<![CDATA[Iñaki Fernandez Guridi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 27 Oct 2021 02:36:45 +0200 hourly 1 <![CDATA[Iñaki Fernandez Guridi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Esperientzia, finaletatik harago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1996/019/001/2021-10-13/esperientzia_finaletatik_harago.htm Wed, 13 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1996/019/001/2021-10-13/esperientzia_finaletatik_harago.htm
Bide erraza izan zuten Junkal Aizpuruaren (Donostia, 1997) eta Pedro Etxarriren (Donostia, 1995) taldeek finalera heltzeko. Hasierako fasea zailtasun handirik gabe pasatu zuten, baina lehen oztopoa finalerdietan izan zuten; bereziki, emakumeen taldeak. Suitza izan zuten aurkari, eta gauzak asko zaildu zitzaizkien: «Lehenengo partidan asko sufritu genuen. Bizkaia pilotalekuan jokatzen genuen lehen aldia zen, eta bertako baldintzetara egokitu behar izan genuen. Zale asko gerturatu zen, eta horrek urduriago jarri gintuen. Ez zen erraza izan, baina hurrengo bi partidak sendo irabazi genituen».

1-6 galdu zuten lehen seta;hurrengoa, berriz, 6-3 irabazi zuten. Baina hirugarrenean garesti ordaindu zuten esfortzua, eta 3-6 galdu zuten. Beraz, euskal selekzioak ez zuen baliatu lehen aukera, eta derrigortuta zegoen bigarren partida irabaztera, finalean izan nahi bazuten. Hurrengo bi lehiak askoz lasaiagoak izan ziren. Adriana Barrena eta Marta Avila bikoteak aurrena, eta Aizpuruak eta Cristina Gonzalezek gero, markagailua alde zutela amaitu zuten euren eginbeharrekoa. Hori horrela, historiako lehen finalean zen euskal selekzioa.

Gizonezkoen kasuan, finalerdi erosoagoa izan zuten, baina susto txiki bat ere bai. Finlandiaren aurkako hiru partidak irabazi arren, lehen norgehiagokan tie-break bat izan zuten. Azkenean, aurrera egin ahal izan zuten, eta euskal selekzioarentzat izan zen puntua. Gainerako bi partidetan finlandiarrak behera egin zuten, eta euskal selekzioa arazorik gabe pasatu zen finalera. Etxarrirentzat susto horren arrazoia ezagutza falta izan zen: «Ezagutzen ez dituzun aurkarien kontra jokatzen duzu, eta horrek asko zailtzen du partida. Ez da erraza hori kudeatzea, eta, azkenean, ezustean harrapatzen zaituzte. Beldur pixka bat sartu zitzaigun, baina egoera ondo kudeatzen asmatu genuen».

Ezin ezer egin

Portugal izan zuten aurkari bi finaletan, eta bietan gailendu zen. Gizonezkoen kasuan, finaleko lehen partidan aurrea hartu zuen euskal selekzioak: «Gure helburua finala irabaztea zen. Hiru bikote oso indartsu atera genituen horretarako. Lehen partida irabazi genuen, eta gainerakoetan zerbait falta izan zitzaigun. Gure beste bikoteek ez zuten gaizki jokatu, baina orokorrean portugaldarrek lan hobea egin zuten», gogoratu du Etxarrik. Hain zuzen, Joseba Diegok eta berak osatzen zuten bikoteak lortu zuen finaleko garaipen bakarra.

Emakumezkoetan, berriz, ezin izan zieten portugaldarrei ezusteko txiki bat ere eman. «World Padel Tourra jokatzen ari diren bi jokalari zeuzkaten, eta horrek taldearen maila asko igotzen du. Munduko zortzi bikote onenen artean daude. Europako Txapelketan ez zuten batera jokatu, bakoitzak bikote berri bat izan zuen. Pentsatzen genuen ez zirela etorriko, eta ondorioz aukerak izango genituela irabazteko. Eta etorri zirenez, ia ezinezkoa zen finala irabaztea». Bi selekzioen artean dagoen desberdintasun bat nabarmendu du Aizpuruak: «Gure kasuan ez bezala, portugaldarrek diru laguntza asko jasotzen dituzte padelean jokatu ahal izateko. Guk ez dugu izaten inolako laguntzarik, eta lehiatzeko orduan asko antzematen da desberdintasun hori».

«Errebantxa gogoz» dago donostiarra datorren denboraldirako; ez, ordea, honetarako. Izan ere, aurten ez du txapelketa gehiagotan parte hartuko: «Ikasketetan zentratu gura dut datozen hilabeteetan». Etxarrik, berriz, euskal zirkuituan hartuko du parte asteburu honetan, eta urriaren 26tik 31ra bitartean Espainiako Txapelketan izango da, Madrilen. «Ia astero txapelketaren bat izaten dugu, eta ezin dugu denborarik galdu. Europako Txapelketak motibatzeko eta lan gehiago egiteko balio izan digu», azaldu du.

Aizpuruak aste osoan izandako bizipenak gogoratuko ditu etorkizunean, eta ez hainbeste eskuratutako emaitzak, nahiz eta bigarren postuari «garrantzia» eman: «Aste osoa elkarrekin egon ginen, eta oso polita izan zen. Entrenatu eta jokatu ez ezik, oso ondo pasatu genuen, eta. hori ere garrantzitsua da».]]>
<![CDATA[Aukera baliatu nahian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1885/021/001/2021-10-02/aukera_baliatu_nahian.htm Sat, 02 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1885/021/001/2021-10-02/aukera_baliatu_nahian.htm
Gizonezkoen kasuan, txapelketaren lehen fasean Kroaziarekin eta Danimarkarekin neurtuko dituzte indarrak, eta emakumeek, berriz, Danimarkarekin eta Txekiarekin. Gizonezkoetan, hamalau taldek hartuko dute parte guztira, eta emakumezkoetan, bederatzik. Bietan da irabazteko hautagai nagusia euskal selekzioa, eta bietan izango dute Portugal arerio nagusi.

Euskal taldeak selekzio gisa lehiatzeko arrazoia da Nazioarteko Federazioak (FIP) antolatutako txapelketetan baino ez duela parte hartzen Espainiako Federazioak, eta ez dela izaten Europako Federazioak (FEPA) antolatutakoetan, oraingoan bezala. Hala, selekzioak aukera baliatu du.

Europako Txapelketa, gainera, Euskal Herrian jokatuko da; Bizkaian, hain zuzen. Etzitik hilaren 9ra bitarte, 300 partida jokatuko dira Padeltokin (Ortuella), Padel Indoor (Barakaldo), Padel&Go (Santurtzi) eta Padel Derio zentroetan (Derio). Finalerdiak eta finalak, berriz, Bizkaia pilotalekuan izango dira. Tartean, Europa osoko 500 lagun bilduko dira: entrenatzaileak, jokalariak eta laguntzaileak.

Junkal Aizpurua (Donostia, 1997) eta Pedro Etxarri (Donostia, 1995) izango dira euskal selekzioarekin arituko diren jokalarietako bi. «Ilusio handia» egiten die txapelketan aritzeak. Aizpuruaren kasuan, lehen aldia izango da, eta «harro» dago. Etxarrik, berriz, behin baino gehiagotan izan du euskal selekzioan aritzeko aukera, eta oraingoan ere «oso gustura» jokatuko du. Hala ere, biak bat datoz honekin ez dela aurrerapauso bat emango ofizialtasuna lortzeko: «Ez dugu uste hau denik bide egokiena, baina hau guztia federazioen esku dago. Guk ezin dugu ezer egin».

Biek nabarmendu dute euskal selekzioak irabazteko aukerak dituela emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Dena den, Aizpuruak zuhurtzia eskatu du. «Ez ditugu arerioak gehiegi ezagutzen. Baina taldekide bat World Padel Tourren egon da jokatzen. Portugalgo neska batekin hitz egin zuen, eta esan zion hango jokalari onenak datozela txapelketa honetara. Beraz, Portugalen maila oso ona izango da, eta haien eta gure artean egongo da txapelketa. Badakigu oso zaila izango dela irabaztea, baina posible ikusten dugu. Gainerako selekzioak ez ditugu ezagutzen, baina lan ona egin dezakegu. Ondo entrenatu dugu, eta ilusioz gainezka gaude».

Selekzio bakoitzeko hiru bikote daude, eta aurrera egiteko, bi hartu beharko dituzte mendean. Portugalen kontra finalerdietan edo finalean neurtuko lituzkete indarrak: «Badakigu portugaldarrek bi bikote oso on dituztela. Hirugarren bikoteari erraz irabazi diezaiokegu, baina, nola bi bikote garaitu behar ditugun, zaila izango zaigu Portugal menderatzea», adierazi du Aizpuruak. Gainerako selekzioa ez ezagutzearen arrazoia ere eman du: «Ez dira World Padel Tourren lehiatzen, eta, ondorioz, haien maila baxuagoa da». Etxarri, hala ere, ez da fio: «Hautagai nagusiak gara, baina besteek sustoren bat eman diezagukete. Atentzio handien eman didan selekzioa Portugal da, baina egia da ezin izan ditudala gainerako taldeak asko ikusi».

Etxarrik jarraipena eman nahi dio joan den asteburuan irabazitako Grand Slamari. Izan ere, orain arte ez dituzte emaitzak alde izan Joseba Diegok eta berak, eta uste du ondo etorriko zaiela azken emaitza hori. «Final askotara iritsi gara azken urtean, baina irabaztea asko kostatzen zaigu. Maila asko hobetu da, eta gazteak zeresana ematen ari dira», nabarmendu du.

Aizpuruaren kasuan, denboraldia «eskasa» izaten ari da. Medikuntzako gradua ateratzeko buru-belarri ibili izan da ikasten, eta orain mediku egoiliar izateko azterketa prestatzen dabil: «Hori dela eta, ez ditut txapelketa asko jokatu; bakarrik entrenatu egin naiz. Uztailean hasi nintzen berriz jokatzen. Oraindik ez nago nire sasoirik onenean, baina ilusioz gainezka nago. Txapelketara maila onean helduko naizela uste dut. Horri heltzen diot».

Zaletasuna, gora

Biak bat datoz padela asko ari dela hazten Euskal Herrian. Kontziente dira gero eta pertsona gehiago ari direla federatzen, eta hori berri ona da. Izan ere, esan nahi du Euskal Padel Federazioak irabazi gehiago dituela, eta kirola bera ikusgarritasun gehiago irabazten ari dela. Eta, horri esker, txapelketa gehiago antolatzeko aukera dagoela aurreikusten dute. Ez hori bakarrik: diru gehiago irabazita, aukera dago jokatzeko gune berriak egiteko.

Gainera, pandemia garaian izan arren, Euskal Herriko Txapelketak ez dira alde batera gelditu, eta jokatzeko aukera izan dute euskal padel jokalariek. Hori ere funtsezkoa izan da aurretik jokatzen zuten jokalariek zaletasuna eta ohitura ez galtzeko, eta kirolari ikusgarritasuna emateko.]]>
<![CDATA[«Sekulakoa litzateke Baskoniarekin titulu bat irabaztea»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/024/001/2021-09-18/sekulakoa_litzateke_baskoniarekin_titulu_bat_irabaztea.htm Sat, 18 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1864/024/001/2021-09-18/sekulakoa_litzateke_baskoniarekin_titulu_bat_irabaztea.htm
Zortzi urte dira Baskoniara heldu zinela, eta gaur hasiko duzu sasoi berri bat. Lehen eguneko ilusio berarekin jarraitzen duzu?

Baskonia beti irabazi nahi duen kluba da. Bai taldeak, bai nik erronka askorekin hasten dugu denboraldia. Baina hitz egitea erraza denez, kantxan hitz egin behar dugu.

Valentziaren aurka hasiko zarete, Fontetan. Ez da hasiera atsegina, ezta?

Oso talde gogorra da. Fontetako partidak oso zailak dira, baina denboraldiaurre ona egin dugu eta sasoi onean iritsi garela uste dut. Uda ondo joan da, eta ilusioz gainezka gaude.

Lau partida irabazi dituzue, eta bi galdu. Zer irakurketa egiten duzu?

Zazpi jokalari berri ditugu, eta elkar hobeto ezagutzeko balio izan digu. Sistema berriak ikasi ditugu fitxatu berrien bidez. Inork ez du gogoratuko partida guztiak irabazi edo galdu dituzun; horrek berdin du. Hemendik aurrera entrenatzaileak nahi duena bete behar dugu.

Euskal Kopa galdu zenuten Bilbo Basketen aurka: 93-68. Espero al zenuten horrenbesteko aldeaz galtzea?

Asko ikasi behar dugu partida horretatik. Lo atera ginen pistara, eta Bilbao Basketek dena eman zuen. Jaurtiketa askotan huts egin genuen, eta konfiantza galdu genuen. Ikasgai ona izan zen guztiontzat; edozein aurkari errespetatu behar dugu, ez baitago arerio errazik.

Zalantzak izan zenituzten finalaren ostean?

Ez. Hala ere, normala zen hain ondo ez jokatzea, talde berria baitzen. Duskok daukagun guztia emateko eskatzen digu, baita etengabe borrokatzeko ere. Konfiantza askorekin goaz Valentziara; final hori iragana da.

Denboraldiaurrea Araba Saria irabazten amaitu zenuten, Sibiuren aurka: 101-56. Horrek lagundu egiten du, ezta?

Bai, garrantzitsua izan zen. Aurkaria gure maila berekoa izan ez arren, gogo askorekin jokatu genuen, eta irabaztera irten ginen. Eta, urte eta erdiren ondoren, zaleen aurrean jokatu genuen. Asko botatzen genituen faltan.

Zer moduz sentitu zara udan?

Iaz baino askoz hobeto, konfiantza handiagoarekin. Urte garrantzitsua izatea espero dut, baina oinak lurrean dauzkat.

Zein helburu dituzu?

Ildo beretik jarraitzea, gauza askotan pentsatu gabe. Sarri jokatzen dugunez, partidaz partida joan behar gara. Garrantzitsua izango da egunero kontzentratuta egotea.

Uste duzu denboraldi honetako taldea aurreko sasoikoa baino hobeagoa dela?

Oraindik goiz da konparatzeko. Ez zait gustatzen konparazioak egitea, eta pistan erakutsi behar dugu, ez hitz egiten.

2013an iritsi zinen Baskoniara, eta 2015ean debutatu zenuen lehen taldearekin. Zein balorazio egiten duzu zure ibilbidearen inguruan?

15 urterekin iritsi nintzen, oso gazte. Ez nintzen gai espainieraz hitz egiteko ere. Gauza asko ikasi nituen, eta asko hobetu nuen. Une zailak igaro nituen, baina gauza hauek indartu egiten zaituzte. Eskerrak eman nahi dizkiot klubari, duela zortzi urtetik, beti nigan konfiantza izan duelako. Konfiantza hori itzuli nahi diet egunero gogor lan eginez. Sekulakoa litzateke Baskoniarekin titulu bat irabaztea.

Azken urteotan beste talde batzuetan jokatu duzu, utzita. Jokalari gisa hobetzeko balio izan dizu?

Jokalari gazte batentzat garrantzitsua da asko jokatzea. Berdin dio hutsak egiten dituzun, ikasteko balio dizute eta. Nire lehen urteak oso zailak izan ziren, gutxi jokatzen nuelako. Agian, jendea ez zen nirekin fidatzen. Baina nire lanari esker, indartsuago itzuli nintzen, eta hemen jarraitzen dut.

Dusko Ivanovicen aldaketa taktikoarekin kantxako edozein jokalari defenda dezakezu. Horrek jokalari garrantzitsuagoa bihurtzen zaitu taldean?

Duskok esaten digu jokalari guztiok sistema guztietan jokatu behar dugula. Denboraldia oso gogorra da, partida asko jokatzen ditugulako, eta horrek lesioak eragin ditzake. Beraz, baliteke beste postu batean jokatu behar izatea. Ni edozein postutan jokatzeko egokituta nago. Duskok jartzen nauen postuan jokatuko dut.

Rokas Giedraitis eta Simone Fontecchio fitxatu eta gero, zein postutan ikusten duzu zeure burua?

Denboraldiaurrean ia beti hegaleko pibot gisa jokatu dut, eta uste dut hor jokatzen jarraituko dudala. Baina berriro diot: oso erraza da pistatik kanpo hitz egitea. Onena pistan hitz egitea da.]]>
<![CDATA[«Udan pauso asko eman ditugu; hasteko prest gaude»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/019/001/2021-09-17/udan_pauso_asko_eman_ditugu_hasteko_prest_gaude.htm Fri, 17 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1872/019/001/2021-09-17/udan_pauso_asko_eman_ditugu_hasteko_prest_gaude.htm
Denboraldia hasiko duzue bihar. Gogotsu zaude?

Oso motibatuta nago. Uda ona izan da guretzat, baina garrantzitsuena orain hasten dena da.

Hiru partida irabazi eta bi galdu dituzue. Gustura amaitu al duzue?

Udako garrantzitsuena pixkanaka hobetzen joatea da. Astero pausoak eman ditugu, eta hasteko prest gaudela uste dut. Lan ona egin dugu. Lesio batzuk izan genituen, baina denok jokatu dugunean ondo aritu gara. Sasoi onean gaude.

Euskal Kopa irabazi berri duzue Baskoniaren aurka.

Beti da ona irabaztea; ikusten duzu egiten ari zaren lana egokia dela. Baskoniari irabaztea beti da garrantzitsua, bai guretzat, baita zaleentzat ere. Asko gustatzen zaie euren taldeak Baskoniari irabaztea.

Joventut izango duzue aurkari lehen partidan. Nolako taldea da?

Denboraldi bikainak egiten ari da, eta oso partida zaila izango da. Ez dira egongo Ante Tomic eta Ferran Bassas, eta ziurrenik ezta Simon Birgander ere. Baina oso talde ona da oraindik ere. Jokalari asko gazteak dira, eta talentu handia dute.

Non egongo da irabazteko gakoa?

Beraiek eroso egon ez daitezen saiatu behar gara. Talde guztien aurka jokatzeko gakoa da, baina batez ere talentu handiko taldeen aurka; Joventuten aurka, esaterako.

Maiatz amaieran hartu zenituzten oporrak. Lortu al duzu deskonektatzea?

Stockholmen izan naiz. Asko jokatu dut golfean, hemen oso gutxi jokatzen baitut. Denbora librea horretarako aprobetxatzen dut, baina hainbeste entrenamendurekin atseden hartzea beharrezkoa da.

Zazpigarren urtea duzu ACB ligan. Gustura al zabiltza?

Asko gustatzen zait ACB liga. Beste liga batzuetan ere izan naiz, baina ACB liga da gehien gustatzen zaidana. Bertan jokatzen jarraitu nahi dut.

Bartzelona, Sevilla, Madril eta, orain, Bilbo. Non bizi izan zara erosoen?

Bartzelonako etapa berezia da: gazte iritsi nintzen eta oso ondo tratatu ninduten; 15 urterekin irten nintzen Suediatik. Bilbo asko gustatzen zait hiri gisa, eta jendea oso atsegina da. Klub oso umila da, eta oso ondo tratatzen naute. Hala ere, gainerako hiriak ere oso ondo daude bizitzeko. Denetan zoriontsua izan naiz.

Poloniako ligan ere izan zinen; hain zuzen, Stelmet Zielona Gora taldean. Zer-nolatan aldatu zenuen taldea?

Poloniakoa denboraldi oso garrantzitsua izan zen niretzat. Aldaketa baten beharra nuen, eta horregatik erabaki nuen Estudiantesetik irtetea.

Sevillan lortu zenituen estatistikarik onenak, eta aurreko urtean asko hobetu zenituen. Zeintzuk dira arrazoiak?

Poloniatik Bilbora konfiantza gehiagorekin iritsi nintzen, eta joan den sasoian nabaritu zen. Gehiago hobetzea espero dut.

Ze ekarpen egin dizu Alex Mumbruk?

Taktikoki asko irakatsi digu. Eta jokalari ohia izanik, asko laguntzen du taldea kudeatzen. Oso gustura nago harekin.

Azken partidan lortu zenuten maila mantentzea. Espero al zenuten hain berandu izatea?

Oso denboraldi gogorra izan zen guretzat. Nahiko zaila ikusten genuen salbazioa, ezinezkoa, baina hobetu egin genuen, eta mantentzea lortu genuen. Aldagelan goian ospatzen dugu, zerbait irabazi izan bagenu bezala. Zerbait irabazi genuela zirudien, baina gure helburu nagusia zen. Oso pozik amaitu genuen.

Eta sasoi honetan zein helburu daukazue?

Oraindik ez dugu askorik hitz egin. Mumbruk egunero esaten digu hobetzen joan behar dugula, eta talde guztien aurka lehiatzen saiatu behar dugula. Ea noraino iristeko gai garen. Espero dut azken partidara arte ez itxarotea mailari eusteko.

Zazpi jokalari fitxatu ditu klubak, eta nabarmenena Andrew Goudelockena izan da. Nolakoa da halako izar batekin jokatzea?

Oso ona da. Uda honetan eskolta gisa jokatzen ari naiz,eta hura defendatzea egokitu zait. Harengandik gauza asko ikasteko aukera izango dut; oso profesionala da, eta oso pertsona ona. Asko emango digu.

Zer helburu jarri dizkiozu zeure buruari?

Aurreko sasoian baino hobeto jokatu nahi dut. ACB ligan nagoenetik entrenatzaile berarekin bi denboraldi jarraian jokatzen dudan lehen aldia da. Bi urtez egon nintzen Estudiantesen, baina lehen urtearen ondoren entrenatzailea aldatu zuten, eta, beraz, baita gure jokatzeko modua ere. Mumbruren aginduetara entrenatzen jarraitzeak esan nahi du lehen egunetik ezagutzen dudala bere jokatzeko modua, eta horrek asko errazten du lana.

Denboraldi amaieran amaituko zaizu kontratua. Ba al daukazu luzatzeko asmorik?

Egia esan, oraindik ez dut horretan pentsatu. Oso gustura nago hemen; ahalik eta ondoena jokatu nahi dut.

COVID-19a pasatu zenuen azaroan. Utzi al dizu arrastorik?

Lehen egunetan oso gaizki pasatu nuen, eta ondorengo lehen entrenamenduak oso gogorrak izan ziren; bazirudien urtebete neramala jokatu gabe. Baina banakako plan batekin pixkanaka hobetu nuen. Ondo nago orain.]]>
<![CDATA[Larunbat goizeko esnatze atsegina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2034/028/001/2021-09-14/larunbat_goizeko_esnatze_atsegina.htm Tue, 14 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/2034/028/001/2021-09-14/larunbat_goizeko_esnatze_atsegina.htm
Jakinekoa da hernaniarrak Chronen sindromea pairatzen duela. Horri aurre egiteko, medikamentua hartu behar du, halabeharrez. «Ez dit graziarik egiten ospitalera joateak. Hiru urte eta erdi daramatzat medikamentua hartzen, eta dena ondo doa», dio.

Goizean joaten da, 09:00etarako, eta bazkaltzeko ordurako etxean dago. Janaria baino gehiago, gorputzak atseden hartzeko eskatzen dio. Beharrezkoa du hidratatzea ere: «Etxera heltzean, lehenbailehen komeni zait litro eta erdi ur edatea, gorputzari medikamentua pasatzen laguntzeko».

Nahiago du Hernanitik (Gipuzkoa) Donostiarako bidea norbaitek lagunduta egin: «Ospitaletik tentsio baxuarekin ateratzen naizenez, ez naiz autoan bakarrik joaten; etxeko batek laguntzen dit».

Bizitza normala egin ahal du gaur, entrenamendua izan ezik. Tentsioa erraz jaisten zaionez, alde batera utzi behar du. Eugenio Rodriguez entrenatzailearekin elkartzen da «izerdi pixka bat botatzeko». Normalean, lauzpabost egunetara beti bezala entrena dezake, baina aste hau «oxigenatzeko» hartuko du: «Abuztutik nindoan zestoa jartzen egunero, eta atseden hartzeko garaia da». Medikamentuak atsedenaldiarekin bat egin dio.

Ospakizunak ez zituen alde batera utzi nahi izan, eta familiako kideekin eta gertuko lagunekin sagardotegian afaldu zuen; 30 bat lagun izan ziren. Pozarren egon arren, afaltzeko ordua ez zen guztiz erosoa izan: «Oso nekatuta nengoen. Nahiz eta ordu batzuk pasatu, tentsioa altu neukan oraindik, eta sabela, itxita, nerbioengatik. Hala ere, gau giro ederra pasatu nuen gertuko pertsonekin». Gainera, Los Incansables txaranga taldeko kidea da haren osaba bat, eta afaria are gehiago alaitu zuen.

Sentsazio onekin

Final eguneko esnatzea guztiz atsegina izan zuen: «Ez zait inoiz pasatu, baina oso ondo esnatu nintzen. Beti kontrakoa izaten da. Astean zehar gertuko pertsona batzuk gerturatu zitzaizkidan, eta sinetsita zeuden irabazi egingo nuela. Ez dakit haiek transmititutako zeozer izan zen ala ez». Eguerdian, aldiz, nerbioak jota zegoen. «Horrelakoetan, nire lehengusu txikiek laguntzen didate; haiekin elkartzen naiz. Finalerdien eta finalaren aurretik joan naiz haiengana», oroitu du.

Ez zuen behar bezala hasi finala. Partida aurretik Juan Pedro Ugarteri egindako omenaldiak asko hunkitu zuen, eta eragin egin zion horrek: «Asko harrapatu ninduen. Estimu handia diot, hainbat urtez berak egin baitizkigu zesta guztiak. Izerdi puntua atera nuenean hobetu nuen».

Urriza eta haren laguntzaile Seve Artzelusekin egin zuen topo Galarretara heltzean. Elkar agurtu zuten, baina hernaniarrak garbi esan zien: «Plazer bat da horrelako egun bat zuekin batera pasatzea. Onena opa dizuet, baina txapelaren bila noa». Esan eta egin.

Txapela eta garaikurra ez zituen etxera eraman. Amari eman zizkion: «Aurreko aldian ere amarentzat izan ziren; berari eskaini diot garaipena. Nahiago dut betiko oroituko ditudan momentuekin gelditu».

Hartu beharreko atsedena hartu eta gero, datorren astean entrenatzailearekin eta nutrizionistarekin bilduko da azarora arteko plangintza egiteko. Binakakoa jokatuko dutela baieztatu die, eta «maila bera» mantendu gura du.]]>
<![CDATA[Pattal hasi, eta dotore bukatu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/022/001/2021-09-12/pattal_hasi_eta_dotore_bukatu.htm Sun, 12 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1943/022/001/2021-09-12/pattal_hasi_eta_dotore_bukatu.htm
Barrenetxea IV.a hernaniarrak parean izan zuen aurkaria ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Urriza sasoiko heldu zen finalera: bere denboraldi onena egiten ari zen, jokatutako final guztiak irabazi baitzituen. Baina ezin izan zion atzokoan jarraipena eman. Horregatik, balio bikoitza du Barrenetxea IV.ak irabazitako txapelak.

COVID-19 gaitza pasatuta hasi zuen txapelketa Urrizak, eta, guztiz indarberrituta ez baldin bazegoen ere, partidaz partida hobetuz joan zen. Ezin izan zion, ordea, amestutako amaiera eman.

Finalak ikusgarria izateko osagai guztiak zituen. Jendetza elkartu zen Hernaniko Galarreta pilotalekuan, eta bildutako 600 pertsonek partida itzel batekin gozatu zuten. Barrenetxea IV.aren zaleek aurpegian irribarre bat zutela bueltatu ziren etxera; Urrizarenak, berriz, burumakur irten ziren Galarretatik.

Finala atzo jokatu bazen ere, protagonistek arlo psikologikoa martxan jarri zuten aurretik. Materiala aukeratu osteko adierazpenetan, Barrenetxea IV.ak aukeratutako pilota bat «biziegia» zela adierazi zuen Urrizak; eta hernaniarrak erantzun zion hark aukeratutako bat «motelegia» zela.

Barrenetxea IV.aren pilotarekin ekin zioten finalari. Aurrelariak saketik gura izan zion min egin, baina lehen saiakeran motz gelditu zen, eta Urrizak hartu zion aurrea markagailuan. Hark, berriz, ez zuen epailearengana joateko bidea hartu, eta ustezko pilota biziarekin jarraitu zuen jokatzen.

Hasiera aldekoa izan zuen, behintzat, Urrizak. Barrenetxea IV.ak egindako hutsak baliatu zituen, eta 5-0 aurretik jartzea lortu zuen. Hernaniarrak «zentratzeko» eskatzen zion bere buruari. Lau tanto egin zituen jarraian, eta horietako bat oso polemikoa izan zen: epaileak ontzat eman zuen motz gelditu zitzaion sakea, eta Urriza eta ikusleak sinetsi ezinik zeuden. Barrenetxea IV.aren bigarren tantoa izan zen. Finalak parekatua izaten segitzen zuen, nagusi argirik gabe.

Motorra berotzen hasita

Lehen berdinketa 7-7koa izan zen, eta 8-9koarekin jarri zen Barrenetxea IV.a aurretik lehen aldiz. Aurrelariak inoiz baino pilota gehiago sartu zituen ezkerparetan, eta gehienetan ondo irten zitzaion apustua. Gainera, paretaren hezetasunagatik are gehiago irristatzen zen pilota .

Hasiera kaxkarra izan bazuen ere Barrenetxea IV.ak, behin aurrea hartuta markagailuan, hobetzera egin zuen. Hortik aurrera ez zen atzetik jarri. Tantoak lortzen jarraitzen zuen; alde txikiarekin, baina beti bere alde. Lehen atsedenaldira 13-15 heldu ziren.

Urriza indarra galtzen hasi zen, eta gailendu beharreko malda gero eta handiagoa zen. Sei tantoko zuloa ireki zuen Barrenetxea IV.ak, eta ezin izan zuen inoiz itxi Urrizak. Barrenetxea IV.a garesti ari zen saltzen tanto bakoitza.

Pixkanaka, moralki indarra galduz joan zen Urriza, eta, bere zaleen animoekin 4-0eko partziala lortu bazuen ere, ez zen nahikoa izan finalari buelta emateko.

Finaleko azken zatiko tantoak oso fisikoak izan ziren. Urrizak gerturatzeko keinua egin zuen, baina Barrenetxea IV.a tinko mantendu zen. Ez zuen piloteoan askorik ibili nahi izan, hori baita iruindarraren indargune nagusia. Urrizak sareetara bidalitako pilotarekin bukatu zen finala.

Partida osteko adierazpenetan Barrenetxea IV.ak azaldu zuenez, hasieran «blokeatuta» sentitu zen, eta hori izan zen markagailuan izan zuen desabantailaren arrazoia.

Hala ere, partidari buelta eman ahal izan zion, eta «oso pozik» amaitu zuen egindako lanarekin. «Ez nuen espero txapeldun izatea. Langilea naiz, eta txapel hau egindako lanaren emaitza da». Esan zuen ohartu zela bukaeran Urrizak «bigarren martxa» sartuko zuela, baina gelditu ahal izan zuela.

Lortutakoak balio berezia du harentzat. Finala amaitutakoan, gogoan izan zituen gertukoak: «Txapel hau etxekoentzat, nire neskarentzat, hernaniarrentzat eta Antiguako kide guztientzako da». Kantxan «izugarri» disfrutatu zuela azpimarratu zuen Barrenetxea IV.ak.]]>
<![CDATA[«Beteranoenetako bat izanik, aurrerapauso bat eman behar dut»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1894/026/001/2021-09-11/beteranoenetako_bat_izanik_aurrerapauso_bat_eman_behar_dut.htm Sat, 11 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1894/026/001/2021-09-11/beteranoenetako_bat_izanik_aurrerapauso_bat_eman_behar_dut.htm
Ainhoa Hernandez, Maddi Aalla, June Loidi eta Maider Barros. Izen handiko jokalariek utzi dute taldea.

Pena handia eman zigun. Gure artean sortutako taldea desegin zen, baina aurrera egin dugu. Denboraldi honetan zentratu behar dugu, eta gaudenok ahalik eta hobekien aritu.

Uste baino hutsune handiagoa utzi al dute?

Uste dut ezetz. Kanpotik ikusita, pentsa daiteke taldea ahuldu egin dela, izen handiko jokalariak joan baitira, eta etorri direnek ez dutelako hainbesteko sona. Sortu dugun talde honek ahal handia du, eta, oso gaztea izan arren, oso motibatuta gaude. Partida asko irabaziko ditugu.

Kapitainak taldekideak baino zerbait gehiago izaten dira. Zer harreman zeneukan haiekin?

Ainhoarekin eta Maddirekin, oso ona. Alderdi pertsonalean, jokoan bezala, haien falta sumatuko dugu. Eta gauza bera June eta Maiderren inguruan. Bihotz oneko pertsonak dira. Onena desio diet.

Gehiegi sufrituko al duzue mailari eusteko?

Denboraldiak aurrera egin arte ezin da jakin. Aurten lau talde jaitsiko dira, eta lehiakortasun handiagoa dago. Partida bakoitza azkena balitz bezala jokatu behar dugu, eta garaipenek urrea balioko dute.

Aurreko denboraldian, bi multzotan banatu zintuzteten, eta sasoi honetan denok denon aurka jokatuko duzue. Nola nahiago duzu?

Klasikoaren aldekoa naiz; beraz, multzo batean. Horrela, bakoitza zer mailatan dagoen ikus dezakegu. Iaz oso arraroa izan zen, eta ez daukat oroitzapen onik.

Zer nabarmenduko zenuke Porriñoren inguruan?

Oso talde indartsua da, eta bakarkako lehian oso ondo moldatzen dira jokalariak. Gakoa hori defendatzea izango da. Horregatik, indartsuak izan behar dugu.

Baina, irabazteko, erasoko lana ere beharrezkoa da, ezta?

Eraginkorragoak izan behar dugu, denboraldi-aurrean ez baikara izan. Baina defentsako lana oso garrantzitsua da. Entrenatzaileak esaten digu gure nortasun zigilua izan behar duela.

Goiz da, baina nola uste duzu iritsiko zaretela maiatzera?

Lasai iritsi nahiko nuke, maila mantenduta. Eta, posible bada, goiko postuen borrokan egotea.

Eta zu, zer moduz zaude? Nola sentitzen zara?

Oso ondo nago; fisikoki freskoago eta indartsuago nago. Ahal dudan heinean lagunduko diot taldeari, nire aletxoa jarriz.

Jarri al duzu erronka pertsonalik?

Helburu nagusia taldeari laguntzea da. Baina erregularra izan nahi dut. Mentalki lasaitasuna izatea nahi dut, gorabehera handirik izan gabe. Irmotasuna mantendu gura dut urte osoan.

Ekainean beste sasoi baterako berritu zenuen, eta aurtengoa laugarrena duzu Zuazon. Ba al dago luzatzeko aukerarik?

Oso gustura nago. Urtea oso luzea da, eta gauza asko gerta daitezke. Dena ondo joatea nahi dut, emaitzak lortzea, eta pozik amaitzea. Denboraldi amaieran nirekin gustura badaude, eta ni konforme banago, kontratua luza daiteke.

Funtsezkoa zarela uste duzu?

Beteranoenetako bat naiz, eta aurrerapauso bat eman beharko nuke. Beteranook dugun esperientziarekin, jokalari berriei integratzen lagundu behar diegu.

Nahiko zenuke atzerrira irten?

Beti izan da eskubaloian jokatzen duen edozein neskaren ilusioa, eskubaloitik bizi ahal zarelako. Esperientzia hori bizitzea gustatuko litzaidake, baina ez dakit aukerarik izango dudan. Lanean jarraituko dut aukera hori izateko.

Deskonektatu duzu oporretan?

Asko. Bi hilabete egon gara entrenatu gabe, eta gertuko jendearekin egoteko aprobetxatu dut, hondartzara eta igerilekura ere joan naiz... Gimnasioan ere ibili naiz, sasoia ez galtzeko. Olinpiar Jokoetako eskubaloi lehia ikusi nuen, eta jokatzeko gogoa sartu zitzaidan. Baina deskonexioa oso ondo etorri zait denboraldiari gogotsu ekiteko.

Duela urte bat Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako gradua lortu zenuen. Etorkizun urruna eskubaloiarekin lotzen duzu, ala ikasitakoarekin bideratu nahiko zenuke?

Neskontzat oso zaila da hemen eskubaloitik bizitzea. Orain telelana egiten ari naiz lanaldi erdian, eta lana eta eskubaloia uztartzen ditut. Berdin jarraitu badezaket, segituko dut. Ahalik eta gehien jokatu nahi dut, baina urtez urte baloratu beharko nuke egoera.

Nola uztartzen dituzu?

Abuztuan goizez entrenatzen nintzen, eguerdian lana, eta arratsaldean berriro entrenatu. Orain goizez lan egiten dut, eta arratsaldez entrenatu. Astean bost entrenamendu izaten ditugu, gimnasioko bi saioez gain.]]>
<![CDATA[Dena gertu tira egiteko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/022/001/2021-09-10/dena_gertu_tira_egiteko.htm Fri, 10 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1877/022/001/2021-09-10/dena_gertu_tira_egiteko.htm
Dena ondo bidean izan balitz, joan den urteko irailean zen egitekoa txapelketa, baina, pandemiaren eraginez, urte bat atzeratu behar izan dute: aurten egingo da, baina une oroko osasun murrizketak kontuan hartuta. Eragin nabarmenetako bat edukierak izango du; izan ere, 500 bat lagunek baino ezingo dute ikusi bertatik bertara.

Parte hartzean ere murrizketak izan dira. Aurreko aldietan hogei naziok parte hartu izan zuten, baina aurten hamasei izango dira, denek ezin izango baitute bidaiatu. Baiezkoa eman duen azken nazioa Hegoafrika izan da. Gobernuak derrigorrezko konfinamendua kendu zuenez, aurreko astean animatu ziren hegoafrikarrak txapelketan izena ematera.

Nazioarteko Sokatira Federazioak (TWIF) eskubide osoko kidetzat onartu zuenez Euskal Herria duela sei urte, euskal tiralariak euskal selekzioaren izenean lehiatuko dira, Basque Country izenpean.

Nazioez gain, klubek ere parte hartuko dute Munduko Lur Gaineko Sokatira Txapelketan. Guztira 39 izango dira, eta horien artean lau Euskal Herrikoak dira: Getxo, Goiherri eta Gaztedi (Bizkaia), eta Mutriku (Gipuzkoa). Denera, 73 talde ariko dira lehian. Datorren asteartetik ostegunera bitartean helduko dira lehen tiralariak Getxora.

Eguneko jarduna bi txandatan banatu dute: goizeko ordutegia 09:30etik 13:30era izango da, eta arratsaldekoa, 15:30etik 17:30era. Sarrerak txanda bakoitzerako jarri dituzte salgai, hala guztiek izan dezaten ikusteko aukera. Dagoeneko eskuragarri daude, Sokatiramundiala.com webgunean. Bertan erreserba egin, eta leihatilan jaso beharko dira probaren egunean bertan, bost euro ordainduta.

Guztira zortzi kategoriatan lehiatuko dira euskal tiralariak: emakumezkoen 500 eta 540 kiloko mailetan; gizonezkoen 560, 640, 680 eta 720 kiloko mailetan; 580 kiloko mistoan eta 23 urtez azpiko gizonezkoen 600 kiloko mailan.

Denak ez dira lehen egunean hasiko lehiatzen; hilaren 16an eta 17an klubak izango dira, eta hurrengo bi egunetan, berriz, nazioak. Txapelketa behar bezala ospatzeko hartu duten beste erabakietako bat izan da kirolari orok PCR proba negatibo bat aurkeztu beharko duela Euskal Herrira heltzean. Eta aireportutik hotelera iristean, antigeno proba bat egingo zaie, dena kontrolpean dagoela baieztatzeko.

Txapela helburu nagusi

Atzo aurkeztu zuten mundu mailako proba hau, Fadurako Goi Errendimenduko Zentroan. Hauek parte hartu zuten ekitaldian: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; Amaia Agirre Getxoko alkatea; Igor Duñabeitia Euskadiko Herri Kirol Federazioko presidentea; eta Maaike Hornsta TWIFeko idazkari nagusia.

Zupiriak nabarmendu zuen «erronka bat» dela mundu mailako txapelketa bat Euskal Herrian egitea. «Are gehiago bizi dugun osasun egoeraren erdian. Horregatik, gai izan garela eta garela erakutsi behar diogu munduari». Gainera, jakinarazi zuen Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak egingo dituela egin beharreko proba guztiak txapelketan.

Euskal Herriak txapelketa honetan nazio gisa lehiatzearen garrantzia gogorarazi zuen: «Azpimarratzekoa da baita gure selekzioa, euskal selekzioa, lehiatuko dela txapelketa honetan. Nazio moduan agertuko gara nazioartean. Ez da kirol guztietan egin dezakegun zerbait, eta horregatik da garrantzitsua eta azpimarragarria».

Duñabeitiari, berriz, «txapelen bat etxean gelditzea» gustatuko litzaioke. Azpimarratu zuen euskal kirolariak «ondo entrenatuta eta ilusio handiarekin» helduko direla txapelketara, eta, horregatik, «ez dute erraz edukiko» gainerako tiralariek. Eta guztia bikain irten dadin, «eguraldi onaren beharra» ikusten du EHKFko presidenteak.

Bilbaoren ustez, txapelketa honek «herri kirolak aldarrikatzeko» balioko du. Aldi berean, «mundu osoan ezagutuko dituzte Getxo eta Bizkaia».

Agirreren ikuspuntutik, «Getxoko kirolaren sarea sendoa denez», kirolariak «etxean bezala sentituko dira» txapelketan.

Hornstak, bestalde, antolakuntzak egindako ahalegina nabarmendu zuen, eta, adierazpenak ingelesez egin bazituen ere, «eskerrik asko» bat helarazi zien lanean ibili diren eta ibiliko diren guztiei.]]>
<![CDATA[Datorrenerako prest]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/023/001/2021-09-08/datorrenerako_prest.htm Wed, 08 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1893/023/001/2021-09-08/datorrenerako_prest.htm
REALA
Etxeko berotasunean

Ez zuen hasiera batere erraza izan Imanol Alguacilen taldeak. Bartzelonaren aurka hasi zuen sasoia, Camp Nouen, eta, partida 4-2 amaitu bazen ere, puntuatzetik gertu amaitu zuen.

Azken bi lehiak etxean jokatu zituzten txuri-urdinek, eta garaile atera ziren Rayoren eta Levanteren aurka; golik jaso gabe, gainera. Taldeak oraindik ez du eskaini bere jokorik onena, eta arrazoia erritmo falta da. Azken bi sasoietan, irailean edo urri inguruan zeukan sasoirik onena, eta, ondorioz, jokoa ikusgarriagoa zen. Ikusteko dago Realak nola erantzuten dion iraileko partida maratoiari: zazpi partida jokatuko baititu 22 egunetan, Europa liga tartean dela. Egoki kudeatu beharko dituzte karga fisikoak.

OSASUNA
Arantza kenduta

Golik gabeko bi berdinketa lortu eta gero, etenaren aurreko partidan lorpen bikoitza erdietsi zuen Osasunak: denboraldiko lehen golak eta garaipena (2-3). Hutsean berdindu zuen Espanyolen eta Celtaren aurka, etxean, eta Sadarretik urrun eskuratu zituen hiru puntuak, justuan izan bazen ere.

Gorritxoek jarraipena eman nahi diote garaipen horri. Datozen jardunaldietan, gainera, aurkari zuzenekin neurtuko dituzte indarrak: Alavesekin, Mallorcarekin eta Rayorekin. Atzeko lerroan orain arteko sendotasuna mantentzen badute, garaipenak lortzeko nahikoa izango dute aurrelariak fin badaude. Aurkari zuzen horien aurka puntu kopuru polita lortuz gero, sailkapenaren erdialdean kokatu eta lasaitasun horrekin ohikoa duten jokoa egin ahal izango dute.

ATHLETIC
Golen faltan, puntuak

Golegile nabarmen gabe jarraitzen du Marcelino Garciaren taldeak. Nahiz eta Iñaki Williams gol bat sartuz hasi den, zuri-gorriei ez zaie komeni aurrelarien gol lehortearekin segitzea denboraldian zehar.

Hala ere, nabarmentzekoa da egin duten joko aldaketa: teknikariak aurkariaren atera «azkarrago eta gehiago» heltzeko eskatzen dio taldeari. Horiek horrela, jokalari gehiagorekin heltzen dira, eta, ondorioz, gol sartzeko aukera gehiago dauzkate. Oraingoz, ez dute zorte handirik izan, baina datozen partidak garrantzitsuak izango dira ideia horrekin jarraitu ala ez erabakitzeko. Bitartean, garrantzitsua izango da orain artean atzeko lerroan sendotasuna izatea.

Sasoi honetako albiste onenak Dani Vivian eta Oihan Sancet ari dira izaten. Atzelariak hiru partidak osorik jokatu ditu, eta erdilariak minutuen ia %80. Aurrerapauso handia eman dute udan bi gazteek. Joan den denboraldian Europatik kanpo gelditu zirenez, astean behin jokatuko dute soilik.

ALAVES
Irribarrerik gabe

Estu ekin dio Alavesek. Hasiera oso iluna egin du, eta haren jokoa zalantzaz josia dago. Jokatutako hiru partidak galdu ditu, eta sailkapeneko azkena da.

Arabarrak indar gabe daude defentsan zein erasoan. Lortutako gol bakarra penalti lekutik izan da, eta aurrelari berriak ekarri izana ez da bere fruituak ematen ari, oraingoz. Atzeko lerroaren sendotasun faltaren ondorioz, garesti ordaindu dituzte akatsak. Uda honetako fitxaketak berandu egin dituenez, egokitzeko denbora behar dute. Ez zaie komeni prozesua askorik luzatzea.]]>
<![CDATA[«Berriz bizi nahi dut Lehen Mailak dakarrena, bideaz disfrutatuz»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1855/017/001/2021-09-03/berriz_bizi_nahi_dut_lehen_mailak_dakarrena_bideaz_disfrutatuz.htm Fri, 03 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1855/017/001/2021-09-03/berriz_bizi_nahi_dut_lehen_mailak_dakarrena_bideaz_disfrutatuz.htm
Denboraldiaurre bikaina osatu duzue: sei garaipen, berdinketa bat, eta porrot bat.

Multzoa mantendu dugu, eta fitxaketak etorri dira, aire freskoa. Denboraldiaurre ona egin dugu; pixkanaka hobetuz joan gara. Athleticen aurkako finalean, aurreko urteko Alaves zein zen erakutsi genuen. Mentalki oso prestatuta gaude, eta fisikoki ere lan ona egin dugu.

Hala ere, Euskal Herria Kopako finala galduta, zapore gazi-gozoa gelditu al zaizue?

Lagunarteko bat baldin bazen ere, kopa lortu nahi genuen. Realaren kontra erakutsi genuen zeintzuk ginen; merezita irabazi genuen. Athleticen aurka, lehen zati oso ona egin genuen, eta bigarreneko azken minutuetan partida joan egin zitzaigun. Horrek ukituta utzi gintuen, baina oso harro nago taldeak egin zuenarekin.

Finaleko bigarren zatiak zalantzak sortu al dizkizue denboraldi hasierarako?

Ez dut uste. Bigarren zatian, sistema aldatu genuen, eta ez ginen hain ondo moldatu; baliteke kostatu izana. Ikasteko balio izan zigun. Beste sistema batean jokatzen badugu, txipa azkarrago aldatu behar dugu. Egindako akatsek ikasteko balio behar dute.

Hiru hilabete bete dira igoera egunetik. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Badirudi denbora asko pasatu dela. Egun hori izugarria izan zen. Oso gogor lan egin genuen denboraldi osoan, COVIDa zela eta. Poza sentitzen dut egun horrekin gogoratzen naizen bakoitzean.

Amesten al zenuen igoerarekin Alavesera heldu zinenean?

Lehen egunetik, igotzeko apustua egin zuten. Lan eginez lortu genuen, eta gure saria eskuratu.

Betis izango duzue aurkari igandean. Nola ikusten duzu taldea?

Oso gogotsu gaude. Talde berria gara maila honetan, eta gauza gutxi ditugu galtzeko. Demostratu gura dugu zertarako igo garen. Hiru puntuak lortzen saiatuko gara. Etxean jokatzen dugu, eta zaleek bultzada handia emango digute. Positiboa da jendea futbol zelaian izatea, pixkanaka bada ere.

Nola ikusten duzu aurkaria?

Erritmo biziko partida izango da; horregatik, burua hotz izan beharko dugu. Fisikoki lan ona egin dugu, eta prest gaude debuterako.

Bederatzi jokalari berri dauzkazue taldean. Taldea luzeagoa izateak esan nahi du exijentzia handiagoa dagoela, ezta?

Fitxaketek intentsitatea ekarri dute taldera, Lehen Mailan ibilitako jendea etorri baita, eta horrek esperientzia ematen digu. Fitxaketa hauekin ikusten da Alavesek gure taldearen alde egiten duen apustua, eta merezi dugula erakutsi behar dugu.

Horietatik bostek atzeko lerroan jokatzen dute. Titular ikusten duzu zeure burua?

Aurreko denboraldian asko jokatu nuen, baina horrek ez du ezer esan nahi aurtengo sasoirako. Gauzak oso zail izango ditugu, entrenatzaileak erabakitzen baitu nork jokatuko duen. Badakit zer lan egin behar dudan.

Zer eskatu dizue Mikel Crespo entrenatzaileak denboraldi honetarako?

Lasai jokatzea. Normala da urduri egotea Lehen Mailan izateagatik, eta, beraz, baliteke akatsak egitea horregatik. Aurreko urteko jokoa hobetu, eta maila berrira moldatu behar dugu.

Zertan bereizten da sasoi honetako Alaves aurrekoarekin?

Bi taldeak nahiko antzekoak dira. Lehengo urtean, presioa geneukan; irabazteko beharra geneukan, mailaz igotzeko. Uste dut presio horrek kalte egiten zigula. Baina aurten lasaiago gaude: ez daukagu ezer galtzeko. Beste taldeek pentsa dezakete ahulagoak garela, baina gure indarguneak erakutsi behar dizkiegu.

Eibar al daukazue adibidetzat?

Hori da. Ez zeukaten ezer galtzeko, partidaz partida hobetuz joan ziren, eta defentsan oso ondo aritu ziren. Bide horretatik joan nahi dugu.

Uste duzue aukera izango duzuela sasoi honetan Mendizorrotzan jokatzeko?

Ez dago gure esku. Jokatu behar baldin badugu, jokatuko dugu. Baina ez gara horretan pentsatzen ari. Gozatu nahi dugu.

Berriz jokatuko duzu Lehen Mailan. Nola gogoratzen duzu Realean egon zinen garaia? Izan ere, kapitaina ere izan zinen.

Lehen Mailan egotea polita eta gogorra da, denbora asko kentzen dizulako eta fisikoki ere gogorra delako. Liga hobetzen ari da, eta jokalariok prestatuago gaude. Esfortzu handiagoa eskatzen du.

Lagun asko aurkari izango dituzu. Berezia izango da, ezta?

Futbolean hainbeste urte zabiltzanean, jende asko ezagutzen duzu. Nirekin ibilitako askorekin gogoratzen naiz, eta polita da haien aurka jokatzea, haiekin egoteko aukera ematen baitit.

Pozgarria izango da Lehen Mailako taldeen laurdenak euskaldunak izatea, ezta?

Oso positiboa da euskal futbolarentzat eta emakumezkoenarentzat. Lau euskal talde Lehen Mailan egoteak izugarrizko ohorea ematen dio Euskal Herriari. Eta atzetik datozen neska guztientzat ere oso lagungarria da. Espero dugu Osasuna ere Lehen Mailan izatea datorren denboraldian.

Zer eskatzen diozu denboraldiari talde moduan?

Esperientzia honetaz disfrutatzea, askok inoiz ez baitute jokatu Lehen Mailan. Bide berri honetaz disfrutatzeko eta ikasteko esango nieke; entrenamendu eta bidaia guztiekin. Ea hurrengo urtean bide beraz gozatzeko aukera daukagun.

Eta pertsonalki?

Berriz bizi nahi dut Lehen Mailako esperientzia, bideaz disfrutatuz. Beste adin bat daukat, lehen gazteagoa nintzen, eta gauzak beste modu batera ikusten nituen. Besteei ere disfrutatzen lagundu nahi diet.

Nola bizi izan duzu barrutik emakumezkoen futbolaren profesionalizazioa?

Aurrerapauso handiak eman dira lan hitzarmen kolektiboarekin. Klub batzuk guztiz sartuta daude profesionaltasun horretan, eta beste batzuk lanean dabiltza, pixkanaka gauza bera lortzeko. Nahiz eta ni guztiz profesionala ez izan, espero dut atzetik datozenek baldintza onenak izatea eta merezi dutena edukitzea.

Ekainera arte daukazu kontratua. Hitz egin al duzu klubarekin?

Oraingoz, ez. Oraindik goiz dela uste dut. 28 urte dauzkat, eta beste gauza batzuetan pentsatzen nabil. Irakasle izateko ikasi nuen, eta arlo horretan lan egin nahi dut, baina ez daukat ezer pentsatuta. Urtea nola doan ikusi behar dut, eta ea Alavesek nirekin jarraitu nahi duen ala ez ikusi. Aurrerago argituko da dena.]]>
<![CDATA[Jokoetan hirugarren domina eskuratu du Alexandre Leautek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/018/002/2021-09-01/jokoetan_hirugarren_domina_eskuratu_du_alexandre_leautek.htm Wed, 01 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1904/018/002/2021-09-01/jokoetan_hirugarren_domina_eskuratu_du_alexandre_leautek.htm
Atzoko brontzeaz gain, urrezko eta zilarrezko dominak ere eskuratu ditu Ahurtin (Lapurdi) bizi den txirrindulariak. Denbora onena ezarri zuen pistako C2 diziplinako 3.000 metroko bakarkakoan, joan den ostegunean, eta, hurrengo egunean, bigarren egin zuen pistako 1.000 metroko erlojupekoan. Eduardo Santasek ere ez zuen proba esku hutsik amaitu errepideko C3 mailan. Domina lortzeko oso urrun gelditu ez baldin bazen ere, diplomarekin konformatu behar izan zuen: bosgarren izan zen.

Igeriketan, berriz, dominarik ez zuten eskuratu Nahia Zudairek eta Iñigo Llopisek, baina bai diploma. Zudaire brontzea eskuratzetik pauso batera gelditu zen, laugarren izan baitzen 400 metroko estilo librean. Llopisek, berriz, bigarren diploma lortu zuen aurtengo jokoetan: hau ere 400 metroko estilo librean. Mahai tenisean ere diploma lortu zuen Iker Sastrek, Hego Korearen aurka galdu eta gero final-laurdenetan.

Saskibaloian, Agurtzane Egiluz eta Beatriz Zudaire ez dira finalerdietan izango, Alemaniaren aurka galdu eta gero (57-33). Dominaren lehiatik kanpo gelditu arren, diploma ziurtatu dute. AEBen aurka jokatuko dute zazpigarren postua lortzeko bihar.]]>
<![CDATA[Urrea eskuratu, eta munduko marka ezarri]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1971/016/002/2021-08-28/urrea_eskuratu_eta_munduko_marka_ezarri.htm Sat, 28 Aug 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1971/016/002/2021-08-28/urrea_eskuratu_eta_munduko_marka_ezarri.htm
Ahurtin (Lapurdi) bizi den 23 urteko txirrindulariak lau segundo atera zizkion Alistair Donohoe australiarrari. Bere aurreneko parte hartzea da Jokoetan, eta 2020an pistako Munduko Txapelketa irabazi zuen Miltonen (Kanada). Baionako Urt Velo 64 taldeko kidea da egunotan.

Alexandre Leautek, berriz, bigarren domina eskuratu zuen atzo. Herenegun urrezko domina irabazi zuen C2 diziplinako 3.000 metroko bakarkakoan, eta bigarren egin zuen 1.000 metroko erlojupekoan. Iparraldekoaren aurretik Li Zhangyuk txinatarrak egin zuen, eta atzetik, hirugarren, Jaco van Gassek britainiarrak.

Iñigo Llopis igerilariaren jarduna ere emankorra izaten ari da. Donostiarrak denborarik onenetan bigarrena egin zuen bizkar estiloko 100 metrokoan. Lehen sailkatua Robert Griswold estatubatuarra izan zen, eta munduko marka ezarri zuen: 1.02.55. Lau segundora heldu zen Llopis, eta brontzea Txinako Liu Fengqirentzat izan zen.

Oraindik ez da amaitu hiru euskal kirolari horien parte hartzea Tokioko Paralinpiar Jokoetan. Bi txirrindulariak C1-5 diziplinako 750 metroko taldekako esprintean lehiatuko dira gaur goizaldean. Llopisek, berriz, S8 mailako estilo libreko 400 metroko sailkapen proban parte hartuko du hilaren 31n, asteartean.]]>
<![CDATA[Berandu izan baino lehen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1871/015/001/2021-08-27/berandu_izan_baino_lehen.htm Fri, 27 Aug 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1871/015/001/2021-08-27/berandu_izan_baino_lehen.htm
Lehen aldiz jokatuko dute babazorroek etxetik kanpo. Orain arte ez dute zortea alde izan, Real Madrilen (1-4) eta Mallorcaren (0-1) aurka galdu egin baitzuten. Madrildarren aurka esku hutsik amaitzea sekulako ezustekoa ez den arren, jokalariek ez zuten irudirik egokiena eman, eta horrek gehiago ilundu zuen porrota.

Joan den igandean, ordea, derrigortuta zeuden hiru puntuak biltzera, Mallorca aurkari zuzena baitu Alavesek. Gainera, jokalari bat gutxiaregokin jokatu izanak gehiago zaildu zuen azken ordu erdia: Duartek aldageletarako bidea hartu behar izan zuen, bi txartel hori jasota. Espainiarraren postua Javi Lopezek hartuko duela baieztatu zuen atzo Javi Callejak, prentsaren aurreko agerraldian.

Madrildarra konfiantzarekin mintzatu zen aurreko bi partidetako emaitzez: «Oraindik punturik bildu ez izanak ez gaitu atsekabetu behar; lanak fruituak emango dizkigula pentsatu behar dugu. Konfiantza kontua da».Defentsan ez ezik, erasoan ere pattal dabiltza arabarrak, eta horretarako «espazioak sortu eta golak sartuko dituzten jokalariak» behar dituzte, prestatzailearen esanetan; hots, azkeneko fitxatuak, Mamadou Sylla eta Miguel de la Fuente, biak aurrelariak.

Valentziaren aulkian Jose Bordalas egongo da. Alacanteko entrenatzaileak azken urteetan eskuratu duen ospea ez da batere ona izan gainontzeko taldeen zaleen artean. Joko gogorragatik, jokalarien etengabeko denbora galtzeengatik eta partida bakoitzean egiten dituzten trikimailuengatik, zaleek futbolaren aurkako entrenatzailetzat hartzen dute.

Horri aurre egiteko, Callejak uste du Bordalasen taldeen «intentsitatea berdindu edo gainditu» beharko dutela Alaveseko jokalariek. Nabarmendu zuen denboraldia «ondoena abiatu duten taldeetako bat» izan dela Valentzia, «Bordalasen zigiluarekin».

Valentziako entrenatzailea, berriz, ez da fidatzen Alavesek izan duen hasiera txarraz, eta gaurko partida «zaila» izatea espero du. Irabazteko «gauza asko» egin beharko direla nabarmendu zuen; horietako bat, «korrika asko egitea». Gehitu du irabazteko «erraztasuna» izan dezaketela, Alavesek oraindik punturik ez duelako» batu, «baina arrazoi horregatik jokalariek badakite duten baino gehiago eman behar dutela».

Valentziak garaipen bat eta berdinketa bat lortu ditu orain arte. Soilik bi gol sartu dituzte, bat partidako, eta biak penaltiz. Hain zuzen, Alavesek ere hamaika metroetatik sartu du orain arteko gol bakarra. Baina kontua da Valentziari bi golek balio izan diotela irabazteko, eta Callejaren taldeari ez. Gaur etxean ariko den taldeak gol bakarra jaso du, Granadaren aurka (1-1).

Aurreko emaitzak, aurka

2000-2001eko denboraldian irabazi zuen Alavesek azken aldiz Mestallan: 1-2. Partida hartan, Mendietak, bere atean, eta Eggenek sartu zituzten golak gasteiztarrentzat. Ordutik, Alavesek bederatzi alditan jokatu du han; zazpi alditan galdu du, eta birritan berdindu. Hala ere, ia norgehiagoka gehienetan lortu dute gutxienez gol bat sartzea. Gaur inoiz baino gehiago daukate gol horren beharra; aukeran, irabazteko balio dezan.

Valentziak eta Alavesek azkenekoz elkarren aurka jokatu zutenean, 1-1 berdindu zuten. Calleja iritsi berri zegoen babazorroen aulkira, eta bolada txarra guztiz aldatzea lortu zuen sasoiaren azken zati hartan. Hain justu, partida hartan ez bezala, Lucas Perez gaur ez da izango Mestallan. Aste honetan eten du Alavesekin zuen lotura.

VALENTZIA-ALAVES
Valentzia. Mamardaxvili; Correia, Gabriel, Alderete, Gaya; Wass, Carlos Soler, Racic, Txerisev; Maxi Gomez eta Guedes.
Alaves. Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Javi Lopez; Pina, Pere Pons, Manu Garcia; Edgar Mendez, Rioja eta Joselu.
Epailea. Ortiz Arias.
Lekua. Mestalla.
Ordua. 22:15 (Movistar LaLiga)]]>
<![CDATA[«Vuelta amaitzea nire esku dago»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/017/001/2021-08-24/vuelta_amaitzea_nire_esku_dago.htm Tue, 24 Aug 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1870/017/001/2021-08-24/vuelta_amaitzea_nire_esku_dago.htm
Zer moduzko esperientzia ari da izaten zure lehen itzuli handia?

Oso polita izaten ari da. Lehen mailako txirrindulari guztiekin mota honetako lasterketa bateko irteera lerroan izatea itzela da. Egunak pasatzen ari diren heinean, haien parean ibiltzea oraindik eta bereziagoa da.

Lehen egunean ihesaldian sartu zinen, eta, hori gutxi balitz bezala, hiru egunera berriz. Gogotsu hasi duzu Vuelta.

Hasierako etapak nahiko onak ziren ihesaldiren baterako. Garbi zegoen tropelak baimena emango zuela, kontrolatzeko oso etapa errazak baitziren. Oso polita izan zen niretzat bi alditan ihesaldian egotea; gorputzari jipoi handia eman nion, baina esperientzia hori hanketan daukat. Datozen egunetan maila handiagoko ihesaldietan sartzen saiatuko gara, eta, posible bada, helmugaraino iristen.

Aurrez adostuta zegoen ala egunez egunekoa ikusita hitz egin zenuten?

Garbi geneukan lehenengo ihesaldian sartu behar zen txirrindularia ni nintzela. Ondo ikusi ninduten, eta horregatik erabaki zuten ni sartzea berriz. Taldearen erabakia izan zen, eta niri ilusio handia egiten zidan bertan egoteak. Bi egunez taldearen ispilu izatea oso polita izan zen niretzat.

Gozatzeaz gain, ikasteko baliagarriak izan al dira lehen egunak?

Noski, asko; batez ere niretzat gogorrak diren egunetan, mendiko etapetan. Noiz altxatu behar dudan hanka, zein taldetan joan behar dudan helmugaraino eta itzuli handi batek eskatzen duen ekonomizazio hori bereganatzen ikasten nabil.

Marea laranja bueltan da, eta zu horren parte zara. Berezia da, ezta?

Seguru nago Vueltan parte hartuko ez banu kuadrillakoekin ikustera gerturatuko nintzatekeela. Txirrindulari gisa, talde laranjaren parte izatea izugarrizko esperientzia izaten ari da niretzat. Publikoa oso ondo ari da portatzen gurekin. Ohartarazten digu talde honek gizartean duen garrantziaz. Oso polita da ibilbide guztian jarraitzaileak izatea.

Etxean txirrindularitzarekiko duzuen grina ikusita, inoiz baino harroago egongo dira zutaz.

Aitak etapa guztiak ikusi ditu joan den igandera arte. Dagoeneko etxean dago, eta Laredoko (Espainia) etapara bueltatuko da anaiarekin eta haren emaztearekin. Oso pozik daude; badakite pila bat gozatzen ari naizela Espainiako Vueltan.

Donostiako Klasikoa ez zenuen amaitu. Vuelta amaitzeko aukerekin ikusten duzu zeure burua?

Uste dut errazagoa dela. Donostian, azken finean, denbora oso mugatuta geneukan amaierako zirkuituagatik, lasterketa buruarekin gurutzatuko ginatekeelako [helmugako lerroan hamar minutura zegoen muga]. Amaierako zirkuitua egon ez balitz, erraz bukatuko nuke. Egoera hori izan zen, eta ez dago besterik. Vueltan, bestela, etapa gogorrak ondo moldatzen ari naiz. Igandeko etapa, gogorra izanik, nahiko egun ona izan zen, sufrimenduaren barruan. Uste dut horrela jarraituz gero Vuelta amaitzea nire esku egongo dela.

Atzo lehen atseden eguna izan zenuten. Aurreko egunetako adrenalinarekin esnatu al zinen?

Garbi nuen atzoko eguna atseden hartzeko zela, eta gorputzak horixe eskatzen zidan. Bizikletan irten ginen, eta inoiz baino nekatuago sentitu nintzen. Gorputza indarberritzeko balio izan zigun atzoko atseden egunak.

Ezer berezirik egin al zenuen?

Betiko errutina, egia esan. Goizean gosaldu, eta bizikletan irten ginen, eta, gero, medikuarekin azterketa egin genuen. Bainuetxe batean geunden. Masajea hartu eta gero, bertara joan nintzen hankak ur hotzetan sartzera. Egun normal bat izan zen.

Orain artekoa ikusita, ze balorazio egiten duzu?

Oso positiboa. Aukerak izan ditugun guztietan, irabazteko borrokatzen saiatu gara. Ostiralera arte, Antonio Jesus Soto izan genuen hamahirugarren sailkapen orokorrean, eta, talde kontinental bat izanda, oso zaila da hori. Igandean zorte txarra izan genuen; izan ere, taldekide asko atzean geratu ginen eroriko baten ondorioz, eta justu orduantxe sortu zen ihesaldia. Tamalez, ezin izan ginen sartu. Hala eta guztiz ere, aukera guztiak ari gara aprobetxatzen, eta berdin jarraituko dugu.

Eta zer esan dizue Jorge Azanzak [taldeko zuzendariak]?

Oso pozik dago izaten ari garen jarrerarekin. Lanean berdin jarraituz gero irabaztear egongo garela esaten digu.

Nola aurreikusten dituzu datozen bi asteak?

Bigarren astea oso ondo datorkigu gutako askori. Egun askotan sor daiteke ihesaldiren bat, oilarrak Asturiaseko egunen zain izango baitira.

Ikusiko al zaitugu berriz ihes eginda?

Gustatuko litzaidake errepikatzea. Garaipenarengatik edo ohorezko postu bategatik borrokatzea nahi dut.]]>
<![CDATA[«Txikitatik amesten nuen etxean irabaztearekin»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1948/018/001/2021-08-20/txikitatik_amesten_nuen_etxean_irabaztearekin.htm Fri, 20 Aug 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1948/018/001/2021-08-20/txikitatik_amesten_nuen_etxean_irabaztearekin.htm Lekerika (Gernika, Bizkaia, 1994): ia urte osoa Danian (AEB) egiten du, eta udan soilik etortzen da jokatzera Euskal Herrira.

Gernikako Grand Slama irabazi berri duzu Aritz Erkiagarekin. Espero al zenuen etxean irabaztea?

Lehenengo helburua finalera heltzea zen, eta, behin helduta, irabaztea genuen helburu. Aritz Erkiaga egungo aurrelari onena da, eta, gure armak ondo erabilita, bagenekien irabazteko aukerak izango genituela. Geure buruan konfiantza izan genuen, eta txapela irabaztea lortu genuen.

Zuretzat oso berezia izan zen, etxean irabazi baitzenuen.

Bai. Herri guztiaren aurrean jokatzea, familia eta kuadrilla osoa harmailetan egotea... Oso berezia eta polita izan zen. Txikitatik amesten nuen etxean irabaztearekin. Oso pozik amaitu nuen.

Frontoian zaleak egoteak urduriago jarri zintuen?

Nahiko lasai egon nintzen. Hasieratik genekien finala oso zaila izango zela. Gainera, betidanik izan dut horrelako partida bat jokatzeko gogoa. Presio barik atera nintzen kantxara, disfrutatzera, eta dena ematera. Galdu egin behar bagenuen, galduko genuen, baina garbi neukan gozatzea zela helburu nagusia. Lehenengo seta 12-14 galtzen ari ginen, eta buelta eman genion; 15-14 irabazi genuen. Sekulako gorakada izan zen guretzat. Eta bagenekien bigarren seta ondo hasiz gero irabazteko aukerak izango genituela.

Beraz, ondo kudeatu zenituen emozioak.

Finalaren hasieran, tximeletak sentitzen nituen tripan. Baina, partida aurrera zihoan heinean, hobera egin nuen. Eta kuadrillakoak animatzen ikusita gora egin nuen. Oso eskertuta nago.

Finala lehiatua izan zen, eta, gainera, gorabeherekin hasi zineten.

Oso lehiatua izan zen hasieratik. Hasiera ona eman genion, eta 8-4 jarri ginen aurretik. Haiek [Xabier Barandikak eta Imanol Lopezek] etena eskatu behar izan zuten, arnasa hartzeko. Kantxara bueltatu ginenean, berdindu egin zuten: zortzina. Gero, beste lau tanto egin zizkiguten segidan. Bagenekien lanean jarraitu behar genuela eta zein zen gure jokoa. Ni atzera eramaten ari ziren, baina ondo erantzun nien eskumarekin eta errebesarekin. 12-14 jarri ginen atzetik, baina eskumarekin tantoa egin nuen, eta, ondoren, Erkiagak beste bi egin zituen, seta irabazteko.

Nolakoa izan zen finalerainoko bidea?

Lehenengo bi partidak uste baino errazagoak izan ziren. Oso gustura sentitu ginen, eta orduan hasi ginen geure buruan konfiantza izaten. Finalerdia hirugarren setean irabazi genuen, markagailua irauliz. Fisikoki oso ondo sentitu naiz, ligaxkako bigarren jardunaldian izan ezik; gerriko minarekin egon nintzen. Baina, bestela, bai mentalki, bai fisikoki, oso gustura gelditu nintzen gainerako partidetan.

Denboraldi hasieran, gorriz markatuta zeneukan txapelketa hau?

Bai. Denboraldi hasieran, helburu bera jartzen diot beti neure buruari: Gernikako, Donibane Lohizuneko edo Miarritzeko Grand Slama irabaztea; berdin dit zein. Beraz, helburua bete dut; oso pozik nago. Datorren astean, Donibane Lohizuneko finalerdietan ariko gara, eta irabazteko aukera dugu.

Miarritzen ere izango al zara?

Iparraldean sailkapen bat dago, eta Miarritzeko finala lehenengo bi bikoteek jokatzen dute. Ni hirugarren gelditu naiz; beraz, Donibane Lohizuneko eta Paueko txapelketak jokatuko ditut.

Eta Hondarribiko Grand Slamean ariko zara?

Ez. Irailean da, eta neguko denboraldia Estatu Batuetan egiten dugu. Hilabete hasieran goaz hara; beraz, ezingo dugu jokatu.

Zer-nolakoa da zesta-puntaren egoera Estatu Batuetan?

Daniako eta Miamiko frontoiak bakarrik daude. Irailetik azarora, Danian jokatzen dugu; abenduan eta urtarrilean, Miamin; otsailetik maiatzera, Danian berriz ere. 26 pilotari gaude, eta 2023ko apirilera arte daukagu kontratua.

Pandemiaren ondorioz, zuen egoera okertu al da?

Kirol aldetik ondo gaude. Abenduan bildu ginen enpresarekin kontratua berritzeko. Izan ditugun murrizketak ez dira COVIDagatik egin; enpresak eginikoak izan dira. Soldata jaitsi digute, eta pilotari kopurua murriztu dute. Aurreko urtean 36 ginen, eta, orain, hamar gutxiago. Pandemiak ez du izan zerikusirik. Ilun ikusten dut etorkizuna.

Ivan Salas puntista ohiak dio egoera «txarra» dela, eta «gero eta interes txikiagoa» dagoela.

Zesta-punta izan zen AEBetako kirol izarra 80ko hamarkadan. Ordutik hona, egoera asko aldatu da: lehen, hamasei frontoi zeuden, eta, orain, soilik bi. Nik uste dut urte batzuk barru ez dela egongo frontoirik. Haientzat zenbaki batzuk gara: apustuak egiteko nahi gaituzte, besterik ez. Euskal Herrian laguntza asko jasotzen dugu, eta interesa dago. Telebistek eta babesleek lagunduko baligute, urte osoko zirkuitu bat egiteko aukera izango genuke.

Zer dela-eta interes falta hori?

Kirol gehiago daude gurearen aurretik, eta zesta-punta interesa galduz joan da, gutxinaka-gutxinaka. Oraingoz, Estatu Batuetan jokatzen jarraitzen dugu, eta eskerrak.]]>
<![CDATA[«Oroimenean gordeko dut betiko nire debuteko eguna»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/016/001/2021-08-18/oroimenean_gordeko_dut_betiko_nire_debuteko_eguna.htm Wed, 18 Aug 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1918/016/001/2021-08-18/oroimenean_gordeko_dut_betiko_nire_debuteko_eguna.htm
Amaitu da zure etapa, eskubaloi jokalari gisa. 22 urte egin dituzu. Zer errepaso egiten duzu?

Titulu asko irabazteko zortea izan dut, eta esperientzia hau partekatu ahal izan dudan jendearekin geratzen naiz; eurekin bizi ahal izatea eta haien jokatzeko modua ezagutzen ikastea eta egokitzea.

Poza eta tristura sentitzen al duzu aldi berean?

Azken finean, bizitza osoa eman dut eskubaloian jokatzen; DNAn daramat. Pena eman dit uzteak, gehiago jokatu nahi nuelako, baina beste proiektu batzuetara salto egiteko unea da.

Sare sozialetan zenioen eskubaloia ez dela lana izan zuretzat «bizitzeko modu bat baizik».

Egia da. Mundu guztiak har dezake lan bezala, egunero entrenatzen ari zarelako, baina, azkenean, zure pasioa bada, lana dela ahazten zaizu. Orduan, ahalik eta modurik onenean egoten saiatzen zara, ahalik eta lesio gutxien edukitzeko. Gainera, Espainiako selekzioarekin joateko aukera daukazu. Lana da, bai, baina saria oso polita da.

Zein balio transmititu dizkizu eskubaloiak? Egunerokorako baliagarriak izan al dira?

Buruz sendoa izatea; taldeak batzea; une zailei taldekideekin aurre egitea... Eskubaloiarengatik ez balitz, askoz gehiago kostatuko zitzaidan eguneroko egoerei aurre egitea. Taldean zaudela, laguntza handiagoa duzu, eta errazagoa da arazoak gainditzea.

Azken urte eta erdia zalerik gabe jokatu behar izan duzue. Zapore gazi-gozoa geratu zaizu?

Beti esan ohi dudan bezala, zaleak dira gure zortzigarren jokalaria. Asko nabaritu dugu haien falta pandemiaren ondorioz, baina orain espero dugu pixkanaka jendea sartzen uztea, talde batek bere zaleak behar dituelako, eta garai zailetan babesa jaso behar duelako. Azken urte honetan euren falta sumatu dugu.

Zure ibilbideko zein momenturekin geldituko zinateke?

Espainiako selekzioarekin Londresko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina lortu genuen momentuarekin. Taldeei dagokienez, zaila da, baina Itxakon nengoela irabazi genuen EHF kopa aukeratuko nuke. Irabazi aurreko urtean oso gertu geratu genuen, eta hurrengoan irabazi ahal izan genuen. Zaleek asko lagundu ziguten denboraldi horretan.

Espainiako selekzioan ere zure arrastoa utzi duzu: 136 aldiz jokatu duzu, eta 346 gol sartu. Aintzat hartzeko zenbakiak dira.

Oso gustura eta harro nago egindako ekarpenarekin. Tituluak eskuratu genituen, eta horretarako ari ginen lanean. Olinpiar Joko batzuetara zoazenean, zure helburuak dituzu, baina domina eskuetan duzula ikustea oso pozgarria da.

Zer sentitu zenuen domina irabazi zenutenean?

Egin duzun lan guztiak, ia oporrik gabe gainera, saria duela ikustea oso pozgarria da. Gauza askori uko egiten diezu, baina gero domina bat eskuratzea oso atsegina da.

Hamar taldetan aritu zara, gehienak Frantziako Ligakoak. Zer duzu nahiago: etxean ala kanpoan jokatzea?

Ez zen aldaketa zaila izan. Frantzia ondoan dago, eta oso ondo moldatu naiz. Baina egia da desberdintasunak daudela egunerokoan: hemen lagunekin poteoan ibiltzera irteten zara, eta beti zaude kalean; Frantzian, aldiz, etxeetan elkartzen zara.

Frantzian zinela ama izan zinen, hain zuzen ere, pandemia betean, iazko apirilean. Nola bizi izan zenuen?

Nire alaba Frantzian jaio zen, Bordelen. Eta familiak hasieran ikusi ezin izatea gogorra izan zen. Nire senarra, gainera, ezin izan zen erditzean denbora guztian nirekin egon. Baina konfinamendua ondo etorri zitzaidan nire senarrarekin eta alabarekin gehiago egoteko. Pixkanaka hura ezagutzeko balio izan zidan.

Nola hartu zuen taldeak haurdun zinela?

Ez zen arazorik izan. Gainera,espero gabeko haurdunaldia izan zen. Denboraldi hasieran jakin nuen, eta taldearentzat garrantzitsua izan zen nire falta. Ez zuten gaizki hartu; zoriondu egin ninduten, eta laguntzen aritu ziren denbora guztian. Eskertzekoa da.

Zenbat denbora pasatu zen albistea eman zenuenetik jokatzeari utzi zenionera?

Nire kasuan, berehala utzi behar izan nion jokatzeari, haurdunaldia arriskutsua izan zelako: biriketako bi enbolia izan nituen aurretik. Normalean, jendea hiru hilabeteko egon arte lehiatzen da, baina nire aurrekariekin hobe zen ez jarraitzea.

Nola eraman zenuen pistatik kanpo egotea?

Ez zen hain zaila izan, ni partidak ikustera eta entrenamenduetara joaten nintzelako. Ezin nuen jokatu, beraz, nire egoera onartu behar nuen.

Ia hiru hilabete pasatu dira jokatu zenuen azken partidarik. Gorde al duzu egun horretako elastikoa oroigarri gisa?

Egon naizen talde guztien elastikoak gordetzen ditut. Eta etorkizunean nire alaba Cloek eskubaloian jokatzea erabakitzen badu, bere amak izan zuen ibilbidearen berri izango du. Oroitzapena betiko izango dut.

Aurkarien elastikoen bilduma egiteko ohitura izan al duzu?

Ez daukat beste jokalariei elastikoa eskatzeko ohiturarik. Dena den, markatu nauten jokalarienak gordetzea gustatzen zait. Baina ez dut bildumarik egiten. Balio handia ematen diet dauzkadan elastikoei.

Soilik 16 urterekin debutatu zenuen lehen mailan Reyes Carrererekin, Bera Beran. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Pribilegiatua izan nintzen 16 urterekin debutatzeagatik. Hor baloratzen duzu jokalari batzuek egindako ibilbidea urteetan zehar. Hain gaztea izanda, nire alde apustu egiteak iristeko aukerak dituzula pentsarazten dizu. Nire oroimenean gordeko dut betiko, jende guztia ez baita lehen taldera hain gazte heltzen.

Ez duzu alde batera utziko eskubaloia. Entrenatzaile izango zara Bera Beraren harrobian. Gogotsu al zaude lan horri ekiteko?

Jokatzea entrenatzeagatik aldatuko dut. Badakit desberdina izango dela, baina eskubaloia beste era batera bizi nahi dut. Kanpotik ekarpen handia egin dezakedala uste dut.

Duela hamazazpi urte utzi zenuen Bera Bera. Bueltatzeko asmoa zeneukan?

Beti etxera itzultzea gura izan dut. Urte dezente neramatzan gogoarekin, eta, are gehiago, haurra izan nuenetik. Nire alabak uda honetan familiarekin izan duen poztasuna gakoa izan da etxera itzultzeko.

Nola ikusten duzu garai hartako Bera Bera eta oraingoa?

Oso desberdina da. Lehen atzerritarrak ekartzen saiatzen ziren taldea indartzeko, eta, orain, ikusten dut gazte asko aurrera egiten ari direla.

Taldetik deitu zizuten, ala zuk eskaini zenuen zeure burua?

Beste urte baterako kontratua neukan oraindik, eta jokatzen jarraitu nahi nuen. Uda honetan Frantziara itzultzeko prestatzen ari nintzela konturatu ginen alaba oso gustura egon dela lehengusuekin eta familiarekin, pozik ikusten genuen. Ondo pentsatu eta gero, klubarekin hitz egin nuen, eta akordio batera iritsi ginen. Hala ere, pixkanaka etxera hurbiltzen hastea zen gure asmoa, baina nire senarrak Bera Berarekin hitz egitea proposatu zidan. Tati Garmendiarekin harremanetan jarri nintzen [Bera Berako kirol zuzendaria da] eta aukera eman zidan. Bigarren taldeko entrenatzailearen laguntzailea naiz, eta lehen taldearekin ere egongo naiz, esperientzia emateko.

Luze gabeko edo luzera begirako proiektua da?

Nire asmoa goi mailako talde bat entrenatzea da. Oraingoz, urratsez urrats noa. Entrenatzaile izateko eskatzen dizuten titulu guztiak atera nituen Frantzian opor-egunak sakrifikatuz; bospasei urte izan dira. Etorkizunean ikusiko da, baina nik bakarrik eraman nahiko nuke goi mailako talde bat.

Ibilbide oparoa izan duzu jokalari gisa, eta garaipen zerrenda ederra daukazu. Gai ikusten zara entrenatzaile gisa beste horrenbeste eskuratzeko?

Hala espero dut. Entrenatzaile moduan tituluak irabazten jarraitzea gustatuko litzaidake, baina badakit dena oso desberdina izango dela.]]>
<![CDATA[Hirugarrena edo lehenbizikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/024/001/2021-08-14/hirugarrena_edo_lehenbizikoa.htm Sat, 14 Aug 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1872/024/001/2021-08-14/hirugarrena_edo_lehenbizikoa.htm
Bi hautagai nagusi daude: Primoz Roglic (Jumbo) eta Egan Bernal (Ineos). Esloveniarrak hirugarren aldiz jarraian irabazi nahi du Vuelta. Kolonbiarrak, berriz, Frantziako Tourreko eta Italiako Giroko podiumeko koska altuenera igo eta gero, Vueltan ere gauza bera egin nahi du. Lehen aldiz ariko da Espainiako lasterketan.

Hainbat txirrindulari daude haiek baino koska bat beherago: Mikel Landa (Bahrain); Richard Carapaz eta Adam Yates (Ineos); Guillaume Martin (Cofidis); Aleksandr Vlasov (Astana); Hugh Carthy (Education First), eta Miguel Angel Lopez eta Enric Mas (Movistar), besteak beste. Guztiek oso garesti izango dute irabaztea. Talde horretako txirrindulariek dute aukera gehien Roglicekin eta Bernalekin batera podiumera igotzeko.

Landa konfiantzaz iritsiko da, Burgosko Itzulia irabazi berritan. Hala ere, zuhur mintzatu da: «Badakit ez nagoela nire sasoirik onenean, eta ez naizela onena, baina badakit zerbait egin dezakedala. Borrokatzeko gogoz nago. Burgosen lehiakor izan nintzen, eta horrek animatu egiten nau».

Hain zuzen, Burgosen (Espainia) hasiko da Vuelta, eta Santiagon amaitu. 500 kilometro daude bi hiri horien artean; tropelak gehienez hiruzpalau egunetan egingo luke distantzia hori. Baina guztira 3.417 kilometro egingo dituzte, 21 etapatan banatuta; ohikoa den bezala, bi atseden egun izango dituzte txirrindulariek.

Aurten ez dira pasatuko Euskal Herritik, eta euskal zaleek lasterketaz gozatzeko hurbilen izango dituzten tokiak Burgos eta Laredo izango dira. Baina, ohi bezala, errepideko edozein bazterretan egongo da ikurrinaren bat.

Asturias epaile izango da

Ibilbideari dagokionez, azken eguneko erlojupekoa da berritasun nagusia; ia 34 kilometro ditu. Sailkapen nagusia egun horretan erabakiko da, salbu eta aurreko egunetan dena garbi gelditzen ez bada. Ibilbide erraza izan daitekeen arren, lehen zatia igoera etengabea da, eta bigarrenak jaitsiera tarte gehiago ditu. Ibilbide bihurgunetsua eta teknikoa da, eta baliteke hori funtsezkoa izatea. Gaur ere banakako erlojupekoa izango dute; zazpi kilometro Burgosko kaleetan barrena.

Guztira, mendiko zazpi etapa izango dituzte, beste bi mendatean amaituko dira, eta lauk ibilbide hautsia izango dute. Esprinterrek ere izango dituzte aukerak, profil etzaneko sei etapa jokatuko baitira.

Azken astea izango da erabakigarriena. Bigarren atseden egunaren ostean, Covadongan (12,5 kilometro luze eta %7ko pendiza) amaituko den etaparen aurretik, Lehen mailako bi mendate eta hirugarreneko bat igo beharko dituzte. Eta hurrengo egunean, El Gamoniteirura (14,6 kilometro eta %9,8ko pendiza) heldu aurretik, lehen mailako bi eta bigarren mailako bat. Oso mamitsuak dira bi etapa horiek, baita zaleen oso gustukoak ere.

Lehen bi asteetako azken egunean igoko dituzten Picon Blancok, Balconada d'Alacantek eta Velefiquek ere aldeak eragin ditzakete hautagai nagusien artean.]]>
<![CDATA[PHELPSEN ITZALA ARGITZERA]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2036/028/001/2021-07-24/phelpsen_itzala_argitzera.htm Sat, 24 Jul 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/2036/028/001/2021-07-24/phelpsen_itzala_argitzera.htm
Rion jokatu ziren azken Olinpiar Jokoetan, Phelpsekin parte hartu zuen Dresselek, errelebo proba batean. Estatubatuarrak irabazle atera ziren; frantziarrak gelditu ziren bigarren, eta australiarrak hirugarren. Orduan Dresselekin batera taldea osatu zuten Phelps, Ryan Held eta Nathan Adrian ez dira Tokion izango. Guztiz eraldatuta egongo da, beraz, AEBetako taldea.

Azkeneko lehiaketa garrantzitsuetan eskuratutako emaitzak kontuan hartuta, Dressel da hautagai nagusia: 2017ko Munduko Txapelketan urrezko zazpi domina irabazi zituen, eta bi urte geroago egindakoan, beste sei.

Gizartea modernizatuz joan den heinean, teknologiak tokia egin zuen igeriketan ere. 2008an Pekinen modan jarri ziren bainujantzi iraultzaileekin, munduko 200 errekor baino gehiago egin ziren, eta bi urte geroago debekatu egin zituen Nazioarteko Igeriketa Federazioak.

Joan den abenduan, Speedo bainujantzi enpresaren sustapen ekitaldi batean, Dresselek bere denbora gutxitzeko saiakera egin zuen 50 metrotan. Hark zuen marka, 20,16 segundotan, eta denbora hori hobetzeko hiru saiakera zituen aurretik, baina, bigarrena egin eta gero, amore eman zuen. Lehenengoan 42 ehunenera gelditu zen, eta bigarrenean, 41era. Orduko hartan ez zion batere lagundu bainujantziak eragiten duen efektu flotatzaileak. Beraz, horrelako bainujantzi berezirik gabe ariko da Tokion.

Bai, ordea, zapi urdin batekin. Soinean darama lehiatu aurreko uneetara arte. Clara McCoolen oroitzapen bat da. Bigarren hezkuntzan izan zuen matematikako irakasle, eta bizitzarako jarraibide da harentzat: «Minbiziak jota hil zen. Zapia eramaten dut lehiaketa guztietara, gauero nire mahaian egoten da, eta alde guztietara eramaten dut aldean. Uste dut bera hor dagoela, musuzapian, eta bizitza igeri egitea baino gehiago dela pentsarazten dit».

Estatubatuarraz gain, gizonezkoetan nabarmentzekoak diren izenak Bruno Fratus brasildarrarena eta Florent Manaudou frantziarrarena dira. Azken horrek, ordea, erretiroa hartuko zuela iragarri zuen Rioko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina eskuratu eta gero. Eskubaloia praktikatu zuen. «Adrenalina beti gustatu izan zait. Eskubaloian joko gehiago zegoen. Igeriketan, munduko onena izateko entrenatzen naiz Olinpiar Jokoetako final batera iristeko, estresa izateko eta porrota gorrotatzeko. Ez nuen hain eskura, eta horregatik praktikatu nahi dut berriro», aitortu du.

Duela bi urte baieztatu zuen lehiaketara itzuli nahi zuela: «Aspaldidanik faltan sumatzen dut. Asko dibertitu nintzen denbora batez egin nahi nituen gauzak egiten, baina orain berriro entrenatzeko erronka dauka». Tokion ez ezik, 2024an Parisen egingo diren Olinpiar Jokoetan ere jarrita dauka fokua.

Ledecky nagusi

Gizonezkoetan ez ezik, emakumezkoetan ere estatubatuarrak dira nagusi. Katie Ledeckyk, adibidez, lau domina irabazteko aukera du: 200, 400, 800 eta 1.500 metroetan. Dressel bezala, Ledecky ere faborito argia da haren uzta handitzen segitzeko. Hirugarren Olinpiar Jokoak ditu. 15 urterekin, Londresko Olinpiar Jokoetarako gutxieneko denbora lortu zuen. Hori eginez, bere herrialdean Joko horietara joan zen lehiakiderik gazteena bihurtu zen. Orduan urrezko domina lortu zuen 800 metrokoan. Lau urte geroago, Rio de Janeiron (Brasil) urrezko lau domina eta zilarrezko bat irabazi zituen. Hori gutxi balitz bezala, munduko marka lortu zuen 800 metrokoan. Urrezko bost domina eta zilarrezko bat ditu irabaziak Olinpiar Jokoetan.

Itxuraz, sasoiko iritsiko da Tokiora. Abenduan bideo bat zabaldu zen sarean, non Ledecky ikusten zen igerian baso bat esne buruan zuela. Bideoa esnearen kontsumoa bultzatzeko kanpaina batekoa zen, eta estatubatuarrak ez zuen esne tanta bat ere isuri igerian egin zituen 25 metroetan. Uretan duen perfekzioa erakutsi zuen eta, perfekzio hori izan daiteke arrazoietako bat hainbeste domina irabazteko.

Emakumezkoetan beste izen bat nabarmendu behar da: Sarah Sjostrom. Suediarra zortzi aldiz izan da munduko txapeldun tximeleta estiloan, eta haren helburu nagusia izango da Tokion. Arriskuan izan du. Izan ere, otsailean, ukondoa hautsi zuen izotz gainean irristatzen ari zela; apurtu eta hurrengo egunean egin zioten ebakuntza. Indarberritzeko epea guztiz murriztu zuen, martxoaren hasieran uretara itzuli baitzen: osatzeko epea hiruzpalau hilabetekoa zen.

Maider Redin igerilari donostiarrak argi dauka zeinek irabaziko dituen domina gehien: «Hautagai nagusia Estatu Batuak dira, zalantzarik gabe. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan oso talde ona daukate, eta konbinaziorik onena da. Suediak ere aukerak izan ditzake; nesken taldea oso indartsua da. Beste aukeretako bat Kanada izan daiteke, baina talderik indartsuena Estatu Batuak dira».

Ariarne Titmus australiarra ere beste protagonistetako bat izango da Olinpiar Joko hauetan. 400 metroko modalitatean, 44 ehunekorengatik ez zuen berdindu Ledeckyren denbora, eta estatubatuarraren aurkaririk gogorrena izango da.

Redinen ustez, Titmus «disfrutatzera» joango da, bere lehen aldia delako. «Final baten sartzeko aukera badu, lehia daiteke. Irabazteko zaila edukiko du, baina baliteke lehen hiruren artean gelditzea.

Aurtengoan Rion baino hiru proba gehiago egingo dira, 35: hamazazpi gizonezkoetan, beste hamazazpi emakumezkoetan, eta txandakako mistoa. Redinek ondo iritzi dio proba horri: «Niri asko gustatzen zait. Estrategia desberdinak egon daitezke: ea gizonezkoak edo emakumezkoak hasi lehenago igerian... Polita izango da».]]>
<![CDATA[Mikel Landa Donostiako Klasikoan izango da datorren astean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1983/034/002/2021-07-24/mikel_landa_donostiako_klasikoan_izango_da_datorren_astean.htm Sat, 24 Jul 2021 00:00:00 +0200 Iñaki Fernandez Guridi https://www.berria.eus/paperekoa/1983/034/002/2021-07-24/mikel_landa_donostiako_klasikoan_izango_da_datorren_astean.htm
Ez da euskal herritar bakarra izango: izan ere, egunotan Tokion diren arren, Ion eta Gorka Izagirre, eta Omar Fraile (Astana) ere Donostian izango dira, beren taldekide Alex Aranbururekin batera. Gainera, Mikel Nieve (BikeExchange) eta Ander Okamika (Burgos BH), Caja Rural, Euskaltel Euskadi eta Kern Pharmako partaideak izango dira gizonezkoen tropeleko gainerako euskal txirrindulariak.

Hautagai nagusien artean, Julian Alaphilippe (Deceuninck), Juan Ayuso (UAE), Bauke Mollema (Trek) eta Jonas Vingegaard (Jumbo) agertzen dira Bahrain taldeko arabarrarekin batera.

Emakumezkoetan, Ane Santestebanek (Mitchelton) aukerak izango ditu klasikoa irabazteko, bere taldekide Lucy Kennedy, Ellen Van Dijk (Trek) eta Eider Merinorekin (A.R Monex) batera. Laboral Kutxa, Bizkaia-Durango eta Sopela euskal taldeak ere Donostiako irteera lerroan izango dira hilaren 31n.]]>