<![CDATA[Itziar Nogeras | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 06 Dec 2021 22:43:38 +0100 hourly 1 <![CDATA[Itziar Nogeras | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Euskaldunon telelana]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/002/2021-11-28/euskaldunon_telelana.htm Sun, 28 Nov 2021 00:00:00 +0100 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/002/2021-11-28/euskaldunon_telelana.htm «Hegazti errariak pausatu dira leihoan, argia eta itzala bereizten diren lekuan, argia eta itzala leihoan pausatu dira hegazti errariak...»

Joseba Sarrionandia

Geratzeko asmoz, telelana etxeko leihotik sartu zaigu. Argi-ilunak arakatu beharrean gaude euskaldunok.

Hizkuntzen atzean mundu bat dago, eta, era berean, mundu hori deskribatzeko hizkuntza dugu. Gizarte-antolaketan telelana izaten ari den eragina neurtzen zaila da, baita hizkuntzan eta bere teknologian izango diren ondorioak ere.

Euskaltzaindiak argitaratutako glosario honek telelanaren fenomenoak dituen ezaugarriak bistaratzen dizkigu: atzeko plano birtual; aurrez aurreko lan edo lan presentzial; bideodei; bideokonferentzia; bilera birtual edo telematiko; deskonexiorako eskubide; groupware edo elkarlanerako software; kontziliazio edo lana eta bizitza pertsonala bateragarri egite; lanaldiaren malgutasun; sare pribatu birtual; telelan; telelangile; teknoestres edo estres teknologiko; urrutiko lan; web-kamera... Telelanaren etorrera masiboarekin kontzeptu berriak bereganatu ditu euskarak.

Garai berri hauetan, lan-mundua buru-belarri murgilduta dago araudi, espazio, teknologia eta pertsonen prestakuntzaren itsasoan. Telelana geratzeko etorri denez, lan-munduko euskalduntzeak, alfabetatzeak eta alfabetatze teknologikoak ere erronka berriak dituzte.

Telelana: itxaropenak eta errealitatea

Gizartea goitik behera eraldatu zuen duela 19 hilabete COVID-19ak, eta lan-arloan eragin nabarmena izan du birusak. Etxeratze-aginduak langile asko behartu zituen lehen aldiz etxetik lan egitera, eta enpresek ere lana antolatzeko molde berrira egokitu behar izan zuten bat-batean.

Zirimiriaren erritmoan zetozen fenomeno teknologiko batzuek zaparrada eta ekaitzaren itxura hartu dute birusaren ondorioz, dena blai-blai eginda utziz.

Aurrekarietara jotzen badugu, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egin nahian, Europa iparraldean topatuko ditugu adibiderik garatuenak. Horiez gain, lan-merkatua ingurune digitalera moldatzeko asmoz, Alemania eta Frantzia ere aipatzekoak dira. Herrialde horien lan-erreformako legeetan langileen deskonektatzeko eskubidea aitortzen da duela hamarkada batetik; Alemanian 2011tik (Volskwagenen kasua zela medio) eta Frantzian 2016tik (Loi El Khomri legearekin).

Bat-bateko fenomeno masibo honek, argiak eta itzalak, gaitasunak eta gabeziak utzi ditu agerian. Gaitasuna izan du gizarteak egun batetik bestera antolatu eta lanean jarraitzeko, zeuzkan bitartekoekin, hala nola etxea lantoki bihurtzeko eta zaintzari eutsi ahal izateko. Bat-batekotasun horretan ezin zela denbora gehiegi iraun ikusi da; izan ere, desberdintasunak (belaunaldikoak, ekonomikoak, hizkuntzakoak, kulturalak...) areagotu ditu. Izan ere, emakumeak kaltetu, lan kolektiboa trabatu eta laneko harreman informalak eragotzi baititu.

Abantailak hor daude, noski: lanerako joan-etorriak laburtzea, aurrez aurreko bilerak eta bideokonferentziak uztartzea, malgutasuna, osasuna zaintzea...

Indarrean dagoen 2020ko iraileko telelanaren legedian, esate baterako, Hego Euskal Herrian eragiten duena, hainbat zehaztapen egin dira: urruneko lana eta telelanaren definizioak, deskonexiorako eskubidea, enpresak bitartekoak jartzeko betebeharra, langilearen eta enpresaren arteko akordioaren beharra... Borondateak salbuespen egoeran balio du, baina, gauzak ongi pentsatzeko unea iritsi da.

Telelana eta euskalduntzea: erremintak zorroztuz

Telelanak erronka berriak ekarri dizkio Lan-munduko Euskalduntze eta Alfabetatzeari. Irakaskuntzak erabilpenak bezainbesteko arreta behar duenez, Lan-munduko Euskalduntze eta Alfabetatzeaz gain, Alfabetatze Teknologikoa erabiltzeko garaian gaudela iragarri digu fenomenoak.

Arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko ahaleginak garaian garaiko beharretara egokitzen joan dira: lehenik, alfabetatze teknikoa edo laneko alfabetatzeko ikastaroak izan ziren; ondoren, lan-munduko euskara-planetan txertatu ziren. EAEn eta Nafarroan enpresak, erakundeak eta langileak lana euskalduntzeko egitasmo integraletan murgilduta daude. Egitasmo estrategikoak dira, hezkuntzatik lanerako saltoan etenik izan ez dadin euskararen erabileran. Egitasmo horietan, ezinbestean, metodologia eta baliabide berrituak garatzen joan behar da.

Mezu ezkorrik zabaldu nahi izan gabe, eta errealismotik begiratuta, nola harrapatu du telelanak euskalgintza? Ahul.

Telelaneko legeek lan-esparruko zati bat hartzen dute nagusiki, 50 langiletik gorako enpresak, eta sindikatuak dituztenak, alegia. Kanpo geratzen ari dira, lege babesik gabe, enpresa txikiak, norbere konturako langileak, prekaritatean dauden sektoreak... baita euskalgintzako langile, enpresa eta elkarteen gehiengoa ere.

AEK-ko albisteak harri eta zur utzi gintuen aurtengo apirilean. Asko poztu ginen aurrerapausoa ikusi genuelako akordioan. Halere, berri ona zenak hutsune larriak ezkutatzen ditu sakonean. Nola da posible bestela % 39ko igoera behar izatea soldatatan eta lan-jardunaren % 24ko jaitsierarekin lan-baldintzak normalizatzeko urrun egotea oraindik? Izan ere, arduradunek adierazi zutenez, inbertsioetarako, azpiegituratako eta hobekuntzatarako arazoek hor darraite; langileen lan-baldintzen hobekuntzarekin batera ezinbestekoa horiek ere.

Lan-munduko Euskalduntze, Alfabetatze eta Alfabetatze Teknologikoari behar den tamainan erantzuteko euskalgintzako erakundeek prestatuta egon behar dute, bai pertsonen gaitasunen aldetik, teknologian, eta baita inbertsioak egiteko gaitasunaren aldetik ere. Halaber, fenomeno horrek euskararen beraren garapena dakar; eta terminologia berriarekin batera, hizkuntza-teknologiaren garapen irmoan jarraitzea eskatzen du. Azken batean, sendo eta irmo erakundeen arteko lankidetzan, Euskaraldian ikusi dugun eran eta hurrengo Korrikan beste behin erakutsiko den moduan.

Hegazti errariak badaki leku batetik bestera igarotzen, ekaitzak bustitako hegoak astindu eta bidaiari behin eta berriz ekiten.]]>
<![CDATA[Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko elkarlana]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/017/002/2021-09-26/euskalgintzaren_eta_feminismoaren_arteko_elkarlana.htm Sun, 26 Sep 2021 00:00:00 +0200 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1950/017/002/2021-09-26/euskalgintzaren_eta_feminismoaren_arteko_elkarlana.htm
Konplizitateak eta aniztasun senak badute, desberdinen artean elkar ezagutu zein onartuz, ateak irekitzeko ahalmena; ahizpatasuna sendotzekoa, azken finean. Bertsoek, bestetik, euskal kulturarekin konektatzen gaituzte. Beraz, euskal feminismo errotuaren osagai batzuk zerbitzatuta daude.

Era berean, aliantza, norberaren helburuak lortzen elkar lagunduko duten bi entitateren arteko lankidetza gisa ulertuta, garaiko estrategia soziopolitiko indartsua dela esan dezakegu. Ildo horretan, euskara eta feminismoa dantza kide apartak izan daitezke hainbat pentsalariren aburuz. Horiek horrela, bi mugimenduen arteko aliantzaz aritzeko gogoeta eta ekimenak ugaritzen joan dira azken hamarkadan. Gogoeta horien erdian jarri den galderak honela dio: zein ekarpen egin diezaioke feminismoak euskalgintzari, eta alderantziz?

Feminismoak XXI. mendean aurrerapauso handiak eman ditu, plaza publikora kementsu iritsi da eta agenda politikoetan inoiz ez bezala agertzen ari da. Mugimendu feministak adin eta ezaugarri askotariko emakumeak mugiarazi ditu, gizarteko errealitate plurala jaso du, genero identitate gutxituak edota baztertuak barneratu ditu eta diskurtso sendo bat landu du. Kapitalismoaren baitan hamarkadatan eraiki den paradigma irauli ahal izateko, diskurtso eta gizarte ikuskera feministan gako diren kontzeptu batzuk iritsi dira plazara, hala nola: aniztasuna, desnaturalizazioa, ahalduntzea... eta beste batzuk.

Aniztasuna arlo askotatik ulertzen du feminismoak; izan daiteke soziala, kulturala, ideologikoa, sexu identitateena... Edozein izanik ere, gero eta esparru zabalagora iristen ari da mugimendua, kemenik galdu gabe. Era berean, Euskal Herriko feminismoak mugimendu errotu eta aldi berean askotarikoa izateko bokazioa duela jakinik, alderdi horietan egindako aurrerapenak euskara eta euskal kultura sendotzeko oso baliagarriak izango dira.

Desnaturalizazioa da beste kontzeptu garrantzitsua feminismoarentzat: generoa gizarte kapitalistaren eraikuntza da, eta emakume/gizon bereizketa zein bakoitzari ezarri zaizkien eginkizunak ere bai. Horrek, kulturalki eraikitakoa deseraikitzea eskatzen du, sexu-identitateen aniztasuna geureganatzeko, eta baita emakumearen zein kolektibo gutxituen zapalkuntza amaitu dadin. Hori kontuan izanik, hizkuntzaren eta kulturaren esparrura eramaten badugu -hala nola euskalduna ere ez dela inor jaiotzen pentsatzera-, ondorioztatuko dugu euskalduna norbera egin egiten dela ingurune kultural eta baldintza jakin batzuetan.

Ahaldunduz, emakumeak zein kolektibo gutxituak konturatzen dira era ez-naturalean esleitu zaien paperaz; beraz, jabetuz, kontzientzia hartuz eta ekinez irauliko dute berori. Era horretara, plaza publikoa hartzea ez da inor menperatzeko izango, baizik eta eraldaketa gerta dadin emakume zein pertsona aske eta ahaldunduen bidez. Gainera, interpelazioa tresna eta jarrera baliagarriak direla uste da; eta gatazka kudeatzeko gaitasunak garatzea bilatzen da, berau ekidin gabe. Ildo horretatik, hizkuntza gutxitu batean aritzeko, eta hizkuntza zapalkuntza gainditzeko, hiztunen ahalduntzea, eta asertibitatea, ahalmen handiko erremintatzat har litezke, ezbairik gabe.

Euskalgintzara etorriz, eremu berrietara iritsi eta euskaldunen komunitatea handitu zein sendotzeko beharra handia dela jakin badakigu, euskararen erabilera datuen eboluzio apala lekuko. Horiek horrela, euskalgintzaren eta mugimendu feministaren arteko aliantza fruitu handiak eman ditzakeen aukera izan liteke ezbairik gabe, esparru bakoitzak bere eginkizunak garbi marrazten baditu.

Beraz, euskalgintzak zer marraztu behar du? Lehenik eta behin, euskaldun eta euskaltzale garaikidearen identitatea eta diskurtsoa marraztu beharko lituzke aniztasunetik. Lan horretan, feminismoan arrakasta izan duten gakoak baliagarriak diren eta beregana ditzakeen aztertzea lagungarri izango litzaioke.

Batetik, hizkuntza gizartearen isla dela jakinik, horri aurre hartu eta euskararen sexismoa iraultzeko formulak finkatu beharko lirateke, hiztegi, literatura, hezkuntza material eta antzekoen bidez.

Bestetik, euskaldunen komunitateak galdetu beharko lioke bere buruari zein diren garaiko identitate plural bat sortzeko askotariko balioak (sozialak, politikoak, ideologikoak, kulturalak zein generokoak) uztartzeko gakoak. Nola osatu eta sendotu nahi duen komunitatea.

Aurreko horiek kontuan izanik, garaira eta helburuetara egokitutako diskurtsoa eraiki eta zabaldu beharko litzateke. Halaber, pentsatu beharko litzateke gaur egun euskarak zer emango dion norbanakoari eta zer norbanakoak euskarari.

Amaitu aurretik, beste aliantza emankor bat aipatu nahiko nuke. Kultur ekitaldi ugari daude Euskal Herrian, eta esango nuke zer hobetu handia dagoela bai euskaltzaletasunean, baita feminismoan ere. Adibideetako bat da izan berri den Donostiako Zinemaldia.

Sinbolismoetatik haratago, ausartago jokatu beharko litzatekeela uste dut. Ez litzateke dantza kide makala izango Zinemaldia euskararentzat zein feminismoarentzat. Alderantziz ere bai, jaialdi errotua eta aldi berean garaikidea izateko osagaiak lortuko lituzke; formula kultural berriak topatuko lituzke zazpigarren artearentzat, baita bertako zein nazioarteko jarraitzaileentzat ere.

Plazaratutako ideia ireki hauek guztiek balio dezatela, euskalgintzak eta feminismoak, elkarlanean, eztabaida eta ekimenak uztartuz, aurrera segi dezaten ahalduntzearen bidean.]]>
<![CDATA[Eraldaketa digitala eta harreman kultura]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/020/002/2021-06-27/eraldaketa_digitala_eta_harreman_kultura.htm Sun, 27 Jun 2021 00:00:00 +0200 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1957/020/002/2021-06-27/eraldaketa_digitala_eta_harreman_kultura.htm
Garai eta ekintza haiek zaharkituta geratu dira gaur, atarian neska (edo mutila) jaisteko zain egotea bezalaxe. Gaurko gaztetxoek ezagutu ere ez dute egingo, eta, era berean, helduok ere zailtasunak ditugu antzemateko ligatzeko eta harremanak egiteko kulturan gertatzen ari diren aldaketak. Ezarian-ezarian etorri da Internetek eta gailu digitalek ekarri duten aldaketa kulturala, baina gero eta abiada handiagoan doa.

Zenbait datu interesgarri

Gazteen ohituretan argi ikus daitezke digitalizazioak dituen inplikazio kulturalak eta datozen joerak; harremanak egiteko eran, hizkuntzen hautuan eta erabileran, erosketa ohituratan, denbora pasan, lan eta ikaste dinamikatan...

Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko gazteria eta sare sozialak argitaratu zuen 2019an. Bertan, EAEko 15-29 urte bitarteko gazteen ohiturak aztertu ziren.

Sare sozialak gazteen eguneroko bizitzaren zati garrantzitsua dira, ohetik jaiki aurretik eta gauean berandu arte konektatuta egoten baitira. Whatsappaz gain, Instagram da sare sozialik erabiliena (% 74,1 konektatzen dira egunero), Youtuberekin batera (%73,7). Musika entzutea eta bideo tutorialak dira jarduera ohikoenak (%83,3k egunero entzuten du musika eta %56,4k egunero ikusten du bideoren bat).

Beste jarduera batzuk ere badira, egunerokoak, baina gutxiagok egiten dituzte: serieak edo pelikulak ikustea, prentsa irakurtzea, edukiak argitaratzea, produktu edo zerbitzuak erosi edo saltzea, eta Skype, FaceTime edo antzeko plataformak erabiliz bideo-deiak egitea. Hamar gaztetatik batek (%9,4k) dio izan duela edo baduela blog pertsonalen bat, baina askoz ere gehiago dira (%52,4) youtuber, gamer edo influencerren bati jarraitzen diotenak. Bestalde, laurdenak baino gehixeagok (%28,8k) diote azken urtean abiarazi edo sustatu dutela Interneten edo sare sozialetan eztabaida edo salaketa sozialen bat, testu bat idatziz edo irudi edo bideoren bat zabalduz; ziberaktibismoa praktikatuz.

Hizkuntzarik erabiliena gaztelania da. 15 eta 29 urte bitartekoen %81,5ek diote sare sozialetan, batez ere, gaztelania darabiltela; %15ek diote bereziki euskara erabiltzen dutela, eta %3,3k ingelesa. Adinarekin batera igo egiten da, gutxi bada ere, sare sozialetan nagusiki euskara eta ingelesa erabiltzeko joera. Bestalde, neskek diote mutilek baino gehiago darabiltela euskara hizkuntza nagusi gisa, baina aldea txikia da. Lurralde historikoen araberako azterketan ikusten da Gipuzkoan —non euskararen ezagutza handiena den— gazteen %30ek euskara erabiltzen dutela batez ere txatean idaztean edo sare sozialetan edukiak argitaratzean; Araban eta Bizkaian ehunekoak askoz baxuagoak dira, %3,5ekoa eta %8,4koa, hurrenez hurren.

Norantz goaz euskaldunok?

Aldaketa kulturalen abiadura gero eta biziagoa da, hamarkada eskasean Gauzen Internetik Oihaneko Internetera pasatu baikara. Gizartean bezala, lehian daude gaur egun edukiz zein harremanez aberastu gaitzakeen teknologia demokratikoa eta inklusiboa, eta merkantilismoa; Internet pertsonen identitate eta harremanetan sartu baita.

Eraldaketa digitalak aniztasuna ere (kulturala, hizkuntzena, generoarena, identitateena...) jar dezake ezbaian. Horrexegatik oso garrantzitsua da, berariazko zaintza eta politiken bidez, eraldaketak izaera libre, inklusiboa eta demokratikoa izateko, erabaki estrategikoak hartzea. Begi bistakoa da, herritarren ahaleginarekin batera, erakundeena ezinbestekoa dela, eta maila gorenean, gainera, lerrootan maiz aipatu izan dugun eran.

Argitaratu berri den Euskara Ingurune Digitalean bide-orrian zehaztasunez agertzen dira egin beharreko garrantzitsu ugari. Gazteak jarri ditu erdi-erdian. Horrez gain, gako nagusiak marraztu ditu izaera aholku-emailea duen txostenak: euskarazko eduki digitalak sustatzea; euskarazko tresna, aplikazio eta baliabide digitalak sustatzea; ikusgarritasuna, erabilera areagotzeko; eta zaintza teknologikoa.

Halaber, bi gai aipatzen ditu, hala nola: burujabetza teknologikoa —hainbatetan mahai gainean ipinita azken urteotan- eta software librea eta lizentzia libreak. Besteak beste, hau diote:

«Batetik, informazio eta komunikazioaren teknologiak eta azpiegiturak, datuak biltzeko eta gordetzeko erabiltzen direnek, bat etorri beharko lukete erabiltzaileak dauden herrialdeko legeekin, beharrekin eta interesekin. Erabiltzaileei buruzko informazioa ez litzateke geratu beharko erabiltzaileek kontrola ezin ditzaketen agenteen esku. Bigarrenik, garrantzitsua da azpimarratzea software librea eta lizentzia libreak sustatuta, bidea zabaltzen zaiela euskarazko eduki, baliabide, aplikazio eta tresnei».

Europako beste herrialde batzuei begira ere (Gales, Estonia, Katalunia, Islandia...), berehala jabetzen gara hizkuntza teknologien planek euren hizkuntza politiketan hartu duten pisuaz.

Egitasmo handi horiek, ikerketa eta garapena oinarri dutenak, ezinbestekoak dira bidea egiteko, hizkuntzak (hizkuntza gutxituak, ez sexistak, inklusiboak...) teknologian presentzia izan dezan eta integratuta egon dadin. Horiek horrela, euskaldunok euskara hautatu eta erabili ahal izateko teknologia ekarriko duen eraldaketa digital irekia nahi dugu. Era berean, oso kontuan izatekoa da harremanen munduan eta gizarte egituraketan erabaki horiek zein ondorio kultural izango dituzten.]]>
<![CDATA[Zientzia eta kultura]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/023/002/2021-04-25/zientzia_eta_kultura.htm Sun, 25 Apr 2021 00:00:00 +0200 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1950/023/002/2021-04-25/zientzia_eta_kultura.htm
Kultura zentzu pragmatikoan hartuko dugu hemen, bizitza kulturen multzo gisa, hala nola janariaren kultura, aisiaren kultura, lanaren kultura, industria kultura, kultura kulturala... Eta, beraz, zientzia kultura. Baina zientzia kulturari dagokio?

Zientzia gogorra inoiz baino presenteago dugu egungo bizitzan eta plaza publikoan. Gai publikoa bilakatu da, zalantzarik gabe, are pandemia garaian, etikaren, ekonomiaren eta etorkizuneko azterketaren ikuspegitik. Horrek esan nahi du kulturaren zati bilakatu dela zientzia, hainbat hamarkadatan iluntasunean igaro ondoren? Erantzuna begi bistan izango da batzuentzat (zientzialari eta teknologoentzat, esate baterako); baina profanoen begietatik galdera konplexua da.

Izan ere, zientzia gizateriaren lorpen kultural handia da, hura gabe ez dago aurrerapenik; garapenaren ezinbesteko motore bilakatzearekin batera, herrialdeak munduan nola kokatzen diren determinatzen du, gainera. Gaixotasunak, elikagaien manipulazioa eta ekoizpena, klima aldaketa, lehorteak, uholdeak, plan hidrologikoak, galzorian dauden animalia eta landare espezieak... ia guztian parte hartzen du zientziak. Finean, mundua eta gizartea hobeto ulertzen eta eraldatzen laguntzen du.

Era berean, gizarte modernoan txertatu diren mundura egokitzeko erosotasun guztiekin harreman zuzenean dago zientzia: larruazalerako krema, banketxeko txartela, etxebizitzako aklimatazioa, plataformetako filmak, pdf-ak, autobusa... Gainera, komunikabideetan zientziak gero eta presentzia handiagoa du, eta zientzialariek ere bai, garai bateko erreparoak gaindituta. Komunikabideetako zientzia orrietan ez ezik, politika orrietan, arte orrietan, kiroletakoetan (zenbat ikasi dugun txirrindularitzako dopinaz, adibidez) ere ageri da. Politikagintzan ere, ebidentzian oinarritutako politikagintzan, zehazki, ezagutza zientifikoa hartzen da oinarritzat ekintza politikorako.

Horiek horrela, zientzia nonahi agertzen zaigu: kultura industrian, politikagintzan, komunikabideetan, artean... Hori ikusita, esan genezake gaur egun ez dela kulturarik zientziarik gabe: zientziak kultura eratzen duela. Zientzia eguneroko kulturaren zati bilakatu da; baina, ez edozein kulturarena, goi-kulturarena, baizik.

Aipatu beste kultura arlo horietan espezializatze esparru batzuk garatu dira era errekurtsiboan. Esate baterako, literaturarekin batera, kritika literarioa garatu da; artean, jende gehiagok irabazten du bizitza iruzkin kritikoekin artelanekin baino; komunikabideen esparruan sariak eta eztabaidak daude, hots, esparruotako berariazko jarduerari kritikagintza gaineratzen zaio. Beste merkatu bat gaineratzen zaio jarduerari. Horrek bilakatzen du jarduera kulturaren zati.

Hori, berriz, ez da erraza lortzen zientzian. Zientziaren banaketak eta diziplina konplexutasunak (kontzeptuak, teoriak...) ez dute erraza egiten zientziaren atalak ulertaraztea, aditua ez bazara; eta, era horretara, kritikari ateak irekitzen zaila da. Azken batean, hizkuntza arazoa da zientziarena, kulturaren zati bilakatu nahi badu.

Nolanahi dela ere, hizkuntza arazoa ez da haren konplexutasun linguistikoa, baizik eta haren norabide bakarreko izaera. Zientziaz eta kulturaz diharduten komunikabide, irakasgai, katedra eta master gehienak norabide bakartasun horretan murgilduta daude. Ahalegin nagusia eta ia bakarra zientzia fenomenoen transmisio eztabaidaezinetara mugatuz. Publiko profanoa kultua ere badela aintzat hartu gabe eta zientzialariek euren diziplina-hizkuntza materialetik harago beste hizkuntza sortzeko ahaleginik egin gabe, nekez izan daiteke zientzia kultura bateko atala. Gizarte informatuak ez du gizarte jantzia esan nahi, harago joan behar da.

Baina kulturaren aldetik ere aldaketa behar da. Kultura industriaren historiatik ikas liteke literatura, musika edo ehungintzaren negozioetatik, adibidez ikusteko kontzeptu elitista, findu eta aurresanak aldatu egin direla; eta kontzeptu gregario, kontingente, arrunt eta aurreikusezin bihurtu direla, gizartean izan den hedapenaren bidez. Hori zientziari ere aplikatuko balitzaio kulturaren kontzeptu egokiagoa izango genuke, inklusiboagoa.

Izan ere, publikoa profanoa izatetik aditutzat hartzera behartzen gaitu egungo zientziak. Aditu, zein zentzutan? Ohiko irudi desegokiaren kontra, publikoak maiz beraiek ere arlo txiki batean edo bestean adituak ditugu. EHUko Sanchez-Mazas katedrako Andoni Ibarraren hitzak hona ekarrita: «Kultura ez da existitzen ez bada gure esperientzietan. Eta zientziari kulturaren atea irekitzeak gure bizi esperientzia beste modu batera erabiltzea eskatzen digu. Zientzia zerbait serioa da zientzialarien esku uzteko. Eta zientzialarien erantzukizun bakarraren dikea hautsi ondoren, honako galderak egingo lituzke zientzia barne hartuko lukeen publiko kultuak: nola erabil liteke esperientzia zientifikoa beste modu batean -gizartearen beharrei bideratuta adibidez-, zein da zientziari buruzko politika publikoen erabakitze prozesua, nork erabakitzen ditu ikerketa-funtsak, zein baldintzatan lan egiten du laborategiko laguntzaile batek edo kontratatu posdoktoral batek, nork aukeratzen ditu zientziaren aplikazio, ekipamendu eta arkitektura instituzionala finkatzeko batzorde eta entitateen eraketa?...».

Zientziari buruzko galdera horien inguruko eztabaida gertatzen denean, hitz egiten hasi ahal izango ginateke zientziari buruz gure kulturaren osagai gisa.]]>
<![CDATA[Ekintzailetza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/023/002/2021-02-21/ekintzailetza.htm Sun, 21 Feb 2021 00:00:00 +0100 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1950/023/002/2021-02-21/ekintzailetza.htm Debray, Vie et mort de l'image. Une histoire de regard en Occident).

Artelan baten aurrean jarri edo horren partaide izatean, izan testua, musika, antzerki-lana, pintura, eskultura, arkitektura, ikus-entzunezkoa… zernahi sorkuntza lanen baitan pertsona bakoitzak sentimendu, sentsazio eta erreakzio desberdinak ditu. Txunditu zaitzake, inspiratu, aspertu, ernegatu, berdin utzi, barruak ukitu, poza eragin, kezka eragin, kontzientzia mugitu, pentsarazi... Zenbat buru, hainbat aburu. Psikologiako PNLI programazio neurolinguistikoko metodoaren arabera, hainbat errepresentazio sistemaren bidez prozesatzen du garunak informazioa. Sarbideko klabe edo gako fisiologikoak 4 dira zehazki: bisuala, auditiboa, kinestesikoa eta digitala; eta pertsona bakoitza, zein gako duen markatuago, errepresentazio sistema horietako batek ezaugarritzen du.

Horrekin batera, gizakien izaeren modulazioan kulturak, heziketak, esperientziek eta norbere sinesmenek eragiten dute. Adibide moduan, gogoan dut Kukai konpainiak antolatutako dantza garaikideko tailer batean Cesc Gelabert maisuari entzundakoa: dantzari kataluniarraren esanetan, dantza garaikidean ez ditugu zentzumenak hezita; izan ere, frankismoak urte askoan zentsuratu egin zuen eta herritarrengana iristea ukatu arte eszenikoen lengoaia hori, beste herrialde batzuetan ez bezala. Era horretara, hainbat eta hainbat kultura eta sormen adierazpide galdu edo berandu iritsi zaizkigu, eta publiko zein zale minoritarioak izan ohi dituzte. Izan ere, kultura eta adierazpideak nola iritsi zaizkigun eta zein testuingurutan hazi eta hezi garen, horrek ezaugarritzen du komunitatearen kultura, era berean.

Baina, etor gaitezen gaurko artikuluko gaira, hau da, ekintzailetza eta horrekin lotutako kulturara. Testuinguru produktiboan eta hezkuntzan gero eta presentzia handiagoa hartzen ari da ekintzailetzaren gaia. Herri ekintzailea izan gara, gure historia industriala lekuko; enpresa txiki eta ertain ugari sortu ditugu, baita handi batzuk ere (familiarrak, kooperatibak...). Horrek ehun industrial eta teknologiko nabarmena garatzea ekarri du, baita ikerketa aplikatuko gune erreferentziazkoak ere. Ekintzailetasuna bere adiera klasikoan hori izan baita, enpresa eta negozioak sortzea; geurean, industria ekimena, nagusiki. Baina, ezagutzaren gizarteak eraginda, ikuspegi zabalagoarekin hartzen da ekintzailetza gaur egun; hala nola, konpetentzia gisa hartzen da, eta sormena, lidergoa, talde-lana, berrikuntza eta erabakiak hartzeko gaitasunak biltzen ditu bere baitan.

Horiek horrela, hainbat estrategia eta erronka azaleratu dira gaur egun kultura ekintzailea berritu eta sustatzeko, eta hezkuntza sisteman eragin zuzena izaten ari dira. Ildo horri jarraituz, esate baterako, STEAM izena hartu duen egitasmoa abian da hezkuntzan (ingelesetik datorren akronimoa da, Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics). Honako hauek dira, esate baterako, STEAM Euskadi Estrategian jasotako helburuak: Bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzea; Ikasleen STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) gaitasunak hobetzea (neskengan arreta berezia jarriz, genero arrakala medio); eta Ikasleak bultzatzea, haien inguruko mundua eraldatzen modu aktiboan parte har dezaten. Izan ere, STEAM hezkuntzaren bidez STEM lanbideak sustatu nahi dira, egileen esanetan.

STEAMek helburu hirukoitza du, baina ekintzailetzan eta ingeniaritzan fokua jarria du nabarmen; eta horren mesedetara azaltzen dira diziplinak, nola zientziak hala arteak eta humanitateak zein matematikak. Arlo horiek guztiak ezinbestekoak dira hezkuntzarako, baita egungo gizarterako ere. Baina, horien arteko erlazioak nola egiten diren eta zein helbururekin lotzen diren, emaitza desberdinak emango dituzte. Hau da, estrategia horretan bokazio zientifiko-teknologikoak sustatu nahi dira, baina, zuzenean lotzen dira diziplinak (nahiz zientziakoak nahiz arte eta humanitatekoak zein matematikakoak) ingeniaritzako-proiektuekin eta produkzio era jakin batzuekin. Beraz, hori du muga. Ildo horretatik, ausartuko nintzateke esatera zientzia bokazioak ingeniaritza eta teknologiak hainbeste determinatzen ez dituen kultura ikuspegi ireki eta berritu batek areagotuko dituela areagotzekotan.

Enperadore txinatarraren pintoreak, pinturaren artearen gaitasunekin batera, teknologia menperatzen du ur jauziak egiteko horman. Dantzariak, espazioak, psikologia eta mugimenduak menperatzen ditu; musikak eta matematikak lotura estuak dituzte... eta horrela jarrai genezake, idazleekin, artisauekin, zinemagileekin... Humanitate eta arteetako diziplinek bere horretan duten garrantzia ezin da ahaztu, jakin badakigu ere sormenak eta arteek ideia eta lanbide berrien asmakuntzan ekarpen handia egiten dutela.

Era berean, ekintzailetzako konpetentziak ekonomiako produkzio-eredu zabal eta integralak izan beharko lituzke helburu. Ez da ahaztu behar, gainera, ekintzailetzarako, ezagutza kultural eta teknologikoekin batera, gaitasun emozionalak ere behar direla eta guztien arteko oreka topatzean legokeela bertutea.]]>
<![CDATA[Euskara merkatuan dago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/002/2020-12-20/euskara_merkatuan_dago.htm Sun, 20 Dec 2020 00:00:00 +0100 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/002/2020-12-20/euskara_merkatuan_dago.htm
Eta zein dira euskararen merkatuaren ezaugarriak? Zein dira kultura eta hizkuntza gutxitu baten merkatuaren ezaugarriak? Nola egin dezake aurrera merkatuan hizkuntza eta kultura gutxitu batek? Merkatuko faktoreek nola eragiten dute euskararen merkatuan?... Galdera horien, eta beste hainbaten, erantzunak bilatu beharko genituzke elkarrekin, euskararen merkatuak bere bidea egin dezan.

Merkatuaren ekonomiako definizioetara jotzen badugu (Wikipediara, adibidez), ikus dezakegu merkatua dela hainbat aldek trukea egiteko erabiltzen dituzten erakunde, prozedura, azpiegitura, teknologia eta gizarte harremanen bilduma. Aldeek ondasunak edota zerbitzuak trukearen bidez eskura ditzaketen arren, gehienetan saltzaileek ondasunak edo zerbitzuak (eskulana barne) eroslearen diruaren truke eskaintzen dituzte. Hala, ondasun eta zerbitzuen salneurria ezartzen duen prozesua da merkatua. Merkatuek salerosketa eta banaketa ahalbidetu, eta baliabideak banatu eta kokatzeko bidea errazten dute. Era berean, merkatu bat sor daiteke berez, espontaneo, edota giza elkarrekintzaren bidez.

Alabaina, denboran aurrera, soziologia, psikologia, marketina, historia ekonomikoa, geografia ekonomikoa… bezalako jakintza arloen bidez, merkatu errealak eta bertako pertsonen eta ondasunen zein zerbitzuen arteko elkarreraginak ikertu dira eta ikuspegia zabaldu egin da. Era horretara, merkatua bi modutara begira daiteke adituen arabera, orokorki: A) Merkatuak mekanismo abstraktuak ditu (sentimenduak, harremanak, nahiak, beharrak, esperientziak, lekuak, segmentuak, komunikazioa…), eta horiek tarteko, eskariaren eta eskaintzaren arteko topaketa gertatu eta itunak gauzatzen dira;. B) Merkatua da mundu mailako ekonomia kapitalista integratua, orokorra eta kohesionatua.

Lehen merkatu ikuspegian, kolaborazioak, gizarte ekoizpenak, politika ekonomikoak eta ondasun komunak zentzua dute; era berean, elkarri eragiten diote. Bigarren ikuspegiarekin lotuta dago merkantilismoa, hala nola irabaziak beste helburu edo funtzioen aurretik jartzen dituen prozesua eta ondasunak zein baliabideak merkantzia huts bihurtzen dituena.

Euskararen merkatuan produktu nagusia kultura eta hizkuntza dira, ondare komunak biak ere. Baina euskararen eta euskal kulturaren merkatuak merkantilismoaren eta hizkuntza hegemonikoko merkatuen mehatxuei eta lehiari aurre eginez dirau ahal duen eran. Aurrera egiteko, ondorengo faktoreek berealdiko eragina izan dute euskararen merkatuan: militantziak, lankidetzaren eta lehiaren arteko oreka bilaketak, konpromisoak, irabazi asmorik gabeko jarduera ekonomikoak, sustatze eta babes politikek eta herri gogoak. Leku bat egin nahirik garatu du bere jarduera komertziala euskarak, eta horrek eraman du nagusiki ekonomia sozialeko ezaugarriak izatera, hizkuntza ondasun komun gisa tratatuz.

Hala eta guztiz ere, euskararen merkatua txalupa txiki bat da, kultura hegemonikoko merkatuen itsasontziak ez bezala. Eta denboraleek beste inori baino gehiago eragiten diote, uretatik gertuago baitago, beti urperatzeko arriskuarekin.

Horiek horrela, euskararen merkatuak gobernantzan aurkituko du lur sendoa; gainera, merkatu babestua izan behar du ezinbestean, berariaz landutako hizkuntza, kultura eta teknologia politiken bidez. Horretarako, berrikuntza mekanismoak barneratu behar ditu, atal guztietan: politikak diseinatzeko prozesuetan, kontsumoa ulertzeko eta egiteko eran, burujabetza teknologikoan, gizartearekiko atxikimenduan, hizkuntza eskubideetan… 2008ko uztailean eskaria handitzen lagunduko zuen dekretua onartu zen: Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzkoa. Bide laburra egin zuen jatorrizkoak. Saltoki handietako euskara erabilera erruz handituko zen, baina derrigorrez betetzeko atala kendu zioten hurrengo legealdian, eta kamuts geratu da.

Bitarte honetan guztian, aro digitalak merkatu digitalak sortu ditu, eta teknologiak bide desberdinak hartu ditu. Zatarrenak sistema kapitalistaren logika merkantilistan dihardu, eta denon erabileraren bidez eskuratzen dituen datuak bihurtu ditu negozio, norberaren bizitzak merkantzia bihurtzeraino. Horregatik da hain garrantzitsua burujabetza teknologikoaren bidean sakontzea, ondare komuna eta pribatutasuna babestu egin behar direlako.

Euskal liburu eta diskoen merkatuarentzat garrantzitsua den hilabetean gaude, Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka izan berri (urteko salmenten %20 bertan gertatzen da). Aurtengo azoka egokituan -era digitalean soilik antolatua eta azoka biltegi bihurtuta- parte hartu duten argitaletxeetako arduradunek euren lehen balorazioetan egin izanaren garrantzia azpimarratu eta salmentak espero baino hobeak izan direla adierazi dute; baina asko jaitsi dira eta ziurgabetasuna inoiz baino handiagoa izan da. Kultura eta hizkuntza ekonomiaren bihotza direla uste badugu, merkatua, azoka zein plaza aldarrikatu eta hori guztia eskuratzea dagokigu; eta, benetakoa izateko, ezin du hondar gainean eraikitako merkatua izan.]]>
<![CDATA[Gobernantzarako zumitzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/025/002/2020-11-22/gobernantzarako_zumitzak.htm Sun, 22 Nov 2020 00:00:00 +0100 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1950/025/002/2020-11-22/gobernantzarako_zumitzak.htm
Xabier Leteren poesiako letrak sakonak dira eta euskal kulturako iruditeriaren ikur garrantzitsu ere bai. Zein ahots jartzen diegun, pixka bat aldatzen da erritmoa, doinua eta tonua: Laboa, Ruper, Urdangarin, Anari, Elorrieta... edo Leterena berarena, aukeran daude. Gaurko gaiarekin jostea nahiko nuke, izan ere: Gu ere zerbait bagera-eta... saia gaitezen ikus(araz)ten.

Parte hartzea eragiten duen Gobernantzak kultura berri batera eramaten gaitu, eta herritarren soslaiaren zein lidergo eraren eremu berri batera. Edo alderantziz, herritar dinamiko, sortzaile eta konprometituek, konfiantzan eta lankidetzan oinarritutako lidergoa eraikitzen dute, eta aktiboak dira, erakunde publiko tradizionalek dena konpondu zain egon gabe. Arduraz jokatzen dute ondasun komunarekin, erakunde publikoen balioaz jabetu eta horiek eraldatzeko gai dira. Gainera, komunitate-zentzua dute, kolaborazioan saretuz gizarteko eraikuntza.

Herrialdeek desberdin egiten diete aurre erronkei; Txinak, Estatu Batuek edo Europak, esate baterako; bakoitzak bere erara. Formula guztiak ez dira toki guztietan baliagarriak, izan ere, gizarte bakoitzaren kulturak, pertsonak eta antolaketak zeresan handia baitaukate; estatu bakoitzaren estrategiek -edo munduan zer paper jokatu nahi duten- ere bai. Halere, hori ez da estatikoa, eraikiz doa. Erabakigarria da nola gertatzen den politikaren, ekonomiaren, zientzia eta teknologiaren, kulturaren eta gizartearen arteko engranajea. Gizartearen parte hartzea ere -haren prestakuntza eta lidergo erarekin batera- leku bakoitzean era batera edo bestera gertatzen da.

Europara etorrita, Europar Batasuneko politiken printzipioek hainbat gauza iradokitzen dizkigute honetan guztian, eta Partaidetzazko Gobernantzak eskatzen dituen soslaietarako gidatzat hartu beharko genituzke iradokizunok. Hezkuntza alorra -oinarrizko derrigorrezko hezkuntzatik, lanbide heziketa eta unibertsitateraino- azken hamarkadan buru-belarri murgildurik dago bizitzarako konpetentzietan oinarritutako irakaskuntzan. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, biak batera -Lisboako estrategiaren karira- hezkuntzarako erreferentziazko marko bakarra aurkeztu zuten 2006an eta bertan jaso zituzten zortzi konpetentzia nagusiak; Europako Batasuneko eremuan lan gehiago eta hobea zein gizarte kohesioa lortzea helburu.

Euskal Autonomia Erkidegoko derrigorrezko hezkuntza sistemako konpetentziak, adibidez, Heziberri2020 hezkuntza markoan jasota daude, eta baita horiekin lotutako ikaslearen irteera-soslaia ere, hala nola: 1) Pentsatzen eta ikasten jakitea; 2) Ekimenez jokatzen jakitea; 3) Elkarrekin bizitzen jakitea; 4) Autonomia, norbera izaten jakitea; 5) Komunikatzen jakitea eta konpetentzia digitala izatea. Horiekin batera daude espezifikoak, alegia: matematikoa; hizkuntzak eta literatura; zientzia zein teknologiakoak; artea, plastika eta ikusizkoak; eta motriza. Ikasgaietatik zein edukietatik harago doa irakaskuntza, helburua pertsonaren prestakuntza osotasunean izanik. Protagonismoaren karga irakaslearengandik ikaslearengana igaro da, eta auto-ebaluaketa zein konfiantza giltzarriak dira metodoan.

Horiek horrela, esan genezake Partaidetzazko Gobernantza zein gizarte eraikuntza inklusiborako zumitzak hor daudela, ikasle soslaia berri horietan. Horiez gain, deliberatzen eta eztabaidatzen jakitea zein porrotetatik ikasteko gaitasunak erantsi edo azaleratu beharko lirateke ikaskuntza prozesuetan. Izan ere, partaidetzazko kulturak eta politikek ez dituzte zertan adostasunak eskatu behar erabakiak hartu ahal izateko; bai, ordea, erabakiak hartu aurreko iritzi desberdinen arteko azterketa eta eztabaida ireki eta gardenak.

Ez genuke ahaztu behar hezkuntzarekin batera, lekuan lekuko kulturak eta horren transmisioak, sustraiak eskaintzen dizkiola gizarteari, eta sendotasuna zein harrotasuna. Era berean, kultura eta arteak sormenaren pizgarriak dira eta pentsamendu diseinuaren kontzeptua ekarri dute gizarte zein ekonomia jardueretara. Soslai hori duten pertsonek eta sistemek, gizarteko egoerei aurre egiteko, funtzioak eta irtenbideak irudikatzen dituzte era kolaboratiboan. Horiek horrela, zientzia, teknologia eta giza baliabideak funtzioen eta gizartearen mesedetan jarriz diseina daitezke irtenbideak. Oraindik asmatzeko dauden lan eta antolaketa proposamen berriak eta inklusiboak egiteko aukera ematen dute, gainera. Teknologia eta algoritmoak gizartearen mesedetara jarri behar dira. Bai baitakigu: «diru zakarrak bihotzik ez du, lotuko gaitu gogor ta estu». Eta teknologiak ere bai, lotuko gaitu gogor eta estu, ez bada era inklusiboan garatzen. Esan nahi baita eragileekin batera egin behar direla berrikuntzak eta garatu behar dela teknologia: eragileek beraiek euren espektatibak, eskaerak eta balioak mahai gainean jarriz, eta horien inguruan deliberatu eta eztabaidatuz.

Horrelako zumitzak behar dira, gizarteak era aktiboan parte hartuz, gobernantzaren saskia ehotzeko. Deliberazio eta eztabaidarako espazioak eta antolaketak beharrezkoak dira, politikak diseinatu eta erabakiak hartzeko; era horretara, polarizazioa, liskarrak eta elkarri erruak botatzeko dinamikak asko arinduko lirateke, eta gobernuek eta ekonomiek giza kapitala benetan barneratu eta partaidetzazko gobernantzara igaroko ginateke. Herritarroi, bestalde, irizpidez eta arduraz jokatzea dagokigu, kolaboratibo, eskuzabal eta emankor, politikaren, ekonomiaren, zientzia eta teknologiaren zein kulturaren ko-eraikuntzan.]]>
<![CDATA[#KulturPolitikarako Gobernantza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/017/001/2020-10-10/kulturpolitikarako_gobernantza.htm Sat, 10 Oct 2020 00:00:00 +0200 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1888/017/001/2020-10-10/kulturpolitikarako_gobernantza.htm kultura hitza idatziz gero, topatuko ditugun hashtag edo hitz-segida nagusiak, hauek dira: #kulturaposibleda, #kulturabirusa, #kulturaseguruada eta #kulturaSOS. 'Hizkuntza' jartzen badugu, #hizkuntzaeskubideak agertzen da, eta, 'euskara' jartzen badugu, #euskarazbizinahidut. 'Kultur politika' jartzen badugu, ez da ezer agertzen!

Sareak eta Internet ez dira dena eta hortik at ere gauzak gertatzen dira; eta benetako bizitza beste esfera batean dago, jakina; baina ezin da ukatu egun bertan agertzen dena zerbaiten adierazle dela. Aldarrikapenek, era batekoek zein bestekoek, denek antzeko puntura eramaten gaituzte: kezkatzera. Desesperazio kutsua dute hitz-segidek; honezkero galdetu beharko genuke zergatik iritsi garen egoera horretara eta nola aldatu.

Zelaia prestatu behar da egoera iraultzea nahi bada; ezinbestekoak dira gizarteko eragile guztiek -politiko, kultural, akademiko, sozial, ekonomiko eta industrialek- elkarrekin landu eta garatutako kultur politikak. Garaiko gizarteak politikak egiteko era berriak eskatzen ditu; prozesua, sarea zein emaitzak, guztiak dira garrantzitsuak; horrela baitaude egun antolatuta gizarte modernoak, sarean, elkarri eraginez.

Europako Batzordeak argitaratuta ditu (https://ec.europa.eu/culture/policies/eu-competences-field-culture) bere eskumeneko kultur politiken oinarriak, eta kide diren estatuen laguntzaile gisa ageri da. Era berean, zehaztu ditu 2019-2024 bitarteko lehentasunak eta gai nagusiak Europako kultur lankidetzarako.

Oinarrietan, ez du kulturako definizio hertsirik ematen, eta estatu bakoitzaren esku uzten du eginkizuna. Kultura sektorean erronka diren arlo komunak aipatzen ditu, hala nola: teknologia digitalaren eragina, kultur gobernantzaren ereduen aldaketa eta kultura eta sorkuntza sektoreei berrikuntzan laguntzeko beharra.

Halaber, nabarmentzen du Europako Batasunaren estrategia politiko orokorraren zati direla kultura arloko politikak. Hain zuzen ere, 2019-2024rako zehaztutako markoan honako hauek dira erronka nagusiak: 1) Europako Akordio Berdea: klimaren aldetik lehenengo kontinentea izateko ahalegina egitea. 2) Aro digitalerako egokia den Europa: pertsonak teknologien belaunaldi berri baten bidez ahalduntzea. 3) Pertsonentzat lan egiten duen ekonomia: berdintasun sozialaren eta oparotasunaren alde lan egitea. 4) Europa indartsuagoa munduan: Europa lidergo global arduratsuaren marka sendotzen ahalegintzen da. 5) Gure bizimodu europarra sustatzea: guztiok aukera berdinak izango ditugun berdintasunerako batasuna eraikitzea. 6) Europako demokraziari bultzada berria ematea: gure demokrazia elikatu, babestu eta sendotzea. Horiek horrela, kulturak Europako Batasuneko ekonomia eta gizarteentzat garrantzi handia duenez, kultura- eta sorkuntza-sektoreek erronka horietan guztietan lagun dezaketela azpimarratzen du Europako Batzordeak.

Bestalde, Kulturako Lan Agendako helburuak hiru multzotan jasota daude: soziala, ekonomikoa eta kanpokoa. Dimentsio sozialaren helburua da kulturaren eta kultura-aniztasunaren ahalmena gizarte-kohesiorako eta ongizaterako baliatzea; dimentsio ekonomikoko helburua da hezkuntzan eta berrikuntzan, enplegurako eta hazkunderako kulturan oinarritutako sormena bultzatzea; eta kanpoko dimentsioan, EBren nazioarteko kultura-harremanak sendotzea da helburua. Era berean, aurreko hamarkadan abiatutako lankidetza-ereduarekin jarraitu nahi dute, kide diren estatuekin zein interesdunekin (gizarte zibileko erakundeak eta nazioarteko bazkideak barne hartzen dituena) diseinatzen Agenda Berria.

Ez dugu lekurik hemen zehatzago azaltzeko, baina, konplexua eta anbizio handikoa da Europako Batasuneko markoa; eta aniztasuna eta berdintasuna bermatzen ditu. Hori guztia kontuan izanik, herrialde bakoitzak bere esparruko kultur politikak horiek bezain ongi landuta izan behar ditu. Baina, non eta nola dago euskal kultura jokozelai horretan? Zein kultur politika behar dira horrelako erronkei bertatik sendo erantzuteko? Euskal kulturak eta komunitateak jokozelai konplexua dute: hiru administrazio-esparru, bi estaturekiko menpekotasuna, Internet eta diaspora.

Hasieran esan bezala, egun edozein gobernu zein herrialderi politikak egiteko eta lantzeko era zaharrak agortu zaizkio. Gizartea antolatuago dago, eta jakintza hedatuago bertan; eta erabaki-prozesuak konplexuagoak dira politikan zein ekonomian, 90eko hamarkadatik eta globalizazioaren eraginez nabarmendu delarik. Gobernatzea gobernu formalak dituen gaitasunei dagokie; gaitasun horiek, besteak beste, administrazio publikoaren funtzionamendua eta funtzionarioen prestakuntza hobetzea eta ezagutza zientifikoa eta teknikoa erabakiak hartzeko prozesuan sartzea dira. Gobernantza, aldiz, gobernu formala barne hartzen duen eta gaitasun horien beharra onartzen duen arren, gizarte zibileko erakundeak eta eragile sozioekonomikoak barruan antolatzeko moduaz ere arduratzen da, eta, batez ere, ondasun komuna kudeatzen laguntzeko moduez.

Atzean geratzeko arriskua dugu, hashtag-ek erakusten diguten eran. Egun, pandemia garaian bereziki, ikusten ari garen gobernu eredua urrun dago gobernantzatik; aginduak jaso eta betetzeko dinamikak aurkako norabidean baitarama gizartea. Edonola ere, amaitu aurretik, parte-hartzea eragiteko politiken praktika onaren ahalegin diren kasu batzuk aipa genitzake: Zientzia, Teknologia eta Gizartea Plana 2005-08 (Eusko Jaurlaritza); Errenteria 2025 Plan Estrategikoa (Errenteriako Udala, 2013); Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoa (Hizkuntza Politikako Sailburuordetza, 2015); eta Etorkizuna Eraikiz, Lurralde Garapeneko Laborategia (Gipuzkoako Foru Aldundia, 2009-2020). Partaidetzazko politikatan sakontzeko ikasgaia izan daitezke instituzioetatik bideratutako egitasmo horiek; baina, kasu isolatu izateko arriskua ere badute, orokortzen ez bada politika egiteko era hori.

Bizitza ez da zelaia, ahalegina da, eta errealismoz eta arduraz jokatzea dagokigu. Jokoa ez da errenta, izan ere, gizarte hobeagoa eta demokratikoagoa egunez egun eta lankidetzan arituz lortzen baita. Saldu nahi digute «klik bakarrean» gauzak lortzearen berehalakotasuna irtenbide gisa, eta ilusio faltsua besterik ez da. Hobe litzateke elkarrekin lanari ekingo bagenio, soseguz, baina premiaz; Kultur Politikako egitasmo berritu eta zabal baterako.]]>
<![CDATA[Euskal kultura(n) ko-eraketan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1946/012/003/2020-09-19/euskal_kulturan_ko_eraketan.htm Sat, 19 Sep 2020 00:00:00 +0200 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1946/012/003/2020-09-19/euskal_kulturan_ko_eraketan.htm
Kulturaren esparrua zabala eta anizkoitza da oro har, geruzak baititu gizarte garaikidean, hala nola: munduarekin erlazionatzeko tresna eta adierazpide multzoa da; dimentsio politikoa du eta aldaketa sozialerako aukera ematen duen gatazka-etxea da; kontsumo-gizarteak kulturaren merkantilizazioa ekarri du; izaera edo funtzio bikoitza du, izan ere, esperientzia indibiduala da eta guztiok partekatzen dugun ondarea ere bada; eta kulturak gu egiten gaitu. Kultura bakoitzak bere zeinu eta sinesmenak ditu, kideek transmisioz jasotzen dituztenak identitate jakin bat osatzeko elkarren artean. Era berean, edozein kultura beste kulturekin harremanetan dago fenomeno desberdinen baitan (multikulturalitatea, transkulturalitatea, akulturazioa, etnozentrismoa,…). Prozesu kulturalak ere baditugu, eboluzioaren eta aldaketaren bide direnak. Izan ere, kulturaren eta gizakiaren arteko harremana ko-eraketakoa baita, interakzioan eraiki eta eraldatzen dutelarik elkar.

Euskal kultura, zehazki, minoritarioa da, eta bi kultura hegemonikok inguratzen dute; kultura-anitza den kontinentean. Zeinu nagusia eta bereizgarriena hizkuntza da, euskara; eta biztanleriaren erdiak ia ezagutzen du. Modernizatu zen eta iruditeria eta bizimodu propioa (arteak, literatura, folklorea, ondarea, ohiturak, artefaktuak, eraikuntzak…) sortuz joan da.

Milurtekoaren lehen hamarkada 2008ko krisi finantzarioarekin itxi zen; bigarren hamarkadaren amaiera, berriz, osasun-krisiarekin itxiko da. Ez dira garai lasaiak, ezta samurrak ere. Aldaketak azkar doaz, mundu mailako krisiak sortzen ari dira bata bestearen atzetik, eta guztion ahotan dagoen hitza ziurgabetasuna da. Horrekin batera, prekaritatearen fenomenoak mehatxatuta dauka euskal gizartea. Artista bati entzundako hitzak ekar genitzake, hau baitzioen Asier Mendizabalek, gogoetan ari zela beste hiru kiderekin batera, Kutxa fundazioak eta Globernancek antolatutako eztabaida telematiko batean (Kultura, gizarte kritiko eta kohesionatu baten ezinbesteko tresna elkarrizketan, 2020-06-03): «La debilidad y la precariedad no solo esta en la cultura».

Era berean, globalizazioak eta teknologiak harreman moduak eraldatu ditu eta Internetek paradigma aldaketa ekarri du gizartearen antolaketan. Horrekin batera, lurralde berean kultura desberdinen arteko topaketa gero eta handiagoa da, erlijioenak, hizkuntzenak, identitateenak... adierazpide guztiak euren lekua bilatzen ari dira etengabe, tentsioan eta borrokan, asimilazioan ez erortzeko.

Euskal kultura ere testuinguru horretan dago murgilduta. Horiek horrela, euskal gizartearen erronka bikoitza da: identitate errotuarekin gizartearen eraldaketan aurrera egitea, eta horretarako, bere baitan irtenbideak topatzea gizatalde gisa. Kontuan izanik, gainera, errealitate juridiko eta politiko desberdinen baitan dagoen kultura minorizatuko gizataldea dela.

Egun, krisiei gizarte gisa nola egiten ari garen aurre ekarri beharko genuke eztabaidara. Nola egiten ari gara aurre osasun-krisiari? Hezkuntza-sistemak zein baliabide eta gaitasun ditu? Gizarteak zein antolaketa beharko luke? Elkarrekin politikak eraikitzeko eta erabakiak hartzeko espazio partekatuak non daude? Nola dago kulturaren sektorea?...

Erantzunak gizartean eta gizarteko aktoreekin batera topatu behar dira, parte hartzea zein antizipazioa sustatzen duten politiken bidez. Era berean, kulturak eta arteek funtzio garrantzitsua joka dezakete politika egiteko era horretan. Lau sistemadun engranajearen eran funtzionatuko duen antolaketa behar baitu gizarteak, hala nola: ekonomia, politika, zientzia eta teknologia eta kulturak sistema bat osatu beharko lukete, batak ez luke bestearen ondoren etorri behar. Era horretara, hezkuntza-sistema sendoagoa izango litzateke.

Kontzeptu sozio-teknikoa gizartearen antolaketa eta eboluzioa ulertzeko azalpen dinamikoa da; izan ere, horren arabera, gizarteko fenomenoak ez baitira lege naturalen arabera gertatzen, hartzen diren erabakien eta egiten diren akzioen arabera baizik.

Kulturak, jokabideak eta talde gisa aritzeko arauak izateaz gain, arteak ditu berezko adierazpide. Horien bidez, historia kontatzen da, istorioak kontatzen dira, sormena lantzen da, harremanetarako erak garatzen dira, mundua interpretatzeko bideak bilatzen dira, ezarritako arauak kuestionatzen dira… eta gizartea kohesionatzeko tresna eztabaidaezinak dira. Euskal kulturak testuinguru konplexu eta zaila du, baina, lehenago esan bezala, erabakietan dago gakoa.

Gizarte juxtuak prozesu demokratikoetan sakontzeko tresnak eta antolaketa behar ditu, sistema produktiboaren eta politika neoliberalen morrontza dohakabean ez erortzeko. Azken batean, ziurgabetasunean bizitzeko erremintak eta testuinguruak garatu behar dira eta pertsonak ahaldundu; identitate eta kultura errotu batekin.

Bide horretan administrazioak aktore garrantzitsu dira, baldintzak eta baliabideak jarri beharko lituzketelako, bideratzaile lana eginez. Baina, jarrera elitistari muzin egin beharko litzaioke horretarako, eta benetako prozesu berritzaile eta parte-hartzaileagoak bideratu, hala nola: gizartea antolatzeko, kultura-ikuspegia barneratzeko, zientzia eta teknologia humanista garatzeko, hezkuntza eraberritzeko… Zoritxarrez, kontrako norabidean goazela ikusten da gero eta nabarmenago.

Hau guztia azaldu eta gero, honela laburbilduko nuke nire kultura-hautua: euskalduna (euskara ardatz duena), errotua eta konprometitua (tradizioekin lotua eta aurrera begiratzen duena), humanista (pertsonak ahalduntzen dituena), integratzailea eta irekia (identitateekiko irekia eta gai unibertsalentzat erantzunak bilatzen dituena), sortzailea eta berritzailea (adierazpide artistikoen zein sormenaren lurra etengabe ongarritzen dituena) eta eraldatzailea.]]>
<![CDATA[Euskara eta robotak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1896/013/001/2020-08-15/euskara_eta_robotak.htm Sat, 15 Aug 2020 00:00:00 +0200 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1896/013/001/2020-08-15/euskara_eta_robotak.htm
Elkarrizketa-interfazeak kontsumitzaileei informazio garrantzitsua modu eraginkorrean eta errentagarrian emateko tresna gisa hedatu dira merkatuan. Bi kategoria nagusi daude interfaze horietan: elkarrizketa-morroiak eta txatbotak. Lehena erabiltzailearen interfaze bat da, eta erabiltzaileari aukera ematen dio komando baten bidez ekintza bat osatzeko. Askorentzat ezagunak diren markek garatu eta merkaturatu dituzte horrelakoak, hala nola: Apple-n Siri, Google home, Amazon Echo... Bigarrena, txatbota, web-ean edo mugikorrean oinarritutako interfazea da, eta erabiltzaileari galderak egiteko eta informazioa berreskuratzeko aukera ematen dio. Ahots-laguntzaile moduan funtzionatzen du, eta transakzio komertzialetarako, zerbitzu batean erabiltzailea hasierako urratsetan laguntzeko, informazioa arakatu eta galdera konplexuak erantzuteko, osasungintzako oinarrizko arretarako... erabiltzen da (hala nola Amazonen Alexa, Xiaomiren Xiao, Google Assistant...). Emaitzak oso mugatuak dira, baina erabileraren poderioz hobetzen diren ikasketa-sistema dute bere baitan.

Era horretara, mundu mailako lauzpabost enpresa nagusitu dira merkatuan une honetan, eta bakoitzak bere estrategia du algoritmoen eta datuen gardentasunari zein irekitasunari dagokionez. Hasieratik, doakotasunaren eta teknologiaren ontasuna (bizitza errazago egitea, konektibitatea...) helarazten zaio erabiltzaileari, baina horren atzean enpresa pribatuak dira nagusi eta hainbat merkatu-interes eta datuen kontrol-estrategia daudela ezin da ahaztu. Horiek horrela, adimen artifizialaren eraginpean garatutako erabiltzaile-interfazeek inplikazio linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural handiak dituzte. Hori dela eta, hasieratik bertatik lekuan lekuko hizkuntza-politikak eta estrategiak landu behar dira alderdi horiek guztiak kontuan izanik.

Euskaratik ere heldu zaio gaiari, azken bi hamarkadatan ikerketako hainbat aktoreren eskutik. Esate baterako, duela gutxi Elhuyar Fundazioak iragarri duenez, martxan dira euskara ulertzen hasi diren txatbotak, baita hizketa-morroiak ere. Euskarazko teknologiaren beste mugarria izango da teknologia horren garapena, zalantzarik gabe. Euskal Herriko Unibertsitatearen IXA ikerketa-taldearen Xuxen zuzentzailea garai batean izan zen bezala eta itzulpen automatikoan azken hamarkadan lortutako emaitzak izaten ari diren bezala. Google bezalakoak ere ari dira hizkuntzen artean euskara barneratzen.

Ikuspegi linguistikora jotzen badugu, gogoan izan behar dugu hizkuntzaren matizak eta aberastasuna zein anbiguotasuna jaso ahal izatea direla hizketa naturalaren prozesamenduak duen zailtasun handiena. Makinek hori guztia (ahoskerak, intonazioak, euskalkiak,...) interpretatu eta prozesatu ahal izatea oso urrun dago uneko errealitatetik. Hizkuntzaren ezaugarri horiek guztiak preziatzeko, A. Lertxundiren Itzuliz usu begiak (2019) saiakerak maisuki jasotzen du hizkuntzen arteko, eta hizkuntza bateko, interpretazio-aberastasuna. Hori nekez ulertuko dute makinek eta itzultzaile automatikoek; horregatik, teknologiaren garapena ordezkatze-prozesu moduan ikustea hizkuntzaren aberastasuna galtzea litzateke eta ez genuke akats horretan erori behar; nahiz eta sumatu daitekeen adimen artifizialak hizkuntzan bertan izan dezakeen eragina handia izango dela.

Merkatuaren ikuspegitik, une honetan txatbotak erabiltzen diren sektore nagusia on-lineko merkataritza da. Accentureren datuen arabera (Chatbots Are Here to Stay, 2019), Txinako enpresa puntakoen % 68 laguntzaile birtual bidez ari dira bezeroekiko elkarreraginak hobetzeko, esate baterako. Txatbotaren erabiltzaile nagusiak, bestalde, millenialak dira, eta datuek erakusten dutenez, gorantz doa hizketa-laguntzaile bidez Interneten hainbat eta hainbat zerbitzu eta informazio eskatzeko ohitura adin gazteetan. 18-24 urte bitarteko gazteen % 45ek gutxienez behin txatbota erabili dute. Aldiz, 55 urtetik gorako erabiltzaileen artean % 50ak ez du inoiz txatbotik erabili.

Berrikuntza teknologikoaren norabidea zehaztea euskal gizarteak duen erronka handia da. Hizkuntza-politikak, era berean, bere gain hartu eta sakon aztertu behar duen arloa da; aktore guztien parte-hartzearekin, eta dituen alderdi guztiak integratuz, hala nola: teknologia hautatu eta arautzeko aukerak, hizkuntza-teknologian ikertzeko lerroak, gazteak-hizkuntza-teknologia, irisgarritasuna eta inklusibotasuna, lehenetsi beharreko sektoreak; eta, oro har, euskararako elkarrizketa-interfazeen teknologiak era garden eta demokratikoan tratatuz hartuko den norabidea finkatzea eta horretarako esleitu beharreko baliabideak.

Uda garaian gaude eta zinemari keinu eginez amaitu genezake, kasu honetan zientzia fikziozko Her filmak (2013, Spike Jonze) kontatzen digun amodiozko historia dramatikoarekin. Theodore, besteentzako gutun pertsonalak idazten diren enpresa batean lanean dabilen idazlea, banandu berri eta depresioak jota dabil. Egun batean, ahots emakumea duen sistema eragilea (Samantha) kontratatzen du Theodorek; eta euren artean sortzen den amodiozko istorioa kontatzen du filmak. Jonzeren zientzia fikziozko drama honek bakardadea eta gizakien arteko harremanen eta kontaktuaren beharraren gaiak jartzen ditu gogoeta gai, adimen artifizialaren eraginpean. Filmak giza-harreman batzuk tratatzen ditu soilik, sinpleegi agian hainbeste erpin dituen gaiarentzat; halere, zer pentsatua ematen du. Tira, robotak roboten kaxoian sartuko ditugu, ezin garai hobean baikaude maitasunaz eta harremanez gozatzeko, cheek-to-cheek kantan bezala, musukoa musukoaren kontra. Uda on.]]>
<![CDATA[Euskara edo/eta Europako hizkuntzak aro digitalean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2020-07-18/euskara_edoeta_europako_hizkuntzak_aro_digitalean.htm Sat, 18 Jul 2020 00:00:00 +0200 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2020-07-18/euskara_edoeta_europako_hizkuntzak_aro_digitalean.htm
Kontinente zaharrak 746.000.000 inguru biztanle ditu, 50 estatuk osatzen dute eta 91 hizkuntza hitz egiten dira, gutxienez, bere lurretan. Hizkuntza horien guztien izaera edo estatus soziopolitikoa desberdina da: batzuk ofizialak dira eta baliabide sendoak dituzte; besteak eremu urrikoak edo eskualde-hizkuntzak dira, baliabidez mugatuak. Euskarak izaera koofiziala du autonomia erkidegoan, gaztelaniarekin batera, katalanak eta galegoak euren erkidegoetan bezala; eta eremu urriko hizkuntzen artean daude. Frantzian, berriz, eremu urriko hamar hizkuntza badaude ere (euskara, bretoiera, korsikera, okzitaniera...) hizkuntza ofizial bakarra dago, frantsesa.

Hizkuntzaren izaera estatus soziopolitikoarekin lotuta dago, ez hizkuntzarekin berarekin. Hizkuntzaren bizi-indarra neurtzeko, berriz, hainbat adierazle daude; hizkuntzaren estandarizazioarekin batera, gaur egun, aro digitaleko presentzia eta garapena pisuzko aldagaiak dira. Esate baterako, Google-eko itzultzaileak dituen hizkuntzen zerrenda adierazle esanguratsua da; bertan daude, bai euskara, katalana zein galiziera 109ren artean. Halabaina, ez dugu ahaztu behar, parametro horien arabera, Europan 20 hizkuntza inguru desagertzeko arriskuan ere badaudela.

Europako Batasunera etorriz, bada kultura eta hizkuntza aniztasuna sustatzeko egitasmorik. 1994an Europako Parlamentuak onartutako eskualde eta eremu urriko hizkuntzen gutuna dago oinarri gisa, alde batetik. Europako Batzordearen baitan azken hamarkadan Batasuneko hizkuntzak aro digitalerako prestatzeko ekimenak martxan daude, bestetik. Premisa hauetan oinarritzen dira: eleaniztasuna Europako kultur aniztasunaren aktibo handienetako bat da, eta, aldi berean, EB benetan integratua sortzeko erronka handienetako bat. Hizkuntza-mugak gainditzea funtsezkoa da EBrentzat aro digitalean. Europako herritarrek beren hizkuntzetan komunikatu behar dute Europako mugetan zehar, langileen mugikortasuna areagotzeko, Europako zerbitzu eta eduki publiko eta pribatuetara iristeko eta Merkatu Digital Bakarraren aukerak baliatzeko. Erronka izugarria da; giza hizkuntzaren teknologiak lagungarri izan daitezke, zalantzarik gabe.

Horiek horrela, 2012an azterketa konparatibo bat egin zuen Meta-net sareak 30 hizkuntzaren osasun digitala neurtzeko, eta Liburu Zurien seriea argitaratu zen, euskara aro digitalean barne izanik. Konparaketa lan horretan erabili diren parametroak hauek dira: hizketa prozesamendua; itzulpen automatikoa; testu analisia eta ahots zein testu baliabideak. Horiek neurtuz, sei egoera azaldu dira. Hauek dira hoberenetik okerrenera: Egoera bikainean ez da hizkuntzarik atera; onean sei daude (ingelesa, alemaniera, frantsesa, espainiera, nederlandera eta italiera); ertainean hiru ageri dira (txekiera, hungariera eta poloniera); osagabean lau ageri dira (katalana, finlandiera, portugesa eta suediera); apalean ugari daude, euskararekin batera (euskara, bulgariera, daniera, galiziera, grekoa, norvegiera, errumaniera, eslovakiera, esloveniera, estoniera, serbiera eta kroaziera); eta azken sailkatuak ez egoeran daude (irlandera, islandiera, letoniera, lituaniera eta maltera).

Bestalde, Digital Single Market Strategy egitasmoa abian da 2015etik, Europako Batasuneko hamar proiektu estrategikoetako bat izanik; izan ere, EBko merkatu bakarra bateratu egin nahi da, 28 nazio merkatu digital bakarrera pasaz. Helburuak hauek dira: zerbitzu eta ondasun digitalerako sarbidea hobetu; zerbitzu eta sare digitalak garatzeko testuingurua eta azpiegitura sortu; eta hazkunde ekonomikoa zein herritarren onurak.

Era horretara, bi egitasmoen arteko joskintzan dabiltza Europako Batzordean, The Human Language Project-en bidez. Halaber, joskintza lanerako jostunak behar dira, herrialdez herrialde. Testuingurua sortuz doa, baina euskarak prestatu egin behar du merkatu bakarreko testuinguru horretan lekua izateko. Ingelesa bezalako lingua franca bat sortu izanak ez ditu Europako kulturak eta hizkuntzak ahuldu behar, eta Umberto Ecoren ideiari heldu nahi zaio: «La lingua dell'Europa è la traduzione».

Enpresa munduko, administrazio publikoko, industria sektoreko, ikerketa alorreko, software enpresetako, teknologia hornitzaileetako eta unibertsitate europarretako parte hartzaileekin lanean diharduten 33 herrialdetako 54 ikerketa zentroz osatua dago Meta-net sarea. Denak elkarrekin, teknologiari buruzko ikuspegi bateratu bat sortzen ari dira, eta eremu urriko hizkuntzentzat aukera aparta da mugen gainetik komunikatzeko esparrua izan dezaten.

Aro digitalean hizkuntza bat osasuntsu egoteko, eta produktuak, zerbitzuak zein teknologiak prest izateko (zuzentzaileak, itzultzaileak, hizketa-laguntzaileak, bilatzaileak...), balio-kate osoa finkatu behar da: ikerketa, garapena, berrikuntza eta merkaturatzea. Prozesu hori guztia denboran zehar gertatzen da, eta eragile zein erakunde askok parte hartzen dute, hala nola, ikerlariek, garatzaileek eta industriak. Lan bateratua ezinbestekoa da, gainera, baliabideak optimizatu eta onuradunengana (norbanakoak zein erakundeak) iristeko. Euskarak ahultasunak ditu, Europako konparaketan ageri den eran, izan ere, behar diren emaitzak lortzeko, inbertsioak eta politika sendoak behar baitira. Era honetako emaitzak, gainera, ez dira azken produktuarekin neurtzen bakarrik; bertako ikerketa eta industria garatzean dago gakoa. Azken urratsera iritsi aurretik, jakintza oso bat garatzen da luzea izan ohi den prozesu osoan zehar. Balio horietan oinarritutako politikek eman diezaiokete aukera euskarari hizkuntza teknologiako sektore eutsigarria izan eta aro digitalean behar duen maila lortzeko.]]>
<![CDATA[Euskara eta hizkuntza-politikak aurrera begira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2020-06-13/euskara_eta_hizkuntza_politikak_aurrera_begira.htm Sat, 13 Jun 2020 00:00:00 +0200 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2020-06-13/euskara_eta_hizkuntza_politikak_aurrera_begira.htm
Euskarak komunitatea eratzen du eta komunitateak euskara, ko-eraketa erlazio batean; era horretara, norbanakoaren, gizartearen eta erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da euskara biziberritzeko politiketan. Arlo guztietan eragin behar delarik, hala nola: hizkuntzaren ikaskuntzan, hizkuntzaren erabileran, araugintzan, komunikazioan, motibazioan, hizkuntza-baliabideetan, egituren eraketan, arlo sozio-ekonomikoan, teknologian, legedian zein diskurtsoaren lanketan.

Euskararen komunitate osoaren lana da euskararen biziberritzea, eta gizarte-eragileak elkarlanean aritzeko espazioen beharra handia da. Komunitatean korronte eta ikuspegi desberdinak daude, baina, hori gainditu ezinezko oztopo ez izatea da garrantzitsua. Azken hamarkadan, adostasunen gaia inoiz baino indar handiagoarekin ardatz bihurtu dela esatera ausartuko nintzateke. Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoa egitasmoan ageri da eta G. Goikoetxearen Euskara irabazteko bidean liburuan ere bai. Izaera desberdineko lanak badira ere, aurrera begirako gako interesgarriak jasotzen dira era desberdinean; lehena, ikerketa soziolinguistikoa da eta EAEko (Euskal Automonia Erkidegoa) hizkuntza-politikaren markoaren lanketan kokatzen da, eta bigarrena, testigantzen liburua da eta iritzi ugari jasotzen ditu mosaiko baten eran.

Euskara eta haren komunitatea errealitate juridiko-politiko desberdinek inguratzen dute eta bi legeren baitan murgilduta dago (EAEko Euskararen Legea eta Nafarroako Foru Erkidegoko baskuenzearena, 1982 eta 1986koak, hurrenez hurren). Hiztunek, bere aldetik, ur horietan nabigatu dute, eta ugarituz joan dira —eta doaz—, populazioaren ia herena izateraino euskal hiztunak (ia milioi bat). Horrek guztiak hiztun tipologia ugaritu du, gainera; euskaldun berrien agerpena eta ugaritzea ekarri du, esate baterako, jatorrizko euskaldunekin edo euskaldun zaharrekin batera.

Beste alde batetik, XX. mendearen azken bi hamarkadetan plangintzak izan dira euskararen normalizazioan giltzarri, eta nagusiki EAEn garatu dira, sektore publikoan zein pribatuan. Sektore publikoan EAE herri-administrazioko VI. plangintzaldian dago murgilduta honezkero. Nafarroan, berriz, I. euskara-plana abian da 2019-2021 epealdirako. Sektore pribatuan, lan munduko euskara planak jarri ziren abian 1990. urtean; enpresetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko eta, era berean, euskara entitatearen kudeaketan txertatzeko helburuz. Lehenik esperientzia pilotuak izan ziren lan munduko euskara planak, eta, ondoren, 1997. urtean hasi ziren esperientzia pilotuak hedatzen. Orduz geroztik, tamaina desberdineko 400 entitate edota enpresatik gora daude murgilduta euskara-planetan, 20.000 langile baino gehiago inplikatu direlarik zuzenean. Unibertsitateek ere berariaz landutako euskara planak gidatu dituzte, arloen eskaintzan zein zerbitzuetan euskararen aukera bermatzeko eta baita euskararen erabilera areagotzeko ere.

Aurrerapausoak era planifikatuan eta adostuan emateko ezinbesteko tresna bihurtu dira plangintzak. Baina, beti plangintza izatera mugatu dira hizkuntzaren marko politiko zein juridikoan sakontzera iritsi gabe. Helduen euskalduntzeak elikatu ditu plangintza horien ezagutza beharrak, gainera. Era horretara, helduen euskalduntzean borondatezko ikasle tipologiari laneko motibazioarekin joandako ikasle tipologia gehitu zaio urte hauetan guztietan. Ez da ahaztu behar, hala ere, iritsi garen lekuraino iritsi ahal izan garela hezkuntzan azken 60 urteetan, —ikastolen sorrerekin abiatuta eta Euskal Eskola Publikoa izateraino— egin den ibilbideari esker; horrek ardaztu baitu euskararen garapena hein handi-handi batean.

Ikusi dugunez, herrialdez herrialde eman diren urratsak lege bakoitzaren garapenaren testuinguruan desberdinak izan dira, eta esan genezake zalantza izpirik gabe, datuak hor baitaude inkesta soziolinguistikoz soziolinguistiko ikusten denez, EAE dela euskararen normalizazioan aurrerapen sendoena izan duena, oro har; eta Euskal Herri mailako balizko arnasgune bihurtu da era horretara. Nafarroan ezagutza gora doa zailtasun handiekin, beti ere; eta Iparraldean arrisku egoeran jarraitzen du. Euskararen erabileran aurrerapen garrantzitsuenak 1990-2000 urteen bitartean gertatu dira, ondoren erabilera formalean aurreratu da gehien, eta, bereziki, EAEn. Baina, aurrerapenak aurrerapen, euskararen bizi indarra ahula dela agertzen hasi da azken azterketa soziolinguistikoetan, erabilera eta transmisioa geratu egin delako orokorrean.

Horrek bide bat agortuta dagoela pentsatzera eramaten gaitu, eta euskararen biziberritzeko politikak berrikusteko garaian gaudela iradokitzen du, geldialdia konponbide gabeko eten bihur ez dadin. Une honetan osasun krisiak gizartera ekarri duen egoera eta sortu dituen kalteak nabarmen azaleratu dute ahultasuna, euskalgintzako hainbat eta hainbat eragile gogorarazten ari diren eran. Oro har, ikus daiteke marko berri baten beharra dagoela, legedian zein politiketan, euskararen indarberritzea gerta dadin.

Gizartea, eta euskara, mundu globalizatuaren deskonfinamendu moduko horretan murgilduta dago, eta ondorioz, ziurgabetasun eta eraldaketa une sakon batean, berrikuntzek ekarri ohi duten prozesu disruptiboen garaian. Gaur egun mundu mailan garatzen ari diren gobernantza parte hartzaileko demokrazien egiteko erari arreta jarri beharko genioke. Politika horiek diseinatzeko garaian eragile sozialek protagonismoa hartzen dute eta administrazioak bideratzaile bihurtzen dira. Politika egiteko era berritzaile horietan honako balioak dira nagusi: deszentralizazioa; parte hartzea; ezagutzaren partekatzea; informazioaren eskubidea; eraikuntza kolektiboa; herritarren ahalduntzea; eta ikuspegi estrategikoa.

Euskararen politikak esparru desberdinetako gizarte eragileen parte hartze errealaren bidez eraikitako gobernantzako espazioak bihurtu beharko lirateke, hemendik aurrerako bidea indarrez egingo bada, oparo.]]>
<![CDATA[Euskara eta balioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/021/001/2020-05-12/euskara_eta_balioak.htm Tue, 12 May 2020 00:00:00 +0200 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1876/021/001/2020-05-12/euskara_eta_balioak.htm
Kulturaren eta hizkuntzaren artean aldebiko harremana dago: alde batetik, hizkuntza produktu kulturala da, eta, bestetik, hizkuntzak kultura eraikitzen parte hartzen du. Hizkuntza kulturaren adierazpide unibertsalena dela esan genezake. Era horretara eraikitzen da identitatearen balioa.

Hizkuntza gauzatzea bera hasieratik da zirraragarria eta misteriotsua, baita zientzialarientzat ere. Ikerketa-gai garrantzitsua da, adibidez, buruko gaixotasun degeneratiboak ulertzeko. Honela deskribatzen du hizkuntza naturalaren prozesua Itziar Laka hizkuntzalariak: Hizkuntza berez datorkigun zerbait dela uste dugu, eta erraz sortzen dugula, arnasa hartzea edo oinez ibiltzea bezala. Baina, dirudien baino askoz eragiketa konplexuagoa da hitz egitea. Hitz egiten ari garenean, adierazi nahi ditugun esanahaiak hizkuntza forma bihurtzen ditugu. Era berean, hizkuntza hori ulertzeko, gure begi/belarriek seinale bat dekodifikatu behar dute lehenengo, horri dagokion hizkuntza forma aurkitu eta hizkuntza forma horrek daraman esanahia jaso. Hori guztia burmuinak egiten du, baina, prozesu horretan eragina daukate beste hamaika faktorek.

Hizkuntzek, hiztunek bezala, baldintza jakin batzuk behar dituzte osasuntsu garatzeko. Munduan bi joera nagusi daude kultur aniztasunari dagokionez: A) bateratzailea, eta kultura aniztasuna murriztu eta ezabatzen duena, kultura eta hizkuntza ahulen kaltetan, eta b) kultura aniztasuna zaindu eta garatzen duena, beti gatazken erdian eta botere harremanen borrokan bizirauten aurkitzen dena.

Horren arriskuaz jabetuta, Unescoren kultur aniztasuneko adierazpen unibertsalak honela dio printzipioetan: Kultura forma desberdinak hartzen ditu denboraren eta espazioaren bidez. Aniztasun hori gizateria osatzen duten talde eta gizarteen ezaugarri diren identitateen originaltasunean eta aniztasunean agertzen da. Truke, berrikuntza eta sormen iturria izaki, kultur aniztasuna bizidunentzako dibertsitate biologikoa bezain beharrezkoa da giza generoarentzat. Alde horretatik, gizateriaren ondare komuna da, eta gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldien onerako onartu eta finkatu behar da.

Munduan 6.000 hizkuntzatik gora daude. Hizkuntzen % 95ek milioi bat hiztun baino gutxiago dauzka, eta % 50ek 10.000 hiztun baino gutxiago. Mundu osoan zehar 300 milioi lagun inguruk (populazioaren % 5, gutxi gorabehera) oraindik ere identitate sendoa dute kultura indigena baten kide gisa. Hizkuntza gehienak ez dira idazten, eta ez dira hezkuntza antolatuan edo komunikabideetan erabiltzen; ez zaie aitortzen estatu hizkuntzaren mailarik. Munduko hizkuntzen erdia desagertzeko arriskuan dago.

Hiztun kopurua ez da faktore erabakigarria hizkuntzen iraupenean. Kitxua hizkuntza indigenak, adibidez, 10 milioi hiztun ingururekin, zalantzan dauka etorkizuna, besteak beste, instituzio ezagatik. Islandierak, berriz, hiztun kopuru txikia du (320.000 hiztun), baina hizkuntza moderno batek behar dituen balio guztiak ditu, estatua barne, indartsu jarraitzeko. Gaelikoa beste egoera batean dago, badu estatua eta baditu instituzioak, baina ez du hiztun komunitaterik, eta ahulezia handiak ditu, ez baita erabiltzen egunerokoan.

Euskararen baitan balioen eragina ikus daiteke, lurraldez lurralde garapen eta estatus desberdina izaten ari baita. Herrialdez herrialde eman diren urratsak lege bakoitzaren garapenaren testuinguruan desberdinak izan dira, eta esan genezake, zalantza izpirik gabe, datuak hor baitaude inkesta soziolinguistikoz soziolinguistiko ikusten denez, EAE dela euskararen normalizazioan aurrerapen sendoena izan duena oro har; eta Euskal Herri mailako arnasgune bihurtu da, era horretara. Nafarroan ezagutza gora doa, zailtasun handiekin betiere, eta Iparraldean arrisku egoeran jarraitzen du.

Euskara batuak batasunaren balioa ekarri zion euskarari, baita modernizatzeko eta garatzeko gaitasuna ere, duela 55 urte. Beste balio bat ere erantsi dio euskarari: balio sozio-teknikoa. Dispositibo sozio-teknikoa da euskara batua, komunitatea eraikitzen du eta komunitateak eraikitzen du, ez da familiarteko edota belaunaldiarteko ahozko transmisiora mugatzen, hizkuntza indigenei gertatzen zaien eran. Mundu bat eraiki da euskara batuarekin eta mundu bat eraiki du euskara batuak. Dinamikoa den mundu bat da, eta egunez egun, ikerketa, garapena eta zaintza eskatzen ditu.

Hortaz, zerk ematen dio bizi indarra hizkuntzari eta hiztun komunitateari aro modernoan garatzen jarraitzeko? Balio guztiek ematen diote sendotasuna, hala nola: a) komunikazioa, identitatea, kohesioa, transmisioa, batasuna... bezalako balio sozialek; b) hedabideak, hezkuntza sarea, sozioekonomia, legedia, politikak, akademia... bezalako balio funtzionalek; eta c) idazketa, teknologia, arauak, Internet, hiztun sarea... bezalako balio sozio-teknikoek.

Batek baino gehiagok pentsa dezakeenaren kontra, euskararen aldeko politika integralak garatzen jarraitzea ezinbestekoa da, eta ez da inondik inora diskriminatzailea; alderantziz, aipatutako balio guztiak behar ditu bizi indarra bermatua izateko. Benetan diskriminatzaileak kultura homogenotasuna sustatzen duten politikak dira, aniztasunaren eta aberastasunaren kaltetan gauzatzen baitira. Hizkuntzaren balio guztiak garatzen dituzten politikak behar ditugu euskararentzat, haren lurralde osoan, kultur osasunaren eta aniztasunaren izenean.]]>
<![CDATA[Euskara eta industria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2020-04-04/euskara_eta_industria.htm Sat, 04 Apr 2020 00:00:00 +0200 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2020-04-04/euskara_eta_industria.htm
Laugarren sektoreak beste sektoreetako jarduera hobetzeko eta berritzeko irtenbideak eskaintzen ditu usu, bere jarduera propioarekin aurrera egitearekin batera. Hizkuntzek ere ekarpen garrantzitsuak egiten dituzte aktibitate ekonomikoaren aurrerabidean, betidanik egin dituzte; baina, ezagutzaren gizartean pisu handiagoarekin egiten dute eta ageriagoa izaten ari da. Ekonomia hizkeran balio erantsia esaten dena sortzen dute hizkuntzek industrian, produktuetan zein zerbitzuetan. Kasu batzuetan, langileen arteko harremanen kohesioko giltzarriak dira hizkuntzen tratamendu egokiak enpresetan; beste batzuetan, zerbitzu bat emateko edo produktu bat saltzeko erabiltzaileekiko zein bezeroekiko gertutasuna ekartzen dute; eta beste batzuetan, irakatsi egiten dira hizkuntzak edota azken belaunaldiko teknologietan erabiltzeko prozesatzen dira. Azken batean, harreman jardueren multzoa da ekonomia, eta harremanek hizkuntzekin lotura banaezina dute. Horri ezagutzaren gizartearen garapenak eta teknologiaren garapenak gizartean zein ekonomian ekarri dituen aldaketak eransten bazaizkio, hizkuntzen pisua aktibitate ekonomikoan handia dela ondoriozta dezakegu. Balio hori ikusten erraza ez den arren, jarduera ekonomiko ugaritako balio ukiezina da hizkuntza.

Testuinguru horretan kokatzen da hizkuntzen industria, eta Euskal Herrian ere bere garapena izaten ari da, euskararen bidez, eta beste hainbat hizkuntzen bidez. Industria mota hori hizkuntzen tratamenduarekin loturiko produktu nahiz zerbitzuak diseinatu eta komertzializatzeaz arduratzen da. Euskal Herrian, zehazki, lau eremu hartzen ditu nagusiki: a) Arautu gabeko hizkuntzen irakaskuntza; b) Itzulpengintza eta interpretazioa; c) Eleaniztasuna kudeatzen laguntzeko tresnak eta prozedurak edo aholkularitza eta, d) Hizkuntza teknologiaren garapena. Azken hori aurreko hiru eremuen lagungarria da, era berean, eta diziplina anitzen parte hartzearekin gauzatzen da (enpresa espezializatu, berrikuntza gune eta unibertsitateen parte hartzearekin, hain zuzen ere).

Hala eta guztiz ere, hizkuntza industrializazioa ez da ekonomia apustu hutsa, kulturala eta politikoa ere bada; eta horregatik, planteamenduak bi ikuspegi uztartu behar ditu: lehiakortasun ekonomikoa eta kolektibitatearen existentzia. Bide batez esan, apustu hori oso lerrokatuta dagoela, gaur egungo teoria aurreratuei jarraituz, enpresa munduan arduratsuenek aurrera daramaten gizarte erantzukizunaren planteamenduarekin. Izan ere, planteamendu horren arabera, enpresek oinarrizko lehia abantailak eta abileziak garatu behar dituzte, baina lan egin behar dute mundua hobetzeko. Kokatutako lekuan, gertuko mundu horretan, errotuta aritzeak enpresei gizarte erantzukizunean sakontzeko aukera ematen die, gainera.

Euskararen industriara etorriz, zehazki, esan genezake ezaugarri berezkoak dituela, izan duen sortzeko eta garatzeko moduagatik. Izan ere, euskararen industriaren jatorria militantziatik eta euskararen normalizazioan eragiteko politiketatik dator. Era horretara sortu diren erakunde pribatuak (edo gizarte ekimenekoak) irabazi asmorik gabekoak dira. Baina pisu handiko jarduera ekonomikoa bereganatu dute, eta autorregulatzeko zein erakundetzeko gaitasuna erakutsi dute, eta finantzatzeko sistema mistoen bidez kudeatzen dute euren ekonomia (diru publikoa eta merkatuko diru sarrerak), irabaziak egitasmoan inbertitzen jarraitzeko bokazio sendoz. Era berean, militantzia zein profesionaltasuna uztartzen dituzte erakunde mota honetako langileek, eta euskararen kasuan sektore publikoko hizkuntzaren normalizaziorako zerbitzuekin osagarriak dira. Berrikuntza eskola batzuk, era honetako aktibitatea, sektore publikotik zein pribatutik kanpo kokatzen dute, hirugarren sektore gisa. Era honetakoak dira GKEak (gobernuz kanpoko erakundeak), esate baterako.

Hirugarren sektoreak, ekonomia soziala deiturikoak, ezaugarri eta osagai interesgarriak ditu gizarte kohesionatu eta berritzaile baterako bere aktibitate ekonomikoaren bitartez. Ondasun komunaren sortzaile potentziala dela esan genezake. Elinor Ostrom ekonomialariak Ondasun Komunen Ekonomiako teoriaren bidez (Commons ingelesez) erakusten du guztion ondasunak arduraz kudeatzeko ez eremu pribatua ez publikoa maiz ez direla egokienak horretarako, komunitate batek, baldintza egokietan, baliabideen erabilera eta zaintza eutsigarriagoa lortzen duela; izan ere, ezagutza eta atxikimendu zuzenagoa eta hobea dutelako baliabide horiei buruzkoa edota gertuko errealitatearena.

Euskararen industria sustatu eta babesteko arrazoiak ekarri nahi izan ditut lerro hauetara, ekonomia sozialaren munduan gertatzen ari diren berrikuntza garrantzitsuen olatuetan murgilduta dagoela ikusaraziz. Euskararen industriak irakaskuntza, itzulpengintza, interpretazio eta hizkuntza aholkularitzako produktu zein zerbitzu profesional aurreratuak eskaintzen dizkio merkatuari. Hori profesionaltasunez eta teknologia aurreratuen bidez egiten da, eta ekonomikoki bideragarriak diren erakundeetan, lankidetza publiko-pribatuaren arteko markoaren barnean. Konpromisoa eta ardura dira profesional eta erakundeen marka edo zigilu nagusia, era berean.

Ekonomia munduko aire berritzaileak dira euskararen industriako hauspoa. Baina hauspoa eragiten jarraitu behar da, geratu gabe.]]>
<![CDATA[Euskara eta teknologia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/026/001/2020-03-03/euskara_eta_teknologia.htm Tue, 03 Mar 2020 00:00:00 +0100 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1876/026/001/2020-03-03/euskara_eta_teknologia.htm 4. Iraultza industrialean murgilduta daude ikerlariak eta industria-mundua, 4.0 deituriko roboten iraultzan, hain zuzen ere. Eraldaketaren oinarrian dauden arlo nagusiak ingeniaritza genetikoa eta neuroteknologiak dira, eta dagoeneko existitzen dira adimen artifiziala duten makinak. Iraultzaren bultzatzaile sutsuenak iragartzen ari diren paradigma-aldaketa gertatzen bada, fenomeno teknologikoak ez ditu lan-mundua, osasun-arloa, ekonomia edota industria bakarrik eraldatuko; bizitzeko era, giza-harremanak eta elkarren artean komunikatzeko erak ere aldatuko ditu, inoiz ezagutu gabeko neurrian eta konplexutasunean. Horren guztiaren arriskuez eta aukerez inguraturik gaude, eta dilema zein eztabaida etikoak mahai gainean daude. Izan ere, ahobiko ezpata den teknologiak erabilera onak zein maltzurrak izan baititzake. Era berean, gaitz posibleen antidotoa teknologia bera dela ohartarazten dute pentsalari eta ikerlari eszeptikoenek.

Hizkuntzari ere erronkak planteatzen dizkio azken garaiko teknologiak, era askotakoak planteatu ere: linguistikoak, kulturalak, teknikoak, etikoak... Baina, teknologiaren trena oso boteretsua da eta abiada bizian doa oso. Horiek horrela, ezinbestekoa da digitalizazioak eta garapen teknologikoak euskarari nola eragingo dioten aztertu eta aurreikustea, eta baita beroriek dituzten aukerez baliatzeko hartu beharreko erabakiak eta neurriak hartzen jarraitzea; irmo eta era koordinatuan administrazioaren, ikertzaileen eta euskalgintzako zein hizkuntza-industriako eragileen artean.

Aro analogikoan hiztun-kopurua izan da maiz adierazlea munduko hizkuntzen indarra edo garrantzia neurtzeko, nahiz eta hizkuntzek berek hierarkiarik ez duten. Era berean, hizkuntzen nagusitasuna eta iraupena botere politiko, sozial eta ekonomikoekin estu loturik egon dira. Munduan 6.000 hizkuntza baino gehiago daude, hizkuntzen %95ek milioi bat hiztun baino gutxiago dauzka eta %50ek 10.000 hiztun baino gutxiago. Hizkuntza gehienak ez dira idazten, eta ez dira hezkuntza antolatuan eta komunikabideetan erabiltzen: ez zaie aitortzen estatu-hizkuntzaren mailarik. Munduan 6.000 hizkuntza baino gehiago dauden arren, Interneteko edukien %90 hamar hizkuntzatan emana dago. Internetek parametro berriak ekarri ditu, eta hiztun-kopurua ez da nahikoa indartsu mantentzeko, bertan ez dauden hizkuntzek desagertzeko arrisku handia dutelarik. Interneten gailentzen diren hizkuntzek, aldiz, nabarmen areagotzen dute euren nagusitasuna.

Euskarak, zailtasunak zailtasun, parametro orokor horiek gainditzen ditu. Interneten eta aro digitalean barneratuta dago, hizkuntza-teknologiak garatzen dihardu eta ia milioi bat hiztun ditu, euskaldun pasiboak zein aktiboak kontuan hartuta.

Euskaltzaindiak 100. urteurrena ospatu zuen iaz, eta akademiaren egitekoaz gogoeta egin zen, ondorioen azalpenean honela zioen Urkia euskaltzainak, egunkari honek orduan jasotako laburpenaren arabera: «Ezin esan arautze-lana bukatu denik; azken batean, hizkuntza aldatuz doa bizirik dagoen bitartean, komeni da gauza berriak sustraitu ahala eta beharra sumatu ahala arautzea: hitzak, izendapenak, kolokazioak eta abar. Badira oraindik Euskaltzaindiak arautu gabeko esparru batzuk: ahoskera, gramatika, ortotipografia, [...]». Bizia dela hizkuntza eta arian-arian agertzen direla behar berriak, zioen Urkiak. «Eta premia berri horiek ingurune digitaletik datoz gaur». Bestalde, Oñederrak honela zioen: «Arauak gidak dira, ez dogmak. Gainera, erabilerarako gidak dira, baina erabileran oinarritu behar dute neurri handi-handi batean».

Aipatzen diren ingurune digitala eta erabilera, osagai gakoak dira euskararentzat teknologiaren baitan duen erronkan, eta bere etorkizunean, oro har. Jakin badakigu honezkero, ezin dela mugatu hizkuntza euskarri digitalean egotera besterik gabe, teknologiak harago eraman du afera azken hamarkadan. Afera hirukoitza da: erabili, arautu eta prozesatu.

Era berean, kezka partekatua da digitalizazioarena euskararen normalkuntzan dabilen eragile ororen artean (Akademian, Unibertsitatean, Administrazioan, Euskalgintzan, Euskaraldian...). Baina, zer suposatzen du horrek? Nora darama mundu digitalak eta teknologiak hizkuntza eta bere mundua?

Hizkuntzak elementu sozio-teknikoak dira, komunikatzeko teknikak dira, naturari gainjartzen zaizkie eta hura adierazten dute, balioetan eta identitate batean, marko kontzeptualetan, oinarrituta. Hizkuntza naturalek teknologiarekin duten harremana idazketarekin hasi zen eta horrek hedakuntza-bide berriak ekarri zituen bere garaian. Hizkuntza naturalak garai batean islatu edo inprimatu egiten ziren teknologian, hala nola liburuetan edota irratietan. Internet iritsi zenean ere bai, bertan jasoz joan gara testuak, irudiak eta ahotsak. Gaur egun, ordea, prozesatu egiten dira, teknologietan erabili ahal izateko, eta zientzia horri Hizkuntzaren prozesamendua esaten zaio (Natural Language Processing edo Computational Linguistics ingelesez). Lengoaia naturalak prestatzeko modu bat da zientzia hori, makinek barnera eta ikas dezaten hizkuntza. Era horretara lantzen dira hizkuntza-teknologiak eta lor daitezke itzultzaile automatikoak, hizkuntza-zuzentzaileak, hizketa-laguntzaileak... eta hainbat eta hainbat tresna eta aplikazio lagungarri, gizarteko eremu ugaritara eraman daitezkeenak (osasuna, komunikabideak, irakaskuntza, politikagintza, industria, eta abar). Horien bidez pertsonen eta makinen artean komunikatzeko bide berriak ere sortzen ari dira, gainera.

Horrekin guztiarekin batera, teknologiak hizkuntza eta kultura aniztasunean jokatu dezakeen paper garrantzitsuaz jabetu behar dugu eta bidea jorratu. META-net hizkuntza-ikerlarien sare europarrak landutako liburu zurian eta Euskara aro digitalean txostenean xehetasun eta argibide guztiekin agertzen dira, Europako hizkuntzek, digitalizazioaz eta teknologiaz baliatuz, egin behar duten bidea eta horrek hizkuntza- eta kultura-aniztasuna gordetzeko aukerak nola ematen dizkigun.

Iragarri diguten iraultza honek egitura guztiak blaitzen ditu eta baita gizarteko geruza eta arlo guztiak baldintzatu ere, pertsonaletik hasita eta publikoeneraino. Euskarak eta euskaraz zergatik ez?]]>
<![CDATA[Euskara eta berrikuntza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1984/017/003/2020-01-18/euskara_eta_berrikuntza.htm Sat, 18 Jan 2020 00:00:00 +0100 Itziar Nogeras https://www.berria.eus/paperekoa/1984/017/003/2020-01-18/euskara_eta_berrikuntza.htm berrikuntza paper garrantzitsua jokatzen ari dela esatera ausartuko nintzateke.

Berrikuntza kontzeptua asko sustatu da azken hamarkadatan enpresatan zein politika publikoetan, I+G+b (Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza) prozesuak azaleratuz. Mugarria da honetan guztian ELGAren (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) Osloko Eskuliburuaren 2005eko argitalpena, esate baterako; bertan definitzen baitira entitate zein herrialde bateko berrikuntza ahaleginak produktuan, prozesuan zein merkaturatzean. Prozesu horien oinarri nagusia ikerketa da, eta berorretan oinarritzen da enpresa-berrikuntza. Gainera, prozesu horietan ezinbestekoa da balioa sortzea, hala nola, berrikuntza edo asmakizun horrek merkatuan hedapena izan eta irabaziak ematea. Era berean, berrikuntza horrek zerbaiten haustura edo desagertzea ere ekar dezake.

Baina, berrikuntza hori baino gehiago da, fenomeno anitza da, hain zuzen ere; eta ez du beti ikerkuntza jatorrian. Gizarte-berrikuntza da berrikuntzako beste modalitate bat. Azken hamarkadan zabalduz joan da, eta ikerketa-gai garrantzitsu bihurtu da, baita helburu estrategiko ere politika publikoko programatan.

Gizarte-berrikuntza zer den jakiteko, ikerlariaren lanetara jotzen badugu, honako azalpenak topatuko ditugu gizarte-berrikuntzak dituen ezaugarriei buruz: berrikuntzak gizartetik (gizarteko behar batetik) datoz, arazo bat konpontzeko edo hobekuntza baten beharra dagoelako; eta eragileak norbanakoak, elkarteak, administrazioak zein enpresak izan daitezke, baina, sortutako balioa ez da merkatuaren bahetik pasatzen; berrikuntza horren arrakasta (edo porrota) gizartearen onarpen mailan eta gizarteko hedapenean neurtzen da. Era berean, eskala desberdineko berrikuntza sozialak (artistikoak, kulturalak...) izan daitezke: mikroak, makroak edo mesoak, gizartean gertatzen den erabileraren edo onarpenaren mailaren araberakoak. Ikerlariak bat datoz, bestalde, gizarte-berrikuntza praktika bat dela esateko unean.

Horiek horrela, gizarte-berrikuntza zein berrikuntza kulturaleko eta politikoko fenomenoekin lotu genezake euskararen bizi-irautearen inguruan egin diren ekimen garrantzitsu asko; Euskararen unibertsoa edo Euskalgintza deituriko komunitatearen sortzea eta eratzea bera izanik aro modernoko berrikuntza nagusietako bat. Komunitatearen adar instituzionalaren eta sozialaren artean, edo horien arteko talkan ere bai, egin du bere historia modernoa euskarak. Berrikuntza sozio-politiko zein kulturaleko adibide esanguratsu batzuk hauek lirateke: Ikastolen sorrera eta mugimendua; Korrika; Elhuyar proiektua; Bertsogintza; eta Euskaraldia, besteak beste. Horiek banan-banan ikusiko ditugu orain, berrikuntzako ezaugarri batzuk nabarmentzeko, gaingiroki.

Ikastolen eragile nagusiak familiak eta norbanakoak izan ziren euren sorreran, bertako Elizaren babesean, Euskal Herri osorako hezkuntza-sistema euskalduna eratzea lortu zutelarik. Autogestioa eta kooperatibismo eredu hartu zen (familiak ziren kontseilariak), boluntariotzaz baliatu ziren eta ekonomia soziala (familiek jarri zuten dirua edo/eta kredituen abalemaile izan ziren) bultzatu zuten. Gaur egun, sistema gisa kontsolidaturiko berrikuntza da eta gertatzen diren berrikuntzak hezkuntzaren baitakoak dira.

Korrikaren sorrerako kezkak eta beharrak ekonomikoak eta kulturalak ziren (eta dira), izan ere, euskara hedatzea lortu behar zen herrialde guztietan eta helduen irakaskuntza antolatzeko dirua behar zen, hori dena erritmo bizkorrean gertatu behar zen, gainera. Horrela sortu zen, ordura arte existitzen ez zen «erreleboko Euskal Herri mailako lasterketa», kirol frogekin zerikusia ez duena, eta 2.000 kilometro baino gehiago salgai jartzen dituena. Ekimen jendetsua eta anitza bihurtu da, eta denboran iraun du, norbanakoak, gizarte-ekimeneko elkarteak eta instituzio publikoak inplikatzen direlarik. Gaur egun, gainera, Euskal Herritik kanpo ere ospatzen da, teknologiek asko lagundu dutelarik azken berrikuntza honetan.

Elhuyar proiektua sortzeko bi balio elkartu ziren: zientzia eta euskara, eta elkarketa berritzaile horrek beste berrikuntza batzuk ekarri zituen, hala nola: zientzia dibulgazioa euskaraz eta euskarri anitzetan (paperean, komunikabideetan, Interneten...); oraindik zientziaren dibulgazioa edozein hizkuntzatan minorien gai bat zenean. Berrikuntza ebolutiboaz hitz egin genezake kasu honetan, izan ere, profesionalizatuz joan baitziren eragileak eta zientzia dibulgatzailearen lanbidea sortu baita, beste berrikuntza batzuekin batera.

Bertsolaritzak, Ahozko Euskal Literaturaren langa tradizionala gainditu zuen 1990. urtetik aurrera bertso-eskolen sorrerari ekin zionean, sarean antolatzea eta hezkuntzara iristea ahalbidetu zion berrikuntza izan dira bertso-eskolak. Gaur egun ikuskizun eta ekitaldi ugari eta jendetsuak izateaz gain, bertsolarien perfilean berrikuntza ugari egin ditu bertsozale-sare horrek (emakumeen integrazioa, esate baterako); gainera, berrikuntza profesionala gertatu da, bertsolariak ere sorkuntzako erreferentziazko profesionalak dira kultur munduan eta komunikabideetan.

Azken garaiko berrikuntza bat aipatuz amaitu nahiko nuke, izan ere, euskararen erabilera handitzeko eta hiztunen hizkuntza ohiturak aldatzeko, Euskaraldia ekimena sortu da berriki. Berrikuntza aipagarri bat gizarte-ekimenaren eta administrazio-publikoen elkarlana delarik, diseinuan zein inplementazioan elkarrekin ari direlarik. Horrekin batera etorri den beste berrikuntza, prozesu baten planteamendua izatea da eta norbanakoen inplikazioarekin batera eraman nahi da aurrera; alegia, uko egin zaio publizitate-kanpaina klasiko bati. Horren ordez, prozesu oso bat lantzen ari dira eragileak elkarlanean, hizkuntza-ohituren inpaktua neurtuz; eta oso erantzun positiboarekin gizartearen aldetik bere lehen fasean, behintzat. Bigarren fasea hasi besterik ez da egin, eta ikusiko da, baina, prozesu berritzaile honek eskala desberdineko onurak ekarriko dituela aurreikus daiteke; euskararentzat, euskaldunontzat eta Euskal Herriarentzat.]]>