<![CDATA[Iosu Alberdi - Gurutze Izagirre Intxauspe | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 08 Feb 2023 11:46:11 +0100 hourly 1 <![CDATA[Iosu Alberdi - Gurutze Izagirre Intxauspe | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Mediku elkargoak ohartarazi duenez, sendagileek «ezin dute gehiago»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/004/001/2022-07-29/mediku_elkargoak_ohartarazi_duenez_sendagileek_ezin_dute_gehiago.htm Fri, 29 Jul 2022 00:00:00 +0200 Iosu Alberdi - Gurutze Izagirre Intxauspe https://www.berria.eus/paperekoa/1872/004/001/2022-07-29/mediku_elkargoak_ohartarazi_duenez_sendagileek_ezin_dute_gehiago.htm
Horrek guztiak ondorio garbia du: gaixoari ematen zaion arreta okertzen ari da. «Sendagileok gaixoaren osasunaren alde egiten dugu, eta, beraz, egoerarekin benetan kezkatuta gaude».

Adierazi zuenez, «hainbat eta hainbat» dira arazoak: osasun zentroetako sendagile falta, udako hilabete hauetan zenbait zentro ixtea, itxaron zerrenda luzeak kontsulta edo ebakuntza baterako, gaixoak zentro batetik bestera mugitzea... «Arazoak pilatuz doaz, eta badirudi inork ez duela konponbideak jartzeko borondaterik».

Elkargoko Gobernu Batzordeak bilera bat eskatuko dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, arazo horiek mahai gainean jarri eta zenbait sendagileren kexei buruz hitz egiteko: «Ditugun sendagileak zaindu behar dira, eta guztiz kontrakoa gertatzen ari da», ohartarazi zuen.

«Arreta bermatuta»

Osasun langileen arlotik iristen den kexa, larria izanik ere, ez da berria, baina Osasun Sailekoek esan dute «arreta bermatuta» dagoela, eta udan egin ohi diren aldaketekin eta lehen arretako mediku faltarekin lotu dute egoera.

Osakidetzaren egoera «larriaz» ohartarazi zuen Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak iragan astean. Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra deitzeko eskatu zuen, Osakidetzaren egoerari buruzko azalpenak eskatzeko Gotzone Sagardui Osasun sailburuari eta Osakidetzako arduradunei. Eusko Legebiltzarreko Mahaiak ez zuen «premiarik» ikusi gaiari heltzeko, eta Sagarduiren erantzuna idatziz iritsi da legebiltzarrera.

Idatzizko erantzun horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 150 osasun zentro murrizketak jasaten ari dira uda garaian. Horietatik 47 guztiz itxita edo erdi itxita egongo dira irailera bitartean.

Eusko Legebiltzarrarentzako erantzunean, Sagarduik azaldu du hiru lurraldeetako 335 zentroen %95 martxan daudela. Haren esanetan, hamalau zentro itxita daude uda garaian; ekainaren 22tik irailaren 22ra bitarte -gutxi batzuk lehenago irekiko dituzte-. Jaurlaritzaren hitzetan, «astean ordubetez edo bi orduz zerbitzua» eman ohi duten zentroak dira gehienak: Tolosaldeko ESI erakunde sanitario integratuko 11 zentro eta Barrualdea-Galdakao ESIko hiru. Horrez gain, beste 33 zentro «partzialki» itxiko dituzte.

Hogeitan, erizainak bakarrik

Irekita mantenduko dituztenen artean ere ordu murrizketak egin dituztela iragarri dute. Gehienetan, itxiera ordua aurreratu dute, 20:00etatik 17:00etara, edo 17:00etatik 15:00etara. Hogei zentrotan, gainera, ez da medikurik ari lanean; erizainak soilik daude.

Osasun Sailak dio aurreikuspen horiek «bajen eta lanerako itzuleren arabera» moldatzen ari direla.

Halere, EH Bilduk salatu du «murrizketa handiak» egin direla eta, orotara, zentroen %44ri eragiten dietela. «Azken batean, Gotzone Sagardui aitortzen ari da murrizketak badaudela. Egia da egoera hau ohiko bilakatu dela urtero uda sasoian, baina aurten murrizketak nabarmen areagotu dira», Uberaren arabera.

Koalizio subiranistaren ustez, «planifikazio falta eta antolaketa arazoak» daude, eta Eusko Jaurlaritzari egotzi dio «osasun sistema publikoa ahultzeko» asmoa izatea. Azken asteotan Osasun Sailak ukatu egin du behin eta berriz uda garaian osasun zentroetan murrizketak egiten ari direla, baina Uberari erantzunez Sagarduik berak legebiltzarrari igorri dion informazioak guztiz kontrakoa dio, koalizio subiranistaren arabera; alegia, murrizketak badaudela eta, hortaz, EH Bilduk arrazoi horregatik egin duen salaketak oinarri sendoa duela.]]>