<![CDATA[Idurre Eskisabel | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 07 Dec 2021 23:39:54 +0100 hourly 1 <![CDATA[Idurre Eskisabel | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Askatasuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2000/004/002/2021-05-07/askatasuna.htm Fri, 07 May 2021 00:00:00 +0200 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/2000/004/002/2021-05-07/askatasuna.htm
Baliteke erantzun pavlovtar bat izatea, ez bainaiz alferrik askatasuna oinarrizko aldarrikapen eta premia zen garai eta giroaren alaba. Ez baikinen alferrik hazi lahar arteko loretxoa askatzen zuen umeari edota kaiola eta kateetatik libre, euren hegoen jabe, hegaldatzen ziren txoriei kantari. Gerora ere, makinatan ibili izan dut askatasuna ahotan hartuta... Aspalditxo honetan, ordea, beste premia eta nahi batzuk hartu didate gaina aldarrikapenen agendan.

Baina itzul nadin astearte gauekora: Ayusoren erauntsia baieztatu ahala joan ziren goritzen aiene eta purrustadak nire Whatsappean. Nola ote daitekeen eskuin-muturrarekin gobernatzeko prest denari konfiantza ematea, pandemiarekin arduragabekeriaren mugak gaindituz jokatu duena saritzea, askatasuna tabernetan kaña batzuk edateko hutsalkeriara murrizten duena txalotzea... Ondorioak ere bai: batetik, madrildar eta espainiar horiek erotuta daudela, eta, bestetik, izurria sekulako triskantza egiten ari dela pertsona zehatzen gorputzetan ez ezik, buru osasun orokorrean. Puntu horretan geundela iritsi zen solasa sukartzen denean zuhurtasuna ekartzeko dohaina duen adiskide estimatu baten mezua, hainbestetan errepikatutako oharra berriro eginez: pandemia mozkorraldia bezalakoa dela, galbaheak zulatu eta barruan katigatuta daukagun hori atera baino ez duela egin. Alegia, garenaren adierazpena indartu.

Orduan akordatu nintzen nola pandemiaren aurretik eta geurean askatasuna parekatu izan dugun autopistetan lasterrago joateko aukerarekin, zaborrak norbere erara nahaspilatzearekin... Edota nola parekatzen dugun, oro har, norbera diru kontratu bidez zilegizta ditzakegun gauzen zein bizipenen jabe egitearekin, birritan pentsatu gabe metatze horiek nortzuk eta zertzuk kaltetzen dituzten.

Akordatu zitzaidan, halaber, umetan lahar arteko loreen eta txorien bidez kantatzen genuen askatasun hark bazuela norberaren nahikeria gainditzen zuen esanahirik, nola baita ere abesten genuken batek gose diraueno ez garela asetuko, bat loturik deino ez garela libre izango... Lekutan dira, ordea, askatasunaren esanahi haiek, danak ala iñor ez desiratzen genueneko garaiak...

Askatasuna desira oinarrizkioenetakoa baitugu, hitz ebokatzaileenetakoa, eskuinak prestidigitzatzaileen abileziaz bere egin eta bakoitzak metatutako kapitalaren neurriko ondasun, gaitasun eta eskubideen gozamen indibidualera murriztu duena. Eskuinak diskurtsiboki hartara mugatu, eta ezker kumeok desiraz eta egitez halaxe gorpuztu. Hortxe baita ezkerraren egungo ments nagusietakoa: askatasun desira oinarrizkoa zentzu kolektiboz jantziko duen esanahia, eta, batik bat, bizipen gorpuztua, eratu ezina.]]>
<![CDATA[Heriotza, bizitza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2038/007/001/2021-04-09/heriotza_bizitza.htm Fri, 09 Apr 2021 00:00:00 +0200 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/2038/007/001/2021-04-09/heriotza_bizitza.htm
Nolanahi dela, ez zigun askorik iraun lilurak, egun batzuren buruan ez baitzen gaitza eta heriotza beste hizketagairik, ez baitzen gaitza eta heriotza beste bizimodurik. Goizetik gauera, pandemiak urrutiko leku eta jende exotizatuen langa gainditu zuen eta geure genuen, geugan zen. Goizetik gauera, heriotza ikusezinen edukiontzitik saihetsezinen erakusleihora etorri zitzaigun. Ematen zuen, azkenean, jende modernook heriotzarekin ezkutaketan jolasteari utzi, eta, behingoan, parez pare begiratuko geniola. Bazirudien berriro abiatuko genuela heriotzarekin , aspaldi eta alde bakarretik, etendako ezinbesteko elkarrizketa.

Baina atzera ere, usteak erdia ustel. Laster batean nagusitu zaigu normalitate berriaren ideia, sakonean, lehengo inertzien aktualizazio egokitua baino ez dena, eta pandemiaren aurreko harreman beretan jartzen gaituena oinarrizko auziekin, hala nola, heriotzarekin —hala nola, bizitzarekin—.

Dudarik gabe, modernitateak ideia, balio, praktika, aukera eta bizipen estimagarriak ekarri dizkigu jendeoi; estimagarrienetako bat errege eta jainkoetatik askatzea: norberaren borondatearen azpimarra, geuregaintasuna , erabakimenaren aitortza. Baina norbanakoon geuregaintasunak, jainkoen hilketak, badu ifrentzurik: geu jainkotzen gaitu; geu, edo, zehatzago, neu. Norbera munduaren erdigune eta munduaren neurri. Eta, azken buruan, urrunarazi egin gaitu garen animalia horretatik, giza- aberatasunetik, lurtar eta Lurreko izatetik. Funtsean, aldenarazi egin gaitu, heriotzetik. Ez, jakina, hiltzen ez garelako, baizik eta hilko garenaren segurantzia ezagutza abstraktua zaigulako, jakintza gorpuztu eta barneratuaren ordez.

Horrek sufrimendua eragiten digu, kamustuta baikaude hurbilekoen heriotza halabeharrezkoak behar bezala bizitzeko, eta zer esanik ez norberarenari aurre egiteko. Baina kaltea ez da horretara mugatzen, norberaren jainkotze eta hilezkortasun ametsaren luzapena baino ez baita Lurra amaigabeki ustiragarri dela pentsatzea, hazkundea infinitua dela sinestea. Nago, hilezkortasuna amets dugun bitartean, heriotzari zor diogun elkarrizketa horri umiltasunez heltzen diogun arte, nekez eratuko dugula etengabe ahotan hartua dugun bestelako mundu hori. Bestelako bizitza hori.]]>
<![CDATA[Zaintzaren aintza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1914/007/001/2021-03-12/zaintzaren_aintza.htm Fri, 12 Mar 2021 00:00:00 +0100 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1914/007/001/2021-03-12/zaintzaren_aintza.htm
Dena den, zaintza aintzagarrien artean kokatzea ez du pandemiak ekarri. Aitzitik, mugimendu feministaren ondarekoa da zaintzaren egiturazko garrantzia, munta ekonomiko eta soziopolitikoa, gizarteko agendan jartzea; are, justizia soziala eta bizimodu hobeak iristeko balio eraldatzaileen artean kokatzea. Urrutira joan gabe, makina bat bider aldarrikatu dut nik neuk zaintza erdigunean jartzeko premia, egun produktibotzat jotzen diren jardueren gainetik. Aho betez aldarrikatu ere.

Aho betez, baina mamiz huts, lelora murriztuta. Erabat ostenduta zaintzara emanak bizi izan diren gure amona-amen memoria: lanaren ordain zein kategoria ukatu zaien egiteko amaigabeen eguneroko sorgin-gurpila, norbere gogoak etengabe atzentzea... emakume egoki izatearen aintzatxoaren truke. Zaintzak, batez ere, gaixo eta zaharrenak, besteen premietara plegatze errutinarioa baitu berarekin, zeure burua besteei ematea... Hau da, gu geu izateko, hots, unean uneko bulkadei segitzeko, mandatupean jarri gaituen geure muin emozional neoliberalarekin talka konponezina.

Ziurrenera, horrexegatik jardun izan dut zaintzari buruz hain modu abstraktuan, neure burua barne biltzen duen zama horretatik salbu ikusi dudalako —edo ikusi nahi dudalako—. Ziur aski, horrexegatik entzun dut askorik aditu gabe zaintza lanetarako beste emakume batzuk hartzen dituzten inguruko emakumeen azalpen bateratua: «ondo eta duin» ordaintzen dutela. Inoiz ez dut galdetu ondo eta duin hori zenbat den, inork ez dit inoiz azaldu, inoiz ez kopuru eta baldintza zehatzez hitz egin. Inoiz ez dugu aztertu, esaterako, zaintzarako hartutako emakumearen jatorriak zenbateraino eragin digun ondo eta duin-aren kalkuluan, besteen konturako hamaika enplegutan gertatzen denari buruz hamaikatxotan zorrotz eta bero aritu garen arren. Segur aski, ez naiz lokazti horretan sartu neure burua irudikatu dudalako etorkizun ez oso urrunean ondo eta duin ordaintzen duten horien artean.

Halaber, oso modu lausoan pentsatu dut zaintzaren eremu publikoaz, esaterako, zaharrak —eta gizarteak ez-errentagarri jotako gainerakoak— bizirik mantentzeko eratutako instituzioen bizigarritasun zalantzagarriaz. Edota zaintzaz eta osasunaz arduratzen diren instituzioen sareko barne hierarkiaz: adibidez, nola harrotzen diren agintariak ZIUen eskaintza ugaritzen dutenean eta nola pizten dituzten alarmak unitate horiek betetzean —eta nola lasaitzen eta asaldatzen herritarrok erritmo berean—. Aldiz, zeinen merke ateratzen den lehen arretako osasun langileen sektore feminizatu hori beren lana artez egin ezinik edukitzea sekula beti, zaintzaren eta osasunaren ikuspegi oso batetik komunitatearen ongizatearen zutoin diren arren. Eta, ildo berean, zeinen gutxi larritu garen herritarrok hurbileneko medikuarekiko harremana telefono deira mugatzeko aukera betikotzekotan denean.

Badakit ausarkeriatik adina harrokeriatik duela norberenetik orokorrera salto egiteak, baina honetan batezbestekoan ikuste dut neure burua. Beraz, izurri garai honetako larrialdiko egiteko komunitariotzat daukat zaintzari buruz pentsatzea, lelo eta abstrakzio hutsaletan amiltzeke, xeheki eta zehatz, ispilu deserosoei izkin egin gabe, justizia sozialean eta ongizate komunitarioan oinarritutako praktikaz betez. Bestela, zaintza aintzarako bide gisa erromantizatzeaz batera zaintzaileak zamatuko ditugu berriro ere, betiereko sorgin-gurpilean, aintzatxo bat baten truke.]]>
<![CDATA[Etxekotuak ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/005/001/2021-02-12/etxekotuak.htm Fri, 12 Feb 2021 00:00:00 +0100 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1904/005/001/2021-02-12/etxekotuak.htm securitas, securitas, securitas). Berrixeagoa den bezala sofatik mugitu gabe nahierara entretenitzeko ez ezik munduarekin harremanetan jartzeko are, mundua nahierara eratzeko askotariko eduki pantailaratuen eskaintza ere. Alegia, aspaldi hasi genuela etxekotze masiboa, kalearen galera. Arestian zirriborratutako bi zutoinen gainean: batetik, besteengan, etengabe, mehatxua ikustea. Bestetik, geure zilborretik apenas aldendu gabe astia (denbora, bizitza) betetzeko trepeta mordoa. Lehendik horixe zen joera, eta, orain, izurriarekin, bider hamaika. Denok kutsatzaile eta denok mehatxu garen heinean, erabat lausotu zaigu hurkoa. Etxekotzea norberarentzako babeslekuaz gain ardura zibikoaren eredu eta arau bihurtu da. Azken batean, normalitate berriak asko du jendeon egunerokotasuna erregulatzeko arauen ugaritze eta gogortzetik ez dator alferrik normalitatea latinezko norma-tik. Helburu eta zeregin zehatz eta jakinez baino ez zaigu arauzko etxetik ateratzea: lanerako, kontsumorako, kirolerako... Errendimendurako. Inoiz baino susmagarriagoa zaigu besterik gabe kalean ibiltzea, are, egotea -galdetu, bestela, Donostiako Trinitateko gazteei-. Eta kalea dugu hurkoarekin ez ezik bestearekin topo egiteko lekurik behinena ere, ni-az eta gu-az bestekoa hezur-haragiz ezagutu eta bizitzekoa. Ondorioz, aurreiritziak arrakalatzekoa, telebizitzak eta algoritmoek etengabe elikatzen duten pentsamendu bakarrerako joera autozilbortua zapartatzekoa. Askatasunaren eta erabakimenaren egiazko probalekua. Noizbait ebatziko dugu gainditu dugula pandemia... Honek guztiak zokorik barnekoenetan zizelkatu dizkigun beldur, aztura, arau eta egiteko zein izateko molde berriak gaindituko ote ditugun, hortxe zalantza. ]]> <![CDATA[Izurriaz, zirriborroen koadernotik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2021-01-23/izurriaz_zirriborroen_koadernotik.htm Sat, 23 Jan 2021 00:00:00 +0100 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2021-01-23/izurriaz_zirriborroen_koadernotik.htm Izurriari buruzkoak idatzi nuela koaderno baten lehen orrian. Zirriborroen kaier bat da, pentsamendua argitzen laguntzeko itsu-gidaria. Honezkero, bete du giza-jendeon haurdunaldi oso bat, baina ez da erditu: oharrak pilatzen doaz, baina ez dakarte ondorio argirik. Dudak eta galderak ugari dira, erantzunak eta ziurtasunak eskas. Zirriborroen koaderno kronifikatu bat. Garaiaren aldarte berekoa (uste dut).

Hala eta guztiz, ohar zirriborratu horietako pare bat zuengana ekarriko ditut, Donna Haraway pentsalaria gogoan, ezagutzarako bidea elkarrizketa, ideia trukatzea, delakoan.

Normalitate berrian, zaharrak berri

Lehen vs orain. Pandemia aurrekoa vs pandemia ostekoa. Bizimodu normala vs egungoa —eta egungo horretan, elipsian, anormala; eufemismoan, normalitate berria—. Ezustea. Shocka. Mugarri bat gizateariaren denboran. Hala bizi dugu, bederen, milioika jendek, batik bat, planetaren ipar eta mendebalde ardatzetan kokatuek. Baina atzera begira jarri —demagun orain urtebetera— eta distopia aroa zen hura ere. Geure luzapen onartutako pantailetan distopiak ikusiz, distopiei buruz solastatuz, eta distopia horietan marraztutako desmasiaren aztarnak geure egunerokotasunera hurbiltzen sumatuz bizi ginen: prekaritate gorrira erorien banda gero eta zabalago, eusten ziotenena gero eta murritzago, euste hutsean gero eta autozentratuago, bakartuago.

Parte batean, jabetuta geunden gure eredu ekonomiko eta soziopolitikoaren egiturazko akatsaz. Usnatzen genuen ekoizpen, kontsumo eta ustiapen hazkor eta geraezinean oinarritzen diren gure bizimodu, balio zein desirekin errekara gindoazela. Baina bestelako eredurik gauzatzeko ez ezik, irudikatzeko eta desiratzeko ere ezgai, hondamendiarekin ezkutaketan genbiltzan: oraintxe Greta izeneko neskato suediarra munduaren salbatzaile izendatuz, oraintxe Mundua axolagabe bezain konpultsiboki kontsumituz. Are, aldarri kolektiboetan gehiagoren jabe izatetik haragoko ongizate biderik ezin asmatuz.

Hori ere bazen hainbeste desiratzen dugun normalitatea. Edo, akaso, normalitate berria ez da normalitate zaharraren aldaera indartua besterik.

Zientziaren teologia

Pantailetan begia jartzea besterik ez dago ohartzeko mundua on eta txar manikeoan banatzeko joera zabalduari aldaera berri bat ekarri diola izurriak: zientziaren aldekoak, batetik; gainerakoak, bestetik —gainerako askotarikoei emandako izenak hainbat: negazionistak, magufoak, lurlauzaleak…—. Zer diren gauzak: zientziaren aldekotzat ez ezik zientzia zaletzat ere badaukat neure burua, absolutu eta dogmak itogarri zaizkidalako, galderak erantzunak bezain garrantzitsu direlakoan ezagutzarako. Baina azken boladan lurlauzale izendatua izateko arriskuan sentitu dut neure burua, izurriaren gaineko narratiba nagusiak sortzen dizkidan zalantzak direla eta —badaitort, zirriborroen koadernoko lerrook ere beldur beraz ari naizela jendaurrera ekartzen—.

Hau ere ez baita oraingoa: zientzia —ezagutzarako metodoa— zientzia positibora —natura humanoon zerbitzura menderatzeko tresnara— murrizteko joera. Murriztu ez ezik, zientziaren ikuspegi eta praktika zehatz hori absolutu eta dogma bihurtzekoa ere: humanoon salbatzaile hutsezin, antzina jainkoa(k) nola. Jende modernoon hezurdura emozionalean erabat inskribatutako sinesmena baita natura geure probetxurako emana zaigula. Unibertsoa amaigabe hedatzen irudikatzen dugun soraiotasun beraz irudikatzen dugu gizateria handitzen, infinitura arte. Ez dugu, bada, aurrerabidea hazkundearekin alferrik nahastu azken mendeetan… Eta, halaxe, esperientziak eta zintzotasun zientifikoak besterik erakusten diguten arren, infinitu ustekoaren —eta ustekoon— amaikortasun ahula behin eta berriz agerian utziagatik, hazkundearen fedeari heltzen diogu tematuta, zientziaren ikuspegi positibista bide.

Alde horretatik, izurria, autogezurraren kontrako zaplada izan dugu bolada batez. Enkantamendua hautsi zela ematen zuen, esaterako, balkoien elkartasun iraultza garai hartan. Laster etorri dira, ordea, urak lehengora. Eta, oraingoz orain, pentsamendu marko gisa zientziaren ikuspegi positibista indartzea da izurriaren ondorio behinena, zientziaren teologia irmotzea. Erreparatu kontakizunari: txertoaren bidez humanoa berriro ere birusaren kontrako gerran garaile, natura bihurriaren menderatzaile… Beste urrats bat hazkunde infinitura.

Badaezpadako argibidea: nire burmuin kartesiar xamarrean ondo kabitzen dira txertoak; ez, ordea, sindemiaren konponbidea horretara urritzea, hazkundearen arazoari —eta desazkundearen irtenbideari— zientzia teologizatuaren txakur-ametsaz enegarrenez izkin egitea. Deigarria zait, adibidez, narratiba ofizialetik milímetro bat apartatzea zeinen erraz berdindu den negazionismoarekin eta lurlauzale izatearekin, uztai politiko osotik. Zientziaren teologizazioan guztiak bat, agidenez. Halaber, harrituta ikusi dut oso minoritarioak diren jarrerei —egiazko jarrera negazionista edo lurlauzaleei, esaterako— zenbaterainoko hauspoa eman zaien, eraldaketarako baliatu beharreko zenbait energia xahutu ditugun egurketa horretan. Cui prodest? galdera zaharra datorkit etengabean.

Ondoriorik ezean, kezkaz bizi dut, hooliganismo soziopolitiko arriskutsuen bazka diren aurkaritza binario eta antzuak belar txarren abailan sarritzen ari zaizkigun garaiotan, nola ari garen geure pentsamenduaren logikatik ezabatzen azken hamarkadetan zientziaren irakurketa positibista huts hori auzitan jarri duten berrikuspen epistemologikoak. Hain zuzen, dogmez haraindi pentsamendu kritikoaren elikagai direnak, autoritarismoaren kontrako txerto.]]>
<![CDATA[Funanbulistak izurriaren ispiluan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2020-07-17/funanbulistak_izurriaren_ispiluan.htm Fri, 17 Jul 2020 00:00:00 +0200 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2020-07-17/funanbulistak_izurriaren_ispiluan.htm
Irudipena dut COVID-19aren izurriak, eragiten ari den molde eta eskala ugaritako hondamendi zehatz eta gorpuztuez harago, baduela ispiluaren aurreko errebelaziotik. Berarekin atoan ekarri duen salbuespen egoerak egunerokoan barne zokoetan pilatu zaizkigun uste eta balioen inertziaz jabearazi gaituela, eta, bidenabar, geure baitako egia ez ikusiez: heriotzaren ezinbestekotasunaz, jendeon zaurgarritasun eta txikitasunaz, besteen eta elkarrekikoaren premiaz, naturaren garaiezintasun eta beharraz...

Egia horiek denak jarri dizkigu parez pare, eguteran zein laiotzean. Esaterako, jabearazi baigaitu emateko zein hartzeko dugun gaitasunaz edota elkarrekin aritzeak dakarzkigun onurez. Baina jabearazi gaitu, baita ere, gure eredu ekonomiko eta soziopolitikoaren egiturazko akatsaz. Ikusi ez ezik ukitu egin dugu nola ekoizpen, kontsumo eta ustiapen hazkor eta geraezinean oinarritzen diren gure bizimodu, balio zein desirekin gaitzera kondenatuta gaudela; gaitzera kodenatuta dauzkagula geure buruak, besteenak eta Lurrarenak. Jabearazi gaitu, bristada batez.

Baina gutxi du berritik. Aspalditik geurekin daramagun egia ezkutua da —akaso, ukatua— eutsiezina dela bizi gaituen eta bizi dugun eredua. Birus formarekin lehertu zaigu orain ebidentzia, baina, azkenaldian, klima aldaketak —eta hari lotutako desazkundearen proposamenak— ezker alternatiboaren ideia zakuko ondare izateari utzi dio eta egitate neutroaren izaera hartua du, munduko agintarien eta zentzuzko pentsamenduaren agendan sartzeraino. Besterik da, agendan sartzeak larrialdi handienari erantzuteko txaplata batzuk josteaz haragoko aldaketarik dakarren, eta zenbateraino diren proposatzen eta aplikatzen diren berrikuntzak Lampedusaren Il gattopardo-koaren harikoak, hau da, denak, funtsean, berdin segi dezan bermatzeko egindakoak.

Izurriak eragindako errebelazioak ere, honezkero, hartua baitu horren tankera: ez da zantzu hutsala izurri garai hau izendatzeko berria normalitatea-rekin uztartzeko hautua egitea: hau da, aldaketaren adiera bere baitan ohikoaren, aldagaitzaren eta inertziaren soinua duen hitzarekin. Normalitate berria, funtsean, lehengo eredura itzultzea baita: ekoizpena, kontsumoa eta ustiapena ardatz dituen bizimodu eta desiretan gotortzea. Oraingoz, berritasuna, norberaren gaineko kontrol neurriak areagotzeari baimena ematea izatean ari da, eta, halaber, besteen gaineko kontrol neurriak areagotzea aldarrikapen bihurtzea. Aspalditik datorkigun «askatasuna segurtasunaren truke» ereduan beste koxka baten estutzea.

Aldiz, zabaldu den ideia beste bat da: izurria mugarri erabatekoa dela, lehenagoko munduaren eta aurrekoarekin apenas ikustekorik duen oraingo berriaren arteko 0 gunea. Bestelakoa da, ordea, nire irudipena: lehendik datozen joeren indartzea dela nagusiki COVID-19aren pandemiak ekarri duena. Arestian aipatu dudan askatasunaren lagapenaren areagotzea ez ezik, lehendik abiatutako bizimoduaren eta geure buruen digitalizazioa eta birtualizazioa irmotzea: telelana, teleirakaskuntza, telekontsumoa, teleharremanak... Eta, batez ere, bizitzaren prekarizazioa.

Azken finean, aspalditik gara bizitzaren zentzu bakar hari hauskor baten gainean tente segitzea bihurtu dugun funanbulistak, kosta ahala kosta, bakoitza berean, ahalik eta luzeen. Bestela, ez dira ulertzen nola ez garen egiaz errebelatu izurriaren ispiluak ikusarazi dizkigun gure miseria gordinenen aurrean. Esaterako, nolako otzantasunez onartu dugun gure kide zaurgarrienak, zaharrak, bakarrik hiltzea, ahazturik bizitza egokiak ezinbesteko duela heriotza duina. Nola ari garen lehenesten iraute politikak, bizitza politikak zer diren pentsatu eta eraiki beharrean.

Ez da erraza bizi dugun garaia. Lehendik pilatutako joera eta inertzia prekarizatzaileei izurriak erantsitako arlo askotako ziurgabetasuna erantsi behar zaio. Hasteko, gaitzaren beraren nondik norakoari buruzkoa. Horrexegatik uste dut dela inoiz baino beharrezkoagoa irudimena, funanbulistez haragoko izate osoago baten zirrimarra eta desira sortzeko. Irudi berri hori osatuko bada, bizitzak zein jende izateak bestelako esanahi bat hartuko badute, ezagutza, pentsamendu, solas, gorpuztasun eta arte adierazpenen elkarbanatzea inoiz baino premiazkoagoa zaigu. Hau da, inoiz baino beharrezkoagoa zaigu plaza, mundua, hurkoa zein bestea ezagutzeko eta aintzat hartzeko lekua. Ez dezagula halakorik gal.]]>
<![CDATA[Enegarren 'The Crown' eta identitateak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/013/001/2019-12-24/enegarren_the_crown_eta_identitateak.htm Tue, 24 Dec 2019 00:00:00 +0100 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1876/013/001/2019-12-24/enegarren_the_crown_eta_identitateak.htm The Crown monarkia britainiarrari buruzko telesail zuritzailearen enegarren denboraldian 2019 hondar honetako gertakariak kontatuko diren. Kontatuko diren brexit-ak piztutako zalaparta politikoak: herritarren eta klase politikoaren jarrera banaketa ohiko parametroez gaindikoa, hauteskundeen errepikapenak, agintarien erorketak, tentsionatzea, bertigoa... Batek daki argituko duten Elizabeth II.a erreginak Boris Jonhson lehen ministroaren txotxongilo sentituz irakurri ote zuen Lorden Ganberan brexit-a abiarazteko diskurtsoa, edo, aldiz, konbentzimenduz aritu ote zen. Batek daki azalduko duten abenduaren 12ko hauteskundeek, Boris Johnson erreakzionariori Brexita aurrera eramateko besteko gehiengo zabala emateaz gain, garaipen handia ekarri ziotela SNP abertzaleari Eskozian, eta, ondorioz, berriro ere independentziari buruzko erreferenduma egiteko eskari ofiziala egin ziola Londresi Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak. Batek daki The Crown-en enegarren denboraldiko atal hau ematen denean Eskozia independentea izango den. Batek daki... Oraingoz, dakiguna da brexit-ak hurbil eta gerakaitz ematen duela, eta Eskoziak urratsa sendotu duela independentziarako bidean.

Bi gertakariok (edo, zehatzago, Ingalaterran Johnsonek jasotako babes zabala eta Eskoziako abertzale progresisten garaipena) justu kontrako noranzkoan tira egiten duten bi indar bezala irakurri dira, orokorrean. Eta zalantzarik ez dago aurkakotasunen adierazle izateaz gain, talka politiko batean baino gehiagotan ispilatuko direla. Baina, nago, instituzio eta botereen kudeaketaz haragoko politikaren sakoneko geruzan gertakari hauek biek muin bertsua dutela, eta gaurko Mendebaldeko jendeon amankomuneko bizipen bati erantzuten diotela: geure buruen gaineko erabakimen, hots, burujabetza galerari. Edo beste era batera esanda, nor izateko gero eta zailtasun handiagoari. Identitate bilaketari.

Ez da kasualitatea brexit-ari buruzko galdeketaren tankera hartu duten hauteskundeotan Johnsonek botoak parrastaka jasotzea beti laboristenak izan diren Ingalaterrako langile auzoetan. Izan ere, albistegi eta hemeroteketan hamarkada batek krisi bat izendatzeko, aldarrikatzeko, jasateko, gainditutzat jotzeko eta beste baten mamua iragartzen hasteko ematen badu ere, jendearen gorputzetan sakonagoa da denbora, eta gordin daude oraindik zauriak. Gordin dago etxea, enplegua eta erosahalmena galtzearen bizipena, lan baldintzak eta zerbitzu publikoak kaskartzearena... funtsean, bizimodua, bizitza bera, eskastearena. Eta, batez ere, gordin eta bizi dago ziurgabetasun erabatekoa: arauak zintzo bete arren (hau da, langile eta hiritar saiatu eta esaneko izan), trukean agindutako ordaina (bizimodu duinaren promesa) jasotzeko zailtasun gero eta handiagoa. Okerrago oraindik, hortxe dago kontratuaren beste aldean ardura hartu eta erantzuteko prest inor ez dagoenaren bizipena: ez ugazaba, ez gobernu, ez estatu... Aitzitik, EBZ (Europako Banku Zentrala) edo NDF (Nazioarteko Diru Funtsa) izendatutako mamu zehaztugabe fatalen menera ikusten du jendeak bere burua, gero eta usuago diren enbata eta uholdeen kapritxora nola. Ez dago nori erreklamatu, ez dago noren aurka borrokatu, ez dago nor uzkaili.

Eta, txarrena: jendearen bizipena da ez daukala begiratuko dion, ikusi eta ezagutuko duen eta, batik bat, aintzat hartuko duen inor, nor dela aitortuko diona. Ez bakarrik botere politiko-ekonomiko lauso horrekiko harremanean, baizik eta egunerokotasun txikian, gero eta gandutsuagoa den jendeon arteko harremanen sarean. Erabakimenak nor izatea eskatzen baitu, eta nor izateko, espazioa ez ezik, lekua behar baita, eremu hutsaz gaindiko tokia, inguru eta beste zehatz eta gorpuztuekiko hartu-emanean baino sortzen ez dena. Hau da, komunitatean, ekintza komunitarioan.

Uste dut mendebaldetarron artean gero eta gehiago errotzen ari den aukera erreakzionarioen aldeko joeraren muinean (dela Johnson, dela Trump, Le Pen, Abascal.... dela haienganatutako indar zentristen errenkada) komunitatearen bilaketa bat dagoela, erabakimenaren nahia, nor izatearena. Identitate bilaketa. Eta, horrenbestez, indar erreakzionarioen goraldia inperio seneko estatu-nazioek komunitatea eratzeko duten moduaren aldaera muturreko eta eguneratua dela: inperio seneko nazionalismoa, kanpo etsaian eta barne kontrolean ardaztua; xenofobian, eta ordena eta segurtasuna askatasunaren gainetik jartzean bermatua.

Horrekin konparazioan, Eskoziak (edo Kataluniak) bestelako komunitategintza baten oihartzuna dakarte, estatu gabeko herrien bizipenen ordezkari: jendearen nor izatea demokratizazio orokorrago baten baitan kokatuta eta, ezinbestean, statu quo globala eraldatzeko mugimenduei adi. Herri seneko abertzaletasuna.

Horregatik, harriduraz dakusat nola azkenaldi luzean Euskal Herria esaten diogun zera zehaztugabe honetan eraldaketa asmoz (jendeon erabakimena areagotzeko eta nor izatea indartzeko gogoz, komunitatea lantzeko senez) ari diren mugimendu eta eragileek maiz esaten diguten ahazteko identitate auziak, lagatzeko albo batera, traba direla egiazko aldaketa politikoetarako. Ahaztuta, batetik, baieztapen horren bidez herri nortasun azpiratuei soilik ukatzen zaiela euren izatea eta adierazpena ardatz politikora ekartzea, eta, horrenbestez, estatu-nazioek zilegi egindako identitateak sendotzen direla. Ahaztuta, bestetik, identitatea (besteak beste, feminismoak erakutsi bezala) nor izate ariketa praktiko eta etengabekoa baino ez dela, bakoitzak egina, baina, ezinbestean, besteekin, komunitatean, gauzatua; ahaztuta, ariketa horren aldaera askotarikoetan (sexu-genero identitateari dagokionez, kasurako) harilkatzen dela nor bere buruarekiko erabakimena, askatasun behinena. Ahaztuta, azkenik, arestian esandakoa: errealitate politiko hurbilenak erakusten digula identitate auzi izendatutako horietatik abiatutako proposamenak direla, jendeon nor izate premiak demokratizazio eta eraldaketa prozesu globalekin uztartuta ez ezik, haietatik tiraka jarri dituztenak.]]>
<![CDATA[«Jan iezadan buztana»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/017/001/2018-06-30/jan_iezadan_buztana.htm Sat, 30 Jun 2018 00:00:00 +0200 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1890/017/001/2018-06-30/jan_iezadan_buztana.htm La Manada-ko bortxatzaileak (bortxatzaile izan arren, azken buruan, bost pertsona). Eramaten zaitu haientzako desiratzera kartzelatze luzeagoak; desiratzera edonorentzat giza eskubide oinarrizkoa iruditzen zaizun bigarren aukera (hirugarrena, laugarrena, infinitugarrena...) ezabatua izan dadila kasu honetan.

Ez da tripetako kontu huts bat. Ez da norberaren bizipen akumulatuek biktimarekin enpatia berezia sortzen dutelako sentitutako boteprontoko emozio soila, baizik eta baita hausnartutako ondorio arrazional eta arrazoizkoa ere. Izan ere, konparazioa da beldurgarria, ikustea legedia zeinen desberdin aplikatzen zaien batzuei eta besteei (bai, nola ez, Altsasukoak eta Kataluniako preso politikoak ditut buruan, baina ez haiek bakarrik), eta, batik bat, ikustea neurgailu diferente horren bidez zein mezu helarazten zaigun herritarroi: gauzatutako eta frogatutzat emandako erasoa (bost gizonen esku panpina izatea, ahotik, alutik zein uzkitik nahierara zakilkatzea) ez dela hainbesterakoa. Azken batean, biktima eta haren mina zalantzagarriak direla, prozedura osoan jasan dituen galdera eta kuestioek nola hainbat kalifikazio juridikok jendarteratu nahi izan duten bezala. Biktima ez dela hain biktima, erasoa ez delako hain eraso. Mezu xehea etorkizunera begira, balizko biktima eta, are, erasotzaileentzat.

Beharbada esango dit norbaitek La Manada-ren kontu honetan patriarkatuarena sobran dagoela, Espainiako Estatua dela arazoa, hamaikatan erakutsi bezala ez delako zuzenbide estatu bat, baina aski da begirada pixka bat altxatzea panorama orokortua dela ikusteko, #meetoo-aren oinarrian planeta osoko emakumeoi eragiten digun bizipena dagoela ohartzeko. Mendeetan pilatutako min eta babesgabetasuna.

Eta patriarkatua gauza bihurria denez, balia dezake gure min eta babesgabetasuna bere tresnetakoa duen espetxe sistema indartzeko, fokua erabat zigorren zenbateko eta gogortasunean jartzeko (funtsean, gu amorrura eta mendekura kondenatzeko), eta ahazteko zein betikotzeko sakoneko auzia: maskulinitateak zer ezaugarri dituen eta nola gorpuzten den gizonezko izendatutako pertsonetan, eta feminitateak zer ezaugarri dituen eta nola gorpuzten den emakumezko izendatutako gorputzetan. Eta, batez ere, atxikitako ezaugarri horietatik abiatuta nolako harremanak eraikiarazten dizkigun geure artean gizon zein emakume izendatutako pertsonoi, senidetasunetik hain urrun, azpiratze premietatik hain hurbil.

Errepara diezaiogun, adibidez, gaurko egunari: doi-doi 20 urte dira Irunen aurreneko aldiz emakumeak biltzen dituen alardea egin zela; hots, irundar denei festetan berdintasunez parte hartzeko aukera zabaldu zitzaiela. Bide gogorra izan da (eta hala da oraindik). Aski da atzera begira jartzea, 1996an hainbat emakumek segizioan sartzeko saioa egin zutenean Irungo alardean parte hartzen ari ziren gizonek egin zieten harreraren irudiak ikustea: garrasi, txistu, irain eta mehatxu zaparrada, atertu gabe. Gogorra da ispilua: ehunka gizon «sois unas zorras!» («urdangak zarete!») oihuka; ehunka gizon «en la fiesta de la hoguera/ os vamos a quemar!» («suaren festan/ erre egingo zaituztegu!») eta «cómeme la polla/cómemela ya!» («jan iezadan buztana/ jan iezadan segituan!») kantatzen, eztarria urratzear. Gogorra bezain esanguratsua aukeratutako irainen nondik norakoa: bere buruaren jabetzan urrats bat egiteagatik araua hausten duen emakumea sutara, sorginak bezala, sorgina baita. Araua hausten duen emakumea puta da, eta, horrenbestez, nahi duzuna egin dezakezu harekin, esaterako, zakila jan diezazula agindu. Funtsean, bestearen gorputza menpean hartzearen gorazarrea maskulinitatearen indartzaile, aldarrikapen eta mandatu. Bestearekiko harremena, sexu plazererako baino gehiago, botere gozamenerako bide.

Gogorra da ispilua. Batez ere lelo horiek kantatzen ari direnak ehunka gizonezko direlako, egunerokoan gehien-gehienak guraso, seme, adiskide, lankide, bizilagun, elkartekide jatorrak. Zu eta ni bezain txarrak, zu eta ni bezain onak. Dudarik gabe. Baina patriarkatua gauza bihurria denez, horra hor ikustea hainbeste kostatzen zaigun sakoneko auziaren arrastoak.]]>
<![CDATA[Ustelak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/022/001/2018-06-16/ustelak.htm Sat, 16 Jun 2018 00:00:00 +0200 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1955/022/001/2018-06-16/ustelak.htm Aquarius ontziaren bideoa, lanetik etxerako busean. Halaxe etorri zaio begien aurrera ezagun-ezaguna egin zaion aurpegia: gizonezko gazte bat da, larruazala begi-niniak bezain beltz eta soa sakon, oso sakon, munduko min guztiak jandako zuloa bezainbat. Bideoa geldiarazi, eta telefonoa begietara hurreratu du, harrituta, aurpegia hobeto aztertzeko eta argitzeko nondik nora ezagutzen duen.

Segituan egin zaio argia: bideoko gizon gazteak Moussaren antza dauka, izugarria, bizpahiru aste lehenago lagunekin parrandan atera eta ezagutu zuen senegaldarrarena. Bihotz formako betaurreko batzuk eskainiz hurbildu zitzaion. Merke-merke. Erosi egin zizkion, biharamunean semeak pozarren hartuko zituela pentsatuta, eta, batik bat, irribarre zabalaren gainetik sumatu zion so sakon eta minduak gupidatuta. Hala lotu ziren hizketan: 20 urte zituela, oinazez betetako bidaia luzearen ostean lau hilabete zeramala hemen, familia eta lagun guztiak Senegalen gelditu zirela, alboko herri batean bizi zela kide batzuekin, oso bakarrik sentitzen zela, kalean salmentan aritzea ez zitzaiola batere gustatzen, hiru urtez iraun behar zuela nola edo hala paperak eskuratu eta egiazko bizimodu bat lortzeko...

Pentsamendu zein sentipenak zurrunbiloan zebilzkiola aditu zizkion Amaiak horiek denak. Batetik, injustiziaren kontrako sena eta bizitzaren aldeko intuizio politikoa borborka zituela. Bestetik, kondeszendentziaz, pentsatuz Moussaren koitadutasuna ez zuela hainbeste bizi izandakoen ankerkeriak marrazten, baizik eta amesten zuen paradisuaren gezurrak. Alegia, une batez, bere burua Moussarena bezain errukigarri begitandu zitzaion gero eta malkartsuagoa zaion bizimodu prekarioan, Amaiak gero eta eskasagoak baititu lan baldintzak, gero eta handiagoak premiak eta zorrak, gero eta itoagoa denbora, bizitza. Nolanahi dela, elkartasun itzela ere sentitu zuen, Moussa etxera eramateko gogoa ernatzerainokoa. Eta, halaber, mesfidantza ikaragarria, kontatzen ari zitzaion guztia bera limurtzeko eta auskalo zer izugarrikeria egiteko engainua zela pentsatuz ikaratzerainokoa.

Antzeko zurrunbiloa sentiarazi diote egunotan Aquarius ontziaren bueltakoek. Batetik, azken boladan itzalita daukan bokazio matxinatzailea piztu zaio Europa zuriaren kontra, bere burua giza eskubideen eta bizitzaren berme autoizendatu arren, heriotzaren ertzean alderrai dabilzkiolako 629 lagun (629 bizitza, 629 gorputz zehatz eta ukigarri ). Bestetik, Korsikako agintariak, Kataluniakoak, Barkos, eta onartu behar du, baita Urkullu eta Sanchez ere, harreraren alde agertu izanak bere alde sozialdemokrata harrotu du, eta ebatzarazi dio oraindik badela esperantzarako marjinarik. Eta, aldi berean, jabetzen da marjinaren estuaz, 629 migrante hartzeak (eta zer esanik ez 60) giza eskubideen arloan txapeldun egiten zaituen garai eta lekuetan oso estua baita zoru etikoaren eta inhumanitatearen arteko tartea.

Baina, tira, nor dago kontraesanetatik libre? Lehengoan supermerkatuan ibili zuen barne borroka etorri zaio akordura Amaiari: Huelvako marrubiak eder, distiratsu eta merke arasan, eta bezperan albisteetan entzundakoa mailukadaka buruan; alegia, emakume marokoar jazarri eta esplotatuek bildutakoak direla marrubiok, haien minez gozatuak. Erosi edo ez erosi, hortxe auzia. Azkenean, hiru kiloko kaxa hartu, eta gurditxoan jarri zuen. Hain baitzeuden eder, distiratsu eta merke, hainbeste gustatzen baitzaizkio semeari... Eta, finean, zertan hobetuko luke ba emakume horien bizimodua berak marrubi kutxa horri uko egiteak?

Twitterreko bideoaren play-ari eman dio berriro. Kazetariak azaldu du Italiako Gobernuak helarazitako elikagaiak jaso dituztela Aquarius-en, zekaleak, batik bat, baina baita fruta ere. Hasi dira, ordea, ontziko ekintzaileek migranteetan artean banatzeko fruta garbitzen, eta gutxienez heren bat ustela... Horrek bere onetik atera du Amaia, sozialdemokrazia betirako akabatu eta erreboltarako sena piztu zaio atzera. Hiraren hiraz eztarria korapilatuta ailegatu da etxera. Hozkailua ireki du lasaitzeko zerbaiten bila. Orduantxe ikusi ditu: marrubi eder eta distiratsuen erdiak han atzeko zokoan, ahaztuta, ustelduta.]]>
<![CDATA[Koloreak, hitzak, mundua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/028/001/2018-06-02/koloreak_hitzak_mundua.htm Sat, 02 Jun 2018 00:00:00 +0200 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1955/028/001/2018-06-02/koloreak_hitzak_mundua.htm
Eta hara non, amaierako hitz horietara ailegatzean irakaslea eta gelako lauzpabost neska-mutiko algara bizian lehertzen diren. Aldiz, gainerako 25ak mutu geratzen garen, zurtuta, irakurri dugun kontu, ipuin, txiste edo dena delakoari ez hanka eta ez bururik atzeman ezinda. Ordurako geure artean esaten genuen bezala, «haluzinatuta». Irakaslearen azalpena ondoren: euskaraz gorria espainierazko rojo baino askoz zabalagoa dela, eta, barne biltzen duela, esaterako, guk, isilik geratu garen ikasle kalekumetartuok marroi esaten diogun kolorea. Beraz, euskaraz marrubia eta behia biak direla gorriak. Ikasi dugu, bada, zerbait. Eta aurrerantzean, idazlanetan, behiari marroia baino errazago jarriko diogu gorria ondoan, irakaslearen begietara geure burua jatortzeko.

Baina barruan luzaro geratu zait harra: marrubiaren margoari behiarenari bezala gorria esanagatik, nola litekeen hain begien bistako kolore diferentzia ez sumatzea kontakizuneko mutikoak, eta okerrago, algaratan lehertu ziren irakasleak eta lauzpabost ikaskideek. Nire begi-burmuinetan gauza bat delako izena, beste bat gama eta beste bat kolore zehatza. Ukigarri izaterainoko ebidentzia.

Karlos Zurutuza kazetariak Espainiako Jotdown aldizkarian argitaratutako Vacas rojas en montañas azules y olas verdes (Behi gorriak mendi urdinetan eta olatu berdeak) artikuluak ekarri dit akordura umetako gertakaria. Euskarak duela ez asko arte egin duen kolore sailkapenaz ari da artikulu horretan Zurutuza, eta arestian kontatutakoarekin pareka daitekeen pasadizoa kontatzen du: nola Amets izeneko haurrak aitona Joxemieli aditutakoei kasu eginez behi gorriz eta mendi urdinez osatutako margoa osatzen duen, irakasleen ulertezintasun eta larridurarako.

Hain zuzen ere, artikulu horren uberan jakin dut Namibiako himba herrikoek zerua beltz eta ura zuri ikusten dutela, eta ez dituztela mendebaldarron artean orokortutako berdea eta urdina bereizten. Are, ikerlari mendebaldarren akuri izan direla eta egina dutela esperimentua haiekin: pantaila batean hamabi lauki jarri, hamaika urdin eta bat berdea, eta himbatarretako bat bera ere ez ei zen gai izan laukitxo guztien artean diferentzia aztarrenik bereizteko. Antzera japonian ere: mendeetan berdea eta urdina bereizi ezak gaur egungo semaforoetan gure berdearen ordaina oso gama zabalean ematera eraman omen ditu, hasi guretzako berde-berde den horretatik eta guretzat urdin den hartaraino. Erresuma Batuko Surrey Unibertsitateko Anna Franklin ikerlariarena da honako ondorio hau: hizkuntzaren bidez koloreak sailkatzeko erak baldintzatzen duela ikusitakoaz burmuinak egiten duen kategorizazioa; funtsean, izendapenak erabakitzen duela zer ikusten dugun. Hitzek sortzen dutela errealitatea, egia, mundua.

Hortxe dugu, ziur aski, egitekorik itzelena eta zailtasunik handiena: ezinezko eta aldaezin izendatu dituzten/ditugun horiek egingarri eta aldagarri izendatzea, hartarako hitzak sortzea hizkuntza oso bat, akaso. Gainerakoan, etorriko zaizkigu beste hamaika Altsasu. Gainerakoan, segituko dugu Riveraren ondoan Rajoy edo Sánchez, Le Penenean Macron, edota Trumpekin konparazioan Clinton on ez ezik aukera bakar direla egia absolututzat hartzen.]]>
<![CDATA[Txaleta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/001/2018-05-19/txaleta.htm Sat, 19 May 2018 00:00:00 +0200 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/001/2018-05-19/txaleta.htm
Pentsatzen jarrita, logikoa da Iglesiasek eta Monterok tabua hautsi eta diruaren gaineko eztabaida sustatu nahi izatea, sakona. Izan ere, bokazio jakin batekin lur gaineratu zen Podemos: justizia soziala eduki osoz indarrean jartzea Espainiako Erresumaren menpeko eremu geografikoan. Eta justizia soziala esanahi betez gauzatuko bada, ezinbestekoa da diruari buruzko debatea, jabetzaren eta banaketaren gainekoa, abstrakzio ekonomikoetatik aparte, jendeen bizipen eta bizi ezinetan gorpuztua.

Baina zer diren kontuak, Iglesiasek eta Monterok nahi gabe —areago, beren borondatearen kontra— piztu dutela eztabaida: elkarren bikotekide direnez, elkarrekin erosi duten txaletaren harira. Horrek piztu du debate suharra Bidasoaz hegoalderako sukalde, hedabide, taberna, Twitterreko denbora-lerro, bulego, Facebook-eko horma, parke eta, batik bat, Whatsapp taldeetan. 600.000 euroko etxea erosi baitute Madrilgo landa eremuan: 300 metro karratu, 2.000 metrotik gora lur, igerilekua eta gonbidatuentzako etxetxoa.

Asko dira sumindu direnak, baina bi noranzko kontrajarri hartu ditu erneguak: alde batean daude diruaren bestelako banaketa eta bizipenaren eredutzat zituztelako dezepzioaren amorrua sentitu dutenak —haietako zenbatek ez ote dituzte eredu ez ezik eguneroko bizi zailtasunei aurre egiteko pizgarri ere?—. Bestean, orain arte beren jabetza eredua, eta, batik bat, jabetzen gainean Iglesias, Montero eta enparauen begirada gaitzeslea nabaritu dutenen haserrea.

Baina ez ditzagun geure buruak engaina, bigarren taldekoen sumindurak baduelako bozkariotik, eta ezbaian jarria izan eta gero arrazoiaren jabe sentitzeak ematen duen barne asetasunetik. Honelaxe ari baitira, abentura eraldatzaileen arriskuari zentzua jartzen dion establishment-aren ahotsetik: «Ikusi, ikusi, nola azkenean hori den desiragarria, nola hondo-hondoan denok berdinak garen...».

Eta ez ditzagun geure buruak engaina, zeren eta alde baten eta bestearen arteko hesia ez baitute ideologia —eta are eta gutxiago, alderdi eta sindikatu— atxikimenduek ezarri; ez behintzat, erabat, ez arazki. Eztabaida honetan aditu baititut oso joera iraultzaileko lagunak aldarrikatzen ezkerraren ikusmolde erlijioso gaizki ulertu batek garamatzala Iglesias eta Monteroren erosketa arbuiatzera. Edo okerrago, inbidia soziala dagoela ernegu horren oinarrian, ahazturik, aberats eta boteretsuen estrategia eternala dela injustizia dagoen lekuan azpiratuen inbidia makurra ikusaraztea.

Azken batean, Iglesiasek eta Monterok ere beren hautuari halako desiragarritasun zentzuzko, saihetsezin eta aldaezinaren kutsua eman diote azalpenak emanez plazaratu duten oharrean: jakin ba omen dakite latz lan egin arren egun herritar gehienen aukeratik kanpo dagoela halako erosketa bat, baina euren borrokaren xedea omen denentzako soldata duinak lortzea. Esaten ez badute ere, denek halako txaletak erosteko aukera izan dezagun dela ulertzen da, hori desio dutela/digutela. Justizia sozialaren mundua txaleten mundu bat balitz bezala; okerrago, jakinik, halako eredu bat eutsiezina denez, helburuaren adierazpena falazia bat dela.

Baina, batez ere, ez dezadan neure burua engaina, badakit-eta neure barne eztabaidan nola daukadan bihotza zatituta: nolako liskarrean dabiltzan neure nahi eta ezinek sortutako ernegua, hurkoenganako senezko enpatia, justiziari eta elkarbizitzari buruz eraikitako pentsamendu arrazionala, eta nahi ez dudala ere ongizatea eta asetasuna ematen didaten desirak. Alegia, desiratutako txaleta, zeinetan etorkizuneko maiatz batean, gereziondo baten azpian, 68ko Maiatz urrun hartan fabrikatutako utopiez irakurri eta gogoetatuko dudan.]]>
<![CDATA[Ahots propioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/026/001/2018-05-05/ahots_propioa.htm Sat, 05 May 2018 00:00:00 +0200 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1955/026/001/2018-05-05/ahots_propioa.htm
Hainbestetan hitz egin dut honi buruz. Eta, hala eta guztiz, berriro hitz egiteko premia sentitzen dut, sakonean badakidalako hitz jarioa hondoko afasia moduko bat ezkutatzeko bide izan zaidala, neure ahotsa aurkitzeko zailtasuna estaltzekoa. ETA nire bizitzan, gure bizitzetan, presente izateak mina geure haragitan bizitzera eraman baikaitu, eta, gainera, min horrek markatuta oinarrizko auzi humanoetan posizioa hartzera. Nahikoa lan gehienetan min horientzako aringarriak bilatzen ahots propiorik eratzeko; are, hitz jarioa besteen kontrako arma gehiegitan, norbere minaren aringarri.

Horregatik, berriro hitz egiteko premia. Behin eta berriz erabilitako hitzak galdekatu eta arakatzekoa, iruntzira jartzekoa, esanahi berriak ematen ahalegintzekoa. ahots propiora hurrera daitezen. Gutako bakoitzaren ahotsaren bilaketatik sor daitekeelakoan kontaketa sorta sendagarri bakarra. Hona nirearen abiaburu bat.

Mina. Auzokoak etxetik eraman ditu Poliziak, gauez eta sirena hots artean, nire aita bezalako gizon bat, nire ama bezalako andre bat; haien semeak (ahizpa eta ni bezalako bi haur) umezurtz irudikatzen ditut, gure etxekoa bezalako korridore ilunean. Txiki, Otaegi, Sanchez Bravo, Baena, Sanz margotu dute parke ondoko horman; egunsentiaren zain ageri zaizkit amesgaiztoetan. Jose Maria Ryanen bost seme-alabak, ni bezalako 5 haur, telebistako pantailatik niri begira, aita aska dezatela eskatuz; alferrik. Alberto Muñagorri adinkideak ostikoa eman dio jolasean poltsa bati, eta bonba batek hanka jan dio. Yoyesen seme Akaitzek «amatxo non da?» galdetzen dio aitari. Poltsaren itolarria zer den lehen pertsonan kontatu dit lagunak, itomena gorputz egin zait. Hipercor. Amaitu ezinezko bidaia adiskidea 40 minutuz ikusteko. Miguel Angel Blancoren soa lehen orri guztietatik niri begira. Nekane Txapartegi: «Lauren artean biluztu eta bortxatu naute». Joxemari Korta. Makrojudizio eta hipersarekada, beldurraren sozializazioa nonahi. Martxelo Otamendi: «Arratoiak bezala tratatu gaituzte». Isaias Carrasco. Inaxio Uria. Gari asteburu osoz errepidean ama eta aita ikusteko. Xabier Rey... Hona nire minaren funtsa, Arestik nik oraindik ETA zer zen ez nekiela azaldua: «Etarren amek/ asko sufritzen dute/semeak hiltzen dizkietenean eta batez ere/semeek hiltzen dutenean...».

Indarkeria. Badaitort, nire onetik ateratzen naute bi lelo hauek: Gaitzesten dugu indarkeria, datorren lekutik datorrela eta Indarkeriarik ezean, dena da posible. Nire onetik ateratzen naute gezur ebidenteagatik (begira Siria, Euskotreneko Hendaiako geltokian migranteentzako jarritako kontrolak, Katalunia...), herritarrok tontotzat hartzen gaituztelako, eta gezurra agerian uztean, diskurtso hegemonikoaren tranpa dialektikoa delako indarkeriari buruzko pentsamendu bidezko eta demokratikoagoa (eta, batez ere, praktika) lañokeria ezinezkoa dela sinetsaraztea.

Ñabardura. Edo nire alde/edo nire kontra dinamika banderizoak horixe ebatsi digu: ñabardurak ezartzeko eskubidea ez ezik, gaitasuna ere bai. Ñabardura denean norberetasuna burujabetzaz eratzeko oinarrizko tresna. Demokrazian sakontzekoa.

Ez-patriarkala. Horra hor, ETAren azken agiriaren berritasun nagusia. Barru-barrutik datorkidan galdera: erakunde horren erabateko militarizazio sufrimendu luzatzailearen dinamika zenbateraino ez ote du eragin muinetik patriarkala izateak? Munduaren ikuskera testosteronikoak?

Inoiz. ETAk ez ei zuen inoiz sortu behar. Horra kontakizun hegemonikoaren giltzarria. Baina inoiz sortu behar ote zuen Erresistentziak? Bereiz ote daitezke egiazki borroka antifrankista eta ETA? Posible ote da eztabaida sendagarri bat galdera horiek planteatzea bera ere delituaren ertzean jarri dutenean? Ukazioa ez ote da halakorik inoiz berriro gerta ez dadin bermatzearen kontrako arma?]]>
<![CDATA[Tabuari heltzeko garaia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/018/001/2018-04-21/tabuari_heltzeko_garaia.htm Sat, 21 Apr 2018 00:00:00 +0200 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1955/018/001/2018-04-21/tabuari_heltzeko_garaia.htm
Kosta zait, ordea, galderaren zentzuaz ohartzea: «Nongoak dira Siria bonbardatu duten frantziarrak?»... «Nongoak izango dira ba? Frantziakoak!». Jainkotara jolasten duen gurasoaren bizkortasun tautologikoa. Baina, jakina, ezetz, ez dela hori... isiltasun hutsarteen ostean joan da galdera segida osatzen: ea Frantzian nongoak diren... esaterako, Ipar Euskal Herria Frantziaren meneko denez ea euskal herritarrik ba ote dagoen, Baionakorik, kasu. Edo Donibane Lohizunekorik, Azkainekorik, Urruñakorik... eta, asaldura bereziz, ea Hendaiakorik, gure herrikorik, baden. Horrela, azken galdera larrira heldu arte: «Ama, guk ezagutzen dugun inor ba al da Siria bonbardatu dutenen artean?».

Orduan jabetu naiz kezkaren nondik norakoaz, non kokatzen den mundura handitzen ari den buru txiki horri hainbesteko bazka eman dion espantua: pentsatzean egunero agurtzen duen bizilaguna, edota piszinan irribarre zabalez kasu egiten dion auzokidea, izan daitezkeela bonbardatzaileak. Azken batean, ulertzean mina, erasoa, kaltea, gaitza, hilketak, bortxa, gerra... ez direla gutaz aparteko pantaila eta eremu lausoetan gertatzen, baizik eta gure gorputz zehatzetan. Alegia, gu bezalako jende eta gorputzak direla min, eraso, kalte, gaitz, hilketa, bortxa eta gerren pairatzaile. Geu izan gaitezkeela. Are eta asaldagarriago: gu bezalako jende eta gorputzak direla sarraski horien egile. Geu izan gaitezkeela.

Behin ondorio horretara helduta pentsatu dut umeak zoragarriak direla, eta, zorionez, haiengan geratzen dela halako batean helduok esnezko hortza balitz bezala galdutako bihotz garbitasuna, zeina gero eta argiago dudan dela egiazko buru argitasunerako baldintza. Halaber, pentsatu dut alabaren pasadizo hori abiaburu egokia dela egun eta hemen dugun pentsagai premiazkoenetako, eta halaber, azkenaldiko taburik handienari heltzeko: indarkeriaren auziari. Helduleku bikaina dudala, besteak beste, mahai gainean jartzeko nolako erraztasunez onartzen ditugun urruneko eta, batik bat, «bestelakotutako» leku eta jendeen sarraskiak, gure etxe atarietan migratzaileen ehizarako jarritako indar armatuen kontrolak, halakoetan bortxarik ez ikusteraino. Aldiz, zenbaterainoko otzan hartzen dugun Altsasukoaren pareko taberna bateko liskarra ia-ia gizateriaren kontrako krimentzat jotzea edota Kataluniako desobedientzia zibileko praktikak terrorismotzat. Horrenbestez, artikulu honen ildoa erabakita jarri naiz ordenagailuaren aurrean, arestian aipatutako horri denari forma ematera.

Eta orduantxe ikusi dut ETAren agiria. Orduantxe orain 40 urte nintzen ume haren oroitzapenak hartu nau, lo hartu aurreko unean min, eraso, kalte, gaitz, hilketa, bortxa eta gerraren hurbiltasunaz ohartu zen harenak. Nire gorputz txikian sentitutako espantuarenak: poliziek tirokatuta hildako hurbilekoarenak, komisariatik pasa ostean gorputza ubel etorritako senide eta lagunenak, beldur eta debekuenak. Baina, batez ere, neure inguruan, neure gu-an, ETAkoa nor ote zen larriduraz pentsatzen zuen haurrarenak: min, eraso, kalte, gaitz hilketa, bortxa eta gerren egile sentiarazten ninduen, eta, era berean, neure eta ulergarri zitzaidan.

Inoiz baino argiago sentitu dut: indarkeriarena dugu egun taburik handiena, eta, horrenbestez, indarkeriaren gainekoa dugu eztabaida zintzo eta, batik bat, libre, premiazkoena. Inoiz berriro gertatuko ez bada.]]>
<![CDATA[Pozari eusteko galderak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/024/001/2018-03-17/pozari_eusteko_galderak.htm Sat, 17 Mar 2018 00:00:00 +0100 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1955/024/001/2018-03-17/pozari_eusteko_galderak.htm spinning-eko klasean, ospitaleko korridorean, tabernan, irakurle taldean... Poza da Martxoaren 8az ari garela gure ezpainek behin eta berriz ebakitzen duten hitza, aspertzeke, maizteko kezkarik gabe. Poz ikaragarria eman baitigu, ezustean, kalean elkarrekin topo egiteak, elkarren ondoan gaudela jakiteak, aurretik amona, ama, ahizpa, alaba, laguna, ezaguna, ezezaguna, eta, are, aurkaria, ikusten genuen lekuan gogaidea sumatzeak, kidea atzemateak. Poz senezkoa, gardena, elaborazio eta sofistikaziorik gabea, erraietakoa. Indartzailea.

Eta pozak, zorionez, ez dizkigu galderak eragotzi. Ezta handienak ere. Esate baterako, zer gertatu ote den eklosio honetarako. Ez da erraza erantzun osoa, baina baditugu zio posible batzuen zantzuak: adibidez, mugimendu feministaren hamarkada luzeetako lana, agenda soziopolitiko ekonomiko eta kultural handiek periferian kokatu arren, temoso aritu dena, atertu gabe. Hankaz gora jarri duena politika beraren ulermena, hain zuzen ere, erakutsiz zuztarreko eraldaketen funtsa ez dagoela ohiko epika arranditsuetan, baizik eta egunerokotasuneko bizipenetan, kale bazter, sukalde, logela eta komunetan.

Irakatsi duena eraldaketaren funtsa dagoela norbanako bakoitzari jakituria, irizpidea eta erabakimena aitortzean; teoria oro-hartzaile eta zurrunetatik harago, bizi praktiketan, norbanako bakoitzari ahotsa eta agentzia ematean. Eta horretan oinarrituta, proposatu duena greba eta protesta olde bat bakoitzak bere irizpide eta erabakimenaren arabera zizelka zezakeena, eskuin zein ezkerreko politikari hegemonikoen augurio beltz eta kontrol nahiei erronka joz. Azken batean, sinetsi duena emakume, talde edota herri bakoitzaren egiteko, eta, batez ere, ondo egiteko gaitasunean.

Pozak eragotzi ez digun beste galdera bat: zergatik kasu honetan ere Bidasoa izan den arrakala bat, zergatik izan da Ipar Euskal Herrian errekastoa Hego Euskal Herrian uholde izan dena? Edo, gurea bezalako errealitate azpiratuan, zuzenago, galdera horren gaingaldera: zergatik izan da Frantzian hain txikia eta Espainian hain erraldoia? Ez da erraza erantzun osoa, baina bateko zein besteko adiskideekin urgentziazko kontrastea eginda, hona bi hari mutur posible: batetik, azken urteetako dinamika mediatikoaren eraginez, Espainiako Estatuan, eta, ondorioz, Hego Euskal Herrian emakumeek erabat geure egina dugula erasogarritasuna; emakume gorputz izateak indarkeria matxistaren jopuntu pribilegiatu egiten gaituela haren adierazpen guztietan. Aldiz, Frantziako dinamika mediatiko, sozial eta politiko nagusian emakumeen kontrako egiturazko indarkeriak ia ez du agerpenik, ez da izendatzen eta diagnostikatzen, norbanako eroen kontutzat hartzen dira halakoak, etxekoen arteko aferatzat gehienetan. Badago beste edonon bezainbeste, baina ez da.

Bestetik, Frantziako Estatuan administrazioaren zerbitzu eskaintzaren ildotik, eta, halaber, jendarte loturen lausotze goiztiarragoaren ondorioz, emakumeek beren gain sentitzen duten zaintzaren zama, ziur aski, arinagoa da eta laburragoa denboran besterik da, eta beste eztabaida luze baterako bide, jendarte indibidualizatuago batetatik eratorritako zaintza eredu horrek bizitzaren alde edo kontra egiten duen, hots, xede feministen alde edo aurka.

Nolanahi dela, nago arestian aipatutako bi hari mutur horiek baita ere baliagarri direla Martxoaren 8 eder honetako eklosioa ulertzeko: nago emakumeen kontrako egiturazko indarkeriaren bizipen kontzientea beldur eta gertagarritasunaren forman ere jada bortxa baita, eta zaintza lanaren derrigortasun eta gutxiespena izan direla orain arte geure buruak elkarren hain arrotz bizi genituen milaka emakumek feministak garela batera aldarrikatzeko. Hau da, bizitza erdigunean jartzen duten bi ardatz, eta bizitzaren alde egingo badugu egungo antolaketa politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala zuztarretik eraldatzea eskatzen digutenak. Desberdinkeria zehatzak konpontzetik harago, horixe baita feminismoa: bizitza lehenestea.

Horixe partekatu dugu Martxoaren 8ko uholdean, horrek txertatu digu behazuna arintzerainoko poza.]]>
<![CDATA[Ipuin bat grebarako]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2018-03-03/ipuin_bat_grebarako.htm Sat, 03 Mar 2018 00:00:00 +0100 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2018-03-03/ipuin_bat_grebarako.htm
Emakumezkoak gizonezkoak baino kaskarragoak ei ziren: ipurdi handiak zituztenez korrikan motelak, besoetan giharrik ez zutenez indarrik gabeak, sentimentuz beteak zirenez buruz tuntunak... Eta, batez ere, ebidentzia bat zen, salbuespen gutxi batzuk apartatuta, ez zutela taxuzko gauzarik egiten: ez trenik, ez autorik, ez etxerik, ez gobernatu, ez gobernatzaileen kontra altxatu, ez futbolean jokatu, ez meategietara jaitsi, ez makina berririk asmatu. Salbuespen gutxi batzuk apartatuta, goxoan goxo bizi ei ziren andreak, etxeko epelean, lan izendatzea merezi ez zuten gauzatxo batzuk egiten, ia-ia zer suma: lau gauza garbitu, otordu erraz bat gertatu eta amonarekin berriketan jardun.

Idoiak gogoan du nola irakasleak moztu zuen zalaparta, eta nola hartu zien kargu mutil-oilarrei. Nola esan zien baietz, egia zela, salbuespen gutxi batzuk apartatuta, ia ez zegoela trenak, autoak, gobernuak, kontragobernuak... egiten zuen emakumezkorik, baina ez zela gaitasun kontua, baizik eta hezkuntza zein aukera arazo bat, andrazkoek mendeetan debekatua izan zutelako hori guztia. Ikusiko zutela nola itzulikatuko zen hori dena urte batzuen buruan. Neskek txaloka eskertu zuten irakaslearen esku hartzea, eta beren buruari agindu zioten beren amez bestelakoak izango zirela.

Idoiak gogoan du nola lipar batez ama etorri zitzaion burura: nola une hartantxe garbantzuak izango zituen eltzean, oheak egin, etxea oreatu, arropak eskegi, mopa pasatu, neba txikiari pardela aldatu, aitonari gosaria eman, jantzi, garbitu eta enkarguak egiten zituen bitartean. Pentsatze hutsarekin hotzikara eragin zion amaren abelerak. Pentsatu zuen hori guztia batera egiteko jakituria, kalkulu eta antolaketa izugarria behar zela. Pentsatu zuen lanik bazen horixe zela lana. Pentsatu zuen, baina ez zuen esan; eskolan ikasitako guztiak kontrako ondorioetara zeramanez, pentsatu zuena tontakeria zela ondorioztatu baitzuen.

Idoiak, gerora, jakituriaren zorua eman dio orduko pentsamendu hari. Ez dira alferrik mundua bestelakotu duten 40 urte pasatu. Bere ezagutzaren parte egin du ulertzea egungo jendarte antolaketaren oinarria dela lan erreproduktiboa ezkutatzea eta baliogabetzea, lana dela ukatzeraino. Hots, zaintza lana, eta haren ardatz diren emakumeen ekarpena kontsiderazio sozioekonomiko eta politikotik ezabatzea.

Idoia, egun, irakaslea da eta debaterako gaia jarri die neska-mutiko nerabeei. Egun matxismorik ba ote dagoen galdetu die. Arreta berezia jarri du hitza hartzeko txandak orekatuak izan daitezen. Baina segituan berotu da giroa, eta, ohartu denerako, mutil oilarren bozak nagusitu dira gelan. Diote matxismorik ez dagoela, gertatzen dena dela neskak ahulagoak direla, eta horren froga gauza inportanteak, batez ere, gizonek egiten dituztela: kiroletako munduko marka handiak, trenak, autoak, etxeak, gobernuak, kontragobernuak... Arropa nork garbitzen dien galdetu die Idoiak, afaria nork prestatzen, etxea atontzen, gaixorik daudenean zaintzen... «Amak», erantzun dute gehienek. «Amonak», beste askok. «Aurorak», «Helenak», «Jennik», besteren batzuek. «Aitak eta amak», «aitona-amonek», bakarren batek. Galdetu dienean ea ez ote diren horiek direnik eta lanik garrantzitsuenak algaraka hartu dute.

Klasetik irtetean aspaldiko lankide eta lagun irakaslearekin topo egin du Idoiak korridorean. Betidanik ezkerreko militantzian engaiatutako pertsona da, hamaika egitasmo eta mugimendutan parte hartzen duena. Leun gerturatu zaio Idoiari, eta, isilik baina ozen, errieta hauxe egin dio: «Ez dut hau jendaurrean esango, baina, benetan diotsut, eta badakit zer esaten ari naizen: gizonak deialditik kanpo utzita hanka sartzen ari zarete».

Ikastetxeko gimnasiora sartu da Idoia, grebarako batzarra han egingo dute eta. Atezaintzan lan egiten duen Itziarren eta garbitzaile aritzen den Aminaren artean aurkitu du esertzeko lekua. Arnasa hartu du.]]>
<![CDATA[Euskalkiak, batua eta eskizofrenia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/018/001/2018-02-17/euskalkiak_batua_eta_eskizofrenia.htm Sat, 17 Feb 2018 00:00:00 +0100 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1955/018/001/2018-02-17/euskalkiak_batua_eta_eskizofrenia.htm ni-rik azalaraztea, baizik eta bizimoduak kateatutako ni zamatsuei izkin egin eta berriak entseatzea. Horregatik gertatzen dira bestela, egunerokoan, ezinezkoak diren bizipen eta enkontruak. Adibidez, taberna zulo batean, mozorroen anparoan, irakasle batek eta ikasle batek beren buruak berdinduta ikustea; are, muinean harreman hori definitzen duen boterearen noranzkoa itzulikatutzea, eta irakasleak ikaslearen aitortza-lezio-errieta jasotzea.

Itzulikatze horietako batean azaldu dit Gipuzkoako oso eremu euskaldun bateko oso ikasle euskaldun batek beldurrez eta amorruz bizi duela euskara batua. Beldurrez, estandarrean ez moldatzeko kezkagatik komunikazio arloko unibertsitateko ikasketak gazteleraz hasteraino. Amorruz, hasierako hautua zentzugabea iritzita, euskarazko lerrora itzuli denean, irakasleren batek kalifikazioa jaitsi diolako noizbait jendaurreko aurkezpena estandarrean ez egiteagatik. Halaber, agertu dit betidanik etxean zein kalean euskara duela hizkuntza nagusia «bueno, euskalkia», zehaztu du, eta eskolan «piskanaka» ikasi duela batua «bueno, idazten, hizketan sekula ez». Inor estandarrean aritzera behartzea askatasunaren kontrakoa dela azpimarratuz bukatu du aitortza-lezio-errieta. «Demokraziaren kontrakoa», azken epaia.

Enkontru horretatik ordu gutxitara, aspaldi ikusi gabeko lagun batekin egin dut topo. Sortzez Gipuzkoako oso eremu euskaldun batekoa hura ere, baina urte asko daramatzana Bilbon, eta alaba han ari dena hazten. Hain justu, alaba nerabezaroa estreinatzen ari dela kontatu dit, bere burua eraikitzen eta definitzen sumatzen duela: feminista omen, bereziki oso sentibera arrazakeriarekin... hots, lagunarentzat eta biontzat pozerako motiboak. Baina ezpainak zertxobait okertu eta honako hau erantsi du: «Euskaldun izatea, ordea, gorabeheratsu zaio. Batuaz aritzea, tira... baina euskalkian... guk etxean euskalkian egiten dugu, baina kanpoan neuri ere ez dit lagatzen. Lotsatu egiten da, gehiegizko euskalduntasuna erantsiko balio bezala».

Lagunaren azken azalpenekin gertatu da sinapsia nire burmuinean. Euskalduntasuna, edo, zehatzago, euskalduntasunaren eraikuntza posibleen arteko talka da, orain 50 urte Arantzazun batuaren inguruan izan zen bataila odoltsu hartan bezala oraingo euskalkia vs batua revival banderizoaren muinean dagoena. Euskalduntasun posibleen talkak, egungo gazteetan haragi eginda.

Izan ere, bere testuinguru soziolinguistikoa aintzat harturik, nago aitortza-lezio-errieta egin didan ikasleak eskolan ikasi duela gaztelera bai, kalean ere bai, baina, batez ere, eskolan. Nago ahalegin handi bat egin duela hizkuntza hori bere egiteko, eta unibertsitate ikasketak hastean batuak adinako beldurra eragiten ziola gazteleraz moldatu beharrak. Nago inposatu egin zaiola gaztelera, gaztelera estandarizatu bat, objektu zuzenez, zeharkakoez, v-z, b-z, eta tildez josia. Baina, nago inoiz ez duela bizi izan hori guztia ahalegin moduan, are eta gutxiago, askatasunaren kontrako zer gisa, inola ere ez demokraziaren kontrakotzat. Nago inoiz ez duela amorrurik sentitu acabau esan eta acabado zuzendu diotenean, edo bere s eta r gogorrak burlaize barkaberaz hartu dizkiotenean.

Halaber, nago oso euskalduntzat duela bere burua, ez daukala euskara saltzeko. Gehiago oraindik: mirariz XXI. menderaino iritsi den izate partikular, berezi eta bitxi baten gordailutzat daukala bere burua, halakotzat dituela ingurukoak. Eta izate horri eustea premiazkoa zaiola, finean, bere buruari eustea delako. Eusten diola etxean, lagun artean, kuadrillan, herrian... Baina, nago sentitzen duela beste izate baten premia: orokorragoa, noranahikoa, mundurakoa, unibertsala. Eta nago hori gazteleran bilatu duela, ustezko neutraltasunaren tranpan, hizkuntza horrekin duen harremanaren nolakotasunaz inoiz bere burua galdekatu gabe.

Era berean, nago euskalkiari «euskalduntasun gehiegizkoaren» marka eransten dion Bilboko nerabea, batua tolerableagoa zaiona, partikularitate zehatz hori astindu nahian dabilela, orokorraren, noranahikoaren, munduaren eta unibertsalaren bila. Eta, jakina, batuaz harago gazteleran aurkitu duela hark ere.

Hau da, bi gazteok txanpon beraren bi aldeak baino txanpon beraren alde bera direla, eta, horrenbestez, euskara vs euskalkiak eztabaida menderatutako hizkuntza eta herri bateko hiztun eta herritarron jardun eskizofrenikoak sortutako falazia.]]>
<![CDATA[Eta euskara Prozac-a bada?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2018-02-03/eta_euskara_prozac_a_bada.htm Sat, 03 Feb 2018 00:00:00 +0100 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2018-02-03/eta_euskara_prozac_a_bada.htm
Zer pentsa handia eman dit Gorrik deskribatutako gertaerak, iruditzen baitzait neurri batean hankaz gora jartzen duela euskaltzaleon zentzu komunean txertatuta dagoen sineste sendoenetako bat: euskarak etorkizunik izango duela baldin eta moderno, unibertsal eta aurreratu izendatzen den horrekin bat egiten badu, partikularitatea eta folklorekeria bazter utzita. Hots, surf, skate eta teknologia berriekin. Hor egiten dela erakargarri, seduzitzaile. Zer pentsa handia eman dit, eta zer pentsa zurrunbilotsua, gaitza baita, inondik, hainbeste denboran norberaren baitan habia gozoa egindako sinesteei kanporatzeko agindua ematea.

Horregatik, neure buruari esan diot erreparatzeko Baiona, Angelu eta Miarritze salbuespenezko guneak direla ia: biztanleen %8k baino ez dakitela euskaraz, erabilera %2koa besterik ez dela, turistifikazioan iltzatutako eredu soziekonomiko eta politikoaren bidez akulturizazio prozesua basatia izan dela, eta, horrenbestez, bizimodu hiritar garaikideak bere dituen komunitate galera, indibididualizazio eta bakardade sentipenak gordinak direla han. Gorrik berak aipatu zuen nola orain haurrei euskara ematen tematu diren guraso horietako gehienek ez dakiten euskararik, baina haren bidez kultura bat, identitate bat, funtsean, bizitzan errotzeko aingura bat eman nahi dietela alaba eta semeei. Eta ohiturak, tradizioa, nortasun hori eraikitzeko lanabestzat dituztela.

Kontua da nire burmuin inertziaz Erdigunean zentratuari kosta egiten zaiola askotan salbuespenezko gunetzat ditudan horiek salbuespen bainoago arau direla ohartzea. Ondorioz, esaterako, Bilbo Handian sumatutako Olentzeromania edota ikurrinfanatismoari folklorekeriatik eta hutsaltasunetik haragoko esanahirik ematea.

Eta auzia bada euskararen etorkizuna lotuago dagoela aurremodernotzat jotzen ditugun identitate osaketarako ezaugarriekin moderno, aurreratu eta unibertsal izendatzen ditugun horiekin baino? Edo, gutxienez, batetik adina behar duela bestetik XXI. mendeko Mendebalde zuri honetan ni bakartira kondenatutako jendeon hutsune eta premiak asetzeko?

Eta behin galdera arriskutsuak egiten hasita, egunotan amildegiaren ertzeko bihurtu den gaiarekin ausartuko naiz... Bai, Iñigo Martinez futbolariak Realetik despeditzeko agiria Ondarroako hizkeran plazaratu izanaren ondorioz euskalki /euskara batuaren inguruan lehertu den eztabaida sutsu ez ezik banderizo tankerakoarekin... Alegia, Angeluko guraso batek mitologian, Portugaleteko beste batek tritikitian eta Azkoitiko gazte batek bere euskalkia muturreraino eramatean bilatzen duena gauza bera badira? Norbere buruari zentzu bat, nolakotasun bat, munduan leku bat, identitate bat, eman ahal izateko erreminta bat?

Zygmunt Bauman soziologoak begi zoliz antzeman zuen garaiotako jendeontzako, gutako bakoitzarentzat, lanik handiena izango zela norberatasuna, identitatea, eraikitzea; jaio eta hil bitartean garen honi zentzu bat ematea. Beharbada, hasi behar dugu pentsatzen euskarak herria eraikitzeko argamasa beste izan behar duela arimak osatzeko Prozac-a.]]>
<![CDATA[Beste kontakizuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2018-01-20/beste_kontakizuna.htm Sat, 20 Jan 2018 00:00:00 +0100 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2018-01-20/beste_kontakizuna.htm #MeeToo mugimendu/gertakariaren egiazko dimentsio eta esanahiak; hots, milaka emakume ahotsa ozendu, gorputz jarrera boteretu, eta gizonengandik sexuari lotutako gehiegikeriak jasan dituztela salatzen aditzearenak.

Dudak astindu, eta ausartuko naiz esaten oso sakoneko gertakariaren zantzuak sumatzen dizkiodala, mundu esaten diogun Mendebalde honetan bederen; sakoneko aldaketa ekar dezakeela emakumeen eta gizonen arteko harremanen eredura, hau da, gure jendarte antolaketaren oinarri nagusietako batera. Izan ere, ez dezagun ahantz #MeeToo zehatzetik gaindi, haren soka bereko hamaika gertakari izan direla, baita hementxe gertukoenean ere: askotariko bortxaketa eta abusuen salaketa publikoak, Ez, ezetz da! leloaren hedatzea ez ezik instituzionalizatzea... Azken batean, normaltasunaren estalkipean neutralizatuak egon diren ekintzei bestelako izenak jartzen hasi dira milaka emakumezko: kontatzen gogoz kontrara igurtzi dituztela tabernetan, felazioak egitera behartu dituztela bulegoetan, indarra erabiliz zakilkatu dituztela kale kantoi ilunetan ez ezik etxeko ohantzeetan... Eta hori guztia guztia gehiegikeria dela, abusua, bortxa.

Nago, pixkana, emakume eta gizonen arteko harreman ereduari buruzko narrazioan beste kontakizun bat ari dela sortzen, hein handi batean, feminismoaren urteetako ekarriari esker. Hau da, ipuina aldatzen ari dela, eta jada ez duela balio gizon etengabe zein mugaezinki sexu desiratzailearen, sentimentalki murritz eta ekintzaz aktiboaren pertsonaiak. Kontrara, emakume desiraz ernagaitz, maitasun sentimenduz gainezkatu eta ekintzaz pasiboarenak balio ez duen bezala. Kontakizunaren gatazka garaia honetan ere.

Alde horretatik esanguratsua da Catherine Deneuve eta Catherine Millet buru direla Frantziako iritzi publikoan ezagun diren ehun emakumek #MeToo-aren kontra plazaratu duten argumentazio ildoa, bete-betean bat egiten baitu arestian deskribatu ditudan pertsonaiek josten duten narrazioarekin. Nola uler daiteke bestela gizonek emakumeak «nardatzeko askatasuna» dutela aldarrikatzea eta hori sexu-afektuen inguruko jolasekin lotzea? Ez da dudarik, aldaketek beti azalarazten dituzte erosotasun/deserosotasun ispiluak, erresistentziak, eta beti izaten dira bihurgunetsuak.

Eta gizonek, zer diote gertatzen ari denaz? Feminismoak aspaldi irakatsi zigun ez dagoela emakumea esaterik, emakumeak behar duela beti, askotarikoak garen heinean. Printzipio berak balio du, jakina, gizonentzat. Horregatik, badira batzuk bortxaren defentsan gotortuak, hitzez zein ekintzaz bai, errepasatu bestela Interneteko eztabaida foroak, errepasatu hemerotekak. Badira beste batzuk eraso zehatzak gaitzetsi, baina arazoari dimentsio sozialik ikusten ez diotenak: gizatxar batzuen kontura mugatzen dutenak. Eta badira beste batzuk kokapen zabalagoa egiten dutenak, kontakizuna aldatzen ari dela ez ezik aldatu beharrekoa dela sumatzen dutenak. Baina horietako asko aztoratuta sentitzen ditut isilpean, funtsean, gertakari/mugimenduaren sakonean salaketa dagoenez, kikilduta, mesfidati. Ez da harritzekoa, kontakizun batetik besterako bidean gaude, tarteko eremuetan, ziurtasunik gabeko lur dardartietan.

Topikoak dio sexuaz ez dela hitz egin behar, praktikatu baizik. Une honetan, ekintzarik eraldatzaileenetakoa kontrakoa delakoan nago: sexuaz hitz egitea, emakumeek eta gizonek, maitaleek, lagunek eta ezezagunek, norberaren bizipen, min, gozamen eta desiren berri emanez, biluzik. Eta, batez ere, parez pare. Kontakizun berria denon plazer, ongizate eta askatasunerako izan dadin ez ezik, kontakizun horrek jendarte antolaketa justu eta demokratikoagoaren oinarriak jar ditzan.]]>
<![CDATA[Txapelketa, gure inurritegi hori]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/026/001/2017-12-23/txapelketa_gure_inurritegi_hori.htm Sat, 23 Dec 2017 00:00:00 +0100 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1955/026/001/2017-12-23/txapelketa_gure_inurritegi_hori.htm
Handitzean, zaletasun hark bestelako forma batzuk hartu ditu nigan. Mundua ahalik eta ulergarrien eta zentzudunen egiteko premiaz itzartzen naiz egunero, nahiz eta ia egunero derrotatuta hartzen dudan lo. Horregatik, bertsolaritza hutsak eragiten didanaz aparteko arretaz eta interesez segitu ditut Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ingurukoak, inurritegi horri begiratzeak hurbileko mundu txikiak bezala Mundua, larriz eta orokorrean, atzemangarriago eta ulergarriago egin diezadakeelakoan.

Guztiz bat bainator joan den igandeko final handiaren ostean Kattalin Minerrek Argia-n idatzitakoarekin: hau da, BECen, eta, oro har, txapelketan, erabaki dena ez dela soilik nork egiten duen bertsotan ondoen. Aitzitik, hori baino askoz gehiago dela: kontsentsu kultural bat ebatzi dela, hizkuntz estandarrak ezartzetik balio soziokulturalak finkatzerainokoa. Laburbilduz, komunitate baten autoidentifikazio eta autoerrekonozimendurako zumeak zeintzuk diren erabaki dela.

Jakina, komunitate hori zein den zehaztea ez da gauza erraza. Aipa nitzake BECera hurbildu ziren 14.600ak eta etxetik pantaila bidez segitu genuen 300.000k (gutxienez). Baina sarritan datuen ordez irudikapenek ematen duten zehaztasun zehazgabekoan askoz ere zehatzagoa iruditzen zait Maialen Lujanbio txapeldunak agurreko bertsoan egin zuen marrazkia: «(...) hain handi dirudien hau/ hain txiki hormaz bestalde/ hemen hizkuntza hain sendo/ hor kanpoan hain ahalge/ herria trinko egin nahiz/ trinko diot, ez artalde/gu ere hala baikara/bakarkako eta talde/ (...)». Maistraren hitzetan komunitate hori zein den ederki ulertzen delakoan nago.

Eta zer adostu da? Argiki, modu esplizituan, eta aho batez, arestian aipatutako Lujanbio dela kontsentsuaren muina. Eta ez da gauza hutsala egunotan behin eta berriro azpimarratu den bezala jendartearen bazterrak erdigunera ekartzen dituenaren ahotsa lehenestea; hots, Lujanbioren begirada, moldea eta ekarpena. Ertzak bilatzearen senetik, jarduera kritiko eta autokritikoz, autokonplazentziatik eta dogmatik urruntzen gaituen pentsamendu moldea jartzea ardatzean. Garai berriak. Beste nonbaitetik gatoz, dudarik gabe. Inurritegia Mundu laburtua dela kontuan izanik, ordea, autokonplazentziatik ihes eginarazten didan galdera hau sortzen zait: kontsentsu horrek ez ote du baita ere Lujanbiok nahi lukeenaz oso bestera likidotik gaseosora doan Munduaren kutsurik? Hau da, kontraesana eredu eta erlatibizatzea dogma eginik hautua eta askatasuna norberaren buru eta gorputzera makurtzetik?

Baina bestalde, adostu denak adina esaten du lortu den kontsentsuari buruz adostu ez denak. Edo gutxienez, adostasunera iritsi aurretik izan den tentsioak. Alde batean, Twitterren hainbesteko arrakasta izan duen Patxi Bakallo trollaren eta, askoz esparru zabalagoan, haren ildoan dabiltzan asko eta askotarikoen inkorrekzio errebolta kokatuko nuke. Bestean, emakumezkoen kristalezko sabaiaren auzia. Eta zer diren gauzak, ezin ditut biak bereizita ikusi: hari fin eta lurpekoz bada ere, bata besteari tinko lotuta sumatzen ditut, soka beraren bi mutur. Patxibakallotarren erreboltak inkorrekzioarena bainoago autentizitatearen eta esentziaren lurrinak baitakarzkit, horrek esan nahi duen guztiarekin. Autentizitateak, bertsolaritzan bezala jardun publiko guztietan, gizona, maskulinoa baitu eredu bakar, ezinbestean. Non bilatuko du emakumezkoak benetakoa, naturala? Edo gure inurritegiaren ezaugarriei erreparatuta, non euskaldun berriak, edo ez eremu euskaldunekoak, edo hiri eremukoak?

Letra larriz idazten den Mundu horretan umoreari edo sormenari galga ei zaizkio feminismoaren begiradatik egindako ekarpenak. Halaxe esaten dute inkorrekzioaren banderariek. Letra larriz idazten den Mundu horretan kuotaz eta barkaberatasunaren ondorioz ari ei dira emakumezkoak bideak urratzen. Halaxe esaten dute diskurtso politikoki zuzenaren aurkako gerlariek. Halaxe geure inurritegian ere?]]>
<![CDATA[Alabaren galderak eta ateoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2017-12-09/alabaren_galderak_eta_ateoak.htm Sat, 09 Dec 2017 00:00:00 +0100 Idurre Eskisabel https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2017-12-09/alabaren_galderak_eta_ateoak.htm
Baina batez ere gorputzean eta gorputzaren bidez sentitzen dut alabaren izua, ilunpean gauden arren normalean baino harago ikusteko senez zabal-zabalik sumatzen dizkiodan begietan, beso eta ukabilen uzkurduran, arnasa eteten dion hasperentxoan. Eta une horretan nahiko nukeen arren pitzadurarik gabeko salbazio ohola izan, izua kutsatzen zait niri ere, ohikotan bestelako hamaika kezka geruzaren azpian ondo gordeta daukadan beldurra. Izu horrek lotzen nau inoiz izan nintzen ume hartara, zeinak «denok hilko al gara?» galdetzen zuen amaren gorputzera itsatsirik.

Nolanahi ere, jakiten dut nire pertsona heldu mozorroari eusten, eta dardararik gabeko eskuz laztantzen dut alaba, behinola amak laztantzen ninduen modura orain, ohartu naiz, esku haien laztanean ere larridura bera zegoela. Halaber, noizbait amak niri adinako ahots sendoz erantzuten diet alabaren galderei, nahiz eta hitz diferentez, batik bat, hiltzearen ondorengoari eta bizitzaren zergatiari dagokionez. Nire azalpenetan ez baitago jainkorik, ez haraindikoaz itxaropenik, norberaren zein besteen memoriaren azpimarra eta maitasunaren aldarrikapena ez bada. Eta, hala eta guztiz, une horretan inoiz baino hurbilago sentitzen dut ama, eta baita haren ama ere, eta haren ama... hitz eta eduki ezberdinez bada ere, larritasun berari ari gatzaizkiolako erantzuten, auskalo noiz hasitako soka luzean. Are, esango nuke, garaiek, ideologiek, jendarte antolaketa eta bizi praktiken aldaketak gure pentsaera, sinesmen, bizi ohitura, emozioen antolaketan, eta, batez ere, hitzetan iltzatutako ezaugarriez gaindi mami berdintsuz.

Egunotan nire bueltako Twitter eta Facebooketan honako albiste hau ibili da bolo-bolo: Islandian aurreneko aldiz erabat ateoa den belaunaldia sortu dela. Xeheago: iazko urtarrilean argitaratu zuten inkesta baten arabera, ez dago 25-44 urte bitarteko islandiarrik izadiaren sorreran inongo jainkok esku hartu zuela pentsatzen duenik. Nire bueltako Twitter eta Facebookek txaloz hartu du albistea, goraipatuz islandiarren aurrerapena, eta, bide batez, deitoratuz, euskal herritarron atzerapena, nonbait, oraindik, asko direlako gurean sinestunak, batik bat, kristau-katolikoak.

Niri, berriz, galderak sortu zaizkit. Era askotakoak. Adibidez, egia al den gurean hainbeste direla fededun kristau-katolikoak erlijioa bizimoduaren ardazle izatearen zentzuan, bederen, fedearekin baino estatusarekin eta bestelako identitate ezaugarri batzuekin lotuago ikusten baititut ikastetxe erlijiosoetako matrikulazioak edota bataio-jaunartze-ezkontza errituak.

Eta, batez ere, honako itaun honek: ateoa izateak XXI. mendeko Mendebalde zuri honetan zer esan nahi duen, eta zer bizi jarrera eta praktikatan gauzatzen den, zertan den txalogarria, zertan aurrerapena. Esan gabe doa erlijioak botereen tresnarik indartsuenetakoak izan direla eta hainbat eremu geografikotan zein sozialetan hala segitzen dutela izaten, eta izpiritualtasunaren erabilera horri izkin, aurre eta kontra egitea ezinbestekoa dela askatasunean eta erabakimenean sakontzeko. Baina jainkoak hiltzeak berekin ekarri du jainko berriak sortzea, eta, honetara jarrita, ohikotan aipatzen ditugun futbola, dirua, arrakasta, zientzia... anekdota baino ez direlakoan nago; horien denaren sakoneko ardatza jendeok geure burua den guztiaren jabe eta nagusi ez ezik, gidari, jainko ere autoizendatu izana dela. Alegia, inoizko harro, handinahi, suntsitzaile eta itsuen jarduteko aitzakia izatea.

Eskerrak, tarteka, haurren izuek, hitz-totelka uzten gaituzten eta geure biluztasuna erakusten diguten. Eskerrak, tarteka, tximista batek kanpandorre bat suntsitzen duen, gure ñañotasuna oroitarazteko.]]>