<![CDATA[Itxaso Orbegozo Borda | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 06 Dec 2022 14:24:11 +0100 hourly 1 <![CDATA[Itxaso Orbegozo Borda | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Mauritanian ehun alderdi eta 500 zerrenda lehiatuko dira gaurko bozetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/011/001/2018-09-01/mauritanian_ehun_alderdi_eta_500_zerrenda_lehiatuko_dira_gaurko_bozetan.htm Sat, 01 Sep 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1890/011/001/2018-09-01/mauritanian_ehun_alderdi_eta_500_zerrenda_lehiatuko_dira_gaurko_bozetan.htm
Hainbeste alderdirekin, parlamenturako hauteskundeetan espero da norgehiagokarik gogorrena. Mauritaniak ganbera bakarra du joan den urtetik. Abuztuan erreferenduma egin zuten senatuaren etorkizuna erabakitzeko. Gehiengoak ezetz esan zion senatuari, eta ordutik konstituzioan jartzen du parlamentua dela ganbera bakarra. Haren lekua probintziaka aukeratutako batzordeek betetzen dute egun.

Aurreko legegintzaldiko emaitzetan oinarrituta, alderdi hauek ibiliko dira bozkatuenak izateko lehian: gobernuko UPR Errepublikaren aldeko Batasuna, oposizioko RFD Indar Demokratikoen Berrelkarketa eta Tawasul alderdi islamikoa. Azken asteetan hango hedabideek aurreikusitakoari erreparatuta, gobernuko alderdiak ez luke arazorik izan behar gehiengoa lortzeko. Alderdi islamikoa bigarren indarra da parlamentuan, RFDk boikota egin baitzien parlamenturako bozei 2013an, aurreko legegintzaldian.

Mohamed uld Abdel Aziz Mauritaniako presidenteak «erradikala» izatea leporatu zion alderdi islamiarrari asteazkenean. Hauteskunde kanpaina osoan espresuki aholkatu zuen ez bozkatzeko Biram uld Dah esklabotzaren aurkako liderraren alderdiari. Aurkari izango du Biram datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetan, baina orain espetxean dago, «gorrotoaren aldeko mezua» zabaltzeagatik. Presidentearen alderdien aurkariek uste dute Abdel Aziz ahal duen guztia egiten ari dela parlamentuan gehiengoa lortzeko. Izan ere, hartara lege bat onartu ahal izango luke datorren urtean berriz presidente izateko aurkezteko.

Presidente birritan

Abdel Aziz Mauritaniako presidente da 2009tik. 2008ko estatu kolpearen ondotik, azken bi hauteskundeak irabazi zituen, 2009koak eta 2014koak. Mauritaniako Konstituzioaren arabera, pertsona berak ezin du presidente izan hiru aldiz jarraian; beraz, ezingo da aurkeztu.]]>
<![CDATA[Hausturaren mamua SNPn]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/014/001/2018-08-31/hausturaren_mamua_snpn.htm Fri, 31 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1877/014/001/2018-08-31/hausturaren_mamua_snpn.htm
Abuztuaren 24ko salaketaren biharamunean, Salmondek Leslie Evans Eskoziako Gobernuko idazkariari egotzi zion prozedura «bidegabe eta legez kanpokoa» abiatu izana, eta kereila jarri zuen gobernuaren aurka, ez emateagatik defendatzeko aukerarik. Hainbat gizarte eragilek, ordea, Salmonden aurkako adierazpenak egin dituzte azken egunetan. Dave Penman FDA sindikatuko idazkari nagusiak «mendekuzaletzat» jo zituen Evansen aurka eginiko adierazpenak.

Gobernuko alderdian banaketa nabarmendu da; batzuek «neurrigabetzat» jo dute Salmonden aurka eginiko barne ikerketa, bai eta salaketa ere. Angus MacNeil parlamentariak esan du alderdiak eginiko salaketak «oso gogorrak» direla, eta Salmond errugabea dela epaile batek aurkakoa erabaki arte. Parlamentariak gaineratu du alderdiaren barnean arrakala sortu dela Salmonden auziaren ondorioz. Lehen ministro ohiak militantzia uztean argudiatu zuen auzia eragina izaten ari zela alderdian, eta alderdiaren batasunaren eta independentziaren «hobe beharrez» dimititu zuela. Oposizioaren presioak jasan izana ere aitortu zuen Salmondek: «Oporrak amaitzean, parlamentuak alderdiaren aurka egiteko aitzakia merketzat erabil dezake nire auzia, eta, beraz, dimisioa da denontzat onena», aitortu zuen lehen ministro ohiak, baina berretsi zuen epaiketa egin ostean alderdiko militante izatera itzultzeko asmoa zuela. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak «tristura handiz» hartu du 30 urtez «lagun eta aholkulari» izan duen Salmonden dimisioa.

Dimisioa eman berritan, Salmondek martxan jarri zuen defentsaren gastuak ordaintzeko mikrofinantzaketa prozesua. 56.000 euro eskuratu asmoz, Internet bidezko kanpaina bat abiatu zuen, eta ia hamar ordu geroago 78.000 euro lortu zituen. Atzo gauerako, zifra 100.000ra hurbildu zen. Behar baino gehiago lortzen ari denez, SNPko militante ohiak nabarmendu du soberako dirua «Eskoziaren ongizatea bermatzeko egitasmoei» emango diela.

2013ko abenduan haren zerbitzura zeuden bi etxeko langileri sexu erasoak egitea leporatu zion SNPk urte luzez alderdi buru izandakoari. Erasoen garaian, Salmond Eskoziako lehen ministroa zen. Bi pertsonak erasoen berri eman zien gobernuko alderdiari iragan urtarrilean, eta barne ikerketa bat jarri zuten martxan, zer gertatu zen ikertzeko. Alderdiak ez zuen zehaztu Edinburgoko Bute House etxe ofizialean erasoak jasan zituzten emakumeak izan ziren. Salmondek esan zuen martxorako bazuela ikerketaren berri, baina salatu zuen ez ziotela aukerarik eman azalpenik emateko. Abuztuaren 24an, Sturgeonek Poliziarengana jo zuen, eta salaketa jarri zuen Salmonden aurka: «Nik jarri dut salaketa, alderdiaren burua naizelako. Ikerketaren berri banuen, baina ez dut ikerketa aurrera eraman». Ordutik, Salmondek behin eta berriz berretsi du ez duela egin inolako erasorik, eta uste du akusazioak «irrigarriak» direla.

SNPn emandako urteak

45 urtez Eskoziako Alderdi Nazionaleko militante izan ostean, Salmondek dimititzea erabaki du. Hogei urtez alderdiaren buru izan zen, Sturgeonek erreleboa hartu zion arte. Eskoziako lehen ministro izan zen 2007 eta 2014 artean, erreferendumaren biharamunera arte. Gehiengoak (%55) ezezkoa eman zion independentziari, eta lehen ministro independentistak kargua utzi zuen. Sturgeonek ordezkatu zuen kargu horretan ere. Ordutik, alderdikide izaten jarraitu du, herenegun arte. Itzuliko dela iragarri du.]]>
<![CDATA[Salmondek Eskoziako Alderdi Nazionala utzi du]]> https://www.berria.eus/albisteak/156122/salmondek_eskoziako_alderdi_nazionala_utzi_du.htm Thu, 30 Aug 2018 07:50:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/albisteak/156122/salmondek_eskoziako_alderdi_nazionala_utzi_du.htm <![CDATA[Hirukoiztu egin da Europara iritsi nahian itsasoan hil direnen kopurua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/011/001/2018-08-30/hirukoiztu_egin_da_europara_iritsi_nahian_itsasoan_hil_direnen_kopurua.htm Thu, 30 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1877/011/001/2018-08-30/hirukoiztu_egin_da_europara_iritsi_nahian_itsasoan_hil_direnen_kopurua.htm
Azken aste eta hilabeteetan Mediterraneoan ibili dira gobernuz kanpoko zenbait erakunde, migratzaileak zeramatzaten txalupak erreskatatu asmoz. Datorren astera arte, ordea, ez da GKE gobernuz kanpoko erakundeen ontzirik ibiliko bertan. Atzo, Matteo Salvini Italiako Barne ministroa «pozik» zegoen ez daudelako ontzi gehiago Mediterraneoan migratzaileen «bizitzak salbatzeko». «Orain ez dago gobernuz kanpoko erakunderik Mediterraneoan. Lan gehiago egin dugu guk hiru hilabetean Alderdi Demokratak bost urtean baino. Aurrera jarraituko dugu beldurrik gabe», nabarmendu zuen. Hala ere, hainbat GKEk ohartarazi dute ontziak Mediterraneora bidaliko dituztela. Proactiva Open Arms GKEak salatu du Europako agintariek babesik gabe utzi dutela itsasoa migratzaileak salbatzeko: «Astebete gobernuz kanpoko erakunderik gabe, berririk gabe: ito diren pertsonak, desagertuak, arriskuan dauden txalupen jakinarazpenak... Giza eskubideak gutxietsita, eta uretan zeuden azken bi ontziak geldiarazita».

Aquarius ontziak 141 iheslari onik lehorreratzea lortu zuen abuztuaren 15ean, eta, berriki, Diciotti Italiako itsas armadaren ontziak 138 lehorreratu zituen Italian, hilaren 26an. Itsasontzi horien lehorreratzeak izan dira azken hilabeteetan EB Europako Batasuneko herrialdeen artean eztabaida gehien sortu dutenak. Aquarius izan zen gobernuz kanpoko erakundeen ontzien artean lehorreratzen azkena, bost egun Maltan porturatzeko baimenaren zain egon ostean. SOS Mediterranee eta MSF Mugarik Gabeko Medikuen ontzia Marsellan (Frantzia) dago orain, itsasoratzeko tramiteak egiten, baina erakundeek baieztatu dute datorren astean Mediterraneora abiatuko dela.

Maltan ere itsasoratzeko baimenaren zain jarraitzen dute Alemaniako gobernuz kanpoko erakundeen bi ontzik. SHM Itsas Salbamendu Humanitarioa Espainiako gobernuz kanpoko erakundeak ere jakinarazi du Aita Mari euskal atunontzia Mediterraneoko erdigunera bidaliko duela irailean.

Azken urteetan, EBko kideek eztabaidagai izan dute migrazio politiken gaineko afera. Europara iritsitakoak herrialdeen artean banatzean sortu diren eztabaiden ondorioz, Mediterraneoko herrialdeek erantzukizun eta konpromiso handiagoa eskatu diete gainontzekoei, baina denak ez daude prest ezarritako kuotak betetzeko.

Maltako Floriana portuan, 100 pertsona lehorreratu ziren hilaren 22an. Ordu batzuk lehenago atzeman zuen Maltako itsas armadak hondoratzear zen txalupa, eta, 100 onik atera bazituzten ere, bi gorpu aurkitu zituzten migratzaileen artean. Maltako Gobernuak gauean eman zien lehorreratzeko baimena. Azken horrekin, Maltako armadak lau ontzi erreskatatu zituen bi astean, eta 310 pertsona salbatu. Hala ere, Italiak eta Maltak konpromisoa eskatu diete herrialdeei lehorreratzeak bermatzeko. Herrialdeen konpromiso falta ikusita, Salvinik lehorreratzeko baimenak ukatzeko politikak eraman ditu aurrera azken hilabeteetan, Maltak zenbaitetan egin izan duen bezala. Horren adibide da Italiako uretan Diciotti itsasontzian astebete kulunka egon ziren iheslarien kasua.

Fiskaltzaren ikerketa

Diciotti-ri baimena ukatu izanagatik, Italiako Fiskaltzak ikerketa ireki zion Salviniri lehorreratzearen egunean, bahiketa, legez kanpoko atxiloketa eta botere abusua egotzita. «Ez naiz kikiltzen mehatxuekin», berretsi zuen Italiako lehen ministroak atzo sare sozialen bidez.]]>
<![CDATA[Eraso xenofoboak gelditzeko eskatu du Merkelek, eskuin muturraren istiluen aurrean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/010/001/2018-08-29/eraso_xenofoboak_gelditzeko_eskatu_du_merkelek_eskuin_muturraren_istiluen_aurrean.htm Wed, 29 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1877/010/001/2018-08-29/eraso_xenofoboak_gelditzeko_eskatu_du_merkelek_eskuin_muturraren_istiluen_aurrean.htm
Igande goizaldean, festagune batean gertatu zen hilketa. Hamar bat gizonen arteko eztabaidaren ondotik, 35 urteko gizon bat hil zuten bi gizonen artean, labankadaz. Ustezko erasotzaileak astelehenean atxilotu zituen Poliziak, jatorri siriarreko 23 urteko eta jatorri irakiarreko 22 urteko bi gazte dira. Hildako gizona ere jatorri kubatarrekoa zen, Alemaniako hedabide batzuen arabera.

Sua piztu zuen hilketa horrek eta, igandean bertan, 800 pertsona elkartu ziren Chemnitzeko Karl Marx plazan, manifestazioa egiteko; tartean, futbol partida batetik atera berri ziren hainbat hooligan. Tentsio handia bizitu zen, eta polizien segurtasun neurriak ez ziren aski izan. Baina astelehenean okerrera egin zuen egoerak, arratsaldean bi manifestaziok bat egin baitzuten Chemnitzen. Batetik, ultraeskuindarren martxa: 6.000 eta 7.000 pertsona artean; bestetik, arrazakeriaren aurkako martxa: eraso eta jarrera xenofoboen aurka bildu ziren mila bat pertsona. Bi aldeen arteko liskarretan hemezortzi pertsona zauritu ziren, eta baita bi polizia ere. Atzerrian sortutako herritar batzuei eraso ere egin zieten egun hartan, eta ultraeskuindarren manifestazioan agur naziak egiten agertu ziren hainbat pertsona. Horrek areagotu egin ditu kezka guztiak.

Alemaniako Poliziak, hain justu, jakinarazi du hamar pertsona ikertzen ari direla, Hitlerrek erabiltzen zuen agur nazia egiteagatik astearteko manifestazioan. Sare sozialetan zabaldu diren bideoen bidez identifikatu dituzte agur hori egin zutenak. Poliziak azaldu du gehienak lehendik ere eraso «bortitzak» egiteagatik fitxatuta zeuzkatela.

Merkelen Barne ministroak eta poliziek hainbat kritika jaso dituzte egunotan, liskarrak egon zitezkeela jakinda, plangintza egokia ez egiteagatik eta beharrezko neurriak ez hartzeagatik. Hain jutu, kritika horiei erantzunez, hirian polizia gehiago jarriko dituztela nabarmendu du Horst Seehofer Barne ministroak, manifestazioetan sor daitezkeen liskarrei aurre egiteko.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak hitza hartu behar izan du azkenean, giroa baretzen saiatzeko. Zehaztu du «eraso xenofoboek» ez dutela lekurik «zuzenbide estatu batean», eta gogoratu du ustezko hiltzaileak atxilotu zituztela. Nabarmendu du gizartea ez dagoela «inondik inora ere» mehatxupean, eta atzerritar batzuek gizon bat hiltzeak ez duela esan nahi atzerritar guztiak susmagarriak direla. Kasu bakantzat jo du gertakaria, eta erantsi du «gezurrezko albisteak» zabaltzen ari direla sare sozialetan, eta eskatu du muzin egiteko «neonazien propagandari».

AFDren txanpa

Saxonian, Alemania Ekialdean, AFD Alemaniarrentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarrak babes handiagoa du. 2014ko hauteskundeetan botoen %22 lortu zituen, ia herrialdearen batezbestekoa baino hamar puntu gehiago (%12,6). AFDko kide batzuek, hain justu, herritarren autodefentsa eskubidea aldarrikatu dute liskar egunotan. Horien aurrean, Michael Kretschmer Saxoniako gobernuburuak ohartarazi du estatuak «indarraren monopolioa» duela oraindik ere, eta azken egunetako erasoak gaitzetsi ditu, bakerako deia eginez. ]]>
<![CDATA[Espainiako Gobernuak, azkenean, Llarena defendatuko du Bruselan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/012/001/2018-08-28/espainiako_gobernuak_azkenean_llarena_defendatuko_du_bruselan.htm Tue, 28 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1877/012/001/2018-08-28/espainiako_gobernuak_azkenean_llarena_defendatuko_du_bruselan.htm
Ostegunera arte Espainiako Gobernuak Llarena ez defendatzeko jarrera «sendoa» azaldu zuen. CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lana zen epailea defendatzea, eta ekintza pribatuak egitea leporatzen zion Madrilek. Joan den asteko jarrera aldatu izana baztertu du Madrilek, eta Llarena defendatzeaz arduratzen den legelari taldearen kontratua amaitzen ari dela nabarmendu du. Dolores Delgado Espainiako Justizia Ministroak esan du «Espainiaren interesak» defendatzeko lanean jarraituko dutela, eta horretarako gobernuak bere gain hartuko duela epailearen defentsa.

Puigdemontek eta Kataluniako kontseilari ohiek jarri zuten salaketa zibila, epaileak eginiko deklarazio batzuek errugabetasun presuntzioa eta beren ohorea urratzen dituztela argudiatuz. Urriaren 1eko gertaerak kontuan izateko eskatu diote epaileari, inpartzialtasunaren «zantzu garbiak» dituztela argudiatuz. Irailaren 4an, Belgikan deklaratzera deitu dute Llarena, eta egun berean zehaztuko du Torrak independentistek jarraituko duten bidea.

Atzoko bileran Llarenaren gaia hizpide izan bazuten ere, prozesu subiranistaren inguruan ere jardun zuten Torrak eta Puigdemontek. Xingola horiak kendu dituzte Tarragonako lau herritan, azken astean. Ikerketa irekiko du Kataluniako Fiskaltzak mossoek xingola horiak kentzen aritu diren pertsonak identifikatu dituela argudiatuz. Torrak erabakia gaitzetsi du: «Nola ausartzen dira horrelako kontu bategatik mossoei ikerketa irekitzen, eta aldi berean nola da posible urriaren 1eko gertaerak ez ikertu izana?». Abuztuaren 17a eta 24a bitartean, Kataluniako lau herritan xingola horiak kendu zituzten hamalau pertsona identifikatu dituzte mossoek. Hamabost eguneko epea du Mossos d'Esquadrak erantzule diren agenteak identifikatzeko, eta txosten bat aurkezteko mossoen esku hartzearen arrazoiak argitzeko. Puigdemontek nabarmendu du zenbait alderdi «indarkeriarekin jolasean ari direla», eta Kataluniaren batasunean arrakalak sortu nahi dituztela, baina Katalunia ez dela «norgehiagoka» horietan eroriko.

Primarioetarako bidea

Urte politiko berria atzo hasi zuten Katalunian, Puigdemonten eta Torraren batzarrekin bat. Diada eguna, iazko urriaren 1eko erreferendumaren urteurrena, eta prozesu subiranistaren judizializazioa hizpide garrantzitsuak izango dira, baina ez bakarrak. Udal hauteskundeak eta Europako hauteskundeak izango dira 2019ko maiatzaren 26an, biak egun berean. ANC Biltzar Nazional Katalanak joan den ostegunean proposatu zuen zerrenda bateratu bat aurkeztea udal hauteskundeetarako. Alderdi independentistak batzeko deia izan zen, eta atzo ireki zuten parte hartzeko epealdia. PDeCAT alderdiak jakinarazi du zerrenda bateratuari muzin egingo diola gainontzeko «alderdi independentista guztiak» proiektura batzen ez badira. «Alderdi independentista guztiok batuko bagina, zentzua izango luke proposamenak; gainontzean, zentzugabea litzateke. Guk beste eredu bati jarraituko genioke kasu horretan», esan zuen atzo David Bonvehi PDeCATeko presidenteak, alderdiaren opor osteko lehen bileran.

Bonvehik zuzendutako alderdiak uste du ERCk eta CUPek ezetz esango diotela zerrenda bateratuari, baina gogoratu zuen «sentsibilitate guztietako» alderdi independentistek bat egin dezaketela «batasun bat» osatzeko.

PDeCATeko liderrek esan dute zerrenda bateratu bat osatu nahi dutela Europako Parlamenturako hauteskundeetarako, baina uste dute ANCren proposamena bezain «arrakastarako aukerarik gabeko» proiektua dela. Hala ere, datozen egunetan batzartuko dira berriz, Carles Puigdemontek zuzendutako Crida Nacionalean parte hartzeko aukera aztertzeko. «Proiektua zertan datzan jakin arte zaila egingo zaio alderdi honi erabaki bat hartzea», aitortu du Bonvehik, baina ez du atzera bota ados jartzeko ideia.

Zerrenda bateratua proposatzeaz gain, urriaren 1erako lanuztera deitzea aztertzen ari da ANC, joan zen urteko erreferenduma «goraipatzeko». Datozen egunetan, sindikatuekin eta erakunde independentistekin batzartuko da proposamena aztertzeko.]]>
<![CDATA[Eskoziako Gobernuak Alex Salmond salatu du, bi sexu eraso egitea egotzita]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/016/001/2018-08-25/eskoziako_gobernuak_alex_salmond_salatu_du_bi_sexu_eraso_egitea_egotzita.htm Sat, 25 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1893/016/001/2018-08-25/eskoziako_gobernuak_alex_salmond_salatu_du_bi_sexu_eraso_egitea_egotzita.htm
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak jarri zuen salaketa, alderdiko beste politikari batekin «barne ikerketa zorrotz» bat egin ostean. Urtarrilean hasi zuen ikerketa gobernuak, sexu erasoa salaketak aztertzeko, eta martxoan eman zioten ikerketaren berri lehen ministro ohiari. «Bi pertsonak eman ziguten Alex Salmonden sexu jazarpenen berri, eta gaia ministroekin eztabaidatu eta gero, 2017ko abenduan adostu genuen ikerketa zabaltzea», azaldu du Sturgeonek. Hala ere, ikerketaren gaineko informazio gehiago ez dutela argitaratuko esan du, epaileak erabakiren bat hartu arte. Salmondek «defendatzeko inolako aukerarik» ez eskaini izana egotzi dio gobernuari, eta uste du «egokiago» litzatekeela egoera modu «lagunkoiagoan» tratatu izan balitz. Lehen ministroa salaketa jartzeaz arduratu bazen ere, ikerketan parte hartu izana baztertu du, baina esan du ikerketaren berri bazuela. «Ez nuen ikerketaren buru izan nahi, bestelako erantzukizunak baditut, eta ikerketaren xehetasunak jakingo banitu, orain horiek ezagutarazteko konpromisoa izango nuke. Zorionez, ordea, ez dut», gaineratu du Sturgeonek. Leslie Evans Eskoziako Gobernuaren idazkari nagusiari mintzatu zaio Salmond, eta esan dio prozedura «bidegabea eta legez kanpokoa» dela. Evansen aginduetara daude Eskoziako 5.000 funtzionario, eta, Poliziaren lana gainbegiratzeaz gainera, Sturgeonen aholkularia ere bada.

Salmond Eskoziako lehen ministro izan zen 2007tik 2014ra. Eskoziako erreferendumeko emaitzak atera zirenean, biztanleen %55ek independentziaren aurka bozkatu zutenean, dimisioa eman zuen. Eskoziako Alderdi Nazionalistako kidea zen, eta independentziaren alde zegoen. Erreferenduma egiteko elkarrizketak ere berak eraman zituen aurrera, baina gehiengoak independentzia nahi ez zuela ikusita, dimisioa aurkeztu zuen. Sturgeonek ordezkatu zuen nola gobernuan hala Eskoziako Alderdi Nazionalistaren buruzagitzan. Delituak, beraz, oraindik karguan zela eginak izango lituzke.

Edinburgoko Bute House etxe ofizialean gertatu ziren salatu erasoak, 2013ko abenduan. Orduko lehen ministroaren etxeko bi langile ziren salaketaren arabera, sexu erasoak jasan zituztela. Sturgeonek ez du zehaztu gobernuari jazarpenen berri eman zietenak erasoak jasandako emakumeak izan ziren. Hala ere, sexu erasoen aurkako salaketa jartzera deitu ditu gobernuak erasoak jasan dituzten emakumeak , gertaeren «antzinatasuna», pertsonen «identitatea» edo «erasotzailearen lan postupolitikoa» dena delakoa izanda ere.

Politikarien sexu delituak

Alex Salmond ez da izan sexu delitu kasuen harira salatu duten politikari bakarra azken hilabete hauetan. 2017ko azaroaren hasieran Michael Fallon Erresuma Batuko Defentsa ministroa ere salatu zuten, 2002an Julia Hartley-Bewer kazetariari ukituak egitea leporatuta, baina ez zuten salaketarik jarri. Harvey Weinstein Hollywoodeko produktorearen sexu delituak argitaratu eta hurrengo aste eta hilabeteetan Erresuma Batuko politikari bati baino gehiagori egotzi zieten gisa horretako delituak egin izana «lanpostu politikoaz baliatuta».

Berriki, 2018ko uztailaren hasieran, Guatemalako presidente Jimmy Moralesi hainbat emakumeri eraso sexualak egin izana egotzi zion Edgar Gutierrez Atzerri ministroak. Jazarpena jasan zuten zenbait emakumerekin hitz egin zuela berretsi zuen ministroak, baina beldur zirela salaketa jartzeko. 2015ean, ordea, emakume batek salaketa jarri zuen Moralesen aurka, presidentegai zenean.]]>
<![CDATA[Atzo ilusio, gaur amesgaizto]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1912/012/001/2018-08-24/atzo_ilusio_gaur_amesgaizto.htm Fri, 24 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1912/012/001/2018-08-24/atzo_ilusio_gaur_amesgaizto.htm Espainiako Poliziak atzera Marokora bidali ditu herenegun hesia pasatu zuten 116 migratzaileak. Irribarreak malko bilakatu dira Europa amets zuten iheslarientzat. Herenegun eman zion baimena Marokok Espainiako Poliziari 116ak itzultzeko. Atzo kanporatu zituzten, hamarreko taldeetan, osasun laguntza eman ostean. Guardia Zibilak jakinarazi du kereila aurkeztu duela Marokora kanporatu zituen iheslarien aurka, bai eta uztailaren 26an hesia pasatu zuten 602en aurka ere, hesia gainditu ahal izateko Poliziaren aurka indarkeria erabiltzeagatik.
1992an sinatutako akordio baten ondorioa da atzoko kanporaketa. Hitzarmen horren arabera, modu ilegalean Espainiara sartutako pertsonak berriz Marokora itzuli ahal izatea adostu zuten bi herrialdeek. Espainiak idatzi formal baten bidez deportazioa eskatzean Marokok itzultzen uztea adostu zuten orduan. Hala ere, hitzartutakoa aurrera eramateko, errefuxiatuak jatorriz ezin dira izan ez espainiarrak, ez marokoarrak. Azken urteetan hainbat migratzaile kanporatu dituzte Ceuta eta Melillatik.
Atzo goizean migratzaileak kanporatzen hasi zirela ikusita, etorkinak hartzeko behin-behineko zentrotik ihes egin zuten beste hainbatek, eta Ceutako kaleetara jo zuten. Zentroan 1.200 pertsona baino gehiago zeuden, eta 512rentzat baino ez dago lekua han. Ez da lehenengo aldia zentroak gainezka egiten duela. Uztailaren 26an, hesia pasatuta behin-behineko zentrora eraman zituzten 602 iheslariri laguntzeko, kanpamentuak antolatu behar izan zituzten. Penintsulako zentroetan ere neurri bereziak hartzen ari dira ahal beste migratzaile hartzeko.
Italian noiz lehorreratuko
Marokora eraman zituztenak ez dira azken egunotan Europara iristeko ahalegina egin duten bakarrak. Astelehenetik Italiako uretan lehorreratzeko zain dauden 177 migratzaile Siziliako Catania portuan daude oraindik, gobernuak baimena noiz emango zain. Herenegun 29 adingaberi eman zieten baimena ontzia uzteko, baina oraindik ez dira lehorreratu. Matteo Salvini Italiako Barne ministroak berretsi du iheslariei ez diela lehorreratzen utziko EB Europako Batasuneko herrialdeek horiek hartzeko konpromisoa hartu arte. Maltako uretan ere, ehun bat migratzaile daramatzan ontzi bat portu baten bila dabil lehorreratzeko. Maltako Gobernuak ez du oraindik zehaztu bere herrialdean lehorreratuko diren edo beste herrialderen batean izan beharko duen.
Bruselak jakinarazi du oraindik estatu kideetako batek ere ez duela formalki konpromisorik azaldu Italian dauden errefuxiatuak hartzeko, baina nabarmendu du hamabi herrialde prest egongo liratekeela zenbait beren herrian hartzeko: Italia, Espainia, Frantzia, Alemania, Malta, Luxemburgo, Grezia, Herbehereak, Belgika, Austria, Portugal eta Irlanda.
Europako Batzordeak bilera batera deitu du gaurko, egoerari irtenbide bat bilatzeko, eta estatu kideak gonbidatu ditu «ardura bateratuak» hartzera. Alexander Winterstein Europako Batzordeko bozeramaileak esan du «epe luzerako irtenbide iraunkor» bat behar duela Europako Batasunak «migrazio masiboei» aurre egiteko.
Tunisiako hondoratzea
Itsasotik iristen da iheslari gehien Europara. Tunisiako kostazainek ontzi hondoratu bat atzeman zuten atzo, Lampedusarako bidean zena. Gutxienez sei pertsona hil direla nabarmendu zuten hango agintariek. Tunisia hegoaldeko Zarzis hiritik hartu zuen Europarako bidea itsasontziak, joan den astelehenean. Azken hilabeteetan Tunisiatik itsasoratzeko joera nabarmendu da, orain gutxi arte Libiak betetzen zuen tokia hartuta. Urtea hasi zenetik, Libiako kostazainek kontrolak areagotu dituzte. Horregatik, iheslari ugarik Tunisian itsasoratzeko erabakia hartzen dute.
Ekainean 80 migratzaile zeramatzan txalupa bat hondoratu zen Tunisiako kostan, eta denak hil ziren. Kostazainak iritsi zirenerako, ezin izan zuten ezer egin. Azken urteetako migratzaileen tragediarik handiena izan zen hura herrialdearentzat.
]]>
<![CDATA[Hesiz hesi Europara iritsi arte]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/012/001/2018-08-23/hesiz_hesi_europara_iritsi_arte.htm Thu, 23 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1872/012/001/2018-08-23/hesiz_hesi_europara_iritsi_arte.htm
Ia 700 pertsonak pasatu dute hesia azken hilabeteetan. Behin-behineko zentrora eramaten dituzte guztiak, baina han 512rentzat baino ez dago lekua. Uztailaren 26an muga zeharkatzea lortu zuten 602 migratzaileekin, 1.300 pertsona inguru daude zentroan. Leku faltaren ondorioz, kanpaleku bat eraiki dute guztiak hartu ahal izateko. Gobernu Ordezkaritzako iturriek jakinarazi dute gaur eramango dituztela penintsulara zentroan dauden 80 lagun.

Ceutara sartzea lortu duten azken 116 iheslariak kontuan izanda, 1.400 baino gehiago dira 2018an Ceutan sartzea lortu dutenak, Espainiako Barne ministerioak jakinarazi duenez. Gehienek hesia pasatzen dute, baina autoetan ezkutatua ere lortzen dute zenbaitek muga zeharkatzea. Joan den urteko abuztuaren erdira arteko datuen aldean, %21 egin du behera lurretik Espainiako autonomia horretara sartutako errefuxiatuen kopuruak. Txalupetan iritsitakoek, aldiz, gora egin dute, eta lehen adina hiru dira. Ministerioak nabarmendu du 25.359 migratzaile iritsi direla Espainiako kostara 1.054 txalupatan abuztuaren 13ra arte. 2017ko abuztuaren erdira arte, ministerioak 8.717 pertsona zenbatu zituen, 475 txalupatan banatuta. Gehienak Balear Uharteetara eta Penintsulara iristen dira, eta gutxi batzuk Kanariar Uharteetara eta Melillara. Guztira, 29.541 iritsi dira lurretik zein itsasotik Espainiara abuztu erdira arte.

Marokoren erabakiak

Espainiara iristea helburu duten migratzaileak Marokoko lurretatik iritsi ohi dira Ceutako eta Melillako hesietara, Afrikako zenbait herrialdetatik. Beste hainbatek Libiara jotzen dute Europara iristeko asmoz, eta beste batzuek Aljeriara. Hala ere, azken urteetako joera nagusia Ceuta eta Melillako hesiak pasatzea izan da.

Azken hamarkadan, hainbat gobernuz kanpoko erakundek salatu dute milaka migratzaile eramaten dituztela Maroko iparraldeko kanpalekuetatik hegoaldeko basamortura eta Aljeriako mugara. Autobusetan banatzen dituzte, eta askotan familiak banantzen dituzte. Mugako herrialdeetan uzten dituzte gehienak, hango gobernuek har dezaten haien gaineko ardura. Gehienek ez dute dokumentaziorik izaten, baina beste asko legezko bisa batekin herrialdean dauden pertsonak ere izaten dira. Hainbat erakundek horri aurre egiteko medioak eskatu dizkiete Espainiari eta EB Europako Batasunari, eta Marokoren politiken erantzule nagusitzat jotzen dute Espainia. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak salatu du Aljeriako Gobernuak ia 12.000 pertsona bota dituela 2017tik, gero Nigerrera eta Malira deportatzeko. Martxoaren 23an, Noureddine Bedoui Aljeriako Barne ministroak parlamentuan jakinarazi zuen 2015. urtetik 27.000 errefuxiatu baino gehiago kanporatu dituztela herrialdetik. Mauritaniako Gobernuak ere berretsi izan du azken 15 urteotan iheslariak kanporatzen dituela.]]>
<![CDATA[177 migratzaile odisea noiz amaituko daude lehengo astetik Italiako uretan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/012/002/2018-08-23/177_migratzaile_odisea_noiz_amaituko_daude_lehengo_astetik_italiako_uretan.htm Thu, 23 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1893/012/002/2018-08-23/177_migratzaile_odisea_noiz_amaituko_daude_lehengo_astetik_italiako_uretan.htm Diccioti itsasontziak Italiako uretan jarraitzen du, hango gobernuak baimena noiz emango zain. Duela astebete Italiako armadak Maltako uretan erreskatatu zituen 177 migratzaileak dira oraindik Europa zapaltzeko zain daudenak. Hala ere, gobernuen presioen ondorioz, 29 adingabek lehorreratzeko baimena lortu dute. Matteo Salvini Barne ministroak ez die gainontzekoei Cataniako portuan lehorreratzeko baimenik eman nahi. Salvinik salatu du EB Europako Batasuneko kideek muzin egin dietela errefuxiatuak hartzeko erantzukizunei, eta gaineratu du ez direla lehorreratuko etorkin guztiak zer herrialdetan hartuko dituzten jakin arte.

Diccioti ez da, ordea, Mediterraneoan kulunka dabilen ontzi bakarra. Atzo goizean Maltako uretan erreskatatu zuten txalupa bateko kideak ere portu baten bila dabiltza, lehorreratu ahal izateko. Txalupak ehun migratzaile zeramatzan, eta Maltako kostazainek sorotsi zuten, urperatzen hasia zegoela ikusita. Armadak jakinarazi du bi migratzaileren hilotzak ere bazeramatzatela. Maltako Gobernuak ez du zehaztu beren herrialdean lehorreratuko diren.

'Aquarius'-en eredua

Azken hilabeteetan, Maltako Gobernuaren eta Italiako Gobernuaren artean zenbait eztabaida izan dira migratzaileak portuetan hartzeko. Kontuak eskatu dizkiote elkarri, baina bere horretan dirau lehorreratu ezin diren ontzien arazoak. Bi herrialdeek EBri galdegin diote eska diezaiela EBko estatu kideei zehazteko zenbat kide hartuko dituzten, Aquarius itsasontziarekin egin bezala. Hala ere, Salvinik hainbatetan salatu du errefuxiatuak hartzeko erantzukizuna hartu duten zenbait herrialdek ez dutela konpromisoa bete; horien artean, Maltak, Aquariusen kasuan. Maltako Gobernuak berriz, atzo salatu zuen Italiak ez duela bete ekainean Maltan lehorreratutako migratzaileak hartzeko konpromisoa.]]>
<![CDATA[«Gatazka egoeretan baliteke ospitaleak hutsik egotea»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1868/013/001/2018-08-22/gatazka_egoeretan_baliteke_ospitaleak_hutsik_egotea.htm Wed, 22 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1868/013/001/2018-08-22/gatazka_egoeretan_baliteke_ospitaleak_hutsik_egotea.htm
Zenbaterainoko eragina du gatazka egoerak gizarte baten osasunean?

Erabatekoa: guztiz aldatzen du egoera. Ez duzu behar besteko segurtasunik etxetik ateratzeko; asko beldur dira. Lehenengo, beharra sortu behar zaizu ospitalera joateko; gero, hara iristeko baliabideak behar dituzu; baliteke errepideak existitu ere ez egitea, eta, behin iritsita, ospitalean medikuek egon behar dute; gatazka egoeretan baliteke ospitaleak hutsik egotea. Beraz, prozesua oso kaltetuta egon daiteke.

Afrikako emakumeek pairatzen duten arazo nagusietako bat ablazioa da.

Bai, kasuak egunero ikusten ditugu, baita Ekialde Hurbilean ere. Badaude ablazio oso gogorrak non emakumeei klitoriaz gain ezpainak ere kentzen dizkieten, eta ondoren josi egiten duten ingurua, zulotxo bat soilik utziz. Bertatik hilekoa eta pixa ateratzen dira. Noizbehinka ikusten ditugu halakoak. Badaude beste leku batzuk non klitoria bakarrik kentzen duten, edo ezpainak. Halako kasu asko ikusten ditugu. Ezpainak mozteko kirurgia hemen ere egiten da; oso modan dago. Batzuek txikiagotu egin nahi izaten dituzte estetikoagoak iruditzen zaizkielako. Hori ere ablazioa da; kontua da guk kirurgia estetiko deritzogula eta Afrikan ablazio izena hartzen duela.

Zein dira emakumeen gaixotasunik ohikoenak?

Emakumeak etxean erditzen dira, eta, askotan, oso bakartuta dauden herrixketan. Konplikazio ugari sor daitezke horrelako egoeretan: batetik, erditu eta odoletan has zaitezke; bestetik, haurra pelbisa baino handiagoa izan daiteke, eta ezin aterata gelditu; beraz, emakumeak orduak edo egunak eman ditzake erditzen. Orduan, umetokia puskatu egiten da, eta barruan husten da odola. Beraz, umea hil egiten da, eta, ondoren, emakumea. Beste batzuetan, erditzea lortzen dute, baina infekzio bat sortzen zaie, eta egunak ematen dituzte ospitalera joan gabe. Askotan, oso egoera txarrean iristen dira, eta ezin izaten dugu ezer egin. Dena gaizki egiten da, dena berandu.

Odola aipatu duzu. Nola bizi dute hilekoa leku horietan?

Hilekoaren arazorik handiena baliabide falta da. Pentsatu behar dugu munduaren gehiengoan kuleroak ez direla existitu ere egiten; zer esanik ez konpresak, tanpoiak eta kopak. Orduan, zer egiten du 13 urteko neska batek hilekoarekin dagoenean? Etxean gelditzen da amaitzen zaion arte. Nola joango zara eskolara edo kalera kulerorik ere ez baldin badaukazu? Ezin zara garbitu momentu oro, ezin zara lasai ibili, eta, beraz, hilero astebetez ez dira eskolara joaten. Txorakeria dirudi, baina konpresak eskuragai izateak askatasun handia ematen du nahi duguna egiteko.

Tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeekin lan egiten duzue.

Bai, ikusten dugu leku batzuetan harremanak ez direla horren sanoak bikotekideen artean. Denetik dago, baina hemen ere ikusten dira. Hezkuntzan oinarritzen da: zailagoa da zerbait kontatzea berez ondo ez dagoela ez badakizu. Etxean ikusten duguna normala da guretzat, eta ikusitakoa egiten dugu.

Antisorgailurik ez izatearen arazoa ere hizpide izan ohi dugu.

Gehienek ezagutzen dituzte; arazoa da ezin dituztela lortu. Ez dakite non erosi, inork ez dizkie errezetatzen... Halako produktuak lortzea aberatsen esku dago soilik. Batzuek ez dituzte hamar ume eduki nahi, baina ezin diote erremediorik jarri. Arazoa da ume asko hiltzen direla; emakume batek bost ume hezi nahi baditu, hamarrez erditu beharko da. Kulturaren araberakoa da familia handiaren edo txikiaren ideia.

Argentinan jaio zinen. Han, atzera bota dute abortuaren legea.

Oso gai delikatua da. Estatu bakoitzak bere legeak ditu; gehienetan, bortxaketa eta malformazio kasuetan onartzen dira abortuak. Emakume batek ez badu askatasunik abortu seguru bat egiteko, baina, erabaki hori hartu badu, egingo du. Arazoa da zer egoeratan egiten duen; askotan etortzen zaizkigu odoletan, ustez nola egiten den dakien norbaitek abortatzen lagunduta, infekzio batekin. Abortuak leku guztietan egiten dira. Bangladeshen, esaterako, emakumeek abortatzeko pilulak hartzen dituzte, baina hilekoa erregulatzeko pilula deitzen diete. Oso ongi dakite zer diren, baina leunagoa da horrela deitzea. Legalaren eta ilegalaren arteko muga estu horretan, gisa horretako mila kasu daude munduan. Gizartearen onarpenean oinarritzen dira. Nire ustez, Argentinan atzera bota duten legeak ez du errealitatea islatzen: abortuak egiten ziren, egin dira, eta egingo dira.]]>
<![CDATA[Argentinako amona ospetsu nekaezina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1884/013/002/2018-08-22/argentinako_amona_ospetsu_nekaezina.htm Wed, 22 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1884/013/002/2018-08-22/argentinako_amona_ospetsu_nekaezina.htm Chicha Chorobik de Mariani (San Rafael, Argentina, 1923) Maiatzeko Amonen sortzaileetako bat izan zena, atzo hil zen, 94 urterekin, buruko isuri baten eraginez. Hamar egun zeramatzan La Platako ospitale batean, eta atzo gauean hil zen. Maiatzeko Amonen elkartearen sortzailea izan zen, eta zuzendariordea.

Diktadura garaian (1976-1983), haren etxera sartu, eta alaba hil zioten, bai eta familiako beste zenbait kide ere. Biloba bizirik atera zela jakin zuenean, haren bila aritu zen 42 urtez, baina ez zuen sekula aurkitu. Clara Anahi Mariani bilobaren omenez Anahi elkartea sortu zuen, 1996an, Maiatzeko Amonak utzi eta zazpi urte geroago. Diktadura garaian desagertutako milaka pertsonetako bat zuen biloba. Miguel Etchecolatz militarraren aginduz ehunka soldaduk hustu zituzten etxeak, eta hala eraman zuten Clara Anahi. 1977an, senitartekoen bila ari ziren pertsona ugari ezagutu zituen Chichak, eta urte berean Maiatzeko Amonak elkartea sortu zuen, Licha de la Cuadrarekin batera, desagertuen gainean ikertu eta familiak atzera batzeko.

Giza eskubideen aldeko aktibista izan zen gaztetatik, eta oso ezaguna egin zen Argentinan, batez ere La Plata hirian. Memoria historikoaren ikurra da han.]]>
<![CDATA[Cornellako komisariari eraso egin nahi zion gizon bat tiroz hil dute]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/010/001/2018-08-21/cornellako_komisariari_eraso_egin_nahi_zion_gizon_bat_tiroz_hil_dute.htm Tue, 21 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1893/010/001/2018-08-21/cornellako_komisariari_eraso_egin_nahi_zion_gizon_bat_tiroz_hil_dute.htm Allahu akbar (Ala handia da)» oihuka. Mossoetako bati eraso egin zion, eta tiroz hil zuen erasoa jasandako mossoak. «Atentatu terrorista» izan daitekeelakoan, ikerketa abiatu dute mossoek Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindupean, gertatua argitzeko. Rafel Comes Goi Komisariako Koordinazio Zentraleko buruak esan zuen «erailketa asmo argia» zuela gizonak. Polizia gizonaren etxea miatzeko baimenaren zain dago, eta haren bikotea atxilotu dute galdeketa egiteko.

Ia goizeko seiak ziren erasoaldia gertatu zenean. Comesek nabarmendu zuen Cornellan bizi zen 29 urteko gizonak «behin eta berriz» kontsulta bat egiteko beharra aldarrikatu ziela mossoei, eta, behin barrura sartzea lortutakoan, atezaintzan zegoen agenteari eraso egin ziola. «Gizonak labanarekin eraso egin dionean, bere burua defendatzeko tiro egin dio agenteak, eta bertan hil da gizona», azaldu zuen komisariako buruak. Ala jainkoaren gaineko oihuak zirela ohartu ziren mossoak, eta, horregatik, «eraso terrorista» kasu bat ote den ikertzen ari dira, Comesek jakinarazi zuenez. EI Estatu Islamikoaren izenean eginiko erasoa izan daitekeela uste dute mossoek.

Erasotzaileak urteak zeramatzan Cornellan bizitzen, eta ez zuen aurrekari penalik. Hala ere, Espainiako eta nazioarteko poliziarekin kontsulta egingo dute, Espainian edo beste herrialderen batean deliturik egin duen jakiteko. Mossoek, gertatutakoa argitu arte, norbere babesa ziurtatzeko deia egin diete Kataluniako polizia etxeei. SPC Kataluniako Polizien Sindikatuak pistola elektrikoak eskatu dizkio Generalitateari gisa horretako erasoak gertatuz gero erasotzailea hil beharrik ez izateko. Polizia etxeetako babes trenkadak ez kentzeko ere eskatu diote Barne Kontseilaritzari, atzokoa bezalako erasoaldietan baliagarri izan daitezkeelakoan. Etorkizunean gerta daitezkeen erasoak ekiditeko eta atzo gertatutakoa ikertzeko, Guardia Zibilarekin eta Polizia Nazionalarekin batu ziren mossoak.

Erasoaldia egiteko erabilitako labana laborategira eraman dute gertatutakoa argitzeko asmoz, eta erasotzailearen bikotekidea atxilotu dute galdeketa egiteko. Cornellako epaileak gizona hil duen mossoaren pistola konfiskatzeko ere eskatu du. Auzitegi Nazionalari erasotzailearen etxea miatzeko eskaera egin diete mossoek, eta baimenaren zain daude haren pisuan sartu, eta kasua argitzeko pistak bilatzeko, jakiteko «zerk bultzatu» zuen gizona erasoa egitera.

Terrorismoaren Aurkako Koordinazio Kabinetea atzo batzartu zen, salbuespen gisa, Quim Torra Generalitateko presidentea buru zuela. Kataluniako Barne Departamentuan batzartu ziren kabineteko kideak, Miquel Buch Barne kontseilaria, Mossos d'Esquadraren goi karguak eta Miquel Esquius komisario burua. Goizean gertatutakoa aztertzeko egin zuten bilera, eta hartu beharreko neurrien gainean hitz egin zuten.

Joan den urteko Bartzelonako atentatuetatik urtebete eta hiru egunera gertatu da Cornellako erasoa. EIren lehen erasoa izan zen hura, baina laugarren graduko alerta egoera ezarrita dago Espainiako Estatuan 2015etik, gisa horretako atentatuak gerta zitezkeelako. Atzoko erasoaldia EIrekin lotuko balute, urtebetean Kataluniak jasandako bigarren erasoa litzateke.

Torra eztabaidagai

Torrak atentatuen urteurrenean eginiko adierazpenen gaineko azalpenak eskatu dizkiote hainbat alderdik. Defendatu soilik ezetz, Estatu «bidegabeari eraso» egingo ziotela esan zuen Generalitateko presidenteak. Xavier Albiol Kataluniako PPko buruak «apologia» delitua leporatu dio presidenteari, «Estatuari erasotzeko deia» egiteagatik, eta gogoratu du Zigor Kodean biltzen den delitua dela. Adierazpen «oso oldarkorrak eta larriak» direla uste du Albiolek. Ciudadanos alderdiak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari eskatu dio «bestaldera begiratzeari» uzteko, eta legea betearaztea galdegin diezaion Torrari, eta 155. artikulua martxan jartzeko eskatu dio. Pablo Casado Espainiako PPren buruak ere 155. artikulua abiatzeko eskatu du, eta senatuan PPk gehiengoa duela gogoratu du artikulua indarrean jartzeko.]]>
<![CDATA[«Bizikidetza errotik landu nahi dugu, ez soilik migratzaileekin»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1924/012/002/2018-08-18/bizikidetza_errotik_landu_nahi_dugu_ez_soilik_migratzaileekin.htm Sat, 18 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1924/012/002/2018-08-18/bizikidetza_errotik_landu_nahi_dugu_ez_soilik_migratzaileekin.htm
Bizikidetza plana martxan jartzeko ideia atentatuak gertatu eta berehala sortu al zen? Nola izan zen prozesua?

Ez, egitasmoa ez zuen sortu Ripolleko Gizarte Ongizateko partzuergoak, ez eta udaletxeak ere. Kataluniako Gobernuak eskaera egin zigun ea plan bat martxan jartzea posible izango genuen galdetzeko, eta elkarbizitza eredu berri baten apustua egitea proposatu ziguten.

Beraz, plana ez da herrian bertan sortu.

Ez, erakundeetatik eratorritako proiektu bat da; ez da oinarritzen herri ekinaldi batean. Hala ere, herrian sortu dira ekimen batzuk elkarbizitza lantzeko, baina bizikidetza plana Ripollen sortu eta beste herrietara zabaltzeko asmo handiko plan bat da. Alde horretatik, erakundeek eta Kataluniako Gobernuak kudeatu behar dute.

Zer-nolako egitasmoak egin dituzue orain arte?

Orain arte diagnostiko bat egiten aritu gara, eta, aldi berean, ikerketa lan zabal bat egin dugu. Izan ere, plan honetan lanean gabiltzan gehienok ez ditugu inoiz landu erradikalizazio gaiak, eta, beraz, saiakera eta hutsegiteak eginez ari gara ikasten. Probak egiten ari gara. Informazioa biltzen aritu gara, eta gaian adituak direnen prentsaurrekoetan izan gara; elkarbizitzaren inguruko ekintzetan parte hartu dugu, eta beste leku batzuetan martxan dauzkaten planak aztertu ditugu. Hala ere, plan hau luzerako egitasmo bat da. Urte honetan ekintza ugari egin ditugu, eta herriak oso ongi erantzun dio bati: Hamabi hilabete, hamabi herrialde egitasmoari, hain zuzen. Hilabetero ekintzak egiten ditugu herrialde baten inguruan, institutuan jarduera batzuk esaterako, edo ekintza gastronomikoak... horiek partzuergotik zuzendu ditugu. Oro har, hiru helburu nagusi ditugu: laguntza psikologiko eta emozionala eskaintzea atentatuen ondorioz behar hori dutenei, analisi sakon bat egitea gazteengan eragina duten faktoreak identifikatzeko, eta aurreiritziak amaitzea. Hala ere, garrantzitsuena ez da zer egin dugun, baizik jakitea nola iritsi ziren horren gizarteratuta zeuden gazte haiek erradikalizazio horretara.

Zenbat langileren artean daramazue aurrera proiektua?

Hiru talde ari gara lanean. Talde politiko bat dago, proiektuaren norabidea markatzen duena. Ondoren, beste aholkularitza talde bat ere badago; horiek bilerak egiten dituzte, eta kargu politiko nahiko garrantzitsuak dituzten pertsona batzuek osatzen dute. Lan egiteko moduan jartzen dute arreta, eta teknikarioi jarraitu beharreko gidalerroak erakusten dizkigute, talde politikoak ezarritako bideari jarraikiz. Azkenik, elkarbizitza teknikariak gaude, heziketa, kultura eta gazteak, gizarte zerbitzuetan lanean dihardugu gehienok, eta udalak zuzentzen du gure lana. Udaleko ordezkari batzuek gurekin lan egiten dute, harremanak ezarriz teknikarion artean. Azken talde hori da eragingarriena, dinamikak lantzen baititugu elkarte eta erakundeekin. Lan guztiak aurrera eramateko partzuergoan langile gehiago gaude, gutxi batzuk gehiago bakarrik. Gehienok betiko lanak egiten jarraitu dugu, eta proiektua aurrera atera dugu ia langile kopuru berarekin.

Herritarrek nola erantzun diete jarduerei?

Herrian ez da ondorio negatiborik izan. Gertatua gertatu bazen ere, herriak lehen bezala jarraitu du. Hala ere, zenbaitengan sumatu ditugu ikuspegi xenofobo eta arrazistak: lehen esatera ausartuko ez liratekeen aipamenak egiten dituzte batzuek lasai asko. Herrian, baina, ez dugu sumatu aldaketa ikusgarririk. Ez da pintadarik agertu hormetan, ez bestelako arazorik duela urtebete baino lehen gertatuko ez zenik. Beti egon izan diren arazoek hor jarraitzen dute, baina ez dira arazo berriak sortu, nolabait. Lan guztiek balio dute; lanik txikienak ere balio handia du. Ekitaldi bat egin eta lehen inor ez bazen agertzen, eta orain hogei pertsona agertzen badira, ongi etorriak izango dira aldaketa txiki horiek. Gu pozik gaude; orain sumarioa atera bada ere, guk lanean jarraituko dugu gure helburua lortzeko. Bizikidetza errotik landu nahi dugu, ez soilik migratzaileen kasuan; gure planak generoaren alorra ere lantzen du. Ez dugu kolektibo jakin batera mugatu proiektua.

Zer egitasmo jarriko dituzue martxan epe motzean?

Orain arte egin duguna eta egiten ari garena berria da erabat. Orain arte egin ditugun dinamikak Bartzelonako kongresuetara ere zabaldu dira; elkarbizitza lantzeko, ikuspuntu emozional batetik lantzen dugu gaia, ez horrenbeste ikuspuntu arrazional batetik. Hori behar du, hain justu, gizarteak: besteen lekuan jartzen ikasi. Enpatia garatu behar da.

Generalitateak asmoa du zuen plana Katalunia osora zabaltzeko.

Bai, hori epe luzera izango da. Inurrien lana bezalakoa da; apurka-apurka eta pausoz pauso ari gara lanean. Ez daukagu aurrekaririk eredu gisa hartzeko, ez eta egia absoluturik ere. Pixkanaka goaz: ez daukagu epemugarik. Ikusten dugu zerk funtzionatzen duen hobeto, eta zerk ez duen funtzionatzen. Denborak erakusten du bidea, eta, gizakiak garenez, huts egiten dugu sarri. Horrela ikasten da.

Prestatu al duzue ekitaldi berezirik atentatuen lehenengo urteurrenerako?

Ostegunean egin genuen zerbait. Guk ez dugu biktimen aldeko ekintzarik antolatu, ez eta gisa horretako omenaldirik ere. Hala ere, doako autobusak jarri zituen udalak Bartzelonan antolatu zituzten omenaldietara joateko, norbaitek hala nahi izanez gero. Gure lana, ordea, beste bat da; guk elkarbizitza landu behar dugu, eta, horregatik, tailerrak egin ditugu gaia lantzeko. Bideogintza tailerra jarri genuen martxan, bakoitzak elkarbizitzari nola lagun diezaiokeen azaltzeko. Herriko plazan dagoen olibondoan jendeak elkarbizitzari lotutako desirak zintzilikatzeko aukera egon zen, eta joko moduko batzuk egin genituen; adibidez, teknikariok esaldi bat irakurri, eta jendeak erabaki behar du bi aukera izanda zer aldetan kokatzen duen bere burua. Denentzat irekitako jardunaldiak dira, ez soilik bertakoen eta marokoarren arteko harremanak lantzeko: homosexualak, desgaitasunen bat dutenak, emakumeak, atzerritarrak... bizikidetza planak denok biltzen gaitu.]]>
<![CDATA[Oroimenetik eztabaidara jauzi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1910/012/001/2018-08-18/oroimenetik_eztabaidara_jauzi.htm Sat, 18 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1910/012/001/2018-08-18/oroimenetik_eztabaidara_jauzi.htm
Goizeko ekitaldi ofizialean izan ziren Quim Torra Generalitateko presidentea eta haren gobernuko kideak. Bai eta Felipe VI.a Espainiako erregea, Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta hainbat politikari ere. Goiz-goizetik nabarmendu ziren erregearen aurkako protestak. Beste hainbat pertsonak «Gora Espainia eta gora erregea!» oihukatu zuten biktimen omenaldian. CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeetako hainbat kidek antolatutako protestek Katalunia plaza ere hartu zuten. Biktimen alde elkartasuna adierazi, eta erregearen «hipokrisia» salatu zuten. CUP alderdiak ere bat egin zuen protestekin. Rambletatik Katalunia plazarako bidea egin zuten 500 bat lagunek, isilik, pankartak eskuan. Monarkiaren eta arma trafikoaren aurkako pankartek hartu zuten bidea, eta biktimekiko errespetua aldarrikatu zuten.

Felipe erregea agertzekoa zela-eta, ostegunean, Katalunia plazan zenbait independentistak pankarta handi bat eseki zuten. Erregearen irudia buruz behera ageri zen, eta «Erregea ez da ongi etorria Katalunian» zuen idatzia, ingelesez.

Atzo arratsaldean, ANC Biltzar Nazional Katalanak elkarretaratze batera deitu zuen Lledoners kartzelan, Joaquim Forn Barne kontseilari ohia espetxeratuta dagoen lekuan, hari omenaldia egiteko, Forn izan baitzen mossoen arduraduna atentatuak gertatu zirenean. Torrak bisita egin zion Forni espetxean, eta esan zuen «bidegabekoa» dela Forn espetxeratuta egotea. Aurrez, goizeko ekitaldian, Felipe VI.ari zuzenean oroitarazi zion Forn espetxean dagoela. Torrak eskerrak eman zizkien mossoei eta larrialdi zerbitzuei beren lan «paregabeagatik»; batez ere, Josep Lluis Traperoren lana goraipatu zuen. Mossoen burua zen atentatuak gertatu zirenean, eta erasotzaileak aurkitzeko ikerketa eta ondorengo operazioa zuzendu zituen. «Katalunia harrera herria izan da mendeetan. Indarkeria darabilten horien aurrean, guk bakean eta harreran oinarritutako herria eraikitzen jarraitzen dugu. Gizarte indartsua eta ausarta gara, intolerantziaren eta basakeriaren aurka borrokan», nabarmendu zuen Torrak.

2017ko abuztuaren 17 hura

Arratsaldeko bostak baino zertxobait lehenago, Kataluniako hiriburuan, furgoneta zuri bat Rambletan sartu, eta jendea harrapatzen hasi zen. Jende asko zegoen kalean ordu horietan, bertakoak zein turistak. Hamar bat pertsona hil ziren momentuan, eta dozenaka zauritu ziren. Ordu batzuk geroago, Cambrilsen, beste atentatu bat egin zuten itsasondoko pasealeku turistiko batean. Pertsona bat hil zuten han. Poliziak lau egun geroago aurkitu zuen Rambletako furgoneta gidaria, eta hil egin zuen, baita beste sei kide ere.]]>
<![CDATA[Tiro hotsak, isiltzekotan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/010/001/2018-08-17/tiro_hotsak_isiltzekotan.htm Fri, 17 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1877/010/001/2018-08-17/tiro_hotsak_isiltzekotan.htm
Haaretz Israelgo egunkariak esan du abuztuaren 12an onartu zutela su-etena. Al Mayadeen Libanoko hedabideak ziurtatu du herenegun ireki zuten Kerem Shalom Gazara merkantzia garraiatzeko Israelen eta Gazaren mugako pasabide bakarra akordioetan zehaztutako lehen baldintza dela. Avigdor Lieberman Israelgo Defentsa ministroak esan du «azken aldiko barealdiaren ondorio» dela bidea berriz ireki izana. 700 kamioik zeharkatu zuten muga herenegun. Israelek eta Egiptok ezarritako blokeoak itota daukan Gazako ekonomia suspertzeko oinarrizko materiala da garraiatu den lehen merkantzia: eraikuntzako materiala, animalien janaria, oihalak, erregaia... Uztailaren 9tik itxita zegoen pasabidea, Hamasek mugako Israelgo indarrei eraso egin zienetik.

Lurreko pasabideaz gain, itsasoko pasabidea ere zabaldu dute. Orain arte, itsasoko muga hiru itsas miliatan zegoen zehaztuta, baina, akordioen ondorioz, bederatzi miliataraino zabaldu dute. Itsasbide bat ere zabalduko dute Gazaren eta Zipreren artean. Hala eginez gero, blokeoaren gaineko berrikuntza handia litzateke. Hala ere, joan-etorriak Israelek gainbegiratuko ditu. Datozen asteetan, laguntza humanitarioa jaso ahal izango du ostera Gazak, eta osasun zerbitzuak indartuko dituzte. Azpiegitura nagusiak ere berreraikiko dituzte, hala nola espero da ospitaleak eta eskolak eraikitzea. Urteetan eztabaidagai izan duten presoen herriratzea ere adostu dute. 2014tik Gazan dituen Israelgo bi soldaduren gorpuak itzuliko dizkio Hamasek Israeli, eta trukean, Israelek hainbat preso emango dizkio Hamasi.

Gainontzeko guztia betetzean, aireportuen eta itsas portuen egoerak aztertzeko batzartuko dira Hamas eta Israelgo agintariak. Egun, Israelek kontrolatzen ditu Gazako itsas portuak. Aireportua, berriz, 2001ean suntsitu zuen Israelek.

Su-etenaren sustraiak Itzuleraren Martxan daude errotuta. Martxoaren 30etik, astero manifestazioak egin dituzte Gazako biztanleek Israelgo mugan, 1967an ihes egin edo kanporatuak izan ziren palestinarren itzultzeko eskubidea aldarrikatzeko. Gutxienez, 160 palestinar hil, eta 17.000 zauritu dituzte Israelek manifestarien aurka eginiko erasoetan.

Gazako blokeoaren indarra

Hamasek Gazako agintea hartu zuenetik, lurraldearen ekonomiak okerrera egin du blokeoaren eraginez. Bi milioi palestinarren bizilekua da Gaza, baina biztanleen bi heren laguntza humanitarioari esker bizi dira. Langabezia ia %45ekoa da, eta etxe askotan ez dute elektrizitaterik, ez ur edangarri nahikorik. NBEren aurreikuspenen arabera, 2020rako ez da bertan bizitzeko egokia izango lurraldea, egoera aldatu ezean.]]>
<![CDATA[«Enpresa eta arduradun askok garrantzia kendu diete mantentze lanei»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1992/003/001/2018-08-15/enpresa_eta_arduradun_askok_garrantzia_kendu_diete_mantentze_lanei.htm Wed, 15 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1992/003/001/2018-08-15/enpresa_eta_arduradun_askok_garrantzia_kendu_diete_mantentze_lanei.htm
Italian gertatu denaren gisako tragediak ez dira ohikoak Europan, baina halako azpiegiturek jasan ditzaketen kalteez ohartarazi duzu.

Gogoan dut Garesko zubia erori zenean, 90 urte bete berritan, 1982an. Gerra garaiak harrapatu zuen, eta, horrenbeste urte pasatu eta gero, mantentze lanak nahiko azalekoak ziren; azkenean, apurtu, eta erori egin zen. Eredu kapitalistaren ondorioa da. Lortu dugu hirien arteko lotura hobetzea, ezer ez zegoen lekuak eraikin eta etxez betetzea... hori guztia hormigoia baliabide nagusitzat hartuta. Hormigoiak, ordea, oso ibilbide historiko laburra du, 100 urte baino ez ditu. Proba ugari egin dira, eta badakigu urteak pasatu ahala hormigoia hondatu egiten dela, eta, beraz, eraikin bat zenbat eta zaharragoa izan orduan eta mantentze lan gehiago behar dituela. Erromatarrek eraikitako azpiegitura ugarik oraindik zutik jarraitzen dute. Gogoan dut behin pieza handi batzuk garraiatu behar genituela Galiziara, eta hara joateko bi bide genituela: bata, erromatarrek eraikitako zubitik pasatzea, eta bestea, zubi berri batetik. Lehena hartzea erabaki genuen, seguruagoa zelakoan.

Mantentze lanak, beraz, oso garrantzitsuak dira.

Etengabe eraikitzen ari gara azken ehun urteetan, baina enpresa eta arduradun askok garrantzia kendu diete mantentze lanei, eta hor dago ezbehar gehienak ulertzeko giltza. Arena zubia zaharberritzen amaitu zuten, Muskiz eta Kantabria lotzen ditu. Kalte txiki batzuk jasan zituen errepideak, baina, agintarien zabarkeriaren ondorioz, laukoiztu egin ziren kalteak. Milioiak balio izan zuten berritze lanek. Iruñea eta Donostia lotzen dituen errepidean ere, Bi Ahizpe dagoen lekuan, kalteak atzemangarriak dira, eta konponketak egiten ari dira. Gisa horretako adibide ugari daude.

Hormigoiak iraungitze data du, beraz.

Bai, mundu honetan denak du iraungitze data. Dena hormigoian oinarritzen da. Grabitate legea hautsi zuen hormigoiak, iraganeko eraikuntzen oinarriak apurtu zituen, eta gizakiaren aurkikuntza loriatsua izan zen. XX. mendean eraikin harrigarriak egin ziren hormigoiak eskaintzen dituen aukerak ustiatuz, ustez iraunkorragoa baitzen materiala. 50 eta 100 urte artean iraun dezake hormigoizko egitura batek. Eragina dute inguruak, klimak eta erabilpenak. Jakina, mantentze lanak behar bezala egin behar dira, eta arazoa da krisi garaietan behar horiek ez direla errespetatu, eta eraikuntza asko hondatuta daude, edo oso kaltetuta. Beraz, zaharberritze lanak egin beharko dira, eta dirutza balioko dute.

Zer-nolako kontrolak pasatzen dituzte azpiegitura horiek?

Protokolo batzuk bete behar dira. Eraikinen kasuan, Eusko Jaurlaritzak 2012an jarraibide batzuk ezarri zituen, ikuskatze lanetarako lekuaren, eraikinaren urteen, materialen eta abarren arabera neurtzen direnak. Arenan, esaterako, 55.000 ibilgailu ibiltzen dira egunero, eta, beraz, ibilgailu jario txikiagoak dituzten errepideek baino maizago pasatzen ditu ikuskatze lanak.

Gizartea hipotekatuta dago eraikuntza lan horiekin?

Neurri handi batean, bai. Eraikuntza egitea denok onartu genuen, baina berehala ikusi genizkion belarriak otsoari. Jasangarritasuna bilatzea bigarren planora eraman da, eta norgehiagoka ugariren erdigunean geratu dira arkitektoak. Eraikuntza hauek mantentzeak zentzua galdu du, aurrekontuetan murrizketak egin behar baitira osasunean edo hezkuntzan. Zentzugabea da.]]>
<![CDATA[«Tsunamiak harrapatzen bagaitu, zer? Noraino alde egin behar dugu?»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/013/001/2018-08-09/tsunamiak_harrapatzen_bagaitu_zer_noraino_alde_egin_behar_dugu.htm Thu, 09 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1867/013/001/2018-08-09/tsunamiak_harrapatzen_bagaitu_zer_noraino_alde_egin_behar_dugu.htm
Astelehenaz geroztik, 5.000 pertsonak baino gehiagok utzi dute uhartea: gehienak turistak. Horien artean Alaitz Osa eta Janire Odriozola zumaiarrak. Oporretan zeuden Bali uhartean duela aste eta erdi lurrikara izan zenean, eta Lomboken igandekoan. Herenegun iritsi ziren Euskal Herrira. «Lehen lurrikaran hiriak bere martxa jarraitu zuen; igande honetako bigarrena oso bestelakoa izan zen», esan dio Osak BERRIAri. Hotelean harrapatu zituzten bi lurrikarek, lotan lehenengoan, eta afaltzera jaisteko asmoz bigarrenean. «Dardara batek esnatu gintuen, kanpoan euria ari zuela pentsatu nuen hasieran, baina lurrikara izan zitekeela pentsatu genuen. Bigarrenean, segituan konturatu ginen lurrikara bat zela, esperientziak erakutsi zigun», esan du Odriozolak.

Hoteletik atera eta igerileku inguruan babestu ziren bi zumaiarrak, eta han euskaldun gehiago aurkitu zituzten. Tsunami arriskuaren berri izan bezain pronto, leku segururen baten bila hasi ziren. Motorrak hartu, eta barnealderako bidea hartu zuten. «Hiria erabat hutsik zegoen iritsi ginenerako; beti gainezka egon ohi ziren tabernetan ez zegoen inor», baieztatu dute biek, eta orduan konturatu ziren egoeraren larritasunaz. Noraezean mendialdera egin zuten, nora jo jakin gabe. «Tsunamiak harrapatzen bagaitu, zer? Noraino alde egin behar dugu? Kilometro bat, bi edo hamar? Ezjakintasun totala», nabarmendu du Osak. Ez agintaririk, ez poliziarik, «kaosean» hango herritarrek lagundu zieten. «Hango jendeak izugarri lagundu zigun; eskerrak haiei, benetan», aitortu du Osak. Leku seguru baterako bidea erakutsi zieten, ura eman, eta sua egin erosoago egoteko.

Hamabiak aldera tsunami alerta kendu zutela jakin ahal izan zuten turista batzuen bitartez. Hotela hondartza ondoan zeukaten, ordea, eta beldur ziren lurrikara gehiago izango ote ziren. «Kanaria uharteetako gobernuz kanpoko erakunde bateko kideak zeuden gure artean, eta, Thailandian lurrikara izan zenean, lau ordu geroago tsunamia izan zela esan ziguten. Orduan, benetan beldurtu ginen», esan du Osak. Gainontzeko turistak euren hoteletara itzultzen hasi zirenean erabaki zuten itzultzea zumaiarrek, goizeko lauak aldera. Astelehenean itzultzeko hegazkina hartuta zeukaten, eta, goiz bazen ere, aireportura joatea erabaki zuten, seguruago egon zitezkeelakoan. «Zortea izan genuen guk, hegazkina astelehenean bertan geneukan. Beste askok ez zuten zorte bera izan», dio Odriozolak. «Aireportu txikiko kaosean», ausaz bada ere, dozena erdi euskaldun elkartu ziren. Itzuliz geroztik, ezagututako euskaldun batzuekin hitz egiteko aukera izan dute, eta badakite gasteiztar batzuk jada itzuli direla, eta beste zenbait azpeitiar itzultzekotan direla.

Bukatu dira oporrak bi zumaiarrentzat, baina beste zenbait turistak Lombokeko aireportuan jarraitzen dute noiz itzuliko zain. Indonesiako biztanleak, berriz, gehienak hegoaldera mugitu dira, eta behin-behineko kanpamentuetan daude. Agintariek uste dute 150.000 pertsona inguru izan daitezkeela etxea galdu dutenak.

Erreskate lan etengabeak

Erreskate taldeak etengabe ari dira lanean astelehenetik. Hondakinen artetik zenbait pertsona bizirik ateratzea lortu dute, baita zenbait gorpu ere. Agintariek uste dute harrapatuta geratutako jende gehiena meskita baten azpian daudela, hainbat oinetako aurkitu baitituzte atarian.]]>
<![CDATA[«Gazara itsasontziz iristea ez da delitua»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1869/013/001/2018-08-08/gazara_itsasontziz_iristea_ez_da_delitua.htm Wed, 08 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1869/013/001/2018-08-08/gazara_itsasontziz_iristea_ez_da_delitua.htm Al Awda, Freedom eta Falestine ontzietan. Lehen biak joan den astean iritsi ziren Gazako kostaldera, eta Israelgo poliziak bahitu zituen. Batzuk kartzelan daude. ]]>
Rumbo a Gaza sortzeko ideia nondik sortu zen?

Flotillen Nazioarteko Batzordeak indarkeriarik gabeko ekintza zuzenak egiten ditu Israelek eragindako Palestinaren okupazioa eta Gazako blokeoa salatzeko. Giza eskubideen aurkako krimen horiek salatzen dituzte zenbait herrialdek, baina ezer gutxi egiten dute Israel behartzeko hori guztia deseraikitzera. Guk, itsasontziak hartu, eta Gazarako bidea egitea erabaki genuen, Gazako biztanleen mugimendurako eskubidea aldarrikatzeko, bai eta nazioarteak Gazarekin harremanak izateko duen eskubidea aldarrikatzeko ere. Horrela nazioarteko agintariei eta edozein herritako biztanleei mezua bidali nahi diegu: Gazako eta Palestinako biztanleen giza eskubideak babestea denon betebeharra da.

Gazan indarkeriak gora egin du martxoaz geroztik, baina zuek aurrera jarraitu duzue proiektuarekin.

Israelgo Segurtasun indarrek bortizkeriaz hartu gintuzten. 2010ean Gazara blokeoa amaitzera joandako flotillan hamar pertsona hil ziren, baina Gazako biztanleek egunero duten egoerarekin alderatzen badugu, aktibistok jasandako tratu txarrak ez dira ezer. Nazioartean aspertuta daude Palestinaren gaiarekin; hedabideek jada ez dute informazio askorik ematen, baina guri ez zaigu axola hiltzea Palestinan gertatzen dena grabatuta geratzen bada. Munduak jakin behar du zer gertatzen ari den.

Zu Israelgoa zara, ordea. Gainontzeko kideak bezala tratatu zaituzte Israelgo indarrek?

Ni denbora gutxiz eduki ninduten preso. Ez zaie interesatzen israeldarrak epailearen aurrera eramatea. Gazara ontziz iristea ez da delitua, nahiz eta Israelek hori saldu nahi digun. Uretan bahitu gintuzten, eta gero Israelera eraman. Ondoren, Israelen leporatu ziguten modu ilegalean herrialdera sartu izana. Jakina, horrek ez du inolako zentzurik, eta epailearen aurrean ere argudio horrek ez du balio. Beraz, orri bat sinatu eta aske utzi ninduten.

Israelen badute zuen ekimenaren berri?

Orain, Israelen nago senitartekoekin. Pena da, baina esaten didate gure mezua ez dela iristen Israelera. Gustatuko litzaidake hemengoak ere konturatzea Gazan pertsonak bizi direla: haurrak, emakumeak, adinekoak... Palestina historikoa itzuli beharko liekete, edo gutxienez onartu beharko lukete giza eskubideak zapaltzen ari direla palestinarrei. Juduek asko sufritu dute, eta horregatik jakin beharko lukete ezin dela giza talde bat hil edo leku batetik bota. Niretzat, israeldar gisa, oso garrantzitsua da Palestinari etorkizun duin bat ematea, Israelgo biztanleen duintasuna horren baitan baitago. Beraiek ez dute horrela ikusten, ordea. Bai palestinarrek bai Nazio Batuen Erakundeak errefuxiatuen itzultzeko eskubidea aldarrikatzen dutenean uste dute Israelen existentzia dudan jartzen ari direla, eta hori da arazorik handiena. Guk lanean jarraituko dugu palestinarrei mezu hau bidaltzen: ez zaudete bakarrik, eta denon artean justizia egingo dugu.

Nola konpon daiteke Israelen eta Palestinaren arteko gatazka?

Palestinarren eskubideak errespetatzean dago giltza: itzultzeko eskubidea, mugitzekoa, lurrak itzultzea... Kolonizazioa amaitu behar da finean. Eskubideak errespetatuta, bi herriek hitz egin beharko lukete. ]]>
<![CDATA[Indonesiako Lombok uharteko lurrikarak kalte «masiboak» eragin ditu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/014/001/2018-08-07/indonesiako_lombok_uharteko_lurrikarak_kalte_masiboak_eragin_ditu.htm Tue, 07 Aug 2018 00:00:00 +0200 Itxaso Orbegozo Borda https://www.berria.eus/paperekoa/1891/014/001/2018-08-07/indonesiako_lombok_uharteko_lurrikarak_kalte_masiboak_eragin_ditu.htm
Hondamendia igande ilunabarrean gertatu zen; Euskal Herrian eguerdia zela. Lombok uhartearen iparraldean izan zuen epizentroa lurrikarak, eta kalteak, uharte horretan ez ezik, inguruko irletan ere gertatu ziren, horien artean Balin. Izua berehala zabaldu zen Indonesian, tsunami arriskua zela eta, milaka pertsona hirietatik urrundu baitziren babesleku bila. Azkenean, ordea, ez zen tsunamirik izan. Indonesiako Metereologia Agentziak hamabost zentrimetroko olatuak erregistratu zituen kostaldeko hiru herritan, eta, horregatik, tsunami arriskua baztertu zuten.

Astebete lehenago, uztailaren 29an, beste lurrikara bat izan zen uhartean. Orduan, hamasei pertsona hil eta 350 zauritu ziren. Eraikin askotan izan zituzten kalteak, eta familia ugarik ihes egin behar izan dute etxetik. «Jendea kalera atera zen izuak jota, etxea gainera erortzeko beldur. Duela astebete, etxeek kalteak izan zituzten, eta kalteekin baina zutik jarraitzen zuten eraikinak erori egin dira bigarren lurrikararekin», nabarmendu du Nugrohok. Erreskate taldeek medikuak eraman dituzte kalterik handienak izan diren guneetara. Mataram uharteko hiririk handieneko ospitale nagusietan kalteak izan ziren, eta kalean artatu behar izan dituzte zaurituak. Datozen egunetan, armadak kanpalekuak eraikiko ditu etxetik alde egin dutenak babesteko.

Lombak turismo gune garrantzitsua da Indonesian, eta turistaz beteta egoten da urte sasoi honetan. Turistak beren herrialdeetara itzultzen hasi ziren atzo. Mataramgo aireportuan 24 orduz jarri dituzte hegaldiak, nahiz eta jende pilaketa handiak dauden oraindik. Baliko aireportuan kalteak izan zituzten, baina hegaldiak ez dira bertan behera gelditu.

Hondamendiak Pazifikoan

Munduan hondamendi natural gehien jasaten dituen herrialdeetako bat da Indonesia. Pazifikoko Suzko Eraztuna deitzen diote, plaka tektonikoek talka egiten duten lurraldea baita, eta ondorioz ohikoa baita sumendi eztandak eta lurrikarak gertatzea. 2004ko abenduan, lurrikara batek eragindako tsunamiak Asia hego-ekialdea astindu zuen, eta 230.000 pertsona hil zituen, horietatik 168.000 Indonesian.]]>