<![CDATA[Iraitz Urkulo | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 25 Jan 2022 08:23:42 +0100 hourly 1 <![CDATA[Iraitz Urkulo | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Botereari uko egin, indartsuak izateko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1997/033/002/2016-06-26/botereari_uko_egin_indartsuak_izateko.htm Sun, 26 Jun 2016 00:00:00 +0200 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/1997/033/002/2016-06-26/botereari_uko_egin_indartsuak_izateko.htm Mr. Señora kaleratu izana. Liburuak Oier Guillanek idatzitako zazpi antzezlan jasotzen ditu, Ainara Gurrutxagaren hitzaurrearekin eta Idoia Beratarbide ilustratzailearen marrazki iradokitzaileek lagunduta. Garai ezberdinetan sortuak, oholtza gainean antzeztutako zein taularatu gabeko obra laburrak irakur daitezke bertan. Ez dira testu itxiak forman, ezta transmititu nahi den mezuari dagokionez ere. Egilearen arabera, «balizko antzezpen-lanetarako zirriborroak» baino ez dira. Antzerki molde tradizionaletatik aldenduta, Guillan ez da batere akotazio zalea. Horrez gain, testu gehienek ageriko zama poetikoa dute.

Joera garaikide horri jarraituz, edukian ere nabarmena da kutsu esperimentala. Identitatea maila askotan aztertzen eta iraultzen dute antzezlanek. Izan ere, Guillanen esanetan, obrak «pentsamendu bakarraren aurka» idatziak izan dira. Irakurketan zehar, generoa, demokrazia, maskulinitatea edo askatasuna bezalako kontzeptu potoloak agertzen dira, horiek deseraikiz aurrera egitea delarik autorearen helburua. Era horretan, ikuspegi estandarretatik ihesi, planteamendu ez-normatiboei ateak zabaltzen dizkie, inposatutako egiturak lehertuz. «Nola uko egin botereari, indartsu izaten hasteko»; hori da lan guztien oinarrian dagoen ideia nagusia, norberaren baitako hausnarketari bide ematen diona.

Maiz diskurtsoa gorputzetik abiatzen da, azalari eta sentsazio fisikoei oso lotuta. Irudi fisiko-poetiko indartsuak darabiltza Guillanek; baita subertsiboak ere, gizarteak ikusezintasunera kondenatutako gorputzak lehen planora dakartzan heinean. Gorputza borrokarako espazio gisa aintzat hartuta, aipatutako kontzeptu guztiak, mugiezinak eta zalantza gabekoak diruditen horiek, hain zuzen, diskurtso deseraikitzaile baten bitartez behera botatzen ditu.

Beste zenbait kasutan, ordea, emozio edo pentsamenduei itsatsiago nabari dira testuak. Horietan, irakurleongan identitate-mailako kontraesanak eragitea xede duten galderak dira nagusi; kontraesanek edozein kontzepturen gaineko ikuspegia zabaltzeko aukera bikaina eskaintzen baitute. Baina nola aipatu daitezke adierazezinak diruditen kontzeptuak? Nola mintzo daiteke autorea existentzia ukatua duten identitateei buruz? Guillanek elkarren osagarri ezin hobeak diren bi bide ezberdinetatik jotzen du. Alde batetik, isildutako hitzei leku bat emateko asmoz, terminologia berritu beharra aldarrikatzen du, eta, horretarako, sekulako lana egiten du hizkuntzaren berrasmakuntzaren arloan. Bestetik, haren eskuetan asmatutako termino berri horiek hitz-jolasetarako ezin aproposagoak suertatzen dira sarritan, are gehiago diskurtsoa hain eraginkor eta iraultzailea izan daitekeen tonu absurdo batez jantziz gero.

Mr. Señora ezinbesteko irakurketa da genero eta, oro har, identitate-gaietan interesa duen edozeinentzat, hura irakurle hutsa zein antzerkizalea izan. Ziur nago sorkuntzaren dohainetako bat deserosoa izatea dela defendatzen dutenek modu berezian estimatuko dutela azalari zein gogoari neurri berean eragiten dien zazpi antzerki-testu laburren bilduma indartsu hau.]]>
<![CDATA[Hitzezko irudiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1936/038/001/2016-06-12/hitzezko_irudiak.htm Sun, 12 Jun 2016 00:00:00 +0200 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/1936/038/001/2016-06-12/hitzezko_irudiak.htm
Liburuak hamaika istorio dakartza. Horiek partekatzen duten ezaugarri bakarrenetakoa protagonista guztiak emakumeak izatea da. Bestela, ipuinak elkarrekiko zeharo ezberdinak dira. Labandibarrek munduko herrialde eta hiri batetik bestera garamatzan bidaia proposatzen digu, historiako une esanguratsuak aukeraturik: 1960ko hamarkadako hippy giroa, 1950eko Hegoafrikako apartheida, Espainiako Gerra Zibila...

Generoaren laburrak baldintzaturik, gertaera historiko bakoitzaren ikuspegi itxi eta lausoa eskaintzen du autoreak, anekdotara murrizturik halabeharrez, hura estereotipatuegia, xaloegia izanik sarritan. Konplexutasunari ihesi eta argumentu-hari bakarrari tiraka, ideia bana dago narrazioen oinarrian. Gatazka ardatz duten kontakizunetan agerikoa da gertaera latzen eta pertsonaien jokaera friboloaren arteko kontrastea, arintasunerako joera hori ipuin gehienetan azaleratzen bada ere.

Idazkera garbia darabil autoreak, zeharo ulerterraza. Testuinguruaren deskribapenak eta egoeraren aurkezpenak pisu nabarmena dute kontakizunetan, bi alderdi horietan sakontasun handirik antzematen ez den arren. Oro har, ipuin atseginak dira, baina, zenbaitetan, badaezpadako abiapuntuak edota amaierak eta ekintza mailako lotura sendoen faltak sinesgarritasunari eragiten diote.

Labandibarrena ez da batere estilo efektista; ez du, antza, artifizio narratiboetara jotzea gustuko. Nahiz eta kontakizun laburrak izan, erraz irudika daitezke horietako gehienak eleberri baten zati gisa. Batez ere orrialde gutxitan pertsonaia ugari ageri direnean, edo gertaera historikoak narrazioa luzatu eta sakonago aritzeko aukera ematen duenean. Hala ere, ipuinen irakurketak, beren xumetasunean aintzat harturik, modu autonomoan funtzionatzen duelako zalantzarik ez da.

Oraingoan irizpide literario hutsak baztertuta, argazkien eta haien inguruan asmatutako istorioen arteko jolasa izan daiteke literaturaz harago doan proiektu honen alderdirik erakargarriena. Horregatik soilik merezi du esperientzia original honetan murgiltzea. Norberak erabaki dezala irakurketari irudiak ikusi aurretik, bitartean edo ondoren ekitea.]]>
<![CDATA[Hauts(i)a]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1936/037/001/2016-05-29/hautsia.htm Sun, 29 May 2016 00:00:00 +0200 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/1936/037/001/2016-05-29/hautsia.htm Hauts haietatik. Bertan, 33 urteko Ander Arrutiren bizitza gorabeheratsua kontatzen da. Liburuaren hasieran protagonista arrakastatsu gisa aurkezten bazaigu ere, berehala dena gain behera etorriko da, paradisua bat-batean infernu bihurtu izan balitzaio bezala; orduan kateatuko dira, abiadura beldurgarrian, drogekiko mendekotasuna, krisi psikotikoak, desintoxikazio-zentro eta psikiatrikoetan egonaldiak... Argi dago Hauts haietatik gogoeta sakon bati bide eman nahiko liokeen asmo handiko proiektua dela.

Kontaketari ekin aurretik, autoreak ohiko irakurketa-modu linealarekin hautsi eta atal batetik bestera atzera-aurrera saltoka aritzeko gonbita egiten digu, besterik ez bada ere, esperientzia originala gerta daitekeena. Interesgarria da, era berean, metaliteraturak pisu nabarmena duela ohartzea; izan ere, narrazioaren zati handi bat Anderren oroitzapenak jaso nahian dabilen idazle baten esku geratzen da.

1980ko hamarkadan jaiotako belaunaldiari argazki fidela ateratzeko trebetasuna aitortu behar zaio Villenari. Atal bereizietan, espazio laburrean eta erritmo bizian, gai da informazio zehatz asko eskaintzeko, istorioari testuinguru egokia eskainiz. Pertsonaia ugariri ahots emateak, bestalde, Anderren egoera ikuspuntu ezberdinetatik ezagutzeko aukera dakar. Horrela, ikuspegi osoagoa lortzen da, nahiz eta, ideia beraren inguruan bueltaka aritzean, maiz diskurtsoa errepikakorra suertatzen den. Hala eta guztiz ere, narratzaile horiek oso forma naturalean aurkeztu, txertatu eta aldatzen dira obran zehar.

Egilearen beste dohainetako bat bikain kudeatzen asmatu duen denbora-jauzi etengabeak dira. Hauts haietatik atzeranzko begirada saihestu ezin duen lan bat da, non, iragana gainditzeko desioa eta beharra gorabehera, protagonista gaixoa hartan ainguratuta ageri den, ezinbestean.

Deskribapena ekintzari nagusitzen zaio, hura aukera duen bakoitzean luzatuz. Baliabide horren erabilera guztiz bat dator narratzaile guztiek erakusten duten jarrera gogoetatsuarekin, baina zenbaitetan hain zorrotz betetzen dute rol hori, ezen irakaspen-doinua ere antzeman daitekeen haien baieztapenetan. Aipatutako ezaugarrien ondorioz, eta halako gai bati dagokion bezala ziur aski, tonua iluna eta astun xamarra da sarri. Baina, zalantzarik gabe, bada testuan arreta ematen duen alderdi bat: hoztasuna. Pertsonaien hitzek apenas adierazten dute afekturik, are gutxiago berotasunik, haien begirada analitikoegia da horretarako. Protagonista lehen pertsonan, bitartekorik gabe, mintzo denean ere, distantzia handia nabari da narratzailearen eta kontatutakoaren artean.

Irakurketa hautsia, egitura hautsia, bizimodu hautsiak, pertsonaia hautsiak eta nortasun hautsiak... Hauts haietatik maila anitzeko hausturetan oinarritutako eleberri bat da, hortaz. Edozelan ere, eskertzekoa da Unai Villenak egindako ahalegin literarioa, aurreiritzi oro bazterturik, drogekiko mendekotasuna eta buru-gaitza pairatzen dutenen errealitate latza justiziaz eta begirune osoz islatzeko.]]>
<![CDATA[Galderetan galduz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2223/035/005/2016-05-15/galderetan_galduz.htm Sun, 15 May 2016 00:00:00 +0200 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/2223/035/005/2016-05-15/galderetan_galduz.htm Eta galtzen bagara zer? izenburukoa. Lanak Iparraldeko gazteen artean literatura sorkuntza sustatzea helburu duen Gazteluma VIII. Literatur Saria eskuratu ondoren ikusi du argia.

Liburua zortzi ataletan banatuta dago, eta horietako bakoitzak pertsonaia baten izena ageri du. Izenak beti pertsonaiaren batekin lotzen badira ere, horiek ez zaizkio beti protagonistari egokitzen. Zaila da ipuin bilduma ala eleberri baten aurrean gauden erabakitzea. Alde batetik, badira zortzi pertsonaien arteko loturak; batzuk bistakoak dira, eta beste zenbait sakonago doaz. Istorioak autonomoak balira bezala irakurriz gero, berezko interesa badutela eta, zentzu osoa izateko osagai nahiko badirela jabeturik, ederki funtzionatzen dutela konturatuko gara. Hala ere, irakurlearentzat erronka handiagoa gerta daiteke atalez atal hariak azaldu ahala lotzen joatea, pertsonaien arteko harremanak josiz, modu zuzen edo zeharkako batean, denek istorio bakarrean nola batzen ote diren deskubritu arte.

Zelaiaren lana eleberri zatikatu gisa irakur daitekeen arren, inork ez dezala pentsa gaia bakarra denik. Pertsonaia bakoitzak bere istorioa kontatzen du, bere bizitzaren pasarte bat, alegia. Salbuespen dira, beren pausoek une eta leku berean bat egiteagatik, gertaera beraren ikuspegi ezberdinak eskaintzen dituztenak. Oro har, Eta galtzen bagara zer? obran istorio pertsonalak eta, zama sozial edo politikoa erakustearen ondorioz, historia kolektibo baten oihartzunak jasotzen dituzten bizipen indibidualak nahasten dira. Aldakortasunak definitzen du lan honetako diskurtsoa: kontu azalezkoetatik sakonagoetara igarotzen da, pertsonaien artean elkarrizketa arduragabeak zein gogoetatsuak antzeman daitezke, jolas hutseko uneak bezainbeste dira momentu serioak, tonu arina eta existentziala txandakatzen dira, eta abar.

Nahiz eta haien artean oso ezberdinak izan, atal batetik hurrengorako trantsizioan ez da jauzi handiegirik edo eten desegokirik hautematen; egileak argumentua ondo josi duelako seinale, jakina. Idazleak sinpletasunera jo du estiloan, artifiziorik gabeko idazkera txukun baten alde eginez; erraz irakurtzen den testua da horren emaitza. Kontaketa gehiena, bestalde, lapurterako doinu goxoak busti du, hegoaldeko euskararen presentzia eta eraginei uko egin gabe, ordea.

Airean galdera ugari uzten dituen obra izanik, ezinbestekoa du irakurlearen parte hartze aktiboa, hari ez beste inori baitagokio loturak ezarri eta istorioa osatzea. Izan ere, Zelaiaren lehendabiziko liburuak, entretenitua eta irakurtzen ezin atseginagoa izateaz aparte, interpretazioetara zabalik dagoen neurrian, amaierara iritsita berriz hasierara bultzatzen gaituen horietakoa da, hots, bigarren irakurraldi bati ekitera, bidean galdu ez eta guk irudikatutako loturak zuzenak direla egiaztatzeko.]]>
<![CDATA[Iraganetik etorkizunaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2202/037/005/2016-05-01/iraganetik_etorkizunaz.htm Sun, 01 May 2016 00:00:00 +0200 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/2202/037/005/2016-05-01/iraganetik_etorkizunaz.htm Kazetari amerikar baten egunaldia 2889an narrazioa argitaratu du, Alberto Barandiaranek euskaratua eta Iker Serranoren orrialde osoko ilustrazio koloretsuekin. Kontakizuna Jules Verneri egokitu ohi zaion arren, badira haren egiletza zalantzan jartzeko arrazoiak. Dirudienez, istorioaren bertsio originala ingelesez argitaratu zen, New Yorkeko The Forum egunkarian, 1889an. Azken urteotan ikerlariek jatorrizko testu hura egiatan Michel Vernek idatzi zuela pentsatzeko dokumentazioa aurkitu dute, Jules aitaren aholkua eta oniritzia jaso zituelako frogak ere badiren arren. 1891n Petit Journal egunkariaren gehigarrian agertu zen, frantsesez eta aldaketa nabarmen ugarirekin. Hori da Jules Verneri egokitutako bertsioa —gerora idazlearen hainbat antologiatan zabaldu zena— eta euskarazko itzulpenerako erabilitakoa.

Lan honetan, Jules Vernek bere intuizio harrigarria erakusten digu, beste behin; baina, oraingoan, egungo bizimodua irudikatu beharrean, iraganetik guri ere urrun xamar geratzen zaigun XXIX. mendeko etorkizunaz mintzo zaigu. Egunkari amerikar garrantzitsuenaren zuzendariaren lanegun oso bat kontatzen du: 2889ko uztailaren 25a, hain zuzen, esnatzen denetik oheratu aurreko unera arte. Kasu partikular horretatik abiatzen da garai urrun hartarako iragarritako aurrerapen zientifiko eta teknologikoen errepasoa egiteko: aeroautoak eta ozeanoa orduko 1.500 km-ko abiaduran zeharkatzeko aukera eskaintzen duten hodi pneumatikoak, hizketakidearen ahotsa eta irudia aldi berean igortzen duten telefonoa eta telefotoa, ezin konta ahala aplikazio dituzten energia ezberdinen metatzaile eta hura nahieran eraldatzeko transformadore berriak... edota, inprimatu beharrean, kabina fonografikoen bitartez mintzatu egiten diren egunkariak. Verneren irudimenak mugarik ez balu bezala, asmakuntza horietako askoren aipamen soilarekin konformatu ez, eta, are urrunago joz, haien aplikazioen inguruko nondik norakoak azaltzen ditu. Aurrerapenen erabilera praktikoaren berri emateko interes berezia antzematen zaio.

Argumentu benetan sinplea badirudi ere, ez da horregatik xaloa; izan ere, testua busti duen ironia aintzat harturik, istorioaren interpretazio gaiztoa egin daiteke. Esate baterako, oso modu agerikoan aurkezten da komunikabideen botere erabatekoa. Earth Herald-en eragina hain handia da, munduko agintari guztiek jotzen baitute protagonistarengana aholku eta, batez ere, mesede eske. Gizarte-klaseen arteko alde itzela iradokitzen da, kapitalaren araberako ordenak ezarria. Aurrerapen eta ongizatearekin batera, horien ondorio saihetsezina balitz bezala, gizakien arteko harremanak hotzak, emoziorik edo sentimendurik gabekoak diren mundu bat irudikatzen da. Tamalez, Jules Verneren lanak irakurtzean ohikoa den bezala, halako gizarte bat ez zaigu hain arrotza egiten. Horixe da autoreak narrazio labur honekin edozein adinetako zientzia fikzioaren maitaleoi proposatzen diguna: kritika sozialaz salbu ez dagoen 2889ko etorkizunera bidaia zoragarria, fantasiaz beterikoa... ala ez hainbeste, nork daki?]]>
<![CDATA[Joyceren irudizko biografia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1978/038/002/2016-04-17/joyceren_irudizko_biografia.htm Sun, 17 Apr 2016 00:00:00 +0200 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/1978/038/002/2016-04-17/joyceren_irudizko_biografia.htm Dublindarra. Ziur aski dublindarrik ospetsuena den James Joyceren biografia grafikoa osatzeko, ikerketa-lan sakona egin behar izan zuen, idazlea bizi izan zen hirietara begiak zabal-zabalik bidaiatuz, eta bibliografia zabala baliatu. 2012an Espainiako Komiki Sari Nazionala eskuratu zuen eta, generoan espezialista den Bego Montoriori esker, orain euskaraz ere badugu.

Zapicoren marrazkiek, zuri-beltzaren indarraz gain, oso estilo errealista dute. Detaileak zaintzeko teknika menperatzen du, zertzelada azkarrez irudi landuak egitekoa. Errealismo horrek berdin eragiten die komikian agertzen diren pertsonaiei zein Dublin, Trieste edo Parisko kaleei. Izan ere, Joyceren pausoen atzetik, liburuak XX. mende hasierako Europara eramaten gaitu, Irlandako giro politiko nahasian murgilduz edo I. Mundu Gerraren oihartzunak jasoz, besteak beste. Testuari ohi baino leku handiagoa eskaintzen dio Zapicok komikian. Modu zehatz eta laburrean, testuek Joyceren biografiari testuinguru sozial, politiko eta historiko oso bat ematen diote. Ezinbesteko erreferentzia horiek, aldi berean, idazlearen bizitza eta ibilbide literarioa baldintzatu zituzten beste erreferentzia pertsonalago batzuekin batera agertzen dira; esate baterako, orrialde ugari betetzen dituzte familia, lagun eta artista askorekin izandako harremanek, baita Europako hainbat hiritan bizitzera eraman zuen lan egoera prekarioak ere.

232 orrialdeko komikia Joyceren bizitzaren aldi ezberdinei dagozkien hainbat ataletan banatuta dago. Horietan guztietan idazlearen ideologia, izaera eta jokaera xelebreak ñabardura osoz deskribatuak dira. Halakoekin batera, haren obra literarioa ulertzen lagunduko diguten pasarteak ere etengabe txertatzen ditu Zapicok, Ulysses-en ingurukoei arreta berezia eskainiz, jakina. Anekdota esanguratsuenak aukeratuta, hortik abiatzen ditu beste autore eta artista askorekin izandako hartu-eman gorabeheratsuak, haren sorkuntzan eragina izango zuten bizipenak... Beste muturrean, talentua eta arrakasta uztartzea zein zaila den adieraziko diguten pasarteek ere pisu nabarmena izango dute, ez baita ahaztu behar Joycek idazteko eta argitaratzeko —oro har, bizimodua ateratzeko— izan zituen oztopo handiak.

Literatura unibertsalaren izen prestigiotsuenetako bati buruzko biografia izanik ere, Zapico ez da laudorioz beteriko bidetik jotzeko tentazioan erori. Horren ordez, Joyce alkoholiko, prostituta zale eta zenbaitetan familia eta lanarekiko arduragabea islatu du, haren talentu ukaezinarekiko eta bestelako bertuteekiko kontraste betean. Joyceren irudi erreal eta hurbil hori da, zalantzarik gabe, komikiaren arrakastarako gakoetako bat. Bestalde, egungo hizkera darabil Zapicok garai hartakoak jasotzeko; idazleak bizitzan pairatutako guztiak umore sotil batekin gozatzen ditu, dramatismotik ihesi, baina kontaketa ahalik eta fidel eta errealistena egiteari uko egin gabe. Dokumentazio-lan itzelarekin batera, bi baliabide horien —egungo hizkera eta dramatik urruntzeko joera— erabilera dotorea Dublindarra gomendatzeko enegarren arrazoia da.]]>
<![CDATA[Egonean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2488/033/002/2016-04-03/egonean.htm Sun, 03 Apr 2016 00:00:00 +0200 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/2488/033/002/2016-04-03/egonean.htm
Herman Melvilleren Bartleby eskribatzailea lanarekin abiatu du Erein argitaletxeak 4nak literatura klasiko unibertsalen itzulpen-bilduma. Bartleby jauna kopiagile-lanak egin ditzan bulegoan hartu duen abokatuaren ikuspegitik aurkeztua eta deskribatua da. Hasieran langile eredugarria badirudi ere, halako batean uko egingo die nagusiaren agindu eta eskaerei. Inolako azalpenik eman gabe, erresistentzia pasiboa muturreraino daraman okupa baten antzera, bulegoa uzteari ere muzin egingo dio.

Literaturaren historiak egonean dirauten pertsonaia ugari eman ditu; George Perecen Gizon bat lotan eleberriko protagonista, adibide apatikoenetako bat aipatzearren. Baina sekula ez da Melvilleren istorioan bezain modu lausoan adierazi egonean iraute horrek bideratu nahi duen mezua. Alde horretatik, egiazko istorioa zeharka iradokia baino ez da. Eta, halere, irakurketa amaitzerako, dena kontatua da, errelatoa gugan oharkabean barneratuko balitz bezala.

Narrazioak osagai gutxi ditu, eta ekintzarik ez apenas. Datu eskasiak misterioa dakar, eta misterioak jakin-mina pizten du. Edozelan ere, Melvillek nagusiaren (auto)erretratu psikologiko sakon eta zorrotzarekin konpentsatzen du gertaera mailako estimulu-urritasun hori.

Abokatuaren begiradaren bitartez, beste maila batera egiten du jauzi interpretazioak. Beste garai bateko balio, ohitura eta maneretatik abiatzen bada ere existentziaren alderdi ilunean murgiltzeko, gaur ere baliagarri zaigun gizakien analisi psikologikoa aurkezten digu, gizartearen irudi errukirik gabea eskainiz aldi berean. Azken batean, ezezagunak egiten al zaizkigu bakardadea, apatia, alienazioa, itxaropen falta...? Ez ote dira oraindik egungo munduan erremediorik gabe hedatutako gaitz arruntak? Hori da, hain zuzen, literaturako klasikoen dohaina: gaurkotasunik ez galtzea eta, maiz, eguneroko anekdota soil batetik abiatuta unibertso osoa besarkatu eta barnean hartzea.

Obrako giroa perturbatzailea eta estua den arren, horrek ez dio eragiten tonuari. Lasaitasunari eta dotoreziari eutsiz, nagusiaren (barne-)borroka jasotzen duen diskurtsoak ekintzaren zentzugabekeria, patetismo-sentipena eta deserosotasuna areagotzen ditu; Melvilleren maisutasunaren erakusgarri, jakina.

Asmo gaiztoz jokatzen du idazleak. Ondo daki, nahiz eta irakurleok ahaleginak eta bi egin, ezinezkoa dela Bartleby benetan ulertzea. Nekez erabakiko dugu kontakizunean abokatuaren ala eskribatzailearen alde lerratzea, hain da moralki indiferentea eta emozionalki epela bi pertsonaien jarrera eta pentsamenduak agintzen dituen logika. Ordea, nork bere burua ezagutu ahalko du testuaren aurrean, literaturak gure uste eta mamuekin aurrez aurre kokatu eta, ezinbestean, agerian utzirik. Horra hor, azkenik, obraren bizitasuna. Narrazio neurritsuegiari aurka egiteko gonbidapen inplizitua irakurri eta gero dator, soilik denboran irauteko idatziak izan diren istorioei dagokien bezala.]]>
<![CDATA[Irribarre profesionalak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1936/038/001/2016-03-20/irribarre_profesionalak.htm Sun, 20 Mar 2016 00:00:00 +0100 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/1936/038/001/2016-03-20/irribarre_profesionalak.htm
Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat David Foster Wallacek Harper's aldizkariaren enkarguz 1995ean Kariben barrena egindako luxuzko itsas bidaldi baten kronika da. Danele Sarriugartek itzuli du, eta Pasazaite argitaletxeak kaleratu, estatubatuar literatura euskarara ekarriko duen sail berri bati hasiera emanez.

Kontrazaleko azken esaldiak jadanik aditzera ematen duen bezala, muturreko kontrasteetan eraikitako testua da: «Nola bestela bilaka daiteke amesgaizto hasiera batean paradisu zirudiena?». Izan ere, autoreari itsasoratzeak, bizipen atsegina baino gehiago, entretenimenduaren kultura eta, oro har, kontsumo-gizartearen lotsak agerian uzteko aitzakia paregabea eskaintzen dio.

Foster Wallace irakurleongan kontraesanak eragiten dituen idazlea da. Alde batetik, deskribatzaile zorrotza ?tematia ere zenbaitetan? delako zalantza-izpirik ez da. Bere begirada originala baliatuta, itsasontziko txoko guztiak aztertu, materialen kalitateari buruzko iruzkinak egin edo egun oso bateko jardueren berri emateko gai da. Amorruak gainezka egiten dion istant urriak kenduta, etsipenetik sortzen zaion umore garratz xamar bat darabil bere kritikak dotoretzeko. Ironia beltz horrek ahalbidetzen dio, bortitzegi jokatu beharrik gabe, egurra barra-barra banatzea.

Foster Wallace, ordea, maitagarria bezain jasangaitza irudi dakioke ñabardurekiko lilura berezirik ez duen irakurleari. Izan ere, itsasontzi barruko testuinguru itxiak objektu edo gai beraren inguruko hausnarketa amaigabeak bultzatzen ditu, askotan narratzailea kiribil batean erori dela sentiaraziz ?idazleak berez horretarako joera nabarmena ez balu bezala...?. Kasuren batean orrialde osoa hartzen duten oin-oharrak ere, idazlearen bereizgarri izan arren, alferrikakotzat joko dituzte batzuek; ez hainbeste komentario ironikoak egin edo bizitako pasarte dibertigarriak kontatzeko baliatzen baditu, bai aldiz haietan azalpen teknikoak jasoz gero. Zenbait erreferentzia arrotzak egingo zaizkio askori ?produktu estatubatuarrak aipatzen dituenean, gehienbat?, baina gainerakoan, egileak partekatzen dituen sentipenak eta gogoetak unibertsalak eta, aldi berean, nahiko bakanak direla esango nuke.

Kronikan zehar David Foster Wallacek bere bertsiorik onena erakusten digu: xelebrea, obsesiboa, desengainatua, pentsamendu-kate harrigarrienak osatzeko gai dena... Baina baita ausarta eta argi-argia ere. Tarteka bere burua antiheroi batek bakarrik aurkeztu dezakeen bezain kontzienteki patetiko eta, hortaz, erakargarri agertzen da. Serio jarrita, eredugarria da estatubatuar eta turista izatearen inplikazioak aztertzean egiten duen autokritika. Halere, horretan ere ezinezkoa da harekin identifikatuta sentitu eta irribarre maltzurren batek ihes ez egitea.

Obrak, funtsean, sistemak berak bultzatzen duen zoriontasun behartuaren zentzugabekeria adierazten du, neurriz gaindiko eraginkortasuna erakusten duten langileek, haien irribarre profesionalek ?hots, artifizial eta interesatuek? edota gehiegizko adeitasunak eta «heriotzarainoko mainatzeak» eragin dezaketen deserosotasunaz jabetu gaitezen. Paradoxa erraldoi bat dirudi: opor-esperientzia asegarria uste genuena, egiatan, aldi baterako fantasia hutsa baino ez da.]]>
<![CDATA[Historia berreraiki beharraz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2062/037/001/2016-03-06/historia_berreraiki_beharraz.htm Sun, 06 Mar 2016 00:00:00 +0100 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/2062/037/001/2016-03-06/historia_berreraiki_beharraz.htm
Eleberri labur honetan Patrick Modianok bere obsesio nagusietako bati heltzen dio: desagertutako norbaiten bilaketa. 1988ko abenduan Paris-Soir egunkarian 47 urte lehenago, hau da, 1941. urtean argitaratutako Dora Bruderren desagerpenaren iragarpena nahikoa zaio idazleari istorioa abiatu eta Frantziaren okupazio garai nahasian zehar neskato judua Auschwitzera eramango duten pausoei jarraituz osatzeko.

Pello Lizarraldek adierazi duen bezala, Modianoren obran, pertsonaiak ez ezik, Parisko hiria ere protagonista da. Hala erakusten du autoreak ia xehetasun topografikoz egiten dituen Parisko kale eta eraikinen deskribapenetan. Bibliografia zabala eta plano eta argazkien erabilera salatzen duen teknika narratibo horren bidez, II. Mundu Gerra garaiko eta gaur egungo Paris, fikzioan biak elkarren ondoan edo gainjarrita irudikatzen ditu maiz, denboraren iragaite geldiezina eta espazioaren aldaketa azpimarratuz.

Testuan bertan, bestalde, jaiotze- edo ezkontza-agiriak, udal fitxak, okupazio aldiko polizia-txostenak, erregistroko dokumentuak edota lekukoengandik jasotako informazioak txertatzen ditu, egindako lan bibliografiko sakonaren erakusgarri. Oro har, sentimenduak islatzeari arreta handirik eskaintzen ez dion nahiko narrazio aseptikoa bada ere, pasarte asko eta askotan itxura guztiz objektiboa hartzen duena, paradoxikoki estilo xume, garbi eta hotz horrek oso irakurketa emozionala bideratzen du. Are gehiago, une jakinetan samurtasun puntu bat ere antzeman daiteke, garaiaren latzak behartutako pertsonaien bizimodu prekarioagatik eta kontatzen diren egoera delikatu xamarrengatik, ziurrenik.

Ariketa metaliterario erabatekoan, narratzaileak Dora Bruderren bizitzaren inguruan ahalik eta datu gehien biltzeko obsesioak jotako detektibe eta, aldi berean, eleberriko idazle gisa aurkezten du bere burua. Jokaera horrek, alde batetik, neskatoak ibilitako Parisko kale eta leku berberetan igarotako haurtzaro eta gaztaroan izandako inpresio eta bizipenak gogora ekartzea ahalbidetzen dio Modianori; bestetik, dokumentazio zabalean agertzen diren ezezagun ugariren kasuak aipatzeko aukera ere ematen dio; Frantzia eta Alemaniako esparruetara bidalitako juduenak, esaterako. Halere, informaziorik ezean —garai hartako agiri historiko gehienak alemaniarrek su emanda suntsituak izan baitzen—, egiaztatutako datu apurretan oinarrituta eraikitzen dituen balizko hipotesiekin betetzen du diskurtsoa, era horretan haren ikerketa zorrotzak utzitako hutsuneak osatuz.

Nobel saridun bati dagokion trebeziaz, Patrick Modiano Dora Bruderren kasu konkretutik abiatzen da, baina neskatoaren ibileren atzetik doala, kontaketak pertsonaia bakar horren istorioa berehala gainditzen du, beste behin Frantziako Okupazioa bizitako juduen esperientzia kolektiboa fidelki jasotzeko. Eta, bide batez, historia berreraiki beharraz mintzo zaigu, memoria berreskuratzearen garrantziaz.]]>
<![CDATA[2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1936/037/001/2016-02-21/2013ko_bertsolari_txapelketa_nagusia.htm Sun, 21 Feb 2016 00:00:00 +0100 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/1936/037/001/2016-02-21/2013ko_bertsolari_txapelketa_nagusia.htm
Bertsolari aldizkaria 1991ko maiatzean argitaratu zen lehendabiziko aldiz. 25 urte geroago, kalean da jadanik 100. zenbakia. Zifra borobil hori ospatzeko, ohiko egituratik aldentzen den zenbaki berezia osatu dute. Nork izenburua darama eta Xabi Paya gidoilariaren eta Patxi Gallego marrazkigilearen irudimenetik sortutako umorezko komiki bat da. Paper lodiko edizio zaindu batean, koloretan jaso dute 140 orrialdeak gainditzen dituen istorioa.

Demagun Andoni Egañak, egun osoa leporaino betetako Bilboko BECen bertsotan aritu ondoren, 2013ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazi duela eta, txapeldunari dagokion agurra kantatzera doala, mikrofonoa ukitu eta oholtza gainean elektrokutatuta hiltzen dela. Jakin badakigu, zorionez, Egañak bizirik dirauela eta ez zela halakorik gertatu, besteak beste, Egañak ez zuelako final hartan parte hartu eta Amets Arzallusek jantzi zuelako urte horretan txapela. Fikzio hutseko komikia da Nork, gertaera dramatiko horretatik abiatzen bada ere, berehala umorez betetako istorio bati bide ematen diona. Hilketaren erruduna aurkitzeko asmoz, Ertzaintzak bere lau detektiberik onenen esku utziko du kasua, zein baino zein xelebreagoa: Amezketako aguazila, Bertsokop, Jesika Fletxeberria eta Amaia Ezpeldoi.

Ikerketan zehar, euskal unibertso txikiko hamaika aurpegi ezagunekin egingo dute topo, gertatutakoa argitu ordez, egoera are gehiago nahasiz sarri. Komikiaren azalean 40 inguru agertzen badira ere, askoz gehiago dira barrualdean Patxi Gallegoren esku finak ekintzan parte har dezaten paperera ekarritakoak; gainera, errealitatetik hartutakoei fikziozko pertsonaiaren bat edo beste batzen zaie. Irakurleak den-denak lehen begiratuan ezagutuko ditu, batere ahaleginik egin gabe ezagutu ere, hain da trebea marrazkilaria aurpegiak fidelki irudikatzen.

Xabi Payaren gidoiak, izaera ganberroaz gain, badu umore beltz dosi altua, ez inor iraintzeko asmorik, ordea. Euskal kulturaren mundua zabal hartuta, idazle, sukaldari, ETBko aurkezle, Olentzero eta Mari Domingi eta, batez ere, bertsolari mordoa Euskal Herriko txoko ezberdinetan kokatu ditu, irudika litezkeen egoerarik absurdoenetan. Horretarako, biderik sanoena hautatu du: arlo bakoitzaren topikoez eta ahoz ahoko esamesez baliatu da ?bazuen non aukeratua?, horiek muturrera eramanez, ahalik eta gehien puztuz, geure buruaz barre egin dezagun.

Irakurleak hain hurbilekotzat antzemango ditu komikian aipatzen diren kontuak, non ez zaion irribarrea konplizea une bakar batez ere ezabatuko. Bertsolari aldizkariak argitaratua izanik espero izatekoa zen bezala, bertso umoretsu ugari daude orrialdeotan, eta pertsonaia bakoitza bere hizkeran mintzo da, euskara hainbat doinu eta kolorerekin jantziz. Nork euskal umore grafikoaren maila altuaren erakusgarri da; literatura, sukaldaritza edota bertsolaritzan egon daitezkeen tirabirei zukua atereaz, bertsotan barre batzuk botatzeko aukera aparta eskaintzen digun lana.]]>
<![CDATA[Egiaren korapiloan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1978/041/002/2016-02-07/egiaren_korapiloan.htm Sun, 07 Feb 2016 00:00:00 +0100 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/1978/041/002/2016-02-07/egiaren_korapiloan.htm
Bahiketa baten istorioa kontatzen du Gotzon Barandiaranek bere bigarren eleberrian. Hiru pertsonaia nagusik osatzen dute bahitzaile taldea. House telesailaren jarraitzaile izan zinetenoi ezagun egingo zaizuen Huntington gaixotasuna pairatzen duen taxilaria bat, Bitor, da burua, eta Saioa iloba filosofogaia eta glaukomaren eraginez itsutzeko bidean den Arantza gerra-argazkilaria izango ditu laguntzaile. Bitor arduratuko da, bahiketa planifikatzeaz gain, rolak banatu eta agindu zehatzak emateaz; berak bakoitzari egokitutakoa burutzeko ezinbesteko informazioa baino ez die eskainiko, ordea. Asmoa bere gaitzaren sendabidea omen duen Zack Vicente neuropsikiatra ospetsuari egia erauztea da, Bilbora kongresu batera datorrela baliatuta.

Egiaren kontzeptua dago genero beltzaren zantzu argiak dituen eleberri labur honen muinean. Baina, gauza jakina denez, egia zeharo iheskorra izan daiteke. Arantza da istorioko narratzailea, eta memoriak lausotutako oroitzapenei tiraka gertatutakoa argitzen gogoz saiatu arren, nahasgarria eta guztiz ez-nahikoa dirudi Bitorrengandik jasotako informazioak. Oso zaila da interes ezberdin, zalantza, sekretu, gezur eta amarruen korapiloan egia bereiztea.

Misterioz eta erantzunik gabeko galderez jositako obra honetan, Barandiaranek irakurleon esku utzi du egiaz zer gertatu ote zen erabakitzeko ardura. Guri ez beste inori dagokigu zein pertsonaiari sinetsi aukeratzea eta, beraz, egia nork esaten duen eta gezurretan nor dabilen erabakitzea. Aho biko labana da, ordea, idazleak erabilitako estrategia narratibo hau. Alde batetik, bahiketaren inguruko egiazko gertaerak ezagutzeko grinak bultza gaitzake irakurketan aurrera egitera, pertsonaia bakoitzaren motibazioak ulertzea erronka erakargarria suerta dakigukeen bezalaxe. Baina, bestalde, narrazioan hainbeste datu isildu ditu autoreak, istorioaren funtsa hain sakon doa, non besterik gabe ondorioak ateratzea ez den posible eta, hortaz, nire moduan, beste irakurle askori ere ezinezkoa gertatuko zaien argumentu-hari ezkutu horri heltzea.

Istorio laburra da Barandiaranek sortutakoa, ekintzaz beterikoa, hiru bahitzaileen arteko elkarrizketez osatua gehienbat, gertaeren kronologia errespetatuz. Ezaugarri horiek bizitasuna ematen diote kontaketari. Horrez gain, tramari ez zaio indarrik falta, ezta osagai erakargarririk ere. Irakurketa arin eta atsegina izanik ere, mezuari logika edo nolabaiteko esanahi osoa bilatzeko orduan, beldur naiz, azken orrialdera iritsita, bahiketaren nondik norakoak eta hura burutzeko arrazoiak ez ote diren misterio handiegia irakurleontzat, hots, ez ote den handiegia egileak guk bete dezagun kontatu gabe utzitako hutsunea. Pentsa daiteke, adibidez, eleberriko pertsonaiek, metaforak balira bezala, gizartearen jokaerak ordezkatzen dituztela eta, beraz, istorioa ez dagoela kritika sozialaz libre. Horrek askoz adiera sakonagoa emango lioke liburuari, noski.

Gidariaren okerra eleberri nahasgarria da, ustekabez eta ziurgabetasunez beteta dagoen heinean. Sarri hain manipulagarria eta interesatua den memoriaren zirrikituetatik mintzo, kontalariak errealitatearen fartsa iradokitzen du. Baina, aldi berean, Gotzon Barandiaranek fikzioa errealitatea bezain sinesgaitza izan daitekeela erakusten digu, eta horregatik hain zuzen, guztiz gertagarria ere bai.]]>
<![CDATA[Aresti ez omen zen harrizkoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2010/035/001/2016-01-24/aresti_ez_omen_zen_harrizkoa.htm Sun, 24 Jan 2016 00:00:00 +0100 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/2010/035/001/2016-01-24/aresti_ez_omen_zen_harrizkoa.htm
Adur Larrea marrazkilariak Gabriel Arestiren biografia grafikoa kaleratu du. Obrak, beraz, poetaren bizitza osoa hartzen du, 1933an Bilbon jaio zenetik 1975ean gaixotasun larri baten ondorioz hil zen arte. Euskal literaturan oso genero ezohikoa bada ere, datu horrek, dirudienez, ez ditu Erroa argitaletxeko adiskideak batere beldurtu, edizio dotoreak —azal gogorrekoa, paper lodiko 90 orrialdekoa, koloretan...— argi uzten duenez.

Azalean harrian zizelkatutako poeta handiaren irudia ageri den arren, Iñigo Astizek komikiaren aurkezpen-egunaren biharamunean BERRIAn argitaratutako kronika bikainean ederki adierazi bezala, liburuak Gabriel Arestiren alderik gizatiarrena islatzea du helburu; serio itxura zuen gizon hura harrizkoa ez zela erakustea, alegia. Asko idatzi da dagoeneko haren euskara eta euskal kulturaren aldeko jarduera publiko eta akademikoaren inguruan. Oraingoan Adur Larrearen erronka Arestiren alderdi intimoagoak bisualki adieraztea izan da, hau da, intelektual bilbotarraren bizitza pertsonaleko pasarterik garrantzitsuenak harilkatuz, irakurleei lehendabiziko aldiz poeta eta euskaltzainaren itzalean geratutako pertsonaren egiazko nortasuna ezagutaraztea.

Horretarako, marrazkilariak Arestiren alargunarekin eta alabekin elkarrizketa luzeak izan ditu, eta horietan zehar aita-senarrak idatzitako gutunak irakurtzeko eta argazki zaharrak ikusteko aukera izan du. Larreak anekdotetatik abiatzea erabaki du, eta, istorioan familiari protagonismo nabarmena eskainiz, etxeko giroan hizkuntzekin maitemindutako eta jakin-min asegaitzeko gizon umoretsu, zirikatzaile eta ireki bat aurkezten digu, testuliburuetan eta literatura historietan maiz deskribatzen den tipo gris eta polemikoarekin zerikusirik ez duena.

Tonu zuri, beltz eta laranjaren artean aritu da marrazkilari santutxuarra, pertsonaiei eta orduko Bilboko kale zikin eta paisaia kutsatuei iragandako garaien kutsua eman nahian. Halere, dena ez da estilo errealista eta biografia. Bada Arestik euskal kulturaren inguruan zeuzkan ideia eta asmo praktikoak azaltzen dituen pasarte surrealista bat: euskaltzainak harri bati ostikoa jo eta, hara non bat-batean, Aladdinen jenioa balitz bezala, Jorge Oteiza agertzen zaion eta, istant horretan, biak, beren filosofia kontrajarrien defentsa eginez, eztabaida bizian hasten diren.

Komikian ia orrialde bakoitzean topa daitezkeen haren poesiaren oihartzunekin batera —poesia soziala barne, jakina—, Larreak ez dio uko egiten Arestiri bizitzea tokatu zitzaion frankismo garaiko tentsio eta zailtasunak islatzeari; izan ere, bertan jaso ditu zentsura, ikastolen hasiera, euskara batuaren sorrera eta Bilboko giro literarioa, besteak beste. Ahalik eta kontaketa errealistena egiteko, euskara eta gaztelania nahastu ditu, ez litzatekeelako batere sinesgarria Bilbo erdaldun hartan lan-harremanak, esate baterako, euskaraz izatea. Alde horretatik, liburuak bi errealitate horien arteko kontrastea, hots, mundu erdaldunaren eta euskal munduaren arteko talka uzten du agerian. Gabriel Aresti hurbiletik ezagutzeak ezinbestean gure historian murgiltzea baitakar.]]>
<![CDATA[Heriotzarantz alderrai]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2769/035/004/2016-01-10/heriotzarantz_alderrai.htm Sun, 10 Jan 2016 00:00:00 +0100 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/2769/035/004/2016-01-10/heriotzarantz_alderrai.htm
A esmorga, Eduardo Blanco-Amor idazleak berak gaztelaniara itzulia eta erbestean zela argitaratua (Buenos Aires, 1959), literatura galegoaren XX. mendeko narratiba lanik nabarmenenetako bat da. Orain, Igela argitaletxearen eskutik eta Ramon Etxezarretaren itzulpenari esker, badugu azkenik eleberri labur hori euskaraz irakurtzeko aukera.

Gertaerak autorearen jaioterriaren, hots, Ourenseren antz handiegia omen duen Auria izeneko fikziozko hiri batean kokatuta daude. Bertan, narrazioak hiru gizon protagonisten ibilera baldarrei jarraitzen die. Cibran edo Castizo izengoitiz ezaguna denak hartzen du narratzailearen zeregina, Ahohandi eta Milagizon bikote parrandazaleari batu zeneko zorigaiztoko eguna gogoan. Horrela, hiru pertsonaien pauso alderraiak eta hogeita lau orduko ibilbide suntsitzailea kontatzen ditu, ezinbestean heriotzara bultzatuko dituena. Hitz gutxitan adierazteko, descensus ad inferos peto-petoa.

Istorioak odolak, euriak eta alkoholak bustitako garai hartako Galizia barnealdeko gizarte-giro marjinala errealismo osoz islatzen du. Taberna, putetxe edo kaleetako dekadentzia eta aldarte beroko eta bizimodu gaiztoko jendilajea fideltasun handiz irudikatuak dira. Testuak sen primarioenak eta bortizkeriak agintzen duten azpimundu bat deskubritzen du.

Egileak argumentua testuinguru jakin batean txertatzeari uko egiten dio, Cibran gizajoa atxilotua izan ondoko galdeketa ondorioztatzen den horretan protagonistak ahoskatutako hitzetara igaroz zuzenean. Gizona, azaltzen ari den gertakariak lehen pertsonan bizi arren, haiekiko distantzia emozionala hartuta, kontalari lekukoaren roletik hurbilago antzematen da. Baliabide horrek narrazioari ikuspegi berezi bezain erakargarria eransten dio, epaileak eskatuta egun madarikatu hartan jazotakoa berreraikitzeko ahaleginean, bere diskurtsoa objektibotasun faltsu batez janzten saiatzen bada ere, bizitakoa xehe-xehe, detaile handiz eta hizkera ezin aberatsago batean deskribatzen baitu. Horixe da Parranda: epailearen galderak eta komentarioak isilduta, soilik protagonista narratzaileari dagokion elkarrizketaren zatia.

Hurrenkera kronologikoari jarraituz, intentsitate handiko eta esaldi luzez osatutako estilo eraginkorra darabil Blanco-Amorrek. Are gehiago, bat-bateko edo egonarri gutxikotzat jo daitekeen moldea erakusten du, kontatzen diren gertaera dramatikoekin guztiz bat datorrena, zalantzarik gabe. Ez da harritzekoa, autoreak berak hilabete bateko epean ekinaldi bakarrean idatzi izana aitortu baitzuen.

Liburuak berritasuna ekarri zion narratiba galegoari, hura modernismoari begira jarriz. Bertako literaturan lehendabiziko aldiz giza miseria, guardia zibilaren abusuak, buru-gaitza, moral zalantzazkoa eta emakumeekiko tratu txarrak bezalako gaiei leku eginez, testu ausart, apurtzaile eta heterodoxoa sortu zuen. Tabu horiek guztiak gainditurik, kanonetik urruntzea erabaki zuen, periferian bete-betean murgiltzeko. Emaitza tragedia kutsuko eleberri pikaresko asaldatzaile bat da: Parranda.]]>
<![CDATA[Bizitzearen kalteez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2322/036/005/2015-12-13/bizitzearen_kalteez.htm Sun, 13 Dec 2015 00:00:00 +0100 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/2322/036/005/2015-12-13/bizitzearen_kalteez.htm
Diotenez, narrazio-liburu bat da Karanbola toxikoak, Andoni Urzelaik euskaraz argitaratzen duen hirugarren lana. Nik, ordea, eleberri zatikatu baten antza hartu diot. Atal batetik bestera jauzika dabiltzan pertsonaiek, anekdota huts edo irakurleari egindako keinu izatetik urrun, batasuna ematen diote tramari, harreman-sare konplexu bat osatuz. Izan ere, atalez atal protagonistak aldatzen doaz eta, haiekin batera, narrazioaren fokua. Irakurleok une oro arretari eustera eta, testuak tarteka ematen duen informazio berriaren eraginez, argumentu beraren gaineko ikuspegia etengabe berregokitzera behartzen gaituen estrategia narratibo hau iruditu zait, hain zuzen, liburuaren gakoetako bat.

Eleberriko pertsonaiak ez omen daude bizitzea tokatu zaien errealitatearekin konforme. Bazterrekoak dira izaeraz nahiz jokamoldez. Hala ere, ez da zirkunstantzia horiek aldatzeko ahalegin berezirik antzematen, ez berehalakoan, behintzat. Hasieratik bertatik giro axolagabea eta etsipena dira nagusi. Protagonistei nekea igartzen zaie, bizitzea kosta egingo balitzaie bezala. Porrot sentipena, frustrazioa, bizimodu grisak, eldarnio-iturri ezberdinak, hainbat ezgaitasun emozional... horiek guztiek zeharkatzen dituzte liburuko orrialdeak. Baita duintasunari kosta ahala kosta eusteko borrokak eta egoa puzteko behar ia patologikoak ere. Azken batean, lan honetako pertsonaiak garaile bihurtuko dituen desafio baten bila dabiltza.

Baina kontuz, obra honetan ezer ez baita hasiera batean dirudiena. Alde horretatik, Karanbola toxikoak irakurtzea oso esperientzia bitxia da. Liburua zabaldu eta berehala, egoera arruntei aurre egiten dieten pertsonaia apatiko multzo batekin egiten dugu topo; erotzat jotzera iritsi gabe, absurdo-ukitua dutenak edo, besterik gabe, gizartean egokitu ezinik dabiltzanak. Ez dute xelebreak izatea lortzen, eta haien diskurtsoak ez du ateraldi distiratsuegirik erakusten. Ez da sekulako hondamendirik gertatzen, are gutxiago inolako iraultzarik gauzatzen. Narrazio osoa busti duen zinismo berezia gorabehera, inork pentsa lezake, halako deskribapen epikotasunik gabea irakurri ondoren, protagonistei karisma falta zaiela, eta kontakizunari sakontasuna. Bada, ez.

Testuan aurrera eginik baino ez gara ohartuko idazlearen esku trebeaz. Tramaren garapen progresiboa da, zalantzarik gabe, obraren alderdirik interesgarrienetako bat. Estiloan garbitasun eta sinpletasunetik karakterizazio psikologiko eta gertaera konplexuetarako eboluzioa, autoreak kontakizunaren inertzia bera baliatuz naturaltasun osoz egiten duena, zeharo eraginkorra da. Liburuan harreman toxiko ugari daude, ekintza-mailako karanbola ugari ere bai; ez dira, baina, gehiegizkoak inondik inora, istorioan ondo txertatutakoak eta, hortaz, guztiz sinesgarriak baizik. Era horretan, lehen ataletako protagonisten errebelde usteko umekeriek, ironian babestuz, bide ematen diote arteari, gizarteari eta bizitzari buruzko hausnarketa sendoari.

Karanbola toxikoak lanarekin, Andoni Urzelaik oinaze eta zorigaitzari etekin handia ateratzen asmatu du, literaturaz ari garela bi osagai horiek arrakasta bezain erakargarriak izan daitezkeela erakutsiz.]]>
<![CDATA[Idatzi edo/ala hil]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2341/047/005/2015-11-29/idatzi_edoala_hil.htm Sun, 29 Nov 2015 00:00:00 +0100 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/2341/047/005/2015-11-29/idatzi_edoala_hil.htm
Alaine Agirre, gure literaturak duen idazlerik gazteena, badoa pixkanaka-pixkanaka baina urrats sendoz bere bidea eginez. Errekonozimendua haur literaturaren eskutik etorri bazaio ere —aurten Lizardi eta Lazarillo Sariak jaso ditu—, Odol mamituak eleberriak, egileak 2014an helduentzat idatzitako lehen liburuak, nahiko harrera beroa izan zuen irakurleen aldetik. Hala, bide arrakastatsuan aurrera eginez, Agirrek X hil da izeneko bere bigarren eleberria argitaratu du.

Ziurrenik motz geratuko nintzateke obraren argumentu-mailako originaltasuna aipatuz gero, baina tramaren abiapuntu gisa aukeratu duen gaia —maite duzun/zaituen horren heriotza— oso potentea eta, aldi berean, harrigarria da, inolako zalantzarik gabe. Testua morbotik edota zirikatzeko nahietatik aldentzen den arren, gaiaren lazgarriak halako deserosotasun goxo bat eragiten dizu. Hasierako ezustea gaindituta, neska protagonistaren diskurtsoa osoki hartzen duen zintzotasuna hain boteretsua da, non haren konplize bihurtzea beste aukerarik ez duzun, ezinbestean haren bizipenak eta minak sentitu eta partekatzeraino, irakurketak irauten duen bitartean harenak bakarrik ez, zureak ere balira bezala.

X hil da 1etik 41era bitarteko atal laburrez osatutako bakarrizketa bat da. Hartan, nabaria da irudi indartsuen —zenbaitetan gordinen— eta diskurtsoaren eztitasunaren arteko kontraste gustagarria. Sentiberatasunak gainezka egiten dio narrazioari alde guztietatik. Agirre egiazko espezialista da hitzak eta sintaxia modu ezin eraginkorragoan baliatzen intentsitate handiko diskurtso bat eraikitzeko. Esaldi luze eta laburragoak trebeki txandakatzen ditu, eta hitzak mimo osoz aukeratzen, kontaketa erritmo berezi batez jantziz. Berezia eta zeharo naturala, hura barneratu orduko, kulunka goxoan ibaiaren emari lasaiak nola, protagonistaren pentsamenduen jario agorrezinak eramana sentitzen baituzu zure burua. Are gehiago, burua hitzezko uretan murgilduz gero, lerro bakoitza busti duen musikaltasuna entzun ahal izango duzu. Istorioak irudikatzen duen neskaren biluzte emozionalarekin batera, ezaugarri horiek guztiek eragindako lilurak azken orrialdera arte lotzen zaitu.

Alaine Agirre irudimen biziko eta sentsibilitate handiko idazlea da. Gaztea izan arren, berezko idazmoldea aurkitu duela ematen du, oso estilo markatua erakusten baitu. Liburutik haren izena ezabatuta ere, Odol mamituak irakurri duenak Agirre erraz identifika dezake X hil da lanaren autore gisa. Are gehiago, badira protagonista aurreko eleberriko neska bera dela pentsatzeko arrazoiak: ahuleziak agerian uzten dituen ahots bera; izaera zalantzati, sentibera, neurotiko, obsesibo bera... baita bere buruari min eragiteko joera bera ere. Egia da eleberri honetako ezaugarri asko dagoeneko Odol mamituak lanean topa zitezkeela, eta baliteke irakurleren batek arrisku handiagoak hartzea espero izana, batez ere egilearen bigarren obra baino ez dela kontuan hartuta. Baina, bestalde, zalantzarik ez da menperatzen dituen idazkera tekniken eraginkortasunaz, formulak ederki funtzionatzen diolako seinale.

Amaitzeko, adi epilogoaren funtzioa betetzen duten liburuko azken atalei, egile bati bere zereginaz, hots, idazletzaz inoiz irakurri diozun aitorpen zintzo, biluzi eta egiazkoena izan daiteke eta.]]>
<![CDATA[Zuloak eta orbainak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1978/047/002/2015-11-15/zuloak_eta_orbainak.htm Sun, 15 Nov 2015 00:00:00 +0100 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/1978/047/002/2015-11-15/zuloak_eta_orbainak.htm
Maider Agirrek autoedizioaren bidetik jo du bere lehen liburua argitaratzeko. Bihotzero du izenburu eta, askatasun erabatekoaz bihotzak agindutakoan idatzia izanik, literaturaren ikuspegi nahiko erromantikoa, oso pertsonala eta, batez ere, ausarta iradokitzen du. Ildo beretik doa idazleak aurkezpen-ekitaldi eta elkarrizketetan erakutsi duen jarrera ezohiko bezain txalogarria, bere lanari buruz azalpen luzerik emateari uko eginez, obraren kalterako baino ez litzatekeelako uste osoan.

Azal gogorreko eleberri eder-ederra da, mimoz sortutakoa, zuzentzaile lanak egingo lituzkeen editore baten faltan zenbait akats ihes egitea saihestu ezin izan badu ere. Txandakako egitura du testuak; batetik, istorio nagusiari dagozkion izenbururik gabeko zati luzeak daude, eta bestetik, kasu guztietan hitz bakarrarekin izendatutako pasarteak ageri dira horien artean txertaturik. Baina Bihotzero ez da literatura lan soila, hitz eta pasarte labur horiekin lotutako postal koloretsu bana baitakar, denak Idoia Beratarbide marrazkigileak eginak.

Lanean libre hartuta, izebari ospitalera bisitan doakion emakume baten eguna kontatzen da. Hasieran bakarrizketak narrazio osoa hartzen du, eta horren bidez protagonista eta haren egunerokoa osatzen duten pertsonak eta ohiturak pixkanaka-pixkanaka deskubritzen ditugu. Pertsonaia nagusiaren barne-eztabaidak eta zalantzak agerian geratzen dira, hausnarketarako joera nabarmena dela eta. Harena da ikuspuntu bakarra, errealitatea haren iragazkitik igaroko balitz bezala. Diskurtsoa egituratu gabea baina, halere, argia da, batik bat esaldi laburrez eta aditz jokatugabez eraikia, modu horretan erritmo eta intentsitatea berezia lortuz. Oro har, sentsazio fisiko, pentsamendu intimo, emozio eta sentimenduei estu lotua, betiere zintzotasunetik arituz. Hitzen jarioa etengabea da, kaos kontrolatu batean aurrera eginez.

Eleberriko bigarren ahotsa izebari dagokio eta, hark ere hitzen etorria eutsi ezinik, aurrekoa baino diskurtso egituratu eta landuagoa erakusten du. Ez da hitzontzikeriaren arrastorik, aitzitik, biek ala biek, eguneroko hizkuntza erabiliz, sakontasun handiko gaiei heltzen diete: familia, konpromisoari beldurra, amatasuna edo jaioterria eta iraganarekiko lotura zamatsua, besteak beste. Narrazioak aurrera egin ahala, atal bakoitza pixka bat sakonago doa emakume protagonistaren baitan, irakurleok haren zuloak, zauriak, orbainak eta koskak ezagutzeko bidean jarriz.

Testua familia bereko bi belaunaldiren arteko elkarrizketa gisa uler daiteke, non familiaren memoria berreraikitzeak eragindako deserosotasuna saihetsezina den, baina, aldi berean, guztiz aringarria. Oraina eta iragana samurtasun handiz baina egoera goxatu gabe txirikordatzen diren istorio honetan, Maider Agirreri nahikoa zaio egun bat emakume protagonistaren bizitzan familia oso baten esentzia atzemateko.]]>
<![CDATA[Mehatxupean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2306/047/005/2015-11-01/mehatxupean.htm Sun, 01 Nov 2015 00:00:00 +0100 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/2306/047/005/2015-11-01/mehatxupean.htm
Txanpaina, mesedez Oier Santos idazlearen bigarren eleberria da. 2012an unibertsitate-garaian kokatutako eta nagusiki nerabeei zuzendutako Ez zuten erantzun liburua argitaratu ondoren, oraingoan polizia-generoko istorio bat sortzeko erronkari heldu dio autoreak.

Obran bi argumentu-hari bereiz daitezke, narrazioan txandaka emanak. Alde batetik, Markel Aizpurua ertzain-buruari dagokion hari nagusia dago. Lehendabizi hainbat auto berdez margotuta agertzen dira, handik denbora gutxira zentral termiko batean lehergailu batek eztanda egiten du... Markel prentsarekin borrokan hasiko da, ikerketa oztopatu edo zapuztu ez dezaten saiatuz kasua argitu eta errudunak atxilotu arte. Bizitza profesionala eta pertsonala korapilatuko zaizkio ezinbestean.

Bigarren argumentu-harian, bestalde, gaztetako lagun baten ezkontzan bere ametsetako mutila ezagutzen duen neskaren komeriak kontatzen dira. Neskak berak, lehen pertsonan, berehalako maitasunaren ikuspegi ezin topikoagoa eskaintzen du. Eskertzekoa da kontaketan pasarte komiko horiek tartekatu izana, testu gehiena hartzen duen Ertzaintzaren ikerketaren kontrapuntu gisa aritzen baitira. Halere, narratzaileak ikerketa seriotasun handiz bideratu nahi duela antzematen den arren, prozesu osoari xalotasun-puntu bat dario, une jakin batzuetan frogen sendotasuna kolokan jartzeraino. Istorioak ikerketaren zama astunaz libratuko luketen arnasguneak falta ditu.

Egoerak ez ditu pertsonaiek adierazten duten larridura justifikatzen. Zenbaitetan tentsioa puztu xamar hautematen da. Askotan sen edo intuizio hutsera jotzen da ekintza bat azaltzeko, eta horrek lasterbide errazegia dirudi polizia-generoko testu batean. Diskurtsoa zehaztasunetan murgiltzen da etengabe, narrazioaren erritmoa motelduz. Tarteka, ziurrenik idazlearen lanbideak —gorputz heziketako irakaslea da— eragindako gorputzaren funtzionamenduari eta, besteak beste, nutrizioari buruzko oharrak lekuz kanpo nabari dira.

Protagonista ertzain bat izatea hasiera batean alderdi originaltzat jo badaiteke ere, Ane emaztearekiko erakusten duen aitatasunak eta gehiegizko babes-jarrerak, bere lanbideari lotutako gezur interesatuekin eta informazioaren manipulazioarekin batera, haren pertsonaiarekiko enpatia betea galarazten dute.

Amaierarako utzi dut liburuaren arazorik garrantzitsuena: akatsez beteriko testua da. Zuzenketa sakon baten behar larria du ia orrialde guztiak zikindu eta irakurketari traba egiten dioten gramatika eta, batez ere, puntuazio-mailako akats ugariak —subjektua eta predikatua banatzen dituen koma oker bezain amorragarri hura, hamaika aldiz errepikatzen den akats horietako bat baino ez aipatzearren— konpontzeko. Kasu honetan, Erein argitaletxeak euskal irakurleoi errespetu handiagoa zor zigulakoan nago.]]>
<![CDATA[Gogoa kartzelara ihesi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1978/038/002/2015-10-18/gogoa_kartzelara_ihesi.htm Sun, 18 Oct 2015 00:00:00 +0200 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/1978/038/002/2015-10-18/gogoa_kartzelara_ihesi.htm
Laura Mintegik bere eleberri garrantzitsuenetako bat idatzi zuen 1994an: Nerea eta biok. Haren literatura ibilbidean eta, ziur aski, irakurle askorentzat euskal literaturan mugarri bihurtuta, harrezkero 21 urte eta bost edizio igaro dira. Zifra horiek ospatu eta handitzeko, Txalapartak obraren beste berrargitalpen bat kaleratu du, edizio eguneratua, hain zuzen.

Eleberriaren argumentua aski ezaguna da. Isabel 42 urte dituen literatura irakaslea da unibertsitatean. Nerea Parisen espetxean dagoen etakidea da. Nerea Isabelen irakasgaian matrikulatu ondoren, bien arteko gutun-trukatzea hasiko da. Hasieran literaturaz hitz egingo duten arren, laster kontu pertsonalagoen inguruan arituko dira. Isabelena da irakurleak fikziozko elkarrizketan zehar jasoko duen ahots bakarra, une oro Nereari mintzo.

Batzuetan, Nerearekiko enpatiaz jokatzen du, haren tokian jarri nahian —hots, bere burua kartzelan kokatuz—, haren egoera ulertzeko ahaleginean. Horretarako, gutunetan adierazi ez, baina lerroartean irakur daitekeen edo, besterik gabe, berak irudikatzen duenetik abiatzen da. Bestetan, presoaren gutunak Isabelek, bere baitan bilduta, bere bizitzaz hausnartu eta harekin lotutako hainbat gairi buruzko usteak agertzeko aitzakia dira: seme-alabak, bakardadea, gizonak, sexua, hitzaren ahalmena eta, batez ere, maitasuna. Maitasun terminoaren adierarik zabalenean.

Gutunez gutun, Isabelengan Nerearekiko sentimendua areagotuz doa. Protagonistaren hitzetan, «inteligentziarako oparia dira, eta emotibitaterako musua». Elkar sekula ikusi gabe ere, Isabelek berak aitortu bezala, harengan islaturik ikusten du bere burua, bere bizitza osoa. Inoiz inori esan gabekoak, bere bizitzako pasadizorik intimoenak kontatzen dizkio. Distantziak ematen duen ausardia baliatuz, eta horrek berekin dakarren hartzailearen idealizazioaren laguntzaz, barruak hustea ahalbidetzen dion neskari erdiguneko garrantzia eskaintzen dio bere eguneroko pentsamenduetan. Haren diskurtsoak, haatik, biluzi eta xalo, ez du une bakar batez ere egiarik galtzen.

Horra hor liburuko trama, soila eta tolesik gabea. Baina, nire ustez, testuaren xarma ez da argumentuan bilatu behar; haren ordez, aitorpenezko tonu zintzo, patxadatsu eta atseginean datza.

Eleberria argitaratu zen eta istorioan islatzen den garaiko testuinguru berezia kontuan hartuta, interesgarria dirudi testua nola zahartu den aztertzeak. Egun euskal herritarrok bizi dugun errealitatearen baldintzak, zenbait alderditan behintzat, ezberdinak izanik, pentsatzekoa da Nerea eta biok lehendabiziko aldiz argitaratu zenetik joandako 21 urteak ez direla alferrik igaro; aitzitik, berrargitalpenaren irakurketan eragina izango dutela aurreikus daiteke. Hala ere, liburuan gatazka politikoa zeharka baino lantzen ez den gai bat da, eta, garaiz kanpokoa nabari den teknologiarekin lotutako komentarioren bat edo beste kenduta, orokorrean testuak funtsezkoan gaurkotasunik galdu ez duela esango nuke. Alde batetik, istorioan erabateko garrantzia bereganatzen duten sentimenduen hizkuntza atenporala delako. Bestalde, emakumeen kezkak eta egoera, neurri handi batean, egun nahiko antzekoak direlako oraindik. Badira kostata aldatzen diren kontuak...]]>
<![CDATA[Dicken espekulazio ukronikoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1978/044/002/2015-10-04/dicken_espekulazio_ukronikoak.htm Sun, 04 Oct 2015 00:00:00 +0200 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/1978/044/002/2015-10-04/dicken_espekulazio_ukronikoak.htm
Zientzia fikzioa euskal literaturan gutxi landu den eta are gutxiago itzuli den generoa da. Baliteke hutsune horrek generoari egotzitako literatura-estatus eskasarekin lotura izatea. Edozelan ere, duela mende erdi Philip K. Dick kultuzko autore bihurtu zen goi literatura idatzi gabe, bere ibilbide profesional osoa zientzia fikzioari eskainiz. Generoa bultzatu, garatu eta berritu zuen, zientzia fikzioaren ospea handituz halako obrekiko zaletasuna hedatzearekin batera. Horregatik guztiagatik, berri ezin pozgarriagoa da Meettok argitaletxeak zientzia fikziozko autorerik garrantzitsuenetakoaren 1950 eta 1970eko hamarkada bitarteko hamaika narrazioz osatutako bilduma itzuli izana, Iban Zalduaren hitzaurre mardul batez lagundua.

Ipuinen artean generoaren zaleentzat aski ezagunak diren Gutxiengoaren txostena edota liburuari izenburua ematen dion Ordaina bera daude. Gehienak zientzia fikzioan bete-betean sailka daitezkeen arren, bada hartatik pixka bat aldendu eta fantasiaren alorrean sakontzen duen kontakizunik, Elfoen erregea, hain zuzen. Bestalde, Zalduak «mesianiko» deritzon garaiko ipuin bat ere bada, Aurki heltzea espero dut, non Dicken bereizgarri den gizarte, politika eta kontsumo-kulturaren aurreko ikuspegi kritikoak kutsu transzendentalagoa bereganatzen duen, gizateria eta haren mugekiko kezka areagotzea dakarrena.

Aritz Gorrotxategiren itzulpena azken pasaldi baten faltan dago han-hemenka ihes egindako akatsak direla eta. Halere, kontakizunak irakurtzen guztiz atseginak dira. Izan ere, zientzia fikzioan usu gertatzen denez, Dicken estiloak ez du inolako konplexutasunik. Alde horretatik, narrazioak estilo zuzen, erraz eta erritmo bizikoan idatzi zituen. Forma baztertuta, kontakizunen gakoa edukian datza, hots, haien originaltasunean eta, harrigarriki, kasu batzuetan idatzi zirenetik mende erdia baino gehiago igaro eta sekulako iraultza teknologikoa gauzatu den arren, oraindik erakusten duten gaurkotasunean.

Idazlea espioi, konspirazio, gerra hotza eta, oro har, nazioen arteko harreman hauskorreko garai bateko semea izan zen. Kapitalismo bortitzaren hastapenak ezagutu zituen, eta gizakien bizitzaren erdigunean era guztietako erasoen mehatxu etengabea eta beldurra zeuden. Aldi berean, OHEekiko interesa handia zen orduan, eta hainbat herrialde espazio zein beste planeten konkistan lehiatzen ziren. Horien baldintzapean, Dickek etorkizuna aurreikusteko sistema ezberdinak, mundu postapokaliptikoak, estralurtarrak, errealitate eraikiak, lur azpiko babeslekuak edota memoria manipulatzeko teknikak asmatu zituen, baita horiek txertatzeko testuinguru aproposak ere.

Dickek sortutako fikzioa zalantzaren eremuari dagokio. Hartaz baliatzen da irakurleen jakin-minari amaiera arte —baita askoz geroago ere— eusteko. Haren pertsonaiak, ustezko paranoiak jota, beren buruaz eta inguratzen dituen munduaz zalantza egiten irudikatuak dira maiz. Ipuin gehienetan errealitatea simulakroari kontrajartzen zaio. Philip K. Dicken lanetan egoera bitxienak ere gertagarriak dira, hain da sendoa istorioen barne-koherentzia. Baina kontuz, ezer ez baita dirudiena.]]>
<![CDATA[Boxeoa eta emakumeak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1936/035/001/2015-09-06/boxeoa_eta_emakumeak.htm Sun, 06 Sep 2015 00:00:00 +0200 Iraitz Urkulo https://www.berria.eus/paperekoa/1936/035/001/2015-09-06/boxeoa_eta_emakumeak.htm
Liburuaren kontrazala irakurriz gero, eleberriak 25 emakumeren istorioak kontatzen omen ditu. Bada, ez. Perlak, kolpeak, musuak, traizioak obran emakumeak bigarren mailako pertsonaiak dira, gehienetan apaingarri hutsak, gizonek sexu-objektu gisa beren borondatera erabil ditzaketenak. Egiatan, emakumeak kapitulu bakoitzari izen emateko aitzakia ahula —eta, ez gutxitan, bortxatua— baino ez dira. Izan ere, testu osoak garai batean gizontasunaren adierazgarritzat jotzen ziren ekintza, jokamolde eta zaletasunen katalogoa dirudi: boxeoaren mundua, dirua, alkohola, sexua, gaueko parranda giroa eta emakumeak.

Argumentuak 1920ko eta 1930eko hamarkadetara garamatza, boxeoaren urrezko aroan kokatuz, kirol horrek zale ugari zituen eta egiazko gizarte-fenomeno bilakatua zeneko garaian, alegia. Joxemari Iturraldek, liburuaren amaieran kontsulta daitekeen bibliografiaren laguntzaz, «Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga punta-puntako bi boxeolari euskaldunen istorioa» jaso nahi izan du. Boxeoa, parranda, edaria eta emakumeen zurrunbilo ero batean murgilduta, Europan eta Amerikan bizitakoak kontatzen dira ehun eta hirurogei orrialde eskasetan zehar.

Narrazioak nahiko era monotono eta errepikakorrean egingo du aurrera eleberriaren bi herenak igaro arte, orduan hasiko baitira azaleratzen bi protagonisten arteko jelosia profesional eta pertsonala, elkarrekiko gorrotoa eta mendeku-nahia. Bat-batean, 36ko gerrak eztanda egingo du eta, historiaren gurpilean harrapatuta, gertaera hura inflexio-puntu bihurtuko da haien bizitzetan. Idazleak egitura zatikatua eta foku aldakorra darabiltza hasieran, bi boxeolari ospetsuen istorioa hurbileko hainbat pertsonaiaren ikuspegitik txandaka kontatuz.

Eleberriaren testuinguru jakinean nagusitzen diren balio eta jokamoldeen erakarmen-gaitasuna irakurle bakoitzaren araberakoa izanik ere, susmoa daukat egiarekiko fideltasuna —ala hobe litzateke zuzenean «mendekotasuna» adieraztea?— fikziorako zama handiegia ez ote den. Esate baterako, agerikoa da diskurtsoan erreferentzia historikoak pilatzeko joera, ez bakarrik Hemingway, Lupe Velez edo Gary Cooperren aipamenak, baizik eta beste datu eta gertakari zehatz ugari ere.

Horiek guztiak boxeolarien pausoak ahalik eta leialtasunik handienarekin islatzeko helburuz txertatuak diren arren, emaitza objektibotasunak hartutako narrazio bat da, fikzioaren eremua neurri handi batean murriztu eta subjektibotasunerako lekurik apenas uzten duena. Lekututako informazio historikoa eskaini behar horrek azal dezake agian zenbait pasarte, delako ekintza garatu beharrean, hura laburtu edo, are gehiago, arin-arin aipatu edo zerrendatzera mugatzen direlako sentsazioa, behar beste sakontasun eta literariotasunik lortu gabe.

Horregatik guztiagatik, eleberri baten ordez, ziurrenik askoz egokiagoa litzateke Perlak, kolpeak, musuak, traizioak Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga boxeolari euskaldunen biografia fikzionatu gisa jotzea eta, jakina, halakotzat irakurtzea.]]>