzeko kilometroak eta itsasoari begirako terrazak dira han nagusi. Nahiz eta etxetik urrun egon, turismo eskaintza handia dago, eta ostatuak prezio onean daudenez, udatiar ugari biltzen dira. Euskal herritarrak biltzeko toki bat ere bada han. Duela lau urte, Noel Gonzalezek Ongi Etorri taberna zabaldu zuen, Saloun dagoen euskal taberna bakarra. Bezero gehienak Euskal Herrikoak dira, eta Arabako Errioxako ardoak, txuletoia eta arraina eskatu ohi dutela azaldu du Gonzalezek. Jatetxean dauden habeak eskuz eginak eta Euskal Herritik eramanak dira. «Bezeroek taberna hau aukeratzen dute elkartzeko». Ainhoa Gutierrez Saloura doazen euskal herritar horietako bat da. Hiru urte daramatza bertan uda igarotzen, eta aurtengoa laugarrena izango da. «Salou aukeratzen dugu klimagatik. Euskal Herrian gutxitan egiten du eguraldi ona, eta orduan, denak korrika goaz hondartzara».

Gutierrezek ume txikiak ditu, eta ostatuek haientzako ekintza asko prestatzen dituztela azaldu du. «Lagun taldea osatu genuen beste euskaldun batzuekin batera, eta ibilaldiak antolatzen ditugu, igerilekuetara joaten gara eta haurrak zoora eramaten ditugu».

NOJA

Opor egunak gutxi direnean, etxe inguruan dauden lekuak aukeratzen dituzte gehienek. Bizkaitarren artean, oso ohikoa da Kantabriara joatea (Espainia). «Asteburu bat pasatzeko abagunea ematen du», dio Laura Quirogak, zeinak Nojan etxea duen. Trengandin hondartzako harea finak eta itsasbeherak agerian uzten dituen uharriek erakarri zuten. Hura eta beste milaka euskal herritar gehiago. «Hondartzan atseden hartzen edo zelaietan ibiltzen, euskal herritarrekin topo egiten duzu», gaineratu du. Nojako Los Molinos kanpinekoek azaldu dutenez, krisiaren eragina oso agerikoa da. Lehen, egonaldiak astebetekoak izaten ziren, eta azken urteetan, asteburu bat pasatzen dute bisitariek han. Euskal herritar gehienek etxea dutela diote; hori dela eta, kanpinera joaten direnak gutxiago dira. Alicia Herrerok beste etxe bat du Nojan, eta uda guztietan joan ohi da hara. «Egunak lasaiak eta ordutegirik gabekoak dira, baina, hain ezaguna denez, abuztuan bizkaitarrez gainezka dago».

JACA

Mendia maite duten euskal herritarrentzat oso erakargarria da Jaca (Huesca, Espainia). Via Alpinako kirol dendan, batez ere, amildegi jaitsierak eta trekkinga egiteko materiala saltzen dute oporraldian. Erosleen %80 euskal herritarrak direla diote. «Lehen, ezkondu aurreko agur festak egin ohi ziren Jaca inguruetan; baina, azkenaldian, haur txikiak dituzten gero eta familia gehiago biltzen direla sumatzen ari gara», dio Javier Reyesek, saltokiko arduradunak.

Mendizaletasunak eraman zuen Egoitz Ikutza Jacara. Duela sei urte mendiko kluba sortu zuten, eta beste euskal herritar batzuekin irteerak antolatzen dituzte. «Opor egunetan jende asko doanez, zirkulazio handia dago hara heltzeko», esan du.

Jon Goikouria ere ia astebururo joaten da Jacara. Estilo erromanikoko katedrala eta gotorlekuko harresia bisitatzeaz gain, Ordesa parke naturalean ibiltzen da. «Hiritik gertu bizi garenok ez dakigu zer den benetako atsedena hartzea», azpimarratu du. Goikouriaren arabera, Jaca euskal herritarrez beteta dago. Eguna mendian igaro ostean, herriko kale nagusiko edozein tabernatan ikus daitezke pintxoak jaten. Jendetza ibiltzea saltokietarako onuragarria dela pentsatzen du Adrian Morenok, Mallatas eskulangintza dendakoak: «Artisau lanak erosten dituzte, baina bitxiak izaten dira euskal herritarrek hautatzen dituzten oroigarriak».

LANDAK

Landak (Okzitania) oso arrakastatsuak dira euskal herritarren artean, eta askok Vieux-Boucau-les-Bains herria aukeratzen dute. Village Vancances Le Junka ostatukoek diotenez, udatiar gehienak ekaina eta iraila artean heltzen dira, eta batez beste, astebete pasatzen dute herrian. Erdiguneko tabernetan elkartu, Hossegor herria bisitatu, hondartzara joan eta bizikletarekin ibiltzen dira, aintzira inguruetan eta basoetan barrena. «Paisaiak ikaragarriak dira, oso aproposak haurrekin bizikleta hartzeko», dio Rosa Acostak. Acosta aste honetan bertan izan da Landetan. Lankide baten gomendioz aukeratu zuen leku hori, eta euskal herritar asko topatu dituela azaldu du; «batez ere gipuzkoarrak». Acostaren ustez, hainbeste familia euskaldun egonda, haurrek elkarrekin jolasteko eta euskaraz hitz egiteko aukera dute. Gainera, jaialdi asko antolatzen dituztela azpimarratu du. Vieux-Boucau-les-Bains herrira joaten direnek igandea bitarte Nas de Guit jaialdiaz gozatzeko aukera izango dute. Igandera arte, haurrentzako ekitaldiak eta musika kontzertuak izango dira kaleetan. Hala ere, aldatu beharreko xehetasun bat proposatu du Rosa Acostak: «Inguru oso turistikoa denez, Frantziako ordutegiak alde batera utzi eta beranduago itxi beharko lukete».]]>
<![CDATA[«Matematikari asko okertzen dira jatetxeko kontuarekin»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/036/001/2014-07-02/matematikari_asko_okertzen_dira_jatetxeko_kontuarekin.htm Wed, 02 Jul 2014 00:00:00 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/paperekoa/1845/036/001/2014-07-02/matematikari_asko_okertzen_dira_jatetxeko_kontuarekin.htm
Nondik piztu zitzaizun ikerketarako kuriositatea?

XX. mendearen hasieran aurrerakuntza garrantzitsuak egin zituzten gai horren inguruan, eta 80ko hamarkadan zenbait ikerketa egin zirela ikusi nuen. 2005ean hasi nintzen hainbat saialdi egiten. Ikertu ahala, nire jakingura piztuz joan zen, eta beste batzuen probak hobetu zitezkeela ikusita, horretan murgiltzea erabaki nuen.

Zer-nolako ekarpena egiten die aurkikuntza horrek matematikei?

Ikuspuntu historiko batetik, oso garrantzitsua izan da aspalditik airean zegoen erronka baitzen. Nik garatutako teknikak erabilgarriak izango dira Zenbakien Teoriaren alorrerako. Horrez gain, beste matematikarien ikerketa lerroetarako ere lagungarriak izango dira.

Gehiago ikertu daiteke?

Metodo berri hau beste esparru batzuetan nola aplikatu daitekeen aztertu beharra dago, eta hori da egin beharreko hurrengo lana. Nik ikerketa eremu berriekin jarraituko dut; zeregin hau beste matematikarien esku utziko dut.

Matematikak egunerokotasunean erabiltzen ditugu. Zertarako balio dute?

Batzuetan ez daukagu oso argi matematika hutsa zer den. Baina, modu batean edo bestean, edozertarako erabiltzen dira. Adibidez, mezu kodetu bat Internet bidez bidaltzeko; hori behin eta berriro egiten da. Matematikaren alor guztiak elkarri lotuta daude. Matematikarik gabe, fisika ez da existitzen. Fisikarik gabe, teknologia ez da existitzen, eta teknologiarik gabe, aurrerabidea ez da posible.

Bideragarria al da matematikarik gabeko gizartea?

Gaur egun ezagutzen dugun aurrerapen teknologikoa amets bat izango litzateke. Hala ere, zaila da imajinatzea nolakoa izango litzateke. Matematika teknologia baino zaharragoa da. Grezian eta Egipton oinarrizko matematika erabiltzen zuten, eta kalkulu horiekin lursailak neurtzen zituzten, adibidez.

Zientzia hauek zailak direla esan ohi da. Topiko bat al da?

Ez dira errezak. Ni bezalako ikertzaile batek egundaino frogatu ez diren teoriak frogatzea du helburu, eta hori ez da lan erraza inondik inora, baina ez da ezinezkoa. Hala eta guztiz ere, gehienek ez dakite zehatz-mehatz matematikak zer diren. Lehen Hezkuntzan ikasitakoarekin geratu dira, eta matematika, oro har, buru kalkuluak direla pentsatzen dute. Baina errealitatea ez da halakoa, haratago doa. Matematikari asko okertzen dira jatetxeko kontuarekin. Pertsona askok beldur ikaragarria diete matematikei. Ziur asko, txikitan gaizki irakatsi zietelako gertatzen da hori. Zailak dira, baina ikasi daitezke. Futbola zaila da, eta jendeak futbolean jokatzen du.

Zer esango zenieke matematikak gorrotatzen dituzten umeei?

Oso entretenigarriak izan daitezkeela. Matematikak hurbildu behar dizkiegu. Mundu horretan murgildu behar ditugu interes handiagoa gara dezaten. Askotan, ikasleak eragiketak egiten jartzen dituzte, eta hori baino gauza entretenigarriagoak egitea posible da. Gogoratzen dut Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egin nuenean nola ikasle traketsenak igarkizunak argitzeko gai ziren. Gainontzeko ikasgaietan oso txarrak ziren, baina jolas modura planteatuta, matematika ariketak ondo egiten zituzten. Egun, irakasleek ardura handia dute. Ikasleei gauza errazak eman beharrean, pentsaraztera behartzen dituzten lanak eman behar dizkiete. Modu horretan, planteamenduan kontzentratu beharko dira, eta interesa berez sortuko da. Aukerak zabalak dira.]]>
<![CDATA[«Gertaera garrantzitsu bat» iragarri du Sarek irailaren 20rako]]> https://www.berria.eus/paperekoa/7975/020/001/2014-06-29/gertaera_garrantzitsu_bat_iragarri_du_sarek_irailaren_20rako.htm Sun, 29 Jun 2014 00:00:00 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/paperekoa/7975/020/001/2014-06-29/gertaera_garrantzitsu_bat_iragarri_du_sarek_irailaren_20rako.htm
Udan herri eta auzoetan presoen eskubideen alde mobilizatzera deitu dute]]>

Irailaren 20ra begira, Sareko kideek herritarrak deitu dituzte bakoitzak bere gaitasunen araberako ekarpenak egin ditzan presoen eskubideen alde. «Planteatu dugun helburua lortzen lagunduko duen edozein laguntza mota ongi etorria da. Kultura, gizarte edo politika eragile, edozein pertsonak, dagoen tokian dagoela, gure ekimenean parte har dezake».

Uda, sarea ehuntzeko

Egitasmo hori eta Sare bera forma hartuz joango da udan. Euskal Herriko auzo, herri eta hiritik elkarlana sustatuz, sarea gero eta «zabalagoa eta indartsuagoa» izan dadin. «Ilusioz ari gara sarea sortzen, eta giza eskubideen eta bizitza duinaren alde dagoen pertsona orok gurekin parte hartzera gonbidatu nahi dugu», esan du Armentiak.

Hala, irailaren 20ra bitartean, herriz herri, auzoz auzo, izaera desberdineko pertsonekin ekitaldiak eta ekintzak egingo dituzte sarea handitzen jarraitzeko. Besteak beste, hitzaldiak antolatu eta amaraunak irudikatuko dituzte. «Historia egiten hasi gara, eta ez gara geldituko; hau mugitzen hasi da, eta sarea egiten jarraituko dugu planteatzen zaizkigun erronkei aurre eginez».]]>
<![CDATA[«Homosexualak ezkutatuta eta beldurrez bizi dira Afrikan»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2005/054/001/2014-06-29/homosexualak_ezkutatuta_eta_beldurrez_bizi_dira_afrikan.htm Sun, 29 Jun 2014 00:00:00 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/paperekoa/2005/054/001/2014-06-29/homosexualak_ezkutatuta_eta_beldurrez_bizi_dira_afrikan.htm Komunikazioa, gatazkak eta garapenerako lankidetzatopaketetan hitzaldi bat ematen. LGTB kolektiboak (lesbiana, gay, transexual eta bisexualak) Kamerunen duen egoera ezagutarazi du.

Mehatxuak jasaten dituzu gay eta lesbianak defenditzeagatik. Nola eramaten duzu egoera hori?

Abokatuentzat oso arriskutsua da horrelako ekintza motetan sartzea. Ez gara asko. Ez da lan erraza izaten, baina urte asko daramatzat, eta ohituta nago oztopoei aurre egiten. Gai hau tabua da: homosexualek ezkutuan bizi behar dute Afrikan. Giza eskubideei eta pribatutasunari buruz ari gara; hori dela eta, eztabaida sortu behar dugu gizartean.

Urte hauetan zer aldatu da Kamerunen? Nola bizi dira gay eta lesbianak?

Egoerak okerrerantz egin du, oro har. Duela 30 urte, edateko ura ateratzen zen etxeko txorrotatik, eta gai nintzen nire haurren biberoiak betetzeko. Gaur egun, nire ilobena ezin dut bete etxeko urarekin. Herrialde bateko lider bat bere herria edateko urez hornitzeko gai ez denean, gizartearen arreta beste gai batzuetara desbideratzen ahalegintzen da. Futbola eta homofobia oso erabiliak dira horretarako. Egun, horri esker, estigmatizatuta bizi dira homosexualak. Gogoan dut 2003an lau mutil etorri zirela nire bulegora. Frantziatik oporretan etorri ziren Kamerunera. Haietako bi bikotea zirela sumatuta, erabaki nuen abisu bat eman behar niela. Azaldu nien zer gertatuko zen jendeak lagunak baino gehiago zirela igartzen bazuen. Txundituta eta beldurrez begiratu zidaten.

Lesbianen egoera are zailagoa al da oraindik?

Ez, egoera bera da guztientzat, oso txarra. Haurtzaroan has daitezke arazoak. Diru asko xahutzen dugu haurrak atzerrira bidaltzen. Pentsatzen dugu gure herrialdea eraikitzen lagunduko dutela bueltatzen direnean, kanpoan ikasitakoarekin. Batzuk oso gazte bidaltzen dituzte; horren ondorioz, atzerrian hasten dira sexu orientazioa deskubritzen, eta, noski, askok homosexualitatea aukeratzen dute. Horiek, bueltatzean, umiliazioa, jazarpena eta kartzela baino ez dute aurkituko.

Afrikako zein herrialdetan da errepresiorik bortitzena?

Kamerunen daude homosexualen aurkako lege gogorrenak, eta atxiloketa gehienak han izaten dira, isilpean. Nazioartea Ugandari begira dago, onartu duen lege zapaltzaile bat dela eta. Baina, jazarpenari dagokionez, Ugandan baino okerragoa da egoera Kamerunen.

Zer argudio erabiltzen dituzte gazte homosexualak kartzelatzeko?

Edozein keinuk edo hitzek balio du pertsona bat espetxeratu ahal izateko. «Maite zaitut», esaten duen mezu bat bidaltzea ere oso arriskutsua izan daiteke. Norbaitek homosexuala zaren susmoa hartzen badu, arazoak izan ditzakezu berehalaxe. Janzkerarekin adi ibili behar dute. Ez da onartzen emakume jantzirik erabiltzea. Oro har, jendea telebistatik edo irratitik urrun dago, eta tradizioei helduta bizi da. Homosexualitatea mendebaldetik datorren gaitz bat dela uste dute, eta ez dute onartzen. Ez dira ohartzen benetako errepresioa beren herrialdetik bertatik datorkiela, pentsamolde bat inposatu baitiete.

Oihartzun handia izan zuen bi gazteren kasuak: kartzelatik ateratzea lortu zenuen.

Bai, 2011n gertatu zen. Bost urteko espetxe zigorra ezarri zieten bi gizoni. Denetarik entzun zen: emakume jantzita zebiltzala, kalean aho sexua egiten ari zirela, eta abar. Nire indar osoa jarri nuen kasu hori irabazteko, eta, azkenean, aurreiritziengatik epaituak izaten ari zirela frogatzea lortu genuen. Tamalez, horrelako kasuak behin eta berriro errepikatzen dira.

Kamerunen, homosexualitatea debekatuta dago. Ba al dago debekuari jendaurrean aurre egiten dion mugimendu indartsurik, ala klandestinitatera edo atzerrira joatera kondenatuta daude?

Homosexualitatea ilegala denez, oso zaila da edozein mugimendu mota aurrera ateratzea: gero eta gehiago kriminalizatzen ari dira. Homosexualak ezkutatuta bizi behar dute Afrikan, beldurrez. Atzerrira alde egitea aukera bat da, baina denek ez dute horretarako diru nahikorik.

Kartzelatuei ere laguntzen diezu. Nola daude espetxean?

Oso gaizki bizi dira; ezin da deskribatu haien egoera. Kartzela infernua da haientzat. Dena galtzen dute: arratoiak baino okerrago tratatzen dituzte. Oso gogorra da. Kartzeletako langile asko homofoboak dira, eta ez diete babesik ematen: oinarrizko eskubideak ukatzen dizkiete. Inork ez ditu entzuten haien kexak; egoera horretan, laguntzen ari garenok familia, lagun eta itxaropen bihurtzen gara. Homosexuala izateagatik kartzelatzen dituztenean, amek ere arbuiatzen dituzte. Eta okerragoa da askatzen dituztenean: gizarteratzea ia ezinezkoa da.

Ba al dago egoera iraultzeko aukerarik?

Ezbairik gabe, badago aldaketarako aukera, baina lan handia egin behar dugu hori aldatzeko.

Aldaketa etorriko bada, nondik etorriko da?

Afrikako agintariek pentsamoldea aldatu behar dute. Lehenengo zailtasuna administraziotik dator. Agintariek esaten didate nire elkarte ADEFHOk egiten duen jarduera ezin dutela legeztatu, debekatuta dagoen zerbait defendatzen ari naizelako. Kamerunen badaukagu elkarteak libreki sortzeko askatasuna ematen duen lege bat, baina testu bat baino ez da. Berlingo Harresia eraitsi zutenean eta demokraziaren liberalizazioa gertatu zenean, Afrikako liderrak ez zeuden horretarako prest. Inork ezin du bortxatu zure etxeko pribatutasuna. Kamerunen, sexu harremanak etxean egin behar dira. Ezin da inor bortxatu, adingabeekin ezin da harremanik eduki, eta ezin da kanpoaldean praktikatu: horiek dira mugak. Beraz, pribatutasunean egiten den bitartean, ez lioke inori axola behar nola egiten den.

Zer erantzukizun daukate Afrikatik kanpoko herrialdeek Afrikako homosexualen egoeran?

Mandelak arrakasta handia lortu zuen apartheid-aren kontrako borrokan, eta, neurri batean, nazioartean zabaldu zen oihartzunari esker lortu zuen. Kanpoko indarrak aliatu garrantzitsu izan ziren. Kasu honetan ere, Mendebaldeko herrialdeen laguntza ezinbestekoa da Afrikako agintarien jarrera aldatzen laguntzeko. Zuen esperientziak behar ditugu. Giza eskubideei buruz ari garenean, guztion ardura da.

Kritikatu izan duzu Mendebaldeko gizarteek Afrikako egoerarekin duten jarrera.

Ez dira behar beste egiten ari. Kasu batek edo bestek oihartzuna lortzen duenean, arreta erakartzen dugu, baina ahaztu egiten da berehala.

AEBetan XIX. mendera arte izandako esklabotasunarekin konparatu duzu Kamerungo egoera. Hain larria al da?

Esklabotza mundu osoari eragiten zion arazo handi bat izan zen; toki batzuetan bada oraindik ere. Homosexualekin beste hainbeste: giza eskubide bat urratzen ari dira bai batean eta bai bestean. Elkartasuna funtsezkoa da horren aurka borrokatzeko. Beti egongo da bere pentsaera inposatzen saiatuko den beste bat, eta horren aurka indarrak batu behar dira. Kamerungo gay eta lesbianentzat oso garrantzitsua da jakitea ez daudela bakarrik.

Zer pisu du gaur egun erlijioak horretan?

Erlijioa da nire lanean aurkitzen ditudan harresi altuenetako bat. Jendeak esperantzarik ez duenean, kexak inori kontatu ezin dizkionean, Jainkoarekin hitz egiten du. Batez ere, helduak hurbiltzen dira elizara, eta apaizek diotena entzuten dute. Homosexualen aurkako diskurtsoa behin eta berriro errepikatzen denez, oso erraza da haiengan eragina izatea.

Zer egin daiteke estigma bukatzeko?

Eliza, politikari, administrazio eta familiekin hitz egin. Afrikako emakume orok ilobak eduki nahi ditu, eta homosexualitatea horiek ez edukitzearen sinonimo da. Amak ulerberak dira, baina, gizartearen presioa dela eta, arbuiatu egiten dituzte seme-alaba homosexualak. Helduak hezi behar dira umeak ere babesteko.

Hiesaren aurkako borroka handia da zurea. Egoera larria da oraindik Afrikan, ezta?

Sidado erakundean lan egiten dut, eta nerabeak hiesetik babestea da xedea. Gaixotasun horren inguruan ez dago ez prebentziorik eta ez informaziorik, nahiz eta oso gaitz arriskutsua den. Gainera, mundu osoko krisia nabaritu dugu; izan ere, nazioarteko erakundeek Afrikari bidaltzen dizkioten laguntza ekonomikoek behera egin dute.

Haurren defentsan konprometituta zaude. Zure haurrez gain, beste 50 adoptatu dituzu. Zerk bultzatu zaitu horretara?

Nahiago du pentsatu haiek ni adoptatu nautela. Kamerunen eta atzerrian bizi dira, eta, kanpora bidaiatzen dudanean, ni ikusten ahalegintzen dira. Nire maitasuna nahi badute, nola esango diet ezetz?]]>
<![CDATA[Bizkaiko metalgintzako patronalaren proposamenekin 4.391 lanpostu suntsituko direla salatu du LABek]]> https://www.berria.eus/albisteak/93347/bizkaiko_metalgintzako_patronalaren_proposamenekin_4391_lanpostu_suntsituko_direla_salatu_du_labek.htm Wed, 25 Jun 2014 14:24:46 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/albisteak/93347/bizkaiko_metalgintzako_patronalaren_proposamenekin_4391_lanpostu_suntsituko_direla_salatu_du_labek.htm <![CDATA[«Arbasoen bizitokietan, bada energia biologiko bat»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2014-06-25/arbasoen_bizitokietan_bada_energia_biologiko_bat.htm Wed, 25 Jun 2014 00:00:00 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2014-06-25/arbasoen_bizitokietan_bada_energia_biologiko_bat.htm Aita dokumentala aurkezteko.

Gudari baten urratsen atzetik gurutzatu duzu ozeanoa. Nola bururatu zitzaizun lan hori egitea?

Txikia nintzenean, aitak gerrako pasarte batzuk kontatzen zizkidan, eta pertsona batzuen izenak beti errepikatzen ziren. Nik gudari horiek buruan imajinatzen nituen, zer egin zuten eta zeintzuk izan ziren haien balentriak... Baina, egun batean, Euskal pilota: larrua harriaren kontra dokumentala ikusten ari nintzela, irudietako batean, mortero bat kargatzen ari zen gizon bat ikusi nuen. Nire aita zela iruditu zitzaidan, baina ez nengoen ziur. Horrek misterioarekin jarraitzeko gogoa piztu zidan, eta, azaroan, Euskal Herrira etorri nintzen, gaztetan kontatzen zidan guztia benetakoa izan zen egiaztatzera. Eta halaxe izan da. Baina, oraindik, ez dut deskubritu pelikulan ageri zen gizon hura nire aita ote zen. Hori misterio bat da oraindik.

Zein arrastori jarraitu diezu?

Aitak, hil baino lehen, gogoratzen zituen pertsona eta tokien izenak idatzi zizkidan. Horiek esku artean, Sancho de Beurko elkartearekin harremanetan jarri nintzen. Handik gutxira hil zen aita. Baina, geroago, Sabino Arana fundaziotik hots egin eta esan zidaten nire aitaren izena dokumentu batzuetan agertu zela, MAI Irrintzi batailoian, hain zuzen. Pixkanaka, harreman sare bat sortuz joan nintzen, eta hona etortzea erabaki nuen. Gudari izandako eta oraindik Portugaleten bizi den Jose Moreno ezagutu dut; Lekeition gudariei laguntzen zieten moja batzuekin elkartu nintzen; beste gudari batzuen alabekin hitz egin nuen Eibarren... Laguntza oso handia jaso dut, eta gerrako agertokietan ere ibili gara.

Basoetan ibili eta zuloetan sartu zara. Zer sentitu duzu?

Emozio oso handia sentitu dut. Arbasoen bizitokietan, bada energia biologiko bat; leku horietan deskribatu ezin daitekeen zerbait dago. Koba txiki batean sartu nintzenean, iluntasunean, aitak deskribatu zizkidan tokiak errealak zirela egiaztatu nuen, eta, haitzulo horretan sartuta, ezin izan nion negarrari eutsi.

Zerk harritu zaitu gehien?

Jendearen kolaboraziorako prestasuna. Erakutsi duten emozioa oso arraroa iruditu zait; ez nago horretara ohituta. Asko gustatu zaidan ezustekoa izan da. Bestalde, dokumentalaren hiru emanaldi egin ditugu, Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Eta harrigarria izan da jendea niregana etortzea eta esatea haiek ere batailoi hartan senideak izan zituztela eta dokumentalean kontatzen diren istorioen berri bazutela.

Garestia al da mota horretako dokumental bat ekoiztea?

Euskal Herrian, bost egunez aritu gara grabatzen, eta, Liman, beste lau egun pasatu ditugu muntaketa egiten. Zergatik hain denbora gutxi? Dirua dela eta. Lanean zenbat eta denbora gehiago iraun, garestiagoa ateratzen da, eta proiektu hau nire poltsikotik finantzatzen ari naiz. Hala ere, Liman pertsona batzuen laguntza ekonomikoa jaso dut. Gainera, parte hartu duten aditu eta historialariek ez didate ezer kobratu nahi izan, eta hori eskertzekoa da.

Perutik hona, maleta aitak idatziriko oharrez beteta ekarri zenuen. Zerekin bete duzu itzulerakoa?

Planeten arteko loturak dauden sentipenarekin. Donostian, Venezuelako emakume bat etorri zitzaidan. Dokumentalean agertzen ziren istorioak bere aitonak ere kontatu izan zizkiola esan zidan, eta orain alabei kontatu dizkiela. Azaldu zidan alabak emanaldira ekarri zituela ikus zezaten gertakizun haiek errealak izan zirela. Beste pertsona bat etorri zitzaidan, eta esan zidan bere aita ere Irrintzin ibili zela eta haren istorioa sakonago ikertzeko etorri zela filma ikustera. Proiektuak lotura batzuk azaleratzea ahalbidetu du, eta horrekin bueltatzen naiz Perura.]]>
<![CDATA[EUROAK BIDERKATZEKO SUKARRA]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2041/022/001/2014-06-22/euroak_biderkatzeko_sukarra.htm Sun, 22 Jun 2014 00:00:00 +0200 Ianire Renobales https://www.berria.eus/paperekoa/2041/022/001/2014-06-22/euroak_biderkatzeko_sukarra.htm
Kopuru hori igotzea da apustu etxeen asmoa, eta euskal herritarren jokorako zaletasunari erantzuteko eta sos batzuk irabazteko beste bide bat aurkitu dute azken egunotan: Munduko Futbol Txapelketa.

Sektorean bi euskal enpresa ari dira lanean: EKASA Euskal Kirol Apustuak, Reta markarekin; eta Teleapustuak, Kiroljokoa markarekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Apuestas de Navarra izenarekin Nafarroan. Sektoreko hirugarren aktorea Garaipen-Victoria Apustuak da, Codere espainiarra eta William Hill ingelesa akziodun dituela.

Futbolak ematen dituen irabaziei helduta, sektoreko enpresek hainbat publizitate kanpaina abiatu dituzte apustuzaleak erakartzeko. Teleapustuak taldeak www.ordukakozaletua.com webgunea sortu du, esaterako. «Munduko Futbol Txapelketan selekzio propiorik ez dugunez, erabiltzaileak ordukako zale bilakatzera animatzen ditugu», azaldu du Unai Artetxek, marketin arduradunak. Apustu etxeek une bakoitzean zein selekziok jokatzen duten arabera baten edo bestearen alde egiteko deia egiten diete bezeroei. «Oso ondo funtzionatzen ari da, kontzeptua jendearen gustukoa izan da eta mugimendua ekarri du», dio Artetxek. EKASAn ere apustuek gora egin dutela sumatu dute. «Duela lau urteko txapelketarekin gorakada izan zen, eta aurten joera bera sumatzen ari da», aipatu du Eneritz Alonsok, marketin arduradunak.

Nahiz eta Internetek apustu etxeen negozioei aukera berriak zabaldu dizkien, erabiltzaileek nahiago dute lokaletara jotzea. «Gaur egun, apustu gehiago egiten dira lokaletan. Orain dela bost urte jarri ziren martxan eta jendeak hobeto ezagutzen ditu; hala ere, munduko txapelketarekin ikusi dugu asko animatzen ari direla apustuak Internet bidez egitera», azaldu du Artetxek. Diru asko irabazi nahi duenak ez dezala Brasilen alde dirurik jarri, hark ordaintzen baitu gutxien: 3,9 euro jarritako euro bakoitzeko.

Bi apustuzale mota daude

Apustu etxeetara joaten diren bezeroek helburu ezberdinak dituzte. Artetxeren arabera, bi erabiltzaile mota daude. Alde batetik, erabiltzaile soziala dago, 18 urtetik 35 urtera bitartekoa eta hamarretik bederatzitan, gizonezkoa. Batez ere apustu txikiak egiten ditu. «Erabiltzaile mota hori apustuak egiteko garaian emozioaren bila dabil; hau da, neurketa batean, apustu egitean, partida hori beste modu batean bizi nahi du».

Beste alde batetik, jokalaria dago. Bezero horiek helduagoak izaten dira, 25 eta 50 urte artekoak eta gizonak ia guztiak. Kasu honetan, «haien erronka nagusia dirua irabaztea izaten da».

Artetxek dioen moduan, egunotan jokatzen ari den futbol lehiaketa garrantzitsua da apustuzale askorentzat, eta, batez ere, erabiltzaile sozialak joaten dira lokaleetara apustuak egitera. «Selekzio baten alde apustua egin eta Munduko Futbol Txapelketa beste zirrara batez gozatu nahi dute pertsona horiek».

Javier Acosta Santurtziko apustu etxeetan ibiltzen da, eta, batez ere, futbola eta txirrindularitzako apustuak egiten ditu. «Kirol horien zalea naiz, eta horrexegatik egiten ditut apustuak. Munduko Futbol Txapelketarekin bat edo beste egin dut, baina, langabezian nagoenez, kopuru txikienak arriskatzen ditut».

Oso ohikoa da atzerritarrak ikustea lokal gehienetan. Artetxek bi arrazoi azpimarratu ditu atzerritarrek jokorako duten zaletasuna azaltzeko. «Sariak interes handia dauka: euro bakar batekin asko irabaz ditzakezu. Bestalde, apustu etxeen negozioa aspaldikoa da atzerrian; beraz, horrek ere lokaleetara erakar ditzakeela pentsatzen dut».

Baina, futbolaz gaindi, hainbat motatako kirolak eta lehiak daude bai apustu etxeetan eta bai Interneteko apusturako webguneetan. Txakur lasterketetan, auto lehiaketetan, errugbian edo surfean ere jokatzen du jendeak dirua, baina saskibaloia, tenisa eta pilota dira Euskal Herriko apustu etxeen beste ogia. Tenis partida bat eman bitartean, zuzeneko apustu asko egiten dira.

Apustua: 100 euro gehienez

Kirol apustuetan aritzeko, zenbait betekizun daude. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren araudiak zenbait baldintza ezarri dizkie apustu etxeei. Gehienez, 100 euroko apustu bat egin daiteke, eta, gutxienez, euro batekoa. Hala ere, eskaera oso handia denez, sektoreak hirurentzako tokia dauka. «Nahiz eta oraindik ibilbide laburra dugun, sektoreak hiru enpresentzako lekua baduela pentsatzen dugu», dio Alonsok. Beste taldeetatik bereizteko, bezeroari kalitatezko zerbitzua ematen saiatzen dira eta formakuntza ikastaroak egiten dituzte noizbehinka. «Etorkizunean, taldea handitzen jarraitu nahi dugu, eta beste autonomia erkidego batzuetan lokal berriak irekiko ditugu», gaineratu du.

EKASA taldean 155 langile ari dira Hego Euskal Herrian lanean; Teleapostuak enpresan, 150 pertsonentzako lanpostuak sortu dituzte. Krisialdiak oraingoz gogor jo ez diela pentsatzen du Unai Artetxek. «Gu orain bost urte irten ginen kalera, eta orduan, krisia jada iritsia zen. Hortaz, ez dugu igarri beste enpresa askok nozitu duten krisi sakon hori». Hala ere, azpimarratu du azkenaldian bezeroek diru kopuru apalagoak jartzen dituztela jokoan.

Iazko urteko balantzeari dagokionez, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, Reta marka izan zen bezeroek gehien erabili zuten apustu etxea. Orotara, 15 milioi apustu egin zituzten bertako lokaletan. Gehienak Bizkaian egin ziren, eta Araban gutxien. Nafarroan 2011n zabaldu zuten lehen lokala, eta apustuen kopuruak gorantz egin du geroztik. Iaz, guztira, 3,2 milioi apustu jokaldi egin ziren. Retako marketin departamentuak azaldu duenez, «produktu eta zerbitzu eskaintza zabalei esker» lortu dira datu handienak.

Bigarren etxea Teleapostuetako Kiroljokoa izan da; gorantz doan enpresa. Aurreikusi dute Hego Euskal Herrian negozioak %10eko hazkundea izango duela aurten. Iaz, 15 milioi apustu inguru kudeatu zituen, eta horrek hamar milioi euroko fakturazioa ekarri zion enpresari.

Teknologia, negozio aukera

Kiroljokoa apustu etxe izateaz gain, teknologia hornitzaile ere bada eta haiek erabiltzen duten softwarea sortu dute. «Kirolsoft apustuak kudeatzeko gure sistema da, apustuak egiteko softwarea eta edukien kudeaketarako sistema», azaldu du Unai Artetxek. Hasieran, Kiroljokoa markarako sortu zuten, baina kanpoko zenbait enpresak produktu horren gaineko interesa erakutsi zuten, eta haren erabilera esparrua zabaltzea erabaki zuten, negozio lerro berriei heltzeko asmoz. «Oso emaitza onak izan zituen, eta Espainiako hainbat komunitatetako zenbait enpresa gurekin jarri ziren harremanetan, gure softwarea erabiltzeko interesa zutelako». Egun, Valentzian eta Madrilen Juegging enpresak erabiltzen du haiek garatutako teknologia; Murtzian, Apuestas de Murcia, Apuestas Valor eta Viva la Suerte enpresek erabiltzen dute.

Gainera, Kiroljokoa hemen eta Espainian jarduteko on line lizentzia lortu duen Euskal Herriko edo inguruko enpresa bakarra da. Etorkizunera begira, erronka nagusi bat dauka: Kirolbet on line apusturako webgunea martxan jartzea. Nazioarteko apustu etxe handiekin lehiatu nahi dute horren bidez, Bwin eta Bet365-ekin, esaterako.]]>