<![CDATA[Itxaro Borda | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 27 Nov 2022 03:38:11 +0100 hourly 1 <![CDATA[Itxaro Borda | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ter repetita]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2019/007/002/2022-06-29/ter_repetita.htm Wed, 29 Jun 2022 00:00:00 +0200 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/2019/007/002/2022-06-29/ter_repetita.htm
Alabaina eguneroko latza jasan dugu, bereziki azken bi urte hauetan: koronabirusa, sekula ez bukatzeko gisa hedatzen ari den Ukrainako gerla likitsa, —Europak eta Estatu Batuek ez dute sobera laguntzen Kieveko boterea, Errusia ez umiliatzeko Macronek behin erran zuen moduan— eta Frantzia mailako hauteskundeak... guztiak, neurri ironiko batean, gertakari traumatikoak. Eta Bidasoan itotzen diren afrikar gazteak... bederatzigarrena jada. Hauen herioen berria jasotzean, beti gogoan dabilzkit Xalbadorren «Mendian galdu direnei» 1974ko bertso paper hunkigarriko hitzak. Historia luzean, gauzak errepikatzen dira, eta ohartzen gara deus ez dela zinez aldatzen.

Aurten, mozkor gutxi. Baionako besten sarrerako besokoa hamar euro ordaindu beharko dute kanpotik datozenek. Diru erraza udalarentzat. Sei egunez urrezko barrabilak egiten omen dituzten ostalerrak ekonomikoki ez umiliatzeko modu graziosoa, ene gostuko. Baina «Niri bost!» lerrake Bilboko Pedro adiskideak, ni mendian nonbait egongo naiz, mugaz bestaldean, beste hizkuntza batzuk ezpainetan. Urrun eta hurbil aldi berean. Ez, hargatik, mundutik at.

Egunkarietan irakurtzen denaren arabera uda honetan koronabirusaren n. garren aldaeren erasoa jasan genezake. Adinekoak laugarrenez txertatzera deitzen dituzte. Oroitzen naiz, ez dakit non eta norekin, nola erraten genuen, Frantziako hauteskundeak bukatu orduko konfinatuko gintuztela, konfinamendua bezain baliabide egokiagorik ez dagoelako bake soziala segurtatzeko, bereziki gaurko egunean, bozka-ontzietatik ateratako Pariseko batzar nazional bitxiarekin, Makroniak, Sinaloako kartel mugitu bat bezain ingobernablea dirudienean.

Ez gara horretan oraino. Gidoi katastrofisten maitaleak gara, ezintasun kolektiboak justifikatzen balituzte bezala. Jupiter bere harpean gordetzen da eta mintzatuko da hitzak zentzu zerbait ukanen duenean. Anartean, Crims ikusten dugu TV3.cat gunean eta Carles Portaren euskal fan's amorratuak bilakatu gara. Eta ametsetan perpaus sibilino batek harrotzen dizkigu muinak: on hi ha sang, no hi ha negoci... udako leitmotiva izan daiteke. Odol metaforikoaz ari naiz bistan dena. Eta aipatzen nuen konfinamenduari dagokionez, utziko ote zaitut parioa irabazten, zu zaren nire laguna ez umiliatzeko?]]>
<![CDATA[Erranen dutea?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1951/008/002/2022-06-15/erranen_dutea.htm Wed, 15 Jun 2022 00:00:00 +0200 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1951/008/002/2022-06-15/erranen_dutea.htm
Anartean, Europako Parlamentuan, 2035erako epean, ezantza, diesela eta bioerregaiekiko autorik ez saltzea erabaki dute, airea eta tenperaturak horrela apalaraziko dituztela esperoan. Hala gertatuko da bistan dena, Covid-19aren denborako 2020ko konfinamenduetan bezala, keak eta dioxido karbonoez emokatu lainoak desagertuko dira. Mendea doiko bizi-iraupena duke beraz petrolioz sustatu kotxeak, laster oroitzapenen gela ilunean gatibatuko dugula. Beribilez idatzi dira nobelak, mentura eta zeharkaldiak egin Road 64 mitikotik adibidez, pentsa larrua ere jotzen genuen gasolina eta motor olioa usantzen zuen habitat hertsi horretan. Azken irudia: Quebecetik Montrealerako highway hartan, Zukan Triokoekin Nirvana entzuten genuenekoa...

Autoa ez da arras desagertuko. Elektrikoa proposatuko digute ezantzazkoaren ordez. Estatuek laguntzak emango dizkigute, ausarki, ez dutelako nahi langile asko erabiltzen duen industria mota horrek porrot egin dezan, nahiz eta hondar hamarkada hauetan, deslekutze masiboen erruz, Europatik kanpo errotzen diren. Kalifikazio gutxiko beharginak hartzen zituzten, heroiak sortuz: Boulogne Billancourteko Renault lantegiaren haroa hor daukagu kasko zokoetan dantzari, jende lerroak pointatzeko tenorean, Jean Paul Sartre bertan predikari edo jada ahantzia dugun Claire Etcherrelli (1934) baten Elise edo egiazko bizitza deitu nobela proletarioa kotxe-muntatze kate batean kokatzen zena...

Baina erranen dutea?

Erranen dutea ez duela gaurko moduan, etorkizunean, sendia bakoitzak, bizpahiru kotxe elektriko edukiko, kategoria sozial eman bati bakarrik eskainiko zaiola aukera hori eta gainerakook garraio kolektiboen promiskuitate eta harramantzara kondenatuak izango garela? Erranen dutea auto horientzat beharrezkoa datekeen energia, zentrala nuklear zaharkituen sabeletik aterako dela, zaborren arazoa ez dela batere konpondua? Erranen dutea erran ezin dena, orain arte ezagutu eta gozatu dugun mundua, mundu laurden oparo hau, batzuentzat besteentzat baino gehiago bistan dena, bukatua dela, gure mugikortasun sareak bestela hausnartzen hasteko premia dugula ahalik lasterren?

Ez dute deus erranen, ondorioak geronek aterako ditugu, paretaren maldan aurkituko garenean, alde orotatik blokatuak: azken krisia, gure garaia [al] da?]]>
<![CDATA[Osteko asteak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/006/001/2022-05-18/osteko_asteak.htm Wed, 18 May 2022 00:00:00 +0200 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1950/006/001/2022-05-18/osteko_asteak.htm
Bakarrik edo binaka ibiltzera ohitu gara. Metro eta erdiko espazioa zainduz. Ez da oso humanoa... metatuak, itsatsiak, elkarri josiak bizitzeko usantza daukagulako: multzotan ederki ausatzen ginen Isturitzeko harpe nagusian, oroitzen? Orain, aldiz, San Izpirituko posta bulegotik kanpo ere izaki-lerro argiak luzatzen dira, espaloian. Mesfidatzen gara, mukur gabiltza, mutu, etengabeko mudantzetan. Eguzkia jalgitzen denerako, gorputz hormatuak berotzera eramaten ditugu, gure hiriak zeharkatzen dituzten ibaien hegietara. Pertsona numerikoak eta immaterialak bilakatu gara. Sentsazio bitxia da, behialako mineralizazioaz haragoko zerbait dela iruditzen zaidalako. Dakigunaren arabera, Hego Afrikan omikron birusaren bi aldaera bereizi dituzte, eta Txinan agitzen den bezala, BA.3 eta BA.4, neguko sukar eta eztul uhin bila daitezke: tsunamia iragarriaren bezperan gaude, garraioetan musukorik gabe bidaiatzeko eskubidea dugun honetan.

Herri Urratsen Jondoni Joaneren plantan nengoen, Xiberroots taldeko musikariak entzuten eta pentokan behera bihikatzen ziren milaka bihotzak nondik eta nora zebiltzan asmatzen saiatzen. Euskararen apokalipsia iragartzen zen denetan, baina xanpaina txistuak behatz puntetan, arduradun politikoek hitz ematen zituzten milioien baltsaren hordimenaren muinetik: nioen nirekiko, apokalipsia nekusan osteko osteen kulunka hori baldin bada, izenpetzen dut berehala. Gure 666 tribuak ordezkatuak ziren, belar idor usainez eta beste erregai likidoz mozkor. Negar-anpoilak ahanzteak on egiten du batzuetan, egoera begi hotzez haztatzeak bezain. «Itzulera» pentsatu bezalakoa suertatu zen, gerotik gerorako perilik gabe.

Garai berri hauetako ederrenaz gozatu nuen AP8 autobidean Andoainerako irteera huts egin nuenean. Arralden atera nintzen eta hortik Oria ibai hegitik, Usurbilen barna, helmugara iritsi, denborak, lekuak eta emozioak ziztu bakarrean zeharkatu banitu bezala: marea apala zen, Mapil aldeko erreka ezpondetako lohi hilaren urrin astuna nahasten zihoan duela gutxi ebaki soro gaziarenarekin, iragan udako adiskidantza zoharren lekuko. Betazalak apaldu nituen, eta Txokoaldeko zubiaren parean, alatxo bat zehaztu nuen, uraren gainean, aiduru, eratorri anitzetarako prest, momentuaz profitatzen, Axularren errana ezeztatuz. Alabaina, galtzen dugun denbora, irabazten duguna da. ]]>
<![CDATA[Nagietsiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1925/006/001/2022-04-20/nagietsiak.htm Wed, 20 Apr 2022 00:00:00 +0200 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1925/006/001/2022-04-20/nagietsiak.htm
Une horretan, nire izpiritu sinple eta sinplifikatzailea kolapsatzen da: ez dut ulertzen. Arrabokan eta marmaraz gehien ari direnak dira bozka egunetan etxean geratzen. Etsituak dira, egia da, sistema demokratikoetan, izaki-bakunak ez direlako beren merezimenduen neurrian berehala zerbitzatuak, alderantziz askotan, gorrotatzen den auzoak ditu diru-laguntzak eta begiruneak erdiesten: errabiatzakoa badela aitortuko duzu irakurle... Sortaldeko jendarteotan, gure intimitatera begira bizi gara eta aldi berean, en même temps lerrake Macronek, kanpora, etengabeko bestearekiko konparaketa saioetan galtzen dugula denbora. Eta horrek frustrazioa sortzen du, antsia, nagitasuna, nahikeria, jeloskeria... Mekanismo sozial hauek ederki funtzionatu dute pandemia garaiko hainbat konfinamendu episodioetan.

Noiztenka jartzen naiz mendekuzko botoa urnan utziko duenaren larruan. Herra gidari ona da eta bestearen kontrako gerlak herio pultsio metaforikoari bidea irekitzen dio, aurka ari garenean lasaituak sentitzen gara, segur gara gure ideietan, zalantzarik ez daukagu: estatu totalitario batean gutxi batzuk libre izan daitezke, bekoz bekoan, sakrifikatzeko norbait edo zerbait duteino. Baina ez naiz heltzen bozkatzera joango ez denaren joera konprenitzera: politikarekiko disgustu hori, gohain hori, gauza publikoarenganako urruntasun hori, eta gero, ostatu zokoetako eztabaida sutsuak, Ricard trinko eta ardo zuri mikatz artean.

Pentsatzen da beti jende arruntenak dituela abstentzio egileen tropak loditzen. Bistan dena, bizitza kolektibo eskasetik at dabiltzanak badira, baina irakurri berri dudan Lemonde.fr guneko artikulu baten arabera, bozkatzera ez doazenak klase ertain apalekoak dira, txertoa salatzen zuten berak, bai eta frantses boterea borrokatzen zebiltzalako hain idealizatu genituen gilets jaunes haien saldoetan aurkitzen genituenak.

Bozka bulegoetako bakartegietan trenkatuko dira gure duda murritzak, kontzientziaren sekretuan: ez dut erranen nori bozkatuko dudan, ez eta nori bozkatu behar duzun...]]>
<![CDATA[Souvenirs]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1925/009/001/2022-03-23/souvenirs.htm Wed, 23 Mar 2022 00:00:00 +0100 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1925/009/001/2022-03-23/souvenirs.htm nous sommes en guerre mantra politikoa egiaztatu dela, pantailetan Ukrainako irudiak agertzen zaizkigunean. Baina ez da berdin. Zelenskyren egikera kopiatu nahi bailuen, argazki intimoetan bizarra egiteke, akitua eta Orleansko paraxutisten soinekoarekin azaltzen zaigu presidente-gaia. Macronen gerla haatik, iragarri duenez, antisoziala da, herrialde oso bateko prekarioak, eta asko dira, gaizki tratatzeko programa plazaratu berri duela... Dena dela, hogeita lau hilabeteotan, errealitateak uhertu dira. Amets gaiztoen zakua inarrostera behartuak gara, diamante gisa distiratuko luketen gogapenak bereizi eta Georges Perec maisuaren moduan harilkatzeko:

-Oroitzen dut lehen aldiz PCR proba egin nuen goizaz. Maiñon aldeko laborategi zokoratu batean sudur zuloa garuneraino induskatu zidaten. Urtsuko klusterraren baitan kasu kontaktu agitu nintzen,

-Oroitzen naiz, lau hilabetez itxia egon ondoren, muga hegoaldera berriz pasatu nuen eguerdiaz. Topoan sartzean, paper meta bat neukan eskuan eta maskara brikolatua muturrean. La Perlan bazkaldu nintzen eta arratsaldean Ondarretako Chillidaren Haize Orrazira jo nuen oinez,

-Oroitzen naiz, bilobak eta haurrak metroko distantziaz besarkatu nitueneko 2020ko maiatzaren 18ko egunaz. Momentu hunkigarriak ziren, sekula ez genuelako horrelakorik gertatuko zitzaigunik imajinatuko. Bagenekien ordukoz, gu baino kinka larriagoan zeudenak bazirela,

-Oroitzen naiz, irakurleekiko aurreneko bilkura telematikoa egin nuen arrastiriaz. Hernaniko mediatekan bilduekin Abaro poema liburuko olerkiak leitu nituen: urruntasun eta hurbiltasun sentsazio bitxia zen, hunkigarria eta ezinbestekoa jasaten genuen egoeran,

-Oroitzen naiz, frontera (literarioa?) nola iragan nuen, batean Maripi Solbes aspaldiko adiskidearekin, eta bestean Eider Rodriguezekin, kontrolatzen gintuzten poliziei idazleak ginela eta justuki nobela poliziakoak izkiriatzen genituela aitortuz: irriz lehertu ginen denak baimen agiriak erakutsi bitartean,

-Oroitzen naiz, gure artetik herioak eraman zituen ezagun, adiskide eta kideez: haiei agurrik eman ezinean geratu ginen, beranduago omenaldi-ekitaldietan parte hartu genuen arren, goian beude Jasone, Mimi, Anjel-Mari Untzueta, Virginie, Marijan,

-Oroitzen naiz, Netflixeko harpidetza utzi nuen gauerdiaz, hortik aitzina ETBko Nahieran atalean Goenkale telesailaz gozatzen hasteko, Maria Luisa Galardi, Arraldeko mafia buru antzekoaren distiraz eta larderiaz jabetuz,

-Oroitzen naiz baduela bi urte ez dudala autoko musika zinta aldatu, etengabean eta buklean Olatz Salvador entzuten nabilela, zintzilik eta aho uhala ezpainetan,

Bizitza zatiak dira, memoria mendreak, asko ikasi eta ikusi dugu... mundua ez da aldatuko, baina deus ez da herenegun bezalakoa izanen, hori da gure segurtamen izpia.]]>
<![CDATA[Piarres]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1871/009/002/2022-02-23/piarres.htm Wed, 23 Feb 2022 00:00:00 +0100 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1871/009/002/2022-02-23/piarres.htm
Azken hamarkada hauetan iparraldeko literatura iparraldean kontsumitzen dugu, salbuespenak salbu. Gurea, cold case gisa, Miranderekin bukatzen da Euskal Herri globalarentzat. Frantseskerietan galtzen gara? Orain beste logika literario batzuetan gaude? Kopuruen legea nagusi da? Masa kritikora ez gara iristen? Hizkuntz eredu orokorrari ez gara erraz moldatzen? Galderak egin daitezke. Urruntasun horrek birus baten antza duela errango nuke: kutsatzen gaitu, isiltasunera eramaten gaitu, baina hemen, Covid-19arekin ez bezala, hurbiltasuna da sendagailurik hoberena. Horiek guztiak nituen kaskoan, San Izpiritu zubian, Piarres Aintziart heletar idazlearekin batu nintzenean.

Piarres filosofoa da formakuntzaz. Bere apezgai denborako gertakariak kontatu zituen liburu batean, Aljeriako gerra, irakasle urteak, eta dagoeneko, idazle zeregina, urtez urte, emendatzen dabil Maiatz argitaletxean plazaratzen dituen liburuei esker. Hiriburutik Baionan barnako oinezkaldia egiten gurutzatu dut askotan, baina ez dugu aldi oroz hitz egiteko astirik hartzen. Iragan larunbatean aldiz bai, nik dakita zergatik, agian, otsaileko argitasun zilarra sutzen zelako Aturri ibaiaren azaletik edo eguzki ahul batek mendi aldea distirazten zuelako. Dena dela, distantzia arautua errespetatuz, libertateaz eta libertatea gozatzeko ezinbestekoak diren mugez aritu ginen, kalakari, mututasun eta irri artean.

Piarresek aitortu zidan ez zuela sobera sufritu pandemiarengatik jarri zizkiguten espazioen murrizketa haietaz. Sonetoaren edo bertsoaren adibidea eman zidan: zaila eta ederra da doinuak eta oinek baldintzatzen duten diskurtso baten ekoizteko betekizuna, kontuz ibili behar da elementuak puzzleen pare buruan dugun egituran kokatzeko, mugagabeko libertaterik ez dago telefono harpidetza mugagabekorik ez den moduan, pertsona batek bere mundua du, zedarriz setiatua, libertate zelaia deitzen duena, nahiz eta Artzeren Txori txiki haren eran, zutoin bati soka laxoan estekaturik egon. Bizitzen gara, itxia irudikatzen dugun libertatez biderkatu eremuetan.

Piarresekin, koronabirus ondorengo ene lehen lezio filosofikoa harturik, pozik trebesatu nuen Errepublika Plaza. Eta nioen, ene gogoarekin, horregatik maite nituela iparraldeko idazleak, umiltasunean erraldoiak direlako.]]>
<![CDATA[Tuneletik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1928/005/001/2022-01-26/tuneletik.htm Wed, 26 Jan 2022 00:00:00 +0100 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1928/005/001/2022-01-26/tuneletik.htm
Astelehen honetan Frantzian, iparraldean barne, Txerto Agiria indarrean jarri da. Debadio asko, manifestariak oraino ere karriketan, duda eta zalantza sobera: ohargarria da koronabirusak jada aski fragmentatua zen jendarte bat nola jauzarazi duen mila pusketan baina, hauxe liteke ene galdea: ez ote dira sozietateak oro zatikatuak, bakoitzaren aburuen eta egikeren arabera? Pandemiaren baitako neurriak eta murrizketak, etorri diren arau, jasangaitz eta kritikagarri sumatu ditugu, maskararik eza bezain txertoen agertzea 2020ko abendu heze hartan. Sekula kontentatzen ez diren biztanleak gara? Denean eta ez denean beti haserre eta mutur gu? Iragan ostegunean zendu den Ticht Nhat Hanh budista zuhurrarengandik asko bagenuke ikasteko, ez dea hala?

Meditazio kosmiko gutxi eragin digute Omikronek eta bere alaba den BA.2 azpi-aldaerak. Bakartasunaren onurak dastatu ditugu, ez bakartasun morbidoarenak, baizik eta betetasun zoharreko bakartasun harenak. Karrikan, Aturri edo Errobi hegietan gurutzatzen garenean, hargatik, hitza askatzen zaigu, eta Lurreko azken gertakarien jakinean jartzen gara. Batzuk New Yorken pasatu dituzte urte bukaerako bestak, besteek egun oroz zeharkatzen dute frontera eta azkenek bizitza arras normala daramatela kontatzen digute, irriño kokin bat ezpainetan. Eta sakelakoak jotzen du, wasap mezuen seinalea, kilink!: «Konfinaturik nagon ostiraletik, omikronaren atzaparretan erori nintzelarik...».

Normaltasun desiraren eta anormaltasunez hantu errealitatearen arteko no woman's land horretan gaude geldirik. Ez gara segur non gauden hitz egiten dugunean. Eta elkarrizketak finitzen ditugu filosofo sofisten moduan, ohikoa errepikatuz: istorio honetan deus ez dakigulakoa da dugun ziurtasun bakarra. Mundu mailako osasun erakundeak tunel batean sartu dira, haztamuka gidatu gaituzte, kaxkarrot dantza batean bezala, hiru urrats aitzinera, bi gibelera, hatsanka holtz hegiraino, leizeari begira... Bat batean, planeta urdineko parte aberatsenetako kukurrukuak apaldu beharrean suertatu dira, eihera edo errota sozialen uhalak bikerik gabe inguratzen direla argi utziz, minak eta auhenak ozen. Handimandi hunkiezinak zirela uste zuten haiek umezurtz biluzi eta oihukari gisa abandonatu ditu Covid-19ak: pandemia honek biziki ongi islatzen ditu neoliberalismoaren auto-elikatzeko oinarrizko mekanismoak.]]>
<![CDATA[Atxix!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2095/003/001/2021-12-29/atxix.htm Wed, 29 Dec 2021 00:00:00 +0100 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/2095/003/001/2021-12-29/atxix.htm Barkatu hitza agerian emanik...

Inguruan dauzkadan bi antivax hurbilen isilik nabil. Ez nuke nahi nitaz trufa daitezen. Askoren antzera, bi txerto ukanik, hirugarrenerako hitzordua dudala, omikron birusak joko nau hala ere, erdiz erdi, sano eta salbu naizela uste dudan unean bertan. Lagun pare hark erran zidan, eiki, txertoak ez zuela balio, ez zela aterabide bat, manipulatua nintzela eta «ardi otzanen» moduan txertatzera nindoala hiltzearen beldur nintzelako, garrantzitsua banintza bezala, hain gutxi eta kasik ezdeus izanki: ez al da desagertze materialaren perspektibaren aitzinean biziduna dardarka jartzea naturala?

Felix Zubia medikua entzun nuen irratian eta haren eleek duda hazi zidaten: bost edo seigarren uhinean, txertatuak ala ez txertatuak, orain arte kutsatzetik «salbatu» direnak barne, denak pasatuko gara koronabirusaren baheetatik. Eskapurik ez. Greziar zaharreko alfabetoko letra guztiak ustiatuko ditugu... herenegun alta, Zubiak berak honakoa azken oldea izan zitekeela erantsi zuen: uuuufff. Ur hotza. Ur beroa. Eta gu, igelen antzera, tupina zolan dantzari. Gobernuek, presio pean, neurri murriztaile berriak martxan jarriko dituzte. Eguberri pasatu zait, urzainka eta Quebec-eko Alain Denault filosofoa dantzut Melissa Verraultekin ekonomia psikikoaz mintzo, atxix!

Domenixtikum mutua.

Pandemiaren garai luze eta lehergarri honetan, bi urte jadanik, ahantzi dut jatorrian abere politikoa naizela. Jende apurra gurutzatzen dut eta nire 24 m?-ko etxolan bakarrik bizi naiz. Pentsa nezakeen kutsatze autobideetatik at egonez, Covid-aren ausikietatik urrun geratzea lortuko nuela. Baina ez. Buztinezko oinak ditut, beharrezkoa den arren, txertoa ez da aski, eta gaur ezagutzen dugun egoera hau, agian, XXI mendeak jasango dituen gaitz ekologiko-ekonomikoen teaserra baizik ez da. Nik ere maite dut, nire aldian, etorkizun katastrofista irudikatzea, asmatzen uztea, paperean etzatea... ororen buru guztiak Kasandra distiratsuak garelako!

Nire hausnar tzarrak irentsi eta farmaziara zuzendu naiz. Maskara muturrean. Geltokiko aparkalekuan etengabe tiratzen den lerroan urtzen noa. Atxix egiten dut beso izkinan. Eztul elkor bi. Begi beltzekin begiratzen naute. Marranta naiz, mafrundi naiz, katarroa daukat, burutik beherako gogapen likidoa darit, besterik ez. Autotest delakoa negatiboa atera zait eta prest nago Matrix-en bihotzera itzuli eta berpizteko...]]>
<![CDATA[Mikron]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2131/009/001/2021-12-02/mikron.htm Thu, 02 Dec 2021 00:00:00 +0100 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/2131/009/001/2021-12-02/mikron.htm Omakron deitzearen txiste arrunt txarrari uko egin behar diogula, schade!

Iragan larunbatean, anaiarekin nintzen, baserriko arditegian, ardiak bazkatzeko tenorean. Marrakaz ari ziren alaiki. Haize hotza zetorren kanpotik. Ardiek dagoeneko bildots bat baino gehiago ekartzen dute, gehienek bi, batzuk hiru eta bakarrek lau. Korbeak zaldarez mukurutu ondoan, anaiak, amarik gabeko bildotsei biberoia eman zien, pazientzia infinituz. Multzo lasterkarietan, ohikoa baino mendreagoa zen meñoño bat begietsi nuen, eta izaki gaixoaren gorpuzkeraz kezkatu nintzen: biziko al da? Baiezkoa jasorik, Mikron bataiatzea erabaki nuen. Lastozko ihaurrian kasu egiten nion, harengana apaldu eta, hiritar soilaren moduan, ferekatuz. Gau hartan, ikusi nuen Omikron birusari buruzko erreportajea, sukaldeko telebistan. Niretzat, bosgarren uhina zakartuko duen birusaren izena, bildots amultsu, zuri eta bipil horri lotua geldituko da betirako.

Ene haur denborako lo-gelan, gauean, armiarma sare eta puska zaharren anabasan, amets bitxia harilkatu nuen: buru-zokoan, kolore ezberdinetako aldaerak zehazten nituen, lerroan, hizki grekoz apainduak. Birus tracker gisa nenbilen, lanbide berria, Blade Runnerreko Rick Deckarten antzera, egun batetik bestera kanbiatzen ziren mamutxa horien ehiztari. Rachel Rosen hor neukan, borobil ziztadunak bere ahots eztiaz amainatzen... eta nik, tiro batez behar nituen erregulatu, bakandu eta kalitu. Ez genuen sekula hil aditza ahoskatzen. Aski adreta nintzela aitor dut.

Zortzi kasu aurkitu dira hemen, han hamasei: beldurra hedatzen da teletipoen txika-txik ozenen abiaduran. Familia bazkarietan aipatzen da. Eztabaidak pizten dira. Batek dio «Txertoak gerizatuko gaitu!» eta besteak mahai puntatik «Ba pentsa, uste'uka, denak hil behar' tiau!» ihardesten dio, horditzear. Irri karkailaz lehertzen gara eta sinapsien erdian, marrakaz, Mikron bildots meharra irudikatzen dut, kemen iturri, jadanik punpaka. Pfizer laborategietan COVIDaren kontra sortu pilora urdina irentsi eta bulegotik altxatzen naiz, nitaz harro, Nafarroa bezain, Saioa Alkaiza bertsolari txapelduna duenez geroztik. Bertso onen birusa dauka eta horren aurkako ziztarik ez dago: «mundua ederragoa da hurbilduz bazterrera...» txikitasunetik.]]>
<![CDATA[Musurik ez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1937/005/001/2021-11-03/musurik_ez.htm Wed, 03 Nov 2021 00:00:00 +0100 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1937/005/001/2021-11-03/musurik_ez.htm
Montrealetik Pariserako hegazkinean, Artikako abereei buruzko dokumentala irentsi nuen, Madisoneko zubiaren maldan Clint Eastwood eta Meryll Streep elkarri musuka miretsi ondoren. Elurrez, bankisaz, zeru urdinez eta itsaso grisez edertu paisaiaren aitzinean mintzo zen komentatzaile batek «baldintza horietan indartsuenek baizik ez dute irauten» zioen, erantsiz «hainbat gaizto, flako eta kemenik ez duen izakiarentzat!». Ene loeria kimikotik iratzartu nintzen orduan, hausnar astunean: erraten duena ez da sinetsarazi nahi diguten egia... Abere, landare eta jende sozietate normal guztietan haurrak, emazteak, adinekoak begirunez kontsideratzen dira, lehenak etorkizuna direlako eta azkenak iragana, bien artean hedatzen dela orainaldiaren eremua.

Jendarte bekaitz batean bizi gara. Bi urteotan, prest izan gara, adinekoak eta poli-eritasunak pairatzen zituztenak COVIDaren aldarean sakrifikatzeko, gure eros, lan eta goza falangek bete-betean jarraitzeko gisa. Zer dugu buruan? Zerk eramaten gaitu gure inguruetan, pertsona baliosak eta inutilak badirela ebaztera? Nolaz onartu ditugu diskurtso horiek, irrati-telebistetako entzuketa-handi orduetan? Neoliberalismoak lortu du gizakiak, emaztekiak barne, birla indibidualetan gatibu eta berak bakarrik ezinbesteko direlako ondorioetara bulkatzea? Bitartean, pantailan, hartz zuria, noraez, urtzen zihoan hormaren gainean, balantzaka.

Etxeratzean, Kim O'Bonsanwin kanadarraren Call me human (2021) filma hartu nuen eta hor, bihotza urtu zitzaidan, Marie-Andrée Gill poeta inu gaztea, tundra zeharkatzeko, Joséphine Bacon 74 urteko olerkaria bizkarrean garraiatzen ikustean. Inuek, leku batetik bestera nomadizatzen zutenean, ez zuten gibelean deus eta nehor abandonatzen. Gurea da, zaborrak eta zaharrak atzean uzten dituen aurreneko zibilizazioa. Zer da elkartasunaren funtsa, politikoa edo ideologikoa izan aitzin? Ez al da bat bestearentzat kontatzen dugula jakitea?

Herenegun, alabak, 2019ko ekainean sortu bilobak ez zuela nehori musurik ematen azaldu zidan. Koronabirusarengatik bere ustez. Litekeena, alabaina. Sei hilabete zituenetik gaur arte, aitatxi-amatxiak eta amamak ezagutu ditu maskarak muturrean, konfinamendu hasieran bederen, gutara hurbiltzeko ezintasunarekin. Eta guk beti potaren galdatzia gogoan, Ibon RGren musikarekin...]]>
<![CDATA[Aterako al gara?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1935/004/001/2021-10-06/aterako_al_gara.htm Wed, 06 Oct 2021 00:00:00 +0200 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1935/004/001/2021-10-06/aterako_al_gara.htm
Hala ere, maskara zinpurtua daramagu sakelan, dendetan edo leku publikoetako sarreretan eskatzen digutelako oraino. Postan demagun. Edo txokolate-esnea hurrupatzera goazenean. Liburutegian. Merkatuan, jendea metatzen eta multzotan biltzen den larunbat goizetan. Eta ahanzten dugunean zer? Maubec kalearen puntatik lasterka berriz gibelera, hatsanka eskaileretan gora... sukaldeko mahaian deblauki pausatua den trofeo preziosoa eskuetan atxikitzearen soseguaz hantu arte. Hainbat urrats, hainbat kezka ... derrigorrezkoak alabaina, norberaren bizitza sozial minimoa segurtatzeko.

Iruditzen zaigu mehatxua atzean daukagula, baina mediku-irakasleak entzuten ditugu bosgarren uhin bat altxa daitekeela abisatzen. Aldaera hori bataiatu dute, eta larrazkenean erasotzeko prest liteke, gure axolagabetasun berriaren sasiaren muinean tapalakaturiko mamutzar baten antzera. Birusarekin bizitzen ikasten dugu, beste hainbatekin bizitzen ikasi dugun bezala. Adinean hara doazen jendarteetan, ordea, albistea beldurgarri da, epidemiaren zenbakien arabera, xaharrak eta eriak dituelako bereziki eramaten. Baina ez bakarrik...

Eztabaidak piztu dira udaran zehar. Zientifikoak izan nahiko zuketen diskurtso bitxiak aditu ditugu antivax eta antipass delakoen ahoetan, suprefeturaren aitzinean manifestaldiak gurutzatzean. Heren new age kutsukoak, heren konplotistak eta heren negazionistak. Lerro horietan, klase ertaineko hainbat emakume diafano miretsi nituen... Eta ez nintzen gutxi harritu, behin, adiskide batek argumentu horiek oro harilkatu zizkidanean, ez niolarik ezer galdatzen. Pataskatzeko gogo bizia zuen, josteko oihalak erosten geunden BABko denda handi hartan.

Ezinegonaren ildo horretatik, ikerlari batzuek Frantzian insurrekzio-aurre giroa detektatua dute aspaldian. Gaia jorratzeko artikulu mamitsuak idatzi dira, gehienetan ingelesez. Pandemiak ez du egoera batere baretu. Aturri hegiko ene ibilaldiren batean, elkarrizketa interesgarri baten lekuko izan nintzen. Bi gizon ziren, banku batean, kasik etzanak, garagardo botilak eskuetan, lau egunetako bizarrarekin, amesten zuten balizko iraultzaz totelka mintzo: «Aldaketa erradikalik eta populuaren altxamendurik egingo ez deino, deus ez da kanbiatuko....» zioen haietatik batek, kexu eta oldartzeko prest, txin-txin... mardo-mardo zeuden nik uste.]]>
<![CDATA[Gelditu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/045/001/2021-08-01/gelditu.htm Sun, 01 Aug 2021 00:00:00 +0200 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1921/045/001/2021-08-01/gelditu.htm
Zeharkatu dugun paisaia ez dugu sekula ahanzten. Ibilbideak halako mozkor sentsazioa bat sortzen du gugan: itzalak argitasun geruzekin jostatzen dira, ibaiak kantari dabiltza ezker aldetik eta urrats galduek gure baitako baratza sekretuetako ateetan uzten gaituzte. Mendietako bideak, baita hirietako espaloiak ere, idaztera eraman gaitzake. Ongi badakigu, amesten duguna gara, handienean eta txikienean, ibilian edo geldoan, ikusten dugunean edo begiak zerraturik leku itsuetan kontrabando mistikoan ernatzen garenean... kontrabando mistikoaren kontzeptuak zer erran nahi duen zuzen ez dakigun arren.

Urmuga proiektuaren bigarren edizio honetan parte hartu duten mendizale lagunak jaitsi dira Izabara. Baina nomadak gara, nahiz eta gehienetan sedentarioak izan. Buru-muinaren meandroek geldotasunaren karta marrazten dute, nehoiz ez gaitezen toki erreal edo asmatu murritzetan bizi.]]>
<![CDATA[Oroitu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2040/044/003/2021-07-31/oroitu.htm Sat, 31 Jul 2021 00:00:00 +0200 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/2040/044/003/2021-07-31/oroitu.htm
Mendia gizaki askoren bizi-lekua eta lantokia da. Ez genuke hori ahantzi behar eta menturaz Urmugan dabiltzan adiskideek, emazte eta gizon belaunaldiek utzi hatzak miretsi dituzte ibilaldian zehar. Izaba eta Santa Grazi artean, udaberri oroz, Mauleko zapatagintzan lanean aritzeko luzatzen ziren ainara lerro zuri-beltzak gogoaren zokotto batean dauzkagu. Ainaren epopeia hori duela bi hamarkada ikertzen hasi ziren mugaren bi aldeetako historialariak. Kakuetako arroilatik iragan ondoren, Kasernan, kamioi eskas batek Mauleraino eramaten zituen, han espartinak mozten, pikatzen eta josten zinpurtzeko.

Zenbaitetan, jende-jarduera baten leku bakar gelditzen da kantu bat. Edo Andatzan bezala, errotarriak pentoketan barreiatuak, harriaren biribiltasun perfektuak, munduaren sinbolo hunkigarria eskaintzen digularik. Zedarriak edo mugarriak ere kausitzen dira, mendiaren jabegoaren kontakizun mamitsu baten lekuko. Mendiak, ezagutzen dugun munduaz urrunago doaz, beste munduak badirela edo izan direla oroitarazten digute, umiltasunez eta gurbiltasunez ikas dezagun gurea maitatzen. Eta ez da gutxi.]]>
<![CDATA[Harago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2040/037/003/2021-07-30/harago.htm Fri, 30 Jul 2021 00:00:00 +0200 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/2040/037/003/2021-07-30/harago.htm
Hutsa eta betea. Kalaka eta isiltasuna. Harpe zuloak eta kasko zorrotzak. Gauzen iturrien bila gabiltzala jakin arren, bilatuago eta helburua beti urrunago daukagu. Mendiek handitzen laguntzen gaituzte, ez dugulako beti lortzen paperean egingarria zirudien bortuaren gainera heltzea. Umiltasun ziztak banatzen dizkigutela ezin uka: erretzeari utzi nion urtean, Ansabe konkistatzeko xedea neukan. Petraxemako lepoan, hotzaz sufritu eta behereko bordetara jaistera behartua izan nintzen. Esperientzia ez dut berritu, zigarreta gehiagorik ere ez dut piztu. Ansabetik ikusten da Hiru Erregeen Mahaia...

Alpinista hitzaren eredua erabiliz, pireneista izena asmatu zuen 1898an Henri Beraldi mendizale ospetsuak. Gidak biderkatu dira geroztik, bortura edonor abia daiteke dagoeneko, bere ahalmenen arabera. Batzuk korrika ere ikusten dira, Ehüjarreko itzulia, demagun, lau orduz egiten saiatuz. Erran dugu jadanik, ibiltzea paisaia baten zeharkatzea dela, paisaia hori aitzinetik asmatu eta amestu denbora eta lekuaren junta bilakatzen baita. Sentimenduak eta sentsazioak, sakelako karnet txikietan pausatzen ditugun idazleontzat bereziki.]]>
<![CDATA[Ibili]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2040/036/003/2021-07-29/ibili.htm Thu, 29 Jul 2021 00:00:00 +0200 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/2040/036/003/2021-07-29/ibili.htm
Badirudi urratsaren neurriak kontakizuna zurkaizten duela Larrun, Iparla edo Okabe aldera lehiatzen naizelarik. Horiek dira nik maite ditudan tontorrak.

Roland Barthes filosofoak esaten zuen haurtzaroa geografia bat dela. Oragarreko gailurrak ehun eta hogei metrotara hupatzen dira. Txikitatik lehiatu gara, bereziki ardien gibeletik, lasterka, hatsanka, txakur Labrita ahotsez haiatuz. Kusien baserrietara joateko ere, patar latzak genituen gainditzeko, berdin igandeetan mezara azaltzeko. Udan, idorrak ziren xendrak eta errautsa altxatzen zuen haizeak; neguan aldiz, lohiz astuntzen zitzaizkigun zapatak. Bazter batean utzi eta garbiak janzten genituen. Ordutik dugu, unatu arren, maldak korrika batean igotzeko jaidura xoxoa.

Eta, noizbait, Okabeko harrespilen baten erdian pentsakor aurkitzen gara. Hor omen ditugu arbasoak, artzain soilak. Eternitateaz gozatzeko toki ederrak maite zituzten. Ardi, zaldi eta behi gorri artean. Orhi, halaber, ageri da, bere elurrezko txapelarekin, erran zahar askoren zurkaitz. Kapetari izena ematen dion Okabe ibaia, gainera, ur mugan dago. Eta Benito Lertxundiren abestiak basoilarrak Iratiko basoan kantatzen duela xuxurlatzen digu.

Goratasun apur batek ez digu gaizkirik eginen...]]>
<![CDATA[Mendira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2040/045/003/2021-07-28/mendira.htm Wed, 28 Jul 2021 00:00:00 +0200 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/2040/045/003/2021-07-28/mendira.htm
Haiekin izan nahiko genuke, mendira joan, mendian zentzatu, mendian galdu, mendian bizi eta hil. Neandertalen geneetatik jaso dugun amets arketipala da, gutaz haragoko zerbait, mendia gure jatorria eta gure etorkizuna balitz bezala.

Poetak, geografoak eta mendizaleak kausitzen dira xendra horietan, botak oinetan eta begia alde orotara zelatan. Paisaiak berak nondik zulatu erakusten digu, paisaiarekin preseski harreman intimoa irutea lortzen dugulako denborarekin: haurtzaroko oroitzapenak hor dira bilduak, espazioen memoriak, edertasuna deitzen dugunaren neurriak, urruntasunarekiko izuak eta pozak, opor garaietako sepia koloreko argazkiak.

Bidean, Urtsuan, Andatzan edo Orhi handiaren maldan, bestelakoak ere garela sinesten dugu, aldi berean ezagunak, hunkigarriak eta arras arrotzak. Barne eta kanpo zeharkaldiak dira ibilaldiak, oinezko, Robert Louis Stevenson idazlearen gisan astoarekiko edo barkuzko esperientzia metatuak.

Gorputz osoa dantzan jartzen da desiratutako ingurune horietako bidaietan: ikusmena, belarriak, dastatzeko ahalmena, besoak eta zangoak, pentsamendua, isiltzeko gaitasuna, sabela ere eguerdi aldera gosea hurbiltzen denean, iragana eta etorkizuna... ibilian hots, naizen guztia naiz, bazterketa, apaleste eta urguilurik gabe.]]>
<![CDATA[Musua musuago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1931/006/001/2021-06-25/musua_musuago.htm Fri, 25 Jun 2021 00:00:00 +0200 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1931/006/001/2021-06-25/musua_musuago.htm
Musuen trukatzeko tenorea hor dugu. Uda atarian, besarkadak, tinkak eta pottak hegaldatuko dira, jendez jende, matelaz matela, ezpainez ezpain. Gorputzen pilpiraz ikaratuko gara, jestu samurrak mamurtuko ditugu lepondo izerdituetan eta arrats apaletan soak misterioz beteko zaizkigu. Musua, musuago bilakatuko da, (m)usurbilko poetarentzat, iparraldeko haizearen menean dantza dantzago bihurtzen zenean bezala. Aktualitateak argi erakusten digu ez garela oraino horretan. Duela zenbait egun, zaflako ozen batek minberatu zuen Macron presidentearen eta herritar pare baten arteko harreman fisikoen eremu ireki berria. Egiazko lése-majesté krimena, horrelakorik baldin bada. Sare sozialetan ikusi genuenez, Macronek ez zion haatik, eskuineko matelarik eskaini, bigarren belarrondo biblikoaren hartzeko.

Haurtzarotik ikasi dugu zafla batek ez duela sekulan haur mukizu bati gaizkirik egiten. Alderantziz. Iraganeko diskurtsoen arabera, ume bat jo omen daiteke, hatzik uzten ez den ber. Musu baino masaileko gehiago bilduak gara gu ere. Bitxiki, kontrara, hamasei hilabeteko COVID-19 episodiotik jalgitzean laztan ametsetan urtzen gara, jendetasun eta eztitasun premian, zerratuak pasatu ditugun egun luzeetako bortizkeria barneratuak eta bizi-ukamen oldeak ezabatzearren. Beharbada etorkizuna idealizatzen dugu. Koronabirusa gure artean egongo da beti, halako ez-bai nahasi batean. Neoliberalen zorion perfektu eta infinituaren promesaren miraila hautsi da. Gaur egun badakigu, ez bagenekien aitzinetik, hilezkorrak garela eta algoritmoen baliabide teknikoak beti birusen atzetik joango direla, iragartzen diren biharko gaitzak eta minak mendera ezin.

Pandemiaren ondorioz, uda honetan, askorekin partekatzen dugun ahultasun inkondizionalaren izenean, musua musuago egin bedi. Izan funtsa!]]>
<![CDATA[Eromenbirusa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1922/007/001/2021-06-11/eromenbirusa.htm Fri, 11 Jun 2021 00:00:00 +0200 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1922/007/001/2021-06-11/eromenbirusa.htm buzz delakoa ontzeko. Lehiaketa bat bezala da, nork ele-mokor handiena, komentariorik espiritualena edo laidorik ozenena borobilduko duen... eta ez du sekula huts egiten: beti bada norbait 280 karakteretan idatzi duzunari geruza baten gehitzeko.

Azken urte hauetako txiolari ospetsuena Donald Trump suertatu da. Ateraldi ederrak egin zituen koronabirusak globoa gatibatu zuenean. Ez ditugu ahanztekoak. Ukamena zen bere lehen postura, ukamena eta eritasun horrek pobreak, beltzak, obesoak, hispanoak eta jendalde autoktonoak baizik ez zituela eramaten oharturik, axolagabetasun larria. Oroitzen gara erremedio ikusgarriak proposatzen zituela, adibidez hesteak jabel urarekin garbitzea astean behin, eta besterik ezean, lau sosetako amatxien sendagailuak erabiltzea. Balentria horien emaitzak agerian daude: gaur egun, kasik 600.000 jendek galdu du bizia planetako estaturik aberatsenean.

Boris Johnson eta Jair Bolsonaro ere ez ziren atzean gelditu. Ikaragarriak errun zituzten. Macron aldiz, errege taumaturgo baten pare plazaratu zen, nous sommes... en guerre mailukatu eta guztiok gosta ahala gosta sendatuko gintuela ustez, osasun neurriak hartuz eta aldi berean ekonomiaren bridak laxatuz: kaxkarrot dantza batean bezala, bi urrats aitzinera, eta hiru gibelera. Buruzagi politikoez gain, herrialde orotan, mediku folklorikoak azaldu ziren telebistetan, ahuntz ahotsez edo hitzak nekez trenkatuz, hilen eguneko kopuruak bihikatzen. Ez dut izenik emanen dezentzia komunak hala manatzen didalako. Didier Raoult haatik aipatuko dut, bere epidemiologo ibilera biltzen duen biografia plazaratu duelako. 180ko Inteligentzia Tasa duela jakin arazten digu eta bertan, nola ez, hidroxiklorikina goresten du.

Tragedia eta erridikulua, biak, eskuz esku ibili dira hamabost hilabeteotan. Eromenbirusaren ondorioa izan daiteke, halaber, euskal prentsan irakurri dudan notizia hau ere: Amurizak euskara batura ekarri du Bernat Etxepareren Linguae Vasconum erraldoia... hain konpreni ezina bilakatu al da iparraldeko duela bostehun urteko euskara? Eta gaurkoa? Nik ere galdera zozoak ditut eta txertoaren bigarren zizta hartu berri dudanean jende onez gaitz erraitea baizik ez dut buruan.]]>
<![CDATA[Thriller]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2131/008/001/2021-05-28/thriller.htm Fri, 28 May 2021 00:00:00 +0200 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/2131/008/001/2021-05-28/thriller.htm no vaxx diskurtsoak errepikatu...

Euri arrats apal batez egin zidan aurreneko zizta erizain gazte eta xarmantak. Ezkerreko beso gainean dolorearen sua nabaritu arren, ez nuen oihurik egin, ez eta ume moko baten antzerako malkorik isuri. Duinki zuzendu nintzen gero aiduru gelara, han zeudenen konpainian, txertoa egin eta hamabost minutuak ahitu arte. Emazte bat mintzo zen goraki, etxean utzia zuen txakurraz, gizon trapu batek eztul mardula askatu zuen eta denak adi jarri ginen, dardarka.

Ospitaleko labirintoan, Minautoroaren harpe ilun eta hertsira eramango ninduten gezi berdeak jarraitu nituen. Kezkatua. Galdua. Harreran izen-abizenak hartu zizkidaten eta berehala medikuaren parean nintzen. Une latza, txertoaren arriskuak zein diren bihikatzen dizun momentua: ehun mila kasuetatik batean alergia garratza pitz daiteke txertoa ukan eta ondoko oren laurdenean. Herio kondena eskuan bainuan begiratu nion medikuari. Sendagilea irriz lehertu zen, arriskurik ez zegoela, lasai egoteko, estatistikak zirela, besterik ez. Gauzak erran behar zituztela, pazienteak jakinean egoteko.

Ziztaren lekuan uspel grisa atxiki dut bizpahiru egunez. Ene salbamendu-estigma ahurraz ferekatzen nuen noiztenka. Bigarren aldiaren perspektibak ez nau hainbeste arranguratzen. Agian, ezinbesteko txertatzea errituala, bizi izan dugun osasun tsunamiaren azken putarra da. Pentsamendu horiek nituen buruan eri-etxetik jalgitzean, haur denboran, Oragarreko eskolan, nola pikatzen gintuzten gogoratzen nuela. Egun haietan berdinki euria ari zuen eta Urrutibeheiti medikua heldu zen Donapaleutik, orratz luze batekin gure ziztatzera, abereak bagina bezala, lerroan, urrikirik gabe. Marka larria daukat oraindik azpian.

Eter usaina desagertu da. Txertoak ARN xingolarekin osatzen dira. Gurasoen abisua eskatzen da haurrak tratatzeko tenorean. Lehen eta gaur, haatik, hor dago beldurra, mesfidantza, ahoskatzen ez den iritzia, aldekoa, kontrakoa. Eta irudi zuri-beltzen gainetik, Andrei Tarkovskiren Ispilua filmean nola, esperantza izpia ageri da lebitazioan.

Izpi hori gutariko bakoitza da.]]>
<![CDATA[Zalantzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/004/002/2021-05-14/zalantzak.htm Fri, 14 May 2021 00:00:00 +0200 Itxaro Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1905/004/002/2021-05-14/zalantzak.htm
Descartes zaharrak zioen «zalantzak ditut, beraz naiz»... famatua da errana, batzuetan hitz horiekin jostatzen gara, txisteak asmatzen ditugu, txarrak alaina, baina hor dugu beti buru zokoa kilikatzen. Koronabirus garaiok gure egunerokoa berriz pentsatzera bultzatzen gaituzte, izparringietako edo dokumental zaharretako itxurak hozki kontsideratzera, hainbeste bizidun, hainbeste (g)izaki, metatuak, tinko-tinko, ahotik ezpainetara eta begitik belarrietara hain hurbil. Gure buruari eskatzen diogu orduan, nola jasan genezakeen horrelako promiskuitatea... erantzunik ez, baizik eta astiro dematerializatzen joan garelako sentimendua.

Eta zalantzak ditugu. Maiatzaren 19an, mugaren alde honetan, tabernetako terrazetan junta gaitezke saldoan. Ametsaren ametsa. Baina ausartuko al gara etxetik jalgitzera masa pilpiratsuetan urtzeko, ala hamalau hilabeteotan dastatu dugun salbaitasun biluzi horren altzoan kuzkurtuko gara, habia kitatzeko beldur den txori txikiaren antzera? Hondarrean ez baikinen hain gaizki ere: ordenagailu bat gela guztietan, isiltasun sakona, wasap saioak urruneko lagunekin, ibilaldiak ibai ertzean, irakurketa mamitsuak eta Tarkovskiren Ivanen haurtzaroa filmaren ikusketa bikoitza...

Gorputzen dematerializazioa aipatu dut gorago. Sentsazio bitxia da, dekorporatzearena. Online eta kontaktu fisiko zuzenak ekidinez aritzearen erruz, gorputzaren hunkimena galtzen dugula frogatzen dute gehienetan lur azpian eraman diren konfinamendu esperientzia luzeek. Immaterial bilakatzeak ez du baztertzen urratsak, bihotz taupadak, kaloriak, distantziak neurtzeko baliabideak ausaz erabiltzen ez ditugunik. Teknika menperatzen dugu, teknikak menperatzen gaitu eta bizitza errealarekiko zalantzak ditugu.

Pantaila taktilarekin eta behatz puntatik murgiltzen gara espazio birtualetan. Nortasuna, egoaren hazkurria eta norberaren ezagutza bideratzen duen bestearekiko kontaktuak ez du zalantzarik onartzen, hitzorduan hor izan beharko dugu, erdi izutuak, erdi zoratuak.

Xinarenean nago, beraz naiz...]]>