<![CDATA[Itziar Olasagasti | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 17 Jan 2022 08:02:18 +0100 hourly 1 <![CDATA[Itziar Olasagasti | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Niretzat, guretzat eta zaleentzat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2182/023/001/2020-09-15/niretzat_guretzat_eta_zaleentzat.htm Tue, 15 Sep 2020 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/2182/023/001/2020-09-15/niretzat_guretzat_eta_zaleentzat.htm
Denboraldiari eta estatistikei begiratuta faboritoak ginen, titulua defenditzera gentozen eta geure buruari erakutsi nahi genion iaz ez genuela irabazi kasualitatez. Presioa zegoen. Handia. Irteera puntuan ez baikinen titulu gehien zituen tripulazioa.

Aurkariak oso lehiakor zetozen, eta estropada biribila momentu egokian egitea lortu genuen, gure talde lanaren fruitu. Ez zegoen aitzakiarik. Ez kalerik, ez eguraldirik, ez zaleen bultzada faltarik. Eta iritsi zen, niretzat bigarrena dena, guretzat 34.a den hori.

Komunikabide askok galdetu digute ea zer-nolakoak ziren ontziratze-lehorreratzeak. Ez dakit horri zer erantzun, ezberdina izan dela besterik gabe. Sentipenak zaleekin banatzea guztiz aberasgarria den honetan, egoista senti al ninteke igandekoa bere osotasunean niretzat gordetzeagatik? Niretzat edo taldearentzat. Taldean gozatu genuen, guretzat eta zaleentzat.

Aurtengo ospakizunak iazkoak baino gehiago dastatu ditugu. Iaz dena zen berria, eta aurten horri ere zukua atera diogu. Beti azkena izan zitekeenaren beldur.

Horregatik, besarkadarik eman ezin dugun garai hauetan ariketa bat irakurleei. Eraman eskuin eskua ezker sorbaldara, ezker eskua eskuin sorbaldara eta gogor estutu. Jaso ezazue nire besarkada!]]>
<![CDATA[Nondik begiratu, hor dago gakoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2893/025/002/2020-09-08/nondik_begiratu_hor_dago_gakoa.htm Tue, 08 Sep 2020 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/2893/025/002/2020-09-08/nondik_begiratu_hor_dago_gakoa.htm
Isiltasun horretan ez zegoen beste urteetako tentsio unerik, ez zen ezezagunik argazkirik ateratzeko eskatzen, inor trainerua bere eskuekin ukitzen, edo tabernako barran egongo balitz bezala, ukondo eta bizkarrak erremolke edo traineruan jesartzen zituenik. Horrenbeste segurtasun eta osasun neurri eta hesi tartean, gure ordezko arraunlariek komeriak izan zituzten estropadak zuzenean ikusi ahal izateko. Zaletuei ohar errepikatua: etxean telebistaz ikusi eta kito.

Bi segundo asko edo gutxi dira? Lehen luzean lau segundo atzetik gindoazenekin konparatuz gero, sekulako emaitza da. Estropadako bederatzigarren minutuarekin alderatuz gero, zazpi segundo aurretik ginenean, ño! Gutxitxo iruditzen zaizkit bi segundo horiek. Donostiarrakoek pentsatuko dute hobe direla bi segundo atzetik lau baino, eta Oriok, aldiz, nahiago lau alde bi baino. Brankaz, txopaz, ababorretik, istriborretik, ur azpitik edo drone batetik begiratuta ere, 2,22 segundo Orioren alde. Datorren astean erabakiko da bandera.

Entrenamenduetan zubi azpitik pasatzean zaleen txaloak entzutea zoragarria izan ohi da. Igandean, aldiz, autobusean zubia zeharkatzean jaso genituen zaleen txalo eta animoak. Hori bai zoragarria! Milesker taldearen izenean!]]>
<![CDATA[Mareagarria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2165/022/002/2020-08-25/mareagarria.htm Tue, 25 Aug 2020 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/2165/022/002/2020-08-25/mareagarria.htm
Amona eta ama bezala, ni ere erraz mareatzen diren horietakoa naiz. Auto, autobus, tren eta hegaldietan urteekin gainditu dut; itsasontzian oraindik ez. Denok uler dezazuen, arraunean ez naiz mareatzen, baina ontzia geldirik dagoenean, komeriak! Autoan bai, baina gidatzean zorabiatzen ez denaren moduan. Asteburuko itsaso mugituan, traineruan serie tartean geldirik, a zer sentsazio eskasa! Intxaur azal baten antzera olatuen kulunkan, zeinen deseroso! Zarautzen saria jasotzera igo nintzenean ere momentu batean berdin sentitu nintzen. A zer marka! Halakoetan, ordea, errazago sendatzen zara.

Eta benetan mareagarria dena ordutegien kontua da. Kontxako estropadak beste estropadak baina goizago jokatu izan ditugu; aurten, ordea, oraindik eta goizago: neskak 10:00etan, eta mutilak 11:00etan. Ezin imajina dezakezue gure mozolo aurpegia entrenamendutik iritsi, eta kirol albistegian hori jakin genuenean. Eskerrak norbait albistegiari begira adi zegoen! Hau horrela, Unai, aurten ere meza ordua aldatu beharko al duk?]]>
<![CDATA['Txiki'-tik 'San Nikolas'-era]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2282/015/001/2020-08-11/txiki_tik_san_nikolas_era.htm Tue, 11 Aug 2020 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/2282/015/001/2020-08-11/txiki_tik_san_nikolas_era.htm
Urte berezi honetan, garaipenak ere bestelakoak izan dira. Iazkoekin alderatuta gehiago sufritu dugun arren, garaipen bakoitza gehiago disfrutatzen lagundu digu egoerak. Ezin ditugu ahaztu taldekide berri eta gazteenen ilusioak eta kezkak. Nork esango zigun bi jardunaldiren faltan lortuko genuela bigarrenez Euskotren liga? Ligan egon denak badaki lehenengoa asko kostatzen dela; beraz, imajina dezakezue goian mantentzea ere zenbat kostatzen den.

Martxoan, Txiki trainerua apalean gorde eta San Nikolas ontzian itsasoratu ginen ekainean. Beste berrikuntza bat gehiago denboraldi honetan. Iaz, herritarren laguntzarekin erositako traineru berriekin TKE eta KAE 2 ligen garaipena lortu eta gero, Euskotren ligan estreinakoa egiteko prest zegoen. Garaipenak herrian betiko moduan ospatu ez arren, herritarren izenak barruan eramateak sentiarazten digu haien bultzada.

Matematikoki irabazita daukagu liga, baina bi estropada falta dira jokatzeko, eta bandera bat emateko. Beraz, azken asteburuan lor ditzakegun emaitzek liga amaiera gaziagoa edo gozoagoa egingo dute. Ez ditzagun ahaztu aurkariak, borrokarako prest baitaude, eta gure mailarik onena lantzen jarraituko dugu egun hauetan. Amaiera gozo bat eman nahi diogu ligari begiz jota dugun Zarauzko estropadan, datorren asteburuan. Ondoren, hamazazpi egun luze izango ditugu Kontxako Banderarako sailkapen estropada prestatzeko. ]]>
<![CDATA[Arantzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2129/021/002/2020-08-04/arantzak.htm Tue, 04 Aug 2020 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/2129/021/002/2020-08-04/arantzak.htm
Euskotren ligan atsedena izan dugun asteburu honetan, Espainiako Txapelketa izan da. Ez dut inoiz inolako Espainiako txapelketarik irabazi; egia esan, ez dut traineruan inoiz parte hartu; bai ordea beste maila eta ontzietan. Arantza sartuta ez, baina etxeko lan edo ametsen zerrendan jarraituko du.

Emakumezkoen kasuan, denok egin diogu uko txapelketa honi. Zergatik? Talde bakoitzak izango du bere argudio sendoa: bidaia, distantzia, federazioarekin desadostasuna, gastu handiegia, antolakuntza maila, ez da gure txapelketa, eta abar. 2010ean hasi zen emakumezkoen titulua jokatzen trofeo moduan (txapelketa ofiziala izan gabe); 2011n jarraitu zion, eta, 2012an, txapelketa ofizial bihurtu arren, ez zuen parte hartzailerik izan. Ezta ondorengo urteetan ere. Salbuespena iazko denboraldikoa izan zen, etxean jokatzen zuten hiru talde galiziarren parte hartzearekin bakarrik.

Hamarkada oso batean txapelketa ez da egonkortu. Logikak esaten dit zerbait gaizki egiten ari garela. Estatuko arraun talde onenak bilduz lehiatzeak arrauna sendotuko duelakoan nago. Baina badirudi beste hainbatek ez dutela horrela pentsatzen. ]]>
<![CDATA[Postuz postu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2287/021/002/2020-07-21/postuz_postu.htm Tue, 21 Jul 2020 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/2287/021/002/2020-07-21/postuz_postu.htm
Auskalo zergatik, postu aldaketei ez diet garrantzirik ematen. Harritzekoa iazkoa izan zen, hankeko postuan aritu nintzelako udako estropada batean ez beste guztietan. Aitona zen Miel Marrotak, gazte mailetan hankeko ababorrean nenbilela, behin horrelaxe bota zidan: «Ezagutzen ditudan hankeko ababor denak egoskorrak dira». Hura istriborra izan zen, kontrankean, eta ondoan Batista Oliden hankeko ababorrean —hankekoen tostak ez ziren parean joaten—. Zerbait bazekien.

Astea gogorra izan da hiru estropadekin, eta gozo bezain gazia. Etxean jokatutako Gipuzkoako Txapelketako indarra, Getxoko garaipenaren ospakizun bikoitza autobusean gizonezkoena online jarraituz, eta, igandeko beroaz gain, atzetik iristearen neke bikoitza. Egunak ilun esnatu zuen arraunkide baten positibo hotsekin, eta ez zen gure egunik onena izan lehiaketan. Zorionak irabazleei eta animo asko Arraun Lagunakeko kideei. Gainontzeko guztiei: ZAINDU. ]]>
<![CDATA[Larpeira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2103/026/002/2020-07-07/larpeira.htm Tue, 07 Jul 2020 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/2103/026/002/2020-07-07/larpeira.htm
Beldurra, presioa, antsietatea, urduritasuna eta ziurgabetasuna bizkarrean genituela ontziratu ginen asteburuan. Larunbateko irteerak lekuz kanpo harrapatu bagintuen ere, minutuak aurrera joan ahala lehiakor sentitu ginen. Helmuga zeharkatzearekin batera, akabo bizkar gaineko karga! Benetan hor gaude! Hilabete hauetan barruan jasotako guztia uxatu genuen.

Hau hasi besterik ez da egin. Aurkariak ere, harrobiko gazteen antzera, oso lehiakor daude. Hamaika ikusteko prest ekin genion igandeko lehiari, eta primeran gainditu genuen jardunaldia. Konfiantza eman zigun bezperako estropadak, eta etxera bandera, lidergoa eta patroirik onenaren saria jasota itzuli gara.

Inguruan denak berri eta berezi zirudien, zer esanik ez aurten mailaz igotako harrobiko arraunlari gazteentzat, baita urtebete arraun egin gabe tostara itzuli zenarentzat ere. Lehen estropada eta garaipena. Momentu horiek taldean disfrutatzekoak izan ziren. Ezin ahaztu igandean uretakoak lehorrekoekin elkartu gineneko unea.

Protokoloa dela medio, ezin izan genuen zaleekin ospatu, baina Galiziako bidaiek zerbait badute berezi, itzulera dute. Horrelako asteburua bizi eta gero, itzulera ederra bezain gozoa izan zen, oso larpeira.]]>
<![CDATA[Etxeko ganbaratik Coruñara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1922/023/001/2020-07-03/etxeko_ganbaratik_coruntildeara.htm Fri, 03 Jul 2020 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/1922/023/001/2020-07-03/etxeko_ganbaratik_coruntildeara.htm
Etxean igarotako hiru hilabete hauetan eskerrak eman behar dizkiegu bizilagunei eta etxekideei. Ezin ahaztu emandako animoak eta erakutsitako prestutasuna. Eskerrik asko salto bakoitzean egongelan sortutako dardararekin ez ikaratzeagatik, eskailera eta ezkaratzetako korrika saio klandestinoak ateko behatxulotik ikusteagatik, eta nola ez, ergometroaren sintonia goiz eta arratsalde entzuteaz ez kexatzeagatik. Txaloak zuentzat ere baziren.

Iaz esan genuen gora iristeko bidea luzea izan zela, eta bertan mantentzea zailagoa izango zela. Taldea mantendu dugu, eta asmo berberak ditugu. Neguko estropada gorabeheratsuak kontuan hartu, eta guretzat berria den titulua defendatu beharko dugu, bere alde on eta kontrako guztiekin. Aurkariek ere gora igo nahi dute, eta kosk egiteko prest datoz.

Bagoaz Coruñarantz, ikasbidaia batean bezalatsu. Denok egin ditugu etxeko lanak. Testak ere bai. Baina etxean, bakarrik. Lau taldeek komunikabideetan ondo gaudela diogu, eta banderen lehiarako prest gaudela. Telebistatik ikustean dena da erraza, baina bertara joatean, ai ama! Zer pasatuko da orain? Coruñako egoera berezira egokitzen denak eta akats gutxien egiten duenak gehiago izango du bere alde. Itsasoak jarriko gaitu geure lekuan, eta onenak irabaz dezala.]]>
<![CDATA[Handia zara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2405/023/001/2019-09-10/handia_zara.htm Tue, 10 Sep 2019 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/2405/023/001/2019-09-10/handia_zara.htm xiki izeneko bi traineru ditu Oriok, Cuesta eta Amilibia ontziolakoak. Gure traineruak, Amilibia ontziolakoak, 2001ean debutatu zuen Kontxako Banderan. Oriotarroi gogoratzea gustatzen ez zaigun debuta da. Harrezkero, beste hamasei urtetan parte hartu du: 2001etik 2005era gizonezkoekin, 2008an Tolosaldeko emakumezkoekin eta 2010etik Oriokoekin. Zaila izango da Txiki traineru honek adina arraunlari eta tripulazio banderaren lehiako saiakeran aritu denik aurkitzea kosta osoan. Ez da bandera gehien dituena izango —herriko kontuek diote Kanpa-k daukala errekorra—, baina izango al da estropada gehien jokatu dituena? Agian, bai. Txiki aurten egin zaigu adinez nagusi; bete ditu 18 urteak, eta lortu du bandera preziatua.

Txiki-k merezi zuen bere izena soinean eramango zuen garaipen handirik. Istoriyo honen parte izatea sekulakoa izan da. Igandeko estropada ametsik gozoenean ere ez genuen amestuko. Erraz zihoan ontzia, eta bene-benetan gozatu genuen. Eskerrik asko bidelagun guztiei, jarraitzaileei eta oriotarroi. Baita hemen idazteko aukera eman didazuenei ere.

Nola deskribatu igandekoa? Trainerutik kaialdera begiratu, eta arrautza frijitu bat balitz bezala gorringo hori bat ikustea, hori bai ederra! Denbora eskainiko diogu barruan ditugun sentimendu, oroitzapen eta lorpenei egindakoaz gozatzeko.

Eta orain, zer? Etorriko dira helburu eta erronka berriak, Aurtengoa errepikatu, hobetu, gehiago gozatu, auskalo! Nik gauza bat esango dizuet orain, bero-beroan: beste bat nahi dut, eta zortziko arrauneko txapelketan parte hartu. Bidelagunik ba al dago hor?]]>
<![CDATA[Seiko urrea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2146/017/001/2019-09-03/seiko_urrea.htm Tue, 03 Sep 2019 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/2146/017/001/2019-09-03/seiko_urrea.htm
Sei segundo asko edo gutxi diren esango duen ezer zehatzik ez dago. Nori galdetu, hor dago gakoa. Aurretik dagoenak gehiago nahiko lituzke, eta atzetik dagoenak gutxiago. Batek aldea handituko luke, eta besteak berreskuratuko direla sinetsarazi. Denek amesten dugu, bakoitzak komeni zaion erara. Baina sei dira gure alde ditugun segundoak. Sei segundo eta42 ehunen. Aukeran, nahiago alde izan aurka baino.

Bi txanda ezberdinetan aritu gara zortzi traineruak Kontxako Banderako lehen jardunaldian. Ezberdina izan da guretzat, Euskotren ligan txanda bakarra izaten baitugu. Pozgarria izan da aurkari berriak izatea. Pozgarria baita datorren igandean ohorezko txandan Euskotren ligan banderaren bat irabazi dugun traineruez gain, Hibaika ETE ligako txapelduna eta behetik gora etorri den San Juan ondoan izatea.

Ez dakit astea luze edo motz egingo zaigun; aspertzen hasiz gero, kartak hartu, eta seiko urrean jolas genezake. Igandean, bigarren jardunaldian, disfrutatu egin nahi dugu, gure aurkari eta jarraitzaileek bezalaxe. Horretarako, Donostiara joateko gonbita egiten diet jarraitzaileei, arranpla koloretsu bat ikusi ahal izateko.

Zerotik hasiko balitz bezala ekingo diogu bigarren igande horri semaforoa berde jarri bezain pronto. Ea estropada amaieran semaforoa ere hori kolorekoa bihurtzen den. ]]>
<![CDATA[Badatoz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2145/017/001/2019-08-27/badatoz.htm Tue, 27 Aug 2019 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/2145/017/001/2019-08-27/badatoz.htm
Emakumezkoen kasuan, kinielak zaildu diren susmoak ditut ETE liga amaierari erreparatuta. Ezin ahaztu galiziarrez. Ezin jakin zer egin dezaketen osteguneko sailkatze estropadan. Lau luze egitetik nola moldatuko dira ibilbide erdira? Ulertzen ez dudan arren, B multzoan ariko dira.

Hasi berri den aste hau berezia izaten da arraun munduan. Komunikabideek oihartzun berezia egiten diote, entrenamenduetan ere bisitan izaten dira, eta arraunlariek begiz jota izaten dute. Badira irabazi nahi dutenak, zortzikotean postua lortzera datozenak, parte hartu besterik gabe eta lehorreratzeko unea bizitzea zer den ezagutu nahi dutenak, baina 700 kilometro egindakoek ere zerbait nahiko dute, bada? Argi ibili hauekin.

Elkarte askoren ohitura da estropada eremuan entrenamendu saioren bat edo beste egitea. Beraz, aste honetan bada girorik Donostiako portuan. Harritzekoa da, beste estropadetako egin ohi ez dugun zerbait baita. Gure kasuan, aurten ez dugu saiorik egin badian. Etxeko lanak eginda daude; azterketa falta da, eta hiru zati izango ditu. Lehenengoa gainditzearekin nahikoa datozen bietan hamarrekoaren bila joan ahal izateko. Gogo eta indarrik ez zaigu faltako, ligako garaikurrarekin egin ziguten harreran herritarrek partekatutakoak barruan baitaramatzagu.]]>
<![CDATA[Matematikak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2145/021/001/2019-08-13/matematikak.htm Tue, 13 Aug 2019 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/2145/021/001/2019-08-13/matematikak.htm
Badakigu zer den azkenak izatea, telebistan ez agertzea, irabazlearengandik berrogei, hogei edo segundo bakar batera ibiltzea, urte guztia ate joka ibili eta bigarren postuarekin etxera itzultzea estropada guztietan, ziaboga istriborretik ematea, karela puskatu eta toletarik gabe arraun egitea. Eta, azkenean, jakin dugu zer den irabaztea. Prozesuak berak ematen dio garrantzia lortu dugun emaitzari. Oraindik ez gara hotzean pentsatzen jarri aurtengoan egindakoaz. Denboraldi hasieran esan nuen iazkoa baino gehiago nahi genuela eta horretara gentozela. Bi jardunaldi falta direla, Euskotren liga lehenengoz irabazi dugu, eta, gaur-gaurkoz, iaz garai honetan lider zenak baino puntu bat gehiago daukagu.

Ezin dut utzi asteburu hau elkartearen lana aipatu gabe, asteburuan 115 pertsona, lau erremolke, autobus eta furgonetak martxan izan baititu. Udaleko balkoian zazpi bandera batera astintzea (traineruek irabazitako laurak eta bateletan Pontejosen irabazitako hiruak), Panamerikar Jokoetako urrea —Leandro Salvagno taldeko arraunlari uruguiatarrak irabazitakoa— eta matematikoki irabazitako liga. Sekulakoa! Baten batek esango du edo pentsatuko du:earra emateyek oriyotar hauek!

Amaitzeko, gonbidapen bat telebistako esatariei, mutilen kasuan beste urteetako errekorrak, denborak, zenbakiak eta zifrak aipatzen dituzten bezala, emakumezkoenak ere aipa ditzatela!]]>
<![CDATA[<i>Hamarrekoa</i>]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2253/020/002/2019-07-30/ihamarrekoai.htm Tue, 30 Jul 2019 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/2253/020/002/2019-07-30/ihamarrekoai.htm
Orain artean, taldekide guztiek hartu dugu parte asteroko estropadetan. Ez dugu izango telebistako tik berde hori 10eko zenbakiaren ondoan alineazioak azaltzen direnean, baina talde gisa handiago egiten gaitu.

Bizkaiko uretan aritu gara asteburuan. Santurtziko estropada berezia izan zen guretzat; lau luze, hiru ziabogekin. Ohi baino metro gehiago egin genituen: 550 inguru. Arratsaldeko txanda haizetsuena izan zen. Baina beldurrak uxatu genituen, bestetan baino hamarreko gehiago eskatuz patroiaren aldetik. Berak eskatu, guk eman, naiz eta ziabogetan ez ibili oso fin asteburu osoan. Igandean, aldiz, taldeak gustuko duen eremuan aritu ginen. Lehen luze ederra egin ondoren, itzuleran presaka ibili ginen. Ez dugu hamarreko estropadarik egin, eta hamarra nahi dugu.

Begiz jota daukagu Euskadiko Txapelketa, eta ea uztailean hamarreko bat lortzen dugun. Azken urteetan ez bezala, ez da Lekeition izango, Hondarribian baizik. Euskotren Ligako hiru ontzi, ETE ligako bosten aurka arituko gara. ETE ligako sailkapenak ikusita, ziur oso lehia estua izango dela! Ederra liga ETEkoa, sei segundo makalago dena seigarren postutik atzera! A zer nolako lehia!]]>
<![CDATA[<i>Hiru</i>]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2253/026/002/2019-07-16/ihirui.htm Tue, 16 Jul 2019 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/2253/026/002/2019-07-16/ihirui.htm #orioipurdiak ditu jendeak. Zale asko eta aurkari gehiago. Martxa honetan, Durangoko azokarako Benitok disko berria! (Bat ez, bi!)

Astea betea dator, hiru estropadarekin, Gipuzkoako txapelketa tarteko. Dagoeneko sei jardunaldi izan ditugu. Santanderren genuen presioa irabazi izanak gutxitu zuen. Lekeitioko ikasgaiak lanean jarraitzeko indar gehiago eman zigun. Coruñan egindako etxeko lanek azterketa biribildu zuten. Donostiako eremuan atzetik aurrera egiten badakigula erakutsi genuen, eta zer esan Castrokoaz. Bat kasualitatea, bi kasualitatea baino gehiago. Hurrengo Kantabriako estropadara bi aldiz gosalduta joango naiz.Igande arratsaldean egin zidaten galdera egingo dizuet: zer nahiago, Santanderko irteerako hamabi minutuak (semaforoa keinukari une oro) edo Castroko 55 minutuko atzerapena? Zaku berean sartuko nituzke.

Nola ahaztu uretan eguzki azpian igaro genituen hiru orduak, azaleko erredurek gogorarazten badizute? Bai, hiru ordu. Beroketan pasatutakoa, 55 minutuko atzerapena, estropadak iraun zuena, ondoren helmuga lerroa zeharkatu ezinik pasatu genuena eta bandera hartzen pasatutakoa. Eskerrak umore oneko geunden! Lehorreratzean iritsi ziren entrenatzen ditudan infantilen Castreloko notiziak. Zorionak, kuadrilla!]]>
<![CDATA[Moila bazterretik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/002/2019-07-02/moila_bazterretik.htm Tue, 02 Jul 2019 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/002/2019-07-02/moila_bazterretik.htm
Atzo astelehena izanik, ohiko moduan zazpi traineru genbiltzan itsasadarrean: Orioko hiru traineruak, zarauztarren beste hirurak eta Tolosaldekoak. Gutxi izango dira entrenamendu garaian itsasadar berean hainbeste traineru ibiltzen direnak (Pasaia eta Bilbokoak agian). Moila bazterreko lagunek urrutitik bereizten dituzte zazpi traineruak. Tira, beti ez. Zenbaitetan ez dituzte bereizten Orio A, B edo neskak garen! Hala ere, hainbat teoria izango dituzte zergatik Euskotreneko hasiera hamabi minutuz luzatu zen, nik oraindik ez baitut ulertzen nola iraun genuen hainbeste.

Datuei buruz galdetzen duenik ere bada tartean. Orioko emakumezkoek 11 denboralditan 210 estropada jokatu ditugu Euskotreneko lehen garaipen honen aurretik. Gogoratu zifra: 210.ean bandera. Bigarrengoa lehenago iritsiko ote da!

Igandean, ordea, ez genuen gure onena eman eta donostiarrak hobeak izan ziren. Beraz, zorionak! Larunbateko garaipenaren ongietorria San Pedro festetan ospatu genuen, igandeko zapore gazia gainean. Herritarrek zoriondu eta berehala, igandekoaren kritikak entzuten hasi ginen. Ongi etorri Oriora, neska zein mutil!]]>
<![CDATA[Hasi dira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2420/021/001/2019-06-25/hasi_dira.htm Tue, 25 Jun 2019 00:00:00 +0200 Itziar Olasagasti https://www.berria.eus/paperekoa/2420/021/001/2019-06-25/hasi_dira.htm
Hiru asteburu daramagu lehiaketarik gabe. Ez nuen sekula pentsatuko hain luze egingo zitzaizkidanik. Zer esanik ez azken asteburua. A zer nolakoa! Hori kolorekoa. Herriko beste bi traineruek erronka polita bota digute!

Iazko abuztuan, Euskotren liga amaitzean, hau idatzi nuen sare sozialetan: «Bosgarren aldiz aritu gara Euskotren ligan. Aurten, lehen aldiz egin dugu bigarren. Hamalau aldiz, hain zuzen, hamalau aukeretatik. Erregularrak izan garenik ezin uka. Baina gehiago nahi dugu». Hamar hilabete pasatu dira, baina mezua argia da. Aurtengo motxilan iazko esperientzia guztia daramagu, denboraldi-aurrea primerakoa izan da, eta aurkariak prest ditugu. Ez ahaztu iaz Arraun Lagunak-eko neskek garaipen bat lortu zutela. Ziur lehiarako prest daudela. Txiki-tik ekingo diogu lehiari, semaforoarekin, Santanderko uretan eta lehenengo aldiz emakumezko patroi onenaren saria ere jokoan.

Aurtengoan, San Juanek utzitako itzalean aritu beharko dugu. Azken urteetan egindako guztiaren ondoren, dagoeneko sarri entzun dugu eta gehiagotan entzun beharko dugu hori. Horrelako esanek min egiten dute, ez dezagun ahaztu San Juan uretan dela, beste liga batean, baina uretan. Gertatzen dena gertatzen dela, guk egindako lanaren emaitza izango da, ez San Juan beste liga batean egotearen ondorio.

Animoak iaztik falta diren guztiei, eta bultzada txiki bat aurten hor jarraitzen dugun guztioi. Hasiberriei, lasai hartu, ikasi, txikitik handira hezten eta hazten joateko, sufrituz gozatuz.]]>