<![CDATA[Iñaki Petxarroman | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 16 Oct 2019 02:06:38 +0200 hourly 1 <![CDATA[Iñaki Petxarroman | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Sanchez: «Aro berria hasi da, legea eta konstituzioa oinarri»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/012/001/2019-10-15/sanchez_aro_berria_hasi_da_legea_eta_konstituzioa_oinarri.htm Tue, 15 Oct 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1872/012/001/2019-10-15/sanchez_aro_berria_hasi_da_legea_eta_konstituzioa_oinarri.htm
Espainiako Gobernuko presidenteak Auzitegi Gorenaren eta Justiziaren defentsa sutsua egin zuen. «Bere betebeharrekiko errespetu zorrotzez lan egin dute, autonomia, gardentasun, berme eta profesionaltasun eredu ezin hobea emanez».

Hari horretatik, Espainiako «demokraziaren» balioa azpimarratu zuen, eta ziurtatu inor ez dutela epaitzen bere «ideiengatik». Baina ohartarazi zuen inor ezin dela egon legearen gainetik.

Sanchezek ziurtatu du ezarritako zigorrak osorik beteko dituztela buruzagi katalanek, eta horren berme dela bere gobernua. Hala, 155. artikuluari aipamenik egin ez arren, ez zuen hura ezartzeko aukera erabat baztertu. «Datozen egunetan Espainiako Gobernua erne egongo da egingo diren mobilizazioei, eta gerta daitezkeen urraketei erantzungo die, legea baliatuz horretarako». Hau da, «irmotasun demokratikoz, proportzionaltasunez eta batasunez» erantzungo du Espainiak, Sanchezek ohartarazi duenez. Arlo horretatik, hurrengo egunetan «izan litezkeen erasoei» adi erreparatuko diela nabarmendu zuen. Prozesu horretan lidergoaren ardura duen arren, atzo bertan Espainiako alderdi nagusietako buruzagiei deituko ziela agindu zuen, hau da, PPko Pablo Casadori, Ciudadanoseko Alberto Riverari eta Unidas Podemoseko Pablo Iglesiasi.

«Egiten duenak ordaindu egiten du»

Hain zuzen ere, epaiaren berri jakin ahala iritsi ziren buruzagi horien erreakzioak ere. Pablo Casadok mezu hau helarazi zuen: «Egiten duenak ordaindu egiten du». Hain zuzen ere, inpunitaterik egon ez dadin, «indulturik ez» emateko eskatu zion Pedro Sanchezi. Haren ustez, beharrezko neurriak hartu behar dira Kataluniako prozesuaren antzekorik berriz gerta ez dadin. «Ordena publikoa bermatzeko eta jarduera bortitzak galarazteko neurriak hartuz gero, gobernuaren ondoan egongo gara».

Asebeteta azaldu zen epaiaren edukiarekin Alberto Rivera Ciudadanoseko buruzagia ere. «Gaur justizia egin da, baina eskatu behar dugu zigortuek ez dezatela pribilegiorik eduki», nabarmendu zuen, eta azpimarratu zuen lan egingo dutela indulturik ez dela egongo bermatzeko. «Gaur onek irabazi dugu, eta pasaportea kendu nahi izan zigutenek eta sufriarazi digutenek, berriz, galdu».

Alde horretatik, bat eginda aritzeko deia egin zien Casadori eta Sanchezi, Katalunian lehen «istiluak» hasi direlakoan. «Konstituzioa eta segurtasuna bermatu behar dugu».

Horretarako, baina, sozialistei dei egin zien ez dezaten berriro itunik egin independentistekin eta Espainia «hautsi» nahi dutenekin, izan Quim Torra, Carles Puigdemont edo Arnaldo Otegi.

Unidas Podemosen kritikak

Espainiako alderdi eta ordezkari politikoen artean Unidas Podemoseko kideak izan dira kritikoenak. Pablo Iglesias Unidas Podemoseko idazkari nagusiak Twitterren adierazi zuen epai hau «historiara» igaroko dela, hain zuzen ere, «sinbolo bat izango da: arazoak nola ez diren konpondu behar demokrazian». Era berean, bustitzeko eta «zubiak egiteko» garaia dela adierazi zuen, «ezinbestekoa» baita «adiskidetzea». Bere alderdiak horren alde lan egingo duela hitzeman zuen. Alabaina, Iglesiasek ohartarazi du «mundu guztiak errespetatu» beharko duela legea, eta Auzitegi Gorenaren epaia «onartu». Antzera mintzatu zen Iñigo Errejonen Mas Pais alderdiko buruzagia ere: «Gaur atzo baino urrutiago dugu zubiak berregitea Kataluniako gizartearen eta Espainiako gainerakoaren artean». Zauriak «sendatzeko» politika egitea tokatzen dela nabarmendu zuen.]]>
<![CDATA[30 urteren ostean, kartzelaldi luzeagoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/015/003/2019-10-09/30_urteren_ostean_kartzelaldi_luzeagoa.htm Wed, 09 Oct 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1904/015/003/2019-10-09/30_urteren_ostean_kartzelaldi_luzeagoa.htm
Armagabetuta eta bere egiturak deseginda, desagertuta dago ETA, ia hamarkada batez jarduerarik gabe egon ostean. Horregatik, 30 urte preso pasatu dituen bati halako ur baldekada hotz bat botatzeak argi erakusten du euskal presoei ezarritako espetxe politikaren ankerra. Aurpegi bikoitzarekin ari da Paris. Batetik, presoak gerturatu ditu, eta elkarrizketa ildo bat martxan du Ipar Euskal Herriko ordezkaritza batekin. Bestetik, zirkinik egin gabe aplikatzen ditu zigorrik zorrotzenak. Madrilek eskatuta izan, edo bere kasa izan, funtsean berdin da, emaitza bera baita: «etsigarria eta mingarria», Haranbururen abokatuaren hitzak erabiltzearren. ]]>
<![CDATA[Alde orotako biktimak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1951/023/003/2019-10-06/alde_orotako_biktimak.htm Sun, 06 Oct 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1951/023/003/2019-10-06/alde_orotako_biktimak.htm
Mingarri zaio Puigdemonti, logikoa den bezala, estatua egiten ari den ahalegina Kataluniako independentismoa indarkeriarekin lotzeko. Kontua da hark ere estatuak erabiltzen duen kontakizun bakarraren amua irentsi duela adierazpen horretan. Izan ere, kontakizun ofizial horrek nahita ahaztu ditu euskal gatazkaren beste milaka biktima: estatu terrorismoaren eta Poliziaren hildako eta zaurituak, torturatuak, desagertuak... Presoak, iheslariak eta sakabanaketa politikaren erruz hildakoak eta min hartutakoak... Arrazoi politikoengatik izandako eskubide urraketa larriak: atxiloketak, hedabide itxierak eta erakundeen zein alderdien ilegalizazioak...

Egiari Zor fundazioak ekitaldi bat egin du Hernanin —non estatuaren biktimak gehiago diren ETArenak baino—, biktimei eskatzeko euren testigantza eman dezatela, EAEk onartutako estatuaren biktimen legeak dagokien erreparazioa bidera dezan. Hots, osatzen laguntzeko Euskal Herrian izandako min askotarikoaren mapa. Litekeena da Puigdemont bera ere harritzea.]]>
<![CDATA[Grebetan ere, zubiaren alde batean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/017/003/2019-10-01/grebetan_ere_zubiaren_alde_batean.htm Tue, 01 Oct 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1904/017/003/2019-10-01/grebetan_ere_zubiaren_alde_batean.htm Sorry We Missed You haren filmak Europako lanik onenaren saria jaso zuela aprobetxatuta. Gogoan izan zituen Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileak, eta «haien borroka» babestu zuen, «baita ELA sindikatuarena ere». Txaloka erantzun zuen jendetzak, baina zenbait agintarik ez zuten eskurik mugitu. Izan liteke ELAren aipamen zuzenagatik, edo agian greba horretan aldundiak daukan ardura zuzenagatik. Kontuak kontu, EAJko agintariek ez zioten berotasun handirik erakutsi zinemagilearen aipamenari.

Iñigo Urkullu lehendakariak ere berotasun gutxi azaldu zien Bizkaiko metalgintzako grebalariei. Enpresariek akordioa lortzeko «ahal izan duten guztia» egin dutelako ziurtasuna agertu zuen Jaurlaritzako lehendakariak, noiz eta langileen bost eguneko greba hasi zen egunean.

Patronalaren eta langileen arteko gatazketan ohikoa izaten da EAJko agintariak zubiaren eskuineko aldera irristatzea. Agintariek zubiaren erdialdean geratu behar luketela uste duenik ez da faltako, eta haren bazkide sozialistek ezer ez esateak harritzen duenik ere ez.]]>
<![CDATA[Diktadorearen hilobia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/017/003/2019-09-25/diktadorearen_hilobia.htm Wed, 25 Sep 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1904/017/003/2019-09-25/diktadorearen_hilobia.htm
Espainian Franco diktadoreak utzi zuen zehaztuta demokraziarako trantsizioaren bide orria: estatu egitura eta estatuburuaren izendapena, herrien eskubide politikoen eta erabakitze eskubidearen ukazioan oinarritutako konstituzioa, eta krimen frankisten arduradunak salbu utziko zituen Amnistiaren Legea.

Horrekin batera, frankismoaren biktima izandako dozenaka mila pertsonaren gorpuak bide bazterretan geratu dira —halaxe daude oraindik ere—, eta frankismoaren garaiko arduradun politiko, polizial, ekonomiko eta judizialek lehengo karguetan jarraitu dute, bat-batean betiko demokrata bilakatuta.

Ondo dago diktadorea Erorien Haranetik ateratzea. Are eta hobea litzateke hark lotuta eta ondo lotuta utzitako sistema berraztertu —monarkia eta estatu egituratik hasita— eta haren biktimei, barkamena eskatzeaz gain, justizia eta erreparazioa bermatzea.]]>
<![CDATA[Kutsaduraren erraldoiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1925/002/001/2019-09-20/kutsaduraren_erraldoiak.htm Fri, 20 Sep 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1925/002/001/2019-09-20/kutsaduraren_erraldoiak.htm BURUAN, PETRONOR





2017ko erregistroa begiratuta, Petronor enpresak, Muskizko (Bizkaia) petrolio findegiak kutsatu zituen gehien Euskal Herriko airea eta ura. Karbono dioxidoaren isurketei erreparatuz gero, harenak dira industria eta energia sektoreek isuritakoen %20. Guztira, atmosferara bota den CO2-aren %10 harena da. 2017an, 2,2 milioi tona karbono dioxido isuri zituen atmosferara, eta, horrez gain, karbono monoxidoa, nitrogeno oxidoa, sufre oxidoa eta beste gai toxiko ugari, kopuru handitan. Uretara ere toxiko asko bota zituen: besteak beste, karbono organiko totala (KOT) eta era guztietako metal astunak. Kutsatzaile handietan handiena da Petronor, eta ez du bere kaltea askorik apaldu azken urteotan. Karbono dioxidoari dagokionez, esaterako, isurketa gehiago izan zituen 2017an 2010ean baino. Jaitsi ditu apur bat nitrogeno oxidoaren isurketak, nahiz eta horretan ere jarraitzen duen isurlerik handiena izaten. Toxiko hori ozono troposferiko (ozono gaiztoa) bihurtzen da, eta oso eragin kaltegarria dauka pertsonen osasunean eta ingurumenean, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) berak ohartarazi duenez. Ozono handiko guneetan ohikoak izaten dira arnasketa arazoak eta bestelako gaixotasunak; besteak beste, trafikoak, findegiek, erraustegiek, ziklo konbinatuko zentral termikoek eta bestelako errekuntza prozesuak erabiltzen dituztenek sortzen dute nitrogeno oxidoa.

Europako Batasunak berriki egindako txosten baten arabera, Espainiako Estatuko hamar enpresa kutsatzaileen artean dago Petronor. Europako Batasuneko Ingurumen Agentziak aztertutako 14.325 enpresa kutsatzaileetan 127. postuan ageri da. Aurten bertan, Meatzaldea Bizirik plataformak salaketa bat jarri du Petronorren aurka, eskualdean izan diren usain eta isurketengatik.

ZIKLO KONBINATUAK, HAIZEA HARTZEN







2000ko hamarkadan garrantzi handia izan zuten, eta, hori dela eta, euskal geografia zipriztindu zuten garrantzi handiko hainbat proiektuk, bereziki Nafarroan eta Bizkaian. 2010eko hamarkadan, baina, gas bidezko ziklo konbinatuak krisi larrian sartu ziren, eta 2017ko txostenak jasotzen dituen datuak ere horren isla dira. Esaterako, Castejongo EdP España zentralak 0,5 milioi tona CO2 isuri zituen atmosferara, 2010ekoaren erdia. Zierbenako Bahia de Bizkaiak ere 0,46 milioi tona isuri zituen -2010ean, 1,1 milioi tona-. Boroako (Zornotza) Bizkaia Energia eta Castejongo Iberdrolaren zentralak oraindik ere okerrago daude. Gas bidezko ziklo konbinatuak euren ahalmenaren %15ean jardun dira azken urteotan, batez beste. Hala ere, aurten burua altxatzen hasi ote diren pentsatzen ari dira adituak; izan ere, Espainiako nahaste energetikoaren barruan aurrea hartu diete ikatz bidezko zentral termikoei. Nahiz eta haiek baino kutsadura gutxiago isuri, instalazioek airea eta ura asko kutsatzen dituzte, eta traba handia dira klima aldaketaren aurkako borrokan.

ZEMENTU FABRIKAK: BESTE ORBAN BAT







Porlan ekoizpenak garrantzi handia dauka, eta sektore hori osatzen duten enpresak dira industria-kutsadura sortzaile nagusietako bat. Arrigorriagako, Añorgako (Donostia), Olatzagutiko eta Lemoako fabrikek ez dute kutsatzen 2000ko hamarkadan adina, baina hori ekoizpena asko gutxitzeagatik gertatu da batez ere, batik bat eraikuntzaren krisiaren ondorioz. 2007an, sektoreak 56 milioi tona porlan ekoitzi zituen Espainiako Estatuan -produkzio handieneko urtea izan zen-, eta, 2019an, 13,4 milioi tona inguruan geratu zen. Hala ere, eragin handiko industria da zementuarena, eta ingurumen inpaktu handia du. 2017ko txostenaren arabera, Lemona Industrial izan zen arloan CO2 gehien isuri zuen enpresa: 0,48 milioi tona. Haren atzetik Arrigorriaga eta Olatzagutiko lantegiek bota zuten karbono dioxido gehien. Añorgako instalazioak zenbat isuri zuen ez du jasotzen txostenak, baina karbono monoxidoaren (CO) sortzailerik handienetan bigarrena izan zen, Lemona Industrialen ostean.

PAPER FABRIKAK: ISURKETAK ETA USAINA







Paper ekoizpenari lotutako sektorea kutsadura eragile garrantzitsua da, eta, gainera, azken urteotan ekoizpena handitzeko hainbat inbertsio egin ditu. Hiru tokitan daude fabrikarik kutsatzaileenak: Iurretan, Hernanin eta Zangozan. Berotegi efektuko gas ugari isurtzen dute airera, eta eragin nabarmena daukate inguruko ibaietan. Esaterako, Iurretako fabrikak hainbat salaketa jaso ditu, Ibaizabal ibaian kontrolik gabe egindako isurketengatik. EH Bilduko parlamentariek Iurretako fabrika salatu zuten iaz, ibaira egindako isurketengatik, eta Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak adierazi zuen Uraren Euskal Agentziak txosten bat zabaldu zuela enpresaren aurka. Hernaniko paper fabrikaz ere askotan kexatu dira talde ekologistak eta herritarrak; instalazio hori ekoizpena handitzeko inbertsio handiak egiten ari da. Haren helburua da ekoizpena %40 handitzea, eta, horretarako, 180 milioi euro inbertitu ditu. Iaz, Hernani Aire Garbia plataformak mobilizazio bat egin zuen Hernanin, protesta egiteko paper fabrikak sortzen dituen usainengatik eta herriko aire kutsadurarengatik. Eguzki talde ekologistak ere behin baino gehiagotan egotzi dio usaina eta kutsadura sortzea. Zangozako fabrikak ere iragarri zuen makina bat erosi behar zuela ekoizpena heren bat handitzeko.

ZABALGARBI ETA HONDAKINEN ERRAUSKETA







Hondakinen errausketaren aldeko apustua egin dute Bizkaian eta Gipuzkoan, hondakinen bidez energia sortzen dela argudiatuta. Kutsadura iturri garrantzitsu bat ere badira, baina, erraustegiak. Bizkaiko Zabalgarbi erraustegia Euskal Herrian karbono dioxido gehien isuri zuen industria instalazioetan zortzigarrena izan zen, PRTR inbentarioaren arabera: 0,27 milioi tona. Horrez gain, metanoa, nitrogeno oxidoa eta beste hainbat gai kutsagarri isuri zituen airera. Errausketaren bidezko kutsatzaile horiek ez ezik, hondakin ugari ere atera ziren prozesutik: 7.381 tona errauts sortu ziren -hondakin arriskutsutzat joak-, eta 47.000 tona zepa -hondakin ez-arriskutsutzat joak-. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak azken horiek erabili nahi ditu eraikuntzako lanetan. Gipuzkoako agintariek azken urteotan esan dute Zubietako erraustegiaren zepak ere horretan erabiliko direla. Azken urteotan, gainera, nabarmen handitzen ari da dioxina eta metal astunen kutsadura Zabalgarbiren inguruetan, Tecnaliak urtero egiten duen neurketa baten arabera. Hala ere, adierazi dute datuak falta direla kutsadura horren erantzukizuna errauste plantari egozteko, badirelako beste iturri posible batzuk ere. Zabalgarbi 250.000 tona hondakin inguru ari da errausten urtero. Zubietan 200.000 tona errausteko gai izango den instalazio bat jarri nahi dute martxan urte amaieran, eta, horren arabera, Gipuzkoan karbono dioxido gehien isurtzen duten instalazioetako bat izango da.]]>
<![CDATA[Nafarroa, Espainiaren truke]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/019/003/2019-09-17/nafarroa_espainiaren_truke.htm Tue, 17 Sep 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1904/019/003/2019-09-17/nafarroa_espainiaren_truke.htm
Ez dirudi arrakasta handirik izango duenik Riveraren proposamenak —Sanchezek erantzun dio Nafarroak jadanik baduela gobernu konstituzionalista bat—, baina berriro ere agerian utzi du Espainiako batasunaren aldekoentzat zer-nolako garrantzia daukan Nafarroak. Agerian utzi du berriro ere erresuma zaharrak Euskal Herriaren egituratze juridiko-politikoaren barruan eduki dezakeen edozein eginkizun errotik moztuko dutela estatu egiturek. 1978ko konstituzioaren ondoren, Nafarroa Gernikako Estatututik kanpo uztea erabaki zutenean bezala. 1996an, PSNk CDN eta EArekin osatu zuen koalizio gobernua lehertu zutenean bezala. Edota, 2007an, PSOEk PSNri NaBairekin gobernatzea debekatu zionean bezala. Telesforo Monzonen hitzak erabiltzearren, Euskal Herriak «hautsitako loreontzi bat» izaten jarraitu behar du, eta, horretarako, ezinbestekoa da Nafarroak lotu ezinezko zati bat izaten jarraitzea.]]>
<![CDATA[Zabalgarbi inguruko arrautzen «arriskuaz» ohartarazi dute nazioarteko toxikologoek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1885/010/001/2019-09-14/zabalgarbi_inguruko_arrautzen_arriskuaz_ohartarazi_dute_nazioarteko_toxikologoek.htm Sat, 14 Sep 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1885/010/001/2019-09-14/zabalgarbi_inguruko_arrautzen_arriskuaz_ohartarazi_dute_nazioarteko_toxikologoek.htm
Horretan aritu diren adituetako batek, Abel Arkenbout toxikologo herbeheretarrak, Zabalgarbi inguruko lurzoruetako kutsadura datuak ere aztertu ditu, BERRIAk eskatuta, eta ohartarazpen hau egin du: «Inguruko lurzoruetan dauden kutsadura datu horiek ikusita, ondorioa da arazo serioak egon daitezkeela kanpoko oiloen arrautzetan».

Bizkaiko Hiri Hondakinen Balorizazio Plantaren inguruko ur, landare eta lurraren kalitateari buruzko 2018ko azterketen arabera, zortzi guneetatik bitan gutxienez gainditu zen Alemaniako araudiak erabilera orotako lurretarako ezarritako dioxina kutsadurarako muga. 2018ko lehen seihilekoko txostenean, zortzigarren gunean atzeman zuten kutsadurarik handiena, 12,8 pg-EQT (pikogramo baliokide toxiko) neurtu baitzuten. Alemaniako araudiak 5 pg-EQTko langa jarri die lurzoruei egokiak diren edo ez erabakitzeko. 2018ko bigarren neurketan, berriz, bi gunetan gainditu zen langa hori: laugarren gunean (6,78 pg-EQT) eta zortzigarren gunean (7,29 pg-EQT).

Arkenboutek aipatu du Alemaniako gobernuarentzat lan egiten duen toxikologo batek eta beste aditu batzuek egindako azterlan bat (Kutsadura iturrietatik gertuko arrautzetan aurkitutako PCDD/F, PBDD/F eta PCB maila altuek erakusten dute lurzoruei buruzko arauak berrikusteko beharra). Haien arabera, gramo bakoitzeko 5 pg-EQT-ko kutsadura gainditzen duten lurzoruetan ibiltzen diren oiloen arrautza guztiak «pozoituta» egongo lirateke, eta «guztiz arriskutsuak» lirateke kontsumitzeko.

Azterlan horretan Txinako eta Alemaniako bi enpresa kutsatzailetik gertuko etxaldetako arrautzak aztertu dituzte, eta adierazi dute lotura zuzena dagoela lurzoru horretan ibiltzen diren oiloen arrautzetako toxikotasunaren eta lurreko kutsaduraren artean. Hala diote, azterlaneko paragrafo batean: «Lurzorutik oiloaren arrautzarakoa da, segur aski, PCB (bifenilo polikloratua) eta PCDD/F-etarako (dioxinak) lurretik gizakiarengana iristeko esposiziorik sentikorrena». Adituen arabera, gobernuek handitu beharko lituzkete ikerketak eta zorroztu kutsatuta egon daitezkeen elikagai horiek jateko baldintzak. «Kutsatutako arrautzak jaten dituzten pertsonek, eta bereziki ume txikiek, esposizio maila oso handiak izan ditzakete, eta erraz gainditu ditzakete osasun irizpideak».

Azterketak landareetan

Zabalgarbi inguruan ez dute neurtzen arrautzetan zer eragin daukan kutsadurak. Tecnaliako adituek egindako txosten horretan bai hartu dituzte laginak landareetan; hots, belar, sasi eta pinu, eukalipto eta limoiondo hostoetan. Eta horietan ere ikusten da handitzen ari dela dioxina kutsadura errauste planta horren inguruko landareetan ere. Adibidez, bigarren seihilekoko txostenean jasotako emaitzen arabera, Zabalgarbin martxan jarri denetik izan den batez besteko kutsadura maila baino handiagoa topatu dute dioxina eta furanoetan bost gunetan. Beste hiru gunetan (bigarren, hirugarren eta zazpigarrenean), gainera, planta martxan denetik kutsadurarik handienetakoa topatu dute, 95 pertzentilaren gainetik: 3,19 mg/kg PS, 4,08 mg/kg PS eta 4,25 mg/kg PS.

Txosteneko egileek, hala ere, ohartarazi dute, Zabalgarbi ez ezik, badirela beste kutsadura iturri posible batzuk ere inguruotan. Dioxina kutsadura ez ezik, txosten horren datuei erreparatuta, ikusten da hainbat metal astunen kontzentrazioa ere handitzen ari dela azken urteotan inguruotan, bereziki artsenikoa, manganesoa eta kobrea. ]]>
<![CDATA[Atzeraldiaren itzalpean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/020/003/2019-09-13/atzeraldiaren_itzalpean.htm Fri, 13 Sep 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1904/020/003/2019-09-13/atzeraldiaren_itzalpean.htm brexit-ak, eta, oro har, ezegonkortasun politikoaren mamuarekin izututa bizi den merkatu globalaren ahuleziak erakusten dute ez dagoela urruti mundua atzeraldi orokorretik. Europako Banku Zentralak adierazi du zorra erosteari ekingo diola atzera ere. Alemaniako Gobernuak agindu du prest dauzkala milaka milioi inbertsio keynestarrak egiteko. Sektore pribatuak, eta haren motor den autogintzak, buxatuta dirauen bitartean, sektore publikoan inbertsioak egiteak atzeraldian sartzear den ekonomia berpiztuko duelako azken itxaropenaren aldarria da hori.

Duela hamar urteko krisiak argi erakutsi zuen nortzuek jasango dituzten krisi baten atzaparkadarik gogorrenak. Kontua da gero eta azkarrago ari dela kapitalismoa amildegitik behera erortzen. Eta aditu batzuek diote horrek zerikusia duela natur baliabideak gero eta azkarrago agortzen dituen ereduaren bideragarritasunik ezarekin. Gauzak beste era batera egiteko modua pentsatzeko baliatuko balitz, krisia ez litzateke hondamendia izango. Baina eskarmentuak erakusten du baikorregia dela pentsatzea errezeta alternatiboak aintzat hartuko direla ere.]]>
<![CDATA[Urtea joan, urtea etorri]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1951/023/003/2019-09-08/urtea_joan_urtea_etorri.htm Sun, 08 Sep 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1951/023/003/2019-09-08/urtea_joan_urtea_etorri.htm
Imajinatu Espainian jaiotakoek, eskubide urraketa horretaz aspertuta, konpainia bat osatzen dutela eta desfilatzeari ekiten diotela. Imajinatu horregatik eraso eta iseka andana bat pairatzen dutela: «espainiarrak», «maketoak», «nazkagarriak»... esaten dietela, eta ostikoka eta bultzaka hartzen dituztela. Imajinatu, euren alardea pasatzen den bitartean, Espainiako banderez estaltzen dietela bidea, «bertako alardea», «ez zaituztegu hemen nahi» eta halako hamaika lelo haietan idatzita.

Imajinatu Ertzaintzak ez duela gauza handirik egiten, ez bada ohartaraztea banderolak ateratzea eta espainiar jatorriko alardezaleekin liskartzea debekatuta dagoela. Pentsa Espainiako hedabideak, Guardia Zibila, PSOE, PP, Ciudadanos... Eta ez imajinatu gehiago, ahalegin bihurriegia baita. Konparazioak egitea alferrikakoa da, jakina, baina Hondarribian desfilatu nahi duten emakumeekin gauza bera gertatzen ari da. Urtea joan, urtea etorri. Eta gehiegi dira pasa dadin uzten jarraitzen dutenak.]]>
<![CDATA[Urakan aroan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/015/003/2019-09-03/urakan_aroan.htm Tue, 03 Sep 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1904/015/003/2019-09-03/urakan_aroan.htm Dorian urakanak jo ditu Bahametako kostak, eta ikusi gabeko txikizio eta demasak eragin ditu Antilletako uharte horretan. 300 kilometro orduko haizeteen eta euri erauntsi handien zain daude AEBetako hainbat estatutan ere, larrialdi egoeran. Atlantikoaren urak berotzen ari dira urtetik urtera (aurten ohi baino bi gradu beroago daude), eta horrek are latzagoak egin ditu azken urteotako urakan aroak. Zikloi kopurua hirukoiztu egin da 30 urtean, eta, etorkizunerako aurreikusten den berotze globalaren ondorioz, adituek ez dute espero muturreko fenomeno horiek ugaritzea eta okertzea besterik.

Donald Trump AEBetako presidente eta klima aldaketaren ukatzaileak erabaki du ez joatea Polonian II. Mundu Gerraren hasieraren harira antolatutako ekitaldietara, hala bertatik bertara jarraitzeko AEBetan gerta daitekeen suntsiketari. Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak —klima aldaketaren ukatzailea hura ere—, berriz, hitzeman du Nazio Batuen Erakundera eramango duela Amazonian gertatzen ari denaren gaia. Egoeraren larria ezin saihesturik, zaparrada noiz atertuko zain egongo dira akaso, garai hobeak noiz iritsiko. Kontua da gero eta herritar sektore gehiago direla sugarren eta uholdeen biktima, eta azalpenak nahi dituztela gertatzen ari denaren inguruan; baita egoerari aurre egiteko erantzunak ere, ez baitu atertzeko itxurarik.]]>
<![CDATA[Aldaketatik larrialdira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/002/001/2019-08-13/aldaketatik_larrialdira.htm Tue, 13 Aug 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1872/002/001/2019-08-13/aldaketatik_larrialdira.htm klima aldaketa deitzen hasi zena klima larrialdi bihurtu da, eta munduko parlamentu askok adierazpen formaletan berretsi dute hori, besteak beste Erresuma Batuak eta Frantziak. Herritarren mobilizazioak ugaritzen ari dira -irailaren 20 eta 27rako mundu mailako grebarako deia egin du Fridays For Futurek- baina berotegi efektua eragiten duten erregai fosilen kontsumoa ez da apaldu, eta itsasertzean laino beltzak ageri dira, besteak beste, klima aldaketaren ukatzaile erradikalek dutelako esku artean Brasilgo, AEBetako, Australiako eta beste zenbait herrialdetako gobernuen lema. Euskal Herrian ere, CO2 isuriak handitzen hasi dira atzera ere, urte batzuetako geldialdiaren ostean.

MUGIMENDU BERRIEN PIZTEA





Greta Thunberg gazte suediarrak sortu eta mundu osora zabaldutako Fridays For Future mugimendua, Erresuma Batuko Extinction Rebellion, Alemaniako ikatz meategi handien aurkako desobedientzia mugimenduak -Ende Gelande eta beste- eta han eta hemen barreiatutako beste ehunka taldek mahai gainean jarri dute klima krisiari berehala ekiteko beharra. Inoizko protestarik jendetsuenak egin dituzte aurten Europako hainbat hiritan, eta protesta gehiago daude iragarrita. Fridays For Futurek grebarako deialdia egin du irailaren 20 eta 27rako. Euskal Herrian ere, hainbat talde lanean ari dira dei horri nola erantzun erabakitzeko.

ISURIAK, GORA





Parisko Akordioak indarrean jartzeko urtebete falta dela, ez dira gutxi munduan klima larrialdia aldarrikatu duten herrialdeak. Europan, Erresuma Batuak eta Frantziak jadanik egina daukate deklarazioa, eta Euskal Herrian Eusko Jaurlaritza izan da egiten lehena. Alabaina, isurketa datuei erreparatuz gero, ez dago baikortasunerako zirrikitu askorik. Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) 2018rako hartutako datuen arabera, hiru urte igo gabe igaro ostean, 2018an berriz ere handitu ziren berotegi gasen (BG) isurketak munduan: %1,7. Euskal Herrian ere -2017koak dira azken datuak- handitzeko joera hartu dute, krisiaren amaierarekin batera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %5,4 gehitu dira isuriak 2016tik 2017ra, eta Nafarroan, %3,8. Europak helburu bat jarri dio bere buruari: 2030erako gutxienez %40 jaistea gas isurketak 1990ekoekiko, eta %80 2050erako. Eusko Jaurlaritzak helburu bera jarri dio bere buruari, baina 1990. urtea abiapuntutzat hartu beharrean, 2005. urtea hartu du. Kontua da 1990ean 20,8 milioi tona isuri zituela eta 2005ean 25,6 milioi tona. Beraz, abiapuntuak guztiz aldatzen du konpromisoaren neurria. Mundu mailan ere, IPCC klima aldaketari buruzko gobernu arteko taldeko ikerlariek ohartarazi dute munduan bi graduko tenperatura igoera mugatzeko 2050erako %20-50 gutxitu beharko liratekeela BG isurketak. 1970etik 2016ra, ia bikoiztu egin dira mundu osoko isuriak.

TENPERATUREN ETENGABEKO IGOERA...





Zientzialariek aspaldi zehaztu zuten klima aldaketaren sintomatologia: muturreko fenomeno meteorologikoak ugaltzea, lehorteak, suteak, tenperaturen igoera orokorra, izotzen urtze etengabea, itsas mailaren igoera lurreko izotzen urtzeari lotuta... Habitaten aldaketa eta espezieen birkokatzea berotze prozesuaren ondorioen barruan kokatu dituzte. Azken lau urteak beroenak izan dira neurketak egin direnetik.

2018a inoizko urterik beroenetan laugarrena izan zen, eta 2019a ere bide bertsutik joango da. Meteorologoek abisatua dute hilabeteroko informazioetan: esaterako, azken ekain-uztailak neurtutako beroenak izan dira, eta sekulako bero boladek jo dute ipar hemisferioa. Inoizko tenperaturarik beroenak neurtu dituzte Europa osoan. Frantzian, esate baterako, uztailaren 25a inoiz neurtutako egunik beroena izan zen: batez beste 29,4 gradu izan zituzten. Uztailaren 24an, Alemaniako mendebaldean 40,5 gradu izan ziren: sekula jasotako tenperaturarik altuena. Horrez gain, errekor absolutuak gainditu zituzten Erresuma Batuan, Belgikan eta Herbehereetan ere. Igeldon (Gipuzkoa), uztailaren 23an, azken 92 urteotan neurtutako tenperaturarik altuena erregistratu zuten: 39 gradu. Eta ipar poloan, Norvegian, inoizko tenperaturarik altuena neurtu zuten Laskforsen: 35,6 gradu.

...ETA IZOTZEN URTZEA





Europa hegotik iparrera astindu duen bero boladak bete-betean jo du Groenlandia ere, eta horrek inoizko urtzerik bortitzenetako bat eragin du hango izotzetan. Adituen arabera, 40.000 milioi tona izotz urtu ditu bost eguneko beroaldiak, eta horrek 0,11 milimetro igo du itsas maila munduan. Uztail osoan, 200.000 milioi tona izotz urtu dira Groenlandian, eta mundu osoko itsasoen maila 0,5 milimetro igo da. Egun bakar batean, abuztuaren 1ean, 11.000 milioi tona izotz urtu ziren, inoizko gehientsuen eta 2012ko uztailean izan zenaren pare, Danimarkako erakundeen arabera. Groenlandiako izotz geruzaren %60 milimetro bat urtu zen egun bakar batean.

Urtze horiek ezohikoak ziren lehen, baina gero eta sarriago gertatzen ari dira. Ondorioz, aurten, abuztu hasierako inoizko izotz geruzarik meheena dago Artikoan. Zientzialariek 2050erako aurreikusitako hipotesiak 2019ko udan gertatzen ari dira jadanik, eta zenbait adituk uste dute agian berotze globala uste baino azkarrago gertatzen ari dela.

SUTEAK NONAHI





Ipar hemisferioko inoiz ez bezalako beroaldiek sute larriak eragin dituzte iparraldeko basoetan. Siberia ekialdean, 2,5 milioi hektarea kiskali dituzte suteek uztail amaieratik, Errusiako Gobernuaren arabera. Ez da lehen aldia. 2018an ere antzera gertatu zen: 3,2 milioi hektarea baso boreal erre zituzten sugarrek. Ezohiko tenperatura altuek eta ekaitz lehorretako tximistek eragin dituzte suteak, eta Errusiako agintariek, larrialdi egoera deklaratzeaz gain, armada bidali dute hara. Alaskan ere antzera gertatu da. Inoiz neurtutako tenperaturarik altuenak izan dituzte han ere (32,2 gradu), eta 300dik gora sute izan zituzten uztailean. 300.000 hektarea inguru erre zituzten sugarrek han. Sute horietan, CO2 asko isurtzen ari da, eta egoeraren larriaz ohartarazi dute klimaren adituek.

ESPEZIEEN GALERA ETA DEFORESTAZIOA





Klima larrialditik harago, mundua krisi ekologiko larri batean murgilduta dagoela adierazi dute Nazio Batuen Erakundeak aurten emandako beste datu batzuek ere. IPBES Ekosistemen Zerbitzuei eta Biodibertsitateari Buruzko Gobernu Arteko Plataformak bioaniztasunaren inguruan inoiz egindako txosten osatuenaren arabera, milioi bat animalia eta landare espezie inguru gal daitezke hamarkada gutxiren buruan. Egun existitzen diren zortzi milioi espezieetatik, milioi bat daude galzorian; horietako asko hamarkada gutxi batzuen buruan desagertuko lirateke, egungo erritmoan. Arrazoiak: jatorrizko habitat edo ekosistemak galtzea, lurrean eta itsasoan eragindako aldaketen ondorioz. Horrez gain, organismoen ustiapena, klima aldaketa, kutsadura eta espezie inbaditzaileen eragina aipatu dituzte. Egoera horretan, berebiziko garrantzia dute jatorrizko baso eta oihanek, eta alde horretatik ere albisteak ez dira lasaigarriak. Izan ere, Jair Bolsonaro Brasilgo presidente denetik -urtarriletik uztailera-, 3.000 kilometro koadro oihan galdu ditu Brasilgo Amazoniak, aurreko urteko tarte berean baino %39 gehiago. Bolsonarok zin egin zuen oihan babestuak zabalduko zizkiela meatzeei eta nekazaritzari.

BIHAR: Itsasoa]]>
<![CDATA[«Jendartearen kontzientzia piztea izan da aurrerapausorik handiena»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2047/004/001/2019-08-13/jendartearen_kontzientzia_piztea_izan_da_aurrerapausorik_handiena.htm Tue, 13 Aug 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/2047/004/001/2019-08-13/jendartearen_kontzientzia_piztea_izan_da_aurrerapausorik_handiena.htm
Klima larrialdiaz hitz egiten ari dira agintariak eta hedabideak, eta gizartea mobilizatzen hasi da. Hori al da azkenaldiko aldaketarik handiena?

Bai. Horretarako, bat egin dute hainbat kontuk. Batetik, klima aldaketaren gaia hor da. Eta, bestetik, plastikoaren gehiegizko erabileraren arazoa eta espezieen eta ekosistemen galera. Kontzientziak piztuz joan dira, eta hiru gai horien batuketak zerbaiten aldaketa ekarri du. Agian, oraindik ez dakigu oso ondo zer edo nola, baina zerbaiten atarian egon gaitezke. Hedabideak eurak ere hasi dira gaiaz beste tonu batean hitz egiten; esaterako, klima larrialdiaz ari direlako. Beste adibide bat da Fridays For Future gazte mugimendua.

Alabaina, ez da sumatzen beherakadarik erregai fosilen erabileran, eta isurketak berriz handitu ziren iaz...

Sektore guztiek onartzen dute 2030erako isurketen %40-45eko beherakada eragin behar dela. Hori iraultza bat da benetan. Ez dakit nola egingo dugun. Orain arte bezala jarraituz gero, gutxienez hiru graduko berotze batekin iritsiko gara mende amaierara, eta hori, Parisko itunean herrialdeek hartu zituzten konpromisoak betez gero. Beraz, jarrera bikoitz bat dago hor: gizarteak mugitzen hasi dira, eta gobernuak, berriz, beldurrez daude, pauso ausartenak nork emango dituen.

Europak, hitzez behintzat, abangoardiaren rol hori ematen dio bere buruari...

Baina Europa ere ez dago bere onenean. Kontraesan bat dago: zientzialariak ohartarazten ari dira gero eta leiho txikiagoa dugula zerbait egiten hasteko, eta gobernuak, berriz, ez dakit egoera geoestrategikoagatik-edo, baina ausardia falta nabaria erakusten ari dira.

Non ikusten duzu ahuleziarik handiena?

Mugikortasuna da Akilesen orpoa. Zenbait arlotan isuriak etetea eta kontrolatzea lortu bada ere, garraioetan izugarri handitu dira. Hegazkinen eta itsasontzi erraldoien garraioa hamar aldiz handitu da. Sekulako erronka daukagu, zeren garraioa elektrifikatzea bakarrik ez da irtenbidea, eta pentsatu behar dugu nola mugitu, salgaiekin nola jokatu eta lurraldea nola antolatu. Horri heldu ezean, beste ataletan jaitsi ditzakegu isurketak, baina ez gara iritsiko behar den helmugara. Munduko blokeen artean ere ez dut ikusten egoera horri modu txukun batean heltzeko proposamenik, elektrifikaziotik harago.

Lehia geoestrategiko horretan, inork ez dio uko egin nahi erregai fosilen kontsumoari, eta mix energetikoaren %85 dira.

Hori da arazoa. Orain dela bost urterekin alderatuz gero, diskurtsoa irabazi da. Datuak eta pertzepzio jakin batzuk sektore guztietan gailendu dira. Baina proiektu geoestrategikoetan ?-adibidez, Txinak Europarekin planteatzen dituen azpiegitura erraldoiak- ikusten da aurpegia garbitzen saiatuko direla, baina ez daudela prest salgaien garraioaren inguruan egin beharko liratekeen aldaketak bideratzeko.

Energia berriztagarrien merkatua gero lehiakorragoa da, baina haien aldeko apustua ez da oraindik beharko litzatekeen bezain sendoa. Zergatik?

Europak erronka eta helburu batzuk jarri dizkie energia berriztagarriei, baina oraindik oso urruti gaude haietatik. Errebote efektua ere badago hor. Alde batetik, eraginkortasun energetikoan nahi dugu aurrera egin, baina ez ditugu aldatu nahi gizarte dinamikak, hazkunde ekonomikoaren ikuspegia, adibidez. Eta, horiek ukitu gabe, geratzen zaigun gauza nabarmenena teknologia da. Energia berriztagarrietan teknologiaren garapen handia egon da, baina, haiek lehiakorrak izanik ere, hazkunde ekonomikoa sortuko da, eta, hura bermatzeko, energia mota guztiak behar dira. Beraz, antzera gaude. Gainera, aurreztutako dirua merkataritzan erabil dezakezu, edo mugikortasunean, edo sektore kutsagarrietan.

Baina gasta daiteke baso sektorean edo karbonoen gordelekuak handitzean, ezta?

Bai, baina ekonomiaren helburua ez da hori. Denbora edo dirua aurrezten duzunean, aurreztutakoa gastatzen duzu kontsumo gehiago sortzeko edo beste inbertsio batzuk egiteko. Eta, beharbada, haietako batzuk bai, joan daitezke basoak babestera, baina oso kopuru txikia da. Beraz, energia berriztagarriak bai, noski, baina horrek sortzen duen isurketen aurrezte hori ez da behar bezainbestekoa izango ekonomiaren beste dinamika horiek ukitzen ez badira. Hau da, irtenbidea ez da teknologikoa, baizik eta soziala.

Izan ere, oraindik uste dugu teknologiak aterako gaituela ataka honetatik ere, ezta?

Jakina. Iruditeria kolektiboan guztiz txertatuta dago hori, baina ez da erreala. Duela aste batzuk, Europako ingurumen ekonomialariek bilera bat egin dute, eta adierazpen bat atera dute esateko babesten dutela isuriei -hau da, erregai fosilen erabilerari- zerga bat ezartzea. Eta proposatu dute zerga horren bidez lortzen den dirua bideratzea neurri horiek kalte egin dieten sektoreetara, zeren eta denok dugu buruan Jaka Horien mugimendua.

Horrekin ere ikusi da irtenbideak orokorra izan behar duela, eta ezin dela sektore bat zergapetu besteak ukitu gabe.

Horrekin, energia kutsagarrien erabilera hori murriztuko litzateke, eta sektore horiek behartu berrikuntza lantzera, energia mota hori garestitu egingo zaiolako. Baina kontsumitzaileei ere garestitu egingo zaie kontsumoa, eta, beraz, zerga horrekin leundu beharko litzateke hori. Batzuek ordaindu beharko lukete benetako kostu sozial eta ekologikoa, eta beste batzuei eragina apaldu. Estatuak badu modua eragin sozial negatiboa saihesteko.

Zergak jartzeari beldurra diote agintariek, ordea.

Bai, uste dutelako horrek industriari eragingo diola, haien produktuak garestituko liratekeelako eta lehiakortasuna galduko luketelako. Aipatutako ekonomialari horiek diotena da muga zerga batzuk jarri beharko liratekeela beste herrialdeetatik esportatu nahi diren salgaiak garestitzeko; alegia, lehiakortasun hori herrialde mailan ez galtzeko. Ekonomialariak, beraz, esaten ari dira, funtsean, badutela irtenbide bat arazoari aurre egiteko. Hau da, estatuak baduela eskumena gustatzen ez zaizkion ekoizpen motak zergapetzeko eta dirua nola banatu behar den erabakitzeko. Politika fiskal hutsa da hori.

Bost urte beteko dira aurki Parisko itunetik. Zer balorazio egiten duzu?

2020an jarriko da martxan akordio politikoa, eta, orain arte, lan tekniko handia egin da arkitektura guztia martxan jartzeko. Hau da, modu estandar bat ezarri da herrialdeen isurketak neurtu eta konparatzeko... Zeren metodo ezberdinak planteatzen zituen bakoitzak, beren trikimailu eta guzti. Beraz, hori zuzendu nahi izan da, eta oraindik bada lanik, baina asko aurreratu da. Hemendik aurrera, estatu bakoitzak, bi urtean behin, betebeharra izango du bere helburuak handitzeko. Lehen bi-hiru urte horien buruan ikusiko da ea zer konpromiso politiko hartzen dituen bakoitzak.

Horri begira baikor zaude?

Lehen esandakoaren harira, itxaropen handirik ez daukat, behintzat, lehen hamarkadara begira.

Baina hurrengo hamarkadan egin behar dira egin beharrekoak, ezta?

Hori da. Hurrengo hamarkadak ezarriko du zer-nolako aukerak izango ditugun 2030erako %45eko beherakada lortzeko. Hau da, ordurako ez bada egin, ez da bakarrik isurketa murrizketa ez dugula izango, baizik eta handiagoa izango dugula. Eta berandu gabiltza jadanik arlo guztietan. Aurrerapauso handiena jendartearen kontzientzia piztea izan da, eta pizte horretatik ekarri behar dira aldaketak. Eta ez bakarrik nork bere aldaketak egiteko, baizik eta agintariak behartzeko aldaketa zuzenak egitera.

Euskal Herrian bertan ere ez daude datu onak.

Bai, berriz ere gora egin dute isuriek. Askotan konparatzen ditugu gure datuak estatukoekin, baina, jakina, ez genuke geure burua konparatu behar Espainiarekin, baizik eta Europako herrialderik puntakoenekin, gure errenta maila eta garapena ez baita estatuarenarekin alderatzeko modukoa.]]>
<![CDATA[Grebalariak garaile Tabakaleran]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/015/002/2019-08-08/grebalariak_garaile_tabakaleran.htm Thu, 08 Aug 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1904/015/002/2019-08-08/grebalariak_garaile_tabakaleran.htm
Ideia originala, noski, Tabakalera kudeatzen duten erakunde publikoena —Donostiako Udala, diputazioa eta Jaurlaritza—, baina, ohi dutenez, zerbitzu hori azpikontratatzea erabaki zuten; eta langileak, babes publikoa izan beharrean, baldintza prekarioak eskaintzen zizkien enpresa baten esku geratu ziren. Tartean, bederatzi orduko lanaldiak, mila euroko soldata eta jaiegun askotako atsedenik eza.

«Zapalduak ez izateko» ekin zioten grebari, eta, zazpi hilabeteren ostean, akordioa lortu dute: %32,3 handituko diete soldata, eta nabarmen hobetuko zaizkie lanaldiak. Prekarizazioa AHTko tunel ilunetan ez ezik eraikin distiratsuetan ere badela erakutsi du grebak. Eta, jakinekoa zen arren, berretsi du administrazioa tartean izateak ez duela bermatzen lan baldintza duinik.]]>
<![CDATA[Organo komun iraunkorra: iraganeko itzal mehe bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/006/001/2019-08-04/organo_komun_iraunkorra_iraganeko_itzal_mehe_bat.htm Sun, 04 Aug 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1944/006/001/2019-08-04/organo_komun_iraunkorra_iraganeko_itzal_mehe_bat.htm
Horregatik, besteak beste, laburra izan zen organo komunaren historia. 1995eko uztailean hasi zen mamitzen, PSNren, CDNren eta EAren arteko Nafarroako gobernu akordioarekin, bi erkidegoen arteko egitura politikoa sortzea jaso baitzen alderdi haien konpromisoen artean. Nafarroako Parlamentuan lehenengo indarra UPN zen arren, PSNk, CDNk eta EAk, IUren kanpoko babesarekin, bazuten aski indar egitasmoa aurrera ateratzeko. Eusko Legebiltzarrean are handiagoa zen egitura komunaren aldeko gehiengoa, Eusko Jaurlaritza osatzen zuten bi alderdiak ez ezik —EAJ eta PSE— organoaren aldekoak zirelako EA eta IU ere. UPN ez ezik, HB ere egituraren aurkakoa zen, uste zuelako «lurralde batasuna ahultzeko» asmoa zuela akordioak.

Lankidetza organoa sortzeko lehen urrats ofiziala 1995eko urriaren 25ean egin zuten bi gobernuek. Akordio hartan, «norbere eskumenen esparruaren barruan interes komuneko arloetan lankidetza iraunkorrerako harremanak» bideratzea hitzartu zuten, besteak beste kulturan, hizkuntza politikan, hedabideetan, hezkuntzan, ekonomian, ogasunean, industrian eta merkataritzan. Bi gobernuek onespena eman zioten testuari: maiatzaren 13an Nafarroako Gobernuak, eta hurrengo egunean EAEkoak. Ekainaren 11n eman zion oniritzia Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak, eta handik hiru egunera Eusko Legebiltzarrak.

Alabaina, organo komuna ez zen indarrean sartu ere egin, Espainiako Gorteen oniritziaren zain zegoelarik Otano auzia piztu eta Nafarroako Gobernua hautsi egin zelako. Gasteizko parlamentuak hitzarmenari oniritzia eman eta astebetera, epaitegiak Javier Otano Nafarroako lehendakaria (PSN) ikertzen ari zirela argitaratu zuen Diario de Navarra egunkariak, Suitzan haren izenean diru kontu susmagarri bat atzeman zutelako. Otanok dimisioa eman zuen, eta han bukatu zen hiruko gobernua, baita organo komunaren bizi laburra ere.

Organoaren aurkako ehiza

Gobernua sortu eta berehala hasi zen EAEren eta Nafarroaren arteko egituraren aurkako ehizaldia Nafarroako eskuin espainolistaren aldetik. Otanok berak, handik hamar urtera, jakinarazi zuen UPNko buruzagiek «mehatxu egin» ziotela kontu horregatik. Hau da, adierazi zioten agintaldia amaitzen utziko ziotela elkarlan egitasmoa bertan behera utziz gero. Otano eta harekin batera inputatutako PSNko buruzagi guztiak kargutik kendu zituzten gero, 2004an.

Gero izan ziren ahalegin ahul batzuk elkarlan esparru hura berreskuratzeko. Esate baterako, Otanori gobernuan jarraitu zion Juan Cruz Alli CDNko presidenteak mozio bat aurkeztu zuen parlamentuan EAErekiko beste hitzarmen bat egiteko. 1996ko urrian izan zen hori, baina handik gutxira izandako foru hauteskundeetan Miguel Sanz irten zen garaile, eta hark osatu zuen gobernua. Geroztik, UPNk mamu baten gisa haizatu du EAEren eta Nafarroaren arteko lankidetza ituna.

2005ean EAk mozio bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan lankidetza ituna eskatuz, baina PSNk eta UPNk baztertu egin zuten. Gero, Carlos Txibite PSNko idazkari nagusiak Nafarroa Bairekin gobernu akordio bat egiteko 2007an gidatu zuen prozesuan —porrotean amaitu zen, PSOEk eten egin zuelako abertzaleekiko ituna— baztertu egin zuen organo komunaren antzeko egitura bat sortzea.

Loiolako elkarrizketak

Baina parlamentutik kanpo ere mugimenduak izan dira gai horren harira. Adibidez, ETAk 2006an su-etena eman ondoren Loiolan (Azpeitia, Gipuzkoa) izandako elkarrizketetan, mahai gainean izan zuten gai hori EAJk, PSOEk eta ezker abertzaleak. Hain zuzen ere, akordio zirriborro bat sinatu zuten hiru aldeek 2006ko urriaren amaieran, eta hartan, Espainiako legeriaren prozedurei jarraituz, printzipio batzuk hitzartu zituzten euskal gizartearen erabakimena gauzatu ahal izateko. Horrekin batera adostu zituzten Euskal Herriko hiru eremu administratiboen arteko harremanetarako formula orokor batzuk, EAEren eta Nafarroaren arteko elkarlanerako organoa barne.

Azkenean, baina, hutsean geratu zen, zirriborroari aldaketa batzuk egitea proposatu zutelako Batasuneko ordezkariek. Funtsean, hiru alderdiek Hego Euskal Herriko autonomia erkidego bakarrerako egitasmoa bultzatzeko konpromisoa hartzea, bi urteko epean. PSOEk ez zituen onartu aldaketa haiek, eta azaroaren 15ean hautsi zituzten negoziazioak, adostasunik gabe.

Azken agintaldian ere, nahiz eta Geroa Baik, EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k gehiengoa izan parlamentuan, ez dute egitasmo hori edo antzekorik berreskuratu. Aitzitik, Akitania-Nafarroa eta EAEren arteko elkarlana berreskuratu du Nafarroak. Itun horren aterpean, hiru esparruetako erakundeak elkarlanean aritu dira arlo jakin batzuetan —hizkuntza politikan, esate baterako—.

Orain osatzen ari den gobernua babestu duten alderdien arteko akordioan ere ez dute aipatu Euskal Herriko gainerako herrialdeekiko balizko elkarlan hitzarmenik egiteko proiektu zehatzik. Aitzitik, euroeskualdeko elkarlanean sakontzeko asmoa adierazi dute. Aldi berean, mugakide diren «erkidego guztiekin» alde biko harremanak sustatzeko borondatea adierazi dute gobernukideek, EAE aipatu gabe, eta «indarrean den legediaren errespetua» nabarmenduta.]]>
<![CDATA[Burua edo sabela]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/016/003/2019-07-30/burua_edo_sabela.htm Tue, 30 Jul 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1904/016/003/2019-07-30/burua_edo_sabela.htm
Ongi argudiatu ditu EH Bilduk abstentziorako argudioak: eskuinari gobernura itzultzeko bidea ixtea, azken lau urteotako politika batzuek jarraipena izateko aukera laguntzea, eta gobernu berriaren erabakietan eragiteko aukera zabalik mantentzea. Berez, zuzendaritzaren proposamena aurrera ateratzen bada, militantziaren babesa duela, indartuta irtengo da EH Bilduren zuzendaritza. Ezezko botoa nagusituz gero, ez zaio erraz egingo desautorizazio horren ardura bere gainetik kentzea. Gauzak horrela, gaur bozkatzera doazen bilkideek, boto papera sartu aurretik, ongi neurtu beharko dute nor ari zaien agintzen gehiago: burua edo sabela.]]>
<![CDATA[5.000 zenbaki]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1951/017/003/2019-07-28/5000_zenbaki.htm Sun, 28 Jul 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1951/017/003/2019-07-28/5000_zenbaki.htm Euskaldunon Egunkaria ez bazuen indarrez itxi. 16 urtean baino gehiagoan sustatzaileek —laguntzaileak, irakurleak, langileak, BERRIAlagunak...— egindako eguneroko ekarpenari esker, mundua euskaldunon neurrira azaltzen saiatu da BERRIA. Akatsak eta okerrak barne, eguneroko aktualitatea kontatu du, ahalik eta zehatzena eta zorrotzena. Une oro hor egon da, kioskoetan eta harpidedunen buzoietan.

5.000 zenbakietan albiste historikoak jaso ditu. ETA desegiten ikusi du, Ipar Euskal Herriko lehen instituzioaren sortzearen lekuko izan da, eta baita Nafarroako lehen lehendakari abertzalearen zinarena ere. Egun batez bada ere, Katalunia independentearen aldarrikapena bertatik jorratu du, eta baita Eskoziako erreferendumaz informatu ere.

Ezagutu du azken urteotako olde feminista, eta hitza jarri die eguneroko bidegabekerien biktimei, izan migratzaile, bortxa matxistaren pairatzaile edota krisi ekonomikoan kaltetutako sektoreetako kide. Sortzaileek hasi zuten bidetik jardun du, kazetaritza independentea eta konprometitua eginez. Paperaren euskarriaren mugak gaindituz eta Interneten aroak exijitzen duen une oroko presentziaren beharra bere gain hartuz. Orainaz informatuz, etorkizun bat bermatzeko: euskararentzat eta Euskal Herriarentzat.]]>
<![CDATA[«Espainia batua»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/018/003/2019-07-23/espainia_batua.htm Tue, 23 Jul 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1904/018/003/2019-07-23/espainia_batua.htm
Kontuak kontu, gaur pasatu beharko du PSOEko hautagaiak presidente izateko lehen bozketa, eta ze alderdiren babesa izango duen oraindik argitzeko dago, bere diputatuenak ez ezik beste askorenak ere beharko baititu gehiengo osora iristeko.

Eta Sanchezek Kataluniako arazoari aipamen zuzenik egin ez badio ere, argi erakutsi du zein den Espainiari buruz babestuko duen ikuspegia: «Espainia batua, askotarikoa eta mugarik gabekoa». Eta Espainia batua nahi izatea zilegi eta posible da politikoki, baina banatu nahi luketen dozenaka mila herritar katalanek ez daukate horretarako bide legal posiblerik, eta «Espainia askotariko» horretara makurtu behar dituzte euren anbizio politikoak. Nahiz eta askotariko Espainia hori bera den bozkatu nahi dutenean poliziak kolpeka bidaltzen dituena eta erreferendumak antolatzen dituzten buruzagi independentistak espetxeko zulora zigortzen dituena.]]>
<![CDATA[Kolpeak ikurrinari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1951/014/003/2019-07-07/kolpeak_ikurrinari.htm Sun, 07 Jul 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1951/014/003/2019-07-07/kolpeak_ikurrinari.htm
Aitorpen zintzoa berea. Badaki milaka iruindarren ikurra dela, baina bera «ernegatu» egiten da ikuste hutsarekin. Hainbeste, ezen ez zaio axola bere udal bereko zinegotziengana udaltzainak bidaltzea jotzeko aginduarekin. Gogoeta egiteko modukoa bai, behintzat, haren elkarbizitza erakustaldia. Kontuan edukita, gainera, PSNko zinegotzi buru Maite Esporrinen baimenari esker dagoela Maia alkatetzan, eta PSNk akordiorako oinarria egin berri duela Nafarroako Gobernurako, ikurrina ateratzen saiatzeagatik kolpeak jasan dituzten Geroa Baiko ordezkariekin.

Maiak, ordea, ezin izan du galarazi udaletxe plazan ikurrin erraldoi bat agertzea. Eta horrek zapuztuko zion, segur aski, jai hasiera. Baina, gustatu edo ez, badaki gobernatzen duen hiriko plazan, borra, kolpe eta mehatxuen gainetik, beti azaldu izan dela ikurrina.]]>
<![CDATA[Mediterraneoko ispiluaren aurrean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/016/003/2019-07-02/mediterraneoko_ispiluaren_aurrean.htm Tue, 02 Jul 2019 00:00:00 +0200 Iñaki Petxarroman https://www.berria.eus/paperekoa/1904/016/003/2019-07-02/mediterraneoko_ispiluaren_aurrean.htm Sea Watch 3 salbamendu ontziko kapitaina, egoera larrian zeuden 40 etorkinekin herrialdeko portu batean sartzeagatik. Racketek ekintza desobediente bat egiteko ausardia izan du Matteo Salvini Barne ministro ultraeskuindarraren aurrean, zeinak Mediterraneoa lekukorik gabeko hilobi bat bihurtu nahi duen. Horrekin batera, krisi diplomatikoa has liteke Italiaren eta Alemaniaren artean.

Historia liburuetan justifikatzen zailak diren orrialdeak idazten ari dira Europako herrialdeak immigrazio politikei buruz. Hasieran salbamendu ontzirik gabe utzi zuten Mediterraneoa, eta ondoren, haien lana neurri batean gobernuz kanpoko erakundeek ordezkatu zutenean, debekuekin eta errepresioarekin zigortu dituzte etorkinak hiltzen utzi nahi ez dituzten sektore solidarioak.

Salvini inor baino lotsagabeago ari da horretan, baina ez da bere arazoa bakarrik. Atzo bertan, Aita Mari ontziko arduradunek gogoratu zuten Espainiako Gobernuak ukatu egin ziela salbamendu lanak egiteko baimena, eta horren aurka joko dutela auzitegietara. 2014tik 15.000 lagun irentsi ditu Mediterraneoak, eta, harresiak beharrean, neurriak jarri behar lituzke Europak, amets gehiago ito ez dadin.]]>