<![CDATA[Irati Majuelo | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 15 Aug 2022 21:51:13 +0200 hourly 1 <![CDATA[Irati Majuelo | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Galderak bazkatzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2055/039/004/2022-06-19/galderak_bazkatzen.htm Sun, 19 Jun 2022 00:00:00 +0200 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/2055/039/004/2022-06-19/galderak_bazkatzen.htm Hotza bazkatzen, Balea Zuriak argitaratu berri duen poesia liburua. Ez da hori Igoak jasotzen duen lehendabiziko aitortza, baina bai, ordea, irakurleak duen lehenengo aukera idazlearen lan propio bat esku artean edukitzeko.

Hamar galderak egituratzen dute liburua, galdera bana kapituluko. Baina ez dute erantzun bakarra azaleratzen. Izan ere, galdera zabalak hartzen ditu idazleak abiapuntutzat, kutsu existentzialista nabarmena dutenak, eta, beraz, askotariko erantzunak jaso ditzaketenak. Horiei tiraka ontzen dira atal bakoitzeko poemak, baina ez dira hertsiki itaunei lotzen, eta, beraz, harri bat uretara bota ostean sortzen diren olatuen gisara funtzionatzen dute, batzuk lehen erreplikatik gertu, beste asko ardatzetik urrun. Hots, erantzunak baino gehiago, hausnarketa solteak aurki daitezke poemotan bilduta, txinparta batetik sortutako ideiak, batetik besterako loturak hari fin batek josten dituelarik. Kaosa du gaietako bat liburuak, eta egituraketan ere kaos puntu hori sumatzen da. Belarra bazkatzen duten abereen gisara, galderak gogoeta bilakatu arte murtxikatu ditu Igoak, hozkatu, itzulikatu, txikitu... ia galdera bera desegin arte.

Hala, gai ugari lantzen ditu idazleak hamar ataletan zehar, galdera desberdinei erantzun arren, elkarren artean harremandurik agertzen direnak. Bilduma osoan nabarmentzen da ni poetiko indartsu bat, barne munduari behako kritiko zorrotza ematen diona, eta norberaren baitan gordetzen diren nitasun desberdinei zuzentzen zaiona. Ahots horren bidez mahai gainean jartzen ditu geure buruei begiratzean sortzen ditugun auto-engainuak, tranpak eta berekoikeria, inertziei estilo zuzen eta gordinean aurre eginez. Halaber, ahots horren tonuari jarraikiz azaleratzen dira gainerako gaiak ere, ikusarazten dituztenak egungo bizi-erritmoaren eta naturaren denboraren arteko talkak, kontsumismoaren zentzugabekeria, behar ez ditugun behar faltsuek sortzen duten antsietatea edota pentsamendu eta jokaeren homogeneizazioa, besteak beste.

Hori dela eta, ez dira urriak natura, denbora edota distantziarekin erlazionatutako elementuak, poema-bildumako irudi, metafora eta sinbolo gehienak horietan oinarritzen baitira. Horien artean, aireak garrantzi berezia hartzen du liburu osoan, eta batik bat arnasak, haren bidez barne munduaren eta kanpoko errealitatearen lotura eta talka adierazten baititu idazleak. Sarri arnasestu edo itolarri sentsazioen bidez islatzen da ideia hori: «Sartu dut airea/ arnasa hartu nahian./ [...] Irentsi dut,/ hartu dut airezkoa den dena,/ arnasa izan ezik».

Honenbestez, esan daiteke proposamen originala aurkeztu duela Igoak, barne mundu indartsu eta zorrotza erakusten duena, baita idazketarako gaitasun aske eta freskoa ere. Anbiguetaterik gabe mintzo da lehen liburu hau, hizkera zuzen eta katramilatu gabean, galdera abstraktuegiak gerta zitezkeenei ihardespen pertsonal eta ausartak bideratu dizkiena.]]>
<![CDATA[Urari so]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2133/037/004/2022-06-05/urari_so.htm Sun, 05 Jun 2022 00:00:00 +0200 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/2133/037/004/2022-06-05/urari_so.htm Ur-marka liburua, duela zenbait hilabete Katakrak argitaletxean euskarara ekarria.

Gizakiak egindako maisulanik handientzat jotzen zuen idazleak Venezia, 32 urte zituenean lehen aldiz zapaldu zuenetik liluratu baitzuen hiriak. Alabaina, postaletik gutxi du ondu zuen saiakera honek, ez baita iluntze gogoangarririk, nahi eta nahi ez argazkiratu beharreko lekurik, ez eta datu historiko esanguratsurik ere. Hirian zehar egindako ibilbideetan, bidaiariaren bizipenetan edota gizarte industrialaren ondorioz jasaten dituen eraldaketetan baino, beste zerbaitetan jartzen du arreta Nobel saridunak. Hots, hiriaren alderdi fisikoa bazter utzi, eta haren atmosferan biltzen dira idazlearen gogoetak, kasik aipuak, lipar batez sentitutako inspirazio kolpeak balira bezala. Horrek egiten du berezi liburu hau, finean ez baita Veneziari buruzko saiakera bat, baizik eta Veneziak posible egiten duen lan bat. Hala, atal batetik besterako jauzi ia hautemanezinetan agertzen dira hiriaren giroak biltzen dituen hainbat gai: denboraren iragatea eta haren materializazioa, desioa eta edertasuna, turismoa eta aristokrazia zaharra, bizitza eta heriotza.

Baina badira ororen gainetik gailentzen diren bi gogoetagai, elementu, metafora errepikakor. Lehena begiradarena da, Angel Errok hitzatzean esaten duenez, «begiaren poetika» baitarabil Brodskyk. Idazlearen aburuz, Italiako hiriak badu zerbait bidaiaria begia lehenestera bultzatzen duena gorputzeko beste ezein organoren aurretik. Edertasuna nagusitzen den hirian, begiak hura bilatzen du, segurtasuna eta kontsolamendua bilatuz, eta, hala, autonomo bilakatzen da, bidaiariaren gorputz osoa ekintza horretara bideratuz. Hala idazten du Brodskyk ere, begia lumaren aurretik jarriz, konbentzio literarioei baino senari jarraikiz, hizkera poetiko sendo baina ez estetizistaz. Eta hala sortzen ditu irudi eder eta bakanak, irakurleari kutsatzen diotenak idazleak Veneziari dion miresmena.

Bigarrena ura eta denbora lotzen dituen hausnarketa haria da. Brodskyren aburuz, ura denboraren irudia da, eta, honenbestez, Venezia da harreman horren hezurmamitzea gauzatzen den leku berezi bat. Gogoeta sakon horiek, ordea, kontaera argigarri eta freskoaren bidez azaltzen ditu idazleak, sarri pasarte samur bezain ederrak utziaz. Esaterako, aipatzen duenean Gabon zahar gaueko hamabietan uraren ondoan egoten saiatzen dela beti, «ahal dela itsaso edo ozeano baten ondoan, bertatik denbora zati berri bat, denboraz beteriko katilu berri bat nola sortzen den ikusteko». Euskaraz gozatzeko lan interesgarri bat, dudarik gabe, oharkabean pasatutako itzulpen eta gramatika nahaste gutxi batzuk gorabehera, Rikardo Arregik lan txukuna eginez itzuli duena.]]>
<![CDATA[Nola ekarri gogora]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2006/035/004/2022-05-22/nola_ekarri_gogora.htm Sun, 22 May 2022 00:00:00 +0200 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/2006/035/004/2022-05-22/nola_ekarri_gogora.htm Austerlitz, etenik gabeko hizketaldi luze batez eta argazki misteriotsuz osatua. Jacques Austerlitz gizon bitxia du protagonista, zeinak, narratzailearekin dituen elkarrizketen bidez, azaltzen duen bere iragana bilatzean sentitutako itolarria eta egindako ibilbidea. Haurra zela bere familiarengandik bereizia, eurei buruzko informazioa xerkatzeko eta gogorapenen bat ekartzen ahal dion edozer argazkiratzeko beharra du; baina baita eraikin zaharrei zein sitsei behatzekoa ere.

Denboraren eta espazioaren arteko harremanetan sustraitzen da eleberri honen muina, idazleak giltzarri gisara erabiltzen baititu protagonistaren memoria berreraikitzeko saioan oroitzapenak zein hutsarteak harilkatzeko. Testuan agertzen diren espazioen nolakotasuna askotarikoa bada ere, era berezian nabarmentzen dira geltokiak, antzokiak eta gotorlekuak, eta horien kupulak, kapitelak, galeriak, leihoak. Hasiera batean hutsalak irudi dezaketen apunte arkitektoniko akademikoez haratago, espaziook esangura sinboliko garrantzitsua dute, eta iraganarekin konektatzeko katalizatzaile modura funtzionatzen dute, oroipen proustiarrera hurbilduz sarri. Austerlitzen memoria, gotorleku zaharkitu baten antzerakoa bizi ia osoan zehar, gutxinaka desarmatzen joaten da kontakizunean barrena, ohartuta zementu gotorrezko horma itxiek bere izatea arrozteko baino ez diotela balio izan.

Hala, protagonistaren bizitza berreraiki ahala, XX. mendeko Europaren historia azaleratzen da txatalka, eta, hortaz, memoria historikoaren sarea josten du, ia erreparatu gabe, pertsonaletik kolektiborako jauziak gogoramenen eta ikerketaren hariekin txirikordatzean. Ildo horretan, oroitzapenaren mekanismoei buruzkoak dira Austerlitzen kezka nagusiak: nola ekarri gogora inoiz ahaztu zena? Behin eta berriz errepikatzen duenez, inongo lege ezagunen bidez azal ezin daitekeen zerbaiti esker itzultzen dira irudiak, hitzak, pertsonak gure burura; behartu gabe, berariaz saiatu gabe. Horrekin lotuta, adierazgarria da Sebaldek maisutasunez erabiltzen duela kasualitatearen baliabidea, bere eleberriaren garapenerako ezinbestekoa, baina inolaz ere bortxaz baliatua. Protagonistak, honenbestez, zerbait hori estimulatzen igarotzen ditu urteak, deserrotzeak eragindako identitate galera arindu nahian.

Eleberri dentsoa da, ezin daiteke uka, baina trinkotasun horren barnean bada marea-mugimendu bat harrapatu eta ezinbestean erakartzen duena irakurlea ia atsedenik gabeko hizketaldian aurrera segitzera. Geruza ugari ditu istorioak, bata bestearekin batzen doazen ahots sedimentatuen kontakizuna baita. Hori dela eta, berezko erritmo geldoari arnasguneak eransten dizkio idazleak, pertsona bakoitzaren ekarpena ondokoarenarekin kateatuz osatzen delarik diskurtso osoa.

Nabarmendu beharrekoa da Idoia Santamariak egin duen itzulpena. Izan ere, alemanezko perpaus-kate luze eta korapilatsuak, hizlari aldaketa etengabeak eta zehaztasun izugarriko lexikoak euskara bikain eta irakurgarrian ematea ez da edonolako lana. Akatsik gabeko euskaratzea, zinez.]]>
<![CDATA[Ezer erakutsi beharrik gabe]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2234/030/006/2022-05-08/ezer_erakutsi_beharrik_gabe.htm Sun, 08 May 2022 00:00:00 +0200 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/2234/030/006/2022-05-08/ezer_erakutsi_beharrik_gabe.htm Hautsia natza (2000) eta Ez dut nik asmatu (2017) argitaratu ostean idatzi baitu Mina hartzeko ere (2022). Poesian bide bat eginda, bada, ahots poetiko propioa duen idazlea aurki daiteke liburu honetan.

Aurreko lanen ildotik, tonu pesimista batek bustitzen ditu poemotako asko, ez etsipenaren edo tragediaren aldarri egiteko, baizik eta bizitzaren alderdi inperfektua onartzeko, bere poz eta minekin. Gizaki akastun gisara aurkezten du bere burua ni poetikoak, eta gizatasun hori da liburuaren giltzarri interesgarrienetako bat. Pesimismoaren gainetik gailentzen da sarri apaltasuna, eta zintzotasunez iristen dira irakurlearengana mundu kontraesankor hau interpretatzen duen ahotsaren kontraesanak, hala nola ondoz ondoko Lokazmin eta Ezeren okerrik ez dela poemek erakusten duten gisara. Orobat, ironiaren eta esajerazioaren erabilerak areagotzen du ni poetikoaren inperfekzioa, izaera komikoa ere emanez.

Denborak eragiten duen gainbehera ekidinezina da gai nagusietako bat, norberaren garaia igaro izanaren sentsazioa, baina baita suhartasun horretatik askatzean sentitzen den lasaitua ere. Hots, gazte garaiko ametsak, exijentziak eta mira handiak lurrera jaitsita, beste patxada bat deskubritzen dute poemok. Hala, besteak beste, Zabalak ohiko dituen txirrindularitzari buruzko erreferentziak erabiliz, poema esanguratsuak idazten ditu indarrez hustuta baina zer galdurik gabe, inori ezer erakutsi beharrik gabe bizitzeaz, idazteaz. Iraganari so egiten dio maiz, eta haurtzaroko unibertsoan aurkitzen ditu jadanik etorkizun bilakatzen ari den orainari heltzeko gakoak, erritmoak, hitzak, dena astiro joan dadin desiratzeko aulkiak.

Zabalaren estilo poetikoak ez du berezko lirikotasuna, eta era horretan metafora eta sinbolo ohikoen bilaketatik urruntzen da. Poema narratiboak zein existentzialistagoak tartekatzen dira, eta idazkerak arruntera jotzen du sarri, errepikapenen edota kaleko esamoldeen bidez idazlearen lengoaia propioa artifiziorik gabe islatuz. Agerikoa da hizkuntzarekiko kezka nabarmena duela azkoitiarrak, bai zenbait poematan aurkezten dituen gogoetetan, bai darabilen hiztegian. Izan ere, oso ugariak dira hitz jokoekin, esaerekin edota asmaturiko hitzekin osatzen dituen jolas lexikoak, zenbait poema aho-korapiloetara gerturatzen direlarik.

Baina hizkuntzaren erabilera aberatsa eta ausarta askotan esanguratsua bada ere, kontrako efektua ere eragiten du aldizka, hitzen arteko malabarismo bortxatuek mezua edota interesa galarazten baitute. Hala, badira zenbait poema huts geratzen direnak, airean, kontraste handiegia eginaz mezu zintzoak, irudi ederrak edota bira umoretsuak (dibertigarriak!) dituztenen aldean.]]>
<![CDATA[Beiraren distortsioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1977/029/006/2022-04-24/beiraren_distortsioa.htm Sun, 24 Apr 2022 00:00:00 +0200 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/1977/029/006/2022-04-24/beiraren_distortsioa.htm
Idazle estatubatuarraren poesia da, akaso, bere obran ezagunena, eta gurean ere, poesiazkoak dira aurretik itzuli diren bi liburuak, Iñigo Astizen zein Harkaitz Canoren eskutik. Garazi Arrulak, ordea, bere eleberri bakarra euskaratu berri du, ezizenpean argitaratu zuena 1963an. Euskara bikainean eta Plathen estilo gordinari eutsiz, altxor txiki bat da euskarara ekarritako munduko literaturaren artean.

Eleberri honek neska gazte baten gainbehera azaltzen du, New Yorkera beka batekin joateko aukera norbere barrurantz amiltzeko zulo bilakatzen zaionean. Esther Greenwood ikasle argia da, nota bikainez betetako curriculumarekin etorkizun oparoa iragarri zaiona: nahi duena lor dezake, nahi duena izan daiteke. New Yorken bera moduko neska talde batekin igaroko du hilabetea, moda aldizkari batean editore gonbidatu modura, hiri handiko giro artifizialaren xanpain burbuilak dastatzen eta helduarorako trantsizioaren lehen errealitate kolpeak jasaten: gizonekiko harreman zapuztuak, sexu-erasoak, nesken arteko lehia eta jelosiak, lan-munduko anbizioa eta zorroztasuna. Etorkizunerako lehen urratsak emateko egonaldia omen da, baina Estherrek, aitzitik, ez daki zer nahi duen. Ez du hori nahi, baina ezin jakin norantz jo: paralizatuta dago egonaldia amaitzen denerako. Gainerakoengandik bereizi sentitzen da, ez baitu euren feminitatearekin bat egiten, eta ez baitu ere arau sozialek emakume gazte batentzako aurresuposatzen duten leku baldintzatuan bere burua ikusten. Poliki-poliki, lehen pertsonan ikusten eta kontatzen du nola mozten zaizkien hegalak bere ilusio lañoei, nola mugatzen duen gizarteak, nola mugatzen duen berak bere burua.

Era horretan, Estherren eta munduaren artean amildegi bat zabaltzen da, geroz eta handiagoa. Nobelaren bigarren zatian, istorioak purpurina atzean utzita, kolore ilun trinkoa hartzen du. Neska gaztearengan aurretik sumatutako noraez eta haustura zantzuak nabarmen indartzen dira, eta aurretik errealitatearekiko sorgortasuna zena gaixotasun kliniko bilakatzen. Horren ondotik datoz psikiatrikoak, medikalizazio bortitza, elektroshock tratamenduak. Ameriketako Estatu Batuen 50eko hamarkadako erretratu garratza egiten du, beraz, gainbehera psikologiko pertsonala zirudiena herrialde eri batekin harilkatzean; hala, eremu publikoa eta pribatua etengabe gurutzatzen eta gainjartzen dira Plathen idazkeran.

Idazkera berezia du estatubatuarrak, istorio arrunt eta kaskarina dirudienaren gainean ahots sakon eta ospel bat gailentzen baitoa ia irakurlea ohartu gabe, ia dena irensteraino. Irudi indartsu eta durduzagarriek, testuari lirikotasuna emateaz gain, kontakizun bisuala sortzen dute oso, sinetsaraziz ospitaleko harlauzen gainean lehertu den termometroaren merkurioak goitik behera zipriztindu zaituela. Horrez gain, Plathen ironia eta umore beltza nabarmendu behar dira, gaixotasun, erietxe eta zulo beltzez osaturiko kristalezko munduan ere isekari agertzen baita idazlearen ahotsa.]]>
<![CDATA[Kantuez haratago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2067/037/002/2022-04-10/kantuez_haratago.htm Sun, 10 Apr 2022 00:00:00 +0200 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/2067/037/002/2022-04-10/kantuez_haratago.htm Enborretik antologian, gure belarrietan dardara berriak eragin ditzan.

Hitzetatik gaindi ulertzen zuen poesia Artzek, bere baitan amaitzen ez den indar baten modura, harremanak eraikitzen dituena inguruarekin, artearekin, jendearekin. Hala, sortze prozesuak garrantzi handia hartzen zuen, diziplinartekotasuna eta talde-lana aurki daitezkeelarik bere jardunaren muinean. Baita emaitzan eta plazaratzean ere, liburua bera objektu artistiko bilakatzen baitzuen eta obsesio batek gidatzen: poesia herriari ematea. Artzek garrantzi handia ematen zion hartzaileari, irakurlearen agentzia azpimarratzen zuen, eta ildo horretan azaleratzen da idazteko hautaturiko kokaleku berezia. Balea Zuriaren bilduma honek, liburu formatuak mugatuta bada ere, asmo bera biltzen duela esan daiteke; Artze omentzea, eta gorazarre horretan poesia jendearengana itzultzea, iraganeko ahanztura posible batetik berreskuratu eta eskuragarri jartzea. Horren ezagun egin ez direnak berrezagutaraztea, argitaragabeek lehen aldiz argia ikustea. Beraz, Ibil Bedik kantatzen duen gisara: «Izan bedi hau herriarendako poesia bat».

Luze idatz liteke idazlearen ibilbide poetikoaz, hala eta guztiz ere, antologia honetan fokua jarrita, usurbildarraren korronte espiritualena nabarmentzen duela esan beharra da. Bilduma batean ezin daiteke oro sar, eta, ondorioz, ez dira liburu guztiak ageri, eta hautatutakoen artean ez dago oreka zurrun bat ere. Nabarmena da, baina, Artzeren poesia bisuala izendatu denak tarterik hartzen ez duela liburuan, baliabide teknikoak medio, eta pena da. Halaber, idazlearen aro esperimentalistena, abangoardistena da gutxien ageri dena, eta Ortzia lorez zerua izarrez liburutik aurrerako espiritualitatea, transzendentzia, mistizismoa gailentzen da. Hitzaurreak eta hitzatzeak ere idazlearen alderdi horri eman diote garrantzia.

Hori hala, Artzek maite zituen kontrako kontzeptuen arteko loturen bidez, itxura delikatu eta egia sakoneko poesia aurki daiteke, umiltasunetik abiatu baina ez diona izkin egiten galdera konplexuak jorratzeari. Irakurleak erraz hautemango ditu naturarekiko miresmena eta lotura ekidinezina, lanaren funtzioari buruzko zalantzak, gizakia eta haren kezka existentzialak, erlijioarekiko galderak, harremanak biltzen dituzten korapiloak zein bizitzaren eta heriotzaren arteko atalaseak. Eta oroz gain, sentikortasun fin bat, bizitzari aurrez aurre biziminez behatzen diona. XX. mendeko euskal poeta garrantzitsuenetako bat izan da, eta hala iraun behar luke. Antologia honek aletxo bat jartzen du Artzeren lana balioesteko, aletxo bat ale gehiagoren beharra izanen duena.]]>
<![CDATA[Noraeza ez da kokapen eza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2094/037/003/2022-03-27/noraeza_ez_da_kokapen_eza.htm Sun, 27 Mar 2022 00:00:00 +0100 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/2094/037/003/2022-03-27/noraeza_ez_da_kokapen_eza.htm
Hiru ataletan banatu ditu Vargasek liburuko poemak: Zuloak, Ateak, Zubiak. Esan liteke lehenengoa zalantzatik abiatzen dela, identitatearen eraikuntza oraindik gauzatu gabe batetik, non gorputz zulatu bat igar daitekeen, gorputz mindu bat. Noraezaren ezagutza adierazten da Zuloak atalean, oraindik beldurretik, oraindik bertigotik. Nor den baino, izate horrek kanpo-begiradan, ingurukoen epaian eragingo dituen erreakzioetan sumatzen da zalantza, espektatiben eta errealitatearen arteko arrakalak jartzen baititu agerian. Hala, atal honetan, irudiaren gaiak indar handia du, zein den ematen den itxura, zein irudika nahiko litzatekeena, zein benetakoa, zein desdoikuntza horren ondoriozko kontraesanak. Liburu osoa zeharkatzen duen gaia da, berez, gatazka guztiz garaikideak mahaigaineratzeko baliatzen duena idazleak: autosufizientziaren ideia, kanpo-irudi arrakalaezinak sortu beharra, besteentzako mozorratzearen zama, «izan zeu» dogmak normatibitatearekin egiten duen talka, besteak beste.

Ateak atalean noraezaren kontzientzia hartze sendoago bat suma daiteke, nahiz eta egia den continuum batean garatzen dela liburu osoan zehar. Alabaina, zalantza helduleku politiko moduan agertzen hasten da bigarren kapituluan, eta, beraz, inertziak zein ideologia ideal baina iritsezinak auzitan jartzen dira poemotan. Zaurgarritasuna kokapen modura onartzen da, eta, ildo horretan, bereziki nabarmentzen da Txiki izatea aukeratzea, liburuko lanik ederrenetakoa, ziur aski. Azkeneko atalean, esplizitua da Zubiak izenburuaren eta idazkien arteko lotura, pertsonen arteko harremanetan ardazten den heinean. Oroitzapenetatik edota gogoetetatik abiatuta idatzitako poemak dira, eta horien bitartez azaltzen dira idazleak amarekin, heriotzak eramandako gertukoekin, maitale edota bikote izan daitezkeenekin eraikitako erlazioak. Alde horretatik, giro intimoago bat transmititzen dute aurreko poemekin alderatuta, eta, era berean, zenbaitetan deszifratzen zailago izan daitezke. Hala ere, badira ale ederrak, hala nola Paraleloak, Ama, eta liburua ixten duen Gure erretratu bat, egiaz irudi ederra sortzen duena. Nabarmentzekoa da, halaber, Ez jakitea, bilduma osoaren ideia sintetizatzen baitu: «eta itaunduko nizuke zergatik / eta hori litzateke / ezer baino erradikalagoa».

Beraz, plazaratze sendoa agertu du Vargasek, kokapen eta estilo propioa lantzen ari den seinale. Egia da zenbaitetan liburua biltzen duen lainoak gandu trinko forma hartzen duela, idazlearen mundu introspektiboan sartu eta irakurleari konektatzeko aukerak urrituz. Akaso zenbait poema barne-korapiloak askatzeko idatzi zirelako, irakurle baten begi-belarrietarako baino, kriptikoago gerta daitezke. Alabaina, bertso-lerro ederrak ez dira gutxi, irudi esanguratsuak, kadentzia interesgarriak, poema borobilak aurki daitezke. Hizkuntza landu bat oinarri, irakurzaletasuna eta literaturaren ezagutza lagun, proposamen erakargarria egiten du idazleak, hurrengoetarako gogoa piztu diguna.]]>
<![CDATA[Zer egin iraganarekin gustukoa ez denean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2070/039/004/2022-03-13/zer_egin_iraganarekin_gustukoa_ez_denean.htm Sun, 13 Mar 2022 00:00:00 +0100 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/2070/039/004/2022-03-13/zer_egin_iraganarekin_gustukoa_ez_denean.htm
Hasieratik nabari da asmo garbi bat Barandiaranen proposamenean: ur lohietan sartzeko prest dago, ahal den eta zintzotasun handienarekin. Ez da erraza arakatzea zergatik eman zuen izena amaginarrebaren anaiak Falangean, zergatik aurretik EAJkoa izandako gazteak amaitu zuen Lemoaitzen gudari euskaldunak (tartean EAJkoak) tirokatzen. Zer dela eta gertatu zen hori Altsasun, non eta «Nafarroako lotsaizunean». Ezkertiar aitortua izaki, ez da atsegina izan behar, ez. Gutxi dira familiaren edota gertukoen artean eskuindarren aldean lerrokatu zirenak ikertu dituenik. Hala ere, idazleak ez zuen Luis Fernandez ezagutu, 17 urteko gazte bat zen, Gerra Zibila hasi zenean beste askoren modura frontera joan zena. Barandiaranek aitonari buruz idatzi behar duenean, ordea, desberdina da guztiz idazkera, sakontasuna, emozioa.

Hori dela eta, kronika-saiakera balantzan, bigarrenak hartzen du interes handiena, nahiz eta ez den idazleak gehien garatu duena. Izan ere, Luis Fernandezen historiari dagozkion atalek gehiago dute azalpenetik, fronteko egunen zerrendatzetik, hausnarketatik baino. Gertaeretatik haratago, ekarpen esanguratsurik gabeko atalak daude, diskurtsoari dagokionean bederen. Iturri historiko zuzenak ezinbestekoak dira historia berreraikitzerakoan, eta bide horretan garrantzitsuak dira oso, baina pisu handia dute liburuaren zatirik handienean, eta, ondorioz, kontakizun hutsean geratzeko arriskua dago. Alderdi hori indartzen du behin eta berriz erabiltzen den zehar-estiloak.

Alabaina, azkenengo atalak liburua irauli eta saiakeraren alde jartzen du balantza, Barandiaranen lanari beste dimentsio bat zabalduz. Pena da, zinez, liburu osoan zehar baliatu ez izana idazleak saiakerarako daukan gaitasuna. Izan, Pablo Amillano aitonaren izena jazartzaileen artean agertzeak ideologiatik haratago doan zerbait azaleratzen baitio idazleari, zerbait humanoa, erraietako asaldura eta zintzotasuna, bere burua lokatzetan sartzeraino daramana. Ikerketak hor dirau, kronikak testuari behar duen oinarria eskaintzen dio, baina bosgarren kapituluan pentsamenduaren sakontasunak gailen egiten die gertakariei. Gorputzean, familia-loturetan, harreman intimoenetan loratzen dira aurretik aipaturiko beldurrak, isiltasunak, indiferentziak, eta egiazkotasun ukigarriz irakurtzen dira. Ez da aitona loriatzen, ez da zuritzen, ez moralki barkatzen; ez da ere senideen errua bizkarrean zamatzen. Isiltasunari bozgorailu bat jartzen zaio, eta egungo begiez entzuten, egungo gorputzez mintzatzen.]]>
<![CDATA[Managaitzaren lilura]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1977/030/006/2022-02-27/managaitzaren_lilura.htm Sun, 27 Feb 2022 00:00:00 +0100 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/1977/030/006/2022-02-27/managaitzaren_lilura.htm Jacob. Recuerdos de un rebelde (2015) liburuan argitaletxe berberak hasitako bidetik.

Jacob uste osoko anarkista izan zen, autonomoa eta ilegalista, balio eta konbikzio irmokoa. Berezko sendotasun horrek bustitzen du komiki osoa, eta protagonistaren izaerak egiten du distira ororen gainetik, datu biografiko ugari eta zehatzak baino haren jarrera eta pentsamendua lehenesten baitira. Hala, enpatia handia sortzen duen lapurra da, justizia instituzionalean sinistu ez arren mundu justu batekin amestu eta hura borrokatzen duen gizon xehea baita. Aberatsei lapurtu, beharra dutenei emateko; bizia arriskatu, baina ez norberaren probetxurako. Hala ere, idealetatik haratago, karisma handiko pertsona bat erakusten du liburuak, eta hortaz, bere ausardiak, umoreak eta samurtasunak gerturatzen du irakurlearengana. Ez da pertsonaia akasgabea, bai ordea okerrak onartzen dituena. Ondorioz, komikian zehar behin eta berriz nabarmentzen dira hipokrisiarekiko zein injustiziekiko gorrotoa, Jacoben izate herrikoia, eta batez ere, leialtasuna.

Bost ataletan bereizita, haurtzarotik heriotzera arteko pasarte nabarmenenak kontatzen dira. Istorioaren hezurdura epaiketa garrantzitsuenak egituratzen duela esan daiteke, bertan egiten dituen deklarazioak baitira denboran atzera egiteko aitzakia nagusia, eta epai haren ondorioak agerrarazten baitira laugarren ataletik aurrera. Hala ere, epaiketa-giroak ez du pisu garrantzitsuena hartzen komikian, eta beraz ez dio bizitasunik kentzen. Zirraragarria da bizitako prozesu pertsonala ikustea: gaztetxotan gizakien doilortasunak emandako zaplaztekoa, gaztaroko politizazioa, lehen kartzelaldiak hauspotutako boterearekiko erresistentzia. Haren ondoren hasten da gorpuzten lapurraren mitoa, kolektibotasunaren eraikitzea eta lanaren profesionalizazioa, epaiketa handiarekin batera amaituko dena: biziarteko lan bortxatuetan ezagutzen du gizakiaren aurpegirik ilunena. Azkenik, zahartzaroak eta heriotzak hartzen dute lekua, eta amaiera hunkigarria du benetan, espero gabekoa.

Liburu dinamikoa da, erritmo bizikoa. Irudiek testuak baino pisu handiagoa hartzen dute gehienetan eta koloreek joko handia ematen dute, talka konplexuak sortuz pobreziaren, gauaren, lapurren gris-marroi-urdin itzalien eta aberastasunaren, doilorkeriaren, zigorraren hori-gorri bortitzen artean. Akaso, itzulpenari zenbaitetan freskotasun apur bat falta zaio, baina abiadurari eusten dio. Epilogo batekin amaitzen da, pertsonaia eta testuingurua guztiz kokatzen laguntzen duena.

Ezin aipatu gabe utzi Jacoben bizitzak munduan zehar biderkatu zituen ameslariak. Boterearen kontra altxatzen bazara, hartu komiki hau esku artean eta Lucio Urtubiaren itzalak ikusiko dituzu maletinak galtzen diren kalexketan, liburuen orri artean, irri bihurrien ertzean.]]>
<![CDATA[Azken arrasto bat, Watson]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2078/029/003/2022-02-13/azken_arrasto_bat_watson.htm Sun, 13 Feb 2022 00:00:00 +0100 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/2078/029/003/2022-02-13/azken_arrasto_bat_watson.htm
Sherlock Holmesen memoriak, beraz, literaturaren historiako saga ezagunenetako baten parte da, jatorrian The Strand Magazine-n atalka argitaratua. Hamabi kontakizunek osatzen dute, nahiz eta lehendabiziko edizioetan Kartoizko kutxa bildumatik kanpo utzi zuten, izan adulteriozko harremanak agertzen dituelako edota bortizkeria handiko kasua zelako. Zergatia ez dago argi, baina gerora argitaraturiko edizio ugaritan jaso da, euskarazko honetan nola. Eta eskerrak, Aurpegi horia-rekin batean, istorio interesgarrienetako bat baita, emozioari azkenerarte eusten diona.

Arthur Conan Doyleren ezaugarri nagusia ipuinen formari dagokiona da, izan ere, gehien-gehienek formula bera errepikatzen dute: lehendabizi biktimaren eskutik iristen da kasua Holmesen eskuetara, eta haren gertakizunen bertsioa plazaratzen. Ikerketa eta miaketa dator ondoren, prozesuan zehar Holmesek beretzat gordetzen dituelarik aztarna eta zantzu gehienak, irakurlearen egonarria proban jarriz. Amaieran, detektibearen ahotsetik jakiten dituzte gainerako pertsonaiek, bai eta irakurleak berak, jazoeraren nondik norakoak, eta gaizkilearen arrazoiak eta jokaerak argi geratzen dira. Hori dela eta, ipuinaren barnean istorio bat baino gehiago garatzen da, eta kontaketa estiloak garrantzi handia hartzen du.

Hala ere, bilduma honetan, interesgarria da, batetik, jadanik Sherlocken zenbait liburu idatzirik izanik, idazleak aukera daukala aurreko abenturekin jolasteko, eta hala erreferentzia egiten die detektibearen aurreko ibilerei, denboran zehar garatuz doan pertsonaia dela erakutsiz. Bestetik, ipuinero agertzen du Sherlocken ezaugarri berriren bat, jadanik egonkortua dagoen bere irudia (famatua, hutsik gabekoa, serioa, hotza) aberastuz: urduri agertzen da, depresioa du, txakalaldiak... Horrez gain, bere lehendabiziko kasua aitortzeak edota asmatu ez zuen misterio bat onartzeak pertsonaia are gehiago humanizatzen dute.

Baina liburu hau zerbaitengatik ezaguna bada, idazleak Sherlock Holmes hil zuelako da. Bildumako azken kontakizunak azaltzen du nola heltzen den bere amaiera Europako gaizikilerik handienaren atzetik dabilela. Alabaina, garaiko irakurleek ezin izan zuten jasan euren pertsonaia gogokoenaren heriotza, eta Arthur Conan Doyleri eskatu (are indarrez exijitu!) zioten berpiztu zezan, eta hala egin zuen The Return of Sherlock Holmes lanean. Ea laster irakur dezakegun euskaraz Sherlock Holmesen itzulera...]]>
<![CDATA[Itsaso bete memoria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2073/029/002/2022-01-30/itsaso_bete_memoria.htm Sun, 30 Jan 2022 00:00:00 +0100 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/2073/029/002/2022-01-30/itsaso_bete_memoria.htm
Horren haritik, ezin uka sentsibilitate handi batek biltzen duela bilduma osoa, delikatua da Etxabururen idazkera. Hiru ataletan banatuta, lehendabizikoak (Post-itak pareta zurian) amaren memoria berreskuratzeko lanak eta gaitzaren lehen inpresioek gidatzen dute, lirikotasun ongi landu batez bustiz poema gehienak. Mara-mara bigarren atalean, ordea, etsipen sentimendua nagusitzen doala esan daiteke, eta tonu ilunago bat hartzen duela idazkerak, nahiz eta badauden liburu osoan zehar esperantzarako deiak, itsasargi txikiak dirdirka. Azken atalak bide gehiago irekitzen dizkio argiari, mina egon badagoen arren, onarpenak goxatzen baitu unean uneko bizialdia. Bidaia batean murgiltzen da, beraz, idazlea, eta harekin batera irakurlea.

Bereziki ederrak dira poetaren beraren oroitzapenetatik abiatzen diren poemak, ama memoria galeraren aurreko garaietan kokatzen dutenak, ahanzturatik haragoko bizi bat gorpuztuz. Halaber, eguneroko gertakari, ohitura eta keinuetan oinarritutako aleek beste kolore bat eskaintzen diote bildumari, arnasa ematen diote metafora eta metafora artean. Edertasun, min eta maitasun egiatienak egunean eguneko etxekotasunean daudela transmititzen dute.

Alabaina, esanguratsuena da, hiru ataletan zehar, poema gehienak itsasoaren eta memoriaren iruditerietan mugitzen direla. Interesgarria da oso nola uztartzen dituen bi munduak, metafora horretan gauzatzen baitira joko liriko gehienak. Egia da agian zenbaitetan errepikakor gerta daitekeela, poema bera irakurtzen ari bagina bezala, lerro-arte desberdin batetik hasita. Itsasoaren irudi guztiak poema bakarrean kondentsatuko balira bezala. Akaso, horretan datza ahanztura, etengabe bariazioz bariazio errepikatzean irudi berbera. Ildo horretan, idazleak berak ohartarazten du, ez dago soluziobiderik poesian: «nazkatu naiz metaforen eta adjektiboen zurikeriaz/ hitz biribilen disimuluaz eta/ ondo jositako esaldien diktaduraz/ [...] ez dut ausentzia disimulatuko/ metaforarik gabe bizitzea izango da niretzat erronka».

Izan ere, poema-bilduma hau, finean, maitasun kantu bat da, Etxaburuk amaren belarrira xuxurlatutakoa: «baina ama,/ zein eder den zure begien mintzoa/ orain eta hemen baizik ez zaudenean/ isilik/ datorren bezala badoan brisa arina zarenean».]]>
<![CDATA[Haluzinazioaren ondorena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2048/029/003/2022-01-16/haluzinazioaren_ondorena.htm Sun, 16 Jan 2022 00:00:00 +0100 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/2048/029/003/2022-01-16/haluzinazioaren_ondorena.htm Krakovia.

Ordea, ez da unibertso paralelorik, ez eta konspirazio makurrik ere, gaixoaldi baten bizipenak dira liburuan kontatzen direnak, irudimen handiz metamorfoseatuak, hori bai. Absurdo kafkiarraren ildotik egin du kontakizuna Landabasok, hasiera batean ez dago argi protagonista non dagoen, zergatik eraman duten hara, zer ari den gertatzen bere inguruan. Eta angustia, lehen pertsonan adierazitako angustia kafkiarra luzatzen da eleberri osoan zehar, istorioa gidatuaz. Horren adierazle handiena da eleberrian ongi bereizten den denboraren pertzepzioa: gaixoarena, geldoa eta pisutsua; langileena, errutina azkarra; eta kanpoko munduarena, iragankorra eta etereoa.

Baina, finean, ospitaleratze baten kronika da Krakovia, eritasuna izendatu eta tratatzeko itxaronaldiak markatzen duen gaixo baten bizipena. Lehen pertsona singularrean agertzen da pertsonaia nagusia, haren pentsamendu eta elkarrizketen bidez daki irakurleak egoeraren berri. Alabaina, aipatzekoa da imajinazio handiko protagonista dela: ezizenak jartzen dizkie ospitalean daudenei, esajeratua da eta hiperbolerako joera etengabea du, baina, bereziki, umore beltza erabiltzen du defentsa mekanismo modura. Ironia iluna da bere bazka. Horrek kontakizunaren estiloa zipriztintzen du eta erritmoa markatzen: indarrez jaulkitzen den ibai baten jarioan doa, ekaitz-osteko korronte gainezkatsu eta desordenatua da.

Izan ere, idazketa automatikoaren kutsuaz, kontzientzian pentsatu ahala edo elkarrizketetan mintzatu gisara idazteko saiakera egiten du Landabasok, baina ezin esan horretan asmatu duenik. Bereziki lehendabiziko atalean, non haluzinazioak, ametsak eta errealitatea tartekatzen diren, bortitza gertatzen da irakurketa, ez protagonistaren noeraeza trasladatzen diolako irakurleari (hori lortzen du), baizik eta oihu, kantu zein sukar-ametsen idazkera estiloak ez baitio mesederik egiten testuaren osotasunari, beren naturaltasunean artifizial. Esan daiteke naturaltasuna dela baliabide zailenetarikoa literaturara ekartzen, pintzel fin-finez egin beharreko aurre-lanketa handikoa, eta idazleak saiakera ausarta egin badu ere, ez du erdietsi.

Egia da, aurrera egin ahala eta protagonistaren hasierako shock-a irakurlearengan ere digeritu ostean, argitzen eta gorpuzten doala eleberria. Hari-mutur gehiago agertzen dira eta ospitaleko erizain, mediku eta gainerako gaixoek kolorea eta bizitasuna ematen diote kontakizunari, nahiz eta euren pertsonaiek ez duten garapenik. Zenbaitetan errepikakor suerta daitezke bai protagonistaren pentsamenduak eta kexuak, bai idazleak erabilitako hainbat baliabide («txiste txarrak», hitz joko agerikoak). Oro har, irakurketa arina eta umoretsua bilatzen duen lana da Landabasorena.]]>
<![CDATA[Dena irabazteko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2090/041/003/2021-12-19/dena_irabazteko.htm Sun, 19 Dec 2021 00:00:00 +0100 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/2090/041/003/2021-12-19/dena_irabazteko.htm Gu gabe ere Itziar Ugartek argitaratu duen lehendabiziko poema-liburua da. Bere sinadura, hala ere, erraz aurki daiteke sariketa ugaritan edota Lekore aldizkarian, ez baita laburra literatur munduan egiten ari den ibilbidea. Lan heldua da lehen bilduma hau, zaratarik egin nahi gabe abiatua-izenburua bera ere letra xehez idatzita dakarrena, xume-, baina irakurtzeko eta berrirakurtzeko asko gordetzen duena.

Estilo narratiboari heltzen diote poema ugarik, anekdota edota oroitzapenen hariei tiraka, inguruan jazotzen denaren deskribatzaile ernea agertzen da idazlearen lekuan. Kontakizun hutsetik harago, ordea, irudi indartsu batek, hausnarketa zoli batek, beste zera batek geruza bat baino gehiago erantsi ohi dizkie istorioei. Badira, aldiz, lirikoagoak diren poemak, zeinetan idazlearen «ni»-ak, metaforek eta sinboloek eremua hartzen dioten kontakizun tonuari. Bi estiloen arteko zubi lanean, alabaina, esan daiteke estetika konstante bat topatu duela idazleak, delikatua eta sendoa aldi berean, xaloa eta sakona, liburua hasieratik amaierara lotzen duena. Argitasuna dario idazketari, apenas baitago hitzik sobera, eta hori zail izaten da poesia ontzean.

Galera eta heriotza jo badaitezke ere liburu honen gakotzat, gaiei dagokienean, badira poemaz poema azaleratzen diren beste hainbeste ere: heldutzearen pozak eta beldurrak, belaunaldi arteko arrakala ikusezinak, kezka politikoak, idazteko zilegitasunari buruzko gogoetak… Aro batetik besterako trantsizioa ikus daiteke poema bilduman, abiapuntu eta helmuga zehatzik ez duena, agian, baina mugi mendua jartzen duena agerian. Bide horretan, etxe propio bat eraiki du Ugartek bere poesiaren baitan: badira familia-egongelak, aiton-amonen logelak, maitaleentzako oheak, lagunentzako ardoak; badira gatazka baten trastelekua, memoriarako zein mundurako leihoak eta oraindik etorri ez diren horien ganbara, «-komeni da leku bat ametsentzat-». Etxearen erdigunean, norberarentzako gela bat. Argazkiak eta koadernoak daude gela horretan, dena irabazteko abaguneak, dena galtzeko beldurrak. Bizitzak nola, eraikitze-prozesuan jarraitzen duen etxearen korridoreetan zehar dabil idazlea, zenbaiten logeletan argia itzaltzen, besteei musika jartzen. Logela batetik besterako urratsetan zer galtzen den asmatu nahi luke, zer utzi dioten gainerakoek ohe ondoko mesanotxean.

Kanpora esandakoak eta -barrurantz gomutatutakoak-, ausartak dira Ugarteren poemak. Aurkitu dut haiengan belaunaldi baten begirada, euskal literaturan loratzen doan belaunaldi batena, herentzian jasotakoa zer zen eta horrekin zer egin nahi duen ulertu nahian dabilena, zer egon zen eta zer dakarren. Baina begiradaz harago hautematen dira bi begi. Belaunaldi baten begiradari parez pare eusten dioten bi begi zabal, ikusmolde eta ikusmira propioa dutenak. Dena irabazteko dutenak, bidean galtzeko beldurrik gabe.]]>
<![CDATA[Liburu hau arma bat da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2095/037/003/2021-12-05/liburu_hau_arma_bat_da.htm Sun, 05 Dec 2021 00:00:00 +0100 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/2095/037/003/2021-12-05/liburu_hau_arma_bat_da.htm Mari-mutil handi baten bluesa eleberrian irakurle bat baino gehiago harritu zuen, astindu, txunditu, harrotu. Fermintxo Zabaltzaren eskutik euskaraturiko bigarren lan honek efektu berbera izango duelakoan nago, edo hala espero dut behintzat, gure historiaren, Mendebaldeko pentsaeraren erroei erauzitako maisulana baitakar Feinbergek, fin bezain probokatzaile.

Borrokalari transgeneroak ez da, idazleak hasieratik argi uzten duenez, ohiko historia liburu bat, ez trans pertsonen historia orokor eta osoa, ez eta gaur egun trans mugimenduarekin ulertzen dugunaren genealogia hutsa. Bi lan-lerro sakonen emaitza dela esanen nuke. Batetik, arkeologia lan xehe eta zorrotza da, gizakiaren lehen komunitateetatik gaur egunera arte, generoa logika bitarretik at bizi zuten pertsonen bilaketan, kokapenean eta dokumentazioan oinarritzen dena. Eta bereziki, pertsona horiek komunitate desberdinetan izan zuten pisu errealaren eta historia hegemonikoan izan duten interpretazioaren arteko aldea ulertzeko saio tematia. Bigarrenik, trans kontzeptuaren pean bil daitezkeen esperientziei buruzko hausnarketa-lan garrantzitsua da, egungo begirada (post)modernotik at, gizaldiz gizaldi egon diren pertsona ez-bitarrei gardentasunez so egiteko asmoa agertzen duena. Badu asko saiakeratik, ukaezinezko ikuspuntu pertsonaletik abiatzen baita ikerketa. Eta hori du indargune nagusienetako bat liburuak, izan ere, egilearen zalantzek gidatzen dute irakurlea, bere sentituz Feinbergen kezkak, gogoetak eta, bereziki, galderak. Historia, politika, teoria, hirurak biltzen ditu idazki honek, hiruretan bermatzen dira Feinbergek aurkitutako erantzunak. Finean, idazleak esaldi bakarrean laburbiltzen duen gisan, liburu hau arma bat da: «Garaia da geure historien aditu gisa idatz dezagun».

Estilo zuzen eta argia darabil idazleak, une batzuetan ukitu pedagogiko batez ere ari dena. Izan, ideia ustez korapilatsuak azaltzeko erraztasun handia baitu, esperientzia pertsonalera edota adibide zehatzetara joz. Hala ere, erraietan bizi duen borroka dela ikusgarri egiteko ez du arazorik, eta, ondorioz, ez dira kritikak eta aldarriak falta. Alabaina, ez da panfletora iristen, eta eskertzen da. Liburu honek idazkeraren aldetik duen ezaugarririk bereziena, ziur aski, galderak azaleratzeko modua da, itaunen bidez diskurtsoa gidatu eta irakurleari erantzunen bila hasteko grina pizten baitio. Umearen jakin-min kutsatu gabea, helduaren kokapen politiko ezinbestekoa, jazarriaren auto-berrespen iraultzailea; hirurak biltzen ditu Feinbergen hitzak.

Baina bada lan honen interesa akuilatzen duen beste gako bat: intersekzionalitatea. Sarri ulertzen konplexua gertatzen den kontzeptuaren ariketa praktikoa izan zen idazlearen bizitza, eta hala islatzen du bere idazkeran ere. Oroz gain, zapalduen arteko batasunaren aldarria baita liburu honek uzten duen oihartzuna. Borroken arteko babesaren beharra, bidegurutze amankomunak eta aliantzak berriz ere zalantzan jartzen diren garaiotan, ezinbesteko begirada da Feinbergena: zapaldu ororen askatasunaren alde egiteak zu zeu askatuko zaitu.]]>
<![CDATA[Hurrengo bihurgunean zer topatuko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1977/038/003/2021-11-21/hurrengo_bihurgunean_zer_topatuko.htm Sun, 21 Nov 2021 00:00:00 +0100 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/1977/038/003/2021-11-21/hurrengo_bihurgunean_zer_topatuko.htm
Protagonista bera bezala. Izan ere, Lurrekin aldera liteke ipuinen izaera, protagonista bera autonomoa baita, ez bakartia, baina bai bere kasa ibiltzekoa, zenbaitetan soziopata joera izan nahiko lukeena edota lehor samarra, baina besteekiko eraikitzen dituen harreman hautatu eta hautatu gabekoetan harrapaturik aurkitzen duena bere burua. Hala, kontakizunotan ardatza da Lur, baina lagunekin, bikotearekin, lankideekin, kaleko ezezagunekin zein gurasoekin dituen harremanetan mugimendu oro neurtzen, epaitzen eta kuestionatzen hauteman daiteke, loturak ezartzen eta horiek galdekatzen.

Lurren pentsamenduan murgiltzen da irakurlea, narratzaileak lehen pertsonan adierazten baititu ipuinak. Protagonistaren kontzientzian sartuta, jolaserako erabiltzen du Apaolazak; ondorioz, egiaz istorioan gertatzen ari denaren, izan zitekeenaren eta Lurren buruan gorpuzten ari denaren arteko lausotasunak zipriztintzen ditu kontakizun guztiak. Anbiguitatean, errealitatearen eta pentsamenduaren mugetan tenkatzen du tentsioa, eta horrek irakurleari arretaz irakurtzea exijitzen dio. Horrela bada, Apaolazak sarri ipuinen forma baliatzen du eta talkak sortzen ditu pertsonaiak egin beharko lukeenaren eta egiten duenaren artean, irakurleak aurreikusten duenaren eta idazleak eginarazten dionaren artean. Norabide aldaketa horiek dira liburuan indarra; adi, bihurguneak baitatoz.

Horren erakusgarri da kontakizun ia guztien amaieran geratzen den hutsune edo arrarotasun sentsazioa, bidean zer gertatu den ez kontrolatzearen plazera: bai, berriz ere idazleak jolastu du nirekin. Hortaz, ezin esan daiteke lan arinak direnik, geruza ugariko errelatoak baizik. Badute gordintasun nabari bat ere, kolpeka irakurleari itaunka ari balira bezala: non kokatzen zara? Biktimaz mozorrotu al zara? Zein da zure klase sozial erreala? Zein dira zure kontraesanak, nola irensten dituzu? Idazlearen kezkak islatzen ditu, beraz, eta agerikoak dira bere baldintza materialekin bat egiten ez duen ustezko klase ertainaren miseriak, familiako kode zurrunak, amatasun eredu intentsiboa, kaleko jazarpenaren epaiketa edota gizartearen berekoikeria. Nabari da, halaber, sakonagoko beldur eta kezkak ere askatzeko bide eman diola idazketa prozesuak Apaolazari, horiek irakurlearentzako enkriptaturik gordetako ikaspenak badira ere. Liburu original eta interesgarria ekarri du argitara, indartsua eta behin baino gehiagotan irakurtzea merezi duena; hurrengo bihurgunean zer topatuko.]]>
<![CDATA[Egia deserosoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1977/049/006/2021-11-07/egia_deserosoak.htm Sun, 07 Nov 2021 00:00:00 +0100 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/1977/049/006/2021-11-07/egia_deserosoak.htm
Egia deseroso horien aurkikuntza ikus daiteke Bihotza negar eta irri memoria liburuan. Izan ere, haurtzaroko eta nerabezaroko oroitzapenak eta anekdotak biltzen ditu narrazio laburretan, Conderen nortasuna eta identitatea taxutu duten gertakariak agerian jarriz. Familia beltz eta burgesean jasotako heziketa frantses zorrotza, zortzi seme-alabetan azkena izateak eta ustekabez jaio izanak utzitako marka, lehendabiziko maitasun-ustea, klase sozialen arteko arrakalak, norberaren belztasunaren deskubrimendua... Ugariak dira istorio motz hauetan oroitzapen xumeetatik azaleratzen diren gaiak, bidenabar gogoeta eta kritika unibertsaletara bideratzen dituenak idazleak erraztasun handiz: egia deserosoak burutik behera. Umearen begirada inuzentearekin, helduaren senezko kontzientziarekin aletzen du Condek familiako testuinguru bipolarra: kaleko umeekin nahasteko aberatsegia, kreoleraz mintzatzeko frantsesegia, alabaina Guadalupeko blanc-pays-entzat arrotzegia, Parisko metropoliko zurientzat beltzegia.

Bestalde, bereziki ederra da nola deskribatzen duen haurra zela idazketan aurkituriko potentziala. Bi pasarteren bidez azaltzen du: lehendabizikoan, bere lagun Ivelyseri buruzko lan bat egin behar duenean eskolan, eta bigarrenean, amari poema bat idazten dionean urtebetetze egunez. Bietan ala bietan eginahal handia erakusten du Conde neskatilak maite dituen pertsonei buruz idazki zintzo eta leialak ontzeko, eta, halaber, bietan jasotzen du harridura eta haserrea bueltan, bere literatur bidean sarri hautemango zuen gisan, egiak adierazteko gaitasun handia (handiegia zenbaitentzat) baitu. Hala, irakurlea ohartzen da txikitatik joan dela osatzen Conderen estilo propioa: tolesgabea bezain sakona, malenkoniatsua bezain gordina, eta, batik bat, zintzoa.

Memoria liburu honetan, are, idazkera arina eta soila darabil Condek, oroitzapen-pasarte xalo eta arruntak, familia-bizitzako bizipenak gizarte gatazkatsu baten kontraesanekin, galdera konplexuekin talkan jartzeko. Estiloari heltzean, ezin da itzulpena alde batera utzi. Izan ere, agerikoa da Joxe Mari Berasategik ezohiko hautua egin duela Conde Iparraldeko euskara batua dei diezaiokegunera itzultzean. Kuriosoa da, bidenabar, aukera horri buruzko aipamenik ez egitea aitzinsolasean; izan ere, irakurketa baldintza dezakeen erabakia da. Baina euskara batuari buruzko eztabaidatan sartzeko asmorik gabe, eta hizkuntza-aukeraketan bainoago idazkeran zentratuz, aipagarria da narrazioen berezko arintasunarekin kontraste nabarmena egiten duela sarri itzultzailearen estiloak. Hau da, ebidentea den hizkuntza translazioaz gaindi, sobera nabari dela itzultzailearen eskua, Conderen soiltasuna hanpatu bilakatuz zenbaitetan. Lan handia dago itzulpenaren atzean, baina pasarte batzuetan testua aberasteko egindako hautuek osotasuna iluntzen dutela esan daiteke.]]>
<![CDATA[Gerlaren gizalegea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1977/035/006/2021-10-24/gerlaren_gizalegea.htm Sun, 24 Oct 2021 00:00:00 +0200 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/1977/035/006/2021-10-24/gerlaren_gizalegea.htm Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko Balkanetako gatazka korapilatsua lantzen duten beste bi eleberriren ostean idatzi duela, hor kokatu beharra da. Horietako bat, Han ez banengo bezala, Amaia Apalauzak berak ekarri zuen euskarara (Pasazaite, 2018).

Drakulicek perspektiba konplikatu bati heltzen dio lan honetan; izan ere, gerla-kriminalak hartzen ditu jopuntuan. Hala, Hagako Auzitegian kriminalok epaitzerakoan azaleratutako akusazioak, galdeketak eta lekukotzak ditu oinarri liburuak, idazlea bera entzule gisa egon baitzen han. Baina horien jasotze hutsa baino, izugarrikeriaren aurrean gizakiari pizten zaizkion galderak erantzuteko proposamen bat da liburua, horrelako gertakari mingarri baten ondoren zintzilik geratzen diren arrangurei aterabide bat bilatzeko modu bat. Hala, saiakera honek hiru galdera pisutsu gordetzen ditu bere barnean: nola irits daiteke gizon arrunt bat gerra-krimenak egikaritzera? Nola eraikitzen da auzokoaren aurkako gorrotoa? Eta, azkenik, bere buruari eta herrikideei zuzenduta: zergatik geratu ginen isilik?

Lehen pertsonan bizitako guda da eta halaxe adierazten du idazleak, ondorioz, bizipen eta anekdota pertsonalek garrantzi handia hartzen dute epaiketetan jakinarazi ziren datu, akusazio eta ardurez gain. Erantzunak bilatzerakoan, ongia eta gaizkia bereizten saiatzean, idazlearen moralak paper garrantzitsua hartzen du. Izan ere, Drakulicek argi markatzen du gerrak izan zituen zio eta norabideetatik aldentzen dela. Alabaina, ez da neutrala, akusatuaren arabera, idazlearen ahotsak tonu-aldaketa nabarmenak jasaten baititu; bereziki gogorra da Serbiako lehendakari ohiaren eta haren emaztearen kasuan; erraietatik ateratzen den erra hauteman daiteke lerro artean. Kontrara, hilketak egin bai baina halakorik suertatzerik nahi ez zuen soldaduaren kasuan, kontakizun literario baten itxura hartzen du testuak. Beraz, liburuan zehar, zenbaitetan, galdera sortzen da: zer egin zuen idazleak gerra bitartean? Non kokatu zen? Nondik idazten du? Zerk baldintzatzen ditu bere hausnarketa moralak?

Esango nuke azken kapituluak azaltzen duela idazlearen xedea eta interesgarria litzatekeela irakurraldia handik hastea, gakoa baita saiakera bere osotasunean ulertzeko. Gerlaren deshumanizazioari gizatasunetik begiratzeko hautua egiten du idazleak, eta, beraz, agerikoak dira talkak, baina baita interesgarriak ere: mendialdeko arrantzale xume batek bere eskuz 200 herrikide hiltzen amaitu bazuen, gure gisako jende arrunta izanik, gauza bera egiten buka genezake guk ere? Psikologia indibidual eta kolektibora hurbiltzen da arrazoi bila, eta ariketa zilegia da guztiz. Hala ere, zenbaitetan testuinguru politiko-sozialean gehiago arakatzeko beharra sumatzen da.

Azkenik, bereziki eskertzekoak dira itzultzailearen oharrak, gatazka eta pertsona bakoitza kokatzen laguntzeaz gain, liburua idatzi zenetik gaur arte egondako aldaketak azaltzen baititu, bertsio eguneratuago bat eskainiz.]]>
<![CDATA[Kolpeak altzairu-kantoien aurka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1977/041/003/2021-10-10/kolpeak_altzairu_kantoien_aurka.htm Sun, 10 Oct 2021 00:00:00 +0200 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/1977/041/003/2021-10-10/kolpeak_altzairu_kantoien_aurka.htm Eskuan beti zerbait. Donostia Kultura IV. Poesia Saria irabazita, Balea Zuria argitaletxearen eskutik iritsi da gure eskuetara, azken lau urteotan beste zenbait poeta gazteren sorkuntzekin egin duten gisan.

Poemario laburra bezain intentsua da Berasategirena, igande arrats batean irakurri baina aste osorako resaka uzten duena. Nola zen ezinegonaz ari zen hura? Berriz irakurtzeko gogoa pizten duten poemak dira oro har, ez ulergaitzak direlako, belarri ertzean uzten dizuten oihartzunari berriz heldu nahi diozulako baizik, ea besterik dakarren. Ez da batere hasiera txarra lehendabiziko argitaratze batentzat.

Esango nuke hizkuntzarekiko segurtasunak eta kontrolak sostengatzen dituela poemok, begi kolpe bakar batez liburuaren tenperatura orokorra hartu nahian. Ukaezina da idazleak euskararen inguruan duen jakintza eta nabari da harekin egiten duela lan, sakonean. Halaber, ez du testua ukiezin bihurtzen, batzuetan gerta daitekeenez, idazkera zainduak ez du irakurlearengandik urruntzen. Hizkuntza jasoa du, bai, baina erabilerari oso emana da, adierazkortasuna bilatzen du zuzentasun hertsia baino areago, eta horrek eragin zuzena du poemen erritmoan eta estiloan. Aire freskoa nabari da lerroartean, zuzentzailearen lanetik askatzeko nahi bat, iparra galdu gabe. Bide horri tiraka, azpimarratzekoa da hitzak osatzeko ausardia, beharrari egokitutako hizkuntza eraikitzeko lana, hiztegiaren menpe egon gabe sortzea. Hizkuntzaren erabiltzaile xumeoi gogorarazten digu erabilerak egiten duela lengoaia.

Poema bilduma hau ume baten pauso biluzi ez-zaratatsuz hasten bada ere, laster agertzen dira lehen kolpeak altzari-kantoien aurka. Lehendabiziko poemetan, entzimeren gainean edo gotelearen beste aldean sumatzen diren dardarak jartzen ditu agerian, seismo handirik sortu gabe baina. Ordea, indar zuzenagoz interpelatzen dute hurrengoek irakurlea: Heldu lepotik, Alaba txit helduarena, Algara, Desheredatuaren kantua; ezin esan anbiguotasunean ari denik jolasean, zinez poema helduak dira, politikotasun handikoak, poetikotasuna ahaztu gabe. Begirada feminista sakon bat du idazleak, panfletoaren beharrik ez duena.

Era berean, irudi interesgarriak sortzen ditu zenbait poematan, besteak beste Olagarroa amets, Iharrari eta Lepamoztuaren poza, sarri umorerantz jotzen dutenak. Hala, ironiaren erabilera azpimarratu beharko litzateke Berasategiren idazkeran, zuku asko ateratzen dion baliabidea baita. Adibide zenbait aurki daitezke Zirimiri, Lautarra gora-gora edota Arnaskariari poemetan, zeinetan gaien larritasunei arintasuna ematea lortzen duen, berriz ere bueltan ireki den arrakala ikusarazteko.

Agian ez du guztizko batasun bat, geratzen dira airean zenbait poema batetik besterako trantsizioan, baina gehiagoren gosez geratzen da bat, ikusteko nora doan, zein den sigi-sagatsu hasitako bidezidorrak hartuko duen norabidea; zer erakutsi nahi duen, inongo plaza nagusitara iritsi eta bere burua monumentu handienaren gisa erakusteko inolako beharrik ez duen ahotsak. Umilaren zalantza eta ziurtasunetan hobeto funtzionatzen baitu poesiak, egia borobilen zilegitasun aurre-ezarrian baino.]]>
<![CDATA[Bizi-espektatiben hondarrak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2080/031/002/2021-06-27/bizi_espektatiben_hondarrak.htm Sun, 27 Jun 2021 00:00:00 +0200 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/2080/031/002/2021-06-27/bizi_espektatiben_hondarrak.htm
Pertsonaiek zentraltasuna dute Malagonen ipuingintzan. Kontakizuna laguntzen duten espazio, denbora eta gertakariez harago, fikziozko pertsonen izaera lantzen du bereziki. Ipuin psikologikoak dira oro har, egiten dugunaren eta pentsatzen dugunaren arteko amildegia islatzen dutenak. Horretarako, ikuspuntu aldaketa ugari erabiltzen ditu, sarri pertsonaia baten pentsamendu jariotik bestearenera salto egiteko trebetasuna erakutsiz. Perspektibaren lanketa horrek ipuinei ikuspegi korala ematen die, bereziki Gorrotoa eta irudimena, Babes kopia, Larrialdi zerbitzua eta Klaustroa lanetan.

Pertsonaien nolakotasunari behatuz gero, behea jotako pertsonak aurkituko ditu irakurleak, bizitzak abandonatuak baino beren burua abandonatu dutenak. Eguneroko zorigaitzetan igerian, pertsonaia patetikoen barrenera salto kontzientea egin du Malagonek. Hala ere, gainbehera totalik, katastrofe ekidinezinik, amorru explosiorik gabeko ipuinak dira. Pertsonaien putzu sakonek gidatzen dituzte istorioak, baina behin ere lur jotzera iritsi gabe. Bizitzak nekatutako pertsonaiak dira hortaz, baina betiere gizartean publikoki sozializatzeko duin mantentzen direnak. Beren burua zigortzen dute, baina neurrian.

Gizarte indibidualista da Donostiako idazleak agerian uzten duena, eta haren ondorioz gailentzen den axolagabekeria kudeatzeko zailtasunak azaleratzen dituzte protagonistek ipuin guztietan, norberaren indiferentzia eta norberarekikoa. Portaera ezaxolatien bueltan lantzen ditu heriotza, gaixotasuna, bakardadea eta abandonuaren gisako gai unibertsalagoak. Hari horri jarraiki, familiak erdigunea hartzen du ipuin gehienetan, baina bereziki nabarmentzen da bikote harremanetan egunerokotasunak eragiten duen higadura. Espektatiben gainbehera, esperotakoa jaso ezinak eragindako hutsaltasuna, inertziaren hautsa… ezin uka, pertsonaiak aspertuta daude daukaten bizitzaz, eta horrek aurreikusten errazak bilakatzen ditu amaiera zenbait. Errealitatea islatzeko saiakera gordina egin du Malagonek, ironia handiz gainera, baina asperdura modernoari horren fidel diren testuek irakurlea aspertzeko arriskua dutela esango nuke. Malagonez harago, esanguratsua da gure garaia islatzerakoan zenbat jotzen den asperdurara azken aldian, bikote heterosexual nekatuz beteta baitago azken urteotako euskal literatura. Orokorrean jolasa sumatzen da faltan, liburu honetan ere bai.

Izan ere, errealismotik aldentzen denean du distira gehien liburuak, esajeraziora beldurrik gabe abiatzen denean, azken ipuinean kasu, edota errealitatearen mugak difuminatzeko saiakeretan (Mina, Larrialdi zerbitzua). Hala bada, egunerokotasuneko eszenak literaturara ekartzeko duen gaitasuna itzalpean utzi gabe, aurrez idazleak erabili izan dituen zorroztasun kolpeak topatu ezinik ibili da irakurle hau, harridurarako tarte handiagoen bila.]]>
<![CDATA[Hitzei memoria jarriaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1977/037/006/2021-06-13/hitzei_memoria_jarriaz.htm Sun, 13 Jun 2021 00:00:00 +0200 Irati Majuelo https://www.berria.eus/paperekoa/1977/037/006/2021-06-13/hitzei_memoria_jarriaz.htm Familiako lexikoa, esaldi bakarrean laburbilduaz lan osoaren esentzia. Istorioek, anekdotek, esamoldeek egituratzen dute Ginzburgen lan hau, sustrai autobiografikoa duen arren eleberri gisara irakurri behar dena, idazleak hasiera-hasieran gomendatzen duen gisara: «Ez dut idatzi gogoan nuena besterik. Horregatik, liburu hau kronika bat balitz bezala irakurtzen bada, hutsune franko dituela leporatuko zaio. Liburu hau errealitatetik aterea izanagatik, nobela bat balitz bezala irakurri behar da nire ustez, hau da, nobela batek eskain dezakeena eskatuz, ez gehiago ez gutxiago».

Ez gehiago, ez gutxiago, etxeko hiztegiari begira jarri zen Ginzburg lan honetan, ezer asmatzeko tentazioari edota imajinazioari libre ibiltzen utzi gabe. Levi familiaren hitzetatik abiatzen da hitz larriz idazten den historia horren oinarri diren istorio pertsonalak errelatatzeko. Hala bada, bere aita, ama eta anai-arrebak dira protagonista, baina baita familiako lagunak, auzokideak, maitaleak eta militantzia-kideak ere, sendiaren esanahiari ulerkera zabala emanez: finean, haurtzaroan eta gaztaroan inguruan izan zituen pertsonen istorioek josten dute eleberria, hizkuntzak memoriara ekartzen dituen esamolde zein esaldi gogoangarriak akuilu gisa erabilita.

Esan bezala, ordea, Familiako lexikoa ez da familia italiar judu baten liburu autobiografiko huts bat. Anekdota eta oroitzapenei tira eginez, II. Mundu Gerlaren bueltako Italiako testuinguru politiko-soziala marrazten du Ginzburgek, faxismoaren gorakada eta nazien okupazioa, gerlaren aurreko inozentzia eta ondorengo arrangura, lagunartea eta erresistentzia. Hortaz, hasiera batean umetako memoriak direnak, aitaren zurruntasunaren eta anai-arreben liskarren bueltan kokatzen direnak, familia antifaxista eta judu baten bizi-minetan bilakatzen dira denborak aurrera egin ahala. Ez dira gutxi memoria-matazatik erreskatatzen dituen gertaera lazgarriak, hala nola erbestea zein bere senar Leoneren torturapeko heriotza. Alabaina, tonu melodramatikoari izkin egiten dio Ginzburgek, historiaren garai ilun hari hitzak, irudiak eta pertsonak jartzea baita bere eginkizuna. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da bere familiaren historia den liburu honetan, apenas agertzen dela azaltzen dituen gertakariek berari sorturiko sentimendurik, emoziorik. Kamera zinematografiko batekin grabatzen egongo balitz bezala idazten du sendiari buruz, perspektiba subjektibotasunez aukeratuz, baina pantaila aurrean agertu gabe. Laguntasuna eta literatura dira, bestalde, zorigaiztoko urteoi argia ematen dieten euskarriak: Vittorini, Calvino, Paese ezinbesteko dira Ginzburgen lexikoan.

1963an argitaratu zuen Ginzburgek, eta aurretik beste hainbat liburu atera bazituen ere, Familiako lexikoa-ri esker lortu zuen kritikaren arreta. Irakurleen artean arrakasta lortuta, aurretik idatzi zuenari balioa emateko atea ireki zion dotoreziaz eta zorroztasunez ondutako liburuak. Elegantzia berberaz itzuli zuen Fernando Reyk 2004an, eta hala berrargitaratu du Igelak orain.]]>