<![CDATA[Iñigo Astiz | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 21 Oct 2021 21:01:48 +0200 hourly 1 <![CDATA[Iñigo Astiz | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Nola sortu euskaldun inkontzienteak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1931/029/001/2021-10-20/nola_sortu_euskaldun_inkontzienteak.htm Wed, 20 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1931/029/001/2021-10-20/nola_sortu_euskaldun_inkontzienteak.htm Totelak (Erein) eleberriko bikotea, Maserati gorri batean, «hedonismoari ate guztiak irekita», eta kasualitatez alboan suertatu zaien bikote batek egingo die galdera, itxuraz, adeitsua. Orri sorta bat beharko du narratzaileak, ordea, erantzun bat topatzeko. Fikzioaren, saiakeraren eta kazetaritzaren artean kokatutako hibrido bat da liburua, Inazio Mujika editorearen hitzetan, eta, hain zuzen ere, liburuaren lehen orriko lehen esaldiko lehen hitzean bertan datorren galdera horren atzean ezkutatzen den galdera zabalagoaren bueltan dabil eleberri guztia ere: «Nor gara gu? Zer gara gu?». Galdera horri erantzutean sortzen diren «kontraesan, muga eta toteltasun edo totelkeriak» dira eleberriaren muina, editorearen hitzetan.

Oporretan dabilen bikotearen kontakizunaz gainera, liburuan bada bigarren ildo narratibo bat ere. Musika ikasketa akademikoak egin ostean herri musikarekin baketu ezinik dabilen kale musikari baten eta Ruper Ordorika musikariaren arteko topaketa bat kontatzen du bigarren plano horrek, eta Ordorikaren musikari buruzko gogoeta sorta bat txertatzeko aukera ematen dio fikziozko pasadizo horrek idazleari.

Euskara eta euskal kultura dira eleberriko hirugarren ardatza. Eta, kasu honetan, Mujikak laburtu du Etxegoienen posizioa: «Bere kezka da muga gehiegi ez ote dizkiogun jarri geure hizkuntzari; eta nobelak darabilen hizkuntza ere oso partikularra da, oso Ferminena; [Gabriel] Arestik esanno lukeen bezala, 'zikina', garbizalekeria guztietatik ihesi».

Etxegoienek bere hitzekin gehitu dizkio ñabardurak aurrez Mujikak aurreratutakoari. «Badago liburuan behin baino gehiagotan aipatzen den kontzeptu bat: inkontziente linguistiko kolektiboarena». Eta, idazlearen hitzetan, inkontziente linguistiko kolektibo hori «oso espainola» da Hego Euskal Herrian, eta «oso frantsesa» Ipar Euskal Herrian. Hortik, adibidez, euskañolaren indarra, besteak beste. «Hain da espainola gure inkontziente linguistiko kolektibo hori, ezen espainolez arazorik gabe onartzen ditugu erregistro guztiak, berdin Chiquito de la Calzada izan edo San Juan de La Cruz, eta euskarazkoak, aldiz, ez. Nekez onartzen dugu gutariko gehienok erregistro bat Mauleko koblakari batengandik datorrena edo Lekeitioko txiste kontalari batena, baldin eta badago txiste kontalaririk euskaraz Lekeition».

Gaztelerak zein frantsesak euskararekin alderatuta askoz ere oihartzun eta errepika indartsuagoa dutelako gertatzen da hori, Etxegoienen ustez. «Garai bateko euskaldun gehienak euskaldun inkontzienteak izango ziren, eta oraingoak, aldiz, kontrakoa: euskaldun kontzienteak gara, baina, zoritxarrez, ez gara euskaldun inkontzienteak. Eta hori ez ote den helburua, euskaldun inkontzienteak bilakatzea. Eta orain konturatu naiz hori besterik ez dudala idatzi: nola bilakatu euskaldun inkontziente, tartean, estetika dela bidea».

Neurona eta zeurona izeneko saiakerarekin hasi zuen bere literatur ibilbidea Etxegoienek, 2004an. Euskarari buruzko bere iritzi eta gogoetak biltzen zituen testuak, eta hiru fikzio lan ere argitaratu ditu geroztik; Autokarabana (2009), Zinegotzia (2013), Urpekariak (2015). Egilearen hitzetan, lotuta doaz guztiak, eta, zehazki, bere lehen nobelarekin lotuta ikusten du argitaratu berri duena, dionez «espektatiba zapuztu batzuei buruz» mintzo baita liburua. «Duela hamabi urte argitaratu nuen Autokarabana, eta, hura aurkeztean, esaten genuen hura kronika garaikide bat zela. Estereotipo horiek erabiltzen genituen. Joan dira hamar urte baino gehiago, eta orain sentsazioa dut ez ote naizen ari gure belaunaldiaren memoria egiten, denbora azkar pasatu delako, eta egoera batzuek ekarri gaituztelako, adibidez, hizkuntzaren alorrean, horrelako kolapso sentsazio batera».

«Narritagarria»

Eta, beraz, bere eleberria ere «euskarari buruzko adreilu horietako bat» ote den galdetu dio Etxegoienek bere buruari. «Seguruenik bai», onartu du. «Baina ez diot beldurrik horri». Dioenez, idazlea ondoren saiatzen delako hori guztia bideratzen fikzioaren bitartez. «Pertsonaiak, amodioak, enkontruak, desenkontruak... Horiek dira fikzioaren elementuak, eta uste dut liburuan badaudela aski elementu fikzio horretan irakurlea kulunkan eramateko».

Eleberriko pertsonaiak «anti-heroikoak» direla esan du idazleak, eta «diglosikoak» ere badirela, egoera linguistikoaz harago. «Espainiartasun kulturalean» kokatu ditu. Eta, azaldu duenez, haien bidez, liburuan badago pentsamendu atzerakoiari buruzko «esplorazio bat» ere. Etxegoienek esan duenez, kontziente da liburua «narritagarria» gerta litekeela.

Lana bukatu eta argitaratu ostean bakarrik konturatu da Etxegoien bera ere eleberriko bi ildo narratiboak berak uste baino paretsuago doazela. «Herenegun ohartu nintzen horretaz», onartu du. «Kontserbatorioan ikasitakoa da kaleko musikari hori, eta arazoak dauzka musikari inkontzientea izateko». Eta, hain zuzen, paralelismo horrek uztartzen du haren kontakizuna bikotearen istorioarekin.]]>
<![CDATA['Gernika', Ibarrolarena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1834/038/001/2021-10-19/gernika_ibarrolarena.htm Tue, 19 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1834/038/001/2021-10-19/gernika_ibarrolarena.htm Gernika. Edo haren parte bat behintzat. Bilboko Arte Ederren Museoak erakusketa oso bat eskaini baitio Agustin Ibarrola artistak 1977 inguruan sortutako Gernika koadroari, eta, hartan, zuri-beltzeko trama geometrikoen artean harrapaturik topatuko ditu bisitariak Picassoren koadroko zaldia, txoria, soldadu hila eta hildako umeari negar egiten dion emakumea. Ibarrolaren sinadura daraman giza figura batek besoak altxatzen ditu erdialdean, ezker eskuarekin ukabila erakutsiz, eta eskuinarekin garaipenaren keinua eginez; jende talde bat Gernika dioen seinalea garraiatzen dabil eskuinerago, eta beste jende multzo txikiago bat ikus daiteke sufrimendu keinuak egiten. Bi metro garai eta hamar metro zabal da lana, eta Ibarrolaren eskua omenaldiaren eta aldarrikapenaren artean dabil hartan, Picassoren lana Euskal Herrira ekar zezatela eskatzeko ere baliatu baitzuen obra, Gernika Gernikara kanpaina zabalagoaren barruan. Ibarrolaren lanarekin batera, haren sorrerako testuinguruaren berri ematen duten hainbat dokumentu ere bildu ditu erakusketan Bilboko Arte Ederren Museoak, eta, horregatik, ikusgai jarri dituzte erakundeak 1980ko hamarkadan Picassoren Gernika hartzeko aurkeztu zuen hautagaitza eta horretarako eskatutako aurreproiektua.

Franco hil berri zela, eta Picassoren lana oraindik New Yorkeko Arte Modernoko Museoan zegoela, gogor zebilen hura mugitzeko aukerari buruzko hotsa, eta horregatik sortu zuten Gernika Gernikara izeneko kanpaina, koadroa Euskal Herrira ekartzeko asmoarekin. Haren sorreran izan zen Ibarrola ere, eta, hain justu, eskari hori bultzatzeko baliatu zuen bere Gernika. Horren berri ere ematen du Bilboko erakusketak orain, eta, artistaren margolan erraldoiaz gainera, artistaren posizioa zehatz erakusten duten zenbait eskuizkribu eta argitalpen ere bildu dituzte horretarako.

Bilboko Arte Ederren Museoak ere bat egin zuen eskari harekin 1980ko hamarkadan, eta hori frogatzen duten dokumentu ugari topatuko ditu bisitariak. Koadroa hartu ahal izateko egin beharreko moldaketa eta egokitzapen guztien berri ematen duen aurreproiektu bat ere bada, besteak beste. Juan Ignacio Macua eta Pedro Garcia Ramos diseinatzaileek osatzen zuten Equipo de Diseño izeneko taldeari eskatu zion lana museoak, eta Picassoren obra kristalezko kutxa moduko batean biltzea proposatu zuten.

Guztira, 31 plano zituen aurreproiektu hark, eta hautaketa bat jarri dute orain ikusgai. Datua «ezezaguna» zela onartu du Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko egungo zuzendariak, baina, edonola ere, margolana Bilbora ekartzeko eskaria «iraganeko historia» dela esan du. «Koadroa hartzeko lurreratze pista modura aurkeztu zuen museoak bere burua; ez zegoen asmorik lana Bilbon gordetzeko».

Doako sarrera

Jose Ibarrola artista eta Agustin Ibarrolaren semeak gogoratu duenez, Ibarrolak ere bazterrean utzi zuen Picassoren obra Euskal Herrira ekartzeko eskaria, Gernika Madrilgo Reina Sofia museora heldu zenean. «Ulertu zuen obraren lekua hori zela eta berak bultzatu eta, hein batean, sortutako Gernika Gernikara mugimendua amaitu egin zela».

Iaz eskuratu zuen Ibarrolaren lana museoak, Madrilgo Arco arte azokan, 300.000 euroan. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak onartu dute erosketa, eta Zugazak eskerrak eman dizkie guztiei «ezohiko aurrekontua» dela eta. Erosketa «aho batez» eta «berehalakoan» erabaki zutela ere esan du. Aurrez, beste bitan izan da lana ikusgai Bilboko museoan, 1977an lehenik, eta 1980an bigarrenik, baina artistaren etxean egon da gorderik orduz geroztik, eta behin betiko geratuko da orain han, artistak dohaintzan emandako sasoi bereko beste bi lan geometrikorekin batera.

Bestetik, hastear da Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanen lehen fasea ere; ondorioz, eraikin klasikoa itxita egongo da. Lanek iraun bitartean, doakoa izango da eraikin modernorako sarrera.]]>
<![CDATA[Lurrundu egin den ama bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/023/001/2021-10-16/lurrundu_egin_den_ama_bat.htm Sat, 16 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1872/023/001/2021-10-16/lurrundu_egin_den_ama_bat.htm Jarraitu inurriari komikiaren muina. Duela bi urte hasi zuten elkarlana, eta orain eman du argitara Harriet argitaletxeak 70 orritik gorako kontakizuna, koloretan.

«Zer gertatuko litzateke baldin eta...». Elorriagaren hitzetan, eten puntuekin amaitzen den formulazio hori izaten da maiz kontakizunak abiatzeko motorretako bat, eta, kasu honetan, hala sortu zen egun batetik bestera ama etxetik desagerrarazteko ideia. «Familiako pieza oso garrantzitsua da ama, eta, desagertzen denean, dinamika berriak sortzen dira aita eta alabaren artean, eta, nolabait ere, familia berri bat sortzen da hortik. Absentziari, familiari eta inguratzen gaituenari buruz gogoeta egiteko aukera eskaintzen du horrek».

Azaleko irudiak bi plano ageri ditu, eta kontakizunak ere bi planotan egiten du aurrera barruko orrietan. Errota zaharrean naturaz inguratuta bizi diren aita-alaben nondik norakoak kontatzen dira haietako batean, eta baldosa hotzezko bulego inpertsonal erraldoi itxian burokrazia lanek irentsita bizi den emakumearen ihes egin ezina kontatzen du besteak. Berdea eta horia dira nagusi mundu batean, eta grisaxka gailentzen da bestean. Txosten, emendakin eta zigiluz eraikitako infernu moduko bat da.

Gai larriak eta umorea

«Bai, infernua da», onartu du Elorriagak; «infernu modernoa», zehaztu du gero. Lanean sartzen diren gehiegizko orduei buruzko kritika bat ere bada, gainera. «Badago lanean orduak eta orduak sartu behar izaten dituen jendea, eta maiz ez gara konturatzen horrek inguruan eta familian sortzen duen absentziaz eta minaz».

Absentzia. Heriotza. Memoria. Lana. Ludopatia. Gai larri franko lantzen ditu komikiak, baina irribarrea ere pizten du tarteka. Oreka hori izan da autoreen erronketako bat. Elorriaga: «Gero eta argiago dut idaztean dibertitu egin behar dudala. Interesatzen zait gai larri horiek lantzea, eta uste dut literaturak aukera eman behar duela gai horiei buruz gogoeta egiteko, baina, gero, azkenean, umorearekin dibertitzen zara». Ñabardura bat gehitu dio Orbek: «Horrez gainera, ume bat da protagonista, eta umeen munduak beti uzten du aukera umorerako, pentsatzeko modu inozenteagoa dutelako, eta jolasean aritzen direlako. Eta umearenarekin batera, amamaren pertsonaiak ere ematen du aukera umorerako, oso anarkikoa delako».

Amaren hutsuneak hankaz gora jarriko du komikian aitaren eta alabaren arteko harremana. Erabat gogogabetuta geratu delako aita, eta maiz umeak aritu beharko duelako hura zaintzen eta haren bizitza zuzentzen saiatzen. Eta, hain justu, lanen banaketa horretatik dator liburuaren titulua, Elorriagak azaldu duenez: «Hamaika izenburu izan ditugu mahai gainean, baina ez genuen batere argi ikusten. Eta izenburuarekin asmatu ezinean nabilenean, beti jotzen dut 1596ko Refranes y sentencias liburura. XVI. mendeko liburua da, eta horrek esan nahi du bertan biltzen direnak lehenagokoak direla. Euskarazko antzinako hamaika esapide datoz bertan, eta han topatu nuen inurriari arraio esaera, hitanoan eta aditz trinkoarekin idatzita, inurriari jarraitu behar zaiola adierazteko. Esapideak dio zer egin behar den dakien norbait dagoenean hari jarraitu behar zaiola, eta komikian umea da jarraitu beharreko inurri hori, haren gidaritzari esker salbatzen delako dena azkenean».

Lehen komikia elkarrekin

Orbek ere esan du umearen pertsonaiarekin bereziki gustura aritu dela, eta ez dela beti hala gertatzen: «Komiki bat hasten duzunean, pertsonaiak oraindik ez dituzu erabat kontrolpean. Kostata marrazten dituzu, baina Gurek —hori da umearen izena— badu karisma berezi bat; azkar hartu nion maitasuna, eta hasiera xamarretik atera zitzaidan ongi. Oso esker oneko pertsonaia da».

Getxon (Bizkaia) bizi dira bi egileak, Algortan, eta aurrez ere arituak ziren elkarrekin. Orbek egin zituen Elorriagak idatzitako Erraldoiek ez dute lagunik jaten kontakizunaren ilustrazioak, baina sekula ez ziren komikigintzan aritu elkarrekin. Orbek egin zion proposamena. «Idazleek badakite istorioak kontatzen, eta niri asko gustatzen zait Unaik [Elorriagak] nola idazten duen. Banekien ongi egingo zuela, eta, gainera, istorioa niri ongi kontatzearekin nahikoa da, nik itzuliko dudalako hori gero iruditara. Baina oso ongi moldatu da komikiaren lengoaiara». Elorriagak esan du esperientzia «gozamen hutsa» izan dela: «Zoragarria da zuk buruan duzun zerbait idatzi eta bat-batean marrazki bihurtu dela ikustea. Alexek [Orbek] berehala harrapatzen zuen irudimenean nuena, eta nik baino detaile gehiagorekin irudikatu du».

Euskaraz idatzi dute komikia, eta gaztelerazko bertsioa ere argitaratu dute, jatorrizkoarekin batera, Elorriagak berak egindako itzulpenarekin.]]>
<![CDATA[Ganberarako Txillida bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/026/001/2021-10-16/ganberarako_txillida_bat.htm Sat, 16 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1893/026/001/2021-10-16/ganberarako_txillida_bat.htm
Ez da artelan multzo handia; Mujikak onartu du hori, baina bada esanguratsua, halere. «Normalean Txillidari eskaintzen zaizkion erakusketek haren obraren arlo bateko eta besteko apur txikiak erakutsi ohi dituzte, eta, horregatik, litekeena da hau izatea espresuki grabitazioei eskaini zaien lehen erakusketa».

Aretoan sartu eta kolpean errekonozitzen da Txillidaren eskua piezetan. Lerroak marrazteko modua, materiala baliatzekoa, orrien ebakidurek irudikatzen dituzten formak... «Egin zuen guztian izan zen eskultorea», azaldu du Mujikak. Eta, hain zuzen, bolumen egarri igar daiteke paperezko lan guztietan. Eta, bestetik, nabarmena da artistak materialari zion begirunea ere. Paper mota berezi batekin sortua baita erakusketan ikus daitezkeen bederatzi piezetako bakoitza. Zurixkak dira batzuk, marroiak beste batzuk, eta korapilo moduko batzuk ere badituzte beste batzuek. «Materialekin hitz egiten zuela esan ohi zuen Eduardok [Txillidak], eta materialak iradokitzen ziona egiten zuela berak».

Txillidak berak esandakoaren arabera, «oharkabean» hasi zen grabitazioekin. «Sekula ez zait gustatu kola. Paperak hala itsastea ez zitzaidan onena iruditzen, baina ez nuen pentsatu beste era askotara egin zitekeenik ere». Sokaren batekin edo zerbaitekin elkarrekin josi zitezkeela bururatu, eta hala azaldu zitzaizkion lehen piezak. «Eragiketa horren ondorioez jabetu nintzen. Lehen kola zegoen lekuan orain espazioa sartzen zenuen. Ez konparatu espazioa eta kola! Zorakeria da. Irabazia sekulakoa da».

Bananondo papera

Mujikak musikara jo du azalpena osatu ahal izateko konparazio bila. «Txillidak tona askoko materialarekin egiten zuen lan sarritan, mila graduko tenperaturan, lantalde handiarekin, eta horregatik ziren hain bereziak grabitazioak. Burdinola gainean zuen estudioa, eta hara joatean sortzen zituen; dena zen lasaitasuna. Musika jartzen zuen, Bachen oso zalea zen, eta berak bakar-bakarrik egin zezakeen guztia. Paperak, Parker tinta, kuterra eta bera baino ez. Orkestrazio musikarekin alderatuta, ganberarako musika ziren grabitazioak harentzat».

Mende laurden darama galeriak Txillidaren obrarekin lanean, eta behin baino gehiagotan antolatu dituzte haren alderdi jakin bati edo besteari buruzko erakusketak; Estudio izeneko aretoan beti, galeriak dituen bi guneetatik txikienean, alegia. Han erakutsi dituzte, besteak beste, artistaren collageak eta Euzkadi serieko akuaforteak.

Galeriaren biltegikoak dira Grabitazioak erakusketako pieza batzuk, baina hainbat bildumagile partikularrengana ere jo dute oraingoan erakusketa osatzeko. Bada, adibidez, Mexikotik ekarritako bat, tartean: bildumako handiena, zehazki. Mujika: «Bananondoen azalarekin sortutako paperarekin egina dago, eta horregatik ditu ñabardura horiek guztiak. Mexikora egindako bidaia batean deskubritu zuen. Janariak eta bestelako gauzak biltzeko erabiltzen zuten, eta oso merkea zen, baina Txillidari ikaragarri gustatu zitzaion, eta harekin sortutakoa da lan hori».

Metro eta 60 zentimetro luze da pieza: hamar urtean sortu zuen serie multzo osoko lanik handiena da. «Sokatxo batzuek eusten diete paperei, eta, horregatik, ezin zuen egin neurri handiagoko lanik, korapiloek materiala urratu dezaketelako, bestela».

Salmenta prezioak

Mexikoko lana da salgai ez dagoen bakarra. Galeristak nabarmendu duenez, 90.000 euro balio du beste zortzi lanen arteko merkeenak, eta badira 150.000 eta 250.000 euroren truke saltzen direnak ere. «Nazioarteko prezioak dira», azaldu du Mujikak. «Txillidaren lan gutxi ateratzen dira, eta enkantean izaten duten hasierako prezioa ez da izaten txikia».

Madrilgo Guillermo de Osma galeriarekin eta Txillida Leku fundazioarekin elkarlanean antolatu dute erakusketa.]]>
<![CDATA[Txeloaren hariekin askatzea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/030/001/2021-10-14/txeloaren_hariekin_askatzea.htm Thu, 14 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1872/030/001/2021-10-14/txeloaren_hariekin_askatzea.htm Trigger txelo jotzaile eta musikariaren ahotsa (Leintz Gatzaga, Gipuzkoa, 1992), kaleratu berri duen Poliedro Vol. I disko-liburuko testuaren hasieran, baina hain justu ere liberazio kontakizun hori helarazi nahi izan die egun musika tresna nola jo ikasten ari diren ikasleei. Hitzen bidez, liburuan, biolontxeloa jotzeko hamaika teknika azalduta; eta doinuz, diskoan, tresna rockaren, punkaren, hardcorearen, flamenkoaren eta technoaren eremuetaraino daramaten hemeretzi abestirekin. Forbidden Colours etxeak eman du argitara.

«Niri musika klasikoa gustatzen zait», onartu du lehen-lehenik, eta gero hasi dira ñabardurak. «Baina mundu oso zurruna da; diziplina handia eskatzen du, eta lehiakortasun handia dago. Partitura bat ematen dizute eta hori interpreta dezakezu, baina ez daukazu mugimendurako tarte handirik. Sorkuntzara pasatzen zarenean eta ikertzen hasten zarenean munduan zer joera berri dagoen, orduan askatu egiten zara».

Hiru ataletan banatu du diskoa, eta musika jotzeko formatu batekin sortutako abestiak bildu ditu haietako bakoitzean. Aurretiko bista izeneko blokea osatzen dute lehen bederatzi kantek: teknikoki zailenak diren edo birtuosoenak diren bakarkako abestiek osatzen dute hori. Albotiko bista du izena hurrengoak, eta ganberako musikaren formatuan sortutako sei kanta dauzka. Eta Goitiko bista izendatu du azkena, hiru kantarekin. Teknologia berriak baliatuz sortu ditu azken horiek, pedal sorta bat erabiliz.

«Rocka da oinarria», laburbildu du, «metala, hardcorea eta punka da gehien agertzen dena, baina gero badaude flamenko eta funk estiloko zatiak ere, eta technoa ere bai, zenbait aldaeratan: trancea, drum'n'bass, liquid drum'n'bass...». Izan ere, tresna bat da txeloa, finean, eta edozer lantzeko balio du.

«Txikitatik musika asko entzun dut. Denetatik gustatzen zait, eta hori uztartzen duzunean baliabide tekniko batzuekin, konturatzen zara txeloarekin denetarik egin dezakezula». Alderdi horien guztien nahastea da bera, dioenez. Eta horregatik titulua: Poliedroa. «Nire poliedrikotasuna eta txeloaren poliedrikotasuna azaleratu nahi nituen abesti horietan guztietan, diskoa entzuten duenak denetatik entzun dezan».

Konfrontazioa

Arrasate Musikalen hasi zituen biolontxelo ikasketak, eta formakuntza klasikoan trebatu zen gero, Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan. Bartzelonako ESMUC-en egin zituen ikasketak ondoren. Musika modernoaren lengoaian trebatzen jarraitu zuen horren ostean ere, Martin Melendez txelo jotzailearekin, Alemaniako Kolonia hiriko New Directions Cello Festivalen. 2017an hasi zen Trigger ezizenarekin sortzen, eta 2019an kaleratu zuen lehen diskoa: Esku bi, hamar hatz. Lan hartan ere askatzen hasia zela dio orain musikariak, baina era «basati» batean.

«Beharraren beharrez askatu nintzen orduan. Kateak hautsi egin nituen». Muturrera jo zuen orduan; aitortu duenez, konfrontaziora. «Klasikoko mundukoek tipo arrarotzat hartzen zaituzte, eta, hurrengo urratsean, konfrontazio hori bilatzen baduzu, prest egon behar duzu konfrontazio hori haien terminoetan bilatzera: bibliografia aztertu, ikertu, partiturak idatzi... Haien parean jartzen zara horrela, eta hori da helburua». Jauzi kualitatibo bat emateko beharra sentitu zuela dio Zubizarretak, funtsean, eta saiakera horren emaitza da kaleratu duen disko-liburua.

Bi urte eman ditu proiektua lantzen, eta orain musika ikasten ari diren ikasleak ere izan ditu buruan. Musika ulertzeko bere erari buruzko gogoetekin eta egungo musika eszenari buruzko iritziekin batera, diskoko abesti guztien partiturak ere badakartza liburuak, horregatik, eta baita haiek jotzeko darabiltzan teknikei zein tresnei buruzko azalpenak ere. «Erakutsi nahi diet belaunaldi berri horiei txeloa beste era batera ere jo daitekeela, eta gustuko duten edozein musika sortu dezaketela txeloarekin. Ez dezatela pasatu gutako askok pasatu behar izan duguna, eta ez daitezela bidean geratu».

Ainhoa Iraolak eta Lara Aldalurrek egin dute diseinua, Ander Sevillak grabazioak, eta Quico Puges eta Jokin Garmendia txelo jotzaileekin batera dabil zuzenean. Aiaraldean hasi zuen bira (Araba), eta hiru kontzertu dauzka itxita: azaroaren 18an Ordizian izango da (Gipuzkoa); azaroaren 23an, Soraluzen (Gipuzkoa); eta abenduaren 5ean, Markina-Xemeinen (Bizkaia).]]>
<![CDATA[Gabriel Erkoreka konpositoreak irabazi du Espainiako Musika Saria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/032/001/2021-10-14/gabriel_erkoreka_konpositoreak_irabazi_du_espainiako_musika_saria.htm Thu, 14 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1891/032/001/2021-10-14/gabriel_erkoreka_konpositoreak_irabazi_du_espainiako_musika_saria.htm Zuhaitz eta Basalt obrak aipatu dituzte horren adibidetzat, eta, azkenik, «bere musikaren nazioarteko hedapena» ere azpimarratu dute. 30.000 euro jasoko ditu sortzaileak.

Bilboko Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioan hasi zituen ikasketak, eta ohorezko sariak jaso zituen Konposizioan zein Pianoan. 1995ean onartu zuten Londresko Royal Academy of Music-en, eta, han ere, hainbat aipamen berezi jaso zituen egindako lanagatik. Pianorako, ahotserako, orkestrarako zein bestelako formatuetarako musika sortu du. Naturarekiko kezka igar daiteke haren obretako askotan, eta baita bateko zein besteko musika tradizionala txertatu eta harekin esperimentatzeko joera ere.

Adarkatuz doan obra bat

Hain zuzen ere, horren guztiaren erakusgarritzat aipatu du Zuhaitz obra epaimahaiak. 2016an estreinatu zuen lana Erkorekak, Madrilen, Juanjo Menaren zuzendaritzapean, eta Espainiako Orkestra eta Koruarekin, eta, gerora, 2019an aurkeztu zuen lehenengoz Euskal Herrian; kasu hartan Euskadiko Orkestrarekin. Saio haren aurkezpenean azaldu zuenez, izenburuak, sinbolikoki, «bizia hartzen duen zuhaitz bati» egiten dio keinu. «Egurra da piezaren oinarriko materiala, batez ere Kalakan-en txalapartaren bitartez, baina baita orkestrako hainbat instrumentutan ere: marinba, xilofonoa, egurrezko taulak...». Obraren egitura ere «adarkatuz» joaten dela gehitu zuen, eta sakoneko mezua «naturaren aldeko oihu bat» zela ere zehaztu zuen. Espainiako Musika Saria eman dion epaimahaiak konpositoreari txalotu dion musika «kultua» eta folklorea uztartzeko duen moduaren erakusgarri ere bada lana.

Nabarmentzekoak dira 2013an Zaragozan (Espainia) aurkeztutako Ametsak, zein Donostiako Musika Hamabostaldian estreinatutako Ilargi obrak ere. 2017an Tramuntana izeneko lan sinfonikoa aurkeztu zuen Cadaquesko Orkestrarekin, Bartzelonan, Orkestra Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketaren barnean. Eta, kasu hartan ere, Kataluniako folkloreko hainbat elementu baliatu zituen bere konposiziorako. 2020an estreinatu zuen saritu berri duen epaimahaiak nabarmendu dion beste lana: Basalt. Iñaki Alberdi musikariak interpretatu zuen ordukoan Erkorekak akordeoi mikrotonalerako sortutako pieza.

Torrent, 95 urterekin saritua

Aurrez ere zerrenda luzea osatzen dute Erkorekak jasotako sariek. Musika Konposiziorako Reina Sofia saria jaso zuen, esaterako, 2008an, eta Erromako Saria jaso zuen 2001ean. Horiek, besteak beste. Egun irakasle da Musikene Goi Mailako Musika Eskolan, eta Bilboko BBVA fundazioak antolatutako musika garaikideko kontzertu zikloaren koordinatzailea ere bada.

Montserrat Torrent musikaria ere saritu du epaimahaiak, interpretazioari dagokion alorrean. 95 urte beteak ditu Torrentek, eta haren ibilbide osoa izan dute kontuan hari ere Espainiako Musika Saria ematean.]]>
<![CDATA[Eszenaren ertz garaikidea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/022/001/2021-10-13/eszenaren_ertz_garaikidea.htm Wed, 13 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1909/022/001/2021-10-13/eszenaren_ertz_garaikidea.htm
Diziplinen arteko mugetan joan etorrian dabiltzan proposamenak programatzen ditu maiz jaialdiak, Alicia Otxandategi jaialdiko zuzendariak onartu duenez, eta, horregatik, «ezinbestekoa» da festibala horretan dabiltzanentzat. Orokorrean izan delako urte zaila sortzaileentzat, eta, bereziki zaila jaialdian parte hartu ohi dutenen moduko konpainientzat. «Sortzaileek behar dute BAD, eta premiazkoa zaie honek aurrera egitea», azaldu du. Jaialdian parte hartzeak konpainiei beste jaialdi batzuetara heltzeko ateak ere irekitzen dizkiela gehitu du zuzendariak. «Gure artistek kanpoan lan egin ahal izatea oso pozgarria da».

Olatz de Andres koreografoak bere emanaldia ohiko formatuetatik urruntzea erabaki du, adibidez. Hacer tiempo (Denbora pasa) izeneko pieza erdiz baita erakusketa eta erdiz dantza ikuskizuna. Lau orduko iraupena izango du emanaldiak, eta sartu-irtenean aritzeko aukera izango du bisitariak. Erabateko estreinaldia du piezak, eta urriaren igandean egingo dute, Deustuko erriberako IED Kunsthal aretoan.

Miguel Angel Berna dantzari espainiarrak Oturia: intima peregrinatio ordu erdi inguruko dantza emanaldia estreinatuko du urriaren 20an Campos antzokian. Isaak Erdoiza eta Nazario Diazek soinu esperimentazioaren eta dantzaren artean dabilen Fuego verde emango dute 22an lehenengo aldiz, Fundicion aretoan. Colectivo V.A.L.A. euskal konpainiak sortutako You are welcome instalazioa izango da jaialdiko beste erabateko estreinaldietako bat, eta 22an eta 24an egongo da ikusgai Bilborocken, eta Koldo Arostegik ere 23an eskainiko du lehenengoz El ritmo que nos precede Campos antzokian.

Gaztetasuna eta kalitatea

Euskal Herrikoak dira jaialdian izango diren konpainien erdiak, eta «adierazgarria» da kopuru hori jaialdiko zuzendariaren hitzetan. «Gure eszena garaikideak indartsu dirau nazio eta nazioarteko programazioetan, eta azken urteetan gero eta leku handiagoa hartu dute nazioarteko jaialdietan: euskal eszenaren eta artisten kalitatearen adierazle da hori». Gaineratu duenez, nabarmentzekoak dira jaialdiko talde horien «gaztetasuna» eta «kalitatea».

Euskarazko hiru emanaldi ere izango dira. Horman Poster konpainiak igandean eskainiko du Harrobia aretoan Antigone edo ezetzaren beharra, eta hurrengo egunean toki berean taularatuko du Jon Ander Urresti aktoreak Tribiz, baserri galdua izeneko antzerki dokumentala. Nerea Martinez dantzari eta koreografoak ostiralean eskainiko du Abrazo izeneko lana areto berean, eta lehenengo aldiz egingo dute saioa euskarazko testuarekin.

Hain zuzen ere, pieza horren zati bat eskaini zuten Natalia Garciak eta Martinezek berak jaialdiaren aurkezpen ekitaldian. Gorputz osoa lokatz moduko batekin estalita, aulki eta mahai baten inguruan aritu ziren bi dantzariak dantzan, bozgorailuetatik xuxurla eta giza marmar bat entzuten zen bitartean. «Buztinetik gatoz, buztina gara eta buztinera itzuliko gara».

Espainiako, Kataluniako, Galiziako, Frantziako eta Erresuma Batuko konpainien proposamenak ere izango dira ikusgai, eta Igor Calonge euskal koreografoak Cielo Raso konpainiaren Piedra lanarekin amaituko da programazioa, hilaren 24an.

Fundicionen, Bilborocken, Harrobian, Campos antzokian eta Berreginen Museoan izango dira saioak.

Emanaldiez gain, tailerrak ere antolatu dituzte, eta egun erdiko jardunaldia egingo dute urriaren 16an. Dantza, arte dramatikoa, hezkuntza eta ikerketa izango dituzte mintzagai, eta Internet bidez ere jarraitu ahalko dira hitzaldiak.

Aurten, 23. aldia izango du jaialdiak eta, «mende laurdenera gerturatuz doala», ibilbide horretan guztian lortu duen erreferentzialtasuna izan du gogoan Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak. «Kultura garaikidearen maitaleentzako topagunea da BAD beti, eta zita garrantzitsua arte eszenikoetako proposamen berri eta berritzaileenak ezagutzeko». Jaialdia ikuskizun berriak abian jartzeko erakusleiho ona dela ere gaineratu du.

Sarrera doakoa izango da emanaldi gutxi batzuetarako, baina horietan ere aurrez egin beharko dira erreserbak. Hamar euroko sarrera izango dute gainontzeko emanaldi guztiek, eta bonuak ere eskainiko ditu jaialdiak: 20 eurokoa hiru saio ikusi ahal izateko, eta 30 eurokoa bost saiotarako.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.badbilbao.eus]]>
<![CDATA[Tronpetarekin eztul egitea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/024/001/2021-10-13/tronpetarekin_eztul_egitea.htm Wed, 13 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1872/024/001/2021-10-13/tronpetarekin_eztul_egitea.htm Berrogeita hamar urte barru izeneko piezak Txaranga Urretabizakaiaren proposamen estetikoaren erretratua egiteko. 2017an sortu zuten taldea, eta ordutik 2020ra arte konposatutako piezen hautaketa bat eman dute argitara orain: Partiturak/s (Popurrit). Performancearen eta esperimentazioaren artean dabiltzan 90 konposizio baino gehiago dakartza bildumak, eta taldeak zuzenean eskainitakoak dira erdia inguru. Irakurleak nekez topatuko du bertan pentagrama eta noten irudikapen konbentzionalik, ordea, kasurik gehien-gehienetan taldekideek egin beharreko mugimenduei eta piezaren azken helburu poetikoei buruzko oharrek osatzen baitituzte partiturak. Ko-jotzen izeneko piezan, kasu. «Musikariak multzoan, hiru lerrotan jarrita. Musikari bakoitzak aldamenekoaren instrumentuko pistoiak jotzen ditu bere instrumentuan putz egiten duen bitartean. Guztiak lotuta gelditzen dira. Denen artean zentzua duen zerbait jotzen saiatuko dira, aurrez entseatu gabe».

Hamabost kide ditu egun taldeak, baina aldatuz joaten da kopurua aldiro, eta, beraz, ez da beti finkoa izaten zerrenda. Taldeko kide dira, besteak beste, Amaia Molinet, Fernando Gomez, Luis Andre, Luis Candaudap, Mila Dolz, Miren Barrena, Pablo Lajo, Jon Mantxi, Terri Florido, Fito Ramirez-Escudero, Sara Padilla, Unai Requejo, Ibon RG, Myriam Rzm eta Fernando Ulzion, eta eurek sortutako partiturak bildu dituzte liburuan.

Mantxi lehen unetik izan da kolektibo aldakor horretako kidea, eta, esan duenez, hasieran emanaldi bakar baterako sortu zuten taldea, eta saioz saio osatutako lau urteko ibilbidea errepasatzeko balio izan die liburuak. «Fanzine bat egitea zen gure asmoa, baina ikusi dugu partitura asko zeudela, eta liburu forma eman diogu».

Mugimendua eta espazioa

Musikariak Fluxus mugimendu artistikoa eta Scratch Orchestra talde esperimentala aipatu ditu erreferentziatzat, haiek ere pentagramarik gabe sortu zituztelako konposizioak, musikariei segitu beharreko jarraibide sorta bat zehaztuz. Mantxiren hitzetan, gainera, joko duten nota multzoaz harago, joko duten hori nola joko duten ere zehazteko aukera eskaintzen die horrek. «Haize instrumentuek eta txaranga formatuak aukera ematen digu espazioan mugitzeko, eta hori askatzailea izan da guretzat. Soinuak mugimenduan egoteak aberastasuna ematen du, eta esparru hori lantzen dute partituretako askok. Mugimendua eta espazializazioa garrantzitsuak dira guretzat».

Umorea gailentzen da konposizio askotan, baina badira koreografia konplexuak zein entzuleekiko hartu-eman zuzena proposatzen duten piezak ere. Omenaldiarekin nahasian doa irribarrea, esaterako, Ennio Morricone hil zen egunean bertan konposatutako Lokotxa biltzen izeneko piezan. «Instrumentuak lerro zuzenean desmuntatuta, zati bakoitza bi metroko distantzian; lokotxa biltze jokoan bezala. Desmuntatutako tresna bakoitzak lerro paralelo bana sortuko du, euren arteko bi metro inguru utziz. Musikariak korrika hasi, zati bat hartu, plazaren beste aldera ekarri,eta tresna muntatzen joango dira. Bukaeran, Ennio Morriconeren The Mission doinua jo».

Sorpresa da txarangaren beste motorretako bat. Mantxi: «Normalean ez dakigu nola geldituko den, edo zer gertatuko den emanaldi bakoitzean edo pieza bakoitzean. Kasualitateak sortzen dira, eta horri irekita egotea da ideia».

Broma modura sortu zuten izena: Arantxa izenak eta txaranga hitzak zuten antzekotasunari tiraka. Horregatik eskatu zioten hitzaurrea Arantxa Urretabizkaia idazleari. «Askotan egiten ditugu halakoak», onartu du Mantxik, «txorakeriak proposatu, eta gero aurrera egin eta gauzatu». Bidali zioten, beraz, proposamena; hark onartu, eta aurrez beste inon argitaratu gabeko Sorterria poemarekin hasten da liburua.

Kartoi banda helburu

Ez da idazleari egindako keinu bakarra. Justu liburuaren bukaeran dator Miren Barrenak konposatutako Zergatik panpox pieza, idazlearen aipu batetik abiatuta: «Eztulak tronpeta batek baino soinu gehiago egiten du». Partituraren arabera, musikarien organismoa musika bilakatzea da helburua, kasu honetan. «Komeni da negua edo alergiak eta katarroak ohikoak diren garaia izatea. Musikari bakoitzak eztulka hasi arte itxarongo du, eta orduan, ahokoa ahoan jarri eta musika bat sortuko du. Ziurrenik pieza minimalista izango denez, soinu baino isiltasun gehiagorekin, musikariak ere distantzia handi batera jarriko dira, espazioa soinuarekin koherentea izan dadin. Horrela, kutsatzeak ere saihestuko dira».

Euskaraz eta gazteleraz datoz liburuko jarraibide guztiak, eta musika egiten jarraitzeko proposamena ere badela gogorarazi du Mantxik. «Irakurtzeko ez ezik, edonork jo dezan ere pentsatuta dago liburua, edozein tresnarekin. Probatu behar diren zerbait dira partiturak».

Haize tresnarik jotzen ez dakitenengana ere iritsi nahi dute orain Txaranga Urretabizkaiako kideek. Horretarako, azaroko ostegunetan beren lan metodoari buruzko tailer bat antolatu dute Bilboko San Frantzisko auzoko Sarean elkartean, eta kartoi banda bat sortu nahi lukete hortik.]]>
<![CDATA[Klasiko handi bat abangoardian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/023/001/2021-10-12/klasiko_handi_bat_abangoardian.htm Tue, 12 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1938/023/001/2021-10-12/klasiko_handi_bat_abangoardian.htm LDP.

1958an sortu zuten Nueva Musica taldea, eta haren parte izan zen De Pablo hasieratik. Bartzelonako Musica Abierta taldeko kide ere izan zen, eta sasoi hartan egin zituen lehen bidaiak Darmstadt-era ere. Han, besteak beste, Pierre Boulezek eta Bruno Madernak interpretatu zituzten haren obretako batzuk. Espainiako lehen musika elektro-akustikoko laborategia sortu zuen 1964an, eta musika elektronikoko lehen laborategia ere sortu zuen Madrilen, Alea taldearekin. Baina esparru horretan aitzindari izan arren, haren bizialdi luzeko pasarte labur bat baino ez dute osatzen obra horiek. Esperimentaziorako gune hori komertzializatzen igarri ahala, interes esparrua aldatu egin baitzuen. Eta konbentzioei ihes egiteko gogo hori izango da, agian, haren ibilbideko konstanteetako bat.

Komertzializazioaren aurka

Zaila da De Pabloren sorkuntza ibilbide oparoa esparru bakar batera mugatzea, haren lanek, sasoiaren arabera, aldi berean edaten baitute abangoardiako joeretatik, musika herrikoitik, musika elektronikotik zein musika esperimentaletik. Hark, BERRIA egunkariari aitortu zionez, banatzekotan ere, bitan banatzen baitzuen musika: arte musika, batetik, eta kontsumo musika, bestetik. «Askok lepoa moztuko lidakete baieztapen hori entzunda, baina hala da. Eta modu gordinagoan ere esango nuke: dirurik ematen ez duen musika eta diru asko ematen duen musika».

Zinemarako lanak ere egin zituen. 26 filmetan ageri da haren izena, guztira. De Pablok soinu bandak sortu zituen Jose Luis Borauren Crimen de doble filo (1964), Alfredo Sauraren La Caza, eta Victor Erizeren Los Desafíos (1969) eta El Espíritu de la Colmena (1973) lanentzat, besteak beste. Donostiako Zinemaldiaren omenaldia ere jaso zuen 2004an.

Sei opera ere baditu; haietako azkena otsailean estreinatuko da: El abrecartas. Eta norabide guztietan hedatzen den lan horren guztiaren aitortza jaso zuen iaz Veneziako Musika Biurtekoan: Urrezko Lehoia eman zioten. Epaimahaiak haren «aparteko fantasia» nabarmendu zuen, eta «musika garaikidearen garai inportanteenak gaztetxo baten indarrarekin» bizi izan zituela, «modei amore eman gabe».

Zerrenda luzea osatzen dute jasotako aitortza eta izendapenek ere. Luigi Dallapicolla saria lortu zuen 1979an; Frantziako Gobernuak arteen eta letren ordenako medaila eman zion 1986an; Renneseko eta Lilleko Urrezko Medaila ere eman zioten; Comusica saria eta Espainiako Musika Saria eman zizkioten 1991n, eta gerora ere etenik gabea izan da tantaka jasotako aitortza jarioa.

Txalaparta garaikidetzen

1972an, Iruñeko Topaketak antolatzen ere aritu zen Jose Luis Alexancorekin batera. Nazioarteko lehen lerroko hamaika artista batu zituen jaialdi hark Euskal Herrian, eta Juan Huartek jarri zuen horretarako dirua. De Pablok eta Alexancok antolatu zuten alde artistikoa, eta haiek izan zuten John Cage Euskal Herrira ekartzearen ardura, eta, aldi berean, haien bidez heldu zen Cage ere Artze anaiak txalaparta jotzen ikusi eta liluratuta gelditzera. 1976an, Zurezko olerkia obra aurkeztu zuen De Pablok Bonneko (Alemania) Beethovenhalle kontzertu aretoan: Piezak Artze anaien txalaparta zuen oinarri. Eta elkarri lotuta gogoratzen zituen gertakari horiek guztiak konpositoreak: «Eskatu zidaten nahi nuena idatz nezala Beethovenen areto erraldoian jotzeko. Artze anaiak ezagutu berriak nituen, eta Iruñeko Topaketetara eramanak nituen. Otu zitzaidan txalaparta erabiltzea konposaketa baten barruan, nire ustez oso ondo zihoazkion osagaiz inguratuta: hau da, perkusio tresna gehiagorekin eta abesbatza batekin». Kea Ahots Taldeak, Enrike Azurzaren zuzendaritzapean, eta Ander Sanchez eta Bittor Pastor perkusio jotzaileek interpretatu zuten pieza Bilboko BBVA fundazioan, De Pabloren 90. urtebetetzea ospatzeko.

Madril izan du bizitoki, eta Europara eta Ipar eta Hego Amerikara ere heldu da haren jarduna. Irakasle izan da hamaika unibertsitatetan: hala nola Buffalon, Albanyn, New Yorken, Kanadan eta Argentinan, baina Euskal Herriarekin ere beti izan du lotura. Euskadiko Orkestrak jo izan ditu haren lanak, esaterako, eta Bilboko Udalaren enkarguz kantata bat ere sortu zuen, frankistak Bilbora sartu zirenetik 80 urte bete zirenean: La caída de Bilbao. 2019ko ekainean Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zen, berrehun musikarirekin eta Jose Rafael Pascual-Vilaplanaren zuzendaritzapean. Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Abesbatzak jo zuten. Frontean borrokatzera abiatu behar duen soldadu baten deitorearekin hasten da obra, biolontxelo hutsez. Asier Polok jo zuen biolontxeloa. Miren Urbieta, Marife Nogales, Mikeldi Atxalandabaso eta Fernando Latorre izan ziren kantari bakarlariak.]]>
<![CDATA[Zinemaldiak hamar film labur hautatu ditu gaur eta azaroaren 6an emateko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2108/026/001/2021-10-09/zinemaldiak_hamar_film_labur_hautatu_ditu_gaur_eta_azaroaren_6an_emateko.htm Sat, 09 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/2108/026/001/2021-10-09/zinemaldiak_hamar_film_labur_hautatu_ditu_gaur_eta_azaroaren_6an_emateko.htm
Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasle izandako Noemi Cuetosek eta Marcela Hinojosak egin dute hautaketa, eta, azaldu dutenez, sailaren ezaugarri izan diren «eklektikotasuna» eta «askatasuna» mantendu nahi izan dituzte egindako aukeraketan ere.

Gaur proiektatuko dituzte, esaterako, Oren Gerner zuzendariaren Greenland (2014), Isabel Lamberti zuzendariaren Volando voy/ I'll Fly Higher (2015), Aldemar Matiasen El enemigo/ The Enemy (2015), Eduardo Teddy Williamsen Pude ver un puma/ Could See a Puma (2012), eta Roxana Stroeren O noapte în Tokoriki/ A Night in Tokoriki (2016). Zinemaldian eta beste jaialdi batzuetan saritutako lanak dira guztiak, eta ezagun egin dira zuzendarien izenak ere, gerora sortutako filmekin egindako ibilbideari esker.

Stroeren film laburrak, esaterako, Berlinaleko Generation 14plus Nazioarteko Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen O noapte în Tokoriki/ A Night in Tokoriki lanarekin. Eta, konparazio batera, Lambertik Zinemaldiko Kutxabank-Zuzendari Berriak saria jaso zuen iaz Nest lehiaketan aurkeztu zuen lehen labur haren ostean sortutako La última primavera / Last Days of Spring film luzearekin.

Bigarren saioa

Azaroaren 6koa izango da bigarren proiekzioa, eta beste bost film hautatu dituzte Cuetosek eta Hinojosak: Kiro Russo zuzendariaren Nueva vida/ New Life (2015), Lea Mysiusen Les oiseaux-tonnerre/ Thunderbirds (2014), Mia Zhluktenko eta Sylvain Cruiziaten Find Fix Finish (2017), Marcos Valin eta David Alonsoren Atención al cliente/ Customer Service (2007), eta Rafael Manuel zuzendariaren Filipiñana (2020).

Zinemaldia urte osora hedatzeko asmoz jarri zuten abian Zinemaldia + Plus izenekoa, duela hamabi hilabete, eta asmo zabalago horren parte da film laburren proiekzioa ere.]]>
<![CDATA[Abdulrazak Gurnah eleberrigileak irabazi du Literaturako Nobel saria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1911/028/001/2021-10-08/abdulrazak_gurnah_eleberrigileak_irabazi_du_literaturako_nobel_saria.htm Fri, 08 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1911/028/001/2021-10-08/abdulrazak_gurnah_eleberrigileak_irabazi_du_literaturako_nobel_saria.htm Paradise (1994) eta By the Sea (2004) dira haren lanik goratu eta itzulienetako bi. Goizean, hamabi lerro baino ez zituen haren biografiak ingelesezko Wikipedia entziklopedia librean, eta hiru gehiago irabazi zituen eguerdian, Nobel akademiak 2021eko Literaturako Nobela eman ziola jakinarazi bezain pronto. 900.000 euro pasa jasoko ditu horregatik, eta bor-bor dabil geroztik haren izena literaturazaleen ahotan, sarirako hautagai posibletzat aipatzen ziren hamaika izar ezagunagori gailenduta. «Kolonialismoaren ondorioak eta kulturen eta kontinenteen artean dabiltzan errefuxiatuen patua aurkezteko modu temati eta gupidatsuagatik».

Haren begirada «etsia eta soila» dela nabarmendu dute akademiako ordezkariek. «Etengabe egiten dio aurre konponketa errazak espero dituen irakurleari». Saria eman dion epaimahaiaren arabera, era berean, beti ahalegindu da izkin egiten kolonialismo aurreko Afrika «garbiago» haren nostalgiari. «Indiako ozeanoko askotariko kulturadun irla bat du jatorri, zeinaren historiaren parte baitira hala esklabo salerosketak nola hainbat indar kolonialen zapalkuntza ere —portugaldarrena, indiarrena, arabiarrena, alemaniarrena eta britainiarrena— eta baita mundu osoarekin lotzen duten merkatu harremanak ere».

Hain zuzen ere, Zanzibarren jaio zen idazlea, duela 73 urte, eta, Nigerian emandako ikasketa urteak kenduta, Ingalaterran egin du bizitzaren parterik handiena. Kenteko Unibertsitateko irakasle izan da, duela urte batzuk erretiroa hartu zuen arte. Han aurkeztu zuen doktore tesia, eta literatura poskoloniala izan da haren ikerketa esparrua akademian ere. Wole Soyinka, Ngugi wa Thiong'o eta Salman Rushdie izan ditu ikergai, besteak beste. 80ko hamarkadan hasi zen liburuak argitaratzen, 28 urterekin, eta, Nobel akademiako kideen hitzetan, une hartatik bertatik egin diote jarraipena. Literatur sorkuntzaz gainera, Afrikako literaturari buruzko hainbat saiakera ere eman ditu argitara, eta baita, besteak beste, V. S. Naipaul eta Zoe Wicomb idazleei buruzko artikuluak ere.

Idazketarako jauzia

Nobela jaso aurreko hainbat elkarrizketatan azaldu izan duenez, Gurnahek inoiz ez du idazle bokaziorik sentitu; gauza solteak idazten hasi, eta idatzitako txatal horiek ordenatzen hasteak bilakatu zuen idazle. «Ez naiz Virginia Woolf bezalakoa, 10 urterekin berak argi baitzuen idazle izan nahi zuela. Besterik gabe gauzak idazten hasi nintzen, jendeak egin ohi duen bezala, eta orri gehiago idazten nindoan, aurrez idatzitakoekin lotura zutenak, eta, hala, heldu nintzen neure buruari zera galdetu behar izateko puntura: 'Zer da hau? Zer egingo dut honekin?'. Eta hor ulertzen duzu, azkenean, zer alde dagoen gauzak idaztetik idaztera».

Geruzaka eta su txikian idazten duela azaldu izan du behin baino gehiagotan, eta batzuetan denbora luzea behar izaten duela buruan darabilena idazteko prest sentitu arte. «Ideiek denbora behar izaten dute ontzeko». Argitaratu baino hamar urte lehenago hasi zen Paradise idazten, esaterako, eta beste hiru nobela ere kaleratu zituen tarte horretan.

Sariak nazioarteko oihartzuna izaten du urtero, eta apustu etxeetan kinielak ere izaten dira, irabazlea asmatzeko. Badira, horregatik, aurten indar bereziz aipatu izan diren hautagaiak. Annie Ernaux, Anne Carson, Adonis, Haruki Murakami, Dubravka Ugresic, Ngugi wa Thiong'o, Margaret Atwood eta Jon Fosse izan dira hedabideek gehien haizatu dituzten izenetako batzuk. Betiere hautagaitza horiek guztiak espekulazio hutsak direla jakinik, akademiak gotor zaindu ohi baititu barne eztabaidak. Gurnah kazetari espezializatuen radarretik kanpo zen, halere.

Estibalitz Ezkerra Kaliforniako (AEB) Santa Barbara unibertsitateko literatura irakasle eta BERRIAko kolaboratzaile izandakoak 2018an eman zuen argitara Gurnahk idatzitako By the Sea eleberriari buruzko artikulua egunkari honetako igandetako literatura orrietan. Ezkerrak argi deskribatzen zuen orain Nobel akademiak idazlearen lanean laudatutako gaiak konplexu lantzeko gaitasuna. Eleberri horretan ere errefuxiatuen bizimodua da erdigunea. Eta pertsonaien bizitzetan presente daude herrialdetik ihes egin aurreko eta ondorengo bizitzak. Nahasian. Galdutako aberastasunak, errepresioak eta iraganeko etsaigoek bizirik jarraitzen baitute protagonistak Ingalaterrara heldutakoan ere.

Normaltasunerako itzulera izan da aurtengo saria akademiarentzat.

2018an bertan behera utzi zuten Literaturako Nobel saria. Sexu abusuen salaketek, eta konfidentzialtasun urraketen akusazioek dimisio soka luzea eragin zuten literatura batzordean, eta etena egitea erabaki zuten orduan. Bi saritu izan ziren, horregatik, hurrengo urteko ekitaldian. Olga Tokarczuk idazle poloniarrak jaso zuen 2018koa, eta Peter Handke idazle austriarrak 2019koa. Estatutuen eta hautaketa sistemaren erreforma bat jarri zuen abian akademiak orduan. Eta bi saridun zituen salbuespenezko argazkiaren ostean, Louis Gluck poeta estatubatuarra saritu zuten iaz. Pandemiagatik moldatu behar izan dituzte ekitaldiak, baina gainerakoan normal egingo duen bigarren urtea izango du aurtengoa akademiak. Bigarren urtez jarraian, izen ezagunagoen itzalean geratu den autore bat sarituta, gainera.

Afrikako bosgarren saritua

Zor historikoak ere baditu akademiak, halere. 1901ean saria sortu zenetik 115 egile saritu ditu guztira, eta haietariko hamabost dira emakumezkoak. Bestalde, Europa edo Ipar Amerikakoak dira saritutako idazleen %80, eta, gainerako hizkuntzekin alderatuz gero, gehiengo argia dira ingelesez idatzi duten idazleak. Hizkuntza gutxituetan idazten duten egile gutxi batzuk ere saritu dituzte inoiz, eta Frederic Mistral okzitaniarra da haien artean ezagunena.

Akademiak saritzen duen Afrikan jaiotako bosgarren egilea izango da Gurnah: Wole Soyinka nigeriarra, Naguib Mahfuz egiptoarra, eta Nadine Gordimer eta John Maxwell Coetzee hegoafrikarrak dira beste laurak.]]>
<![CDATA[Durango itxurako Durango]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/028/001/2021-10-07/durango_itxurako_durango.htm Thu, 07 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1877/028/001/2021-10-07/durango_itxurako_durango.htm
Guztira, 152 partaidek eman dute izena aurrez aurreko azokarako, eta 220 erakusmahai izango dira Landako gunean. Mujikak eskerrak eman dizkie guztiei, «azokan sinisteagatik». «Datozen hilabeteak erantzunik gabeko galderaz beteta daude, eta, hala ere, azokan egoteko ahalegina egitea erabaki dute». Gerediaga elkarteko lehendakariak jakinarazi du saltzaileekin eta kulturazaleekin batera azokaren azken urteetako antolakuntzaren eta egitasmoaren eskeletoaren parte diren guneak ere itzuliko direla.

Mujikak zehaztu duenez, gainera, sortzaileei bihar zabalduko zaie epea beren lanak azokako gune horietan aurkeztu ahal izateko eskaria egiteko. 09:00etan irekiko dute aukera Ahotsenean izan nahi duten sortzaileentzat, esate baterako; interesa dutenek www.ahotsenea.eus webgunean sartuta agertuko den formularioa bete beharko dute, eta eskaerak iritsi ahala beteko dira tokiak. Edonola ere, proposamenek 2021. urtean argitaratuak izan beharko dute, euskarazkoak, eta antolatzaileek kontuan hartuko dute lurralde eta genero oreka ere.

Denda digitalari eutsiz

Salbuespenezko azoka izan zen iazkoa. Indarrean ziren osasun neurriek ez zieten antolatzaileei aukerarik utzi erakusmahaiak jarri eta bisitariei harrera egiteko, eta azokak iraun bitartean denda digitala antolatu zuten horregatik. Landako gunea biltoki bilakatu, eta jendeak Internet bidez egin zituen erosketak. Ia 28.000 produktu saldu zituzten modu horretara, eta aurten ere denda digitalari eustea erabaki dute antolatzaileek, baina aldaketa gutxi batzuk eginda. Saltzaileen erakusmahaiek egingo dituzte biltoki lanak oraingo honetan, esaterako. «Iazko irudiak eta aurtengoak ez dute zerikusirik izango», esan du Mujikak. Zehaztu du azokako guneetan egingo diren hainbat kultur emanaldi streaming bidez ere zabalduko dituztela.

Durangoko Azokaren datei ere eragingo die bikoiztasun horrek. Abenduaren 3tik 8ra izango da zabalik online denda, eta 4tik 8ra fisikoa.

Azoka egin egingo dela gogoratzeko, gainera, moldatu egin dute azken urteetan baliatu izan duten leloa ere: «DA» izan beharrean, «baDA» izango da aurtengoa.

Leire Urbeltz ilustratzaile iruindarrak egin du aurtengo azokaren kartela, eta azokak izango duen hibridotasun hori txertatu du irudian, Kili eta Kuir izeneko pertsonaiak sortuta. Artistak azkenaldian ohikoak dituen kolore bizi eta irudi fantastikoekin osatu du irudia, eta, aitortu duenez, garai bateko Kili-kili aldizkariko pertsonaia nagusia izan du gogoan pertsonaia haren bi bertsio eguneratu sortzeko. Lehen azoketako kartelak izan ditu gogoan irudiak sortzeko, eta Rikardo Arregik 1967an idatzitako testu bat izan du oinarri: «Ikonoklastak omen gara. Eta egia da. Sustraitik hasi nahi omen dugu. Eta horrela da. Lehendabizi desegin, gero jasotzeko. Estruktura, moldea, muina ukitu nahi, azalekoarentzat mesfidantzarik handiena izanik. Folklorekeria, baserritasun hutsa, kapitalismoa, burgesia, kontserbakorra, etab. gure esan eta idatzietan behin eta berriro kondenatuak izan dira. Hitz batean esateko, mitoa, ipuina eta besteratzea desegin nahian, desipuitze go-gorrenean sartuak gara».

Testu horretatik hartu du irudia izendatzeko titulua: Desipuindegia. Lana sortzea «ohore handia» izan dela esan du Urbeltzek.

Guneetako ordezkariekin batera eta azoka sostengatzen duten hainbat erakunde publiko eta eragile pribaturekin batera egin dute kartelaren aurkezpena Gerediaga elkarteko ordezkariek. Han izan dira Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundietako, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko, Durangoko Udaleko eta BBK, Euskaltel eta Eroskiko ordezkariak.

Kultur kudeatzaileak

Inma Garrastatxu Durangoko alkateak presentzialtasuna berreskuratzeak sortutako «ilusioa» aipatu du aurkezpenean, eta Begoña Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, «poza». Azokaren erreferentzialtasuna izan dute gogoan biek, eta hura babesteko beharra. Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak gogoan hartu du Labik hartutako azken erabakia, eta bera izan da azokak bete-betean irekitzeko aukera izango duela zehaztu duena. «Kulturak ere sufritu du koronabirusaren eragina, eta errekonozitu nahi ditut kultur kudeatzaileak. Eredu izan dira». Txalotu egin du azokaren eredu hibridoa, eta esan du Eusko Jaurlaritzak «beti» laguntza berezia eskainiko diola.]]>
<![CDATA[Pretty Yende sopranoarekin hasiko da opera sasoia Bilbon]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1874/025/001/2021-10-06/pretty_yende_sopranoarekin_hasiko_da_opera_sasoia_bilbon.htm Wed, 06 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1874/025/001/2021-10-06/pretty_yende_sopranoarekin_hasiko_da_opera_sasoia_bilbon.htm Les contes d'Hoffmann operaren estreinaldiarekin. Aurrez, larunbatean, Pretty Yende soprano hegoafrikarraren emanaldia atondu dute Euskalduna Jauregian, Michele d'Elia piano jotzailearen laguntzarekin eta 1.500 ikuslerentzat.

Egungo musika klasikoan izar moduko bat da Yende, OLBEko arduradunek ziurtatu dutenez. 2011n garaile suertatu zen Operalia jaialdiko kategoria guztietan. 2013an New Yorkeko Metropolitanen txalo zaparrada jaso zuen Juan Diego Florez tenorearekin batera eskainitako saioan. 2017an bakarlari baten grabaziorik onenaren Nazioarteko Opera Saria jaso zuen A journey izeneko lehen diskoarekin, eta 2018an, Opera Awards sarietan, urteko grabaziorik onenarena Dreams izenekoarekin. Kritikak maite du, eta haren izena ezaguna da publiko zaleenarentzat.

Bellini, Rossini eta Liszt

Lehen aldia izango du Bilbon, eta antolatzaileek aurreratu dute 11 piezako programa eskainiko duela: besteak beste, Belliniren, Donizettiren, Rossiniren eta Liszten eszena eta ariak eskainiko ditu. Michele d'Elia piano jotzailea izango du ondoan horretarako.

OLBEk esan du sarrerak «prezio eskuragarrietan» jarri nahi izan dituztela: 20 eurokoa izango da merkeena, eta 60 eurokoa garestiena.]]>
<![CDATA[Abestien itzaleko biztanleak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1986/028/001/2021-10-03/abestien_itzaleko_biztanleak.htm Sun, 03 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1986/028/001/2021-10-03/abestien_itzaleko_biztanleak.htm
Ilunpetan haztamuka irudikatu du bere burua Marino Goñik, esaterako. «80ko hamarkadaren hasieran ez zegoen inor, eta, praktikoki, ez zegoen grabazio estudiorik ere. Salbuespena Jean Phocas izan zen, bera hasi baitzen jarduera honekin». Sasoi hartan, Goñi izan zen Euskal Herrian ekoizle lanetan hasi zen lehenetako bat, eta, lau hamarkadako ibilbidean, luzea bezain esanguratsua da haren eskuetatik pasatu diren taldeen zerrenda: Hertzainak, La Polla Records, Barricada, Kortatu, Skalariak, Marea, Berri Txarrak... Bera izan zen Jose Mari Blascorekin batera Euskal Rock Erradikala etiketaren sortzaileetako bat ere. «Ni Txantreako Soñua zigiluaren estudio txiki batean hasi nintzen grabazioekin, autodidakta gisan, eta, aldi berean, ekoizpenarekin hasi nintzen. Gure lurraldean ez zegoen ikasteko tokirik. Itsu-itsuan mugitzen ginen, kanpoan grabatutako diskoak entzuten eta proba-akatsa praktikatzen: horiek izan ziren gure iturriak».

Onartu duenez, lanbro artean bezala ikusten zituen ekoizleak orduan. «Zaletuok badakigu nor diren musika ekoizpenaren mitoak; ekoizle famatuen izenak ezagunak dira, baina ez dakigu zein lan zehatz egiten duten».

Orain, erretiroan, eta urteetako esperientziari esker, hainbat ekoizle mota bereizi behar liratekeela dio: ekoizle exekutiboa , ekoizle musikala eta ekoizle-teknikaria, adibidez. Egiteko espezifikoa du haietako bakoitzak, Goñiren hitzetan, baina errealitatean nahastu egiten dira guztiak, «bereziki gure eremuan». «Ni diskoetan nenbilenean hiru protagonista zeuden: musika taldea, soinu teknikaria eta ekoizlea. Harrigarria da, baina bakoitzak disko ezberdin bat entzuten zuen. Musikari bakoitzak bere pista entzuten du, teknikariak soinuari erreparatzen dio eta ekoizleak emaitza osoa entzun behar du».

Belaunaldien arteko etena

Etena aipatu du Goñik, halere. «XXI. mendearen hasieran, pirateriaren garaian, diskoetxeen kontrako jarrera hedatu zen, eta irizpide hori oso kaltegarria bihurtu zen jarduera profesionaltzat hartutako musikarentzat. Hori hilketa bat izan zen ekoizle historikoentzat. Jakina, ekoizle berriak sortu ziren, baina belaunaldien arteko haria hautsi zen, eta esperientzia handia galdu genuen».

Hain zuzen ere, Goñi ekoizle hasi eta hamarkada batzuetara hasi zen lan berean Jon Agirrezabalaga ere, eta, dioenez, haztamuka aritu da bera ere.

«Beti ibili naiz lagun eta ezagunekin lan hori egiten: nire ordenagailuarekin eta eskura nituen lau baliabideekin laguntzen nien han eta hemen erakusteko moduko zerbait grabatzen, baina We Are Standard taldearekin Andy Gill ekoizlearekin bigarren diskoa grabatzeko Londresera joan ginenean, orduan ikusi nuen hor egon zitekeela aukera bat. Baziren gustatu zitzaizkidan eta gustatu ez zitzaizkidan gauzak, baina han ikusi nuen erreferente bat, eta orduan ikusi nuen zein zen ekoizle baten lana: nola sartzen zen abestietan, nola lantzen zituen, nola moldatzen zuen dena norabide baterantz, nola bilatzen duen soinu bat lehen unetik, lehen ahotsetik... Handik itzulitakoan hasi nintzen estudioa muntatzen».

Nahasian doaz soinu ingeniariaren eta musika ekoizlearen figurak Agirrezabalagaren kasuan. «Baliabide faltaren ondorio da joera hori, nagusiki, baina ekoizleak, nolabait ere, zuzendari orokorraren lanak egin behar ditu, eta ingeniariak alde teknikoak funtziona dezan lortu behar du, baina beti ekoizlearen esanetara». Bietan aritzen da bera, Bilboko El Tigre estudioan. Gustura. «Nahiz eta, egia esan, ekoizleago sentitzen naizen».

Digitalizazioak, gainera, musikariei asko erraztu die etxean grabazio onak egitea, Agirrezabalagak dioenez, eta, horregatik, gero eta gehiago dira abestiei eta soinuari azken ukituak emateko laguntza eske joaten zaizkionak. Zati bat edo bestea kendu. Zubiren bat proposatu. Nahasketak egin. Badira, ordea, gitarra akustikoarekin eta ahotsaren melodiarekin bakarrik joan, eta oinarri horren gainean abestia eraikitzen joateko laguntza eskatzen diotenak ere. Hori egin du, adibidez, Gari musikariaren azken diskoekin, eta berdin Rafa Rueda musikariaren Rueda diskoarekin. «Asko disfrutatzen dut halakoetan».

Sofistikazio bila

Eta non dago muga? Ekoizlearenak ere badira abesti horiek? Agirrezabalaga: «Propio sentitzen dituzu, noski, baina esentzia hor zegoen, letretan, melodian, oinarrian, eta zuk jantzi egiten duzu».

Ana Arsuagak iaz eman zuen argitara bere lehen proiektu pertsonala: Verde Prato. Ahotsa eta sintetizadoreak dira proposamenaren oinarri nagusia, eta minimalista da abestien azken janzkera. Etxean sortu zituen kantak, etxean grabatu, eta, gehiegi planifikatu gabe bukatu zuen diskoa Agirrezabalagarekin lantzen. «Mazmorra taldean aritzen nintzen lehen, eta harekin grabatu eta ekoitzi genuen lan bat. Ezagutzen nuen eta gustatu zitzaidan nola egiten zuen lan. Verde Pratoren kontzertu batean ikusi ninduen gero, eta laguntzeko prest azaldu zen. Hala hasi ginen diskoaz hizketan, eta modu oso organikoan joan zen dena».

Haren hitzetan, «sofistikatu» egin ziren kantak hartu-eman horri esker. Erabaki artistikoak berak hartu zituela dio Arsuagak, eta soinua janzten lagundu ziola ekoizleak. «Ni mundu undergroundagotik nator, Do It Yourself filosofiarekin. Nahiko primitiboa da musika elektronikora gerturatzeko nire modua, eta soinua beste puntu batera eramaten lagundu dit Agirrezabalagak. Soinu kontu bat izan da, emaitzarekin zerikusia duena. Borobilago edo dirdiratsuago egiteko eskatzen nion nik, eta berak bazekin nola egin. Beste ofizio bat da».

Eta zerk egiten du ekoizle bat on? Arsuaga: «Niretzako garrantzitsuena da ekoizlearekin emaitza kontzeptual komun bat konpartitzea, eta ikustea biok norabide berean goazela».

Izaskun Gonzalezek aldian-aldian aldatu egiten du bere buruaz ematen duen deskribapena. Bera da Rrucculla izeneko proiektuaren atzean dagoen sortzailea. 2016aren bueltan hasi zuen ibilbidea, eta musika elektronikoaren esparruan Euskal Herrian den diskurtsorik pertsonalenetako bat garatu du geroztik, erritmikoki batzuetan jazzaren ertzeraino heltzen diren abestiekin. Berak konposatzen ditu kantak, berak grabatu eta nahastu, bateria ere jotzen du zuzenekoetan, eta berak sortzen ditu kontzertuetan proiektatzen dituen irudiak. «Orokorrean musika ekoizlea, soinu diseinatzailea, bateria jotzailea eta artista bisuala naizela esango nuke, baina azkenaldian espresionista edo sortzaile hitzak datozkit ongien; egiten dudan guztia biltzen dutela uste dut».

Ia aldi bereko bi prozesu

Gonzalezen hitzetan, haren kasuan ere, beste hainbat egitekorekin batera urtuta doa ekoizlearena. «Musika elektronikoaren kasuan, konpositorea izan ohi da ekoizlea gehienetan, prozesu horiek ia aldi berean gertatzen direlako. Industriako artista handien kasura joz gero, baliteke kanta bakarrean hainbat ekoizle, soinu diseinatzaile eta ingeniari egotea». Sekula ez ditu bere kantak kaleratu aurretik kanpoko inorekin kontrastatu, baina beste hainbat sortzailerentzat bai egin ditu ekoizle lanak, enkarguz. «Berehala jakinaraziko dute; oraindik ezin dut besterik aurreratu».

Merina Gris taldeak hasieratik egin du lan Ed is Dead ekoizle madrildarrarekin. 2020an eman zuten argitara beren lehen lana sarean, Besteek zer, eta beste hainbat kanta kaleratu dituzte geroztik, tantaka denak, eta beti bideoklip zainduekin guztiak. Ahots melodia garbiekin uztartutako musika elektronikoa da euren soinuaren muina, eta pop bortitza egiten dutela diote haiek.

Julen, Paskal eta Sara dira taldekideak, eta izena besterik ez dute ematen: abizenik zehaztu gabe, eta argazkietan beti aurpegia estalita azalduz. Anonimotasun hori mantentzeko baldintzapean onartu dute BERRIAren galderak erantzutea, eta, diotenez, haiek hasiera-hasieratik zuten gogoa ekoizle batekin lan egiteko. «Gure kantuetan hasieratik egongo zen norbait nahi genuen, soinuaren nondik norakoak kontuan izango zituena beti. Musikariok askotan pentsatzen dugulako soinua dela gero datorren zerbait eta nahasketetan lortzen dena, dirutza bat pagatuta, eta bai, baina hasiera-hasieratik dago baldintzatuta; abestien pentsakeran bertan dago soinu on horren lehenengo aztarna, eta horretarako behar genuen ekoizlea, gu ez garelako batere ortodoxoak eta musika beti egin dugulako intuizioz».

Ekoizlearekin batera norabide berean aritzen direla diote Merina Grisekoek, baina ez direla beti bat etortzen. «Borrokak egon dira, eta, agian, kantaren batekin haserretu ere egin gara; artistikoki, noski, maila pertsonalean sartu gabe. Baina gustatzen zaigu Ed is Dead, ze nahiz eta asko estutzen zaituen, eta bere iritziaren alde asko borrokatzen duen, badakizu azken hitza beti zurea dela, eta lasai gaude. Badakigu zerbait nahi badugu, seguruenik horrela joango dela».

Estiloak, garaiak zein teknologiak aldatuz joan direla onartuta ere, ekoizlearen lana oraindik ere garrantzitsu dela dio Goñik. «Beti ikusi izan dut ekoizlearen figura modu berean. Beti iruditu zitzaidan beharrezkoa grabazio prozesuan gauzak kanpotik ikusiko zituen pertsona bat egotea. Talde izpirituarekin eta sparring gisa zerbitzua eskaintzeko prest, baita Pepito Grillo gisa ere. Erabaki dezala inork erabaki nahi ez duen zerbait».]]>
<![CDATA[Bizkaia eta Nafarroa ere gaur eta bihar hasiko dira txapelketekin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1854/025/001/2021-10-02/bizkaia_eta_nafarroa_ere_gaur_eta_bihar_hasiko_dira_txapelketekin.htm Sat, 02 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1854/025/001/2021-10-02/bizkaia_eta_nafarroa_ere_gaur_eta_bihar_hasiko_dira_txapelketekin.htm
Txapelketak Nafarroa muturretik muturrera gurutza zezan nahi izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, eta, hala, Izaban egingo dute aurtengo lehen saioa, 17:30ean. Sei bertsolari arituko dira kantuan: Julen Zelaieta Iriarte, Eneko Fernandez Maritxalar, Endika Legarra Nuin, Patxi Castillo Graciarena, Aitor Irastortza Arrizurieta eta Idoia Granizo Uribarrena. Guztira, 29 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta haietako zortzi helduko dira azaroaren 28an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalera.

Hamar eserleku jokoan

Bihar hasiko da Bizkaiko Txapelketaren kanporaketa fasea ere, Durangon, 17:00etan. Kanporaketako gainontzeko saioetan bezala, sei bertsolari arituko dira kantuan: Ander Elortegi Garatea, Asier Galarza Garai, Beñat Bilbao Landa, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia, Inazio Vidal Gurrutxaga eta Iruri Altzerreka Martinez. Kantaldian lehen postuan geratzen dena zuzenean pasatuko da finalaurrekora, eta berbera izango da sailkapen sistema gainerako bost kanporaketa saioetan ere.

2018ko finalean izandako zortzi bertsolariek finalaurrekoetan hasiko dute txapelketa, eta, ondorioz, guztira, kanporaketa faseko hamar bertsolarik dute aukera bigarren fase horretarako sailkatzeko: saio bakoitzeko irabazleek, eta puntuazio orokorrean puntuaziorik onena duten beste lau bertsolariek. Finalaurreko saioen ostean erabakiko da abenduaren 18ko finaleko zortzikoa.

Xilabako hirugarren kanporaketan, gaur, Josu Txoperena Iribarren, Pettan Prebende, Iker Altuna, Patxi Iriart Hiribarren, Aitor Servier Etxetxuri eta Kerman Diazek kantatuko dute.]]>
<![CDATA[Antzinako hiru pintura italiar jaso ditu Bilboko Arte Ederren Museoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/025/001/2021-09-30/antzinako_hiru_pintura_italiar_jaso_ditu_bilboko_arte_ederren_museoak.htm Thu, 30 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1893/025/001/2021-09-30/antzinako_hiru_pintura_italiar_jaso_ditu_bilboko_arte_ederren_museoak.htm Dama baten erretratua mutikoarekin margolana, Orazio Gentileschik 1605 eta 1612 artean pintatutako Judit eta haren neskamea Holofernesen buruarekin, eta Salvator Rosak 1660. urtean bukatutako Juda eta Tamar. Oscar Alzaga politikari eta abokatu ohiak Bilboko Arte Ederren Museoari eman dizkio hirurak.

Hiru koadroen kalitate artistikoa nabarmendu du Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak. «Ohiz kanpokoak» eta «paregabeak» dira, haren hitzetan, eta bildumagilearen «eskuzabaltasun keinua» eskertu du. Zuzendariak zehaztu duenez, gainera, museoak italiar arteari eskainitako atala aberastuko dute. Esaterako, 1924az geroztik bildumaren parte den Gentileschiren beste margolan baten ondoan ikusi ahalko da aurrerantzean Alzagak emandakoa.

Hasieran, 2017an Prado museoari eman behar zion margolan multzo zabalagoaren parte ziren Alzagak orain Bilboko museoari eman dizkion artelanak. Zugaza zen orduan Madrilgo museoko zuzendaria, eta koadroak aretoetan ikusgai jartzeko baldintza ezarri zion bildumagileak erakundeari. Sei margolan eman zituen, azkenean, eta beste bat erosi ahal izateko dirua ere jarri zuen, baina beretzat gorde zituen museoari eman asmo zizkion beste piezetako batzuk, eta horren ondorioz amaitu dute hiru lanek orain Euskal Herrian. «Antzinako artearen zaleek badute obrak museo on bati emateko halako betebehar moduko bat», azaldu du Alzagak, Bilbon margolanak aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan.

Bildumagilearen etxean

Madrilen jaio arren, bilbotarrak zituen gurasoak Alzagak. Frankismo garaian hainbat alderdi demokrata kristautan militatu ostean, UCD alderdia sortu eta Espainiako Kongresuko diputatu izan zen bi legealditan. Leopoldo Calvo Sotelo Espainiako presidentearen aholkulari ere izan zen, eta, abokatu izateaz gainera, unibertsitatean irakasle ere izan da, katedradun izateraino.

Hiru koadroak Bilboko Arte Ederren Museoarenak diren arren, bizi den artean, lanak bere etxean eduki ahalko ditu bildumagileak, hala nahi izatera.]]>
<![CDATA[Isiltasunaren mugan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/029/001/2021-09-28/isiltasunaren_mugan.htm Tue, 28 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1877/029/001/2021-09-28/isiltasunaren_mugan.htm Vole tan alto tan alto… que le di a la caza alcance (Hegan egin nuen hain altu hain altu... ehiza bera bainuen harrapatu). Dioenez, margolanei ekitean, ez du sorkuntzarako programa jakinik izaten buruan, baina, erakusketako ateak ireki aurretik, ordu erdiz, isiltasun moduko horren erdian, bata bestearen atzetik utzi ditu grabagailuarentzat erortzen artelan horien atzean dagoen introspekzio lanari eta transzendentzia asmoari buruzko gogoetak, ia etenik eta galderentzako tarterik gabe, tantaz tanta isurtzen den arteari buruzko aforismo jario pertsonal moduko batean.

LAN PROZESUAZ

«Gakoa da galtzea, etengabe galtzea, behin eta berriro. Tailerrera joan eta negar egin arratsalde oso batez, musikarekin. Gainera, tailerrean zaude goizean euforiko, zoragarri; hiruretan dantza egiten duzu zuk bakarrik; lauretan, zalantza; bostetan, zuzenketa; seietan, damua; zazpietan, alferrekoa... Egun bakar batean egoera horiek guztiak bizi ditzakezu. Errealitate mingarri eta triste horretan ibiltzeak eramaten zaitu, une batean, zuretzat ez ziren gauzak ulertzera. Galtzen duzun heinean, bakartzen zaren heinean, baztertzen zaren heinean, hegan hasten zara, eta, erakusketaren tituluak dioen bezala, hegan egite horretan ehiza harrapatzera heltzen zara, ulertzera, iluminaziora».

BESTETASUNAZ

«Askotan daukat sentipena koadroak beste batek pintatu dituela. Nik esan ahal dizut pintatzen dudala horrela eta hala, eta ahal dudan zentzu guztietan. Handik bi astera, ikusten dut egin dudana, buelta ematen diot, eta pentsatzen dut norbaitek erabili egin nauela, tonto bat banintz bezala, hori egiteko. Instrumentu bat izan naiz. Teorian, nik jakin egin behar nuke momenturen batean nola noan hurbilduz nire ni inteligente horretara, baina gero, askotan gertatzen zait hori gerora, buelta ematen diodanean lanari, edo beste batekin harremanean jartzen dudanean. Azken momentu hori identifikatzeko gaitasuna da eskertzen dudana».

ITSAS LERROAZ

«Koadroetan badago niretzat funtsezkoa den Ea aurreko itsas marra (Bizkaia). Itsasoaren marra zuzena hor zegoen duela 25.000 urte, eta 25.000 edo 45.000 urte barru ere hor egongo da, orain daukan esanahi berberarekin. Itsas marrarekin hitz egin behar dugu, ze hori da betikoa. Eta arteak ematen dit baimena transzendentea den gauza batekin kontaktatzeko, ze artea inhumanoa da, ez dago gure neurrira eginda, ez egilearenera, ez ikuslearenera. Hortik kanpokoa ez da artea; irudia da, funtzioa da. Eta erakusketa honetan ez duzu ikusiko sentipen horren nahia baino».

IKUSPEGIAZ

«Koadroaren lerroak ez dira sartzen logika batean, ez da gehiketa bat eta ezta konpentsazio bat ere, inoiz ez. Bertikala edo horizontala, berdin da, ze bekatua gurea da, beti kokapen berberarekin. Etzaten bagara, itsasoa bertikala bihurtzen da. Pintura hauek ez diete erantzuten irudiaren espektatibei».

HAURTZAROAZ

«Urteak daramatzat hau lantzen. Txikitan ere bai, jakin gabe. Nire bila joan behar zuten egunero, 'non dago Erramun afaltzeko?', edo 'non dago eguneroko injekzioa hartzeko?', ze ni beti gaixo egoten nintzen, eta ni, han, harriak botatzen itsasoan».

HELDUEZINAZ

«Literaturan, euskal kulturgintzan, ikusi dut letraren menpe daudela, eta ez, beste harreman bat behar da harekin. Letraren azpian egon behar dugu. Ezin dugu letra erabili. Guk dena ipintzen dugu gure zerbitzura; bada, alderantziz: zure gainean izan dadila egun horretan esaldi hori: hori da artea. Lotuegi gaude. Ez etorri hona irudien espektatibara, ezta literaturaren espektatibara ere. Literatura da bere menpe ipintzeko. Musika, bere menpe ipintzeko. Ze behar ditugun hizkuntzak, guk ulertzen ditugu barruan ditugulako. Hori da nire esperientzia. Ni olioaren menpe nabil, bertikalaren menpe, itsas lerroaren menpe. Eta ez dut bilatzen: agertu egiten da. Hori ere ez dago nire neurrira, nire zerbitzura; alderantziz, ni galdu egin behar naiz hor, eta ikasi».

ARTEAREN ARRISKUAZ

«Errenazimentuan, egiturak egiten zituzten, eta gero estali, jantzi: berdin gabiltza orain. XX. mendean biluztu egin zuten hori guztia, egia behar zutelako. Horregatik, Txillida estruktura bat da, Oteiza estrukturaren beste irakurketa bat da, babesleku bat. Eta, orain, gizartean nagusi dira zenbakiak, zenbat jende, publizitatea, zenbakiak... Artea alternatiba da, beste aldea da, eta horregatik da arriskutsua».

KOADRO HAUTAKETAZ

«Aretoa bi aldiz betetzeko adina koadro ekarri ditut. Denak kristal onarekin jarrita zeuden markoetan. Nola hautatu ditudan? Benetan, nahiago nuke esan haiek aukeratu nautela ni. Berbadunak dira. Hauek [koadro pare bati begira] denborak aukeratu ditu, eta hori [beste koadro bati keinu eginez] gehiago, hori 1996koa da».

ERAKUSKETAZ

«Problematika handia da, niretzat, erakusketa hau. Nire desio bakarra da ea hemen sostengatzen den hau dena, eta ez den bihurtzen irudia».]]>
<![CDATA[Jabetzaz jabetzea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/031/001/2021-09-28/jabetzaz_jabetzea.htm Tue, 28 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1893/031/001/2021-09-28/jabetzaz_jabetzea.htm Uzta garaia izeneko eleberrian. Espresuki irakurle gazteentzako pentsatutako Traola bilduman eman du argitara lana Elkar argitaletxeak, eta, sortzaileak dioenez, irakurle gazte horiei ondo pasatzeko aukera eskaintzea ez ezik, «galderak piztea» du helburu.

«Gauza asko eginda jaso ditugu gizarte honetan, eta ematen ditugu jakintzat», azaldu du Luzarrak. Ordea, Iraultza beti aritzen zaie gurasoei ziurtzat emandako gai horiei buruzko galdera deserosoak egiten, eta hala joango da protagonisten kontzientzia kritikoa pizten, nobelak aurrera egin ahala. «Istorio zirraragarri eta entretenigarri honen bidez, gizartearen oinarri batzuk mahaigaineratu nahi izan ditut, eta lehen gai horietako bat da jabetza pribatua».

Izan ere, nor dira Ondarreta fikziozko herrian dauden mahastien jabeak? Eta zerrendan helduko dira galderak gero, lehen galdera horren ondoren. Luzarraga: «Zelan jabetzen gara pertsonez? Sentimenduez? Gorputzez?».

Pandemia hastean agertu zitzaizkion Iraultza eta Zigor bikiak idazleari, eta haiei segika sortu du eleberria. Bikiak izanik ere, nortasun oso ezberdinekoak direla dio Luzarragak. «Arima oso libre bat» da Iraultza, adibidez, eta Zigor da bikoteko «zintzo eta saiatua». Eta bi nortasun itxuraz kontrajarri horien arteko laguntasuna da nobelaren oinarrietako bat.

Trilogiaren lehen alea

Segida izango dute pertsonaiek, gainera. Lehen alea baino ez da Uzta garaia. Luzarragak iragarri duenez, idatzia du jadanik Iraultza eta Zigor protagonista dituen bigarren eleberria, eta buruan darabil hirugarrenaren ideia ere.

Ibilbide oparoa du Luzarragak euskal letretan. 2003an eman zuen argitara bere lehen lana, eta, geroztik poesia zein saiakera ere landu dituen arren, eleberrigintzan jardun du nagusiki. Helduentzako bederatzi nobela ditu kalean, eta haien ildo berean ikusten du argitaratu berri duen gazteentzako lana ere. «Nire liburu guztiek osatzen dute unibertso bat».

Sentsazio bera du Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editoreak. «Bere lan guztiak bulkada beretik sortuak dira».

«Deseroso» sentitu da Luzarraga gazteentzako literaturaren etiketapean, aitortu duenez. «Nire liburuak ez ditut helduentzako edo gazteentzako idazten; barrutik ateratzen zaidana idazten dut». Ulertu du deserosotasuna editoreak, baina, haren hitzetan, gazteek literaturan estimatzen dituzten hainbat elementu ditu Luzarragaren lanak. Hezkuntza sistemari buruzko kritika nabarmendu du, gazteei ekintzara pasatzeko egiten zaien deia, eta umezarotik nerabezarorako urratsaren kontaketa. «Neba-arreben inozentziaren galeraren deskribapena oso ederra da».]]>
<![CDATA[Kinki zinema estilizatua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1959/028/001/2021-09-26/kinki_zinema_estilizatua.htm Sun, 26 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1959/028/001/2021-09-26/kinki_zinema_estilizatua.htm Las leyes de la frontera filma (Mugako arauak) hautatu baitute aurtengo Sail Ofiziala ixteko. Lehiaz kanpo eman dute lana.

Javier Cercas idazlearen izen bereko liburua du oinarri filmak, eta 1980ko hamarkadan Espainian bogan izan zen kinki zinemari egindako keinuz beteta dago lana. Auzo txiroetan hazitako gaizkileei eskainitako hainbat film egin ziren sasoi hartan, eta haiei buruz sortutako pelikulak biltzeko sortu zuten etiketa. Monzonek onartu duenez, film haien «freskura» berreskuratzen saiatu da bera. Haiengandik urruntzeko beharra ere sentitu du, ordea. «Kinkiak hilda daude; tiroz jota erori ziren, edo besoan xiringa zutela; beste zerbait proposatzen dut nik: generoaren superbitaminatze eta estilizatze bat».

1978ko Katalunian kokatu du lana horretarako, Gironan konkretuki, eta Nacho Cañas du protagonista; 17 urteko ikasle bat. Txinatar auzoan ibiltzen diren Zarco eta Tere izeneko gaizkileak ezagutu, maitasun hiruki batean sartu, eta lapurretarik lapurreta hasiko da.

Emakumezkorik gabe

Marcos Ruiz aktoreak jokatzen du ikaslearen rola, eta Chechu Salgado eta Begoña Vargas dira Zarco eta Tere, hurrenez hurren. Eta, hain zuzen ere, haien lana da filmaren muinetako bat.

Pandemiak eten zuen filmaketa, eta aktoreei buruan zerabiltzan film eta liburuen erreferentziak bidaltzeko baliatu zuen etena zuzendariak. Hutsune argia igarri zuen lan haietan guztietan Vargas aktoreak, ordea. «Ez zegoen emakumezkorik».

Aurrez, besteak beste, El niño eta Celda 211 filmak zuzendu ditu Monzonek, eta zuzendaririk onenaren Goya saria jaso zuen, gainera, azken horri esker.

Urriaren 8an estreinatuko dute haren azken lana zinema areto komertzialetan.]]>
<![CDATA[Zaharraren mugakide da berria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/032/001/2021-09-25/zaharraren_mugakide_da_berria.htm Sat, 25 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Astiz https://www.berria.eus/paperekoa/1879/032/001/2021-09-25/zaharraren_mugakide_da_berria.htm
Jose Ibarrola seme eta artistaren hitzetan, Ibarrolaren jatorrizko ideiari fidela zaio proiektua. «Kanpotik irudi lezake hau land-art interbentzio bat dela, eta, beraz, iraungikorra dela, baina uste dut gure aitak sekula ez zuela sentitu land-art-a egiten ari zenik. Erabili egin zuen natura, beti egiten zuena egiteko. Horregatik, proiektuak ez ditu inolaz ere haren lengoaia eta helburua perbertitzen». Bera arduratuko da artelana gune berrira moldatzeko lan artistikoez, eta, «puzzlea» berriz muntatzea izango du egiteko nagusia.

Guztira, 27 kokapen posible aztertu, eta, azkenean, egungo basoaren mugakide den basoa hautatu dute obra berregiteko. Basobarri. 13 hektarea izango ditu, eta, hortaz, egungo Omako Basoaren ia hirukoitza izango da baso berria. Bertako arbolak 30 urteren bueltan dabiltzala jakinarazi dute, eta sasoi betean direla. Gunea morfologikoki ere «bikaina» dela esan dute arduradunek, eta, egungo basoaren mugakide izanik, aldundiak ez du sarbide eta azpiegitura berririk eraiki beharko.

Basoa handiagoa izateak Ibarrolaren lana erabat garatzeko aukera ematen duela azaldu du Jose Ibarrola semeak. Eta baita, urteen poderioz, desagertutako eta kaltetuta suertatutako artelanaren zatiak berreskuratzeko ere. Izan ere, hasiera batean, hiru jabe zituzten Ibarrolak margotutako pinudiek, eta ez zuten beti ulertu artistaren lana. Margotutako 127 zuhaitz ebaki zituen haietako batek, adibidez, paper fabrika bati saltzeko. Gerora, Bizkaiko Aldundiak erosi egin zituen lurrok, 1999an, baina hiru jabeetako batek ezetz esan, eta, beste hamar arbola gehiago moztu zituen.

Pinudi komertzial guztiak «antzekoak» direla azaldu du Jose Ibarrolak, eta horrek lekualdatzea erraztuko duela. Ordea, onartu du bi basoak morfologikoki ezberdinak izanik, ezinbestekoa izango dela egokitzapena. Errespetuz jokatzea izango da klabea, kasu horietan. «Saiatuko naiz ahalik eta gutxien berridazten, eta idatziko dudana Agustinek [Ibarrolak] basoan idatzi zuen bezala idatziko dut». Hori egin ahal izateko, aitaren estiloa eta haren motibazioa ongi ezagutzen dituela argudiatu du Jose Ibarrolak, eta gai sentitzen dela erronkari aurre egiteko.

Kontserbazioa da erronka

Zaintzaile figurarekin parekatu du Jose Ibarrolak bere lana. Erabat zehaztuta ez badago ere, seguruena baita margotze lanak beste artista batzuek egingo dituztela, eta haien koordinazio eta kontraste lanak egingo ditu Jose Ibarrolak. Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren fakultateko kideekin elkarlana sinatu du aldundiak horretarako. Eta Jose Ibarrolaren hitzetan, bat doa hori Omako Basoa sortu zuen artistaren motibazioarekin. Gogoratu du, aurrez ere hainbatetan zaharberritu eta birmargotu dituztela pinuak, eta, ez duela horrek obraren sakoneko ideia kaltetzen. «Agustinentzat [Ibarrolarentzat] garrantzitsuena ez da pintorearen esku zehatza, baizik eta ideia».

Basoa berregiteko hartutako erabakia «biribila» dela esan du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. «Oso inportantea» iritzi dio proiektuari, eta, haren hitzetan, «perfektua» da topatu duten soluzioa. Oraingoz, unean unekoa da erabakia, edonola ere, azaldu duenez, oraindik ez baitute planik adostu egun 30 urte dituzten arbola horiek zahartzen direnerako. Gaia mahai gainean dagoela onartu du, baina ez dute oraindik ezer itxi. Hiltzen ari den basoko margolanak nola kontserba daitezkeen ere aztertzen ari dira, baina ez dute formula egokirik topatu oraindik.]]>