<![CDATA[Ismael Manterola | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 12 May 2021 14:19:18 +0200 hourly 1 <![CDATA[Ismael Manterola | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Mendibururen amets zapuztuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/033/002/2021-05-04/mendibururen_amets_zapuztuak.htm Tue, 04 May 2021 00:00:00 +0200 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/033/002/2021-05-04/mendibururen_amets_zapuztuak.htm
Zertarako egin zuen Mendiburuk Korrika 1980an? 2021ean euskal erakundeek antolatutako berari buruzko erakusketaren katalogoa gaztelania hutsez argitaratzeko? Ez al dugu ikusi Mendibururen argazkia Korrikaren lekukoa eramaten 1.813 zenbakia duen dortsalarekin? Ez al zuen Mendiburuk egin Korrikak erabiltzen duen lekukoa 1980. urtean? Bide batez, ez dut Korrikaren lekukoa ikusi, ez katalogoan, ezta erakusketan ere. Ez dela Mendibururen lan interesgarrienetako bat ikuspuntu formal edo plastikoaren aldetik? Ados. Baina artearen zereginetako bat materia eta forma hutsa esparru sinbolikora eramatea bada, ez al litzateke Korrikaren lekukoa Mendibururen lanik indartsuenetako bat? Ez dut ezagutzen jende gehiagok ikusi duen eta esku gehiagotatik pasatu den artelanik.

Frankismoak informalismoarekin eta trantsizioak errepublikako artearekin egin zuten bezala, susmoa dut erakundeak 1960ko hamarkadako artearen interpretazio estetikora jotzen ari direla. Artelanak eta testuingurua elkarrengandik urrunduta aurkezteko moduan, bi esparruen arteko bereizketan sakontzen ari garena dirudi; alde batetik, esperientzia plastikoa, eta bestetik, konpromisoa. Mendiburuk, garaiko beste artista askok bezala, artea gizartearekin zuen konpromisotik ulertzen zuen, eta konpromiso horren zutabeetako bat euskal kulturaren berreskurapena zen. Gaztelania hutsez argitaratutako katalogo horrekin, Mendibururen ametsetako bat lurperatzen ari gara.]]>
<![CDATA[NFT]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/033/001/2021-04-20/nft.htm Tue, 20 Apr 2021 00:00:00 +0200 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/033/001/2021-04-20/nft.htm land art delakoak galeria sistematik alde egin eta ikus-entzulearekin beste modu bateko harremana bilatu nahi zuten. Artea salerosketa gaia baino zerbait gehiago izan zitekeela aldarrikatzen zuten artista ausart haiek, eta horregatik bat-bateko artea, denbora tarte zehatz batean edo landa gunean egindako interbentzioak egin zituzten. Baina, asmoak asmo, artearen merkatuak moduak topatu zituen jarrera horiek guztiak erakusketa aretoetara eramateko eta saldu ahal izateko. Argazkien edo bideoen bitartez jasotako ekintzen lekukoak, prestakuntza marrazkiak edo zirriborroak, ekintzetan erabilitako objektuak, eta abar, artelan moduan saldu eta eros daitezke gaur egun diru truk.

Mendearen bukaera aldera, merkatuari aurre egiteko beste arte mota bat azaldu zen: ordenagailuaren bidez eta ordenagailuarentzat egindako artea. Demokratizazio asmoak indartu egin zitezkeen, baina merkatuak beste arte moten antzera erabili izan ditu negozioa indartzeko. Hala ere, birtualitateak duen arazoa benetakotasunarena da; hau da, originalik ez dagoenez, nola aitortu artelan bati benetakotasuna? Beraz, salgai zalantzagarriak izan daitezke merkatuarentzat.

Baina, kapitalismoak arazo horiei aurre egiteko gai dela egiaztatzera etorri da NFT teknologia: non-fungible token izenekoa. Horren bidez, artelan birtualari (edo beste edozein gairi) token ID izeneko kode kriptografikoa ematen zaio eta benetakoa eta bakarra dela egiaztatzen da. Horrek aukera ematen du salerosketarako. Nik NFT duen arte birtuala eros eta sal dezaket, benetakoa dela eta nirea dela frogatzen duelako, artelan fisikoetan gertatzen den moduan.

Badirudi teknologia honek arte birtualaren merkatua irauli duela. Azken hilabeteetan espekulazio ariketa izugarriak egon dira, bai Interneten, bai arte merkatuaren sare arruntetan ere; esate baterako, Christie's enkante etxe ospetsuak 58,8 milioi eurotan saldu du Beeple artista digitalak sortutako Everydays: the first 5.000 days izenburua daraman artelana. Artistak 2007. urtetik egunero artelan berri bat sortu zuen sarerako. Nahiz eta sarerako artelanak izan eta edonork ikus ditzakeen bere etxeko edo mugikorreko pantailan, Christie'sek lehenbiziko 5.000 egunetan egindako lanak elkartuta saldu ditu orain.

Kapitalismoaren magia hobeto ulertzeko beste adibide bat da Bansky artistaren Morons izeneko marrazkiaren suntsipenaren bideoa. Erre baino lehen koadroak 80.000 euroko balioa bazuen ere, Injective Protocol izeneko kriptoinbertsoreak 320.000 eurotan saldu du NTF bitartez egiaztatutako bideoa.

Argazkigintzaren asmakuntzarekin gertatu zen bezala, birtualitateak originalaren ezabaketa eta artearen demokratizazioa ekarri behar zuela uste bagenuen, berriz ere merkatuak jakin du bere legeak inposatzea. Nik, bitartean, Orson Wellesen Fake filma gozatzen jarraituko dut.]]>
<![CDATA[Arnasketa saiakerak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2021-04-06/arnasketa_saiakerak.htm Tue, 06 Apr 2021 00:00:00 +0200 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2021-04-06/arnasketa_saiakerak.htm
Bilboko Udalak COVID-19ak artearen munduan eragindako kalteak leuntzeko asmoarekin Ekaitzaren ostean izeneko erakusketa proiektuen deialdia antolatu zuen, aurreko urtean, BilboArte Fundazioaren bitartez. Aukeratutako Soplo. Arnasketa saiakerak erakusketa proiektu berezia izan da, lau egoitzatan banatua baitago, gai ezberdinen arabera: etxea, gorputza, hiria eta aurriak. Nahiz eta erabaki horrek arazoak eragin, erakusketa autonomo moduan ikusteko aukera ere ematen du. Hain zuzen, aitortu behar dut Euskal Museoan jarritako erakusketa besterik ez dudala ikusi, nahiz eta Mariaren Bihotza plazakoa ikusteko bi saiakera egin nituen.

Pandemiak alor eta kolektibo guztiengan eragina izan duela ezin da ukatu, eta, urtebete pasatu ondoren, gero eta ohikoak izango dira horrelako erakusketak. Hala ere, nola islatu dezake arteak gaixotasun batek izan duen eragina? Erraza al da urtebete baino gutxiago pasatu denean benetako hausnarketa bat egitea horren inguruan?

Nik uste dut presaz ibiltzen garela eta emaitza azkarrak nahi ditugula. Artearen erritmoa motela da; inguruak artistengan eragina izan dezake, baina, pentsamenduaren alorrean mugitzen denez, denbora pixka bat beharko da erakusketetan isla izan arte.

Hala ere, arteak babesa behar duenez, ez dago gaizki erakundeek horrelako ekimenak babestea, batez ere, ez daudelako hainbeste aukera erakusketak antolatzeko edo artea bultzatzeko. Horregatik, Bilboko Udalak antolatutako Ekaitzaren ostean izeneko ekimena ez dago tokiz kanpo.

Esan bezala, Soplo. Arnasketa saiakerak izeneko erakusketaren atal bakarra besterik ez dut ikusi, etxeari dagokiona. Euskal Museoan gaur eguneko artea sartzea ez da erraza, bertan dauden bilduma objektuekin harremanetan sartzen delako nahi edo nahi ez. Lanen aukeraketa ikusita, erakusketako arduradunek hori kontuan izan dutela iruditzen zait, batez ere Malus Arbideren oihalak, Ivan Gomezen objektuak eta Charo Garaigortaren tripodeak kontuan hartzen baditugu. Elkarrizketa polita egiten dute museoko bildumarekin. Besteen kasuan zailagoa da harreman hori ikustea, nahiz eta etxearen gaia oso presente egon Irune Orbearen argazkietan (Virginia Woolfi egindako keinuan Norberaren gelarik gabe izenburua dute) eta Mikel Erkiagaren eraikuntzen pinturetan.

Azkenik, interesgarria da egoitza zehatza ez duen talde baten interbentzioa azpimarratzea. Diziplina arteko kidez osatutako taldeak modu ezberdinean parte hartzen du erakusketan. Etxeari eskainitako erakusketa honetan, Bizkaiko egunkari kontserbadorearen pilaketa ikus dezakegu pandemia bitartean eta ostean erabili dituen izenburu deigarriekin.]]>
<![CDATA[Bilbo eta pintura]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/033/002/2021-03-23/bilbo_eta_pintura.htm Tue, 23 Mar 2021 00:00:00 +0100 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/033/002/2021-03-23/bilbo_eta_pintura.htm «Bilbo eta pintura erakusketa bat al da?», galde diezaiokegu geure buruari Guggenheimeko beheko solairuko aretoa zeharkatu ondoren. Koadro bilketa hutsa erakusketa al da? Harremanik gabeko artelanak areto batean zintzilik jartzeak erakusketa osatzen al du?

Badirudi Bilboren eta pinturaren arteko harremana erakusteko edozein koadro jarri daitekeela, adibidez, Valentin Zubiaurreren bertsolariak, Gustavo Maezturen Lirika eta erlijioa izenekoa, edo Uzelaik Bermeoko batzokirako pintatu zuena. Denok dakigu Bilbo handia dela, baina hainbeste? Bermeoraino iristen al da? Are gehiago, Zuberoaraino? Erakusketan ikusten baitugu Uzelaik pintatutako Zuberoko dantzak izeneko lana.

Artelanak ikusi ondoren, ez dirudi Bilbo neurri txikian irudikatu denik. Ez dakit aukeratzeko irizpidea ez den tamaina izan; horrela balitz, erakusketari izena aldatuko nioke: Hordago handira edo antzeko zerbait asmatuko nuke.

Antolaketa ere bitxia da, izenburuek ez baitute harreman handirik ikus daitezkeen koadroekin. Adibidez, lehenbiziko atalaren izenburua Bilbo: Portua eta merkataritza hiria izan arren, Zubiaurreren bertsolariak ikus ditzakegu. Iturrinoren zezenak eta erromeria mantoidunak, Artetaren Eba Arratiarra eta Ibarrolaren gurdia ezin izan nituen hiru ataletako bakar batean sailkatu. Azken aretoaren izenburuak asko harritu ninduen: Pinturak interpretatutako dantza, Olasagastiren sagar biltzea eta Uzelairen Bermeoko portuko irudikapen izugarri ederra elkartzen dituelako izenburu berezi horretan.

Hala ere, azken lan hau ikustean, erakusketara bisita merezi duela esan behar dut. Bermeoko batzokian ikusi nuen azkenengoz, orain dela hamabost urte edo. Ederra da Uzelaik nola irudikatu zuen 1933an ia bere herria zena: emaztea puntua egiten portuko eskailerak jaisten, portua baporez beteta, etxeak antolaketa geometrikoaren arabera sinplifikatuta. Erdiko eszenan emakumeak sare konpontzen, Venus greziar erara irudikatuta, hondoan belaontziak itsasoa zeharkatzen duten bitartean, albo batean bodegoi surrealista: haitzak eta erriberako ontziola lanabes guztiekin, ezkerreko izkinan De Chirico metafisikoaren pintura izan zitekeen aterpe arkuduna. Guztia atmosferarik gabe, hego haizeak eragiten duen garbitasuna, zehaztasuna, argitasun eta laino arraro eta guzti.

Gauza bera esan daiteke Guiardek Bilbaina elkarterako pintatutako hiru eszena bilbotarrei buruz, Zuloagak, Losadak eta Guineak Kurding Clubarentzat pintatutako horma pinturei buruz (gaur egun Filarmonika Elkartean), edo Gernikako Batzar Etxean gordetzen den Maeztuk pintatutako triptikoari buruz: erakusketak, koadro handi hauek ikusteko besterik ez bada, merezi du. Ez da erraza lan hauek ikustea, eta erakusketan elkartuta daudela baliatu dezakegu Guggenheimeko bisitaldia. Hori bai, lan solte moduan ikusi beharko ditugu, elkartzen dituzten haririk gabe, museoetan ikusten ditugun antzera, koadro batetik bestera salto eginez, kontakizun berezirik gabe.]]>
<![CDATA[Exilioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2021-03-09/exilioa.htm Tue, 09 Mar 2021 00:00:00 +0100 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2021-03-09/exilioa.htm
Gerra bukatu ondoren, legezko gobernuaren aldekoak izateagatik atzerrira joan behar izan zuten artisten zerrenda osatuta geneukala uste genuen. Agian zerrenda osatuta egongo zen, baina izen ezagunetan arreta jartzen egon gara azken urtetan: Aurelio Arteta, Julian Tellaetxe, Jose Maria Uzelai, eta abar. Zergatik ez dugu hain ondo ezagutzen Gerardo Lizarraga eta bere lana?

Orain dela gutxira arte zerrenda batean idatzitako izena besterik ez zen, baina Iruñeko erakusketari eta orain dela pare bat urte Blanca Oriak egindako dokumentalari esker, ahaztutako artista berreskuratzeko aukera izango dugu.

Lotsatuta irakurri dut Gerardo Lizarragaren biografia konturatzerakoan Remedios Varo artista surrealistaren senarra izan zela bost urtez. Varo eta bere lana ezagutu arren, kide izandako Lizarraga ez nuen ezagutzen, euskal artista izan arren. Horrelako gauzekin konturatzen gara Espainiako artistak bertakoak baino gehiago ezagutzen ditugula. Hala ere, Lizarragaren biografia irakurtzen ari nintzela jakin dut Remedios Varok Uranga zuela bigarren abizena, eta, beraz, haren ama euskalduna zela (Argentinako euskalduna) eta horregatik ezkondu zela Lizarragarekin Donostiako San Bizente parrokian. Azkenean surrealismoak euskaldunekin zerikusiren bat izan behar duela onartu beharko dugu, Roberto Matta Etxaurren eta Remedios Varo Uranga kontuan hartzen baditugu behintzat.

Hala ere, Lizarragaren lana ezagutzea da Nafarroako Museoan dagoen erakusketaren helburua; horretarako, garai eta testuinguru ezberdinetan egindako artelanak bildu dituzte. Harrigarrienak Frantziako kontzentrazio-esparrutan egindako marrazkiak izango dira seguru asko. Errepublikaren alde borrokatutako jende askok atzerrira ihes egin behar izan zuen, baina han ez zuten babes handirik izan. Haietako asko gatibu sartu zituzten Frantziara iritsi ahala, baldintza gogorretan gainera. Gero eta gehiago dakigu Frantziako esparruetan egondako errepublikazaleen inguruan; hain zuzen, orain dela gutxi jakin dugu gure herriko gazte bat bertan hil zela. Memoriari buruz hainbeste hitz egiten dugunean, nola izan daiteke 2021. urtera arte ez jakitea norbait gerraren ondorioz hil zela? Nola izan daiteke Gerardo Lizarraga gure arte liburuetan ez azaltzea, ezta 2021ean ere?]]>
<![CDATA[Grazenea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2021-02-23/grazenea.htm Tue, 23 Feb 2021 00:00:00 +0100 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2021-02-23/grazenea.htm
Ur taldekoen jarrerak ez ziren ausartak, eta ez zuten etorkizuneko proiektu bat bultzatzeko asmorik, baina programa plastiko antzekoa zuten lau gizon elkartu ziren paisaiaren gaineko kezkak partekatzeko. Euskal Herriko txokoak ikusiko ditugu pintore hauen lanetan, baita etxe barruko espazio intimoagoak ere. Naturaren edertasuna eta pintatzearen plazera transmititzeko asmoa azaldu zuten 1976. urtera arte erakutsi zituzten lanetan. Urte hartatik aurrera bakarkako ibilbideari jarraitu zioten taldeko kide guztiek. Alejandro Tapiak eta Javier Arozenak 2016an utzi gintuzten, eta orain Jose Grazenearen txanda izan da; bizitza luzea izan du, taldeko kideen artean zaharrena izan arren. Ama Maria Paz Jimenez pintorea zuen Carlos Bizkarrondo besterik ez da bizirik geratzen.

1960ko hamarkadak Euskal Herrira ekarritako aldaketek itzalean utzi zuten Ur taldea eta taldekoen pintura. Ur osatu eta urtebetera, Gaur taldeak aurkeztu zuen bere burua Donostiako Barandiaran galerian. Bizkaiko Emen, Arabako Orain eta Nafarroako taldea izan behar zuen Denok delakoarekin batera Euskal Eskolen Mugimendua osatu zuten, euskal abangoardia bultzatzeko.

Haize bolada iraultzaile horren aldean, Ur taldekoen pintura beste garai batekoa iruditzen zaigu, lasaia eta bukolikoa. Euskal Herriko paisaiaren edertasuna koadroetan islatzea gerra aurreko pintore askoren asmoa izan zen, batez ere Irun aldean bizi izan ziren Montes Iturrioz eta Bienabe Artiarena. Hala ere, bai Grazeneak, bai Tapiak behintzat, ez zuten beste asmorik izan, pintatzea eta pinturaren bidez gozatzea, pasioz eta gogoz, Montesen eta Bienabe Artiaren ikerketa plastikoekin jarraitzea: formak, argia eta kolorea. Analitikoagoa batzuetan, espresiboagoa besteetan. Emaitza kalitate handiko pintura da, asmoetara egokitzen den emaitza, umila eta beren buruarekin zorrotzak edo koherenteak. Abstrakzioaren eta eskulturaren itzalak ia ezkutuan utzi zituen artistek ez dute erraza izan azken 50 urteetan. Urte haietako Euskal Herriko artearen aniztasuna ezagutzeko balio dezala Jose Grazenearen heriotzak.]]>
<![CDATA[Diseinua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2021-02-09/diseinua.htm Tue, 09 Feb 2021 00:00:00 +0100 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2021-02-09/diseinua.htm
Hala ere, XX. mendean sistema ekonomikoak hartu zuen norabideak aginduta, kontsumoa suspertzea bihurtu da diseinuaren gaur egungo egitekoa. Bizimodua errazteko objektuak sortzeko edo gizartearen beharrak asetzeko lanean jardun beharrean, badirudi gaur egungo diseinuak produzitzen ditugun gehiegizko objektuen konpetentzian lehiatzea duela helburu. Beharrak sortzen ditugunez eta gehiegizko gauzak produzitzen ditugunez, behar berri horiek eta zaharrak asetzeko, diseinuak eroslearen arreta jasotzeko estrategiak asmatu behar ditu. Eroslea esan dut, erabiltzailea jarri beharreko tokian, gure sistema ekonomikoak gizakia erosle bihurtu duelako. Erabiltzaile zorrotz eta kritikoa izan beharrean, itxura hau edo bestearen artean aukeratzera murriztu digute gure askatasuna. Gure buruetan izaten ditugun eztabaidak ez dira behar dut beraz eskuratuko dut, baizik eta zeinen artean aukeratuko dugun. Behar dugula onartuta daukagunez, ez dugu ezbaian jartzen.

Horregatik, azken hogei urtetako diseinua oso akritikoa izan da, eta ez du asko pentsatu materialetan (lurra agorrezina izango balitz bezala), egileen lan baldintzetan edo birziklatzean. Zorionez, azken hamar urteetan gauzak aldatzen ari direla ematen du, nahiz eta askotan itxurakeria hutsa edo aurpegi garbiketa izan. Adibidez, argindar konpainia handien edo Gipuzkoako erraustegiaren publizitate kanpaina berdea diseinatu duen estudioak ba al du etika profesionalik? Izan behar al du? Gure unibertsitate publikoan arma enpresentzako diseinatzen diren gailuek teknologiaz bakarrik arduratu behar al dute?

Gaur egun, diseinuak, diziplina moduan, galdera askori erantzun beharko liokeela iruditzen zait, ez bakarrik arazo formalei, komunikatiboei edo estetikoei. Horregatik, gero eta interesgarriagoa izango litzateke diseinua unibertsitate mailako hezkuntzara igotzea. Langile eta tekniko onen heziketa ezinbestekoa da, baina ezin da diseinua merkatuaren eta irabaziaren irizpidera mugatu. Hausnarketa egitea ezinbestekoa da, gizarte justuagoa nahi badugu. Industrializazioaren garaian diseinua gure mundua hobetzeko sortu ez bazen ere, horren alde egitea beste aukerarik ez dugu.]]>
<![CDATA[Ekintza-artea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2021-01-26/ekintza_artea.htm Tue, 26 Jan 2021 00:00:00 +0100 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2021-01-26/ekintza_artea.htm Acció. Una història provisional dels 90 erakusketa ikustean konturatu nintzen zein garrantzi txikia izan duen akzioko arteak Euskal Herrian. Esther Ferrer aitzindariaren lana alde batera lagata (kostata lortu zuen onarpen publikoa), performance delako arte mota ez da gehiegi landu den alderdia gure artean.

Bartzelonako erakusketak 1990eko hamarkadan egin ziren ekintzen behin-behineko historia egiteko asmoa badu ere, ederki konturatuko gara ez dela erraza objektuetan gauzatzen ez diren artelanen historia egitea. Horregatik, seguru asko, izan da hain urria artelan mota hauen presentzia erakusketa, katalogo eta historia liburuetan.

Hain zuzen, arte konbentzioei eta, batez ere, arte merkatuari aurre egitean dago ekintza-artearen oinarrietako bat, eta merkaturatu ezin den artelanak ez du ibilbide erraza izaten munduaren alde honetan. Hala ere, azken bost hamarkadek argi utzi dute edozer gauza saldu daitekeela, baita materialetan gauzatzen ez diren artelanak ere. Lekukoak hartu zuen orduan artelanaren tokia: argazkiak, bideoak, erabilitako objektuak edo beste moduko tresnak, eta abar.

Lekukoekin eta dokumentazioarekin osatu dute MACBAko erakusketa, eta, esan dudan bezala, Euskal Herriko adibideak gutxi dira, Kataluniako edo Valentziako adibideekin alderatzen baditugu behintzat.

Badirudi 1990eko hamarkada ez zela oso performatiboa izan Euskal Herrian, nahiz eta uste horrek usteletik zerbait izan. Beharbada, 1990eko euskal artearen kontakizunak hutsuneak ditu, nahiz eta onartzen dudan ekintzak ez zirela ugariak edo kalitate handikoak izan gure artean. Atzera begira jartzen bagara, orain konturatzen naiz Arte Ederren fakultatean lanean hasi nintzenean ikasleen artean ekintzak egitea ohikoa zela, eta sarritan ikasleen lanekin antolatutako erakusketetan ere beti zegoela performance saioren bat. Adibidez, gogoratzen dut neska batek hilerokoak utzitako arrastoan oinarritutako lana ondare erosketa deialdi batera aurkeztu zuenean eragindako zalaparta. Sarritan, ekintza-arteak emakumearekin eta gorputzarekin harremana izaten zuela ezin dugu ahaztu; horregatik ez nau gehiegi harritzen 1990eko kontakizunak hutsuneak izateak. Baina, ikasleak artista profesional bihurtzen ziren heinean, praktika horiek pixkanaka desagertu egiten ziren. Merkatuak artea gauzatzera bultzatutako joera, ala galdutako ausardia?

Oraindik 1990eko oso hasieran Gasteizko Amarika aretoan ikusi nuen lehenbiziko ekintzaren harridura sentsazioa gordetzen dut. Garai hartan oso aktibo zebilen A ua crag kolektiboak antolatutako ekintzan olibak banatu zizkigutela gogoratzen dut, ez askoz ere gehiago. Ez dago Bartzelonako erakusketan jasota. Horrek aukera ematen du pentsatzeko zenbat lan daukagun oraindik arte historialariok.]]>
<![CDATA[Eredu zaharkituak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/033/002/2021-01-12/eredu_zaharkituak.htm Tue, 12 Jan 2021 00:00:00 +0100 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/033/002/2021-01-12/eredu_zaharkituak.htm
Hala ere, aldaketa handiena artearen erabilpen ekonomikoak jasan duela iruditzen zait. Azken 20 urteetan hainbeste errepikatutako industria kulturalaren leloak ez du gaixotasunaren enbata jasan. Guggenheim efektuak gutxi iraun du, nahiz eta denbora gutxian diru asko eman dion kulturari ez beste norbaiti. Orain azpiegitura ikusgarriak eraikitzea turismoa erakartzeko eta hiriak modu zehatz batean suspertzeko eredu zaharkitua bihurtu da.

Zaharkituta dagoen eredua? Ez du ematen, Bilboko Arte Ederren Museoaren zabalpen proiektuaren aurkezpena ikusi eta entzun ondoren. Arkitektura ikuskizun bihurtzea kultura azpiegitura aterpetzeko Bilboko marka dela ematen du. Guggenheimekin hasi eta Alondegiarekin jarraitu, Arte Ederren Museoarekin bukatzeko; horra hor eredu zaharkitu baten errepikapen egoskorra.

Harrigarria iruditzen zait hainbeste diru bideratzea halako azpiegitura ez-beharrezko bati bizi dugun sasoi honetan. Beste behin ere egindako galdera da: hori al da arteak orain behar duena? Eta hala bada, zergatik erabili garai bateko ereduak? Zabaldu behar bada, uste dut Bilboko museoa merkeago ere zabaldu daitekeela, ikusgarritasun hutsalean erori gabe. Behar teknikoak beteko lituzkeen proiektu merke eta on bat topatzea ez litzateke oso zaila izango, inguruan ditugun arkitekto talde bikainak kontuan izanda. Baina bilbotarren parodia eguneratu nahi duten arduradun politiko eta kulturalek gaur egun funtzionatuko ez duen ereduaren alde egin dute: nazioarteko arkitekto izar baten izena duen proiektu garesti eta ikusgarria. Erakundeek bertako produktuak kontsumitzeko aholkatzen digutenean, itxuraz aza eta gaztari buruz ari dira. Euskal Herriko bi arkitektura eskola bikainek arkitekto talde ugari eman arren, erakundeek nazioarteko arkitektoekin lehiaketa mugatua antolatu zuten. Gastuak emaitzak orekatuko al ditu? Daukagunarekin gauza ederrak lortzea izango litzateke kudeaketa ona.]]>
<![CDATA[Izena eta izana]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2020-12-15/izena_eta_izana.htm Tue, 15 Dec 2020 00:00:00 +0100 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2020-12-15/izena_eta_izana.htm Inmersiones izeneko iragarpena bidali zidanean. Iragarkiak hala zioen: Etxeko kontuak. Euskal Autonomia Erkidego, Iparralde eta Nafarroako artista berrien biltzarra. Barregarria izango zen, serioa ez balitz. Berehala azaldu ziren harridura aurpegiak sare sozialetan, eta Twitterren irakurri ahal izan genuen ez ote zen motzago eta praktikoago Euskal Herriko artista berrien biltzarra idaztea. Baina, nire ustez, hortxe dago koxka, antolatzaileek, modu batera edo bestera, Euskal Herria hitza erabiltzea ekidin nahi izan zutela. Zergatik da egin dezakegun galdera logikoena.

Aukera ezberdinak egon daitezke. Horietako bat antolatzaileek hala erabakita egin zutela izan daiteke; bestea, diruz lagundu dutenek jarritako baldintza izan daitekeela. Lehenbiziko aukerari barre egin diezaiokegu, eta kritikatu. Bigarrenari, zentsura deitzen zaio.

Demagun antolatzaileek ez dutela erabili nahi tradizioak, historiak, Euskaltzaindiak eta euskaldunok erabiltzen dugun termino kulturala, eta, horren ordez, gaur egungo termino administratibo politikoak erabili nahi izan dituztela, objektibotasun eta asepsia ariketa bitxian. Hala balitz, lehenbiziko lurraldea aurkezteko Espainiako administrazio autonomikoak ematen dion izena erabili badute ere, ez diote bide berari jarraitu Nafarroa izendatzean, eta zer esanik ez Iparraldea hitzaren erabilpenean, Iparraldeak ez baitu administrazio lurraldea izendatzen. Beraz, egokitasun politiko administratiboari jarraituta, izenburua hala idatzi beharko litzateke: Euskal Autonomia Erkidego, Euskal Hirigune Elkargo eta Nafarroako Foru Komunitateko artista berrien biltzarra. Oraindik ere barregarriago.

Bestalde, kultura komun baten partekatzea ez bada, zer da izenburuan idatzita azaltzen diren lurraldeen arteko harremana? Hau da, zergatik antolatzen da hiru lurralde horien arteko artista berrien biltzarra eta ez Euskal Autonomia Erkidegoa, Kantabria eta Iparraldeko artista berrien artekoa? Edo Nafarroa, Iparraldea eta Aragoiko erkidegoaren artekoa? Modu batera edo bestera, antolatzaileak ere hiru lurralde horien arteko nolabaiteko harremana onartzen ari direla iruditzen zait. Hala bada, zergatik ez erabili Euskal Herriko artista berrien biltzarra izenburua?

Harrituta geratzen naiz zein sutsu defendatzen duten batzuek Saharako herriaren borroka eta ukatzen dioten Euskal Herriari bere izena. Hala ere, herri kolonizatzaileek herrien izena desagerrarazteak ez nau harritzen, tristura izugarria ematen didana da kolonizatuok zein erraz irensten ditugun kolonizatzaileen iritziak, politikoki zuzenak izateko. Benetan uste al dute Inmersiones delakoaren antolatzaileek beraiek erabilitako izenburuak ez duela ñabardura politikorik?]]>
<![CDATA[Aldaketa garaiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2020-10-20/aldaketa_garaiak.htm Tue, 20 Oct 2020 00:00:00 +0200 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2020-10-20/aldaketa_garaiak.htm
Gizarteak garai berrietara moldatu behar duela esaten dugunean, esan nahi du ezagutu dugun artearen sistema aldatu egingo dela, txarrerako eta onerako. Nostalgiaz gogoratuko ditugu erakusketa handien garaiak, baita mahai gainean jartzeko argitaratutako arte katalogo pisutsuak ere. Baina asko aldatuko dena, eta ez dut uste artera bakarrik mugatuko denik, kontsumoaren ideia izango da.

Arte modernoa burgesia kapitalistaren eskutik etorri zen. Artelana beste edozein kontsumo gairen antzera saldu eta eros zitekeen. Zirkuitua errazteko tartekoak sortu ziren, galeriak, kritika, komisarioak, museoak eta beste. Zaila izan da sare horretatik ihes egitea, nahiz eta hainbat ingurutan ez ulertutako artistaren eta merkatuaren kontra sortzen zuen artistaren irudi erromantikoaren ideia zabaldu. XXI. mendera igaro ginenean aurrez deskribatutako sistema krisian zegoen, batez ere lehen aipatutako tartekoak (galeria eta kritika). Saltzeko bide berriak nagusitu direla esaten dute arte saltzaileek, baina ez dela ezer saltzen esan nahi dute.

Beste alor askotan gertatu den bezala, COVID-19aren gaixotasunak artearen ahulguneak agerian jarri ditu. Lehendik zetorren joerak eztanda egin du eta gure artean oso prekarioa zen artearen sistemak ezingo du asko iraun. Azken urteetan erakundeen ahotik behin eta berriz entzun dugun industria kulturala-ren terminoak ez du etorkizunik. Artearen sistema (eta kulturarena, orokorrean) beste modu batera antolatu behar da, logika kapitalistatik kanpo, esatera ausartuko nintzateke.

Europatik datozen ikerketek jendearen akidura eta inpotentzia azpimarratzen dituzte, eta antidoto moduan kultur ekimenak proposatzen dituzte. Baliatu ditzagun iradokizun horiek gizartearen buruan sartzeko arte sistema berri baten onurak. Kulturan inbertitzea zientzian dirua sartzea bezain garrantzitsua dela aldarrikatu behar da. Salerosketan oinarritutako artearen aurrean, arte laborategien ideia gizarteratu beharko genuke.]]>
<![CDATA[Zumeta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1900/034/002/2020-05-26/zumeta.htm Tue, 26 May 2020 00:00:00 +0200 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1900/034/002/2020-05-26/zumeta.htm
Artistaren heriotzaren eta bizitzen ari garen tristura orokorraren garai hauetan Zumetaren koadroak ikusteak ematen duten pozarekin geratuko naizela iruditzen zait. Pintoreak bizitza transmititu nahi zuen bere pinturaren bidez: mihise gainetan utzitako pintzelkada bakoitzak pintorearen indarra, keinua, amorrua batzuetan, gozamena besteetan, sumatzen dugu. Koadroaren gainazalean utzitako kolore ia guztiak begiaren plazera eta buruaren baikortasuna pizteko gai dira, nahiz eta kolore ilunak izan. Urdin eta azul horiek hain intentsoak direnez, gure barne indarra esnatzeko ahalmena dute; berdeak erabiltzeko trebetasuna berezia izan zuen eta horiekin kontrasteak egiteko gogoak fikziozko espazio dinamikoak sortzera bultzatzen zituen. Arrosak eta moreak bere marka bihurtu ziren garai batean, lur koloreak kartoi gainean izan ziren bezala 1980ko hamarkadan. Beltzak, grisak eta kolore ilunagoak erabiltzen zituenean ere, artistak ez zigun inoiz goibel begiratzen bere koadroetatik.

Agian koloreak ziren pintorea alde batera edo bestera eramaten zutenak. Koadroen konposaketa itxuraz kaotikoak koloreak agindutako gorabeherak besterik ez ziren. Kolore orban guztiek bere tokia bilatzen dute mihisearen edo paperaren mugen barruan. Pollocken garaitik topikoa bihurtu da pintorearen eta materia jasoko duen euskarriaren arteko borroka. Ez naiz hain erromantikoa izango eta ez dut artistaren mitoa indartuko; ez dut uste Zumetak pintatzearen ekintza lehia moduan ulertu zuenik. Borrokak beti du biolentziaren kutsuren bat, eta ez dut nik bortxa handirik ikusten Zumetaren koadroetan. Alderantziz, bizitzeko grina gehiago da, amorru agonikoa baino. Ez dut uste pinturaren kontrako borrokan zebilenik, alderantziz, pinturaren aldeko lehia izango litzateke zerbait izatekotan. Pintzelkada bakoitza pintatzearen gozamenaz ari dela ematen du. Zumetari pintatzea gustatzen zitzaiola argi dago, eta ondoen egiten zekiena egin zuen bizitzan zehar: pintatu. Gainera, pintura bere horretan lantzen zuen: pintzelaren bidez koloreak zirriborratzea zerbaiten gainean. Beste baliabideren bat aukeratu zuenean ere, adibidez zeramika, kolorearen indarra lortzeko ahaleginean ibili zen, betiere materialaren gorabeherak kontuan izanda.

Ezer ez dagoen zuritasunaren gainean pixkanaka espazio bat sortzea modu askotan egin da artearen historian. Zumetak kolore pintzelkadekin lortu zuen, meheak, lodiak, pintzelaren makilaren muturraren bidez urratuak batzuetan, beste kolore bat gainjarrita sarritan, ikara edo dardara berezia sortzen duen orban zikinekin besteetan; horrela, geruzez betetako artelanak utzi dizkigu. Seguru asko, geruza bakoitzean unearen kolorea eta forma jarri zituen, nahiz eta hurrengo momentuan edo egunean guztiz aldatu beste kolore eta forma baten bidez. Azkenean, pintatzea gustatzen zaionarentzat koadro bakar baten gainean lanean jardutea izango litzateke asmorik desiratuena.]]>
<![CDATA[Ulibarrena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1900/034/002/2020-04-28/ulibarrena.htm Tue, 28 Apr 2020 00:00:00 +0200 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1900/034/002/2020-04-28/ulibarrena.htm Gurutzada Santuak fusilaturik izeneko eskulturaren aurrean nintzela, eskultorea eta bere museo etnografikoa ezagutu behar nituela erabaki nuen. Banekien pattal xamar zebilela, eta premia horrek asmoa azkar bete beharko nuela pentsarazi zidan. Ez dut nire asmoa lortu. Aurreko astean joan zitzaigun egile nafarra, eta horrek bete gabeko beste ilusio bat utziko dit.

Ezagunak egiten zaizkigu Euskal Eskolen Mugimenduan ibilitako Gipuzkoako eta Bizkaiko artistak. Gaur eta Emen taldean bildutako Oteiza, Txillida, Basterretxea, Mendiburu, Zumeta, Sistiaga eta Ibarrola gutxi gorabehera aipatu ditzakegun euskal artisten zerrendan daude. Ez da gauza bera gertatzen Arabako Orain taldeko kideekin, eta, zer esanik ez, osatu gabe geratu zen Nafarroako Denok taldearekin.

Isabel Bakedanorekin batera, Ulibarrena Iruñeko artisten artean zebilen Oteizak Euskal Eskola taldeak antolatzeko deialdia egin zuenean. Popearekin gorabeherak izan arren, Oteizaren hainbat ideia bereganatu zituen Ulibarrenak, betiere era heterodoxo samarrean. Ulibarrenaren artea bitxia zen, bere izaera bezala. Hala ere, asmoetan ez zegoen Oteizarengandik hain urruti.

1995. urtean Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatu zuen 1960ko euskal artearen eta artisten erakusketan ikusi nituen Ulibarrenaren lehendabiziko eskulturak: euskal gizonen buruak ziren. Serie harrigarri hartan, zaila egin zitzaidan jakitea zein zen eskultore hark adierazi nahi zuena. Figurazio sintetizatuaren bidez eta material ezohiko baten bidez (eskaiola), XX. mende hasierako euskal eskultoreekin harremanetan jartzen gintuen. Tipoen gaineko ikerketak genealogia batean sartzeko gaitasuna ematen zigun, betiere 1960ko hamarkadako testuinguruan: gizontasunak zuen nagusitasuna, eta euskaltasunaren iraupena aldarrikatzeak frankismoarentzat zuen probokazioa. Baina hain leun, hain lasai, hain fin eta hain umil ikusten genituen aurpegi haiek ez zuten adierazten garai hartan izan zezaketen indarra. 30 urte pasatu ondoren, asmo batzuen fosilak ematen zuten, nahiz eta artelan askok izan ohi duten berrikusteko edo erakartzeko ahalmena izan. Ezin genuen denboratik kanpo ziruditen zahar itxurako pertsonaia haiengandik ihes egin. Iraganarekin harremana sortzeko indarra zutela esango nuke.

Oteizak berak sarritan aipatzen zuen Neolitoko euskal gizaki haiekin begi harremana sortzeko gaitasuna zutela iruditu zitzaidan. Azkenean, Oteizaren gizaki hari aurpegia jarri niola pentsatu nuen. Horrela gogoratuko dut Ulibarrena, eskultura serie horretan irudikatutako aurpegiekin, bera baitzen Neolitotik gaur egunera lotura sortu nahi izan zuen euskal gizona.]]>
<![CDATA[Bauhaus ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2020-04-14/bauhaus.htm Tue, 14 Apr 2020 00:00:00 +0200 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2020-04-14/bauhaus.htm <![CDATA['Entertainment']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1900/034/002/2020-03-31/entertainment.htm Tue, 31 Mar 2020 00:00:00 +0200 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1900/034/002/2020-03-31/entertainment.htm
Agintariek berehala gogorarazten digute kultura bigarren mailako zerbait dela, behar-beharrezkoa ez den denbora-pasa hutsa. Ideia horiek gure buruan noraino sartuta dauden konturatzen gara, kultur adierazpenak itxialdiko egun luzeak errazago pasatzeko gomendatzen ditugunean sare sozialetan. Musika entzutea, irakurtzea, filmak ikustea, antzezlanak edo artea gure ordenagailuetatik ikustea entretenitzeko omen da, ezohiko errutinak egiten uzten ez dizkigun gauzak egin ahal izateko momentua. Lanean pasatzen ditugun orduak ez dizkigute arteaz gozatzeko uzten, eta, horretarako astia izan dezakegunean, entretenitzeko direla esango digute. Ikasteko, gure hautematea zabaltzeko, mundua eta mundukoak ezagutzeko, hausnarketa egiteko, horretarako eta gauza gehiagotarako izan daitezke artelanak, eta, gainera, entretenitzen du. Horregatik ez dira alde batera baztertuta utz dezakegun zerbait premiazko gauzak egiten ditugun bitartean. Pertsonak gara pentsamendu abstraktua dugulako, ez lana egiten dugulako.

Aurreko asteartean, Iñigo Astizen Apaingarri izateari uztea izeneko artikulu ederrean, aterkia bezain erabilgarria izan zitekeen poema bat idazteari buruzko aipua egin zuen. Ulertzen dut poetaren kezka, baina sarritan pentsatu izan dut artearen ahalmena edo indarra ezertarako balio ez izatean datzala. Gauza guztiak zerbaitetarako balio behar duen jendarte batean, erabilgarritasunik eza iraultzailea da. Balioak erabilpenaren bidez ezartzen dituen gure mendebaldeko mundu honi aurre egiteko moduetako bat izan daiteke artearena, hain zuzen, ez delako erabilgarria, ez behintzat ohi den moduan. Horregatik, behin baino gehiagotan zalantzan jarri dut azken urteetan industria kulturalaren inguruan zabaltzen ari diren apologiak. Ez nago kulturaren bidez eratu daitezkeen industria egitasmoen kontra, noski, baina ezin dugu horretan jarri kultur politikaren indar eta diru guztia, sarritan entertainment industriari buruz hitz egiten ari garelako, eta ez kulturak pertsonak garatzeko dituen balioez.]]>
<![CDATA[Figurazioaren aldarrikapena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/034/002/2020-03-17/figurazioaren_aldarrikapena.htm Tue, 17 Mar 2020 00:00:00 +0100 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/034/002/2020-03-17/figurazioaren_aldarrikapena.htm
Bion pinturak arrarotzat har ditzakegu; figurazioaren bideari jarraitzeagatik ez ziren tradizionalak; horregatik ez zen zaila haientzat merkatuan sartzea, galeria sare arruntaren bidez. Jendearen artean tokia egitea lortu bazuten, beraien berezitasunari eta egoskortasunari esker izan zela esan dezakegu. Bakedanok 1960ko hamarkadan Euskal Herrian nagusi ez zen figurazioa egiten zuenez, ez zen erosoa Euskal Eskolen Taldearentzat. Ameztoik 1970eko hamarkadaren hasieran ekin zion bideari, Gipuzkoan abstrakzioa nagusi zen garaian.

Iraganean, bai bataren bai bestearen erakusketak ikusi arren, ez da haien unea iritsi Bilboko museoak aipatzen ari garen atzera begirako zabalak antolatu arte.

Bakedanoren figurazioa zuzena da, sinplea, irudi gutxikoa, baina berezia gaietan. Itxuraz, garrantzi handirik ematen ez zaien gauzei erreparatu zien pintore nafarrak. Aldi berean, ia koadro guztietan, egonezina edo misterioa adierazten duen zerbait topatuko dugu: jendea bizkarra emanda, emakume bakar bat Iruñeko autobus geltoki zaharrean bizkarra emanda, plater eta edalontzi bakartiaz atondutako mahai zuria hondo beltz baten gainean, autoak zelai berdean oihalez estalita, irudi erlijiosoak...

Bakedanoren soiltasuna eta isiltasuna sumatuko dugu Ameztoiren lehendabiziko koadroetan. Pop artetik baino hurrago dago surrealismotik Ameztoiren lana. Ametsetan azaltzen zaizkigun irudi bikoitzak pintatzea izan zen bere asmoa; ezinezko errealitatea irudikatzea hizkuntza plastiko errealista edo hiperrealista baten bidez. Teknika zehatza eta trebetasun handikoa zuen Ameztoik, Bakedanok bezala; lehenak, baina, xehetasunetan galtzeko beharra sentitzen zuen. Pixkanaka euskal paisaia berdea ondoen irudikatu zuen artista bihurtu zen: tradizioari arreta jartzen zion, modernitatearen etorrera ezkutatu gabe. Belar berdea pintatzea gustuko zuen, artista gutxi ausartu ziren kolore bizi baina ezerosoa pintatzera, baina Ameztoik ez zion uko egin. Ia koadro guztietan euskal baserri giroko elementuren bat azaltzen da, bizitza garaikideko gauzekin elkartuta. Harridura sortzen duen objektu ezberdinen arteko elkarketak espazioaren zatiketarekin bat egiten du, eta jolas egiten du koadroaren gainazal lauaren zein sakontasunaren artean, gure begiak jolas horren konplize izateko. Jolaszaletasun horrek Ameztoiren beste ezaugarri nagusiarekin bat egiten du: umorearekin. Zalantza handirik gabe, irribarrea eragiten dute Ameztoiren asmakizun ilogikoek.]]>
<![CDATA[Zeruak eta bideak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/041/002/2020-03-03/zeruak_eta_bideak.htm Tue, 03 Mar 2020 00:00:00 +0100 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/041/002/2020-03-03/zeruak_eta_bideak.htm spoiler-a izan nahi, baina Gasteizko Artium museoan zabaldu diren erakusketa batzuei buruz idatzi nahi dut gaurko honetan. Orain dela aste batzuk Zeru bat hamaika bide izenburua daraman erakusketa bat zabaldu zen, Artiumeko bilduma iraunkorraren interpretazioa egiteko asmoarekin. Horretarako kanpoko bilduma askoren laguntza izan badute ere, urteetan Gasteizko museoak bildu dituen lanen aurkezpen berria egiteko aukera izan du.

Erakusketak ez du 1977tik 2002ra urte bitarteko artearen kanonizazioa egin nahi, hala azaldu dute erakusketako arduradunek eta baita museokoek ere. Dokumentazioa eta kronologia zehatza egiten diren aretoaren ondoan, artelanen areto handia jarri dute; eskulturak eta pinturak aske azaltzen zaizkigu espazio zabalean, azalpenen laguntzarik gabe. Aipatu bezala, beste aretoan, atalez atal Euskal Herrian izandako esperientziak ildo nagusi batzuen arabera interpretatuta daude, hainbat materialen laguntzarekin: artelanak, dokumentuak, bideoak, argazkiak, fanzineak, eskuorriak, kartelak, itsasgarriak eta abar.

Euskal Herriko arte historia egiteko modu asko egon daitezke; erakusketako arduradunek bat aukeratu dute, eta ez dut uste horregatik ikuspuntu bat nagusitu nahi dutenik, batez ere ikerketa gai bat baino gehiago zabalik geratzen direlako. Agorrezin diren ildoak zabaltzea izan daiteke erakusketa honen asmoa, eta alderdirik interesgarriena. Ikerketa gaien erakusketa txikiei toki egitea ere ez da ideia txarra halako kronologia zabala jasotzen duen erakusketa baterako; adibidez, Artelekuri eskainitako tartea Laura Vallesek egindako proiektu autonomo baten emaitza da.

Gainera, ezin dugu alde batera utzi Artiumeko bilduma aurkezten duen erakusketa handiak hiru euskal artistari egindako monografikoekin bat egin duela. Juan Luis Morazari, Elena Mendizabali eta Gema Intxaustiri eskainitako erakusketek bildumako erakusketaren ikerketa gai edo atal berezituak ematen dituzte, nahiz eta beren autonomia ere mantentzen duten. Morazaren garai oso zehatz bateko erakusketa eta Elena Mendizabali eskainitako atzera begirako zoragarria 1980ko hamarkadan lanean hasi zen belaunaldiaren isla ederra dira. Intxaustirenak, berriz, 1990eko hamarkadako artisten belaunaldi indartua ordezkatzen du, nahiz eta bi emakumeen kasuan azken garaian egindako lanek protagonismo nabarmena hartzen duten.

Beste artista gizonezko batzuen aldean, ezezagunagoak dira bai Mendizabalen eta bai Intxaustiren lanak, baina erakusketek beraiek oso ondo puskatzen dituzte aurreiritziak eta topikoak. Artearekin harremanetan izaten dudan amodio-gorroto bikoiztasunaren barruan sartuta nenbilela, Elena Mendizabalen erakusketa ikuste hutsak artearekin berradiskidetu ninduen. Gustura ikusi nituen Gema Intxaustiren hasierako lanak, aspaldi ikusi gabekoak; baina testuekin egindako azken urteko instalazioen erdian ia zorabiatuta geratu nintzenean, artearekin gozatu daitekeela pentsatuz irten nintzen Artiumetik...]]>
<![CDATA[«Lotsagabeak»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2020-02-18/lotsagabeak.htm Tue, 18 Feb 2020 00:00:00 +0100 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/032/002/2020-02-18/lotsagabeak.htm lotsagabeen protesten «inposatzearen» ondorioz, azken 30 urtean? Bat bera ere ez?

Oholtzatik demokrazia lezioak ematen dituenari galdetu beharko diogu zein den lotsagabe ez izateko bidea. Ingurumenaren kontrako proiektu handi eta garestiak, edo zuzenean behar-beharrezkoak ez diren proiektuen aurreko desadostasuna azaldu arren, zergatik ez dagoen elkarrizketarako biderik edo ados ez egoteko eskubiderik. Demokraziak gehiago dauka desadostasunak negoziatzetik erabateko kontsentsutik baino.

Aurreko astean Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarri zuen, azkenean, Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko lanak berehala hasiko direla; hau da, Gipuzkoako kulturako bederatzi milioi gastatuko ditugula berrikuntza handirik behar ez duen azpiegitura berritzen. Hain zuzen, aurrekontu parte hartzaileetan parte hartzeko eskatzen digun kanpainaren erdi-erdian. Nahiz eta kultura munduko inork ez eskatu, liburutegiko langileak eta teknikariak kontra egon, eta Andres Nagel bezalako artista ezagunek eta urtetan KMK-ko zuzendari izandakoak ere proiektua zalantzan jarri, Gipuzkoako Aldundiak ez du atzera egin; badirudi printzeari bere zatia eman behar zaiola, Gipuzkoako errege izaten jarraitzeko. Bitartean, eraikuntza enpresen artean banatuko ditugu bederatzi milioi euro. Gustatuko litzaidake jakitea zeinenak diren KMK eraikiko duten enpresak eta barne hornikuntza edo diseinu proiektuak egingo dituzten estudioak. Erraustegia bezalako azpiegituran ondo baino hobeto ikusi dugu kontratuak blindatzera iritsi den erakunde publikoen eta enpresa pribatu handien arteko konplizitatea. Dena legearen barruan, hori bai. Legearen barruan egongo diren bezala, KMK-ko eraikuntza lan guztiak eta ondorengo lizitazioak; azken hauek xehe-xehe egin behar baditugu ere, lehiaketa publikorik ez egiteko. Gure gauza ondo doa: diru publikoa esku pribatuetara bideratzeko estrategiek aberastasuna sortu, eta, gainera, lana ematen omen dute. Bitartean gure irrati publikoak etengabe Eusko Jaurlaritza, auzolana eta Gipuzkoa orain leloak errepikatzen ditu. Mantra bihurtutako esaldiak 1984ko gizartea gogorarazten du; izan ere, gaur egungo propaganda estrategiak komunikabideen kontrola eskatzen du, eta ezin da esan Gipuzkoako erakundeak partekatzen dituzten alderdiek horretan ez dutenik asmatu. Hala eta guztiz ere, Goiak eta Tapiak Basque Railway jardunaldian (auzo lotsa ematen duen leloa eta ekitaldia, bestalde) azaldutako erreakzio ozpinduak arrazoi gabeko urduritasuna adierazten zutela iruditu zitzaidan. Ikas ezazue orain arte Gipuzkoako kulturaren ardura izan duen pertsonarengandik, irribarre ederrarekin hartuko ditu lotsagabeen protestak, ez dago ezertaz kezkatu, KMK berria ez zaio Gipuzkoako kulturari inposatuko, oparitu egingo zaio, jatorrak, eskuzabalak eta demokratikoak garelako.]]>
<![CDATA[Artearen ardura soziala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/033/002/2020-02-04/artearen_ardura_soziala.htm Tue, 04 Feb 2020 00:00:00 +0100 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/033/002/2020-02-04/artearen_ardura_soziala.htm Art Workers' Coalition izeneko taldea osatu zen, artearen gizarte eta politika arduren gainean ohartarazteko.

Nahiz eta MOMAko arduradunei bidaltzeko hamahiru eskaera nagusien zerrenda idatzi, hiru gaik hartu zuten lehentasuna talde berriko artistentzat: emakume artista eta artista beltzen hutsunea MOMA bezalako museo batean, eta Vietnamgo gerrarekin museoaren babesle aberatsek zuten konplizitatea.

Hain zuzen, Vietnamgo gerraren aurkako ekintza batek egin zuen ezagun Art Workers' Coalition taldea (AWC), 1970. urtean, And Babies izeneko posterra Picassoren Gernika koadroaren aurrean erakutsi zutenean. Ezin dugu ahaztu Gernika MOMAn zegoela ikusgai sasoi hartan, eta gerra guztiak zibil errugabeentzat izan diren bidegabekerien aurkako sinbolo izateari utzi ziola, irakurketa formalista eta estetiko baten alde. Horregatik, AWC taldekoek koadroaren esanahi sozial eta politikoa berreskuratu nahi zuten; garai hartan AEBak Vietnamen herritarren kontra egiten ari ziren sarraskien aurka egin, artelanaren bidez. And babies izenburua zuen posterrerako, My Laieko zibilen hilketaren harira prentsak argitaratutako argazkia erabili zuten, telebistako elkarrizketa batean sarraskian parte hartu zuen soldadu batek erantzundako esaldiarekin: «And babies?», galdetu zuen elkarrizketatzaileak hilketaren harira, «And babies», erantzun zuen militarrak.

AWC taldeak MOMArekin hitzartu zuen artelanaren produkzioa, baina, azken momentuan, eta dirudienez museoa babesten zuten aberatsen presioen ondorioz, atzera egin zuen eta ez zuen erakutsi nahi izan. Hala ere, hiriko litografoen sindikatuak 50.000 poster inprimatu eta boluntarioen bidez zabaldu zituzten, hirian eta hiritik kanpo. Azkenik, manifestazio jendetsu batek Gernika-ren aurrean erakutsi zituen posterrak, lehen esan dugun moduan.

Taldea 1971n desagertu bazen ere, museoaren gaineko ardurak artisten eta gizartearen artean banatzeko eztabaida piztu zuen. Gaur egun museoak normaltzat dituzten erabaki batzuk —adibidez, ikusleentzat egun bat doan izatea— AWCk egindako hamahiru aldarrikapenetatik sortu ziren. Oraindik gaur egun, gure museorik newyorktarrenak azken baldintza hau bete gabe jarraitu arren, zaila iruditzen zait antzeko euskal AWC batetik eskaera etortzea.]]>
<![CDATA[Zazpi gizon maketa bati begira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/024/002/2020-01-07/zazpi_gizon_maketa_bati_begira.htm Tue, 07 Jan 2020 00:00:00 +0100 Ismael Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1880/024/002/2020-01-07/zazpi_gizon_maketa_bati_begira.htm
Beste argazki bat besterik ez zen izango, baldin eta egunkariaren orria pasatzeko orduan ez balego Haizea Barcenillak sinatutako Begirada maskulinoa izeneko artikulua Begiz izeneko atalean. Haizearen artikuluak beste gai bati buruz hitz egiten bazuen ere, ezin izan nuen aurreko orriko argazkiaren eta artikuluaren izenburuaren arteko lotura ia nahigabea egin gabe geratu.

Hain zuzen, egunkariko kultura orriko argazkiak ohiko begirada maskulinoari buruz hitz egiten zigun gizarteari, kulturari, arkitekturari eta, orokorrean, arteari dagokienez, Bilboko Arte Ederren Museo berritua izango den maketari begira zeuden zazpi gizonetik bost behintzat boterearen adierazpena zirelako: Bilboko alkatea, Bizkaiko ahaldun nagusia, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, irabazi duen proiektuaren arkitektoa eta museoko zuzendaria. Horiek guztiak izan dira eta izango dira hiriaren azpiegitura kulturalaren erabakiak hartu eta hartuko dituztenak. Guztiak, gizonak.

Hona iritsita, galdera bat egitea ezinbestekoa da: zilegi al da gaur egungo gure gizartean emakumearen begiradarik gabeko proiektu kultural bat aurrera eramatea? Ez al da baztertzailea emakumearen iritzirik gabeko erabakirik hartzea? Beste modu batera begiratuta: ez al litzateke aberasgarriagoa, edo, gaur egun asko erabiltzen den eta politikoki zuzena den hitza aipatuta, ez al da inklusiboagoa emakumearen begirada kontuan hartuko lukeen kultur proiektua?

«Zer da emakumearen begirada?», galdetuko du norbaitek. «Ez al dugu begirada berbera emakumeok eta gizasemeok?» Hain zuzen, horixe da aspalditik feminismoak aldarrikatzen duena: historian zehar garrantzia izan duen gizonen ikuspuntu hori alde batera laga beharra, eta emakumeen esparrukotzat hartu izan diren irizpideen bitartez gizarte berdintsuago bat eraikitzea.

Nik uste dut arkitekturaren eta museoen munduak zeharkako begiradak ere behar dituela. Oso ohituta gaude arkitekto handiak gizon izenak izatera, nahiz eta Bilboko Arte Ederren Museorako aurkeztutako proiektuen artean emakume askoren egitasmoak egon. Hala ere, irabazlea gizona izan da. Monumentaltasuna, arkitektura ikuskizun bihurtzea, aztarna lagatzea —txakurren txiza bezala—, hiriaren antolaketa zehatz baten alde egitea, lana zaintza edo beste gauza batzuen gainetik jartzea, espazioa modu indibidual batean disfrutatzea era kolektiboagoan egin beharrean, jenio sortzailearen ideia zabaltzea... horiek guztiak izan dira orain arte garrantzia izan duten ezaugarriak. Ez al da beste balio batzuekin ordezkatzeko ordua?]]>