<![CDATA[Iñaki Lasa Etura | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 09 Jun 2023 07:39:58 +0200 hourly 1 <![CDATA[Iñaki Lasa Etura | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[BIZIRIK SENTITZEA BERA]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1952/032/001/2019-11-24/bizirik_sentitzea_bera.htm Sun, 24 Nov 2019 00:00:00 +0100 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1952/032/001/2019-11-24/bizirik_sentitzea_bera.htm Gelaneuria abestiko hitzek inoiz baino hobeto azaltzen dute herenegun Nafarroa Arenan bizi izandakoa. Zinez zaila baita deskribatzen hirukotearen kontzertu amaieran uholdeka ateratzen ari zirenen aldartea. Sentimendu zirimola batean murgilduta, asimilatzen ari ziren oraindik bi ordu eta erdiz bizi izandako irri, negar, kirio, salto, bultzada, besarkada, oihu, txalo eta izerdia. Ekaitzaren osteko barealdian bezala, arima hustuta eta bihotza beteta ziren denak.

11.000 lagun bildu ziren Nafarroa Arenan (Iruñea), lepo ziren harmailak eta pista, eta horietako gehienentzat Berri Txarrak taldearen azken kontzertua zen ostiralekoa. Bi hamarkada eta erdiz bidaide izan duten taldeari agur esateko tenorea iritsi zitzaien. Eta ez oholtza gainekoek, ezta ikusleek ere, inork ez zuen gogoan izan larunbatean beste kontzertu bat zegoenik. Pasioa baita exijitzea zilegi den gutxieneko hori. Benetan azken kontzertua balitz bezala bizi izan zuten, akorde bakoitza eta estrofa bakoitza azkenekoa balitz bezala. Bizirik sentitzea bera, finean.

Letragile trebea izateaz gain, unean sentitzen duena definitzen ere abila da Gorka Urbizu. Kontzertu amaiera iristear zenean, esaldi batekin definitu zuen hirukoteak «geldialdi mugagabea» iragarri zuenetik bizi izan duten guztia. «Eskerrik asko. Benetan geratuko den hutsunea zuek guri utziko diguzuena da». Hala bizi baitute agurra zale askok, umezurtz geratzearen sentsazio batekin: «Eta min eman arte, zure falta izan». Baina, herenegun, konplizitatea gailendu zen, komunitate sentimendua. 1994. urtean elkartu ziren lehen aldiz Lekunberriko (Nafarroa) lau gazte Berri Txarrak izenarekin musika jotzeko gogoz, eta, 25 urte pasatu eta gero, milaka pertsonak osatzen dute Berri Txarrak unibertsoa. Bihotzak josita, komunitate horren erakusle zen Nafarroa Arena: nerabeak, gazte kuadrillak, bikoteak, gurasoak seme-alabekin... Batzuk hastapeneko Berri Txarrak diskotik izango dira zaleak; beste batzuek, ordea, Infrasoinuak-ekin ezagutu dute taldea. Denek egin zuten bat, lehen kontzertua zutenetik hogei alditik gora ikusi dutenetara.

Gelaneuria aukeratu zuten Ikusi arte agur birako azken bi kontzertuetako lehenengoari hasiera emateko. «Betiko zirudien, betirako amaitu da» hitzekin hasten dena, hain zuzen ere. Ezer ez da kasualitatea Gorka Urbizurekin, David Gonzalezekin eta Galder Izagirrerekin. Mende laurdeneko ibilbidea bi ordu eta erdian laburtzeko gai izan ziren, disko guztietako abestiak aukeratuta: Jaio.Musika.Hil-eko sei abesti, Libre-ren bost, Infrasoinuak, Denbora da poligrafo bakarra eta Eskuak/Ukabilak lanetako lau; Ikasten-eko hiru, Haria eta Payola diskoetako bi, maketatik eta Berri Txarrak albumetik berreskuratutako Tortura nonahi; 18/98ko makrosumarioko auzipetuei babesa emateko grabatutako Min hau eta KOP taldearekin sinatu zuten Sols el poble salva al poble.

Ohi duten bezala, El Columpio Asesino taldearen Toro abestia egokitu zuten Oreka abestiaren erdian, eta Irrien Lagunak gogoan izan zituzten, zale guztiak Riki Riki kantatzen eta dantzatzen jarrita. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen aurka Enrique Maia Iruñeko alkateak egindako zentsura salatu zuen Urbizuk: «Hemen gara Irrien Lagunak, eta baita adierazpen askatasunaren lagunak». Ez ziren izan abeslariak gogora ekarri zituen bakarrak. Elkartasuna adierazi zien Altsasuko gazte presoen gurasoei ere -etengabe entzun ziren Altsasukoen aldeko aldarriak-, eta haiei eskaini zien Zerbait asmatuko dugu abestia.

Belaunaldi berriei keinu

11.000 arima zutik haiei so zeudela taularatu ziren Berri Txarrak-eko hiru taldekideak, beltzez jantzita. Ordurako mukuru bete zen Nafarroa Arena, baina ez zen pilaketa handiegirik egon, oso goiz ireki baitzituzten ateak, nafarren kontzertua hasi baino hiru ordu eta erdi lehenago. Goiztiarrak izan ziren kontzertua lehen ilaretatik ikusi nahi zutenak, baina Nizuri Tazuneriren kontzertu hasieran ere erraz samarra zen pribilegiozko lekuren bat aurkitzea, harmailak pixkanaka betetzen ziren bitartean.

Plaza zaila zen herenegungoa trap bikotearentzat, zale guztiak hurrengo kontzertuaren zain zeudelako, eta gutxik ezagutuko zituztelako ziurrenik. Baina errealitate horren gainetik, aukera bikaina zuten rocketik urrun dagoen musika jendaurrean aurkezteko. Norzzone eta Fani zeuden oholtza gainean, Zazpi eta Musika ala hil diskoetan bildutako abestiak kantatzen, baina izan zitekeen euskaraz rap edo trap musika jorratzen duen beste edonor. Horren jabe izanik, haiei gorazarre egin zieten kontzertuaren erdian. Berriro ere, ezer ez da kasualitatea Berri Txarrak-ek hartutako erabakietan. Nizuri Tazuneri aukeratuta, keinu nabarmena egin zioten indarrean datozen belaunaldi berriei. Rockaren adar oparoak nagusi izan dira Euskal Herrian hamarkada luzez, baina zeinek daki zer ekarriko duen etorkizunak. Atzoko kontzerturako, ordea, urte mordoa kontzertuak ematen ibili den taldea gurtzeko baliatu zuten: Leihotikan-ek jo zuen hirukotearen aurretik.

Gelaneuria-rekin hasi zuen kontzertua Berri Txarrak-ek. Konturatzerako, ordubete igaro zen, eta jada hamazazpi abesti jo zituzten. Zale bati baino gehiagori irudituko zitzaion emanaldia, harea eskuen artetik bezala, ihes egiten ari zitzaiola. Energia handiarekin jo zuen hirukoteak, barrenak husteko asmoz. Horren adierazle David Gonzalezek agertoki erraldoiaren iskina batetik bestera egin zituen saio guztiak. Zenbat kilometro egingo zituen orotara? Edo Galder Izagirrek atabalei emandako kolpe bakoitza, edo Gorka Urbizuren akordeak eta melodiak.

Doinu gogorrenak, bisean

Zaleek lehen abestitik azkenera arte gozatu zuten, norberak bere erara. Izan zen kontzertua sakelakora iltzatuta egon zenik, argazki eta bideo bitartez une magiko hori betiereko bihurtu asmoz; izan zen gertukoei besarkada estuak emanez emozioak baretzen saiatu zenik; edo barruan zuen guztia, eztanda batean, pogo basatien bidez salto eta bultza askatu zuenik. Baina den-denek kantatu zuten uneren batean, altxa zituen besoak edo txaloka jarri, oholtza gaineko argibideei jarraituta. Une hunkigarriak ere izan ziren, Zertarako amestu? abestian oholtza izarrez bete zenean bezala, edo Maravillas-en izarpe hori areto osora hedatu zenean, sakelakoen argiari esker. 11.000 pertsonak arima bakarra ere osa dezakete une batzuetan.

Ordu eta erdiko emanaldiaren ondoren, atseden txiki bat hartu, eta indarberrituta taularatu zen taldea. Orduan jo zituzten doinurik gogorrenak, errenkadan, ekaitzari ekaitza eransten: Tortura nonnahi, Stereo, Betiko leloaren betiko leloa, Sols el poble salva al poble eta Ikusi arte. Urbizuk irribarrez azaldu zuen nola birako kontzertu gehienetan izan duten lagun talde bat Tortura nonnahi abestia eskatzeko afixa handi batekin. Ez zeuden, baina, kantua jotzeko erabakia hartu zuten kontzertuan. «Agian bihar [atzo] etorriko dira».

Bigarren atsedenaldiaren ondotik iritsi ziren azken abestiak. «Azken bi-hiru kantak geratzen dira. Gozatu», azaldu zuen Urbizuk. Hala egin zuten zaleek, arima urratu arte. Lau abestik itxi zuten emanaldia: Maravillas, Urbizurekin soilik, emozioz beteta; Ikasten, guztiak zutik jarrita; Katedral bat, unea definitzeko paregabeko letra duen kantua, eta Oihu, Berri Txarrak-en ereserki nagusia. Isiltasuna ozen entzun zitekeen kontzertu ostean.]]>
<![CDATA[Iraganetik datorren etorkizuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/037/001/2019-11-03/iraganetik_datorren_etorkizuna.htm Sun, 03 Nov 2019 00:00:00 +0100 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1944/037/001/2019-11-03/iraganetik_datorren_etorkizuna.htm
Iban Zalduak bikain deskribatu zuen nolakoa den Kraftwerken musika Biodiskografiak liburuaren ipuinetako batean: erritmo errepikakorrak, behin eta berriro. Autoban diskoan oinarrituta zegoen ipuina, bihurgunerik gabeko Alemaniako autobideetan inspiratutako diskoan -eta BEC bera ez al da, nolabait, bihurgunerik gabeko erakustazoka bat, pabiloi bat bestearen ondotik?-. Zalduaren ipuinak, baina, bazuen bihurgune bat, eta BIMEk ere izan zituen bihurguneak, eta denetariko estiloak.

Iraganetik dakar etorkizuna Kraftwerkek; duela hamarkada batzuetako estetikaduna baita haien futurismoa. Gaur egun bezala, roboten iraultza bolo-bolo zebilen garai hartan, eta nabaria da eragina. 1970eko eta 1980eko hainbat diskotako abestiak jo zituzten: Computer love, Autobahn, Trans Europa Express... Baita 2003ko Tour de France Soundtracks disko bikaineko doinuak berreskuratu ere. Urteak pasatu badira ere, Kraftwerken musika ez da zahartu.

Hiru urtean lehen aldiz

2016an BBK Live jaialdiko kartelburu gisa Kobetamendin aritu zirenetik, Euskal Herrian jo gabe zen Foals taldea. Bi lan berriak aurkeztu zituen Barakaldon, Everything Not Saved Vill Be Lost diskoaren lehen eta bigarren zatiak; azkenengoa, orain bi aste soilik argitaratua. Espero bezala, doinu berrietan oinarritu zuten emanaldia: interpretatutako hamasei abestien erdiak izan ziren berriak. Ibilbide hasierako math-rock kutsagarria alde batera utzita dute aspaldi, areto handiagoetan ohikoagoa den rockaren mesedetan. Hor dirau, baina, muin dantzagarriak. Aurreko kontzertuan ez bezala, oinak lurretik desitsatsi zituzten jarraitzaileek, erruz dantza egiteko. Kementsu aritu zen Yannis Philippakis une oro, eta behin baino gehiagotan jaitsi zen taula gainetik, zaleen beroaren bila. Kobetamendin aritu zirenean, batek baino gehiagok zalantzan jarri zuen ea kartelburu izateko adina maila zuten; BECen berriz, inor gutxik jarri zuen dudan, nahiz eta Kraftwerk talde mitikoarekin batera konpartitu oholtza.

Harribitxiak eskaini ohi dituen jaialdia da BIME Live. Ostiralekoan, Enric Montefuscorena izan zen ezustekorik atseginena, Montefuscori ezuste deitzea gehiegi bada ere. Standstilleko abeslari izandakoak bakarkako ibilbideari ekin zion taldearen ibilbidea amaitu zenean. Horrek ez du esan nahi, baina, bakarka aritzen denik, are gehiago, inoiz baino orkestralagoa da harenmusika, ondoan dituen musikarien lan onari esker. Rockarekin batera, herri musikatik gertu dauden doinuak jorratzen ditu, tronboiaren, biolinaren eta akordeoiaren laguntzarekin.

Bere bigarren lana aurkeztu zuen, Diagonal, eta disko horretako hainbat abesti jo zituen: Himno de Europa, Hermosa España... Berlangak eta Dalik onetsiko zituzten letra umoretsu, zorrotz eta surrealistak ontzen jarraitzen du Montefuscok. Standstill gogoan dutenek gozatu berezia hartu zuten ¿Por que me llamas a estas horas? eta Adelante, Bonaparte (I) abestiekin. Zaleen artean amaitu zuten kontzertua lau taldekideek, musika tresna denak desentxufatuta Quien abre camino abesten.

Doinuen antzokian

Musika proposamenik intimoenak Antzerkia gunean aritu ziren. Oholtza horretara igotzen azkenak izan ziren Morgan taldekoak. Emanaldiaren hasiera Foalsen kontzertuarekin batera egokitu bazen ere, jarraitzaile saldoa bildu zuen taldeak. Hego Euskal Herrian azkenaldian eskaini dituzten kontzerturik gehienetan saldu dituzte sarrera guztiak, eta ez da harritzekoa.

AEBetako sustraietara eraman zituzten entzuleak, Air eta North lanetako abestiak tartekatuta eta gazteleraz zein ingelesez abestuta. Kide paregabeak ditu alboan Nina abeslari eta pianistak, eta haren ahotsak zerbait berezia transmititzen du. Wilco taldea gogorarazi zuten, musika tresna bakoitza abestian txertatzen zenean helarazi zuten energiagatik. Daft Punken Loose Yourself to Dance-n bertsioa egitera animatu ziren, baina Sargento de hierro eta Marry You abestiekin jaso zuten txalo zaparradarik handiena. Zutik, txaloka, agurtu zituzten zaleek.

Amaia Romerok ere zale pila bat bildu zuen Antzerkian. Operacion Triunfo programan famatu egin ostean, izar bihurtu da iruindarra. Ukitzen duen oro urre bihurtzeko abilezia duela dirudi. Kritikaren oniritzia jaso du aurten argitaratu duen lehen lanak El relampago eta Quiero que vengas abestiei esker. Lorategi bihurtu zuen oholtza, lore zuriz beteta, eta emanaldi intimoa eskaini zuen. Hain eskarmentu txikia izateko, oso eroso igartzen zaio oholtzan.

Eskarmentu gehiago du Aitor Etxebarriak, Nihilism Part 1 diskoa lehen aldiz jo bazuen ere publikoaren aurrean. Estetika ilun batekin, kontzertu iradokitzailea egin zuen, bai soinu banden antzeko musika egitean aurretik grabatutako ahots eta guzti, baita une rockeroagoetan ere. Nick Cavek euskaldun bat zirudien mikrofonoa hartuta kantatzen jartzen zenean, musilkaki zein janzkeran.]]>
<![CDATA[Hemen dira etorkizunekoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/034/001/2019-09-15/hemen_dira_etorkizunekoak.htm Sun, 15 Sep 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1944/034/001/2019-09-15/hemen_dira_etorkizunekoak.htm
Bada, ostiralean, 19:00ak aldera, jende andana zebilen Lasarte-Oria (Gipuzkoa) eta Donostiako Hipodromoa elkartzen dituen zubia etenik gabe zeharkatzen. Hipodromo sarrerara iritsita, gaztetxoz betetako ilara luze samarra zegoen. Etorkizuneko entzuleak erakarri zituen jaialdiak. Ordurako amaitua zen Rukularen kontzertua, eta Ira rap taldearen azken akordeak entzun zitezkeen; eguneko lehen bi emanaldiak ziren.

Ordu laurden geroago, zale kopuru txukuna bildua zuen jada Lagrimas de Sangrek. Eta, tantaka-tantaka, jendetza baten aurrean eman zuen kontzertua. Ilunabarra baino ordu eta erdi lehenago. Batez besteko adina kostata izango zen 25 urtetik gorakoa, eta han ziren gehienek ezagutzen zituzten Kataluniako rap-reggae taldearen kantuen letrak. Goitik behera abestu eta dantzatu zituzten Buen viaje, Voy a celebrarlo, Cuando sale el sol, Quemar el mar... Rap arima badute ere, reggae doinu lasaiak jorratzen dituztenean funtzionatzen dute hobekien, eta horretan oinarritu zuten kontzertuaren zati nagusia.

Jaialdiz betetako oihanean, aurkitu du bere lekua Donostia Festibalak. Iazko bideari eutsi dio, doinu urbanoei nagusitasuna emanez, eta euskal taldeen presentzia bermatuta. Festibal atipikoa da Donostiakoa; txikia, baina bi ibilbide erabat desberdin egiteko aukera ematen duena: Herrialde Katalenetako eta Espainiako doinu urbanoena, batetik, eta areto txikietan eta gaztetxeetan ibili ohi diren euskal taldeena, bestetik —Bukowski eta Dabadaba aretoek aukeratu dituzte taldeok—. Kaskezur zen bigarren talde horretako bat. Bihar bertan argitaratuko duten Ihesi doaz animaliak diskoa aurkeztu zuten jendaurrean, Joseba Irazokiren Euria abestiaren bertsio eta guzti. Lisabo bezalako taldeen hezurdura badute ere, ez diote muzinik egiten melodiari. Zendu berri den Jon Barberena bertsolariari eskaini zioten kontzertua. Ez zen izan oholtza gaineko omenaldi bakarra; Iñigo Muguruza izan zuen gogoan Tremenda Jauriak. Dantzan jarri zuten jendea cumbia eta reggaeton erritmoekin.

Ordu berean jo zuten Natos y Waor rap bikoteak eta Rok. Lehenengoen alde egin zuten ia guztiek, baina Azkoitiko Matadeixen sortutako taldea ikustea erabaki zuten gutxiek post-rock kontzertu fin batez gozatu zuten, hipodromo azpiko harmailetan atondutako gunean. Kontzertuei dagokienez, ez zen izan ezuste handiko gaua; talde bakoitzak espero zena eman zuen. Hala, Joseba Irazokik —eta lagunek— argi utzi zuen zergatik den Zu al zara? iazko disko onenetako bat, eta zergatik moldatzen den gitarrista hain ondo oholtza gainean.

Festa nahiago

La Pegatinaren, Carolina Duranteren eta Mala Rodriguezen kontzertuak aurreikusten ziren jendetsuen, eta, hala izan bazen ere, egon zen alderik hiruren artean. Musika jaialdietan jotzen duten talde batzuek konfeti ikusgarriekin amaitu ohi dituzte emanaldiak. Bada, La Pegatinak lehen akordeekin batera askatu zuen lehen konfeti festa. Argia zen aldarria: ondo pasatzeko eta pasarazteko asmoa.

Kontzertu dibertigarria eskaini zuten, eta etengabe dantzatu eta abestu zuten zaleek. Lloverá y yo veré, Y volar... Euskal Herriko tabernetan maiz entzuten diren abestiak dira. Aski ezagunak. Xabi Solanorekin batera jo zuten No Tinc Remei, eta ederra izan zen bukaera: Alosque erdi-akustikoa eta Mari Carmen, oinak mugitzen jartzen dituen abesti puska.

Gauerdia zen artean, eta zale askok etxerako bidea hartu zuten. Halere, karpa ia betetzeko adina lagun bildu zituen Carolina Durantek. Las canciones de Juanita-rekin hasi zuten kontzertua, «ez dugu gaizki jotzen, atzo baino hobeto egiten dugu» leloa duen abestiarekin. Eta ez, ez zen izan gaueko kontzerturik onena, baina ezta beharrik ere. Distortsioan kiribildutako gitarra doinuetan eta erritmo zuzenetan oinarritu zuten 45 minutuko emanaldia. Kantuak ezagutu bai, baina ez zen berebiziko zalapartarik egon Cayetano iritsi arte. Azkena.

Ibilbideari erreparatuta, Mala Rodriguezek behar zuen kartelburu argia, baina, egiari zor, eta jendea bildu bazuen ere, erraz gertura zitekeen lehen ilaretara. Lau dantzarirekin eta koreografia zainduekin aritu zen, dena neurtuta. Espainian aitzindaria izan zen, rap abeslari gisa nabarmendu zen lehendabiziko emakumeetako bat izan baitzen. Eragin handia izan du Euskal Herriko hainbat rap abeslarirengan. Orain doinu horietatik zerbait aldendu bada ere, pop latinoaren mesedetan, ibilbide osoko kantuak jo zituen herenegungo kontzertuan: La niña eta Tengo un trato bereziki eskertu zituzten beteranoenek. Contigo-rekin itxi zuen, zaleak beste behin ere dantzan jarrita.]]>
<![CDATA[Ahaztuko ez den gaua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1902/034/001/2019-07-16/ahaztuko_ez_den_gaua.htm Tue, 16 Jul 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1902/034/001/2019-07-16/ahaztuko_ez_den_gaua.htm
Kobetamendira joandako guztiak beren lekua hartuta eta oholtzara begira zeuden 21:15 aldera, Berri Txarrak taula gainean noiz agertuko zain. Musika, baina, ez zen agertokiko bozgorailuetatik iritsi. Bat-batean, Broken Brothers Brass Banden haize instrumentuak entzun ziren publikoaren gunea segurtasun arrazoiengatik lau zatitan banatzen zuen lubaki erraldoitik. Hainbat abesti jo zituzten zaleen laguntzarekin: Katedral bat, Biziraun, Maravillas... oholtza gainean 11 taldekideak agertu arte.


Maravillas-en bertsio berezia osatu zuten Enrique Villarreal El Drogas-ek eta Gorka Urbizuk. Aritz Loiola / Foku.

Jarraian taularatu ziren Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre, beltzez jantzita, eta arratsaldeko lehen txalo zaparrada jaso zuten. Beude-rekin ekin zioten, Euskal Herriko hamaika antzoki eta gaztetxeri gorazarre egiten dien kantuarekin; Kobetamendiko zerutik, baina oinak lurrean. Arnasa hartzeko betarik gabe iritsi ziren Gelaneuria ederra eta Jaio.musika.hil., taldearen leitmotiva. Izena, izana eta ezina kantuaren «beti ilusioak eraberritzen» zatiak esanahi berezia hartu zuen ingurua mukuru betetzen zutenentzat, eta Spoiler!-ekin irri egin zuten denek.

Jurgi Ekiza (Willis Drummond, EraBatera...) izan zen Berri Txarrak-ekin batera abestu zuen lehen gonbidatua. Energia handiz eta jauzika aritu zen Ez dut nahi abestiak iraun zuen bitartean. Ikusleen arteko lehen pogo eta bultzakadak sortu zituen. Etsia eta Ez kateatu zituen, ondoren, hirukoteak, hurrengo gonbidatuari bidea eman aurretik. Musika mundutik bazter bizi bada ere, gonbidapena onartu zuen Deabruak Teilatuetan taldeko abeslari izandako Aritz Mendietak, eta Iraultza txikien asanblada kantatu zuen. Urteak pasatu badira ere, sasoiko jarraitzen du, eta ohi zuen bezala dantzatzen du oraindik ere.

Arnasa eskaini zuen Zertarako amestu-k, Libre eztandaren aurreko barealdia. Errekalde auzotik igo zen Kobetamendira Aiora Renteria, etxean profeta izateko. Etxetik urrun dagoen «Kubako iurretarraren» hitzak dituen Aspaldian utzitako zelda dotore abestu zuen Urbizurekin, eta, jarraian, Bisai berriak-ekin, kontzertuaren lehen zatiari amaiera eman.


Aspaldian utzitako zelda eta Bisai berriak kantatu zituen Zea Mayseko abeslari Aiora Renteriak. Aritz Loiola / Foku

Atsedenaldi txiki baten ondoren, Ricky Faulkner eta Marti Perarnau IV taularatu ziren Urbizurekin, Gonzalezekin eta Izagirrerekin. Helduleku guztiak EP-ko bost abesti jo zituzten, bata bestearen atzetik, eta teknikari dagokionez, emanaldiaren unerik onenetakoa izan zen, moldaketa aberasgarriak eskaini baitzituzten gitarrarekin eta teklatuarekin. Atmosferaz bete zuten Aditu bihurtuak, eta Urbizuk Tafallako bizilagunei eskaini zien Helduleku guztiak hunkigarria. La M.O.D.A. taldeko David Ruizek euskaraz kantatu zuen Lemak, aingurak, eta Kobetamendiko jarraitzaileek lotsaren aingurak hondoratu zituzten, dantzan egiteko. 26 segundotan eta Poligrafo bakarra izan ziren Faulknerrekin eta Perarnaurekin jo zituzten beste bi abestiak. Arratsaldeak ilunabarrari eta ilunabarrak gauari leku egin zion bost abesti horiek iraun zuten bitartean.

Saltoak eta malkoak

Ilargiaren begiradapean, 20.000 arima makurrarazi zituen David Gonzalezek -bere gurasoak barne-, Ikasten-en riff gogorrarekin denak saltoka jarri aurretik. Isiltzen banaiz abestiarekin jarraitu zuten, Iñaki Altolagirre Matxet-en txanda iritsi aurretik. Mundua begiratzeko leihoak jotzen hasi zen Berri Txarrak, baina Jousilouli eta NaizRoxa taldeetako abeslari izandakoak abestia geldiarazi zuen, Zirkua jotzera behartzeko, gaueko une basati eta zoroenean. Zaleen artean crowdsurfing egiten amaitu zuen. Ongi etorri Matxeten zirkura.

Bi ordukoa zen jada kontzertua, eta tarte horretan hainbat gonbidatu igo ziren nahiko jarraian Berri Txarrak-ekin kantatzera. Hasteko, Betiko leloaren betiko leloa jo zuten Facu Diazek eta Toni Mejiasek. Txukun moldatu zen bateriarekin Diaz, eta euskara eta gaztelera tartekatu zituen errimetan Mejias abeslariak. Eskuak abestian zerura begira zeuden 40.000 eskuek txaloka eztanda egin zuten unean taularatu zen Leire Iseo, eta ukitu berezia eman zion Biziraun bikainari.

Kobetamendiko emanaldiaren izaera bereziari buruz hitz egin zuen Urbizuk Zaldi zauritua jo aurretik. Zerbait asmatuko dugu eta Hitzen oinarri ahula-rekin jarraitu zuten, kontzertura AEBetatik espresuki bidaiatutako gonbidatua aurkeztu aurretik. Matt Sharpek esan zuen «oso pozik» zegoela, eta B letra zuten bi elastiko zituela azaldu zuen, horietako bigarrena Berri Txarrak-en omenez. The Rentals taldearen Friends of P. jo zuten lehenik, eta, zale askorentzat abesti ezezaguna bazen ere, doinu kutsakorreko pop pilulak efektua egin zuen. FAQ kantuarekin, konpetentzia egin zion Matxeten zoramenari. Urbizu airean altxatuta eta elastikoetako bat zaleei oparituta agurtu zuen oholtza.


Matt Sharp. The Rentalsekoak, bere taldearen abesti bat ez ezik, FAQ kantatu zuen, euskaraz. Aritz Loiola / Foku

Une berezi asko izan zituen kontzertuak, eta horietako bat izan zen Oreka kantuarena, Anari eta Karlos Osinaga Txap-ekin. Abestia bere eremura eraman zuen aurrena Anarik, lasai eta dotore; Urbizu kantatzen hasi zenean, erritmo klasikora itzuli ziren, eta Txapek distortsioa eta indarra eman zizkion, denek elkarrekin indarrak metatu arte. Kontzertu amaiera gerturatzen hasi zen Bueltatzen eta Zuri-rekin. Askok espero zuten unea iritsi zen ondoren: euskal musikako abeslari eta kantugile garrantzitsuenetako bi oholtza gainean, Gorka Urbizu eta Aitor Gorosabel. Su Ta Gar taldearen David eta Goliath jotzen hasi zen Berri Txarrak, eta punteoa iristear zela agertu zen Gorosabel, maisulana borobiltzeko. Horrekin konformatu ez, eta Oihu jo zuten elkarrekin. Une apoteosikoa.


Aitor Gorosabel. Su Ta Gar taldekoa oholtzara igo zenekoa izan zen une gogoangarrietako bat. Aritz Loiola / Foku.

Drive filmeko Nightcall abestia entzun zen bozgorailuetatik, Lekunberrikoen kontzertua amaitu zela iragarri ohi duena, baina ez zen pertsona bat bera ere mugitu bere lekutik. Ondo egin zuten, Nerea Urbizu arrebarekin batera oholtzaratu baitzen Gorka. Teklatuetan gonbidatua, eta gitarra akustikoarekin neba, Min hau abestu zuten, goxoki. Besarkada hunkigarria eman zioten elkarri. Azken gonbidatuaren txanda iritsi zen jarraian: Enrique Villareal El Drogas. Biak gitarrarekin, Maravillas abestiaren bertsio ederra egin zuten. Musika ere izan daiteke memoria historikoa, eta Maravillas Lambertorekin batera ahanzturaren zingiretan galdu direnak gogoratu zituzten. Gorriz tindatu zen pantaila erraldoia, guda galdu zutenei keinu eginez. BECen Marielle Francoren omenez egin bezala, telefonoaren argia pizteko eskatu zuen Urbizuk, eta malko bat edo beste isuri zen Kobetamendiko begietatik Argaren zilar uretara.


Sakelakoaren argiak piztuta lagundu zituzten musikariak zaleek kontzertu amaieran. Aritz Loiola / Foku.

Hiru abestirekin esan zuen agur Berri Txarrak-ek: Ikusi arte, Denak ez du balio eta Katedral bat. 20.000 irribarrekin eskertu zuten emanaldia zaleek. Zirrara berezia nabaritzen zen, elektrizitatea. Eta uholdeka Kobetamenditik ateratzen ziren bitartean, konturatu ziren sekula ez ahazteko zerbait bizi izan zutela.

]]>
<![CDATA[Aurreiritziak birrintzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/034/001/2019-07-14/aurreiritziak_birrintzen.htm Sun, 14 Jul 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1944/034/001/2019-07-14/aurreiritziak_birrintzen.htm
Sarrera guztiak salduta zeudela iragarri zuten antolatzaileek aldez aurretik, eta lepo bete zen Kobetamendi: 40.000 pertsona. Nabaritu zen jendetza, eta jaialdietako ohiko deserosotasun txikiak eragin zituen: ilara luzeagoak egon ziren oro har, eta ostegunean hain ondo ibili zen autobus zerbitzua saturatu egin zen puntako orduetan; kontzertu nagusiak amaitu ondoren, bereziki.

Ikusmin handia sortu zuten bi kartelburuek; zeresan handia eman baitute antolatzaileek iragarri zituztenetik. Badirudi Rosaliaren inguruan dena dela zuria ala beltza, erdibiderik gabe. Sutsuak dira haren jarraitzaileak: ateak ireki eta gutxira, lehen ilaretan eserita zeuden asko, bost orduko itxaronaldia egiteko prest. Baina sutsuagoak dira kataluniarra gorroto dutenak. Gorroto dutela esan bai, baina haren abesti guztiak entzun dituzte, eta ostiralean kontzertua ikusten ari ziren, jaialdiko beste eskaintzei muzin eginda. The Strokesen inguruan, rock talde horrek «aspaldi behea jo» duela esaten zuten askok. Bada, kontrako guztiak isilarazi zituzten biek ala biek, zuzeneko bikainekin.

Rosalia oholtza gainean agertu bezain pronto nabaritu zen zenbaterainoko estatusa duen jada: pop edo rock izar handienentzat soilik izaten den orro gorgarria entzun zen Kobetamendin barrena, lehen ilaratik azkenera iritsi zen olatua. Zoramena eragin zuten Pienso en tu mira abestiaren lehen estrofek, eta milaka eztarriren babesa izan zuen. Koroak eta esku zartak egiten zuen taldea zuen oholtzaren alde batera, El Guincho musika ekoizlea beste aldean, eta milimetrora neurtutako koreografiak egiten zituzten dantzariak ondoan.

Talentu handia du Rosaliak, eta erregistro ugari menderatzen ditu. Ileak tente jarri zituen a capella bat kantatu zuen Catalina abestiarekin, Las Grecas taldearen Te estoy amando locamente bertsionatu zuen, pop pilula ederra eskaini zuen James Blaken Barefoot in the Park abestean, reggaetona Con Altura-rekin eta Brillo-rekin iritsi zen, musika urbanoa Malamente eta Aute Cuture-rekin... Argitaratu berri duen Dios nos libre del dinero-ren runba doinuekin amaitu zuen emanaldia. Beyoncerekin alderatu zuten zenbaitek, eta, oraindik ere AEBetako divaren mailan ez badago ere, garbi dago marketina baino askoz gehiago dela Rosalia.

Denboraren makina

Denboran atzera egin zuen, ondoren, Kobetamendik, 2019tik 2006ra. The Strokes taldeak ahaztu egin zuen tartean dauden hamahiru urteak, eta beren lehen hiru lanetan oinarritu zuen kontzertu osoa. Zaleek gehien estimatzen dituzten diskoak: Is This It, Room on Fire eta First Impressions of Earth. Lan horietan dituzten ereserki gehienak jo zituzten, eta Rosaliak sortu zuen eromen bera eragin zuten. Julian Casablancas eta taldekideak hamabost minutu berandu igo arren taula gainera, lehen akordeekin barkatu zitzaien atzerapena.

New Yorkeko taldeak bi urte eman ditu kontzerturik jo gabe, aurtengo maiatzean itzuli ziren arte. Kritika zorrotz samarrak egin zizkieten orduan: gogo gabe jotzen zutela, ez zeudela sasoiko... Zalantzak berehala uxatu zituzten aukeratutako abesti zerrendarekin: Heart in a Cage, New York City Cops, Hard to Explain, Reptilia, Soma, Is This It, Last Nite... Gitarrakadaka lortutako garaipen argia. Rock musika ere dantza daiteke.

Kartelburuen itzalean geratu ziren gainontzeko taldeak, baina izan zen distira propioa izan zuenik ere. Badira une jakin batean ikusi behar diren taldeak, sasoiko daudenak. Hori da Idlesen kasua; gero eta ezagunagoak dira, eta denen ahotan daude. Eguneko kontzerturik basatiena eskaini zuten, punka, rocka eta posthardcorea nahieran nahastuta. Hooliganismo musikal zoroa. Diskoak Kobetamendin aurkeztera ohitu da Suede, baina The Blue Hour diskoko bi abesti soilik jo zituen Brett Andersonen taldeak, ibilbide osoaren errepasoa egiteko. Txundigarria izan zen Omar Souleymanen kontzertua ordu txikietan, bitxi-bitxia. Hankaz gora jarri zuen karpa Emirerrietako xekeak bezala jantzita, Siriako doinuak modaz pasatutako elektronikarekin uztartuta. Bollywoodeko film batean baino dantza gehiago egin zuen jendeak.

Brockhampton rap kolektiboaren ordu berean zuen emanaldia Anarik, eta zale kopuru polita bildu zuen bandak sarrerako agertokian. Kontzertu intimo baterako leku aproposa ez izan arren, musikaren eta hitzen bitartez areto txiki baten goxotasunera eraman zituen entzuleak, kulunka dotorean.]]>
<![CDATA[Nostalgiaren alde eta kontra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1996/028/001/2019-07-13/nostalgiaren_alde_eta_kontra.htm Sat, 13 Jul 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1996/028/001/2019-07-13/nostalgiaren_alde_eta_kontra.htm
Bigarren urtez jarraian jo zuen Gallagher anaietako batek jaialdian, eta bigarren urtez jarraian entzun ziren Oasis taldearen abestiak Kobetamendin, nostalgiaren bidezidorretatik. Noel izango da Manchesterreko taldearen abesti gehientsuenen doinuen eta letren egilea, baina, taula gainera igotzean, Liam da Oasis. Hari katigatuta geratzen da begirada. Horregatik, akaso, kartelburu gisa iritsi zen Bilbora Liam aurten, eta ez anaia iaz.

Rock 'n' Roll Star abestiarekin ekin zion kontzertuari. Bere asmoen adierazpen argia: «Gau honetan, rock & roll izarra naiz». Distira propioa baitu Gallagher anaietan gazteenak; ikaragarria da zein erraz betetzen duen oholtza hain berea duen harropuzkeriarekin eta abesteko duen modu bereziarekin: eskuak atzean jarrita eta gorputza aurrera eramanez mikrofonora hurbiltzeko, gora begira. Bera zen protagonista bakarra, eta pantaila erraldoiek haren aurpegia bilatu zuten une oro.

Jo zituen abestien erdiak baino gehiago izan ziren Oasisenak, eta ez edozein kantu, ereserki hutsak: Morning Glory, Cigarettes & Alcohol, Wonderwall, Supersonic, Champagne Supernova... Abesti berriek mailari eutsi zioten, iraganaz gain abeslari eta gitarristak oraindik ere esateko asko duen erakusle. Egia da errazkeria izan daitekeela nostalgiaren komodina hain lotsagabe erabiltzea, baina, irribarre batek urrea balio duen garaiotan, ederra da Kobetamendi karaoke erraldoi bihurtuta ikustea «and after all, you're my wonderwall» abesten. Askorentzat, kostata ahaztuko den bizipena baita. Oso emanaldi ona egin zuen Gallagherrek, baina bizpahiru abesti falta izan zitzaizkion gaua borobiltzeko.

Geruzetan galduta

Nostalgiatik gutxi izan zuen Thom Yorken Tomorrow's Modern Boxes proposamenak. Ia ariketa fisikoa izan zen hainbeste geruzen artean murgiltzea, Yorken ahotsak gidatuta. Ipurterre hutsa da, inkonformista, doinu berrien bila beti. Kobetamendiko kontzertuan ez zuen erraztasun askorik eman. Elektronika base trinko baten atzean babestu zen, etengabe abestiak eraikitzen eta deseraikitzen ariko balitz bezala; orain malenkoniatsu teklatuetan; orain baxuarekin erritmo hipnotikoak eskainiz...

Oholtza gainean disfrutatzen ari zela nabaritu zen, eta, akaso, hori da musikari bati exijitu dakiokeen gauza bakarra: sortzen ari den musikarekin disfrutatzea, egiazko zerbait eskaintzea. Interesgarria izan zen proposamena, nahiz eta zalantzaren bat eragin: Thom Yorke labeldun musika ez balitz, oharkabean igaroko zen ziurrenik. Zale guztiak ere ez zituen ase, eta neska talde bat aurpegi tristearekin joan zen kontzertu erdialdera, Radioheaden Creep ozen samar kantatuz.

Liam Gallagher eta Thom York izan ziren osteguneko izar nagusiak, baina askoz zabalagoa zen jaialdiaren eskaintza. Frustragarri samarrak izan ziren lehen orduak musika talde gehientsuenentzat; jende jarioa ikusi bai, baina kostata lortu zuten kontzertura erakartzea. Ataka hori bizi izan zuten ordu horretan jo zuten euskal taldeek. Izan ere, zale asko Basoa guneko gerizpean babestu ziren hasieran. Urterik urte indar gehiago hartzen ari da Bilboko BBK Live jaialdiaren eskaintza elektronikoa; arratsalde hasieratik dago jendea han, ez soilik gaueko ordu txikitan. Hala, eguneko lehen aldaka astintzeak iritsi ziren Miravalles disko jartzailearekin, Lasai agertokian.

Vetusta Morlaren kontzertua izan zen osteguneko lehen kontzertu jendetsua. Urteak pasatu dira Un día en el mundo diskoarekin zale andana liluratu zutenetik, eta,ordutik makina bat aldiz aritu dira Bilboko jaialdian. Baina, antza, jarraitzaileek lehen urtean bezala disfrutatzen dute haiekin. Ordu berean jo zuen Khruangbin hirukoteak, oholtza txikiago batean, eta haien eskaintza instrumentalak ikusle askoren arreta bereganatu zuen. Groove handiko riffak eta jazz erritmodun bateria. Eskertzen dira jaialdietako gidoitik ateratzen diren proposamenak.

Topikoak apurtzeaz hitz eginez gero, baina, ezinbestean aipatu behar da Baiuca. Hipnotikoa izan zen Galiziako doinu tradizionalak elektronika dotorearekin uztartzeko izan zuen abilezia: muñeirak, gaitak eta sample-ak. El_Txef_A Oreka TXren abestiekin jolasean ariko balitz bezala, baina galiziar erara.]]>
<![CDATA[Ilara handirik gabe hasi da BBK Live]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1873/028/001/2019-07-12/ilara_handirik_gabe_hasi_da_bbk_live.htm Fri, 12 Jul 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1873/028/001/2019-07-12/ilara_handirik_gabe_hasi_da_bbk_live.htm
Artean Kobetamendin jende gutxi zegoela hasi zen jaialdia, 17:00etan, Ketioven house doinu goxoekin. Hainbat euskal artistak ere arratsaldeko lehen orduan jo zuten —Sua, EraBatera, Belatz—, bai eta Derby Motoreta's Burrito Cachimba talde espainiarrak ere; horrek Agertoki Nagusian. Energia handia erakutsi zuen taldeak, eta bertaratutako zaleek ederki gozatu zuten, baina Kobetamendin ordu horretan zebilen jende gehiena eguzkitik ihesi zebilen, bero handia ez egin arren itzaletan erosoago egoten baitzen. Agian horregatik, Basoa oholtzaren inguruan pilatzen zen beste agertokietan baino jende gehiago.

Gauean zetozen artista nagusiak, eta horien artean Liam Gallagherrek piztu zuen arreta handien atzo. Baziren 17:00etarako Agertoki Nagusiko lehen lerroan lekua hartu zuten jarraitzaileak; Oasisen elastikoak, ordea, ez ziren asko arratsaldeko lehen orduetan. Gallagherren aurretik Vetusta Morla talde espainiarrak hartu zuen Agertoki Nagusia, eta beste oholtzetan, berriz, besteak beste, Sleaford Mods eta Thom Yorke Tomorrow's Modern Boxes aritu ziren.

Rosalia eta The Strokes

Gaur ere arratsaldeko lehen orduetan hasiko dira kontzertuak Kobetamendin. Olatz Salvador musikaria izango da oholtzaratzen lehenengoetakoa (17:30), eta jarraian, besteak beste, Oso Leone, Antifan, Mourn eta Second ariko dira. Iluntzen hasi baino lehen (20:50), Anari igoko da Txiki agertokira, eta ordubete geroago, Idles Bestean oholtzara.

Agertoki horretan bertan joko du Suede taldeak 00:10ean. 2013an itzuli zenetik, Brett Andersonen taldeak hiru disko argitaratu ditu; horien artean azkena iaz: The Blue Hour.

Agertoki Nagusian, berriz, gaueko bi izar nagusiak ariko dira. Lehendabizi, 23:00etan, Rosaliaren txanda izango da. Kantari kataluniarraren eskutik poparen, flamenkoaren eta musika urbanoaren arteko nahasketa entzungo da Kobetamendin. Goizaldeko ordu bat eta erdiak pasatuak direla hasiko da jotzen, berriz, jaialdiko beste izenik handienetako bat, The Strokes. 2001ean Is This It diskoarekin estreinatu zenetik, rock alternatiboa, garagea eta popa uztartu ditu New Yorkeko taldeak, eta azkeneko diskoa, Comedown Machine duela sei urte kaleratu bazuen ere, erreferente da oraindik du musikazale askorentzat.]]>
<![CDATA[Marijaia eta guzti]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1858/039/001/2018-10-28/marijaia_eta_guzti.htm Sun, 28 Oct 2018 00:00:00 +0200 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1858/039/001/2018-10-28/marijaia_eta_guzti.htm
Bitxitasun hori ere jaialdia osatu zuten taldeetan antzeman zitekeen. Ez zegoen besteengandik zeharo nabarmentzen zen kartelbururik. Aniztasuna izan zen nagusi ostiralean, garai bateko Aukeratu zure abentura motako liburu bat zirudien. Zer entzun nahi duzu? Musika elektronikoa? Ados, hor duzu Aphex Twin. Indierik? Editors. Zerbait intimoaren bila? Damien Jurado. Gitarra beharrean? Tori, ba, Slowdive. Yung Beef eta enparauen esku doinu urbanoak. Eusko labeldun BIMErik bai? Jakina: Belako, Vulk, Elena Setien...

Hain izan zen askotarikoa BIMEren lehen eguna, Marijaiak, Francok, Zapaterok, Esperanza Agirrek, Carles Puigdemontek eta Andoni Zubizarretak ere parte hartu baitzuten. Horiek eta beste hainbat agertu ziren Aphex Twinen kontzertu apurtzailearen proiekzioetan. Irlandarra zen eguneko erakarpen nagusietako bat, eta ez zuen hutsik egin. Hori bai, ez zuen erraztasunik eman; ez da neofitoentzako bazka. Belarriak entrenatu gabe dituztenentzat eltzekada bat babarrun afaltzea bezain astuna izango zen kontzertua: erritmo apurtuak, zarata asko, dantzarako tarte gutxi. Aphex Twinen unibertso lisergikoan sartzeko gai izan zirenek, baina, saria jaso zuten emanaldiak aurrera egin ahala. Su artifizialetan bezala, azken trakarako utzi zituen doinurik gogorrenak, baina, dantzagarrienak.

Oholtza horretan bizi izan ziren eguneko kontzerturik onenak. Aphex Twin baino ordu batzuk lehenago aritu ziren Slowdive eta Belako. Shoegaze-aren ikur nagusietako bat dira Ingalaterrakoak, talde mitikoa. Ia bi hamarkadako geldialdiaren ostean, 2014an itzuli ziren, eta disko bikain bat argitaratu zuten iaz: Slowdive. Shoegaze-aren gidalerro guztiak bete zituzten: zarata eta melodiaren arteko harmonia, pedal efektu saldoa, argi joko ederrak, atmosfera iradokitzaileak... bai, eta baita lurrera begira jotzea ere. Neil Halsteaden gainetik nabarmendu zen Rachel Goswell ahotsetan, hark eraman zuen aginte makila gehienetan. Kontzertu erdialdera txakalaldi bat izan bazuten ere, Sugar for the Pill abestiaren lehen akordeekin altxatu ziren, eta burrunba ozenean bukatu zuten, postrocketik asko zuen amaiera itzel batekin.

Belakok eman zuen eguneko kontzerturik gordinena eta basatiena. Mungiakoek helburu bakarra izan zuten hasieratik: BEC hankaz gora jartzea. Baita lortu ere, emanaldi zikin, zuzen eta gorgarri bati esker. Ukabilkada bat matrailezurrean. Teklatuaren melodiak aldez aurretik grabatuta ekarri zituzten, eta, hala, Cris Lizarraga abeslaria askatasun osoz aritu zen. Gazteak dira, baina beterano ugarik baino hobeto kontrolatzen dute oholtza. Render me Numb, Trivial Violence diskoko abestiak ez ezik, aurreko kantuak ere berreskuratu zituzten, emanaldi orekatuan.

«Ez dio axola»

Slowdiven eta Aphex Twinen artean jo zuen Editorsek. Aurten argitaratutako Violence diskoa aurkezten ari dira britainiarrak, eta abestien zerrendan eragina izan zuen horrek. Jendeak, hala ere, erantzun ona izan zuen, lan horrek izan duen harrera onaren seinale. Ohi bezala, ukitu ilun txiki bat duen pop elektronikoa eskaini zuten, sintetizadoreen laguntzarekin. Agerian geratu zen zaleen gogoko taldea dela, eskuak airean eta dantzan zebilen jende mordoa baitzegoen.

Ez zen berdina gertatu eguneko kontzerturik intimoenean. Gorabeheratsua izan zen, oso, Damien Juradoren kontzertua, Antzerkia agertokian. «Eskerrik asko erretzeagatik» ironiko batekin zuzendu zen lehen aldiz zaleengana. Deseroso egon zen une oro; horren adierazgarri, gehien errepikatu zuen esaldia: «It doesn't matter» (Berdin dio). Egia esan, denetarik gertatu zitzaion estatubatuarrari: zalaparta handiegia zegoen —eta horri haserrearen eraginez shhhh etengabeak egiten zituztenen zarata gehitu behar zaio—, gaizki ulertuak izan zituen soinu teknikariekin, oholtzaren atzeko zerbaitek arreta galararazi zion, abestiaren erritmoa galduta... Ez zegoen umoreko, ordulariari begiratu zion kanta bakoitza amaitu orduko, eta prest zuen abesti zerrenda aldatuz joan zen. Aldez edo moldez amaitu zuen kontzertua, eta agur esan gabe joan zen. Iragarlea izan zen abestutako azken estrofa: «I gotta go»; joan beharra daukat. Pena bat izan zen, musika jotzeaz arduratu zenean atsegina izan baitzen emanaldia, Josh Gordon gitarra jotzailearen laguntzarekin erritmo ederrak ondu zituen, eta ahots ederra duela erakutsi zuen.

Besterik ere izan zuen BIME Livek. Besteak beste, Rivers Cuomo berak sinatuko lituzkeen pop pilula itsasgarriak aurkeztu zituen The Magic Gangek, zale ugari bildu zituen John Mausek, Vulken postpunk doinuak txalotu zituzten zaleek, Elena Setienek kontzertu aparta eman zuen, eta kaiola baten gainean aritu zen Yung Beef.]]>
<![CDATA[Hip-hopa eta trapa, trostan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/034/001/2018-09-16/hip_hopa_eta_trapa_trostan.htm Sun, 16 Sep 2018 00:00:00 +0200 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1943/034/001/2018-09-16/hip_hopa_eta_trapa_trostan.htm
Norabide aldaketak eragina izan du hezurduran. Orain arte ohikoa izan da 40 urtetik gorako zaleak jaialdian ikustea: Jesus & Mary Chain, Dinosaur Jr. edo Yo La Tengo bezalako kartel buruek erakarrita. Aurten, baina, nabarmen gaztetu da batez besteko adina. Inoiz baino sarrera gehiago saldu dituzte antolatzaileek, gainera, eta horrek erakus dezake hurrengo urteetan jaialdiak hartuko duen norantza.

Nolanahi ere, ostiraleko lehenengo kontzertuek aurreko urteetako eskaintza gogorarazi zuten. Gitarra doinuak nagusitu ziren lehen emanaldietan. Albert Cavalierrek eta The Young Waitek zale gutxi bildu zituzten; asko kosta zitzaion jendeari kontzertuen eremuan sartzea. Lagun gehiago bildu zituen Cala Vento bikoteak. Haien abestiak entzuten hasi, eta berehala dator burura Nueva Vulcano. Artur Estradaren taldeak bezala, naturaltasun osoz gehitzen dizkiete pop melodiak post-hardcore doinuei. Une zaratatsuagoei muzinik egin gabe, melodia dute iparrorratza. Bikotea izanik —gitarra eta bateria—, hori bai, diskoan baino gordinago aritu ziren. Haien izena musika aldizkarietan lehen aldiz agertu zenetik, geroz eta izen handiagoa lortzen ari dira; eta, ziur, zale berriak poltsikoratuko zituzten ostiralean.

Horraino gitarra doinuen nagusitasuna. Joera hori apurtu zuen El Niño de Elchek. Izan ere, apurtu da haren kontzertua azaltzeko hitzik egokiena. Flamenkoaren ortodoxia pikutara bidali zuen Herrialde Katalenetako kantariak. Alkandora eta jaka sinean, eta gitarra eta piano jotzaile banaren laguntzarekin, farruka, tango eta runba doinuak eskaini zituen hasieran. «Musika erabat aproposa jaialdi baterako», esan zuen berak, ironiaz. Halako batean, baina, alkandora eta jaka erantzi, Loca del coño (Alutik pitzatuta) jartzen zuen kamisetarekin oholtzaratu, eta errotik aldatu zuen estiloa. Oinarri elektroniko baten gainean abesten hasi zen. Orroka, mikrofonoa ahoan, kakofoniko... Nahi zuen guztia egin zuen, punk talde askok baino basatiago. Jokoz kanpo utzi zituen asko, baina gainontzekoek txalo zaparrada ozenarekin agurtu zuten.

Belaunaldi talka

Bi kartelburu zituen ostiraleko afixak: Kase.O eta C. Tangana. Bi izar, bi belaunaldi, musika ulertzeko bi era. Ezinbestekoa zen bien arteko talka. Irabazlea? Aurreiritziak utzi, eta batarekin eta bestearekin disfrutatzeko gai dena.

Kase.O-rena izan zen ostiraleko lehen kontzertu benetan jendetsua. R de Rumbaren —dj lanetan— eta Momoren —bigarren ahotsa— laguntzarekin, hip-hop klasikoa jorratu zuen. Lehen abestiaren lehen estrofekin utzi zuen argi bere iritzia: «Gaur egungo musika historiako okerrena da / Erraza da niretzat zabor artean nabarmentzea». Errima zainduak, scratch-ak, parekidetasunaren eta errespetuaren aldeko mezuak... Abestien joan-etorriarekin, mende hasierara egin zuen jauzi batek baino gehiagok, nostalgia lagun. Izan bakarkako ibilbideko abestiekin zein Violadores del Versoko garaikoekin, letrak bikain ezagutzen zituzten askok. Musika eta errimak izan ziren emanaldiaren oinarria.

Espainiako rap musika underground-etik ateratzen lagundu zuten Kase.O-k eta beste hainbat sortzailek. Orain, ordea, trapak hartu du proposamen haren lekukoa. Aita hil, arauak ia errotik aldatu, eta bide berritik mainstream-era egin du jauzi: irrati-formulara. Trapa monarkikoa balitz, C. Tanganak eramango luke Espainiako koroa. Hark mugitzen du zale gehien. Kase.O-k belaunaldi berriari ziri egin zion bezala, C. Tanganak ere eztenkadaz erantzun zien aurreko belaunaldikoei: «Guk hil ditugu;goian beude!». Beste batzuetan baino ikuskizun soilagoa egin zuen madrildarrak: Ídolo jartzen zuen kartel koloretsu bat, ke kanoiak, eta, noizbehinka, emakumezko barra dantzari bi, amaierako konfeti festaz gain. Oholtza baten alde batetik bestera mugitu zen une oro, aldez aurretik grabatuta zituen oinarrien gainean abestuz. Ezkutatu gabeko playback-a lotsagabea izan zen; baina, egiari zor, lehen ilarak bete zituzten gaztetxoei ez zien axola. Musika ez da lehentasuna, ikuskizunaz gozatzeko tresna baizik. Eta, bai, ezin da zalantzan jarri C. Tanganaren abesti gehienak hit hutsak direla, pilula gozagarriak.

Bien artean jo zuen Nathy Peluso argentinarrak. Estilo ugari jorratu zituen oholtza gainean: soul, jazz, saltsa... eta haien gainean askatu zituen bere errimak, kantatzeko duen modu silabiko eta erritmiko bitxian. Rapak eta trapak erregeak baditu, emakumeek ere badute zer eta nola esan. Ozen eta argi. Ortodoxiarik ez, gora heterodoxia!]]>
<![CDATA[Oholtza betetzeko bi aukera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1883/034/001/2018-07-15/oholtza_betetzeko_bi_aukera.htm Sun, 15 Jul 2018 00:00:00 +0200 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1883/034/001/2018-07-15/oholtza_betetzeko_bi_aukera.htm gutxiago gehiago da aldarriaren adarrekoak batetik; eta musika egiteko oholtza jendearekin edo proiekzioekin betetzen dutenena bestetik. Biek ala biek, beren bidetik, zaleen onespena izan zuten, eta maila handiko jardunaldia izan zen ostiralekoa.

Azken orduko gonbidatua izan zuen BBK Live jaialdiak, ia urteroko agerraldi desorosoa: euria. Egun osoan mehatxuka eta zaleekin jolasean ibili ostean, The xx kartelburuen txanda zenean egin zuten azkenean eztanda hodei ilunek, ikuskizunaren lekuko izan nahi balute bezala. Blai eginda kontzertu bat ezin daitekeela goza pentsatu zuten batzuek; epikaren aitzakian irribarre behartua egin zuten besteek, desaxola. Beste behin ere, baina, musikak irabazi egin zion euriari.

Arazo teknikoak zirela tarteko, ordu erdi berandu hasi zen The xx-en emanaldia. Bost minutu nahikoa izan ziren atzerapena ahaztu eta gozatzen hasteko. Zenbat behar da jaialdi bateko agertoki nagusia betetzeko eta jarraitzaile guztiak patrikaratzeko? Ahots bat? Bi? Zenbat akorde? Ingalaterrako hirukotearen eskaintza minimalista da oso, baina sobera du emozioa. Gutxi behar dute entzuleak trantzean jartzeko. Romy eta Oliver abeslarien arteko ahots jokoak —txandaka, elkarrekin, bakoitza erritmo desberdin bat aldi berean kantatuz...—, Jamieren elektronika ukituek eta akorde progresio sinple baina dotoreak eguneko kontzerturik onenetakoa biribildu zuten. Gutxiago gehiago da filosofiari eutsita, baina ortodoxoriak gabe, Jamie xx-k abestiak elektronikarekin janzteko askatasun osoa baitu. Kontzertu itxiera ederra egin zuen Londresko hirukoteak: Shelter progresiboa, Loud Places bertsio dantzagarria, On Hold itsaskorra, Intro hipnotikoa eta Angels kulunkari eta ederra.

The xx-en trantzetik esnatzean, euria erruz egiten ari zuela jabetu ziren asko, eta korrika egin zuten karparen babesaren bila, Sophie DJa lanean ikusteko, eta David Byrne apur bat umezurtz uzteko. Baina euriak ere menia sinatu zuen halako batean, eta jendetza bildu zuen azkenerako Talking Headseko buru izandakoak. Zenbat pertsona behar dira agertokia betetzeko? Bada, hamabi, eskoziarraren iritziz. 66 urterekin, jaialdi osoko emanaldirik onenetakoa, dibertigarriena eta originalena egin zuen. Oholtzaren bi alboak eta atzealdea argiz beteta, kaiola baten barruan ziruditen, baina, hala ere, elektrotxaranga bat baino nomadagoak izan ziren hamabi kideak, alde batera eta bestera mugituz une oro. Bakarkako ibilbideko —American Utopia azken diskokoak bereziki— eta Talking Heads garaiko abestiak tartekatu zituen Byrne. Ezuste handia izan zen askorentzat —eskoziar musikaria ezuste gisa definitzea ausartegia baldin bada ere—; talde hasiberriek badute nora begiratu.

Oholtza betetzeko beste bidea aurkeztu zuen The Chemical Brothersek: proiekzio ikusgarriak. 1990eko hamarkada bukaerako eta mende hasierako musika elektronikoan iltzatuta badaude ere, gutxik funtzionatzen dute DJ bikoteak bezain ongi jaialdietako ordu txikietan. Dantzatoki erraldoi bihurtu zuten zaleek Kobetamendi, jada hamaika bider dantzatu dituzten Go, Hey Boy Hey Girl eta Galvanize bezalakoekin. Friendly Fireseekoek biribildu zuten The Chemical Brothersek hasitakoa.

Rocka bizirik dago

Arratsaldean, David Byrneren marka haustear izan ziren King Gizzard & The Lizard Wizard: zazpi musikari 1960-70eko rock psikodelikoa berritzen. Ohikoa da musikari batek bere azken diskoa aurkeztea jaialdietan, baina australiarrek bost lan zituzten aurkezteko, guztiak iaz argitaratuak. Hori da emankor izatea. King Gizzard & The Lizard Wizarden ardura izan zen jaialdiaren rock gogorraren kuota betetzea, Rockaren Nazioarteko Egunean —hala izendatu ei dute uztailaren 13a—, eta bizi-bizirik dagoela erakutsi zuten. Baita entzuleek ere, pogo handiak egin zituzten lehen ilaretan.

Gitarra doinuekin jarraituta, My Bloody Valentine txukun aritu ziren. Soinu horma altxa, eta pop melodiei muzin egiten ez dion rock zaratatsua eskaini zuten. Argi-jokoak eta proiekzioak bikain erabili zituzten. Bai, rocka bizirik dago, eta gitarrek bere lekua dute musika jaialdietan oraindik ere. Aipatutako bi kontzertu horien artean, Borrokan-ek jo zuen, sarrerako agertoki txikiago batean. Jaialdiko ordutegiek gehien erasandako taldeetako bat izan ziren, rockarekin lotura duten bi talderen artean jo baitzuten. Tamalez, ez ziren zale gehiegi Berako (Nafarroa) taldearen posthardcore zaindua entzutera.

Aurreko urteetan baino arrakasta txikiagoa izan dute agertoki txikiek, akaso, Basoa eta Lasai gune elektronikoak indartzeak zale asko hara animatu dituelako. Borrokan-ekin gertatutako bera pasatu baitzen Nunatak, Cecilia Payne eta Gengahrrekin: 30-100 zaleren aurrean jotzea. Ahozapore gozoa utzi zuen Espainiakoen indieak. Musika jaialdiak halako doinuekin beteta daudenean, atsegina izan zen tronpeta jotzaileak emandako bereizgarria. Bilboko eta Londreseko taldeek ere kontzertu onak eman zituzten, jarraitzaile berriak lortzeraino.]]>
<![CDATA[Udako inauteria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/028/001/2018-07-14/udako_inauteria.htm Sat, 14 Jul 2018 00:00:00 +0200 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1898/028/001/2018-07-14/udako_inauteria.htm
Halere, ostegunean behintzat ez ziren DJak edo elektronika taldeak nagusitu. Florence + The Machine zen erakarpen nagusietako bat, eta zaleak txunditu egin zituen Ingalaterrako taldeak. Ondo uztartzen dituzte jai giroko aldarri handinahiak —hit bikainak dira You Got The Love, Dog days are over eta What kind of man, esaterako— eta pop barrokoa. Florence Welch abeslariak ninfa baten itxura zuen oholtzan, zetazko soineko batekin eta hanka hutsik, Kobetamendiko parajearekin bat egin nahiko balu bezala. Welchek naturaltasuna transmititu zuen, gertutasuna, abesten zituen kantuak barrenetik sentituko balitu bezala, biluzita, iruzurrik gabe. Hunkituta zirudien, eta hunkiarazi egin zuen. High as Hope diskoa aurkeztu berri dute, baina ez zuten abesti berri gehiegi jo, eta zaleek eskertu zuten ezagutzen zituzten abestiak entzutea. Shake it Out ereserkiarekin amaitu zuten emanaldia, zale gehienak pozik utzita.

Desberdina izan zen Childish Gambinoren kontzertua. Welchenean naturaltasuna dena antzerkia da Donald Gloverrenean. Badaki zer egin behar duen, eta noiz eta nola egin behar dituen gauzak. Baina horrek ez du zertan txarra izan. Abeslari izatez gain, aktore ere bada, eta nabari da bateko eta besteko trikimailu guztiak menderatzen dituela. Etxeko sofan etzanda bezain eroso dago oholtza gainean. Haren izaera poliedrikoaren erakusle garbia da haren musika ere. Iturri askotatik edaten du, eta espero baino hobeto uztartzen ditu, gainera, nahasketa sinesgarri egiteraino. Gloverrek jolastu egiten du abestiekin: hasieran, James Brownen oinordeko fidela dirudi, soul eta funk doinuekin; gero, Drakeren erreinua dardarka jartzeko prest dago, trapa dotoreziaz jantzita. Childish Gambino gai izango litzake ura eta olioa nahasteko, hala beharko balu. This is America eta V. 3005 abestiekin egin da famatu, eta BBK Liven ere bi horiek izan ziren txalotuenak.

Festa-giro nahia

Egun berean 30 emanaldi baino gehiago daudenean, ia ezinezkoa da dezepziorik ez izatea. Itzal handiko taldea da Cigaretes After Sex, kritikaren eta zaleen loreak etengabe jaso dituzte, eta, noski, ikusmina sortu zuten. Baina Celia Cruzen mamua agertu zen Kobetamendin berriro. Ez da negarrik egin behar. Izan ere, normalean goibeltasunak ez du lekurik musika jaialdietan. Futbol partida bat 2-0 galtzen hastea bezala da, eta zama hori handiegia izan zen Brooklyngoentzat. Emanaldia linealegia izan zen; bazirudien abesti bera behin eta berriro errepikatzen ari zirela. Argi jokoek ere ez zuten asko lagundu. Sotiltasuna nahi zuten; foku zuri batek nabarmendu zuen Greg Gonzalez abeslaria, eta gainontzekoan iluntasuna zen nagusi. Areto batean ederra izango zena aspergarri bihurtu zen.

Baina Celia Cruz inoiz hezurmamitu bazen, Bomba Estereoren kontzertuan izan zen. Li Saumetek eta Simon Mejiak Kolonbiako sabrosura Euskal Herrira ekarri zuten. Bitxia da Bogotako taldearen kasua: herrialdean errotuta dauden doinu tropikalak —cumbia, champeta...— hartu, eta rockarekin, raparekin eta musika elektronikoarekin nahasten dituzte. Arcade Firerekin duten harreman estuak —elkarrekin biraren bat egin dute— mundu osoko musika jaialdietako ateak ireki dizkie. Espero bezala, festa giroa nagusitu zen Kolonbiakoen emanaldian, eta bat baino gehiago aldakak astintzera animatu zen Fuego, Soy yo eta Somos dos abestiekin. Dantzatuz, penak badoaz eta.

Ostegunak gehiagorako ere eman zuen: ordu berean jotzen zuten Alt-Jk eta Parquet Courtsek, eta, zale kopuruari erreparatuta lehenengoak irabazle izan baziren ere, karpa erdi betetzera iritsi zirenek disfrutatu egin zuten amerikarren rockarekin; Romy The XX taldeko abeslariak interesa piztu zuen. Lasai zegoen oholtzan —aurtengo berritasun nagusietako bat—, ordu erdi beranduago hasi arren; Basoa oihan bihurtu zen ordu txikietan, animalien maskara koloretsu eta guzti.

Aurretik, arratsalde partean, Temples izan zen zale dezente bildu zituen lehen taldea, baina horren aurretik Euskal Herriko hainbat taldek jo zuten. Inauteri guztietan bezala, lotsa desagertu aurretik lotsa dagoeneko hori da unerik zailena. Lehen orduetakoa. Lukiekek eta Rural Zombiesek jaialdia irekitzeko erronka zuten, besteak beste, eta, gogor saiatu arren, kostata astindu zituzten Kobetamendirako erromesaldiko goiztiarrenak. Gehienak tropelean igotzen ari ziren artean.

Gaur, jaialdiaren azkeneko egunean, Young Fathers, Noel Gallagher, Fischerspooner eta Gorillaz ariko dira, besteak beste. Bestalde, jaialdiko antolatzaileak hurrengo urterako lanean ari dira dagoeneko, eta han izango den lehenengo taldearen berri eman zuten atzo: Weezer.]]>
<![CDATA[Funanbulistaren kaleidoskopioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/032/001/2018-06-06/funanbulistaren_kaleidoskopioa.htm Wed, 06 Jun 2018 00:00:00 +0200 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1857/032/001/2018-06-06/funanbulistaren_kaleidoskopioa.htm
Kaleidoskopioaren metafora azaltzeko artista aproposik badago, Bjork da hura, zalantzarik gabe. Islandiarra zen aurtengo kartelburuetako bat, eta jada beste garai bateko oihartzunik ez badu ere, jendetza bildu zuen oholtza gainean, bere Utopia nola irudikatzen zuen ikusteko. Espero bezala, ikusgarria izan zen aurkeztutako unibertso bukoliko eta koloretsua. Unibertso paralelo batetik ekarritako oihana bihurtu zuen oholtza, eta maskara antzeko batekin agertu zen. Bjork ez da inoiz izan atzera begira zalea, eta Bartzelonako emanaldian gutxitan aldendu zen Utopia diskotik: Isobel, Human Behaviour eta gutxi gehiago.

Islandiarraren unibertsoa argitsu defini badaiteke, guztiz kontrakoa izan zen jarraian Nick Cavek eman zuen kontzertua. Eroritako aingeru baten gisa iritsi zen australiarra: ilun eta gordin. Predikatzaile batek bezala, bildutako fededunak sorgindu zituen Jesus Alone abestiaren lehen estrofetatik, The Bad Seeds taldearen laguntza ordainezina ondoan zuela. Zauri diren abestiak erraietatik kantatu zituen, eta taldekideen energiak are sinesgarritasun handiagoa eman zion emanaldiari. Leuntasunaren eta basakeriaren artean jolasean, jaialdiko kontzertu onenetako bat eman zuten. Akelarrean amaitu zuen kontzertua; 40 bat jarraitzaile oholtza gainera igoarazi zituen Cavek, eta haiek alboan zituela abestu zuen Push The Sky abestia, besarkada, izerdi eta selfie festan.

Australiarrak baino 30 urte gutxiago ditu Alex Turnerrek, baina hark bezain ongi menperatzen du oholtza. Bere belaunaldiko rock izarrik handiena da ziurrenik, eta beste behin ere erakutsi zuen horren zergatia. Halere, Arctic Monkeys taldeko abeslari eta liderrak crooner garaikidea bihurtzeko urratsa egin nahi du. Tranquility Base Hotel + Casino diskoarekin guztiz atzean utzi dituzte estreinako diskoetako erritmo frenetikoak, eta jakin-min handia zegoen halako norabide aldaketa zuzenean nola erakutsiko zuten ikusteko. Ezin daiteke gezurrik esan: entzunaldi gehiago behar ditu Sheffieldekoen seigarren lan luzeak. Abesti berriak guztiz sustraitu gabe daude zaleen artean, eta horrek eragina du zuzenekoan. Dena den, klasea sobera dutela erakutsi, eta gazitik baino, gozotik izan zuen gehiago kontzertuak.

Antzera gertatu zen The Nationalekin. Ahotsarekin justu antzean ibili zen Matt Berninger hasieratik, baina emanaldia aurrera ateratzea lortu zuen, eskarmentuari esker. Lehen baino elektronikoagoak dira amerikarrak, baina ez dute rocka bazter utzi, eta hor dirau epikak eta melodien progresioak. Father John Mistyk ere kontzertu txukuna egin zuen. Izugarrizko magnetismoa du Josh Tillmanek, eta, Bilbon aritu zenean baino lotuago ibili arren, arreta osoa bereganatu zuen kontzertua hasi eta berehala.

Betikoak eta berriak

Raparen eta bereziki traparen igoera nabarmendu da aurten —tartean Migos kartelburuak, nahiz eta azken unean kontzertua bertan behera gelditu—. Erritmo berriek gazteak gerturatu bazituzten ere, oraindik ez dute doinu klasikoen erakartze ahalmenik. Nolanahi ere freskotasuna eman zioten jaialdiari A$ap Rocky, C. Tangana, Vince Staples, Skepta eta abarrek.

Kontzertu gogoangarri ugari utzi ditu aurtengo Primavera Soundek, denak zerrendatzea ezinezkoa bada ere: Mogwai eskoziarren post-rock instrumentala, Ty Segall and The Freedom Banden psikodelia, The War on Drugs, Car Seat Headrest, Lorde, Jane Birkin, Charlotte Gainsbourg, Oumou Sangare...

Euskal Herriko musikaririk ere izan zen Primaveran. Mikel Laboaren doinuak moldatu zituzten Deloreanekoek; Fermin Muguruza The Suicide of Western Culture kolektiboko kideekin batera igo zen oholtza gainera; Vulk ohi bezain basati aritu ziren; La Bien Queridak pop pilula dotoreak oparitu zituen; eta Amaia Romerok hainbat bertsio ezagun jo zituen.]]>
<![CDATA[«Aitak badaki galdu egin duela nire haurtzaroa»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1798/004/001/2018-01-04/aitak_badaki_galdu_egin_duela_nire_haurtzaroa.htm Thu, 04 Jan 2018 00:00:00 +0100 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1798/004/001/2018-01-04/aitak_badaki_galdu_egin_duela_nire_haurtzaroa.htm
Zazpi urte zenituenetik, haur motxiladun. Zenbat kilometro egingo zenituen...

Zazpi urte nituenean atxilotu zuten aita. Parisen zegoen hasieran, eta hamar bat urte eman zituen han. Madrilen urtebete pasatxo bete zuen gero, eta orain Castellon daukate [Herrialde Katalanak], 500 kilometrora.

Ohitu egiten da bat hainbeste kilometro egitera?

Zazpi urte nituenetik nabil errepidean, eta bai, bat ohitu egiten da. Begira, aurreko batean Bartzelonara oporretan joan ginen, autoan. «Zein urruti!», zioten besteek, eta, niretzat, ez zegoen hain urruti. Ohitu egiten zara: badakizu hilabetean behin asteburu oso bat eskainiko diozula bisitari, kilometro ugari egingo dituzula.

Orain 23 urte dituzu, eta normaltasun osoz hitz egiten duzu egoeraz, baina horrek barneratze prozesu bat eskatuko zizuen. Ez du erraza izan behar.

Ez dut ondo oroitzen txikia nintzenekoa, baina gogorra da. Nire kasua, gainera, berezia da. El Salvadorren jaio nintzen, gerra garaian. Aita hara joan zen, militatzera, eta ama ezagutu zuen. Sei hilabete nituenean itzuli zen Euskal Herrira, «borrokan jarraitzera». Zazpi urte nituenean atxilotu zuten, eta orduan erabaki zuen amak hona etortzea bizitzera; bestela, ezingo zuen aita ikusi. Nire bizilekua aldatu zuen horrek, «gizon gaiztoek» kartzelan sartu zutelako aita, eta bisitatzera joan behar genuelako.

Nola azaldu zioten zazpi urteko neskato hari aita preso zuela? Haur baten logikan, gaizkileak daude kartzelan. Beraz, aita da gaiztoa? Edo preso dutenak?

Etxarri Aranatzera etorri ginen, eta, hemen, beti egon dira presoak. Bestelako ikuspegia dago, eta ez nuen aita gaiztoa izatearen irudipena. Lehen bisitan ama, aitona-amonak -aitaren gurasoak- eta ni joan ginen. Bigarren bisita bat zegoen, baina hura seme-alabentzat zen soilik, eta bakarrik sartu behar nuen. Emakume batekin utzi ninduten; nik ez nuen frantsesa ulertzen; kartzela barruan nengoen, bi orduz, bakarrik, aitarekin egoteko.

Oraindik ia ezagutzen ez zenuen aita ikusteko.

Aitak esan zidan bi orduak eserita eman nituela, jostailuekin, ia hitzik egin gabe. Ez dut oroitzen zer sentitu nuen, baina atera nintzenean esan nuen ez nuela berriro itzuli nahi kartzelara. Eta sei hilabete eman nituen joan gabe, lehengusuekin-eta bidaiatzen hasi arte. Bisita horiek galdu egin genituen; aitak nahi zituen, baina ez zuen pentsatu izutu egingo nintzenik.

Oso leku arrotza da kartzela, are gehiago haur batentzat...

Gizon gaiztoak ikusten nituen!

Eta zure hizkuntza hitz egiten ez zuen emakume gaizto batekin bakarrik utzi zintuzten.

Nire aita ikustera nindoan, bai, baina ez nuen ezagutzen orduan. Orain, bai.

Noiz hasi zinen egoera ulertzen?

Zazpi urterekin ez duzu ezer ulertzen, ez duzu ulertu behar zer gertatzen den Euskal Herrian, baina haziz zoazen heinean gaiari buruz hitz egiten hasten zara aitarekin.

Eta konturatzen zara etxetik gertuago kartzela ugari daudela, ez zenukeela zertan hainbeste kilometro egin. Amorrua sortzen al du horrek?

Bai, noski! Orain ulertzen duzu, baina txikitan… Ikastolako festara zoaz? Agian ez, bisita duzulako asteburuan.

Egoera noiz da bereziki gogorra, nerabezaroan?

Bai. Askotan esaten zidan aitak: «Nirekin haserretzen zara; ezin baduzu, nahiago dut ez etortzea, nirekin haserre egotea baino». Baina beti joaten nintzen. Orain, 23 urterekin, nik aukeratzen dut zein asteburutan joan; lehen, amak egiten zuen, eta agian ez zen konturatzen asteburu hori ez zela egokiena.

Sentizen zenuen amorru hori aitarekin askatzen zenuen?

Amak esaten dit astebete lehenago urduri nengoela jada. Baina, bai, haserrea aitarekin ordaintzen nuen.

Errudun sentitu zinen noizbait?

Ez dakit errua den, baina sentitzen duzu zerbait, bai.

Ez zinen Etxarri Aranatzeko haur motxiladun bakarra. Babesa ematen zizun horrek?

Hori da. Ikastolan guztiek zekiten, baina institutura joan nintzenean, pentsatu nuen ea irakasleei kontatu behar nien. Izan ere, bisitetatik igande gauean itzultzen ginen askotan, eta hurrengo egunean ez nintzen joaten klasera.

Gizarteak ba al daki benetan zenbaterainokoa den presoen senideen esfortzua bisita bakoitzean?

Jakin bai, baina bizi duzun arte ez duzu buruan izango. Jabetzen da, badaki sekulako esfortzua dela, baina gaiari buruz irakurtzean gogoratzen da. Ez du astebururo tetris bat egin behar erabakitzeko nor doan noiz, bisitak antolaten eta abar. Adibidez, kristalik gabeko familia bisitak hilabete lehenago eskatu behar dira Espainiako Estatuan. Baina, gero, agian, oso gaizki datorkizu egun hori...

Haur motxiladuna izateak eragiten du norberaren nortasunean?

Nik ez dut asko nabari, baina ez gara jabetzen zenbateraino eragin digun. Ez dakit desberdina izango nintzen hau gertatu ez balitz, baina seguru eragin handia izan zuela. Ez dakit nola adierazi, baina txikitatik ikasi duzu egoera berriei aurre egiten.

Haurtzaroa lapurtu dizuete?

Hein batean, bai. Aita, ama edo biak lapurtu dizkigute, denbora lapurtu digute, nekea, dirua… Oporrak bisitaren barruan aprobetxatzen genituen, eta Parisen egiten genituen. Gorrotoa diot Parisi. Egon naiz gehiagotan, eta ezin izan dut txipa aldatu.

ETAren armagabetzea izan zen arren, 500 kilometro egin behar dituzu aita ikusteko. 113 haur motxiladun daude oraindik. Nola ikusten duzu egoera?

Mendeku gisa. Izorratu nahi dute barruan dagoena, eta izorratu ahal izateko, senideak izorratzen dituzte. Aita Iruñean preso balego, niri ez zidan hainbeste eragingo. Haurrak tartean daudenean, zigorra gogorragoa da. Aitak badaki nire haurtzaroa galdu duela.]]>
<![CDATA[Aurrera begira, aurrera egiteko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1850/002/001/2017-12-09/aurrera_begira_aurrera_egiteko.htm Sat, 09 Dec 2017 00:00:00 +0100 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1850/002/001/2017-12-09/aurrera_begira_aurrera_egiteko.htm
Armak isildu dira, baina kartzelak ez dira hustu, eta lehen bezain garrantzitsua da presoen aferari heltzea. Hari mutur asko dituen soka bat da presoena, bere korapilo eta erritmoekin. Gaiari hari mutur desberdinetik heltzen badiote ere, ongi baino hobeto ezagutzen dute soka Urtzi Errazkinek (Etxerat), Emilie Martinek (Bagoaz), Inaxio Oiartzabalek (Sare) eta Teresa Todak (Foro Soziala). Bidelagun izan dira sarri, eta lan eskerga egin dute -eta egiten ari dira- korapiloak askatzen.

Betebehar horiek eragotzi dute, hain zuzen ere, lau eragileak elkartzea. Espetxe biran buru-belarri murgildu da Martin, eta atseden txiki bat hartu zuenean heldu zion lekukoari Errazkinek, Poitierseko etapan. Hala, Baionan bildu zen BERRIArekin Martin, Marseillatik itzuli berritan; hiru egun geroago elkartu ziren Oiartzabal, Errazkin eta Toda, Aieten (Donostia). Ez zen ausazko erabakia Aieten argazkiak ateratzea, sinbolismo handiko lekua baita. Era berean, ez zen kasualitatea izan Aieteko jauregia atzean uztea hirurek berehala, eta eraikinari sorbalda ematea. Adierazteko, nolabait, baietz, Aietek berebiziko garrantzia izan zuela, baina aurrera begira daudela, eta aurrera jarraitzeko pausoak ematen jarraitu behar dutela.

GAURKOARI BEGIRA



Parisen egingo dira urrats batzuk gaur. Frantzia mugiarazi nahian, haren bihotzeraino joango dira 10.000 euskal herritar, konponbidea lortzeko. «Bakearen alde arriskatzera». Handia izango da mobilizazioa, eta antolatzaileek behin eta berriro esan dute ez dela beste mobilizazio bat; oso garrantzitsua dela. Martinek, Bagoaz mugimenduko bozeramaileak ere, argi du gaurko egunaren garrantzia, eta zergatik den beharrezkoa parte hartzea. «Bake prozesua aitzinatzeko eta bake justu bat lortzeko joan behar dugu. Garrantzitsua da gure lurraldearen geroarentzat. Gatazkak jende anitz hunkitu du, eta denek dugu tokia manifestazio honetan eta bake prozesuaren barruan».

Herriaren borondatea sendoa dela erakutsi eta Frantzia mugiaraztea da helburua. Izan dira keinu batzuk orain arte, baina ez da urrats jakinik gauzatu. Ondorioz, zer espero daiteke, edo zer da Frantziari eskatu behar zaiona? «Epe motzean» etorri beharko luke presoen egoeraren desblokeatzeak, Martinen irudiko. «Ezin gara itxaroten egon. Parisko mobilizazioak ekarriko du Frantzia mugiaraztea. Oraingoz ez da ezer pasatu; Frantziako Estatuak ez du pausorik eman: zazpi DPS estatus kendu dituzte, baina hori lau ogi puska besterik ez da. Gehiago eskatzen da: presoak hurbiltzeko, baldintzapean aske uzteko, eri direnak askatzeko... Horiek erakutsiko lukete Frantzia aldatu dela. Horretan ari gara lanean. Lehen pauso horiek ukan arte, garrantzitsua da herriaren aktibazioa».

Toda, Foro Sozialeko presoen eta iheslarien gogoetabide prozesuko kidea, baikor dago gaurko egunarekin. «Oso erantzun polita» jaso da. Bakegileek deialdia planteatu duten moduari erreparatuta, «zerbait» datorrela uste du. Horregatik, ezinbestekotzat du gaurkoari babesa ematea. Foro Sozialaren hiru ardatzetako bat da gizartearen parte hartzea: «Manifestazioak jendarte zibilaren zutabea indartzeko balio du; ez da alferrikakoa». Frantziaren urratsak segur aski «pixkanaka» iritsiko direla uste du: «Ezin dugu pentsatu Frantziatik mirari bat iritsiko denik eta Mariano Rajoyren [Espainiako presidentea] eta Angel Yusteren [Espainiako Espetxeetako zuzendaria] konbertsioa eragingo duenik».

Bi epaiketari eman die garrantzia, benetako borondatea dagoen neurtzeko termometroa izan daitezkeelako. Batetik, Iratxe Sorzabalen kasua, zeinaren euroaginduaren inguruko epaia urtarrilaren 17ra arte atzeratu baitute. Todak begiz jo duen bigarren epaiketa Ibon Arginzonizena da. Espainian zigorra bete ondoren, Frantzian epaituko dute orain.

Apirilaren 8ko armagabetzera egin du salto, lehenik, Oiartzabalek, Sareko kideak. Baionako ekitaldia «beste bide bat» irekitzeko baliatu dela uste du, eta presoen gaiari heltzeko garaia dela orain. «Bakegileek lortu dute Frantziako Estatuan bide bat irekitzea, eta euskal gizartean ilusio puntu bat sortzea, sinestea izan gaitezkeela parte aktiboa konponbidera begira. Hori erakustera goaz Parisera. Horrek ekarriko du Frantziako Gobernuak ikustea aldaketa eskatzen duela gizarte honek».

Presoen senideen ikuspegitik begira, «izugarrizko garrantzia» du gaurkoak Errazkinentzat, Etxerat-eko bozeramailearentzat. «Bake prozesua bururaino eramateko konpromisoa erakusteko balio du gehienbat». Manifestazioa izaten ari den babesa kontuan hartuta, «egun historikoa» izan daitekeela uste du. Ez baitu edonolako sostengua jaso mobilizazioak: Ipar Euskal Herriko mila hautetsik babestu dute, Justizia Ministerioarekin bildu da ordezkaritza bat, Parisko Kontseiluak aho batez babestu du, erantzun ona izan du espetxeetako birak... «Ikusi dugu euskal gizarteaz gainera beste hainbat sektore inplikatzen hasi direla».

ESPETXEEN BIRA



Gaur amaituko da azken hiru asteetan Frantziako Estatua alderik alde zeharkatu duen espetxeetako bira, Parisen, mobilizazioarekin bat eginez. Hiriburuaren inguruko espetxeetan eman dituzte azken egunak, eta EPPK-ko bi mintzaiderekin hitz egin dute azken egunotan. «Beharrezko urratsak egiteko prest» azaldu dira presoen kolektiboko kideak. Aurretik, baina, eragile eta hautetsi ugarirekin biltzeko parada izan dute espetxeen biran aritu direnek. Bereziki, LDH Giza Eskubideen Ligako kideen babesa izan dute.

Biraren erdian «lehen balorazio positiboa» egin zuen Martinek. «Lortu dugu herriz herri programa txukuna antolatzea eta bertako eragileekin egotea». Hitzaldiak, prentsaurrekoak, dokumentalen proiekzioak eta abar egin dituzte. Presoen egoeraren inguruko interesa ikusi du Bagoaz-eko kideak. «Frantzian, jendeak gutxi daki euskal gatazkaz. ETAren armagabetzearekin, oihartzun handiagoa ukan du bake prozesuak, baina jendeak ez ditu sakonki ezagutzen gatazkaren muina eta ondorioak; anitzek ez zekien euskal presorik zegoenik bere herriaren ondoko kartzelan». Harridura ere sortu ei du jakiteak senideek asteburu oro hainbeste kilometro egiten dituztela. Errazkinek «sorpresa ona» hartu zuen Poitiersen astelehen gau buruzuri batean 120 pertsona ikustean. Todari adierazgarria egin zaio espetxe birak Frantzian izandako erantzun ona, eta Espainiaren jarrerarekin alderatu du. «Imajina dezagun antzeko zerbait Espainian: Guardia Zibila izango genuke espetxe atarian».

FRANTZIA MUGITU



Todaren alderaketak Espainiaz hitz egiteko aukera eman die beste bi mintzaideei. «Kutsatuta» dago, Oiartzabalen aburuz. «Estatuak normaltasunera eraman du presoen eskubideak urratzea, eta gizarteak barneratu egin du mezua». Ez da gauza bera gertatzen Frantzian, eta bidea «erraztu» egiten du horrek.

Frantziak salbuespen politikak bertan behera utziko balitu, senideen sufrimendua arinduko luke. «Parte bati eragingo lioke partikularki, baina asko lagunduko liguke psikologikoki», aitortu du Errazkinek. «Pauso errealak ikusteko beharra dugu, hitzetatik ekintzetara egiteko eta ilusio pixka bat sentitzeko. Urte asko daramagu sufritzen; guk ezin dugu iraganean hitz egin oraindik». Aukera bat ere ikusi du. Espetxe bira Mont-de-Marsango kartzelara ailegatu zenean, Vincent Bru diputatua hango zuzendaritzarekin bildu zen, eta jakinarazi zioten 51 leku libre dituztela. Frantzian 62 euskal preso daudela kontuan hartuta, eta Lannemezanen ere lekua dagoela ikusirik, borondate politikoa balego posible izango litzateke Frantziako Estatuko kartzeletan dauden presoak hurbiltzea. Martinen arabera, «atal teknikoa ez da arazoa: desblokeatu behar dena alde politikoa da».

Urrats jakinik gauzatu ez bada ere, baikorki ikusten dute Frantziaren jarrera. Justizia Ministerioak bilerak daudela jendaurrean aitortzea esanguratsua iruditu zaie. Adierazgarria da, era berean, En Marche alderdiko hainbat hautetsik gaurko manifestazioa babestu izana eta Europako Parlamentuan Bergeron txostenaren alde bozkatzea Frantziako eurodiputatu gehienek -Fronte Nazionalekoek salbu, gainontzeko denek-. Halere, «esparru guztiak dantzan» jarri behar direla nabarmendu du Martinek: «Aktibazioak eta herri mobilizazioak garrantzi handia du gobernua mugiarazteko».

ESPAINIA BAKARTU



Frantzia mugituko balitz, Espainia bakarrik geratuko litzateke salbuespen egoerak ezartzeko garaian, eta zaildu egingo lioke Europari entzungor egitea. «Apustua da Frantziako Estatua mugitzea, eta Espainiaren jarrera auzitan jartzea. Horrek eragina du: nola ulertu Europako ikuspegitik Frantzia mugitzen dela eta Espainia ez? Agerian geratuko litzateke». Alde horretatik, atentzioa eman dio Todari Espainiako Gobernuak asko hitz egin duela azkenaldian sakabanaketaz. «Zenbat adierazpen egin dituzte Zoidok [Juan Ignacio, Barne ministroa] eta Yustek Espainiaren jarrera indartzeko? Hori beste modu batera interpretatzen baduzu, segur aski kontziente dira zalantzan jartzen dituztela Europatik. Bergeron txostenak oihartzuna izango zuen Madrilgo bulegoetan».

Errazkinek gogora ekarri du espetxeak berez gizarteratzeko tresna direla, baina garbi dagoela Espainia ez dagoela horretan. «Zenbat eta min handiagoa, orduan eta hobe». Espetxe politikei so egin, eta «Mendebaldeko Turkia» gisa definitu du Oiartzabalek: «Espainiarekin presoekiko bizi dugun egoera irakurketa bakar batean uler daiteke: mendekua eta gorrotoa». Todaren aburuz, «kontzienteki» egiten diote entzungor Europari, nahiz eta jakin egunen batean men egin beharko diotela. Presoen eta senideen sufrimendua dakar horrek.

PRESO GAIXOAKETA 'HAUR MOTXILADUNAK'



Politikatik harago doa Espainiaren mendeku jarrera Errazkinen ustez, eta Ibon Iparragirreren kasua jarri du adibide gisa. «Epaileak espetxeko medikuari esan dio erabakitzeko zer egin Ibonekin. Medikuaren erantzuna da 'nik ez dut fardel hori neure gain hartuko'. Baina arazoa Ibon askatzea da! Arazoa ez da espetxean hiltzea!». Iparragirreren kasuan Espainiaren «krudelkeria» argi ikusten dela uste du. Errazkinek azaldu du 2011. urtera arte jarrera hobea zuela Espainiak, baina jarrera gogortu egin dela Josu Uribetxeberria baldintzapean aske geratu izanak Espainian eragindako ekaitz mediatikoaz geroztik eta ETAk borroka armatua utzi zuenetik.

Preso gaixoen gaia «bereziki mingarria» dela aitortu du Oiartzabalek, baina erakundeak eta eragileak elkartzeko balio izan duela. Pausoak eman dira Euskal Herrian, esku hartu dute Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Gobernuak, baina Espainiaren jarrera ez da aldatu. «Iritzi korronte bat eraiki behar dugu, jendea elkartu, Espainiari erakusteko ezin duela honekin jarraitu».

Sufrimenduaren beste aurpegietako bat haur motxiladunak dira. Berriki Sarek atera duen txostenean irakur daiteke nolakoa den egoera. 113 haur eta nerabek dute guraso bat edo biak kartzelan, eta horrek berekin dakar urduritasuna, estresa, asteburuan lagunei eta aisialdiari uko egin beharra...

PARISTIK BILBORA



Bilbon dago Parisi jarraipena emango dion katebegia. Manifestazioa antolatu du Sarek urtarrilaren 13rako. «Paris bezain garrantzitsua da Bilbo», azaldu du Oiartzabalek. Beste hiruek ere garrantzi handia eman diote Bilboko mobilizazioari. «Gizartea prest dago konponbidean murgiltzeko eta presoen egoera hau erabat amaitzeko», Sareko kidearen iritziz. «Jendarte aktiboa irudikatu behar dugu, bakearen artisau izan nahi duena. Haur motxiladunen gaiak protagonismoa izango du, eta egun osoko egitaraua egin asmo dute. «Parisera goaz, eta Bilbon ere egon behar dugu; biak lotu behar ditugu, orain presoen garaia baita».]]>
<![CDATA[«Egonkortasuna» lortzeko aurrekontua adostu dute EAJk eta PPk Araban]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1817/006/001/2017-12-08/egonkortasuna_lortzeko_aurrekontua_adostu_dute_eajk_eta_ppk_araban.htm Fri, 08 Dec 2017 00:00:00 +0100 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1817/006/001/2017-12-08/egonkortasuna_lortzeko_aurrekontua_adostu_dute_eajk_eta_ppk_araban.htm
Akordioa lortu arren, ez zuten agerraldi bateraturik egin bi aldeek. PP izan zen ados jarriak zirela jakinarazi zuen lehena. 12:45ean agertu zen prentsaren aurrean Ana Morales Arabako Batzar Nagusietako PPren bozeramailea. Pozarren mintzatu zen, akordioa arabarrentzat «oso positiboa» dela ziurtatuta: «Erantzukizunaren eta egonkortasunaren akordioa da», bozeramailearen arabera. EH Bilduri erasotzeko baliatu zuen agerraldia: «Porrot egin du EAJ-Bildu itunak, eta PPk ez ditu herritarrak ataka horretan utzi nahi izan». Ildo horri heldu zion hainbat aldiz: «Erradikalismotik aldentzen da [aurrekontua], eta pertsonengan eta haien ongizatean pentsatzen du».

Moralesek baino ordubete geroago hitz egin zuen Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak (EAJ). Hura ere pozik zegoen hirugarren urtez jarraian aurrekontuak bermatzea lortzeagatik. EAJren negoziatzeko ahalmena goratu zuen. Ez zuen baieztatu PPko bozeramaileak emandako zifra, baina zehaztu zuen bi alde dituela akordioak: batetik, diru sailak, eta, bestetik, lurralderako «berariazko zerga trataera». Ahaldun nagusiaren arabera, diputazioak «ez die uko egin» proiektu nagusiei. «Ez da diru sailik ezeztatu; PPren ekarpen positiboak gehitu dizkiogu».

Gonzalezen adierazpenak, nolanahi ere, ez datoz bat Moralesek esandakoarekin. PPren bozeramailearen arabera, aurrekontua «baldintzatzea» lortu dute: «180 graduko bira eman dute diputazioaren politikoek. Zergak jaisteaz gain, arabarren bizitza erraztuko duten politikak txertatzea lortu dugu». Euskal presoen aldeko elkarteek jasotzen dituzten diru laguntzak «atera» egin dituztela ziurtatu zuen. Aldiz, laguntza jasoko dute Miguel Angel Blanco fundazioak, AVTk eta Covitek.

Akordioari buruzko xehetasunak datorren astean emango dituzte bi aldeek: PPk, astelehenean, eta ahaldun nagusiak, asteartean, Diputatuen Kontseiluaren bileraren ostean.

EH Bilduk, osoko zuzenketa

Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, gutxiengoan agintzen dute jeltzaleek eta sozialistek Araban, eta beste alderdien babesa behar dute aurrekontuak kudeatzeko. Azken bi urteetan EH Bildu izan dute bidelagun, baina aldatu egin da egoera. Eusko Jaurlaritzako kontuek irauli dute. Izan ere, PPrekin adostu zuten zerga erreformak hurbildu egin du jeltzaleen eta popularren arteko jarrera. Aldiz, lehen baino urrunago du orain EH Bildu.

Hain zuzen ere, koalizioa oso kritikoa da Arabako Foru Aldundiak izandako bilakaerarekin. Osoko zuzenketa aurkeztuko dute horregatik. Jeltzaleek hartutako bidea gaitzetsi zuen, atzo, Kike Fernandez de Pinedo Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaileak. Argi adierazi zuen erabakia ez dela Araban hartu, «beste joko zelai batean», baizik. «Ahaldun nagusiari Sabin Etxetik inposatu diote zeinekin negoziatu behar zuen. PPrekin adostu behar zuela esan diote». Haren aburuz, politika neoliberalen garaipena da akordioa, eta Araba da galtzaile.

Foru aldundiko korapiloa askatzeak, baina, kontrako eragina izan dezake Arabako hiriburuan. Akordiorik ez zela egongo ziurtatu zuen Alfonso Alonso EAEko PPren presidenteak. Atzokoaren ondoren, EH Bilduk itxitzat eman du Gasteizko aurrekontuaren negoziazioa. Koalizioak «oso larritzat» jo du EAJk zerga erreforma eta aurrekontua PPrekin egitea lehenetsi izana. Elkarrizketei buruzko zehaztasunik eman ez arren, akordioren bat lortzeko hitz egiten jarraitzen du Gorka Urtaran alkatearen taldeak.]]>
<![CDATA[Bakegileen lana txalotu du Frantziako Justizia ministro ohiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1800/009/001/2017-12-01/bakegileen_lana_txalotu_du_frantziako_justizia_ministro_ohiak.htm Fri, 01 Dec 2017 00:00:00 +0100 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1800/009/001/2017-12-01/bakegileen_lana_txalotu_du_frantziako_justizia_ministro_ohiak.htm
Orduan esandakoa berretsi du, eta «bakearen alde arriskatzeko» prest agertu da. «Buruargitasunez egiten dugu, badakigulako bakeak etengabeko esfortzuak eskatzen dituela, elkarrizketa eskatzen duela». Ministro ohiak gogora ekarri du alor askotako jendeak bat egin duela, eta eskertu egin du eragile horiek guztiek egindako lana.

Abenduaren 9ko Parisko manifestazioa jasotzen ari den babes zabalaren azken adibidea da Pirinio Atlantikoetako Errepublika Martxan-ena. Emmanuel Macronen alderdiak ohar baten bitartez jakinarazi du sostengua.
 
 
Angel Yuste, Kongresuan

Bestelako erantzuna jaso dute Espainiako Kongresuan EH Bilduko, EAJko eta Elkarrekin Podemoseko parlamentariek. Angel Yuste Espetxeetako idazkari nagusiaren agerraldia baliatu dute Marian Beitialarrangoitiak, Mikel Legardak eta Eduardo Santosek urruntze politikaz, sakabanaketaz, larri dauden gaixoen egoeraz -Ibon Iparragirre aipatu dute bereziki-, Sara Majarenasen kasuaz eta zigorren batuketaz galdetzeko. Entzungor egin die eskaerei Yustek. «Legea bete», «Europaren bermea du urruntzeak» eta antzekoak erabili ditu. Majarenasen kasuan, administrazioa «aski sentibera» izan dela adierazi du.

Bien bitartean, abenduaren 9ko mobilizazioa babesteko eskatzeko gutunak idatzi dituzte hainbat euskal presok. Beste hainbatek baraualdiak egin dituzte Ibon Iparragirreren osasun egoeraren krudeltasuna salatzeko helburuarekin.

Bestalde, Europako Parlamentuko zazpi diputatuk Ondarroako presoaren egoera salatu dute, eta Iparragirre askatzeko eskatu.     ]]>
<![CDATA[Europako Parlamentua bidelagun nahi dute A-9ko sustatzaileek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1812/004/001/2017-11-29/europako_parlamentua_bidelagun_nahi_dute_a_9ko_sustatzaileek.htm Wed, 29 Nov 2017 00:00:00 +0100 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1812/004/001/2017-11-29/europako_parlamentua_bidelagun_nahi_dute_a_9ko_sustatzaileek.htm
Pozik amaitu zuen Funosasek. Elkarrizketa «biziki aberatsa» izan zela adierazi zion BERRIAri Bruselako trenetik jaitsi berritan. «Guretzat, inportantea zen A-9ra begira Bruselan hitz egitea eragile zibilek eta politikoek, ulertarazteko europarlamentariei zergatik goazen Parisera, haiek ere senti daitezen honen parte». Izan ere, prozesuaren bultzatzaileek hasieratik izan dute argi ezinbestekoa dela Europa prozesuaren parte bihurtzea: «Erraten duguna da guretzat bake prozesua ez dela soilik Euskal Herriaren afera, Europak ere badu zer esan. Horregatik, prozesua saretzen jarraitzen dugu». Parlamentuan ere egin zituen adierazpenak, Euskadi Irratian: «Badago aukera gauzak bururaino eramateko, eta denek dugu bide horretan zerbait ekartzeko».

Euskal Herriko egoera politikoaren berri eman zuten delegazioko kideek. Bake prozesuaren garapenak eragin dituen baldintzez jarduteaz gain, aurrera begira ere jarri ziren, europarlamentariak «sentsibilizatzeko» helburuarekin. Besteak beste, abenduaren 9an Parisen iraganen den mobilizazioaren berri eman zieten delegazioarekin bildu ziren hogei bat diputatuei. GUE, Berdeak/ALE, ECR eta ALDE taldeetakoak ziren parte hartu zuten politikari gehienak, baina Europako Alderdi Popularreko ordezkari bat ere izan zen: Alain Lamassoure frantziarra, hain zuzen ere. Eskari bat helarazi zieten: «Bake prozesua sostengatzeko». Gaiarekiko interesa nabaritu zien Funosasek: «Zentzuzko galderak egin dizkigute. Jarraitu dute egoera, eta oso garrantzitsutzat dute hautetsien eta eragile zibilen artean egiten ari garen elkarlana».

Brissonek sare sozialak erabili zituen atzokoaren berri emateko. «Europarlamentariei abenduaren 9ko Parisko manifestazioaren, Euskal Herriaren bake prozesuaren bilakaeraren eta presoen inguruan hautetsiek eta gizarte zibilak dituen eskarien berri emateko» joan zirela adierazi zuen. Poztu egin zen parlamentariek izandako erantzunarekin: «Oso adi entzun gaituzte. Bizikidetzara iristeko egindako bidaiaz hitz egin diet, eta Parisko mobilizazioaren zergatiez».

Flandriako N-VA alderdiko Mark Demesmaeker izan zen saioan parte hartu zuen europarlamentarietako bat, eta hark ere sare sozialen bitartez hedatu zuen berria: «Ipar Euskal Herriko ordezkari politiko eta sozialekin solasean: 'Bake iraunkorrak euskal presoen irtenbidea behar du'». Ez zen izan bakarra. EH Bilduko Josu Juaristi eurodiputatuak ere bide bera erabili zuen. «Elkarrekin egiten ari diren lana eta bidea nabarmentzeaz gain, abenduaren 9ko Parisko manifestazioaren garrantzia eta Europako Parlamentua bidelagun izatearen beharra nabarmendu dute Brissonek, Funosasek eta Mouescak europar diputatuen aurrean».

Azken bilkura publikoa

Abenduaren 9a zerumugan, bilkura publiko ugari egin dituzte bakegileek. Armagabetzeaz, bake prozesuaz eta Parisko elkarretaratzeaz hitz egin dute, besteak beste, hiriburuetan zein herri txikietan: Garindain, Donibane Lohizune, Hazparne, Donapaleu... Abenduaren 9aren gertutasunak behartuta, gaur egingo dute azken bilkura publikoa, hamabosgarrena. Herri enblematikoa aukeratu dute horretarako, «Euskal Herriaren historia aldatu duena»: Luhuso. 20:00etan izango da hitzaldia, herriko etxean.

Martine Bouchetek, Mixel Berhokoirigoinek eta Jeannot Lastirik parte hartuko dute. Horrez gain, Thomas Jacostenen La paix maintenant, une exigence populaire (Bake iraunkorra, herriaren eskaria) lana proiektatuko dute. Luhusora joateko deia egin dute antolatzaileek. ]]>
<![CDATA[Donostiako galdeketa, 2018ko udazkenean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2091/009/001/2017-11-24/donostiako_galdeketa_2018ko_udazkenean.htm Fri, 24 Nov 2017 00:00:00 +0100 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/2091/009/001/2017-11-24/donostiako_galdeketa_2018ko_udazkenean.htm
Zehaztu dute zein izango den hurrengo pausoa: sinadura bilketa. Zortzi bat mila atxikimendu lortu nahi dituzte abendu amaieran hasi eta apirilera bitarte: donostiarren %5. Udalaren arautegiaren arabera, aski da herritarren babesa %1,5 izatea —Gure Esku Dago-ren protokoloak %2 zehazten du—, baina, sinadura gehiago lortuz gero, zilegitasun handiagoa lortu nahi dute eragileek. Apirilerako zortzi milako langara iritsiz gero, galdera adosteko prozesua hasiko du Donostia Galdeketak.

Atxikimenduak lortzeaz gain, herritarren artean azaldu nahi dituzte galdeketaren nondik norakoak eta Gure Esku Dago-ren helburuak. «Denok argi eduki dezagun zertan eta zertarako ari garen». Horrela, «hamaika ekintza» gauzatuko dituzte 2018ko udazkenerako bidean. Aldaketarik ezean, Donostiako galdeketa ez da beste herriren batekin batera gertatuko.

Dinamika «handia» mugituko du Donostia Galdeketak, eta uste dute prozesuak aurrera egin ahala abiadura hartuko duela. «Esperantza dugu udaren ondoren gauzak indartuko direla». Hala, kazetarien galderei erantzunez, galdeketak %25eko parte hartzea izatea «oso emaitza ona» litzatekeela adierazi zuen Segurolak. «Gure kanpainak ez dira ohiko hauteskundeetakoak bezalakoak. Ahotsez ahotsekoa da gure lana. Gure ekintzak eginez adieraziko diogu Donostiako herriari zer dagoen».

Donostiarrei erabakitzeko eskubidea iritsi aurretik, Gure Esku Dago-k egin duen ibilbidearen hainbat puntu gogora ekarri zituzten Donostia Galdeketako kideek. Besteak beste, 150.000 lagun bildu zirela 2014ko azaroan Durango eta Iruñea erabakitze eskubidearen alde eta urte bereko azaroan Donostiako Zurriolako hondartzan mosaiko ikusgarri eta koloretsua osatu zutela 10.000 pertsonak, Eskoziako eta Kataluniako prozesuei babesa adierazteko.

Hilabeteak daramatzate talde bat sortzeko lanean donostiarrek. Iragan ekainean aurkeztu zuten galdeketa egiteko asmoa, eta orain gauzatu dute taldea. Atxikimendu zerrenda zabala du, dagoeneko, Donostia Galdeketak. Guztiek atzoko ekitaldian parte hartzerik izan ez bazuten ere, denen izenak irakurri zituzten: ELA, LAB, ESK, Steilas, EH Bildu, EAJ, Ahal Dugu, AEK, Ramon Agirre, Joxe Mari Agirresarobe, Garikoitz Azkue, Harkaitz Cano, Iñaki Egaña, Rafa Egiguren, Margot Etxeberri, Iker Etxeberria Aillon, Agustin Gajate, Josean Garzia, Beñat Gaztelumendi, Marije Gurrutxaga, Iñake Irastorza, Inaxio Kortabarria, J. R. Mendizabal, Ana Miranda, Ainhoa Olasagasti eta Dioni Urreisti.

30ean hitzaldia Zarautzen

Zarauzko (Gipuzkoa) Gure Esku Dago-k solasaldia antolatu du datorren ostegunerako. Hedabideek Kataluniako egungo testuinguruan daukaten egitekoaz ariko dira Salvador Cot El Mon agerkariko zuzendaria, Martxelo Otamendi BERRIA egunkariko zuzendaria eta Samara Velte BERRIA egunkariko kazetaria. 19:00etan izango da Hedabideak Kataluniako bidegurutzean: ikusle ala bermatzaile? izenburuko hitzaldia, Antoniano aretoan.]]>
<![CDATA[Parisko Kontseiluak aho batez babestu du bake prozesua, A-9aren atarian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1791/004/001/2017-11-23/parisko_kontseiluak_aho_batez_babestu_du_bake_prozesua_a_9aren_atarian.htm Thu, 23 Nov 2017 00:00:00 +0100 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1791/004/001/2017-11-23/parisko_kontseiluak_aho_batez_babestu_du_bake_prozesua_a_9aren_atarian.htm
EELV talde ekologistako Jerome Gleizes eta Komunistak-Ezkerreko Fronteko Nicolas Bonnet-Ulalj eta Raphaele Primet hautetsiek aurkeztu zuten mozioa. Bakegintzan eginiko urratsak goraipatu dituzte idatzian, Aieteko Konferentziatik apirilaren 8ko armagabetze iraunkorrera arte. Bake prozesuak gizartean duen babes zabala nabarmendu dute; eragile politikoek ez ezik, «20.000 herritarrek» bakegileei armagabetzerako emandako sostengua azpimarratuta.

Onartutako mozioan, aipamena egiten diote LDH Giza Eskubideen Ligari. Hain zuzen, LDHren egoitzan prentsaurrekoa egingo dute gaur, Parisen, A-9ko manifestazioaren harira. Michel Tubiana LDHko ohorezko presidenteak, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak, Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak eta Jean Noel Etxeberri Txetx bakegileak parte hartuko dute. Mobilizazioaren berri emango dute, eta, aurreratua dutenez, «gutxienez 10.000 euskal herritar» izango dira Parisko karriketan. Atxikimendu zerrenda ere jakinaraziko dute : Jean-Luc Melenchon, Jean-Christophe Lagarde, Susan George, Jose Bove, Marie Darrieussecq... Halaber, Frantziako Gobernuari egiten dizkioten eskariak zehaztuko dituzte.

Espetxeen birari ere erreferentzia egiten dio Parisko Kontseiluaren mozioak, eta, horri dagokionez, hiriburura martxan jarraitzen dute eragileek. Asier Ezeizaren eta Ibon Goieaskoetxearen senideekin Arlesen eta Tarasconen izan ostean, Marseillan eman zuten atzoko eguna; hango hautetsiekin eta eragileekin bildu ziren. Roannera iritsiko dira gaur.

Etxerat-en salaketa

Jesus Mari Altabe euskal presoari ama ikusteko baimena ukatu diote. Amak 92 urte ditu, eta Parkisonen gaitza dauka. Hori dela eta, ezin du espetxerainoko 550 kilometroko bidaia egin, eta hiru urte daramatza semea ikusi ezinik. Etxerat-ek salatu du kartzelako zuzendaritzak eta Espainiako Espetxe Instituzioak ez diotela baimenik ematen Altaberi. Egoeraren «krudeltasuna» salatu zuten, atzo: «Ezin dugu onartu». Izan ere, senideengandik gertu egoteko espetxe aldaketa eskatzeko baldintzak betetzen ditu Altabek, baina zaintzako epaileak «behin eta berriro» egin du eskaeraren kontra, prozedura atzeratuta.

Bestalde, Reauko kartzelara lekualdatu dute Iratxe Sorzabal presoa, Euskal Herritik 930 kilometrora, Etxerat-ek jakinarazi duenez. Fresnesko espetxean zegoen preso orain arte.

Ibon Iparragirre presoaren egoera larria salatzeko, berriz, elkarretaratzea egingo du gaur Sarek; Bilbon, 10:00etan, Espainiako Gobernuaren delegazioaren aurrean.]]>
<![CDATA[Gurasoa preso izatearen zama]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1757/004/001/2017-11-21/gurasoa_preso_izatearen_zama.htm Tue, 21 Nov 2017 00:00:00 +0100 Iñaki Lasa Etura https://www.berria.eus/paperekoa/1757/004/001/2017-11-21/gurasoa_preso_izatearen_zama.htm Haur motxiladunak dira, gurasoren bat edo biak kartzelan dituztenak, alegia. Eta bizi duten egoerak ondorio zuzena du haien osasunean: antsietatea, estresa... Haur motxiladunei buruzko txostena aurkeztu zuen Sarek, atzokoa Haurraren Nazioarteko Eguna zela baliatuta.

Hainbat profesionalen laguntzarekin osatu du dosierra Sarek. 0 eta 18 urte arteko haur eta nerabeen bizitzan eta garapenean gurasoren bat kartzelan izateak nola eragiten duen aztertzeko helburuarekin. Txostena osatzen lagundu duten profesionaletako batek parte hartu zuen atzoko aurkezpenean: Iñaki Barrutia psikologo klinikoak. Argi mintzatu zen, eta azaldu zuen gurasoren bat edo biak kartzelan dituzten haurrei nolabait «lapurtu» egin zaiela haurtzaroa.

Haurren egoeraren argazkia egin zuen, jarraian, eta azaldu zituen umeek izaten dituzten sentimenduak eta ondorioak. «Beldurra» nabarmendu zuen Barrutiak. Gurasoak galtzeko beldurra, bidaia egiteko garaian areagotu egiten den sentimendua. Bidaia luzea egin behar da, kilometro ugari, istripua izateko arriskua... Bidaiatzen ez dutenean ere agertzen da beldurra. Bidaia etxean dagoen gurasoak bakarrik egiten badu, adingabeak «banaketa antsietatea» senti dezake. Galeraren beldurra «sintoma erregresibo» bitartez agertzen dela azaldu zuen Barrutiak. Marrazki, hitz edo amets bitartez adieraz dezake hori haurrak.

Adinean aurrera egin ahala, bestelako sentimendu batzuk izaten dituzte haurrek. Batetik, haserrea: nekagarriak dira bidaiak, eta asteburuko beste planak alboratu beharra ekartzen du gurasoari bisita egiteak. Haserrea amorru eta harridura bihurtzen da konturatzen direnean badaudela gertuagoko kartzelak, eta zigor gehigarria dela urruntzea.

Esperantzarik ezaz ere mintzatu zen Barrutia. Espetxeraturiko gurasoaren gizarteratzea ezjakintasunari lotua dago. Haurrak ez du absentziaren zergatia ulertzen, eta gurasoa bisitatzeko desirak eta kartzelaren hoztasunak aurrez aurre egiten dute talka.

Erresilientzia gaitasuna

Espetxean jaio diren haurren gaiari ere heldu zion psikologoak. Hiru urte bete arte bizi daitezke amarekin, baina hirugarren urtebetetzearekin batera bereizten dituzte. 24 orduz harekin egon ondoren, asko jota astean behin ordu eta erdi ikustera pasatzen dira, milaka kilometrora. Nabarmendu zuen adin horretan garatzen dela «nortasun propioa», eta oso zaila dela halako galerari ama ondoan izan gabe aurre egitea.

Ez dira sentimendu bakarrak: nor bere buruari egindako galderak, zalantzak, areriotasun sentimenduak, familia egituratzea...

Aurkezpena haur motxiladunek pairatzen dituzten ondorio negatiboekin osatu bazuen ere, alderdi positibo bat ere nabarmendu zuen Barrutiak: erresilientzia gaitasuna. Senideen eta gertukoen laguntzarekin, haur horiek sufrimendua integratzeko eta ulertzeko ahalmena garatzen dute. Ondorioz, etorkizunean izan dezaketen balizko krisiei hobeto erantzungo diete.

Barrutiak aurkeztutako argazkia ez zitzaien batere arrotza egin Ekai Prietori eta Olatz Iglesias Mujikari. Haur motxiladunak izan dira biak ala biak, jaiotzetik ia. «Orain jarri ditut izen teknikoak, baina badakit zer den egoera horiek bizitzea», azaldu zuen Iglesiasek. Aita eta ama izan ditu kartzelan —aita oraindik ere preso dago—, eta mila kilometrotik gora egin behar izan du haiei bisita egin dien aldiro. «Haurtzaro zoriontsua gogoratzen dut, baina antsietate handiarekin. Zergatik? Autoan sartuta ehunka kilometro egiten dituzu, eta zeure buruari hainbat galdera egiteko denbora ematen dizu».

Antzera mintzatu zen Prieto, eta uko egin beharreko gauzez hitz egin zuen: «Aita ikusteko aukeratu behar izana». Halako egoera batean gertukoek duten garrantzia nabarmendu zuen: «Familia eta lagunei esker lortu izan dugu agresiboa den giro hori leuntzea».

113 'haur motxiladun'

Ezohiko espetxe politikek haur motxiladunengan duten eragina nabarmendu zuen Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak, dosierrean agertzen diren hainbat datu azalduta. Haurren hiru laurdenek baino gehiagok 400 eta 1.100 kilometro artean egiten dituzte gurasoak bisitatzeko —zehazki, %44,54k, 400 eta 790 kilometro artean eta %39,09k, 800 eta 1.100 artean—. Horrez gain, aita edo ama diren presoen %33k libre beharko lukete, Oiartzabalek azaldu zuenez. «Eta besteei hirugarren gradua aplikatuko baliete, askok seme-alabekin egoteko aukera izango zuten». Sareko bozeramailearen arabera, «haurrak helburu politikoekin erabili dituzte eta erabiltzen dituzte».

Hainbat datu gehiago bildu dituzte txostenean. Orotara, 113 haur motxiladun daude Euskal Herrian. Horietako hiru kartzelan bizi dira. 95ek aita dute preso; seik, ama; eta, gainontzeko bederatziek bi gurasoak. 97 dira aita edo ama diren presoak. Adinari dagokionez, nahiko orekatua da haurren argazkia, egoeraren heterogeneotasunaren adierazle.

Dosierra aurkeztu ostean, zabalpen fasea hasiko du Sarek.]]>