<![CDATA[Iñigo Aranbarri | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 31 Oct 2020 04:42:53 +0100 hourly 1 <![CDATA[Iñigo Aranbarri | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Hau dena pasatzen denean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/023/002/2020-10-25/hau_dena_pasatzen_denean.htm Sun, 25 Oct 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/023/002/2020-10-25/hau_dena_pasatzen_denean.htm
A zer atarialdea ari zaigun uzten arauen eta ihesen arteko jolas hau. Abuztuaren 19koa da Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren agindua, besteak beste, betebeharren barruan «bizikidetza egonkorreko taldetik kanpoko gizarte-topaketak murriztea» agintzen duena, «baita gizarte-topaketa horiek gehienez 10 lagunenak izatea ere». Iñigo Urkulluk irailaren 5ean hartu zuen kargua Gernikan. Egun horretako argazkietako batean, 23 lagun ageri dira Arbola Santuaren abaroan, 10 eta 10 eta 2, lehendakariaren bueltan. Ez ezinbestekoa fotoa, eta elkarren gainean hala ere. Hori bai, patata dioen irribarrea musukoaz estalita.

Musukoaz agertu zen bezala ertzainburu bat ETBn handik lau egunera, zera zioela, zorrotz ari zirela legea betearazten, udaltzainekin batera 10.000 salaketa baino gehiago jarri zituztela Euskal Erdian, horietako 617 maskara txarki eramateagatik. Gibelak behar dira gero. Musukoarekin bera, baina nola, galtzontzilotik kanpo zuela berdela.

Ale bakan batzuk baino ez dira, egunen batean botereari buruzko antologia batean sartzekoak. «Politikariak eredu izan behar du guztiontzat», irakurri diogu berriki Miguel Angel Revillari, Kantabriako lehendakari orain eta Sindikatu Bertikaleko buru frankismo gozoan. Eta hau dena pasatzen denean, sinetsi nahi dut baten batek idatziko duela komedia nazional bat, ez gaitezen ahaztu zer rol bete dugun bakoitzak hilabete hauetan, asaska ditzagun barruak maitasun eta heriotzazko pasiera satiriko batean.

Barrurik geratzen bazaigu behintzat.]]>
<![CDATA[Ken Folleten egia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/023/002/2020-10-18/ken_folleten_egia.htm Sun, 18 Oct 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/023/002/2020-10-18/ken_folleten_egia.htm
Estatuen kontrako oldarraldi honexen harira egin dio galdera Ken Folletti Carlos Herrerak, COPEko ahots tolesgabeak. Idazlearen erantzuna gordetzekoa izan da: «Ni ez naute molestatzen, baina, esaterako, afroamerikarra banintz, ez lidake graziarik egingo egunero esklabista baten estatuaren aurretik pasatzea». Orduan, historiarekin zer egin behar den ekin dio Herrerak. «Museoetan sartu, eta ondo azaldu nor izan zen eta zer egin zuen orduko testuinguruan».

Nago ondo azaltzen duela Follettek zertan den auziaren iltzea. Horregatik, hasiera batean amets egin badut ere pentsatzen zer museotan, non sartu beharko genituzkeen konkistaren eta kolonizazioaren gure apostolu partikularrak, azkar epeldu naiz, agudo hartu nau etsiak. Izan ere, gure herri dontsu honetan, bada agintaririk lantegi horri ekingo dionik? Nahiena! Eta museoan sartuta ere, zer? Ezen hor dago, konparazio batera, bihar zortzi Iruñean Colonen eta Felipe VI.aren irudiak sinbolikoki eraitsi zituen alderdia dela udal gobernuan, Pizarroren kapitain bat, Cajamarcako sarraskiko buruetako bat, panel batean kontestualizatua: «humanista eta abenturazalea». Turismoa ez baitago azalpen garratzetarako.

Ituan, Follettek jo du: ni ez naute molestatzen. Eta susmoa dut hemen Colon bera ere ez genukeela eraisgarri Hispanitatearen ikur bilakatu izan ez baligute.]]>
<![CDATA[Emojien iraultza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/023/002/2020-10-11/emojien_iraultza.htm Sun, 11 Oct 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/023/002/2020-10-11/emojien_iraultza.htm
Gero, denak ezin zuela lehenean segi-eta, aldea, itxuran behintzat,mehetzen joan zen. Hautagaiei begiratu eta ezinezkoa zirudiena obratu zen: ez igartzea askotan zer alderditakoa zen kartelean agertzen zena. Manifestazioetako irudiek segitu egiten dute, Twitterren, Facebooken, Instagramen eta abarretan, berezitasun batekin, baina: jendetza ez da subjektua, selfiea atera duen politikariaren atzeko paisaia baizik. Norberaren dekoratua, alegia: ni han izan naiz babesa ematen.

Eta hala heldu zen irribarrea gure hizkera politikora. Arnaldo Otegik kartzelatik bidalitako «Egin irribarre, irabazi egingo dugu eta!» berehala bilakatu zen eslogan. Bazuen, itxura batera, Bobby Sandsen «Gure mendekua gure haurren irribarrea izango da» haren airerik. Gustatu zen. Pablo Iglesiasek ere handik laster kopiatu zion. Garaia ere halakoxea izan. Irrien lagunak gara gu. Zerbait diferentea behar. Urteetako dinamikatik bizirik ateratzeko, ilusioa pizteko aldarri oihu bat. Jende zoriontsua herri libre batean. Horra hamarkadetako dialektika emoji bakar batek ordezkatua. Ezta Coelhok ere.

Horrexegatik hartu diot gaiztakeria kutsua Jokin Bildarratz hezkuntza sailburuak sindikatuei botatako ahokadari, ez dakit boomeranga beren-beregi hautatu duen baina: «Hemen irribarreak behar dira, ez pankartak». Arrazoibide txepeletik irainera, laburra da bidea. Etorri zaion zaparrada ez da nolanahikoa izan.

Harritzekoa, ez da. Zerbait ez dabil ongi emoji batez garbitu nahi baditugu jendarte gaiak.]]>
<![CDATA[Mamuak txokor erretzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/021/002/2020-10-04/mamuak_txokor_erretzen.htm Sun, 04 Oct 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/021/002/2020-10-04/mamuak_txokor_erretzen.htm
KKK beti egon zen Gustonen obsesio piktorikoen artean. Bazuen arrazoi pertsonalik: hamar urte zituela, esekita topatu zuen aita, naziengandik ihesi heldutako ukrainar judua. Bolada txarra pasatzen ari zen, KKK-k ez zion bakerik ematen. Kaddish eta Lagnsner lagun zituela, eta Siqueirosek gonbidatuta, inkisizioko mamuak balira bezala irudikatu zituen Michoacanen 1934an egin zuten muralean. Artistek alde egin orduko, esbastika, gurutze eta kaputxa salatariek mindutakoek estali egin zuten obra. Orain zentsuraturikoetan indarkeria ez da horren esplizitua. Marrazki bizidunen tankerako lanetan, auto barruan doazen kapusai lasaiak baino ez dira klanekoak, zigarro puruak erretzen.

Ustezko ekidistantzia erakutsi nahian, beldurra dagoela transmititu dute museoko patronoek. Beldurra Black Lives Matter mugimendukoek KKK zuritzen ari direlakoa leporatuko dietelako. Baina beldurra, hemen eta orain, Gustonen lanek erakusten dutenagatik: praktika politiko luzearen bidez, izu eragileak jendartean ondo instalatuta daude, areago, geu ere bagara. Ez da kasualitatea: Autoerretratuak deitzen da seriea.

Azken beltzean, horretan datza zentsura: ikuslea ez da gai aurrean duena ulertzeko.]]>
<![CDATA[Kondenatuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/021/002/2020-09-27/kondenatuak.htm Sun, 27 Sep 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/021/002/2020-09-27/kondenatuak.htm Esango banizu, maitea, beldur diodala goizalbari… Beti pentsatu izan dut nolakoak ginatekeen gaurko egunak ez ekartzera dakarrena. Gatzik eta berakatzik gabeko beste egun bat gehiago izatera irailaren 27 hau. Hain pisu ez balitz, izen, toki, gertaera jakin batzuei lotu gabea. Nolakoak ginatekeen Francoren azken fusilamendurik gabe han urrunean, denak beste dimentsio bat zuen sasoi hartan.

Izan ere, beste nonbaiten sortu izatera, ez ginen Loiolako etorbidean gertatuko iluntze hartan. Halako batean, guardia zibilen ibilgailuen konboi bat, hildakoen auto bat ondo gordea tartean, eta barruan, olana militar batez estalitako katabuta. Anjel Otaegi zen, Burgoseko bakardadetik etxera bueltan. Astiro zetorren? Iluntasunaren abiadan.

Beste nonbaiten haztera, hurrengo hilabeteetan ez ginatekeen praka motxetan bizikletaz joango kanposantuko nuarberaino eskolatik irten orduko, auskalo zer burutazio batbederak hilobi aurrean. Eta han geunden, zazpi pinuak zain, Maria Otaegiren aurrean. Semearen txokoa apaintzera igoa hura, nagusien intifadako umeak gu, ama baten begietan bilduak.

Autek, Izagirrek, Saizarbitoriak lagundu ziguten gerora itzalak jartzen memorian ehortziriko gorpu haiei. Ikurrak humanizatu ahala, denok atera garela irabazten uste dut. Baina igaro dira berrogeita bost urte eta hemen nabil, bizikizunak berrizen, hipotesiekin jolasean. Beharko genuke seguru asko askeagoak izan, ez kolaboratu ordukoa betikotzen, utzi denboraren ibaiari bere lana egiten. Beharko genuke, baina alferrik da. Kondenatuta bizi gara. Norbera izanik, komunitate garela sinestuta. Eta hemen dator berriro, ez nazazu bakarrik laga goizalban…

Hasperen egin dut. Azti, berehala hartu zion airea Arestik TS Eliot estuari: Dembora passatuac eta dembora futuroac, guertha ahal içan cenac eta guerthatu cenac, bethi presente dagoen fin batetara desarratzen dute.]]>
<![CDATA[Trumpen fabore]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/021/002/2020-09-20/trumpen_fabore.htm Sun, 20 Sep 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/021/002/2020-09-20/trumpen_fabore.htm red herring deitzen zaio, falazia logiko bat, alea bota, eta hainbestekoa bota ere, ez diezaion inork ondoren esaten denari erreparatu.

Ez zen hori Trumpen asmoa, baina haren agerraldia kudeatu duten askori primeran etorri zaie han esan zena estaltzeko. Kalifornian, Oregonen eta Washingtonen gertatuaren harira, ukatuta bost milioi hektarea kiskali dituen sutearen atzean aldaketa klimatikoa dagoela, gainera etorri zaio mundua. Haren «lasai, hoztuko du», probokaziotzat jo da. «Klima piromanoa» deitu dio Joe Biden demokratak, presidentziarako lehiaketan. Europan, irri egin dugu. Astapaola bat gehiago emazteak ere publikoki baztertzen duen pailazoaren antologian.

Trumpek gehiago ere esan zuen, ordea: «asko dago egiteko basoen kudeaketan». Eta hau da, hain zuzen, beren-beregi isildu dena. Nahiago haren negazionismoari heldu, izan ere, basoen lokatza horretan sartzera, jakizu zer azal daitekeen. Kutxabankek pinuaren ustiaketan dituen interesak eta eukaliptoaren ugaritzea Bizkai-Gipuzkoetan, esaterako. Zergatik ez den administraziotik hau mozten, jakinik, eta aldaketa klimatikoa bezain datu objektiboa da, suari deitzen dion espeziea dela, lurra erabat ahitu arte lehortzen duena eta askotasuna eragozten. Eta azaldu beharko litzateke zergatik heldu behar izan duen ezkerrak gobernura suteez aski den adina Portugalen eukaliptoa landatzea debekatzeko. Horregatik jo duela paper industria suminduak mugaz bestaldera, Feijooren administraziopean segitzeko etxean egiten uzten ez diotena.

Gertuagotik zikintzen gaituzten eztabaidak hauek guztiak, baina nola eroriko gara ero negazionista horren amarru dialektikoan.]]>
<![CDATA[Zaldiaren ordezko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/020/002/2020-09-13/zaldiaren_ordezko.htm Sun, 13 Sep 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/020/002/2020-09-13/zaldiaren_ordezko.htm
Llama otzanegia zen, ezin joan daiteke konkistatzaileen kontra zamarako animalia polit batekin. Iritzia eskatu zuen. Prieto deituriko batek kondorra proposatu zion, osterantzeko piezen gainetik pasatzeko duen ahalmenagatik. Egokiagoa iritzi zion Camac meatzari sindikalistarenari. Hurrengo egunetan, guztiek egin zituzten senperrenak puma baten argazki ganorazko bat lortzeko. Turista bati osteagatik bost urteko zigorra betetzen ari zen menditar batek ekarri zion erasokorrena zirudiena. Harkaitz gainean zituen atzeko hankak, eta airean aurrekoak erpetuta, belarriak atzerantz eta ahutzak zabalik.

Hurrengo egunetan, xake faktoria bilakatu zen galeria. Bisitek atera zituzten, kaleetan saltzeko. Ez zuten bakarra saldu. Azoka guztietan llamak hartua zuen, inken tropen artean, konkistatzailearen zaldiaren tokia. Llama bat zaldiaren kontra! Espetxeko argiak itzaltzen zituztelarik, negarrez igartzen zuen ziegakideak Pacasmayo.

Madrilen, hiru gaztetxo ttuka eta irainka metroan aurrean duten bikoteari: «Panchito kakatzarrak, urratutako kondoi baten ondorioa haiz eta! Nazkagarri hori! Jakina, oihanean kondoirik ez daukazuenez…». Arguedasen istorioaz oroitu naiz. Eta Pacasmayok bezala, geuk ere gure piezak egokituko begenitu? Agian zaldiak ez liguke balioko, piztia zikinagoren bat behar genuke beharbada, garenaren ikur zintzoagoa etengabeko gerra sinboliko honetan. ]]>
<![CDATA[Chateubriand irakurtzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/019/002/2020-09-06/chateubriand_irakurtzen.htm Sun, 06 Sep 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/019/002/2020-09-06/chateubriand_irakurtzen.htm Hilobiaz haraindiko oroitzapenak amaiezinean dakar, denborak betiko eroan dituen beste hamaika kontutxorekiko penen artean. Hala dio, Napoleon Bonaparte boterera heldu zelarik, hartu zituen erabakien artean bere jaiotza-urtea 1768tik 1769ra aldatzea izan zela aurrenekoetakoa. Ez, noski, urtebete gazteagoa emateko, etorkizuneko jendeari sortzez frantsesa zela sinestarazteko baizik. Izan ere, 1768an Korsika Genoako Errepublikaren parte zen artean.

Buruak egin ohi dituen lotura eroek ekarri didate Napoleonen faltsutzea Martin Villaren inguruan antolatu den zirkoaren berri izan bezain laster. Honek ere, eta on fire ezagutu zutenak aleka badoazelarik, behar du iragana manipulatu, ondorengoen aurrean ez sortzez espainolago agertzeko, ezpada benetako demokrata eta agintari on eta arduratsu gauzak arrunt zailak ziren garaian. Eta amnesia adostuaren berme agertu zaizkio Maria Servini epailearen aurrean Gonzalez, Aznar, Rodriguez Zapatero, Rajoy, Redondo, Mendez, Gutierrez, Fidalgo, Borrell, Roca, Herrero y Rodriguez de Miñon eta El Cid Campeadorren beso ustelgaitza, gizonak eta notario zintzoak guztiak. Datozela orain elkarbizitzaren zutabeei kontra egitera German Rodriguezen lagunak Vitoria, hermanos, no os olvidamoska.

Etsita, orri artera egin dut murgil atzera ere. Eta dio Chateubriandek, Napoleonen gorpua zeraman katabuta erbestetik Belle Poule fragatan ekarri eta jendez mukuru zen Hotel des Invalidesko zabalgunean paratu zutelarik, ireki egin zutela hilkutxa, populuak bere begiz ikus zezan enperadorea ez zela bidean galdu. Gizona, espero bezala, hantxe zegoen, eta mugitzen hasi zen agerian utzi bezain laster. Atoan hustu omen zen plaza, hainbestekoa izan zen inpresioa. Aurreraxeago azaltzen digu zergatia: estalkia erretiratu zenean, kutxa barruko gas nekrotiko guztiak askatu ziren. Denborak ez zuen ustela ito.]]>
<![CDATA[Asmatzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/019/002/2020-07-26/asmatzen.htm Sun, 26 Jul 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/019/002/2020-07-26/asmatzen.htm
Harrezkero, hamaika batailatan agertuko da zaldun bulartsua tropa kristauen buru historiografia aberkoiak Errekonkista deitu izan duen horretan. Nola ez zien lagunduko Galiziako Compostelan bazegoen ehortzia. Errealitatea fikzioarekin nahasean, egun irribarrea loratzen diguten istorio nazionalista horietako bat, baina Kixote-tik El capitán Trueno-ra, mendeetan espainiar sentiarazteko era moldatzen lagundu duena.

Nahi izan du kasualitateak Santiago egunez ekitea Clavijotik apartean, Istanbul ederrean, musulmanak borrokari berriro, sinbolikoki orain ere. Atatürken garaitik museo izan den Hagia Sofia meskita bihurtuta, hemen nago ni aldarrikatu du enegarrenez Erdogan estratega handiak munduaren aurrean. Zortzi mende dira Santiago Mairuiltzaileatarrek gauza bera egin zutela Kordobako meskitarekin.

Zaharra da kontua. Abertzaletasunaren arrakasta asmatzen asmatzean datza.]]>
<![CDATA[Gogoa non dugu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/019/002/2020-07-19/gogoa_non_dugu.htm Sun, 19 Jul 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/019/002/2020-07-19/gogoa_non_dugu.htm auzolana politika instituzionalari deitu nahi zaio orain. Iraultza, aurrezki kutxa baten eslogan bihurtu zen aspaldi. Hauteskunde gaueko apaltasunak harrokeria esan nahi du biharamunean, larderiaren lege zaharra.

Denborarekin ikasten den zerbait da. Eta hala gertatu zen, bozketa eguna atarian eta, Jaurlaritza normaltasuna zela nagusi zabaltzen ahalegindu zenean. Ergelenak ere ahoz gora zioena bete da, ordea, hurrengo egunetik bertatik: maskarak derrigorrezko egin dira, kutsadura esaten zena baino zabalduago dago eta ur lohiak, estolderia lehertuta, gainez du.

Nola ba normaltasuna. Kaleetan ikusten genuelako, iritzi zabaldua izan da ondo ez genbiltzalakoa. Bi egunetan igaro garela negutik udara, neurriak bete gabe ibili garela. Jakin dugu zer zekarren geroak. Geuk ere, politikariak bezalaxe, luze gabe mudatu dugu lexikoa, azkartxo ahaztu dugu zerk hunkitu gaituen itxialdian. Zein urrun zaharretxeak, txaloak eta laguntza batzordeak eta zein eskura bortxaz ukatutako guztia eta laineza adeitsua.

Eta hortxe gure porrota. Ibili garen bezala ibilita zer zetorkigun, jakin dugu, baina ez gara gai izan gizarte zibil gisa erantzunik emateko, hauteskundeak tarteko, interes partidista hutsez aritu direnei. Beste arlo batzuetan, harro zabaldu izan ohi dugu lau haizeetara komunitate gisa, kulturatik ekonomiara, historikoki erakutsi izan dugun ekimenerako grina. Heldutasunarena, parerik gabeko jendarte solidarioa garelakoa. Oraingoan, nago agintaritzaren esku utzi dugula dena. Ardura kolektiborako deiek ez dute arrakastarik izan eta instituzioen kudeaketaren kontra jarduteak ez gaitu inmunizatu.

Zein esaldi eder den «Zaindu dezagun elkar» hitzen bahitzaileen esku uzteko.]]>
<![CDATA[Gure beldurra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/025/002/2020-07-12/gure_beldurra.htm Sun, 12 Jul 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/025/002/2020-07-12/gure_beldurra.htm
Okerrena, baina, ahotsa jarriz gero agertzen da: «Cartagenatik ihes egin zuten bederatzi immigranteetako hiruren bila jarraitzen dute. Azken orduetan, 70 pertsona heldu dira pateretan eskualdera». Egongo da lasaituko denik pentsatuta okerra grafikoa dela, baina berez, ez dela ezer larririk esan, 70 pertsona horien barruan baitaude 9 horiek. Ni, ostera, infogramak baino kazetariaren fokuak izutu nau. 9 immigrante ihesi, hiruren bila oraindik… COVID-19a dela gaia, erraz ulertzen da 9 horiek direla arazoa, kutsatuta daudelako. Baina igo dezagun bolumena: «70 horietatik bik eman dute positibo, eta ospitalean daude».

Oilategiaren erdian, aspaldi utzi dio soilik osasun teknikarien ardura izateari kasuen jarraipenak. Prentsa epidemiologian aditu bihurtu denetik, immigranteen ehizak hartu ditu albistegiak: positiboak Atzerritarrentzako Zentro Itxietan, sasoiko beharginen artean Lleidan, izen eta guztiko ostatuan Ordizian…

Beldurra librea da, dioskue. Baiki. Baina eskertzekoa litzateke, distantzia sozialaz ari garelarik, garbiago azaltzea zertaz ari garen zehazki, eta nork ematen dion jaten gure beldurrari, eta zergatik.]]>
<![CDATA[Itzuli gabe]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/027/002/2020-07-05/itzuli_gabe.htm Sun, 05 Jul 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/027/002/2020-07-05/itzuli_gabe.htm
Bistan da, ez zen iskanbilaren laurdenik ere sortuko erantzunean ez balute aipatu izan itzultzaile automatikora jotzearen kontua. Ulertzekoa da. Zer laido handiagorik, etxean zaudela, bizilagunak zer dioen jakiteko harena itzultzen jardun beharra baino. Izan ere, besterena itzultzeak apaldu egiten zaitu, uko egin behar diozu pribilegioari, sinetsi beharra daukazu aurrean duzuna zeure beste dela, eta hori jatea ez da batere erraza, zer zaren eta nondik zatozen.

Dudarik gabe, askoz samurragoa zuketen gazteleraz ere ematera ditxosozko agurra. Bakea. Are samurragoa erdara hutsean idatzi izan balute, aurrez beste hamaika euskal futbolarik, hainbesteko zalapartarik eragin gabe, egin duten bezalaxe. Baina San Joseren eta Beñaten jarrerak, nabarmen, asko du performancetik. Bat egiten du, bertako hedabide nagusietan euskaldunari ematen zaion tratuarekin nazkatuta, esandakoa gazteleraz errepikatzeari uko egiten diotenekin; kortesiazko egunonbuenosdíasen ondoren euskaraz jarraituta marmarraren erantzuna jasotzen dutenekin; eguna joan eguna etorri aurrekoan Xabi Payak hemen bertan zerrendatzen zituen ekintza inposible horiekin bizi behar dutenekin...

Agiriarekin, itxurazko elebitasunaren benetako aurpegia utzi dute agerian biek. Itzuli gabe ikus gaitzazuen nahi dugu, berez garela onar dezazuen. Ahalduntze ariketatzat hartu dut, deserosoa bezain zoragarria. Nola ez ikusi paralelismorik pribilegioaren kontrako beste ekinbide batzuekin.]]>
<![CDATA[Denok dakigu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/024/002/2020-06-28/denok_dakigu.htm Sun, 28 Jun 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/024/002/2020-06-28/denok_dakigu.htm
Joxean Lasa eta Joxi Zabala hilduratuen bidez heldu ziren Ramon Oñederrarengana. Urteak zeramatzan Baionan, elkar-maiteak ziren hirurak. Kaietenia ostatuan harrapatu zuten, barra atzean lanean zebilela. Bera izan zen lehenbizikoa. Beste 26 etorri ziren ondoren.

Ez zen inor atxilotu. Handik bost urtera hasi zen Baltasar Garzon epailea Oñederra kasua ikertzen, sumario berean Angel Gurmindoren, Bixente Perurenaren eta Christian Olaskoagaren hilketekin batera. Guardia zibil, polizia eta mertzenario batzuen izenak lortuagatik, ezin izan zuen gora jo GALen organigraman. Bere garaian, ahokada premonitorioa atera zitzaion Felipe Gonzalezi: «ez da frogarik eta ez da izango». Garbiago mintzatu zen Saenz de Santamaria jenerala: «gauza batzuk ez dira egin behar, egiten badira ez dira esan behar, eta esaten badira, ukatu egin behar d ira». Halaxe itxi zen sumarioa, kondena bakar bat gabe. Gainontzeko hilketak ez ziren inoiz ikertu, eta batbederak bere hilkutxa eraman zuen.

Eta halaxe, ukazioa legetzat hartuz zahartu gara denok. Orain, CIAko txostenen harira, Madrilgo legebiltzarrean Gonzalezen gobernuak GALen sorreran eta martxan izaniko inplikazioa ikertzeko eskaera egin delarik, PSOEk, PPk eta Vox-ek moztu dute aukera. «Duela 20 urte ikertu, epaitu eta zigortutako kontuak dira» adierazi du, lotsa auzoan, Adriana Lastra bozeramaile sozialistak.

Zuzen zebilen Pablo Echenique bere aldrebesean: denok dakigu zer gertatu zen. Kontua da nola izan fedea klase politikoan, hasteko eta bat, egiari morroilope ixten bazaio atea boterearen karikatura bihurtutako gaizkileak defenditzeko.]]>
<![CDATA[Koadro bati begira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/027/002/2020-06-21/koadro_bati_begira.htm Sun, 21 Jun 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/027/002/2020-06-21/koadro_bati_begira.htm
Eta kendu dute ez bereziki deus gaizki egin duelako. Bere begiz ikusi du nola defenditu duten Madrilen erkalzaleen seme-alabek, ikertua izan ez dadin. Izan ere, hori da eta ez besterik gertatu dena. Hedabideek susmagarriro hauspotua, giroan bertan dago halako zera bat haren kontra. Noiztik? Botswanako elefante baldar hark azkartu zuen dena. Corinna, nork ez daki nor den. Etxean ere, arazoak semearekin, arazoak errainarekin. Arabiar printzeen eskupekoak okerreko tokian gordetzea, horra errematea. Eta ba omen doa, nora eta Karibeko errepublika batera, nor eta errege bat. Zinez zirtolaria da halabeharra.

Bidegabekeriak xaxatua, gizonaren lekuan jarri naiz. Adintsua da, eri da. Zer pentsatuko ote du orain atzea ematen ari zaizkion guztiez? Non dira garai bateko jan-txakurrak? Beti izan da euskal herrimaitea. Aurre egin izan diotenean, hor izan ditu lagunak, erro zaharreko euskadun leialak, izan Gernikak 81ean, Loiolan 91n, Arrasaten eta Gasteizen 2004an, noiznahi Leiren, Iruñean eta Arzakenean... non dira 35 urtez losintxari izan dituenak? Non euskarazko agur hitzak zuri-zuri eskertzen izan dizkiotenak? Non erresumaren eta lurralde foralen arteko mendeetako ituna aldiro-aldiro gogorarazi izan dioten haiek guztiak? Zein erraza den gainbehera doanari azken sakadatxoa ematea zulora bidean!

Zuhaitz eroriari, orok egur. Semearen lepotik haziko dira orain. ]]>
<![CDATA[Belauna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/025/002/2020-06-14/belauna.htm Sun, 14 Jun 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/025/002/2020-06-14/belauna.htm
Ia bederatzi minutu, George Floyd herioan, ezin dut arnasarik hartu oihuka. Eta berriro ere kaleetan jendea, bistakoa dena salatzen. Beroago Estatu Batuetako hirietan, intelektualago munduan, Clichyko gazteen kasuan baino zabalago, nolanahi ere. Izan ere, irudiek asko laguntzen dute bidegabekeria ulertzen. Belaun itogarri hori. Eta hala berreskuratu dira azken egunetan beste Floyd egurtu batzuen hamaika bideo eta hamabi argazki afroamerikarren borrokenak. Rosa Parks. Greensboroko laurak. Tommy Smithen eta John Carlosen ukabil harrotuak Mexiko olimpiarreko zerurantz. Black Power. Black Lives Matter. Denok gara George Floyd!

Gero, beroarena apalduta, neure bizitzan azterka hasi naiz, lotu behar nau zerbaitek harekin, ni ere George Floyd naizela egin dut oihu. Baina ezer ez, ezta arrastorik ere. Ezin etsi, eta lagunartea errepasatu dut, ea zenbat Floyd ditudan adiskide minenen artean, zenbat Benna, zenbat Traore. Bilaketaren emaitzak jota, zabaldu egin behar izan dut eremua. Ez da posible. Mobila hartu eta agendan begiratu dut. Hau da hau. Agertu zaizkidan antzekoenekin, harreman erak salatu nau. Azkenean, euskararen aitzakia moldatu behar izan diot neure buruari. Ni dagoeneko zaharra naiz, baina nire seme-alabek bai, haiek izango dituzte lagun.

Eta hala, ez dena sinetsita oheratu naiz, ezin onartu belaunetik gertuago nagoela Floydengandik baino. ]]>
<![CDATA[Eredu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/026/002/2020-06-07/eredu.htm Sun, 07 Jun 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/026/002/2020-06-07/eredu.htm
Bizi garen hierarkia aureo honetan, maite du txikiak handia huts egiten harrapatzea. Batzuetan, bizigarri zaio mendeku-irria. Etxealdia hausten nor harrapatuko, eta Jaurlaritzako Larrialdi zuzendaria, Castrora laketzera joana. Johnsonen gobernuan, osasun aholkulari amorostua izan da. Gehienetan, ordea, amorragarri da albistea, ez du umoreak tokirik. Egunotan azkena. Ahoa bete egoera ekonomikoaren larriaz eta funtzionarioen sakrifiziorako deiez, eta egun berean %8,2 igotzea erabaki soldata goi karguei gobernuko alderdiek Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Eredu behar, baina mingarri gertatu. Eta hizkuntza, honetan ere, ez da jendartetik apartean bizi. Aste hauetan, hezkuntza langileok irakasle izateari utzi eta aztertzaile bihurtzen garen honetan, maiz etorri izan zaizkit ikasleak gogora. Helduak guztiak, zer pentsatuko ote duten politikari gehienak albistegietan entzuten dituztenean. Zein diren horiek, lanpostuei hizkuntza eskakizunak ezartzen dizkieten horiek, gero ez badira gauza besteri galdegiten diotena betetzeko. Lotsagarria bada darabilten euskara, tripili-trapala ari badira, gogoz kontra ezinean, edo zuzenean erdaraz, hilabetean gainontzekoek urte erdian beste irabazten duten horiek. Zabarkeria bada nagusi, disimulurik gabeko utzikeria, ze kakatzar da hau Franco hil eta ia mende erdira.

Eta ezinbestean, sinetsita nago, beste arlo askotan bezala, aspaldi utzi ziola klase politikoak inorentzat eredu izateari, zorionez beste batzuk direla ispiluak, beste batzuk egunerokoan lagun eta suspertzaileak.]]>
<![CDATA[Ikuskizuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/020/002/2020-05-31/ikuskizuna.htm Sun, 31 May 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/020/002/2020-05-31/ikuskizuna.htm El País egunkari etikoak maisuki aurkeztu duena: «George Floyden lepoa hau hil aurretik belaunaz estutu zuen polizia zuria».

Egunak daramatza sutan Minneapolisek, 2018an Fergusonek bezala, Minnesotan. Orduan Michael Brown deitzen zen Floyd, eta Darren Wilson Chauvin, armarik ez zeraman gaztea tiroz hil zuen polizia. Tartean behin, halaxe, kiskalitako hirien irudien bidez erakasten zaigu Estatu Batuetako geografia. 2001ean Cincinnati izan zen, Ohion. Tim Thomas zuen izena gazteak, eta Stephen Roach poliziak. 1992an, Rodney King gogor jipoitu zuten lau polizien absoluzioak sutu zuen egoera San Frantziskon, Atlantan, Las Vegasen eta New Yorken. 59 lagun hil zituzten liskarretan. Liberty Cityn ere, Miamin, lau izan ziren justiziak 1980an errugabetzat jo zituen poliziak Arthur McDuffie kolpeka hil ostean semaforoa gorrian pasa eta gero. Eta 1965ean Watts, Los Angeles. Trafiko kontu bat tarteko orduan ere, Marquette Frye atxilotu zutenean hasi zen guztia. 34 izan ziren hildakoak.

Behin eta berriro datorren albistea da Minneapolisekoa. Aktoreak, izenak izen, beti berak dira. Gazte afroamerikar bat da hila, eta zuriak polizia hiltzaileak eta epaile zuritzaileak. Egoera lehertzen duen gertaera, berriz, txorakeria hutsa da maiz. Floyden kontrako salaketa 20 dolarreko billete faltsu bat erabili nahi izatea izan da. Gainerakoa, eguneroko bizitzak sedimentatu du leba eta bare: biktimen bizi baldintza prekarioak, Poliziaren osaketa arraziala eta mendeetako dinamika estrukturalak, klase sozial batek fosilduak, zabalago batek babestuak eta hedabideek gordeak, harik eta desoreka ikuskizun bilakatzen den arte.

Eta guk, ustezko urruntasuna babes, amorrua ez dela soluzioa diogu, peace and love, sugarren indarrari gehiegizkoa deritzogun artean.]]>
<![CDATA[Garai zailak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/020/002/2020-05-24/garai_zailak.htm Sun, 24 May 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/020/002/2020-05-24/garai_zailak.htm
Garai zailak datoz eta, gastu sozialen atalera heltzen garenean, sasoi hobeetan ahaztuxeago ditugunak izango ditugu mintzagai atzera ere. Zurrumurruek oldar atabikoaren indarra hartuko dute, hamaika pasadizoz loratuko ditugu lagun arteko solasaldiak. Eta hor ez da kasik nabarituko nork ematen dion botoa nori, hain dago ondua soroa: haientzat izango da guri eta gure seme-alabei ukatzen zaiguna. Kanpoko nagia sarituko da eta bertako langilea zigortuko.

Kasualitatearen ederra, alarma egoeraren erdian mintzatu da Ikuspegi, Inmigrazioaren Euskal Behatokia: Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, bertan bizi diren atzerritar jatorriko herritarrek administraziotik jasotzen duten baino gehiago ematen diote bertako ekonomiari. Halako bi. Ez dut uste gainerako lurraldeetan emaitzak bestelakoak izango direnik.

Eta ni, hain petral administrazioarekin beste hainbat arlotan, poztu egin naiz Ikuspegiren ikerketaren ondorioak han eta hemen zabalduta ikusi ditudanean. Inoiz behar, eta garai egokian dator mezua, jakin nahi duenak haren berri izan dezan. Gero, oraindik zuloan gaudela akordatu, eta azken asteetako pare bat irudi datozkit gogora, inmigrazioa ekonomiari ekarritako onurekin lotzen ez dutenak: gormutu bat ertzainek egurtua Bilboko San Frantziskon, ez dakit zenbatgarren hildakoa Zaballan; jatorriak erabat baldintzaturiko gertaerak bi-biak.

Eta amets egin dut garai zailotan. Zein ederra litzatekeen berak sortutako literatura irakurtzea administrazioak.]]>
<![CDATA[Istripua Everesten]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/023/002/2020-05-17/istripua_everesten.htm Sun, 17 May 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/023/002/2020-05-17/istripua_everesten.htm
Gero, ez dakit noiz, gauzak aldatzen hasi ziren. Himalaiara zihoazen espedizio guztiak batean eta bestean ate-joka hasi zirelarik, jende xehearen babesa apaldu egin zen. Nekea da hitza, nazkatu egin ginen ezer ez zekarkiguten irteera haiekin. Oporretara joan nahi badute ordain dezatela euren poltsikotik, genion, fabriketako langileek bezala! Eta hala, urteen poderioz, erabat urtu zitzaigun elur guztia. Askok ez dugu, Pasang Temba-renaz gain, nepaldar bakar baten izenik ikasi harrezkero.

Munduari ere bestela begiratzen ikasi genuen. Heroitzat genituen haiexek berek salatzen zuten mendizaletasuna pairatzen ari zen aldaketa. Espedizio komertzialak, inguruarekiko errespetu eza, bertako biztanleak ere... ez genuen hari bakar bat hunkitu gintuen hura berriro defenditzeko. Ikonoak ere jendartearekin batera mudatu zitzaizkigun. Bestelakoa genuen begirada, eta bandera bat urrun horietan ezartzeak gehiegi zuen keinu neokolonialetik.

Orain, euskal mendizale batek munduko 14 zortzimilakoen zikloa itxi duela-eta azken tontorrean Endesaren logoa daraman bandera zabaltzen duelarik, eta «Denok maite zaituztet» egiten oihu, gazteleraz, noski, dena egiten zait Zabaletaren hura gertatu izan ez balitz bezala. Eta antzetik antzera jauzika, beharbada horrexegatik ezin dut El Conquis ikusi: higuingarriak zaizkit espediziokideen arteko lehiak, gailurrera bideko balioak eta ikurrinak Ushuaiatik Kariberainoko Everest guztietan.

Denok igo ginen. Uste dut gehienok hil ginela beherakoan.]]>
<![CDATA[Eskerrik asko geuri]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/023/002/2020-05-10/eskerrik_asko_geuri.htm Sun, 10 May 2020 00:00:00 +0200 Iñigo Aranbarri https://www.berria.eus/paperekoa/1939/023/002/2020-05-10/eskerrik_asko_geuri.htm
Asteon, hartu aldizkari bat eta orri beteko publizitatea. Udaltzain bat eta hiru ertzain irribarretsu ageri dira Babes Zibileko txalekoa daraman emakume batekin batera. Goian, letra handiz, «Eskerrik Asko!» ikusgarri bat «Denon artean lortzen ari gara» txikiago baten azpian. Argazki oinean, lau lerroko testu luzeago bat. Eta sinaduran, dena argiago uzten duen gakoa: Segurtasun saila. Beleari ere eder zaio bere boza.

Itxialdiaren hasieran, antzeko argazki bat zabaldu zen, instituzioetatik hauspotua hura ere. Behe-laino artean, Urkullu lehendakaria, kale jantziz ageri diren beste sei bat lagun, zurizko beste lau eta bederatzi ertzain, proportzio aureoan. Atzean hiru auto, poliziarenak hirurak. Eta testu bera, «Eskerrik asko».

Osasun arloko langileek zortzietako txaloekin nahikoa hazkurri badutelakoan, egon da publizitate instituzionala egin behar eta pentsatu duenik: nor loratzea dagokigu erakunde legez? Azkenaldian arazoa besterik eman ez diguten erresidentzietako langileak? Gizarte laguntzaileak? Hezitzaileak? Garbitzaile prekarizatuak? Han-hemenka borondate hutsez laguntzen dabilen tropa kontrolagaitz hori? Ez da hobe ordena ondoen irudikatzen duten profesionalei erakustea esker ona, bide batez lema tinko daramagula erakusteko jendarteari? Gainera, eurak dira pandemia garaian administrazioaren gestioa publikoki gutxien kritikatu dutenak, eta bidegabekiro, espekulatzaileekin batera gehiegikeriaz aritzeaz salatu izan dituzten bakarrak.

Felliniren film batean bezala dena.]]>