<![CDATA[Igor Arroyo Leatxe | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 02 Apr 2023 10:39:47 +0200 hourly 1 <![CDATA[Igor Arroyo Leatxe | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Euskal eskola, publikoa eta komunitarioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2064/017/001/2022-11-26/euskal_eskola_publikoa_eta_komunitarioa.htm Sat, 26 Nov 2022 00:00:00 +0100 Igor Arroyo Leatxe https://www.berria.eus/paperekoa/2064/017/001/2022-11-26/euskal_eskola_publikoa_eta_komunitarioa.htm
Honela, estaturik gabeko Euskal Herria bezalako herri batentzat estrategikoa izan da hezkuntza eredu propioa garatzea. Eta horretarako, garai historiko bakoitzean egon litezkeen aukera guztiak erabili ditugu: Bizkaiko Diputazioak 1919tik aurrera sustatutako auzo eskola publikoak, mugimendu abertzaleak antolatutako gerraurreko euskal eskola eta ikastolak, diktadurako lehen urteetan sortutako etxe-eskolak, 1960ko hamarkadatik aurrera herri ekimenez sortu eta Euskal Herri osora zabaldutako ikastolen mugimendua, sare publikoan herri bulkadari esker sortutako ikas-lerro eta ikastetxe euskaldunak... Saiakera hauen oinarrian bazegoen hezkuntzan (ere) herri gisa autodeterminatzeko borondatea, baita hezkuntza eredua berritzeko nahia ere, hala nola hizkuntzaren irakaskuntza, curriculuma, pedagogia edota gurasoen parte hartzea bezalako ataletan.

Belaunaldiz belaunaldi emandako sokatira horren emaitza da egungoa: Hego Euskal Herrian (ez horrela Iparrean) hezkuntza eskumenak bai baina mugatuak; euskarak irakaskuntza-hizkuntza gisa izan duen zabalpen handia EAEn (ez horrela Nafarroa Garaia eta Ipar Euskal Herrian), baina euskalduntze osoa bermatzeko ezintasuna; Euskal Curriculuma garatu eta egiturazko bilakatzeko ahalmena, baina borondate politikorik eza; hezkidetza sustatzeko saiakerak, baina egiturazko androzentrismoa; inklusioaren aldeko mezuak, baina herri gisa zatitzen gaituen jatorriaren eta maila ekonomikoaren araberako segregazioa.

Galdera honako hau da: zein dira, garai historiko honetan, hezkuntza sistema burujabe eta askatzaile bat eraikitzeko ditugun erronkak? Ipar Euskal Herrian, Lurralde Elkargoaren sorreraren ondotik, hezkuntza eskumenak aldarrikatzea dagokigu, ikastolen mugimendua sustatuz eta sare publikoan murgiltze eredua aldarrikatuz. Nafarroa Garaian, aldiz, Erregimena pitzatu ondoren ere euskarazko irakaskuntza oztopatzen jarraitzen duten mugak gainditzea. Euskal Autonomia Erkidegoan, azkenik, euskal eskola publiko eta komunitariorako trantsizioa ahalbidetuko duen hezkuntza legea lortzea da erronka.

Zer da, baina, euskal eskola publiko komunitarioa? Euskal Herrian eraiki beharreko hezkuntza sare burujabea, bakarra, titulartasun publiko deszentralizatua eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea uztartuko dituena, euskalduna, euskal curriculumean oinarritua, feminista, laikoa, inklusiboa, ikasleen aukera berdintasunean oinarritua. Ez dugu nahi Frantziako eredu publiko zentralista edota Espainiako trantsizioan Elizarekin itundutako hezkuntza sistema duala. Estatu propio bat eta beraz eskola publiko propio bat da nahi duguna, egungo eskola publiko, ikastola nahiz bestelako ikastetxeetatik emandako onena uztartuz: ardura publikoa eta bulkada komunitarioa, euskalduntzea eta inklusioa, berdintasunean hazteko eskubidea eta hezkuntza komunitatearen —familien, langileen zein ikasleen— parte hartzea.

Norabide horretan trantsizioa egiteko baldintzak ezartzea da Hezkuntza Legeari eskatzen dioguna. Trantsizioa, eskumen mugatuetatik hezkuntza sistema burujabera; euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduetatik euskaldunduko duen eredu orokortu eta inklusibora; segregazioa eragiten duen hezkuntza eredu eta antolaketatik, aukera berdintasuna eta inklusioa bermatzen dituenera; bi saretan oinarritutako hezkuntza sistema dualetik, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berrira.

Lan baldintzei dagokionez, berriz, Legeak oinarri bat finkatu beharko luke, gerora negoziazio kolektiboaren bidez garatuko dena: eskola publikoetan dagoen lanpostu zerrenda blindatzea; itundutako langileen lan baldintzen homologazioa; kontrol publiko eta sindikala izango duen sarbide gardenerako araubidea; eskola publiko nahiz itunduetan pribatizatutako zerbitzuetako langileen lehengoratzea, eta soldata arrakala amaitzea.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege aurreproiektuan, aldiz, ez da halakorik jasotzen. Trantsizio baterako baldintzak sortu baino, egungo ereduan aldaketa ez nahiko batzuk egitea besterik ez du proposatzen. Burujabetza beharrarekiko ezaxola, euskalduntzeari dagokionez uzkur, eskola publikoarekiko zikoitz, ituntze unibertsalari mugak jartzetik urrun eta Elizako eskolekiko eskuzabal azaltzen zaigu Hezkuntza Saila. Hezkuntza Legearen ibilbidea, baina, ez da amaitu. Badugu aukera eragiteko, euskal eskola publiko eta komunitarioaren bidean ahalik eta gehien aurreratzeko.

Horregatik da ezinbestekoa mobilizatzea. Ez elkarren aurka, baizik eta eredu berri baten alde. Uztargarri eginez eskola publikoa indartu, eraldatu eta ardatz bilakatzeko aldarrikapena eta ikastolen mugimenduak egin duen eta aurrera begira egin dezakeen ekarpenaren aitortza. Diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztietan euskalduntzea, euskal curriculuma, hezkidetza, aukera berdintasuna, inklusioa, laikotasuna eta antzeko irizpideak bermatuz. Segregazioari aurre egiteko egiturazko neurriak hartuz. Hezkuntzan inbertsio publikoa handituz. Hezkuntza sistema deszentralizatu eta tokiko parte hartzea indartuz. Euskal eskola publiko komunitarioa sortzeko konfluentzian aurrera eginez.]]>
<![CDATA[Greba Orokorra, egoki baino egokiagoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2021-10-08/greba_orokorra_egoki_baino_egokiagoa.htm Fri, 08 Oct 2021 00:00:00 +0200 Igor Arroyo Leatxe https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2021-10-08/greba_orokorra_egoki_baino_egokiagoa.htm
Espainiako sindikalismo nagusia 78ko erreformak eta patronalaren neurriko elkarrizketa sozialaren ereduak asimilatzen zuten bitartean, Hego Euskal Herrian, joan den mendeko 90eko hamarkadatik aurrera (35 orduen eta soldata sozialaren aldarrikapenarekin 1999an egindako Greba Orokorra mugarri hartuta), gehiengo sindikal bat eratu da, lan-harremanen eta babes sozialeko esparru propioaren alde egiten duena, kontraboterean oinarritutako estrategiarekin, ekintza sindikalaren politizazioa eta mugimendu sozialekiko aliantza sustatuz; LABek 80ko hamarkadan ia erabateko bakardadean defendatutako kontzeptuak dira horiek guztiak. Egindako bideari esker, euskal sindikalismoa egun autonomoagoa da, mobilizazio gaitasun handiagoa du eta Estatu mailako sindikalismoaren aldean emaitza hobeak lortzen ditu.

Hori esanik ere, euskal sindikalismoak bere eredu soziosindikal eta soziopolitikoa birpentsatu eta berregokitu beharra dauka; horretan ari gara LABen.

Epe motzeko erronkei ekiteko LAB eta ELAren artean alde nabarmenak ditugu, agerikoa da. Hala ere, oinarrizko logika komuna partekatzen dugu, bai gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok, bai, ahots propioz, gero eta zer esan handiagoa duten eragile sozialek; mugimendu feministak eta pentsiodunen mugimenduak, kasu.

Logika komun horren barruan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan bildutako eremu soziosindikalak murrizketa handien garaiari (2007-2013) aurre egin zion sei Greba Orokor eta borroka ugari sustatuz. Hego Euskal Herriko patronalak Lan Erreformak eta negoziazio kolektiboaren erreforma ezartzeko zituen asmoei eutsi eta baldintzatzea lortu genuen, eta euskal langileek 2016-2017 bueltan iniziatiba berreskuratu genuen, eliteek ahotan zuten «errekuperazio ekonomikoa», izatekotan, langileentzat lan eta bizi baldintza hobeak bermatzeko izan zedin, aberastasuna eta boterea gero eta esku gutxiagotan pilatzeko joera irauliz.

Borroka sindikal haiekin batera, greba feministek eta pentsiodunen mugimenduaren sorrerak berebiziko ekarpena egin zuten bizitza kapitalaren gainetik jartzeko borrokan. Sinergia berriak sortu ziren eta haiei esker posible izan zen 2020ko urtarrilaren 30eko Greba Orokorra, lan, bizi eta pentsio duinen alde.

Pandemiak agerian utzi ditu osasunaren eta zaintzaren eremuko gabeziak, erakutsi du oinarrizko lan asko, gehienak, emakumeek egiten dituztela, baldintza prekarioetan. Instituzioek orain pandemia osteko aroa aurreikusi dute, eta, berriz ere, enpresen irabazietan jarri dute arreta, krisi ekologiko larriari bizkar emanda.

Oinarrizko produktuen prezioa gora eta gora doa, baina soldatak ez neurri berean. Emakume langileen kontrako arrakala betikotzen ari da. Zaintza krisiak bere horretan jarraitzen du, erantzunik gabe. Finean, Kapitalaren interesak eta langile jendearenak aurrez aurre ditugu berriro. Greba Orokorra palanka da erasora jotzeko, langileria boteretu eta, ofentsiban, borroka ziklo berri bati ekiteko.

Horrez gain, Greba Orokorraren egokitasuna indartzen duen bigarren ikuspuntua dugu: hurrengo hiru hilabeteetan Hego Euskal Herriko langileen lan eta bizi baldintzetan eragina duten erabaki garrantzitsuak hartuko dira. Horietako asko (lan eta pentsio erreformak, Estatuko aurrekontuak, argindarraren prezioa) Estatu mailan erabakiko dira, eta, beraz, agerikoak dira egungo autogobernuak oinarrizko aferak lantzeko dituen mugak. Kontuan izanik Espainiako Patronalaren eta Erregimenaren gainerako botere faktikoen boterea, eta Estatuko sindikalismoa borroka estrategiarik gabe ari dela, akats larria litzateke guztia Estatuko jokalekuaren menpe uztea.

Baina ez gaitezen horregatik eszeptizismo desmobilizatzaile betean erori, eta ez ditzagun gutxietsi, mugatuak izanda ere, Estatu mailan lor daitezkeen onurak. Kontrakoa, euskal eremu soziosindikalak bere gaitasun osoa aktibatu behar du hiru zentzutan. Lehenik, esparru politikoa presionatzeko, azken hamarkadetako murrizketak atzera bota eta gehiago egin ez ditzaten. Bigarrenik, lan eta bizi baldintzei buruz hemen, Euskal Herrian, erabakitzea aldarrikatzeko -EAEko langile klasearen %71 eta Nafarroako langileen %52 ordezkatzen ez duen elkarrizketa sozialaren ereduari eta eremuari aurre eginez-; eta negoziazio kolektiboaren estatalizazioa lehengoratzeko. Hirugarrenik, Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiteko.

Lan erreforma indargabetzea eskatu behar dugu, Lan Kode Propioa aldarrikatzearen batera; eskatu behar dugu lanbide arteko akordioaren bidez 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzea, borroka sindikalak sustatzen ditugun bitartean, prekaritatea borrokatu eta eskubideak irabazten joateko. Estatu mailako pentsio sisteman inposatutako murrizketak atzera botatzea exijitu behar dugu, eta, aldi berean, EAEko eta Nafarroako gobernuak pentsio apalenak 1.080 eurotaraino osagarritzera behartu eta Gizarte Segurantza propioa aldarrikatu. Bertoko Gobernuak zerga-erreformari heldu eta zerbitzu publikoetan inbertsio gehiago egitera bultzatu behar ditugu, enplegua egonkortu eta ratioak hobetzeko erabakiak behartu; zaintza sistema publiko-komunitarioaren sorreran aurrera egin dezaten lortu behar dugu; eta erabil ditzatela euren baliabideak babes sozialeko sistema hobetzeko, egungoak ez baitu eragotzi pobreziaren mugan gero eta jende gehiago egotea.

Horregatik guztiagatik diogu Greba Orokorra ez behin, bi aldiz egokia dela. Baliatu dezagun aukera enpresetan borroka sindikalak biderkatzeko, auzo eta herrietan mobilizazio soziala sustatzeko, eta gure Herrian aldaketa politiko eta sozialak bultzatzeko. Ikusle hutsak izan baino, izan gaitezen aldaketaren eragile.]]>
<![CDATA[2008-2020: arrisku zaharrak, aukera berriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2020-06-24/2008_2020_arrisku_zaharrak_aukera_berriak.htm Wed, 24 Jun 2020 00:00:00 +0200 Igor Arroyo Leatxe https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2020-06-24/2008_2020_arrisku_zaharrak_aukera_berriak.htm erregulazioak. Gobernuek merkatua bere kabuz arautzen denaren ipuin hura ahaztu eta pertsonak ez baina bankuak salbatzearren jarri zuten (guztion) dirua. Faktura herritarroi pasatu ziguten eta aurretik ere aski ez zen babes sozialerako sistema murriztu egin zuten, oraingo pandemiak agerian utzi dituen ondorio tamalgarriekin. Azpigaratutako zaintzen eremua prekarizatu eta baztertu zuten, emakumeen bizkar. Neurri horiek guztiak mundu mailako botereguneetan erabaki eta Euskal Herria ukatzen duten estatuen eskutik ezarri ziren, zentralizazioa areagotuz.

Garai latzak izan ziren jende askorentzat. Gogoan dut egun batetik bestera kaleratua zen jendearen ezinegona. Gogoan ditut etxegabetzeak, eta bereziki bat, geure afiliatu Miren Peñarena, bere heriotza goiztiarraren eragile. Baina, era berean, gogoan dut ordezkarien batzar hura, Lehman Brothersek porrot egin eta gutxira, gogoan ditut greba orokorra eskatuz entzun ziren mintzaldi sutsuak. Gogoan ditut ere ondorengo urteetan egindako hamaika mobilizazio, kanpaldi, martxa, pikete. Energia kolektibo hori guztia oroitzen dut, gauzak aldatzeko beharra ez ezik aukera ere bazegoelako konbentzimendu hura. Ez genituen gauza guztiak aldatu, ezta gutxiago ere, baina bai horietako batzuk; Nafarroan eragindako ziklo aldaketa, krisiaren aurretik pentsaezina zena, adibideetako bat da.

Garai hartatik hona, egiturazko krisi sistemikoa larriagotu da, eta COVID-19aren inguruko kudeaketak krisi horren azkartzea eragin dezake. Izaten ari diren adierazle sozioekonomikoek 2008koen antz handia dute. Hasia da jada emakume langileak etxera bidaltzeko presioa, besteak beste, telelanaren bidez. Hasiak dira ebentualen kaleratzeak eta behin-behineko erregulazio espedienteak, horietako batzuk behin betiko bilakatu daitezkeenak. Oraindik ere balkoietako txaloak entzuten direnean, murrizketekin mehatxu egiten hasi dira hainbat agintari. Zorroztu eta zorroztu ari dira eliteak: labanak zorroztu, euren negozioen artetik zeinek egingo duen aurrera erabakitzeko; eta guraizeak zorroztu, langileriaren eskubideak murrizteko. 2008ko gidoia errepikatzen ari?

Ez derrigor. Izan ere, testuinguru orokorra desberdina da, eta 2008ko bide beretik aurrera jarraitzeko sistemak duen tartea estuagoa, krisi ekologikoren, energia iturri eta materialen agortzearen nahiz sistemarekiko atxikimendu bitartekoen ahultzearen ondorioz. Baina, batez ere, gertatuko dena, mundu mailan nahiz Euskal Herrian ezarriko den indar korrelazioaren araberakoa izango da. Geure herrian, urtarrilaren 30eko greba orokorrak erakutsi zuenez, badago kontrabotere sindikal, sozial eta politiko sendo bat; kontua da: nondik jo beharko genuke?

Lehenik eta behin, sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozidarekiko alternatiba estrategikoa birbaieztatzeko tenorea da. Birusaren kontrako gerraren ondoko berreraikuntzaren erretorikari aurre egin, eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko, sozial eta politiko berrirako trantsizioa defendatzea dagokigu, argitasunez, anbizioz eta dogmatismorik gabe; klase aldarrikapenak agenda feministarekin eta bestelako ekoizpen eta kontsumo ereduaren premia atzeraezinarekin uztartuz. Pertsona guztiei eskubide guztiak aitortuko dizkien Euskal Herri burujaberako programa sozioekonomikoa eratzea litzateke erronka.

Bigarrenik, epe motzean egin beharreko borroka nagusiak identifikatzea garrantzitsua da. Urtarrilaren 30eko greba orokorraren aldarrikapenekin batera (1.080ko pentsioa, 1200eko gutxieneko soldata, prekaritateari muga jarri, arrakala patriarkal oro ezabatu), pandemiak agerian utzi dituen beharrak kokatu beharko genituzke, besteak beste, zaintzarako sistema publiko-komunitarioaren sorrera, sektore publiko indartsu baten eta hori ahalbidetuko duen eredu fiskalaren garapena edota merkataritza edota garbiketa bezalako funtsezko lan feminizatuen duintzea. Era berean, lanpostuen suntsiketa masiboaren mehatxuari aurre egitea beharrezkoa izango da, eta, ildo horretan, lanaldiaren murrizketa agendan kokatu beharko dugu, pertsona guztiok enplegua izan dezagun eta enpleguaz besteko lanak pertsona guztien artean banatu daitezen. Eta, era berean, bazterketa arriskuan diren herritarren oinarrizko beharrei (etxebizitza, energia, elikadura) erantzuna eman beharko diegu, tokiko zaintza sareen filosofiatik abiatuta.

Hirugarrenik, eremu sindikal eta sozialaren arteko aliantzak ehuntzen jarraituko dugu, bai orokorrean (Eskubide Sozialen Kartaren baitan), bai tokian tokiko aukeren araberako elkarlan eta koordinazio espazioen bidez, baita borroka zehatzen inguruan ere, greba feministen, Huerta de Peraltaren, Bizkaiko metalaren edota sektore publikoko borroken ildotik. Eremu horien eta eremu politikoaren arteko harremanari dagokionez, bakoitzaren autonomiatik abiatuta, agenda sozial partekatuan sakontzea beharrezkoa da; politika publikoen norabidea auzitan jartzearekin batera, geure bizitzen gaineko erabakiak hartzeko eskubidea aldarrikatuz.

Erronka horiei guztiei heltzen asmatuz gero, eliteek ezarri nahiko diguten gidoia auzitan jarri dezakegu, garai honek dituen arriskuei aurre eginez ez ezik, izan baditugun aukerak baliatuz. Ekin diezaiogun!]]>