<![CDATA[Ion Celestino | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 03 Feb 2023 11:01:49 +0100 hourly 1 <![CDATA[Ion Celestino | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[948 <3 504]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/032/001/2023-01-15/948_lt3_504.htm Sun, 15 Jan 2023 00:00:00 +0100 Ion Celestino https://www.berria.eus/paperekoa/1956/032/001/2023-01-15/948_lt3_504.htm
Nitxo lerro batzuk dira hauek, antza, baina hemen beti ibiltzen ditudan gaiak dira, bata bestearen atzetik: ultralokala eta autoerreferentziala. Sinpleegia, itsusia eta zikina. Jabetza eta merkatu logikaren mugak ezbaian jartzea. Lapurtua eta lapurgarria. Beti berria eta tradizioari loturikoa. Komunitate eraikitzailea eta auzokoa. Trikitiaren laudorioa egitera natorrela ulertuko du baten batek, baina hori hurrengo baterako.

Bounce. Horrela esaten diogu New Orleans hirian 80ko hamarkadaren bukaeran sortu eta gaur arte iritsi zaigun hip-hop estiloari. Esan liteke kantu bakar bat dela, oinarrian bederen. Eta horrek legendazko egiten du. Lehen geltokia: joan zen mendeko 80ko hamarkadaren erdialdean New Yorkeko Queens auzoko The Showboys izeneko rap taldea. Eurek kontatuta, orduan boladan ziren pasadizo bat kontatzen zuten rap kantuak. Horrelako zerbaiten bila ari, eta zera bururatu: Dragnet izeneko telesailaren antzeko egituradun kantu bat eraikitzea. Eta halaxe egin: telesailaren hasierako musika hartu, eta 808dun beat gihartsu baten gainean, asmatutako gangster istoriotxo bat kontatu zuten. Eman zioten izena: Drag Rap. Honaino, milaka aldiz gertatutakoa: kanta bat egin, grabatu, eta ahaztua izaten da.

Auskalo nola, diskoa New Orleansera iritsi zen, eta, Showboysekoek batere uste (eta jakin) gabe, oso bestelako bide bat hasi zuen. DJren batek kantua aurkitu, eta bestetan jartzen hasi zen. Dantzalekua sutan jartzen zuen. Ordutik, New Orleansen Triggaman izenez egin zen ezagun.

Entzuteko beste denbora galtzeko prest bazaude, bere elementu ikonikoez jabetuko zara berehala: hasierako xilofonoaren kortxe esaldia, Dragnet telesailaren hasierako esalditxoa, kaxaren break-a, «drag rap» vocoderrarekin emana, «triggaman!» amua, 808dun bateria loopa.

Ipuinaren hurrengo geltokia: New Orleansen, disko horrek bere bideari jarraitu, eta, une batean, sanpleatu eta bere elementuak beat berri bat sortzeko erabiltzen dituzte. Eta gero beste bat eta beste bat. Eta Showboysekoek deus ere ez dakite gertatzen ari den horretaz. Hasiera garaiko artista eta kantu pare bat aipatzeko: Mc T Tucker & DJ Irv-ren Where Dey At? eta DJ Jimiren Where They At (nabarmena izenaren kontua).

Urteak joan eta etorri, bounceak hor darrai, bere tokiari loturik, bere burua garatzen, kantuz kantu eta bestarik besta. Ez du mailaz igotzeko beharrik, bertan ulergarria eta erabilgarria baita. Gorabeherak izan baditu ere, Katrinaren gertaeraren ostean revival moduko bat izan zuen. Deep south estiloarekin duen harremana ere begi-bistakoa da, eta horregatik ausartuko naiz esatera: azken hamarkadako estilo urbano-en hazietako bat ere bada. Denboran salto handiagoa eginez, mainstream-ak keinu nabarmenak egin dizkio: Draken Nice for What, Cardi B-ren Bickenhead edo Beyonceren Church Girl ezagunenetako batzuk aipatzearren. Bistan denez, benetakotasun tanta bat edo beste emateko moduak dira horiek, baina bouncea autoerreferentziarik eta kontesturik gabe motz geratzen da. Ezin nabarmendu gabe utzi Big Freediaren zubi lana, aipatu ez badut ere, benetako pertsonaia nagusietako bat.

Beste ezaugarri nabarmen bat tradizioarekiko lotura estua da. Galde-erantzunik gabe ez da ulertzen ahal, usu shout out edo agurrak ematen dira, auzoak eta bertako jendea aipatuz. MC zeremonia maisuaren rolak bere jatorrizko esanahiari hertsiki jarraitzen dio, jendea dantzarako xaxatzea eta entzulea kantuaren parte izatea, mardi gras indians tradizioan bezalatsu, mantrak errepikatuz eta mikroa ahoan duenari erantzunez. Iaz, lotura hau bereziki goxoa duen diskoa atera zuen White Tchopitoulaseko tribukide den Flagboy Gizek, We Outside bezalako kantuduna. Beste testu baterako beste ematen du brass bandaren eta bouncearen arteko joan-etorriak. Kobre taldeek rap errepikak bere egiten dituzte, naturalki, eta bounce artistek kobreen sanpleak edota riffak sartzen dituzte era bertsuan. Ricky B-ren Y'all holla klasikoa, adibidez.

Elementu hauek guztiek komunitatea nola mamitzen duten ulergarria da. Baina gehiago pentsatzen badugu, lanabes nagusia sanpleak, ordenagailuak eta diskoak izanik ere, grabazioetan bainoago jende topaketan du praktika honek bere muina. Lily Keberrek maisuki erakusten du 2018ko Buckjumping filmean.

504icygrl-en Kitchen entzun eta aurrera. Hor dira: birziklatzea, soinuaren zikintasuna eta hitz zorrotz eta gordinak. Itxuraz sinplea izatea, zuzen-zuzena eta itsustasunari eustea, kosta ahala kosta.

The Showboysekoek 1990eko hamarkada bukaeran jakin izan zuten han gertatzen ari zena, eta heroi gisara hartu omen zituzten New Orleansen. Ordurako, baziren ehunka kantu beraien Triggaman beat horren zatiekin eginik. Ez galdetu egile eskubideez eta royaltyez.]]>
<![CDATA[Organologia ­ 'Weltanschauung']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/038/001/2022-12-04/organologia_weltanschauung.htm Sun, 04 Dec 2022 00:00:00 +0100 Ion Celestino https://www.berria.eus/paperekoa/1950/038/001/2022-12-04/organologia_weltanschauung.htm rganologia: Musika tresnak eta hauen klasifikazioa estudiatzearen zientzia da organologia. Bere baitan soinu sortzearen alderdi teknikoak, tresnen historia, kultura ezberdinetan erabilitako tresnak eta hauen klasifikazioa biltzen dituena.

Weltanschauung: Mundu-ikuskera. Errealitatearen deskribapen orokor bat osatzen duten ideien, azterketen eta sinesmenen sistema edo sarea da. Munduari buruzko ikuspegi filosofiko zabala eta trinkoa da, beraz, izateari buruzko ontologia eta ezagutzari buruzko epistemologia eta, horiei jarraiki, praxeologia eta etika ere barneratu ohi ditu.

Eta badugu musikariok arazo bat —ez dut esan nahi arazo bakarra ez eta larriena ere—. Nago, sarriegi tresnaren baitara hain sarturik egon eta mundua hortik ikustera joaten garela. Mundua gehiegitxo esatea daiteke, baina musika bai bederen.

Agian, badu honek ikustekorik batez ere akademiaren irakasteko eta antolatzeko modu ultraespezializatuarekin. Nik neure tresnaz emandako soloak transkribatu behar ditut, neure tresnaz emateko obrak ikasi eta jo behar... Honek begirada murritzegia garatzen du, eta ez bada burua altxatzen, miopiara bidea xuxen da.

Agian badu honek ikustekorik Bernard Seve-k L'instrument de musique filosofia liburuan azalduarekin: musika da bere materiala eraiki behar duen arte bakarra. Beste guztiek naturatik (zura, harria, metala, buztina...) edo kulturatik (hitzak, gorputz mugimenduak...) hartzen baitituzte. Musikarendako, berriz (boza kenduta, bistan da), tresnak sortu egin behar dira. Funtzioaren eta asmakuntzaren arteko tirabira paradoxiko samarra sortzen du horrek, pentsatzen jarrita.

Nolanahi ere, tresnaren zentralitatea oso indartsua da. Hain indartsua ze haur bat musika eskolara eramaten dutenean, haur hori ez baita doinu edo kantu edo dantzen ikastera joaten. Instrumentu baten ikastera baizik —honen gaineko idea interesgarri anitzendako, berrikus Joseba Tapiaren Larreko Eskolatik—.

Eta badugu arazo bat —ez dut esan nahi arazo bakarra ez eta larriena ere, eta arazo bat ote den ere zeuk esan—. Baina jende multzo bati «euskal musika» esan eta asoziazio askean hitzak botatzen hasiz gero, aipatutakoak tresnen izenak dira. Eta hara, top 2an, baietz soinu txikia!

Soinueneak kaleratutako Soinu tresnak euskal-herri musikan entziklopediaren lehen liburukiko hitzaurrean, Jon Baguesek dio: «Musika-tresnen ezaugarriei, enpleguari, esparruei, tradizioei eta abarri buruzko idazkiak organologiaren edo musika-tresnak aztertzen dituen zientziaren diziplinaren barruan sartzen dira. Organologiaren alderdi zientifikoa XX. mendean zehar garatu zen, eta bere alderdirik azpimarragarrienetako bat izan da mundu osoan erabiltzen diren musika-tresna ugarien arteko ahaidetasun-loturak bildu eta ezarriko dituen sailkapena lortzeko ahalegina».

Mila aldiz esana izan den gisara, soinu txikia (eta handia) inguru honetara ekarri zituztelarik, tresna berriak eta erabilgarriak ziren, eta jendartearen bizitzarako beharretan ongi txertatu ziren, eta berritasunak ekarri zituzten. Faustin Bentaberrik kobre orkestra batez dantza-jauziak eta abar eman eta zabaldu zituelarik, ber gauza: orain ezagun ditugun kobre instrumentuak XIX. mendearen hondarrean garatu eta barreiatu ziren han eta hemen. Instrumentu moderno eta berriak ziren. Jendarteak behar zituen praktikentzat balio zuten, eta praktika hauengan eragin berria izango zuten, noski.

Tresnak ez dira berez inongo esentziaren gordailu. Tresnak tresnak dira: behar batzuei erantzuteko erabiliak izaten dira.

Hortaz, euskararen musika tradizioekin zer edo zer egitekotan, gutxienez maila berean astindu behar zaio funtzioaren eremuari. Eta ez tresnen dignifikatzekeriari. Dignifikatze behar horren azpian ez ote dagoen pentsamendu hagitz kolonizatua: Errespetagarria? Zer estandarren arabera? Erromantizismoko jenio indibidualaren birtuosismo gimnastikoaren arabera? Zentroeuropar musika kultuaren arabera? Jazzaren arabera? Nazioarteko pop industria handiaren arabera...?

Badugu arazo bat (ez dut esan nahi arazo bakarra baina bai larrienetarikoa): munduari norbanakokeriatik soilik begiratzen jarraitzea. Tresnek munduaren ikuskera lausotzea.]]>
<![CDATA[Hotsa apalduz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/035/001/2022-11-06/hotsa_apalduz.htm Sun, 06 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ion Celestino https://www.berria.eus/paperekoa/1950/035/001/2022-11-06/hotsa_apalduz.htm
Izan ere, gaurkoan Mariusek zera erabaki du: ulertzen ez duenarena egitea. Bi egunean behin estankora sartu, eta beti segapototik ari dela keinuka gauloises blondak eskatzeak, zer esan nahi ote du? Horren dei garrantzitsua du egunero, une oro? Egiazki aurrean duenari hitz egin eta aditzea baina garrantzizkoagoa? Gero, duda sakona heldu da: benetan hizketan ari ote da? Marius begira gelditu zaio bestea geroz eta imintzio urduriagoz, baina segapoto lanak alde batera utzi gabe ari den bitartean. Azkenean alde egin du haserre antzean, auskalo hil ala biziko elkarrizketa horretan zer gertatu den gaurkoan.

Eta auzoan ostatu berri bat ireki dute. Moderno ustekoak-edo, ez dakit oraindik kontzeptu salgarriren baten aitzakian edo oraindik izenik gabeko tribu edo subkultura baten parte ote diren: ostatuan ez da soinu sistemarik. Egun osoz irekia da, baina ez da ez musika ez irrati ez telebistarik bertan. Jendea tar-tar izaten da. Tarteka edan ttanttokin poztuta (bertsolariak esan zuen gisan) kantuan ere hasten dira bertaratutakoak. Kontua da bolada zabalduz joan dela. Beste ostatuetan ere jarraitu egin diote bolada berriari.

Eskola heldu da ondoren. Aspaldian, haurren sartu irtenak deitzeko bozgorailuetatik musika ozena jartzen zen, aste bakoitzean gela batekoek aukeraturikoa. Baina gertatu da jendeak gustua hartu diola inortxok-ere-aditzen-ez-duen-musikaz inguraturik izateari. Horren ordez, astez aste, gela bakoitzak erabakitzen du zer egin: batzuek kantatu, besteek instrumentuak jo, beste batzuek bizikleta txirrinen orkestraz deitzen dituzte deitu beharrekoak. Eskolako fanfarreak jotzen du egun seinalatuenetan. Eta besta giroko egunetan, hamaiketakoa egin bitartean ez da hotsezko mihise ozenik ematen, baina hamaiketakoa bukatuta bai dantzarako doinurik.

Ohituraren indarrez, kutsadura naturalizatua da, uneren batean kutsadura dela begitandu arte. Orduan domino piezak bata bestearen segidan erori dira.

Sasi jakintsuren batek ikerketa jarri omen du abian. Urtean zehar halako eta holako energia aurreztea ekarriko omen du elektrika gutxiago erabiltze horrek. Beranduago saltokietan ere zaratari mugak jartzen hasi dira. Musikarik ez. Inork (dendariak ohikoenean) kanturako goga badu, kantu du egiten. Sukaldeko irratian, jakintsu bat auzoko kutsadura akustikoari buruz hitz potoloak esaten. Kutsadura akustiko hori musika inzidentala da bizi dugun honetan. Pentsamendurik gabeko ekintza laguntzeko zarata baino ezer gutxi gehiago.

Eta orain, auzo batzarrak aho batez erabaki du autoak direla onargarri ez den harrabots nagusiaren sortzaile. Auzoaren izkina batean autoendako parkinga antolatu da, kaleak libre egon daitezen. Kaleak libre egon daitezen auzokideek bertan egin nahi dutena egiteko. Hiri ttikia da hau. Oinez edo bizikletaz edo billabesaz hagitz bizigarriagoa. Auzo batzarrak, bide beretik, erabaki du hurrengo bestetan soinulariak ari direnean salbu, ez dela soinuaren beharrik. Horrek eztabaidak urritu eta soinularien lanari balio handiagoa emango diola.

Elektrikaren eta makinen hotsa apalduz joan da. Eta beste hamaika soinu gailentzen dira orain: gizakiak, mikak, airea. Makinen isiltasunak lasaitasun handiagoa ekarri du. Presaka ibiltzeari geroz eta jende gutxiagok ikusten dio abantailarik. Lan askoz gutxiagorekin bizitzea posible dela.

«Eta zer egiten duzue horrelako isiltasunarekin?», galdetzen dute inguruko auzoetakoek. Gure artean hitz egin eta kantuan aritu. Kolapsoa iristean, agian kantuan aritzea bizirik izateko oinarrizkoa izango da berriz ere.

Arrakalak topatu eta hor eragiteko modua antolatzea. Horrela esanda ez dirudi horren zaila. Arratseko azken unean, goizeko emakumea estankora sartu da bueltan. Barkamen eske-edo.

Goizeko gertaerak zer pentsa eman diola.]]>
<![CDATA[Hariak eta hipotesi bat Reimyren alde]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/040/001/2022-10-09/hariak_eta_hipotesi_bat_reimyren_alde.htm Sun, 09 Oct 2022 00:00:00 +0200 Ion Celestino https://www.berria.eus/paperekoa/1950/040/001/2022-10-09/hariak_eta_hipotesi_bat_reimyren_alde.htm
Beti da plazer argigarria Amaia Nausia Pimoulierren eta Arkadio Profesorearen arteko hizketaldi bat aditzea La Linterna de Diógenes saioan. Halako batean (15x26, joan den ekainean argitaratua), Emakumea eta lana Aro Modernoan hartu dute gaitzat. Horko ideia bat geratu zitzaidan iltzatuta: nola estatu modernoak bere moldea zabaltzen duen pixkanaka gizartearen eremu orotara. Arrazoiaren eta ordenaren aitzakiapean, bizitzaren arlo guztien instituzionalizazio prozesu bat gertatzen da; bistan denez, herri antolakuntza mota guztien aurka doana (Amaiari kontsulta eginik, Gerhard Oestreichez eta hark garatutako sozialdisziplinierung kontzeptuaz argibide gehiago jaso nituen).

Molde horren arabera eraiki dira, beraz, azken mendeetako egiturak: instituzio pribatu nahiz publiko oro estatuaren ispilu txiki bat da bere baitan, barneratua izan dadin ordena naturala, berezkoa, horixe dela. Kapitalismoa, patriarkatua. Eguneroko bizitzaren atal bakoitza arautzea, bizitza ekonomikotik norberaren kontzientziaraino. Ordena hori da, eta ez beste bat. Beste ordena baten aukera irudikatzea bera ere lan nekeza bilakatu zen arte.

Chefa Alonsok 2007an ateratako inprobisazio askearen gaineko liburu gogoangarriko zati honekin harilkatu zen ideia hau: «Gaurko orkestra sinfonikoek XIX. mendeko gizartearen gogoa birsortzen dute: errepertoriotik hasita [...] hierarkiaraino. Jacques Attalirentzat, orkestraren eraketa eta antolaketa industria-ekonomiaren boterearen funtsezko figurak dira.

Musikari bakoitzak (anonimoak, hierarkikoki sailkatuak eta soldatapekoak) osotasunaren zati bat besterik ez du ekoizten, berezko baliorik ez duen zati bat. Programatutako lanaren irudia dira. Zuzendariak botere ekonomikoa adierazten du: ekoizpena antolatzen du, kaosa saihesteko beharrezko ordena sortzen du, baina ez du zaratarik egiten.

Klase menperatzailea zuzendariarekin identifikatzen da; ikusle arrunta, aldiz, bakarlariarekin, jendetzaren gainetik altxatzen den norbanakoarekin. Honela, ikusleak ez du anonimotasunaren edo boterearen artean aukeratu beharrik. Are metafora ankerragoa erabiltzen du Elias Canettik konpositorea Jainkoarekin, zuzendaria poliziaburuarekin eta musikariak zerbitzariekin identifikatuz».

Chefak berak dioen gisan, metafora hauek gehiegizkoak izan daitezke. Baina lehen aldiz musika «egiazki» jasotzeko «modu gorena» ezartzera datoz: egoteko modua hierarkia zurrun baten baitan antolaturik. Berriz ere estatuaren antolaketaren ispilua. Hau da, gaur egunean ere, kontzertu hitzaren adiera nagusia garai horretan ezarria da.

XX. mende osoan eta gaur arte, kontzertuaren eta ikuskizunen eredu hori aski zabaldua izan da. Musika beltza jatorri duen pop musika guztia ere antzeko salgai bilakatu du kapitalismoak. Hasiera batean dantzaldiak eta areto edo plaza txikiak izandakoak handituz joan ziren, soinuaren teknologiaren garapenaren eskutik. Rock kontzertu erraldoiaren eta kontzertu klasikoaren aldeak nabarmenak badira ere, oinarrizko irudia ez da, azken finean, hain diferentea: agertorkiaren eta ikuslearen arteko aldea igaroezina da, artistak berak ez badu, behintzat, eskuzabaltasun jainkotiar keinu batez bide hori irekitzen. Oro har, ikusleak ematen zaiona kontsumitu besterik ez du egiten ahal. Zer esanik ez makrojaialdietan, baina hori beste baterako gai bat da: hor kontsumogai dagoena esperientzia bat da, musikarekin harremana erpintxo batetik besterik ez duena.

Eskala kontu bat ikusten da hor. Eskala estatua bada, neurria jainkoak badira, herriak begiratu eta ametitu (edo, asko jota, alde egin) besterik ez du. Ordea, eskala gizakia bada, harremana zuzenagoa da.

Txikitasunaren apologia dator hemen beste behin ere. Izan ere, eredu txikiagoak, herri musikarenak, ez dira desagertu. Musikak bere gizarte funtzio hurbilagoari eusten dio hor. Kapitalak, edonondik onura bilatzeko makina horrek, behin eta berriz sartzen du muturra, noski. Ohiko adibide bat ematera, hip-hopa. Auzoko bestak autoantolatuak eta helburu komunitario argikoak izatetik izar sistema bat eta dirua sortzeko makina erraldoia izateraino bizi izan zuen eraldaketa begiratu besterik ez dago.

Horren aurrean, ordea, txikitasunari, hau da, giza eskalari eusteko asmo argia aurretik hartzen bada, posible da bestelako praktikak irudikatzea eta eustea. Nabarmena da sound system-aren kultura. Bere egiteko moduak berak neurri bateraino soilik hazteko bidea onartzen dio desbirtuatu gabe. Betiere horizontala izango da, operadoreak eta izan litezkeen abeslari edo musikariek soinu sistemaren parean eta altura berean izan behar baitute, entzulea bi puntu horien tartean kokatzen delarik. Gauza bera second-line eta, oro har, txarangekin, ez bada espazioaren orpoz orpoko hartzerik, guztiz bestelako gertaera bat izango baita. Hauxe da herri ihautea ere, gertaera bat, jendearen elkartze bat, ez ikuskizun soil bat.

Jakina, estatuak «gauzen ordena naturalaren aurka» doazen praktika hauei mesfidati ekiten die. Harrabots handirik gabe batzuetan, gezurraren eta indarkeriaren bidez askotan.]]>
<![CDATA[Medley: azken kantua balitz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/032/001/2022-06-12/medley_azken_kantua_balitz.htm Sun, 12 Jun 2022 00:00:00 +0200 Ion Celestino https://www.berria.eus/paperekoa/1950/032/001/2022-06-12/medley_azken_kantua_balitz.htm
1. Bidaia kronika bat: Urtero legez, maiatzak Borrianara (Castello) eraman gintuen, Maig di Gras izeneko jaialdian parte hartzera. Aurtengoa, hitz gutxitan esatea ez da erraz, musika jaialdi ideala izan da niretako. Politika prefiguratibo gozoa: eszenatokirik eta diru trukerik gabeko musika jaialdia. Second Linea itsas portua gurutzatzen eta errepidean edo bizikletetan atonduriko soinu sistemak. Very Veritasen murala. L'Aurora Grup de Suport-en berri jasotzea bertatik bertara. Aita Mari ontzia bisitatu eta eskifaia ezagutzea. Eta egun gutxiren buruan, berriz itsasora zirela entzunda, zirrara bueltan.

2. Iruñerriko brass banden historiografia bat entseatu eta katalogatzea: JP Brass Band, Kinbonbo Brass Band, Iruñea Jazz Brass Band, Zabalza Brass Band, No More Jazz Brass Band, Iruñea Nola? Brass Band, Ordu Zikinak Brass Band... baina, batez ere, berriak sortzeko akuilatze artikulu bat.

3. Musika eskolei buruzko komentario mardul samar bat. Abantailak: lasaitu ederra hartuko nuen esateko ditudan gauza batzuk idatzirik utzita. Desabantailak: batek baino gehiagok disgustu ederra hartuko zuen, irakurtzekotan. Eta agian musika eskola batean berriz lan egitea zailduko lidake (segur musika eskoletako jendeak ez duela hau irakurtzeko ohiturarik). Facts: baten batek hitza erretiratuko zidan... (nago testu hau egin beharko nukeela).

4. Perez Goiena kaleko kontserbatorioa larrutzea; bai eta kontserbatorio berari gorazarre egitea ere. (Kasu, diptiko bat izan daiteke, 3. puntuko artikuluaren jarraipena). Nola akademiak jazzaren heriotza dakarren zentzu gehienetan, eta nola badiren aurrerantz pentsatzen ari diren irakasle gutxi batzuk, baina ikasle andana. Aurten aurkeztu diren hainbat TF-ri buruzko iruzkintxo bana? (Haiei baimena eskatuta, jakina) Aranguren, Petrirena, Orla, Zorzano...

5. Ikasturtea joan zait hasieratik argi nuen piezetako bat egin gabe: Txarangaren lengoaia propioa bilatzeko beharraz proposamen bat bota, double druming-aren bidez. Hau azaltzeko, lehenik, banda militarren jatorriaz argi zerbait (kobreen eraikuntza eta diseinua nola osatu zen XIX. mendean...). Hortik nola banda zibilak sortu ziren. Eta, azkenik, nola banda zibilen erredukzioak barreiatu ziren -«banda popularrak» esango nieke nik- mundu osoan zehar. Hau argituta, New Orleansen bezalaxe herri musikatik zetorren lengoaia bat mamitu zen hemen txarangetan (erredoble mota eta abar), baina nola azken hamarkadetan ez dugun asmatu rocka eta popa emateko perkusio lengoaia garatzen. Baina oraindik ere garaiz garela, pentsatzen badugu.

6. Turrillas maisuaz. Batez ere Felix Elizaldek hamaika bider esandako pasadizoak kontatu nahi nituzke artikulu honetan. Adibidez, nola joaten ziren maisuaren etxera, arreglo eske. Etxera sarrarazi eta zer numero edo piezaren paperak nahi zituzten jakinik, berendua aterako zieten. Turrillasek, bitartean, eskuz eta banan-banan, tresna bakoitzaren partea transkribatuko zuen. Lanak bukatuta, particella bakoitzeko duro bana kobratuko zien. Gazteak, arreglo berria besapean Iruñera buelta. Gaurko belarriekin, betikotzat dugu aurreko mendearen erdialdean asmatutako paradigma bat. Bete-betean lortu zuen sanferminetarako musika egoki bat asmatzen eta jendeak bere egin zuen. Bada hor zer ikasi. Ezer ez baita betiko.

7. Estruktura itxiak: Iazko Lauhazka hasitako tokian bukatuko dut, beraz, aurtengo Lauhazka: irratian. Asteleheneko tartarra Juan Kruzekin: «originaltasuna tranpa bat da». Pelloren egia da hau noski (Man next door lau bertsiotan + Paragonsen Got to get away + Garnet Mimmsen A quiet place aditzeko aitzakia, ikusi?). Tranpa bat da, hasteko, ez duelako garrantzirik: originala, zerekiko? Hau edo beste originala dela diodalarik, batez ere diodana da nik ez nuela antzekorik ezagutzen. Hori ongi da, baina ezin da berezko balore bat izan, bistan denez. Hortaz, kantu herrikoi baten jatorrian ez dakit nongo beste kantu bat dagoela dezepziotzat hartzeari ez diot zentzu handirik ikusten. Erro hori topatzearen poza, ordea, ulergarriago zait. Egofugismo pixka bat beti da osasungarria. Kantari/egile ideiaren atzean ez al dago, azken finean, jenioaren enegarren aldaera? Ez, lagunok, musika ez dabil horrela. Sorkuntza-kolektiboa-da-beti.

Tira ba. Horiek dira, oraingoz behintzat, idatzi gabe geratu diren batzuk, inork nahi badu jakin. Gaizki esanak barkatu eta ongi esanak (halakorik izan balitz) kontuan hartu. Karrikan topo egingo dugulakoan, aio.]]>
<![CDATA[Alan Moore Bidankoze karrikan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2022-05-15/alan_moore_bidankoze_karrikan.htm Sun, 15 May 2022 00:00:00 +0200 Ion Celestino https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2022-05-15/alan_moore_bidankoze_karrikan.htm
VEIDT: «Musika elektronikoa maite dut, superheroiei dagokiena-edo, ezta? Eta orokorki avant-garde musika. Cage, Stockhausen, Penderecki [...] eta Jamaikako musika berri bat entzun dut. Musika elektroniko eta reggaearen arteko uztarketa moduko bat. Irakaspen harrigarria da nolako musika forma berriak sortzen dituen oro har pre-teknologikoa den kultura batek grabazio teknika berrienak ezagutzen dituelarik, gure soa mugatu duten pilatutako teknologia aurreiritzirik gabe. Dub musika esaten diote. Ziur naiz maitatuko duzula...».

Lagun bat galdezka, ea baden XX. mendetik honanzko musikari buruzko liburu bateren bat, baina teknologiaren garapena kontuan izango duena. Eta ez, ez dut zehazki horrelako libururik ezagun. Zuetako inork gomendiorik badu, MZ faborez, eskerturik.

Gaitzat harreman hori duenik ez, baina hamaika toki diferentetan loturak bai. Berehala Alan Mooreren Watchmen komikiko elkarrizketa hori etorri zitzaidan gogora, hor goian punpa lasterka euskarara ekarri dudan horixe. XX. mendetik gaur arteko teknologiaren garapenak bide ezberdinetatik busti du. Gogoangarriak zaizkidan adibide batzuk honatx. Gehienak, pentsatzen hasiz gero, bistako izatetik hurbil daude, noski.

Irratia inguruotako azken muturrera iritsi zen arte, afinazio sistema tenperatua ez zen toki orotara zabaldua. Harrigarria zaigu prozesu hau gure inguruan bertan ez-hain-aspaldikoa dela ulertzea. Marie Hirigoyen Bidarten tesi ezinbestekoa (Le chant basque monodique 1897-1990) irakur dezake honetan interesik duenak, edo/eta Iruñeko gaiteroek Pierre Caubeti buruz idatzitakoa (Caubet Chubuko Arhan: Txanbela eta khantoriak). Afinazio posible ezberdinak «mingarri» zaizkigu, epaitu egiten ditugu. Uniformizazio prozesu honen bidez, hain ziur gara «naturala» eta «zuzena» zer den... Baina nolanahi irratirik gabe akulturatu zen jendearen aldean, neuk behintzat soinu pertzepzio urriagoa dudala onartzen dut. Eta hau horrela izanik ere, irratiaren abantailez ez dut dudarik egiten, kar-kar-kar.

Grabaketa sistemak hasi zirenean, grabaketa horien salerostea hasi zenean, erregistragarria zenaren luzera urria zen: materialki ez zen toki gehiagorik. Honek egiteko moduan eragin zuzena du. Bere zuzeneko praktikan luzeago izan litekeen musika —adibide garbia dira bebop klasikoaren grabazioak— moztu eta zehaztu egin behar da, luzera jakin bat behar du. Honek musika eraikitzeko modu batzuk baztertuko ditu, baina beste batzuk posible egingo. Ez da, berez, ez txarra ez ona. Pop musika eraikitzeko bidea eman du, kantu motz eta zehatza. Gaurko pop musikaren merkatuan are gehiago estutu da laburtasun hori, baina dagoeneko ez da biltegiratze arazoengatik, bistan denez. Streaming-aren saturazioa aipatzen da, zehaztasun beharra, adi egoteko zailtasuna edo ohitura urria. Hamabost segundo, Burutikekoek dioten bezala.

Nolanahi, whatsapp bidez lehen begiratuan gaiarekin bai, baina euren artean lotura agerikorik gabeko audio andana bidali nion, burura etorri ahala. Pentsa zer aldaketa errotik: duela ehun urte (gutxiago zorrotz izatera) musika bakarka entzutea, besterik gabe imajina ezinezko ekintza bat zen. Gizateriaren historian sekula gertatu gabekoa. Eta erregistratutako musika zabaldu ondoren ere, ohikoena ez zen bakarka aditzea. Renato Valeruzek behin kontatutakoa etorri zait: 1950ko hamarkada bukaeran, Wattens bere jaioterrian larunbat gaueko ohitura zutela beste gazteekin etxe batean elkartzea, gau osoz jazz diskoak elkarrekin entzun eta kafea edatera.

Zera esan diot: musika, historia eta teknologia elkartzen diren bidegurutzeko pasadizo ederrenak asmakuntza teknologiko bat subertitu eta herri musika egiteko ezusteko bidea sortzean dautzala. Soinuaren sintesiak eta elektroakustikak soinu hutsaren muga intelektualera eraman behar gintuen? Dantzarako rave kultura sortzera iritsi zen, ordea. Perkusioaren kuantizazio algoritmoek inoizko musikarik karratuena produzitzea erraztu behar zuten? Jay Dilla eta besteek kalkula ezinezko polierritmo eroak asmatzeko subertitu zuten. Mikrofonoak bolumena ozenagoa izan zedin asmatu ziren? Lehen aldiz boz apalenean oinarritutako kantaerak posible egin ziren. Ordenadore batekin posible da norbanako batek beste inoren beharrik izan gabe musika ekoiztea? Kuadrilla osoa dago Bidankoze karrikako gela batean hiriarentzat hurrengo ereserkia sortzear.

Bukaera hasieran berriz ere: kondairak dio —hots: ez da garrantzizkoa egia ote den edo ez den— dub musikaren sorrera ausazkoa izan zela: The Paragons taldearen On the beach kantuaren single esklusibo bakar bat egiteko unean, teknikariak nahigabe ahots pistak muteatu omen zituen. Gau hartan, kantua sound system-ean jarri zutenean, dantzatokia suak hartu zuen bertsio hutsaren gainean ikusleria kantuan hasi baitzen... Ondorioz, ekoizleek honelako version-ak egiteari ekin zioten, eta efektuz atondutako reggae instrumental hutsaren garapena hasi zen.

Entzuteko modua aldatu ahala, egiteko modua aldatuz doa. Entzuteko ahalmena, aditzeko gaitasuna.]]>
<![CDATA[Bizikleta eta txalupa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/033/001/2022-04-17/bizikleta_eta_txalupa.htm Sun, 17 Apr 2022 00:00:00 +0200 Ion Celestino https://www.berria.eus/paperekoa/1956/033/001/2022-04-17/bizikleta_eta_txalupa.htm ¿Se puede sobreanalizar una canción?» (Gain-azter al daiteke kantu bat?). Berez hori bada aski berri gurean, eta une batez idaztera noan hau geldiarazi du. Nolanahi ere, bi urtez atzeratu zait lerro hauek jartzea. Asmoa baitzen 2020an egitea, 30. urteurrena probestera. Ez nuen egin, eta aitzakia bila, oraintsu topatu arte.

Honatx Tapia eta Leturiak 1990. urtean ateratako Juergasmoan diskoaz hitz batzuk, beraz. Bikotearen bigarren lan luzea izan zen. Disko ikonikoa iruditzen zait, berrikusteko moduko horietakoa. Edo, agian, lehen aldiz entzuteko modukoa, zeinek jakin. Ez du disko honek nik defendatzeko ez deus argitzeko beharrik, baina zergatik maite dudan bota nahi dut, inori intereseko bazaio.

Bertan ikusten ditudan hainbat ideia oso gaurkoak egiten zaizkit: euren une eta jendartera lotuak zirelako, hain zuzen ere. Guk eta gure inguruko musikari askok konpartitzen ditugun kezka eta galdera beretsuak nabarmenak dira bertan —milesker Leuza, freak-mezuak trukatzeagatik—.

Nekez datorkit burura herriarenak bihurtu diren hainbeste kantu biltzen dituen euskarazko beste LP bat. Zer nolako eragina izan duen, urteak joan ahala, soinu joleen eta pandero joleen artean; dantzaldietan oraindik ere jotzen diren hainbat; beste estilotako taldeek berregindakoak... memoria kolektiboaren parte diren kantu eta doinu andana. Berriz ere hamahiru kantuko bilduma batek denboran honela irautea ezinezkoa izango da ziurrenik. Hau ez diot ez miresmenez, ez nostalgiaz. Pellokeria da esatea: hainbat gauza aldatu da hamarkadotan. Bai gizartean, bai industrian.

Hasteko, Juergasmoan-ek popularra vs. sofistikatua dikotomia faltsua zartatzen du. Trebezia teknikoa eta lengoaia ezberdinen ezagutza praxiak mamiturik —baina beraiek ezetz esango dute ironiaz beterik, gehiena kasualitate xamarrean gertatu omen zela—. Kasu: soinuaren zein panderoaren banakako eta elkarren arteko lana altura handiko hegaldietan dabil hemen. Garaiko idearik freskoenak aditzen dira adi izanez gero. Baina kantuaren zerbitzura, ez ego-aren zerbitzura.

Harmoniaren gaiak ere badu mamia. Soinua jotzeko moduan, bistan denez, baina bereziki bozen lanketan. Koroak ez dira paraleloan sortutako ohiko lerro hutsak: harago doaz. Pop musikatik —musika anglosaxoitik, horrela esateko— edaten dute, eta gaur ohikotzat entzuten baditugu ere, freskotasun eta goxotasun harrigarria dute oraindik. Lau boz diferente daude, Joseba Tapia, Xabier Berasaluze, Begoña Tapia eta Edurne Iradirenak.

Tradiziotik hasten da diskoa, non tradizioa ez den tiradera batean gordeta dagoen harri zati bat, baizik eta errekan dabilen harri bat, goroldiorik lotzen ez zaion horietako bat. Fandangoaren eta porrusaldaren lengoaia zabalduz jauzi bat egiten da hemen.

Osotasun bat badu lanak, eta bidaiaren metafora begibistakoa da. Azalak berak argitzen du. Aurreko fotoan biak ageri dira, bizikleta gainean, portutik behera begira. Beraiekin dituzte soinu txikia eta panderoa. Kontrazalean berriz ere Tapi ta Letu, txalupan, itsasoan, hainbat soinu eta pandero bai, baina baita anplifikadoreak, kableak eta bost sokako banjoa ere. Piezen segida metafora horren baitan ederki esplikatua da.

A aldea Jo eta hautsi lehen lana bukatzen den tokitik pauso bat aurrerago hasten da. Ohiko tokian, bai-baina. Eta kantuz kantu, soka hori tenkatuz joaten da. Soinu-pandero-bozez emaniko lau kanturekin hasten da A aldea (Maitatzen zaitudalako, Stressa, Anbototik Gorbeara, Sinistu ezkero). Bosgarren pieza soinu eta pandero hutsez emandako fandango bat da. Eta horren ostean arin-arina dator: gitarra apala eta atabalak sartzen dira jolasean, ttak! Txalupa badoan seinale. Jakina aurretik ere jazpana erabilia izan zela, baina toki horretan nola datorren ikusita, maisulana iruditzen zait estruktura aldetik. Eta A aldea bukatzeko, noski, kalejira bat, Mixel Ducauren gitarra elektrikoaz lagundurik.

Orduan B aldea dator, eta azeleragailua barruraino sakatua da: countrya (Hik lan eta nik jai) tex-mexa (Maddalen, Festarik festa) Karibea (Besamotza) Two-Tone zerbait (Eromerian), eta, bukatzeko, herrira buelta, kanpoko gerra baten erruz itsu (Solferinoko itsua). Bidean, tronpetak, sinteak... unean unekoa janzteko lanabesak.

Beste bost mila karaktere beharko nituzke hitzei buruzko iruzkinak botatzeko, baina, zorionez, ez da tarterik. Tradizioa eta garaikidetasuna berriz ere: iturri zaharretik kopla berriak, (auto)kritika umoretsu-ironikoa, besta giroko gaiak; hitz goxo, zorrotz zein bitxiek badute hemen tokia, guztia ederki asko uztarturik. Eta bizi dituen gizartearen halako panorama edo collage bat osatzen dute testuok.

Gerora etorriko zenaren oinarria jartzen du disko honek (Triki-pop'n'shit). Baina mahai gainean jartzen diren kontzeptuak asumitu zirenerako Tapia eta Leturia dagoeneko beste toki batean ziren. 1997an Ero aterako dute (Tapia eta Leturia Band taldearekin), eta urtebete geroago, 1998. Danba. Eta horren ondoren ere, beti aitzinera begira. Badu zer ikasi eta zer pentsa, hala nahi duenak.]]>
<![CDATA[Beste zerrenda bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/035/001/2022-03-20/beste_zerrenda_bat.htm Sun, 20 Mar 2022 00:00:00 +0100 Ion Celestino https://www.berria.eus/paperekoa/1956/035/001/2022-03-20/beste_zerrenda_bat.htm Esa planta está algo mustia» (Landare hori zimel xamar dago), bota du batek boz gora, eta bere hitzak barruraino aditu. Irriak.

Hamabi eta erdiak inguruan diskoak bueltaka. Eskual rare grooves & ildo beltza dio afixak. Aurretik sekula egin ez dudan erronka: soilik euskarazko kantuak ematea. Beste edozein erronka bezain inozoa, baina disko bildumazale gisa, jostagarri. Arian ari, lagun bat edo beste hurbildu da tarteka, irribarre bana ahotan, «baina hau zer da zehazki» galdetzera... Batek zerrenda gustura irakurriko lukeela. Touché. Aspaldi kantu zerrenda dotore bat osatu gabe, orain badut aitzakia.

Astebete pasa eta hemen da zerrenda. Top 10 bat emango dut, ez baita komeni sobera toki hartzerik. Argitaratze urtearen arabera antolaturik. Hurrengo batean, gehiago.

1. Ondarruko Beti Alai Maria Cristina [1968 -CINSA- 7"]. Bujandak egin zidan aipamena behin disko honi buruz, eta leloa kantatzen hasi: «Maria Kristina zu zera ye-ye/ nik horregatik izango zaitut maite...». Kostata, baina lortu nuen azkenean. Pena da CINSAren beste disko askotan jo zuten konjuntoen laguntza instrumentalik ez izatea, baina badu hainbeste maite dugun 60's xalotasun hori.

2. Salomé Kantari bizi naiz [1969 BELTER - 7"]. 1969ko Eurovision irabazi eta bere kantua zortzi hizkuntzatan erregistratu al zuen Salomék? Tartean euskaraz? Konfirmaturik. Augusto Algueróren garai honetako arregloen staneatzaile taldean topatuko nauzue ni, orain eta beti.

3. Oñarriak Baserritarra [1970-CINSA - 7"]. CINSAren disko bilatuenen bigarren postuan, gure etxeko kalkuluen arabera. Santutxuko taldea. EP honetako kantu bakoitzak badu zer berezi bat, baina honetan goia jotzen du bildumak, farfisaren soinu, huts eta ahotsaren jolasei eta hitz ederrei esker. Kalea eta baserriaren arteko fisioa. Eta kasu, euskal diskogintzaren historiako azalen top 5ean (beti gure etxeko datuak darabilzkit).

4. Gaston Jocou Euskara [197? - ELKAR 7"]. Pannecau karrikako Elkar etxearen harribitxi maitagarri horietako bat. 70's rock & roll likatsua Iparragirre eta Zerbitzariren hitzak astintzeko. Bi kopia nituen garai batean eta bestea Marino Goñiri oparitzeko behar morala izan nuen behin.

5. Miren Aranburu Zakurrek dakite [1977 Movieplay/Kardantxa 7"]. Eztakit nolatan iritsi nintzen disko honetara, agian Aranbururen izena zekarrelako, ez beste ezergatik... Hargoueskin Errabal zigiluarentzat egindako lanagatik zitzaidan ezagun, baina 1977ko honek... badu zerbait hipnotikoa, sofistikazio ilun bat.

6. Urria taldea Zorroza [1979 IZ 12"]. Honekin hasi dut saioa. Beñat Axiari Arestiren hitzak ematen Fermin Balentziaren doinu bidez... zer atera daiteke gaizki? Urria kolektiboaren bigarren diskoa da hau. Oinarrizko obra bat, gauzak behar luketena balira.

7. Pottoka Nekazaritza s.o.s. [1992-GOR- 7"]. Split-single honen beste aldean Balerdi Balerdiren Beti gazte kantua dator, eta balerditarrek ematen diote Pottokari sustengua alde honetan ere. Bertsio honek ez dakar 10"-tako bertsioko intro klasikoa («Azkeneko hauteskundeetan eskuin indarrek gorakada nabarmena izan dute Nafarroa osoan. Nafarroa osoan ez! Baztanen ez!!»). Punk folk ereserkia honek bere indarra lehen egunean bezalatsu astintzen du, eta aunitz urtez!

8. Las chinchetas & Dr. Maha's miracle tonic Ituringo arotza [2018 GOR -7"]. Plazera zait herri kantu batek hartzen ahal dituen norabide eta berrirakurtzeak entzutea. GOR diskoetxearen eskutik country girotik plazaratutako single eder hau jartzea poz berezia da.

9. Errementarians Mirakulua [2019 BLANK - 7"]. Kantu hau zazpi hazbeteko diskoan ez zen sekula atera, baina kopia bat badut (flex alert). Mitoa garatu egin behar dela esaten da hor zehar... Skinhead reggae estiloko danbateko harrigarria, Bilbo aldetik omen datorren Errementarians izeneko talde misteriotsuarena.

10. Argizulo ta Beñaranks Badet [2022 SUA industry -12"]. Egiari zor diskoa in extremis iritsi da sesiora, Zazpe a.k.a Z'erua-ri esker. Riddim ederrak eta hitzetan harrapatu nauten amuak eskaintzen ditu: «Early B bezala/ ni naiz petrikilo». Scorcha!

Tartea hartzen dugunean Telmorenera joateko hitza emana dugu. Baietz hauetako batzuen batzuk han entzun! (Beñat deituidak telefonotik, mese).

Lagun batek esan zidan (edo nik honela ulertu nuen) periodikoan idatzi behar nuela beste batzuek idatziko ez dutena. Agian gaurkoa gehiago da irakurri nahi izango nukeena. Ez dakit hor beste inor ote den. Laban antolatutako hurrengo disko-jartzean han izango gara, entzule oraingoan, doinuak aditzeko eta tartarrean egiteko prest.]]>
<![CDATA[Zergatik NOLA?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2095/040/001/2022-02-20/zergatik_nola.htm Sun, 20 Feb 2022 00:00:00 +0100 Ion Celestino https://www.berria.eus/paperekoa/2095/040/001/2022-02-20/zergatik_nola.htm
Zergatik NOLA (New Orleans, Louisiana)? Hots, zergatik tema hau hango kultura eta musikarekin? Bistan dena aurretik esan dezadan: han ere zakurrak oinutsik. Eta hala dela jakinda ere, ikasteko moduko zer edo zer badugula esango nuke. Bai musikaren eskulangile gisa, baina baita entzule edo maitale gisa ere. Neurria hartzeko: gaur egun Iruñerriaren biztanle kopuru antzekoa duen hiri batez ari gara; nahiz eta 1960. urtearen inguruan bikoitzera ere iritsi zen.

Ohikoa dudanez, hasieran diskoekin izan zen obsesioa: musika emari agorrezinarekin berarekin. Brass band tradizioaren etengabeko aldaketa, zydecoarena, bertako R&B, soul, funk eta bouncea... Plazer kontu bat. Zer egingo diogu, bada, beste batzuek bestelako gauza exotikoak maite dituzte, esaterako, kirol profesionala begiratzea. Baina hortik aitzina, ulertzeko gako batzuk argitzen joan dira irakurketa eta hausnarketa medio.

XX. mendetik aurrerako musika popular (horrela erabiliko dut, horretaz gehiegi luzatu gabe...) ororen erroan New Orleans dago. Jazza sortu zen tokia omen delako, baina hor garatu zirelako rhythm and blues eta funk moldeen haziak. Eta hortik tiraka (eta beste hamaika gauzarekin nahasirik, jakina) skatik reggaetoneraino, rock guztia, dantzarako musika elektronikoa, hip-hopa eta harago... Ideia horrek sakon ikastera narama: musikaren elementuetan eta bestelako arrazoietan. Maiz errepikatu dugun bezala, musika afrodeszendientea bizi gaituen mundua esateko tresna oinarrizkoa da. Ez baitzen kapitalismo globalik izango merkataritza triangeluarrik gabe.

Ordea, doinuak eta hitzak sortzeko eta emateko modua ultralokala da. Horrekin adierazi nahi dut kontatzen dena, eta kontatzeko modua, barrurako erreferentziaz betea dela. Horren adibide harrigarria da Mardi Gras indiarren tradizioa osoki. Indian practice-ak, norberak josi beharreko jantziak, dantza, mitologia osoa. Nola komunitatea mamitzeko tresna bat den, eta nola horrek sortu dituen hainbat eta hainbat kantu eder... ulertzeko moduko hitz ilunegiak dituztenak. Bertako izateak nola boz unibertsala eraikitzen duen. Auzoan ihaute garaian urtero gertatzen denetik landa, jazz inguruko zenbait grabazio busti zituen garai batean (Danny Barkerren My Indian Red), soula gero (Dixie Cupsen Iko Iko), funk betean sartu zen Wild Magnolias tribua bere izenez diskoak kaleratzen hasi zenean; eta gure egunetaraino iritsi da 79rs Gang eta Cha Waren azken garaietako diskoen bidez. Brass band taldeentzat ere eragin nabarmena izan da tradizio hori, 1996tik aurrera batez ere (TBCren Fiya Wata edo Rebirth Brass Banden Let's Go Get 'Em). Hor dugu, bada, kode lokal zehatzetatik musika erregistratzera eginiko saltoa.

Beren kultura aportazioagatik ezagun izan diren musikari horiek ere, nolanahi, ez dute jatorriarekiko kontaktua galdu. Neurri batean edo bestean etxetik kanpo atera direnak ere bueltan itzultzen dira. Beraien lana ez da diskoak saldu eta promozionatzea, beraien lana musika ematea da. Hori horrela da musikak funtzio sozial argiak izaten jarraitzen duelako, mendebaldeko hainbeste tokitan galdu (edo gutxienik aldatu) badira ere. Hala, esan daiteke brass band eta second line kulturak merkatu globalaren logikak hausten dituela: egiten dutenak garrantzia du, jendartearentzat beharrezkoa delako. Eta, hala, musikari ofizioak badu nolabaiteko prestigio bat, beharrezkoa delako. Beste langileak beharrezkoak diren gisan.

Era berean, horrek sorkuntzarako grina sortzen du, bai ematen duenarentzat baita hartzen duenarentzat ere, second line-an muga hauek hagitz lausoak baitira. Musikaria lehen lerroarentzat ari da? Lehen lerroa ikusleentzat? Bigarren lerroa da benetan bultzaka ari dena, esango nuke. Errituaren baitan dagoen ikusle-entzule-dantzari parte hartzailea baita.

Azken kontua: sorkuntza kolektiboa da, berdin dio nork egina den. XIX. mendetik aurrerako sortzaile jeinuaren mitotik at dago. Izen bat edo beste nabarmentzen bada, izango da interpretazioagatik, zuzenekoan zein grabazioan egindako halako aportazioagatik, talde bat batzeko izan duen ahalmenagatik, ideiak gara daitezen egindako ahaleginagatik... Baina sorkuntza, egiletza, kolektiboa da. Besterik gabe, ez du aparteko garrantzirik norbanakoaren jabetzak.

Eta nora narama honek guztiak? Hor botatako horiek herri musika orotan errepikatzen direla ikustera. Bazterretik bazterrera, munduaren zabalean. Eta biziberritzeko akuilu izan daitezkeela, akaso? Nire aldetik behintzat argi dago: elementu horiekin dudan loturarik biziena Iruinkokoan dut. Geure buruarekin gozatzeko sorkuntza kolektiboa, ultralokala, salerosketaren logiketatik at, komunitatea mamitzeko balio diguna. Biba Iruinkokoa!]]>
<![CDATA[Bost jota nabar]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2022-01-23/bost_jota_nabar.htm Sun, 23 Jan 2022 00:00:00 +0100 Ion Celestino https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2022-01-23/bost_jota_nabar.htm In illo tempore, The Foralettesen garaian hasiko dut gaurkoa. Talde ohitura sano bat, behintzat, bagenuen: aukera zelarik kontzertu ostean disko jartzen ibiltzea. Bertan disko jogailurik ezean guk geuk eramaten genituen Tamuren Technics parea eta mahaitxoa. Bai single eta LP kutxa bana ere: soul, rhythm and blues, 60s bitxikeriaren bat edo beste. Dantzarako giroa sortuko zen askotan; okerrenera maite genuen musika elkarrekin aditzeko beta.

Noizean behin Raimundo Lanasen jota bat edo beste jarriko genuen. Maite nuen hau jartzea: «Pamplona, siete de julio/ cantan los mozos y mozas/ los de la montaña en vasco/ los de la Ribera en jota», eta norberak uler zezala ironikoki edo ez-ironikoki. Garai hartan Aragon anai-arrebek zeramaten Nebula ostatua. Behin han horietako bat jarri eta lagun bat oihuka hasi zitzaidan, hori kentzeko, hori ezetz. Iruñerrian jende batzuentzat halakorik pintxatzea zerbait susmagarria omen.

Baten batek ez badu oraindik irakurria, iruditzen zait Esparzaren Jotas hereticas de Navarra liburutxotik (luzeragatik diot liburutxo, inola ere ez mamiagatik) bueltaxka bat besterik ez dela behar kopla mota horrekin adiskidetzeko; behintzat ulertzeko beste hamaika begirada posible direla klixe antzuetatik harago.

Nire ezjakintasunaren klixeak suntsitzen dituzte adibidez Amaren Alabak taldeak 2007ko diskoan grabatutako biek: Y en el eta Porque. Bi piezak ezohiko toki batetik daude emanak, behar baino indar gehiagorik gabe baina indarrez beterik. Airean, hegan, mendialdetik erriberaraino doan lur zati hori esateko beste modu bat pizten dute nire baitan.

Jota emateko hamaika modu entseatu dira. Esan nahi dut ez garela gai monolitiko batez ari. Kantu bakar baten bidez bide oso bat ikusteko gaitasuna praktikatzeko zalea nauzue ni behintzat, eta halaxe gertatu zitzaidan 1971ko Orquesta Amanecerren singlean datorren Los labradores ezagunarekin. Garaiko Iruñeko dantzarako orkestretako bat zen Amanecer. Bakoitzak bere unekoa egin behar du, jakina denez. Eurek soul kutsuko gitarra apal, kobre eta atabal lineak erabiliz ondu zuten kantua... Turrillas maisuak hamar bat urte lehenago idatzia zen.

Bakoitzak bere unekoa egin behar du, jakina denez. Turrillas maisuak berak Valeriano Ordoñezi kontatua: 1932ko San Fermin bestetan, maisuaren musikari lagun batzuk La Veleta peñarentzat jotzera etorri ziren. Lan hori bukatuta herrira bueltan kexu-edo zirela, pasodobleak eta balsak ez baitzuten «sanferminetako esentzia» (sic) adierazten. «Orduan Erriberako jota eta Mendialdeko biribilketa lotzeko ideia etorri zitzaidan».

Norberarena, bertakotzat duguna batetik; formula, estetika eta eragin berriak nahastea bestetik. Herri musikak horiek baliatu ditu etengabe, hortik bere balio eta funtzio nagusiak. Azken urteotan horren gorakada nabarmena ikusi dugu pop musikari modu zabal batean begiratuz gero.

Pentsa, Iruñerriak aspaldian Espainiako Estatuari eman dion pop izar nagusiak ere une batez hona begiratu eta jotaren eragin nabarmena duen indie piezatxoa kaleratu baitzuen aste batzuk duela... Egia da Amaiak lehenago ere egin duela keinu lokal bat edo beste, baina ekialdearena da tesiaren defendatzaile eroenak ere ez zuen pentsatuko Yamaguchi parkeari buruzko kantua ateratzerik. Planetario inguruan eta parkean bertan grabatutako bideo eta guzti.

Hiri zahar eta zikin honetako beste gazte batzuek interes handiagoa pizten digute, egia zor... Skabideanek disko berria kaleratu du eta adi entzutera jo dugu guk ere, ea zer berri. Eta behin berriro ere klasikoa parafrasi bidez ekarriko dugu: ba al dakizu nafar jota eta skinhead reggaearen arteko uztarketa egiteko zer bi gauza ezagutu behar diren, ezinbestean? Bingo: nafar jota eta skinhead reggaea. Ba biak aski ongi jorratzeko gai direla entzuten dut nik Sortetxeari izeneko kantuan. Naturaltasunez, kodeak dituenarentzat hor dira, eta ez dituen harentzat kantu eder bat.

Herri tradiziotik datozen elementuak txertatzea amu interesgarria da. Tradizioa kontu garaikidea dela, alegia. Lehen eta orain hemen eta han usu erabilitako tresna. Alta, egiazki eraginkorra da ezagutu eta sakontzen dugularik. Beti diot gu txapa-eta-pintura-kulturalaren-aurkako-frontean garela. Anekdota hutsetik harago eramaten jarraitu behar dugu, ziur baikara gure ahots unibertsala iturri lokalarekin lotua izatetik helduko dela.

AZKEN OHARRA: Badator Iruinkokoa! Mendialdetik Erriberaraino doan zati hori dantza-jauzi eta paloteadoaren bidez ere adierazia da Santa Ana plazako mustran. Bost aste besterik ez dira falta... baina agian oraindik garaiz dira jota zerbait (zerbait gehiago) txertatzeko...]]>
<![CDATA[Lau erro fundazional reggaearentzat (I... agian)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2021-12-12/lau_erro_fundazional_reggaearentzat_i_agian.htm Sun, 12 Dec 2021 00:00:00 +0100 Ion Celestino https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2021-12-12/lau_erro_fundazional_reggaearentzat_i_agian.htm Pop hitza nahita erabili dut, estilo jakin eta zurrun batean murgildurik baino, musika popularraren hainbat erritmo edo molde erabili eta nahasiko direla adierazteko.

Bistan denez (?), aditzen dugun musika gehientsuenak erroan afroamerikar edo/eta afrokaribear hotsak ditu (honetaz zabal irakurtzeko, hasi adibidez Paul Gilroyren The Black Atlantic. Modernity and Double Conciousness, edo hor nonbait). Pentsatu azken egunetan zer entzun duzun, eta, genealogian gora eginez, aise harrapatzeko moduko ideia da: XX. mendetik honaino datorren pop molde oro belztasunez blai da, halabeharrez. Ez naiz ari estilo jakin batera lerraturik egiten ditugun hotsez, baizik eta egiteko moduez, soinuez, produkzio moduez eta abarrez. Molde horiek hitzak eraikitzeko eta esateko era diferenteak dituzte beren baitan. Garaia, ingurua, tokia adieraziko dute...

Guk bi meategi aukeratu genituen: batetik, euskararen herri musika eta hitzak sakonki ezagutu eta aztertzea. Nola esan diren esan beharrekoak. Hori ikasteko: kantutegiak, gaiaren inguruan idatzi direnak, grabazioak.

Bestetik, ber gauza euskarazko pop musikaren historiaz. Hori ikasteko: grabazioak. Harrigarriki, gutxi da (nik dakidala) honi buruz idatzitakoa. Aitzakia honekin disko bildumatze ildo berri bat hasi zen. Hasieran uste nuena baino ur sakonagoak bertan.

Beñaranksek esan zidan moduan, ondare hau hain ezezaguna zaigu, kantuok ez ditugula aurrekari historiko gisa antzematen. 40-50 urte inguru dituzten grabazioez ari naiz, baina gehienak sekula entzun gabeak. Espainia, Frantzia eta herrialde anglosaxoietako antzeko kantuak ezagunak zaizkigu, ordea, bertakoak ez. Honen bila ari garenontzat, altxorra aurrekariak izan zirela gogorarazten digu eta testuinguru bat ezartzen.

Bide horretan topatutako euskarazko reggae estiloko (esan nahi da: jamaikar kutsuko) lau erro fundazional azalduko ditut orain. Hau proposatzen dut gure musikaren historiografian agerikotzat hartzen delako hots hauek 80ko punk eztandaren bidez bakarrik iritsi zirela. Baina, horrez gain...?

(disclaimer: hemendik aitzina testu honek pentsamendu ukronikoa erabil dezake, edo erabiliko du, edo erabiltzera eraman zaitzake. Hori bai: berrizalekeria antzuaren aurka dagoen neurrian dago nostalgiaren aurka).

1) Argoitia neba-arrebak: Cinsaren 1968ko EPtik (CIN 151): Ikusi mendizaleak. Rocksteady Revenge II.ean ye-ye kantuen demaren baitan hau jarri nuenean, Naken irribarre zabal batez hurbildu zen selektorearen txokora. Sei bat ordu generamatzan soinu sistemaren aurrean 1972 aurretiko kantu jamaikarrak aditzen. Bateriarik gabeko kantu honen skankin gitarra eta walking bassa hasi zirenean, bertakoek ez zuten dudarik, ska motel bat da. Danbateko ezaguna guztiontzat; herri kantua dela uste du askok, baina 1968an hau grabatu zenean kantu berri samarra zen, Sabin Gereñok sortua («biribilketa alai bat, asko zabalduko dana», dio hitzez hitz diskoaren liner note-ak). Testuingurua: 60ko hamarkadan, Millie Smallsen My Boy Lollipop danbatekoaren ostean, han eta hemen ehunka izan ziren skak eragindakoak.

2) Euskaros: Edigsa/Herri Gogoa-ren 1972ko EPtik (HG-33): Zure begiak. Gitarraren eta gitarra apalaren lerroek ez dute zirrikiturik uzten. Konjuntokoek honela edo bestela irudikatu, skinhead reggae kantu bat da, soul ukituduna. 1969an (!) Bilbon The Pyramids taldeak jo zuen matinee hartan Euskaroskideak bertan izan balira...? Hau da inguru hauetan ezagutzen den lehen emanaldia. Hitzak garaiko xalotasun goxotan emanak, dantzatokiko maitasun bat. Bai, atabalen break-ak ez dira ortodoxoenak, zaila da lengoaia hori ongi hartzea, baina ekarri gogora, adibidez, Los Bravos konjuntoaren Rudi's In Love.

3) Unai hirukoa: Phillips-en 1977ko LPtik ( Phillips 63 28 239): Bi eta bi lau dira. Luis Iriondok eta Miguel Mari Azpiazuk ondutako kantu bilduma. Madrilgo Fonogram estudioan grabatua, bertako sesio musikari, orkestratzaile, arte zuzendaritza eta abarren lan itzela nabari da, euskal girl group onenaren boz itzel horien laguntzaile. Eta hor (gure etxeko) ereserki hau. 70eko pop lanabes guztiak eskura, ez da jamaikar molde gordinean emana, baina musika elementuak hartuta (one drop bateria, gitarra apala...) antzeman daitezke zantzu horiek. Inguruko herrialdeetan ere badira hainbat adibide hamarkada horren bukaera hartan.

4) Peio Dospital eta Mixel Etxeberri: Elkarren (The good one, Pannecau karrikakoa) 1984ko LPtik (ELK 64): Eibarreko txikia. Hau bai buru zartatzea! Erromeriako talde batek egiten du hemen backing band lana, eta, bat-batean, steppers ildoko hau sartzen dute. Kantu hau edozein reggae bestaren une gorena izateko berraurkitua izan da. Eta kito.

Zorionez, hurrengoek, hauez eta gero egin ziren beste askoz gain, Reggaean Jarrai/euskal folklore jamaikarra bilduma dute eskura hemendik aurrera.]]>
<![CDATA[Zubipekoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2021-11-14/zubipekoak.htm Sun, 14 Nov 2021 00:00:00 +0100 Ion Celestino https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2021-11-14/zubipekoak.htm second line batek bultzaturik.

Jo dugu Notre Dametik Saint Louis irlara doan zubiaren gainean geldi, uztaileko azken arratsetan, jendarmeak esan digun arte ez dugula bertan musika egiterik (Gorkaren arabera) edo jendarmeak esan digun arte ez dugula bertan latako garagardoa edaterik (Albertoren arabera) edo jendarmeak esan digun arte ez dugula bertan dirua eskatzerik (ezer ulertu ez genuenon arabera).

Zubiak A puntutik B puntura gurutzatzeko; Zubiak A sekziotik A sekziora itzultzeko. Guk, ordea, zubipeak maite.

Ikusi ditugu Clairbone zubipean ospatutako brass band dema ezagun haren bideo guztiak. Bizipoza dago hor, eta mina astintzeko, bizitza ospatzeko komunitateak erabiltzen dituen tresnak. Luisek bidali zizkidan bideoak, esanez: txerta diezaiogun hau hiriari, gure kodeetan eta inolako markaren diru babesik gabe. Barcinak alde egin baino pixka bat lehenago izan zen.

Nago gau horretan hasi ginela kontzienteki kartografia hau osatzen. Baina hara: buruari eragin, eta lehendik ere bazetorren.

Izan ere, egin dugu zubipean dantza: gogoan duzu Atarrabia eta Arre arteko zubipean abenduko gau batez antolatu zuten rave hura? Itziarrek eman zigun tokiaren berri. Han, kaleko argiak, ez besterik. Langarra ibaiertzean, hau da: ez zen jakiterik hezetasunak nondik harrapatzen zintuen. 2001: zubipeko odisea. Auskalo nork nondik ekarritako generadore ziztrin batekin zebilen soinu sistema. Gorkaren mahaia eta technics-ak. Ez zen aparteko ezer agian, baina elkarrekin ginen eta mundua osorik sartzen zitzaigun halako aterpe goxoan. Ultzama ibaiaren ertz horretan.

Lehenago: aditu dugu adi Zubipeko Swing taldearen Voilà! [IZ-399-D-LP]. Inor gutxik oroitzen duen baina gurean fundazionala den horietako bat [beste bat gehiago]. Badira diskoak erakusten dizutenak hau edo beste posible dela, edo hori zeuk egin beharrekoa dela, edo lan handiagoa egin behar duzula. Hau horietako bat izan zen. [Gogorarazpena neure buruarentzat: hori egin zuten musikariak bilatu behar ditugu].

Askoz lehenago [gertatu zen, baina guk gerora] hausnartu dugu: Sonny Rollinsen Williamsburg zubiko kondaira ezaguna. Zubiaren goiko txoko bat hartu zuen praktika gelatzat, oinezko bat edo beste baino ez zen handik igarotzen. Bere gorenean zegoela, Rollins klubetatik desagertu zen eta hilabete luzeak eman zituen zubian praktikatzen. Coltrane eta Colemanen ideia berriek beldurtuta edo, esan izan du historiagile morbosoren batek. Musikari bezala aurrera egiteko behar etengabea eta ondoko apartamentuan haurdun zen bizilaguna zaratarekin ez gogaitzeko asmoa aipatu ditu Rollinsek berak.

Askoz beranduago: bazkaldu dugu gumboa Sadar errekaren zubipean. Ezekiel eta besteak Jesusek eraikitako lurrun itsasontzian jolasten ziren bitartean. Hau Iruñea Nola? Second Linea Arrosadiara jaitsi zen lehen urtean. Flor de Africakoak aurrean dantzan eta boliviarren karroza aurrerago. Borrianako anai-arrebak ere bertan, buckjumping latza eskainiz. Eguzkia gaizto jarri, eta azkenerako euri jasa. Lasterka harat-honat, guztiok zubipean babesa topatzeko modua aurkitu arte. Hortxe gure Atlantiko beltzaren portua. Cabezafuego eta Pachuco azaldu ziren bat-batean: amaren etxean bazkaritan eta harrabotsa nabaritu omen. Atertu ondoren, guztiok elkarrekin ho na nae! Two-way-pak-e-way. Eta eguzkiak berriz berotu zuenean, Proffesor Longhairen eta Doctor Johnen kantuak, belardian, Paulek.

Hortaz, Runako zubipean, 2021eko uztailaren 6arekin gazteak soinu sistema mugikor baten inguruan saldoka elkartu zirenean? Ba, bejondeizuela, bota genuen pozez gure kolkorako. Goitik motordun ibilgailu ilunak, azpitik Arga. Baina zubipean gure tokia, bizitza.

Maitatu ditugu zubipeak metaforatik: ez omen tokirik erosoenak. Ezleku modu bat. Baina aterpea ere ematen ahal dute. Konspiraziogune egokia hala nahi duenarentzat. Maitatu ditugu zubipeak fisikoki: bat aipatzeko, Sanduzelaikoa. Maitatu ditugu zubipeak hizkuntzatik: erabiltzen ditudan beste hizkuntzak motz samar zaizkit zubipea esateko.

Izan gara zubi gainean jotzen. Gurutzatu dugu Bizkaiko Zubia goreneko altueratik, metalezko hesiz inguraturik. Ederra hiriari handik so egitea. Antolakuntzan, inork pentsatu omen zuen poliki geratuko zela argazki eta bideoetan, gu han goian soinua jartzen. Badut argazki horietako bat gordea, eta, bai, polita da. Renato Valeruz oraindik ere gure artean genuen; ziurrenik berak adibidearekin azaldu zigun gure tokia zubipean zegoela. Nerbioiko zirgarien aldamenean gero ere. Kantu bat bada: «Justiziaren kontra / ibaian gora/ ibaian gora...» .

Zubiak A puntutik B puntura gurutzatzeko; Zubiak A sekziotik A sekziora itzultzeko. Guk, ordea, zubipeak maite.]]>
<![CDATA['Euskal diggin']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/039/001/2021-10-17/euskal_diggin.htm Sun, 17 Oct 2021 00:00:00 +0200 Ion Celestino https://www.berria.eus/paperekoa/1957/039/001/2021-10-17/euskal_diggin.htm
Honatx zerrenda-ez-osoa-baina-arrazoitu-samarra. Ezagunak-ezezagunak-ezagutu beharrekoak. Inork zerbaiten beharra badu, grabatzeko lana hartu eta mp3-an edo pasatuko:

'Euskal Herriko Trikitixa Txapelketa 1986' IZ.258. Ezagun denez (?), 1986ko txapelketa hamarkadako une historiko gorenetakoa da. Teknikaria, Kaki Arkarazo. Aski arrazoi niretako.

OSKORRI. 'Badok hamairu' ELK 305 - LP. 1994ko udan gurasoek gure Opel Midia Asun eta Anjelen Renault Expressaren truke. Hango bi zinta gogoan, Mike Oldfielden Tubular Bells II —interesa sortu zidan dena berak jotzen omen zuelako, baina zeharo aspergarria musika— eta hauxe. Gurean klasiko bihurtu zen kantuetako bakoitza. Urteak joanda, gure etxeko kontutzat nuen disko honekiko fanatismoa. Poz handia: gazteek ere estimu handitan dute. Zorzanok eta Rodrigok kasu.

'Xoxoa osoa 80' X -11.159 LP. Sekula ez dut honen berririk izan. Xoxoaren bilduma bat, 1980koa? Bertan bildurik urte horretako grabazio nabarmen batzuk: Artola, Laboa, Itoiz, Eizmendi, Ordorika, Oskorri, Izukaitz, Akelarre: erantzunezina.

'Club du Disque Basque. Kantuz Nº1' XPART 39.900/901 - 10 eta 'Kantuz Nº 2' XPART 44.087/088 - 10. Marie Hirigoien eta Pantxix Bidarti ikasia Ximun Haranek egindako grabazio mitikoak diskoan bazirela, baina ez da erraz hauek topatzen. Hemen argitaratutako hotsak benetako fundazioa dira. Ez naiz besteek zer egin behar duzuen asko esatekoa, baina aditu: behar morala da hau ezagutzea. Ibon, hau irakurtzen ari bazara, aurretik etxean nuen Nº2-aren kopia zuretzat.

JOTAKIE. 'Joxemai beltza" 0-178 LP. Argiñarenak egindako elkarrizketa batean Toño Murok aipatu eta entzun beharrekoen zerrenda batean idatzia nuen izenburua... gaur arte. Gauzak zer diren, irratiari esker garbituko da zor hau.

AMAIA ZUBIRIA ETA PASCAL GAIGNE. 'Egun argi hartan' ELK-97 LP. Gure haurtzaroan Amaia «izeba Marijorekin Zumintza ile apaindegian lan egin izandako neska» zen. Haizearen diskoa buruz genekien. Kredituak irakurri eta Michel Doneda ere bertan. Pello Lizarralderen hitzak dituen kantu bat. Ezagutzen ez dudan Anne Menta pianista ere bertan. Aski arrazoi niretzat.

'Etxahun eta Etxahun' IZ 135 -D - LP. Amaia Zubiria, Beñat Axiari, Imanol Larzabal, Niko Etxart eta Shanti Jimenez elkarrekin... oraindik ere Urria, Klabelin Komik eta Haizea taldeak lanean ari zirela. Zer fantasia da hau, eta zergatik ez didazue abisatu? Nire buruaren lotsa.

LAJA ETA LANDAKANDA. 'Pepe Yanciren omenez' IZ-233 LP. Astebete lehenago Iker Uriarterekin hizketan Pepe Yanciren gaineko neure ezezagutzaz ohartu. Hemen hau konpontzeko aukera. Arazo nagusia: sealed, mint copy bat dela; esan nahi da zabaldu gabe dagoela. 35 urte joanda ireki behar ote...

Bistan denez, une honetarako Stendalkadatik hurbil nintzen, eta Irrintzi dorreko hamahiru solairuen gorenekoan behea jotzear nintzen. Esan nahi dut arnasa falta nuela.

URKO. 'Sakonki maitet zaitut Euskal Herria' NLX 1.066 LP. Gehienok abestu dugu gurasoek, irakasleek ala ikaskideek erakutsita Guk euskaraz. Behin ere kantu originala entzun gabe. Horixe da benetan kantu popular bat herriari oparitzea. Eta hala ere, Madrilgo estudio batean grabaturik orkestra eta koruak dituen honetan ba ote da horretatik landa zer edo zer gehiago? Etxera bueltan jarriko dudan lehena: hau, erabakita.

SAKRE. 'Bizitzako gauzak' ELK 37- LP. MoisesNoDuermeri esker ezagutua. Berak whoSampledi esker: Action Bronsonen Telemundo izeneko beat batean Bakardadea kantuaren lagin bat dago. Bueltan datorkit zeinen menostua dugun 1980ko hamarkada hasierako euskarazko prog-rock oldea. Guk usaindu ere ez ditugunak, Queenseko albaniar jatorriko musulmanek erabiliak.

ERROBI. 'Errobi' ELK-15-LP, 'Gure lekukotasuna' ELK-27-LP eta 'Ametsaren bidea' X-11.109-LP. Mixel Ducauk jotzen du. Aski arrazoi.

AITOR BADIOLA. ELK-30 LP. Azal hagitz deigarria. Zer ote den arrastorik ere ez. Euskal diggin kode oinarrizkoak: ELKAR hitzaren ondoren 52, Pannecau karrika badator, ia ziur goi mailako lan bat dela, bai kantuen aldetik bai instrumentazioaren aldetik. Are gehiago horren azpian Milafrankako studio H.M. izena badakar. Hau horrela. Kito.

1960ko basamortua eta oasi zenbait, 1970eko kantautoreak eta 1980ko rocka: oraindik ere onartuegi dugun sinplifikazio inozoa da. Agian hortik ateratzeko berandu. Baina groove-aren arkeologo xume hau ez duzue hor ikusiko. Diskoek beste gauza asko kontatzen digute, entzun nahi izanez gero.

Honela 200 disko ingurura iritsi arte. Aspaldiko diggin ederrena. Lehenago, «biniloa galtzear zenez» horrelako aukerak baziren usu. Baina honek gaina hartu die: irudikatu discogs bat mugarik gabeko kredituarekin.

Orain ni nauzue irratiarekin zorretan.]]>
<![CDATA[Herrikoitasuna eta bertutea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2008/025/001/2018-08-17/herrikoitasuna_eta_bertutea.htm Fri, 17 Aug 2018 00:00:00 +0200 Ion Celestino https://www.berria.eus/paperekoa/2008/025/001/2018-08-17/herrikoitasuna_eta_bertutea.htm Gravely ill». Eta segituan hil.

Soularen Profeta Nagusien artean ahotsik sendoena.

C.L. Franklin erreberendoaren alaba, Ermaren ahizpa. Gospeletik pop musikara salto eta bertan tradizio afro-amerikarra (bir)txertatu izanaren paradigma. Herrikoitasuna eta bertutea.

Detroiten hazi arren, Motorraren Hiriko doinu eztiez ez: Muscle Shoalsen soinu gordinetan ezagun egin zitzaiguna.

Otis Reddingen kantua, Aretha Franklinek abestua: R.E.S.P.E.C.T. Eskubide zibilen eta emakumeen borrokaren ereserkia bihurtu zuena. Behar duguna begirunea da.

Osabari esker lehen aldiz Blues Brothersen 1980. urteko filmean ikusi genuena.

Soul Train saioan Rocksteady kantua eman zuena.

Neguren Gora Herria kantuaren introko boz sendatzailea «I Love You, I Love You, I...».

Plastikozko pop izar horietako bat izateko gizakiegia; gizakia izateko naturaz gaindikoegia.

Onerako edo txarrerako, ondorengo R&B abeslarien kanon nagusia ezarri zuena. Beretzat naturala zena erridikuluraino imitatua izan dena.

Banakoaren autoafirmazioa eta komunitatearen identitatea sortu edota sendotzea da musika beltza esaten diogun horren mirari nagusietarik bat. Horretan ere erraldoi. Entzun orain Curtis Mayfieldekin batera egindako Sparkle filmaren soinu banda.

Musika bizitzarako ezinbestekoa zen garai eta tokien oihartzuna dakar gaur ere Arethak, eta herentzia utzi digu: berriz ere halaxe izateko beharra. Sentipen natural bat. Ez adiorik.]]>