<![CDATA[Iñaki Galdos Irazabal | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 18 Oct 2019 19:05:39 +0200 hourly 1 <![CDATA[Iñaki Galdos Irazabal | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Etsipena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1899/034/001/2019-10-15/etsipena.htm Tue, 15 Oct 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1899/034/001/2019-10-15/etsipena.htm
Gauzak dauden bezala daudela, onartu beharrean nago baikorregia izan naizela urte luzez, Espainian egin zitekeenaren inguruan. Alde batetik, ETAk egiten zituenetatik aldentzeko, bestetik, intsumisioaren borrokaren garaipena memorian nuelako eta, azkenik, benetan pentsatzen nuelako aukera hori posible zela, sarri defendatu izan dut iritsiko zirela garai berriak eta poliki-poliki sortuko zela Estatuan giroa, Katalunia eta Euskadi penintsularreko herritarrei hitza eman eta hauek etorkizuna erabaki ahal izateko. Baina ez horretarako eta ez beste ezertarako. Asko jota hegoaldeko bi erkidegoetan apurrak banatzeko prest agertzen da Estatua noizbehinka, unean uneko beharren arabera. Bitartean, gainera, hemengo legeak auzitara eramanda eta hango legeekin gureak diren eskumenak zapalduta, sekulako sarraskia egiten ari dira gure autonomian.

Etsipenaren kronika da hau. Beti pentsatu izan dut -eta orain ere horrela pentsatzen dut- asmatu egin zuela herri honek duela hamarkada batzuk hartutako bidearekin. Are gehiago, 1980ko hamarkadan Madriletik gure autonomia lotsagabeki elkortzeari ekin ziotenean ere gure aurrekoek egin behar zutena egin zutela aldarrikatu izan dut beti. Eta ez dut inoiz bateraezintzat jo horren guztiaren defentsa independentziaren aldeko jarrerarekin, alderantziz baizik.

Baina paradigmaren aldaketa baterako garaia iritsi dela pentsatzen dut. Eta paradigma aldaketa horrek zintzotasuna eskatzen du batez ere. Zintzotasuna geure buruarekiko eta zintzotasuna gizarteari esaten diogunarekin. Eta zintzotasuna eskatzean eskatzen ari naiz onar dezagula Kataluniarekin Espainiak garbi erakutsi digula ez dagoela biderik, ez dela posible oraindik ere hemen batzuek aldarrikatzen duten bidea. Zeren Katalunian saiatu den bidea ez da 2017ko urriaren 1ean hasitakoa, askoz ere lehenagokoa da, hemen zenbaitzuk oraindik ere posibletzat ematen dituzten urrats guzti-guztiak eman zituena. Izan gaitezen zintzoak: Katalunian iritsi diren egoerara iritsi badira, izan da porrot egin zuelako hemen hango proces-aren alternatiba gisa planteatzen denak. Eta porrot ez zuen egin Kataluniako gizartearen gehiengoagatik, badakigu nortzuk bota zuten zaborretara ahalegin hura.

Nahiago dut orain eta hemen entzutea ez dela garaia, euskal gizartea ez dagoela klabe horretan edota oraindik ere egiteko asko daukagula esku artean daukaguna eta falta diren eskuduntzak kudeatzen, ezinezkoa den bide baten proposamena berriz entzutea baino. Eta agian asmatu egingo du diagnostiko hori egiten duenak, agian arrazoi osoa izango du irakurketa hori mahaigaineratzen duenak, eta agian konbentzitu ere egingo gaitu garai berrien zain egon gaitezen. Baina jakin beza jendeak, ez dagoela hemen proposatzen zaigun ezer dagoeneko Katalunian saiatu ez dena, eskatu ez dena, erregutu ez dena 2003tik aurrera egon den ibilbide luzean. Ez gaitezen hain inozoak izan.

Eta garai berri horiek noizbait iristen badira, izan dezagun garbi iraganean zeintzuk suertatu diren bide antzuak. Izan dezagun garbi herritarren gehiengo baten babesa ezinbestekoa dela eta izan dezagun garbi burujabetzaren bidea norberaren konpromiso baketsu eta demokratikotik hasten dela. Horrela bakarrik eman ahal izango diogu batzuk etsipen handi honi buelta.]]>
<![CDATA[Han eta hemen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2019-10-01/han_eta_hemen.htm Tue, 01 Oct 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2019-10-01/han_eta_hemen.htm
Hangoa hemengo eragile politiko abertzaleek nola bizi duten begiratzen eta ulertu guran eman ditut bi urte hauek neurri handi batean. Han-hemenka irakurri eta entzuten nauen adiskideren batek gai honek gehiegitxo itsutu nauela ere leporatu dit noizbait. Kontua da, ordea, iruditzen zaidala Kataluniarekiko dituzten jarrerek eurek uste baino gehiago baldintza dezaketela hemengo hurrengo denboretako ibilbidea. Zehatzagoa izango naiz: Kataluniarekiko dituzten jarrerek baino gehiago, euren hango aliatuek dituztenek, ez baitakit beti suertatzen diren hain bateragarri hemen aldarrikatzen dutena eta hango adiskideek aldarrikatzen dutena.

Alemanian zegoen Puigdemonti bisita egiteko gomendatu nien errespetuz iazko maiatzean hemendik Urkullu lehendakariari eta Andoni Ortuzarri. Iruditzen zait orduan bat ere asmorik ez bazuten are gutxiago izango dutela orain, urrunago daudelako orduan baino Puigdemontengandik. Jelkideek hasieratik jarri zituzten Kataluniako procés-arekiko nolabaiteko muga eta ñabardurak, hemengoa ez kutsatzeko nahia, horrela esaterik bada. Hangoarekiko elkartasuna eta gertutasuna adierazi bai, Madrileko gehiegikeriengatik ozenki kexa agertu ere bai eta, jakina, konponbideren baterako etengabeko eskaerak luzatu, baina amen, zu hor eta ni hemen.

Ez dago koherentzia faltarik jelkideen ibilbide honetan, gainera sumatu dutenean, adibidez, lehendakaria adierazpenen batzuetan epel xamar egon dela, asmatu dute balantza orekatzen alderditik egindako adierazpen edo ekintzaren baten bidez. Ez dago jelkideena baino termometro zehatzagorik. Baina askotxo luzatzen ari den arazo baten aurrean egon daitezke Sabin Etxekoak. Adiskide duten espazioaren zatiketa eta, batez ere, definizio falta dut hizpide. PDeCat-en gero eta nabarmenagoa da barne xextra. Puigdemonten jarraitzaileak alde batean, Marta Pascal eta enparauak beste batean mugimendu «arraro» samarrak egiten eta tartean jende asko, gehiengoa agian, Artur Masek zer esango zain, besteak beste. JxCat, Crida... marka askotxo gauza onerako. Badago jelkideen artean nahiago duena egoera honek iraun dezan, gerta daitekeen zatiketa baten aurrean busti beharra baino, baina ez dakigu zenbat gehiago iraungo duen. Eta askoren gustuko izango ez den erabakiren bat hartu beharko du alderdiak.

Bestelako ibilbidea egin du EH Bilduk. Hasieran Kataluniako prozesuaren bertsua hemen lehenbailehen abian jartzeko eskaera gardena egin zuen, baina, hauen termometroa ere ez da txarra, poliki-poliki hangoarekiko gertutasun ozena adierazteari utzi gabe, Gasteizko legebiltzarrean estatutu berriaren inguruko lanean zentratu dira. Bi urte hauetan, gainera, sakondu egin du ERCrekin zuen elkarlana eta harro adierazi ditu harreman horren fruituak.

Kontua da, ordea, sakontze honekin batera Junquerasen alderdiren aldaketa ezkuta ezina iritsi dela. Deitzen diote batzuek errealismo ariketa, beste batzuek estrategia posibilista. Irakurketa asko ari gara irakurtzen alderdi honen norabideari buruz, baina bistan da ez dela ezker abertzaleko guztientzat erosoa. Ez dira bildukide gutxi CUPek azaroko hauteskundetan aurkeztuko dela iragarri duenean sekulako poza adierazi dutenak. Zerbaiten seinale.

Batzuetan gurutzatuak diruditen aliantza horien eragina handia izan daiteke hemen San Andres egunetik aurrera ditugun eztabaidetan. Adibidez, gerta daiteke Maddalen Iriartek Joseba Egibarri zerbait leporatzea Laura Borrasen hitz batzuk erabiliz, eta Egibarrek Iriarteri erantzutea Gabriel Rufianen hitzak gogoratzen. Gerta daiteke. Adibidez.]]>
<![CDATA[Aitorpena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/020/002/2019-09-17/aitorpena.htm Tue, 17 Sep 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1890/020/002/2019-09-17/aitorpena.htm Lizardiren Baratza programan Jose Luis Padronek eskaini zigun grabazio osoa, sarean dagoena, inork entzun nahi badu. Bide batez, abuztuan zehar egunkari honetan Amagoia Gurrutxagak oparitu digun serie ederrean ere azaldu digu garai hartako giroa.

Hitzaldi hura hizpide, benetan solasaldi ederrak izan ditut udan, garaia bizi izan zuten hainbat adiskiderekin, lehen lerroan bizi ere, horrela esaterik badago. Eta deigarria egin zait azaleratu didaten ondorio nagusietako bat: gutxi gorabehera orduan hasi eta hurrengo hamarkadetan Euskal Herrian izan ziren eztabaida guztiak izan zirela sutsuak, zailak eta konplexuak; aldrebesak eta ulergaitzak ere bai sarri baina, oro har, gaur egun indarrean dauden eztabaida askotan baino errazagoa egiten zitzaiela iritzi bat izan eta horren araberako jarrera eta jardunak finkatzea. Adin kontua izan daitekeela, baina jokoz kanpo sentitzen direla orain usu. Kontua da, aitortzen dut, dezente gazteago izanik nik neuk ere antzeko sentimendua izaten dudala sarri aspaldion.

Benetan uda betea izan dugu polemiketan gure artean. Adibide pare bat aukeratzearren, Iruñeko Katrakaken Lucia Baskaranek Hasier Etxeberria zenari buruz esandakoaren ondoren sortutako zalaparta izugarria eta C. Tanganaren Bilboko kontzertua bertan behera utzi ondoren haizeratutako xextra. Bietan ala bietan eztabaida gordinak, mezu errukigabe asko tarteko. Eta ustekaberen bat ere bai, pentsatzen nuelako, inozoa ni, pentsamolde homogeneoagoa zegoela hainbat gairen inguruan euskal jendarteko sektore batean. Adibide gehiago jar ditzake batek, uda oparoa izan delako horretan, baina sarri izan ditut eztabaidak neure buruarekin, noizbait kostatu egin zait iritzi bat finkatzea eta, hau ere onartu egin behar, hainbat kontzeptu ulertzeko zailtasunak ere izan ditut, aringarri gertatu zaidan arren bakarra ez naizela ikustea.

Aitortzen dut krisia izan dudala udan. Arkupe honetara itzultzeko hitza emana nuen arren, benetan izan ditut zalantzak eta uneren batean erabakia ere bai telefonoa hartu eta etsi izanaren berri emateko. Zorionez gure agendan toki handia hartzen ari diren gaien inguruko begirale, irakurle, ikasle bihurtu eta, Bernardo Atxagaren Mo behiak proposatzen zuen bezala, hemendik urrutiratu eta bolada batez desertuan ibili, baina amore eman gabe berriz baso itzaltsuak ikusi arte.

Seguruenik beranduegi zen erabaki hori hartzeko, emandako hitza jateko. Eta aitortzen hasita aitortu beharko dut udan izan dudala hamabostean behin gustura irakurtzen ninduela esan didanik ere, tartean asko estimatzen dudan jendea. Barruan neramana adierazita, lasai egoteko gomendioak ere egin dizkidate, askotarikoa behar duela izan egunkari bateko artikulugileen gai-zerrendak. Gabeziak gabezia, hemen naukazue beraz bueltan, uste baino beldur eta zalantza handiagoekin, zerbait eskain dezakedala neure bururi sinetsarazi nahian. Honetan behintzat ez da uda lasaigarria izan nirea. ]]>
<![CDATA[Beste San Andres bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2019-06-25/beste_san_andres_bat.htm Tue, 25 Jun 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2019-06-25/beste_san_andres_bat.htm
Irailean idatzi nuen Sigi-sagaka artikulua izan zen gertuko hainbat adiskideren desadostasuna piztu zutenetako bat; mina ere bai, gogorregia suertatu zitzaielako nik filibusterismo eta azpikontratazio hitzak erabili izana Gasteizko legebiltzarraren lana hizpide nuelarik. Gogora dezagun: autogobernuaren inguruko lantaldeak bost adituk osatutako batzorde bati egindako enkarguaz ari nintzen eta idatzi nuen ez nuela ulertzen ez boskote hori osatu izana, ez emandako zeregina. Amanece que no es poco Espainiako pelikulako (1988) Ngé pertsonaia nuen gogoan, hura ere sigi-sagaka ibiltzen baitzen, horrela denbora gehiago behar zuelako ibilbidea egiten eta hobeto pentsa zezakeelako nora joan.

Bada, epe horren bueltan, esan beharrean nago agian motz geratu nintzela. Egun hauetan ikusten ari garen xextrak eta, batez ere, epe berri bat ezarri izanak, adiskide haiei nirekiko piztu zitzaien saminak bere horretan jarraituko duela iruditzen zait, baldin eta ez badute eurek iritzia dagoeneko aldatu. Filibusterismoa parlamentuetan erabiltzen den teknika da, hainbat erabaki atzeratu edo blokeatzeko. Ezagunena, denbora mugarik ez dagoenean hitzaldiak etengabe luzatzearena da, baina beste forma batzuk ere har ditzake, adibidez batzordeak sortu eta haien jarduera izugarri luzatu, txosten kopuru amaigabea eskatu... Norbaitek konbentzitu beharko nau ez dela hau Gasteizen gertatzen ari dena.

Hanka-sartze nabarmena egin zuen EH Bilduk azken kanpainan estatus berrirako bere testua iragarri zuenean. Ulergarriak dira bere kezkak eta zalantzak gertatzen ari denarekiko, nork ez dauzka, baina bere oniritziarekin abian jarritako prozedura indarrean dagoenean ez da txukuna egin zuena egitea. Hala ere, arrazoiak arrazoi, oker dabiltza Arnaldo Otegik Durangon egindako iragarpen hura arazoaren erdigunean jarri nahian dabiltzanak, su hau gehiegi hauspotzen ari direnak. Arazoa askoz ere sakonagoa delako, inolako zalantzarik gabe.

Hasteko, abertzalegoaren baitako hegemoniaren lehia amaigabea daukagu berriz ere bere gordintasun osoan adierazia. Horrekin batera, batzuen zein besteen beldur eta zalantzak: zenbateraino tenkatu soka bazkideekin, zein puntutaraino jarri dezakegu arriskuan gure balio nagusia den egonkortasuna, noraino iritsi gure estrategia posibilista berrian, zenbat iraungo dute gehiago haserretu gabe gure baitako hainbat sektorek. Eta abar. Ez dira, bada, baikor egotera bultzatzen gaituzten elementuak, horra hor gure etsipenaren iturri nagusia.

San Andres egunerako du ezarria epe berria Eusko Legebiltzarreko lantaldeak izendatutako boskoteak. San Andres egunak balio handia du abertzaleon historian, egun horretan jaio zelako, izen bereko manifestu bat dela medio. EAE-ANV alderdia 1930ean, aste batzuk lehenago Comunión eta Aberri berriz elkartu izanak konforme utzi ez zuen hainbat jenderen eskutik. Comunionekoak batez ere, portzierto, askok uste edo uste nahi izan dutenaren kontra.

Ez goaz esatera aurtengo azaroaren 30eko jomugak horrelako oihartzun historikorik izango duenik, baina iruditzen zaigu hortik aterako denak (edo aterako ez denak) berebiziko garrantzia izango duela etorkizunera begira. Iruditzen zaigu hurrengo urteetarako ibilbidea marraztuko duela. Paradoxa irudi dakioke norbaiti hainbeste kritikatzen dugun prozedura bati alde berean horrenbesteko garrantzia ematea, baina, irailean idatzi genuen bezala, sarri gertatzen da politikan, norberak hartuak dituen erabakiak (edo norberak hartu nahi ez dituenenak) aditu eta txostengileen bizkar uztea. Sarriegi.]]>
<![CDATA[Dopatuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/020/001/2019-06-11/dopatuak.htm Tue, 11 Jun 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1892/020/001/2019-06-11/dopatuak.htm
Kontu ezberdina da jatorrizko esparru politikoa beste bat denean. Ongi etorriak (adibidez) estalinista espainolistak. Zein lan ederra egin dugun horiek erakartzen, esango dio bere buruari batek baino gehiagok, harro. Ez jelkide maltzurrek bezala: ez dute ba pentsatuko jende hori erakarri dutenik gauzak beste era batera ikusten hasiak direlako?

Larrazabalgo txakolindegian 1893an Arana Goiri anaiek lagun talde hura bildu zutenetik, ez dakigu noiz egin behar zuten planto jelkideek, noiz uko jende berria erakartzeari, dopatzearen dopatzez jonki bihurtzeraino ezarri zuten estrategiari. Karlista zaharrak iritsi zitzaizkienean? Liberal euskalerriakoak? Gipuzkoako integristak? Monarkikoak? Edo haiek guztiak balekoak izan ziren eta oraingo uholde hau da bereziki kezkagarria? Itzuliko ahal dira lehenbailehen boto horiek euren toki naturalera, zer drama bestela abertzaleontzat! Ze lasaitasuna hartuko dugun benetako abertzaleok, boto-emaile iritsi berri horiek EAJ uzten dutenean!

Agian, aipatutako garai haietako aitzindariek ez zituzten izango gaur egun ditugun iragazkiak, ezta asmo aratzeko boto-emaileak ote garen zaintzen duten aingeru guardakoak ere, betiere biharko independentziaren onerako, ez gaitezen gaizki pentsatzen hasi. Umetan politikaz interesatzen hasi ginenetik ibili gara azterketak gainditu ezinik, ezin inoiz pasatu benetako abertzale eta ezkertiar izateko proba; beti autonomista, beti espainol, beti burges, beti ez dakit zer.

Etsi dezatela, beraz, jelkideek, ez dira onargarriak bere boto berrietako asko, susmagarriak dira, jatorren arteko jatorren buruzagien dekretuz. Balekoa izateko beste bat behar du izan ibilbideak, batzokietan bukatzen duenak ez du balio. Berdin du falangista ohi batek ematen duen, pecero ohi batek edo oerreteko ohi batek, baina autentikoek bildutako botoari onartzen zaio, horri bai, ohi izaera; besteei ez, besteak beti bekatari, beti susmagarri. Koalizio kideei ere barkatuak dizkiete dagoeneko garai bateko bide oker eta traizioak. Agian beste era batera zenbatu beharko genituzke botoak hemendik aurrera: hausnartu, redimitu eta konprometituek, puntu bat; mailegatu eta kutsatuek, puntu erdi.

Badirudi poliki-poliki gailentzen ari dela subiranismoaren bidea ezker abertzale eta enparauek bakarrik ekin behar dioten iritzia, sindikatuek 2017ko irailean aldarrikatu bezala. Beste inoren zain egon gabe, are gutxiago bere motxila boto dopatu eta erreakzionarioz betetzen ari denaren zain. Inoiz azterketarik eta iragazkirik pasatu ez dugunok bide ertzean geratuko beharko dugu urduri, fruituak noiz iritsiko, erredentore horiek gure etxean sartzeko inor ez garelako penatuta.

Eta Euskal Herri independente eta sozialista (edo daniarra, modako erreferentzia berria) lortzen dutenean, umil-umil saiatuko gara traba handirik egingo ez dugun herritar txintxoak izaten. Matematikena, Enrique Zuazuaren esku utziko dugu, Alemaniatik bueltatzen denerako. Agian berak azalduko digu nola den posible kenketarekin batuketak egitea, gutxituz gehitzea, baztertuz biltzea. Mies Van der Rohe arkitektoak gutxiago gehiago zela aldarrikatu zuenetik minimalismoa esparru askotan ikusiak ginen, baina ez politikan. Badaki Andoni Ortuzarrek, konforma dadila boto gutxiagorekin. Eta ez dezala susmo txarrik hartu, abertzalegoaren onerako izango omen da, ez konpetentziaren mesederako.]]>
<![CDATA[Ajeak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/026/001/2019-05-28/ajeak.htm Tue, 28 May 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1898/026/001/2019-05-28/ajeak.htm
Arrarotasunak arrarotasun, batez ere mingarria iruditu zitzaidan EAJ eta EH Bildu-k eman zuten irudiarena. Uxue Barkos eta Joseba Asiron duintasunez beteriko hitz urratuak ahoskatzen ari ziren bitartean, Bilboko eta Donostiako giroak triste utzi gintuen. Nafarroa Garaian genuen jarria begirada askok igandean eta lurralde horretako hondamenak -ez zait hitz egokiagorik bururatzen- ezin dio abertzale bati etxafuegoak botatzeko gogo handiegirik sortu, gainerako lurraldeetan sekulako emaitzak lortuta ere. Nazio ikuspegia bota nuen faltan igande gauean; nahi nuke sintomatikoa ez izatea. Nahi nuke.

Egia da, bai, emaitza (ia) borobilak lortu zituela EAJk Euskal Autonomia Erkidegoan. Hiriburuetako hiru alkatetzak, hiru lurraldeetan buru, ustez arriskuan zituen hainbat alkatetza eutsi eta aspaldi galduak zituen beste hainbat enblematiko berreskuratu ere bai. Ez dakigu non duen goia alderdi honek, inon izatekotan. Hori bai, jelkideek jakin badakite ahuleziak ere badituztela, sarri Sabin Etxeko, Foru Aldundietako edota Ajuria Eneako aterkiek ondo baino hobeto estaltzen dituztenak. Gipuzkoari buruz ari naiz bereziki, eta iruditzen zait hainbat alkatetza galtzea aurreikusten bazuten ere uste baino gehiago izan direla. Baina, are kezkagarriagoa zaiena, hainbat herritan zerrendak osatzeko -eta berritzeko- zailtasun ezkuta ezinak dituzte. EH Bilduk aurrea hartu die nabarmenki horretan toki askotan.

Ez dut uste, hala ere, aurre-hartze hori oso kontsolagarria denik EH Bildurentzat. Bere buruari jarritako helburu nagusiak ez ditu lortu: Nafarroa, Gipuzkoa eta Miren Larrion. Alkatetza garrantzitsuak ere galdu ditu, eta bere arrakasta Gipuzkoako herrietara mugatzen da nagusiki. Horra hor koalizio honen arazoetako bat, lurralde orekarena. Oso sendo dago, hala ere, eta objektiboki onak izan zitezkeen hainbat emaitza, sortutako espektatibek garraztu dituzte, zalantzarik gabe, nahiz eta igande gauean ez genituen koalizioko buruzagiak oso saminduta ikusi.

PSOEren uholdea, Navarra Sumaren arrakasta, Gascori donostiarrek emandako zigorra, Podemosen sortuko den zalaparta, abertzaleek europarretako helburua lortu izana, Kataluniakoa, eta abar. Denon ahotan darabiltzagun gaiak, baina ezin oso originalak izan. Aurrera begirakoa da benetan gure jakin-nahia pizten duena. Ororen gainetik, Nafarroa Garaian gertatuko denak. Uxue Barkosek igande gauean esandakoak arrastoan jar gaitzake agian, baina iruditzen zaigu oraingoan ere Madrilen erabakiko duela erabaki behar duenak.

Hainbat herritan alkatetzak aukeratzeko egongo diren mugimenduak ere interesgarriak izango dira. Besteak beste, bulegoetan adostutako akordioak herrietan betearazteko izan ohi diren arazoak. Baina ez dirudi herri jakin horietan sortuko den zalapartaz haratago benetako garrantzi politiko izango dutenik mugimendu horiek. Garrantzitsua Iñigo Urkullu lehendakariaren gogoeta izango da. Gobernua Gasteizko legebiltzarrean izaten ari den zailtasunak ikusita, tentazio handia izan dezake hauteskundeak aurreratu eta gehiengo zabalarekin legealdi berri bati ekiteko.

Hauteskunde guztiek uzten dituzte ajeak, eta igandekoek ere utzi beharko lituzkete, eta ez txikiak. Baina ez da gauza ziurra gure ordezkari politiko guztiek izango dutenik, txerto egokia da autokonplazentzia. Euskadi y Navarra aipatzen hasten gara, eta gure gainerako zenbakiak itxuragabetzen dituzten lurralde horretako emaitzak ezkutatzen jarraitzen dugu. Deituko diot gero Uxueri, deituko diot gero Josebari. Eta ajea izaten badut, izan dadila gaur gauean ederki pasatu dudalako.]]>
<![CDATA[Pintza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2019-05-14/pintza.htm Tue, 14 May 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2019-05-14/pintza.htm
Dagoeneko adinean aurrera goazen Euskal Herri penintsularreko politikazaleok, batez ere 1994-96 bitartean denon ahotan egon zen PP eta IUren arteko hura daukagu gogoan pintza aipatzen denean. Julio Anguitak idatzia utzi du, beranduago, ez zela orduan Felipe Gonzalezen PSOE higatzeko bien arteko estrategia adosturik izan eta pintzaren asmakizuna Goebblesen jarraitzaileen maltzurkeria izan zela, baina Kordobako alkate ohiak ere ez zuen asko lagundu, besteak beste, Jose Maria Aznar eta Pedro J. Ramirezekin (pintzaren bultzatzaile nagusia) afari ezagun hartan parte hartzea onartu zuenean.

Andaluziako parlamentua izan zen garai zalapartatsu haietako gudu-zelai nagusiena eta, azkenean, astea joan eta astea etorri bozketa asko galtzen zituela ikusita, Manuel Chavezek hauteskundeetara deitu zuen 1996an, Espainiako gorteetarako hauteskundeekin batera. Galera handia izan zuen Luis Carlos Rejonek gidatzen zuen IUren koalizioak (20tik 13 eserlekura) eta Chavez sozialistak lasai gobernatu ahal izan zuen handik aurrera. Egindakoaren damurik ez dute inoiz erakutsi orduko ezkerreko koalizioko buruzagiek, baina onartu onartu dute euren jarreraren inguruko beste hautemate bat zegoela kalean, gobernabilitatea gehiegitxo oztopatzen ari zirenarena, hain zuzen ere. Arrazoi borobilak izan zitzaketen gobernuaren kontra bozkatzen zuten bakoitzean hala egiteko eta, agian, PPren eta IUren arteko kointzidentzia gehienetan ere izango zen motiborik hori gerta zedin, baina orduan ere garbi geratu zen arrazoi izateak, edo arrazoi osoarekin jokatzen ari zaren ustea izateak, ez duela sarri politikan arrakasta bermatzen.

Aspalditxoko adibidea da, baina ordutik puntura arte ez genuen hainbeste aldiz pintzarena entzuten. Sarri esaten da gobernuan egoteak baino gehiago ahultzen duela oposizioa egiteak. Eta ez dirudi Eusko Jaurlaritzan higadura berezirik sortu duenik Eusko Legebiltzarrean gertatzen ari denak. Are gehiago, zantzu guztien arabera gerta daiteke berriro hauteskundeetara deitu eta Jaurlaritza babesten duten bi alderdiak indartuta ateratzea, gehiengo zabalarekin legebiltzarrean. Pasa den astean Unai Urruzunok esan zuen hauteskundeetara deitzeko aitzakia bila dabiltzala EAJ eta PSE. Ez dabil oker ondarroarra, kontua da nork ez lukeen kalkulu bera egingo egoera bertsuan. Agian bere koalizioak ere ez lituzke emaitza txarrak lortuko, baina ez dakit negozio ona den gehiengo oso baten parean eseriko den talde handitxoagoa izatea.

PP egiten ari dena ez da serio hartzekoa, baina Gasteizko legebiltzarrean opisizioko beste bi taldeak egiten ari direna neurri batean birpentsatu beharrean daudela iruditzen zait. Batzuetan asmatu dute, beste askotan ez. Ez naiz behatzaile objektiboena izango, baina sumatzen dudanaren arabera pintzaren errelatoa gailentzen ari da eta nekeza da horri buelta ematea estatistika hotzekin osatutako prentsaurreko baten bidez. Bota biezaio bakoitzak errua nahi duenari, hedabide publikoei nahi badu, baina aldagai horrekin jokatzen ere asmatu egin behar da.

Sarri gertatzen da gutxiengoan dauden gobernuei bozketak behin eta berriz irabazteak sortzen duen plazer ezkutaezinak begirada luzeagoak oztopatzen dituela. Sarri gertatzen da jendeak gobernu horien akordioak lortzeko (ustezko) borondate falta baino gehiago zigortzen duela oposizioaren (ustezko) mendeku egarria. Maiatzeko hauteskundeetan gertatuko denaren zain, badirudi legebiltzar berri baten atarian egon gaitezkeela, gehiengo berriak ekar ditzakeena. Ez dezagun ahaztu akordio garrantzitsuak lantzen ari direla egungo legebiltzarreko batzorde batean. Hala agindu ziguten eta hala uste dugu behintzat.]]>
<![CDATA[Bi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/020/001/2019-04-30/bi.htm Tue, 30 Apr 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1892/020/001/2019-04-30/bi.htm
Kontua da, ordea, askok uste ez genuen moduan lortu dutela sozialistek garaipena, hau da, hemengo lau lurraldeetan nahiz Katalunian abertzaleak argaldu gabe, alderantziz baizik. Horra hor igandeko izenburu nagusienetakoa, nagusiena ez bada. Ohituak geunden hauteskunde orokorretako sozialisten garaipenak neurri handi batean abertzaleen bizkar eraikitzen zirela ikusten, baina ezberdina izan da oraingoa. Euskal hautesleen zati handi batek erabaki du bazegoela eskuineko hirukote maltzurra geldiarazteko bide eraginkorragorik PSOEri zuzenean botoa ematearena baino, bide batez sozialistek izan zezaketen (dezaketen) tentazioren bati ere aurre egiten zitzaiolako horrela. Hainbeste denbora euskal oasirik (edo Urkullu lehendakariaren bertsioa apalagoa den mikroklimarik) dagoenetz oldarka eztabaidatzen, eta horra hor denak ados jarrita gai honetan behintzat zerbait egon badagoela esaten.

Lau asteren bueltan hauteskunde berriak izango ditugula kontuan hartuta, ez dago denbora askorik akordio eta gobernu berriari buruz hitz egiteko. Are gutxiago presa eta premiarik igandeko irabazlearentzat. Axularri jaramon handirik egin gabe, luzamendutan ibiltzeko lizentzia hartuko du Sanchezek eta maiatzaren 26ko emaitzen zain egongo da erabakiak hartu aurretik eta, agian, bere gobernuaz gain, han-hemenkako beste zenbait gobernu autonomiko eta udalen egonkortasuna ere lotu nahiko du pakete berean. Eta maiatzean Ciudadanosek PPri beste puska bat jaten badio, definitiboki esango diogu agur PSOE eta Riveraren arteko akordio bati, orain ere aukera urriak dituena. Gozoegia da katalanarentzat eskuineko gidaritza lortzeko geratu zaion aukera, sozialistekin besarkatzen hasteko. PP askoz gorago geratu balitzaio, agian. Orain, ez.

Era batera edo bestera Sanchezek EAJ bidelagun izango duela ez du inork zalantzan jartzen. Orain arte biei etorri zaie ongi eta horretan jarraituko dute, are gehiago hiru lurraldetako erkidegoan dozenaka erakundetan elkarrekin dihardutela kontuan izanda. Eztabaidagarria da —iraingarria ere bai— aspaldi eskualdatuak behar lituzketen duela lau hamarkadako eskumenekin horrela ibili beharra, baina elektoralki eraginkorra ere bai, izugarri eraginkorra. Zerbaitegatik ekin dio EH Bilduk ere bidaia esparru horri.

Baina UPNrenak pizten dit niri jakin-nahirik handiena. Eta harrituta nago, bakarrenetakoa naizelako. Oso erraz batu dituzte guztiek Navarra Suma koalizioak lortutako bi eserlekuak eskuineko blokera. Eta, jakina, eskuinekoak direla ukatu gabe, ez dakit ba Esparzarenek ez duten tentaziorik izango matematikoki fruitu handirik eman ez dituen Madrilerako koalizioa amortizatutzat emateko eta euren alderdiarenak dituzten bi diputatu hauek dantzan jartzeko. Ezin ahaztu lehen ere eginak dituztela elkarren arteko tratuak eta 175etik 177ra doan urrats txiki baina aldi berean handi hori ere ahalbidetu dezaketela.

Nafarroako Legebiltzarreko emaitzei begiratu beharko lehenago, dena den. Horra hor maiatzera begira borrokarik garrantzitsuena. Gerta daiteke sozialistek askok uste eta nahi zutena baino pisu handiagoa izatea baina, zailtasunak zailtasun, badirudi aldaketaren gobernuaren koalizioak aukerekin iritsiko direla hauteskunde berrietara. Beste lehia interesgarri asko dauzkagu zain Hegoaldeko lau lurraldeetan, baina Nafarroa Garaian gertatuko denak sekulako garrantzi historikoa dauka. Eta asko poztuko naiz azkenean fundamenturik gabeko burutazio bitxia besterik ez bada, baina UPNko bi diputatu horiek niri loa kentzen hasiak dira.]]>
<![CDATA[Besteen Maltzagak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/020/001/2019-04-16/besteen_maltzagak.htm Tue, 16 Apr 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1891/020/001/2019-04-16/besteen_maltzagak.htm Enbata aldizkariari eskainitako elkarrizketa bat jotzen dute formulazio horren abiapuntu, gero urte luzez askoren ahotan egon dena. Adibidez, Maltzagako Aldarria eta Mahaia ezagutu genituen duela hamarkada bat inguru eta denbora askoan Maltzagatik izan zuen izena Argia aldizkariko zuzendari Xabier Letonak astero idatzitako artikulu interesgarri haien sailak.

Urrutiagoko intxaurretara begira, Brexitaren inguruan ikusten ari garenak Maltzagako ereduaren ahuldade eta gabeziak agerian uzten dituela aipatu zidan berriki euskal politikan urte asko emanak dituen buruzagi ohi batek. Erromantiko bezain inozoa dela gerorako gauza gehiegi lotu gabe uzten duen formulazio hori eta horregatik dagoela Erresuma Batuan asteotan dagoen anabasa. Ñabardurak ñabardura, antzeko bekatua ikusten dio Kataluniako independentismoaren baitan sortu den zatiketari ere. Gure artean egunen batean prozesu bat martxan jartzen bada oso kontuan hartzeko hutsuneak, adiskide zahar honen aburuz.

Testuinguru historiko eta politiko ezberdina lagun, baina bestelakoa izan zen Eskoziakoa. Han ere egon ziren sektore independentistak hainbat gai garrantzitsu beste fase baterako utzi nahi zituztenak, baina SNPk gidatutako prozesuaren baitan osatutako Liburu Zuriak zehaztasun maila handia eskaintzen zuen eta, errealismoz, oso gustukoak ez zituzten aferak onartu zituzten, monarkiarena kasurako. Pentsatzekoa da, beraz, galdeketa hartan baiezkoak irabazi izan balu, oztopoak oztopo, errazagoa izango zela independentziarako bidea gauzatzea.

Baina, zertarako galdu denbora kanpoko ereduak Maltzagarenarekin alderatu edota uztartzen, hemen dagoeneko Maltzaga hiltzat ematen bada?, galdetuko du norbaitek, hori baita gure artean azken urteotan dugun nobedade garrantzitsuenetako bat. Eta 1997an ELA izan bazen Gernikako Estatutua hiltzat eman zuena, sindikatu bera da hamarkada batzuk beranduago Monzonen ametsa bukatua dela gehien azpimarratzen duena, EAJri errua botatzen, noski, baina ezker abertzaleari ere errieta eginez jelkideekin akordioen bila tematzen delako. Ez da hor aldaketarik gauzatu Elorrietak esan (gogoratu bere liburua), Muñozek azpimarratu eta Lakuntzak iritsi berritan berretsi duenera.

Eta egia da, agian Xibertan bertan hil zen Maltzaga hura, jaio berritan. Edo Lizarra-Garazi hitzarmenaren hondarretan. Baina Maltzaga hor dago eta hortik pasatu beharko da. Kontua da hemen prozesu bat martxan jartzen bada, historikoki elkarrekin iriste hutsari eman zaion garrantzi sinbolikoari baino garrantzi handiagoa eman beharko zaizkiela eduki jakinei, geure Liburu Zuria idazteari, errealismoz proiektu eta proposamen bat lantzeari.

Baina egoera bitxi baten aurrean gaude. Batzuen ustez ez da unea prozesu independentista esplizitu bati ekiteko, ez dira baldintzak ematen, beste bide batzuk jorratu behar dira. Beste batzuek, ordea, ekin nahi diote ibilbide horri baina arazo bat dutelakoan nago, barka biezadate atrebentzia: gaur egun hainbat esparrutan mahai gainean dituzten proposamenekin ez dute inoiz hemen nahiko indar lortuko Europako txoko (nahiko) oparo honetan. Beste era batera esanda, gero eta gehiago entzuten dugun bezala, EAJrik gabe prozesuren bat martxan jarri nahi dutenek arrakasta izan nahi badute, gaur egun EAJk ordezkatzen duenarekiko oso gertu kokatu beharko dira euren proposamenekin. Paradoxa dramatikoa? Agian bai. Badakit euskal independentismoaren inguruan gaur egun teorizatzen ari direnak justu kontrakoa esaten ari direla, baina ez da hori nik ikusten dudana. Barka biezadate atrebentzia, diot bigarren aldiz.]]>
<![CDATA[Sokatiran]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1884/020/001/2019-04-02/sokatiran.htm Tue, 02 Apr 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1884/020/001/2019-04-02/sokatiran.htm
Irakurle honen gusturako, idazlearen susmo, irudipen eta hipotesi gehiegiz hornitutako liburua da hau —Ibarzabalen betiko estiloan, beraz, pentsatuko du norbaitek—, baina ez dio horrek baliorik kentzen. Sekulako ekarpena egin du donostiarrak, eta liburu ederra sortu, ezinbestekoa Ajuriagerrari buruz sakondu nahi duenarentzat. Bide batez, beste hainbat pertsonaiari eskainitako eztenkada maltzurrek ere erakargarri egiten dute testua.

Liburua bukatutakoan irakurle honek —eta inguruko beste batzuek— ateratako ondorioetako bat ez da bilbotarrari buruzkoa, ordea. Agirre lehendakaria ez duela oso toki onean uzten ondorioztatu dugu irakurketaren inguruko gure solasaldietan. Idazlea bera ere liburuaren azken orrialdeetan konturatzen da bere lanean zehar «nahi gabe» gehiegitan alderatu dituela Agirre eta Ajuriagerra eta bigarrena lehenengoaren gainetik baloratu duela («oraintxe jabetu naiz»). Haatik, nabarmenena ez da Ibarzabalentzat Ajuriagerra pertsonaia historiko garrantzitsuagoa izatea, liburuan zehar Agirre laudatzeko ematen dituen arrazoi bakanak baizik. Ez dakigu ez duen bat egiten lehendakariari buruz beste hainbat biografo eta historialarik idatzitakoekin edo ez duen liburu honetako protagonista nagusia ez den bati buruz gehiago sakontzeko beharrik ikusten, baina deigarria, oso deigarria, idazlearen maltzurkeriaren bat tarteko.

Sakonean klasiko baten aurrean gaude, euskal nazionalismoaren historian —zehazki, jelkideenean— izan zen sokatira honen irakurketa berri baten aurrean. 1937ko urtarrilean Bilboko kartzeletan izandako sarraskiekin hasi, Santoñakoarekin jarraitu eta hamarkadetako urteetako tirabirekin bukatu, ezagunak —eta onartuak— izan dira bi gizon handi hauen arteko ika-mikak eta banaketa ez beti dikotomikoak: alderdia-gobernua, britaniarrak-amerikarrak eta abar luzea. Baita EGI-EKIN-ETA aferan batak zein besteak (eta hauen ingurukoek) izan zuten jokaera ezberdina ere.

Klasikoa da, bai, baina kontua da iruditzen zaigula aspalditxo honetan askoz ere modu esplizitu eta gordinagoan ari direla azaleratzen sokatira hauek guztiak, agian denboraren igaroteak horrela ahalbidetzen duelako. Testuinguru honetan, benetan deigarria izan zen duela urte batzuk Pepe Mitxelenaren iloba Juan Jose Rekondo eta honen emazte Anne Mariek idatzitako liburu mardula, Agirre lehendakaria goresteko eta Ajuriagerrari sekulako egurra emateko profitatu zutena. Ibarzabalek aitortzen du liburu hau ere erabili duela berea osatzeko eta «bikaina» dela ere onartu du, baina aldi berean ezeztatu ere egiten du eta kontrako ikuspuntua eskaini rekondotarrek gauza askotan ziotenarekiko. Ez dut uste bi liburuen arteko ez hain ezkutuko sokatira ikusten bakarra izango naizenik.

Baina bitartean, Euskal Herriko Batzokietan jelkideak Agirre lehendakariaren eta Ajuriagerra burukidearen argazkiei begira, bata bestearen alboan, paretarik nagusienean jarriak. Berezko jakituria historikoaren jabe, sokatirak beste batzuentzat utzi eta ezberdintasun haiek natural-natural onartzen, euren buruak ez bataren ez bestearen aldeko hautua egitera behartu gabe. Besteak beste, horregatik dago alderdi hori sendo eta zutunik. Zutunik, Agirrek zin egin zezan Ajuriagerrak idatzi bezala.]]>
<![CDATA[Xiberta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/014/001/2019-03-19/xiberta.htm Tue, 19 Mar 2019 00:00:00 +0100 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1898/014/001/2019-03-19/xiberta.htm
Larrazabal txakolindegiko diskurtsoa edota lehenengo Aberri Eguna aipatuko dute batzuek; baita Agirre lehendakariaren aukeraketaren eguna ere. Lizarra-Garaziko akordioen eguna, Askatasunaren Ibilaldia, Txabi Etxeberrietaren heriotza... ez dira gutxi boteprontoan bururatzen zaizkigunak beste askorentzat mugarri izan daitezkeen artean. Baina, arrazoiak arrazoi, ez da erraza abertzaleen baitako familia guztiek erreparorik gabe onartuko luketen pare bat aukeratzea. Ezta Xibertako bilerena ere.

Irakurketa berriek —eta hauek bultzatutako lekukotza zaharragoen berrikusteek— eraman naute Xibertara, hainbat lekukotza zuzenek lagunduta. Burututako bidaian, ondorio garbi bat: arrakala handitzen doa 1977ko apirila eta maiatzean izandako bileren inguruan egiten diren irakurketen artean. Galdutako aukera historikoa izan zela berrestetik Angeluko hotel hartakoa gutxiestera dagoen zatia oso handia baita orduko protagonisten ahotan entzuteko.

Madrilera eginbehar berrietara joan aurretik Argalaren biografia utzi digu idatzia Mertxe Aizpuruak. Porrot mingotsa izan zela diosku usurbildarrak gaiari eskaini dion kapituluaren izenburutik hasita. Bide batez, ustez pistola batekin gertatu (ez) zen istorio ospetsuaren inguruko argitasunak ere ematen ditu. Normala denez, Argalak bilera haietan jokatutako paperaren berri ematen zaigu batez ere liburuan, baina oso garbi geratzen da Xibertari liburuan zehar ematen zaion garrantzi historikoa.

Batek espero zuena baino toki gutxiago eskaintzen dio Xibertari Pako Sudupek Telesforo Monzoni buruz idatzitako biografia gomendagarrian, baina hemen ere abertzaleen batasuna lortzeko ahaleginean izandako porrota azpimarratzen da. Jakina denez, bilera haietan Yoyesek jasotako aktak Mirentxu Purroy kazetariak zaindu zituen urte luzez eta 2011n Anai Arteak argitaratutako liburu batean gizarteari ezagutarazi. Purroy ere izan zen Xibertan —ez polemikarik gabe— eta aipatutako liburuan ematen duen testigantza oso gogorra da han ikusitako zenbait gauzarekin. Besteak beste, bilera haietako hainbat kideren gorrotoa eta handiustea aipatzen ditu eta zenbait erakundek bidali zituzten ordezkarien aukeraketa desegokia. Iritziak iritzi, bai Iruñeko kazetariak eta bai Anai Arteak Xibertakoari liburuaren bidez ematen dioten garrantzi historikoa izugarria da.

Beste ikuspuntu bateko jende asko ere badago, ordea. Elixabete Garmendiari eskainitako elkarrizketa liburu mamitsuan Xibertakoa «totum revolutum» bat izan zela esaten du Carlos Garaikoetxea lehendakariak, eta ordurako gauzatua zegoen haustura eszenifikatzea besterik ez zela izan. Ahalegin desmifitikatzaile nabarmena sumatzen zaio bere hitzetan eta horretan ez dago urruti Xibertan egon ziren jelkide batzuek esan izan dutenagatik, Juan Jose Pujana eta Joseba Azkarraga kasu.

Gordinagoa izan da Xibertan EIAko ordezkari gisa izan zen Iñaki Martínez, Gaizka Fernández Soldevillari historialari emandako testigantzan. Denbora irabaztea beste helbururik ez zuen mozorro-dantza bat besterik ez zela izan hura eta Monzon eta ETAm izan zirela hura serio hartu zuten bakarrak, gainerakoak itxurakeriak egiten ari ziren bitartean.

Bistan da, beraz, muturreko iritziak daudela Xibertan gertatutakoari buruz. Eta honek guztiak geure buruari galdetzera eramaten gaitu ea hain dokumentatua dagoen gertaera (historiko?) batetik bertan egondako lekukoek eta garaiko protagonistek hain irakurketa ezberdinak egiten badituzte, ea izan dezakegun itxaropenik gure artean azken hamarkadetan gertatutako gainerakoari buruzko gutxieneko adostasunik erdiesteko.]]>
<![CDATA[Urkulluren eskua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1889/024/001/2019-03-05/urkulluren_eskua.htm Tue, 05 Mar 2019 00:00:00 +0100 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1889/024/001/2019-03-05/urkulluren_eskua.htm proces-aren epaiketa. Honen baitan, ikusmin berezia sortu zuen gugan Urkullu lehendakariaren lekukotzak. Eta espero zitekeen bezala, oso balorazio ezberdinak entzun eta irakurri ahal izan genituen berak esandakoari buruz. Rajoyren bezperako gezurrak agerian utzi zituela azpimarratu zuten batzuek eta Puigdemonten negoziatzeko borondatea aldarrikatu zuela beste batzuek. Estatu espainiarraren aldeko ustezko bere betiko jarrerari eutsi ziola gogor salatu zuenik ere izan zen. Zenbat buru, hainbat aburu, beraz, gauza gehienetan bezala.

Hala ere, irudi batek hartu zuen egun hartan indarra, lehendakariak esandakoari ere itzal eginez. Labur dezagun: Gabriel Rufian katalanak bere deklarazioa bukatzerakoan auzipetu guztiei eman zien eskua aretotik ateratzerakoan, Santi Vila sailburu ohiari izan ezik; Urkullu lehendakariak Santi Vilari bakarrik, ez beste inori. Horiek dira datu objektiboak, ez dago zalantzarik, baina ezinbestekoa da ñabardura bat egitea, zintzo jokatu nahi badugu. Rufianek nahita egin zuen hori guztia, hori zen berak nahi zuen argazkia. Lehendakaria, ordea, inori eskua eman gabe zen ateratzekoa, baina azken lerroan zegoen Vilak luzatu zion eskua eta Urkulluk eman, beste edozeini egoera berean emango ziokeen bezala.

Baina askorentzat berdin du, ez dezala egiak argazki horrek eskaintzen duen pagotxa izorratu. Ordu gutxian Urkulluren eskua nagusi sareetan, eta denen gainetik, milaka pertsonaren bertxiotze, atsegin adierazpen eta iruzkin izan zituen bederatzi segundoko bideo bat twitterren, lehendakaria aretotik ateratzen eta Vilari eskua ematen erakusten duena. Bideoak, katalanez vergonya-ren (lotsaren) lehendakaria dela adierazten eta Euskal Herritik barkamena eskatzen mezua zuen lagun eta Paquita La Del Barrio mexikarraren abesti ezagunaren ondo aukeratutako bederatzi segundo ere bai: Rata inmunda, animal rastrero, escoria de la vida.

Ez dut Urkulluri botoa eman izanaren damurik, baina aldi berean ez dut inoiz ezkutatu nire iritzi kritikoa hain gustukoa ez dudan zerbait ikusi dudanean. Ororen gainetik, Kataluniarekiko bere zenbait jarrerak sortu dute kezka nigan, arkupe honetan bertan behin baino gehiagotan idatzi dudan bezala, Puigdemonti bisita egin ziezaiola eskatu nion hartan kasu. Eta Auzitegi Gorenean lehendakariak esandakoa oso zentzuzkoa iruditu bazitzaidan ere, erabat zilegi eta ulergarria da beste jende asko ez asebetetzea edota haserretzea. Hala adierazi zuten egun berean eta hurrengoetan gure politikari eta iritzi emaile askok, benetan aberasgarriak suertatu ziren adierazpen eta idatzietan. Kontua beste bat da, ordea.

Kontua da egia-ostea, gezur emotiboa, fake-a eta hori guztia denen ahotan darabilgun garaiotan, badirudiela horretan ere ez garela gu oasia eta ondo ikasten ari garela iritzi publikoa moldatzeko laburbide kezkagarri hauek hartzen. Gure hedabide eta unibertsitateetan gai honi buruz hurrengo aldiz hitz egiten denetan agian ez dute soilik Donald Trump, Steve Bannon, Albert Rivera edota urrutiko intxaurretara joan beharrik izango; ez dute soilik hemendik kanpoko gaiztoek egiten dituzten manipulazio ariketak adibide gisa jarri behar izango.

Agian norbaiti bururatuko zaio gure artean ere gertatzen direla horrelakoak. Adibidez, Urkullu lehendakariak (bi hankako arratoia, gorago aipatutako abestiaren arabera) areto hartan emandako zortzi urratsen ondoren pertsona batek luzatutako eskuari adeitasunez erantzun izanak —hobeto esanda, egoera horren erabilpen maltzurrak— milaka pertsona asaldatu zituela eta horietako askori barruan zuten gorrotoa aterarazi. Agian bai, baina iruditzen zait ez dela hori gertatuko.]]>
<![CDATA[Argazkiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2019-02-19/argazkiak.htm Tue, 19 Feb 2019 00:00:00 +0100 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2019-02-19/argazkiak.htm
Hogei urte zituen azken honek 2001eko apirilaren 29an gure historia politikoko beste argazki ospetsu bat atera zenean Donostiako Kursaalen. Nicolás Redondo Terreros eta Jaime Mayor Oreja elkarri eskua emanez Fernando Savaterren begiradapean, gehiegikeriaz jositako ekitaldian mezu nagusi batekin: bota dezagun Ibarretxe. Pentsatzekoa da, beraz, gogoratuko zuela Iván Redondok bere jaioterriko argazki hark izan zuen eragina Eusko Legebiltzarrerako maiatzeko hauteskunde haietan: sekulako mobilizazioa, Ibarretxe lehendakariaren garaipen historikoa eta Kursaaleko protagonisten porrota. Denek onartzen dute orain argazki hura eta hilabete haietan sortu zuten giroa etxekalte izan zela azkenean Ajuria Enera modu horretan iritsi nahi zutenentzat.

Zaila egiten zait argazki bien artean —egoera bien artean— parekotasunik ez aurkitzea. Eta zaila egiten zait emaitzetan ere antzerako fenomenoren batzuk gerta daitezkeela ez pentsatzea. Adibidez, orduan EA-EAJ koalizioak Euskal Herritarrok erdira eraman arte xurgatu bazuen, PSOEk ere puska ederra jango dio Podemosi apirilean. Erresistentziaren epika aktibatzea da Pedro Sanchezek esku artean daukan armarik indartsuena, maisuki erabiltzen dakiena, gainera. Etor daitekeenarekin izutzen hasiak direnak mobilizatu eta eskuin muturreko fuxinaren kontrako erantzuna berak bakarrik polarizatu. Ez du askoz ere gehiago behar emaitza onak lortzeko.

Irakurtzen eta entzuten ari naizenaren kontra, ez dut uste honek guztiak ez duenik higadurarik sortuko indar abertzaleen botoan. Lehen ere ikusiak gaude egoera bertsuak eta oraingoan ere askok uste baino gehiago gertatuko dela iruditzen zait niri. Kontua da, ordea, ea fenomeno horren inertziak hurrengo hilabetera arte iraungo lukeen, hori baita Sanchez eta Redondok hauteskundeak apirilean jarri izanaren beste arrazoi nagusia. Eta nik behintzat garrantzi handiagoa ematen diot faktore horri apirileko hauteskundeen emaitzei baino.

Emaitza onak izan arren, gobernua osatzeko gaitasunik ez badu berehala erakusten, Pedro Sanchezenak egin duela esango du askok, nahiz eta oposizioko buru jarrai lezakeen denboralditxo batez. Baina hauteskundeak irabazteaz gain gobernua osatzen badu, maiatzera bitartean olatu gainean ikusiko dugu, sekulako inertziarekin, agian apirilean «mailegu» gisa jasotako botoak berriz jasotzen eta berriak erakartzen. Eta hipotesi hori gauzatzen bada, gurean ere sekulako eragina izango du, inolako zalantzarik gabe, gaur egun burutik pasatzen ere ez zaizkigun emaitzekin hainbat tokitan.

Maiatzeko superigandearen hipotesia mahai gaineratu zenean, utikan! esan zuten ordezkari politiko abertzaleek, hauteskunde orokorrek gainerako hauteskundeak kutsatuko zituztelako, euren alderdi eta koalizioen kaltetan. Erantzun logikoa da, baina gaur egun ez daukat garbi kutsadura hori, eragin hori, ez ote den handiagoa izango hauteskunde orokorrak apirilean ospatuta. Eta ez dezagun ahaztu hainbat argazkitan agertzen diren maltzurrei aurre egiten eta garaitzen asmatzen duten politikariek ez dituztela gudu epiko horietan soilik argazkiko maltzurrak garaitzen.]]>
<![CDATA[Himnoak eta antzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/019/001/2019-02-05/himnoak_eta_antzak.htm Tue, 05 Feb 2019 00:00:00 +0100 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1891/019/001/2019-02-05/himnoak_eta_antzak.htm Desde Santurce a Bilbao izendatzearena) gogorazi digu pasarte hura ahaztuta geneukanoi.

Datagatik, iruditzen zait Oñatiko Unibertsitate zaharrean 1983an Herri Ardularitzaren Euskal Erakundearen irekiera ekitaldian izango zela lehenengo aldietakoa ofizialki jo zena. Herriko bandako zuzendariaren aita gerra irabazi zutenetakoa zen, eta Sestaoko bandako zuzendaritzatik ordurako jubilatuta, semearen agindupean tuba jotzen zuen. Gogorra egin zitzaion Eusko Abendaren Ereserki hura lehendakariaren aurrean jo beharra, eta azken unera arte saiatu zen Gernikako Arbola jotzen. Gogoan daukagu entsegu batean partiturak ere banatu zituela erdi ezkutuan, semearen haserrerako.

Gerrako oihartzuna dauka Pablo Solozabalen Deba martxa ezagunak ere, hasiera batean Madrileko euskal milizianoei 1936an eskainitako himnoa izan baitzen, lehenengo Eusko Indarra eta gero Euskadi Libre izenarekin bataiatua. Hogei urte beranduago bihurtu zuen donostiarrak gaur egun dena. Mendeku merkea da, baina bere jatorria ezagutzen zutenetako batzuek justizia poetikotzat hartzen zuten hasieran, doinu harekin herriko zenbait karlista eta frankista zahar gozatzen ikustea.

Berriki, Realaren eta Athleticen himnoak izan ditugu eztabaidagai gurean. Realaren letratik mutilak hitza ordezkatzea erabaki zen berdintasunaren izenean, eta Anoetan jendeak abestu ahal izateko erritmo motelagoa zuen bertsioa moldatzea. Zalaparta handia sortu zenez, azkenean zuzendaritzak atzera egin du eta berriz ere himnoaren erritmoa bizkortu. Zorionez, letraren aldaketan ez dira lehengora itzuli eta garbi geratu da oso gehiengo zabalaren babesa duela egindakoak.

Athleticenak hauts gehiago harrotu ditu, zalantzarik gabe. Eta neurri batean errudun ere sentitzen naiz, aurten, nolabait esatearren, sua piztu duen kazetariak nire aspaldiko idatzi bat hartu baitu abiapuntu, beste derbi baten atarian tronpa-soinuan idatzi nuena. Deseroso sentitu naiz hari horri tiraka sareetan irakurri ditudan zenbait gauzarekin. Egunkari honetan bertan, ostiralean Andoni Egañak esan zigun ez zaiola probintzien arteko kultur lapurren akusazioen bidea interesatzen eta himno horrekin gertatzen dena musikan oso ohikoak diren antzekotasunetan kokatu zuen, oker ez banago.

Beste gauza askotan bezala, asko zor diegu ansorenatarrei euskal musikan dauden antzekotasunei buruz egin duten ekarpenagatik. Jose Luis Ansorenak, adibidez, aspalditxo idatzi zuen Artolak Deuko, Olentzero buru handia eta Uno de enero... doinuen arteko antzekotasunari eta jatorriari buruz. Ber gauza Agur Jaunak ezagunari buruz. Beste Ansorena bati ere, Jose Ignaziori, irakurriak dizkiogu antzeko argibideak, XX. mende hasierako Azkue eta Gascueren arteko eztabaida sutsua gogoratuz, besteak beste.

Askorako ematen du, beraz, antzekotasunen gaiak musikan ere. Haatik, kontua da, nire uste apalean, eztabaidagai dugun Olaizola/Beobide/Bernaola musikarien himnoarekin gertatutakoa, antzekotasuna baino zerbait gehiago dela. Eta 1983 arte (kasualitatea, hau ere urte berean) milaka euskal musikarik sarri jotzen zuten doinu herrikoi bat, gauetik egunera futbol talde bateko himno bihurtu zutela. Ez dago ez Unidad Guipuzcoana sortu beharrik, ez Athletic gorrotatu beharrik, hura erabaki okerra izan zela pentsatzeko eta esateko.]]>
<![CDATA[Liderra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/020/001/2019-01-22/liderra.htm Tue, 22 Jan 2019 00:00:00 +0100 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1891/020/001/2019-01-22/liderra.htm
Izenburutik hasita, lidertzat hartzen du idazleak Garaikoetxea, baita liburuan zehar berari buruz hitz egiten duten pertsonek ere; aukeraketa ona, portzierto. Ez dugu uste inork lider izaera hori ukatuko dionik gure historia garaikideko protagonista honi, baina batzuk urrutiago joan izan gara, eta Agirre lehendakariaren ondorengo garrantzitsuenekotzat hartu izan dugu inolako zalantza izpirik gabe.

Liburu osoan zehar utzi ditu iruinxemeak ekarpen, iritzi eta informazio interesgarriak, baina bereziki batzuk egin zaizkigu deigarri. Hasteko, ulertzekoa da bere nahia gauzak behin betirako argitzekoa, baina iruditzen zaigu toki handiegia eskaintzen diola 1981eko otsailaren 23koan berak egin zuena azaltzeari, ez baitugu uste bere kontra maltzurkeria handiz sortutako esamesek inolako arrakastarik izan zutenik. Askoz ere interesgarriagoa iruditzen zaigu bai berak eta bai Koldo Amezketak nobela beltz bateko osagarriekin kontatzen dutena, ustez orduko Erregeak Garaikoetxea trabatik (Ajuriaeneatik) kentzeko egindako eskariaren inguruan. Benetan gai garrantzitsua, norbaitzuk argitu beharko luketena.

Gure historia hurbileko beste hainbat pasarteren inguruan dioena ere zinez da azpimarragarria. Batetik, Xibertakoa neurri batean desmitifikatzeko ahalegina sumatu diogu Elixabete Garmendiak «haustura historiko» hartaz galdetzen dionean. Haustura aurretik zetorrela eta Xibertako «totum revolutum» hura jada planteatuta zegoena eszenifikatzea besterik ez zela izan dio Garaikoetxeak, agian batzuei gustatuko ez zaien irakurketa eginez. Bestetik, sinesgaitzagoa egiten zaigu pentsatzea belauneko ebakuntza bat medio klinika batean egon izan ez balitz 1988ko Ajuriaeneko Ituna EAk ez zukeela sinatuko, erabakia bere oniritzirik gabe hartu zela, hain zuzen ere.

Izugarri gai potoloen alboan, bere bizitzako pasarte interesgarri asko ere badakar liburuak, batzuk oso barnekoak. Ezagutzen ez genuen bitxikeriaren batekin batera (Garaikoetxea eladioekin herriz herri hitzaldiak ematen), gurean nahiko ohikoa den akats bat ere badator bertan (zenbat aldiz ez dira nahastu Idaho eta Ohio izenak?). Duela hamazazpi urte idatzi zuen beste liburu hura ederki osatzen du Berria, Elkar eta Jakin-ek elkarlanean kaleratu duten ale eder honek.

Baina gehiagoren zain geratzen gara. Bere alderdian eta EH Bildu koalizioan ekarpenak egiten ikusi dugu Garaikoetxea, Demokrazia Bai bezalako ekimenetan ere bai, guztiak oraindik aktibo dagoen erakusle. Pilotari on gisa, azken liburu honetan ñaku politak utzi ditu, norbaitek jaso nahi baditu, eta haritik tiraka segi. Bere idazlan eta diskurtsoak ere bildu beharko dira. Eta oraindik erantzun ez dituen hainbat galdera deserosori ere erantzun beharko die noizbait gure protagonistak, historian zehar gertu izan dituen gehienek dagoeneko bere militantzia ez partekatzea ez duelako beti traizioak azaltzen.

Politika eta umorea nahasten dituen liburu baten egitasmoa aitortu dio Elixabete Garmendiari, nahiz eta stand-by-n dagoen. Iristen bada, hori ere gustuz irakurriko dugu, baina gure historia hurbilean izan den lider handienetakoa oraindik beste liburu askoren iturri izango delakoan gaude. Ezberdintasunak ezberdintasun, guztiek onartzen baitiote Carlos Garaikoetxeari lidergo hori eta Euskal Herriari eskaini dion lan nekaezina.]]>
<![CDATA[Erantzunik gabe]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/020/001/2019-01-08/erantzunik_gabe.htm Tue, 08 Jan 2019 00:00:00 +0100 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1898/020/001/2019-01-08/erantzunik_gabe.htm
Bere gogoeta zorrotz bezain gordina eskertu nion eta saiatu nintzen azaltzen oro har bertsu pentsatzen jarraitzen dudala. Neurri handi batean konforme nagoela gure agintariek erakundeetan egindako lanarekin eta ez dudala emandako botoaren damurik. Hori bai, bekatari, onartu nion alderdi edota erakunde baten gidaritzan ez egoteak arinkeriarako arriskua areagotu egiten duela. Baina onartzen hasita, batez ere onartu nion Kataluniakoak biluztu egin gaituela neurri batean eta erantzunik gabe utzi nauela hainbat aldiz. Eta, are okerragoa dena, erantzunik gabe sumatzen ditudala ardura politikoak dituztenetako asko, berebiziko garrantzia duten zenbait galdera mahaigaineratzen direnean.

Aurreko udan EHUk antolatutako ikastaro batean Ibarretxe lehendakariak galdera bota zien hizlariei: nola adosten da erreferendum bat, adostu behar duzun solaskidearen aulkia hutsik badago? Handik aste batzuetara idatzitako artikulu interesgarrian Juanjo Alvarez katedradunak zintzo onartu zuen erantzunik gabe gelditu zela galdera hura -bera zen hizlarietako bat-, nahiz eta artikulu horretan saiatu zen Ibarretxeren egarria asetzen.

Adibide bat da, Kataluniarako hemendik igortzen diren mezu eta aholku askoren ahuldadea erakusten duena, antzutasuna ez denean. Hitz egiteko, esertzeko, negoziatzeko, adosteko, keinuak egiteko... behin eta berriz luzatzen diren eskaerak iraingarriak ere gerta dakizkieke han, sarri ematen baitu ahaztu egiten dugula Kataluniako gehiengo zabalak 2004an hasita pazientzia infinituarekin egindako ibilbidea, zer eta hasieran estatutu berri bat onartzen saiatzeko. Eta naif kutsuko eskaera horien parean, eredu gisa jartzen dizkiegu Eskozia eta Quebec, eurek milaka aldiz aldarrikatu ez balituzte bezala.

Gehiengo handiagoen beharra azpimarratzen da behin eta berriz hemen Kataluniako independentismoak helburua lor dezan. Ez dago zalantzarik hala dela; han bertan ere onartzen dute base soziala handiagotu beharra dutela. Baina aldi berean batzuetan iruditzen zait azken heldulekua dela hori Kataluniakoarekin deseroso dauden hainbat euskal politikarientzat, galdera labainkorrak saihesteko balio duen heldulekua. Gainera, ahaztu egiten zaie dagoeneko Madrilen esana dutela askoz ere gehiengo zabalagoarekin ere ez litzatekeela ezer aldatuko.

Lehen ere esanak gaude ulertzen dugula EAJren nahia Kataluniakoak gurea ez zipriztintzeko. Are gehiago, asmatu ere egiten du, gurean dagoen giroaren irakurketa zuzena eginez. Baina horrek ez du esan nahi han gertatzen denarekiko dituen hainbat jarrerak kezkatzen ez gaituztenik. Benetan tristea da onartzea, baina egun proposatzen duena gainditua eta antzua dela jabetuta, erantzunik gabe dirauten galderei erantzutea da batzuok eskatzen duguna. Ibarretxe lehendakariak bota zuen bat ikastaro hartan eta ondo laburbiltzen du kezka: zer egin behar da fede onez, pazientzia mugagabez eta jarrera eraikitzailez proposatu den guztiari ateak itxi zaizkionean? Inoiz zilegi izango bada, zenbateko gehiengoarekin izango da zilegi aldebakarreko urratsak egitea Estatuaren erabateko itxikeriaren aurrean?

Gure etorkizunera begira ere ezinbesteko ariketa iruditzen zait hori, irristakorra izan arren. Bide batez, horrela jakingo dugu ustez gertukotzat ditugun hainbat buruzagi politiko benetan ditugun hain gertuko. Gai honetan bederen.]]>
<![CDATA[Selektiboak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/020/001/2018-12-11/selektiboak.htm Tue, 11 Dec 2018 00:00:00 +0100 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1890/020/001/2018-12-11/selektiboak.htm
Ibilbide honetan Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarraren gogoeta aberats batekin egin dut topo, arazoa pil-pilean zegoenean idatzia (kontrako plataforma eta kanpaina, elkarretaratzea...). Beste hainbat egia borobilekin batera, deigarria egin zait ikustea nola ohartarazten zuen Gorrotxategik apustuen inguruko jatorkeriaz, hau da, gure DNAn errotuak dauden pilotaleku, ahari-joko, loteria, porra eta abarrekin ez ikusiarena egin (edo onartu) eta kanpotik datozen joko-molde berriekin tematu. Alarma selektiboa deitu zion horri Urola Kostako Hitza-n egindako ekarpen hartan.

Ados nago alarma selektiboarenarekin, baina ñabardura batekin: iruditzen zait, bertakoa izan edo kanpotik ekarria izan, dagoeneko jokoa bera dela alarmaren lehen lerroan ezarria dagoena, eta selektiboak, oso selektiboak, izaten ari garela gure gazteengan sekulako kaltea egiten ari diren gainerako ohitura eta bizioei ematen ari garen garrantziarekin alderatuz.

Hamarkada luzez bizi izan da euskal pilota apustuei esker, baina gaur egun gure herriko pilotazaleren bat sarri ikusten badugu telebistan pilotalekuetako lehen lerroetan eta noizean behin behatza altxatzen, jakina da nolakoak izango diren txutxu-mutxuak, nahiz eta pilotazale horrek urtean zehar trabesetan diru gutxiago xahutu bere kuadrillako edozeinek bidaietan edota eskiatzen baino. Ohikoa ez den pilotalekuren baten gazte batzuek artekariari postura bat eskatzen badiote, zenbat dira mar-marrean jiratzen diren buruak? Geure buruari ezarri dizkiogun arauei jarraiki, gainera, kezkagarriagoa izango da jokatu dituzten hogeina euro horiena, gazte horiek gau osoan egingo dutena baino, auskalo zer. Eta apustu-etxe baten edota taberna bateko makinan txanpon gutxi batzuk jokatu nahi baduzu, hobe alde bietara begiratu, inork ludopatatzat har ez zaitzan.

Argi dezadan lehenbailehen ez dudala jokoaren arriskurik gutxietsi nahi, are gehiago apustu molde berriak indarrez ezartzen ari direnean, gazteengan eragin handiarekin gainera. Deustuko Unibertsitateak berriki aurkeztutako inkestan ederki ikusten da hori. Askoz ere neurri zorrotzagoak hartu beharko lituzkete erakundeek, inguratuta gauzkan publizitateari buruz, besteak beste. Internet eta makinak iritsi aurretik ere ezagutuak gara apustuek sortutako hondamendi izugarriak eta denon esku dago jokoaren ondorio kaltegarriei eraginkortasunez aurrea hartzea.

Tabernari batek berriki kontatu dit igande eguerdi batez bikote bat etorri zitzaiola, 17 urteko semeari apustu-makina bateko postura mesanotxean ikusita. Bertakoa izango zela onartu zien tabernariak, ohiko bezeroak zirelako mutila eta kuadrilla. Bikoteari esan edo ez esan egon zen eta azkenean ur handi horietan ez sartzea erabaki zuen, baina bere buruari egun osoan egon omen zen galdezka ea benetan guraso haiek pentsatzen zuten euro pare bat ordaindutako paper hura zela semearen arazo larriena.

Harrituta nauka ni honek guztiak. Azpeitian bezala, toki askotan ari dira zabaltzen apustu-etxeen kontrako protesta eta mobilizazioak. Zilegi da eta kasu askotan beharrezko ere bai jendearen kontzientziak astindu eta gizartea erne egon dadin. Nire apalean, uste dut badudala gure gaztediaren berri eta esan dezaket jokoarekin edota apustu-etxeekin arazoak dauzkan gazte bakoitzeko drogekin arazoak dauzkan hamarren berri badaukadala, dealerrak kalean lasai asko dabiltzan bitartean. Urteak dira ez dudala horren inguruko plataforma, kontzentrazio edota manifestazio baten berri izan. Sinetsi nahi nuke ez dela dagoeneko etsita gaudelako.]]>
<![CDATA[Junqueras]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2018-11-27/junqueras.htm Tue, 27 Nov 2018 00:00:00 +0100 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2018-11-27/junqueras.htm
Kontua da, betiko jarraitzaileen, losintxari berrien eta puzgailu maltzurren artean sortutako oriolzaletasun bat-bateko honek harrituta gauzkala hangoa jarraitzen dugunetariko asko, berarengan itxaropenak jarri dituztenen arrazoiak hain ezberdinak, hain kontrakoak, hain muturrekoak izaki, guztiz ezinezkoa delako denen goseak asetzea, baita Junquerasek ustez esan edota helarazi dien mezu guztiak egia izatea ere.

Adibidez, ezker abertzalea gogor kritikatzeko erabili zuen duela igande batzuk egunkari honetan Adolfo Muñozek prozesu subiranista bideratzeko Junquerasen modua, handik egun batzuetara ETBn Arkaitz Rodriguezek ironikoki gezurtatu ziona, Kataluniakoaren ibilbide politikoa errepasatuz. Abuztuan Iñigo Urkulluk bisita egin zionean bestelako irakurketak egin ziren, ordea. Lehendakariak bisita pribatua eta humanitarioa egin ziola argitu zen, baina askok azpimarratu zuten ustez Junquerasek ekin nahi duen bide paktistagoa babestu nahi izan zuela.

Horrela doa guztia. Badago Katalunian ezkerreko hiruko berria martxan jartzeko borondatea ikusi dionik; Pedro Sanchezekiko konfiantza erakusten duela sumatu dionik; independentziarena atzeratu nahi duela ere bai. Beno, hori guztia eta kontrakoa. Bistan da kartzelan egoteak ez duela laguntzen gauza hauek argitzen, baina egia da hainbat mediotan inoiz baino gehiago mimatzen dutela Junqueras. Katalunian urte asko daraman euskaldun batek maltzurki esan zidanez, Maltzaga bitxi bat dago martxan han: ken dezagun bistatik Puigdemont, eta gerokoak gero. Baina gerokoen artean bereziki, prozesu independentista lurperatzea.

Paradoxikoki, edo ez, alderdia bera da bere buruarekin zorrotzen jokatzen ari dena. Ekainean izandako konferentzia nazionalean bide-orria ia aho batez onartu zen, baina zuzendaritzak aurkeztutako ponentziarekiko aldaketa garrantzitsuak adostu ondoren, batez ere aldebakartasunaren aukera esplizitoki aipatzearena, militanteek ehunka zuzenketen bidez eskatu zutena. Pentsatzekoa da berriki alderdiko gazteek Vic-en izandako XXVIII. kongresuan onartutakoa ere ez zela izango Junqueras eta enparauengan aldaketa sakonagoak ikusi nahi dituztenen oso gustuko.

Inkestetan goian daude Junqueras eta bere alderdia. Baina ez dezagun ahaztu iaz ere horrela zela eta azkenean zer gertatu zen hauteskundeetan. Sakonean Puigdemont eta bere mugimendua behin eta berriz Covergenciaren birsortze huts gisa eta betiko zentro-eskuineko alderdi gisa ulertarazi nahia eta beharra- dago. Euren zoritxarrerako mugimendu hau ez dago askok irudikatu nahi duten tokian, besteak beste Kataluniako ezkerreko militante historiko (eta berri) asko ere bertan murgilduak daudelako. PDeCat-ekin dituen arazoak eta PDeCat-en baitan sortu dituenak- ezkutatu gabe, eta aldi berean bere irudiak izan dezakeen higadura ukatu gabe, ez dirudi Puigdemonten indarra gutxiesteko moduan gaudenik. Batasunaren alde egiten duenari ematen omen dio han askok botoa.

Bahituta, gatibu, baina olatuaren gainean daukagu politikoki Junqueras. Politikari handia da, garaipen garrantzitsuak lortuko dituena. Baina logika hutsa da azpimarratzea, orain bere garaipena opa duten guztien arrazoiak bateraezinak direla erabat epe luzeago batera. Nahiko nuke azkenean atsekabetzen direnak azken orduko laudatzaileak balira, gero eta ezkutaezinagoak diren arrazoiak medio gure protagonista puztu eta puztu ari direnak.]]>
<![CDATA[Etxe bat, bi talde]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/018/001/2018-11-13/etxe_bat_bi_talde.htm Tue, 13 Nov 2018 00:00:00 +0100 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1898/018/001/2018-11-13/etxe_bat_bi_talde.htm
Berrogeita lau urte lehenago, 1974an, beste talde handi bat iritsi zen etxe berera. Ez Afrikatik, Ameriketako Estatu Batuetatik baizik. Eta, aurtengo taldeak ez bezala, ez zuen batere harrera berorik izan, Bilboko aireportutik guardia zibilak eskolta emanda iritsi zirelako Oñatira. Aste batzuk lehenago, gainera, sei bonba ere jarri zituzten talde hark ikasturtea pasatu behar zuen etxe eta inguruetan. Norbaitek ETA aipatu izan badu ere, Jabier Zumalde, El Cabra-ren taldea izan zen, berak idatzia utzi duen bezala.

Laterandar Kanonigoek, Agustindarrek, eraikitako etxea da hizpide duguna. Hirurogeiko hamarkadako sekularizazio prozesuak ia bat-batean hutsik utzi zuena. Ordura arte Uztaritzen eta Arantzazun soilik udako egonaldiak egiten zituzten euskal jatorriko gazte amerikarrek, eta Oñatin jauzi berri bat egiteko aukera ikusi zuten antolatzaileek. Agustindarrentzat ere aproposa zen kontua, oraindik guztiz ordaindu gabe zuten etxetzar hura ordaintzeko.

Sekulako arazoak sortu ziren, ordea, egitasmoa gauzatzeko, 1972an lehen urratsak egin zirenetik. Herrian nagusitzen hasi zen susmo nagusia, CIAkoak zirela zetozenak eta dena agentzia horren estalkia zela Euskal Herrian muturra sartzeko. Ordurako Oñatin zebilen Shelma Huxley ere tartean sartu zuten teoria honen sortzaileek. Horrekin batera, gazte horien gurasoek lurrak erosi behar zituztela, eta enpresa susmagarriak ezarri. Droga kontuak eta sexu-ohiturenak ere denon ahotan. France Soir aldizkariko Roger Colombani kazetariaren erreportaje bat izan zen hautsak harrotzen gehien lagundu zuena, gero Espainiako Cambio 16 aldizkarian ere oihartzuna izan zuen arren.

Ezagutzen ari garen dokumentuei esker ohartzen gara zein zailak izan ziren garai haiek eta nola egon zen arriskuan ekimena. Telesforo Monzon izan zen bitartekari nagusienetakoa, baina gutun gogor baten bitartez hark ere garbi utzi zuen ulertzen zituela jendearen kezkak: «Ez da harritzekoa hainbat abertzalek pentsatzea herria egunen batean amerikar kolonia bihurtuko dela, frankismoaren edota beste gisako opresioen zerbitzura». Bermeak eta konpromisoak eskatzen zituen bergararrak proiektuak okerreko bidea har ez zezan. Antzerako eskaria egin zion Txillardegik Pat Bieter bultzatzaileari bidalitako beste gutun batean. Negoziazioaren eta eztabaidaren erdian Agustindarrak, azken orduan ia atzera bota zirenak: «Zer ibili zarete Iparraldean negoziatzen? Zer misterio dago zuen egitasmoan?».

Dena arriskuan zegoenean, talde hura etortzearen aldeko manifestu bat ere prestatu zen, azkenean argitaratu ez zena. «Gora Euskal Herria! Gora América!» bukatzen zuen, progresoaren alde eta moralismoaren kontra gogor jo ondoren. Bonbak bonba eta guardia zibilaren eskoltak eskolta, azkenean dena baretu zen, eta historikoa izan zen diasporatik egindako urrats hura, Oñatin bertan jarraipena izan zuena, beste formula batzuekin EHUk bere gain hartu arte.

Bitxia da. Euskal jatorriko talde batek etortzeko eta onartua izateko eduki zuen zailtasuna, eta, hamarkada batzuk beranduago, etxe berera iritsitakoan, Afrikako migrante talde batek izandako harrera beroa eta elkartasun nabarmena. Hainbeste berri ikaragarri ikusten dugun garaiotan, batzuetan pozerako betarik ere badago. Dagoeneko aitona-amona bihurtuta dauden Idaho eta Nevadako gazte haiek ikusiko balute afrikar hauei eskainitako berotasuna, irribarrez begiratuko lukete, CIAko agenteak omen zireneko garaiak gogoan.]]>
<![CDATA[Broadway Donostian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1889/020/001/2018-10-30/broadway_donostian.htm Tue, 30 Oct 2018 00:00:00 +0100 Iñaki Galdos Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1889/020/001/2018-10-30/broadway_donostian.htm
Ohituta gauzka horrelakoetara Gascok. Txakur bati zapia jartzen ez bada, Eurovision jaialdiaren eguneko argazki deskribaezinak -kitsch-ak agian?- izango dira, baina beti gugan horrelako erreakzio bat sortzen, algaratik auzo-lotsara doana; amorru edota errukizkoa ere bai batzuengan. Bada, iruditzen zait izugarri gustura egongo dela azken ateraldi honekin (ere) sortu duen saltsarekin, disfrutatu egiten duela inoiz botoa emango ez diotenen artean era honetako hautsak harrotzen.

Ez dakit azken udal hauteskundeen atarian askok espero zuten Eneko Goiak Juan Karlos Izagirreri irabaziko ziola, baina esango nuke inork ez zuela iragarriko Gascok ere orduan alkate zenari aurrea hartuko zionik, agian berak bakarrik. Baina argia da oso Donostiako sozialisten burua, hiria izugarri ondo ezagutzen duena eta emaitza onak lortzeko zer esan eta egin behar duen bikain dakiena. Ez beza inork pentsa gugan aipatutako erreakzioak sortzen dituzten gascokeriak ez daudenik ondo pentsatu eta neurtuak. Oso hanka-sartze larriak izan zituen bere twitter kontutik txiokatutako mezu onartezin batzuk zirela medio, baina ondo saihestu zituen, errua bere laguntzaile bati botata. Gobernuan egoteak ematen dizkion abantailak baliatu, baina komeni zaionean, inolako lotsarik gabe bere burua oposizioan kokatu. Horra hor, datorren urteko hauteskundeetarako ondo kokatuta utzi duen politikariaren errezeta, Donostian askok erraz erosten dizkioten proposamen eta jokamolde bitxiez lagundua.

Euskal Telebistako DantzanGo! programa izan dezake Gascok bere ametsa betetzeko abiapuntu egokia, Donostiako euskal Broadwayrako harrobia osatzeko alegia. Baina hori ere ez da erraza. Egunkari honetako bere Ekografia batean jaso zuenez, Lander Arretxeari Bartzelonako metroan donostiar batek esandakoaren antzerakoak esan dizkidate niri ere zenbaitzuek programa horri buruz, auzo-lotsarena lehenengo eta gure telebista publikoak horrelakoak ematearen inguruko kritikak ondoren. Nahiz eta behingoz gure nerabe eta gazteak euskaraz kontsumitzen jartzea lortzen ari diren horrelako eta antzerako programei esker. Onartzen dut gero eta harridura handiagoz ikusten dudala hainbat ekimenen inguruko jarrera hiperkritikoa.

Ulergarriak bezain eskergarriak dira gure erakundeen kultur politikei egindako kritikak, gure sortzaile askoren aldarrikapenak, ekimen batzuetan zein besteetan gastatzen diren diruen arteko diferentziagatik salaketak... baina aspaldion irakurtzen ari naizen hainbat gauza irakurrita iruditzen zait zenbat jarrera beste gauza bat direla, niri kezkagarria iruditzen zaidan ideologia baten fruitu. Duela ehun eta piku urte trenak hona akordeoi diatonikoa ekarri zuenean batzuek hura infernuko hauspoa zela esaten zuten bezala, infernu berriak aurkitu dituztela gure artean beste batzuek.

Datorren hilaren 18an botoa ematera joango gara Donostiako milaka hiritar, gure erabakitzeko eskubidea aldarrikatzera. Ernesto Gasco ez da joango, baina garbi izan beharko genuke egunen batean independentziaren atarian jartzen bagara izango dela Eurovisionzaleak, Broadwayzaleak ere alde daudelako eta Euskal Herri berri horretan MTVk eta Donostiako galdeketaren bezperan Durangon kantatuko duten Andy & Lucas-ek ere tokia izango dutelako. Inguruko gazteekin sermoilari izateko garaia agortu zait dagoeneko eta orain nahiago dut ulertzen saiatu ea zergatik gustatzen zaien gustatzen zaiena. Baina gustatzen zaien gehiena zaborra dela esaten jarraitzen badut, euren erantzunak entzutean areagotu egingo da nigan porrot handi baten aurrean egon gaitezkeen susmoa.]]>