<![CDATA[Imanol Eppherre | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 26 Apr 2019 04:13:27 +0200 hourly 1 <![CDATA[Imanol Eppherre | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Seaskari zenbait irakasle postu errefusatu dizkiotela salatu dute]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/006/001/2018-09-01/seaskari_zenbait_irakasle_postu_errefusatu_dizkiotela_salatu_dute.htm Sat, 01 Sep 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/1872/006/001/2018-09-01/seaskari_zenbait_irakasle_postu_errefusatu_dizkiotela_salatu_dute.htm
09:15ean Baionatik abiatu dira irakaslez eta langilez beteriko lau autobus Paueko bidean (Okzitania). Kasik 11:00ak dira autobusak Akademia Ikuskaritzaren aurrera hurbildu direlarik. Beltzez jantzirik, ikasle motxilekin bizkarrean eta Kasu, ikastola kexu mezuekin eskuan, giro lasaian kafea hartu dute denek batera ondoko tabernan. Ordu erdi barru, ikuskaritzako langile bat atera da eraikinetik, akademia ikuskaria irakasleen ordezkaritza batekin biltzeko prest dela jakinarazteko.

Hortik denbora gutira, erabaki dute, ordezkaritzaz gain, irakasleek ere eraikin administratiboa okupatzea. Giroa makurtu da horretan, baina berriz ere azkar lasaitu. Berrogei bat irakaslek ikuskaritzako harreran postua hartu dute, eta besteek kanpoan itxaron, lau irakaslek zazpigarren solairuan Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariarekin solastatzen duten anartean.

Solasaldi pribatua izan ondoren, bi alderdiek azalpenak eman dituzte, batak bestearen ondotik. Ministerioaren eta akademiaren ikuspegiak, eta Seaskarenak bi muturretara doaz. Barrierek, bere bulegotik, erakutsi nahi izan du irakasleen ordezkaritza bat errezibituz elkarrizketa «irekia» dela eta «krisi momentu hau» gainditu behar dela. Irakasle lanpostu gehiago irekitzearen aldarriari zera erantzun dio: «Nik ez dut, edozein kasutan, baliabide gehigarririk banatzerik». Gainera, emanak izan direnak «zentzuzkoak» direla deritzo. Irakasle postu berrien irekitzeko aurrekontua Asanblea Nazionalak egiten duela erran du, eta aipatu du aurtengo sartzea lanpostu irekitze gabe egingo dela bozkatu dutela.

Gainera, Barrierek uste du lanpostu kopuruan ez dela arazoa, baizik eta «emanak diren baliabideekin antolaketa sistematikoki» egitean. Hezkuntzaren pentsatzeko era hori dute Seaskako irakasle eta langileek salatu. «Azken urteetan ikastolek izan duten garapenaren aurrean eta Barriere jaunak onartu duen kalitatezko sistemaren aurrean», aitzinera egin eta bultzatu behar den hezkuntza proiektua dela aldarrikatu du Seaskaren izenean Irati Salaberria Baigorriko (Nafarroa Beherea) ikastolako irakasleak.

«Gure sistema arrisku handian ezarria da», adierazi du Salaberriak bere lehen hitzetan. Salatu du urte guziz Seaskak egiten duen baliabide eskaeretan gabeziak badirela, baina aurtengoak «zuloa handitu» egin duela: «Harentzat postu xahutze bat baldin bada ikastola baten irekiera, guretzat euskararen garapena da». Hain zuzen ere, Barriere ikuskariak zalantzan jarri du ikastola berri batzuen irekiera beharrezkoa ote den: Lapurdiko Bokaleko ikastola jarri du adibidetzat, ikasle gutxi hartzen dituela argudiatuta. Horri erantzuteko asmoz, Salaberriak adierazi du urteetan frogatu dela, ikastola bat irekitzean, urteak pasatu ahala betetzen dela, eta bilkuran bertan inspektoreak onartu diela datu hori. Azkenik, berriz gogorarazi du ikastolen funtzioa: «Herri bakoitzak euskara izan dezan eta, horrekin, gure herria eraikitzen segi dezagun».

Itun berri bat

Barriere inspektoreak iragarri du hitzarmen berri bat zehaztu beharko dela. Egungoak «pedagogia eta kontratazio arazoak» agerrarazten ez dituela gehitu du.

Akordioaren bi interpretazio izan dira irakasle lanpostu berrien aztertzeko orduan. Akademiak dio hitzarmena errespetatua dela, eta, aldiz, Seaskak dio urratu egin dutela. Baionako Etxepare Lizeoko pedagogia lanetan ari den Filipe Laskarai ere bilkuran zen. Berak salatu du ministerioak Seaska egitura bakar bezala hartu duela kalkulua egiteko orduan, eta, beraz, ikasle kopuru osoa irakasle kopuru osoarekin jarri duela balantzan. «Bidezkoa ez da», uste du Laskaraiek: kalkulu horrekin, «ikastola batzuetan klaseetan ikasle kopurua jasangarria da, eta beste batzuetan, ez». Nabarmendu du kasuan-kasuan aztertu behar direla beharrak.

Irakasleek bizkarrean eramandako motxilak Akademia Ikuskaritza inskripzioa duen sarreraren gainera botaz amaitu da protesta. Asteartean sartze berezia izango da ikasle eta irakasleentzat. Asteartean, berriz, errektorearekin bilduko da Paxkal Indo Seaskaren lehendakaria.]]>
<![CDATA[Beste herrialdeei, bake hitzez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/006/001/2018-08-24/beste_herrialdeei_bake_hitzez.htm Fri, 24 Aug 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/1872/006/001/2018-08-24/beste_herrialdeei_bake_hitzez.htm
Atzo Etxeberri izan zen lehena hitza hartzen, eta «bakegile» gisa ETAren armagabetzeari buruz mintzatu zen: 2016an Luhuso eginiko ekintzatik hasi eta 2017ko apirilaren 8ko Baionako ekitaldira arte bidean topatutakoak azaldu zituen. Etxeberrik azpimarratu zuen gizarte zibiletik «jaio eta hazi» den bake prozesua izan dela Euskal Herrikoa, eta hala izan dela Frantziaren «immobilismoak» eta Espainiaren «denbora luzatzeko eta zapaltzearen eta umiliatzeko beharrak» ez zutelako bakearen aldeko pausorik erakusten. «Gatazka bat alderdi baten zapalkuntzarekin amaitzen denean, hurrengo belaunaldiarekiko etorkizuneko errebantxa bat hozitzen da», ohartarazi zuen Etxeberrik, eta, bera preseski bortizkeriaren kontrako militante izanik, horren saihesteko Luhuson parte hartu zuela azaldu zuen.

«Ez gara bakean bizi, bakearen bidean gaude», azpimarratu zuen Etxegaraik, hitza hartzean. «Biktimen eta presoen kontsiderazioa hartu arte ez gara bakean izango, eta ez dut ordenarik jartzen honetan», gehitu zuen. Euskal Elkargoko presidenteak etorkizuneko erronkatzat jarri zituen bi alor horiek, baina orain arte eginikoari buruz, desarmatzeaz hitz egin zuen, eta urrats denen arteko loturak azpimarratu zituen. Etxegaraik esan zuen berak hasieratik argi izan zuela prozesua legearen barruan egin behar zela, eta uste du hala izan behar duela aurrerantzean ere. «Legezkotasunak behaztopatu gaitu gure desmartxan».

Ezagutarazi zuen 2017ko otsailean Jean Marc Ayrault orduko Frantziako Atzerri ministroarekin eta beste hautetsi batzuekin bildu zela bazkaltzeko. Han, Etxegarairen arabera, ministroari eskatu zioten konponbide prozesuarekin engaiatzeko, eta Frantziako Estatuaren subiranotasuna baliatzeko horretarako. Ayraultek baiezkoa eman ziela kontatu zuen Etxegaraik, eta jakinarazi zuen, halaber, hortik denbora batera, Bernard Cazeneuve orduko lehen ministroarekin bildu zela eta onartu ziola zuzenbide estatuaren barruan egiten bazen, armagabetzea babestuko zuela gobernuak. Prozesua gauzatu zen, eta, Etxegaraik aitortu duenez, estatuaren «parte hartzearekin». Horrez gainera, apirilaren 8an Baionan eginiko ekitaldia ere gogoratu zuen. Karriketan milaka herritar eta Ipar Euskal Herri osoko eta sentsibilitate guztietako 700 hautetsi bildu izana nabarmendu zuen, eta horrek «legitimotasuna» irudikatzen duela. «Horrek esplikatzen du lurralde baten desmartxa nola elkarretaratzen den Errepublikaren legeari».

Hori azaltzeko, baina, Etxeberrik azpimarratu zuen urteak egin behar dela atzera. Azaldu zuen jadanik Ipar Euskal Herrian politikoki joera ezberdinetan direnen artean elkarlan bat garatu zela, eta adibide gisa aipatu zituen Laborantza Ganbera eta Aurore Martinen euroaginduaren kontrako mugimenduak.

«Borroken sinkronizazioa»

Xabi Larraldek, berriz, Ipar Euskal Herriko etorkizun instituzionala nola ikusten duen azaldu zuen. Lehenik, adierazi zuen beharrezkoa dela bizikidetza prozesua bukaeraraino eramatea; bigarrenik, «gizarte zibilaren aurrerakuntzak» indartu behar direla; eta, azkenik, «borroken sinkronizazioa» azkartu behar dela. Ideia horretan desadostasun ideologikoak izanda ere, «tempoak batu» behar direla esan zuen. «Borroka armatuaren amaierak balio dezake gure borrokei irekidura demokratiko bat emateko», azpimarratu zuen Larraldek.]]>
<![CDATA[Musika agertoki ugari bestetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/025/001/2018-08-15/musika_agertoki_ugari_bestetan.htm Wed, 15 Aug 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/1872/025/001/2018-08-15/musika_agertoki_ugari_bestetan.htm
Aurten, bost egunekoak izanen dira bestak, nahiz eta ostegunean programaziorik gabeko eguna izango den, merkatariek braderia antolatu dutelako Espainia eta Zitadelako karriketan. Besta komiteko hamahiru gazteek antolatu dituzte bestak, baina pen?ek eta merkatari elkarteak ere parte hartu dute egitarauan. Gainera, Gaga gaztetxeak ere programazio berezi bat proposatuko du.

?Irekitze eguna presoen bazkariarekin batera egingo da, gaur. Etxerat-ek antolaturik, merkatu estalian zerbitzatuko da bazkaria, usaian bezala. Arratsaldean, berriz, mutxikoak dantzatuko dituzte merkatu estalian ere. Gaueko hamaiketan, aldiz, Zitadela gainetik piztuko dituzten suziriak ikusi ahalko dira Garaziko zoko anitzetatik.

Musikari dagokionez, bi agertoki izango dira: hiri azpian, herriko etxe plazan; eta gainean, aldiz, merkatu estalian. Besta komiteak gaur gauerako Samain dantzaldia ekarrarazi du, azpiko agertokira.

Hala ere, igandea izanen da musika programazioaren aldetik egunik aberatsena. Elkarteen Eguna izaten da besten azken eguna, eta elkarte bakoitzak bere barra izango du merkatu estaliko agertokiaren inguruan. Arratsaldean, Bax'Ainarak dantza emanaldiaren ondoren, Kuartz bikote taldeak joko du. Ondoren, Anje Duhalde igoko da taula gainera, adin guziko garaztarrei emanaldi herrikoi baten eskaintzeko. Igande gauean, aldiz, bestei agurra egiteko momentua etorriko da. Agurraren garaian, Buuzbu talde garaztarrak azken buuza egingo du. Taldearen azken kontzertua etxean egingo du, eta bere betiko publikoari eskainiko dio.

Bestalde, Donibane Garaziko karrika nagusian, bestetan izan ohi den musika komertziala jarriko dute taberna gehienek. Hala ere, bada, musikalki, besteetaz aldentzen den taberna bat. Hain zuzen ere, Cafe Luis ostatuak eszena programazio bat prestatu du. Luiseniako ostiralak ezagunak dira garaztar musika zaleentzat, eta aurten bi kontzertu izanen dira: Newhouse anaia baxu eta bateria jotzaileen kontzertuak abiatuko du kontzertuen gaua. Horren ondotik, Torheit metal talde garaztarrak segida hartuko die.

Gagaren besta

Gaga Garaziko gaztetxeak Zitadela karrikako lokalaren lehen urteurrena ospatuko du aurten bestetan. Horrekin batera, proiektu eta dinamika berri bat aitzina eraman dute gaztetxekoek urte honetan. Maialen Duguine Gagako kideak dioenez, «euskara sustatzen duten kultur ekitaldiak antolatzeko gogoa» izan dute.

Urte osoan, hilabetero, kontzertu akustiko bat eman dute artista frankok galtzada lauzen bideko lokalean. Gainera, Duguinek gehitu duenez, bertso eskola eta kantu tailer bat proposatu dute ikasturte osoan. Debatitzeko eta hausnartzeko leku bat ere sortu nahi izan dute. Etxeko sukaldeko giroan, jende andana pasatu da handik hitzaldien ematera.

«Udan, bakantzak hartu ditugu», zehaztu du Duguinek. Kasik bi hilabeteko oporraldia hartu ondoren, gaztetxeak bere lehen urtea ospatuko du Donibane Garaziko bestetan, ebiakoitzean, mojito batzuen inguruan. Garaztar musikari batzuek txaranga bat muntatuko dute, ostatuak diren karrika nagusiko giro eta lekuaren paraleloan.

Musikaz eta gaztetxeko egitarauaz aparte, kirolez beteriko programazioa aurreikusia dute Donibane Garaziko bestetan. Ostiral arratsaldean, Hori Horiak pen?ak antolatzen duen Garazid'Laktik lasterketaren hamargarren edizioa izango da. Hiri zaharretik eta Zitadelako harresien eta eskaileren inguruetatik egingo dute lasterketa.

Horrez gainera, pilota plazan, igandean, Jean-Marie Mailharro xistera txapelketaren finala jokatuko dute.]]>
<![CDATA[Aske utzi dute Baionan larunbatean hildako emakumearen semea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1916/009/002/2018-08-07/aske_utzi_dute_baionan_larunbatean_hildako_emakumearen_semea.htm Tue, 07 Aug 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/1916/009/002/2018-08-07/aske_utzi_dute_baionan_larunbatean_hildako_emakumearen_semea.htm
Izan ere, informazio gutxi eta nahasmen handia dago Baionan asteburuan jazotakoaren inguruan. Larunbat goizean, 41 urteko emakumezko bat hilda agertu zen Baionako bere etxean, Zitadela auzoan; biktimaren bikotekide ohiak zuen gorpua aurkitu, eta hark zion Poliziari deitu. 17 urteko semeak ohartarazi zuen aita; elkarrekin bizi ziren ama-semeak.

Baionako auzi poliziaren hasierako hipotesia izan zen semeak ama hil zuela. Hainbat hedabidek zabaldu zuten Poliziak bazuela mutilaren berri, amari behin baino gehiagotan egin ziolako eraso, baina informazio hori ukatu egin zion atzo BERRIAri Baionako Auzitegiko prokuradoreorde Marc Marieek: «Delitu txikiak baino ez ditu egin».

Edonola ere, larunbatean atxilotuta eraman zuten gaztea, baina hasieran deklaratzeari uko egin zion. Igande goizean, ordea, 24 orduko atxiloketa luzatu ziotenean, inspektoreekin hitz egitea onartu zuen. Gaztearen deklarazioaren arabera, larunbat goizean altxatu zenean topatu zuen amaren gorpua lurrean; orduan abisatu zion aitari. Haren hitzei sinesgarritasuna eman, eta kargurik gabe aske uztea erabaki zuten poliziek. «Eman dituen azalpenak ez ziren kontrajartzen ahal», azaldu du Marieek.

Nola hil zen, argitzeke

Izatez, emaztea nola zendu zen ere argitzeko dago. Hasieran bortxaz hil zutela zabaldu bazen ere, orain ikertzaileek ez dute baztertzen emakumea berez hil izana. Marieek azaldutakoaren arabera, ezin da ziurtatu hilketa bat izan zen: «Gorpua ikustean, auzitegi medikuak ondorioztatu zuen kausa naturalez hil zela esateko elementu nahikorik ez zela, eta inkesta bat merezi zuela». Prokuradoreordeak gaineratu du oraindik ez dutela instrukziorik abiatu; hau da, ikerketa auzi poliziaren esku dago.

Hori guztia argitzeko, autopsiaren zain daude ikertzaileak. Gaur egingo diote azterketa emaztearen gorpuari, Bordelen; bi aste barrurako espero dira emaitzak.]]>
<![CDATA[Iaz baino jende gutxiago bildu da aurten Baionako bestetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/028/001/2018-08-02/iaz_baino_jende_gutxiago_bildu_da_aurten_baionako_bestetan.htm Thu, 02 Aug 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/1872/028/001/2018-08-02/iaz_baino_jende_gutxiago_bildu_da_aurten_baionako_bestetan.htm
Etxegarai herriko etxeko buruarentzat besten mendema-urte bikaina izan da aurtengoa. 2016. urtean Nizan (Frantzia) izandako atentatuen ondoko testuingurua geroztik, bestak salbatu dituztela deritzo Etxegarai alkateak. Besta ordainduen ondorio onak bistaratu ditu, era berean. Haren ustez, ordainketak ahalbidetu du sorosleen interbentzioak eraginkorragoak izaten, besta eremua mugatua izanda kontrolpean izatea ahalbidetzen baitu. Gainera, Baionako auzapeza poztu egin da besta «lasaiagoak» izateaz.

Orokorki, bestazale gutxiago hurbildu dira bestetara aurten. Asteburuan askoz jende gutxiago izan da, eta hori sartze ordainduei lotua izan liteke. Hain zuzen ere, autobusen erabilera, aparkalekuena, kanpalekuarena eta erabiliak izan diren baso berriztatzaileen kopurua %10 jaitsi da gutxi gorabehera.

162.000 lagunen ordainketa

Orotara, 210.000 eskumuturreko banatuak izan dira. Hauetarik 45.000 baionarrei eta bestan lan egin dutenei urririk emanak izan zaizkie. 162.000 dira ostiral goizetik igande gauera arte salduak izan diren sarrerak, lehenagotik Interneten eta eremutik kanpo komertzio batzuetan salduak izan zirenak barne.

Etxegaraik defendatu egin du sarrera ordainduaren ezarpena, «besta mugatzea eta kontrolatzea ahalbidetu duelako». Bestetik, baionarren zergen bidezko parte hartzea arinduko duela adierazi du. Bestek 2,9 milioi euroko inbertsioa izan dute aurten, eta 700.000 euroko etekina aterarazi dute herriko etxearentzat. Datorren urteetako helburua «besta herrikoietan» jarraitzea dela esan du Etxegaraik, «baina kulturari indarra emanez». Herriko etxeko ordezkariak onartu du orain arte ez zaizkiola nahiko baliabide eman kulturari.

Elkarteentzat, gazi-gozoak

Bestetik, Owen Lagadec Iriarte Zirtzilak peñako kide eta Baionako Peña elkarteen lehendakaria ez da herriko etxearen iritzi berekoa. Peñetan jendetza eta diru sarrerak %25 txikitu direla esan du. Besten bilana egiteko asmoz, elkarteei inkesta bat igorri die, eta erantzun dutenen erdiak bestak «ertainak»izan direla erantzun dute. Izan dadila jendetza edo etekin kontu, elkarteen lehendakariak sartze ordainduei egotzi die errua. Ez du uste bestazale gutiago izateak besta kalitatea hobetzen duenik, «etorri ez diren asko bertakoak eta adin tarte zaharrekoak baitira».

Cafe Moka tabernako Daniel Biscay, aldiz, ez dago ados peñen analisiarekin: «Jendetza pixka bat gutiagorekin, giro hobeagoa dator». Tabernariak uste du besten sarrera ordainduak ez duela izan eragin handirik, eta ontzat hartu du herriko etxeak harturiko erabakia. «Garrantzitsuena bestak ongi pasatzea da, giro onean». Jendetza pixka bat gutitu dela aitortu du, baina beretzat ez da hori gogoan atxiki behar dena. «Bestena ez da etekin kontu bat, langileak eta gastuak ordaintzeko badeno». Giro aldetik, «gaur egungo gazteak zintzo portatzen dira, gure lana errespetatzen dute», dio Biscayk. Gaineratu du bortizkeria gehiago ikusten zela beste garai batean.

Beste alde batetik, Zizpa gaztetxeak «biziki positiboki» baloratu ditu aurtengo bestak. Gilen Lacosta gaztetxeko kideak adierazi du «umore onean pasatu eta jendea pozik ikusi» dutela Patxa plazan bost egunez gaztetxeak antolatu dituen besta alternatiboak. Irekiera alternatibora hurbildu den jendetza ere positibotzat jo du.

Eraso sexisten moldeak

Polizia, SAMU eta suhiltzaileen interbentzioak %30 eta %40 artean txikiagotu dira iazko datuekin alderatuz. Hala jakinarazi du Bouttera Baionako suprefetak. Emaitzez poztu da suprefeta, eta segurtasun eta osasun agenteak eskertu ditu, «beraien eraginkortasunagatik».

Orokorki delitu salaketak gutxiagotu egin badira ere, sexu erasoak eta eraso sexistak bestetan beti presente direla ohartarazi dute astearteko elkarretaratzean PAF, Zutik, Aitzina eta Planning Familial talde feministek. Baionako bestetan «bortxaketa isildu andana bat» direla salatzen dute mugimendu femistako ordezkariek. Eraso sexistek molde anitz hartzen ahal dituztela gogoratu nahi dute, irainekin hasi eta portaera apalgarrietaraino.

Hain zuzen ere, Vuelta Simon prokuradoreak ohartarazi du lau sexu eraso salaketa izan direla. Asteazken gauean besten aurreneko egunean jarritako salaketa kendua izan da, instrukzioak bortxaketarik ez zela izan ebatzi baitzuen.]]>
<![CDATA[Bi bortxaketa salatu dituzte Baionako bestetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/4747/008/001/2018-07-31/bi_bortxaketa_salatu_dituzte_baionako_bestetan.htm Tue, 31 Jul 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/4747/008/001/2018-07-31/bi_bortxaketa_salatu_dituzte_baionako_bestetan.htm
Gasteizen ere asteburu iluna izan da. Poliziak helarazi duenaren arabera, bi eraso matxista izan dira; biak Aranbizkarra auzoan —baina ez dago loturarik bien artean—. Lehena igande arratsaldean atzeman zuten, merkataritza gune batean: udaltzainen patruila batek adineko gizon bat atxilotu zuen, bikotekidea iraindu eta hari fisikoki oldartzeagatik. Bigarren erasoa beranduago jakinarazi zuen ostatu baten jabeak, bere langile bat buruan kolpatua ikusi ondotik. Neskaren bikotekidea atxilotu zuten gero, etxean.]]>
<![CDATA[Bestetako euskararen hatsa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/037/001/2018-07-28/bestetako_euskararen_hatsa.htm Sat, 28 Jul 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/1872/037/001/2018-07-28/bestetako_euskararen_hatsa.htm
Martin eta Egaña plazara hurbildu dira 13:00ak aitzin. Plazari so, sumatzen zaie lehen aldia dela Patxara etortzen direla. Martinek lehengo bertso saioa du Baionan. Andoni Egañak, berriz, duela hogei bat urte toki pribilegiatua izan zuen. Ezagun batekin hizketan, hala kontatu du: «Gogoan dut besten irekierako balkoitik bertsoa bota nuela, miss euskal kostaren alboan». Ezagunak segituan arrapostu egin dio: «Eta zu euskal kostako mister». Jende pixka bat gehiago hurbildu da lekura, bi lagun bertsolariek garagardo bana hartzen duten bitartean.

Txarangen doinuak atzetik entzuten direla eta, Martin eta Egañak plazaren erdian lekua hartu dute saioa has dadin. «Sartzea kostatu egin zaigu, baina orain gustora gaude», bota du agur gisa Egañak, zigarroa piztuta, sartze ordainduari erreferentzia eginez. «Patxa izena daukan hortan, hasi gaitezen patxadaz», Martinek. Eguneko gai nagusia hori dela eta, nola ez, lehen bertsoetan, sartze ordainduaren gaia aipatu dute biek, Baiona eta bestazaleak besten kari kontrolpean direla esanez. Lehen bertsoak Baionako plaza erditik kantatu ondoren, eguerdiko protagonistek beraien eta publikoaren arteko distantzia bi pauso aitzina eginez tipitu dute.

Gerriko gorria

Jendea emeki-emeki hurbildu da Zizpako barraren ingurura. Baionako euskal mundua historikoki elkartu duen plaza horri buruz hitz egiteko garaia etorri da. «Alkateak egin duena ahaztu, hau eremu librea da», bertsotu du Alaia Martinek. Egañak, aldiz, alkateak Patxa plaza aurten onartu duela erantzun dio, «eta ofizialki, gainera». Besta eta satiraren doinuan jarraituz ihardetsi dio Martinek: «Pentsatzen zuen Patxa izena patxaranetik jiten zela». Etxegarai alkateari buruzko puntu batekin amaitu du Egañak pasartea: «Alkate jauna denetan dabil, euskara arloan salbu».

Bien arteko konplizitatez eta ziriz betetako jolas bat hasi dute Alaiaren puntu batetik abiaturik. Alaia txuriz jantzia da lepo gorriarekin: Andoni, ordea, beltzez. Martinek ohartarazi dio ez dela traje egokiarekin etorri saiora, eta bere esku zakutik gerriko gorri bat eskaini dio. «Gerrian ez zait sartuko eta leporako txikiegia dut ere», ihardetsi dio Egañak. Hortik hasita, Martinen esku zakua da saioko antzerki bilakatu. Gerrikoa, giltzak, ur botila bat, ezpainetakoa, moltsa... Zaku barruko traste desfile bat gertatu da, eta Egaña eskuak beteak ditu.

Agurra aitzin, puntuka amaitu dute saioa. Publikoari erreferentzia egin nahian, galdera egin du Martinek: «Non sartu da gaur publiko gaztea?». Egañak, berriz, barkatu dio publikoari: «Bestetan gaude, eta hau ez da bekatu».]]>
<![CDATA[«Eguberri balitz bezala da asteazken goiza»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/040/001/2018-07-28/eguberri_balitz_bezala_da_asteazken_goiza.htm Sat, 28 Jul 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/1886/040/001/2018-07-28/eguberri_balitz_bezala_da_asteazken_goiza.htm
Pauen sortua izanik, zerk eragin dizu Baionako bestak adoptatzea?

Uste dut sanferminetara joaten naizela sortu nintzenetik, Baionako bestetara baino lehen. Gero, 2 urterekin, Baionara bizitzera joan ginen. Hortik goiti, baionarra bilakatu naiz: nire bizitza hemen da, nire lagunak hemen dira. Txikitatik hasi naiz joaten, nire argazki batzuk badira 8 urterekin Baionako bestetan.

Urtero zoaz?

Bi edo hiru aldiz galdu ditut segur aski; baina 16 urte dauzkadanetik, uste dut urtero noala. Trikimailu batzuk antolatu izan ditut bestetara joan ahal izateko, bereziki gaztaro denboran. Gogoratzen dut Ingalaterrara ingelesa ikasteko egiten nituen trukeetan hegazkin hegaldien itzultzeko txartelak aldatzen nituela bestetan goizago sartzeko.

Oporraldia hartzen duzu bestentzat?

Noski.

Zer sentsazio duzu besten etorrerarekin?

Bestak baino lehenagoko egunetan ez dut bakarrik hori buruan, badakidalako etortzen direla. Asteazken goizean, berriz, iratzartzen naiz Eguberri eguna balitz bezala.

Irekitzea nola bizi duzu?

Ni ez naiz herriko etxeko balkoi azpira joaten. Nire ama udaletxearen parean bizi da, eta leihoetatik dena ikusten da. Beraz, urtero nire amak bere lagunak gonbidatzen ditu, eta denek xanpain botilak eramaten dituzte. Beraz, xanpain besta ikaragarria egiten dugu. Nik ere lagun pare batzuk gonbidatzen ditut asko gustatzen zaiena. Hala ere, azken urte hauetan nire bihotza balantzean dabil xanpain gauaren eta besta alternatiboaren artean. Aurten, San Andres plazan ibili naiz, besta alternatiboen irekitzean.

Zerbait errepikatzen duzu urtero?

Errepikatzen dudana ibilbidea da. Hemengoa naiz, beraz, nire ohiturak dauzkat, eta, azkenean, urtero ber tokietatik pasatzen naiz. Nire bestak bost tabernen artean pasatzen ditut, eta saihesten naiz hortik mugitzera, badakidalako beste toki batzuetan gustatzen ez zaizkidan gauzak gertatzen direla.

Eta, beraz, zein aldetan egoten zara?

Egunez, gustatzen zait giro ezberdinetan nahastea. Nire amarengana joaten saiatzen naiz, gauean joaten ez naizen guneetara joaten: atorra zuria ongi lisatua duten zaharrekin egoten naiz, ongi delako besta txukunen ikustea ere. Gaua erortzean, Baiona Ttipian egoten naiz, Patxa plazaren inguruan. Zankara, Kalostrape artean; Xinan saiatzen naiz pixka bat egoten ere. Ondotik Patxokin amaitzen dut gaua.

Zuk duzun musika programatzaile esperientzia izanda, nolakoa da Baionako musika eskaintzaren aldetik?

Musikaren aldetik, onartu beharra daukat ez dudala jartzen interes handirik, salbu besta alternatiboen kontzertuei batzuetan. Baina, oro har, erran dezagun ez naizela bestetara joaten musika entzutera, maila nahiko katastrofikoa delako. Ez naiz hemen ibiltzen musika festibal batera joaten naizen bezala programazioaren entzutera. Hala ere, toki batzuek musika interesgarria dute. Zankaran, adibidez, gauero DJ onak ekarrarazten dituzte. Txistularien soinua karriketatik ere asko gustatzen zait.

Baionako auzapeza bazina, zer jarriko zenuke edo aldatuko?

Baionarrentzako egun bat egingo nuke. Ez dakit nire amak sortu zuen edo horrela antolatzen zen, baina lehen, larunbatetan, baionarren apairua egiten genuen. Bakoitzak bere mahaia eta aulkiak karrikan instalatzen zituen, eta jateko eta edateko prestatzen: karrikako auzoekin elkartzeko aukera zen. Nahi nuke berriz hau bizi, funtsean, bilakatzen zarelako bestaren aktore, eta ez kontsumitzaile huts. Gainera, hau berriz martxan jarriz, erakutsiko genuke baionarrek dugula kanpoko jendeari harrera egiten, eta horren inguruko trukea interesgarria ikusten dut.

Besten ordaintzeari buruz zein iritzi duzu?

Ez naiz gehiegi debatean sartzen, baina ez zait oso atsegina iruditzen. Uste dut beste manera batzuk badirela herriko etxeak dirua lortzeko, egunean 100 edo 150 euro gastatzen dituen bestazaleari ordainarazi ordez. Tabernek edo peñek, adibidez, diru gehiago jartzen ahalko lukete, jakinda peña batzuek oraindik alokairurik ez dutela ordaintzen urte osoan. Gero, egia da errazagoa dela kritikatzea guk ez dugunean erabakirik hartzerik.]]>
<![CDATA[Euskal Herrira bidean da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1914/018/001/2018-07-27/euskal_herrira_bidean_da.htm Fri, 27 Jul 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/1914/018/001/2018-07-27/euskal_herrira_bidean_da.htm
Ibilbidearen bazterretan milaka ikusle espero dira, eta munduko ehunka telebistatan Euskal Herria izango da biharko eszenatokia. Pierre-Marie Nausbaum Senpereko auzapezak hori baliatu nahi du «tradizioz, kulturaz eta modernitatez» beteriko herri baten irudia emateko.

Biharkoa iristeko, egitasmoa ekarrarazi nahi zuten pertsonek eta antolatzaileek bide luzea egin behar izan dute. 2014an, Nausbaumik Senpereko alkatetzarako hauteskundeak irabazi zituen. Stephane Morales bere lagun txirrindularitzazaleak Tourra ekarrarazteko gomendioa egin zion. Beraz, 2014ko urrian, Christian Prudhomme Tourreko zuzendariari eskaria egin zion. 2015eko martxora arte ez zuen erantzunik jaso, eta, azkenean, apirilean Parisera gonbidatu zuen, bilkura bat egitera.

Irailean, Prudhommek jakinarazi zion eskaera ez zela onartua izan. Baina hautagaitza berriz aurkezteko gomendatu zion. Jean-Marie Iputxa Ezpeletako auzapezak Tourra Ipar Euskal Herritik pasatzeko eskaera egingo zuela jakinda, Nausbaumek jakinarazio zion ongi ikusten zuela Tourra barnealdetik pasatzea, kostatik ordez: «Beti gauza bera ez erakusteko». Hortaz, bi herriko etxeetako buruek adostu zuten Senperetik etapa hastea eta Ezpeletan bukatzea.

Iazko Tourra hasi aurretik, Prudhommek Nausbaumi erran zion onartua izan zela aurtengo lasterketarako hautagaitza. Momentu hartan ez zekiten Euskal Herriko etapa aitzin etapa, bukaerako erlojupekoa edo tarteko bat izango ote zen. Nausbaumek azaldutakoaren arabera, irailean Tourreko teknikari zenbait Senperera eta inguruetara bertaratu ziren, ezer aipatu gabe, ibilbide eta zirkuitu posibleak aztertzeko.

Urriaren 17an, hau da, aurtengo ibilbidearen aurkezpen ofiziala egin baino hiru aste lehenago, Prudhommek deitu zion Senpereko auzapezari, erranez bakarkako erlojuaren kontrakoa zela jokatuko Senperetik.

Iputxaren ustez, Frantziako Tourra mundu osoan zabaldua den kirol proba izanik, ezin zuten aukera horren ondotik pasatu: «Izugarrizko sorpresa izan da guretzat, Ezpeletarentzat. Guk ez genuen horrelakorik espero, Tourraren bukaera hemen izatea... Ez nuen uste posible zenik».

Dohainik ez den ekitaldia

Frantziako Tourreko tropela eta antolakuntza errezibitu ahal izateko, bi herriek ahalegin ekonomikoak eta teknikoak egin behar izan dituzte. Ezpeletan lau udal langile dira, eta etapa prestatzeko iragan urtean Vosges aldean egin zena antolatu zuen teknikaria ere etorrarazi dute. Lurjabe eta laborariek prestatu dituzten pentzeetan kokatuko dira aparkalekuak. Iputxak «mobilizatuta eta izugarri pozik » ikusten ditu merkatariak. Egunean zehar animazioak antolatuko dituzte karriketan. Denek erakusleihoak apaindu dituzte Tourrari buruzko marrazkiekin.

Baina neurri horretako kirol ekitaldi batek ondorioak ditu ingurumenean. Bil ta Garbi zaborren sindikatuak, Tourreko garbiltzaileek eta udal langileek esku hartu dute Tourraren pasaerak utziko duen zabor kantitate handiaren bilketa egiteko. «Segur da bigarren mailako kalteak badirela. Baina gu engaiatzen gara, bakoitzak esku hartuz, ingurua garbirik uzteko Tourraren biharamunean», dio Ezpeletako alkateak. Ez du uste Tourra pasatzea bazterrak zikinak uzteko aitzakia denik. Gainera, informatu du kontenedoreak eta zaborrontziak leku guztietan jarriko dituztela.

Hala ere, Iputxak azaldu du kezka nagusia ekonomikoa izan dela. Horrek beldurra eman zion hasieran. Esate baterako, alderaketa egiteko, iragan urtekoa Marseillan izan zen; aurten, aldiz, Ezpeletan. Hala ere, ez da oso garestia izango herriarentzat, babesleei esker. Hain zuzen ere, Tourraren hasierari harrera egiten dion herriak, Senperek, kasu honetan, 70.000 euro ordaindu behar izan dizkio antolakuntzari; Ezpeletaren kasuan, etaparen bukaera izanda, 120.000. Senperek Tourra antolatzeko izan duen aurrekontua 160.000 eurokoa izan da osotasunean. Erdia departamenduak eta Euskal Elkargoak jarri dute, 40.000 herriko etxeak eta gainontzekoa bazkide pribatuek.

Etekinaren aldetik, egunean bertan inbertitua izan den euro bakoitzeko hiru eta hamar euro arteko ondorio ekonomikoa espero da hurrengo bost urteetan zehar. Gainera, Nausbaumek beste etekin mota batzuk aipatu ditu. Batetik, uste du Tourrak tokiaren erakargarritasuna areagotuko duela. Bestetik, esan du Pirinio Atlantikoen departamenduak hitzordurako azpiegitura franko berritu dituela; errepideak, batez ere. Ber ildotik, Ezpeletako alkateak uste du onuragarria izango zaiela tokiko produkzioa eta laborarien lana balioan jartzeko.

Euskararen lekua

Gainera, euskara eta euskal kultura munduan zehar hedatuak izango direla gogorarazi du: «Ez da bakarrik Ezpeleta; Euskal Herri guztia zabalduko da mundu osoan».

Hautetsi batzuek diote Tourrari esker euskara mundura hedatuko dela. Alta, frantsesaren parekoa ez dela izango argitzen dute beste seinale batzuek. Euskararen Erakunde Publikoak, Kanboko herriak eta Frantziako Tourrak hitzarmena izenpetu zuten 2006an, elementu batzuk euskarara itzultzeko. Oraingoan, haatik, ez da hitzarmenik izan.

Euskaltzaindiak euskarari tokia egiteko eskaera egin zion Tourreko antolakuntzari: «Inork ez zuela egiten ikusten genuen», azaldu du Xarles Bidegain akademikoak. Hark azaldu duenez, Prudhommek segidan erantzun zion konpromisoa hartuko zuela hala izateko.

Departamenduka, herriak eta Amaury Sport Organisationek (ASO) izan dute etapa antolatzeko ardura. Hortik hasita, Pirinio Atlantikoetako departamenduak Euskararen Erakunde Publikoari (EEP) utzi dio euskararen lanketaren arduraren zati bat, eta bestea, herriei. EEPk, ASOrekin lankidetzan, hasierako eta bukaerako mugarriak eta hasierako kilometroetako hesiak euskaratu ditu. Gainera, euskaraz eginak izango diren etaparen mintzalari lanak koordinatu ditu. Bestetik, herriak Euskal Elkargoaren laguntzarekin engaiatu ziren seinaleak eta komunikazioa bi hizkuntzetan izateko.

Beñat Arrabit EEPko eta Elkargoko presidenteordeak, hizkuntza politikaren arduradunak, onartu du elkargoak ez dituela osoki bete bere engaiamenduak. Ondorengoa adierazi du Arrabitek: «Hizkuntzaren gaian, nire kezka komunikazio zerbitzuari adierazi diot; egia da hastapen batean garela oraindik». Haren xede orokorra Tourretik kanpo ere hizkuntza politika arloan euskara frantsesaren parean jartzea dela dio. Berretsi du «lan erdi bat eginez» ez dela ados izango. Hain zuzen ere, komunikazio lan gehiena frantses hutsean egin dute.

Herrietako bide bazterretako euskarriak frantsesez bakarrik ikus daitezke. Hala ere, euskarak presentzia du elkargoak komunikaturiko plaketa publizitarioan, eta txirrindularitzaren inguruko hiztegi bat gehitu diote.

Bestalde, Arrabitek eta hautetsiek positiboki ikusten dute bi esatarik euskaraz egitea. Hala Senperen nola Ezpeletan, esatari bana egongo da Tourraren kontalari ofizialen alboan. Animazio lanetan zein lasterketaren kontaketan parte hartuko dute. Dena den, atzo arte oraindik ez zekiten zenbateko parte hartzea izango duten. Ezpeletako alkateak nahi du gutxienez erdia euskaraz izatea. Ikusi beharko da zer neurriraino betetzen den.]]>
<![CDATA[Mosaiko erraldoi batek aldarrikatuko du Tourra EHn erabakiko dela]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/019/001/2018-07-27/mosaiko_erraldoi_batek_aldarrikatuko_du_tourra_ehn_erabakiko_dela.htm Fri, 27 Jul 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/1944/019/001/2018-07-27/mosaiko_erraldoi_batek_aldarrikatuko_du_tourra_ehn_erabakiko_dela.htm
Antolatzaileetako batek, Garikoitz Mujikak, GPS bat irudikatzeko arrazoia azaldu du: «Iaz Dusseldorfen hasi zen bezala, erakutsiko diogu munduari 2018an Euskal Herrian erabakiko dela Tourra». Horrelako aldarrikapen batekin, zera lortu nahi dute: «Kirolarekin politika egiten duten bezala, kiroltasunez erantzun bat emateko erronka daukagu».

Horretarako, kontzertuak eta beste hainbat animazio antolatu dituzte, festa giroan. Gaur zabalduko dute festa eta aldarrikapen gunea, 17:00etatik aurrera. Uztaritze eta Zuraide arteko D88 bide bazterrean egongo da kokatuta. 22:00etatik goiti, Foisis Jaunak taldeak joko du, eta ondotik New Housek. Jateko eta edateko gunea izango da, eta irabaziak Larzabalgo Manex Erdozaintzi Etxart kolegioari banatuko dizkiote. Aurtengo Herri Urratseko dirua harentzat zen, baina euriagatik aurreikusi baino gutxiago bildu zuten. Gaur gauean, bertan kanpatzeko aukera egongo da.

Bihar eguerdian osatuko dute GPS formako mosaiko erraldoia. Horrez gain, ibilbidean zehar ikurrinak eta You are in the Basque Country (Euskal Herrian zaude) lelopeko banderak banatzeko asmoa dute, munduko telebistetan «irudi ikusgarri bat» erakusteko. Arratsaldean, Kevin Grove talde eskoziarrak joko du (18:00etan). Agustin Alkhaten kontzertuarekin itxiko dute festa.

Seaskak, berriz, salatuko du Hezkuntza Ministerioak uko egin diola irakasle lanpostu gehiagoren eskaerari; Kasu, Ikastola kexu leloa duten banderolak banatuko dituzte.]]>
<![CDATA[Babesa, irekiera baino lehen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1930/030/001/2018-07-25/babesa_irekiera_baino_lehen.htm Wed, 25 Jul 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/1930/030/001/2018-07-25/babesa_irekiera_baino_lehen.htm
Aurtengo beste berrikuntza nabaria: Herriko Etxeak sexu-erasoen aurkako protokoloa indartu du. Herri mugimenduen eta talde feministen urteetako aldarrikapenak ozen adierazi ondoren, 2018ko edizio honetan Baionako Herriko Etxea eraso sexisten salaketen aurrean parte zibil gisa aurkeztuko da auzitegietan. Azken urteetan salaketak emendatuz joan dira, eta udalak babes judiziala eskaini nahi die erasoak salatzen dituztenei.

Besta ireki, koloretsu eta pluralak nahi ditu gaztetxeak, eta ateak ireki nahi dizkio Patxa plazan jarrera horrekin bestak planteatzen dituztenei. Zizpako gazteek gaur gauean ospakizunak Boujalai eta Irie Jahzz kontzertuekin hasiko dituzte, arratseko 10:00tatik goiti. Ostegunean, aldiz, goizetik herri kirolen inguruan girotu nahi dituzte Baiona ttipiko karrikak. Bestetako kontzerturik esperoena izango dute gauez; hain zuzen ere, Willis Drummondek etxean joko baitu. Elkarteen egunean ostiralez, Alaia Martinek eta Andoni Egan?ak urteroko bertso saioa osatuko dute. Ondoko egunean, herri bazkaria prestatuko dute, gaua Zea Maysekin ixteko. Besten azken eguna presoen aldeko bazkariak markatuko du, eta azken kontzertu gisa, Skabidean talde nafarrak joko du. Beste hainbat animazio eta kontzertu antolatuko ditu gaztetxeak bost egunetan zehar. Besta alternatiboek eraso sexistarik onartzen ez dutela bermatzeko, Aitzina gazte mugimendu abertzaleak protokolo ubela martxan jarriko du.

Programa ofizialak beste urteetan baino kontzertu gehiago izango ditu Askatasunaren plazan herriko etxearen azpian izango den agertokian. Leon erregearen agerpen bakoitza baino lehenago, txarangek eta bestelako orkestrek joko dute aurten, eta dantzak ere ikusi ahalko dira.

Bestalde, lau egun eta bost gauean zehar, karriketatik txaranga, danborrada, txistulariak, gaiteroak eta Nafarroako jotak entzun ahalko dira ostatuz ostatu. Gaur eguerdi aldean, zintzurra bustitzetarakoan otordu bat izatekotan, merkatu estalira hurbildu beharko da munduko biper moleten txapelketaren inguruan.

Kirola, besta baino lehen

Usaian bezala, besten lehen egun hau kirol ekitaldiz betea egoten da. Bost jai egun intentsiboei gogor lotzeko, Baionarrek hainbat lasterkalditan korrika egin ohi dute. Goizean, Bestagileen Lasterkaldia Miarritzetik hasi eta Aturriko Lesseps kaia bazterrean bukatuko da. Horrenbeste lasterkaldi eta ibilaldi badira goizean zehar, edonori bideratuak direnak, hots, haur, kirolari egokitu eta heldu kategorietan banatuak.

Bestalde, 2018ko edizio honetan, ostegunetik goiti, pilotan ikasteko aukera izango dute haurrek Jean Marie Mailharro pilotalekuan. Trinketa Modernoa deituriko pilotalekuan, haurrek pilotari emango diote, baina profesionalek ere bai. Hain zuzen ere, Baionako besten Masterrak maila ezin hobea emango du aurtengoan. Esku hutsean lehiatuko direnen artean, joan den urteko Waltary Guichandut bikote irabazlea itzuliko da tituluaren bila borrokan; aldiz, eta lehen aldiz, Asegarce enpresak presentzia izango du. Aimar Olaizolak jokatuko du, lehen aldiz trinketeko lehiaketa batean. Peio Larralde hazpandarra arituko da bikotekide; Frantziako txapelketa irabazi du eskuz eskuko bakarkakoan. Masterrak sare eta pilota malgu lehiaketak biltzen ditu

Bestalde, Aturri Bestan 13:00etan hasiko da. Hawaiiko piragua txapelketan, elkarte eta pen?a ezberdinak lehiatuko dira. Txapelketa irabaziko duen nabigatzaile taldeari saria emango diote arrastian, Baionako Aviron nautiko egoitzan. Piragua lasterketaren etekinak Handi Surf elkarteari emango dizkiete; Baionako surf kirol egokitua bultzatzen du.

Elkarteak bestan

Zizpa gaztetxea ez da bakarra Patxa plazan besta alternatiboak, parekideak eta herrikoiak antolatzen dituena. Haren bestalagun, beste hainbat elkartek, tabernak eta pen?ek besta euskaldunak, herrikoiak eta aldarrikatzaileak antolatzen dituzte. Patxoki ostatu elkartea, Patxondo pen?a eta Mami Txula tabernek Zizparekin osatzen dute Patxa kolektiboa. Besta alternatiboak antolatzeko herri mugimenduan saretuak diren eragile hauek, programazio alternatiboaz gain, lan politikoa egiteko helburua ere badute. Urtez urte, Baionara etortzen diren bestazaleei gazte proiektu baten inguruan oinarrituak diren besta euskaldunak, koloretsuak, parekideak eta irekiak proposatzen dizkiete.

Patxa plazan, lau egun eta bost gauz, kontzertu programazio aberatsa proposatuko zaie bestazaleei. Gustu guztiak asetzeko nahian, metala, ska, kunbia, elektroa, euskal musika eta munduko bost aldeetako musika erritmoak izango dituzte dantzagai. Plazako txosnaz gain, jatekoa ere egiten dute. Patxokin, adibidez, orain famatua bilakatu da eguerdiro egiten den xingar platera euskal kantuekin girotuta, gainera beganoentzat ere plater alternatiboa proposatua zaie.

Patxokitik pixka bat urrunduz, Roland Barthes zelaigunean urtero Euskal Herriko Laborarien Batasunaren (ELB) xokoan, Euskal Herrian bertan ekoitzitako produktuak dira bestaren aktore. Hala dela eta, laborariek ostatu erraldoia proposatuko dute aurten ere, bertako haragi, barazki, gasna eta bestelako produktuekin prestatutako platerak ematen. Horren pusatzeko, euskal arno, sagarno eta garagardoak dastatzen ahalko dira.

Segurtasuna pagatu behar

2018 edizio hauek beste modu baterakoak izango direla ziur da, forma aldetik behintzat. Bestak hasi aitzin, baionar, merkatari, ostalari eta urteroko bestazaleen ahotan denek zuten ahotan Jean Rene Etxegarai auzapezak iragarritako berritasuna. Batzuk alde, besteak, aldiz, kexu. Lehen aldikoz, herriko etxeak sarrera ordainduak jarriko ditu martxan, ostiraleko 10:00etatik igandeko 02:00ak arte. Perimetro itxi batean egingo dira, beraz, bestak, Baiona handia eta Baiona ttipia hesien artean itxia izango delako. Herritarrak eta 16 urtetik pekoak izan ezik, beste guztiek 8 euroko sarrera ordaindu beharko dute, eskumuturreko baten truke.

Berritasuna dator munduan dagoen arrisku testuinguruarekin batera, Etxegarai auzapezak dioenez. 2016an, Nizako atentatuak eta gero, Baionako bestak irekiera ekitaldirik gabe egin ziren. Hortik, segurtasun baliabideak hortik indartu egin dira, polizia eta armadako agente gehiago mobilizatu behar izan direlako azken urte hauetan. Herriko Etxeak komunikatutako zifren arabera, 2011tik, Frantziako Estatuak urtean 400.000 euro gehiago jartzea eskatu zion udalari, besten segurtasuna bermatzeko.

Segurtasun neurriak zorroztu direla eta, aurten oraindik 140.000 euro gehiago jartzea inposatu dio gobernuak Baionari. Hori jakinda, herriko etxeak baionarrei ordainarazi ordez, sarrera ordaindua jartzea erabaki zuen.

Igandean Etxegarai auzapezak adierazi zuenaren arabera, Parisek beste 150.000 euro ordainarazi nahi dizkio. Ikustekoa da oraindik aplikatuko ote duten edo ez.]]>
<![CDATA[Euskarari lekua ezarri nahian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/033/001/2018-07-12/euskarari_lekua_ezarri_nahian.htm Thu, 12 Jul 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/1872/033/001/2018-07-12/euskarari_lekua_ezarri_nahian.htm
Hiru egunez, Mauleko karriketan, goiz eta arrats txarangen soinuak entzungo dira. Aurten, gainera, igande berezia izango dute bestek, hain zuzen ere futboleko Munduko Kopak arreta bereganatuko duelako.

Besta batzordeak prestatutako egitarauak bi kontzertu nagusi eramango ditu espartinen herrira. Bihar, Cel3 taldeak irlandar rock doinu tradizionalak joko ditu herriko plazaren erdian dagoen kioskoan. Larunbatean, berriz, Kimbala talde frantses-galiziar-kolonbiarrak du plaza mugiaraziko reggae, ska, rock eta cumbia erritmo koloretsuei esker.

Aurtengo egitarau ofizialaren berrikuntza, berriz, poteo kantuz ekitaldia izango da. Larunbat eguerditik arratsera, mauletarrak gonbidatuak dira ostatuz ostatu euskal kantuen haria segitzea.

Paraleloki, ordea, bestelako poteoa izanen da, larunbatean bertan, bertsoetan. Beste urtetan Koblaka Zuberoako bertsozaleen elkarteak antolatzen duen poteoa eguerdian izango baita.

Bertso poteoak betidanik bertsozale eta euskaltzaleak biltzen ditu, presoen aldeko ekitaldiaren inguruan. Urtean zehar hilabeteko azken ostiraletan preso eta iheslarien alde egiten den elkarretaratzearen segida izan nahi du. Besten kari, aldarriari lekua emateko aukera izaten da. Aldarria bai, baina Euskal Herriko goi mailako bertsolarien bertsoen entzuteko ordua ere bada. Larunbatean, beraz, Amets Arzallus, Ortzi Idoate, Elixabet Etxandi eta Julen Etxeberrik poteoan eta gero bazkarian bertso saioa proposatuko dute. Aurtengo iparraldeko gazteen txapeldunak «ohorea» sentitu du gonbidapena egin zaionean, bera bezalako gazte bertsolarientzat Iparraldean plaza gutti badela uste duelako. Etxandik azaldu duenez, «txikitan egunkari azaletan ikusten nituenen ondoan aritzeak lehen urratsak egiteko aukera ematen dit».

Besta tradizionaletatik at

«Mauleko bestak betiko lagunekin elkartzeko aitzakia dira, eta kanpoan bizi diren zuberotarrak biltzen dira», adierazi du Iulen Guiresse Zinkako arduradunak. Programa ofizialari alternatiba ematen dio Zinka ostatuak Maulen. Guiressek uste du Mauleko bestek garai batean zuten fama galdu dutela eta jendetza ere bai. Besten giroa «borroka eta borroka» izaten dela dio gazteak. Elkarte tabernak horren alderantzizkoa proposatzen du, giro euskalduna eta musika programazio askotarikoa proposatuz. Anekdota batekin ilustratu nahi du Guiressek bere errana: egun batez, errugbilari bat hurbildu zitzaion, eta erran zion Zinkan sartzean burmuinez aldatzen zuela. Pozten da bestetan Zinkak duen arrakastaz, bete-betea egoten dela dio. Gainera, urte osoan tabernara joaten ez den jendea bestetan joaten dela ikusten du urtez urte.

Zinkaren harrera arrakastatsua musikari emana zaion lekuagatik azal daiteke. Kontzertuak kitorik izaten dira, eta, gainera, kalitateari eta euskal taldeei arreta berezia egin nahi zaie. Aurten programatuak diren lau taldeetatik hiru Euskal Herrikoak dira. Ostegunean, etxean jo bezala, Xiberoots taldeak bestari ongi etorria emango dio. Reggae-punk talde zuberotarrak Zinkan zituen bere lehen kantak sortu, eta bertan zen trebatu.

Ostiralez, Tolosako (Okzitania) Krav Boca talde greziar-espartarrak joko du. Duela lau hilabete Zinkako agertokian jo zuten, eta berriz itzuli dira bestetarako. Ondoren, Little Martin Selektah rap talde gipuzkoarrak joko du. Azkenik, larunbateko zikiroaren ostean, Dr Mephisto baxenabartarrak igoko dira agertokira, eta DJ Flop zuberotarrak Zinkaren bestei amaiera emango die.

Besten azken egunean, Kukai dantza konpainiak Topa ikuskizuna emango du frontoian. Plaza batean elkartzen diren lau dantzarik osatzen dute emankizuna, eta dantza garaikidea euskal dantzarekin nahasten dute.

Euskal giroko bestak euskaraz ahal bezainbat egiteaz gain, Zinkak, azken urteotan bezala, eraso sexisten aurkako jarrera berriz ere erakutsiko du aurten, baita berdintasuna bermatzen duten besten aldekoa ere.]]>
<![CDATA[Etorkin familia bat atxikitze zentrotik askatua da, baina etorkizunik gabe]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/005/002/2018-07-10/etorkin_familia_bat_atxikitze_zentrotik_askatua_da_baina_etorkizunik_gabe.htm Tue, 10 Jul 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/1918/005/002/2018-07-10/etorkin_familia_bat_atxikitze_zentrotik_askatua_da_baina_etorkizunik_gabe.htm
Hala ere, sendiaren atxikitzea 28 egunez luzatzeko eskaera egina zuen prefetak. Errekurtsoa aurkeztu zuen Laurence Hardouin familiaren abokatuak. Defenditzaileak adierazi zuen moduan, prefetaren erabakia ez da «zilegi», horren ordez bizileku zitazio bat egin zitekeelako. «Haurren lekua ez da preso egotea», esan zion Hardouinek epaileari. Medikuaren dosierra eskuetan, atxikiak direnetik haurrek lo egiteko eta elikatzeko arazoak dituztela berretsi zuen. Familia Hendaiako zentroko egongelan jarri zutela gehitu zuen, eta urte bat eta erdiko umearen ama esnearentzat hozkailurik ez zela salatu du. Auzibide akatsak ere aipatu zituen abokatuak, eta prozedura «murduskatua» gaitzetsi.

Azkenean, epaileak libre utzi zuen familia atzo, baina zazpi eguneko epea dute Frantziako Estatuko lurraldetik alde egiteko. Gainera, aste honetan bizitzeko lekurik ez daukate aseguraturik; Cimade errefuxiatuak laguntzeko elkarteak laguntza eskaini die.

Ipar Euskal Herrian adingabeekin atxikita egondako familia baten azken kasua 2011n izan zen. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak behin baino gehiagotan auzipetu du Frantzia, guraso migratzaileekin dauden umeak atxilotzeagatik. Baina Frantziako legediak horrelakoak baimentzen ditu: 2015ean, 172 haur izan ziren egoera horretan; 2016an, 305; eta aurten, jada, 300 baino gehiago atxikiak izan dira.]]>
<![CDATA[Frantziako Senatuak sexu erasoen aurkako legea onartu du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/008/001/2018-07-06/frantziako_senatuak_sexu_erasoen_aurkako_legea_onartu_du.htm Fri, 06 Jul 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/1872/008/001/2018-07-06/frantziako_senatuak_sexu_erasoen_aurkako_legea_onartu_du.htm
Izan ere, testuaren hasierako bertsioak adingabeen «onespenik ezaren presuntzioa» jaso zuen: heldu batek 15 urtetik beherako adingabe bati sarketa bat egiten bazion, automatikoki sexu eraso bezala kontsideratzea nahi zuen. Orain arteko legedian, adingabeen aurkako bortxaketetan, auzipetuak argudia zezakeen «sexu harremana behartzerik gabe» eta biktimaren onarpenarekin izana zela, eta hori aldatu asmo zuen lege berriak.

Estatu Kontseiluak, ordea, konstituzioaren aurkakotzat jo zuen puntu hori, akusatuaren errugabetasun presuntzioa errespetatzen ez zuela aldeztuz. Horren ordez, gobernuak abusutzat jotzea erabaki zuen, heldu batek 15 urtetik beherako bati «ekintza sexual» bat egitean, adingabeak «onartzeko beharrezkoa den zentzua eta heldutasunik» ez badu.

Horrez gain, beste puntu batek ere sortu zuen atzo debate zalapartatsua Frantziako goi ganberan. Asteazkenean, mugimendu feministako kideak poztu egin ziren, senatariek «penetrazioak eragindako sexu kalte delitua» kentzea erabaki zutenean. Izendapen horri bortxaketa terminoa saihestea eta eufemismo bat erabiltzea egozten zioten aurkakoek. Gainera, bortxaketaren tipifikazioa leuntzea ere leporatzen zion oposizioak. Halako erasoak delitu gisa izendatzea eta epaitzea atzerapausotzat zuten, bortxaketa krimen bat dela baitio Frantziako legeak; hots, izan daitekeen arau hausterik larriena.

Hala ere, paradoxikoki, sexu kalte delitu izendapenak berekin zekarren zigorrak gogortzeko proposamena: bost urteko presondegi zigorra hamar urtera emendatuz. Helburua, beraz, delituaren kondena azkartzea zen, adingabeen aurkako sexu eraso kasuetan batez ere.

«Penetrazioak eragindako sexu kalte delitua» kendu izana txalotua izan bada ere, mugimendu feministako kide batzuen partetik, adingabeen «onespenik ezaren presuntzioa» kentzeak du sozialista eta intsumitu senatarien haserrea eragin. Aste honetako eztabaidetan, eskuineko oposizioak berriz argudiatu du presuntzioak konstituzioa urratzen duela. «Zakil bat ez da haur baten ahoan, uzkian edo baginan sartzen nahi gabe», erantzun zuen Laurence Rossignol sozialistak.

Hala ere, atzoko saioan, sexu erasoei aurre egiteko, hezkuntzan baliabideak indartzeko neurriak bozkatuak izan ziren. Gainera, intzestu kasuetan biktimak sufritzen duen traumaren aldeko emendakin bat bozkatu zuten. Egun, sexu eraso bat jasan duen adingabe batek 18 urte betetzean, hogei urteko epea dauka salaketa aurkezteko. Orain, berriz, amnesia post-traumatikoa sufritzen dutenen kasuan, hogei urteko preskripzioa desagerrarazi da.]]>
<![CDATA[Sexu erasoen legea Frantziako Senatura iritsi da]]> https://www.berria.eus/albisteak/154192/sexu_erasoen_legea_frantziako_senatura_iritsi_da.htm Thu, 05 Jul 2018 07:23:17 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/albisteak/154192/sexu_erasoen_legea_frantziako_senatura_iritsi_da.htm umeen babesteko elkarteen arteko desadostasun nabariak sortu zituen. Mugimendu feministak poztu dira, “penetrazioak eragindako sexu kalte" delitua, senatariek kentzea erabaki dutenean. Hori zen, alta, legearen hasierako puntua izan, adingabe baten sexu eraso kasu batean, auziperatuak “behartzerik gabe" izan zela defenditu ahal zuelako. Baina, bortxaketaren "eufemismoa" zela leporatua zitzaion terminoari eta kasu horien aurrean krimena izan ordez delitua izatea ere kritikatu zitzaion. “Penetrazioak eragindako sexu kaltea" kendu izana txalotua izan bada ere, ber artikuluko “onespenik ezaren presuntzioaren" kentzeak du sozialista eta intsumitu senatarien haserrea eragin. Emendamenduak, heldu batek 15 urtetik azpiko bati “ekintza sexual" bat egitean, biktimaren “onartzeko beharrezkoa den zentzua eta heldutasunik eza" abusutzat definitzen zuen. Gaur goizetik saioa berriz hasi da. Medikuek sexu eraso baten salatzeko obligazioa bozkatu berri dute senatariek.]]> <![CDATA['Brebeta euskaraz' aldarria, Bordeleraino]]> https://www.berria.eus/paperekoa/4636/012/001/2018-07-05/brebeta_euskaraz_aldarria_bordeleraino.htm Thu, 05 Jul 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/4636/012/001/2018-07-05/brebeta_euskaraz_aldarria_bordeleraino.htm
Hain zuzen, Jean-Michel Blanquerren Hezkuntza Ministeriotik Bordeleko Akademiako Errektoretzari agindua eman zaio uztailaren 3 eta 4an zuzendu behar ziren brebetako zientziako azterketak konfiskatzeko eta ez zuzentzeko. Zientziako azterketa iaz sartu zuten brebetan —kolegio amaierako proba—. Iragan urtean, ikastoletako irakasle zein ikasleek erabaki zuten azterketa euskaraz egitea, matematika eta historia-geografia euskaraz egiten duten bezala.

Garaian, nahiz eta hilabete bat lehenago hauteskundeak izan, François Hollande Frantziako presidentearen administrazioa oraindik lekuan zen, eta, euskaraz egingo zirela jakin gabe, zuzentzaile elebidunak mobilizatu zituen azken unean. Paradoxikoki, aurten, Bordeleko errektoreak bi irakasle elebidun deitu zituen lau zuzenketa zentroetara, preseski euskaraz idatzitako kopiak zuzentzeko. Horretarako baliabideak aurreikusiak ziren arren, ministerioak debekua agindu du.

Bordelerako bidea hartu aitzin, haserre mintzatu zen atzo Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria. Salatu zuen «euskaraz tutik ez dakiten batzuk» ari direla azterketak zuzentzen Pauen. «Eskualdeko bi pedagogia inspektore erdaldunak, zientzialariak Afrikako hieroglifoak interpretatzen saiatzen ziren bezala, ikuspegi kolonialista batetik ari dira». «Napoleon Macronen» gobernuari leporatu zion «euskara eta bretoiera suntsitzea».

Errektoretzara kateatuta

Autobidea hartu aitzin, Baionako Bernart Etxepare lizeoan elkartu ziren bi autobusak, eta Seaskako 80 lankide, guraso eta ikasle taldeak Bordelerako errepidea hartu zuen. Hara heltzean, bi irakasle errektoretzako egoitzara sartu nahian zirela, polizia batek keinu egin zien ez sartzeko. Beren eta ikasleen eskubideak defendatzeko helburuarekin hor zirela eta gainera eraikin publiko bat zela argudiatuz, sartzeko eskubide osoa zutela adierazi zioten poliziari. Hark, barruan lan egiten duten funtzionarioak trabatuko zituztela erran ondoren, bortizki pusatu zituen Seaskako bi irakasleak.

Sartu ezinean, 80 lagunek eraikineko sarrera blokeatu zuten, eta Brebeta euskaraz eta Hizkuntzen diskriminazioari ez lelodun pankartak hedatu zituzten. Ondoren, irudi sinboliko bat nahi izan zuten helarazi ikastoletako irakasle pare batek: bi gunetan eskuak kateatu zituzten, eta «zientzietan ere euskaraz» ozenki oihukatu zuten. Hortik mugitu gabe, bertan bazkaldu zuten.

Haien ondoan ziren, halaber, zientzia atala zuzentzea ukatua izan zaien ikasleetako batzuk. Aritzek eta Ametsek azaldu zuten «diskriminatuak» sentitzen direla. Pauetik inspektore erdaldunek zuzentzeak zertarako balio duen galdetu zuten: «Zero bat ez izateko?».

Geroxeago, bi poliziek Gorostiaga eskoltatu zuten izkina batera hitz egiteko. Seaskako zuzendaria itzuli zenean, kateak moztuko zituztela ohartarazi zuen. Giro lasaian, poliziak halaxe egin zuen, irakasle eta gurasoek San Sebastian doinuarekin «kasu, kasu, ikastola kexu» kantatzen zuten bitartean. Azkenik, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako kolegioetakoak autobusera itzuli ziren, brebeta euskaraz zuzendu dadila aldarrikatuz Bordeleko karriketan.]]>
<![CDATA[Pilotari omenaldia egin dio Berzaitzek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1834/028/001/2018-07-04/pilotari_omenaldia_egin_dio_berzaitzek.htm Wed, 04 Jul 2018 00:00:00 +0200 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/1834/028/001/2018-07-04/pilotari_omenaldia_egin_dio_berzaitzek.htm Laida Pilota Pier Paul Berzaitzen ikustaldi berriak. Lehen emanaldiarentzat bildu zen jende mordoaren aurrean, hamabi pilotari ohi agertokira igo ziren, dantzari, bertsolari, koro eta musikarien inguruan. Berzaitzek berak, Uztailaren 12 eta 13an emango duten espektakuluaren berri eman zuen, atzo, Senpereko Larreko kulturgunean (Lapurdi). Donapaleun izan duen ikusminaren ondoren, «sala eder horretan aritzea oso pozik » direla adierazi zuen Berzaitzek.

Hogeigarren mende hasieran Iratiko artzainak hiru aldiz urtean biltzen ziren. Primadera hasieran, udan eta bortuko garaia amaitzen zenean egun bateko besta egiten zuten, pilota, meza, bazkari eta bertsoen artean. Errebotea zen hain zuzen ere, ospakizun hauen zentroan. Berzaitzek dio Iratiko basoko irudi hau dutela preseski antzezten.

Ikuskizunak pilota du joko. Pilotaren sorreratik hasten da emanaldia, Koldo Amestoiren kontakizunen eskutik. Euskal mitologiari erreferentzia egin nahian, kontatzen du Mutrikuko (Gipuzkoa) Mendibeltzuburu mendi kaskoan jentil gizandiek, harrizko pilota animalikoekin jolasten zutela. Pilotaren kontairekin eszenaratzen da ikuskizuna, baina narrazioa aurreratzen den ber, tradizioa modernitatearekin korapilatzen dela deritzo ikuskizunari ahotsa ematen dion Magali Zubillagak.

Joko bat baino gehiago dela pilota uste du Berzaitzek. Kirolari gain, objektuari ere omenaldia eman nahi zaio. Bihotza ezpelezko kanika du, organoak aldiz artilez osatuak eta azala larruzkoa du. Pilota bakoitza gizakiaren antzerakoa da, bakarra. Gainera, Berzaitzek pilotaren bizitza bere aniztasunari lotzen du. Eskuska, errebotea, pala, sarea, hainbat joko ditu pilotak eta hainbat agertoki ere bai. Berzaitzek horregatik ditu Villabonako (Gipuzkoa) Oinkari taldearen dantzak, Errenteriako (Gipuzkoa) Larbaso koroaren kantuak, bideo proiekzioak, kontakizunak eta bertsoak plazaratu nahi izan ikustaldi bakarrean. Alboka, txistua, gitarra eta eskusoinuaren musikak laguntzen du pilotaren narrazioa kontatzen. Ikuskizun «aniztuna eta aberatsa » hitzematen du Magali Zubillaga abeslariak.

Bertsoari leku berezia eman nahi izan dio ikusgarrian zehar. Pilota eta euskararen lotura, pilota plazetan bertsoaren bidez egin dela deritzo Berzaitzek. Garai batean, pilotarien bi punturen artean bertsolariak puntuka ari ziren. Pilotari, bertsolari eta gaur egun telebistan pilota komentatzen ibiltzen den Xabier Euzkitzek bertsoaren atala inor baino hobeto beteko zuela uste izan du Berzaitzek.

Zuberoarrak, garaiko gazteriaren itxuran, pilotan jolastu du txikitan. Baina, pilotaria ez dela onartzen du. Hala ere, frontoiko jokoarekin harreman estua duela kontatzen du. Pilotarien Biltzarraren kide zaharra da. Haren sormena, honen eskari batetatik sortu dela azaltzen du. Donapaleuko Errecar Lizeoarekin trukatu ohi du Berzaitzek, eta uste du beste ikastetxe askok egiten ez duten bezala, han, kirol eskoletan pilotari buruzko lanketa handia egin dela.

Bi aktore horien bitartez sortu da Laida Pilota, biek uste zutelako pilotari emanaldi bat egin behar ziola musikariak. Proiektua duela zazpi hilabete sortu da. Berzaitzek dio taula gainean aspaldiko lagunak bildu nahi izan dituela pilotaren inguruko gogoeta eta lanketa baten egiteko.]]>
<![CDATA[«Jatorria ulertzea inportantea da kultura gutxitu batean»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/032/001/2017-02-22/jatorria_ulertzea_inportantea_da_kultura_gutxitu_batean.htm Wed, 22 Feb 2017 00:00:00 +0100 Imanol Eppherre https://www.berria.eus/paperekoa/1845/032/001/2017-02-22/jatorria_ulertzea_inportantea_da_kultura_gutxitu_batean.htm
Zer dira zuretzat kultura eskubideak? Nola definituko zenituzke?

Gizabanakoa bere identitatean eta giza eskubideen onarpenean ongi bizitzeko eskubideak dira kultura eskubideak. Jakinduriari erlazionatuak diren eskubideak dira. Kultura jakintza ezberdin batzuen bidea da, egunerokoan bizi ahal izateko, hautuak egin ahal izateko eta besteekin partekatu ahal izateko, bakoitzaren errespetuan.

Definizioa ilustra dezakezu?

Ingurumena babestu nahi badut, haren ezaugarriak ezagutu beharko ditut. Ezingo dut babestu ez banaiz kontziente zer lotura dagoen nire aktibitatearen eta ingurumenean eragiten ditudan ondorioen artean.

Baina eskubide horiek askotariko elementuz osatuta daude, ezta?

Eskubideen definizioan hizkuntza, identitatea eta balio sinbolikoak biltzen ditu kulturak. Kulturaren oinarria elementu bakoitzaren arteko interakzioa da. Azken finean, norbanakoa ezaugarritzen duena ulertzea da, harekin bizi ahal izateko.

Zertan ezberdintzen dira kultura eskubideak eta kulturarako eskubidea?

Kulturarako eskubidea da kontsideratzea pertsonek kultura beharrak dituztela eta indarra egin behar dela behar horiek betetzeko. Pertsonek hainbat ezagutza eskupean edukitzeko eskubidea da, haien gaitasunak garatu ahal izatekotan. Kulturarako eskubidea da hezkuntza, artea, ondarea eta historia ulertzeko giltzak ematen dituen eskubidea. Horrez gain, inguruak eragindako portaera sozialen —elikadura edo janzkera ohiturak, adibidez— jatorria ulertzeko gaitasuna ematen du kulturak, bakoitzak ohitura horiekin bizi nahi duen edo ez hautatu ahal izateko. Pasatzen gara, beraz, kontsumoan oinarritua den sistema batetik, beharrezkoa den sistema batera. Nire intimitatearen baitakoak behar bezala bizitzeko aukera ematen dute, berriz, kultura eskubideek.

Kultura politika publikoetan praktika horiek martxan jartzeko ikuspegi aldaketa bat behar dela diozu, eta ez egiturazko aldaketa bat. Zergatik?

Kultura eskubideek eskatzen dute politika publikoak beste ikuspuntu batekin aztertzea. Eskubide guztien arteko loturaren giltza gisa aurkeztu behar dira. Ingurumen politikak, gizarte politikak eta bestelako politika publikoak aurrera eramatean, kultura eskubideak beti barne dira. Gaur egun, politika publikoetan pertsonentzat beharrezkoa dena aurrez epaitzen da, ustez behar batzuk bete behar direlako. Gaur egungo diskurtsoa aldatu nahi dugu. Izan ere, jendea bizi da printzipio eta gaitasun batzuen inguruetan. Beraz, politika publikoak eraman behar dira jendearen gaitasunak garatzeko helburuarekin.

Bakoitzak eskubidea du bere kultura edo kulturak aukeratzeko. Kultura bat beste batekiko gutxietsia denean, hautua zilegi da?

Ez dago bakarra edo homogeneoa den kulturarik, non denek kultura modu berean bizi duten. Kultura katolikoa transmititua izan zaion batek ez du biziko bere auzoko katolikoak bezala. Kontua da gogoetatzea zer den identitatea eta zerk definitzen duen komunitate kulturala, bakoitzari komeni zaion komunitate propioa aukeratu ahal izateko. Ukan ahal da, ziur aski, euskal kultura bat itsasoari lotua dena, edo euskal kultura bat mendiari loturikoa. Garrantzitsua dena da elkarrekin partekatzen dutena onartzea, ezberdina zaiena aitortzeko. Kultura gutxitu batean nondik datorren ulertzea da garrantzitsuena.]]>