<![CDATA[Ihintza Elustondo | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 23 Sep 2023 12:50:32 +0200 hourly 1 <![CDATA[Ihintza Elustondo | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Ez dut uste euskalkiak desagertuko direnik, baina antzekotu bai»]]> https://www.berria.eus/albisteak/207308/ez_dut_uste_euskalkiak_desagertuko_direnik_baina_antzekotu_bai.htm Wed, 15 Dec 2021 15:58:47 +0100 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/albisteak/207308/ez_dut_uste_euskalkiak_desagertuko_direnik_baina_antzekotu_bai.htm Urola Kostako Hitzaren webgunean.]]> <![CDATA[“Bizitzaz beterik” dator Arroabean egingo den Eskola Txikien Festa]]> https://www.berria.eus/albisteak/135327/bizitzaz_beterik_dator_arroabean_egingo_den_eskola_txikien_festa.htm Tue, 30 May 2017 16:31:14 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/albisteak/135327/bizitzaz_beterik_dator_arroabean_egingo_den_eskola_txikien_festa.htm
Jexux Albizu eskolako zuzendariak azaldu duenez, egun, 65 ikasle ditu Arroabeko eskolak. “2002an 24 ikasle bazeuden ere, kopuru hori pixkanaka-pixkanaka igotzen joan da. Eta, datorren ikasturterako, 71 ikasle espero ditugu, inoiz egon den ikasle kopuru handiena". Une honetan, lau eraikinetan banatuta dute eskola: txanpiñoia, aurrefabrikatua, eskola zaharra eta jangela. Baina badute proiektu berri bat eskuen artean: eskola berria eraikitzea. “Une honetan ilusionatuta gaude eskola berriarekin. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak esan digu urtearen amaieran hasiko direla lanak, eta horrek esan nahi du 2018-2019 ikasturtean sartuko ginatekeela bertara. Horrek eskolari eta auzoari hauspo berria emango dio". Auzoan eskola txikia izateak zer esan nahi duen azaldu du Iribarrek: “Haurrak nork bere auzoan hezi ahal izateko aukera ematen du era berezi batean, eskola txikien filosofiarekin, denak elkarrekin eta adin aniztasunean. Azken finean, gure bizi proiektua aurrera eramateko aukera sendoa ematen du, hemendik kanpora atera beharrik gabe. Auzotar eta guraso bezala, esango nuke bizia dela eskola txikia auzoarentzat. Haurrak kanpora joaten diren auzo edo herri txiki bat uste dut ez dagoela hain bizirik, bizipoza falta du. Eskola txikia auzoak duen oinarri sendoenetako bat da". 26 eskola, 1.100 ikasle

Guztira, 26 eskola txiki daude Gipuzkoan, eta, haietan, 1.100 ikasle inguru. Imanol Zubizarreta Baikara Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioko kideak eskola txikiek Euskal Eskola Publikoaren barruan duten garrantzia nabarmendu du. “Eskola txikien hezkuntza komunitatea osatzen duten gurasoak ez dira Euskal Eskola Publikoa osatzen dugun familien komunitatearen barruan kopuru huts bat. Zerbait berezia dira, horixe baita Euskal Eskola Publikoko familien bereizgarri izatea nahi genukeen balioak ondoen adierazten dituen kolektiboa; hain zuzen ere, konpromisoa, inplikazioa, partaidetza eta ikastetxearekiko hurbiltasuna, besteak beste". Hori dela eta, lurraldeko gainerako eskoletako familiei dei egin die Zubizarretak ekainaren 11n Arroabera joateko, aukera izango dutelako “jaiaz gozatzeko eta Gipuzkoako eskola txikien errealitatea bertatik bertara ezagutzeko". Egun handirako dena prest dago, beraz, une honetan. Dena ondo irten dadin, ekainaren 11n eguraldiak laguntzea besterik ez zaie falta.]]>
<![CDATA[«Agintariak ez dira gauza gure kultura defendatzeko»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2016-09-06/agintariak_ez_dira_gauza_gure_kultura_defendatzeko.htm Tue, 06 Sep 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2016-09-06/agintariak_ez_dira_gauza_gure_kultura_defendatzeko.htm Donostiako kale izenen bilakaera azken 200 urteetan, herritarrak izatetik inposatuak izatera.

Izen asko daude Donostiako kaleetan: aristokratenak, politikarienak, erregeenak, santuenak, elizgizonenak, militarrenak... Baina gutxi dira kulturarekin lotutakoak.

Oso gutxi. Donostian herriak ez du inoiz agindu, tarte anekdotiko batzuk kenduta. Kaudilloa hil zenean, fisikoki bakarrik, udalean pixka bat aldatu ziren gauzak. 1990 inguruan, kaleei kulturarekin lotutako pertsonen izenak jartzen hasi ziren: Toribio Altzaga, adibidez. Lortu zuten kale izen pila bat aldatzea, baina, gaur egun, berriz ere beheraldi batean gaude. Izen batzuk politikarekin edo euskaldunekin nahastuta badaude, kendu egiten dituzte. Ezker abertzalekoak kendu egiten dituzte, eta beren aldekoak jartzen dituzte. Alderdi politikoek beren interesen arabera jokatzen dute.

Historia markatu duen adibiderik baduzu gogoan?

Plaza Berriari Konstituzio plaza izena jarri zioten 1820an. Aurreneko izen politikoa izan zen. Orduan hasi zen administrazioa izenak inposatzen, herritarrekin kontsultatu gabe. Txofre plaza delako hori, Zuberoa plaza zen lehen, baina Donostiako burgesek ez zuten onartzen, euskaldunegia zelako. Hernani kalea, Getaria kalea... Aberritasunaren ohorean jarri zituzten izen horiek. Baina zergatik jarri zituzten? Karlisten kontra egin zuten herriak zirelako, Espainiako konstituzioa babestuz.

Izen espainolak dira gehienak, beraz.

Espainia guztia beteta dago Espainia plazaz eta Espainia kalez. Iruñean, Bilbon eta Gijonen izan ezik, beste leku guztietan aurki daitezke halakoak. Gasteizen eta Donostian ere bai. Portugalera joaten zara, eta ez dago Portugal plazarik, eta ezta Frantzian ere Frantzia plazarik. Zergatik? Espainian ziurtasuna falta dute, eta demostratu behar dute espainolak direla. «Hau ez da Euskal Herria, hau Espainia da».

Zer goraipatu behar da gure herrian?

Adibide bat jarriko dut. Hirutxulo Donostiaren izengoiti bat da, Donostiaren arima adierazten duena. 1936ko kolpearen aurretik, plaza bat zegoen izen horrekin, eta kendu egin zuten, euskaldunegia zelako. Josep Maria Sert izena du orain. Margolaria zen, eta nik ez diot meriturik kentzen, baina frankisten aldekoa zen. Beste leku batera pasatu zuten Hirutxulo izena, eta hor ere kendu egin dute. Atotxako Zelaiaren plaza izena jarri diote, futbol zelaiarengatik. Ematen du horiek [futbolariak] direla kulturaren ordezkariak. Oso minduta nago. Alderdi politiko guztiek babestu zuten aldaketa; baita ezker abertzaleak ere. Agintariak ez dira gauza gure kultura defendatzeko. Donostiak merezi du errespetu bat.

Kale izenak herri bateko historiaren adierazle direla esan ohi da.

Donostiar burgesek beti izan dute boterea; haiek agindu dute nola egin gauzak. Orain ere gauza bera gertatzen da. Gure toponimia ez da errespetatzen. Ez donostiarrena, ez euskaldunena. Txakurrari ematen zaion hezurra gara. Hemen espainolek agintzen dute.

Askotan aipatzen da emakume izen gutxiegi daudela.

Badago emakume izen bat, Catalina de Erausorena. Ama Birjina eta erregina ez den lehenengo emakumezko kale izena da, frankistek jarria. Hiltzaile bat zen; bere anaia eta osaba garbitu zituen. Ez dakit nola ez digun lotsarik ematen. Asko nahasten ditugu gauzak. Emakume izatea bakarrik ez da nahikoa. Emakume izenak jarri behar dira, baina ez emakumeak direlako soilik. Emakumea delako ez du meritu handiagoa. Nik uste dut psikopata bat zela; zein sexutakoa zen gutxienekoa da.

Merituak eta politika bereizi behar dira, beraz.

Bai, noski.]]>
<![CDATA[«Emakumeen kirola ikusezin egin dute»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/032/001/2016-09-02/emakumeen_kirola_ikusezin_egin_dute.htm Fri, 02 Sep 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1845/032/001/2016-09-02/emakumeen_kirola_ikusezin_egin_dute.htm Marca, As, Mundo Deportivo eta Sport kirol egunkariak ikertu ditu, emakumeen kirola nola lantzen duten ikusteko.

Kazeta horietan, emakumeak protagonista diren albisteak %6,6 baino ez dira. Zifra oso txikia da.

Ikerketarekin hasi nintzenean, imajinatzen nuen emakumeak ez zirela asko agertuko. Baina ez nuen espero %6,6ko zifrarik. Gutxienez, %10 espero nuen, eta hori ere gutxi iruditzen zitzaidan.

Norbaitek esango du: «Hori gizonezkoen kirola jende gehiagori interesatzen zaiolako gertatzen da».

Hori beti esaten da. Oso erraza da esatea emakumezkoen kirola ez zaiola jendeari interesatzen, baina, zuk ez baduzu horretaz informatzen, ezin zaio inori interesatu. Jendeak ez daki noiz diren partidak eta lehiaketak. Jendeari interesatzen zaio ikusten eta entzuten duena.

Emakumeen inguruko albiste askotan kirolaz kanpoko informazioa ematen dela konturatu zara.

Agian, partidari buruz hitz egin beharrean, kirolariaren soinekoari buruz hitz egiten dute.

Hori gizonezkoen kasuan ez da gertatzen, ezta?

Kasu batzuetan bai, baina ez da gauza orokor bat.

Argazkietan ere jarri duzu arreta.

Gizonezkoen argazkiak, oro har, kirol argazkiak dira: lehian ageri dira; kirola praktikatzen. Baina emakumeen kasuan, gehienetan poseko argazkiak dira.

Emakumearen irudi estereotipatu bat transmititzen dela diozu. Nolakoa da irudi hori?

Ez da arreta jartzen kirol arloan. Erakusten dute emakume bat polita dela, elegantea dela, eta, gainera, kirol bat egiten duela. Garrantzia ez zaio ematen kirolariari, kanpoko irudiari baizik.

Erabiltzen den hizkera ere ez dela neutroa ikusi duzu.

Fisikoaz gain, asko hitz egiten dute emakumearen izaerari buruz. Askotan, emakume oso alaia ez bada, izaera txarra duela esaten dute. Eta haren familia erlazioei buruz ere asko hitz egiten dute, baita entrenatzaileari buruz ere.

Agian, esango dute ea ama den, bikotekiderik ba ote duen...

Horri arreta handia jartzen diote. Gainera, emakume batek zerbait irabazten badu, kasu gehienetan bere entrenatzaileari esker izaten da. Eta ez bere esfortzuagatik.

Zure ondorio nagusia da kirol prentsa gizonek gizonentzat egiten dutela.

Informazio gehiena gizonezkoei buruz da, eta emakumeen inguruko informazio gehiena ez da kirolari buruz. Aipatzen dute oso polita dela, eta hori ez doa emakumeari zuzenduta. Niri, kirolzale gisa, ez zait interesatzen nolakoa den tenislari baten soinekoa. Nik jakin nahi dut noiz jokatuko duen, zer egin duen... eta horrelako gauzak.

Kirol kazetari gehienak gizonezkoak izan ohi dira. Horrek ere izango du eraginik.

Gutxika-gutxika ari dira agertzen emakume gehiago, baina, oraindik, asko geratzen da egiteko. Emakumezkoen kirolaren alde gehien egingo dutenak emakumeak izango dira, haiek ere gaian interesa dutelako. Parekatuta egon beharko lukete emakume eta gizon kazetariek.

Zuk Espainiako egunkariak aztertu dituzu. Baina Euskal Herrian ere gauza bera gertatzen al da?

Aztertu ez ditudan arren, gainetik begiratu ditut egunkari batzuk; eta bai, nire ustez, gauza bera gertatzen da.

Oro har gertatzen den kontu bat da, beraz.

Bai, emakumezkoen kirola ikusezin egin dute.

Amaitu berri dira aurtengo Olinpiar Jokoak. Zerbaitek eman al dizu atentzioa?

Kasu asko egon dira. Carolina Marinek [badmintonean urrezko domina] irabazi zuenean, ez zen haren meritua izan; esaten zuten haren entrenatzailea oso ona zela. Emakume baten inguruan idazten dutenean, beti aipatu behar dute gizonezko bat.

Carolina Marinen garrasiak ere asko komentatu dituzte.

Hori gizon batek egiten duenean, ez dute ezer esaten. Rafa Nadalek zarata handia egiten du, eta ez dute ezer esaten. Carolina Marinek egiten duenean, errespetu falta da. Beti aurkitzen dute zerbait negatiboa.

Hemen, Euskal Herrian, zer esango zenuke Maialen Chourrauten inguruan? Nola landu dute gaia?

Arreta handia jarri dute horretan. Baina, egia da egunkariek ez dutela arreta jartzen norbaitek urrezko domina irabazten duen arte. Maialenen inguruan, gainera, askok aipatu zuten ama zela. Asko hitz egin da gai horren inguruan.]]>
<![CDATA[«Eskerrik asko ahotsik ez dugunoi ahotsa emateagatik»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/028/001/2016-08-17/eskerrik_asko_ahotsik_ez_dugunoi_ahotsa_emateagatik.htm Wed, 17 Aug 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1845/028/001/2016-08-17/eskerrik_asko_ahotsik_ez_dugunoi_ahotsa_emateagatik.htm
Kanoikada ofiziala Allí Abajo telesaileko protagonistek bota zuten. Piraten txupinazoa, berriz, zuek bota duzue. Badago aldea, ezta?

HASSANNA AALIA: Txupinazo ofizialaren albistea ikusi nuen, udalekoa. Oso argi ikusten da nor dagoen kezkatuago herritarrengatik, eta nork adierazten duen konpromisoa mundu honetako pertsonengatik. Piraten festek gaur egungo gai garrantzitsu bat aukeratu dute, bizitzen ari garen drama guztiagatik, eta hori oso garrantzitsua da. Oso garrantzitsua da herritarrek elkartasuna adieraztea sufritzen ari diren errefuxiatuei.

Aurtengo Matti pertsonaia ordezkatuko duzue. Nola sentitzen zarete?

KATERYNA KIRSANOVA: Oso pozik nago. Oso hunkigarria da. Nire herrialdeko arazoak ingurukoekin parteka ditzakedala sentitzen dut. Eta, gainera, festa giroan.

Mediterraneoan egunero drama bat sufritzen duten guztien ordezkari gisa hautatu zaituztete. Ez al da ardura handia?

H.A.: Egia esan, oso tristea da 2016. urtean halako drama bat bizitzea. Milaka eta milaka errefuxiatu ari dira sufritzen Europako Batasunaren erabaki politiko guztiak. Europako Batasuna elkarte abegitsu bat izan beharrean, tratuak ari da sinatzen. Europako Batasuna irekita dago merkataritzari, armen salmentari, diruari... eta itxita dago babesleku bat bilatzen ari diren pertsonei, bakean eta libre biziko diren leku baten bila ari direnei. Errefuxiatu moduan, Europako herritar guztiei dei egin nahi diegu protesta egiteko eta beren gobernuei presio egiteko. Ez bakarrik errefuxiatuak hartzeko, baita gatazka hauek amaitzeko ere. Herri asko ari baitira sufritzen, eta milaka eta milaka pertsona ari baitira hiltzen gatazka horiek eraginda. Modu batera edo bestera, Europako Batasuneko herrialde batzuek eragin dituzte gatazka horiek.

K.K.: Orain, oso ondo ulertzen dut zer den errefuxiatu izatea. Etxea utzi eta alde egitea. Nire herrian, 7.000 pertsona baino gehiago hil dituzte dagoeneko, eta milioi batek baino gehiagok beren etxeak utzi behar izan dituzte beldurragatik. Pena handia ematen dit. Ni hemen nago, baina han dagoen jendearekin oroitzen naiz. Herriak bonbardatzen dituzte, eta gure familiak daude tartean.

Zein mezu eman nahi diezue herritarrei?

H.A.: Mezu bat eman aurretik, Piratak eskertu nahi ditugu. Herri festak dira, baina ez dute soilik ondo pasatzean pentsatzen. Herritar moduan bizitzen ari garen arazoetan pentsatzen dute. Eskerrik asko ahotsik ez dugunoi ahotsa emateagatik. Drama hau zabaltzen laguntzeagatik. Horrez gain, euskal herritarrei gauza bat gogorarazi nahi diegu: 1936ko gerra garaian eta aurretik, jende askok bizi izan zuten guk orain bizi duguna. Beste herrialdeetara alde egin behar izan zuten hainbatek, eta han hartu zituzten.

Urrats bat egin nahi duzue gorrotoaren aurka.

K.K.: Ez dut ulertzen errefuxiatuak gorroto dituen jendea. Dena den, jende askok ulertu nahi du gertatzen ari dena. Pertsonak gara, eta arazoak dituen jendeari laguntzen saiatu behar dugu.

Nola ospatuko dituzue festak?

H.A.: Alaitasun handiz. Baina, hori bai, gogoan izango ditugu hemen egon ezin diren guztiak; mugak pasatu ezinda dagoen jendea, eta kanpalekuetan daudenak. Haiei ahotsa emango diegu, eta ahalik eta ondoen pasatu.]]>
<![CDATA[Jaialdi handien itzalpean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/034/001/2016-07-02/jaialdi_handien_itzalpean.htm Sat, 02 Jul 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1736/034/001/2016-07-02/jaialdi_handien_itzalpean.htm
Atzo amaitu zen Bermeoko Jazzber jaialdia (Bizkaia), Night Dreamers euskal boskotearen kontzertuarekin. Baina, datozen egunetan, beste hainbat jaialdi abiatuko dituzte. Haien artean, Tolosako Tolosand Blues (Gipuzkoa), Gasteizko Jazz Zaharrean, Bergarako Berumuga (Gipuzkoa), Goierriko Jazzaldia (Gipuzkoa) eta Burlatako Blues Festival (Nafarroa). Horiez gain, udazkenean Murajazz egingo dute, Iruñean, Baluarten.

TOLOSAND BLUES

Ostegunean hasi zen Tolosako blues jaialdia, eta igandean amaituko da. Gaur, David Philips Erresuma Batuko instrumentu anitzeko musikariak kontzertua emango du, 13:00etan, Lopez Mendizabal plazan. Dr. Swinguez hirukotearen txanda izango da arratsaldean; Solana 4 tabernan ariko dira, 19:00etan. 22:00etan, berriz, plaza berrian Shakura S'aida bokalista estatubatuarraren eta White Towels blues taldearen emanaldiak entzun ahal izango dira.

Bihar beste bi kontzertu izango dira. Dr. Swinguez ariko da berriro, Saikin 2 tabernan, 13:30ean. Eta, 20:00etan, Elkano Browning Cream taldeak emango du zuzenekoa, Txurrerian. Mikel Azpiroz pianista eta organista donostiarrak, Franck Mantegari bateria jotzaile paristarrak eta Dave Wilkinson gitarrista britainiarrak osatzen dute taldea.

JAZZ ZAHARREAN

Asteartean hasi zuten Gasteizko Alde Zaharreko Jazz Jaialdia, eta bihar izango dira hurrengo emanaldiak: 12:30ean, Jon Cañaveras, Alfonso Junguitu eta Pais Acebedo musikariak ariko dira, Jango tabernan; 13:30ean, Jazz Son Five taldeak emango du kontzertua, Bakan tabernan; 19:30ean, Tobaco Road Gasteizko taldea ariko da, Erdizka tabernan; eta, 21:00etan, Blue Jam, Elorza tabernan.

Asteartean, Fermin Muguruzaren Nola? dokumentala emango dute, 19:00etan, Otuño aretoan. 20:00etan, Steps Ahead Tribute Band ariko da, Gora Projecten. 21:30ean, berriz, Cosmosoul entzun ahalko da, Parral tabernan.

Ostiralera bitartean jarraituko du jaialdiak. Besteak beste, Artium museoan Rs. Faktor ariko da, eta, Falerina Lorategian, Euskal Herriko Azkaiter Pelox Trio hirukotea.

BERUMUGA

Atzo abiatu zuten Bergarako Berumuga jaialdia, El Twanguero gitarrista valentziar ezagunaren (Herrialde Katalanak) kontzertuarekin. Uztailaren 22ra bitartean, ostiralero emanaldi bat antolatu dute. Guztiak Espoloian izango dira, 22:00etan.

Uztailaren 8an, Julian Maeso Organ Trio ariko da. Hammond organoaren maisua da Maeso, azken urteetan ospe handia lortutakoa. Kantu berrietan blues-rock, country, funk eta jazz doinuak entzun daitezke, betiere haren ahots sendoa nabarmentzen dela.

Uztailaren 15ean, NES igoko da oholtzara, Nesrine Belmokh lider duela. Abeslari eta biolontxelo jotzaile frantses-aljeriarra da, eta estilo batetik bestera igaroko da bere taldearekin: bluesetik jazzera, soul musikara eta frantses kantuetara.

Uztailaren 22an izango da azken kontzertua: Broken Brothers Brass Band Iruñeko taldearena. Funkez, gospelez eta jazz modernoz kutsatuak daude taldearen interpretazio indartsuak, eta garrantzi ikaragarria du inprobisazio kolektiboak.

GOIERRIKO JAZZALDIA

Egun gutxi barru emango diote hasiera Goierriko Jazzaldiari. Asteazkenean hasi, eta larunbatean amaituko da. Azken ekitaldietan bezala, Araman eta Ordizian (Gipuzkoa) izango dira kontzertuak.

Jaialdiaren filosofiari eutsiz, aurreneko egunean bertako musikari gazteen txanda izango da. 19:30ean, Barrena Big Band —Ordiziako Musika Eskolako ikaslez osaturiko taldea— ariko da, Ordiziako Plaza Nagusian. Hurrengo egunean, berriz, jazzaren historiari begiratu bat egingo diote Angel Manriquerekin, Ordiziako Sugaar tabernan, 22:00etan.

Ostiralean bi kontzertu izango dira: 19:30ean, Gipuzkoako Tutti Frutti Jazz Project boskotea entzun ahalko da Ordiziako Plaza Nagusian, eta, 23:00etan, Nevermind Donostiako taldea ariko da herri bereko D'elikatuz zentroan. Azken horiek proiektu berria aurkeztuko dute: Tree Sustrai Barik. Hirukotea Julen Izarrak (saxoa) Jorge Abadiasek (gitarra) eta Hasier Oleagak (bateria) osatzen dute.

Larunbatean, Aramako parkea hartuko du musikak: 18:00etan, The Machetazo talde gaztea entzun ahalko da, eta, 19:30ean, kritika ezin hobeak jasotzen ari den Noa Lur Quartet. 21:00etan, berriz, jazz afaria egingo dute Aramako Plaza Nagusian. Gauean, beste bi saio izango dira Ordiziako Barrena parkean: FMA Trio ariko da 23:00etan, eta David Pastor eta Nu Roots 00:00etan.

BURLATA BLUES FESTIVAL

Oraindik denbora pixka bat falta bada ere, prestatu dute Burlatako musika beltzaren jaialdiko egitaraua. Uztailaren 29tik abuztuaren 7ra bitartean egingo dute, eta kontzertu guztiak udal parkean izango dira, doan.

Lehen egunean, Big Mama eta Tolof Martinez bikotea ariko da, eta, haien ostean, Boo Boo Davis musikari estatubatuarra. Hurrengo egunean, 22:30ean, Erin Corine eta Jose Luis Pardo ariko dira, eta, haien ostean, MoreLand eta Arbuckle Ameriketako Estatu Batuetako taldea. Azken horiek beste emanaldi bat egingo dute, uztailaren 31n, igandean, 13:00etan.

Abuztuaren 5ean —ostirala— jarraituko du jaialdiak. Animal Blues ariko da 19:30ean, musika afro-amerikarraren bueltan bildutako laukotea. 22:30ean, Bizkaiko Los Brazos hirukoteak emango du kontzertua. Haien atzetik, Chris Bergson konpositorearen taldea igoko da oholtzara.

Abuztuaren 6an, larunbatean, Lara Monroe eta Lazy Daisy Band ariko da, 22:30ean. Hura amaitutakoan, T.J. Jazz kantariak emango du kontzertua, 00:00etan, eta, hurrengo egunean, beste zuzeneko bat egingo du, 13:00etan. Emakume estatubatuarrak jazz doinu klasikoen bertsioak taularatuko ditu.]]>
<![CDATA[«Marrazki bat klarion pixka bat soilik da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1856/024/001/2016-07-01/marrazki_bat_klarion_pixka_bat_soilik_da.htm Fri, 01 Jul 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1856/024/001/2016-07-01/marrazki_bat_klarion_pixka_bat_soilik_da.htm H28 aldizkari satirikoko kide eta BERRIAko kazetariak bere egin zituen Patxi Huarte Zaldieroa-ren hitz horiek, EHUko udako ikastaroetan atzo emandako hitzaldian. «Egiten duguna oso gauza ahula da, baina, era berean, oso indartsua».

Umore grafiko subalternoa, herri txiki batetik abiatuta. H28 kasua izena jarri zioten atzoko saioari, eta Unai Iturriaga eta Astiz H28-ko kideak izan ziren hizlariak. Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoaren ostean erabaki zuten proiektua martxan jartzea hainbat marrazkilarik. Asmoa argia zen: euskaraz satira egitea, «ezker zein eskuin ostiak banatzea» eta Interneten irakurgai jartzea, doan. Hilero, 28. egunean kaleratzen dute aldizkaria —hortik dator izenburua—, eta, orotara, hamazazpi zenbaki kaleratu dituzte. 30-40 marrazkilarik parte hartzen dute, antolaketa argirik gabe, eta borondate hutsez aritzen dira. Ale bakoitzak 400-500 deskarga izan ohi ditu: hizlarien arabera, «asko». Iazko abenduan, urtekari bat ere atera zuten paperean, Urtikaria izenburupean.

Adierazpen askatasunaren aurkako eraso haren aurrean, «ergelkeriak» esaten jarraitu behar zutela erabaki zuten. Hasieran, ezkerreko eta eskuineko politiken kontura umorea egitea zen asmoa, baina denborarekin ohartu dira «eskuin eta eskuin» joaten direla gehienbat kritikak. Aktualitateaz aritzen dira: batez ere, Hego Euskal Herriaz, eta «dezente» Espainiaz. Iturriagaren esanetan, beren kontuak dituzte mintzagai: gatazka politikoa, ustelkeria politikoa, Polizia... «Orriak baino txakur gehiago», egon ohi direla dio bineta batek. Dena den, denborarekin gai berriak agertu dira, aldizkariko kideen arabera.

Proiektuak martxan daraman urte eta erdian, adierazpen askatasunaren aurkako eraso gehiago izan dira, mozal legearen izenean. «Esan daitekeenaren zakua itxiz doa», Astizen esanetan. Eta hor agertzen dira beldurrak, batzuetan, «grazia izozteraino». Iturriagak, bineta bat publikatu aurretik, han idatzi zuena aldatzea erabaki zuen. Bietan jarrai idaztera zihoan, baina, hori ezabatu, eta segi, jarrai, ekin kaleratu zuen. Gora Alkaeta idatzi zuten txotxongilolariekin gertatutakoa izan zuen gogoan. «Haiekin hori gertatu bazen, zer gertatuko litzateke hori publikatu izan banu?». Beldurrak autozentsura eragiten duela azaldu zuen. «Nik galdu nuen borroka hori».

«Min egiteko beldurra»

Beste beldur mota bat ere bada, haren arabera. «Min emateko beldurra». Politikari eta poliziekin ez dute asko «enpatizatzen», baina inguruko jendeak pentsatzen duenak kezka sortzen die. «Ezetz dirudi, baina bada beldur bat herri txikietan». Jon Sarasuaren inguruan egin zuten bineta jarri zuen adibide gisa Astizek. Idazlearen ondoan esaldi bat dago, hau dioena: «Denok hitz egin behar dugu zerbait, gutxi batzuek dena hitz egin behar ez dezaten». «Beldurra» zuten txistea berak nola hartuko zuen, baina, haren harrera ikusita, «pozik» jarri ziren. «Jendeak ulertzen du klarionarekin egiten gabiltzan hori».

Denborarekin «ausardia eta indarra» hartuz joan dira, eta espazio bat irabazi dute. Baita «liberazio guneak» ere. Baina badute kezka bat buruan. «Nor dago beste aldean?». Irakurtzen ote den aldizkaria, beti dute kezka hori.]]>
<![CDATA[«Bakardadeak beldurtzen nau»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/032/001/2016-06-29/bakardadeak_beldurtzen_nau.htm Wed, 29 Jun 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1845/032/001/2016-06-29/bakardadeak_beldurtzen_nau.htm Pedaleando por los refugiados (Errefuxiatuen alde pedalei eragiten) egitasmoaren sortzailea ere bada: 4.000 kilometro egingo ditu bizikletaz, Atenastik Stockholmeraino. Hainbat errefuxiatuk Europara iristeko oinez egiten duten ibilbide bera da. Aurrez, Kiosen (Grezia) eta Calaisen (Frantzia) egona da, boluntario lanetan.

Bizikleta bat hartu, eta 4.000 kilometro egingo dituzu errefuxiatuen alde. Ez da udarako planik ohikoena.

Ni bizi naizen lekuan, Aranguren ibarrean, Nafarroan hartu diren errefuxiatu gehien hartu dira. Denbora bat bada errealitatea ikusten dudala eta sentsibilizazio hori gertutik bizi dudala. Gainera, apirilean, Kiosera joan nintzen GKE batekin, eta esperientzia horrekin askoz gehiago enpatizatu nuen. Haiekin hitz egin nuen, lagunak egin nituen, eta frustratuta, haserretuta itzuli nintzen. Orduan, ahal nuena egiten hasi nintzen; zerbait egin nahi nuen haien egoera ikusarazteko: bozgorailu txiki bat izan, beste erakusleiho bat, haien istorioak hemengo jendearengana hurbiltzeko. Informazio faltagatik edo ezjakintasunagatik, ez direlako kontziente gertatzen ari denaz.

Oraindik ez dago kontzientziarik gizartean?

Oraindik jende asko dago desinformatuta. Albistegiak ikusten ditugu, baina, askotan, oharkabean pasatzen dira. Egunero gertatzen den zerbait ikusten dugunean, normalizatu egiten dugu: normalizatu egiten dugu Iraken ehun pertsona hiltzen direnean atentatu batean, normalizatu egiten dugu Europan barrena milioi bat errefuxiatu oinez ibiltzea. Kezkatzeari uzten diogu, nolabait, ez digulako eragiten. Gu lasai gaudelako gure etxean. Kontzientzia falta da, eta egunero gertatzen den gauza batek ez dio albiste izateari uzten.

Errefuxiatuek Europara iristeko egiten duten ibilbide bera egingo duzu. Zerbait sinbolikoa, ezta?

Helburua haien azalean jartzea da. Horregatik daramat bizikleta, haiek erabiltzen duten garraio antzekoa da. Oinez joaten dira, eta bagaje guztia eramaten dute gainean. Nahiz eta uste dudan ezingo dudala haiek egiten duten ibilbide bera egin, gutxienez herrialde berberetatik igaroko naiz.

Zenbat denbora emango duzu ibilbide horretan?

Bihar eta etzi, elkarrizketak egingo ditut errefuxiatuen kanpaleku batean, Kiosen ezagutu nuen lagun palestinar batekin. Uztailaren 1ean abiatuko naiz Mazedoniara, eta abuztuaren 16rako Stockholmen egotea da asmoa.

Zenbat kilometro egingo dituzu egunean?

Egunean, ehun inguru, 45 egunean edo. Baina ez dut ezer antolatu; egin ahala ikusiko dut.

Bereziki prestatu zara?

Gutxien prestatu naizen urtea da azken urte askoan. 500 kilometro inguru egin ditut joan den urtetik. Bizikletaz zoazenean, erritmoa suabeagoa da, baina lehen egunak pisutsuagoak izango dira.

Helburua errefuxiatuen egoera ikusaraztea da. Nola egingo duzu hori?

Blog bat sortu dut horretarako: pedaleandoporlosrefugiados.es. Errefuxiatuen istorioak jasoko ditut, eta GKEekin kolaborazioa sustatu ere bai.

Horrela masa bat izateari utziko diotela esan izan duzu.

Hori da. Ia beti daukagun arazoa da ez ditugula pertsonak tratatzen; etorkinak, errefuxiatuak, frantsesak tratatzen ditugu, eta etiketa horien atzean pertsonak daudela ahazten dugu. Nik uste dut pertsonak ezagutzen ditugunean, haien arazoak ezagutzen ditugunean eta identifikatzen garenean sentsibilizatzen garela gehien.

Atzo iritsi zinen Atenasera. Zer itxaropen dituzu?

Ez dakit nola erantzungo duten nire hankek, nolakoa izango den klima, nolako arazoekin topo egingo dudan Serbian eta Mazedonian, segurua izango ote den edo ez, aterpea aurkitzeko nola ibiliko naizen, jatekoa... Bakarrik joateak halako proiektu pertsonal batean gehiago barneratzen laguntzen dit, baina, aldi berean, uste dut pixka bat gogorra izango dela ez partekatzea izango ditudan emozioak eta ezagutuko dudan ibilbidea. Bakardadeak beldurtzen nau gehien, proiektuak duen emozioarengatik.

Nafarroako suhiltzaileekin ere elkartuko zara.

Kanpalekuz kanpaleku ari dira lanean, eraitsi egiten dituztelako egun batetik bestera. Hori salatu egin behar da: 00:04an sartzen dira hondeamakinekin, errefuxiatuei esaten diete gauzak hartu eta alde egiteko, eta 00:08an ez da existitzen ezer han. Suhiltzaileek hilabeteak daramatzate lanean, eta lehen eskutik kontatuko didate zein den hango egoera.]]>
<![CDATA[Inoiz baino freskoago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/035/001/2016-06-28/inoiz_baino_freskoago.htm Tue, 28 Jun 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1736/035/001/2016-06-28/inoiz_baino_freskoago.htm Bat izenburupean, eta jaio berri da bigarrena: The Legacy (Gaztelupeko Hotsak); euskaraz, herentzia esan nahi du. «Musikari gisa mundu honetan utzi behar dugun herentzia da diskoa. Hori hor geldituko da ja», dio Artetak. Aurrekoan bezala, jazz estiloari eutsi diote oraingoan ere. Bi urte igaro dira lehen esperientzia hartatik, eta hori nabaritu egiten da emaitzan, haren esanetan. «Gehiago ezagutzen dugu elkar, interakzio handiagoa dago. Konposizio aldetik ere eman dugu aurrerapauso bat: kantak garatuagoak dira, melodia gehiago dute, musika idatzi gehiago dago...». Musikariaren iritziz, aurreko lana baino «freskoagoa» da oraingo hau.

Instrumentala da diskoa. Artetak konposatu ditu abesti guztiak —My Romance izan ezik—, eta saxo tenorra jotzeaz arduratu da. Iruñeko Pablo Sarasate goi mailako musika kontserbatorioan hasi zituen ikasketak, eta, egun, irakasle da han. Harekin batera aritu dira Luis Gimenez (gitarra), Satxa Soriazu (pianoa), Kike Arza (kontrabaxua) eta Juanma Urriza (bateria). Gitarra jotzailea izan ezik, gainontzeko guztiak aurreko diskoko musikari berberak dira. Abesti batzuetan instrumentu batzuk entzuten dira, eta, besteetan, beste batzuk. Artetaren arabera, modu natural batean lortu dute «aniztasuna»: «Musikak eskatzen duenaren arabera, batak edo besteak jotzen du».

Kantu bat, istorio bat

Kantu bakoitzean istorio bat jaso dute. «Konposatu nituenean banituen buruan ideia jakin batzuk, kanta bakoitza zein bidetatik bideratu nahi nuen. Oso argi nuen haietako bakoitzak istorio bat kontatuko zuela: hasiera bat, garapen bat eta ildo luze bat izango zituela. Eta nik uste dut hori lortu dugula». Artetaren iritziz, eragin handia izan du etxean entzuten duen musikak: gaur egungo New Yorkeko musikari gazteak, batez ere. Besteak beste, Mark Turner eta Ben Wendel daude autore horien artean. «Azkenean ezinezkoa da zuk normalean entzuten duzun musikarekiko zerbait oso ezberdina egitea».

Aldaketa handiak daude abesti batetik bestera: erritmo lasaiak eta biziak tartekatzen dira, etengabe atmosfera ezberdinak sortuz. Baina kontraste horiek, pieza batetik bestera ez ezik, haien barrenean ere gauzatzen dira. Horregatik, abesti nahiko luzeak atera zaizkie: ia hamar minutu irauten du luzeenak.

Baina badira hogei segundoren bueltan irauten duten beste hiru pieza. «Ez dakit abestiak diren, egia esan. Korte oso-oso motzak dira. Beste kantak oso luzeak direnez, ideia ona iruditu zitzaigun horrelako batzuk sartzea kanta luzeen artean. Entzulearen belarria freskatzeko, nolabait». Bestalde, entzulea estudio barrura eramateko ere baliatu dituzte doinu horiek. «Korte horiek ez ziren aurrez adostu. Satxa pianista berotzen ari zenean grabatzeko botoiari eman genion 15 segundoz, eta hori zuzenean diskora joan da, adibidez. Nik uste dut badela modu bat entzulea diskoa grabatu zen momentu hartara bertara eramatekoa».

Hark konposatu ez duen abesti bakarra My Romance da, Richard Rodgersen klasikoa. «Oso gustuko dudan kanta da, gure lagun Mauro Urriza omendu asmo duena». Pianista nafar «oso famatua eta oso maitea» izan zen hura, eta iaz hil zen. «Hari eskainitako kanta da. Bere azken diskoan jotzen zuen azken kanta da».]]>
<![CDATA[«Euskararentzat ez da mehatxu aniztasuna»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2016-06-24/euskararentzat_ez_da_mehatxu_aniztasuna.htm Fri, 24 Jun 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2016-06-24/euskararentzat_ez_da_mehatxu_aniztasuna.htm Auzokoak dokumentala sortu dute gaiaren inguruan sentsibilizazioa sustatzeko. Iñaki Alforja iruindarrak zuzendu du.

Atzerritarrak euskarara hurbiltzean, huts egiten duen hanka askotan euskaldunena izaten da.

Auzokidea deitzen diogu euskarara gerturatu nahi duenari, eta auzotarra euskalduna izan eta laguntzeko prest dagoenari. Auzokideak badaude herrietan, baina auzotarrak falta dira maiz. Eta nahiz eta auzokideak euskara ikasten ahalegindu, jendeak gaztelaniaz egiten die kalean. Hori askok esan digute. Esaterako, saharar batek euskara ikasi, eta mundu guztiak gaztelaniaz egiten dio. Hor, gu ari gara muga jartzen. Euskaraz baldin badaki, oso jokabide itsusia da. Hori guri ere egin diezagukete: norbaitek erabakitzea itxuragatik espainolak garela.

Eta ez badaki euskaraz?

Ez diozu erakusten hemen beste hizkuntza bat dagoela, eta ez du beharrik ikusiko ikasteko. Batzuek ez dute ikusten beharrik, hori errealitate bat da. Beraiek ez dute atxikimendurik hizkuntzarekiko, eta, gainera, inork ez die hizkuntza horretan hitz egiten. Orduan, zergatik hasiko dira ikasten? Euskaldunok nahi dugu denek ikastea, eta, orduan, erraztu diezaiegun geuk bide hori.

Ingalaterrara joaten denak oso argi du ingelesa ikasi behar duela.

Eta hona etortzen denak, ez. Zergatik? Ez diegulako beharrezko egiten. Hortik sortu da dokumentala.

Dokumentaleko kideek argi dute euskara ikasi behar dutela. Zer motibazio dituzte horretarako?

Askotan, motibazio praktikoak dira: lan bat lortzea; hemengo askok daukaten motibazio berdina. Beste askok azpimarratzen dute errazago integratzen direla; euskaraz eginda jatorragotzat hartzen dituztela. Batek aipatzen du hizkuntzaren bidez hobeto ulertzen duela jendea eta herria. Beste batek dio: «Nik sentitzen dut errespetatzen ditudala eta beraiek ni errespetatzen nautela».

Errespetuaz sarri hitz egiten da...

Ez da ahaztu behar hemen euskara egoera gutxituan dagoela. Askok aipatzen dute ez zekitela hemen beste hizkuntza bat zegoela. Hemen ez da beharrezkoa euskara ikastea, zeren bizi zaitezke euskara jakin gabe. Eta, halere, euskara ikasteko erabakia hartzen duenak errespetu bat erakusten die hizkuntza hau mantentzeko borrokan dabiltzan guztiei. Euskaldunok asko eskertzen dugu hori. Asko gustatzen zaigu beltz bati euskaraz entzutea.

Baina badago jendea oso herri euskaldunetan bizi arren euskara sekula ikasten ez duena.

Beti egongo da horrelako jendea. Denok euskaraz egingo bagenu, ikusiko lukete ikasteko beharra. Hori da kontua. Gure esku dago haiei euskaraz egitea. Indar hori daukate, talde batera joan, eta guztiek gaztelerara aldatzekoa.

Euskara jakinda hobeto biziko dela uste dute zenbaitek.

Eskubide kontu bat ere bada. Kanpotik datorren pertsona horri ukatzen badiozu euskara ikastea, edo ez badiozu horretarako erraztasunik jartzen, hainbat lanpostu ezingo lituzke inoiz izan. Izan daiteke kazetaria, baina ezingo luke BERRIAn lan egin, administrazio publikoan lanpostu askotan euskara behar da... Eskubide berdintasunean euskara berme bat da. Jendeak esaten du: «Etorkinek nahiko arazo dituzte, eta, gainera, ez diegu beste arazo bat jarriko, euskara ikastearena». Eman diezaiogun horri buelta. Ez badute hizkuntza ikasten, agian beste arazo bat daukate.

Aniztasuna ez da arazo bat, beraz.

Aniztasuna ez da mehatxu euskararentzat. Euskarak nahiko arazo du gaztelera eta frantsesarekin; ezin gara hasi beste hizkuntza guztiekin borrokan; ziur galduko dugu. Hori gure alde jarri behar dugu, euskarak hiztunak behar dituelako. Jendeari ezin diogu aterik itxi; komunitatea ireki behar dugu.

Denei lehen hitza euskaraz egitea da soluzioa?

Norbaiti gaztelaniaz egiten badiozu, erabaki duzu pertsona horrek ez dakiela euskaraz. Euskaldunok etengabe erabakitzen dugu testuinguruaren arabera, janzkeraren arabera, azalaren kolorearen arabera... Oso estresagarria da. Egunean ez dakit zenbat aldiz erabaki behar dugu zein hizkuntzatan egin lehen hitza. Eskoletan dauden beltzak oso euskaldunak izango dira helduak direnean, eta inork ez die egingo euskaraz. Oso frustragarria izan behar du. Errespetuagatik, askoz hobe da lehen hitza euskaraz egitea.]]>
<![CDATA[Ametsak gailentzen direnean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1849/022/001/2016-06-22/ametsak_gailentzen_direnean.htm Wed, 22 Jun 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1849/022/001/2016-06-22/ametsak_gailentzen_direnean.htm Uda gau bateko ametsa antzezlana estreinatu zuten, eta ezkontzako gonbidatuen rola bete zuten ikusleek sorpresa batekin baino gehiagorekin topo egin zuten hiru ordu iraun zuen ikuskizunean. Uztailaren 24ra bitartean, gauero taularatuko dute, astelehenetan izan ezik, 21:00etan.

20:45erako, zain zegoen jendea parkearen kanpoko aldean. Urduri. Sarrera guztiak salduta daudela jakiteak eragindako jakin-minaz. Aulki bana eman zieten atean, tolesgarria, hara eta hona mugitzeko. Izan ere, ikuskizun ibiltaria da: 11 agertoki ditu, eta haietako bakoitzean ekitaldi bat antzeztuko dute. Otarra bat ere banatu zieten, bi pertsonaren artean partekatzeko. Ezkontzako afaria zetorren barruan: bihotz formako ogia, plater exotikoak... Bitartean, zerbitzariak hara eta hona zebiltzan, koktelak, ardo kopak nahiz koloretako patatak zerbitzatzen. Haien artean, aurpegi ezagunak zeuden: Josean Bengoetxea, Mikel Laskurain, Ramon Agirre... Luisa Lopez Telleriak diseinatua da afaria, Basque Culinary Centerrekin lankidetzan.

Afaria amaitutakoan hasi zen zeremonia. «Demetrio, ezkondu nahi duzu Hermiarekin?». Eta baiezkoa haren erantzuna. «Hermia, ezkondu nahi duzu Demetriorekin?». Eta zalantza. Beste pertsona bat agertu zen orduan, eta Hermiak harekin ihes egitea erabaki zuen. «Hermia goxoa da, eta nik badaukat pastel horretatik zerbait, baina pertsonaia guztiak momentu batean esnatu egiten dira, eta hori interesgarria da», zioen Aitziber Garmendiak, Hermiaren rola jokatzen duen aktoreak. «Denok daukagu indarkeriatik eta maitasunetik. Zuritik beltzera aldatzen gara etengabe. Denok daukagu zerbait eromen horretatik, eta horretaz hitz egiten du obrak», erantsi zuen Gorka Otxoak, Demetrioren rola interpretatzen duenak.

Basoan barrena galdu ziren maitale eroak, ametsak gauzatzea posible dela sinetsita, errealitateari ihesi. Eta haien atzetik abiatu ziren ikusle guztiak, kuriositatez, zer gertatuko zen jakin nahian. Ibilbidea argitzeko, bonbila bana banatu zieten, eta bidean, hainbat pertsonaiarekin topo egin zuten: maitagarriekin, pertsonaia fantastikoekin... Istorio guztietan bezala, bazterrak nahastea gustuko duenik ere bazen tartean. Lore magiko bat hartu, eta lo zeudenei haren tantak botatzen hasi zen iratxoa, bihurri. Esnatzean, ikusten zuten lehen pertsonarekin maitemintzen ziren pozoinduak: baita begien parean asto bat baldin bazuten ere. «Maitasuna eta arrazoia ez datoz beti bat», esan zuen pertsonaietako batek.

Basoko mundu magikoa

Oihanean gordea zegoen mundu magikoa deskubrituz zihoazen apurka-apurka ibiltariak: Easo abesbatza entzuten zen urrunean, Jon Maiak gidatutako dantzariak agertu ziren bidean, Iñaki Salvadorrek zuzendutako musikariak... Tartean, zurrumurruak entzuten ziren: sorpresa bakoitza albokoari komentatu nahian ari zen publikoa. Pauso bat aurrena, eta gero bestea, basoan murgildu ziren, errealitatea eta ametsak bereiztea zaila bilakatu zen gune horretan.

400 urte bete dira aurten Shakespeare hil zela, eta Donostia 2016k urtemuga hori aprobetxatu du haren komedia ezagunenetako bat euskarara ekartzeko. Antolatzaileen arabera, lehen aldia da Shakespeareren obra bat halako dimentsioetan eta euskaraz egiten dena. Atzoko estreinaldia euskaraz egin zuten, eta Otxoa eta Garmendiaren esanetan, «ohore» bat da halako ikuskizun batean parte hartzea. Patxo Telleriak landu ditu antzezlanaren euskarazko eta gaztelerazko moldaketak, eta, klasiko bat izan arren, gaurko arazoetara egokitu du gidoia: ezkontza zibila da, homosexualitatearen gaia ageri da... Testua ere hurbila izan dadin ahalegindu da, bertso forma zaharretatik aldenduz.

Badu berrikuntza bat egokitzapenak: Kristinaenea pertsonaia moduan ageri da. Naiara Arnedok antzezten du, eta parkera ongietorria egiten die ikusleei. Harekin batera, laguntzaile batzuk arituko dira publikoari argibideak ematen: noiz eseri, noiz jaiki, nora joan... Jantzi ikusgarriak ditu basoko zaindariak, beste pertsonaia askok bezala. Tutti Thursbergek diseinatu ditu, eta Ikerne Jimenez arduratu da eszenografiaz.

Gainera, metaantzerkia dago; hau da, antzerkiaren barruan antzerkia. Hasieran zerbitzari rola jokatuko duten lau pertsonaia Uda gau bateko ametsa antzezlaneko aktore bilakatuko dira gero: Jose Ramon Soroiz, Ramon Agirre, Josean Bengoetxea eta Mikel Laskurain. Seriotik gutxi izango du haiek sortu nahi duten obrak; esandako hitz bakoitzarekin, umoreari bide bat zabalduko diote.

Antolatzaileen esanetan, kultur hiriburutzaren programazioko ekitaldi nagusietako bat da antzezlana. Eguraldiak laguntzen badu, 30 emanaldi egingo dituzte, eta sarrera guztiak salduta daude dagoeneko —7.500 inguru dira—. Zuzendariak «pozik» agertu ziren obrak sortu duen ikusminarekin: «Lehen itxaropena bete da; orain, guk eman behar dugu maila», zioen Fernando Bernuesek. Iñaki Rikarteren arabera, antolaketa aldetik lan handia eskatzen duen ikuskizuna da. «Uda gau bateko ametsa-ren bertsio asko daude, baina hau ibiltaria da; gauez, aire zabalean, afari bat dago... Logistikoki oso konplexua da; abentura handi bat».

Gustura atera ziren ikusleak lehen saiotik. «Harrituta». Ez zelako antzezlan arrunt bat ikusi zutena. Askotariko sentsazioak biltzen dituen bidaia bat baizik. Fantasia eta errealitatea parez pare jarri ziren une batez, eta ikusi zuten posible dela borroka horretan ametsak gailentzea. Udako gau batez bada ere.]]>
<![CDATA[Erromesentzat ostaturik ez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/042/001/2016-06-18/erromesentzat_ostaturik_ez.htm Sat, 18 Jun 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1736/042/001/2016-06-18/erromesentzat_ostaturik_ez.htm
Orotara, kalkulatzen dute 6.000 eta 7.000 erromes inguru iritsiko direla udan Donostiara; kultur hiriburutzaren harira, ez baitute aurreko urteetatik jaitsierarik espero. Horien artean, batzuek beren kabuz bilatuko dute ostatua: «Badago jendea nahiago duena pentsio bat edo hotel bat hartzea». Baina, aurreikuspenen arabera, 4.000 lagun inguruk joko dute elkartearen zerbitzuetara. Eta ez dute izango haiei non ostatu eman. «Hiru institutu behintzat badaude ibilbidetik gertu, eta badirudi inork ezin digula lokala utzi bi hilabeterako».

Imazek zer gertatuko den iragarri du: «4.000 pertsona egongo dira udan Donostiako kaleetan lotan. Pentsio bat ez dute 120 euro ordainduko, eta, uztailean eta abuztuan, ez duzu hori baino merkeago ezer aurkituko». Bestela, bideari jarraitu beharko diote Orioraino (Gipuzkoa), eta, horretarako, hamasei kilometro gehiago egin behar dituzte. «Hondartzan geldituko dira, edo diputazioko arkupean; ahal duten lekuan. Bestela, etxera edo bide frantsesa egitera joango dira, garestiago ateratzen zaielako Donejakue bidea egitea Karibera joatea baino».

Imaz udan gerta daitekeenak kezkatzen badu ere, aurretik datorren kontu bat dela azaldu du. Jakintza ikastolan 60 plaza zituzten, eta soilik uztailean eta abuztuan ziren erabilgarriak. Gainontzeko urte guztian iristen ziren erromesek beren kabuz moldatu behar izaten zuten. Gainera, 60 plaza gutxiegi dira, elkartearen arabera, egun batzuetan 30 baina beste batzuetan ehun lagun iristen direlako. Kasu horietan, lurrean lo egitea eskaintzen zieten, bestela ostaturik gabe gelditzen zirelako. Askotan, onartu egiten zuten erromesek aukera hori, «leher eginda» iristen zirelako, beste zerbaiten bila hasteko indarrik gabe.

Egun jendetsuenetan, 40 lagun inguruk lo egin zuten lurrean, eta haietako askok, korridoreetan. Gainera, ur berorik ez zen iristen denentzat. «Egoera jasangaitza zen. Gure lana eskertu egiten zuten, baina eskaintzen genizkien baliabideak penagarriak ziren. Zer irudi ematen dugu horrela?».

Urte asko dira elkartea egoera hori salatzen ari dela. «Hau tragedia bat da». 30 bat gutun bidali dizkiete udalari, Eusko Jaurlaritzari, foru aldundiari, gotzainari... «Baina mundu guztiak beste aldera begiratzen du. Udalak, diputaziora jotzeko; diputazioak, Eusko Jaurlaritzara, eta hark, gotzainarengana... Nik esaten dut guztiok bilera bat egin behar dugula, eta erabaki bat hartu arte inor ez dela aulkitik jaikiko».

Boluntarioak aski ez

Elkarteko boluntarioek behar guztiak bete ezin dituztela iritzita, Imazek uste du ekimen pribatua sustatu behar dela. Beharrezkotzat jotzen du urte osoan erabilgarri egongo den gune bat, 40 plazakoa. «Politena litzakete norbait ausartzea aterpetxe bat muntatzera, gure estilora, zerbait xumea eginda». Gutxienez sei pertsonari proposatu die aukera hori Imazek: lokalak bilatu dizkie, planteatu die 40 lagunentzat izango dela, eta 40.000-50.000 euroko inbertsioa egin behar dela hasieran. Baina erantzun guztiak ezezkoak izan dira. «Gutxienez, zazpi hilabetez egunero lan egin behar duzu, eta 13:00etan hasi eta hurrengo eguneko 10:00etan amaitzen duzu. Familia eredu oso definitua izan behar duzu horretarako, eta jendea beldurtu egiten da». Eskaintza hipotetiko hori behin-behineko instalazioekin osatzea da elkartearen asmoa.

2009an, Herritar Merezimenduaren domina eskuratu zuen elkarteak, bere lanaren aitorpen gisa. Baina Imaz ez dago konforme. Horren ordez, benetako soluzio bat nahi du. Gainera, amorrua ematen dio Donejakue bidea turismoa erakartzeko eta publizitaterako erabiltzeak. «Honek gainezka egingo du. Iruñean gertatu zen duela urte batzuk. Udaletxean jarri ziren erromesak, bat eginda, eta hemen gauza bera gertatuko da. Elizara edo beste nonbaitera joango dira, eta joan daitezela, neu izango naiz lehena hara bidaliko dituena».]]>
<![CDATA[Joareen hotsari segika]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/043/004/2016-06-18/joareen_hotsari_segika.htm Sat, 18 Jun 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1872/043/004/2016-06-18/joareen_hotsari_segika.htm
2002an antolatu zuten lehen aldiz jaia, euskal kultura pertsonaia jakin baten bitartez goratu nahian. Iruñeko Txantrea auzoan izan zen lehen aldi hura, eta, ordutik, hainbat lekutan egin dute: Nafarroako Irunberri, Atarrabia, Lizarra eta Berriozar herrietan; Araban, berriz, Laudion eta Gasteizen... Gaur, 15. aldiz egingo dute, Arangurengo Joaldunek antolatuta.

2014ko azaroan Irulegi euskara taldeak eman zituen ikastaro batzuetatik sortu zen Arangurengo Joaldunak taldea, bizilagunen ekimenez. Egun, ibarreko Mutiloa, Labio eta Aranguren herrietako joaldunek osatzen dute.

Euskal Herri osoko jendeak parte hartuko du goizeko kalejiran: Bizkaitik, Nafarroako Erriberatik, Arabatik, Gipuzkoako kostaldetik eta Iparraldetik-eta joango dira joaldunak Mutiloara. Kolorez betetako emanaldia izango da, eta, oro har, ehun joaldun inguruk parte hartuko dute. 11:00etan hasiko da desfilea, eta kalez kale ibiliko dira. Euskal Herri guztiko joaldunak ezagutzeko aukera ematea da xedea.

Bi zutabetan antolatuko dira partaideak, haietako bakoitzean 50 lagun jarrita. Baina herriko alde zaharrean sartzean, zutabe bakar batean elkartuko dira guztiak. Kalejira gaitero eta trikitilariek girotuko dute, eta, haren amaieran, Arangurengo dantzarien emanaldia izango da. Adin ezberdinetako hiru taldek parte hartuko dute: gazteenek Iribasko ingurutxoa dantzatuko dute; zaharragoek, arin-arina, eta helduenek, Baxenabarre dantza.

Bazkaria eta musika

Horren ostean, herri bazkaria izango da. 13:00etan hasiko da, eta, hara joan nahi izanez gero, txartelak erosi behar dira Multivera tabernan, 12 euroren truke. Entsaladak, mokaduak, eltzekariak, postrea, kafea eta kopa sartzen dira menuan.

Arratsaldean, musikaren txanda izango da. Urko Milagro kantautoreak saio bat egingo du 16:30ean. 18:00etatik aurrera, berriz, beste lau kontzertu izango dira, estilo askotakoak: Gerok, Lur-J, Skarmentu eta RPVko Iosu eta Satelite.

Gainera, txosna zabalik egongo da egun osoan.

Euskal Herriko Joaldunen Festa

Gaur, egun osoan, Mutiloan (Nafarroa).]]>
<![CDATA[Dantzaz taldea nazioarteko eta bertako kideekin batera ariko da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1968/023/001/2016-06-17/dantzaz_taldea_nazioarteko_eta_bertako_kideekin_batera_ariko_da.htm Fri, 17 Jun 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1968/023/001/2016-06-17/dantzaz_taldea_nazioarteko_eta_bertako_kideekin_batera_ariko_da.htm
Batetik, bertako koreografoen alde egin dute apustu —bertakotzat jotzen dituzte hemen bizi direnak, bertan jaio ez arren; bai eta hemen jaio eta kanpoan bizi direnak ere—. Euskal Herriko sorkuntzari ikusgarritasuna eman nahi diote, eta taldearen eta bertako sorkuntzaren arteko harremanak estutu ere bai. Horretarako, urtean sei koreograforentzako egonaldiak antolatuko dituzte, astebete iraungo dutenak. Laborategi gisa funtzionatuko dute, eta, denbora tarte horretan, 15-20 minutuko pieza irekiak sortu beharko dituzte dantzariekin. Sortzaile horiek binaka bilduta aurkeztuko dituzte emaitzak, Errenterian, Donostian, Bilbon eta Miarritzen (Lapurdi). Honako hauek dira atal horretan lankide izango dituzten bazkideak: Dantzagunea, Donostia Kultura, Tabakalera, Azkuna Zentroa eta Malandain Ballet Biarritz.

Beste sei egonaldi ere antolatuko dituzte, atzerriko koreografoentzat. Horiek egonaldi luzeagoak egingo dituzte: bi, hiru edo lau astekoak. Hemengo sortzaileek ez bezala, atzerrikoek pieza itxiak sortu beharko dituzte, 10-15 minutukoak, eta gero bira batean erakutsiko dituzte. Obrak «joan-etorriko bidea» egitea da asmoa, Saenz de Ugarteren arabera; hau da, hemen nahiz koreografoaren herrialdean aurkeztea emaitza, eta baita Europan barrena ere.

Atzerriko bost bazkide

Oraingoz, bost herrialderekin egin dituzte akordioak, bi motatakoak: batetik, Frantziako Les Synodales-Sens eta Alemaniako Internationales Solo-Taz Theater jaialdietan Dantzaz saria banatuko dute, eta sari hori eskuratzen duenak parte hartuko du egonaldietan; bestetik, Italiako Piamonte in Vivo, Herbehereetako Korzo eta Britainia Handiko DanceBase erakundeekin sinatu dituzte hitzarmenak. Horrela, bi aldeek adostutako koreografo bat etorriko da urtero Errenteriara. Itxi gabeko hainbat hitzarmen ere badituzte oraindik: Kanadarekin harremanetan daude —seigarren atzerriko egonaldia adosten ari dira—, eta Euskal Herriko hainbat aukera lantzen ari dira.

Azken urteetan konpainiak hartu duen bidean beste pauso bat da lan ildoan egin duten aldaketa. Izan ere, zuzendaritza artistikoak etengabe gonbidatu izan ditu atzerriko koreografoak sormen prozesuetarako. 2013tik 2015era bitartean, 66 sorkuntza ekoizpen egin zituen konpainiak, eta haietako 29, koreografo gonbidatuekin. Jatorri askotako sortzaileek parte hartu zuten egonaldietan: Australia, Belgika, Israel, Norvegia, Italia, Suedia, Herbehereak, Frantzia...

Atzerriko sortzaileekin harremanetan izateaz gain, Euskal Herriko koreografo gehienekin ere lankidetzan aritu izan da Dantzaz. 2013an, Atalak egitasmoaren bidez, bertako koreografoei konpainiarekin egonaldiak egiteko aukera eskaintzen hasi ziren, eta sorkuntza lan horiek jendaurrean aurkezten ere bai. 2013. eta 2016. urteen artean, 11 koreografok egin zuten sorkuntzarako egonaldia konpainiarekin. Besteak beste, Igor Calongek, Asier Zabaletak, Jon Mayak, Olatz de Andresek...]]>
<![CDATA[Bitarte hutsa ala betea?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/032/001/2016-06-15/bitarte_hutsa_ala_betea.htm Wed, 15 Jun 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1736/032/001/2016-06-15/bitarte_hutsa_ala_betea.htm Hutsartea (Maiatz). «Liburuaren hasierako hazia ezinegon horiek izan baldin baziren ere, gerora denbora galduaren inguruko azterketan gorpuzten joan da».

Hutsarte bat hartzen saiatu, eta hutsarteez hausnartu du azkenean. «Bizitzan zehar norbanako bakoitzak izan ditzakeen parentesi horien inguruan hausnartu nahi izan dut. Bitarte horiek hutsak ala beteak diren jarri nahi izan dut mahai gainean». Kazetaria da lanbidez Mutiozabal, eta bigarren lana du Hutsartea. 2013an Gorren dantzalekua kaleratu zuen, eta, hartan, existentzialismoa izan zen landutako gai nagusia. Lan berrian ere gai horrek bere lekua duen arren, ez luke esango haren jarraipen «zuzen» bat denik.

Hasieran, liburu bat eta bestea «oso ezberdinak» iruditzen zitzaizkion. «Erabat konbentzituta nengoen, nahiz eta Hutsartea laneko atalen batean-edo existentzialismoaren arrastoa nabarmena zen». Baina azken asteetan, elkarrizketa eta aurkezpen saioetan konturatu da barruan daraman «ezinegon edo itolarri» horrek asko duela existentziaren gaiarekin. Bizitza bera zer den, eta gizakiaren egitekoa zein den, behin baino gehiagotan ageri diren gaiak dira. «Onartu egin behar ditugu gizarteak horren barneratuta dituen ereduak ala bakoitzak bere bidea bilatu behar du? 'Hil arte bizi', dio esaerak. Gauza da bizitzan hartutako erabaki guztiek ez dutela emaitza bera: batzuk hutsak dira, eta besteak beteak. Eta hori norberak atera behar duen ondorioa da».

Bost ataletan banatuta dago liburua. Eta atariko eta amaierako poema bana ditu. «Atal bakoitza tematikoa da, behintzat horretan saiatu naiz, eta guztiek denbora galduaren eta bitarte hutsaren gai nagusiari erantzuten diote». Baina atal bakoitzak bere testuingurua eta atmosfera ditu. «Batzuk politikoagoak dira, besteak onirikoagoak, existentzialagoak, sormen prozesuari buruzkoak...».

Bost gai, bost atal

Geografia zartatuak atalak urteak ihesean, erbestean, atxilo edo errefuxiatu pasatu dituztenen barne sentipenari erreparatzen dio. Ametsen itsasaldia, berriz, lo edo esna egiten diren ametsez ari da. «Ametsen itsasoa ez da beti barea, eta askotan desio horiek egia bilakatzeko olatuak nahiz korronteak gainditu behar dira. Eta, batzuetan, ez da lortzen».

Nostalgia, damua eta oroitzapenak dira Amnesia izeneko erlojua atalaren gai nagusiak. «Badirudi atzean geratutako oro beti izan zela hobea. Nire zalantza da ez ote dugun distortsionatuta ikusten, eta ez ote genukeen hobe aurrera begiratzea». Mihia huelgan isiltasunari buruz ari da: «Isilik geratze horri buruz, zerk bultzatzen gaituen horretara». Eta atalik «pertsonalena» da Eklipse bat nire ordenagailuan. «Idazle ibilbidean izan ditudan gorabeheren inguruan hausnartu dut, betiere ukitu sarkastiko batekin. Bertan iradokitzen dut ez dudala poesia gehiago idatziko, eta ez dakidala liburu berri hau idazten pasatu dudan denbora guztiak zerbaitetarako balio izan duen».]]>
<![CDATA[«Arrantza desagertzear da, edo jada desagertu da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2016-06-15/arrantza_desagertzear_da_edo_jada_desagertu_da.htm Wed, 15 Jun 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2016-06-15/arrantza_desagertzear_da_edo_jada_desagertu_da.htm
Garai batean, planorik erabiltzen ez bazuten, zer erabiltzen zuten itsasontziak egiteko?

Egurrean egindako molde batzuk, erregela batzuk eta formula sinple baina baliagarriak. Euskal Herrian itsasontzi politak egiten ziren, eta bazegoen jakinduria inportante bat. Gero, burdina azaltzean, aldaketa handiak izan ziren. 1970-1980tik aurrera, burdinazko itsasontziak egiten hasi ziren: 13-14 urterekin hasten ziren lanean; aldi berean ikasi egiten zuten, lanetik atera eta akademia batera joanda, liburuak beren diruarekin erosita... Hor egon dira belaunaldi batzuk meritu handi-handikoak. Zeren eskolara eta unibertsitatera joatea ez baitzen batere erraza. Haiei aitorpena egiten diegu guk behintzat.

Nola transmititu da jakinduria hori?

Hori misterioa da, nola belaunaldi bakoitzean sortzen diren pertsona batzuk besteak baino gehiago saiatzen direnak. Nire pena da inork ez diela inoiz esan zein inportanteak izan diren, zeinen lan inportantea egin duten. Arotz on bat, soldatzaile on bat edo delineatzaile on bat... Meritu handiko gauzak dira horiek.

Jakinduria hori galdu egin al da?

Itsasontziak eraikitzeko modu hori desagertu egin zen, eta XIX. eta XX. mendeetan planoak erabiltzen hasi ziren. Orain zeresan handia dute ingeniariek; forma berriak eta diseinu berriak sortzen ari dira. Hori orain, baina, mende askotan, egurrezko molde batzuen bidez transmititu da jakinduria. Eta itsasontzi onak egiten zituzten. Planorik ez erabiltzeak ez du esan nahi ez zekitela zertan ari ziren. Hor bazegoen teknika inportante bat, ia orain arte iraun duena.

Nola ikusten duzu egungo ontzioletako egoera?

Hori galdera zaila da. Eraikuntza modu hura desagertu zen, eta egun beste enpresa batzuk daude, haiekin zerikusirik ez dutenak. Goi mailako teknologian oinarritzen dira; orain aro supermoderno batean gaude. Oraingo ontziolek ez dute ideiarik metodo horietaz; hori dena historia da. Ofizio tradizional gehienak ere desagertu egin dira, eta beste batzuk sortu dira.

Etorkizuna bide beretik joango dela ikusten duzu?

Sektorea murriztu egin da pila bat. Ez da lehen zena; Gipuzkoan bi ontziola dauzkagu, inportanteena Zumaiakoa [Gipuzkoa], Balenciaga. Lehen, Euskal Herrirako sortzen ziren itsasontziak; bezeroak bertako merkataritza ontziak edo arrantzakoak ziren. Nik uste dut ez dudala gehiegi esajeratzen arrantza itsasontziak, salbuespen txiki batekin, jada desagertu direla esaten badut. Dagoeneko ez ditugu arrantzarako ontziak egiten, atunetako itsasontzi izozkailuak izan ezik. Ez daukagu arrantzarako flotarik, eta merkataritza ontzirik ere ez. Hemen ekoitzitakoa esportatzen da Norvegiara eta... Gaur egun ez dago eskaerarik; hemengo arrantza joan da.

Baina arrantzaleak badira oraindik, ezta?

Beheraka doa joera. Donostian badira ontzi txiki batzuk, baina baxurako ontzi handiak desagertu egin dira. Arrantza desagertzear dago, edo desagertu da jada.

Pena ematen dizu horrek?

Handia, baina jakin behar da gauzak horrela direla.

Donostiako portuko kudeaketa kritikatu izan duzu...

Lehen, arrantza portua zen, eta, orain, kirol portua da. Nik hori ez dut gaizki ikusten, baina niri gustatzen ez zaidana da jabegoan oinarritutako portu bat egin dutela. Ez da justua batzuentzako bakarrik gordetzea. Nik uste dut erabiltzaileen portu bat izan beharko lukeela. Erabilera oso eskasa da, eta, beste era batera antolatuta, nik uste dut jende gehiagok izango lukeela erabiltzeko aukera.]]>
<![CDATA[Etorriko zenaren abisua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1841/032/001/2016-06-11/etorriko_zenaren_abisua.htm Sat, 11 Jun 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1841/032/001/2016-06-11/etorriko_zenaren_abisua.htm Emigratzaileak eta iheslariak erakusketa. «Etorriko zenaren abisu bat da hau». Uztailaren 30era arte dago ikusgai, Zarauzko Photomuseumen, Gipuzkoan.

Esperientzia handikoa da Raso bere ogibidean. Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi zuen kazetaritza, baina atzerrian lan egin izan du, batez ere: Ekialde Hurbilean, Berlinen... Ceutan igarotako denboraldian —ia urtebete Melillan igaro zuen—, migratzaileen egoeraren lekuko izan zen, eta droga trafikoa eta jihadismoa ere gertutik bizi izan zituen. Besteak beste, El Mundo, El País eta The New York Times egunkarientzat lan egin du, eta hainbat sari jasotakoa da. Bizkaiko industriaren beherakadaren inguruko bi liburu ere kaleratuak ditu.

Photomuseumen sartu orduko, atentzioa ematen du paretan jarrita dagoen marrazki batek. Afrika dago batetik, hilkutxa pila batekin. Erdian, itsasoa: arrainak, txalupak, eta, hemen ere, hildakoak. Bestaldean, berriz, Europara iristea lortu duten iheslariak, laguntzen ari zaizkien boluntarioei eskerrak ematen. Eskola, sukaldea eta beste daude alde horretan, bestean sumatu ere egiten ez direnak. Eta mezu bat dago behealdean: «Lagundu».

Isaac Mapaco du izena marrazkiaren egileak. Kamerundarra da, eta, 2010eko Eguberrietan, harrera etxe batean zela, bere bizipenen inguruko marrazki bat egiteko eskatu, eta hori atera zitzaion. Raso harrera etxe horretan erreportaje bat egiten ari zen, eta, hura ikustean, «erabat hunkitu» zen. «Eguneroko bizimodua tragedia moduan bizi duen artista baten lan duina da».

Gatazka bera, baina bi atal

Mapacoren istorioak ematen dio sarrera erakusketari. Eta, gainontzekoa, bi ataletan bereizita dago. Leku berean egindako argazkiak dira guztiak, baina gai ezberdinak lantzen dituzte. Lehenak Bizitzaren eta heriotzaren itsasartea izena du, eta bizirik irautea batzuetan zein nekeza den islatzen du. Haien artean, bada argazki bat El Mundo egunkarian publikatu zena, eta Espainian fotokazetaritza arloan bigarren saria eskuratu zuena.

Errefuxiatu siriar bat ageri da, haur jaioberri bat eskuetan duela. Polizia du parez pare, eta hura mehatxatzen ari da, alde egiten ez badu haurra eskaileretatik behera botako duela adieraziz. Bien artean, beste haur bat dago, 5 urte ingurukoa; ahoa zabalik, oihuka. «Oso zaila izan zen niretzat argazki hori ateratzea. Nola prestatzen zara horrelako gauza baterako? Izoztuta gelditzen zara, geldi-geldirik. Ondo amaitu zen, baina gaizki amaitu izan balitz... Berriemaile izanda, pentsatzen dut prestatu egiten zarela, baina badaude egoera batzuk ohitu ezin zarenak».

Bigarren atala, berriz, honela deitzen da: Bizitza karga astuna da Europako hegoaldeko mugan. Zama astunak bizkarrean dituela ageri da jendea, bizitza ere astun bilakatu zaiela. Denetarik dago haien artean: agure itsuak zein emakume gazteak. «Gauza bat da tiroketa bat ikustea, armatuta dauden batzuk armatutako beste batzuen kontra, ideologia bat dela eta. Baina ez da hori kasua; hauek bizitza hobe bat nahi dute».

Argazki gehienak komunikabideetan publikatutakoak dira, eta, Rasoren arabera, batak bestearen ondoan hartzen du zentzua. «Film bateko zatiak bezala dira: denen artean istorio bat kontatzen dute». Baina argazkiz osatutako bi atal horiek gutxi irudituta, Ceutan bildutako materiala ere sartu du erakusketan. Txalupak, arraunak, olio botilekin egindako flotagailuak, bizitzarik salbatzen ez duten txalekoak... «Horiek ere istorio bat kontatzen dute».

Argazkilariaren lanak muga bat du, Rasoren iritziz. «Argazkilariaren lana gizartearen irakurketa hasten den lekuan amaitzen da». Horregatik jarri ditu benetako objektuak; nolabait, argazkiek kontatu ezin dutena publikoarengana hurbiltzeko. «Gauza bat da irudi bat ikustea egunkari batean, eta beste gauza bat da txalupa horretan pertsonak joan direla esatea, eta jakitea haietako batzuk hor hil direla».

Objektu horietako batzuk, txalekoak eta arraunak, beltzez margotuta daude. «Zer egiten du pertsona beltz batek, gauean, itsasoan, txaleko beltz batekin, eta, askotan, beltzez jantzita?». Ez du erantzun galdera Rasok.]]>
<![CDATA[Historiaurrean bezala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/043/005/2016-06-11/historiaurrean_bezala.htm Sat, 11 Jun 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1872/043/005/2016-06-11/historiaurrean_bezala.htm
Olinpiadak dira eguneko jarduera nagusia. Hirugarren aldiz egingo dituzte Historiaurreko Olinpiadak, 11:00etan hasita. Zestoako zein Euskal Herriko kuadrillek parte har dezakete; partaideek 16 urtetik gora izatea da arau bakarra. Historiaurreko bizimoduarekin lotura estua duten kirol probak egin beharko dituzte, lau eta sei kideko taldeetan. Izen ematea doakoa da, eta sari ugari izango dira partaideentzat. Irekiera ekitaldirako Hiru Probak ikuskizuna prestatu du Zestoako Interpretazio Eskolak.

Plan lasaiagorik ere izango da goizean. 11:00etatik 14:00etara, Sastarrain ibarrean paseoan ibiltzeko aukera egongo da, pottoka eta zaldien gainean. Hala, parte hartzaileek historiaurreko gizakiek hain ondo ezagutu zuten ingurua zeharkatuko dute.

13:00etan, berriz, herri bazkaria egingo dute. Herriko plazan parrila bat jarriko dute, gaur egungo euskal produktuekin, eta Eusko Labeldun hainbat jaki dastatu ahal izango dira.

Gainera, aurten, lehen aldiz, Gazteen Olinpiadak antolatu dituzte. Helduek goizean egingo duten moduan, 12 eta 16 urte bitarteko gazteek ere kirol probetan parte hartzeko aukera izango dute arratsaldean, 17:00etatik aurrera. Etorkizun motz batean, horiek izango dira Zestoako Historiaurreko Olinpiar Jokoetan parte hartuko dutenak, eta entrenamendu moduan oso ondo etorriko zaie olinpiar joko gazte horietan parte hartzea. Egunean bertan izena emateko aukera egongo da, herriko plazan, eta sariak ere izango dira.

Ordu berean, Ekainberri kanpoko zelaian, Irrien Lagunak taldeko pertsonaiek ingurua alaituko dute, ikuskizun baten bidez. Lagun taldeak Ekaingo familia ezagutuko du, eta elkarrekin abestera eta dantzatzera animatuko dira.

Horren ostean, merienda banatuko dute, herriko plazan, txarangaz alaituta. Herri bazkarian eta arratsaldeko meriendan bildutako diru irabaziak Gipuzkoako Elikagaien Bankurako izango dira.

Horrez gain, historiaurreko gastronomian oinarritutako pintxoak dastatu ahalko dira herriko tabernetan, egun osoan.

Ekainfest

Bihar, egun osoan, Zestoan (Gipuzkoa).]]>
<![CDATA[Heriotzaz harago dagoen bizitza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1757/027/001/2016-06-10/heriotzaz_harago_dagoen_bizitza.htm Fri, 10 Jun 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1757/027/001/2016-06-10/heriotzaz_harago_dagoen_bizitza.htm
Ordu eta erdi inguruko saioak izango dira, «bakarrak eta errepikaezinak». 15-20 minutuko lau atal izango dituzte saioek, bakoitza biktima batentzat. Eta haietako bakoitza artista batek zuzenduko du. Lau artista hauek dute ardura hori: Joxan Goikoetxeak, Mireia Gabilondok, Teresa Calok eta Iñaki Salvadorrek. Ekitaldi bakoitzerako pieza bana sortuko dute; hau da, bakoitzak hiru. Obra guztiak bata bestearen artean independenteak izango dira.

Asmoa ez da gogora ekarriko duten pertsonaren biografia kontatzea, hark utzitako oroitzapenetan oinarrituta ikuskizun artistiko bat sortzea baizik. «Zerbait baikorra, alaia eta dibertigarria». Diziplina asko landuko dituzte: musika, antzerkia, poesia... Artista bakoitza biktimaren familiarekin bilduko da, eta haiekin izandako esperientziak markatuko du mota batekoa edo bestekoa izango den emaitza.

Oraingoz, lehen saiorako piezak lantzen ari dira. Mireia Gabilondo aktore eta zuzendaria Mikel Zabalzaren familiarekin ari da lanean, eta «oso pozik» dago beren intimitatea nola zabaldu dioten ikusita: «Nola ireki didaten beren etxea, arima, sentitzen dutena...». Emozionalki ukitzen du gaiak, eta distantzia hartzea ari zaio gehien kostatzen. «Erronka bat da hemen ez dagoen baina egon nahiko lukeen pertsona bati buruz hitz egitea pieza artistiko batean». Dena den, horretan dihardu; eta, argitu duenez, oroitzapenak, Zabalzaren haurtzaroa eta Orbaizeta (Nafarroa) ?haren jaioterria? agertuko dira obran. Horretarako, irudiak, musika eta emakumezko aktore bat baliatuko ditu. Hori bai, argi du «bizitzaz beteriko» pieza bat izango dela emaitza. Guardia Zibilaren eskuetan zegoela hil zen Zabalza, 1985ean.

Joxan Goikoetxea musikaria, berriz, Garrido-Velasco familiaren inguruan ari da obra prestatzen. Rafael Garrido, Daniela Velasco eta haien seme Daniel ETAk hil zituen, 1986an. Familia ezagutu izanak argi utzi dio musika ezinbestekoa izango dela pieza horretan: «Rafael Garrido akordeoi jotzailea zen; musika maite zuen, eta musikaren bidez omenduko dugu».

Pixkanaka, Juan Manuel Gartzia Corderoren bizitzara hurbiltzen ari da Teresa Calo aktore eta zuzendaria. Dagoeneko Juanma deitzen dio, haren emazteak bezala. Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten 1980an. Zazpi seme-alaba zituen Gartziak, eta haien oroitzapenak bildu ditu Calok. Irudiak, musika, poesia ?Gartziari asko gustatzen zitzaion? eta detaile txiki asko jasoko ditu obrak, Calo «samurtasunez» bete dutenak.

Kontzientzian eragin nahian

Kontatu diotenak eragin dionarekin lan egingo du Calok: «Kuriosoa da, zeren, haren familia ezagututa, nik ere haren falta sumatzen dut. Harengana hurbiltzeak askoz kontzienteago egiten zaitu haren absentziaz, zuri ere lapurtu dizuten horretaz, denoi lapurtu diguten horretaz. Familiak bere memoria oparitu dit, eta hori partekatzea haren falta partekatzea da. Horrek kontzientzia kolektiboan eragiten laguntzen du. Finean, guztiok galdu dugu hura ezagutzeko aukera».

Bestalde, Iñaki Salvador musikaria Eugenio Olaziregiren inguruan ari da pieza prestatzen. Gutxi aurreratu dute obrari buruz: aktore bat egongo dela, eta Salvador bera ariko dela musikari lanetan. ETAk hil zuen Olaziregi, 1997an.

Julian Ibañez de Opacua psikologo eta psikoterapeutak ere parte hartu du egitasmoan. Gai «delikatua» denez, behar zenean hor egotea izan da haren rola.

Biktimak hautatzerakoan, Eusko Jaurlaritzak egindako Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri. Donostia 1960-2010 dokumentua erabili dute. Urte horietan 131 hildako eragin zituen indarkeriak Donostian, eta horietako hamalau aukeratu dituzte. ETAk, beste talde batzuek eta Espainiako estatuko segurtasun indarrek eragindako biktimak daude tartean.]]>
<![CDATA[Laranja osoa edo bi zati?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/038/001/2016-06-10/laranja_osoa_edo_bi_zati.htm Fri, 10 Jun 2016 00:00:00 +0200 Ihintza Elustondo https://www.berria.eus/paperekoa/1832/038/001/2016-06-10/laranja_osoa_edo_bi_zati.htm Kaixomaitia.eus webguneak egindako harreman afektiboen inguruko inkestan.

2016ko otsailaren 12an jarri zuen abian galdeketa Kaixomaitia.eus-ek, Aztiker soziologia ikergunearekin elkarlanean, eta atzo eman zituzten argitara emaitzak. 73 galdera egin zituzten, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. 1.500 pertsonak bete zituzten galdera guztiak, eta horietatik 200 bat kanpoan utzi zituzten, arrazoi bat ala beste, ikerketaren hobe beharrez. Hego Euskal Herrian bizi diren 18 eta 64 urte bitarteko euskaldunek -inkesta euskaraz bete zutenek edo euskaradunak direla esan zutenek- parte hartu zuten. Aldiz, beste profiletako nahikoa inkesta jaso ez zituztenez, unibertsotik kanpo geratu ziren 65 urte edo gehiagoko herritarrak, euskara menderatzen ez dutenak eta Ipar Euskal Herriko biztanleak.

Erantzun horiek interpretatzeko, aditutzat dituzten elkarte eta norbanakoekin jarri dira harremanetan: Euskal Herriko Bilgune Feministak, Gehitu elkarteak, Harremanak.eus webguneak eta genero eta maskulinitatean aholkulari Mikel Otxotorena Fernandezek egin dituzte balorazioak. Iñigo Arandia ikerketaren koordinatzaileak eta Kaixomaitia.eus-en sortzaileak ikerketaren balorazio «oso positiboa» egin du. Haren arabera, «interes handia» pizten du gaiak norbanakoen eta eragileen artean, eta «oso erraz» lortu dute jendearen parte hartzea sustatzea.

Emaitzei begira jarrita, Bilgune Feministak oso argi ikusi du maitasuna testuinguruak baldintzatutako eraikuntza soziokultural bat dela. «Matematikak ikasten ditugun bezala, maitatzen eta harremanak izaten ere ikasi egiten dugu, oso modu inkontzientean», dio Zufiak. Horregatik, bizitza binaka antolatzeko joera dagoela uste du, bestelako alternatibak baztertuz. Galdetuen erdiek baino gehiagok bikote harreman itxia dute, eta horien artean %70ek bost urte barru pertsona horrekin jarraituko dutela uste dute. Bikoterik ez dutenen artean, %67ri gustatuko litzaieke etorkizunean harreman itxi bat izatea, eta soilik %7k ez dute bikoterik izan nahi. «Geroz eta indibidualizatuago dagoen jendarte batean bakardadeari aurre egiteko formula magikoa da bikote harreman bat osatzea, eta hori da zorionerako bidetzat aurkezten dena. Aldiz, bakarrik egotea bikotea ez edukitzearekin lotzen da, eta, gainera, estigma bat da», zehaztu du Zufiak. Gutxiengoa dira harreman irekiak dituztenak (%7), eta, haien artean, gehienak gizon homosexualen artekoak dira.

Harremanak landu beharra

Galdetuen artean, %83k dute bere burua heterosexualtzat, %8,9k homosexualtzat, %6,4k bisexualtzat eta %1,1ek ez dute beren burua aurreko sailkapenetan kokatzen. Zufiaren iritziz, ororen gainetik kokatzen den maitasun goren bat dago: bikote heterosexual batean ematen den pasiozko maitasuna eta familia nuklear bat osatzera bideratuta dagoena. Eta horren pean geratzen dira beste maitasun mota asko: esaterako, elkartasuna, lagunen artekoa, bizilagunen artekoa... «Desiraren eta sexualitatearen hierarkizazioa egiten da. Harreman heterosexualak normatibizatuta daude, eta beste formula guztiak, izan harreman homosexualak, lesbianak, prostituzioa, transexualitatea... estigmatizatuta eta baztertuta daude».

Oro har, euskaldunek zoriontsu direla diote, maila afektiboan: batez beste, 6,9ko notarekin. Bikotekidearekiko maitasuna ere oso ontzat jotzen dute: 8,5eko notarekin. «Ikusten da bikote harremanak zoriontasuna ematen duela», Arandiaren iritziz. Baina, harreman sexualez galdetzean, behera egiten du zoriontasun mailak: 5,8ko nota jarri diote. Arandiaren iritziz, horrek gauza bat argi uzten du: «Ez ditugu behar bezala lantzen harreman sexual-afektiboak».

Zufia ez du gogobetetzen 6,9ko notak. «10a izan beharko luke. Harreman zoriontsuak eta betetzen gaituztenak behar ditugu». Kontraesan batzuk aurkitu ditu datuetan. «Gehiengoak etorkizunean bikote itxia izan nahi du, baina ezkonduak dira zoriontasun maila baxuena dutenak». Gazteak dira zoriontsuenak, eta horretan maitasun erromantikoaren ereduak eragin zuzena duela dio: «Maitasun erromantikoak gazte eder eta lirainak bultzatzen ditu, eta pasiozko harremanak. Eredu hori ez da irisgarria adin batetik gorakoentzat». Adinak gora egin ahala, behera egiten du zoriontasunak, bai afektiboki eta bai sexualki.

Nahi baino harreman sexual gutxiago dituzte galdetuek. Astean behin edo bitan dituzte gehienek, baina astean hirutan edo gehiagotan izan nahi lituzkete. Gizon eta emakumeen artean ez dago alde handirik desioari dagokionez. «Aurreiritziekin jokatzen da, eta beti pentsatzen da gizonek sexu behar gehiago dutela. Mito horrekin apurtzen dute datuek», adierazi du Arandiak. Baina masturbazioaren kasuan, nahiko nabarmena da aldea. Galdetutako gizonen %96 masturbatzen dira: %80 astero eta %15 egunero. Emakumezkoen kasuan, berriz, %87 masturbatzen dira: %45 astero eta %3 egunero. Horren inguruan, Harremanak.eus-eko kideekin gogoeta bat egin zuen Arandiak: «Beharbada emakumeek gehiago lotzen dituzte sexu harremanak bikotearekin, eta ez norbanakoarekin».

Tabu bat izan daitekeen arren, nabarmena da bikotetik kanpo desio sexuala egon ohi dela. Hamarretik bederatzik sentitu du noizbait bikotekidea ez den beste norbaitekiko desio sexuala, eta galdetutakoen %42k izan ditu noizbait bikotetik kanpoko pertsona batekin harreman sexualak, bikotearekin adostu gabe. «Afektiboki ondo gaude, baina sexualki falta zaigun horren ondorio da besteekiko desio sexual hori», Arandiaren arabera. Elkarrekin hitz egin ondoren, bikotekideak beste norbaitekin harreman sexualak izatea onartuko luketenak %40 dira, baina nahi hori erreprimitu egiten da, «autozentsurak» eraginda.

Desiotik praktikara, jauzia

Fantasiaren eta praktikaren artean jauzi handia dago. «Gure ustez, harreman afektiboetan dauden arau inplizitu horiek oso errotuta daude, eta horrek gure praktika guztiz baldintzatzen du. Horrek konpromisoa esklusibotasun sexualaren arabera neurtzera garamatza, eta gure desira horiek guztiak pertsona bakar batekin, etxe batean, ohe batean, eta, ahal bada, harreman heterosexual baten baitan bilatzera. Eta, gure ustez, konpromisoa beste gauza askorekin lotuta doa; askoz konplexuagoa da», azaldu du Zufiak. Komunikazio faltari ere erreparatu dio. «Zelan komunikatzen gara gure harremanetan? Ikusi dugu hor sekulako erronka dagoela. Gehiengoak jakin nahi du bere bikotea desleiala izan ote den noizbait [%73], baina gehiengoak ez du galdetzen [%65]». Gainera, %39 izango litzateke desleial bikoteak ezer jakingo ez lukeela ziurtatuz gero. «Hor behar ditugu tresnak zintzotasun bat garatzeko».

Internet tresna on bat dela uste du gehiengo batek harremanak bilatzeko (%89), baina ez da hainbeste erabiltzen (%34). Ez erabiltzeko arrazoi nagusia lotsa da, eta ez erabiltzeko hautua egiten dutenen gehiengoa emakumeak dira. Zufiaren arabera, emakumeek espazio publikoan duten ziurtasunik ezaren ondorio da hori. Gainera, adinean aurrera egin ahala, gehiago erabiltzen da, eta baita harreman homosexual eta bisexualak bilatzeko ere, heterosexualak baino gehiago. Zufiaren iritziz, «espazio publikoak horretarako erraztasunik ematen ez dielako» talde horietako kideei.

Horiez gain, beste datu pila bat bildu dituzte ikerketan, eta modu irekian jarriko dituzte Kaixomaitia.eus webgunean, nahi duenak erabil, kritikatu eta gogoetarako erabil ditzan. Gogoeta sustatzea baita inkestaren helburu nagusia.]]>