<![CDATA[Itxaso Cuevas | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 04 Feb 2023 16:28:05 +0100 hourly 1 <![CDATA[Itxaso Cuevas | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Euskal Herriaren nortasuna aldarri, bide seinaleak jarri ditu Aitzina-k]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1800/009/001/2014-12-24/euskal_herriaren_nortasuna_aldarri_bide_seinaleak_jarri_ditu_aitzina_k.htm Wed, 24 Dec 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1800/009/001/2014-12-24/euskal_herriaren_nortasuna_aldarri_bide_seinaleak_jarri_ditu_aitzina_k.htm
Frantziako Poliziari atxiloketa eta miaketen bidez erantzun izana leporatu zion gazte antolakundeak. Atzoko ekinaldiak, «errepresioari erantzuteaz gain», mezu «garrantzitsuago bat» zekarrela nabarmendu zuen Etxegaraik: «Zuberoa, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Euskal Herria izendatuz, gure lurraldea berezitasunez jositako subjektu aparta dela». Horrez gain, Ipar Euskal Herriak «behar sozioekonomiko berezituak» dituela gaineratu zuen gazte erakundeko bozeramaileak, eta gaur egun Parisek hartzen dituen erabakiak ez direla «egokiak» Ipar Euskal Herriarentzat.

Aitzina-k salatu zuen Parisek turismo eredu ekonomiko bakarra «inposatzen» duela «zerbitzuen sektorea areagotuz eta laborantza edota arrantza alde batera utziz».

«Aterabide bakarra»

Gaur egun Ipar Euskal Herriak duen «egoera honi» aurre egiteko «aterabide bakarra lokalki erabaki eta ekitea» dela dio Aitzina-k. Instituzioetatik «haratago ere» herritarren alternatiba berriak eraikitzearen «garrantzia» nabarmendu zuen Etxegarai bozeramaileak.

Alde horretatik, Aitzina-k, «Ipar Euskal Herriko gazteria oinarri», bi tresna jarriko ditu martxan «2015eko urte politikoan». Batetik, formakuntza saioak eginen dituzte «eraiki nahi den gizarte ereduan oinarriturik». Bestetik, Euskal Herria «jomugan» izanik, Euskal Herriko gazteen arteko trukeak eginen dituzte.]]>
<![CDATA["Heldutasun handiz erantzuten ari gara"]]> https://www.berria.eus/albisteak/106540/heldutasun_handiz_erantzuten_ari_gara.htm Sun, 21 Dec 2014 08:21:33 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/albisteak/106540/heldutasun_handiz_erantzuten_ari_gara.htm <![CDATA[«Heldutasun handiz erantzuten ari gara erasoei»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/008/001/2014-12-21/heldutasun_handiz_erantzuten_ari_gara_erasoei.htm Sun, 21 Dec 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1890/008/001/2014-12-21/heldutasun_handiz_erantzuten_ari_gara_erasoei.htm
Urtarrilean epaitu eginen zaituztete, Madrilen. Zer interpretazio egiten duzue?

HAIZPEA ABRISKETA: Urtarrilean Madrilen iraganen den epaiketa, beste hainbat epaiketa bezala, epaiketa politiko bat izanen da. Dozenaka eta dozenaka militante epaitu izan dituzte beren lan politikoagatik, eta orain beste 35en txanda da. Gure ideia politikoak ekinbide ezberdinen bitartez praktikan ezarri nahi izateagatik epaituko gaituzte. Euskal Herrian den gatazka honi irtenbide bat ateratzeko lanean aritu gara, bide demokratiko eta baketsuak erabiliz eta estatuen kontraerranak azalaraziz. Estatuek, gatazka hau era demokratiko baten bidez konpontzen saiatu beharrean, errepresioa erabiliz erantzun dute, eta, dituzten tresna errepresiboen artean, judiziala erabiltzea aukeratu dute, euskal militanteak kriminalizatzeko.

AURORE MARTIN: Ez da gaur egun bake prozesuaren barruan itxoiten dugun urrats bat, eta kezkagarria da. Urtarriletik goiti auzi honetan epaituko dituztenak zuzendaritza politiko bateko kideak dira, bakegintzan ari den jendea.

Zer leporatzen dizuete?

ABRISKETA: Auziko kide guztiei leporatzen dieten gauza bera: Batasuna alderdia berrosatzea eta, ondorioz, erakunde «terrorista» bateko kide izatea. Eta alderdiko zuzendaritzako kide izatea, hori da guri leporatzen digutena.

MARTIN: Guk egindako ekinbideak ekinbide politikoak dira. Edozein alderdik duen aktibitate politikoa dugu, edo, bederen, guk ezagutzen dugun formatuan ari den alderdi baten aktibitateak: bilkurak, bulegoko kontuak, prentsaurrekoak, ekitaldi politikoak... Egindako ekinbide guztiak ekinbide publikoak dira, ez ditugu ukatzen; alderantziz!

Adierazpen askatasuna epaituko dutela diozue.

ABRISKETA: Gure adierazpen askatasuna gauzatzearen aurka doaz, gure ustez. Gure ideiak plazaratzea eta ideien alde lan egitea leporatzen digute, azken batean. Horretarako erabili ditugun bideak demokratikoak izan dira. Gure adierazpen askatasunaren eskubidea gauzatzea egozten digute. Funtsean, ezker abertzaleak Euskal Herria gatazka egoera honetatik atera eta beste agertoki batera pasatu nahi izana. Ezker abertzalea irtenbide demokratiko baten bila aritu da urteotan, eta hainbat proposamen egin ditu. Euskal Herria aintzat hartu duten proposamen politikoak dira, eta, ondorioz, Frantzia eta Espainiako estatuen egituraketak kolokan jarri ditu.

Zein da irtenbidea?

ABRISKETA: Bi estatuek onartzea hemen herri bat dagoela eta herri honek autodeterminazio eskubidea duela. Estatuek eskubideen gauzatzea onartuko balute, gatazka politiko hau gainditua litzateke. Ezker abertzaleak betidanik adierazi duen bezala, gatazka hau gainditzeko Euskal Herriko gatazkaren oinarria politikoa dela onartu behar da. Beraz, irtenbideak politikoa izan behar du.

Inoiz izan al da gertu irtenbidea?

ABRISKETA: 2005a, 2006a eta 2007a adierazgarriak izan ziren. Ezker abertzalea eztabaida oso aurreratu batera iritsi zen Espainiako Estatuarekin irtenbide bat bilatzeko. Ez zen lortu. Garai hura zigortzen ari da estatua; irtenbide politiko bat bilatzearen nahia zigortu nahi du, eta gatazkarik ez dagoela berretsi. Harentzat, gatazka politikorik ez badago ez da konponbide politikorik behar, baizik eta irtenbide judizial eta errepresiboak.

Zuek aipatutako prozesu hura bukatu bezain laster izan zen zuen aurkako operazioa.

ABRISKETA: 2007ko urrian Seguran operazio handi bat egin zuten, eta 25en bat militante atxilotu bilera batetik irtetean. Ni haien artean nago. Prozedura bat ireki zuten. Hamar mila euroko bermearen pean aske geratu nintzen, eta geroztik baldintzapeko askatasunean nago. Bi astean behin izenpetzera joan behar dut, horrek dakarren zama guztiarekin. Prozedura horretan, zitazioak jasotzen hasi ginen. Aurkezten naiz ni, baina Aurore ez. Erabakia bere mementoan hartu zen, orain dela hiruzpalau urte; tartean erabaki pertsonalak ziren. Horrek Auroren kasuan euroagindu bat gauzatzea ekarri zuen. Gaur egun Aurore ere baldintzapeko askatasunean dago.

MARTIN: Kontrastatutako erabaki bat izan zen ez aurkeztea zitazioetara. Bakoitzak bere arrazoiak izan zituen zitaziora agertzeko edo ez agertzeko.

Aurore, zure kasuan, Ipar Euskal Herrian izandako agerraldiek euroagindua deuseztatzeko eskatu zenuten. Zer deritzozu horri?

MARTIN: Honako hau atal juridikoa da, eta ni ez naiz abokatua; beraz, ez naiz gehiegi sartuko horretan, baina argi da Espainiako Justiziak bere eremutik kanpo dagoen erabaki bat hartu zuela, eta hori penagarria da. Baina ez nuke beste 34 auzipetuen artean nire kasua desberdindu nahi, denei gauza berak leporatzen baitizkigute. Ez dut nire euroaginduaren gaian sartu nahi, ez dut eremu edota parametro horretan sartu nahi; kezkagarria izan zela baino ez dut erraten, eta beharbada badela zer hausnartzeko. Bataila auzian jokatzen da; auzi bat iragatea da arazoa. Hori da arazoa, jakinda hemen [Ipar Euskal Herrian] gure aktibitatea oso onartua dela, hemen ere jendaurrekoa eta legezkoa dela.

Oraintxe bukatu da 28 gazteren aurkako epaiketa bat Madrilen; beste bat. Nola egin aurre egoera horri?

MARTIN: Gazteen auzia bukatuko da, eta beste bat abiatuko da, eta beste bat eta beste bat... Atal juridikotik haratago, prozedura zabal horien guztien inguruan jarrera fermu bat eta eskaera fermu bat lortu behar ditugu. Bide judizial horiek bukatzear dira, eta ez da zilegi. Horretan dugu borroka gaur egun, eta ez zehaztapen juridikoan.

ABRISKETA: Ezker abertzaleko militanteak epaituko dituzte gure auzi honetan ere. Gure ideiek Espainiako Estatuaren egituraketarekin talka egiten dute, eta estatuak ezin badio demokratikoki erantzun, horrek haren izaera antidemokratikoa azaleratzen du. Epaiketa hauek dira horren isla. Ezker abertzaleak beti adierazi du Euskal Herriak existitzeko eskubidea duela, nazio bat garela. Eskubideez ari gara, eta euskal herritarrek hala erabakitzen badute, proiektu politiko guztiak gauzatzeko eskubidea dute. Euskal Herriak daukan erabakitzeko eskubidea aldarrikatu da beti, eta horretara jarri dugu gure energia osoa. Erabakitzeko eskubidea ez onartzeak azkenean erakusten du zer-nolako gabeziak dituen estatuak, eta are gehiago horrelako epaiketekin.

Zuen kasuak oihartzun handia izan du. Frantses nazionalitatea duzuen bi herritar Espainian epaituko zaituztete.

MARTIN: Zaila da urrats errepresibo bati erantzutea. Baina asmatzen ari gara. Hau da, nik uste urrats horren aitzinean izaten ari den erantzuna elkartasunarena dela. Nahiz eta fase gogor bat izan, horrela segitzen badugu Euskal Herriaren aldekoa bilakatuko da urratsa. Nik esperantza dut, eta horretan ari gara. Auzi honen inguruan sortzen diren eztabaidak, arrangurak eta harremanak garrantzitsuak dira.

Elkartasuna jasotzeko ez ezik, zertarako dira garrantzitsu?

MARTIN: Eztabaida baterako espazioa zabaltzeko. Nik uste ildo horretan dauden adierazpen eta sostengu guztiak ongi etorriak direla. Hori horrela, Libre dinamika aipagarria da, biziki adierazle baita gaur egun, Euskal Herrian dugunarekin. Zenbateko gogoarekin ari garen bizitzen! Beraz, bai, gogorra da, baina auzi orokor honek beste bide batzuk irekitzen ahal ditu gure eztabaida espazioan. Ez dut erraten Frantziako eta Espainiako estatuen espazioan, gurean baizik, eta, gurea aipatzen dugularik, Euskal Herrian erran nahi dugu, gure eskubide politiko indibidualen garapenerako, gure proiektu politiko eta sozialerako. Eraso hauei heldutasun handiarekin erantzuten ari gara.

ABRISKETA: Elkartasuna garrantzitsua da, baina nik uste beste alderdiak ere ohartu behar direla ez dela soilik ezker abertzalearen kontrako eraso bat, denen aurkakoa baizik, baita politika egiteko eskubidearen aurkako eraso bat ere. Guztien aurka jo dezakeen eraso bat da. Gaur guri tokatu zaigu, baina bihar auskalo nori. Nik uste dut erantzukizuna dutela arduradun politiko orok auzi horretan inplikatzeko.

Haizpea, azken urteetan Bruselan egon zara. Horrek zertan baldintzatu zaitu?

ABRISKETA: Baldintzatzen du hemen, Bruselan edo edonon bizitzeak. Bruselan egoteak urruntasuna ematen dizu; alde onak eta txarrak ditu. Ni bezala beste hainbat egon dira urte askoan. Geroari begira baldintzatzen zaitu, zer lan eginen duzun, zure bizia nola aurreikusi...; dena epe motzera pentsatzen duzu. Zeure burua behartzen duzu epe luzera zerbait egiten, baina, aldi berean, aurre egiten uzten ez dizun ezpata bat duzu. Bi astean behin birgogoratzen duzun eguneroko borroka bat da. Hau da, sinatzera joan beharrak bi astean behin ohartarazten dizu zure bizitza ez dela zuk nahi duzun bezalakoa izanen. Uste dut auzipetu guztiok horrela bizi dugula. Norberak bere intimitatean edo bizitzan, egunero horrekin bizi beharra eta horri aurre egin beharra. Ez da gaurko ogia, atzokoa baizik. Euskaldunak horrela bizi izan gara aspaldi. Ez da normala, eta horretan dago, halaber, kanpokoen sostengua eta kanpokoen erantzukizuna. Dena da bat. Lehenago egon den guztiaren ondoren etorriko den guztia. Osotasunari aurre egin behar zaio. Erantzukizun politikoa denena da; egoera hau horretan egotearen erantzukizuna guztiok dugu. Hortik ateratzeko ere guztiok, eragile denek badute zer erran. Ez da normala XXI. mendean Europan horrelako egoerak izatea, eta horri erantzun behar diogu bakoitzak: gizarteak, arduradun politikoek... Bakoitzak bere mailatik.]]>
<![CDATA[Igandea, asteko pausa ala asteko mauka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1970/004/001/2014-12-11/igandea_asteko_pausa_ala_asteko_mauka.htm Thu, 11 Dec 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1970/004/001/2014-12-11/igandea_asteko_pausa_ala_asteko_mauka.htm
Frantziako Ekonomia ministroak proposaturikoaren erabat aurka daudenen artean dago LAB. Nahiz eta Macronek kontrakoa azaldu, Frank Herve sindikatu abertzaleko ordezkariak dio legeak ez duela langileen erosteko ahalmena handituko: «Langileek egun irabazten duten soldata bera irabaziko dute bihar, eta betiko erosmen ahalmena izanen dute. Gaur egun ehun euro gastatzen ahal baldin badituzte, dendak igandeetan zabaltzeagatik ez dituzte 110 euro gastatu ahal izango».

Turismo herrietan, igandeetan saltokiak irekitzeko aukerak ez du aldaketa handirik ekarriko, urteko egun guzietan irekirik egon daitezkelako jada. Haien artean daude, esaterako, Donibane Lohizune eta Miarritze.

Sindikatu abertzalea beldur da lege horrek herri turistikoetan zer bilakaera izango ote duen. «Igandeetan lan egitea normaltzat jotzen hasten bada, eta hemendik bost edo hamar urtera nagusiak langileari esaten badio ezin diola doble pagatu eta beste era batera eginen dutela esaten badio, zer?», dio Hervek. Langileak igandean lan egiteari loturiko eskubidea urratua izatea kezkatzen du LABeko ordezkaria.

Baionako Merkataritzako Batasuneko presidente Cathy Dupratek, aldiz, baikorki baloratu du «betiere langileari kalte egiten ez bazaio». Dupratek begi onez ikusten du Baionako saltokiak igandeetan irekiak egotea, baina ez urteko igande guziak, «horrek ez baitu interesik». Donibane Lohizune edo Miarritzeko herrien kasuan normalagoa iruditzen zaio. «Denden itzulia egin ostean, hondartza inguruan ibiltzeko aukera duzu, eta egun osoa baliatzeko aukera dago».

Dupratek bi saltegi ditu Baionan. Abenduko hiru igandetan eta udako bitan irekitzen ditu. «Urteko hamabi igandetan zabaltzeko aukera baldin badut, abenduko hiru igandeez gain, uda osoa eta pazkoko oporretan ere irekiko ditut nire saltegiak. Turismoa edota jendea erakarria izanen den egunetan irekitzeko baliatuko nuke aukera hori», dio.

Boluntario «mozorrotua»

Macronen lege proiektuak langileak igandeetan lan egiteko prest egon behar duela nabarmentzen du. Baina, Herveren ustez, borondate «mozorrotua» da. Langilea, lan egitera bultzatua izanen dela dio. «Kontratu mugatuan diren langileei, igandeetan lan egitea proposatuko zaie, kontratu mugagabe bat lortuko dutela sinetsaraziz», esplikatu du.

Duprat ez da iritzi berekoa. Haren ustez, igandeetan lan egitea, diru gehiago irabazteko aukera bat da. «Nire ustez, ikasle asko ados egon daitezke igandeetan lan egiteko. Igandea lan egiteko duten egun bakarra da».

Duprat bezala, Donibane Lohizuneko Coup de Fil dendako saltzailea ere igandeetan lan egitearen alde da: «Ongi iruditzen zait igandeetan lan egitea, lansari doblea irabazten dugu». Are gehiago, igandeetan irekiak izateagatik bezero fidelak dituztela gaineratu du.

Coup de Filen parean, Hitzak liburu denda dago; hura ere igandeetan irekia izan ohi da. Haren gerente Peggy Ray ere igandeetan lan egitearen alde da. «Igandeetan beste egunetan baino diru gehiago irabazten dugu. Errentagarriagoa da igandea, asteko beste edozein egun baino».

«Igandea, pausa eguna»

«Igandea haurrak kirolera eramateko baliatzen duzu, edota familian egoteko», dio Hervek. Baina ez dira denak iritzi berekoak. Donibane Lohizuneko etxerako oihalak saltzen dituen Olaria dendako saltzailearen ustez, «igandeetan ez dago ezer egiteko». Saltzaile horrek nahiago du igandeetan lan egin eta asteko beste edozein egunetan pausatu. «Aukeran nahiago dut astearte edo ostegun batean ez lanik egin. Igandeetan baino gauza gehiago daude egiteko egun horietan», dio saltzaileak.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, lege proiektuak kostaldean eraginen du gehienbat, Frank Herveren ustez. «Barnealdean beste mentalitate bat dago», gaineratu du. Kostaldean, «kontsumoaren logika» garatuagoa dela dio, eta jendeak dioela igandeetan irekiak diren komertzioei lana eman behar zaiela. Are gehiago, «igandeko borroka galdu dugu» dio. Frantzian egindako inkesta batek dioenez, herritarren %60 saltegiak igandeetan ere irekitzearen alde daude, eta kopuru berak dio ez duela lan egin nahi. «Beren saskia bete nahi dute lan egin gabe».]]>
<![CDATA[Hamar urtez erreferentzia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1753/006/001/2014-12-10/hamar_urtez_erreferentzia.htm Wed, 10 Dec 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1753/006/001/2014-12-10/hamar_urtez_erreferentzia.htm Txetx-ek, Ipar Euskal Herrian fundazioaren sorreran eta gaur egun oraindik fundazioan lanean ari den kideak. Mahai inguruan bildutakoek Ipar Euskal Herriko diagnostiko bat egin zuten, eta ELA sindikatuak, abertzale gisa, Ipar Euskal Herrian zabaltzeko nahia azaldu zuen. «Baina beste sindikatu batzuk bazeuden jada, LAB sindikatua adibidez, eta ELAk ez zuen zatiketarik sortu nahi», dio Etxeberrik. Hori horrela, sindikatuak Manu Robles fundazioa sortzeko apustua egin zuen Baionan.

Fundazio horren funtzioa Ipar Euskal Herrian ahalik eta «autonomia eta ekimen handinarekin» aritzea eta gizarte aurrerabideak eta euskaldunen borondatea kontuan hartzen dituzten pertsona eta mugimenduentzat lankidetza erreferentzia izatea da. Bide beretik, «abertzale ezkertiar, mugimendu sozial independente...» eta horrelako irizpideak biltzen dituzten dinamika berriak sortzen laguntzen du. «Euskal diruaren sortze prozesuan, adibidez, eragile izan gara», nabarmendu du Etxeberrik. Euskal dirua sortu aitzin, fundazioko batzuk, beste militante batzuekin batera, AEK-ko militanteekin-eta, tresna alternatibo batean pentsatzen hasi ziren. Gogoeta prozesu baten ostean, tokiko dirua sortzen lagundu zuten.

Fundazioa sortu zen une berean, ELBko laborariek laborantza ganbera bat eskatu zuten. Ultimatum bat pausatu zioten Frantziako Estatuari, eta urte batzuetara laborantza ganberarik egon ezean beraiek sortuko zutela azaldu zuten. ELBk, bere apustua gauzatu ahal izateko, elkartasun deialdi bat zabaldu zuen. «Momentu berean, ELBko laborariak eta ELA sindikatua elkartu ziren», dio Etxeberrik, eta Ipar Euskal Herriko Manu Robles fundazioak laborariek behar zuten laborantza ganbera lortzen lagunduko ziela erran zien. «Laborariekin batera, egokia zen etxe baten bila hasi ginen». Ainhize-Monjolosen aurkitu zuten etxe bat, eta erosteko tramiteekin hasi ziren. Laguntza ez zen begi onez ikusia izan, eta ika-mikak izaten hasi ziren garai hartako prefetarekin eta Frantziako Gobernurarekin. Erosketa egiteko dirua atzerritik zetorrela zioten. Baina erostea lortu zuten, eta fundazioak eraikin berrian egin beharreko obrak egiten ere lagundu zuen. Fundazioak Ipar Euskal Herrian egindako lehen lana izan zen.

Robles Arangiz fundazioaren sorrera eta haien lehen proiektua une berean iragan ziren. Hamar urte pasatu dira, eta sorrerako dinamika berarekin segitzen dute: «Euskal historiari buruzko formakuntza saioak, gizarte arloko eta arlo ekologikoko prestakuntza, estrategia ez-bortitz aktiboari buruzko hitzaldiak, ikastaldiak eta beste hainbat prestakuntza».

Denetariko gaiak jorratzeko asmoz, asko izan dira fundazioak antolatutako hitzorduak. Sortu eta bi urtera, gai horien inguruko eztabaida bultzatzeko xedearekin, Enbata aldizkariarekin hitzarmen bat izenpetu zuten. Alda izeneko gehigarri bat idazteko konpromisoa hartu zuten. Bertan erregularki gai sozialen eta ekologikoen inguruko irakurketa plazaratzen dute, «abertzale mugimenduaren barnean eztabaida bultzatzeko asmoz». Horrez gain, gaur egun, Enbata aldizkariaren Interneteko ataria kudeatzen ere laguntzen dute.

Enbata-n gizarte eta ekologia alorreko azterketak plazaratzen hasi ziren garai berean, gai horiek Ipar Euskal Herriko gizartearekin lotzeko nahia agertu zen fundazioan. Ingurumenaren inguruan militatu nahi zuten pertsona batzuk biltzen hasi ziren, eta horren inguruko gogoeta prozesu bat martxan jarri zuten. «Hortik sortu zen Bizi mugimendua», azaldu du Etxeberrik. Baina prozesuan urtebeteko etenaldia egin behar izan zuten, estatuak Laborantza Ganbera auzipetu zuelako. Gogoeta prozesu horren barnean lanean ari ziren militanteek aktiboki parte hartu zuten Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sostengu taldeetan. Behin auzia amaitu eta Laborantza Ganberak irabazita, urte bat aurrerago hasi prozesuarekin jarraitu zuten eta, 2009ko ekainean, Bizi mugimendua sortu zuten. Fundazioaren xedea jada existitzen ziren erakundeak laguntzea da, edota sortzen laguntzea. «Oso zaila da fundazioaren balantzea egitea; gure lana laguntza ematea da», dio Etxeberrik. «Gure lana Ipar Euskal Herriko dinamika abertzale alternatiboak, ekologikoak eta progresistak indartzea izan da», azaldu du; «batez ere mugimendu sozialak indartzea». Horretan ibili dira hamar urtez, eta beharko den denboran.

«Autonomia errespetatuz»

Urte hauetan lagundu eta sostengatu dituzten egitura guztien autonomia osoa errespetatu dutela azpimarratu du Txetxek. Are gehiago, gaineratu du hamar urte horietan eragileen pentsamolde eta lan ildoan ez dutela eraginik izan. «Nik uste haiek ere horrela sentitu dutela gure arteko harremana, eta orduz geroztik horrela segitzen dugu. Mugimendu sozialak era independente batean jardun behar dutela uste dugu». Gaur egun, 50 batzordek erabiltzen dute Baionako Manu Robles Arangiz fundazioaren egoitza, «baita gure materiala eta urteen poderioz ikasitako esperientzia ere», dio Etxeberrik.

Aurten ospatuko dira fundazioaren hamar urteak, eta kari horretara Alda izeneko talde bat sortu dute. «Orain arte izandako filosofiarekin eta ibilbidearekin bat egiten duten militanteentzat», azaldu du Etxeberrik. Militanteek urteen poderioz lortutako esperientzia, azterketak... bateratzea da talde berri horren xedea, militanteek ikusmolde orokorrago bat izan dezaten.

Talde berri hoeeek, bi erronka handi ditu. Batetik, geroa aurreratu eta, bestetik, erreleboa ziurtatu. «Biharko erreleboa, jende militante formatua».]]>
<![CDATA[«Erditzean gure ondoan egonen dena hautatu nahi dugu»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2341/013/001/2014-12-09/erditzean_gure_ondoan_egonen_dena_hautatu_nahi_dugu.htm Tue, 09 Dec 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/2341/013/001/2014-12-09/erditzean_gure_ondoan_egonen_dena_hautatu_nahi_dugu.htm
Nork osatzen duzue kolektiboa? Zein aldarrikapen dituzue?

Amek osatzen dugun kolektiboa gara, eta aiten sostengua dugu. Gure artean daude Orthezko ospitalean, etxean edo era tradizionalean erditu garen emazteak. Azken modu horretan erditu direnek adierazi dute horrela erditu nahi izan ez bazuten ere aski ongi pasatu dela. Erditzeko lekua hautatzeko eskubidea eta erditzen lagunduko digun pertsona aukeratzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Posible bada, haurdunaldian gure ondoan egonen den emagina hautatu nahi dugu.

Iaz, erditzeko lekua hautatu ahal izana aldarrikatu zenuten.

Etxean erditzeko eskubidea aldarrikatu genuen —gaur egun ia ezinezkoa da—, eta aukera hori eskaintzen duten emaginen beharrezko asurantza lortzea. Orain urrunago goaz. Orthezko erietxea hetsi dutenetik, ez dago era naturalean erditzeko aukerarik. Euskal kostaldeko ospitaleetan haurrak era naturalean izatea ahalbidetuko duten aretoak jartzeko eskatzen dugu, eta haurdunaldi osoan gure ondoan egon den emagina bertan egotea ere bai.

Zergatik hetsi zuten Orthezko erietxea?

Ospitalean izaniko istripuak eragin zuen, baina aurretik arazoak zituzten. Langile kopuru txikia zegoen, eta eskualdeko osasun agentziak ez zituen sostengatzen.

Zein dira emaginek dituzten oztopo nagusiak?

Ospitalean emagin gutxi daude. Bi edo hiru erditzez arduratu behar dira, eta ezin dute emaztea lagundu behar den bezala. Gainera, emaztea ez dute aurretik ezagutzen, haurdunaldian ez baitituzte segitu. Haurdunaldian ondoan egon den emagin batek laguntza hobea eskaintzen ahal dio amari. Emagin liberalak ezin dira haien pazienteaz arduratu ospitaleetan. Zailtasunak dituzte. Horrela diharduten emagin gutxi direnez, lan asko dute. Lanak ez du bat egiten haien bizi pertsonalarekin, eta ez dira behar diren bezala ordainduak. Ospitaleetan, ez dute emagin «liberalik» nahi. Baionako ospitalean jada paziente asko dituzte, eta emagin liberalen pazienteak gehitzen badira, oraindik gehiago izanen lirateke.

Ipar Euskal Herrian hiru ospitale daude soilik. Ez al da arazo bat?

Bai. Gutxi dira, eta distantzia luzean. Etxean erditu nahi dutenentzat ere arazoa da distantzia. Erditzean arazo bat balego eta ospitaletik urrun bazara, oztopo bat izango litzateke. Ospitaleak hesten dituzte. Egitura txikiak itxi, handiak sortzeko. Horrek erditzeak industrializatzen ditu, eta haurdun diren emazteen laguntzan oztopoak eragiten ditu.]]>
<![CDATA[Alderdien koaliziotik haratago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/012/001/2014-12-07/alderdien_koaliziotik_haratago.htm Sun, 07 Dec 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1909/012/001/2014-12-07/alderdien_koaliziotik_haratago.htm
Ia lau urteko prozesu baten emaitza izango da hori. 2011n, koalizioak Ipar Euskal Herriko abertzale eta ezkertiarrentzako inkesta bat jarri zuen martxan, eta 1.600 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute. Galdeketa horrek argira ekarri du Ipar Euskal Herriko abertzale eta ezkertiarren artean dagoen xedea: «Abertzale ezkertiarren arteko elkarlana bultzatzeko gogoa badela oinarri militantean», azpimarratu zuten atzo Anita Lopepe eta Dominika Dagerre koalizioko kideek Baionan eginiko agerraldi batean.

Hiru urte geroago, EH Bai osatzen duten hiru alderdiek —Sortuk, Eusko Alkartasunak eta Abertzaleen Batasunak— erabaki dute «hauteskunde koaliziotik haratago» joan behar dutela eta ezkertiar eta abertzale sentitzen diren «guziei» lekua eman behar zaiela, «mugimendu bat» osatuz.

Prozesu hori hasi zuten aurtengo martxoko udal bozen ostean. EH Baik tokiko bilkurak iragarri zituen herriko militanteekin batera, bere inguruko gogoeta bat eramateko. «Dozenaka eta dozenaka jendek parte hartu dute gogoeta fase honetan», azpimarratu dute koalizioko kideek. Orain, herrietan eramandako gogoetaren ostean, jakinarazi dute EH Baik koaliziotik mugimendura bilakatzeko lehen biltzar nagusia antolatuko duela. Abenduaren 20an izanen da hori, Uztaritzen. Bertan, EH Bairen «ibilmolde berri bat» bozkatuko dute, alderdien arteko koalizio izateari utzi eta «egiazko mugimendu iraunkor bat» bilakatzeko. Horrez gain, EH Bairen mozio politikoa ere bozkatuko dute. Azken horren «garrantzia» azpimarratu dute EH Baiko kideek, ondoko aste eta hilabeteetan koalizioak izanen duen «oinarri politiko azkarra» izanen baita.

Estruktura berria ez ezik, aipagai izanen da «Iparraldean aspaldiko urteetan abertzaleek ekarri duten aldarrikapena» eta oraindik gaurkotasuna duena: ezagupen instituzionalaren gaia.

«Ezkerreko alternatiba»

2015eko martxoan, departamendu hauteskundeak iraganen dira Ipar Euskal Herrian, eta boz horiek «aldaketa nagusi bat» ekarriko dute, koalizioko kideen arabera. Izan ere, kantonamenduen berrantolaketaren ostean, gaur egun Ipar Euskal Herria hamabi kantonamendutan banatua dago. Hori horrela, datorren martxoan, «lehen aldiz» egun berean bozkatuko da kantonamendu guzietan.

Beste berritasun bat ere izanen da: Ipar Euskal Herrian zein Hego Euskal Herrian, «lehen aldiz eta ber momentuan» bozkatuko da bi hilabeteko tartearekin. Hego Euskal Herrian, herriko bozak, foru bozak eta Nafarroako Parlamentuko hauteskundeak iraganen dira maiatzean.

Kantonamenduetako bozei begira, baikor da koalizioa. Egungo krisi politiko eta ekonomiko «larriaren» aurrean, alderdi sozialistaren «porrota» aurreikusten du. Horren aitzinean EH Bai «egiazko ezkerreko alternatiba» izanen dela adierazi dute.

Ipar Euskal Herriko «hirugarren indar politikoa» direla ikusirik, «indartsu eta irabazteko» asmoarekin doaz hauteskundeetara. Azpimarratu dute aurkeztuko direla tokian tokiko errealitateei eta «arazoei» erantzuteko eta «herritar xumearen aldarrikapenak aitzina eramateko».

Horrez gain, nabarmendu dute Ipar Euskal Herriko interesak «defenditzeko» aurkeztuko direla. Bilakaera instituzionalari eta gatazka politikoaren konponbideari garrantzi handia ematen diotela eta gai horren inguruan proposamen «argiak» plazaratuko dituztela aurki.]]>
<![CDATA[Beste 21 urtez izango dute zabalik Hazparneko hondakindegia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1800/011/001/2014-12-04/beste_21_urtez_izango_dute_zabalik_hazparneko_hondakindegia.htm Thu, 04 Dec 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1800/011/001/2014-12-04/beste_21_urtez_izango_dute_zabalik_hazparneko_hondakindegia.htm
Ez dira pozik bi elkarteak, ez hondakindegiaren iraupenaz erabakitzeko prozedurarekin, ez erabakiarekin ere. Izan ere, diotenez, gaur egun Hazketa hondakindegia den guneak «ez du ematen aukerarik ura behar den bezala tratatzeko».

2015eko maiatzean itxi

Hogei urteko iraupena du, berez, Hazketa hondakindegiak: ireki zenean, 2015eko maiatzean itxiko zela erran zuten. Epea hurbiltzen ari zela ikusirik eta hondakindegia mugitzeko asmorik ez zegoela oharturik, Hazketa 2010 kezkatzen hasi zen. «Bil ta Garbi 2014ko urtarrilean hasi zen hondakindegiaren geroa aztertzen, baina 2005-2006an hasi behar zen», azaldu du Clemence Labrouche elkarteko kideak.

Bil ta Garbik hiru aukera proposatu zituen 2014an: hondakindegia lekuz aldatzea, iraupena luzatzea ala Hazketak biltzen dituen hondakinak Senpereko Zaluaga hondakindegira bidaltzea. Bizi Garbia sindikatuak kudeatzen du Zaluaga. Hazketako hondakinak hara bidali ahal izateko, bi sindikatuek bat egin beharko lukete, biak herri elkargo desberdinetan baitaude. Baina horrek arazoak ekarriko lituzke: bi hondakindegiek zabor mota desberdinak jasotzen dituzte, tratamendu desberdinekin. Hartara, hondakindegia gune berean gelditzea erabaki zuten.]]>
<![CDATA[Ziburuko ikastolari eguneko isuna ez igotzea deliberatu du epaileak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1800/009/001/2014-12-03/ziburuko_ikastolari_eguneko_isuna_ez_igotzea_deliberatu_du_epaileak.htm Wed, 03 Dec 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1800/009/001/2014-12-03/ziburuko_ikastolari_eguneko_isuna_ez_igotzea_deliberatu_du_epaileak.htm
Etengabeak izan dira Ziburuko Herriko Etxearen eta Seaskaren arteko liskarrak hilabeteotan. Irailean ikasturtea hasi zenetik, asko izan dira Poulouk ikastolari jarritako oztopoak: isuna jartzeaz gain, argindarra kendu zion azaro hasieran.

Iragan ostiralean, hirugarren aldiz, epaitegian izan ziren herriko etxeko zein Seaskako ordezkariak. Atzo iragarri zuen epaileak auziaren deliberoa: «oraingoan» Seaskaren alde egin du, eta isuna ez handitzea erabaki du. Ebazpenean, kontuan hartu du «Seaskak aterabideak xekatu» egin dituela Marinelako gunetik irteteko, Mugikak azaldu duenez: «Azpimarratzekoa da hori».

Horrez gain, Ziburun «gehiengoan diren hautetsiek» nahi zuten Seaskak bere gain har ditzan uxerraren «gastuak eta kostuak», baita «100 euroko isunaz gain isunaren gaineko interesak ordaintzea» ere. Baldintza horiek ere ez ditu onartu epaileak.

«100 euroko isuna berretsi»

Seaskak nabarmendu du epaileak eguneko isuna ez igotzea deliberatu badu ere «100 eurokoa berretsi» duela, «ikastola lur publikoan baitago oraindik, auzapezaren baimenik gabe». Azaroaren 28an, isuna 7.900 eurokoa zen, «horiei urrian ordaindutako 4.370 euroak kenduak zaizkiolarik». Hori dela eta, irailaren 1eko egoera «berean» dira: «Ikastolak isuna ordaindu beharko du, baldintza duinetan egoteko beste lekurik atzematen ez duen bitartean».]]>
<![CDATA[Madrilen Iparraldeko «lan politikoa» ere epaituko dela salatu dute]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1964/007/002/2014-11-28/madrilen_iparraldeko_lan_politikoa_ere_epaituko_dela_salatu_dute.htm Fri, 28 Nov 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1964/007/002/2014-11-28/madrilen_iparraldeko_lan_politikoa_ere_epaituko_dela_salatu_dute.htm
Gainera, ekinbide batzuk Hego Euskal Herriko eremutik kanpokoak direla nabarmendu dute biek. Martini, 2006an Baionan egindako prentsaurreko batean parte hartzea leporatzen diote, eta Abrisketari, 2007an Bruselan emandako prentsaurreko batean egotea. «Iparraldean egindako lan politikoagatik epaituak izanen gara Madrilen».

Martinek azaldu du Madrilek bere aurkako euroagindua eskatu zuenean «frantses eremuan egindako ekinbideak baliogabetzeko» eskatu zuela Frantziak, baina nabarmendu du Espainiak ez duela onartu Frantziako Estatuaren eskaera.]]>
<![CDATA[Korsikarren bidea «segitu» egin behar dela dio Ikas-Bi elkarteak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2054/010/002/2014-11-27/korsikarren_bidea_segitu_egin_behar_dela_dio_ikas_bi_elkarteak.htm Thu, 27 Nov 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/2054/010/002/2014-11-27/korsikarren_bidea_segitu_egin_behar_dela_dio_ikas_bi_elkarteak.htm
Urtetik urtera ikasle kopuruak gora egiten duela nabarmendu zuen Delobelek —2010-11ko ikasturtean 4.623 ikasle ziren, eta aurten, 5.018-; baina hori ikusirik, Hezkuntza Ministerioak ez du laguntzarik ematen irakasle elebidunen prestakuntzarako, Ikas-Biren arabera. Elkartearen ustez, ministerioak eskola publikoko irakasleen prestakuntza ahalbidetu beharko luke, eta hezkuntza sistema horri dedikatuak diren irakasleak «bilatu». Beherapen bat gertatzen ari dela nabarmendu du Ikas-Bik, «ama ikastolatik lehen maila pasatzeko bidean eta lehen mailatik kolegiorako bidean ikasle kopuruak behera egiten baitu».

«Korsikarren eredua»

Korsikan aitzina eramandako lana azaldu, eta Ipar Euskal Herrian «berdin» egin behar zela gaineratu zuen Delobelek:« Korsikan, euren hizkuntzaren transmisioa eta bizitasuna ahalbidetzeko, eskola publiko elebidunak indartu dituzte».]]>
<![CDATA[«Iparraldea galdua izateko arriskua dago»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1895/007/001/2014-11-26/iparraldea_galdua_izateko_arriskua_dago.htm Wed, 26 Nov 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1895/007/001/2014-11-26/iparraldea_galdua_izateko_arriskua_dago.htm
Zer ondorio ekarriko dizkio mapak Ipar Euskal Herriari?

Lehenik, prozedura berretsi arte itxoin behar da. Gobernuak prozedura bi zatitan moztu du. Lehenik mapa marraztu, geruzak berriz marraztu, eskualde handiagoak sortzeko. Bigarrenik, abendutik aurrera eskualdeak edukiz beteko dituzte, eskumenekin eta abar...

Gaur egun, mapak eragindako ondorioak aipa daitezke soilik. Ipar Euskal Herria egun baino handiagoa den terreno batean itoa izanen da. Eskualdeek kezka handiagoak izanen dituzte, baita lurralde gehiago kudeatzeko ere. Urruntasuna eraginen du eskualdearen eta Ipar Euskal Herriaren artean. Gobernuaren borondatea eskualdeei are eta eskumen gehiago ematea da. eta horrekin Ipar Euskal Herria, organo gisa, galduagoa izateko arriskua dago.

Eskumen horiek abenduan bozkatukoak dira, beraz?

Bai hori da; abendutik goiti, eskumenak biltzen dituen NOTRe legea aztertzen hasiko dira. Behin eskualdeak handituz gero, bigarren jokaldia horiek elikatzea izanen da, mamitzea. Abenduan, mamitze horretan, bi fase izanen dira. Lehenik, eskualdeak elikatuko dituzte, estatuko edo departamendu mailako eskumenak emanez. Bigarren jokaldian, berriz, EPCI deitzen diren horiek indartuko dituzte —herri elkargo eta beste—. Azken horiek berriz egituratuko dituzte, eta ondoren eskumenez elikatuko dituzte. Horiei ere departamenduko eskumenak emanen zaizkie, edo herrienak. Horren arabera, jakinen dugu nor ahuldu nahi den eta nor indartu.

Baina honako hau gobernuaren asmoa da. Ikusi beharko da zer ateratzen den eztabaida parlamentarioan.

Zenbat iraun dezake eztabaida horrek?

Ez du uste martxoa aitzin ezer jakinen dugunik. Momentu honetan dena dira galderak. Eztabaida garrantzitsua da, eta denbora hartuko du. Eskualdeen eztabaida udan hasi zen, eta azaro bukaeran gara. Nik uste eskumenentzat denbora bera beharko dela: bost sei hilabete barru jakinen dugu zertan garen.

Prefetak egindako proposamenak non sartzen dira eztabaida horretan guztian?

Prefetak egin zituen proposamenak herri elkargoen geruza horietan kokatzen dira bereziki. EPCI edo herrien arteko kooperazioa deitzen den horretan kokatzen da. Abenduan aztertzen hasiko den NOTRe lege horren helburu nagusi bat da. Bi daude: bata eskualdeak indartzean datza, eta bigarrena, herri elkargoen mapa bukatu eta horren antolaketa eta eskumenak eta abar eraldatu. Lege horrek EPCIak handituko ditu, eta eragina izanen dute hemengo hamar herri elkargoetan.

Proposamenak ildo horretan doazela ikusirik, legeak zer dioen itxoin beharko dugu proposamen horien edukia, funtzionamendua eta abar zehazteko.

Bada modurik bertan eragiteko?

Hautetsien Kontseiluak plantan eman duen azterketaren helburua prefetaren proposamenak hobetu eta lurraldeari zer komeni zaio aztertzea da. Parlamentarien artean talde bat osatzeko helburua dago, eta adituek azterketaren emaitzak parlamentariei helaraziko dizkiete identifika ditzaten dituzten beharrak.

Lurralde elkargoko kolektibitatean ez bezala, estatuak proposamen batzuk egin ditu. Aldi honetan parlamentariek legitimitate handiagoa dute gobernuarekin hitz egiteko.]]>
<![CDATA[«Prefetaren desafioak elkarren arteko lana behartu behar du»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1761/007/001/2014-11-15/prefetaren_desafioak_elkarren_arteko_lana_behartu_behar_du.htm Sat, 15 Nov 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1761/007/001/2014-11-15/prefetaren_desafioak_elkarren_arteko_lana_behartu_behar_du.htm
Zer arrazoik bultzatu zaitu Auzapezen Biltzarreko presidente izatera?

Lehenik, erran behar dut toki bat proposatzen denean ez dela errefusatu behar. Orain dela sei urte sartu nintzen Auzapezen Biltzarrean, lehen agintaldia hasi nuen urtean. Osoki inplikatu nintzen Biltzarrean, eta giro ona zegoen. Han parte hartzen genuenen artean, ideia guzietako hautetsiak ginen. Hori asko interesatzen zitzaidan, baita bertan aipatzen genituen gaiak ere, Ipar Euskal Herriko gai orokorrak zirelako. Ipar Euskal Herriari buruz genituen kezka eta arrangurak plazaratzen genituen, eta horien inguruko irakurketa ere egiten genuen. Bide beretik, mozio bat bozkatzeko parada ere bagenuen. Hori dela eta, kolektibitate berezi horretan inplikatu gara, Ipar Euskal Herriari buruz egiten diren gauzak interesatzen zaizkigulako. Nik ez dut parte hartzen beste elkarte politiko batean, pentsatzen baitut ez naizela gai bi lekutan parte hartzeko. Nik uste oreka moduko bat lortu behar dugula, eta hori da lanik handiena.

Zein da biltzar horren helburua?

Ipar Euskal Herriko herri guztietako hautetsien gune bat da. Ipar Euskal Herriari loturiko gaiak aztertzen dira, ingurumenari buruzko gaiak zein kultura, ikastola, ekonomia... Lege batzuk Paristik heldu dira zuzenean, eta batzuetan ezin ditugu onartu proposatuak zaizkigun bezala. Horrelakoetan, bildu behar gara proposamena landu eta aterabide bat proposatu ahal izateko. Hori izango litzateke Auzapezen Biltzarraren lehen erronketako bat: elkartzeko gune bat izatea. Bigarrena estatuak proposatzen dizkigun lege berrien inguruan aritzea da, eta hor ere bada lana. Hautetsien Kontseilua lanean ari da gai horren inguruan, eta azterketak egiten ari dira. Zentzu berean, Batera-k egiten duen lana ere segitu behar dugula uste dut. Nik uste biltzarrak bere hitza duela horretan.

Biltzarra eragile sinboliko bat da, edo zinez ba ote du egiteko garrantzitsu bat?

Lehenik eta behin, Biltzarra historikoa da, eta, horregatik, sinbolikoa da. Baina gaur egun erakunde sinbolikoak ere aski inportanteak dira, nire ustez. Eginkizunari dagokionez, nik errango nuke erakunde berezi baten eginkizuna duela, edota inportantzia edo boterea. Badakigu Auzapezen Biltzarrean mintzoa dena entzuna dela. Horregatik, biltzarrak badu egiteko bat gaur egun, Euskal Herriko etorkizuna aipatzen denean.

Zer ezberdintasun dago, bada, Hautetsien Kontseiluren eta Auzapezen Biltzarraren artean?

Hautetsien Kontseiluak baditu guk ez ditugun ahal batzuk: beste laguntza batzuk, diru laguntzak eta bestelako baldintzak, azterketak egiteko eskubideak eta abar. Ez dugu funtzionatzeko era bera. Baina, hala ere, guk leku bat dugu Hautetsien Kontseiluan. Hori ere sinbolo bat da, baina nik uste oso inportantea dela Hautetsien Kontseilua bezalako erakunde batean izatea. Herri eta herriko hautetsiei informazioa helarazten laguntzen digu. Informazioa helaraztea biltzarrak dituen beste helburuetako bat da.

Zein izanen da zure egitekoa biltzar horretan?

Administrazio Kontseiluarekin batera ele hori helaraztea herri eta hautetsi guziei, hori izanen da nire eginkizuna. Zentzu berean, gure pentsamoldea helarazia izanen zaie estatuari eta Hautetsien Kontseiluari. Zuzendari batek aitzinean egon behar du. Ez dakit postua behar den bezala beteko dudan ala ez, baina nire esku dagoen guzia eginen dut.

Lurralde antolaketa berria izanen duzue aipagai, besteak beste. Zein da auzapezen jarrera gai horren inguruan?

Biltzarreko elkartean aipatua dugu bistan dena gai hori. Orokorki denak ados gara errateko kolektibitate hori ez dugula lortu eta ez dugula ukanen oraingo gobernuarekin. Beraz, hortik abiatuta, bi gauza daude: legebiltzarrean aztertzen ari den kolektibitatearen lege berria eta prefetaren proposamenak. Hautetsien Kontseiluak egiten duen lana beharrezkoa dela iruditzen zait. Lege eta proposamen horren helburuak zeintzuk diren aztertu behar da. Baina, maleruski, lege hori ezinezkoa dela dioten jende asko dago. Baina nik hori pentsatzen dutenei erran nahi diet gure ideia dela jokoan eta horretan sartu behar garela. Desafio bat proposatu digu prefetak. Nire ustez, izpiritu onez sartu behar gara desafio horretan, horrek elkarren arteko lana bultzatuko duelako. Hau da, herrien arteko elkarlana bultzatuko du. Prozesu horretan ez garela sartu behar esaten dutenei kasu egitea erran nahi diet. Jokoan sartu nahi ez badute, horrek erran nahi du gure artean problemak daudela, eta prefetaren onerako izanen da.

Zer lan eramanen duzu gai horren inguruan?

Bai, ideiak baditugu. Lan hori segituz, Hautetsien Kontseiluaren lan hori segituz eta hautetsi guztiekin partekaraziz eta ahal den heinean gure hitzak helaraziz, zerbait lortzen ahal dugu. Egitura berri bat lortuko dugula sinetsi behar dugu. Egitura horrekin, gerora Euskal Herriarentzako kolektibitate bat izaten lor genezake. Euskal Herriak behar duen egitura berezia.

Martxoan departamenduetako hauteskundeak izanen dira. Asmorik baduzu aurkezteko?

Ez, batere ez. Biltzar elkarte hau ongi eramaten lortzen baldin badut, anitz izanen da, eta niretzat aski da.]]>
<![CDATA[Aterpegabe bat hilik aurkitu dute Baionan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1856/009/001/2014-11-15/aterpegabe_bat_hilik_aurkitu_dute_baionan.htm Sat, 15 Nov 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1856/009/001/2014-11-15/aterpegabe_bat_hilik_aurkitu_dute_baionan.htm
Atherbea zentroko lehendakariak ohartarazi du «oso bizi-baldintza zailak» dituztela karrikan]]>
Indiano ezizenarekin ezagutzen zuten hurbilekoek.

Asteazkenean ikusi zuten azken aldiz gizona kalean. Hilotza agertu zela abisua jasota, poliziak eta udaltzainak egin ziren gorpuaren kargu. Haiek berri eman dutenez, aurkitu baino oren batzuk lehenago zendua zen gizona.

Baionako turismo bulegoan eta katedralean pasatzen zuen negua, hurbilekoen esanetan. Batzuetan Miarritzen (Lapurdi) ere ibiltzen zen. Azkenaldian, ordea, osasun arazoak zituela eta, katedral inguruan finkatua zen. Hain zuzen, Atherbea zentroko lehendakari Jean-Daniel Elixirik ohartarazi du «oso bizi-baldintza zailak» dituztela karrikan bizi diren pertsonek. «Karrikako biziak gorputza ahultzen du». 45-50 urte arteko pertsonak dira karrikan hiltzen diren gehienak. Herenegun hildakoak 48 zituen, eta ospitalean egona zen berriki.

Aurtengoa ez da kasu bakarra. Orain hiru urte, adibidez, apirilean, hiru lagun hil ziren Ipar Euskal Herriko karriketan.

Mezuak katedral atarian

Heriotzaren berri izanda, gizonaren hurbilekoek katedral ingurua baliatu dute hura agurtzeko, azken denboran han finkatua baitzegoen. Ostegun arratsaldean, esate baterako, 48 kandela piztu zituzten katedralaren kanpoko aldean. Kandela bat hildako etxegabearen urte bakoitzeko.

Horiekin batera, mezuak ere jarri zituzten eliz atarian, atsekabea eta maitasuna agertzeko. Gainera, berripaperen kopiak jarri zituzten horman, heriotzaren albistea agertzen dutenak, ingurukoen artean berria zabaltzeko helburuarekin. Atzo arratsaldean oraindik katedral aitzinean jarraitzen zuten gizonaren omenezko kandelek eta mezuek.

Ikerketa hiriburuetan

Aterperik gabeko pertsonei buruzko ikerketa bat egin dute berriki Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azterketa heldu den urtean argitaratuko dute, baina datu batzuk eman dituzte, hiriburuetakoak. Urriaren 29tik 30erako gauean egin zuten proba, kalean lo zenbat lagun zeuden zenbatuz.

Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 237 pertsona aurkitu zituzten gaua karrikan igarotzen. Bilbon, 132 lagun; Donostian, 87; eta Gasteizen, hemezortzi. Bilbon, adibidez, orain bi urte baino %11 txikiagoa da topatu zituztenen kopurua. Kasu gehien-gehienetan, gizonezkoak dira kalean bizi direnak: plazetan, parkeetan, utzitako eraikinetan... Haiei buruzko datu estatistiko zehatzak argitaratuko dituzte ikerketa horretan.]]>
<![CDATA[Karrika bete dute ikastolaren alde, Ziburuko auzapezari erantzuteko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1926/012/001/2014-11-09/karrika_bete_dute_ikastolaren_alde_ziburuko_auzapezari_erantzuteko.htm Sun, 09 Nov 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1926/012/001/2014-11-09/karrika_bete_dute_ikastolaren_alde_ziburuko_auzapezari_erantzuteko.htm
Poulou auzapezaren «erasoak» salatu dituzte, eta berretsi dute herrian ikastola bat edukiko dutela]]>

Ordua 16:00etarako zuten jarria, baina aurretik ere beteak ziren herriko plaza eta inguruko kaleak. Musika, txalaparta, irria eta eguzkia nagusitu ziren. Sostengu handia izan zen ikastolarentzat. Ordezkaritza zabala: Eneko Aldana Ziburuko hautetsia, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Iker Elizalde eta Nikolas Blain Udalbiltzako kideak, Sylviane Allaux diputatu sozialista, Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentaria eta Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia, besteak beste. Kultur arloko kideak ere baziren; Peio Ospital abeslariak, adibidez, «pozgarritzat» jo zuen horrelako jende andana batu izana ikastolaren babesteko.

Kaskaroteneako gurasoak joan ziren martxaren hasieran, ikastolaren aldeko kamiseta urdinak soinean zituztela. Lelo nagusi hau zuten oihuetan eta karteletan: Ikastolak ez hunki!. Ikastolako kideen ondoan ziren Paxkal Indo Seaskako lehendakaria eta Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakaria. Dozena bat joaldunek ireki zuten bidea.

Ziburuko plazatik Piarres Larzabal kolegiorako bidea egin zuten; bi kilometro luzeko jende ilara osatu zen. Kolegio atarian egin zuten ekitaldia. Eskerrak eman zizkieten manifestariei, eta nabarmendu zuten Ziburun ikastola bat izanen dela babesari esker. Kaskaroteneako gurasoak bereziki gogoan hartu zituen Indok: «Egindako borroka duina izan da, eta gaur ere frogatu duzue ez gaituela deusek geldiaraziko».

Ohartarazi zuen, ordea, Ziburukoa ez dela ikastolek azken aldian jasandako «kolpe» bakarra. Hendaiako kasua gogoratu zuen, adibidez. «Ikastolek lege ezagupenik ez duteno, lurralde honetan euskara ofiziala izango ez deno, ez dugu bakerik izanen».

Neurri gogorrak hartzen ari da Ziburuko auzapeza ikastolaren aurka: auzitegira jo zuen orain dauden lur eremutik kanporatzeko, eta, azkena, argindarra kendu die. «Bidaiatzeko parada» izan dela azaldu zuen Indok, ironiaz: «XVIII. mendera bidaiatu dugu, Argien Mendera. Frantziak, berdintasunaren izenean, euskaldunen eta euskararen kontrako gurutzada hasi zuen garaira».

«Hamahiru haur auzipetu»

Auzitara jo du berriro ere Poulou auzapezak: orain dauden lur eremuan segituz gero, egun bakoitzeko isuna 100 eurotik 400 eurora igo nahi dio ikastolari. Egoera jasanezina dela nabarmendu zuen Laida Mugikak, Kaskaroteneako presidenteak: «Gurasoak eta elkarte bat auzipetzen ditu; hamahiru haur auzipetzen ditu».

Eta gogoan hartu zituen ikastolan ari diren haurrak, «haientzat» ari baitira lanean: «Elaiarentzat, Texarentzat, Maitenarentzat, Maikarentzat, Matheorentzat, Oihanentzat, Laiarentzat, Lukenentzat, Maddirentzat, Yalgorentzat, Uhainarentzat, Ekaitzentzat eta Odeirentzat. Eta etorriko diren ume guzientzat».

Oztopoak «asko» izan diren arren, Mugikak eskerrak eman zizkien irakasleei eta laguntzaileei, ikastola aurrera ateratzeko egiten duten lanagatik, haurrentzat egunak «eramangarri» egiten dituztelako. Eskerrak eman zizkien ikastola babesten ari direnei ere. 6.000 lagun izan ziren atzo bertan, Seaskaren arabera.]]>
<![CDATA[Mehatxuei aurre egiteko unea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1837/002/001/2014-11-08/mehatxuei_aurre_egiteko_unea.htm Sat, 08 Nov 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1837/002/001/2014-11-08/mehatxuei_aurre_egiteko_unea.htm
16:30ean finkatu dute hitzordua, Ziburuko herriko plazan, frontoiaren ondoan. Piarres Larzabal kolegioraino joanen dira, «itsas bazterretik pasatuz», zehaztu dute Seaskako ordezkariek. «Kolegioa hautatu dugu bukaera gisa, beste edozein tokitan auzapezaren baimena beharko genukeelako, eta ez diogulako inolako aukerarik eman nahi beste auzibide bat irekitzeko», adierazi dute manifestazioaren antolatzaileek.

Izan ere, hirugarren auzibidea du zabalik Kaskaroteneak: joan den astean, Seaskak jakin zuen ikastolak eguneko pagatu beharreko isuna 100 eurotik 400 eurora igotzeko eskatu duela Poulouk; horretarako, ikastola auzitara bidali du berriz auzapezak. Paueko administrazio auzitegiak BERRIAri adierazi dionez, epaileak ez du oraindik erabakirik hartu. Eta ez dute zehaztu epe finkorik erabakirako.

«Elkartasuna bildu»

Gaur Ziburun iraganen den manifestazioan «elkartasuna biltzea» espero dute. «Militante zarenean dudakor atera zaitezke, eta gauzak ongi ala gaizki egiten dituzun galdetzen diozu zeure buruari. Baina hor badakigu jendea bilduko dela, eta jasoko dugun elkartasunak gure borroka segurtatuko duela», azaldu Paxkal Indo Seaskako lehendakariak.

Ziburu euskararen alde lanean ari direnen topalekua izanen dela nabarmendu du Indok. «Arazo hau ez da baizik Ziburuko ikastolaren problema, euskararena ere bada». Bide beretik, «arazo» honek euskarak Ipar Euskal Herrian duen lekua islatzen duela azpimarratu du, eta «euskarari lotuak diren guziei manifestazioan parte hatzeko gomita» egin die.

«Egoera latza baldin bada ere, manifestaldi lasaia, alaia, koloretsua eta irribarretsua izanen da. Momentu goxoak ugariak izanen dira haurrendako ere», diote antolatzaileek. Manifestazioan musika gailu bat izanen da «giroa alaitzeko», eta, behin Piarres Larzabal kolegiora iritsita, «jatekoa, edatekoa eta H-Eden taldearen kontzertua ere» izanen dira.

Gaur «milaka» pertsona biltzea espero da. Alde horretatik, antolatzaileek hainbat ohar egin dituzte. «Ziburu herri txikia da, eta jende asko bilduko da. Gure xedea tokiko herritarrak, komertzioak eta karrikak ahal bezain gutxi trabatzea izanen da, ondotik auzapezak ez dezan inolako aitzakiarik izan ikastolaren kontra erabiltzeko». Bide beretik, bilduko diren guziei autoak Sokoan ala Donibane Lohizunen pausatzea aholkatu diete. «Manifestazioaren ostean, autobus batek kolegiotik Donibane Lohizunerako ibilbidea eginen du etengabe, jendea autoetara hurbiltzeko», azaldu dute.

Anitzen sostengua

Kaskarotenea ikastolak anitzen sostengua jaso du azken hilabeteotan. Zor ekonomikoei aurre egiteko, diru laguntzak jaso dituzte eragile, erakunde eta norbanakoen partetik. Udalbiltzak, adibidez, 10.000 euroko laguntza eskaini dio ikastolari. Horrez gain, elkartasun keinu anitz izan dituzte, baita gainerako ikastolek ere: aste honetan, Seaskako zentroek argiak itzali dituzte ordu batez, Poulouk Kaskaroteneari argia moztu izana salatzeko.]]>
<![CDATA[Haur eta gurasoen indarrak piztu du Ziburuko auzapezak itzalitako argia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1854/002/001/2014-11-04/haur_eta_gurasoen_indarrak_piztu_du_ziburuko_auzapezak_itzalitako_argia.htm Tue, 04 Nov 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1854/002/001/2014-11-04/haur_eta_gurasoen_indarrak_piztu_du_ziburuko_auzapezak_itzalitako_argia.htm
«Haurrak pozik diren bitartean» borrokan segituko dutela erran du Indok]]>

Irakasleek ilunpean jaso zituzten lehen haurrak, eta guraso batzuk kandela eta esku-argiekin heldu ziren. Egoera horri aurre egiteko, argindarra sortzeko makina bat ere ekarri zuten gurasoek, baina eguerdira arte ezin izan zuten piztu, argiketaria etorri arte. «Ez dira baldintza onenak guretzat, ez eta eskola publiko haurrentzat ere: harrabots handia egiten duen tresna da, eta, segurtasun aldetik, ez dut uste oso egokia denik», adierazi zuen Laida Mugika Kaskarotenea ikastolako lehendakariak.

Eguerdian argindarra sortzeko makina piztu zuten, baina berehala itzali behar izan zuten, umeak siestan zirelako eta «harrabots» handia egiten zuelako. «Horrela ibili beharko dugu beti», gaineratu zuen Kaskaroteneko lehendakariak.

Egun zaila izan zen atzokoa irakasleentzat ere. Ikasleak iritsi orduko, borobilean jarri zituzten, ikastolan argirik ez zegoela esplikatzeko, eta esku-argiak eta kandelak zergatik zituzten azaltzeko. 2 eta 5 urteko haurrak izan arren, askok bazekiten zergatik zeuden argirik gabe ikastolan. «Argindarra kendu digutelako» esan zuen batek.

«Haserrea, tristura, irria»

Oro har, ez ulertzea, haserrea, «desesperazioa» eta «lotsa» sentimenduak zituzten gurasoek Guy Poulouk hartu erabakiaren aitzinean. «Ni desesperazio puntu batera heldu naiz, eta etikoki ere ez dut ulertzen nola kendu ahal izan duen argindarra», azaldu du Pantxo Olzomendik, ikastolako guraso batek. Iritzi berekoa da Xabier Argaño, ikastolako beste aita bat: «Lotsagarria iruditzen zait argindarra kentzera iristea. Onartezina da. Ez dut ulertzen nolaz XXI. mendean, ura eta elektrizitatea kentzen ahal zaien 2 eta 5 urte arteko haurrei».

Ikastola ondoan dagoen eskola publikoaren 1.500 metro karratuak argitzeko eta berotzeko argindarra izatea eta ikastolaren bi prefabrikatu «txikientzat» argindarrik ez izatea ez dute ulertzen gurasoek; are gutxiago, azaroaren 3an 2 eta 3 urteko haurrak argi eta berogailu gabe uztea.

Izan ere, Poulouk «mehatxuak» egia bihurtu zituen iragan astean. «Gure auzapeza mehatxuaren logikan sartu da», esan zuen Haizpea Abrisketa gurasoak. Baina gaineratu zuen mehatxuek ez zutela lortuko Ziburun ikastolarik ez izatea. «Determinatuta gaude, eta ikastola bat izanen da Ziburun. Argia egon edo ez egon, ura egon edo ez, ikastola bat egonen da». Olzomendik bat egin zuen Abrisketaren hitzekin: euskaldunen «burugogortasunari» esker, Ziburun ikastola bat izatea lortu zutela berretsi zuen.

Hala ere, tristura ere nabari zen gurasoen artean. «Harritua» zela adierazi zuen Livia Devotok: «Ez dut ulertzen nola kentzen ahal zaien argia eta berogailua ama ikastolako ume batzuei». Irtenbide baten beharra azpimarratu zuen Devotok, umeak ezin zirela egon gaur egun diren bi prefabrikatu horietan, eta hain eremu txikia duen jolasgune batean. «Aterabide bat aurkitzea eskatzen dugu. Ez dugu asko eskatzen, minimoa soilik».

Gurasoak triste eta haserre egon arren, haurren aurpegian irria zen nagusi. Haurrak pozik itzuli ziren atzo ikastolara. Izan ere, nahiz eta prefabrikatuetan argirik gabe egon, haurrak lanean ziren «sekulako irriarekin ahoan», Paxkal Indo Seaskako lehendakariak adierazi zuenez.

Sartze «bitxia» izan zela ere nabarmendu zuen Indok. «Guri argia kendu digute, baina ondoan argindarra dute sobera, gelak argituak dira; egoera pixka bat bitxia da». Baina gurasoek eta Seaskak lanean jarraituko zutela gaineratu zuen: «Haurrak pozik diren bitartean, guk gure borrokan segituko dugu».

Manifestazio «jendetsua»

Larunbatean, Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren aldeko manifestazioa eginen da Ziburun, eta «jendetsua» izatea espero du Pantxo Olzomendi gurasoak. Ahalik eta jende gehien etorriko delako itxaropena du, «ziburutarrak ohartarazteko arazo bat dagoela». Kalera ateratzeko beharra badela esplikatu zuen: «Manifestazioak muturreko egoera batera iristean egiten dira, eta uste dut argindarra etetea halako egoera bat dela».

Paxkal Indok ere «manifestaziora joatearen» garrantzia azpimarratu zuen; «indarrak hartzeko» balioko duela espero du. Ziburuko ikastolak jasaten dituen oztopoek ikastolen egoera «islatzen» dutela erran zuen, eta are gehiago «euskararen egoera». Argindarra kentzean, «ikastolak xoko batean uzten ditu, euskara ere bai».

Bide beretik, atzotik hasita eta ostiral arte, elkarretaratzeak eginen dituzte Ziburuko biribilgunean, 17:30ean, Kaskaroteneak egunero jasaten duena salatzeko.]]>
<![CDATA[Fernandez Iradi askatzeko erabakia atzeratu dute, froga gehiago eskatuta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/004/001/2014-10-31/fernandez_iradi_askatzeko_erabakia_atzeratu_dute_froga_gehiago_eskatuta.htm Fri, 31 Oct 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1736/004/001/2014-10-31/fernandez_iradi_askatzeko_erabakia_atzeratu_dute_froga_gehiago_eskatuta.htm
Ebatzi du, halaber, Frantziako Estatuan bizitzeko debekuak ezin duela gaitz larria duen preso hori aske uztea baldintzatu]]>

Maritxu Paulus Basurko abokatuak adierazi duenez, urriaren 1era arte bi ziren aintzat hartu beharreko azterketak, baina harrezkero bakarra nahikoa da erabakia hartzeko. Horregatik, abokatuak salatu du Frantziak bere legedia urratzen duela: «Jadanik bi adituk ikusi dute, eta esan dute haren egoera ez dela kartzelarekin bateragarria». Epaileak hartu erabaki berri horrek afera atzeratzen du.

Fernandez Iradik esklerosi anizkoitza du, eta, espetxean gaixotasunak okerrera egiten ahal duela eta, zigorra eten diezaiotela eskatu zuten. 30 urteko zigorra du, eta horietako hamabi beteak ditu jada; gehienak, Frantziako espetxeetan; Lannemezanen dute orain.

Zigorra eteteak ez du erran nahi presoa libre uztea, baizik eta baldintzapean karrikan uztea. Sei hilabetean behin berretsi beharko litzateke zigorraren etena, eta presoak eskumuturreko elektronikoa eraman beharko luke.

2011n izan zituen Fernandez Iradik eritasunaren lehendabiziko sintomak, eta 2013ko urtarrilean bi mediku adituk egindako diagnosian jakinarazi zioten esklerosi anizkoitza zuela. Gizarte eragileek hainbatetan eskatu izan dute geroztik euskal presoa aska dezatela, espetxean egotea ez delako bateragarri eritasunaren tratamenduarekin.

Ekainaren 20an, Frantziako auzitegi batek arrazoia eman zion Fernandez Iradiren eskaerari, eritasunaren larritasunak askatzeko eskatzen zuela argudiatuta. Baina bi baldintza jarri zizkion. Lehena, Fernandez Iradiri Frantzian bizitzeko ezarritako debekua indargabetzea. Bigarrena, aske geratu ostean, Pirinio Atlantikoetako departamendutik kanpo bizitzea.

Helegite bana aurkeztu zioten prokuradoreak eta Maritxu Paulus Basurko abokatuak. Prokuradoreak zigorra etetearen aurkako helegitea aurkeztu zuen, haren ustez Fernandez Iradiren egoerak ez duelako justifikatzen suspentsioa. Abokatuak, berriz, epaileak jarritako bi baldintzak kentzeko eskatu zuen.

Aurrerapen juridikoa

Paulus Basurkok adierazi duenez, «juridikoki aurreratu» egin dira. Abokatuaren eta fiskalaren helegiteak jasota, epaileak ontzat jo zuen atzo Fernandez Iradiri jarritako lehen baldintzaren helegitea, eta ebatzi zuen zigorraren bertan behera uztea ezin dela debeku batekin baldintzatu. Paulus Basurkok ontzat jo zuen epailearen erabakia.

Aske utz dezatela eskatzeko, hainbat mobilizazio egin dituzte orain arte. Larunbatean, adibidez, Lasarte-Oriako herritar talde batek elkarretaratze bat antolatu zuen erietxe aurrean. Atzo, Ni Ere Banoa kolektiboak, elkarretaratzea egin zuen Baionako suprefetura aitzinean, eta Etxerat elkarteak bat egin zuen. Haien hitzetan, Fernandez Iradi «larriki eri dagoen preso politikoa da, eta, hortaz, kalean egoteko eskubidea du». Are gehiago, espetxean, haren gaixotasuna ezin dutela artatu gaineratu zuen elkarteak, eta zigorraren etetea giza eskubideak bermatzeko neurria dela.

Ez dira horiek mobilizazio bakarrak izanen. Bihar, Lasarte-Orian manifestazioa eginen dute Okendo plazatik abiatuta, gaixo dauden presoak aske uztearen alde. EH Baik eta EH Bilduk ere Fernandez Iradi aske uzteko eskatu zuten atzo, eta salatu zuten halako erabakiek presoen eskubideak urratzen dituztela. Bide horretan, gaitz larriak dituzten presoak aske uztea «premiazkoa» dela uste dute, baita preso guztiak Euskal Herrira ekartzea ere.]]>
<![CDATA[«Aitzina egin dugu, eta gatazka gainditzeko fase berri batean gaude»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1761/004/001/2014-10-29/aitzina_egin_dugu_eta_gatazka_gainditzeko_fase_berri_batean_gaude.htm Wed, 29 Oct 2014 00:00:00 +0100 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1761/004/001/2014-10-29/aitzina_egin_dugu_eta_gatazka_gainditzeko_fase_berri_batean_gaude.htm
Nolakoa izan da hiru urteko lanketa?

Ordu batzuk pasatu ditugu lanean, eta elkarrizketa doinuak batzuetan aldakorrak izan dira. Baina, nire ustez, funtsa hasierako posizioan dago. Disposizio zintzoa Euskal Herrian, Aieteko Konferentziarekin eta gero ETAk borroka armatua etengo zuela esanez egindako iragarpenarekin. Ipar Euskal Herrian zein Euskal Herri osoan, egoera berri horri heltzeko eta egoera berri hori irudikatzeko disposizio zintzoa. Zailtasun guztien gainetik aitzina egitea lortu da, adostasun puntu bat lortzeko.

Orain jakinarazi duzue adierazpena. Zergatik?

Batetik, Aieteko konferentziaren hirugarren urtemuga delako. Bestetik, estatu frantsesari begirako lanketan, beste etapa batera iristeko beharra ikusten delako.

Izenpetzaileen artean sindikatu bakarra ageri da, CFDT. Zergatik?

Aieten parte hartu dugunak azaltzen gara. Eragile politikoen ekarpena inportantea den bezala, eragile sozialen ekarpena ere garrantzitsua da. Gogoan dut ELAk eta LABek Lizarra-Garazi garaian egindako ekarpena. Funtsezkoa izan zen beraien ekarpena, eta, nire ustez, horrelako adostasun bat falta da esparru sozial eta sindikalean. Prozesuari bultzada emateko esparru interesgarria da. Baikorra da CFDT sindikatua izenpetzaileen artean egotea. Iparraldeko sindikatu garrantzitsu bat da. Bestetik, CGT sindikatuarekin zailtasunak ditugu. Besteak beste, duten ikuspegi jakobinoa dela eta.

Ostiralean, horrelako desmartxen garrantzia azpimarratu zen. Zergatik dira garrantzitsuak?

Halako adostasunak eraikitzen eta plazaratzen baldin badira Euskal Herrian, arazoa konpontzeko posizioan gaudela erran nahi du. Estatuei begira, prozesuari bultzada emateko indar posizioan gaude. Sar-hitzan aipatzen dugun bezala, gainera, gure ustez, landutako puntuekiko kontsentsu zabal bat dago Iparraldeko gizartean. Izenpetzaile batzuk, alderdiaren izenean agertu dira, beste batzuk, ordea, ez. Alderdiaren izenpeak pisua badu, baina horrela egin ez dutenek, onartzen dute haien alderdian eztabaidak edukitzea. Gizartearen nahia eta gizarteak nahi duen adostasuna kontuan hartu dute, eta jarrera hori txalogarria da

Lehen aldia da Ipar Euskal Herriko ia klase politiko osoak maila horretako adierazpen bateratua aurkezten duela. Garai berri baten isla dela erran genezake?

Bai, dudarik gabe. Aieteko Konferentzia eta ETAren iragarpena abiapuntutzat harturik, bi lerro garatu dira. Lehenik eta behin, konponbidearen aldeko konpromiso sendo bat. Bestetik, lerro politikoan, geroari begirako giro berri bat Euskal Herrian. Lehengo tabu batzuk gainditu ditugu. Orain dela bi urte, adostasun zabalez Ipar Euskal Herriarentzako estatus berezia definitu zen: Lurralde Kolektibitatearen estatusa. Nire ustez, gatazka gainditzeko fase berri batean gaude. Beraz, bada garaia estatus bereziko esparru instituzional bat indarrean jartzeko. Eta bada garaia, beraz, adostasun zabalak eraikitzeko. Baita frantziar estatuari gizarte honek nahi duena entzunarazteko. Iparraldeko zenbait politikarik beren ardurak hartu dituzte, eta erantzukizun osoz heldu diote garai berriari. Izan konponbidean inplikatuz edo estatus politiko berri bat helburu, adostasuneko lanketan murgilduz.

Estatus bereziko ezagutza instituzionala beharrezkoa dela azpimarratzen duzue.

Elkarbizitzarako esparru bat sortu nahi da Euskal Herrian. Ez ditugu proiektu politiko berdinak. Euskal Herrian nortasun politiko eta kultural desberdinak daude, baita Euskal Herria zer den ulertzeko garaian ere. Aniztasun horren aitzinean, elkarbizitza da gure erronka. Elkarbizitzarako esparruak eraikitzea eta herri honi, molde demokratikoan, egin nahi duen bidea eraiki eta posible bilakatu. Elkarbizitzarako esparruak geruza politikoa behar du. Forma bat hartu behar du, eta, memento honetan, Iparraldean ez dago formarik, ez baitago esparru politiko instituzionalik. Ipar Euskal Herrian beharrezkoak ziren beharrak aztertu ziren. Zer egoeratan gauden, geroari begira nola heldu erronka batzuei eta erronka horiek nolako politika publikoa behar zuten. Ariketa horretan esparruaren definizioa etorri da.

Amnistiaren aldarria. Posible ikusten duzue arrazoizko epe batean?

Bertan eginen den ariketa, konponbide orokorraren argazkia osatzea izanen da. Presoen gaia, nire ustez, hiru sekuentziatan eramanen da. Lehen sekuentzia oraintxe jokatzen ari da. Indarrean dagoen esparru juridikoa erabili, eta ahalik eta preso gehien askatu. Oraindik badira aplikatzen ez diren neurri batzuk, baldintzapean aske uztea, adibidez, eta horiek irabazi behar ditugu. Bigarren sekuentzian aipatzen da gogoeta bat egin behar izatea. Lege esparrua aldatzeko. Azkenik, perspektiba gisan, amnistiaren legea indarrean jarri. Gomendioetan erraten da epe arrazional batean presoak askatu beharko direla. Zaila da horri data bat jartzea, baina berresten ahal da perspektiba hori, preso guztiak kalean egotea, Euskal Herri osoan dagoen kontsentsu zabal bat dela.

Egia eta adiskidetze taldea sortzea aipatzen duzue. Bi aldeak prest ote dira elkarrekin lan egiteko?

Uste dut badela aukerarik. Azkeneko urteetan egin dira ariketatxo batzuk, eta lortu izan da bi aldeetako biktimak elkartzea eta haien artean elkarrizketa bat sortzea. Iparraldean ere holako ariketatxo bat egin da Atxik Berrituz taldearekin. Bi kontu daude horretan. Batetik, aitortu bi aldeen iraganeko sufrikarioak, eta, bestetik, geroan halakorik berriz ez gertatzeko beharrezkoak diren baldintzak sortu. Behin agerraldia eginda eta testua jakinarazita, nik dudan inpresioa da azkenean borondate oneko gizon eta emakumeekin badela posibilitatea Euskal Herriak aitzina egiteko.

Zein erantzun espero duzue?

Jakinarazi dugun adostasun horrek perspektiba berritu batzuk irekitzen dizkigu estatu frantsesari begira lanean aritzeko. Frantzia eta Espainia bi estatu oso ezberdinak dira, eta erran behar da, halaber, ezberdina dela estatu frantseseko kokapena euskal gatazkarekiko. Frantziak, biziki estatu bortitza den arren, gauza sozialetan eta eskubide demokratikoen inguruan, kultura nahiko errotua du. Nire ustez, gizarte horretan, frantses gizarte horretan, badago lanerako aukerarik, gizarte espainiarrean ez bezala.]]>
<![CDATA[Batera-k prefetaren proposamen integratzaileak aztertuko ditu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1757/004/001/2014-10-17/batera_k_prefetaren_proposamen_integratzaileak_aztertuko_ditu.htm Fri, 17 Oct 2014 00:00:00 +0200 Itxaso Cuevas https://www.berria.eus/paperekoa/1757/004/001/2014-10-17/batera_k_prefetaren_proposamen_integratzaileak_aztertuko_ditu.htm
Lurralde instituzioaren gaia gizartera ateratzeko beharra azpimarratu dute]]>
statu quo-a eta tresna federatiboak baztertzen ditugu», adierazi zuen Jakes Bortairuk, Batera-koak. 2011-2012. urtean Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluaren gidaritzapean egin azterketan, non «hautetsiek eta jendarte zabal batek» parte hartu zuen, «bi tresna» horiek Ipar Euskal Herriko beharrei erantzuten ez ziela ondorioztatu zuten. «Beraz, bi tresna integratzaileak gelditzen dira», erran zuen Bortairuk.

Bi proposamen horiek ez ziren aztertuak izan 2011-2012an egin azterketan. Izan ere, «tresna horiek ez dira eginak Ipar Euskal Herriaren gisako lurralde bat kudeatzeko» azaldu zuen Bortairuk. Ipar Euskal Herrian, «herri desberdinak» daudela zehaztu zuen Bortairuk, batzuk baserri aldean eta beste batzuk kostalde aldean. «Horregatik baztertu ziren». Orain, prefetak mahai gainean jarri ditu berriz, eta Batera proposamen horien inguruan eztabaidatzen ari dela azaldu zuen, nahiz eta ez izan «jarrera definitiborik»

«Batera-k urteetan eskatu du instituzio berezi bat Ipar Euskal Herriarentzat», adierazi zuen Jakes Bortairuk. Lurralde elkargoa da, Jakes Bortairuren hitzetan, «instituzio hoberena, sinpleena eta demokratikoena». Funtsezko lau oinarrik eramaten dute Batera lurralde kolektibitate bat eskatzera, «eta edozein hautu eginik ere, edozein egitura sorturik ere, egitura horiek baloratu behar dira funtsezko lau puntu horiekin».

Lehenik, Ipar Euskal Herriaren lurraldearen ezagupena eta «ezagupen politikoa» onartuko beharko dituela pentsatzen dute. Ipar Euskal Herriak «existitu» behar duela azpimarratu zuen Bortairuk, eta onarpen hori instituzio baten bidez lortuko dela. Bigarrenik, Ipar Euskal Herriarentzat beharrezkoa den kudeaketa tresna bat izan behar duela azaldu zuen, «lurraldearen barne elkartasuna eta koherentzia atxikiko dituena». Hirugarrenik, Ipar Euskal Herriko biztanleak modu demokratiko eta orekatu baten bidez ordezkatuak izanen direla bermatu beharra da, Ipar Euskal Herriko demografia kontuan hartuz. Azkenik, instituzioak lurraldearen «konpetentzia eta zerga sistema» kontuan hartu beharko ditu. «Ipar Euskal Herriak bere etorkizuna eskutan hartzeko eta ahal bezain hurbiletik kudeatzeko, lurralde honek dituen arazo guziak eta bereziki bereziak», azaldu zuen.

Nikolas Blain Batera-ko kidearen iritziz, beharrezkoa da denbora hartzea: «Paris lurralde erreforma aztertzen ari da, eta gauzak finkatu arte ezin diegu eskatu hemengo hautetsiei posizio bat har dezaten». Bide beretik, Jean Pierre Massias eta Jean Gourdou juristen lana agertu arte «itxoin» behar dela zioen, «analisi bat egin ahal izateko eta eztabaida gizartera atera ahal izateko».

Laborantza aipatu gabe

Mixel Berhokoirigoin, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako (EHLG) presidentea, Batera-ren agerraldian egon zen eta «partikulaki» interesatzen zaion gai baten inguruan puntu bat gehitu nahi izan zuen. Prefetak mahai gainean ezarri dituen aukeretan, federalki integratzaileak diren bi formulak laborantza sektorean konpetentziarik gabekoak direla adierazi zuen. «Prefetak egin proposamenen aurkezpenean, oren pare bat eman zuen detaile guziak aurkezten eta ez zuen hitz bakar bat erran laborantzaren inguruan».

Berhokoirigoinen iritziz, lurralde elkargoak ditu soilik laborantza kudeaketarako tresnak eskaintzen. «Ofizialki lurralde kolektibitateak ekartzen zuen berekilan Euskal Herriko Laborantza Ganbera instituzio ofiziala» gaineratu zuen. «Lurralde komisio bat bermatzen zuen, non bertan laborari bakoitzaren diru laguntzak, instalazio, lur kudeaketa... finkatzen zituen».]]>