<![CDATA[Imanol Magro Eizmendi - Xabier Martin | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 20 Aug 2022 01:05:16 +0200 hourly 1 <![CDATA[Imanol Magro Eizmendi - Xabier Martin | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[LABek bi buruko lidergoa izango du: Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1933/002/001/2022-05-04/labek_bi_buruko_lidergoa_izango_du_garbintildee_aranburu_eta_igor_arroyo.htm Wed, 04 May 2022 00:00:00 +0200 Imanol Magro Eizmendi - Xabier Martin https://www.berria.eus/paperekoa/1933/002/001/2022-05-04/labek_bi_buruko_lidergoa_izango_du_garbintildee_aranburu_eta_igor_arroyo.htm
HORIZONTALA, PARTE HARTZAILEA ETA FEMINISTA

Bi koordinatzaileek maila bera izango dute, eta pauso hori zuzendaritza organoetan egongo den «eraldaketaren ikurra» izango da. Aranbururen hitzetan, zuzendaritza organo «horizontalagoa, kolegiatuagoa, parte hartzaileagoa eta feminista» bihurtzea da helburua. Feministarena ez dira hitz hutsak: «Bi koordinatzaile horietako bat, gutxienez, emakumezkoa izan dadila bermatuko dugu, estatutuen bidez». Eztabaidarako lantaldean «urrats aitzindaritzat» jo dute hori, onartuz gero emakume bat egongo baita beti sindikatuaren ardura nagusian.

Aranburuk azaldu du bi buruko estrukturak sindikatuaren «ohiko harremanak» kudeatzea erraztuko duela: hedabideekin, erakundeekin... eta bi koordinatzaileek jarduna «uztartuko» dutela lana banatzeko: «Zuzendaritzan egongo diren aldaketak ikusarazteko modu oso bisuala izango da. Ez dadila hain hierarkikoa izan, erpinean pertsona bakarra izango duena». Edonola ere, sindikatuaren mezuak helaraztean, koordinazio handiz aritu beharko dute hedabideei begira, kontraesan eta zalantza txikiak sor ez daitezen bozeramaile bien artean.

Aldaketa sakon hori azpitik iritsi den gogoeta baten ondorio izan dela esan du Arroyok, eta LABek beti hartu izan dituela erabaki berritzaileak: «Proposamena gogoeta kolektibo baten fruitu da. Taldeak gugan duen konfiantza horren barruan animatu gara. Orain afiliatuek izango dute hitza».

Bozkatzeko aurkeztuko duten txostenak esplikatzen du badirela hamabost urte zuzendaritza guneak «euskaldundu eta parekide egiteko erabakiak» hartu zituela sindikatu abertzaleak. 2008tik hala Exekutiboa nola Nazio Komitea parekideak dira, eta Biltzar Nagusian derrigorrez bermatu behar da, gutxienez, emakumeek afiliazioan duten ehunekoa.

Baina egungo zuzendaritzak erabaki duenez, parekidetasuna bermatzea «ez da nahikoa». «Horrekin batera, gune horien funtzionamendua berritu behar da, zuzendaritza eredu partekatu, bizigarri eta eraginkorra garatzeko», dio txostenak.

BESTE PARTE HARTZE BAT ERAKUNDEETAN

Antolakuntzarena ez da aldaketa sakon bakarra izango, besteak beste, Nazio Komiteak aurki zehaztuko baitu «esparru soziolaboralean dauden EAE eta Nafarroako parte hartze instituzionalerako gune batzuei begirako esku hartze plana». Gune horiek Lanbide, Nafar Lansare, Osalan, Lan Osasunaren Kontseilua, Kontseilu Ekonomiko eta Soziala, Preco eta Lan Auzitegia izango dira. Preco Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzua da, eta LABek dagoeneko onartzen duen LHKren artekaritza.

Sartu bai, baina nola? «Konfrontazio eremu gisa ikusten ditugulako sartuko gara, parte hartze ez-normalizatu batekin. Erakunde publikoek duten langileen baldintzak hobetzeko duten borondate falta desmuntatu ahal izateko hartuko dugu parte». Erakundeen eta patronalaren artean «gehiegizko sinbiosia» dagoela iritzi dio Aranburuk, eta erakundeak eroso daudela organo horietan gehiengo sindikala ez dagoelako. Dena den, oraingoz, gogoeta aurkeztuko diete afiliatuei, eta baiezkoa emango balute, planifikazio zehatzagoa hasiko luke LABek, gune bakoitzak bere berezitasunak baititu.

KONTRABOTERE SINDIKALISMOA

Erakunde batzuetan parte hartzen egoteak ez du aldaketarik ekarriko kontrabotere sindikalismoaren estrategiari begira. Aitzitik, «kontrabotere sindikalismoa da bidea» esaldiarekin garbi uzten du LABek zein den estrategia nagusia. Elkarrizketa sozialerako mahaiei buruz egiten duen hausnarketa argigarria da: «EAEko zein Nafarroako Elkarrizketa Sozialeko mahaiak gobernuen eta patronalaren politikak zuritzeko guneak dira; horietan, langileen interesen defentsak ez du lekurik». Ondorioz, LABek Elkarrizketa Sozialeko mahaietan ez egoteko erabakia berresten du.

Sindikatuak dio «antolakuntza eta mobilizazio gaitasunaren araberakoa» dela langileen indarra patronala mugatzeko. «Zenbat eta borroka gehiago egin, orduan eta lanpostu gutxiago suntsitzen dira, lan baldintzak duinagoak dira, eta lan baldintzak eguneratuak dituzten langileen kopurua igo egiten da». Beraz, konfrontazioaren estrategian aurrera egingo du LABek, eta grebari lehentasuna emango dio: «Gure eskubideen defentsarako langileok dugun tresna eraginkor eta garrantzitsuena da greba». Baina aditzera ematen du lanuztea, besterik gabe, ez dela egokia: «Gure helburua ez da gatazkak denboran luzatzea, eta greba ez da eraginkorragoa izango soilik luzeagoa delako». Greba eraginkorrak egiteko «presio mekanismo osagarriak» proposatzen ditu, esaterako, «gatazkak sozializatzea».

LAN OSASUNA

Aranburuk nabarmendu du etengabe ari direla sindikatua «birpentsatzen», eta lan osasunarena da hurrengo bosturtekoan bereziki indartuko duten beste arlo bat. Ekintza sindikalaren erdigunean jarriko du lan osasunaren esparrua. Istripu gehienetan arrazoi-ondorio harreman bat ikusi dute, prekaritatearekin edota baldintza txarrekin lotura zuzena duena. Alde horretatik, «prebentzioan» jarriko du arreta nagusia, erakundeei egin beharreko eskaerak zehazteko.

46.000 AFILIATU, 2017AN BAINO %12 GEHIAGO

LAB «indartsu» iritsiko da ekaineko bilerara, Arroyoren ustez, Euskal Herriko «sindikatu nazional bakarra» delako. Biltzar Nagusia Baionan egitea «naturala» da sindikatuarentzat -lurraldeka aukeraturiko bostehun ordezkari elkartuko ditu-, Ipar Euskal Herrian ere ekintza sindikala egiten duelako. Duela 22 urte hasi zuen bide hori, eta, etorkizunean, Iparraldean duen presentzia indartu nahi du.

LABek egun 46.000 afiliatu ditu, duela bost urte baino 5.000 gehiago. Kopurua %12 handitu da tarte horretan, eta, Arroyoren ustez, 2017ko bileran sektore prekarioenetara gerturatzea erabaki zutelako izan da. Ordezkaritzari dagokionez, %19,24koa du Hego Euskal Herrian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ordezkarien %19,85 ditu LABek, eta Nafarroan, %17,31. Ipar Euskal Herrian, urtez urte goraka egiten ari da.]]>
<![CDATA[Tubacex eta langileak negoziatzeko prest, baina marra gorri zorrotzekin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/010/001/2021-09-09/tubacex_eta_langileak_negoziatzeko_prest_baina_marra_gorri_zorrotzekin.htm Thu, 09 Sep 2021 00:00:00 +0200 Imanol Magro Eizmendi - Xabier Martin https://www.berria.eus/paperekoa/1877/010/001/2021-09-09/tubacex_eta_langileak_negoziatzeko_prest_baina_marra_gorri_zorrotzekin.htm
Tubacexeko aldi baterako erregulazioa luzatzeko bilera erronda asteartean amaitu zen, eta enpresak eta langileek biharamunean eman dute beren jarreren berri. Bi aldeak hitz egiteko prest daude, baina jarrerak oso urrun daude, bien baldintzak ez direlako bateragarriak. Enpresak kaleratzeak ezinbestekotzat dauzka, edo, gutxienez, haien eragin ekonomiko bera izango lituzketen murrizketak lan baldintzetan. Hori beteko balitz, langileek uko egin beharko liokete EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenarekin lorturikoari. «Guk ez dugu nahi helegitea kentzea kentzeagatik», zehaztu du Iberniak; «guk indargabetu dadin nahi dugu».

Tubacexek hedabideetara bidalitako ohar batean eman ditu azalpen horiek, baina ez du zehaztu zeintzuk liratekeen onartzeko prest legokeen egiturazko neurri horiek. Bestalde, Iberniak kritikatu du orain arte ez dutela inolako akordiorako asmorik ikusi zuzendaritzaren jarreran, eta ez dakiela negoziazio mahaia berriz indarrean den. Azaldu duenez, azken hilabeteetako bilera proposamen guztiak sindikatuek egin dituzte.

Patronalaren irainak

Bien bitartean, Tubacexek Amurrion eta Laudion (Araba) dituen fabriketako langileek 210 egun daramatzate greban. Enpresak, batzordearekin izandako bileretan onartu duenez, han egin beharreko lanetako batzuk Austriako beste lantegi batera desbideratu ditu. Enpresak batzordeari bota dio muturreko egoeraren errua, «grebak eraginda»; Iberniak, berriz, bulegoetan ikusten ditu arduradunak: «Lantegiak arriskuan badaude, enpresak eginiko erregulazioarengatik da, eta ateak itxi dizkiotelako bestelako konponbideei».

Eta Arabako patronal SEA labirinto honetako bidean oztopo gehiago jartzera iritsi da. Erakundeko zuzendari Juan Ugartek «mafia» hitza erabili du batzordea izendatzeko. «Sindikatuen jarrera batzuk zailak dira ulertzeko. Enpresari bide judizialari uko egiteko eskatze horrek Siziliako mafiarekin antz handiagoa du beste edozerekin baino». Ugartek mehatxu zuzenak helarazi ditu, gainera: «Honek horrela jarraitzen badu, enpresaren bideragarritasuna dela-eta beldurtzen hasiko naiz». Sindikatuei errieta handia egin die greba mugagabeari eusten diotelako: «Gatazka soilik bilatzeak arriskuan jartzen du jarduera; denak du muga bat, eta ez da erraza enpresak batek eustea zazpi hilabetez ekoizpenik gabe egonda».]]>