<![CDATA[Idoia Estornes | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 18 Sep 2019 03:10:44 +0200 hourly 1 <![CDATA[Idoia Estornes | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Alardea eta iraultza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/009/001/2018-06-29/alardea_eta_iraultza.htm Fri, 29 Jun 2018 00:00:00 +0200 Idoia Estornes https://www.berria.eus/paperekoa/1942/009/001/2018-06-29/alardea_eta_iraultza.htm
Feminismoa, desberdintasunetik datorren berdintasuna, odolik gabeko iraultza bat da. Nekazaritza Iraultza bezala, eta Neolitokoa, duela milaka urtekoa. Guztietan garrantzitsuena da, gizakien erdiei baino gehiagori baitagokie, eta mendeetan zehar garatu baita, zenbait mugarri garrantzitsu izanik XIX. eta XXI. mendeen artean (sufragioa, kontrazepzioa, ikusgaitasuna, segurtasuna, plazera, errespetua), tokian tokiko desberdintasunak gorabehera.

Iraultza orok pribilegioak galtzen dituztenen kontrairaultza pizten du. Artzainak nekazarien aurka, noblezia burgesiaren aurka, apaizak laizismoaren aurka, arraza zuria beste arrazen berdintasunaren aurka, oligarkiak demokratizazioaren aurka, gizon-emakume batzuk gizonen jabetza-esparruen alde; besteak beste, kalea. Ez espaloia, kalearen erdia baizik.

Adituek ikasiko dute borroka bat izan zela kalearen erdia hartzeko, menderatutako lurra eskuratu eta arren gailentasunaren sinboloak lortzeko. Zenbait gizon-emakume diseinu horretan sartuz joan zirela, diseinua berritu eta iraultza feministarekin bat etorri arte. Lortu zutela. Irun eta Hondarribia izan zirela kontrairaultza horren azken aztarnak, eta egun inor ez dela oroitzen horretaz.

Memoria Oroitzapenaren ordez. Gure adituek esango dute: «Nola zitekeen halakorik?». Hori da legea: oroitzapenak ez digu gauza atseginen freskotasuna ekartzen (maitasuna, zaporea, sexua), bai, aldiz, egindako akatsen arrastoa, zauri nartzisistarena. Orduan, kontzienteki zein ez, Oroitzapena berreraikitzera jotzen dugu, hari tinko eustera, drama «ahaztera» eta beste nortasun zoriontsu bat sortzera. Ez dut uste gure folkloristek memoriaren manipulazio esango diotenik. Hainbeste berreraikita, kontrairaultzialeek sinetsi egin zuten azkenerako. Lehendabizi Memoria sortu, gero defendatu. Indibidualki, beti ari gara horretan.

Kolektiboki, nortasuna gehiegikeria iturri izan daiteke. Argi ikusten dugu hori azken mundu gerrako sarraskietan eta haren Jugoesklaviako epilogoan. Homeroren garaian ere baziren zalantzazko kidetzak. Har ditzagun Frantzia eta Polonia, biek ala biek erresistentziazko iragan heroiko bana baitute nazien okupazioaren bueltan: Frantzian, egonkortzearekin loturiko arrazoiak zirela-eta (ahaztea Vichy, kolaborazioa eta egokitzea), eta egungo Polonian, berriz, geopolitikarekin loturikoak (ahaztea poloniar kristauek maiz gorriak ziren judu poloniarren artean egindako sarraskiak). Baina 60ko hamarkadan hiru bonba prestatu ziren: Le Chagrin et la Pitié, Ophuls Alemaniako dokumental egilearena, eta Paxton historiagile estatubatuarraren La France de Vichy, gezurtaezinak. Jan Gross AEBetara erbesteratutako poloniarraren bonba, Bizilagunak, orduan ari zen sortzen. Historia dokumentatua, arpia zoritxarrekoa, Memoriaren aurka.

Gure profesionalek ikusiko dute Hondarribian eta Irunen mundu guztiak ez zuela babestu iraultza feminista. Jendeak bere gain hartua izango du. Kristauek aitortzen duten bezala Jesusek ama isilarazi zuela tenpluan. Britainiarrek aitortzen duten bezala harrika hartu zituztela unibertsitatean sartzen saiatu ziren lehen emakumeak. 68ko mutilek aitortzen duten bezala 68ko neskak gutxietsi zituztela. Ez da ezer gertatzen.

Historia nagusitu da, Bizitzak galdu egingo du. Emakume iraindu, baztertu, Arantxa Urretabizkaiak liokeenez «bidean ikasi» horietatik bizpahiru belaunalditara. Bidean abandonatuak, haien gizon baliotsuen ondoan. Merezi al zuen horrek?]]>