<![CDATA[Ibon Rodriguez | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 24 May 2019 20:09:49 +0200 hourly 1 <![CDATA[Ibon Rodriguez | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ezkoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/037/001/2018-11-27/ezkoa.htm Tue, 27 Nov 2018 00:00:00 +0100 Ibon Rodriguez https://www.berria.eus/paperekoa/1880/037/001/2018-11-27/ezkoa.htm
Haietako batekin kontzertu askotara joan ohi naiz, eta irtetean ez gara bat etortzen iritzia ematean, baina haren argudioren bat entzunda askotan aldatzen da nire epaia; gezurtatu egiten dit belarria. Beste batekin ez dut desadostasunik izaten, usu seinalatzen dit detaileren bat kanta bat entzuten ari garela, kantu osoa, kontzertu osoa edo diskografia osoa justifikatzeko nahikoa izan daitekeen detaile bat; berretsi egiten dit belarria. Hirugarren batek mezu kriptikotan bilduta gomendatzen dizkidanek dimentsio berezia hartzen dute hainbat entzunaldiren ondoren deskodetzen ditudanean; enfokatu egiten dit belarria. Hiru lagunak elkartzen ditudanean eztanda egiten dit buruak.

Kuriositate hutsetik harago, bost axola zait benetan zer entzuten zuen Laboak, zein disko zuen maiteen, zenbat zituen. Ez dakit, adibidez, Caetano Veloso inoiz entzun ote zuen, baina brasildarraren moldeak entzuten ditut harengan. Arrastorik ez Velvet Undergrounden berri izan ote zuen, baina haiek bezala baliatu zuen zarata Joxe Mari Zabalarekin elkarlanean jardun zuenean. Sabicas eta Daniel Fortea ikasi zituen arren, haren akordeen harmoniek ez al zuten zerikusi handiagoa Glenn Brancak geroago garatuko zituenekin? Auskalo, Stravinski eta Schoenberg ere maite baitzituen. Akauzazteren berri izan al zuen? Horiengan entzuten baitut nik Laboaren haragiztatzea, bizirik zegoela ere. Henry Chopinekin topo egin ote zuen inoiz? Futurista italiarrez iritzi ona izango al zuen? Berarentzat Lekeitioko hizkeraren hotsa soinu-poesia baitzen, berben esanahitik harago jartzen zuen arreta. Ez al zion, bada, horregatik eskatzen Marisoli Londresen zeudela hangoei galderak egiteko? Mintzarazteko? Eta Roy Hart, John Cage edo Steve Reich zuzenean ikusi izanak erabat aztoratuko al zuen? Laboak ordurako Gernika egina baitzuen. Le Larraskito Klubeko publikoan nahasiko ote zen gaur egun? Luis de Pablorekin elkarlanean aritzeko aukera edo gogoa izan ote zuen, Artze anaiek bezala? Txoriekiko zaletasuna izan al zen Olivier Messiaenen lanekin zaletu zuena? Ximun Haranek bildutako grabaketetako Queheille edota Lohidoy parez pare entzuteko parada izan ote zuen inoiz? Haiengandik zetorkion soilik modu ez-tenperatuan abesteko joera, ala orduan ere eskuraerrazagoak ziren La Niña de los Peines edota Manolo Caracolen lanak iparraldekoenak baino? Eta Raimonen diskoak bezain eskuraerrazak ziren Jose Afonsorenak? A Round Midnight-en bertsioen artean Robert Wyattena hobetsiko luke? Eta Strange Fruits-en kasuan? Billie Holidayren jatorrizkoa?

Ezin erantzun galdera horiei baiezko borobil batekin, beharrik ere ez, baina ni ez nintzatekeen belarri berberekin hurbilduko izen horietara Laboarengan atzeman ez banitu. Haren belarrien bidez findu dut nire aditzeko era, lagunen belarriekin egiten jarraitzen dudan bezala.

Gutxik lortu omen du hainbesterengana heltzea, erreferentzia itxuraz hain urrunak uztartuz, belarriak irekiaraziz. Hamar urteotan askozaz eskuragarriago egin zaigu edozein musikatara iristea, baina noraeza handiagoa da. Eta kontua ez da nirea bezalako izen-zerrenda amaigabeak osatzea. Mitoa sendotzen eman dugu hamarkada, kantu berberak behin eta berriz eskuztatzen, fusio handinahi eta kitsch-ak sortzen, Laboari abizenak ipintzen. Kanonak ikuspegi kritikoa deuseztatzen du, kontserbadurismoa pizten, eta norabide bakarretik interpretarazten artelana, identitate-ikuspegitik. Horrela ez dago belarri kritikoak sortzerik. Horregatik iruditzen zait interesgarriagoa jolastea irudikatzera non ariko litzatekeen egun Laboaren belarria arakatzen. Baina mitoa ezkoa da gure belarrietan.

Bihar: Itxaro Borda idazlea, Mikel Laboaren hitzez eta hotsez.]]>
<![CDATA[Perla bila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2864/033/002/2016-06-08/perla_bila.htm Wed, 08 Jun 2016 00:00:00 +0200 Ibon Rodriguez https://www.berria.eus/paperekoa/2864/033/002/2016-06-08/perla_bila.htm Elvis CostelloLekua: Donostiako Kursaalean. Eguna: Ekainak 6.

Erraza da pentsatzea perlez betetako errepertorio batek kontzertu garaiezina bermatzen duela. Baina ez du zertan. Galde diezaiotela, adibidez, egunotan Brian Wilson Pet Sounds jotzen ikusi dutenei. «Beti kantuaren alde», diote beste batzuek, baina kantuak behar du zeri eutsi oskoletik ateratzen denean, urteak pasatu ahala behinolako grabaketa hark bizi berria har dezan, joaldi bakoitzean ñabardura berriak beregana ditzan.

Astelehenean Elvis Costellok bakarka eman behar zuen emanaldiari duela 40 urteko diskoei oraindik darien energiarekin eta intentsitatearekin ekin zion, distortsio, loop eta oihartzunez betetzeko aretoa Hurry Down Doomsday-ren bidez. Eta I Want You narrasak azken arnasa eman arte, energia, sakontasun eta determinazio berberarekin eutsi zion show osoari. Show itxura hartu baitzuen denak argiak itzali zirenetik. Costello taularatu aurretik, Monkey to Man festazalea eman zuen agertokiaren atzealdea betetzen zuen zahar itxurako telebistatzarrak, halako late show baten atarian bageunde bezala. Eta sentsazio horrek hartu ninduen kantuen arteko bakarrizketa luzeegietan, emanaldiaren erlojua ia hirugarren ordura eraman arte.

Baina sentsazio hori ezerezean geratzen zen kantuan hasten zen aldiro. Aukeratutako perlak sasoi betean eman zituen, ahotsa 2013ko Zurriolako kontzertuko urradurarik eta nekerik gabe; aratz, indartsu une gorenetan, eta samur eta hauskor biluzienetan.

Biluzi egin zituen kantuak, berri eta zahar, eta horrela azalarazi zituen kanta bakoitzaren ezaugarririk sakonenak. Kantuoi bandak eman ohi dien blues, jazz, reggae, new wave, folk, pop mozorroa erantzi, eta, hain justu, ezaugarri horiek indartu ziren biluztean. Gitarrarekin zein pianoarekin. Bi tresnekin fin, dotore eta sotil, Costelloren konposizioek uztartu ohi dituzten akorde bihurriak korapilatzen. Gitarraz I Can't Turn it Off —erpuruaz jotzeko duen manera berezi horretan—, Accidents Will Happen, Ascension Day —Allen Toussainten omenez—, Church Underground, Watching the Detectives —banda oso batekin baino oldartsuagoa—, Almost Blue, Alison —jende artean, entxuferik gabe—, Nat King Colen Walking my Baby Back Home. Pianoaz, Face in the Crowd, American Mirror, Side by Side.

Eta halako batean, kontzertua amaituta zegoelakoan, publikoan ostenduta egon zen Steve Nieve (The Atractions, Madness) pianista trebeari deitu zion Shot with his Own Gun eta Talking in the Dark jotzeko, Costello crooner rolean patioko butakan jarrita.

Kontzertuaren erdian, Shipbuilding jo zuen pianoaz. Munduko kanturik onena iruditzen zait Robert Wyatten ahotsean entzun nuenetik, eta aukera dudanean saiatzen naiz esaten —ikus dezakezunez—. Kantuak amaieran dio uretan murgiltzen garela bizirik irauteko, nahiz eta perlak aurkitzeko murgildu beharko genukeen. Segi dezala bere itsasoko perlak harrapatzen eta zaintzen.]]>
<![CDATA[Argazki deserosoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/025/002/2014-12-18/argazki_deserosoa.htm Thu, 18 Dec 2014 00:00:00 +0100 Ibon Rodriguez https://www.berria.eus/paperekoa/1909/025/002/2014-12-18/argazki_deserosoa.htm
Napoka Iria izan zen ordezkapen gazte bakarra, eta belaunaldi bat edo bi egin beharko genuke aurrera gainontzeko gonbidatuak aipatzeko. Publikoan ere islatu zen adin tarte horren gabezia. Bada, Napoka Iria —gazteenak— eta Beñat Axiari —ia nagusienak— nabarmendu nahiko nituzke, Lartzabalen kantuak jaso eta beren iragazkitik ematen saiatu eta lortu zutelako. Donapaleukoaren Berriro igo nauzu ene mendira kantuaren berrinterpretazioa, Joxan Goikoetxearen akordeoiaren laguntzaz, sublimea izan zen, Leteren hitzetako silaba bakoitza zukutu baitzuen.

Bilbon aritu ziren gainontzeko hamabi abeslariak —nabarmenenak, nire ustez, Mixel Arotze, Caroline Philips eta Amaia Zubiria— Imanolen ohiko kolaboratzaileak ziren Txema Garces, Michel Longaron, Mixel Ducau eta Goikoetxearekin aritu ziren. Talde bikain horrekin zailagoa zen abeslari horientzat kantuei ñabardura propioak bilatzea, baina Imanolen zuzenekoetako sonoritatea irudikatzeko oso baliagarria izan zitzaigun, behintzat haren kontzertuak ikusteko aukerarik izan ez genuenoi; gazteegiak ginen eta aurreiritzi gehiegi genituen donostiarraren sotiltasunari, soiltasunari zein sofistikazioari so egiteko.

Hain zuzen ere, garai sofistikatu eta lirikoeneko kantuak izan ziren argazkirako aukeratu zirenak, eta 70eko hamarkadako kantuei iskin eginez (Euskadin Castillan bezela eta Lau haizeetara salbu); deserosoak izango zitzaizkion, akaso, publikoari, edo antolatzaileei edota Imanoli berari ere. Ezin dut ukatu Zer naiz ni zu gabe, Sanguis Martyrum, Nere euskaltasuna, Zure tristura, Mendian gora edo De Treville-ren azken hitzak biltzen dituen errepertorio bat hutsezina dela, baina, era berean, behinola Michel Etxegaray izan zena osotasunean ulertzeko ezinbestekoa begitantzen zait garai hura sakonxeago islatzea.

Argazkietan, hainbat gauza planotik kanpo geratzen dira, planotik kanpo utzi behar ditu argazkilariak. Hamar urteotan ez dira zimurtu bere kantuak, baina publikoaren hoztasunak (ez naiz soilik Arriagakoaz ari) eta bere ekarpen artistikoaren zurztasunak argazki deserosoa errebelatzen dute.]]>