<![CDATA[Iñigo Lasa | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 20 May 2022 22:25:17 +0200 hourly 1 <![CDATA[Iñigo Lasa | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Aho zabalik utzi ditu denak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2074/019/002/2022-05-19/aho_zabalik_utzi_ditu_denak.htm Thu, 19 May 2022 00:00:00 +0200 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/2074/019/002/2022-05-19/aho_zabalik_utzi_ditu_denak.htm
Egun lasaia izan zuten atzo ziklistek: 203 kilometro ordekan, batere desnibelik gabekoak. Halere, albiste txar batekin hasi zen eguna. Bezperako irabazleak, Biniam Girmayk (Intermarche), Giroa utzi behar izan zuen. Podiumean xanpain botila irekitzen ari zela kortxoak begian jo, eta ospitalera joan behar izan zuen. Medikuen aholkuei kasu eginez, lasterketa uztea erabaki zuen eritrearrak.

Etapari hasiera eman bezain pronto, Filippo Taglianik (Androni) eta Luca Rastellik (Bardiani) bakarrik alde egitea erabaki zuten, eta etapa erdia ihes eginda pasatu ostean, tropelak Bologna inguruan harrapatu zituen. 58 kilometroren faltan, berriz, Dries de Bondtek jo zuen erasoa (Alpecin), baina helmugarako kilometro eta erdi eskas falta zela harrapatu zuen. Esprintean, garaipena Arnaud Demareren (Groupama) eta Fernando Gaviriaren (UAE) artean egongo zela zirudien, baina, bat-batean, Dainese azaldu zen atzetik, eta denei aurrea hartu zien. Gaviria loriaren atarian gelditu zen berriro. Simone Consonni (Cofidis) izan zen hirugarren. Sailkapen nagusian, Juanpe Lopezek (Trek) lehen postuari eusten dio, baina orain Richard Carapaz da bigarren (Ineos), tarteko esprint batean hiru segundoko gain saria lortu eta gero.

Gaur, etapa gorabeheratsua

Atzoko etaparen antz gutxi du gaurkoak: kilometro bat gehiago du, 202. Bestela, oso bestelakoa da, ihesaldirako aproposa. Errepidea gora begira dutela hasiko dute eguna, eta hirugarren mailako hiru mendate igoko dituzte; azkena, Valico di Trensasco (4,3 kilometro eta %7,9ko pendiza), helmugatik 35 kilometrora.]]>
<![CDATA[Batera eta bestera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1920/022/001/2022-05-10/batera_eta_bestera.htm Tue, 10 May 2022 00:00:00 +0200 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1920/022/001/2022-05-10/batera_eta_bestera.htm
UXUE ZABALA Arrauneko epailea
«Epaileok sekulako neke psikologikoa izaten dugu»

Primeran ezagutzen du arraunaren mundua Uxue Zabalak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1990). Tostartetik, Gipuzkoako Arraun Federaziotik eta epaimahaitik ezagutu ditu. Azken horretan, 2008tik dabil, buru-belarri. Eskarmentu handiko epailea da, internazionala eta guzti. Eta, askok ezetz uste badute ere, Zabalak baieztatu dezake ontzitik kanpo ere sufritu egiten dela: «Traineru estropadetan tentsio handia egoten da, arraunlarien artean, patroiekin... baina epaileak ere ez gara lasai egoten. Tirabira eta liskar asko sortzen dira, eta epaileok ere bizi-bizi taupaka izaten dugu bihotza halakoetan. Gauza askori erreparatu behar diozu, ardura handia duzu, eta ez da erraza hori kudeatzea. Epaileok sekulako neke psikologikoa izaten dugu. Etxera leher eginda iristen gara».

Modalitate asko daude arraunean. Euskal Herrian traineru estropadak dira ezagunenak, baina badira arraun egiteko beste hamaika modu. Eta noski, denak ez dira berdin zuzentzen. Zabalaren ustez, estropada kontrolatzeko dauden baliabideek eta estropada eremuak «asko» baldintzatzen dute epaileen lana: «Errazenak Europako aulki mugikorreko estropadak dira. Baliabide asko daudelako eta ur bareetan egiten direlako, eta, txapelketa horietan, kexatu gabe onartzen dute epaileak hartutako erabakia. Euskal Herriko estropadetan, berriz, itsasoa daukagu, kontrolatu ezin dezakegun faktore bat... eta horrek asko zailtzen ditu gauzak. Itsasoak bere lege propioak ditu».

Kostaldeko herritarrek arrauna bizi egiten dute, eta, kirol guztietan bezalaxe, epaileari herrikoen alde egitea leporatzen diete batzuetan. Zabalak argi eta garbi utzi nahi izan du epaileek «objektibotasunez» lan egiten dutela: «Kirol guztietan arauak daude, eta guk arau horien arabera hartzen ditugu erabakiak. Arau batzuek bide ematen diote interpretazioari, baina erabakiak arrazoi batengatik hartzen ditugu beti. Epaile batek erabaki bat zergatik hartu duen azaltzen badit, nik behintzat ez diot kontra egingo».

Orain dela ez hainbeste, edozein izan zitekeen epaile: nahikoa zen federaziora joan eta izena ematea. Zabalaren eta federazioko beste kide batzuen ekimenez, epaileen «izen ona» bermatze aldera, azterketa batzuk gainditu beharra dago epaile izateko -Gipuzkoan 2017tik eta Bizkaian 2016tik-: «Harrigarria dirudi, baina horrela zen. Nik uste dut beharrezkoa dela jakituria jakin bat duzula frogatzea, epaileen eta arraunlarien errespetuagatik bakarrik».

IÑIGO ATORRASAGASTI Errugbiko epailea
«Hirugarren zatia oso garrantzitsua da errugbian»

Ozeanian izan ezik, beste lau kontinenteetan ibili da epaile lanetan Iñigo Atorrasagasti (Donostia, 1984). Espainiako errugbi ligan arbitratzeaz gain, nazioartean ere aritzen da, lana ondo egiten duen seinale. Mundu honetan hasi zenean, ez zuen espero honaino iritsiko zenik. Egun, ligako epailerik onenetako bat da: «Errugbi jokalaria nintzen, eta lesio batengatik utzi behar izan nuen. Etxean, epaileak izandakoak dira asko, eta haien bideari jarraitzea erabaki nuen. Pausoak emanez joan naiz, eta hemen nago. Inondik inora ere ez nuen espero honaino ailegatzea».

Orain dela bi igande jokatzekoa zen Espainiako Kopako finalean aritzekoa zen Atorrasagasti. Finala atzeratu egin da, baina, halere, hark zuzenduko du. Partida handia da taldeentzat eta jokalarientzat, baina baita epaileentzat ere, epaileen batzordeak ez baitu edozein izendatzen final batean aritzeko. «Epaileontzat, sari bat da horrelako neurketa bat arbitratzea. Ardura handiko norgehiagokak dira, tentsio handia dagoelako eta jokalari guztiak ohi baino urduriago egoten direlako, baina, hartan aritzeko gu aukeratzen bagaituzte, zerbaitengatik da».

Beste kirolekin alderatuta, errugbiak badu zerbait berezia: jokalariek izugarri errespetatzen dute epailea. Hark esandakoa bete egiten da; inork ez du erabakia zalantzan jartzen. Donostiarraren ustez, bi arrazoi daude horren atzean: gazte mailetatik jokalariei irakasten zaizkien balioak eta hirugarren zatia. Azken horretan, partida amaitu ostean, bi taldeetako jokalariak eta epaile multzoa zelaiko taberna edo txokoren batean biltzen dira, mokadutxo bat egiteko. Horrek epailea jokalariengana «gerturatzen» duela azpimarratu du: «Hirugarren zatia oso garrantzitsua da errugbian. Jokalariekin harremana sortzeko balio du: partidan gertatu diren jokaldiez hitz egin, hartutako erabakiak eztabaidatu... Neurketan jokalariak bero daude, baina, gero, erabakiak ulertzen dituzte».

Halere, denak ez dira gauza atseginak izan, pasarte txarrak ere izan baititu Atorrasagastik: «Zazpiko errugbi modalitateko partida batean, Txinan, hango selekzioak ez zuen bat egin nik jokaldi batean hartutako erabakiarekin, eta zelaia uztea erabaki zuen. Nik oso gaizki pasatu nuen orduan, baina epaileen batzordeak nire alde egin zuen, eta horrek asko lasaitu ninduen».

3. IRAGARTZE FERNANDEZ Futboleko epailea
«Taldeak ezagutzea ezinbestekoa da partida ondo eramateko»

Ikasteaz eta erizain modura lan egiteaz gain, marrazain ere aritzen da Iragartze Fernandez (Getxo, Bizkaia, 1993), futbolean. Gizonezkoen Lehen Maila Federalean eta emakumezkoen Lehen Mailan ibiltzen da, hegalean gora eta behera. Futbol neurketa batera joan baino lehen, norgehiagokako taldeak aztertzen ditu. Epaileen batzordeak bi aste lehenago jakinarazten die epaileei zein partida zuzendu behar duten. «Normalean, talde bakoitzaren azken lauzpabost neurketak ikusten ditugu. Taldeak ezagutzea ezinbestekoa da partida ondo eramateko. Aurretik egindako lanketa horrek asko errazten digu gero 90 minutuetan egin beharreko lana».

Argi du «eskarmentua» dela neurketei kontrolpean eusten laguntzen duen beste faktore garrantzitsu bat. Partiden joan-etorriekin eta denboraldiek aurrera egin ahala, «errazagoa» da norgehiagokak bideratzea: «Barruan zaudenean, jokalariak bezalaxe, hasieran urduritasun pixka bat nabaritzen duzu. Baina hori normala da, gu ere pertsonak baikara. Esperientzia hartuz joaten zarenean, ohitu egiten zara, eta gauzak beste modu batera hartzen dituzu». Halere, argi du etxetik gauzak «garbiago» ikusten direla: «Etxetik oso erraz ikusten da dena. Zelaian zaudenean, falta bat ikusten duzu, eta txartel gorria dela iruditzen zaizu. Gero, etxera joan, partida berrikusi, eta konturatzen zara falta ere ez zela. Barrutik, jokaldiek askoz larriagoak ematen dute. Uste baino zailagoa da epaile izatea».

Futbol zelai batean, zoritxarrez, oso ohikoa da irainak entzutea. Getxoztarra maila handiko epailea da. Orain dela gutxi, aukera izan zuen emakumezkoen Espainiako Superkopako finala zuzentzeko, Bartzelona eta Atletico Madrilen artekoa. Badaki zer den eliteko kirolariekin jardutea. Zazpi urte daramatza marrazain modura, eta, urte hauetan guztietan, neurketa bakarra gelditu behar izan du. Zein-eta 13 urteko nesken partida bat. «Ikusle bakarra bota dut zelaitik, haurren mailako nesken partida batean. Gizon bat irainka ari zen: ez niri, haren alabari baizik. Partida geratu, gizonari joateko esan, eta hura berrabiarazi nuen. Maila horietan ezin dira onartu horrelako errespetu faltak; horiek ez dira futbolean erakusten diren baloreak».]]>
<![CDATA[ Zainetan darama txirrindularitza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/022/001/2022-04-19/zainetan_darama_txirrindularitza.htm Tue, 19 Apr 2022 00:00:00 +0200 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1943/022/001/2022-04-19/zainetan_darama_txirrindularitza.htm
Hego Afrikako Cape Epic lasterketan lehiatu berri da Zugasti, mendiko bizikletako munduko lasterketarik garrantzitsuenean. Gustura da han egindako lanarekin, baina arantza txiki bat geratu zaio: «Oso lasterketa gogorra eta polita da; mendiko bizikletaren Frantziako Tourra da. Sei aldiz parte hartu dut, eta azken honetan egin dut hobekien. Baina Cape Epic binaka da, eta nire bikotekidea gaixotu egin zen bigarren etapan, eta lasterketa utzi zuen. Inoiz baino hobeto aritu naiz, baina penaz amaitu dut, balentria handia egin genezakeen eta».

Afrikan gertatutako pasarteak eta bizipenak Youtubeko bere kanalean daude ikusgai. Han jartzen ditu astero-astero bizpahiru bideo, nahi duenak ikus ditzan. 293.000 jarraitzaile baino gehiago ditu, baina ez dio kasu handirik egiten horri: «Ez diot horri begiratzen; jarraitzaileak erosi egin litezke. Garrantzitsuena da zenbat jenderengana iristen zaren. Neure bideoak ikusten dituzten pertsona asko, esaterako, ez daude nire kanalean harpidetuta. Nik nahiko publiko zaharra daukat, eta adin batetik aurrera jendea ez da harpidetzen».

Jendea entretenitzeaz gain, kirolaren balioak ere helarazten ditu bere bideoen bitartez: «Lehiatzea baino gehiago da bizikleta. Jendeak mezu asko bidaltzen dizkit eskerrak ematen, eta nik denak irakurtzen ditut. Ez dakit zenbat jende hasiko zen niregatik bizikletan, baina horrelako gauzek bete egiten dute».

«Modu naturalean», nahi gabe, iritsi da milioi heren jarraitzaile izatera. Baina komunikaziorako sena betidanik izan du: «Ziklista amateur bat nintzenean, blog bat idazten nuen. Zazpi urtez idatzi nuen bertan. Gero, Instagram etorri zen, eta, ondoren, Youtube. Trantsizio natural bat izan da. Nik ez nuen hau bilatzen».

Haurtzaroan, futbolean, esku pilotan eta arraunean ibili zen jaioterrian, Lezon. Bizikletarekin sekula ez, gurasoek ez baitzuten begi onez ikusten. Hogei urteak ondo beteta hasi zen bizikletaren pedalei eragiten, Bartzelonan. Eta ez edozein modura, emaitza politak lortuta, gainera: «Oso jende gutxik daki 23 urtez azpikoen eta afizionatuen mailan nahiko ondo ibili nintzela. Postu onak lortu nituen, baita maila handiko lasterketetan ere. Errepidean beti aurrean ibili izan naiz».

39 urterekin profesional

Hala ere, ez zen iritsi profesionaletara. Baina hori ez zen gipuzkoarraren helburua: «Berandu hasi izanak arlo horretan kalte egin zidan. Profesionaletara igotzen direnak ziklista gazteak dira, infantiletatik lehiatzen ari direnak. Baina hori ez zen nire helburua garai horretan: nire xedea bizikletaren gainean gozatzea zen, besterik gabe».

32 urte bete zituenean, 2004an, argitaletxe batean arte zuzendari modura zuen lana utzi, eta txirrindularitzari ekin zion buru-belarri. Emaitza bikainak lortzen hasi zen: 2006an, Kataluniako Errepideko Txapelketa irabazi zuen; 2007an, Lezoko Santa Kruz Saria; 2008an, Kantabriako eta Salamancako itzuliak; 2009an, Castello, Avila eta Sevillako itzuliak, eta bigarren izan zen El Cinturo de l'Emporda proban —Fran Ventoso profesionalak bakarrik hartu zion aurre—. Beste hamaika lorpenen ondoren, 2011n, 39 urterekin, profesionaletan aritzea erabaki zuen: «Ez da ohikoa hain berandu iristea profesionaletara, baina niri aukera iritsi zitzaidan, eta baliatu egin nahi nuen. Bi urte egin nituen [2012an eta 2013an] Paraguaiko Start Cycling Kontinental Mailako taldean».

Egun, mende erdia betetzear dela, mendiko bizikletan aritzen da munduko onenekin batera. Izan ere, errepidean ez bezala, mendiko bizikletan aukera gehiago daude goi mailako txirrindulariekin lehiatzeko: «Mendiko bizikletak duen onena da lizentzia aterata onenekin lehiatu zaitezkela. Errepidean, ez. Errepidean ezin duzu lizentzia atera eta Tadej Pogacarrekin lehiatu. Profesional talde batek zugan konfiatza badu, ondo; bestela, jai duzu. Mendiko bizikletan, berriz, egin dezakezu».

Sona handiko jarraitzaileak ditu sare sozialetan; txirrindulari, futbolari eta bestelako kirolari profesional asko: «Ez dakit nola topatzen duten nire kanala. Googlen txirrindularitza jarri, eta ni azalduko natzaie akaso [barrez]. Baina ilusio handia egiten dit: askok mezuak bidaltzen dizkidate, eta harreman ona dut haiekin. Uste baino kirolari gehiago ibiltzen dira bizikletan».

Konfinamendu garaian, Realeko gizonezkoen lehen taldeari spinning entrenamendu bat zuzendu zion Zoom bidez. Realzale amorratua izanik, «sekulako ilusioa» egin zion hori egiteak: «Igandero-igandero Realarekin sufritzen duen horietakoa naiz, eta haiekin entrenamendu txiki bat egiteko aukera sortu zenean, egundoko ilusioa egin zidan; ezin nuen sinetsi. Odegaard, Isak, Merino, Oiartzabal... eta ni. Ikaragarria izan zen».]]>
<![CDATA[Badituzte helburuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1958/036/001/2022-04-03/badituzte_helburuak.htm Sun, 03 Apr 2022 00:00:00 +0200 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1958/036/001/2022-04-03/badituzte_helburuak.htm
Sasoi hasieratik Europan sartzea dute xede bizkaitarrek, eta, helburua bizirik mantentzeko, San Mamesen Elxi irabazi beharko diote gaur (14:00, Movistar LaLiga). Aukeran, jardunaldi gutxiegi geratzen zaizkie Marcelino Garciarenei zortzi puntuko errenta jan eta seigarren —edo zazpigarren, Espainiako Kopako garailearen arabera— postu preziatu hori eskuratzeko. Halere, teknikari espainiarrak gaurko partida bakarrik du buruan: «Elxi irabazteko, Getaferen aurkako hutsetatik ikasi eta gauzak ondo egin beharko ditugu».

Herrialde Katalanetako taldea uste baino erosoago ailegatu da denboraldiko azken txanpa honetara. Lehen neurketetan gaizki aritu zen, baina, abenduan Francisco Rodriguezek taldearen gidaritza hartu zuenetik, asko aldatu da Elx. Gauzak zail jarriko dizkiela seguru da Marcelino

Gakotzat jo du defentsan ondo aritzea: «Gola sartzea asko kostatzen zaigu. Hori horrela, atzean sendoak izanez gero. irabaztetik gertuago egongo gara».

Deialditik kanpo gelditu dira min hartutako Iñigo Martinez, Dani Garcia eta Iñigo Lekue; baita zigortutako Yeray ere. Jokatzeko prest daude Nico Williams eta Oihan Sancet.

Plaza zailean arituko da, berriz, Osasuna: Benito Villamarinen, Betisen zelaian. (16:15, Movistar LaLiga). Nafarrek aurreko jardunaldian bete zuten mailari eusteko helburua, Sadarren Levanteri irabazita. Batere presiorik gabe, baina betiko gogoekin irabaztera zelairatuko direla azpimarratu zuen atzo Jagoba Arrasatek: «Oraindik liga laurdena geratzen da. Behin baino gehiagotan ikusi dugu, gainera, gure onena ematen ez badugu ez garela lehiakorrak. Helburu asko dauzkagu aurretik, baita sailkapenari begira ere. Postu oso onean gaude, ea eustea lortzen diogun».

Betis sasoi aparta ari da osatzen. Baina azken partidetan Europa, Kopa eta Liga uztartzeak dakarren nekea sumatzen hasia da Manuel Pellegriniren taldea. Nafarrei aurre egiteko, gainera, ez ditu taldean funtsezkoak diren hiru jokalari izango: Sergio Canales, Nabil Fekir eta Borja Iglesias. Bajak baja, talde zitala da Espainiakoa: «Egia da sona handiko jokalariak falta zaizkiola. Baina, halere, oso talde ona da Betis. Baloiarekin, kontraerasoan... modu askotan sor dezake arriskua». Berriatukoak baloiarekin «solte» ikusi nahi du bere taldea.

Bigarren Mailan, berriz, Reala B-k kolpea hartu zuen, Alcorconen aurka 2-4 galdu ostean. Realak bi jokalari gutxiagorekin jokatu zuen 40. minututik, epaileak aurrena Andoni Zubiaurre eta gero Alex Sola kanporatu baitzituen. Jon Karrikaburuk ere penalti bat huts egin zuen. Xeber Alkainek sartu zituen txuri-urdinen bi golak. Amorebieta, berriz, 3-1 gailendu zitzaion Ibizari. Mikel San josek, Gorka Guruzetak eta Koldo Obietak sartu zituzten bizkaitarren golak. Eibarrek Mirandes hartuko du gaur Ipuruan (18:15).]]>
<![CDATA[Ondo heldua dute harria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2022-03-10/ondo_heldua_dute_harria.htm Thu, 10 Mar 2022 00:00:00 +0100 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2022-03-10/ondo_heldua_dute_harria.htm
KARMELE GISASOLA, 'ZELAI III.A'
«Lanak erraztu egin dira, eta pisuak jaisteak jendea erakarri du»

Azken urteetako emakumezkoen herri kirolen ikur nagusia da Karmele Gisasola Zelai III.a (Mallabia, Bizkaia, 1994). Igandean txapela jantzi zuen maila nagusian (61 jasoaldi), Lucia Orbe mendean hartuta. Garaipenaren gainetik, plazan neska berriak ikusteak poztu du gehien: «Oso gustura nago aurpegi berriak ikusi ditudalako. Argi geratu da mundu guztiak egin dezakeen kirol bat dela, ez dela soilik familiatik eratorritako zerbait. Ikusi da edozein dela gai herri kiroletan aritzeko eta txapelketetan izena emateko».

63 kiloko harriekin ibili ziren maila nagusian. Berrien eta gazteen mailan, berriz, 50 kilokoak jaso behar izan zituzten. Hori bai, denek ere lanabes berak izan zituzten: zilindro zaharra, kubikoa eta bola. Bi minutuko lana harri bakoitzarekin. Gisasolak uste du harrien pisua egokitu izana gakoa izan dela emakume gehiagok parte hartzeko: «Lanak erraztu egin dira, eta pisuak jaisteak jendea erakarri du. Gogoan dut, gu hasi ginenean, lehenengo txapelketan 75 kiloko zilindroa eta 63ko bola izan genituela».

Herri kirol eskolen lana ere goraipatu egin du: «Getxon, adibidez, orain dela gutxi arte ez zegoen herri kirol eskolarik; gainera, han biztanleria handia dago. Izeta II.a eta Joseba Ostolaza ere asko konprometitu dira».

LUR ERREKONDO
«Gehiagorako gogoz utzi nau txapelketa honek»

Bere estreinako txapelketan txapela irabazi du Lur Errekondok (Usurbil, Gipuzkoa, 1995). Berrien mailan lehiatu zen, Lierni Osaren aurka. Oso gustura amaitu du aurreneko esperientzia: «Urduritasuna ezin kudeatzeak ematen zidan beldurrik handiena: kirol berria, finala... Baina amaitutakoan konturatu nintzen oso kontzentratuta egon nintzela, eta, egia esan, ez nuen espero hain ondo aritzea». Finalean 66 jasoaldi egin zituen, sailkatze fasean baino hogei gehiago.

Datuak eta nola gozatu duen ikusita, ez du bere ibilbidea hemen eteteko asmorik: «Gehiagorako gogoz utzi nau txapelketa honek. 50 kilokoarekin gustura ibili naiz, baina, azken finean, pisu hau teknika fintzeko izan da pixka bat, eta asmoa da aurrera begira Karmelerekin-eta lan egitea».

Eskubaloia utzi behar izan zuen lesioengatik. Horietako batetik osatzen ari zela, kirolik egin ezinik «aspertuta», herri kiroletara salto egiteko hautua egin zuen usurbildarrak, Xabat Olaizolak eta Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-k lagunduta. Oso gertuko mundu bat aurkitu du: «Oso gustura egon naiz plazan. Beste harri jasotzaileekin harremana izan, elkarrekin urduritasunak kudeatu... Aurkariak izan arren, harria jaso aurreko momentu horiek oso politak iruditu zaizkit. Nik ez nekien txapelketan zehazki zenbat bilduko ginen, baina dezente gehiago izango ginela esan zigutenean poztu egin nintzen».

UDANE OSTOLAZA
«Hainbeste emakume plazan ikustea oso pozgarria da»

Gazteen mailan irabazle atera zen Udane Ostolaza (Zestoa, Gipuzkoa, 2005), 56 jasoaldi eginda. Aroa Sanchez hartu zuen mendean. Zapore oso ona utzi dio txapelketak: «Txapela lortu dut, baina garrantzi handiagoa ematen diot sailkatze fasetik finalera egin dudan hobekuntzari».

7 urterekin hasi zen Ostolaza harria jasotzen. Harri jasotzaileen familia batetik dator, eta aita, Joseba Ostolaza, da bere entrenatzailea. Azken urteetan neska gehiago hasi izanak orain arte egin ezin izan duen gauza baterako bidea ireki dio. «Lehen ez nintzen nire adineko jendearekin lehiatzen, inor ez zegoelako. Orain arte bakarrik ibili izan naiz, edo zaharragoekin. Harri jasotzen hasi nintzenetik ez ditut hainbeste emakume plazan ikusi».

Ostolazaren eskolan bost emakume ibiltzen dira harri jasotzen. Pixkanaka bada ere, handituz doa kopurua: «Deialdi bat egin zuten eskolatik, neskak animatzeko asmoz. Hasieran apur bat kostatu zen, baina gero bat animatu zen, ondoren bestea... Bakarrik entrenatzetik taldean entrenatzera alde ederra dago». Halere, gehiago aritzea gustatuko litzaioke: «Horrela jarraituz gero, eta ikusgaitasun pixka batekin, jende gehiago animatuko da, seguru».]]>
<![CDATA[«Lider egonda, aurkari guztiak guri irabazteko gogoz daude»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/024/001/2022-01-29/lider_egonda_aurkari_guztiak_guri_irabazteko_gogoz_daude.htm Sat, 29 Jan 2022 00:00:00 +0100 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1864/024/001/2022-01-29/lider_egonda_aurkari_guztiak_guri_irabazteko_gogoz_daude.htm
Ondo hasi zenuten astea, astelehenean Almeriari irabazita.

Bagenekien partida zaila izango zela, baina seguru haiek ere gauza bera pentsatuko zutela. Neurketa ona atera zitzaigun, izan genituen gol aukerak aprobetxatu genituen, eta atzean sendo ibili ginen. Pozik nago egindakoarekin.

Hiru puntu horiek eskuratuta, Almeriari golen aldea irabazi, eta gainera lider jarri zarete. Ez da sari makala...

Bigarren Mailan oso garrantzitsua da gol ezberdintasun hori irabazita izatea. Bigarren itzuli honetan horrek zeresan handia izango du. Orain sailkapeneko lehen postuan gaude, baina hori ez da azken asteetan lan ona egin dugulako: denboraldi osoan egin dugunaren saria da hau. Pozik gaude hor goian gaudelako; ea luzaroan eutsi ahal diogun

Nola daramazu denboraldi hau?

Pozik nago. Partida dezente daramatzat jarraian jokatzen, eta oso gustura sentitzen naiz. Horrelakoetan, taldea ondo doanean, zaila da jokalariren bat kexatzea. Gure kasuan, gainera, jokalari multzo handi eta on bat gara, eta horrek asko errazten ditu gauzak egunerokoan.

Azken bost denboraldietan bigarren atezain modura aritu zara. Lesio larri bat ere izan duzu belaunean. Nola eraman duzu hori guztia jakinda atezainaren postuan bi aukera besterik ez daudela: jokatzen duzu ala ez duzu jokatzen?

Umetatik prestatzen zaituzte honetarako. Azken finean, horrelakoa da gure postua, baina prest egon behar duzu beti, edozein momentuan zerbait gerta litekeelako eta zure txanda iritsi. Beti izan dut lehia gogorra nire postuan: Asier Riesgo, Marko Dmitrovic, Ander Cantero... Oso onak dira, baina hori da gure postuaren gauza politetako bat: badakizu gogorra dela, baina lan handiagoa egitera bultzatzen zaitu.

Hainbeste denbora itzalean pasatu ostean, zer sentitzen da Ipuruan zure izena abesten dutenean?

Horrek zoriontsu egiten zaitu. Ikaragarria da hainbeste urteren buruan zaleengandik lehen egunean bezain beste maitasun jasotzea. Ni neu ere saiatzen naiz haiekin jatorra izaten. Oso pozik jartzen nau zaleak nire lanarekin kontent daudela jakiteak.

Denboraldi ona egiten ari zarete. Nola ikusten duzu taldea?

Taldea ondo ikusten dut. Ondo ari gara lanean, eta dagoeneko lan horren fruituak jasotzen ari gara. Bigarren Mailara jaitsi ostean, uda mugitua izan zen, aldaketa askokoa. Hasieran kosta egin zitzaigun; hamalau-hamabost jokalari berri ekartzen dituzunean, oso zaila zen taldeak lehen momentutik ondo jokatzea; halere, nahiko emaitza onak lortu genituen. Orain, berriz, ia buruz jokatzen dugu elkarrekin.

Bigarren Mailan oso txapelketa luzea da, eta orain, gainera, goiko postuetan talde asko dago puntu gutxitan. Mentalki ere gogorra izango da edozein partidatan igoera postuetatik atera zaitezkeela jakitea, ezta?

Txapelketa honetan denboraldia oso luzea egiten da. Hor goian talde asko egoteak bere alde onak eta txarrak ditu: txarra da partida bat galduta zure postua galdu dezakezula, eta ona, berriz, lehia estu horrek motibatu egiten zaituela, eta ez zaituela despistatzen uzten. Gaur-gaurkoz, liderrak gara, eta horrek postu hau inoiz ez uzteko motibazioa ematen digu.

Aurkariek ere motibatuta jokatuko dute liderraren kontra, ezta? Gaizka Garitanok, zuei lehenengo sailkatuaren aurka jokatzea tokatu zaizuenean, beti esan izan du hori prentsaurrekoetan.

Bai, hori hala da, baina nahiago dut orain gauden egoeran egotea, liderraren aurka lehiatzeko motibazioa izatea baino [barrez]. Guk gure motibazioa dugu. Liderrak izanda, badakigu talde guztiak guri irabazteko gogoz etorriko direla, baina geureari eusten saiatuko gara.

Gaur, denboraldi honetan mendean hartu zaituzteten lau taldeetako baten aurka arituko zarete: Huesca. Nola ikusten duzu partida?

Partida zaila izango da seguru. Bigarren Mailan irabaztea asko kostatzen da, zer esanik ez bigarren itzulian, denek esfortzu gehigarri bat egiten baitugu. Talde handia da Huesca; aurrean oso ondo jokatzen duten jokalariak dituzte. Adi egon beharko dugu.

Zuekin eta Valladolidekin jaitsi zen iragan denboraldian Bigarren Mailara. Haiei, baina, gauzak ez zaizkie zuei bezain ondo atera. Sailkapenean hamabosgarren daudela ikusita, partida tranpa horietako bat dela uste duzu?

Ez, badakigulako nolako taldea diren, eta erakutsi zutelako lehen jardunaldian guri irabazteko gai izan zirela. Nahi dituzten emaitzak lortu ez arren, oso talde ona dira. Gauzak ez baditugu ondo egiten, oso zaila izango da irabaztea.

Bikain ari zarete Ipuruan. Partida bat baino ez duzue galdu etxean. Ipuruatik pasatzen al da igoera?

Egia da Ipuruan ondo gabiltzala, eta igo nahi badugu horrelaxe jarraitu beharko dugu. Baina kanpoko partidetan ere fin ibiltzea komeni da. Puntu asko behar dira igotzeko.]]>
<![CDATA[Bidea egiten segitu nahi dute]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/022/001/2022-01-09/bidea_egiten_segitu_nahi_dute.htm Sun, 09 Jan 2022 00:00:00 +0100 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1942/022/001/2022-01-09/bidea_egiten_segitu_nahi_dute.htm
IRAIA IPARRAGIRRE Realeko jokalaria
«Partida kontrolatzen saiatu behar dugu baloiaren bitartez»

Oporraldia ondo aprobetxatuta eta pilak kargatuta da Iraia Iparragirre (1995, Lasarte-Oria, Gipuzkoa). Sasoi bikaina osatzen ari da Reala; bigarren da sailkapenean, 34 punturekin, eta bi partida baino ez ditu galdu estreinako itzulian -Espainiako Futbol Federazioak hiru puntu kendu dizkio elastikoan federazioaren logoa ez eramateagatik-. Urtea, eta denboraldiko bigarren erdia, aurrekoa bukatu bezala hasi nahi du: irabaziz. «Gogorik ez zaigu falta. Gero ikusi egin beharko da partidan gauzak nola joaten diren. Egun batzuetan gauzak hobeto ateratzen dira; beste batzuetan, okerrago... Hori oraindik ezin da aurreikusi, baina gure esku dagoen guztia egingo dugu partidara gauzak ahalik eta landuen eramateko».

Aldaketa askoko uda izan zen 2021ekoa Zubietan. Jokalari askok alde egin zuten, eta beste hainbeste iritsi ziren Donostiara. Aldaketak aldaketa, talde gipuzkoarrak ez du horrelako egoeretan suertatu ohi den egokitzeko denborarik behar izan. Hasiera-hasieratik abiada bizian hasi zen Natalia Arroyok zuzendutako taldea. Lasarte-Oriako hegalekoak argi du zergatik jarraitzen duen Realak onbidean: «Horrelako momentuetan, talde batean egonkortasuna aurkitzea ez da erraza, baina guk Realean identitate bat daukagu, eta hori ez da aldatu. Esentzia hori ez dugu galdu. Nire ustez, horrek eta jokalari berriek kontzeptuak ondo barneratzeak eman digute fruitua. Ez da zorte kontua izan: ondo hasi ginen, eta gero gauzak finduz eta gure ahulguneak indartuz joan gara pixkanaka-pixkanaka».

Aurreko denboraldiaren amaieran talde txuri-urdina utzi zutenetako bi aurkari izango ditu gaur Iparragirrek berdegunean. Itxaso Uriarte eta Mariasun Quiñones urte luzez aritu dira Realean, baina aurreko udan taldez aldatu ziren. Azken egunetan Uriarterekin mezu batzuk trukatu baditu ere, ez du harekin gaurko norgehiagokaz hitz egin. Horrelako mugimenduek «are bereziagoa» egiten dute derbia, gipuzkoarraren ustez: «Xarma hori du futbolak. Taldekide izan dituzunak aurkari dituzu orain, eta hori berezia da. Ezagutzen duzulako, badakizulako nola jokatzen duen, baina alderantziz ere bai. Haiek haien jokoa egingo dute, eta guk, geurea».

Azken denboraldietako Realaren eta Athleticen arteko derbiak oso estuak eta lehiatuak izan dira. «Athleticek oso talde txukuna du, eta gauzak ez dizkigute batere erraz jarriko. Haiek ere sailkapenaren goialdean daude, eta horrek argi uzten du oso talde ona dela. Gainera, derbiak beti dira bereziak. Aurten, zer esanik ez: joaneko partida San Mamesen jokatu genuen, eta oraingoan Anoetan jokatuko dugu. Haiek izan zuten beraien zaleen hauspoa; orain guri tokatzen zaigu gertukoek ematen duten indar gehigarri hori alde izatea. Baina horrekin ezin dugu arreta galdu; guk oinak lurrean izan behar ditugu, eta gauzak ahalik eta hobekien egin».

Lehen itzuliko partidan talde gipuzkoarra 0-1 nagusitu zen San Mamesen. Aurreneko minutuetan sartutako gol goiztiar bat nahikoa izan zen Realarentzat Bilbotik hiru puntuekin ateratzeko. Gaurko partidan edozer gauza gerta litekeela uste badu ere, markagailuan aurretik jartzea derbia irabazteko gakoetako bat izan daitekeelakoan da lasartearra: «Derbiak beti dira zailak. Gainera, bi taldeak bolada onean gaude. Gola ahalik eta azkarren sartzen saiatuko gara, hiru puntuak etxean geratzeko. Azken finean, markagailuan aurretik zoazenean gauzak modu lasaiago batean hartzeko aukera duzu. Baina, halere, guk gure jokoa egin, eta partida kontrolatzen saiatu beharra dugu baloiaren bitartez».

ITSASO URIARTE Athleticeko jokalaria
«Haiek egiten dituzten hutsak baliatu beharko ditugu irabazteko»

Derbi berezia izango da gaurkoa Itxaso Uriarterentzat (1991, Gasteiz). Bederatzi denboraldi eman zituen Gipuzkoako taldean euskarri arabarrak, baina aurreko udan Lezama aldera joatea erabaki zuen. Batetik bestera aldaketa sumatu badu ere, ez zaio oso arrotza egin: «Urte asko pasatu ditut Realean, baina, zorionez, Athleticeko jokalari asko aurretik ezagutzen nituen, baita beraiek neu ere. Horrek asko erraztu du prozesua. Oso erraza izan da taldera batzea». Taldekide ohiekin partekatuko du berdegunea, eta, askorekin hitz egin badu ere, ez dute norgehiagoka hizpide izan: «Asko lagunak ditut, eta tarteka mezuak bidaltzen dizkiogu elkarri, baina derbiaz ez gara mintzatu. Gauza askotaz hitz egiten dugu, baina partida Anoetarako utzi dugu».

Txuri-urdinek bezalaxe, indarrean hasi zuten liga zuri-gorriek, norgehiagoka asko irabaziz. Azkenaldian, baina, hiru puntuak batzea kostatzen ari zaie Iraia Iturregirenei. Jokoan zeuden azken 24 neurketetatik zortzi baino ez dituzte pilatu; halere, «sentsazioak onak dira», Uriarteren ustez: «Emaitzak ez dira esperotakoak izan, baina taldea ondo ari da lanean. Azken jardunaldietan ezin izan ditugu nahi beste partida irabazi, baina gertu ibili gara. Galtzera kondenatu gaituzten akats horiek zuzenduz gero, hiru puntuak eskuratzea errazagoa izango da».

Bilbotarrek oraindik ez dute lehen itzulia amaitu, Atletico Madrilen aurkako norgehiagoka jokatzeko dute oraindik. Talde espainiarrean koronabirus kasuak atzeman zituzten, eta, horren ondorioz, bizkaitarrek uste baino asteburu gehiago eman dituzte lehiatu gabe. Abenduaren 18an jokatu zuten azkeneko neurketa, Tenerifeko Granadillaren aurka. Ez du uste lehiatu gabe bi aste igarotzeak kalte egingo dionik taldeari: «Ez du zertan eragin beharrik horrek. Lanean ondo aritu gara, entrenamendu onak egiten. Denoi gustatzen zaigu lehiatzea, baina ez da denbora asko pasatu gure azken partidatik. Hori bai, gogoz gaude derbirako».

Aurtengo sasoian Realari irabaztea ez da gauza makala; ezinezkoa ere ez. Bartzelonak eta Levantek gipuzkoarrak garaitzea lortu zuten, eta Sporting Huelvak, berriz, puntu bat eskuratu zuen orain dela hilabete Zubietan. Gasteiztarrak argi du zein izango den gakoa txuri-urdinak mendean hartu ahal izateko: intentsitatea: «Gu oso talde sendoa gara, oldarkorra. Erritmo bizia ezartzen diogu partidari, eta Realaren kontra berdin aritu beharko dugu irabazteko. Ez da erraza izango, baina haiek egiten dituzten huts apurrak baliatu beharko ditugu Anoetatik punturen bat gureganatzeko».

San Mameseko derbia estua izan zen, eta, Arroyorenek hiru puntuak eraman bazituzten ere, lehia paretsua izan zen. Hamahirugarren minuturako aurretik zen Reala, eta gola hain goiz jasotzeak kalte egin zielakoan da Uriarte: «Ia partida guztian markagailuan atzetik joan ginen, eta horrek ez zigun mesederik egin. Gogoz kontra bezala joan ginen denbora luzez, eta, azkenerako ia berdintzea lortu bagenuen ere, partidako zati batzuetan deseroso egon ginen; lehenengo zatian, bereziki».

Anoetan jokatu diren aurreko hiru derbietan ez du galdu Athleticek; bi partida irabazi ditu, eta bestea berdindu. Erdilari gasteiztarrak bolada horri jarraipena ematea espero du: «Aurrekoetan niri beste aldean egotea tokatu zait. Ea laugarrenean ere ez dugun galtzen. Berdinketa ez legoke gaizki, baina gu irabaztera goaz».]]>
<![CDATA[Azken minutura arte]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/021/001/2021-12-15/azken_minutura_arte.htm Wed, 15 Dec 2021 00:00:00 +0100 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1893/021/001/2021-12-15/azken_minutura_arte.htm
Hala ere, etxean jokatu dituen hiru partidak galdu ditu Gernikako taldeak denboraldi honetan Eurokopan. Gaur erdietsi nahi dute bizkaitarrek estreinako garaipena, eta, Europan emaitzak esperotakoak ez badira ere, Roselis Silva joko antolatzaileak uste du «giro aparta» egongo dela Malosten: «Zaleek, guk bezalaxe, lehenengo garaipena ospatu nahi dute. Gaurkoa partida handia da, eta jende dezente bertaratuko delakoan nago».

Turkiarrek nagusitasun handiz irabazi dituzte neurketa guztiak beren multzoan: seitik sei. Bizkaitarrak, aldiz, bi norgehiagokatan gailendu dira, eta beste hirutan gertu izan dute garaipena. Esku-eskura izan eta alde egin dien horietan «zortea» falta izan zaiela uste du Silvak: «Horrelakoetan, zori kontua izaten da dena: saskiratzea sartu edo ez. Batzuetan, baloia sartu egiten da, eta beste batzuetan, ez. Azken unean galdu ditugun neurketak, hain zuzen, partidako beste edozein momentutan sartu ohi ditugun saskiratzeak huts egin ditugulako galdu ditugu. Horrelakoa da saskibaloia, eta horren aurka ez dugu ezer egiterik».

Lehen fasean partida parekatuak jokatu izana «abantaila» izan daiteke, jokalari venezuelarraren ustetan: «Haiek neurketa guztiak aise irabazi dituzte, baina multzo erraza egokitu zaie. Guk maila handiko multzoa izan dugu, eta aurkari handien aurka borrokatu gara. Neurketa itxietan ondo moldatzen garela erakutsi dugu; turkiarrek ez dute horrelakorik izan orain are. Partida itxi batean gure aukerak izan ditzakegula uste dut».

Taldea gako

Cukurovak Amerikako Estatu Batuetako WNBA ligan aritutako zazpi jokalari ditu, eta turkiarren maila handiaren adierazleetako bat da hori, baina Silvak bere taldean jarri nahi izan du arreta: «Guk geureari begiratu behar diogu. Haiek bakarkako lanetan oso onak diren jokalariak dituzte, baina, guk talde moduan defendatzen badugu, gauzak zail jarriko dizkiegu. Garrantzitsua izango da defentsa lanetan elkarri laguntzea».

Argi du zein den bidea irabazteko eta, beraz, Turkiara bigarren kanporaketara pasatzeko aukerekin iristeko: partida itxi bat jokatzea. «Azken minutuetara irabazteko aukerekin ailegatzea litzateke aproposena. Guk behin baino gehiagotan erakutsi dugu egoera zailetan talde bat garela, ez diogula ezer aurpegiratzen elkarri. Cukurovak oso erraz irabazi ditu neurketa guztiak, eta ikusi egin beharko da nola moldatzen diren amaiera estuetan, ez baitu zerikusirik bukaera lasaiekin».]]>
<![CDATA[«Orain gehiago sinesten dut neure buruarengan»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/022/001/2021-12-11/orain_gehiago_sinesten_dut_neure_buruarengan.htm Sat, 11 Dec 2021 00:00:00 +0100 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1864/022/001/2021-12-11/orain_gehiago_sinesten_dut_neure_buruarengan.htm
Bihar hasiko da Munduko Txapelketa. Lehiatzeko gogoz zaude?

Bai, gogo handia dut. Pandemia dela eta, atzeratuz joan da Munduko Txapelketa; Olinpiar Jokoak jokatu ziren aurretik. Azkenean, iritsi da. Jokatzeko gogo handia dut.

Nola iristen zara?

Oso gogotsu. Estreinakoa dut horrelako txapelketa batean. Orain dela bi urte ezin izan nintzen Munduko Txapelketan lehiatu. Sasoi onean iristen naizela uste dut, mentalki ondo nago, eta partida oso onak jokatu berri ditut. Oso pozik nago orain arte egindakoarekin, eta irrikaz nago berriro ere zaleen aurrean aritzeko aukera daukadalako. Gainera, etxetik gertu jokatuko dudanez, are bereziagoa da txapelketa hau. Amak esan dit noiz jokatzen dudan jakin bezain laster hegaldi bat hartu eta ni ikustera etorriko dela. Txinan edo Indonesian jokatzen dudanean ezin du hori egin, eta etxetik gertu izatea eskertzen da. Ezin dut gehiago eskatu.

Zein helburu dituzu?

Ikasten eta gozatzen jarraitzea, azken hilabeteetan egin dudan bezalaxe. Partidaz partida joango naiz; hau Munduko Txapelketa bat da, eta fase guztiak dira zailak. Koadroaren arabera ere ezartzen dira askotan xedeak, eta nire kasuan, ez dizut esango zorte txarra izan dudanik, baina oso koadro gogorra egokitu zait, lehen partidatik hasita.

Eugenia Kosetskaia errusiarraren aurka jokatuko duzu. Munduko zerrendan 26. postuan dago. Zer itxura hartzen diozu haren aurkako neurketari?

Zaila izango da, baina ez ezinezkoa. Orain dela bi urte Europako txapeldunorde izan zen, eta ondo ari da azkenaldian. Jokatzeko partida polita izango da.

Ezustekoa emateko gai ikusten duzu zeure burua?

Bai, nik beti sinesten dut neure buruarengan, aurrean munduko lehena edo 500.a izan. Inoiz ez dut ematen norgehiagoka galdutzat, beti irabaztera ateratzen naiz; badakit gauzak ondo eginez gero, aukerak izango ditudala. Badmintonean edozer gerta liteke.

Txapelketa onak egin berri dituzu Indonesian eta Danimarkan. Azken horretan, munduko sailkapenean hamabigarren postuan dagoen Mia Blichfeldt danimarkarrari irabazteko gai izan zinen. Indonesian, berriz, Pusarla Venkaka Sindhu Indiako jokalari indartsuari gauzak zail jarri zenizkion.

Olinpiar Jokoen bueltan txipa aldatu nuen. Premia nuen horretarako, eta orain hobeto nago. Joko onarekin nengoen, baina aldaketa egin behar nuen buruan. Lehiatzeko garaian beti hor egon naizela uste dut, baina orain, gehiago sinesten dut neure buruarengan. Ni mendean hartzeko, irabazi egin beharko didate; nik ez dut ezer oparitzeko asmorik. Oso ondo aritu naiz azken txapelketetan, eta nor baino nor gehiago aritu naiz jokalari oso onen aurka.

Zergatik egin duzu aldaketa hori?

Onenen kontra aritu arte ez dakizu benetan zein mailatan zauden; dena oso subjektiboa da. Zuk pentsa dezakezu «ni hemen nago, haiek han daude, eta hau falta zait», baina beraien aurrean jarri arte ez dakizu benetan non zauden. Tokion horretaz jabetu nintzen: non nagoen eta zer falta zaidan maila handiko jokalarien aurka lehiatzeko. Hortik aurrera pixka bat objektiboagoa bihurtu da dena, eta horrek helburuak zehazten lagundu dit. Jokoz banekien ez nenbilela hain urruti. Ahalegin handia egin dut buruarekin.

Asko kostatu zaizu aldaketa hori egitea?

Ez. Egia esan, gehiago kostatuko zitzaidala uste nuen. Hilabete batetik bestera sekulako aldaketa sumatu dut.

Olinpiar Jokoetan aritu zinen lehenbizi, eta orain, Munduko Txapelketan. Nola eraman duzu bi lehiaketa garrantzitsu horietan lehiatu behar izatea?

Gogorra izan da. Lehiatzeko gogo asko genituen, koronabirusagatik denbora dezente generamatzalako lehiatu gabe. Baina hilabete gutxitan txapelketa garrantzitsu asko izan ditugu: Olinpiar Jokoak, World Tour txapelketa, mundukoa... Irailetik abendura arteko hilabete hauek luzeak egin dira, egun asko pasatu ditudalako etxetik kanpo. Zenbait jokalarik bizpahiru torneori uko egin diete, estresagatik. Nik ez dut estresik izan, akaso, goi mailako txapelketetan orain dela gutxi hasi naizelako, eta hasiberriaren gogoarekin harrapatu nauelako.

Nola antolatu duzu egutegia?

Oso zaila izan da, azken finean, torneo guztietara ahalik eta sasoirik onenean iritsi nahi duzulako. Baina dena hain kontzentratua egon denez, kirolari asko lesionatu egin dira. Txapelketak elkarren jarraian hasi zirenean, bost lagunek belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuten hilabete berean, eta hori oso ezohikoa da.

Minik hartu al duzu zuk geldialditik hona?

Ez, zorionez, ez dut minik hartu. Izan ditudan lesio guztiak geldialdiaren aurretik izan ziren. Agian, ondo etorri zait etenaldia.]]>
<![CDATA[Garaikurren zaindari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/026/001/2021-11-30/garaikurren_zaindari.htm Tue, 30 Nov 2021 00:00:00 +0100 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1881/026/001/2021-11-30/garaikurren_zaindari.htm
Talde askok beren historian baino aldi gehiagotan jaso ditu besoak Egurrolak. Badira kirolari batzuk behin helburu bat beteta beste ezberdin baten beharra dutenak, geldi egon ezin direnak. Egurrolak 24. denboraldia du hau Bartzelonan. Hasiera-hasieratik tituluak irabazten hasi zen, eta, ia mende laurdena igaro eta gero, ez da «aspertzen» irabazteaz: «Ni oso gustura nago hemen. Ez dut inor ezagutzen irabazteaz aspertzen dena; ez, behintzat goi mailako kirolean. Galtzeaz aspertzen direnak bai, dexente, gainera. Ni behintzat ez naiz aspertzen irabazteaz».

Espainiako 21 Liga, Espainiako 11 Kopa, Europako 11 liga, 4 Interkontinental, 11 Kopa Kontinental, 11 Superkopa, Kataluniako 4 Liga, 3 Iberiar Kopa eta Kopa Cers bat. Tamaina dotoreko museo bat egiteko adina garaikur ditu Bartzelonako atezainak, baina horrelako gauzak gordetzeko «desastre samarra» da: «Nire amarengatik izango ez balitz, domina, titulu eta bestelako asko galduak izango nituen jada. Nire amak etxean ditu txukun-txukun gordeak. Eskerrak berari. Egia esanda, zenbakiek ez didate asko axola; egindako bideari gehiago erreparatzen diot, eta orain artekoa ederra izan da».

Aspalditxotik, ikurrinarekin ospatzen ditu lorpenak. Jaiotzez katalana da, Bartzelonan bertan jaio baitzen. Baina izenak eta abizenak argi uzten duten moduan, Euskal Herriko sustraiak ditu. Euskaldunak ditu lehen hamasei abizenak. Pasaitarrak dira Fernando Egurrola eta Agur Leizeaga gurasoak, eta azken horren ekimen baten bidez ohitura bilakatu da ikurrina bizkarrean zintzilik duela tituluak altxatzea: «Europako ligako lauko final bat jokatzen dugun bakoitzean, nire ama ikurrinarekin joaten da partida ikustera. Ohorea da niretzat; nire familia guztia Euskal Herrikoa da, baita nire parte bat ere».

Pandemiaren eta amonaren heriotza direla medio, nahi baino gutxiago joan da Euskal Herrira azken urteotan Bartzelonako atezaina: «Lehen, Gabonak Euskal Herrian igarotzen genituen beti. Pandemiagatik, bidaia asko bertan behera utzi ditut, baina joateko gogoa dut. Uda lasai bat dudanean semeekin hara joateko asmoa dut».

Gaztetan, Euskal Herrira etorri, eta Atotxara joaten zen Reala ikustera, osaba zenarekin. Atezaina izanik, ez da zaila asmatzea zein zuen idolo: Luis Miguel Arkonada. «Realaren arorik loriatsuena bertatik bertara ikusteko aukera izan nuen. Gorriz, Larrañaga, Lopez Ufarte... Horrelako jokalariekin, errazagoa da talde bateko jarraitzaile egitea. Arraroa da pertsona batek taldeko atezaina idolotzat edukitzea, baina ni ordurako atezaina nintzen, eta, gainera, Arkonada jokalari gustukoena izatea nahiko ohikoa zela uste dut».

24 sasoi gozatzen

Ezbehar batengatik hasi zen umea zela Egurrola patin hockeyan. Aitari minbizia atzeman zioten bera haurra zela, eta, ama aita zaintzera joan ahal izateko, gelakideetako batzuekin patin hockeyan izen ematea erabaki zuen: «Nik hau dena gerora jakin nuen, baina hasieran denbora-pasa gisa sartu ninduten hemen. Kirol honetan hasi nintzen eskubaloian, futbolean edo beste edozein kiroletan hasi nintekeen bezalaxe. Kontua zen ni beste nonbait egotea».

Atepean, baina, «kasualitatez»hasi zen: «Atezain zenak hockeya utzi zuen, kirola gustatzen ez zitzaiolako. Gainontzeko guztiei proba moduko bat egin ziguten, eta niri suertatu zitzaidan posizio horretan aritzea. Handiena nintzenez, pentsatzen dut atea gehien betetzen zuena nintzelako aukeratu nindutela. Baina ni jokalari modura hasi nintzen».

Castelldefelsen hasi zen jokatzen, eta ondoren Hortan aritu zen, 1995ean FC Bartzelonara jauzi egin baino lehen. Hamabost urterekin iritsi zen hara, eta, handik hiru urte eskasera, 1998an, lehen taldearekin egin zuen debuta. Urte batzuk pasatu dira ordutik, baina oraindik ere gogoan du estreinako neurketa hori: «Klasean nengoela, ikastetxera deitu zuten, eta nire taldeko delegatuarekin harremanetan jartzeko esan zidaten. Hark eman zidan sorpresa, lehen taldeko atezaina min hartuta zegoela eta Coruñara joan beharra nuela. Hasieran pixka bat urduri nengoen, baina , neurketa hasita, urduritasun guztiak alde egin zuen».

24. denboraldia ari da osatzen onenen artean lehiatzen. Lehen taldearekin jokatzen hasi zenean, bere taldekideetako batzuk oraindik jaio gabe zeuden. Sasoi hauetan guztietan, familia bereko aita-semeekin izan da aldagelan. Azken urteetan baino urrutiago ikusten du erretiroa, «inoiz baino gehiago gozatzen» ari baita: «Sasoi amaieran 42 urte izango ditut, eta adina dagoeneko nabaritzen da. Urtebetez urtebete ari naiz kontratua berritzen, eta akaso horregatik ari naiz hainbeste gozatzen, ez dakidalako noiz jokatuko dudan azken finala, azken lehia garrantzitsua...».]]>
<![CDATA[Zaharrak berri aulkian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/019/001/2021-11-18/zaharrak_berri_aulkian.htm Thu, 18 Nov 2021 00:00:00 +0100 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1938/019/001/2021-11-18/zaharrak_berri_aulkian.htm
Oraingoan ere horixe egitea erabaki du. Arabako taldeak astelehenean eten zuen Dusko Ivanovic entrenatzailearekin lotzen zuen kontratua, taldeak sasoi hasiera honetan izandako emaitza kaskarrengatik eta emandako itxura txarrarengatik. Teknikari montenegroarrak hiru aldi egin ditu Baskonian, denak ere loriatsuak. Hain zuzen, bigarren aroan ordezkatu zuen entrenatzaileak ordezkatuko du bera orain: Neven Spahijak. Beste hainbat bezalaxe, teknikari kroaziarra bigarrengoz eseriko da gasteiztarren aulkian.

Iñaki Jimenezek (Donostia, 1984) bikain ezagutzen du entrenatzailearen lanbidea. Espainiako Urrezko LEB ligan ari den Iraurgi taldeko teknikaria da. Haren ustez, Ivanovic kaleratuta, arazoak ez dira desagertuko: «Klubak taldearen egoera aztertuko zuen, eta, dituzten lesioak-eta kontuan hartuta, ondorioztatuko zuten lortu dituzten emaitzak ez zirela nahikoa. Horregatik erabakiko zuten Dusko kentzea, baina entrenatzailea botata arazo guztiak ez dira joaten».

Ivanovic Baskoniako mito bat da. Arabako hiriburuan egon den aldi guztietan ACB liga irabazi du taldeak, eta Baskonia onenen parean jarri du Europan. Jimenezen iritziz, Montenegrokoa da Kerejetaren teknikaririk gogokoena: «Ez dut ezagutzen, baina uste dut Kerejetaren prestatzailerik gogokoena Dusko dela. Seguru berarentzat gogorra izan dela hura kaleratzea. Norbaitengan asko sinesten baduzu, inorentzat ez da atsegina hura bere postutik kentzea».

Udan eginiko fitxaketak ikusita, Ivanovicen gisara diseinatutako taldea zela ematen zuen. Baina usteak erdia ustel. «Entrenatzailearen gustura egindako taldea zirudien, baina ikusi da hori ez dela horrela izan. Fitxaketa batzuk ez dute espero zen maila eman, eta Petersen lesioak eragin handia izan du jokoan. Gainera, Giedraitisek ere bitan hartu du min».

Spahijak garai gozoak bizi izan zituen Baskonian 2007-2008ko sasoian. Taldeak ACB liga eta Espainiako Superkopa irabazi zituen, eta Euroligako eta Espainiako Kopako txapeldunorde izan zen. Europan, besteak beste, Maccabi Tel Aviv, Lietuvos Ritas, Fenerbahce eta Valentzia zuzendu ditu, eta NBAn, Memphis Griezzlies eta Atlanta Hawks taldeetako teknikari laguntzailea izan da. Beraz, badu esperientzia.

Iraurgiko entrenatzaileak uste du Spahijarekin Baskoniak jokatzeko modua aldatuko duela, baina iruditzen zaio aurretik Ivanovicek landutako kontzeptu batzuk erabili, eta Spahijak bere egin zuen pozik jokatu leloaren aldeko apustua egingo duela: «Duskoren jokamoldea denok ezagutzen dugu, azken urteotan garatu egin duen arren: defentsan sendo aritu, oldarkor, eta Baskonia izaera erakutsi. Spahijak, berriz, NBAn eta Maccabin entrenatu duenez, AEBetan hain ohikoa den joko eraginkorraren alde egingo du. Lehen partidetan ez da bere marka ikusiko, orain dela gutxi iritsi baita. Ez dut zalantzarik hasieran behintzat Duskok eginiko lanaz baliatuko dela».

'Baskonia izaera'

Ivanovicekin, Landry Nnokok eta William Baldwinek oso gutxi jokatu dute. Jimenezen iritziz, kroaziarraren erronka nagusietako bat «itzalita dauden jokalari horiek suspertzea» izango da: «Baskonian egon zen azken aldian Spahijak erakutsi zuen ez duela arazorik jokalariei konfiantza emateko. Nik uste dut horrexegatik ere fitxatu dutela, asko direlako orain arte taldeari gauza gutxi eman dizkiotenak. Spahijaren betebeharretako bat haiei laguntzea eta konfiantza ematea izango da. Zuzendaritzak, beste jokalari bat fitxatu beharrean, taldean dauden jokalariak suspertu ditzakeen entrenatzaile bat ekartzea erabaki du».

Ivanovicen azken neurketetan taldeak emandako irudi eskasa eta lehiakortasun gabezia ikusita, entrenatzaile berriaren helburu nagusietako bat Baskonia izaera berreskuratzea izango da, baina Jimenezek argi du Spahijak ezin duela «magiarik» egin: «Taldearen ezaugarrietako bat da lehiatzeko duen grina, eta hori Baskoniarentzat ezinbestekoa da gaur egun. Baina, horretarako, ezinbestekoa da jokalarien prestutasuna. Entrenatzaileak nahi duena idatz dezake taulatxoan, baina gero, hori aurrera eramaten dutenak jokalariak dira. Orain dela bi urte liga irabazi zuen talde hartatik Sedekerskis eta Kurucks bakarrik geratzen dira. Jokalari askok oso denbora gutxi daramate Gasteizen, eta ikusteko dago ea Baskonia izaera duten».

Lehenengo pausoa herenegun eman zuen, Izar Gorriari aise nagusituta. Baina Spahijak lan egiteko astirik gabe jarraitzen du, Baskoniaren egutegiak ez baitu atseden hartzeko tarterik ematen. Bihar bertan beste partida garrantzitsu bat du etxean, Euroligan: CSKA Mosku ahaltsua hartuko du. Ikusteko dago herenegungoa susperraldiaren hasiera edo egun bateko kontua ote den.]]>
<![CDATA[Etapa berri bat dute aurrean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/020/001/2021-10-26/etapa_berri_bat_dute_aurrean.htm Tue, 26 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1905/020/001/2021-10-26/etapa_berri_bat_dute_aurrean.htm erretiroa hitza, baina denek pasatu behar izaten dute trantze horretatik lehenago edo beranduago. Ez da erraza bizimodu mota bat egun batetik bestera aldatzea, bereziki eguneroko oso zehatza eta zorrotza duten eta txirrindularitzan murgilduta dabiltzan ziklista profesionalentzat.

Aurten beren kirol ibilbide profesionalari amaiera ematea erabaki duten Euskal Herriko txirrindularietako bi dira Gari Bravo (Lazkao, Gipuzkoa, 1989) eta Jon Irisarri (Leaburu, Gipuzkoa, 1995). Ez dira inoiz talde berean aritu, baina, lasterketetan eta entrenamenduetan tropelkideak izateaz gain, lagun minak dira. Makina bat ordu eman dituzte elkarrekin, ofizioak hala eskatuta. Errepideak elkartu zituen, baina erretiroak ez du eten haien arteko adiskidetasuna. Bizikletaz eta kirolaz gozatzen jarraitzeko asmoa dute aurrerantzean biek ala biek: «Baina beste modu batean», aitortu dute.

Horrelako erabakiak hartzeko modu ezberdinak daude: norberak har dezake, edo taldeak edo errepideak bultza dezake. Bravok hamabi urte egin ditu punta-puntan. Caja Rural, Efapel, Euskadi-Murias eta World Tourrean lehiatu zen Euskaltel-Euskadi talde loriatsu hartako kide izan zen. Azkeneko bi sasoiak ere maillot laranjarekin eman ditu. Azaldu duenez, bere burua beste bi denboraldiz lehiatzen ikusten zuen; hala ere, «garbi» zuen ez zuela «hala moduzko baldintzetan» aritu nahi: «Ez dut beste aukerarik izan. Nik jarraitu egin nahi nuen, baina ez edozein baldintzatan. Taldeak jakinarazi zidan ez zuela nirekin kontatzen, eta haien erabakia errespetatzen dut. Nik argi nuen jarraitzekotan Euskaltelen edo euskal talde batean izan behar zuela. Ez nuen Portugalen edo beste herrialde batean jarraitu nahi, auskalo zein egoeratan. Nahiko gogorra da izatez txirrindularitza, zauden tokian gustura ez egoteko».

Irisarrik, berriz, orain bost urte egin zuen jauzia profesionaletara, eta Caja Ruraleko maillota soinean zuela egin du ibilbide profesional osoa. Hasiberria zeneko «ilusioa galtzeak» eraman du bizikleta alde batera uztera: «Azkenerako ez nuen gozatzen. Ametsik izan gabe oso zaila da goi mailako kirolean aritzea. Erabaki bat hartu beharra nuen, eta egiten nuena egiten gozatzen ez nuela ikusita, pentsatu nuen ez zidala merezi bide horretatik segitzea».

Familia ere makulu garrantzitsua izan ohi da horrelako momentuetan, zirt edo zart egin behar denean. Haiengana jo zuen lehenbizi Bravok bere hautuaren berri emateko: «Nik bikotekideari eta gurasoei esan nien erretiroa hartu behar nuela. Hasieran denak daude pixka bat triste, baina gero barneratzen duzu, eta lasaitu egiten zaizu burua. Zailena erabakia hartzea da; behin esaten duzunean, publiko egiten duzunean, sekulako lasaitua hartzen duzu. Barruan duzun guztia askatzen zaizu».

Beste txirrindulari askok bezalaxe, biek garaipenik eskuratu gabe utziko dute ziklismo profesionala. Hori ez da izan arrazoi nagusia, baina Irisarrik uste du «aurreikuspenak ez betetzeak» izan dezakeela nolabaiteko lotura: «Ni oso gustura nago egin dudan ibilbidearekin eta eman dudan mailarekin. Egia da lehenago espero nuela lasterketak irabaztetik gertu egotea, baina azken bi denboraldietan poliki ibili naizelakoan nago. Baina beti dauka zerikusia; garaipenak lortzen bazabiltza, beste modu batera hartzen duzu txirrindularitza».

Txirrindulari asko dago goi mailan lehiatzen, baina are gehiago dira bidean geratzen direnak. Lehia estua dago profesionaletan, eta Euskaltel-Euskadikoak argi du zein den txirrindularitzaren errealitate gordina: «Oso ondo ez bazabiltza, jai daukazu. Jende asko dago mundu honetan. Esaten zidaten nonbaitetik hots egingo zidatela, baina zeinek deitu behar dio garaipenik ez duen 32 urteko txirrindulari bati? Askotan 25 eta 26 urtekoei esaten zaie zaharrak direla. Inor gutxik izan dezake interesa zugan».

Kirolarekin gozatzen jarraitu nahi dute. Hala, orain bi aste, elkarrekin korritu zuten bost kilometroko lasterketa bat Donostian. Goi mailako txirrindularitzaren eguneroko zorrotza alde batera utzita, orain arte egiterik izan ez dituzten gauzei atea zabaldu diete. Irisarrik argi du denbora batez ez duela errepideko bizikleta etxetik asko aterako: «Orain beste kirol batzuk egin nahi ditut. Mendiko bizikletarekin bueltaxka batzuk emateko gogoa dut. Padela ere asko gustatzen zait, eta gehiagotan ibiltzea gustatuko litzaidake».

Hemendik aurrera ere ez dute janariarekin eta pisuarekin lehen zuten kontrola eraman beharko. Bravok aitortu du «lasaiago» dabilela orain baskularekin, eta aurrerantzean «kirol osasuntsua» deritzona praktikatu behar duela: «Orain ez dut bete-betean lehiatzeko gogorik, gozatzekoa baizik. Itsutu gabe, egiten dudana disfrutatu nahi dut. Ziklo-krosa asko gustatzen zait. Badira urte batzuk ez naizela modalitatean aritzen, eta bertan lasterketa batzuk korritzeko intentzioa dut».

Etorkizunari begira

Gailurrera iristeko bidea ez da erraza. Sakrifizio handia eta lan ordu asko eskatzen ditu txirrindularitzak, eta zer esanik ez profesionaltasunak. Bakarrik egitea posible da, baina askoz ere atseginagoa da ondoan bidelagunak baldin badituzu. Goraino iristera lagundu dioten guztiei esku bat botatzeko asmoa du orain Leaburukoak: «Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolan zuzendari ibiliko naiz lasterketa batzuetan hurrengo urtetik aurrera. Haiek ni lagundu ninduten, eta emandako guztia itzuli nahi diet. Caja Ruralekin ere antzeko zerbait egitea gustatuko litzaidake. Bi horiek dira gora eraman nautenak».

Kirolarien artean gero eta ohikoagoa da ikastea, eta haiek ere ez dira ikasketekin deskuidatu. Biek kirolarekin harreman zuzena duen goi mailako ziklo bat ikasi dute, eta orain praktikak egiten ari dira: Irisarri, Tolosako (Gipuzkoa) kiroldegian eta Laskorain Ikastolan dabil; Bravo, berriz, txirrindularientzat zerbitzu integrala eskaintzen duen 360 Cycling enpresan ari da buru-belarri, Carlos Jimenezekin eta Patxi Vila txirrindulari ohi eta Movistar taldeko errendimendu buruarekin. Lazkaotarrak «argi» du horretan lan egitea gustatuko litzaiokeela: «Oso gustuko dut mundu hori. Haiekin lan egitea gustatuko litzaidake. Haiekin posible ez baldin bada, neure kontura ere antzeko zerbait egiteko prest nengoke; asko gustatzen zait biomekanikaren mundua. Bestela, gure inguruan industria asko dago, eta ez dut baztertzen hortik jotzea, beste aukerarik ez badago». Irisarrik ere ez dizkio ateak itxi sektore horri. Are gehiago, egun, Goierri Eskolan fabrikazio mekanikoko beste goi mailako ziklo bat ikasten ari da. Kirol arloko goi mailako praktikekin uztartzen du.

Etorkizunak zer opa dien ez dakite, baina gustura dira egun arte bizitakoaz. Irisarrik aitortu du ez lukeela ezer aldatuko, eta kontzientzia lasai duela: «Nik dena eman dut, zaindu egin naiz, gogor entrenatu naiz... Ez dut lasterketarik irabazi, ez, baina gauza politak egin ditut. Ni lasai noa egin dudanarekin. Ez nuke ezer aldatuko. Halakoa naiz ni: sentitzen nuena egin dut beti, eta barruan nuen dena eman dut. Oso lasai noa alde horretatik».

Bravo, berriz, «pribilegiatua» sentitu da: «Gozatu egin dugu, lasterketetan pozik ibili gara, entrenatzen zer esanik ez... Urte hauetan guztietan gehien gustatzen zaiguna egiten ibili gara. Nire ingurukoei esaten nien zorionekoa nintzela; azkenean, zenbat jendek egiten du lan gehien gustatzen zaion horretan? Gu horrela ibili gara urte batzuez, eta pozik egoteko modukoa dela uste dut».

Mota guztietako lasterketei eta ezbeharrei egin behar izan diete aurre profesionaletan ibili diren urte hauetan guztietan: euria, hotza, sargoria, erorikoak, txakalaldiak... Baina, aitortu dutenez, egun askotan «gaizki» pasatu arren, «beti» aurkitu izan dute «aurrera egiteko indarra eta kemena». Ezberdina izango da aurrerantzean: ez diete pedalei ekin beharko; beste modu batean egin beharko dute, baina etapa berri bat dute aurrean, oraindik ezagutzeko duten ibilbide batekin. Hari ekiteko prest daude.]]>
<![CDATA[Emari emankorra du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1958/025/001/2021-10-03/emari_emankorra_du.htm Sun, 03 Oct 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1958/025/001/2021-10-03/emari_emankorra_du.htm
Zubietan lana nola egiten den ondo baino hobeto daki Aitor Zulaikak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1978). Real Unioneko entrenatzailea da gaur egun, baina, txuri-beltzen aginte makila hartu aurretik, Realaren harrobian ibili zen. Besteak beste, Xabi Alonsoren eta Imanol Alguacilen laguntzaile eta Reala B-ko entrenatzaile modura. Argi du zergatik ateratzen diren hainbeste jokalari on donostiarren haztegitik: «Zubietan asko eta ondo egiten da lan. Haurren kategoriatik hasi eta lehen talderaino. Jokalariak ez ezik, pertsonak eta ikasleak ere hezten dira. Hori oso garrantzitsua da».

2016. eta 2019. urteen artean Zubietan ibili zen Xabi Auzmendi (Lazkao, Gipuzkoa, 1997). Egun, Lituaniako liderra den Suduva taldean ari da jokatzen, maila onean, gainera. Goierritarrak argi du harrobitik jende gaztea ateratzeko gakoa aukerak ematea dela: «Klub denek dute harrobia, baina Zubietan aukerak ematen dira, eta hori ezinbestekoa da. Aukerarik gabe, ez dago jokalariak ateratzerik. Gainera, Imanolek harrobia ezagutzen du, eta hori oso garrantzitsua da behean dauden jokalarientzat, badakitelako berarekin jokatzeko aukerak izan ditzaketela. Horrek lan egitera bultzatzen ditu».

Jokin Aperribai presidenteak behin baino gehiagotan aipatu du Zubietan aste barruan egiten den lana, eta, Zulaikaren ustez, hor dago Realaren altxorretako bat: «Aste barruko lana ikusgarria da. Asteburuetan Realak jokamolde bat du, baina astean zehar lehiatzeko era ezberdinak lantzen dira, eta horrek eragina du jokalariek gero goi mailan aritzeko duten egokitzapen azkarrean».

Asko dira azken hiru denboraldietan Realarekin debuta egin duten Zubietako gazteak. Gehienak isil-isilik, batere zaratarik egin gabe iritsi dira gora. Pauso entzutetsurik ez eman izanak, baina, ez du esan nahi jokalari makalak direnik, Auzmendiren ustetan: «Zubietan isilean egiten da lan, hotsik atera gabe. Horrek ez du esan nahi jokalariek izaerarik ez dutenik. Europan eta aurreko denboraldian bezala Manchester Uniteden aurka hasieratik aritzeko, kemena behar da. Eta horrelako gauzek asko esaten dute jokalari batez».

Postu bete jokalari

Jon Pacheco atzelaria; Martin Zubimendi eta Beñat Turrientes erdilariak; Ander Barrenetxea hegaleko erdilaria; Julen Lobete eta Jon Karrikaburu aurrelariak... Ia postu guztietako jokalariak atera dira azken urteetan, eta prestatzailearen ustez, horrek arrazoi bat dauka: «Ez da kasualitatea: kausalitatea da. Zubietan jokalariak biltzeko egiten den lana ikaragarri ona da, eta, gero, lehengai hori jorratzeko, sekulako lantaldea du Luki Iriartek [Realeko oinarrizko futboleko zuzendariak]».

Teknikari oriotarra Reala B-ko entrenatzailea zenean, haren aginduetara egon zen Auzmendi, hirugarren taldetik igota, denboraldi-aurre batean. Hilabete eskas egon zen Imanolen aginduetara, baina nahikoa izan zitzaion haren ezaugarrietako bat ezagutzeko: exijentzia. «Imanolek berdin-berdin exijitzen dio taldeko onenari eta entrenatzera igo den bati. Ulergaitza da hasieran, baina gero konturatzen zara besteen parean jartzen zaituela, eta hori eskertzekoa da, oso, jokalari batentzat. Seguru Januzaji edo Isaki eskatzen dien lan berbera eskatzen diola, adibidez, Lobeteri».

Denboraldi honetako datuak oso adierazgarriak dira. Lehen taldean jokatu duten 26 jokalarietatik hamasei Zubietan hezitakoak dira; hots, erdiak baino gehiago. Emari emankorra du Zubietak.]]>
<![CDATA[Luxurik gabe, aurrera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/022/001/2021-09-30/luxurik_gabe_aurrera.htm Thu, 30 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1879/022/001/2021-09-30/luxurik_gabe_aurrera.htm
Realak bederatzi jokalari dauzka min hartuta; tartean dira lehen taldeko hiru aurrelariak -Carlos Fernandez, Alexander Isak eta Alexander Sorloth- eta David Silva. Neurketak irabazteko ezinbestekoa da golak sartzea, eta, golegile petorik gabe, ez da erraza gola sartzea. Gipuzkoarrek, baina, Granadaren eta Elxen aurkako norgehiagoketan garbi utzi dute ez dutela aurrelarien beharrik golak sartzeko. Haiek gabe zailagoa da egitekoa, baina Imanol Alguacilek ez du uste hori aitzakiatzat har daitekeenik taldea ahulago dagoela esateko: «Dauzkadan jokalariekin egin beharko dut aurrera. Badakizue nolakoa naizen, horrek ez nau kezkatzen. Buruhausteak sortzen dizkidan gauza bakarra 11 jokalari aukeratzea da. Jokalari guztiak jokatzeko irrikaz daude. Taldea nortasun handiz lehiatu da. Gure partida egin eta Real on bat ikustea espero dut», esan du partida bezperan.

Lehen jardunaldian PSVren zelaian partida bizi eta neketsu batean bina berdindu ostean, donostiarrak bigarren dira multzoko sailkapenean, herbeheretarrekin berdinduta. Hiru puntu ditu gaurko aurkariak, Niko Kovacek zuzendutako taldeak lehen jardunaldian Sturm Graz mendean hartu baitzuen etxean: 1-0.

Mikel Oiartzabalek «berebiziko garrantzia» eman dio gaur irabazteari, lehen bi postuetatik ez urruntzeko. «Seguru» dago hiru puntuak etxean geratzeko «zaleen hauspoa gakoa» izango dela: «Zaleek puntu gehigarri bat ematen dizute. Zuk ezin duzunean, bultzatu egiten zaituzte. Asko ematen digute, baita guk haiei ere. Bion arteko konexioa ona bada, bi aldeek irabazten dugu».

Gakoa: baloia izatea

Monakok ez zuen ondo hasi Frantziako Liga, estreinako bi jardunaldietan galdu egin baitzuen. Hori gutxi balitz bezala, Txapeldunen Ligatik kanpo geratu zen, Xakhtar Donetsken aurka galduta. Baina bolada txar hori atzean utzita dator, jokatu dituen azken sei partidetatik lau irabazi baititu, eta bakarra galdu. Teknikari txuri-urdinak garbi du bere taldeak gauzak oso ondo egin beharko dituela aurkariari gailentzeko: «Oso entrenatzaile ona du Monakok, eta hark indar eta kalitate handiko taldea du. Baina guk erakutsi dugu egun ona izanez gero edozein azpiratzeko gai garela. Haiek gure jokamoldearen oso antzekoa erabiltzen dute. Hiru puntuak eskuratzeko gakoetako bat baloia edukitzea izango dela uste dut».

Monakori aurre egiteko 23 jokalari deitu ditu Imanolek. Bost partida galdu ostean, Ander Barrenetxea deialdian sartu du entrenatzaile oriotarrak. Reala B-ko Jon Karrikaburu aurrelaria ere zerrendan sartu du. Robin le Normand eta Mikel Merino ez ziren entrenatu atzo, baina, ondo bidean, gaur jokatzeko moduan izango dira.

REALA-MONAKO
Reala. Remiro; Zaldua; Aritz Elustondo, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino, Robert Navarro; Januzaj, Portu eta Oiartzabal.
Monako. Nubel; Sidibe, Badiaxile, Maripan, Caio Henrique; Txuameni, Fofana, Volland; Gelson Martins, Golovin eta Ben Yedder.
Epailea. Sergei Ivanov (Errusia).
Lekua. Anoeta (24.000 ikusle sar daitezke gaur).
Ordua. 18:45ean (Movistar Liga de Campeones).]]>
<![CDATA[Damutzeko denborarik ez dute]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/024/001/2021-09-25/damutzeko_denborarik_ez_dute.htm Sat, 25 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1879/024/001/2021-09-25/damutzeko_denborarik_ez_dute.htm
Aurreko jardunaldian denboraldiko lehen partida galdu zuen Athleticek (1-2). Rayo Vallecanoren aurkako porrota mingarria izan zen. Andoni Iraolak zuzendutako taldeak lehiaren hondarrean sartu zuen San Mamesetik hiru puntuak eramateko balio izan zion gola. Radamel Falcao izan zen zuri-gorrien borreroa.

Neurketa hori ahalik eta azkarren ahaztu, onbidera bueltatu, eta sailkapenaren goiko postuetara hurbildu nahi du Marcelino Garcia Toralek: «Rayoren aurka galdu egin genuen, baina orokorrean liga hasiera ona izaten ari da. Akatsetatik ikasi, eta irabaztera joango gara bihar». Baina plaza zailean jokatuko dute zuri-gorriek: Mestallan, Valentziaren kontra (16:15, Movistar La Liga).

Jose Bordalasek zuzendutako taldeak bikain hasi du denboraldia. Mestallatik garaipen batekin ateratzeko gauzak oso ondo egin behar direla argi du zuri-gorrien entrenatzaileak: «Real Madril eta Sevillaren aurka galtzetik dator Vaelntzia, Baina, halere, oso zaila izango da irabaztea. Oso talde lehiakorra da Valentzia, eta etxean aurkari gogorra da».

Marcelinok ez du jokatzeko moduan gaurko partidarako Asier Villalibre, Rayo Vallecanoren aurkako neurketa min hartuta bukatu baitzuen. Horrez gain, Julen Agirrezabala atezaina geratu da deialditik kanpo, Jokin Ezkietaren mesedetan. Rayoren aurka txandakatzeak egin zituen teknikariak. Baina ezusterik ezean, Daniel Vivian, Mikel Balentziaga, Dani Garcia, Alex Berenguer eta Iñaki Willilams hamaikakora itzuliko dira.

Sailkapeneko zuloan jarraitzen du, berriz, Alavesek. Arabarrek ez dute oraindik punturik batu jokatu dituzten bost partidetan, baina azkenekoan hobekuntza batzuk ikusi ziren. Javi Callejak badaki taldearen eta bere egoera ez direla onenak, baina ziur da berandu baino lehenago multzoak buelta emango diola hasiera txarrari: «Gauza asko egin ditugu ondo. Ez diogu gure jokatzeko erari muzin egingo. Ondo egindako horri partidan zehar jarraipena ematea falta izan zaigu». Eta lortu behar dutena aipatu du. «Baloiarekin zein hura gabe fidagarriagoak izatea falta zaigu».

Atletico Madrilekin neurtuko dituzte arabarrek indarrak gaur Mendizorrotzan (14:00 Movistar La Liga). Simeonerena ez da garaitzeko talde errazena: «Ligako talderik onena da, lehiakorra izateaz gain, identitate argia duelako eta oso ondo landutako taldea baita». Baina haiei irabaztea lortuz gero, konfiantza hartuko luke Callejak zuzendutako taldeak: «Badakigu egoera zein den, baina guk lanean gogor jarraitzen dugu. Ziur nago bihar [gaur] garaipena lortuko dugula». Callejak ez ditu eskuragarri Pere Pons, Edgar Mendez, Javi Lopez eta Florian Lejeune. Guztiak min hartuta daude.

Behar ezberdinak

Bigarren Mailan, Amorebietak eta Eibarrek historiako beraien arteko lehen derbia jokatuko dute gaur Lezaman (16:15, Movistar La Liga). Neurketa berezia da hiru arrazoiengatik: estreinakoa delako, bi herrien artean 25 kilometro besterik ez daudelako eta protagonista askok elkar ezagutzen dutelako. Gaizka Garitanok urdinen jokalari andana ezagutzen ditu: «Aurrekoan, haietako zenbat entrenatu nituen kontatzen hasi, eta erdiak baino gehiago zenbatu nituen. Amorebietak egiten duen jokorako oso jokalari aproposak dira. Ondo egin beharko dugu lan irabazteko».

Iñigo Velez de Mendizabalen taldeak mailari eustea du helburu; eibartarrena, aldiz, gorenera itzultzea. Velez de Mendizabalek aurkariaren maila goraipatu du: «Lehen Mailara igotzeko taldea da Eibar. Guk beste helburu batzuk ditugu, baina gauzak zail jartzen eta hiru puntuekin geratzen saiatuko gara».

Reala B-k, berriz, atzo jokatu zuen. Xabi Alonsoren taldeak galdu egin zuen, Anoetan, Huescaren kontra: 0-2. Isidro Pittak sartu zituen bi golak, 17. eta 90. minutuetan.]]>
<![CDATA[Indarrez ekingo dio]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/020/001/2021-09-16/indarrez_ekingo_dio.htm Thu, 16 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1898/020/001/2021-09-16/indarrez_ekingo_dio.htm
ERAGINKORTASUNA

Iragan denboraldi amaieran ez bezala, Realak ez du gol abagune asko sortu beharrik balioa sareetara bidaltzeko. Imanol Alguacil behin baino gehiagotan haserretu zen aurreko sasoian taldeari asko kostatzen zitzaiolako gola sartzea. Aurten, baina, eraginkortasuna erakutsi du talde txuri-urdinak arlo horretan. Cadizen aurkako azken partidan, esaterako, lau aldiz jaurti zuen espainiarren atera, eta bi gol erdietsi zituen. Hiru zutoinen artean asmatzea ezinbestekoa da norgehiagokak irabazteko. Mikel Oiartzabal kapitainak dagoeneko lau gol sartu ditu. Alexander Isakek, berriz, ez du bat bera ere sartu. Hura ere golak sartzen hasten denean, gipuzkoarrak talde are zitalagoa bilakatuko dira erasoan.

SENDOTASUNA

Hiru partida osorik daramatza Realak golik jaso gabe. Hori ez da berria, aurreko sasoian Alex Remirori ez baitzioten golik sartu ligako hamalau neurketatan. Baina oso garrantzitsua da txuri-urdinentzat horri eustea. Talde erasokorra izan arren, Imanol Alguacilek zuzendutakoek sendotasuna erakutsi dute defentsan. Aritz Elustondo eta Robin le Normand bikain moldatzen dira elkarrekin defentsaren erdian, eta, baloiarekin iaioak izateaz gain, oso jokalari oldarkorrak dira hanka sartu edo aurkarien gol ahaleginak ezerezean uzteko garaian. Golik ez jasotzeaz gain, azken hiru partidetan apenas sortu diete arriskua gipuzkoarrei. Irabazi ezin denean, ezinbestekoa da norberaren atea ondo zaintzea, behintzat puntu bat arrantzatzeko. Eta txuri-urdinak ondo baino hobeto ari dira beren area ingurua babesten.

JOKAMOLDE EZBERDINAK

Jakinekoa da donostiarrak oso abilak direla aurkariek hutsuneak uzten dizkietenean eta korrika egiteko beta dutenean. Taldeak hain berezkoa duen jokatzeko modu horri, baina, beste hainbat jokamolde gehitu dizkio prestatzaile oriotarraren lantaldeak. Arerioak atzean sartzen direnean taldeak burua galdu gabe baloia mugitu eta zirrikituak aurkitzeko gai da orain. Cadizen (Espainia) jokatutako neurketan argi eta garbi ikusi zen hori. Talde gaztea izanagatik ere, Realak badu nahikoa pazientzia eta eskarmentu hainbat egoeratatik aurrera ateratzeko. Gainera, Alexander Sorlothen fitxaketak beste ate bat ireki die: baloi luzeena. Aurrelari norvegiarra 1,94 metro da luze, eta txuri-urdinek iparrorratz hori aprobetxa dezakete. Hau da, buruhauste ezberdinetarako konponbide sorta zabala du orain Realeko entrenatzaileak.

IMANOL ALGUACIL, GOGOTSU

Imanol gustura dago bere jokalariek orain arte egindakoarekin. Badaki lehen taldean pieza bat falta denean Reala B hortxe dagoela, berme handiko ordezko bat uzteko prest. Gipuzkoarrek ligako beste talde guztiekiko duten abantailetako bat horixe da: Bigarren Mailan dutela hornidura-kateko azken zatia. Zaila izango da Reala larrugorrian ikustea kalitatezko jokalarien faltarengatik.

Gauzak horrela, Orioko teknikariak itxaropentsu ekingo dio gaurko partidari: «Gogoa eta ilusioa ditugu. Motibazio askorekin ikusten ditut jokalariak eta zaleak», esan zuen atzo, partida aurreko prentsaurrekoan. Realeko entrenatzailea «oso pozik» azaldu zen, etxetik urrun jokatu arren zaleen babesa izango baitute. 600 jarraitzaile txuri-urdin inguru izango dira harmailetan: «Garrantzitsua da irabaziz hastea, baina ez erabakigarria. Oso garrantzitsua da zaleen babesa». Izan ere, entrenatzaile oriotarrak oso argi du PSV Eindhoven «aurkari indartsua» dela: «Bi taldeak sasoi onean gaude. Biak joango gara irabaztera».

Imanolek jokatzeko moduan dituen jokalari guztiak eraman ditu Eindhovenera. Cristo Romero Reala Bko ezker hegaleko atzelari espainiarra sartu du lehen aldiz deialdian.

AURKARI INDARTSUA

Imanolek ohartarazi bezala, aurkari zaila izango du gaur parean. PSVk bikain hasi du liga: jokatu dituen lau partidak irabazi ditu, eta, horri esker, lider dago. Hamalau gol sartu ditu; hiru baino gehiago partidako. Baina defentsan ere ondo ari da: hiru gol besterik ez ditu jaso.

Jokalariei dagokienez, Roger Schmidtek zuzendutako taldearen izarretako bat txuri-urdin ohi bat da: Bruma. 2015-2016ko sasoian Galatasarayk utzita Realean jokatu zuen erasoko hegalekoak ligako jokalari onenaren saria irabazi zuen abuztuan: bi gol sartu zituen, eta asistentzia bat eman. Ez da taldeko jokalari on bakarra: Mario Goetze, Cody Gapko, Carlos Vinicius, Eran Zahavi... Kontuan hartzeko jokalari arriskutsuak ditu PSVk. Realari lanak emateko gaia du. Hala ere, zuhur mintzatu da Schmidt: «Realak baliabide asko ditu. Taktikoki indartsuak dira jokalariak, eta abilak erasoan, bai na antolatuak defentsan. Erronka handia da. Ez da erraza izango irabaztea».

PSV EINDHOVEN-REALA
PSV Eindhoven. Drommel; Mwene, Obispo, Andre Ramos, Max; Boscagli, Van Ginkel; Bruma, Goetze, Gapko eta Zahavi.
Reala. Remiro; Gorosabel; Aritz Elustondo, Le Normand, Ahien; Zubimendi, Merino, Silva; Januzaj, Isak eta Oiartzabal.
Epailea. William Collum (Eskozia).
Lekua. Philips estadioa (35.000 ikusle).
Ordua. 21:00etan (Movistar Txapeldunen Liga).]]>
<![CDATA[Boladek markatutako derbia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2102/024/001/2021-09-10/boladek_markatutako_derbia.htm Fri, 10 Sep 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/2102/024/001/2021-09-10/boladek_markatutako_derbia.htm
Asier Santana entrenatzaileak (Idiazabal, Gipuzkoa, 1979) ondo baino hobeto ezagutzen ditu talde txuri-urdina eta euskal futbola. Donostiarren bigarren taldeko entrenatzailea izateaz gain, lehen taldeko partida bat zuzendu, eta hartako entrenatzaileen multzoan egon zen bi denboraldiz. Gainera, Real Union eta Portugalete ere entrenatu ditu. Gipuzkoarren arteko derbia «parekatua» izatea espero du: «Orain arte jokatu diren partidak oso estuak izan dira. Taldeak oso landuak daude, denboraldi hasiera izan arren. Oso gol gutxi ikusten ari gara».

Lau partidetan, Reala B-k gol bat sartu du, eta beste bat sartu diote; Eibarrek, berriz, bi lortu ditu, eta lau sartu dizkiote. Gol gutxi dira 360 minuturako, baina donostiarrei bost puntu poltsikoratzeko balio izan die, eta eibartarrei, lau eskuratzeko. Gauzak horrela, gola egiten asmatzen duenak irabaziko du partida, Santanaren ustez: «Nire ustetan, liga nola dagoen ikusita, aurrean eraginkorra izatea erabakigarria izango da».

Harrobiko taldeei handi geratu ohi zaie Bigarren Maila, baina Reala B-k hasiera honetan behintzat neurria hartu diola ematen du. Horren arrazoia argi du Santanak: «Igoera lortu berri dute, eta hori beti da onuragarria hurrengo denboraldirako. Iragan sasoiko bolada ona baliatzen ari dira». Eibartarrak mailaz jaitsi berri dira, eta uste du jokalari berri asko izateak ez ezik aurreko denboraldiko bolada txarrak eragin duela, beharbada, haien hasiera kaxkarra: «Mailaz jaisteak asko eragiten du, eta horri igotzeko hautagai nagusietako bat izatearen presio gehigarria erantsi behar zaio».

Sentipenak sentipen, Santanak argi esan du denboraldia luzea dela: «Bigarren Maila oso luzea da, eta orain arte egindakoa ez da erabakigarria. Egia da jada galdutako puntuak berreskuratzea ezinezkoa dela, baina 42 jardunaldi dira guztira, eta seguru naiz denborak bi taldeak dagokien tokian jarriko dituela sailkapenean».

Bi buru, bi aburu

Argi dago bi taldeak oso ezberdinak direla. Xabi Alonsok zuzentzen duen taldearen batez besteko adina 21 urte pasatxokoa da, eta Gaizka Garitanoren taldearena, berriz, 28tik hurbil dago. Santanak bi mota horietako jokalari multzoekin lan egin du, eta biek ala biek alde onak dituztela dio: «Esperientziadun talde bat izatea ona da jokalariek eskarmentu handiagoa dutelako partida irakurtzeko garaian, baina talde gazteek gosea eta grina izaten dituzte. Hori bai, partida hasten denean, ezberdintasun horiek guztiak ahaztu egiten dira». Taldeak zuzentzen arituko diren bi entrenatzaileak ere ezagutzen ditu Santanak, Alonsoren eta Garitanoren taldeen aurka indarrak neurtu baititu behin baino gehiagotan. Bi prestatzaileek ideiak «oso argi» dituztela nabarmendu du: «Biek garbi dute beren taldeak nola jokatzea nahi duten, eta hori oso garrantzitsua da teknikari batentzat. Oso onak dira biak, eta merezita dute lortu duten sona».

Sona hori joko sistema ezberdinekin lortu dute. «Alonsori bera jokalaria zeneko ezaugarriak ikusten zaizkio. Arerioaren zelaian jokatzea gustatzen zaio, eta baloia edukitzea. Ondo ateratzen ari zaio, eta, gainera, orain klubak duen jokatzeko erarekin bat dator. Garitanori, berriz, taldea batuago edukitzea eta defentsa marra sendoa izatea gustatzen zaio. Jokamolde eta sistema ezberdinak dira, baina biei fruituak eman dizkiete». Bihar, baina, lanak izango dituzte euren jokatzeko era ezartzen, neurketa irabazteko.]]>
<![CDATA[Nekean topatu du indarra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1996/019/001/2021-08-31/nekean_topatu_du_indarra.htm Tue, 31 Aug 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1996/019/001/2021-08-31/nekean_topatu_du_indarra.htm
Aurreneko hamabost etapa hauetan ez du lortu irabaztea, baina egun batzuetan lasterketaren buruan izan da, eguneko ihesaldian sartuta, eta jarrera oldarkorra erakutsiz. Horri esker, gainera, txirrindularirik lehiakorrenaren saria irabazi du, bi aldiz. Ez da gauza gutxi: «Horrelako itzuli handi batean, edozein sari jasotzea da pozgarria. Denok irabazi nahi dugu etapa bat, hori baita sari potoloa. Baina asko pozten nau ziklistarik lehiakorrenaren saria birritan jasotzeak».

Hura ez ezik, Juan Manuel Hernandezek zuzendutako beste txirrindulariak ere bikain ari dira itzuli honetan. Aritz Baguesek, Oier Lazkanok, Jonathan Lastrak eta Jon Aberasturik lan txukuna egin dute etapa askotan. Lizarrako txirrindularia gustura da taldea ematen ari den itxurarekin: «Multzo modura ondo moldatzen ari gara. Taldeari ikusgaitasuna ematen ari gatzaizkio, eta hori da garrantzitsuena. Ihesaldi askotan sartu gara, maila handiko ihesaldiak sortu direnean ere hor egon gara, eta hori ez da erraza. Txirrindulari bakoitzak bere eginkizuna du etapa bakoitzean, eta, oraingoz, ondo ari gara lanean».

Hau laugarren itzuli handia du Amezketak: bi Girotan lehiatu da, eta oraingoa haren bigarren Vuelta da. Aurtengo ekitaldian inoizko sentsaziorik onenak izaten ari da: «Aurreko urteko Vuelta oso gogorra izan zen, lehiatu zen moduagatik gehienbat. Oso azkar ibili ginen. Honetan, beste modu batera ari gara, eta ni hobe sentitzen naiz. Egia da bi Giroetan ere ondo aritu nintzela».

Itzuli handi gehienetan hirugarren astea izan ohi da gogorrena. Etapa ikusgarrienak orduan izaten dira, eta aurreko egunetan pilatutako nekea oso agerian geratzen da. Oraingoan, nekea beste batzuetan baino gehiago antzemango delakoan da: «Normalean hirugarren asteak gogorrak egiten dira, ziklista guztiak nekatuta gaudelako. Kasu honetan, gainera, bero handia egin du hainbat etapatan, eta horrek nekea are gehiago handitzen du. Hirugarren aste honetan, mendate gogorrak eta errepide malkartsuak igaro beharko ditugu egun gehienetan. Biharkoa [gaurkoa], esaterako, baliteke esprintean amaitzea, baina ibilbidea sasi-ordekatsua da, aldapa askorekin, eta hori kontrolatzen zaila izango da. Ez da erraza izango hori dena ondo eramatea eta kudeatzea».

Sei etapa geratzen dira Espainiako Vuelta bukatzeko. Primoz Roglic (Jumbo) eta Enric Mas (Movistar) dira sailkapen orokorra irabazteko hautagai nagusiak, baina, gaur-gaurkoz, beste bi ziklista dituzte aurretik: Guillame Martin (Cofidis) eta Christian Eiking (Wanty) liderra. Faboritoek maillot gorria ez izateak lasterketa «are gehiago» gogortuko duela uste du: «Jumbok erritmo bizia jarriko du Roglic gorriz janzteko; Movistar, berriz, urrutitik eraso egiten hasiko delakoan nago. Ez da erraza izango, baina guk adi ibili beharko dugu, mugimenduei erantzun eta sortu litezkeen ihesaldietan sartzeko. Ea hankek erantzuten diguten». Zail ikusten badu ere, argi du zer nahi duen: «Helburua garbia da: etapa bat irabaztea. Azken astean, gauzak asko zailtzen dira. Nekeaz gain, izen handiko txirrindulari asko ere etaparen lehian sartzen dira, baina gure xede gorena helmugan lehenak izatea da».

Helmugan besoak jasotzea ez da lan makala, baina, horretarako aukera edukiko balu, Amezketak Asturiasko Gamoniteiru mendate beldurgarrian (14,6 km eta %9,8ko pendiza) amaitzen den etapa du begiz jota: «Aukeran, Altu d'El Gamoniteiruko etapa hautatuko nuke. Hori da aurtengo amaierarik erakargarriena, eta hor gailentzen denak garaipen prestigiotsu bat eskuratuko du. Maila handiko ziklista askok irabazi nahiko dute han. Horrelako mendate batean, nahiz eta ez irabazi, pozik nengoke izen handiko txirrindularien inguruan ibiltzearekin».

Fruituak jasoz

Amezketak bolada zailak pasatu ditu. Hainbat urte eman ditu nahi zuen sasoitik urrun. Postu txukunak lortu ditu sasoi honetan, eta sentsazio onak ditu. «Aurtengoa, azkenaldiko denboraldirik txukunena izaten ari da, emaitzen aldetik. Ni beti saiatzen naiz, baina aurten lasterketetan postu hobeak lortzen eta ezarritako helburuak betetzen ari naiz. Aurreko sasoietan egindako lanaren fruituak jasotzen ari naiz orain. Ea luzaroan horrela jarraitzerik dudan». Nekeak, indarra ez ezik, fruituak ere ematen baititu. Amezketa, behintzat, hori erakusten ari da.]]>
<![CDATA[«Argi daukagu helburua Lehen Mailara igotzea dela»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2058/016/001/2021-08-11/argi_daukagu_helburua_lehen_mailara_igotzea_dela.htm Wed, 11 Aug 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/2058/016/001/2021-08-11/argi_daukagu_helburua_lehen_mailara_igotzea_dela.htm
Zer moduz doa astea? Liga ate joka duzue; ostiralean jokatuko duzue lehen partida, Huescaren zelaian.

Ongi. Denboraldi-aurreko beste entrenamenduen antzekoa izan da. Egia da nabaritzen dela liga hastear dagoela. Lehiatzeko gogoz gaude. Ostiraleko partidan pentsatzen ari gara dagoeneko.

Beste maila batean ekingo diozue sasoiari: Bigarren Mailan. Alde handia al dago batetik bestera?

Nik baietz esango nuke. Uste dut kalitatean atzemango dela. Aurrelarien maila baxuagoa izanen delakoan nago. Hala ere, maila oso gogorra da, eta talde eta jokalari onak daude.

Zuretzat ez da maila berria. Bi denboraldi eta erdi eman zenituen bertan orain dela hamar bat urte, Salamancan eta Herculesen. Nola deskribatuko zenuke Bigarren Maila?

Urte batzuk pasatu dira ni egon nintzenetik, baina futbolzalea naiz, eta, pixka bat bada ere, beti jarraitu izan dut Bigarren Maila. Normalean, beti begiratzen duzu zurea gehiago, baina beste talde batzuetan dauden lagunen partidak ere ikusten ditut, eta horietan ikusten da oso talde onak daudela: zelai guztiak oso plaza zailak dira, taldeak oso erasokorrak eta oldarkorrak dira... Hori atzemango dugu gehien.

Taldea ere zeharo ezberdina da iragan denboraldikoarekin alderatuta. Geratu diren bakarrenetakoa zara. Aldaketa handia nabaritu al duzu aldagelan?

Bai. Jokalari berri mordoa etorri da, eta aurpegi berri asko dago aldagelan. Nire ustez, ongi etorri zaigu aldaketa. Hainbeste denbora elkarrekin egon eta gero, aldaketak beharrezkoak dira. Aldaketa handia izan da, jokalariez gain, entrenatzailea eta kirol zuzendaria ere berriak baitira. Aurreko sasoi txarraren ostean, aldaketa hau gure mesederako izanen delakoan nago.

Fitxaketa berri gehienak Bigarren Mailan aritutakoak dira, maila onean gainera.

Bai. Haiek badakite nora etorri diren. Ondo baino hobeto dakite anbizio handiko proiektu batera etorri direla, zazpi denboraldi Lehen Mailan eman dituen talde batera. Nire ustez, oso ondo fitxatu du klubak; azkar ibili dira merkatuan, eta horrek lasaitasuna ematen dio proiektuari. Jokalari eta eibarzale guztiok oso pozik egoteko arrazoiak ditugu. Orain gure ardura da lana ondo egitea.

Elkarrekin partida gutxi jokatu izanak kalte egingo dizue lehen partidetan?

Ez dakit nabarituko den; zaila da asmatzea zer gertatuko den. Baina dakidana da taldeak oso ondo egin duela lan hilabete honetan. Jendeak badaki zertara etorri den, helburua garbi dugu, eta denok argi dugu zer eskatzen digun entrenatzaileak. Ikusiko da zer gertatzen den ostiralean, baina orain arte, behintzat, ondo aritu gara.

Helburua aipatu duzu. Askok igotzeko hautagai nagusitzat jo dute Eibar. Lehen Mailara itzultzea al da zuen xedea?

Bai. Argi daukagu helburua Lehen Mailara igotzea dela, baina ezin diogu hasieratik geure buruari gehiegizko presio hori sartu. Zazpi denboraldi eman ditugu Lehen Mailan, eta klubak eta jokalariok maila gorenera bueltatzeko gosea daukagu. Baina urte luze eta zail bat datorkigu. Ea denon artean goian egotea lortzen dugun. Faboritoak ote garen? Ez dakit, hemen hautagai izateagatik ez da ezer ere irabazten. Berdin zaigu besteek zer pentsatzen duten gutaz; guk geure lana egingo dugu, hemen inork ez baitu ezer oparitzen.

Zer espero daiteke sasoi honetako Eibarrez? Aurrekoaren trazarik izango al du?

Eibar borrokalari bat ikusiko dugu, beti bezala. Borroka beti izan da gure indarguneetako bat. Hortik aurrera, ez dugu ikusiko lehengo sasoian hain ausarta zen talde hura. Pixka bat ordenatuagoa den Eibar bat da aurtengoa. Lehen egiten genituen gauza batzuk egiten saiatuko gara, baina entrenatzaile bakoitzak bere gauzak ditu, eta aldaketa batzuk ere egonen dira.

Beti esaten da ondo hastea garrantzitsua dela taldearen konfiantzarako. Zuek ekingo diozue ostiralean ligari Huescaren aurka, beste jaitsi berri baten aurka. Nolako partida espero duzu?

Huescak ere gure helburu bera du: igotzeko borrokan egon nahi du. Seguru gaude partida gogorra izanen dela. Hasi berrien gogoekin gaude; haiek, gainera, etxean ariko dira, zaleekin, eta partida berezia izanen da haientzat. Gu geure partida egitera joanen gara, eta hiru puntuak eskuratzera.

Azken sasoietan goitik behera jaitsitako talde asko igo dira hurrengoan. Sinatuko al zenuke Lehen Mailatik iritsitako beste bi taldeekin berriz ere igotzea?

Bai. Berdin zait Huescarekin edo zeinekin den, gu igotzen garen bitartean [barrez]. Azken finean, guk geureari begiratzen diogu.

Zer behar da Bigarren Mailatik Lehen Mailara salto egiteko?

Ez dakit [barrez]. Ahalik eta mailarik onena eman eta konstantea izatea giltzarria dela uste dut. Jakin badakigu momentu txarrak egonen direla, eta garrantzitsua da horiek talde moduan ondo kudeatzen jakitea. Bartzelonak eta Real Madrilek bezala inork ez ditu hemen partida guztiak irabazten. Garrantzitsuena sinistea da, are gehiago bolada txarretan.]]>
<![CDATA[BIZKORRENA IZAN DA]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1945/020/001/2021-07-25/bizkorrena_izan_da.htm Sun, 25 Jul 2021 00:00:00 +0200 Iñigo Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1945/020/001/2021-07-25/bizkorrena_izan_da.htm
Proba hasi eta gutxira, zortzi laguneko ihesaldia sortu zen. Aldea hogei minutu ingurura eramatea lortu zuten, baina, behin horra iritsita, tropeleko selekzio nagusiak tiraka jarri ziren lasterketa buruan kontrolpean edukitzeko. Ibilbideko bigarren erdian sartu zirenean, zati gogorrenean, berehala bota zuten ihesaldia, aparteko arazorik gabe. Fuji mendia (14,5 kilometro eta %6ko batez besteko pendiza) lehenbizi, eta horren ondorengo sasiordeka nahikoa izan ziren ihesaldia harrapatzeko.

Japoniako beroak eta hezetasunak sekulako triskantza sortu zuten txirrindularien artean. Asko pairatu zuten hango klima, eta ehun kilometroren faltan dagoeneko sufrimendu aurpegi dezente atzeman zitezkeen hautagai nagusien artean. Omar Frailek eta Alejandro Valverdek, esaterako, helmugatik ia 90 kilometrora altxatu behar izan zuten hanka. Espainiarrak tropelean sartzea lortu zuen Fujii mendiko jaitsiera baliatuz, baina, aldapa berriro tentetzen hasi zenean, atzean geratu zen berriz ere.

Van Aerten erakustaldia

Espero bezala, Mikuni Passen (6,8 kilometro eta %10,1) hasiera-hasieratik tropela asko mehetu zen, eta 30 bat ziklista besterik ez ziren gelditu lasterketa buruan, helmugarako 38 kilometroren faltan. Igotzen hasi eta gutxira, Pogacarrek bazterrak nahastu zituen. Brandon McNulty estatubatuarrarekin eta Michael Woods kanadarrarekin batera, tartetxo bat irekitzea lortu zuen. Atzetik, Van Aert hasi zen tiraka, tartea itxi nahian. Kostata, eta indar asko xahutuz, baina mendatea amaitzerako aurreko taldean sartzea lortu zuen, hautagai nagusien taldeko gainerakoekin batera.

Hamabi laguneko taldea osatu zen lasterketa buruan. 30 kilometroren faltan, elkarri erasotzen hasi ziren, esprintean Van Aertek mendean hartuko zituztela jakinik. Flandriarrak berak erantzun zien ihes egin nahi izan zuten ia eraso guztiei. 24 kilometroren faltan Carapazek eta Mcnultyk jo zuten erasoari erantzutea, baina, asko kostatu zitzaion, 50 segundoren aldea ere izan baitzuen. Atzean ez zegoen adostasun handirik, baina, Van Aerten ahalari eta prestasunari esker, tartea nabarmen txikitzea lortu zuten.

Gerturatzen hasi zirela ikusirik, 5,8 kilometroren faltan, Carapazek erritmoa bizitu zuen, eta bakarrik alde egin. Van Aertek eta enparauek McNulty harrapatu zuten, baina ezin izan zuten ekuadortarra ehizatu. Pozez, eskulekuari kolpeak emanez, gurutzatu zuen helmuga. Atzean, esprintean, Van Aertek gutxigatik hartu zion aurre Pogacarri.

Euskal ziklistak lehen postuetatik urrun ibili ziren. Gorka Izagirre izan zen lehena, 23. postuan, 6.20ra; Ion anaia 79. helmugaratu zen, 16.20ra; eta Fraile amaitu aurretik erretiratu zen.]]>