<![CDATA[Itziar Diez de Ultzurrun | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 29 Nov 2021 16:25:05 +0100 hourly 1 <![CDATA[Itziar Diez de Ultzurrun | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Hondarrean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/029/001/2019-06-30/hondarrean.htm Sun, 30 Jun 2019 00:00:00 +0200 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/029/001/2019-06-30/hondarrean.htm
Batzuetan iruditzen zait edozein eginbideren ugerraren bila etengabe ibili behar hori ez ote dugun baliatzen zerbaitetan saiatzen ari direnei erdeinuz begiratzeko gure nagusitasun moralaren talaiatik. Ez oso aspaldi, adiskide batek pozik eman zigun bere azken erabakiaren berri. Kontatu zigun hipermerkatuetara joateari utziko ziola, eta auzoko saltokietan erosten hasiko, denda txikien eta bertoko produktuen alde egin nahi zuelako. Gure beste lagun batek, arras erradikala bera, erantzun zion hura hipermerkatuetara ez joatea ez zela hainbesteko meritua ere, azken batean ez ote zuen, bada, behin aipatu holako gune handiak zorabiagarriak egiten zitzaizkiola? Harritu eta sumindu egin nintzen, erantzun horrek adiskidearen hautua mespretxatzen zuelako eta hitz haietan kukuturik esaldi hau zegoelako: hi ez haiz onbidean barrena joateko bezain ona.

Batzuetan iruditzen zait gisa horretako jarreretan gotortzen garela guk geuk deusi ez heltzeko, bertan goxo egoteko eta, bidenabar, gure orbangabetasunari atxikitzeko, geure buruak mundu honetako borroka ñabar eta lurtarretan ez lohitzeko, mundu honetan bizitze hutsak mundu honetakoak eginen ez bagintu bezala. Joan den larunbatean, afalondoan lagunartean ginela, afaltiarretako batek bota zuen etxean Oxfameko kafea erosten dutela beti. Bidezko merkataritzaz eztabaidatzeko parada eman zezakeen esaldi horrek, arlo horretan sustatzen den gardentasunaz eta erantzukidetasunaz, bidezko prezioak ordaindu beharraz, erosle garen aldetik dugun indarraz, merkataritza molde alternatiboen argiez eta ilunez. Esaldi hori bidea izan zitekeen solastatzeko Setem-ekoen Arropa Garbia kanpainaz edo SKFK arropa markak moda etikoaren alde egin duen urratsaz. Eztabaida kritikoa eta mamitsua zabal zezakeen esaldi horrek, baina aipatu lagun erradikalak Oxfameko kooperante putazaleez baizik ez zigun hitz egiten utzi, eta, gainera, aukerarik eman gabe prostituzioaz sakon-zabal mintzatzeko. Haren argudio eta isiltasunek iradokitzen zuten Oxfameko produktuak erosteak kooperante jakin horiek jardunbidea txalotzea zekarrela. Haren hitzek iradokitzen ziguten (guri, inozo alaenei) kafe marka bat zein bestea erosteak ez duela mundua aldatuko.

Batzuetan iruditzen zait nire beste lagun batek arrazoi osoa duela gure lagun erradikalaren jarrerari dogmatismo petral festa-zapuztailea deitzen dionean. Badakit norbanakoaren hautu txikien gorazarre eternala tranpa bat dela. Badakit gezurra dela etxean plastikozko poltsak erabiltzeari uzteak ez duela berez konponduko ingurumenaren krisia, baina gero eta segurtasun handiagoz uste dut erabaki txiki garrantzi gabeak aldarrikapen handien osagarri funtsezkoak direla eta, jakina, orobat behar ditugula erabaki politiko eta ekonomiko ausartak, guztion ongiaren aldeko hautu txiki horiek erraztuko dizkigutenak. Hala ere, batzuetan iruditzen zait ezen, hondarrean, geure baitako iraultzaile erradikal txikiari erosoagoa zaiola ororen gaineko begirada zinikoa.]]>
<![CDATA[Hamaika mozorro]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/025/001/2019-06-16/hamaika_mozorro.htm Sun, 16 Jun 2019 00:00:00 +0200 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/025/001/2019-06-16/hamaika_mozorro.htm
Lau gizon emakume bat indarkeriaz bahitzen, biluzten eta bortxatzen. Emakumea, negar-garrasika. Halakoa bide da Interneten gehien ikusitako bideo pornografikoa. Sareko pornografia gehienean gizonen nagusitasuna eta emakumeen sumisioa irudikatzen da. Aurpegira hazia isurtzea bide da mutilek neskei gero eta gehiago eskatzen dieten joko sexuala. Jauntzaren eta jabetzaren irudia. Biologia, badakizu.

Veronicak bere buruaz beste egin du 200 bat lankideri oso dibertigarria iruditu zaielako haren bideo intimo batzuk zabaltzea, haren bizkar (eta haren aurrean) barre egitea, hura umiliatzea, emakumearen sexualitatea beti baita susmagarri. «Horra gizakion berezko gaiztakeriaren beste adibide bat», esan dio Amaiari Ernestok, gaiaz jardun dutenean. Veronicaren bideo sexual horiek hainbat egunez egon dira Interneten gehien bilatu direnen artean. Gure espeziearen gaiztakeria, badakizu.

Noak jateari eta edateari utzi dio bere burua hiltzeko, oso luze zeramalako zenbait sexu erasoren ondoko traumaz (eta salaketaren ondoriozko minez) ezin osatuz. «Gajoa, a zer zorte txarra, hiru bortxaketa jasan beharra ere», esan dio Mirenek Amaiari albistea jakin dutenean, eta erantsi du: «Nerabeen suizidio tasa ikaragarri altua omen da, hormonek ba omen dute zerikusia». Zorte txarra eta hormonak, badakizu.

Amaiak txiripaz jakin berri du Nerudak bere memorietan odol hotzean kontatu zuela Sri Lankan kontsul zebilenean bere gorotzen eltzea garbitzeaz arduratzen zen emakumea bortxatu zuela. Delituaren aitortza horrek ez du urte luzez inongo asaldurarik eragin. Amaia oso nerudazalea da, harri eta zur dago. Anderrekin mintzatu da gaiaz eta, badakizu? Luze egon dira hizketan, baina ez soilik (ez bereziki) biologiaz, gure espeziaren gaiztakeriaz, zorte txarraz eta hormonez, baizik eta (bereziki) patriarkatuaz, misoginiaz, matxismoaz, klasismoaz, arrazakeriaz... Eta heziketa afektibo-sexualaz eta Skolaez.

Ondorioztatu dute pornografiak ez dituela bortxatzaileak sortzen; aitzitik, bortxaketaren kulturak sortzen duela nerabeek (ere) hainbeste ikusten duten pornografia matxista. Eta, hitz eta pitz horretan, are txiolandiako feministen arteko azken eztabaidaz ere jardun dute, biak konturatu baitira nola goititu duen matxismo misoginoak bere aginte-makila ebazteko nor den auzi horretan feminista ona, eta nor, berriz, gaiztoa. Ondorioztatu dute denok garela patriarkatuaren kumeak, baina, zorionez, gero eta jende gehiago ari dela beren burmuinetan leiho berriak zabaltzen, eta beren ohiturak eta hautuak desnaturalizatzeko tresnetan trebatzen. Biek garbi dutela erabaki dute: seme-alaba txikiei feminismoa oparitu nahi diete.

Hizketan ari direla ohartu dira orain dela 30 urte biak egon zirela Nafarroako legezko lehen abortua egin ondoren auzipetu ziren ginekologoen aldeko elkarretaratzeetan. Ohartu dira patriarkatuak badituela hamaika mozorro. Eta Ander jabetu da kontu askotan feminismotik uste baino hurbilago egon dela aspalditik, eta alaba zaharrarekin mintzatzeko gogo ikaragarria etorri zaio.]]>
<![CDATA[Normaltasuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/030/001/2019-06-02/normaltasuna.htm Sun, 02 Jun 2019 00:00:00 +0200 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/030/001/2019-06-02/normaltasuna.htm
Euskaldun elebakar horiei eta euskaldun desorekatuei sarri sentiarazten zaie erdaraz ez jakitea (edo behar bezala ez jakitea) arazoa dela, lotsaizun, adibidez topo egiten dutenean profesional elebidunek bete beharko lituzketen lanpostuetan diharduten erdaldun elebakarrekin; Osakidetzan edo Osasunbidean esaterako. Zenbaitetan, ni lekuko, profesional erdaldun horiek bekozko iluna paratzen diete. Zenbaitetan, beren harridura sumindua eta/edo mespretxuzkoa erakusten digute ume euskaldun horien gurasoei, ardurabako hutsak garela senti dezagun. Eta gurasook gure amorrua erakutsi edo gordetzen dugu halakoetan, baina, arruntean, itzultzaile lanak egiten ditugu. Guk konpontzen dugu profesional horien ezina eta hori hartzen da normaltzat.

Euskaldun elebakar txiki horiek ez ditugu, nik uste, behar bezala zaintzen. Haien hizkuntza eskubideen alde indar berezia egin beharko genuke, helduok garelako adingabekoen eskubideen jagole eta betearazle. Justiziakoa delako. Egoki zaintzen eta ahalduntzen ez ditugunez, haien hizkuntza ahalmen normal horiek apaldu egiten dira adinean goiti egin ahala; inguruak apalarazten die bai erdalguneetan, bai arnasguneetan, zorigaitzez. Elebidundu ahala, eta/edo beren elebitasuna orekatu ahala, herdoildu egiten zaie dohaina. Nagusitu ahala jabetzen dira zilegi dela euskara nolanahi lardaskatzea, baina zuzendu beharreko akats larria dela «la pijama» esatea edo «bolber» idaztea. Gaztelania batu estandarraren lilura D ereduetan arnasten dute askotan, gaur inoiz ez bezala, egungo hezkuntza metodologia batzuetan irakasleak behatzaile baitira gehienbat eta, gainera, umeak gero eta gutxiago behartzen baitira euskaraz aritzera (eta ni ezin ulertu nabil nola euskaldunduko diren eremu eta familia erdaldunetako haurrak ikastoletan hizkuntzaz blaitzen ez badira...). Hala, ume euskaldunak babesgabe uzten ditugu, bizirauteko eta onik ateratzeko ahalik eta azkarren erdaran murgildu beste aukerarik ez dutela. Gero izutu egiten gara kontatzen digutenean Nafarroako Unibertsitateko Irakasleen Gradua euskaraz ikasten ari diren ikasleek ez dutela beren artean euskaraz egiten. Baina, bestetik, nola ez larritu jakinik haiek izanen direla D ereduetako etorkizuneko irakasleak...

Ume euskaldun horiek babestu eta ahalduntzeko, urrats asko ditugu emateko, baina ezinbestekoa da, hasteko, ahalik eta gehien orokortzea euskaldunen (edo/eta euskaldun hartzaileen) kopurua. Normala izatea euskara ulertzea bederen. Pellokeria dirudi eta, halere, hauteskundeen ondoko egun hauetan on da oroitzea Nafarroan horren kontrako erabaki tamalgarriak hartu izan ditugula iraganean, zeren izenean eta euskaldunen eskubideen izenean. Aipagarrienak, nire ustez, hauexek: A eredua prestigiatzen batere saiatu ez izana (eta are erdeinatu izana) eta 1995ean D eredua Nafarroa osora zabaltzeko aukera zapuztu izana.

Maiak esan du iruindarrok jende normala nahi dugula alkatetzan (agintean). Normaltasuna zer den oso da aldakor eta subjektiboa, eta nago ezen A eredua indar handiagoz bultzatu izan bagenu, normalduagoa legokeela D eredurako urratsa egin nahi ez duten askok Aren alde egitea. Nago eredu euskaldunak orain ez bezalako harrera beroa jaso izanen zuela orain 25 urte Erriberan, normalagotzat joko litzatekeela euskara orain gure hegoalde horretan, eta guztiz anomaliatzat joko Osasunbidearen lan-deialdietan alemana baloratzea eremu horretan eta euskara, aldiz, ez.]]>
<![CDATA[Humanitateen kinkaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/001/2019-05-19/humanitateen_kinkaz.htm Sun, 19 May 2019 00:00:00 +0200 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/001/2019-05-19/humanitateen_kinkaz.htm
Orokortzea beti da arriskutsua, baina arriskatuko naiz: esanen nuke garai batean, oro har, letrak batez ere neskendako jotzen zirela egokitzat eta gaur egun, berriz, gelako ikasle buruargienak ez diren horiendako... eta neskendako (buruargi izan ala ez). Gauzak konplexuagoak dira, noski, baina orain dela berrogeita hamar urte historia edo filologia egitea debekatu zieten gizonak ezagutzen ditut (ingeniari izatera behartu zituztenak, adibidez), eta orain dela bi urte guraso batek bere atsekabea erakutsi zidan semeak soziologia ikasi nahi zuelako (alaba letretako gradu bat egiten ari zen unibertsitatean ordurako eta neskaren hautuak ez zion inongo nahigaberik eragin, edo ez zuen behintzat kezka hori jendaurrean azaldu).

Azken egunotan asaldatu egin gara, arrazoi osoz asaldatu ere, Bolsonarok iragarri duelako unibertsitate publikoetan murrizketak egin asmo dituela, batez ere filosofia eta soziologia ikasketetan, zergadunei onura eztabaidaezina ekartzen dieten ikasketak indartzeko, hala nola medikuntza edo ingeniaritza. Hainbat ikerlarik manifestu bat sinatuz erantzun diote. Hezkuntza arloko inbertsioa eta berehalako etekina bereizi beharraz ohartarazten diote, gure gizarteek prestakuntza intelektual zabal eta orokorreko herritarrak behar dituztela gogoratzen. Halaber oroitarazten diote gizarte demokratikoetan ezin dela politikarien erabakia izan zein diren irakasgai egokiak eta ezagutza ezin dela ebaluatu kontuan hartuz zenbateraino egokitzen zaion ideologia nagusiari.

Tamala da oraindik ere gauza horiek oroitarazten ibili beharra, baina holakoxe munduan bizi gara... Brasildik datorkigun berri hori arras kezkagarria den arren, nire irudikoz larriagoa da susmatzea jende askok uste duela letrak «galtzaileen» aukera direla. Iritzi hori ez da sarri ahoan bilorik gabe botatzen, baina bada giro bat ustekizun hori indartzen duena. Eta giro hori zait niri kezkagarrien.

Udaberriarekin batera, haurrendako udarako proposamen ugari heltzen zaizkigu gurasoei. Aurten, ingelesa hobetzeko eta orotariko kiroletan aritzeko aukerez gain, robotikako lantegi batzuen, kimikako hiri kanpamentu baten eta zenbait kanpamentu teknologikoren proposamenak etorri zaizkigu. Aukera zoragarriak iruditzen zaizkit, nola ez, baina eskertuko nuke pentsamendu kritikoa eta hausnarketa gaitasunak modu ludikoan lantzeko proposamenak ere helduko balitzaizkigu.

Aspaldion, neskak zientzien arloetara eta ingeniaritzetara erakartzeko kanpainak ere gauzatzen dituzte instituzioek, eta egoki deritzot eta zuzen. Baina eskertuko nituzke, orobat, mutilak humanitateetara bideratzeko kanpainak. Eta batik bat eskertuko nuke curriculumetan nahasiagoak egonen balira bateko eta besteko irakasgaiak, eta moduak aurkituko balira segurtatzeko ikasleen sen kritiko eta filosofikoa indartzen duten irakasgaiak ere txertatzen direla ingeniaritzan eta medikuntzan. Bolsonaroren erabakiaren aurkako manifestuan dioten gisan, gizarte eta giza zientziak ez dira luxua; munduari buruzko pentsamendu kritikoa eta gure gizarteen funtzionamenduari buruzko ezagutza sakona ezin dira izan aberatsenen pribilegioa. «Irabazi asmorik gabeko» jakintzei zor zaien aitortza eta lekua emanez gero, denok irabazle.]]>
<![CDATA[Aditzen ahalegindu behar]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/001/2019-05-05/aditzen_ahalegindu_behar.htm Sun, 05 May 2019 00:00:00 +0200 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/001/2019-05-05/aditzen_ahalegindu_behar.htm
Voxzaleek badituzte pozarren egoteko bi arrazoi, gutxienez: Espainiako Gorteetara sartu dira eta lortu dute gainerako alderdi espainiarrek beren diskurtsoak eskuinalderago eramatea. Zentralismo, katolizismo eta harrokeria nazional handiagoko erresuma bat dute amets eta birkonkistaren hasieran daudela diote, gerraren lehen garaipena lortu dutela. Ez esan ez dela beldurra emateko modukoa eraikitzen ari diren iruditeria belikoa. Batzuen ustez, ordea, irrigarria baino ez da eta, beste askoren aburuz, erdeinagarria baino ez: zaborra. Zaborra eta kito. Edo faxista ezjakinak eta kito. Halere, agerikoa da zaborra direla esateak ez dituela aurkaratu nahi diren argudioak besterik gabe desagerraraziko. Eta agerikoa ere bada faxista ilustratu eta kulturadun asko egon dela eta dagoela hemen eta munduan.

Batzuek diote eskuin mutur hori hain indartsu suspertu izana independentista katalanen errua dela. Eta kito. Beste batzuek, argudio hori sasikoa dela erakutsi gogoz, behin eta berriz gogorarazten dute mugimendu independentistarik ez duten munduko beste bazter batzuetan ere egin duela gora ultraeskuinak eta, beraz, ez dagoela bi gertakarien arteko loturarik. Eta kito. Ez dakit, bada, niri behintzat loturaren bat badagoela iruditzen zait. Eskuin muturraren gorakada honen atzean errealitate global amankomun batzuk daudela ezin uka, baina tokian tokiko beste faktore batzuk ere badaudela iruditzen zait. Nolanahi ere, argi samar dago espainiar anitzengan halako nahi bat berpiztu dela beren abertzaletasuna eguneroko adierazpide hutsalez haratagoko moduez erakusteko, hein batean min hartu dutelako beren harrokeria nazionalean (Espainiaren zatiezintasunaren doktrinan oinarritua eta arruntean aski izaten duena adierazpide banal eta ia ikusezin batzuekin).

Halere, uste hori nire susmoa baino ez da, ez da azterketa sakon baten emaitza, eta nago horrelakoak direla orain beharko genituzkeenak. Pikara Magazinen Arlie Russell Hochschild soziologo estatubatuarrari eginiko elkarrizketa dago irakurgai. Bost urte eman ditu eskuineko herrikideen ikuskerak aztertzen haien emozio eta motibazioak ulertzearren. Hark dio haien bizipenetan murgildu dela beste «egia emozional» bat ulertu nahi izan duelako. Datu zientifikoekin erkatu ditu gero ikerketaren emaitzak. Argudio faxisten sustraiak ulertzea da gisa horretako azterlanen helburua, sakoneko errelatoetan (gure uste politiko sendoen oinarri emozionaletan) arreta jarriz, tartean diren faktore guztiei begiratuz eta sinplekeriak hauspotu gabe. Faxismoari bide askotatik egin dakioke aurre.

Voxen kasuan, nire ustez, aztergaia hau ere bada: faxismoarekin pareka daiteke eskuin muturreko nazionalismo espainiar katoliko, zentralista, epikazale eta neoliberal hori? Zeren horretan ez baitatoz aditu guztiak bat eta, gainera, Voxekoak trebeak izaten ari dira besteen irainak beren alde kudeatzen. Voxekoak faxista petoak edo ultraeskuindar hutsak izan, poztekoa da, hasieran nioenez, Hego Euskal Herrian izan dituzten emaitza txarrak, baina ez gaitezen inozoak izan: ez dezagun ahantz birkonkistaz mintzo zaizkigun gurutzatu horiek 45.700 bat boto lortu zituztela estatu osoan orain dela hiru urte eskas eta orain, aldiz, 2 milioi eta erdi baino gehiago. Agian irainak eta erdeinuak ez dira aski izanen haien hazkundea eta gizartean zilegiztatzen hasi diren argudioen zabalkundea geldiarazteko. Horregatik iruditzen zait ez litzatekeela batere desegokia izanen diskurtso horiek sortzen diguten amorrua bideratzeko moduez hausnartzea eta merezi duela Russell Hochschildek urraturiko bidetik joatea eta eskuin muturra arazo politikoak konpontzeko aukera itxaropentsua dela uste duten horien ikuspegietan dauden sustrai emozionalak ere aditzen ahalegintzea.]]>
<![CDATA[Pausaldian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/023/001/2019-04-21/pausaldian.htm Sun, 21 Apr 2019 00:00:00 +0200 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/023/001/2019-04-21/pausaldian.htm
Handik gutxira, Laster, laster! liburuaren azalaren argazkia bidali zigun adiskide batek, istorio horretako ama-alabak gure antzera ibiltzen direlako goizero: alaba lasai eta patxadaz; ama, aldiz, lasterka eta presaka. Liburua arrapaladan ibiltzearen arriskuez mintzo zaigu eta, arrisku horien larriaz ohartarazteko, ipuinaren bukaera aldean ama ezbehar bat izateko zorian dago kalea itsumustuan zeharkatzeagatik. Liburua eskuratu, eta gustura eta barrez irakurri genuen, aurki etorriko zen horren bihozkadarik txikiena ere izan gabe. Hurrengo egunetan, nik dena lasterka eta alabak dena soseguz egiten segitu genuen, harik eta astelehen goiz batez, eskaileretan behera gindoazela, estropezu egin nik eta, krak!, orpoa hautsi.

Elbarritze iragankor tupustekoa ez da gogotsu hartzen den egoera, arazotsu bihurtzen direlako eguneroko premia txiki funtsezkoei loturiko zeregin asko. Erraz samar ikasi dut muletekin eta txingoka ibiltzen, baina nekezago egin zait hainbat astez buruaski izanen ez naizela onartzea, ez baita samurra nor bere kasa ezin moldatzea, ezgauza izatea alabaz arduratu edo ama zaintzeko, bazkaria prestatu, etxea garbitu edo erosketak egiteko: hain dugu kaskoetan errotua buruaskitasunaren dogma. Jakin arren gezur galanta dela, ziria sartu digutela horretan ere, hartzeak eta emateak egiten gaituela gizaki.

Egunotan, bada, tribuaren abaroa funtsezkoa izaten ari zait egoerari onena ateratzeko. Tribukideak arduratzen ari dira egunero behar ditudan ogiez eta arrosez. Hala, gorputz-buru-bihotzetako premiak asebeterik, lasaialdi goxo samar batean murgiltzen hasi naiz eta ohe ondoko irakurgaien meta luzeari heldu diot. Literaturaren aterpera bildu naiz nerabezaroaren garaitik inoiz ez bezala. Bi egunez Burundin ibili naiz Gaël Fayeren eskutik, udazkenean euskaraz irakurri ahalko dugun eleberrian barrena. Iñigo Aranbarriren munduko tokirik ederrenean izan naiz, iradoki eta esan gabekoen erresuman galdurik. Idazleen gorputzez eta literaturaren joko zelaiez gogoetan aritu naiz Eider Rodriguezek jositako bideetatik. Eta Uxue Alberdik kontrako eztarrira jaurti dizkigun bizipenek eragindako urdail korapiloa askatzen aritu naiz.

Literatura begietatik xurgatzea bezainbeste gustatzen zaidanez literatura belarrietatik barneratzea, Xerezaderen Artxiboaren kaira itzuli naiz eta edertasun asaldagarriko ipuinen uhinetan pulunpatu naiz. NoViolet Bulawayo ezagutu dut Mikel Elorzak bikain itzuli eta Ana Moralesek bikain kontaturiko kontakizunari esker. Garazi Arrula itzultzaile fina izateaz gain idazle trebea ere badela jakin dut Xerezaderen uhinetan igerian, eta Gu orduko hauek metan lehena dago orain.

Alabak Huntzaren Lasai, lasai kanta abestu zidan istripua gertatu berritan: «Batera aspertuko gera, lasai, lasai». Haurrak batzuetan argitsuak dira helduok ez bezalako modu batean. Hala da, lasai aspertzen ari naiz pausaldi derrigortu honetan, nire ogiez eta arrosez arduratzen den tribu lagunkoi baten babesa dudalako eta, aldi berean, osasun sistema publiko eraginkor batek emaniko arta profesionala jasotzen ari naizelako, bizitzan bi abaroak zaizkigu-eta lasaigarri, biak beharrezko. Hauteskunde egunean ahantzi beharko ez genukeen xehetasuna.]]>
<![CDATA[Oroimena eta galderak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/001/2019-04-07/oroimena_eta_galderak.htm Sun, 07 Apr 2019 00:00:00 +0200 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/001/2019-04-07/oroimena_eta_galderak.htm
Leiho eta bide horietara daramatzagun ikuskerak ere ez datoz beti bat, horren argigarri López Obrador Mexikoko lehendakariak Espainiako erregeari barkamena eskatzeko egin dion deiak ekarri duen eztabaida. Zalaparta horretan, ohi legez, inportanteena ez da izaten ari iragana bera, baizik eta zer esanahi eman nahi diogun iragan horri. Esanguraz beteriko gure kontakizunetan gauza anitz esaten dugu, adibidez, lehenaldi horretako zein taldetako oinordeak sentitzen garen. Garbi dago López Obradorrek konkistak azpiratu zituenen ondorengotzat duela bere burua, eta argi dago, orobat, Espainiako Gobernuak uste duela konkista sustatu zuen erresumaren gaurko ordezkaria dela eta, horrenbestez, ezin duela onartu konkistatzaile haien itzala zikin dezaten. Horregatik esan du ezin direla orain 500 urte gertaturikoak egungo ikuspegietatik epaitu. Eta horra nire lehen galderak: zergatik ez? Zer da oroimen historikoa hori ez bada? Ez al da erakustea nola harilkatu diren boteredunen errelatoak azpiratuen bizipenak hutsaltzeko?

PPko Adolfo Suárez Illanak uste du ezen, oro har, Espainia ikaragarri harro egon daitekeela Amerikan izaniko jokabideaz. Eta hona bigarren saileko galderak: Espainiaz harro egoteko iragan osoa zuritu beharra dago? Baita elite gutxi batzuen mesedetan eginiko basakeriak ere? Zergatik da hain zaila epika nazional berriak eraikitzea okerrak onartuz, barkamena eskatuz eta iraganeko argi printzak berreskuratuz?

Pérez-Reverte idazleak Mexikoko lehendakariari Twitterren esan dio berak eska dezala barkamena, abizen espainiarrak dituelako. Gaineratu dituen irainak irain, txioaren mamia interesgarria iruditu zait eta galdera hauek eragin dizkit: Mexikoko azken berrehun urteotako agintariek ez al dute erantzukizunik? Ez liekete haiek ere barkamena eskatu behar hango talde indigenei, hango gehiengo azpiratuari? Zer diote horri buruz Chiapasko zapatistek?

Arantza Ametzaga idazleak gurera ekarri du gaia, gogora ekarriz Nafarroan erail eta bide bazterretan hobiratu zituztenen gaineko isiltasun frankista eta nola gaineratu zitzaion krimenari irabazleen erdeinua. Bestelako galderak etorri zaizkit Ametzagaren testua irakurri ahala: errudunak al dira errudunen seme-alabak? Zeren errudun? Irabazleen mozkinez profitatzeaz? Lapurturiko ondasunak itzuli ez izanaz? Gurasoen krimenak zuritzeaz? Eta, bestetik: ba al da egun gure oroimenetan tokirik errepublikazaleek euskal espetxeetan erail zituztenendako? Isiltasuna al dagokie orain urte luzez haiek izan zirelako omendu bakarrak?

Bigarren mundu gerraren ondotik etorri dira oroimenaren politikak, holokaustoa ahazterik ez zegoela erabaki zelako. Faxista bentzutuen izugarrikeriei buruzko filmekin hazi gaituzte, baina: noiz jakin dugu aliatuek 150 bat zibil hil zituztela Miarritzen 1944ko martxoaren 27ko bonbardaketan?

Gai honetan ere galdera anitz eta erantzun gutxi nik. Uste dut, halere, zorionekoak garela egun hainbat hari txirikorda ditzakegulako iragana polikromiaz ehuntzeko, nik ez baitut errelato bakarra nahi, kontakizun bakar batean ez delako gure iragana sartzen. Memoriak mundua zuri-beltzean ikustetik salba gaitzake eta balio dezake egia, aitortza eta erreparaziorako, iraganeko injustizien oraingo ondorioei antzematen ikasteko, menderakuntzen arteko loturak aurkitzeko eta gure kontakizunak besteen errelatoekin osatzera ausartzeko, betiere ez bada estakurua gaurko bestelako bidegabekeriei ez ikusi egiteko. Asmatuko ote dugu?]]>
<![CDATA[Saiatzeko garaia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/001/2019-03-24/saiatzeko_garaia.htm Sun, 24 Mar 2019 00:00:00 +0100 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/001/2019-03-24/saiatzeko_garaia.htm
Ikus-entzunezkoen eremuko gure gabeziak zein esparrutakoak diren jakiteko, Axularrengana jo beharrean hizkuntzalari batzuek hizkuntz gutxituak biziberritzeko aintzat hartzen dituzten aldagaiak erabiliko bagenitu (gaitasuna, aukera eta desira), segur aski ondorioa litzateke gaur egun desiran gabiltzala urrien. Azken asteotan borondate falta hori salatu dute askok. Xabier Alkiza Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kideak esan du erabaki politikoa dela EITBn bikoizketarik ez egotea (euskarazkoaz ari da, noski). Itziar Ituño aktoreak gogorarazi digu EITB1 helburu batekin sortu zela eta ez duela bete. Erantsi du zaila dela beste hizkuntzekin alor horretan lehiatzea, baina saiatu ere ez egitea lotsagarria dela.

Egoera tamala da, eta nekagarria eta aspergarria ere bai. Ni, bederen, nekatuta eta aspertuta nago. Gainera, neke eta asperdura hirukoitzak dira nireak. Lehenik, EITBko arduradunen axolagabekeriak eragiten didan unadura dago. Bigarrenik, euskarazko ekoizpenetako euskararen artifizialkeria ez sinesgarriez beti kexaka dabiltzanek akitzen naute. Hirugarrenik, bikoizketaren eta azpitituluen arteko eztabaida alfer eta etxekalteaz nago aspertua.

Anjel Lertxundik berriki oroitarazi digu Barojak Mitxelenari euskarak borrokarako iskilu eskasak zituela esan ziola behin. Barojak hura bota zuenetik euskararen arma eskas horiek zorroztu eta zorroztu ibili gara eta gure Pío hobitik bisitan etorriko balitzaigu ahoa bete hortz ikusiko luke zeinen etekin oparoa atera diegun hainbat esparrutan iskilu urri horiei. Ez da, beraz, ulertzekoa ez zorrozten saiatzea ikus-entzunezkoen iskiluak. Ez da ulertzekoa garai batean 1.000 ordu baino gehiago bikoiztea haurrendako produktuetan eta gaur egun 100 besterik ez. Noiz galdu dute arduradun politikoek umeen iruditeria eta irudimena euskarazko marrazki bizidun gustagarriez hornitzeko desira? Noiz galdu dute erdal kateekin lehiatzeko desira?

Euskarara bikoizturiko eta euskaraz ekoitzitako produktuen bigarren langa hartzaile batzuen estukerian dago. Fikzioko euskara ez omen da naturala. Afera ez bide da euskaldunek ez dugula euskarazko fikzioa naturalizatzeko adina ordu eman filmak eta telesailak euskaraz ikusten. Afera da Sandra Bullockek ez dituela euskaraz gure herriko doinu eta hizkera jator naturalak erabiltzen. Gaztelaniaz, aldiz, bai; gaztelaniaz ari denean gure auzoan jaioa dirudi. Aurreiritzi horretaz ere asper-asper egina nago, oro har bikainak iruditzen zaizkidalako ikus-entzunezkoetan diharduten itzultzaileak eta bikainak, halaber, bikoiztaileak.

Eta azpitituluen eta bikoizketaren arteko debate eternalaz den bezainbatean, ez dut oraindik ongi ulertu zer dela eta aukeratu beharra dagoen bata ala bestea. Jatorrizko bertsioen zale amorratua izanik ere, begi-bistakoa zait gure egoera diglosikoan ezinbestekoa zaigula fikzioa euskaraz entzutea. Bikoizketa aldeztu beharko genuke, hizkuntz normalizazioaren mesedetan ez bada ere. Gainera, jende askok ez ditu azpitituluak maite: nire inguruko haur euskaldunek, besteak beste. Irudiaz gozatzen galarazten dielako eta irakurri beharra deseroso zaielako. Eta haiendako Asterix euskaraz mintzatzea delako naturalena. Bi-biak behar ditugu, baina orain bikoiztaileek gu behar gaituzte ondoan, haien ahotsak ezinbestekoak ditugulako gure iskiluak zorrozten segitzeko eta erdarazko fikzioekin lehiatzen saiatzeko. Saiatzeko garaia baita jadaneko, geroko gerotan geratu gabe.]]>
<![CDATA[Iruzurgilearen sindromea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/021/001/2019-03-10/iruzurgilearen_sindromea.htm Sun, 10 Mar 2019 00:00:00 +0100 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/021/001/2019-03-10/iruzurgilearen_sindromea.htm
Anitz urtez ez nion iruzurgile sentitze horri aparteko garrantzirik eman. Garai bateko hezibidearekin lotzen nuen, haur ginela hagitz errotua baitzegoen umeak bitan banatzea: bizkorrak eta tuntunak. Bizkorrek ikasteko eta bizitzan arrakasta izateko balio zuten; tuntunek ez. Tuntunek, saiatuta ere, nekez lortuko zuten emaitza on-onik; balekoa gehienez. Talentuak berezkoa behar zuen. Ahalegintzeko eskatzen ziguten, baina, aldi berean, ahalegina bera susmagarria zen, talenturik ezaren froga, lotsaizuna. Laguntza eskatzea eta galdetzea libre zen, baina, aldi berean, gerta zitekeen lagunduko zizun irakasleak berak zu barregarri uztea gelakideen aitzinean halako galdera baboa egiteagatik.

Orain dela hilabete batzuk gizon batek kontatu zidan txikitan marrazki txukun bat egiten zuen aldiro begira gelditzen zitzaiola ezin sinetsirik berak egina zela. Bere abileziaren emaitzatzat hartu beharrean, uste zuen txiripaz edo zori hutsez moldatua zela ongi eta, hortaz, huts eginen zuela hurrengo saioan. Hark hori aitortu eta aste gutxira, jakin nuen sentipen horrek baduela izena: iruzurgilearen sindromea, eta Pauline R. Clance eta Suzanne A. Imes psikologoek 1978an deskribatu zutela lehen aldiz, lanbidean arrakasta ukaezina zuten andre batzuek sentitzen zutena azaltzeko: haien lorpenak garbiak izan arren, haien adimenaren, formakuntzaren eta ahaleginaren emaitza izan arren, beraiek ez zuten uste egiaz hain argiak eta hain trebeak zirenik. Orduz geroztik makina bat ikerketa egin dira gaiari buruz, eta badirudi jendearen %70 sentitu garela noiz edo noiz iruzurti. Ez da, beraz, emakumeei soilik eragiten digun sindromea.

Nolanahi ere, ikerlari batzuen aburuz, gogorrago erasaten die emakumeei eta talde arrazializatuetako kideei. Uste da arrazoietako bat izan daitekeela lanbide jakin batzuetan emakume eta talde horietako kide gutxi egotea: eredu falta; baita bereizkeria ere, agerikoa zein sotila. Dena Simons Bronxen jaiotako afro-amerikarrak kontatzen du nola, ikasketa-beka baten bidez etxetik kanpo ikasten hasi zelarik, bazegoen irakasle bat maiz zuzentzen ziona ahoskera jendaurrean, ikaskide batzuen trufak gorabehera. Simonsek dio iruzurti sentiarazten zutela horrela, boteredunak esaten ziolako bere mintzatzeko manera ez zela zilegi, eta horrek eragin nabarmena izan duela bere lan ibilbidean. Gure erdaretako hotsak modu kanonikoan ahoskatzen ez dituzten euskaldunen bizkar oraindik ere jendaurrean trufatzeko dagoen ohitura horri buruz zer pentsatua ematen du horrek, ezta?

Gai interesgarri guztiek bezala, honek ere baditu hamaika ertz, baina adituen ustez, hitzetara ekartzea da sentipen galgarri horri aurre egiteko lehen urratsa. Ez da samurra, ordea, hala sentitzen garela aitortzea gure gizarte kapazitista honetan, non ahul eta zaurgarri agertzea ezgauza izatearekin lotzen den. Hala ere, hitz egitea bezalakorik ez dagoenez, gaur den egunean, ez Dena Simons, ezta hasieran aipatu dudan lankide buruargi hori ere, ez dira iruzurgile sentitzen. Neu ere ikasten ari naiz iruzurti sentipen noizbehinkako hori uxatzen eta lotsarik gabe laguntza eskatzen, ahuleziak onartzen, ezinak aitortzen, arrakastaz gozatzen eta lorpenez harrotzen. Osorik agertzen. Arindu ederra benetan.]]>
<![CDATA[Mahai gainera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/025/001/2019-02-24/mahai_gainera.htm Sun, 24 Feb 2019 00:00:00 +0100 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/025/001/2019-02-24/mahai_gainera.htm
Margaret Douglasek idatzirik utzi ez bazuen ere, berak bazekien, ederki eta ezinbestean jakin ere, Smithek ez zuela jakiei buruzko gorabehera guztiez hitz egiten egungo kapitalismoaren oinarri diren kontakizun horietan, bere semeak ez zuelako aipatzen, adibidez, bi eskuk (ikusteko moduko hezur-haragizko bi eskuk) prestatzen zizkiotela mahai gainean aurkitu ohi zituen janari haiek. Margaretek, ordea, bazekien, besteak beste, bereak zirelako eta egunero erabiltzen zituelako harategian erositako okela gisatu bihurtzeko, semea zaintzeko eta haren ongizateaz arduratzeko, Adamek Nazioen Aberastasuna idazten zuen bitartean. Nolanahi ere, Smith ez zen gai izan esku hurbil eta lanpetu horiek ikusteko eta zaintzak ahantzi zituen bere teoria ekonomikoa eraikitzean, zaintzak eta merkatutik at dauden hartu-eman guztiak.

Karl Polanyik XX. mendean ondorioztatu zuen sistema kapitalista anomalia historiko bat zela eta kapitalismorik gabeko gizarteetan, merkatua egonik ere, indar handiko arauak zirela elkarrekikotasunean oinarrituriko harremanak, elkartasunak bideraturiko birbanaketak eta auzolanaren gisako betebeharrak. Hartu-eman horiek funtsezkoak jotzen zituen bizitzarako, baita gizarte kapitalistetan ere.

Amaia Pérez Orozco XXI. mendean ohartarazten ari zaigu bizitzaren iraunkortasuna jarri behar dela erdigunean eta, horretarako, ikuspegiak aldatu behar ditugula. Ulertu behar dugula ekonomia diruaz haratago doala, merkatutik at ere badela ekonomia. Gezurra dela ongizatea lortzeko modu bakarra kontsumitzea dela eta denok ongi bizitzeko oinarrizko baldintzak ziurtatuko dituzten gizarteak eraiki behar ditugula. Norbanako buru askia mito bat dela, elkarren mendeko garela. Zaintzaileak behar izan genituela haurtzaroan. Nork zainduko behar izaten dugula eritzen garenean eta nork zainduko beharko dugula zahartzaroan. Ekonomia sozial eta solidarioak bultzatzen dituen balioak ere bat datoz Pérez Orozcok lantzen duen ekonomia feminista horretako gogoeta eta proposamen anitzekin: justizia soziala, jasangarritasuna, demokrazia, elkartasuna, elkarlana, gizartea eraldatzeko nahia... Eta errentagarritasun ekonomikoaren gainetik bizitza jartzearen beharraz hausnarketa joriak egin dira ekofeminismoaren esparrutik ere.

Ez ikusiarena egiten zaien heinean garrantzia kentzen zaie, eta prestigioa ukatzen zaintza-lanei, eta ogibide direnean errazago prekarizatzen dira. Ikusezinarena egiten zaien heinean gutxiesten segitzen dugu bizitzari eusteko balio duten lanak eta zaintzarekin lotutako eginkizunak.

Heldu den Martxoaren 8ko greba feministak, besteak beste, zaintzak erdigunean jartzeko garaia dela aldarrikatu nahi du, eta argitara ekarri behar direla, fokupean jarri. Eta niri, zientzia ekonomikoaz askorik ez dakidan arren, bizitzaz dakidantxoak erakusten dit zuhurragoak eta egiazkoagoak direla Polanyiren, Pérez Orozcoren eta ekonomialari feministen hausnarketak Smithen egia herren haiek baino; eta, gainera, niretako onuragarriagoak direla bai norbanako naizen aldetik, bai erkidego bateko partaide naizenetik. Horregatik guztiagatik, eta kapitalismoaren logikatik at dauden hartu-emanak erdian jarri gabe ez dagoelako utopia berririk ontzerik, aurten greba eginen dut berriro Martxoaren 8an, jakien prestalanez arduratzen diren eskuak ere mahai gainera ekar ditzagun behingoz.]]>
<![CDATA[Medikuak: korapiloak eta greba]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/023/001/2019-02-10/medikuak_korapiloak_eta_greba.htm Sun, 10 Feb 2019 00:00:00 +0100 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/023/001/2019-02-10/medikuak_korapiloak_eta_greba.htm
Batetik, ohartzen nintzen gazte zenbait Europako ekialdean zebiltzala Medikuntza ikasten, ez zutelako aukerarik izan etxetik hurbilagoko unibertsitateetan ikasten hasteko. Bestetik, maiz entzuten nuen ez zegoela behar beste sendagilerik gure artean, gure osasun sistemei oso nekeza zitzaiela lanpostu hutsak betetzea eta, horregatik, batzuetan ia ezinezkoa izaten zela opor eta gisakoetarako ordezkoak aurkitzea; egunkarietan ere irakurri ditugu halakoak. Azkenik, atzerriko mediku gero eta gehiago ikusten nituen gure osasun etxe eta ospitaleetan.

Datu horiek uztartu eta deduzitzen nuen Espainiako Erresumara beste estatu batzuetako eredua ekarria zela, erran nahi baita, estatua hasia zela ahalik eta diru gutxien inbertitzen medikugaiak prestatzen, jakinki aise (eta merke) erakartzen ahal zituela beste herrialde batzuetan, beste estatu eta gizarte batzuen ahaleginari esker, ikasketa horiek buruturiko profesionalak. Ondorioztatzen nuen, beraz, unibertsitateetan ikaspostu gutxi zegoela, garai bateko labealdi oparoetatik irten ziren profesional ugari horiek guztiak lanean eta/edo jubilatzekotan zirela eta, hortaz, gertu zegoela hondamendia.

Bazegoen ordea, beste datu bat aurreko puzzlera behar bezala doitu ezin nuena: gero eta sendagile gehiago ari ziren gaitasun agiria eskatzen atzerrian ere jarduteko. Areago, gero eta mediku gehiago ari ziren atzerrira lanera joaten. Hortaz, egia ote zen mediku gutxi zegoela zioen lelo hori eta hortxe zegoela gure osasun sistema publikoetan profesionalak kontratatzeko zegoen zailtasunaren muina?

Datuak berrantolatu nahian, handik eta hemendik galdetzen eta irakurtzen hasi nintzen, baita gogoratzen ere eztabaidan sarri agertzen ez zen beste datu funtsezko bat: ezagutzen ditudan mediku batzuek, XX. mendeko 80ko hamarkadako labealdi oparo horietan sendagile bihurtu zirenek, urtetan nozitu dituzten kontratazio ziztrinak. Hots, medikuak soberan zeudela aprobetxaturik, eskaintzaren eta eskaeraren legearen arabera kudeatzen hasi zirela kontratazioak arlo publikoan, ordukako kontratu miserableak eskaintzeraino.

Eta horri buruzko artikulua idatzi asmo nuela Nafarroako medikuen sindikatuak deituriko greba etorri da, hain zuzen ere, lan baldintza eskas horiek salatzeko, besteak beste. Baina grebalariek ez dute egia osoa aitortzen: ez dute esaten aldi baterako eta behin-behineko kontratudunekin besoz beso egon direla lanean soldata aski duinak jaso dituzten langile finkoak. Ez dute aitortzen langile finkoetako batzuek soldatak gizenagotu dizkieten aparteko orduak parrastaka egin izan dituztela, LABek greba dela-eta argitaraturiko oharrean dioen legez: «[...] egoera korapilatsua da; izan ere, urte askoan, sendagile batzuek (finkoek) soldata ederrak pilatu izan dituzte —produktibitate-osagarrien bidez—, baina, bien bitartean, maila bereko lankide askok lanaldi partzialak edo zaintzak besterik ezin izan dute egin, kontratu kaxkarren bidez». Grebalariek ez dute aitortzen sendagile batzuk beren kontsulta pribatuetarako bezeriaren arrantzan ibili direla beren jardun publikoa baliatuz eta osasun sistema publikoaren ajeetatik etekin polita lortuz.

Gai korapilatsua, zinez. Sindikatu medikoak, LABen oharrari eman dion erantzunean, gaitzetsi du 2010ean soldaten jaitsiera etorri zenean A mailako langile publikoei gehiago jaitsi izana D eta E mailakoen murrizketa samurtzearren. Klase arteko elkartasunik ez. Hizkuntza ezberdineko hiztunenganakoa ere ez: euskara eskakizunaren kontra ere ari dira greban, zeren defentsan eta sendagilearen eta pazientearen arteko harremanaren defentsan. Korapilo anitz mataza bakarrean...]]>
<![CDATA[Hizkuntzalaritza eta boterea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/001/2019-01-27/hizkuntzalaritza_eta_boterea.htm Sun, 27 Jan 2019 00:00:00 +0100 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/001/2019-01-27/hizkuntzalaritza_eta_boterea.htm
Haren esanetan, bada, Eurogutunak kontzeptu hori darabil estatuetako hizkuntza ofizialen aldeko hizkuntza politikak bidezkotzeko, eta ontzat emateko ez direla zertan aztertu oraingo egoera linguistikoak ekarri dituzten kausa eta prozesuak, ezta auzitan jarri ere hizkuntza batzuen inposizioa.

Moreno entzuten ari nintzela (zehatz-mehatz Espainian gaztelania derrigorrez ikasi beharraren aurka zegoela entzun nionean), pentsatu nuen sinesgaitza dela halakoak botatzen dituen linguista batek katedra lortu izana Madrilen. Eta, ondoren, gogamena alderrai joan zitzaidan tarte luze samar batez eta burura etorri zitzaidan hizkuntzalaritzaren eta inperialismoaren arteko harreman doilorra, nola ondu ziren hizkuntzei buruzko hausnarketak Europan diskurtso kolonialari eusteko, inperioek hizkuntzalaritzaren ekarpena behar zutelako kolonialismo linguistikoa oinarritzeko, hizkuntzak hierarkia baten arabera antolatzeko, hizkuntza batzuk (hiztun batzuk) boteretik baztertzeko.

Pentsakizunen zirimola horretan nenbilela, oroitu nintzen aspaldi irakurri nuela ikerlari frantziar batek, orain ehun bat urte Afrikan ziharduenak, behin idatzi zuela aztergai zuen gizataldearen hizkuntza hain zela urria eta ezgauza, non hiztunek ezin baitzuten egun argirik gabe hitz egin, gauaren ilunean ez zirelako aurpegi eta gorputzen keinuak ikusten eta funtsezko lagungarri horiek gabe ezinezkoa zitzaielako hizkuntza landugabe eta eskas hartan elkar ulertzea. Idatzi eta argitaratu. Halakorik inori otutzea ere egun barregarria iruditzen zaigun arren, kontuan hartu behar da garaian garaiko argudioak baliatzen dituela botereak, garaian garaiko zientziaren ikuspegitik onargarriak diruditenak, eta horregatik dela ezinbestekoa Moreno Cabreraren lana, oraingo arrazoibide itxuraz logikoen erro aizunak azaleratzen saiatzen delako.

Hizkuntza guztiak konplexutasunean kideko direla frogatzea izan da, anitzen ustez, hizkuntzalaritza modernoaren ekarpenik esanguratsuenetako bat eta, halere, gizartean sustraiturik diraute eleei buruzko uste ustel anitzek, hein batean egungo hizkuntzalari ugarik hizkuntza hegemonikoen berezko ontasunen aldeko argudiogintzan segitzen dutelako, are hizkuntza akademien abaroan, Espainian bezala. Horregatik iruditzen zait hain bakana Moreno Cabrera Madrilen, rara avis egiazko bat. La dignidad de las lenguas argitaratu zuen 2000. urtean eta orduan izan nuen lehen aldiz beste filologo baten berri: Javier Horno Gracia. Plazara atera zen urte hartan esateko UPNren agintepeko hizkuntza politiko herrena gehiegizkoa zela, batua asmakeria gaitzesgarria eta euskara kulturatik guztiz at egondako hizkuntza larrekoa. Horren guztiaren atzeko zioei buruz fitsik ere ez.

Hogei urteren buruan, Moreno Cabrerak hizkuntza gutxiagotuen aldeko oinarri teorikoak lantzen segitzen du, jakintza intersekzionalen funtsak sendotuz boteredunen ideologiak borrokatzeko, eta Horno Gracia, aldiz, Voxeko buruzagia da Nafarroan eta egin berri dioten elkarrizketa batean irmo mintzatu da euskararen aldeko politiken desmasiez eta gure estandarraren aje konponezinez. Voxen jomugan ez daude soilik feministak, etorkinak eta independentistak. Euskaldunak ere gaituzte etsai. Hizkuntzak kolonialismoaren lanabes izan daitezkeelako, eta askapenerako giltza ere bai.]]>
<![CDATA[Elkartasunaren mugak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/017/001/2019-01-13/elkartasunaren_mugak.htm Sun, 13 Jan 2019 00:00:00 +0100 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/017/001/2019-01-13/elkartasunaren_mugak.htm
Egungo aukeraren maukeran, ordea, gurasook beti dugu eskuragarri haurrendako beren-beregi eginiko produktu-sorta zabala, bai telebistan, bai zinema-aretoetan, eta oso eskertzekoa den arren, helduok ahalegin handiagoa egin behar izaten dugu haurrak bestelakoetara bideratu nahi izanez gero. Antzera gertatzen da bestelako ikuskizunekin eta aisialdirako orotariko aukerekin ere. Gainera, betebeharra eta erantzukizuna xede bakar eta gorenak zituen gizartearen gainbehera hein batean osasungarriaren ondotik etorri zaigun gizarte hedonista eta plazerez gose honetan, ez da samurra gozamen begi-bistako eta berehalakoa ekarriko ez dien kontuetara eramatea umeak.

Etxean, eta lagunartean, helduen eta haurren planak tartekatzen saiatzen gara, umeei entzunez geure ahotsak isildu gabe. Hori dugu bederen planak antolatzeko darabilgun esparru teorikoa eta, beraz, alabari oso gustuko ez dituen gauzak egitea ere tokatzen zaio. Behin, harekin gaiaz mintzatzen ari nintzela, galdetu nion ea uste ote zuen askotan behartzen nuela plan ez gustagarriak egitera, eta baietz erantzun zidan, maiz gertatzen zela, baina ez zitzaiola hainbeste axola ere, zeren gero ongi pasatzen baitzuen, gehienetan. Zorionez, bizitzaren sen ludikoa oso berezkoa dute haurrek, baina horrexegatik da manifestazioetara joatea alabak makurren eramaten dituen planetako bat.

Gorroto ditu aspergarriak zaizkiolako. Gorroto die inoiz hotza pasatu duelako, eta bero eramanezina beste inoiz. Iaz, astegun buruzuri batean kale-agerraldi batean ginela, bere asperduraz eta nekeaz ari zitzaidan batean, manifestazioak ez zirela ongi pasatzeko azaldu nion, ez zutela hori helburu, zerbaiten alde edo kontra geundela taldean erakustea baino, besteekin bat egitea zerbait eskatzeko edo salatzeko, gauzak aldatzen saiatzeko. Harrigarria bada ere, niri hala iruditu zitzaidan orduan, berehala eman zuen ontzat arrazoibide hori, konforme gelditu zen.

Egia da, manifestazioak ez dira umeendako plan dibertigarriak, baina aitzakia ona dira umeen neurrira taxuturiko fikzio eta errealitate eztietatik haratagoko munduetan barneratzeko gure haurrak, gure iraganaz eta bizitzaren ertz gordinez mintzatzeko haiekin.

Bai, alaba eta biok Baionan izan ginen atzo, astean zehar etxean presoen gaiaz behin baino gehiagotan hitz egin eta gero. Presoez, ETAren hilketez, diktaduraz, giza eskubideez, denbora-pasako ez diren jarduerez... Bai, atzo Baionan izan ginen ez soilik atxilo daudenen giza eskubideak aldezteko, baizik eta alabarekin oroimen historikoari buruzko ariketa politiko bat egiteko ere. Baionan izan ginen alabari oroitzapen bat uzteko oinordetzan, nagusitzean gogora dezan orotariko jendea bildu ginela ilbeltzeko larunbat hotz batean mendeku-garaiak buka daitezela eskatzeko eta elkartasunaren mugak zeharkatzeko aroa dela aldarrikatzeko.]]>
<![CDATA[Katalina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/023/001/2018-12-16/katalina.htm Sun, 16 Dec 2018 00:00:00 +0100 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/023/001/2018-12-16/katalina.htm
Afera da, ordea, gezur galanta dela kaleen izendapenak hutsalkeriak direla esatea, paisaia testu bihurtzen delako haien bidez, eta haien esanahiek ia oharkabean zipriztintzen gaituztelako gure eguneroko bizitzan. Horrexegatik sortzen da sarritan kalapita jendartean izendapenak aldatzeko ekimenak datozenean. Gure karriken izenak gure iraganaz mintzo zaizkigu, oroitu nahi duguna erakusten digute, baita ahantzi nahi duguna ere; asko esaten dute gure sinesmenez eta gure ametsez, gureez edo gizartean hedatuen daudenez, edo, gehienetan, boterea daukatenek zabalarazi nahi dituzten horiez.

Karriken izenak, behinola, azalpen huts izanen ziren agian, jendeari non zegoen edo bidea norantz zeraman erakusteko gakoak, baina kaleak esanahi politikoz hornitzeko joera ez da berria: Iruñeko San Anton kalean bizi naiz, baina gure etxea eraiki zenean, 1884an, Ziraukiko martiriak deitzen zen, Udalak kaleari izen hura paratzea erabakia zuelako Dorregarai jeneral karlistak Ziraukin hil zituen 36 errepublikazale liberalen omenez. Ondotik, izena lehengoratzea erabaki zen, eta Iruñeko karriketan ohoratzen diren beste berrogeitaka santu eta santa katolikoren lagunartera itzuli zen Anton.

Interesgarriak begitandu zaizkit izena aldatzearen alde, baina aukeraturiko izendapenaren kontra agertu direnen argudioak, batez ere Aranzadi Udal Taldearenak. Nik ere uste dut gure kaleen izendapen berriei buruz ezer esan aurretik funtsezkoa dela lehenik jakitea zer dioten egungo kale izenek gutaz. Udal talde horren aburuz (eta nireaz) oraindik ere gehiegi dira erregeei, militarrei, elizjendeari eta, oro har, boteredunen eta pribilegiatuen mailetako ordezkariei eskainitako kaleak. Horretan erabat ados egonik ere, nire uste apala da ezen, Joan Labritekoaren kalea dugun artean, kalea zor zaiola Katalina Foixekoari, bera baitzen erregina, eta Joan kontsorte huts.

Aranzadik, bestetik, izen aldaketa egungo balio unibertsalak goresteko baliatzeko eskatu du, eta karrikari Bakearen edo Berdintasunaren etorbidea deitzeko proposatu. Aitortu beharra dut ez zaizkidala kontzeptu handi horiek bere hola sobera gustatzen, mamiz hornitu ezean kanpotik ederrak bezain direlako barrendik hutsak. Gisa horretako izenak baino, nahiago nuke gure ondare immaterialaren parte diren leku-izen zaharrak lehenestea edo abagunea baliatzea ahanzturaren putzu sakonetik ateratzeko beste garaietako emakume ezezagun bezain eredugarrietako batzuk, gaur egun geure buruak haietan ispilatu genitzan, izan Iruñeko, izan kanpoko. Graziana Barrenetxekoa, Juana Josefa Goñi, Bittori Etxeberria eta beste hamaika jarriko nituzke itxaron zerrendan hurrengo izendapenen txanda heltzen denerako.

Dena den, zalaparta bezainbat jakin-min sortu dela dirudi: asteazkenean Aitor Pescador historialariak Katalinari buruz hitzaldia eman zuen eta jende franko hitzaldia ezin aditu gelditu ginen, lepo bete zelako aretoa, eta Diario de Noticias egunotan egiten ari den inkestan 15.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte (aldaketaren eta izen berriaren alde gehienak). Gaia hutsalkeria ez den seinale.

Laburbilduz, aukera hobe guztiak gorabehera, ez zait hautu txarra iruditzen erregina hori aukeratu izana, nahiz eta, behin horretaraz gero, etorbiderako Katalina Foixekoa baino Katalina Nafarroakoa nahiago dudan, eta ez soilik ñabardura politiko batengatik, baizik eta Foix ahoskatzeko jada azaleratu diren ezintasunak saihesteko. Horrenbestez, ongi etorri, Katalina.]]>
<![CDATA[Euskaraldia: jabetze aldia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/001/2018-12-02/euskaraldia_jabetze_aldia.htm Sun, 02 Dec 2018 00:00:00 +0100 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/001/2018-12-02/euskaraldia_jabetze_aldia.htm
Nire orain arteko euskaraldia lau multzo handitan sailka nezake, halere. Lehen egunetan besteei begira eta besteei adi ibili nintzen. Egun horietan jabetu nintzen Nafarroako Hamaikako kideetako bat txaparik gabe zebilela egun batean kalean... Txaparik gabe, eta zertan eta gaztelania ederrean beste euskaldun batekin! Are gehiago, egun horietan jabetu egin nintzen nik ezaguturiko elebidun askok ez zeramatela txaparik agerian, umeei gaztelaniaz egiten zietela (betiko legez) eta nirekin baizik ez zirela euskaraz mintzatzen (betiko legez). Nire inguruan arrunta baita (antza denez, Euskal Herriko beste txoko batzuetan ez bezala) guraso elebidunek gaztelaniaz egitea seme-alabei, batez ere taliban linguistikorik ikusmiran ez dabilenean. Egun horietan, ustekabe pozgarria noiz hartuko ibili nintzen, inolaz ere euskalduntzat joko ez nukeen ezezagun hori niri euskaraz noiz mintzatuko zain. Ez zitzaidan, tamalez, halakorik gertatu.

Egun etsigarri horien ondotik, bigarren multzoko egunak iritsi ziren, zeinetan adi eta erne ibili nintzaien nik euskaraz egiten nien arrotzen erantzunei. Egun horietan jabetu nintzen uste baino maizago egiten ahal diegula euskaraz belarria prest dutenei; hortaz, azkenean ere, ustekabe atseginak etorri ziren: euskaraz egin ahal izan nuen sekula pentsatuko ez nukeen lankide nire ustez belarrimotx batekin, eta bi hizkuntzetan buruturiko esaldi-truke laburrak izan nituen zenbait tabernatan. Ageriko konplizitatez zipriztinduriko uneak izan ziren, beste toki batzuetan jaso nituen erantzun zakarrek, eta batzuetan are mespretxuzkoek, lohitu ez zizkidatenak. Egun horietan, berriro ere jabetu nintzen euskara hizkuntza markatua dela Iruñean, batzuengana hurbiltzeko bidezidorra izan daitekeela eta orobat balio dezakeela beste batzuk nigandik urrunarazteko. Irakaspen berririk ez jabetze horretan.

Azken bizpahiru egun hauek, aldiz, hirugarren multzokoak izan dira, nire baitari egon naizelako adi eta erne. Egunotan, bada, jabetu naiz nahi baino errotuagoa dudala arrotzekin lehen hitza gaztelaniaz esatea. Behin baino gehiagotan harrapatu dut neure burua ezezagunei gaztelaniaz egiten, paparrean harro daramadan txapa gorabehera. Hau lotsa! Ezker-eskuin begiratu dut horrelakoetan, euskaldun ezagunik ikusmiran ote zegoen jakiteko. Aldi berean, jabetu naiz arras ohitura aspergarriak ditudala eta gehienetan betiko tokietan ibiltzen naizela, betiko jendearekin solastatzen naizela eta horrek babes moduko bat eman didala Euskaraldian: eguneko bizpahiru ezezagunei aurre egin beharrak ez baitu alimaleko ahaleginik eskatzen; izan ere, aitortu beharra dut: ahobiziaren rola aukeratu izana ez zait gertatu aurreikusi bezain samurra...

Orain, zorionez, laugarren multzoko egunak etorri dira, eta Euskaraldiari berari jarri naiz adi eta erne: adi eta erne, eta esker onez. Esker onez nire konfort gune linguistikoetatik atera nauelako. Esker onez jabearazi didalako euskararen patu beltza aldarazteko gai izan gaitezkeela, nork beretik eginez eta elkar hartuta ekinez. Beraz, mila esker antolatzaile jardun duzuen guztioi!]]>
<![CDATA[Gizonen arazoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/025/001/2018-11-18/gizonen_arazoa.htm Sun, 18 Nov 2018 00:00:00 +0100 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/025/001/2018-11-18/gizonen_arazoa.htm
Kontua samurtu dezakegu, hitzak zaindu eta mezua ñabartu entzuleak limurtzeko edo baten batzuk sobera haserretu ez daitezen saiatzeko, baina badakigu egia hori erabat eta zabal onartu arte ezin izanen zaiela gaitzaren erroei heldu.

Horren jakitun garen heinean alferrikakoak iruditzen zaizkigu emakumearen kontrako erasoren bat gertatu eta gero oraindik entzun ohi ditugun azalpen mota batzuk, zeinek baitiote, esate baterako, erasotzaile jakin horren arazo psikologikoren baten edo berezkoa duen indarkeriarako bulkada ezin eutsizko baten ondorio tamalgarria izan dela.

La Fontainek, garai zaharragoetako beste jakintsu batek, fabuletako batean honelako galdera erretorikoa botatzen zuen: «othe da nihon herririk ema yotzaille gaberik?», agerian jarriz jada gaitz hura soziala zela eta ez soilik norberarena. Hedabideetan eta gizartean, hala ere, oraintsu arte ez zaio ertz soziokulturalari behar bezala begiratu eta, horrenbestez, ez ikusiarena egin zaio auziaren korapilo nagusiari: gizonak mundua menderatu eta kontrolatzeko hezi direla berriki arte; gizonei irakatsi egin zaiela indarkeria baliabide zilegizkoa dela beren botereari eusteko eta amorrua erakusteko. Eta, beraz, zilegizko bitarteko bat dela uste dutenez, ez dute zigorrik espero.

Zer egin dezakegu orduan? Aunitz gauza, segur aski, baina izan bada bat berebiziko premia duena, ezin gibeleratuzkoa baita: gizonek bere gain hartu beharra dute indarkeria mota horren ardura, baina ez errudun miserable sentitzeko, baizik eta lantzen has daitezen gizon izateko eredu berrietarako oinarriak. Horretarako, lehenik, gaiaz hitz egiten hasi beharko lukete, luze eta zabal, beren artean eta gurekin, bakarka eta taldeka; izan ere, harritzekoa da zer gutxi hitz egiten duten gizonek indarkeria matxistaz, kontuan izanik beraiek direla bortizkeria horren eragile eta erantzule.

Bestetik, hemengo eta oraingo gurasoon erronka nagusia da bestelako ereduak irakastea neskei eta mutilei, eta batez ere mutilei; etxetik beretik hasiz, nola ez, baina baita berdintasuna eraikitzen lagundu nahi duten ekimen instituzional zein sozialei gure atxikimendua eta babesa erakutsiz ere. Ozen esanez, adibidez, Sskolaeren aurkako erasoak gure seme-alabak berdintasunean hezteko dugun eskubidearen kontrako erasoak direla, eta gurasooi eskubide hori defendatzea dagokigula, genero berdintasuna giza-eskubide bat delako, eta garapen iraunkorrerako 2030 Agendako helburuetako bat.

Horregatik, hezkuntza erakundeei irmo eskatu behar diegu bermeak jar ditzatela Porno Eskola bezalako hezkuntza proiektuak garatu ahal izateko; defenditu behar gaituztela heziketa-egitasmo feministen kontra dauden guraso elkarteen aurrean. Proiektu horien bidez denok dugu-eta zer irabazia, zeren, irudi duen arren gizonen nagusigoa oinarri duen sistema sexista honek arrei onurak baizik ez dizkiela ekartzen, aise ikusten baitugu, sakonago begiratuz gero, denak zauritzen gaituela: Despentes jakintsuak esanen lukeen bezala, sistema horrek zimeldu egiten du ez ar eta ez eme ez den gure baitako King Kong ahaltsua.]]>
<![CDATA[Brauliak dioenez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/023/001/2018-11-04/brauliak_dioenez.htm Sun, 04 Nov 2018 00:00:00 +0100 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/023/001/2018-11-04/brauliak_dioenez.htm Black is beltza filmaren aurkezpen-saioaren ondotik hasi zutela eztabaida, baina berak aspaldi zerabilela buruan gai hura mahaigaineratzea. Dio inoiz edo behin saiatua zela afera azaleratzen, baina ez zuela sekula abagunerik topatu eta bere arrangura erdi pausatzen erdi usteltzen utzi zuela urte luzez. Filma ikusi eta gero, ordea, indar handiz etorri omen zitzaiola gogora New Yorken bizitako bazterkeria hura eta aspaldi handiko gertakaria izan arren bihotzean amorruaren pilpirak sumatu zituela oroitzerakoan nola zokoratu zituzten eta kalera irten utzi ez, nahiz eta bera eta Toko-toko izan Amerikako erregina-erregeak.

Brauliak dioenez, Golem zinemetatik etxera bidean hasi zen dena, Toko-tokori aipatu zioenean bazela garaia planto egiteko, kokoteraino zegoela Iruñeko karriketan barrena beltzak beti azkenak joan behar horrekin (Euskal Herriko hiri buruzagiko seme-alabak ez zaretenok beharbada ez duzue jakinen, baina Iruñeko zortzi erraldoiek oso arautua dute beren karrika-dantza: errege-erregina europarrak doaz lehenik, asiarrak ondotik, afrikarrak hirugarren eta, azkenik, amerikarrak, erran nahi baita, beltzak). Dioenez, filma ikusi eta gero argi ulertu zuen ez zela kasualitatea erraldoi beltzei konpartsan egokitua zitzaien lekua eta, beraz, egia baldin bazen Iruñeko zortzi erraldoiak kontinenteen eta kulturen batasunaren ikur zirela, bada, kontinenteen eta kulturen arteko harremanak irudikatzeko molde eraberrituak aldarrikatu beharra zegoela. Toko-tokok baiezkoa egin omen zuen buruaz, Brauliarenak aski hitz zentzuzkoak iruditu zitzaizkion-eta. Gainera, pentsatu zuen erregeak kokotsa goitituz, zirraragarria izanen litzateke Iruñean barrena erraldoi guztien buru joatea.

Brauliak dio Toko-tokoren pentsakizuna igarri zuela eta di-da argitu ziola, gaizki-ulertuak saihestearren, ez zuela soilik auzitan jarri nahi arrazen hurrenkera garaiz kanpoko hori, baizik eta asmoa zuela, orobat eta halaber, erreginak erregeen aitzinean joan zitezela proposatzeko. Brauliak dio Toko-tokok begiak arranpalo ireki zituela, baina erregea mingainaren puntaren puntaraino etorria zitzaion erantzuna irensteko bezain zuhurra izan zela, eta baiezkoa egin zuela berriro buruaz. Ondotik, bi erraldoiek gainerako erregina eta erregeei gaia plazaratzeko modu aproposaz jardun ei zuten etxera iritsi bitartean.

Brauliak dioenez, gainerako sei erraldoiak oheratzear zeuden arren, Toko-toko ez zen gauza izan gaia biharamunerako uzteko eta etxeko atea ireki bezain laster braust bota zien dantzan ateratzeko hurrenkeran zenbait aldaketa egin beharra zegoela. Joshemiguelerico errege europarrak heriosuharrean bota omen zion ezen tradizioak agintzen zuela europarrak joatea lehenik, eta gizonak joatea buru, eta tradizioari traizioa egitea litzatekeela desfilatzeko ordena aldaraztea; hil ala bizi defendatuko zuela betiko moldea eta, azken batean, erraldoi hutsak zirela: zuriak lehenak eta beltzak azkenak joateak ez zuen inolako ikustekorik arrazakeriarekin. Joshepamunda erregina europarrak deblauki eten zion esateko bera ere kokoteraino zegoela eta aspalditik zuela gogoa Esther Arata erregina asiarraren bikotekide ateratzeko. Larancha-la erregin afrikarrak Toko-toko amerikarrarekin dantzatzeko irrikan zegoela aitortu zuen gero.

Brauliak dio luze mintzatu zirela, orduak eta orduak, eta, azkenean, Joshemiguelericok berak ere eman zuela amore. Brauliak dioenez, Asiron alkateari gutuna igortzea erabaki dute, erraldoien karrika-dantzetan aldaketak egin daitezen eskatzeko. Gutunean esaten diote azaroaren 29an saiatu nahiko lituzketeela dantza modu berriak, San Saturnino egunean. Lasai egoteko ere esaten diote, jendeari aldaketa ttiki garrantzigabeak irudituko zaizkiela, inor ez dela asaldatuko. Azken finean, erraldoi hutsak direla.]]>
<![CDATA[Adinak eta erabakimenak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/001/2018-10-21/adinak_eta_erabakimenak.htm Sun, 21 Oct 2018 00:00:00 +0200 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/001/2018-10-21/adinak_eta_erabakimenak.htm
Zorionez, gero eta ozenago salatzen dira nagusitasun horren ajeak, batik bat ume eta gazteen ikusmoldeak balioztatu eta erdigunera eraman behar direla aldarrikatzeko, baina tamala da indar berberaz ez salatzea adinean beste muturrean daudenen gainetik jartzeko eta haiek ikusezin bihurtzeko joerak, zeren erdigunean helduak baino ez dituen iruditeria horrek adinekoak gutxiesteko eta baztertzeko darabiltzan moduak ezbidezkoak baitira, nahiz eta aunitzetan nekeza zaigun haietaz jabetzea, batzuk oso erroturik daudelako eta beste batzuk oso sotilak direlako.

Jende adintsuak ezgauza balira bezala tratatzen ditugu maiz, adinekoak izate hutsagatik. Adeitsu izan nahian, hitzak atzizki txikigarriz hornitzen ditugu haiekin solastatzean, samurkeriaz mintzatzen gatzaizkie, behar baino gehiago goratuz ahotsa edo alferreko doinu kantaria eta melenga erabiliz, ohartu gabe parean duguna parekotzat hartzen erakusten dela begirunea.

Baina ezgai direla adierazteko beste modu krudelagoa ikusi izan dut, ama kudeaketaren batera lagundu izan dudanean: ez ikusiarena egitea. Medikuek hari azaldu beharreko xehetasun guztiak niri begira-begira eman dizkigute behin baino gehiagotan, ama han ez balego bezala, haren osasunari buruzko erabakiak haren esku ez baleude bezala. Bankuko langileek nik kostata eta amak aise ulertzen zituen azalpen luzeak eman izan dizkidate amaren kontuez. Amorruaren mugan egon naiz halakoetan. Amak garrantzirik ez balu bezala jokatu izan du, aurpegian igartzen nion atsekabea gorabehera.

Familiartean ere badugu zer aldatua, adineko gurasoak ditugunok bridatu beharreko bi bulkada oso tentagarri izaten baititugu: haiei galdetu gabe erabaki nahi izatea eta haien erabakietan neurrigabe eragin nahi izatea, guk hobeki dakigulakoan zein diren haien premiak. Isuri horren adibide aski argigarri baten berri irakurri nuen lehengoan sareko hedabide batean. Claire Berman idazleak kontatzen zuen nola orain zenbait urte liburu bat idatzi zuen adineko gurasoak zaintzeak zekartzan erronkez eta nola elkarrizketatu zituen hango eta hemengo hamaika emakume eta gizon, gaiaren ertz guztiei erreparatu nahian: gurasoren batez arduratzen zirenak, geriatrak, gizarte-langileak, osasun eta zaintza zerbitzuetako administrari, sendagile, erizain, psikologo eta haren ustez gaiaz zeozer interesgarri esateko zuten guztiak. Guzti-guztiak, adineko gurasoak izan ezik. Kazetaria orain ohartu da horretaz. Orain, ama adintsua bihurtu denean bera...

Halarik ere, iruditzen zait adineko jendea gero eta ahaldunduagoa dagoela, eta gero eta eragile politiko indartsuagoa izanen direla bai haiei doazkien borroketan pentsio duinen aldekoan, kasurako, bai denoi doazkigunetan. Adinekoak gero eta gehiago dira eta gero eta sasoikoago daude. Borroka latzetan zaildutakoak dira eta plazan segitu nahi dute. Azken asteetan pentsio duinak eskatzeko elkarretaratzeetan ikusi ditugu beste behin. Ziur nago adineko asko egonen zirela Donostian atzo presoen eskubideen alde kalean eta seguru dakit gaur adineko aunitz ibiliko dela Altsasun, haiek sortu ikastolen festan. Iruditeria soziokultural berriak behar ditugu adinei begiratzeko ere, adinak adin, denok garelako gizaki oso, eskubide osoz. Eta denoi dagokigu erabakimena arlo guztietan eta, batez ere, guztionak diren arloetan.]]>
<![CDATA[Laikotasuna gurean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/028/001/2018-10-07/laikotasuna_gurean.htm Sun, 07 Oct 2018 00:00:00 +0200 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/028/001/2018-10-07/laikotasuna_gurean.htm
Susmoa nuen ez zela erraz ezabatuko gure tradizio aunitzetako substratu katolikoa, baina aztarna horiek ondare kulturalaren partetzat jo eta, hein batean, onargarriak begitantzen zitzaizkidan, epe motzean bederen. Ordea, erlijioa eskoletatik kanpo egon beharra zegoela uste nuenez, ikastolako azken urteetan ez nintzen abesten aritu Mikel Aingeruari ongietorria egiteko, baina Nafarroako Unibertsitatean ez nintzen ausartu teologia irakasgaia ikasteari uko egiten, kontzientzia eragozpena baino sendoago izaki ondorioei nien beldurra.

Urteen joanean ikusi dut nire inguruko jende zentzudun guztiak ez duela nire bilakaera bera izan: batzuk agnostiko bihurtu dira, beste batzuek fede katolikoari eutsi diote eta orduko ateo zenbait aitaren etxera itzuli dira. Gainera, nire inguruko jende zentzudunaren artean egun badira beste erlijio batzuetako fededunak. Jainkogabeak ugaritu gara, eta inguruan ditugun fedeak ere bai. Horrek, nire ustekizunak oker zirela erakusteaz gain, are arazotsuagoak egin ditu orain arteko zenbait eztabaida, erlijioa eskoletan irakastearen gainekoa esaterako.

Aitortu behar dut egun ez dudala uste garai batean bezain irmo erlijioa ikastetxeetatik kanpo egon behar denik derrigor, baina garbi dut, Hedoi Etxartek egunkari honetan bertan orain dela hilabete esan legez, ezen doktrina katolikoa ikasteko aukera dagoen bitartean islama ere ikasteko aukera egon beharra dagoela. Ezin da laikotasuna bermatu ez eta, aldi berean, talde batzuk bazterrean utzi. Tamalez, laikotasunari buruzko eztabaida ez da oso oparoa gurean eta, horregatik, gure estatuetan ez du orain arte arazo berezirik sortu jai egun gehienak festa kristauak izateak edo gure kale izendegietan zeruko santuek eta santek batez ere santuek duten leku zabalak, baina kontu horiek ez dira segur aski arras bateragarriak kontzientzia askatasunak beharko lukeen esparru publiko neutralarekin. Nagusitasunak holakoxe abantailak ditu, hark ezarritakoak hain hartzen ditugu naturaltzat, non ez zaizkigun deigarriak egiten eta, horrenbestez, kosta egiten zaigu auzitan jartzea.

Islama gure eskoletan irakastearen kontra dauden batzuek gizon eta emakumeen berdintasunaren kontra doan erlijioa dela argudiatzen dute eta ezin hauspotu daitekeela gure gizartearen printzipioetako baten aurka doan sinesmenik. Tranpa egitea da hori, zeren ez baita eliza katolikoa sakon aztertu behar argudio horixe baliatzeko doktrina katolikoa eskoletan debekatzeko. Hierarkia eta oinarrizko komunitateak bereizi behar direla diote aunitzek, baina ezin ukatuzkoa da emakumea oraindik ere bigarren mailakoa dela eliza katolikoan eta andre maria guztiz garbiak, hierarkia katolikoan goren dagoen emakumeak, ez dirudiela oso eredu egokia emakumeen askapen eta ahalduntzerako. Kataluniako El Vendrell herriko udalak Ball de Diables talde bat debekatu du berriki ez dituztelako emakumeak dantzan onartzen. Gure laikotasun berdinzalea antzeko neurriak hartzen hasteko bezain heldua denean izanen dugu zilegi beste sinesmen batzuei berdintasunaren zigilua eskatzeko. Aunitz dira zentzuduna izateko erak.]]>
<![CDATA[Hitzak aske]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/001/2018-09-23/hitzak_aske.htm Sun, 23 Sep 2018 00:00:00 +0200 Itziar Diez de Ultzurrun https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/001/2018-09-23/hitzak_aske.htm
Ni oraingoz ez naiz nahi bezain eroso sentitzen bateko eta besteko hitzak neure gogara josten. Atzo idatzitako testu batean laket aditza erabili nuen laga aditza erabili ondotik eta kostata eutsi nion bata edo bestea aldatzeko tentazioari. Dena den, egiari zor, laket eta laga oso etxekoak ditut biak, eta segur aski ez nituzke saski bereizietan gordeko hola egin behar dudala ikasi izan ez banu.

Adiskide batek, estutasunetan laguntzeko beti gertu egon ohi diren horietakoa bera, gaiari buruz orain lau bat urte idatzi nuen pasarte bat gogorarazi dit. Bertan aitortzen nuen ausart samar ibilia nintzela itzulpen batean bizkaierazkotzat jotako hitzak ekialdekotzat jotako beste batzuen ondoan paratzen. Orduan, neure buruaren zurigarri, idatzi nuen Virginia Woolfek hitzei buruzko hitzaldi batean honelatsuko zerbait esan zuela: «Nola batu ditzakegu hitz zaharrak modu berrian bizirik iraun dezaten, edertasuna sor dezaten, egiazkoak izan daitezen?»; eta hau erantsi zuela: «Ingelesezko hitzak hitz frantziarrekin ezkontzen dira, eta alemaniarrekin, hala egiteko txirrinta dutenean». Baita honako hau ere: «Hitzak ez dira hiztegietan bizi, buruan baizik. Eta nola bizi dira hitzak buruan? Ba, modu askotan eta modu bitxian, jendea bizi den bezalatsu, harat eta honat joanez, maiteminduz eta elkar lotuz».

Eta, nioen nik orduan eta diot berriz gaur: hitz frantziarrak eta ingelesak beldur barik ezkontzen badira, zergatik ez ditugu ba ezkonduko bizkaierazko hitz batzuk kolkoan daramatzagun beste hitz nafarrekin? Gure etxean, eta nire buruan, hala zen txikitan, eta hala da orain.

Nire aburuz, beti izan beharko genituzke eskura gure literatur tradizioak eta hizkuntz ondareak. Hor ditugu Axular eta Lizardi, Duvoisin eta Oihenart, Altube eta Lauaxeta. Hor XVIII. mendeko idazleak eta XX.ekoak. Hor euskalkien saskiak, ekialdekoak, mendebaldekoak, erdialdekoak... Zakuak eta zakuak bete hitz. Hitzen ñabardurak ez dira soilik jatorriaren araberakoak, badituzte bestelako usain eta koloreak ere. Har ditzagun komeni zaizkigunak, nahas ditzagun saskiak pitin bat, jolas gaitezen apur bat. Senez, jakina, baina senak hain dira askotarikoak eta bitxiak, ezta? Bide horretan aitzina egin beharra dugulakoan nago, hitzak aukeratzeko eskubidea zabalduz. Horregatik, aspaldi erabaki nuen hitz ezagutu berriei ez niela galdetuko nongoak diren, nora joan nahi duten baizik. Batura etorri nahi dutela erantzuten didate beti.]]>