<![CDATA[Izaro Gorostidi Bidaurrazaga | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 26 Sep 2022 12:38:55 +0200 hourly 1 <![CDATA[Izaro Gorostidi Bidaurrazaga | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Berrabiatze Handia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2022-05-07/berrabiatze_handia.htm Sat, 07 May 2022 00:00:00 +0200 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2022-05-07/berrabiatze_handia.htm
Iazko topaketan, COVID-19aren inpaktuaren ondoren mundu osasungarriago, oparoago eta bidezkoago bat lortzeko proposamena aurkeztu zuten. Bere izena: Berrabiatze Handia (Great Reset ingelesez). Munduaren egoera hobetzeko ekimen hori kapitalismoaren birformulazioan oinarritzen den proposamen bat da.

Baina berrabiarazteaz hitz egiten da sistema batek ezin duenean uneko parametroen pean lan egiten jarraitu eta berriro abiarazi behar denean. COVID-19aren osteko mundua osasuntsuagoa, bidezkoagoa eta oparoagoa izan dadin, ekonomia baino haratago doan aldaketa baten beharra daukagu. Parametroak berrabiatzeko sakonago jokatu behar da. Finean, Margaret Thatcherren hitzak erabiliz, ekonomia metodoa da soilik, helburua arima eta bihotza aldatzea izan da beti.

Kapitalismoaren arauak harreman sozial eta politiko sakonen adierazgarri dira. Adibidez, gizabanakoen pentsamenduan bizitza batzuk beste batzuk baino balio gehiago dute. Eta neurgailu makabro horretan baliorik ez duten bizitzak baztertu egin daitezke. Gure sistema kapitalistaren muinaren oinarrizko ideia da, hala nola baliorik ez duten 4.400 pertsona hil ziren iaz Afrikatik Europarako bidean. Neoliberalismoak, funtzionatzeko, sakrifizioaren logika erabiltzen du, eta, horrela, gai gara Ukrainako errefuxiatuei harrera ona emateko eta Siriakoak baztertzeko.

Nekroliberalismo garai hauetan, Martera joateko ahalmena duten gutxi batzuek ekidingo dute gure irudimen distopikoak imajinatzen duen amaiera. Charles Darwinen Espezieen jatorria lanean oinarritutako «egokienaren biziraupenaren» paradigma ebolutiboaren mekanismo gisa zabaldu den egia: gai denak soilik irauten du. Eta, gurean, gai dena dirua duena da. Horrela, munduaren kolapsoaren aurrean, denak ez garela salbatuko onartzeko prest gaude. Non geratu da denak ala inor ez leloa? Omen, egiaren beste alderdian. Lynn Margullisen lanek erakutsi zuten moduan, ez da indartsuena edo gaituena bakarrik bizirautea lortzen duena, funtsezkoa da, halaber, organismoak lankidetzan aritzea eboluzioa gerta dadin.

Baina kooperazioak talka egiten du gure sistema neoliberal hetero patriarkalaren logikarekin, dominazioa baita gure bizitza arautzen duen doktrina. Konkista ez da soilik paradigma militar bat: gure izaera eta ekintza politikoa, soziala, kulturala eta existentziala zeharkatzen dituen pentsamoldea da. Bestea menderatzen dugu, pertsonak, lurraldeak, espazioak.

Menderatze-sistemak gure bizitza ikusteko, sentitzeko, pentsatzeko eta bizitzeko moduak eratzen ditu. Hizkuntzan topatu ditzakegu hamaika adibide; izan ere, hizkuntzarekin dator munduaren ekoizpena bera, errealitatearen konfigurazioa bera. Maitasun kontuetan, «berak konkistatu ninduen edo nik bera» naturaltasunez erabiltzen ditugun esamoldeak dira, eta Marteren kolonizazioari buruz hitz egiten dugu, kolonizazioa menderatzeko ekintza dela alde batera utzita. Gure errealitatea hizkuntzari dagokionez eratzen da. Pertsona bat zaintzea eta pertsona bat defendatzea ez dira gauza bera, baina gure sisteman sinonimo bilakatzen dira, batez ere gizon heterosexualen genero eraikuntzan, eta, horrela, menderatze sistema erreproduzitzen bizi gara, egunerokotasunean, harremanetan, etengabe.

Gai honen inguruan idatzi du Amador Fernandez-Savaterrek, bere azken saiakera liburuan, La Fuerza de los debiles. Haren aburuz, aldaketa bat eragiteko, beste era batean pentsatzea derrigorrezkoa da. Mundua menderatzeko, mundutik aldendu beharrean, bere lagun egitea proposatzen du: biztanleriaren, denboraren, espazioaren, bizimoduaren lagun izatea. Ez jendea menderatzea, jendea izatea baizik. Ez lurra menderatzea, lurra izatea baizik. Ez denbora menperatzea, denbora hori izatea baizik. Filosofo horren arabera, zenbat eta lotura handiagoa -gorputzekin, lurraldeekin, materiarekin-, orduan eta indar handiagoa lortuko dute botererik ez daukatenek. Bizitzaren eta munduaren beste esperientzia bat litzateke.

Horretarako, munduaren interpretazio kulturalerako esparru berriak sortu behar dira, subjektuen arteko harreman berriak sortu behar dira. Baina neoliberalismoak inposatutako botere-harremanen esparrutik kanpo, erreala pentsatzeko ezintasuna agerikoa da. Neoliberalismoaren garaipenik gorenena irtenbiderik ez dagoela pentsaraztea da.

Panorama honen aurrean Raimundo Viejoren moduko politologoak Teoria Politiko Lisergikoa proposamena lantzen ari dira, kontzientzia aldaketa, psikodelia eta herri mugimenduak jorratzen dituen teoria. Ezin da liberazio-prozesurik egon, aldez aurreko subjektibotasunetik askatzen ez bagara. Politologo horren hitzetan, esperientzia goren batek kontzientzia-egoera aldatua sortzen du, eta horrek gizabanakoaren subjektibotasunean mutazio bat ahalbidetzen du. Subjektibotasunaren mutazioaren bitartez, harreman politikoak artikulatzeko modu berriak bideratzeko aukerak sortzen dira, eraldaketa sozial eta politikoari aukera emanez.

Dena denontzat, ezer ez guretzat lelo zapatistarekin bat egiteko, buruarekin pentsatu eta bihotzarekin ulertu behar da. Kosmobisio indigenek azaltzen duten moduan, naturan ezer ez da bere buruarentzat bizi. Ibaiek ez dute beren ura edaten, zuhaitzek ez dute beren fruitua jaten. Bata bestearentzat bizitzea da naturaren araua, kapitalismoaren ahal duenak bere burua salba dezala jarrerarekin uztartu ezin den araua. Sistema berrabiatzeko, bizitzaren noranzkoaren desplazamendu masibo bat beharrezkoa da. Sentitzeko, pentsatzeko eta ekiteko modu berriak behar ditugu, hegemonia eraldatzailea portaeren hegemonia kualitatiboa baita.]]>
<![CDATA[Zalantzan jartzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/023/002/2021-10-24/zalantzan_jartzen.htm Sun, 24 Oct 2021 00:00:00 +0200 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1950/023/002/2021-10-24/zalantzan_jartzen.htm zalantzan egon eta zalantzan jarri. Zalantza egiteak edo zalantzan egoteak zerbaiti, normalean erabaki bati, buruzko zalantzak izateari egiten dio erreferentzia, hots, gauza bat edo bestea aukeratzeko zailtasuna izateari. Baina zalantzan jarri edo eztabaidatu, ez da, bai da berbei dagokio, alegia, alderdi baten eta bestearen arrazoiak, frogak eta oinarriak proposatzeari. Finean, lehenengo ariketaren bitartez bigarrenera heltzeko aukera daukagu. Hau da, zalantzan egoteak auzitan jartzera, ikastera, imajinatzera eta sortzaileak izateko gaitasunera bideratu gaitzake.

Bigarren bide horretatik, pentsamendu kritikoa garatzeko aukera zabaltzen da. Prozesu intelektual diziplinatu bati buruz hitz egiten dugu, hau da, behaketa, esperientzia, gogoeta eta arrazoiketa jokoan jartzen duen ariketa mentalari buruz. Ebidentziatan oinarritzen den informazioaren azterketan eta ebaluazioan oinarritzen da pentsamendu kritikoa.

Elhuyarrek plazaratutako pentsamendu kritikoa lantzeko dekalogoan argibide hauek agertzen dira pentsamendu kritikoaren bideari ekiteko: Seguru zaude zure usteez? Ospetsua delako sinetsiko diozu? Hipotesi bat baino gehiago egin dituzu? Baduzu zenbakizko daturik? Argudio kateak hasieratik bukaerara funtzionatzen du? Gertaerak berretsi dituzu? Egiazkoa da ala fake news-a? Kontuz falaziekin; Zuk ez ezagutzeak ez du esan nahi existitzen ez denik; eta Metodo zientifikoa da oinarria.

Pentsatzeko modu bakarra ez dela existitzen bistakoa da, baina gure hezkuntza sistema memorian oinarritutako pentsamendu mugatuaren ikaskuntzan oinarritzen da. Modu horretan, badirudi pentsamendu bakarra dagoela eta soilik pentsamendu bakar batek balio duela. Pandemia garaian agerian geratu den ebidentzia bat izan da. Zerbait zalantzan jartzeko ausardia izan baduzu, gehiengo batek zure burua negazionistatzat jotzeko irainari aukera eman diozu. Jakinda ere ahalik eta aukera sorta zabalenetik abiatzen den azterketa dela pentsamendu bakarraren aurkako antidotoa, oso arriskutsua izan da COVID garai hauetan hautu hori gorpuztea.

Suediako lagunak badituzue edo Suedian bizi den norbait ezagutzen baduzue, jakingo duzue herrialde horretan musukoaren erabilera ez dela derrigorrezkoa izan. Niretzat oso deigarria izan da Suediako Osasun Publikoaren Agentziako epidemiologo buruak, Anders Tegnellek, lideratu duen COVID-19ari aurre egiteko politika. Suediarrek konfinamendua, etxeratze-agindua edo maila horretako beste edozein neurriri zer den jakin gabe jarraitzen diote. Suediako Konstituzioak galarazi egiten du bake-garaian herritarren mugimendu askea murrizten duen larrialdi-egoera deklaratzea. Horregatik herrialde horretan Osasun Publikoaren Agentziako adituek erabaki dituzte pandemiari aurre egiteko neurriak, eta haien kontrolpean egon dira erabakiak.

Estatu espainolean, aldiz, osasun krisi bati baino gehiago ordena publikoko krisi bati aurre egiteko politikak hartu dira. Horren adibide, Koronabirusaren Kudeaketa Teknikorako Batzordeak, pandemia hasieran, egunero, osasun-krisiaren bilakaeraren berri emateko erabiltzen zituen ordezkariak dira. Osasun Saileko ordezkari bat -ia beti Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendaria, Fernando Simon-, armadako ordezkari bat, Guardia Zibilaren ordezkari bat, Polizia Nazionaleko ordezkari bat eta garraioetako bozeramaile bat.

EHUko irakaslea den Iñigo Urrutiak azaltzen duen moduan, eskubideak mugatzearen gainean ez da eztabaida sozialik planteatu, zer arrisku maila onartu nahi dugun eta zein ez. Suedian tabernak eta jatetxeak irekita egon dira momentu oro, zenbaitetan, epe txiki batzuetan muga batzuekin izan bada ere, bereziki barraren erabilerari dagokionez. 2021eko urtarrilean, lehen aldiz, garraio publikoen erabiltzaileei aurpegia estaltzea gomendatu zieten, batez ere puntako orduetan. Zehazki goizeko zazpiak eta bederatziak artean eta arratsaldeko laurak eta seiak bitartean erabiltzea gomendatu zuten, eta ez guztientzat, baizik eta 2004an eta aurretik jaiotakoentzat bakarrik, baldin eta, gainera, erreserbatutako eserlekurik ez bazuten. Beraz, garraio publikoaren erabiltzaileen erdiek baino ez dute maskara benetan eramaten puntako orduetan.

Eta zeintzuk izan dira emaitzak? COVID-19ari egotz dakizkiokeen heriotzen kopurua zehazteko metodorik fidagarrienetako bat aipatuz, Suedia Europan heriotza-tasa txikienak dituzten 5-10 herrialdeen artean dago: Danimarka (-%12,2), Belgika (-%10,8), Zipre (-%10,1), Alemania (-%9,9), Suedia (-%7,9), Finlandia (-%4,9), Portugal (-%4,8), Herbehereak (-%3,1) eta Letonia (-%2,3). Suedian alde teknikoak garrantzi handia izan du, eta epidemiologoek erabaki dute zein neurri izan daitezkeen egokiak eta zein ez. Osasun buruak Nature aldizkarian horrela justifikatu zituen beraiek hartutako neurriak: «Ixteak, konfinamenduak, mugak ixteak, ezerk ez du oinarri zientifiko historikorik, Europako inon ere ez da lortu kutsatzea nabarmen geldiaraztea».

Hego Euskal Herrian pandemiaren ondorioz 5.278 pertsona hil dira. 1,844 hildako 1.000 biztanleko, planeta osoko heriotza-tasarik handienetako bat, hamabi herrialdek bakarrik gainditzen baitute.

Francis Bacon filosofoarentzat pentsamendu kritikoa, arakatzeko gogoan, zalantzan jartzeko pazientzian, gogoeta egiteko zaletasunean, baieztatzeko moteltasunean, hausnartzeko prestutasunean, ordenatzeko arretan eta era guztietako inposturen gorrotoan oinarritzen da. Beldurrak pentsamendua itsutu egiten du, baina gure usteak edo gure agintarien usteak zalantzan jartzeko jarrerak edozein izu edo ikararen gainetik egon behar du, beti. Pandemia garaian, are gehiago.]]>
<![CDATA[Milioidunak abolitu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2021-05-30/milioidunak_abolitu.htm Sun, 30 May 2021 00:00:00 +0200 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2021-05-30/milioidunak_abolitu.htm The New York Times egunkariko lehen orrialdean argitaratutako iritzi artikulu baten izenburua da titulu probokatzaile hau. 2019an argitaratutako idazki horretan, ingelesez Abolish Billionaires, gogoeta sustatzeko galdera pizgarri hau botatzen zen: «Eta milioi asko dituzten pertsonen existentzia ez balitz arrakasta ekonomikoaren sintoma, baizik eta huts egindako sistema ekonomiko baten ondorioa?».

2020an, 48,5 milioi aberats bizi ziren munduan, milioi bat dolarretik gorako ondare garbia zutenak, ohiko bizilekua alde batera utzita. Horietatik, milioi erdiak 30 milioi baino gehiago zituen. Eta badirudi gero eta gehiago izango direla. Knight Frank eraikuntza enpresen aholkularitzak plazaratutako munduko aberastasunari buruzko azken txostenak ematen dituen datuen arabera, 2025ean milioidunak %41 gehiago izango dira, 68 milioi pertsona, hain zuzen.

Aldi berean, muturreko pobreziaren murrizketaren erritmoa (eguneko 1,90 dolarreko diru-sarrerak) erdira jaitsi da 2013tik, eta, horren ondorioz, gaur egun munduan 735 milioi pertsona inguruk muturreko pobrezian bizitzen jarraitzen dute. Oxfamen arabera, mila milioi dolar baino gehiago dituzten 2.153 lagunek 4.600 milioi pertsonak baino aberastasun handiagoa dute, hots, munduko biztanleriaren %60ak baino gehiago.

Pandemia garaian errealitate hau era nabarmen batean agerian geratu da. Mundu mailan, milioidunen aberastasun osoa laurden bat hazi da, eta, historian lehen aldiz, 10 bilioitik gorakoa da. Aberatsenen aberastasun kolektiboa azken hamarkadako edozein alditan baino bizkorrago hazi zen iaz. Forbes aldizkariaren arabera, 2020ko apirila eta uztaila bitartean, aberatsenen aberastasunak %27 egin zuen gora, eta Ibexeko nagusiek langileek baino 86 aldiz gehiago irabazi zuten pandemiaren urtean. Melinda Gates milioidunaren arabera: «Pandemia honek gure gizartean dauden desberdintasun guztiak areagotu ditu».

Areagotu badira ere, azken hamarkadetako joerarik argienetako bat desberdintasunen gorakada da. Adibidez, azken hiru hamarkadetan Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea (OCDE) osatzen duten 38 herrialdeetatik gehienetan, diru-sarreren arteko aldeak gora egin du. XX. mendean, 1980ko hamarkadan, %10 aberatsenen diru-sarrerak %10 pobreenenak baino zazpi aldiz handiagoak ziren; 1990eko hamarkadan, zortzi aldiz handiagoak; 2000ko hamarkadan, bederatzi aldiz handiagoak, eta, gaur egun, ia hamar aldiz handiagoak dira.

Desberdintasun iraunkor hori azaltzen duen faktoreetako bat herentzia da. Oxfamek adibide honekin azaltzen du egoera: Egiptoko piramideak eraiki ziren unetik pertsona batek egunean 10.000 dolar aurreztu izan balitu, munduko bost aberatsenen batezbestekoaren bostena baino ez luke izango hemen eta orain. Estatu espainiarrean, desberdintasunen %68,8, Gini indizearen arabera neurtuta, herentzian oinarritzen da. Ehuneko hori %76,4ra igotzen da, aberastasun ez finantzarioa —funtsean, higiezinena— soilik kontuan hartzen bada. Mundu mailan, Oxfamen arabera, milioidunen aberastasunaren bi herenek herentzietan dute jatorria.

Thomas Piketty ekonomialariak ikerketa oso interesgarriak egin ditu gai hau aztertuz, eta, aberastasun handiak oinordetzan jasotzen dituztenen abantaila nabarien aurrean, herentzia unibertsala kontrajartzen du. Bere proposamenaren arabera, 25 urte betetzean gizaki bakoitzak bere herrialdeko pertsonen batez besteko ondarearen %60 jasoko luke, 120.000 euro inguru herrialde aberatsetan. Kapital hori jabetzaren gaineko zerga progresibo baten bidez finantzatuko litzateke. Zerga horrek tasa txikiak ezarriko lituzke (%5 eta %10) milioi edo dozenaka milioi euro dituztenentzat, baina %60ra eta %90era igoko lirateke, hurrenez hurren, ehunka edo milaka milioiko aberastasuna dutenentzat. Pikettyk azaltzen duen moduan Guztiontzako herentzia sistema hori funtsezko ondasun eta zerbitzu publikoak eskuratzeko sistema unibertsal baten beste urrats bat izango litzateke, hezkuntza, osasuna, pentsioak eta herritarren diru-sarrerak barne. Helburua ez da onura horiek ordeztea, baizik eta tresna hori gehitzea.

Ekonomialari frantziarrarentzat komunismoaren kolapsoak desilusioa eragin zuen kapitalismoaren ordezko sistema ekonomiko bat ezartzeko aukerari dagokionez, eta horrek azaltzen du, neurri handi batean, 1980ko hamarkadaren amaieraz geroztik desberdintasunak handitu izana. Pikettyk dio kapitalismoa eta jabetza pribatua gainditu daitezkeela, eta sozialismo parte-hartzailean oinarritutako bidezko gizartea eraiki daitekeela aberastasunaren etengabeko zirkulazioa sustatuko duen sistema fiskal «oso progresibo» batek finantzatua.

Bizi ditugun pandemiak, klima-aldaketak eta ingurumen-krisiak eragindako erronka berriak ere, sistema ekonomikoa aldatzeko beharra nabarmendu du. Gero eta aditu gehiagok diote kolapsoa ez dela soilik arrazoi klimatikoengatik gertatuko, baita desberdintasunengatik ere. Pablo Servigne Colapsologia liburuaren egilearen aburuz, Handy (Human and Nature Dynamics) eredu estatistikoaren bidez, 2014an garatua, gizartearen eta ingurumenaren arteko harremana neurtu daiteke kolapso bat aurreikusteko. Eredu horrek desberdintasunaren aldagaia barneratzen du bere parametroetan, eta horren arabera frogatu da gizarte batean zenbat eta desberdintasun ekonomiko eta sozial gehiago izan, orduan eta aukera gehiago dituela kolapsatzeko, eta, gainera, agudoago egiteko. Desberdintasunak aberatsen kasta bat sortzen du, herritarrengandik eta naturatik baliabideak ateratzen dituena, eta ondasunen, giza baliabideen eta baliabide naturalen ustiapen konbinatu horrek kolapso arrisku itzulezina dakar.

Pandemia aurreko ohikotasuna krisi bat zen. Kontua, beraz, normaltasunera ez itzultzea da, eta pandemia krisi hau katalizatzaile gisa erabiltzea, desberdintasun ekonomiko eta sozialeko krisia eta zaintza eta ekologia krisia eraldatzeko. Etorkizuneko ekonomia nolakoa izan litekeen pentsatzea da dagokigun lana, hainbat arazo aldi berean konpontzeko. Krisialdian gaudela onartzen badugu, zergatik itzuli krisiaren aurreko krisira?]]>
<![CDATA[Harremanak pandemia garaian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/019/001/2021-02-06/harremanak_pandemia_garaian.htm Sat, 06 Feb 2021 00:00:00 +0100 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1876/019/001/2021-02-06/harremanak_pandemia_garaian.htm
Baina garai hauetan lagunekin daukagun harremana erabat aldatu da. Batetik konfinamendu perimetralak udalerrietan eta bestetik, pertsonak gehienez ere lau edo seiko taldetan biltzeko muga ezartzeak, bai erabilera publikoko espazioetan, bai erabilera pribatuko espazioetan, gure laguntasunaren esparruan aldaketa sakonak ekarri ditu. Horrela, gure ohiko bizikidetza-burbuilatik kanpo dauden pertsonen arteko bilkurak asko murriztu dira. Bikote harremanei eta odol familiari lehentasunezko lekua eman zaio; ama gaixorik badago bere etxean atenditu dezaket baina adiskide batek, hautatutako familiako kide batek, babesa behar badu zergatik ezin diot laguntza berbera eskaini?

Sistemaren egiturarekin zerikusia omen du guztia honek. Bizi dugun sistema neoliberal heteropatriarkalak zuzenean zeharkatzen gaitu eta harremanak izateko modua arautzen du. Brigite Vasallok honen inguruan idatzi du argitaratu duen bere azken liburuan, Pensamiento monógamo, terror poliamoroso (Pentsamendu monogamoa, polimaitasun terrorea), saiakeran. Bere ustez pentsamendu monogamoa harremanak hierarkizatzen dituen sistema piramidala da. Adibidea botatzen du azaltzeko:

Auto batean, ni gidatzen noa eta pertsona talde bat hartzen dut: nire bikotekidea eta lagunak. Jakina, nire bikotea aurrean eseriko da eta nire lagunek leku hori emango diote. Ez du zentzurik, baina ekintza erreflexu bat da, hierarkia bat erakusten duena.

Horregatik derrigorrezkoa litzateke gogoeta egitea bikoteaz harago nola erlazionatzen garen, nola jarraitzen dugun bikotean zentratzen, nola desmuntatzen dugun hori eta zein diren desegiteko beharrezko baldintzak. Vasallorentzat, kapitalismoa ez da transakzio-sistema bat, lotura-sistema bat baizik, eta sistema monogamoa horren baitan sortzen da.

Filosofo katalanaren aburuz, monogamia sistema baten legez ulertzeak eremu kolektiboan eta politikoan kokatzen du egiten duguna eta gertatzen zaiguna. Maila sozial eta politikoan, bikotea gorenean jartzen dugu; bigarrenik, odol-harremanak jartzen ditugu, eta hirugarrenik, adiskidetasuna, eta horrela jaisten da lankideenganaino edo auzokoenganaino.

Erlazionatzeko moduan eta hierarkien kontu honetan atentzioa jartzea berebizikoa da. Vasalloren ustez, alternatiba legez saltzen den polimaitasuna gauza bera izan daiteke, harremanean inplikatutako pertsonen kopurua bakarrik aldatzen badugu. Gainera kontutan eduki behar dugu gorputzen eta harremanen kontsumoan oinarritutako polimaitasunaren ikuskera neoliberala. Berez monogamian ematen diren bazterketak ezin dira ekidin polimaitasunarekin. Bikote bakarra edo asko edukita ere, lagunak B plan gisa hartzeak hierarkizazio maila berdinean kokatuta gaudela adierazten du. Azken finean, bikote harremana idealizatzeko joera dugu, garrantzitsuenetarikotzat jotzen dugulako; baina bi harreman motek, adiskidetasunak eta bikoteak, pertsonen ongizatea eta egonkortasuna bermatzen dutela frogatuta dago.

Hala izanik, gure egunerokotasunean, modu desberdin batean zaintzen ditugu bi harreman klase hauek. Adibidez, gero eta ohikoagoa da bikote-terapia, konturatzen ari baikara ez garela maitasunean ikasita jaiotzen, baina zergatik jarraitzen dugu pentsatzen adiskidetasunean baietz? Denbora eta espazioa modu zoriontsuan partekatzeko helburua duten bi pertsona desberdin izaten jarraitzen dugu eta horrek batzuetan ez elkar ulertzera garamatza. Bi lagunen arteko gatazka dagoenean, adiskidetasuna bera gatazka konpontzeko berme nahikoa dela pentsatzeko joera dago, eta hori gezur hutsa da. Gainera, askotan tabu bilakatzen dugu lagunen arteko urruntzeak sortzen duen mina.

Adiskidetasun krisiak oso arruntak dira baina oso gutxi berba egiten dugu horien inguruan. Lagunek seme-alabak dituztenean edo bikote berri batekin hasten direnean, adiskidetasun harremanetan parametro berriak sortzen dira eta askotan horrek, gaizki ulertzeak sortzen ditu eta ondorioz mina eta sufrimendua. Lagunekin liskartzeko edo haiengandik urruntzeko arrazoiek pertsonen arteko harremanei dagozkien arazoekin zerikusia izan ohi dute: komunikatzeko zailtasunak, zapuztutako itxaropenak, adiskidetasuna ulertzeko modu desberdinak edo aisialdirako denbora partekatua, agian bata asebetetzen duena baina bestea ez. Harremanen hierarkizazioak ez du ekiditen lagunen arteko hausturek bikote-hausturaren arrasto bera uzten dutela.

Pandemiak lagun askorengandik urrundu gaitu. Ezin ikusi beste herrialde batean bizi direnak, ezin aurrera eraman lagunen arteko ospakizunak, ezin elkar besarkatu. Urtero elkar ikusteko egiten ditugun lagun topaketak ere, alde batera utzi behar izan ditugu. Baina koronabirusak ez du lagunekin dantzatzeko eta egoteko gogoa desagerrarazi.

Euskal Herriko herri kantutegian daukagun abestirik politenetarikoa adiskide bati eskainita dago, lagun baten despedidan sortutako maitasun abesti hunkigarria, Xalbadorren heriotzean. Ez dezagun momentu horretara arte itxaron lagunak zenbat maite ditugun jabetzeko eta harremanen hierarkizazioaren inguruko gogoeta lantzeko. Adiskideak adi bizitzeko kideak baitira.]]>
<![CDATA[Zuhaitza eta basoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/022/001/2020-10-01/zuhaitza_eta_basoa.htm Thu, 01 Oct 2020 00:00:00 +0200 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1876/022/001/2020-10-01/zuhaitza_eta_basoa.htm Klima aldaketa koronabirusa baino hilgarriagoa da.

Azken bost hamarkadetan ornodunen populazioak -hegaztiak, arrainak, anfibioak, narrastiak eta ugaztunak-, batez beste, %68 gutxitu dira gure planetan. WWF Naturarentzako Mundu Funtsak urteetan zehar izan duten joera ikertzen du, eta, ondorioztatu duenez, 1970etik 2016ra bitartean ornodun espezieen ia %70 desagertu da. Arrazoi nabarmenena gizakia eta haren jarduna da. Gizakiaren jarduerak eragindako baso eremuen soiltzea eta nekazaritza-hedapena funtsezkoak dira munduko ornodunen bi heren baino gehiagoren desagerpena azaltzeko. Txostenean COVID-19aren eta antzeko gaixotasunen agerpena naturaren suntsipenarekin lotzen dute, eta, ez badugu joera hori aldatzen, etorkizunean pandemia berriak sortzeko aukerak areagotuko dira.

Pandemiaren egoerari so, zuhaitzari begira egonik, banaezinak diren bioaniztasunaren galera eta klima larrialdiaren krisi bikoitza lantzeko beharra ezin dugu ikusi: basoa. Gero eta argiago dago planetaren egoeraren eta giza osasunaren arteko lotura estua. Bi aukera daude: ekozidiorantz bideratu eta autosuntsitze prozesuarekin jarraitu, edo irtenbideak sortu eta gauzatu. Adibidez, Global Safe Net (Segurtasun Sare Globala) proiektuak Sciences Advance aldizkarian plazaratutako txostenean ondorioztatzen dute klima egonkortzeko eta bioaniztasuna bermatzeko lurrazalaren erdia babestu beharko genukeela. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko lurrazalaren %5 karbono-biltegi bezala erabili beharko litzateke, eta, espezieen aniztasuna eta ugaritasuna kontserbatzeko, egun babesturik dauden eremuez gain, lurrazalaren beste %30 beharko genuke.

Baina nola gauzatu dezakegu hori? Halako irtenbideak burutzeko erabaki politiko, ekonomiko eta sozial ausartak behar ditugu, eta zientzialarien lanak erabakien erdigunean kokatu behar dira. Estatu frantsesean 26 ekonomilariz osotutako Jakintsuen Batzordea sortu dute, hiru taldetan antolatuta: klima, desberdintasunak eta demografia. Mar Reguant zientzialari katalana Chicagoko Northwestern Unibertsitateko irakaslea da, eta Christian Gollier belgikarrarekin batera, klimari buruzko lantaldearen burua. COVID-19aren pandemiak zera erakutsi dio: «Ikertzaileok larrialdi klimatikoa jakinarazi behar dugu, txerto baten beharra dagoela jakinarazten dugun premia berarekin».

Ingurumenaren zaintzari buruz berba egiteko gure logika ekonomikoaz hitz egin behar dugu. Gure sistema kapitalista sostengatzen duten argudioen azterketa sakona beharrezkoa da, mundua eraldatzeak ideiak aldatzera behartzen baitu. Kapitalismo progresista edo kapitalismo kontzientea konponbide moduan aipatzen dugunean, mesedez, pentsa dezagun ea posible den arrazismo progresistari edo matxismo kontzienteari buruz berba egitea. Kapitalismoa berez desberdintasunetan oinarritzen den bidegabeko sistema krudela da, eta hori ezin da ez progresista ez kontzientea izan.

Bloomberg Billionaires Indexen arabera, planetako lehen 20 aberatsek 1,2 bilioi dolar zituzten pandemia hasi baino lehen. Orain, 300.000 milioi gehiago dituzte. 2010etik gutxienez miloi bat dolar duten pertsonak hirukoiztu egin dira. Milioidunak, zehazki, 46,8 milioi dira, biztanleria helduaren % 1 baino gutxiago, munduan 5.100 milioi heldu bizi baikara. David Harveyen arabera, desberdintasun-indizeei erreparatuz gero 2007-2008az geroztik, nabarmen egin dute gora mundu osoan. Epe horretatik gaur egun arte egon diren mozkinak aberatsak diren populazioaren zati txiki bati dagozkie, ehuneko bati, alegia.

Thomas Pikkety ekonomialariarentzat, diru-sarreren eta ondarearen arteko desberdintasunak ideologia baten ondorio dira. «Desberdintasunei zentzua emateak eta irabazleen jarrera justifikatzeak berebiziko garrantzia du. Desberdintasuna, ororen gainetik, ideologikoa da». Berak kapitalismoa gainditzeko «ondasunen zirkulazioa» proposatzen du, «sozialismo parte hartzaile» baten bidez kapitalismoa eta jabetza pribatua gainditzea. Bere ustez, XX. mendeko desberdintasunen murrizketa eta hazkunde ekonomikoa lortu ziren jabearen eskubideak soldatapekoenekin, hots, kontsumitzailearekin, orekatuz, jabetza zirkularaziz.

Horretarako ekoizpen eredua aldatzea beharrezkoa da. Byung-Chun Han filosofoak adierazten duen moduan, utzi egin behar diogu desirak asetzea plazer ororen sorburu gisa ulertzeari. Kontsumo-gizartea nahiak asetzera bideratuta dago.

Baina pozik dagoen kontsumitzailearen figura gezurrezkoa da: kontsumitzailea aseezina da eta, beraz, ez da zoriontsua. Filosofoaren ustez, egoaz, desioaz eta kontsumoaz harago egiten diren eta komunitatea sortzen duten ekintza eta jolas kolektiboko modu berriak asmatu behar ditugu. Komunitatea zoriontasunaren iturri legez ulertu, eta elkartasuna zoriontasunaren parte.

Planetak iraungitze-data du, arazo larria da, gizakion existentziarentzat heriotza mehatxua. Neoliberalismoaren garaipen gorena irtenbiderik ez dagoela pentsaraztea da. Baina banaka garatzen dugun ekintza bakoitzean, lan egitetik elikatzeraino, politika egiten ari gara. Horren kontziente izateak gauzak eraldatzeko ahalmena ematen digu.

Gainera, gogoan izan behar dugu benetan eboluzionatuta dagoen gizakiak ez duela banan-banako irtenbiderik aukeratzen. Aldaketa kolektiboki gauzatu behar da eta horretarako masa kritiko nahikoa sortzeko beharra dago. Pennsylvania Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, biztanleriaren laurdena inplikatzea lortzen bada, aldaketa berehala eragingo dute, gehiengoa konbentzitu arte. Zuhaitza ahaztu barik, basoaz arduratu behar dugu. Has gaitezen lanean.]]>
<![CDATA[Ondare naturalak eta herritarron hitza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/019/002/2020-01-19/ondare_naturalak_eta_herritarron_hitza.htm Sun, 19 Jan 2020 00:00:00 +0100 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1950/019/002/2020-01-19/ondare_naturalak_eta_herritarron_hitza.htm
A-8ko auto-ilaren konponbide gisa aurkeztu zuten. Baina errealitateak beste irudikapen bat sortu du eta 2017ko datuen arabera, hasiera batean aurreikusten zuten ibilgailu kopuruaren %50 ere ez da igarotzen bertatik. 24.000 ibiligailu igarotzea espero zuten, horietatik 9.000 kamioi astunak izango zirela, baina eguneko batez bestekoa 11.470 ibiligailu dira, horietatik 3.360 ibilgailu astunak. Supersur bezala ezaguna den Bilbo Hegoaldeko Saihesbideari buruz ari gara.

Datuak irakurri ondoren, zaila da ulertzea Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbo Hegoaldeko Saihesbidea handitzeko proposamena onartu izana. Oraingoan kilometroko 47,6 milioi euro gastatuko dira, zehazki 200 milioi euro 4,2 kilometro luze izango dituen errepide zatia egiteko. Proiektu honen kontra dagoen Ampliacion Supersur Ez plataformak urteak daramatza proiektuaren justifikazio eza salatzen. Beraien aburuz, 4,2 kilometro berri horiek egiteak 5 minutu aurreztea besterik ez du ekarriko; beraz, ez dago inolako arrazoirik Supersur erabiltzeko eskaria handituko duela pentsatzeko, hori baita Bizkaiko Aldundiak defendatzen duen ideia. Kontuan eduki behar dugu igarobidean Bilboko metropoli-barrutiko trafikoaren %6 baino ez dabilela.

Plataformako kideek kritikatu dute ezen Aldundiak bere politikak garraio eskaeran ardaztu beharrean, inbertsioak azpiegituretara bideratzen dituela. Nork bere ibilgailua erabiltzea sustatzen duten azpiegitura horien adibide, besteak beste, Autzaganeko tunela, Atxondoko korridorea edo Ermuako saihesbidea aipatzen dituzte. Jaurlaritzako Garraio Behatokiaren azken txostenaren arabera, Bizkaiko familien %70ek baino gehiagok ibilgailu pribatua dute eta herrialde honetan milioi bat joan-etorri baino gehiago egiten dira autoz lanegun batean. 1990etik gaur egun arte garraioaren ondoriozko isurketak modu sendoan hazi dira eta beste edozein sektoretakoak baino handiagoak dira, kopuru osoaren %32 baitira jada. Zergatik agertzen dira, orduan, gure instituzioak azpiegitura mota hauen alde? Erantzuna berriki gai honen inguruan idatzitako prentsako artikulu batean topatu dudan adierazpen hauetan irakur dezakegu: «Diputazioak bere burua zorpetuko du 30 urterako baino gehiagorako, proiektu faraoniko bat egiteko, zeinaren onuradun nagusia [...] eraikuntza eta ingeniaritza enpresen klientelismo sare bat izango baita, aspalditik aberasten ari dena foru aldundien diru publikoari esker». Adierazpen hauek Trantsizio Energetikoaren Ministerioko egungo aholkulari Antxon Olabek egin zituen 2004ean.

Ezin dugu ahaztu, gainera, azpiegitura mota hauek paraje natural ugari suntsitzen dituztela. Peñascaleko bidesaria eta Betelu artean handitzen ari diren Supersur-en kasuan, Arnotegi mendiaren azpitik ia bi kilometrotako bi tunel egingo dituzte eta Bolintxu ibaiaren gainetik zubibide bat. Ampliacion Supersur Ez plataformak ohartarazi duen legez, zubibidearen eraikuntzak inpaktu nabarmenak eragingo ditu, eta batez ere Pagasarriko mendi magalean dagoen Bolintxuko ibarrean ondorio oso kaltegarriak sortuko dira. Bilboko Udalak 2008an aho batez onartu zuen Pagasarriko Plan berezia, eta bertan adierazten denaren arabera Bolintxuko gunea babestu beharreko ingurua da, dagoen flora eta faunaren ezaugarriengatik.

Nola bermatu ingurumenaren zaintza halako azpiegitura eraikuntzekin? Eremu naturala arriskuan jarri daiteke, kasu honetan ekonomikoki eta sozialki errentagarria ez den autobide bat handitzeko? Ondare publiko naturala kudeatzeko herritarrok ez ahal dugu zer esanik?

Plentzian honen harira eztabaida interesgarria piztu da. Bizkaiko kostaldean dagoen 4.300 biztanleko herri honetan Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzak eta Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundeak Plentziako portua eta itsasadarra berrantolatzeko egitasmoa aurkeztu zuten 2019ko urrian, Plentziako udal gobernuaren babesarekin. Hasieratik proiektuak zalantzak eta ezinegona sortu zituen herrian, besteak beste pantalanak, itxiturak eta gasolindegi bat jartzea proposatzen zuelako. Gainera, itsasadarraren izaera publiko eta librea kolokan geratzen zen, pantalanak eraikita herritar guztiek erabiltzen dituzten ertzetako bidexkak hesiz itxiko liratekelako.

Proiektuak aurkakotasun handia eragin zuen eta SOS Itsasadarra plataforma sortu zen proiektu honek ingurumenean izango duen eragina salatzeko: «Ingurumen inpaktuari buruzko txostenik ez dago, eta ez dute aztertu itsasadarraren sakonera»; paisaian «gune batzuetan, itsasadarraren zabaleraren heren bat hartuko du, inpaktu bisuala latza da»; eta ohituretan, «gure arrantzale izaera ez du ordezkatzen eta ez du kontuan hartzen, kirol portu bihurtu nahi dute, portua duen marinel herri bat baino». Plentziako Proa elkartea izan ezik -erabiltzaile batzuk biltzen ditu-, eragile gehienak aurka agertu dira. Hainbat protesta ekintza egin dituzte: besteren artean 1.400 pertsonaz osatutako giza katea eta manifestazioak, azkenekoan ia 2.000 pertsonak parte hartu zutelarik.

SOS itsasadarrak proiektua bertan behera uztea eta instituzioei elkarrizketa prozesu bat hastea eskatu zieten. Plentziako udal gobernutik jasotako erantzuna eskasa izan da. Udal bilkuran alkateordeak protestetan herriko jendearen presentzia zalantzan jarri zuen: «Metroa jendez gainezka zetorren»; eta alkateak honakoa adierazi zuen: «Manifestazioetan esloganak bakarrik entzun ditut, argudiorik ez». Eusko Legebiltzarrarentzat, aldiz, argudioak pisuzkoak izan dira, proiektua gelditzeko eskatu baitio Jaurlaritzari.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak Plentziako itsasadarra berrantolatzeko proiektua atzeratu du, eta parte-hartze prozesua ireki du norbanako eta kolektiboen ideiak jaso eta egitasmoa hobetze aldera. Finean, itsadarraren erabilera publikoaz ari gara. Ondare publiko natural bat: diru publikoarekin berrantolatzen bada, pribatizatu daiteke? Hor dago koska.]]>
<![CDATA[Ekologia da, inozoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2019-10-08/ekologia_da_inozoa.htm Tue, 08 Oct 2019 00:00:00 +0200 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2019-10-08/ekologia_da_inozoa.htm
Nora Lopez Leonek 45 urte zituen, eta aktibista ekologista eta biologoa zen. Mexikoko Chiapas estatuan guacamaya gorriaren ugalketa proiektua koordinatzen zuen. Palenquen topatu dute bere gorpua, labankadaz josia. Handik gertu, Chiapasekin muga egiten duen Guatemalan, Diana Isabel Hernandez ingurumenaren aldeko ekintzailea tiroz hil dute. Ingurumen koordinatzailea zen Guatemalako Guadalupeko Andra Maria parrokian, eta 35 urte zituen.

Aurtengo hiru izen-abizen aipatzen ditut batezbesteko beldurgarri bat adierazteko: iaz, astero, ingurumenaren eta lurraren babesaren aldeko hiru pertsona erail zituzten. Global Witnessen Estatuaren etsaiak? informearen arabera, meatzaritza, agroindustria, zur-industria, ura eta proiektu hidroelektrikoekin zerikusia duten gatazkekin lotutako hilketak dira. Zehazki 164 ingurumenaren aldeko ekintzaile akabatu zituzten munduan 2018an, erdia baino gehiago Amerika Latinoan. Filipinek lehen postu makabroa daukate, agroindustriarekin lotura duten 30 erailketa gertatu baitira. Guatemalan hilketak boskoiztu egin dira, etaper capita izandako hilketa kopuru handiena biltzen duen herria bilakatu da. Ertamerikako lurralde horretan, batez ere, bertako komunitateek beraien lurretan garatzen diren hainbat proiektu hidroelektrikori ezetz esateko eskubidea aldarrikatu dutenean gertatu dira hilketak. Mundu mailan uraren babesaren alde lan egiten dutenen artean hilketa kopurua asko igo da: 2017an lau pertsona hil zituzten; urte bat geroago, 17.

Aurtengo txostenak orain arteko joera konfirmatzen du, hots, Amerika Latinoa munduko lurralde arriskutsuena da ekologistentzat. 2018an 80 ekologista hil zituzten bertan, eta lehen aldiz Kolonbiako hilketa tasak Brasilekoa gainditzen du. Bolsonarok gobernatzen duen herrialdean 20 pertsona erail zituzten. Kolonbian, lurra babesten duten 24 pertsona hil dituzte. Gero eta gizaki gehiagok planeta babesteko aldarriarekin bat egiten dugu, baina, tamalez, lurra eta ingurumena babesteagatik hildakoak ere gero eta gehiago dira. Azken urteetako datuak oso esanguratsuak dira: 2015ean, 185 ekintzaile ekologista hil zituzten munduko 16 herrialdetan. 2016an, gutxienez ingurumenaren eta populazio indigenen eskubideen babesarekin konprometitutako 200 pertsona akabatu zituzten planetaren 24 herrialdetako hainbat puntu gatazkatsutan. 2017an, lurraren defendatzaileen kontrako bortizkeriak eragindako biktimak 197 izan ziren. Hildakoen %40 indigenak dira; horien artean Isidro Baldenegro, Chihuahuako Tarahumaru komunitateko kidea. Ekintzaile ekologistentzat aitorpen handiena duen Goldman saria irabazi zuen 2005ean, zuhaitz mozketen eta indigenen lurraldearen defentsan aritzeagatik. Urtebete lehenago, 2016ko martxoan Berta Caceres hil zuten, Lenca herri indigenako lider ekologista eta Goldman sariduna ere. Nortzuk dira hiltzaileak? Global Witness erakundearen ustez, enpresen segurtasun pribatuetako kideak, estatuko indar militarrak eta sikarioak, batzuetan koalizioan lan egiten dutelarik.

Nazioarteko gobernuz kanpoko erakunde horrek egindako txostenean, lehen aldiz salatzen dira ingurumenaren aldeko ekintzaileak kriminalizatzeko gobernuek darabiltzaten legeak. Erresuma Batuan frackingaren kontrako hiru ekintzaile 15 eta 16 hilabeteko kartzela zigorrera kondenatu dituzte frackingaren kontra protesta egiteagatik. Baina azpimarratu behar da indigenak direla kriminalizazio kanpainen biktima nagusiak. Red Fawn Fallis indigena estatubatuarrak 57 hilabeteko kartzela zigorra jaso du. Herri indigenek eta ekologistek hilabete luzez Dakota Access Pipeline oliobidearen kontra Standing Rocken antolatutako kanpamentuetan parte hartzen zuenean atxilotu zuten. Donald Trumpek berraktibatutako Dakota Access oliobidea AEBetako jatorrizko herriak sumindu dituen proiektua da. Poliziek kanpamentua suntsitu zuten, eta Red Fawn Fallis aktibistari, lurraren kontra helduta zuten bitartean, su- arma bat disparatu izana leporatzen diote. Berak akusazioa ezeztatu du, eta errebolberra bere mutil lagunak eman ziola adierazi du, bere protesta taldean infiltratutako FBIko agente batek, hain zuzen. Proiektuaren atzean dauden enpresek, Enbridge eta Energy Transfer Partnersek, besteak beste, mertzenario enpresak kontratatu zituzten, eta TigerSwan bezalako taldeak infiltratu ziren, ekintzaile ugari fitxatuz eta zelatatuz.

Klima aldaketaren aferan interes korporatiboek jokatzen duten papera oso garrantzitsua da. Aipatutako Dakota Acces proiektuan BBVAk 120 milioi dolar inbertitu ditu, eta Credit Suisse banku europarra ere milaka milioi dolar inbertitzen ari da. Ekintzaile ekologistek salatzen duten moduan, Europako banku horiek kolonizazioari eta herri indigenen zapalkuntzari jarraipena ematen diote, ama lurraren kontrako genozidioa bultzatuz. BBVAren aurkako Plataformak ohartazi du BBVA kalte handiko makroproiektuen finantzatzailea dela, adibidez Kurdistango Ilisu urtegiarena, 313 kilometro koadro eta 65.000 bat kurduren herriak urperatu dituena. Greta Thunbergek, klimaren aldeko ekintzaile gazteak adierazi duen moduan, planetaren berotzea sintoma bat da; gaitza, berriz, mundua amildegi horretara bultzatu duen sistema ekonomikoa da.

Bitartean, baina, aldaketa klimatikoaren kontrako greba greba burgesa edo postmodernoa dela esaten jarraituko dute batzuekEuskal Herrian. Bitartean, kapitala, betiko moduan, txalotzen ibiliko da, gure eztabaidek Greta Thunbergen pijismoa eta lobby interesen inguruan dihardutelako. Ekologia da, inozoa.]]>
<![CDATA[Auzo-lotsa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/016/002/2019-07-14/auzo_lotsa.htm Sun, 14 Jul 2019 00:00:00 +0200 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1957/016/002/2019-07-14/auzo_lotsa.htm Zer da jabetza (1840) liburuan irakur daiteke esaldi hau. Haren lana astuna edo nahasia dela esango dute hainbat kritikarik, baina ni sakonki hunkitu ninduen jabetzaren inguruan autore horrek egindako analisia. Proudhonentzat, askatasun, berdintasun eta segurtasun eskubideak naturalak dira, hots, eskubide bortxaezinak, edozein gizarteren oinarrizko euskarriak. Baina liberalismoaren aitak Jhon Lockek, defendatutako jabetza eskubidea, antisozialtzat jo zuen. Haren ustez, aberats eta pobreen askatasuna batera existi daiteke, baina aberats eta pobreek ezin dute aldi berean jabetzaren ustezko eskubide naturala garatu. Beste era batean esanda: hainbatek asko dute beste askok gutxi dutelako edo Miguel de Cervantes Saavedraren On Kixote Mantxako liburuan Sancho Panzak On Kixoteri komentatzen zion moduan: Nire amona batek zioen bezala, bi leinu bakar daude munduan, badutenena eta ez dutenena.

Pentsamendu politikoaren historia lantzeko irakurritako obretatik interesgarrienetarikoa iruditzen zait aipatutakoa; beraz, atsekabea hartu nuen haren misoginia deskubritzerakoan. Anarkismoaren aita matxista hutsa zen, eta andreak esfera publikotik at egon behar zuela aldarrikatzen zuen. Adibidez, haren La pornocracia, o las mujeres en los tiempos modernos (1875) (Pornokrazia, edo emakumea aro modernoetan) lanean aipu hau irakur dezakegu: «Zenbat eta gehiago pentsatu, gutxiago ulertzen dut emakumearen patua etxetik eta familiatik kanpo. Prostituta edo etxekoandrea (etxekoandre esaten dut, ez morroia) nik ez dut erdibiderik ikusten». Garai hartan denak matxistak ziren baieztapena errefusatzeko Bakuninek garai berberetan idatzitako El Catequismo Revolucionario, 1866 (doktrina iraultzailea) liburuko adibide hau nabarmenduko dut: «Emakumea, gizonaren desberdin, baina ez bera baino gutxiago, argia, langilea eta askea da, gizonaren moduan, haren berdina da bai eskubideetan, bai edozein funtzio eta betebehar politiko eta sozialetan».

Arte munduan ere halako adibide matxistak topatu ditzakegu. Eta okerragoak. Poesiazalea naiz, eta, niretzat, Gioconda Belliren El ojo de la mujer liburuarekin batera, gazteleraz idatzitako poesia libururik ederrena Pablo Nerudaren Canto General da. Beraz, ezin sinistu, lagun batek esan zidanean Nobel saridun eta poeta txiletarrak bere Bizi izan naizela aitortzen dut liburu autobiografikoan berak egindako bortxaketa bat kontatzen duela. Liburura jo nuen, eta, bai, modu sotil baina zuzen eta lehor batean kontatzen du bortxaketa. Nire moduko irakurle arretagabe batentzat oharkabe pasa daitekeen pasadizoa da, baina argi azaltzen du nola Sri Lankan konsul zenean (1929) egunero bere komuneko gorozkiak husteko bere gelara joaten zen garbitzailearekin ez adostutako sexua eduki zuen. Nerudaren arabera, zerbitzariarekin kontaktua ezartzeko hainbat saiakera egin zituen, eta, emakumeak erakutsitako ezetzaren eta pasibotasunaren aurrean, lehen unetik desiratzen zuena egitea erabaki zuen, andrearen onespen barik. Imajinatuko duzuenez, andrea bere herrialdeko klaserik apalenetakoa zen. Hortaz, aktibista politiko komunistaren mitoa ere mila zatitan apurtu zitzaidan.

Baina, zoritxarrez, ez da arte sorkuntzaren munduko bortxatzaile bakarra. Rita Marleyek, Bob Marleyen alargunak , No woman, no cry bere autobiografia liburuan kontatzen duenaren arabera, bikotearen azken semea bortxaketa baten emaitza izan zen. Abeslari rastafariak jokabide jeloskorrak eta jarrera bortitzak erabili zituen haren kontra, eta, bere emaztea izateagatik, plazera hari ematera behartuta zegoela pentsatzen zuen, bere borondatearen kontra ere. Gainera, Ritak bakarrik hazi zituen bikotearen seme-alabak eta Bob Marleyek beste andreekin edukitako ume batzuk. Hala ere, Ritak abeslari jamaikarrak zabaldutako rastafari mezuaren eta gizaki gisa zuen portaeraren arteko bereizketa argia egiten du liburuan. Posible da hori? Autore horien irudia ez litzateke aldatu behar bortxatzaileak direla jakinda? Los libros de la Mujer Rota-ren argitaratzaileak, Claudia Apablazarrek esaten duen moduan, zaila da Nerudaren irudia aldatzea halako falo sakratua delako eta gizaki legez egindako dena barkatzen zaio, artearen alde.

Zaila bada halako ekintza higuingarriak egin dituzten gizon handi horien irudia aldatzea, behintzat saiatu beharko ginateke gizon handien ekintzak kritikatzeko eta hausnartzeko saiakerak txalotzea. Hugo Chavezek argi zeukan jendartearen askatasun osoa ezin dela lortu emakumeak sexismoaren uztarripean egonda. Baina nik ezin dut ahaztu 2000. urteko San Valent(hil) egunean bere Alo presidente programa famatuan bere emaztea zenari zuzendutako esaldia: «Marisabel, preparatu, gaur gauen zurea emango dizut eta!».

Halakoen aurrean, «gizakiak gara», «iraultzaile guztien atzean ere gizaki bat dago» moduko esaldiak entzutera ohituta gaude. Baina iraultzaile guztien atzean dagoena ere, patriarkatua da, eta kapitalismoak sortzen dituen bidegabekeriak aztertzeko eta identifikatzeko gai garen moduan, gure ikuspegi kritikoa patriarkatuak sortzen dituen asimetriak identifikatzeko gai izan beharko litzateke. Bere burua ezkertiar eta iraultzaile gisa definitzen duenak, are gehiago.

Onintza Enbeitak ez ditu jazarpenak jaso «ar-erruaren sentimenduarekin jolastu duelako» edo «antikomunista zikin bat izateagatik» edo bere iritzi artikuluak «inperialismoari zerbitzua» egiten diolako, baizik eta artikuluan, gizonen pribilegioen inguruan berba egin duelako. Eta oraingoan, gainera, ez du BBVA gizon estiloaren inguruan idatzi, (blanco, burgués, varon y adulto). Iraultzaile ezkertiar bat eduki du hizpide, eta hori izan omen da bere bekatua. Halako gizon handiei ezin baitzaie kritikarik egin, behintzat feminista bazara.

Algortan agertu diren pintaketak ikusitakoan auzo-lotsa besterik ezin izan dut sentitu. Gero eta argiago daukat argudioen lanketa beharrezkoa dela desideologizazio garai hauetan, eta ezin ditut ulertu halako ekintzak. BERRIAk esaten zuen moduan iritziak eztabaidatu daitezke, desadostasunak plazaratu, baina ezin daiteke pertsonen aurka jo haren iritziaren aurka zaudelako. Babes osoa Onintza Enbeitari.]]>
<![CDATA[Ultraeskuina eta gizonak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/016/002/2019-05-26/ultraeskuina_eta_gizonak.htm Sun, 26 May 2019 00:00:00 +0200 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1957/016/002/2019-05-26/ultraeskuina_eta_gizonak.htm
Lurraldetasuna begiratuta, bere bozen %75 Espainiako Estatuko 6 autonomi erkidegoetan kokatzen da: Madril, Murtzia, Valentzia, Gaztela eta Leon eta Gaztela Mantxa. Aldiz, Santiago Abascalen alderdiaren emaitza txarrenak daude Katalunian eta Euskal Herrian (bozen%5era ez dira heltzen), Galizian %5,2 eta Kanarietan, %6,5eko portzentajearekin. Metroscopiak egindako ikerketa baten arabera, Vox bozkatzen dutenen artean, lautik batek 2.000 euro baino gehiagoko diru sarrera du hilean. Kontuan edukita estatu espainiarrean herritarren %13k soilik daukatela ahalmen hori, Abascalekoen artean zifra hau ia bikoiztu egiten da. Ezker-eskuin eskalan, 0 ultraezkerra eta 10 ultraeskuina izanik, Voxen bozkatzaileek 7,3an kokatzen dute bere burua, PPkoak 6,6 an eta Ciudadanosekoak 5,6an, baina Vox bozkatu dutenen 10etik 6k PP bozkatu zuten 2016ko hauteskunde orokorretan. Eta argazkiarekin bukatzeko, datu oso esanguratsua: emakumeak Vox-eko boto emaileen %28 dira soilik, bere adina batez beste 51 urtekoa delarik. Gizonek, ostera, ultraeskuinaren alde daudenen %72 suposatzen dute, 45 urteko batez bestekoarekin. Beraz, hau esan dezakegu: errekonkistaren aldekoen batez bestekoa da 45 urteko gizona, oso eskuindarra sentitzen dena, diru sarrera altuekin eta orain dela gutxi arte PP bozkatu duena.

Beraz, datuek frogatzen dute, ultraeskuinean kokatzen direnak, hein handi batean, gizonak direla, 10tik 7. Zergatik emakumeek ez dute Vox maite? Azalpenak logikoak izan daitezke: genero indarkeriaren legearen aurka kokatu dira, konplexu barik adierazpen matxistak botatzen dituzte, adibidez: «emakumeak azazkalak moztu ditzake, baina ezin du abortatu», eta gainera bere zerrendetan tratu txarragatik kondenatutako hautagaien presentzia eduki dute (mediatikoki ezagutarazi ondoren, listetatik kanporatuak izan ziren). Hortaz, emakumeen gehiengoak Vox ez babestea arrazoizkoa dirudi. Baina zergatik gizonek ultraeskuindar alderdia bozkatzen dute?

Egoera hau ez da bakarrik estatu espainiarrean gertatzen. Reiner Klingholz, Berlingo Populazio eta Garapenerako Institutuko zuzendariak adierazi duenez, eskuin muturraren gorakada aztertzerakoan, aitorpenik ez duen eta ikertuta ez dagoen genero elementua existitzen da. Alemaniako azken hauteskunde orokorretan eskuin muturreko alderdiak, Alemaniako Alternativak (AfD), bozen %13 lortu zuen. Baina lehen Alemaniako Errepublika Demokratikoa zen lurraldean, Ekialdeko Alemanian, portzentajea bikoizten da eta gizonen artean ia %30era heltzen da. Berlingo harresia jausi ondoren, hiru milioi lanpostu galdu ziren Ekialdeko Alemanian, eta bere populazioaren %10ek emigratu zuen. Alde egin zutenen bi herenak andrak dira. Klinghozen arabera, Europan egon den exodo femeninoaren kasurik muturrekoena da. Ekialdeko Alemaniako eskualde batzuetan, emakume eta gizonen arteko desoreka oso handia da, 22 eta 35 urte dituzten hiru gizoneko bi emakume baitaude. Horrela, andrak desagertu diren lurraldeetan, ultraeskuinaren alde bozkatzen da. Petra Köppingek, Sajoniako integrazio ministroak azaldu duen moduan, oreka eza honek ondorio desberdinak ditu, baina nabarmena da «Ekialdeko Alemanian maskulinitate krisi bat daukagula, eta horrek ultraeskuina elikatzen du».

Raul Zibechik fenomeno hau azaltzeko, Rita Segato antropologoak landu duen «maskulinitatearen aginduari» egin dio erreferentzia, gizontasuna erakusteko gizonek daukaten agindua, alegia, indartsua eta boteretsua izateko agindua. Baina gaur eguneko bizitzaren prekaritate maila dela eta, gizonek ezin dute agindu hori bete, eta etsipen, porrot eta frustrazio sentimendua agertzen da. Kasu horietan gizonak mendekura jotzen du, ukatu izan zaion maskulinitatea eta gauzatu ezin izan duen potentzia berreskuratzeko.

Segatoren ustez, sei potentzia mota daude: sexuala, gerrakoa, politikoa, ekonomikoa, intelektuala eta morala, eta potentzia horiek ez dira existitzen ez bada haien erakustaldia egiten, hau da, ez badute nabarmentzeko gaitasunik. Maskulinitate agindua, potentzia agindu gisa, menderakuntza agindua da zeina beste gizonen aurrean gauzatzen eta adierazten den, nagusitasun eszena batean. Antropologo eta irakasle argentinarrak urtebete eman zuen bortxaketagatik preso zeuden gizonak elkarrizketatzen, eta bere ondorio nagusia izan zen bortxaketa gehienak ez zirela sexu krimen soilak edo libidoa asetzeko ekintza bortitzak, boterearen adierazleak baizik. «Gizon horiek esplizitu bihurtu nahi zuten euren boterea, euren indarra, talde bereko kideen aurrean». Horrela, beti defendatu du feminizidioek ez dutela loturarik sexuarekin, boterearekin baizik.

Egoera honi aurre egiteko, Zibechik maskulinitate agindutik askatzeko aldarrikapena egiten du, gizonek agindu horretatik emantzipatzeko beharra dutela azpimarratuz. Gizon izatea zer den, zer esan nahi duen, nola eraikitzen den eta zertarako balio duen gogoetatu, gizon izateko modu berriak aztertzeko eta gorpuzteko hautua egiteko. Politikoki zuzena baino harago doan eginkizuna litzateke, liburu eta formakuntza saioekin bakarrik ezin dena jorratu. Sentsibilitatearekin zerikusia dauka, bestearen larruazalean jartzeko aukerarekin, bestearen mina zurea balitz bezala sentitzeko. Finean, nork bere burua eta besteak maitatzen ikasten duen gizona.]]>
<![CDATA[Iritziz aldatzeko prest?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1882/018/001/2019-03-26/iritziz_aldatzeko_prest.htm Tue, 26 Mar 2019 00:00:00 +0100 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1882/018/001/2019-03-26/iritziz_aldatzeko_prest.htm Kanadaren ondoren, Uruguai da Amerikan ama hilkortasun–tasa baxuen duen herrialdea. International Journal of Gynecology and Obstetrics-en txosten baten arabera, haurdunaldiarekin, erditzearekin eta abortuarekin lotutako heriotza-tasak dezente jaitsi dira azken urteotan Latinoamerikako herrialde horretan. Artikulu espezializatuan azaltzen den moduan, Uruguain garatzen diren sexu eta ugalketari lotutako osasun politiken ondorioz gertatu da fenomeno hori. Baina, batez ere, 2012tik haurdunaldiaren borondatezko etena legezkoa bilakatu zenetik. Azaltzen diren datuak oso esanguratsuak dira. 2001-2005 denbora tartean abortuak amen heriotzen %37,5 eragin zuen, eta 2011-2015 tartean %8,1era jaitsi da hilkortasun-tasa. Adituen ustez, amen hilkortasun-tasa murrizteko, segurtasun gabeko abortuak prebenitzea derrigorrezkoa da, eta Uruguaiko esperientziak hala dela frogatu du. Baina datu horiek entzun ondoren, abortuaren kontra dagoen edonor iritziz aldatzeko prest egongo da?
Ebidentzia enpirikoaren arabera, Abiadura Handiko Trenbide-sare europarra sortzeko premisak gezurrak direla esan daiteke. Frogaturik dago ez duela hazkunde ekonomikoa bultzatzen, ezta lurralde, gizarte eta ekonomia arloko kohesio eta iraunkortasunik sortzen ere. Baina Europako garraio-politikaren kontraesanak inon izan badira zentzugabeak, Espainiako Estatuan izan da.
Autore desberdinek frogatu dutenaren arabera, (Albalate eta Bel, 2015; de Rus, 2011; Betancor eta Llobet, 2015; Bermejo eta Hoyos, 2016) estatu espainiarreko Abiadura Handiko Trenen linea bakar bat ere ez da sozialki errentagarria, eta komunitate zientifikoa bat dator horrekin. Espainiako tren azpiegituren kudeatzaileak, ADIFeko presidenteak berak, ideia hau berretsi du: «Ez dauka zentzurik 24 milioi bidaiariren (gaurko eskaria) AHT bat. Ez du zentzurik eta ez da iraunkorra». Kontuan edukita Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, hiriburuen arteko joan-etorriak (metropoli-eremuak barne) joan-etorrien %0,67 direla, badirudi euskal Y-aren proiektua errentagarritasun gutxien duen lineetako bat dela. Horrela izanik, proiektu hau gelditzeko asmorik agertu dute? Nola da posible halako datuak entzun ondoren iritziz ez aldatzea?
Azalpena sinplea da. Datuek pentsatzen dugunarekin bat ez badute egiten, datu horiek alde batera uzten ditugu. Harvard unibertsitatean lan egiten duen Michael Sanders filosofo politikoaren ustez, fenomeno hau gaur egungo gizarte polarizatuen ezaugarritze nagusia da. Hots, jendeak bere sinesmenak berretsiko dituzten iritziak soilik entzuten ditu. Irakasle honen arabera, gaur egun eztabaidatzeko artea galdu dugu eta batez ere elkarren kontrako iritziak eta planteamenduak konpartitzeko aukera desagertzen ari da, entzute aktiboaren praktika oso eskasa delako. Gakoa ez da bakarrik bestea entzutea, beste horren iritziaren azpian dauden printzipioak eta arrazoiak ulertzeko ahalegina egitea baizik. Baina horretarako zure egiak zalantzan jartzeko prest egon behar zara, alegia, mundua ikusteko eta ulertzeko duzun era kolokan ipintzeko gaitasuna eduki behar duzu. Ariketa horrek gure uste sendoak eta sinesmenen gaineko hausnarketa eskatzen du, azken finean zure burua desafiatu behar duzu.
Baina ez da lan erraza. Gure kontakizuna defendatzeko, inkontzienteki arrazoitzen omen dugu, datu batzuk baztertzen eta beste batzuk onartzen, komeni zaigun norabidea eraikiz, hasierako momentutik interesatzen zaizkigun ondorioetara heltzeko. Hortaz, gure munduko ikuskerarekin bat egiten ez duten datuak ez ditugu aintzat hartuko. Hori bai, zure konfiantzazkoa den pertsona batek esaten baditu, errazagoa da kasu egitea eta iritziz aldatzea. Adibide bat: Frantzisko Aita Santuak Laudato Si Denona den etxea zaintzeaz entziklika ekologista idatzi ondoren, Estatu Batuetan 10 puntu igo zen munduko beroketa globala kaltegarria dela konbentzituta dagoen pertsonen ehunekoa. Gainera, AEBetako katolikoen artean 13 puntuko portzentajeko gorakada eduki zuen klima aldaketa benetakoa dela pentsatzen dutenen kopuruak.
Mezularia garrantzitsua bada, mezua igortzeko modua ere kontuan eduki behar dugu. Australiako Queensland-eko Unibertsitateko ikerketa talde batek jiu jitsu konbentzitze kontzeptua asmatu du, lehiakidearen indarra lehiakidearen kontra erabiltzen duen gerrako arte horri erreferentzia eginez. Bestearen iritzian eragin nahi dugunean, kontra argudioak erabili ordez, bestearen argumentuaren motibazio oinarriak identifikatu beharko genituzke eta gure argudioa horretara egokitu. Beste pertsonaren funtsezko arrazoien inguruko hipotesi bat landu eta ezaguera-marko horrekin bateragarriak diren mezuak jorratu, aldaketak eragiteko. Mundua jasaten ari den beroketa efektua kezkagarria dela ebidentzia bat da. 1998tik gaur egun arte azken 136 urteetako hamar urte beroenak bizi izan ditugu, eta iaz Nature aldizkarian plazaratutako dokumentu baten arabera, zehazki hiru urte geratzen zaizkigu gure klima babesteko. Baina klima aldaketa ukatzen duen enpresari bat konbentzitzeko negozio «berdeen» inguruan hitz egin beharko diozu. Hortaz, ebidentziak baino nork lantzen dituen eta nola jorratzen diren dauka garrantzia.
Dena den, askotan iritziz aldatzeko ezintasuna, bi fenomeno desberdinekin lotu da. Batetik, umiltasun falta. Zaila omen da onartzea erratuta egon zaitezkeela eta pentsatzen duzun hori ez dela egokia. Beraz, Humberto Maturana biologoak esaten duen moduan, norbait erratzen denean eta esaten duenean «barkatu, erratu dut» zoriondu egin beharko genuke. Eta, bestetik, epaiketa soziala dago. Badirudi orain lehen pentsatzen nuena ez badut berresten munduko inkoherentziarik larriena egiten dudala. Nik halakoetan Foucault aipatzen dut: «Jendeak esaten duenean, ‘bueno, zuk orain dela urte batzuk hau pentsatzen zenuen eta orain beste gauza bat ari zara esaten’, nire erantzuna da: ‘bueno, zuk uste duzu urte hauetan guztietan gogor lan egin dudala berdina esateko eta aldatua ez izateko?’».
]]>
<![CDATA[Denak gara besteak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2019-01-02/denak_gara_besteak.htm Wed, 02 Jan 2019 00:00:00 +0100 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2019-01-02/denak_gara_besteak.htm
Dilma Roussefek eman zion hasiera Pentsamendu Kritikoaren Foroari, aurten Latinoamerikan gertatu den aldaketa politiko nagusienetako bat azaldu nahian, hots, Bolsonaro ultra eskuindarraren garaipena. Roussefen ustez, Latinoamerikan alerta piztu behar da aldaera neoliberal eta neofaxista honen aurrean. Ultraeskuindarren gorakada Europan aspalditik ezagutzen dugun fenomenoa da. 2014an egin ziren Europar Batasuna osatzen duten 28 herrialdeetako azken hauteskundeei erreparatuz, alderdi ultraeskuindarrek hainbat herritan lortutako emaitza onak topatuko ditugu. Erresuma Batuan (%29), Danimarkan (%23), Frantzian (%25), Grezian (%10), Hungarian (%15), Finlandian (%13) eta Austrian (%20) kasu. Europan abstentzioaren igoera nabarmenarekin lotu da fenomeno hori. Aipatutako azken Europar hauteskundeetan, abstentzioa irabazle suertatu baitzen, bozketa derrigorrezkoa den herrialdeetan izan ezik. Brasilen kasuan, Bolsonaro presidente bilakatzeko sare sozialek izan duten eginkizun erabakigarria azpimarratu zen foroan. Batez ere konfiantzazko esparruetatik bideratutako mezuak aipatu ziren, hots, familiako edo laneko Whatsapp taldeen erabilera.

Aldi berean, aztertutako beste fenomeno bat Lawfare edo gerra judiziala izan zen. Euskal Herrian aski ezaguna dugun fenomeno hori tresna juridikoen erabilera bidegabean oinarritzen da. Bere helburua jazarpen politikoa, irudi publikoaren suntsipena eta aurkari politikoa gaitasunik gabe uztea litzateke. Kontzeptu horrek gerra metodo ez konbentzional bat deskribatzen du, legea helburu militarra lortzeko erabiltzen denean, alegia. 1999an publikatutako estrategia militarreko Unrestricted Warfare liburuan azaltzen da, eta 2001ean Estatu Batuetako Indar Armatuen barruan ezaguna egingo da Duke Law Schooleko Charles Dunlap jeneralak honen inguruko artikulu bat plazaratu ondoren. Horrela, AEBak, Nazioarteko Garapenerako Estatu Batuetako Agentziaren bitartez (USAID), Latinoamerikako aparatu juridikoen erreformen aholkulari nagusia bilakatuko dira, eta botere judizialaren rola eraldatuko dute. Fenomeno horren barruan kokatzen dituzte Brasil, Argentina edo Ekuadorreko presidente ohien kontrako prozesu judizialak. Perez Esquivelen hitzak erabiliz, justizian sinistu behar da, baina ez prozesu judizialetan. Haren ustez, Brasilgo presidente ohia, Lula da Silva, ondo egin dituen gauzengatik kartzelatu dute, eta gogorarazi zuen Lula kartzelara bidali duen epailea Brasileko gobernu ultraeskuindar berriaren Justizia ministroa izango dela, lan onaren ordaina. Hizlari askoren diskurtsoETan aipatu zen moduan, demokrazia burgesaren gainbeheraren isla izango litzateke botere judizialaren krisia, neoliberalismoa neoabsolutismoarekin lotuz.

Hori guztia ulertzeko, derrigorrezkoa da beldurraren fenomenoa aztertzea, beldurraren erabilera politikoa, hain zuzen. Pentsamendu Kritikoaren Nazioarteko I Foroan azaldutakoaren arabera, beldurrak eskuinaren bidez gobernantzen du, eta haren mezua gero eta gehiago zabaltzen ari da. Izan ere, zure egoera sozioekonomikoaren ardura zu baino egoera ekonomiko sozial txarrago batean dagoen edonoren gain jartzen da, hots, errefuxiatuak, etorkinak, eta abar. Arrazoiketa horren argudioa argia da: beraiek sortu dute arazoa, beraz errua berauena da eta beraien arazoen ondorioek nigan eragin negatiboa dute (lana kenduko didate, delinkuentzia igoko da... eta abar). Beldurraren kulturaren aurrean beldurra gainditzea derrigorrezkoa litzateke, eta, horretarako, norberaren kontzientzia astindu behar da, zure baitan dagoen matxista, arrazista eta klasista identifikatzeko lana agerian utziz. Finean gure garunak deskolonizatzeko aukerak landu, gure egitura mentalen menderatze-mendetasun harremanak gainditzeko .

Baina nola politizatu lan hori? Instituzioen bitartez bakarrik ezin da, instituzioak ez direlako neutroak; beraz, egitura horiek ere deskolonizatzeko beharra daukagu, boterea lortu, boterea aldatzeko. Hala ere, gobernua irabaztea ez da boterea eskuratzea; are gutxiago, botere ekonomikoa kontuan hartzen badugu. Oxfam elkartearen arabera, azken urtean aberatsenen ehuneko batek ondasun berriaren ehuneko 87 sortu dute.

Dena den aldaketa handiak jendeak sostengatzen dituen aldaketak dira, herriaren lana funtsezkoa baita. Ekintza eta hausnarketa praxira eraman eta herria hitza berrasmatzea litzateke funtsa. Batasunaren aniztasunetik sortutako herria izango da herri-kategoria berreskuratzen lagunduko diguna. Horretarako, eguneroko bizitza politizatu behar da, eta itxaropena eraiki, itxaropen-biderik irekitzen ez duen jendea kontserbadurismoaren alde lan egiten duen jendea delako. Horrela, herri mugimenduen rol ikusezina balioan jarri beharko genuke eta mugimendu feministak XXI. mendean azalarazi duen sororitatea landu. Denak gara besteak.]]>
<![CDATA[Hiria hiritarrentzat edo turismoarentzat?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/014/001/2018-11-01/hiria_hiritarrentzat_edo_turismoarentzat.htm Thu, 01 Nov 2018 00:00:00 +0100 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1876/014/001/2018-11-01/hiria_hiritarrentzat_edo_turismoarentzat.htm The Disneyzation of society liburua plazaratu zuen. Defendatzen zuen tesia argia zen: gaur eguneko gizarte kapitalistak Disney parke tematikoen printzipioen menpe bizi dira. Izenak Walt Disney konpaniak Kalifornian 1955. urtean sortu zuen bere lehen parke tematikoari egiten dio erreferentzia. Parke horiek ez dira jolas parke hutsak, hots, lotura gabeko atrakzio anitzez hornitutako parkeak. Berez show bat dira, pelikula edo jolas itxura dute, eremuka banatuta eta ibilbide desberdinetan antolatuta daude, pertsonen atentzioa bereganatzeko asmoarekin. Fikziozko leku horiek noizean behingo bisitariaren kontsumora erabat fokuratuta daude. Atrakzio, jatetxe, hotelak eta bertoko kaleak ere ikuskizun bilakatzen dira gezurretako mundu hauetan.

Fenomeno honen ondorioak gaur eguneko hiri eredu hegemonikoetan aurki dezakegu. Tematizazioak lotura zuzena dauka gure hiriburuak jasaten ari diren eraldaketarekin. Gasteiz Green eta Donostia Kulturala bi adibide izan daitezke. Azken horretan 2016ko Europako Kultur hiriburutzaren markak utzitako haritik tiraka jarraitzen badute ere, gaur egun badirudi Donostia Gastronomiarekin duen lotura indartu nahi dela. Donostiako udaleko zinegotzi Ernesto Gascok adierazitakoaren arabera, administraziotik label pintxo donostiarra bultzatu nahi dute, are gehiago kontuan edukita Lonely Planetek argitaratutako munduko 500 esperientzia gastronomikorik onenak biltzen dituen azken The Ultimate Eatlis edizioan Donostian pintxoak jatea aipatua izan dela. Bilbok, aldiz, The Academy of Urbanism nazioarteko erakundeak ematen duen «Europako 2018ko hiri onena» saria jaso du eta aurten Bilboko San Mames estadioan errugbiko bi final garrantzitsuenak egin dira: Challenge Cup eta Champions Cup. Baina milioika jarraitzaile dituen MTV sarien gala izango da aurten Bilbon egingo den espektakulurik handiena, hiria ikuskizun erraldoien erakusle bilakatzeko asmoarekin.

Azaroaren 4an Bizkaiko hiriburuan egingo dute MTV telebista kateak urtero antolatzen duen Europako Musika sariak banatzeko jaia. Bilbao Exhibition Centerren ospatuko da sarien banaketen 25. urteurrena eta horregatik ikuskizun bereziagoa, ikusgarriagoa bizitzeko aukera izango dugu. Horrela, Bilbao Music Week antolatu dute, Bizkaiko herri desberdinetan doako kontzertuak eskainiz eta Europe Music Awards ekitaldiaren aurretik San Mameseko futbol zelaian kontzertua. Bilbon halako espektakulu handiak erakartzea «bizkaitarrentzako sari bat dela eta Bilborako aukera bat» adierazi du Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusiak. Hiru milioi euroko kostua iragarri dute eta, ekimenaren eragin ekonomikoa nola neurtu duten azaldu ez badute ere, aldundiak egin duen lehen aurreikuspenaren arabera 44 milioi euro utziko ditu Bizkaian. Turismoa bultzatuko du eta horren bitartez hazkunde ekonomikoa.

Ikuspegi horren oinarrian politika neoliberalen filosofia aurki dezakegu. Hiria saltzeko produktu bat bilakatzen da, eta bere kudeaketa enpresariala izan behar da, etekin ekonomikoak lortzeko helburuarekin. Turismoari begira eraikitzen den hiriak bere hiritarrak ahazten ditu, zergak ordaintzen dituzten pertsonak inbertsioak ekartzen dituztenen atzetik kokatzen baititu. Turismoa hiriko sektore guztien salbatzaile ekonomiko legez ulertzen da, salmentak eta kontsumoa igotzeko aukera bakarra eta etorkizuneko diru-sarrera emaile.

Bilboko biztanle talde batek ez dauka hain argi eredu hori hain onuragarria den. Piztu Bilbo MTV Itzali mugimenduan biltzen diren eragileek azken urteetan hiriburuari «erakusleiho izaera» ematen ari zaiola salatu dute. Turismoaren gorakada beraien egunerokotasunean izaten ari den eragina azaldu dute, hainbat hiri desberdinetan gertatzen ari den fenomeno berberak deskribatuz. Airbnb edo antzeko pisu turistikoen ondorioz alokairuen prezioak asko igo dira eta, hori dela eta, herritar askok euren auzoak utzi behar izan dituzte. Amsterdamgo Udalak fenomeno horri aurre egiteko Airbnb enpresarekin akordio bat sinatu zuen, hiri nederlandarrean bizi diren biztanleek urte bakoitzeko gehienez 60 egunetara mugatu ditzaten beren etxeak alokatzeko aukerak. Airbnb plataformak Bilbon %243ko hazkundea aurreikusten du eta negozioa ez da txarra; esaterako, Bartzelonako hamar etxe ugazabak 84.500 euro irabazten dituzte egunero. Baina Amsterdamgo hiritarrak nazkatuta daude beraien bizilekua bizitzeko ezinezkoa bihurtzen ari den hiri bat bilakatzen ari delako, turismorako parke tematiko hutsa.

Piztu Bilbo mugimenduak hiri eredu horrek sortzen dituen kalteen artean «herritarron pobretzea eta prekaritate gero eta handiagoa» nabarmendu du. Eustat estatistika instituaren datuek mugimendu horrek adierazitakoa baieztatzen dute. 1990eko hamarkadaren amaieratik Bilbon auzoen arteko ezberdintasuna asko handitu da. Errenta per capitaren arabera, Abando eta Indautxu auzoek jarraitzen dute aberatsenak izaten, are gehiago irabazi baitute XX. mende bukaeratik. Eta garai hartan pobreagoak ziren auzo gehienek pobre izaten jarraitzen dute gaur egun. Txurdinagan edo Otxarkoagan igarriko dute MTV show-ak utziko omen dituen onura ekonomikoak? Auzo horietako tabernetan kontsumituko dute sari banaketara datozen pertsonek?

Dena den, azkenaldian bestelako hiri eredu baten aldarrikapenak ozen entzuten dira. Bilboko itsasadarrean burututako Red Bull Cliff Diving World Series jauzi lehiaketan zubitik behera salto eginez Bilbo ez dagoela salgai salatu zuten eta hilabete honetan Hamaika Botxo eguna ospatu da, hiri ikuskizun eredutik at geratzen diren kolektibo eta norbanakoen elkartze eta saretze espazioa sortzeko asmoarekin. Bizkaiko hiriburua Ongi etorri tourist Ongi etorri errefuxiatuak bilakatu da eta Zorrotzaurreko uhartearen inaugurazioan Hau ez da Manhattan aldarrikatu dute auzokideek. Agintari politikoen arabera «talentuaren irla» izango ei da Zorrotzaurre, baina bitartean bertoko herritarrek irisgarritasun, zerbitzu eta segurtasunari dagozkien arazo ugari salatu dituzte. Hiria hiritarrentzat edo turismoarentzat. Hor dago gakoa.]]>
<![CDATA[Ingurumen informazioaren beharra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1961/015/001/2018-08-19/ingurumen_informazioaren_beharra.htm Sun, 19 Aug 2018 00:00:00 +0200 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1961/015/001/2018-08-19/ingurumen_informazioaren_beharra.htm
Eta hala dela dirudi. Herritarrek ingurumenari buruz duten pertzepzioa aztertzen duen azken Ekobarometro sozialak ondorioztatu duenez, herritarren %85 kezkatuta edo oso kezkatuta agertzen da ingurumenarekin. Txosten honek Euskadiko herritarren premiak aztertzen ditu, ingurumen-errealitatea hizpide hartuta, eta herritarrek kezkagarritzat jotzen dituzten ingurumen-arazoei buruzko balorazioa eta postura ezagutzeko informazioa ematen du. Kaleratu den azken azterketaren arabera, klima aldaketa da herritarrak gehien kezkatzen dituen ingurumen-arazoa. Populazioaren %63 kezkatuta edo dezente kezkatuta dago arazo horrek gure lurraldean izan dezakeen eraginaz.

Herritarren ingurumenarekiko kezka maila zuzeneko lotura dauka jasotzen dugun ingurumenaren inguruko informazio motarekin. Ekobarometroak ingurumen-arazoei buruzko balorazioa neurtzea du, eta horrek pistak ematen dizkigu baieztapen hau azaltzeko. Hau da, «ingurumen arazo» terminoak sortzen dituen interpretazioak. Gaur egun, ingurumenaren eta gizakiaren arteko harremana, oro har, berri txarrez josita dago, eta berriek kutsu dramatikoa izaten dute. Horregatik hain zabalduta dago «ingurumen arazo» terminoa, badirudielako ingurumena eta arazoa beti daudela eskutik helduta. Horren arrazoi nagusiena ingurumen gaien tratamenduan dago, hots, orokorrean berez ingurumen gaiek ez dute hedabideen interesa pizten, istripu edo hondamendi garrantzitsuak gertatzen direnean izan ezik. Azterketak adierazten duenez, Euskadiko biztanleen %69k informatuta edo oso informatuta ikusten du bere burua, eta hedabide tradizionalak dira —telebista, prentsa idatzia, irratia— herritarren informazio-iturri nagusiak, nahiz eta Interneteko foro eta gizarte sareen erabilpen gero eta handiagoa nabaritzen den, 15 urtetik 44ra bitarteko herritarrengan, bereziki. Horren eraginez ingurumenari buruzko informazioa katastrofistatzat jo da gehienetan, alegia, ingurumen informazioak oraindik ere neurri handi batean, biztanleriaren sektore zabalago baten arreta bilatzen du sarri askotan katastrofismoaz baliatuz.

Horregatik, ingurumen gertaeren kazetaritza batetik ingurumen ikerketa kazetaritza batera pasatzea beharrezkotzat jotzen da. Komunikabideak giltzarriak dira arriskuen hautemate soziala eraikitzeko orduan, hau da, hedabideek albisteak ateratzen dituzte eta jendeak horiek irakurriz arriskuak era jakin batean hautematen ditu. Zientziak komunikabideekin elkarlanean hasi behar du, ikerketa zientifikoak helaraziz herritarrei, horiek benetako arrisku eta arazoak zein diren ikus dezaten eta berengan zer-nolako eragina izan dezaketen jakin dezaten. Hedabideek iritzi publikoan eragina duen «mundu berri posible» baten errepresentazioa eraikitzen dute, eta, aldi berean, mundu berri posible hori geldiarazten duen statu quo-a mantendu dezakete. Ingurumen informazioak eragin handia du ingurumenaren hautematean, hedabideen eragiteak banakoek lantzen dugun errealitate sozialaren ulermena aldatu dezakeelako.

Abiadura Handiko Trenaren kasua aipatu dezakegu adibide legez. Euskal Y-aren gainean Euskadiko herritarren iritzia eta informazio maila oso baxua da. Euskobarometroko 2010eko eta 2014ko datuetan eta 2012an Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azterlanean oinarrituta dagoen informazioaren gaineko analisiaren arabera, euskal hiritarren gehiengoak abiadura handiko proiektuaren oinarrizko ezaugarriak ez ditu ezagutzen. Elkarrizketatuen %31k soilik informazio asko edo informazio nahikoa dutela adierazi dute. Laginaren bi herenek, aldiz, aitortzen dute informazio gutxi edo inongo informaziorik ez daukatela. Denborazko ikuspuntutik, Euskal Y-arekiko babesa apurka jaitsi da, % 77tik %64ra pasatuz 2010etik 2014ra, ehunekoetan hamahiru puntu gutxiago suposatzen duelarik. Jakina, arbuiatzeari buruzko datuak balantzaren beste aldean aurkitzen dira, progresiboki handituz, populazioaren %36rengan kokatu arte 2014an. Datu horiek bateragarriak dira 2007an EHUko ikerlari talde batek AHT Gelditu Elkarlanerako egindako ikerketarekin, hots, euskal hiritarrek AHTaren gaineko ez jakintasun maila handia nabarmena da. Gainera ikerlan honen emaitzen arabera, EAEn Euskal Y-aren kontra posizionatzen diren hiritarrek alde daudenek baino informazio gehiago dutela adierazten dute. Hortaz, begi-bistakoa da proiektu honekiko herritarrek duten informazio gabezia eta, ondorioz, ezjakintasun maila nabarmena eta ondo argumentatutako eztabaida publiko baten falta.

Herritarren parte oso garrantzitsu batek uste du ez dela nahikoa egiten ari ingurumen-politiken arloan. Ekobarometroaren arabera, hamar herritarretatik ia zortzik uste dute politikariek ekonomia edo gizarte-politikei hainbateko garrantzia eman behar lioketela ingurumenari, eta, inkestatuen ia erdiaren iritziz, ingurumen-politikak indartu behar lirateke, lehentasunezkoak direlako. Hiritarren ingurumen kontzientzia mailan hedabideek daukaten eragina onarturik gizakien eta ingurumenaren arteko harremanen aldaketetan komunikabideen eginkizuna berebizikoa da.]]>
<![CDATA[Gerra 'made in' Euskal Herria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/024/003/2018-06-10/gerra_made_in_euskal_herria.htm Sun, 10 Jun 2018 00:00:00 +0200 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1832/024/003/2018-06-10/gerra_made_in_euskal_herria.htm
Ignacio Roblesek, Bilboko suhiltzaile batek, 2017ko martxoan ezetz esan zuen. Ez zuen onartu Bilboko portutik Saudi Arabiara zihoan lehergailuz betetako itsasontzi batean segurtasun laguntzaile moduan lan egiteko agindua.

Itsaso Gorrirantz armak garraiatzen zituen ontzi baten laguntza-taldea zuzentzeari uko egin zion eta horren ondorioz Bizkaiko Foru Aldundiak espediente bat ireki zion. «Bere funtzioak ez betetzeagatik», bi eta lau urte arteko kargugabetzea eskatu zioten, falta oso larria zela argudiatuz. Albiste honek sare sozialen erabiltzaileen elkartasuna piztu zuen eta Interneten zabaldutako babes kanpainak 70.000 sinadura lortu zituen hiru egunetan. Alderdi eta sindikatuek sostengua erakutsi zioten eta azkenean zigorra falta txikia bilakatu zen.

Baina suhiltzaile baten ezetzari esker, ezaguna ez den errealitate bat agerian geratu da eta horrela jakin dugu azken 17 hilabeteotan Bilboko portutik Saudi Arabiara 12.000 tona arma esportatu direla. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma eta Kontzientzia Eragozpen Mugimenduak osatu duten Gerra hemen hasten da batzordearen arabera, «egunero Bilboko Portutik Gernika bat esportatu dugu Yemen bonbardatzeko», Gernikaren bonbardaketan 31 bonba- tona erabili baitziren. Urte eta erdi igaro dira Ignacio Robles suhiltzailearen ukotik, eta ordutik gaur egun arte Ongi Etorri Errefuxiatuak, Mugimendu Feminista eta Greenpeace-ren moduko eragileak Euskal Herritik Saudi Arabiara 455 arma biltegi eraman direla salatzen ari dira.

Baina aste honetan jakin dugu azken hiru hilabeteetan ez dela bidalketarik egin, ez da lehergai eta gerrarako materialez beteriko kontenedorerik irten. Ongi Etorri Errefuxiatuak mugimenduaren ustez, «presio sozialaren eraginez» arma trafikoa eten egin da eta beste portu batera mugiarazi dute. Oharkabean gertatzen zen fenomenoa ikusarazterakoan gizartean eztabaida areagotu du, eta, ondorioz, Bilboko Portutik armak garraiatzeari utzi diote.

Erantzun hau ikusita, Kolektibotik adierazi dutenez, armen salmentaren aurka egiteko Europa mailako mugimendu bat artikulatu nahi dute «negozio eredu hau kanporatuko duen masa sozial kritikoa eraikitzeko» helburuarekin.

Armen negozioan Espainiako Estatua nazioarteko zazpigarren esportatzailea da. Ignacio Robles berak berriki Europako Parlamentuan egindako jardunaldi batzuetan EAJ, PP, PSOE eta Ciudadanos alderdien jarrera salatu du, Europako armagintza industriaren lehiakortasuna sustatzeko «500 milioiko inbertsioari baietza» eman diotelako.

Euskal Herriko lurraldeetan armagintzaren negozioak duen presentzia ez da sinbolikoa. Gerraren salerosketaren industria militarrean, Euskal Herriko ehun enpresa inguruk parte hartzen dute.

Hainbat kolektibok irmoki salatu dute gerra Euskal Herriko hamaika tokitan hasten dela, bertoko enpresek armagintzarako egiten duten jardunagatik. Uribe Kostan kokatuta dagoen Sener Ingeniaritza enpresa, esaterako, elektronika militarrean aditua da. Zaintza, tiroketetarako sistemak eta misilen kontrolerako sistemak diseinatzen dituzte.

Andoaingo Sapa enpresak AEBetako Armadarekin lau urtetarako kontratua sinatu zuen 2015ean, 30 milioi eurotako balioagatik. Expal, Explosivos Alaveses enpresak, Turkiako gobernuarekin esportazio-kontratuak sinatu izan ditu, adibidez, MK serieko hegazkinetarako 13.000-18.000 bonbako eskaera.

Gaur egun badirudi Yemengo gerran erabiltzen direla beraiek ekoiztutako lehergailuak. Baina euskal armagintzaren negozioa ez da gerra egoeran dauden herrialdeetara soilik heltzen. Nicaraguan egon diren protesten ondorioz poliziak Eibarren ekoitzitako jaurtigaiak erabiltzen zituela jakin dugu. Eibar hitza irakur zenezakeen bala horietan.

Euskal Herriko armen ekoizpena eta, bereziki, Bilboko Portutik egiten den armen trafikoa salatzeko Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia kolektiboa, Bilboko KEM-MOC talde antimilitarista eta Gasteizkoak kolektiboak elkarlanean ari dira. Crowdfunding kanpaina bat martxan jarri dute Gerra hemen hasten da izenburua duen dokumental bat egiteko. Proiektuaren arduraduna den Joseba Sanzen hitzetan, helburu lorgarri bat armagintza industriaren ordez Eusko Jaurlaritzak bioteknologia edo biomedikuntza sustatzea litzateke, bizitza, alegia, eta ez heriotza. Gerra Euskal Herritik mundura zabaldu ez dadin.]]>
<![CDATA[Planto egin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/003/2018-04-15/planto_egin.htm Sun, 15 Apr 2018 00:00:00 +0200 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/003/2018-04-15/planto_egin.htm Emakumeok Planto lelo pean kalera atera ginen. Gizarte matxista eta heteropatriarkalari aurre egiteko prest gaudela ozen eta argi erakutsi genuen munduko hamaika tokitan egindako manifestazioetan. Fenomenoa globala izan zen, nazioarteko aldarrikapena, herrialde desberdinetan eta modu desberdinetan egina.

Mugimendu Feministak berriz ere, milioika emakumek partekatzen duten borroka komuna adierazteko aniztasuna erakutsi zuen. Mundua gelditzen zen bitartean nazioarteko feministen sareak dantzan ipini ziren Kurdistanetik Australiara eta Europatik Latinoamerikara. Kontuan hartu 170 herrialde baino gehiagotan, patriarkatuan eta kapitalismoan egituratzen den sistema globalari planto egiteko mobilizazioak egin zirela.

Gertaera historiko hori emakumeok sistemari planto egiteko daukagun indarra eta gaitasunaren erakuslea da. Adibidetzat jo izan da sarritan, Estatu Batuetako Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduko aktibista batek, Rosa Parks afroamerikarrak egindakoa. AEBetako hegoaldeko legeak desobedituz, uko egin zion autobusaren atzealdean esertzeari eta bere eserlekua ez zion gizonezko zuri bati utzi. Honen ondorioz preso hartu zuten eta ekintza honek segregazioaren aurkako protestak piztu eta bultzatu zituen. Beltzez jantzitako emakumeak ere aipa ditzakegu. 1988an, Israelen okupazioa salatzeko sortutako emakume judutar taldea. Gaur egun nazioarteko mugimendu bat da, sistema patriarkalean patriarkalena den kontzeptuari aurre egiten dion mugimendua bilakatuz, gerraren aurkako mugimendua, hain zuzen. Guda eta politika militaristekin bukatzeko lan egiten duten mugimendu hauekin batera, bestelako adibide asko aipa ditzakegu. Finean bere plantoarekin ekintza kolektiboan eragiten eta astintzen duten emakume taldeak dira, sistema kapitalista eta patriarkal honek ezartzen dituen diskriminazio egoerei planto egiten dietenak eta bestelako gizarte parekideagoa eta justuagoa sortzeko ametsa jorratzen dutenak.

Borroka honetan erreferente bat Marielle Franco, ekintzaile feminista brasildarra izan da. Giza eskubideen aldeko politikari honek hasieratik planto egin zion sistemak atxikitzen zion paperari eta injustiziei. Emakumea, beltza eta txiroa jaio zen, Rio de Janeiroko fabela gune handiena eta bortitzenetakoa den Mare fabelan, alegia. Poliziaren arrazismoa, matxismoa eta indarkeriaren aurka borrokatzen zuen eta PSOL Sozialismoa eta Askatasuna alderdiko zinegotzia zen 2016tik Rio de Janeiron. Gazte emakumezko beltzak: egiturak mugitzen izena zuen ekitaldi afrofeminista batetik bueltan, martxoaren 14ean, autoan zihoala, tiroz hil zuten. Hilketako lekuko bat, tiroz hilda agertu da aste honetan. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak adierazi zuen moduan «Sistema heteropatriarkal, arrazista, klasista eta kolonial honetan eroso daudenak ez dituzte Marielle Francorenak bezalako ahotsak entzun nahi».

Baina entzun behar dituzte, halako emakume asko daudelako munduan. Bolivian adibidez neskametik justizia ministroa izatera pasatu zen aktibista izan da eredu honen adibide. Casimira Rodriguez Romero indigena eta txiroa jaio zen eta 13 urterekin bere komunitate indigena utzi eta hirira, Cochabambara, joan zen zerbitzari lana egitera. Hasieran janari eta ohe baten truke lan egin zuen, ia esklabotasun baldintzetan. Zortzi urte ondoren, emakume quechua honek etxe-langileen sindikatua sortu zuen eta Boliviako Neskameen Federazio Nazionalaren liderra izan zen, baita Latinoamerikako Neskameen Konfederazioaren burukidea ere. Beti diskriminazioaren kontra eta etxe-langileen lan baldintzak hobetzeko borrokan aritu zen. Horrela, sektore honen lan ordutegia arautzeko legea aurrera ateratzea lortu zuen, eta indemnizazioa eta gabonsaria jasotzeko eskubideak bermatu. Batxilergoa nagusientzako gaueko eskola batean bukatu ondoren eta antropologiako ikasketak egiten ari zela, Evo Moralesek Justizia Ministro izendatu zuen. Abokatu titulu barik, Boliviako gobernuan egondako lehen emakume nekazari quechua izan zen, berez sistema kapitalistak eta patriarkalak egokitutako diskriminazio egoerari planto eginez. Gaur egun, emakumeen eskubideen alde borrokatzen jarraitzen du.

Borroka feministarekin zerikusirik ez badu ere, ezin dut artikulu hau bukatu Euskal Herrian planto egin duen andra baten izena aipatu gabe. Oraingoan ustelkeria eta lapurreta politikoari aurre egin dion emakume bat da. Ainhoa Alberdi. Bere salaketarik gabe ez litzateke De Miguel makro-auzirik egongo. 26 lagun epaitzen ari dira Arabako Probintzia Auzitegian, EAJko hogei kargudun ohi. Horien artean, Alfredo De Miguel ABB Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioetarako diputatu ohia, Aitor Telleria ABBko kide ohia eta Koldo Otxandiano ABBko kide ohi eta Arabako Ongizate Institutuko zuzendari izandakoa. Emakume honek Arabako Foru Aldundiko bulego batetik xantaia egiten ari zitzaizkiola salatu zuen, zehazki, EAJko De Miguelek eta Telleriak 100.000 euroko komisioa eskatu ziotela Arabako Miñao Teknologia Parkearen hedapena kudeatzeko Urbanorma izeneko enpresa bati emandako kontratu batengatik.

Ainhoa Alberdik azaldutakoaren arabera De Miguelek berak aldundian zuen helbide elektroniko ofizialetik igorri zion xantaia mezua eta haien «lasaitasuna» eta «arinkeria» ikusita hura ohiko jarduera zela pentsatu zuen. Bederatzi urte pasatu dira salaketa ipini zuenetik eta adierazi duenez «presio» eta «mendekuak» jaso ditu. Administrazioarekin beste kontratu publikorik lortzea ezinezkoa izan zaio, eta gainera, indarrean zegoen beste kontratu bat bertan behera utzi zioten «azalpenik eman gabe». Guzti honek kostu pertsonal izugarria sortu dio, depresioa eta antsietatea duela adierazi baitu. Ustelkeriaren aurkako Adi! elkarteak bere babesa eskaini badio ere, emakume honek planto egiteko eduki duen ausardiak euskal gizartearen aitortza merezi du.]]>
<![CDATA[Izenak izana dakar]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/022/003/2018-02-11/izenak_izana_dakar.htm Sun, 11 Feb 2018 00:00:00 +0100 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1832/022/003/2018-02-11/izenak_izana_dakar.htm
Kontzeptuak asanbladako kokalekuarekin zerikusia badauka ere, zatiketa honek bi portaera politiko irudikatu ditu, kontrajarriak askotan. Perspektiba historiko batetik eta maila orokorrean, pentsamendu politikoa bi molde ideologiko handitan banatu daiteke: aurrerakoia, ezkerra; eta kontserbadorea, eskuma. Norberto Bobbio politologoak berdintasun ereduan oinarritzen du bereizketa hau; izan ere, autore horren aburuz, berdintasunaren inguruko joera kontrajarriak eskuin eta ezker doktrinak desberdintzen ditu. Ezkerrak berdintasunean sustraitzen den gizarte eraikuntzan sinisten du, eta eskumak, berriz, ideia horren aurkako jarrera dauka. Bobbiorentzat ezkerrak gizakiak berdintzen gaituena nabarmentzeko joera dauka, eta eskuinak, aldiz, desberdintzen gaituen hori azpimarratzeko joera.

Baina kontzeptu hauen sorterrian, Frantzian gaur egun, bereizketa honek suposatzen duen aurkakotasun maila ez dute aintzat hartzen. Behintzat, hori da Observatoire de la Democratie-k egindako ikerketa batek adierazi duena. Frantziarren %75ek ezker eta eskuman kokatzen diren alderdien arteko lankidetza positibotzat jotzen du. Tokiko eta lurraldeko erabakiak hartu behar direnean ehunekoa 78ra arte heltzen da. Ez da harritzekoa, beraz, iritzi publikoak bat egitea gaur egun Frantziako presidentea den Macronen planteamenduekin. Macron Hollande sozialistaren eskutik heldu zen Eliseora eta Manuel Valls-en gobernuaren ekonomia ministroa izan zen. Garai horretakoak dira haren «ezker eta eskumakoa naiz» adierazpenak. Ez zen kontzeptuetatik aldentzen, ezker eta eskumakoa aldi berean izatea aldarrikatzen baitzuen, ideologien batuketa, hain zuzen ere. Haren ustez, dogmen garaia alde batera utzi behar da, eta erabakiak, ideologien betaurrekoen bitartez hartu bainoago, nahimen orokorraren bidez hartu behar dira; izan ere, erabaki progresistak har daitezke kontserbadoreen sostenguarekin eta, alderantziz, erabaki kontserbadoreak progresisten sostenguarekin.

Ikuspegi hau lantzeko La Republique en marche..! (LREM) alderdia sortu zuen, «ez eskuineko, ezta ezkerreko ere» den programa bat proposatuz eta arrakastatsua izan zen, gaur egun Frantziako presidentea baita. Horrela, errealitateak herrialde horretan egin diren hainbat ikerketa soziologikorekin bat egin du. Azterketa horien arabera, frantziarrak ezkerraren eta eskuinaren arteko zatiketa tradizionalez nekatuta eta nazkatuta daude, eta alternatiba berriak aldarrikatzen dituzte.

Ezin dezakegu esan joera hau mundu mailan orokortu egin denik, baina Donal Trumpen lehendakaritza fenomeno honen baitan kokatu dezakegu. Finean, alderdi politiko eta aktore politiko tradizionalekiko herritarren mesfidantzarekin du zerikusia eta portaera hau gero eta nabarmenagoa izaten ari da. Gurera etorrita, gai honen inguruan itauntzen duen azken Euskal Soziometroaren (2016ko uztaila) datuak oso esanguratsuak dira. Hiritarren instituzioekiko konfiantza maila neurtzen duen zerrendan, azkeneko postuan bankuak agertzen dira %16rekin; eta azken aurreko postuan, berriz, alderdi politikoak, hamar biztanletatik soilik ia bik (%17k) baitute konfiantza eurengan. Eta «alderdi politiko batetik hurbil sentitzen zara?» galdetzean, «batere hurbil ez» %51ek erantzuten du, «ez oso hurbil» %15ek eta «apur bat» beste %15ek. Hamar biztanletik ia 8k alderdi politiko batetik urrun kokatzen dute euren burua.

Errealitate horren aurrean, eskuma eta ezkerraren esanahi ideologikoaren zentzua galtzen ari da? Bobbio berriz ere aipatuz, ezkerra eta eskuma bereizketaren gaurkotasuna azpimarratu beharko litzatekeela uste dut. Bai ohiko hizkuntzan, baita diskurtso politikoan ere hitz hauek erabiltzen jarraitzen badugu «kutxa hutsak ez direla» frogatzen da, hots, eduki batekin egituratuta daudela, esanahi bat daukatela gure gizartean.

Izena duen guztia omen da.]]>
<![CDATA[Lur barik, arnasarik ez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2017-12-06/lur_barik_arnasarik_ez.htm Wed, 06 Dec 2017 00:00:00 +0100 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2017-12-06/lur_barik_arnasarik_ez.htm
Aurten, munduko 1.500 zientzialariek Bioscience aldizkarian planetaren egoera kezkagarria salatzeko plazaratu duten dokumentu batean, 184 herrialdetako adituek ingurumena zaintzeko premiazko neurriak hartzeko beharraren gainean ohartarazten dute. Badiote Lurra jasotzen ari den kaltea «funtsezkoa eta itzulezina» dela. Deforestazio tasa handiak, ur gezaren eskasia, gero eta handiagoa den ozeanoen poluzioa, espezieen desagerpena eta munduko gainpopulazioa komunitate zientifikoa asko kezkatzen duten gaietako batzuk dira. Datu batzuk egoera ulertzeko: 1970etik ur gezako animalien populazioa %81 jaitsi da, eta itsas eta lehorreko animalietako populazio kopuruak % 36 eta % 35 galdu dute, hurrenez hurren. Lurraren ur guztiaren %3 besterik ez da ur geza, eta, gaur egun, gizaki bakoitzarentzako erabilgarri dagoen kantitatea 1960ko hamarkada hasieran zegoenaren erdia baino gutxiago da. Deforestazioaren aztarna aztertzeko kontuan eduki behar dugu soilik 1990etik, munduak 129 milioi hektarea baso galdu dituela.

Komunitate zientifikoak Lurraren egoeraz ohartarazteko ateratzen duen bigarren manifestua da aurtengoa. Lehena 1992an plazaratu zuten 17.000 zientzialarik, Nobel batzuk barne, baina 25 urte geroago eta 2.000 milioi pertsona gehiagorekin, munduko egoera okertu egin dela esan dezakegu. Batez ere kezkagarria omen da mundua jasaten ari den beroketa efektua. 1998tik gaur egun arte azken 136 urteetako hamar urte beroenak bizi izan baititugu. Aurten Nature aldizkarian plazaratutako dokumentu baten arabera, zehazki hiru urte geratzen zaizkigu gure klima babesteko. Informazio honen sinatzaileak ez dira ekologista sutsuak, aktibistak edo intelektualak. Klima aldaketarako NBEko buruzagi ohia Christiana Figueres eta beste bost diplomatiko eta zientifikok sinatutako gutuna baita.

Jakina denez, zenbat eta bero gehiago, orduan eta bizitza gutxiago; hortaz, gizakien iraupena bermatu nahi badugu, badirudi aldaketa garaia heldu dela. Adituek aipatzen dituzten aldaketen artean ez hain ezagunak diren gizakiari ume gutxiago edukitzeko deia zabaltzea (bi ume baino gutxiago) eta dieta begetarianoago bat egitea (okela gutxiago jatea) gomendatzen da. Azken finean planetarioki egiten den aholkuak, gure garapen modua konfrontatzen du, eta energia, garraioa eta lurraren erabilera garapenaren galderaren muinean topa dezakegu, gaur eguneko ingurumen gatazken sustrai.

Modu globalean bizi dugun fenomenoa modu lokalean herritar eta taldeek ingurumenarekin lotuta dauden politika publiko zehatzak, lekutuak, ezbaian jartzen dituzten bakoitzean suertatzen da gatazka. Ingurumena tokiko gatazken abiapuntu bezala agertzen zaigu. Tosun, Getxon, sei urte daramatzate parkin baten kontra borrokatzen. Gaur egun, landa eremu gehien mantentzen duen eta betidanik nekazari ingurua izan den Andra Mari auzoan 8.000 etxebizitza eraikitzeko plana aurkeztu zuen Getxoko Udalak 2007an. Herritarren protestek eta krisi ekonomikoak proiektua geldiarazi batzuen ere, etxebizitzekin batera egin behar zen metro geltokia 2011n bukatu zuten eraikitzen. Sekula erabili ez den Ibarbengoako geltokiaren ondoan, 300 autorentzako lurpeko aparkalekua egin nahi dute. Aparkalekuak kontrako erresistentzia eduki du, geltokia amaitu zenetik, beti egon baita norbait azpiegitura eraiki behar den lekua, zelaia, okupatzen. Aparkaleku proiektua geldiarazteko borrokan Tosu Betirako Plataforma sortu zen. Beraien aburuz, «Getxoko lur eremu bakarra urbanizatzeko lehen harria» da aparkalekua. Egitasmoa geldiarazi nahi dute, eta, era berean, bizimodu alternatiboa sortu. Azken urte hauetan hainbat ekintza egin dituzte bertan: bertso afariak, mahai inguruak, hitzaldiak, kontzertuak eta tailerrak, besteak beste. Argi daukate erresistentzia honen bitartez alternatibak sortu nahi dituztela: «Ez gaude hemen lurra defendatzeko bakarrik, beste gizarte eredu bat sortu nahi dugu, energetikoki, elikadura aldetik, harremanen aldetik... Hau ez da aparkalekuaren kontrako borroka hutsa».

Bizkaiko Garraio Partzuergoak sustatzen duen egitasmoa da Tosu aparkalekua. Erakunde horretako kontseilu Nagusiko bokala da Imanol Landa, Getxoko alkate jeltzalea. Udaleko gobernu taldeak Ibarbengoako geltokiari eta aparkalekuari «babes osoa» adierazten dio; beraien hitzetan, «agerikoa baita mesedegarri izango dela Getxo eta Uribe Kostarentzat, mugikortasunaren eta ingurumenaren alorrean». Horrek Tosutik Euskal Herrira eta mundura zabaltzen den galdera glokala sortzen du: halako garraio azpiegiturek mugikortasun arazoak konpontzen dituzte? Onuragarriak dira ingurumena babesteko? Gurean eraikitzen ari diren garraio azpiegiturarik erraldoienari erreparatzen badiogu, Abiadura Handiko Trena, badirudi datuek berez erantzuten dutela. AHTa Euskadiko kapitalen arteko mugikortasunari mugatuta baitago (hau bidaien %0,67 baino ez da), eta bakarrik erretiratuko du (aldi berean merkantziak eta bidaiariak eramateko balioko badu) merkantzien %10 errepideetatik. Getxo eta Uribe kostako mugikortasun arazoak 300 autorentzako parkin batekin bukatuko dira? Horrela zainduko dugu gure ingurumena?

Ekologistok oso negatiboak eta pesimista batzuk garela esaten dutenen aurrean mundu mailan eta ingurumen aferan aurrera egin dugun gauza bakarra azpimarratu nahiko nuke, «bai posible da!» ozenki adierazteko. Lehen aldiz, Ozono geruzaren zuloa gelditu da, eta, gainera, osatzen ari den seinaleak topatu dituzte, badirudi zuloa txikitzen ari dela. Hortaz, ingurumenaren babesean aurrera egin dezakegu. Tosun ere berdina diote: guztion artean parkina gelditzea posible da! Eta, horretarako, abenduak 16a gure agendetan markatzeko eskatzen digute parkina gelditzera begira ekimen garrantzitsua burutuko baitute.]]>
<![CDATA[Bakea, armarik onena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2174/017/003/2017-03-25/bakea_armarik_onena.htm Sat, 25 Mar 2017 00:00:00 +0100 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/2174/017/003/2017-03-25/bakea_armarik_onena.htm Le Monde-n iragarri zuen albistea eta Miarritzen berriki egin diren desarmatzeari buruzko jardunaldietan Bakearen Artisauak taldeko kidea den Mixel Berhokoirigoin-ek berretsi du berria. Espainiako eta Frantziako Estatuko gobernuek adierazi dutenaren arabera, ez dute parte hartuko armagabetzean, munduan inoiz gertatu den egoera berri bat sortuz. Nazioarteko bitartekarien aburuz, ez dago halako aurrekaririk munduan. Urte luzez gatazka armatua bizi izan duten bi estatuko gobernuek ez diote lagundu nahi armagabetzeko erabakia hartu duen erakunde armatuari. Brian Currinek BERRIAn esaten zuen bezala, «sinestezina den egoera» bat da, eta, horren aurrean, «bake prozesuaren grabitate zentroak» Euskal Herrian egon behar zuela aholkatu zuen.

Ipar Euskal Herriko gizarte zibilak kasu egin dio, Berhokoirigoinen hitzetan: «Jabetu ginen armagabetzea giltzarria zela prozesua desblokeatzeko, eta, era berean, gizarte zibilak inplikatu behar zuela konturatu ginen». Euskal Herriko instituzio politikoek ere, bere ardura erakutsi dute ETAren armagabetze prozesua amaitzeko prestasuna agertuta. Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du Jaurlaritzak «bere esku dagoen guztia» egingo duela, eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak «konpromisoa» azaldu du, desarmea ahalik eta azkarrena aurrera eramateko bere esku dagoena egiteko. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidenteak erabateko adierazpenak egin ditu, hautetsiek ezin dutela ardura beste batzuen esku utzi, eta adieraziz bat egin behar dutela gizarte zibilarekin: «Bake prozesuaren momentu erabakigarri batean gaude, eta hautetsiek ez dute ardura beste baten gainean utzi behar». Hortaz, desarmatze prozesua gizarte zibilaren eskutik etorriko da hautetsi eta herritarren parte hartze masiboarekin.

Bake Bideko kidea den Anaiz Funosasek esan duen moduan, armagabetzea ez da izango ETAren alde bakarreko prozesua, lurralde oso baten alde bakarreko prozesua baizik. Hor partaide izango baitira gizarte zibila, hautetsiak eta nazioarteko eragileak. Eta gako horretan kokatu daiteke prozesu honek sortzen duen aukera bide berria. Estatuen mugiezintasunaren aurrean gizarte zibilak bakearen aldeko dantzaren alde ekitea erabaki du, bakearen bide neketsuan ibiltzeko gogoari astindu bat emanez. Bide berritzaileak martxan ipini dira, bakea ez delako berezko egoera bat, sortu behar den egoera baizik eta lan horretan denak daukagu zer egiteko.

Testuinguru horretan, euskal gizarteak argi dauka irabazle eta galtzaile eskemak gurean ez daukala tokirik. Gai horren gainean galdetzen zuen azken soziometroaren emaitzen arabera, gizartearen %79k irabazle eta galtzailerik ez dela egon behar adierazten zuen, eta %87k polizia indarkeriaren eta ETAren biktimen errekonozimendua eta ordaina emateko eskariaren alde agertu ziren, alde guztietako biktimen eskubideak homologatuz. Baina bai Estatu frantziarra, bai espainiarra ere, eta gizarte frantziarra eta espainiarra esatera atrebituko nintzateke, ez dute afera modu berdinean ikusten. Kuriosoa da, Euskal Herrian gatazkarik ez dela egon esaten duten berdinek, are gutxiago gerra bat, guda diskurtsoa erabiltzea momentu oro. Esaterako, terrorismoaren biktimen elkarteak, Covitek, ETAren armagabetzean laguntzeko prest agertu diren Iparraldeko gizarte zibileko kideak Auzitegi Nazionalean lekuko gisa deklara dezatela eskatu du.

Horregatik, ipar Euskal Herriko gizarte zibilak bakearen alde gauzatzen ari den pauso erraldoi hau blokea ez dezaten, Euskal Herriko gizarte osoak argitasunez adierazi behar du bakearen bidea egiteko prest dagoela. Adibide gisa, Hego Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak 2016ko abenduaren amaieran egindako komunikatua izan daiteke. Abenduaren 16an, frantses eta espainiar segurtasun-indarrek elkarrekin egindako polizia-operazio batean Luhuson gizarte zibileko bost lagun atxilotu zituzten, ETAren arma batzuk deuseztatzen. Bake artisauen izena jaso zuten, eta horien atxiloketen aurrean, EAJ, EH Bildu, Geroa Bai, Podemos Nafarroa, ELA, LAB eta Steilasek euskal gizarteak bake osoa eta behin betikoa nahi zuela baieztatu zuten aipatutako komunikatuan. EHUko hainbat irakaslek, egoera hori salatzeko, agiri bat sinatu genuen Hegoaldeko erakundeak proaktiboak izan behar direla aldarrikatuz. Ekintzan oinarrituta eta ez egonean, eta gizarte zibila babesteko prest. Iparraldeko erakundeetako ordezkariek emandako ereduaren pareko batasun eta irmotasun berarekin izan behar du Hegoaldeko erakundeena, gehiengo politiko eta sozialaren adierazpenari erantzuteko.

Armagabetzea aurrera eramateko gauzatzen ari den ekintza kolektibo honek gizarte osoaren babesa jasotzen badu ezin izango dute olatua geldiarazi. Bakearen artisauen atxiloketek berriz ere gerta ez daitezen aho batez azaldu behar dugu biolentzien garaiarekin amaitzeko erabiltzen ari diren estrategiak guda estrategiak direla eta joku horretan euskal gizarteak ez duela parte hartuko. Desarmatzeaz ari garela, Nelson Mandelaren hitzak gogoratu behar ditugu: gure armarik onena, bakea dela frogatuz.]]>
<![CDATA['People have the power']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/013/001/2016-08-14/people_have_the_power.htm Sun, 14 Aug 2016 00:00:00 +0200 Izaro Gorostidi Bidaurrazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1832/013/001/2016-08-14/people_have_the_power.htm
Ez daude harekin ados hauteskundeetan parte hartuko duten beste alderdiak. Kritika gogorrak jaso ditu lehendakariak: «arduragabekeria», «abuztuko opor atarian erkidegoko hauteskunde batzuetara deitzea ezohikoa da», «EAJ alderdiaren interesen arabera» jokatu izana, salatu dute, besteak beste. Jaurlaritzako bozeramaileak, Josu Erkorekak adierazi badu ere «teknikoki» ez dela hauteskunde aurrerapen bat, urriaren 23a iradokitzen zuten data posiblea, ezin dugu ahaztu hauteskunde aurrerapenak lehendakarigai gabe harrapatu zituela hiru alderdi: Podemos, PP eta Cuidadanos. EAEn orain arte babes handiena duten hiru alderdiek, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk, berriz, aspaldi aukeratu zituzten hautagaiak, baina EH Bilduk zerrendak osatzeko aurreikusita zeukan prozedura bertan behera utzi behar izan du. Beren hitzetan, hauteskundeak aurreratu direnez, prozesu guztia egiteko denborarik ez daukate.

Beraz, irailaren 9ko gauerdian hasiko da hauteskunde kanpaina, baina abuztutik haren eragina sentituko dugu. Alderdiek abuztuaren 17 eta 22ko epe bitartean zerrendak hauteskunde-batzordeetan aurkeztu behar dituzte. Ondoren, inpugnazio posibleak edota irregulartasunak aztertuko dira, eta, azkenik, hautagaitzak abuztuaren 29an ofizialki izendatuko dira. Baina Covitek, Terrorismoaren biktimen kolektiboaren deia erantzunez, PPk, UPDk eta Ciudadanosek Otegiren hautagaitza inpugnatuko dutela adierazi dute. Auzitegi Gorenak 2021eko otsailaren 28ra arte luzatu zion inhabilitazioa Arnaldo Otegiri. Nahiz eta Iker Casanovaren kasua aurrekari bat izan —inhabilitatua egonik ez du arazorik eduki Eusko Legebiltzarrean parlamentari gisa aritzeko— Espainiako Konstituzio Auzitegiak azkeneko erabakia hartzeko aukera du, eta posiblea da ia hauteskunde-kanpainaren hasieran ebaztea.

Otegiren hautagaitzak aurrera jarraitzen badu, Elkarrekin Ahal Dugu-ko Pili Zabala, PSE-EE ko Idoia Mendia, EAJko Iñigo Urkullu, PPko Afonso Alonso eta Cuidadanoseko Nicolas de Miguelekin lehiatuko da. Errepikatzen duen bakarra Iñigo Urkullu da, 2012ko hauteskundeetan EAJko hautagaia izan zelarik. Bi bizkaitar, bi gipuzkoar eta arabar bakarra, 48 eta 58 urteen arteko adinekin. Gazteena Elkarrekin Ahal dugu (Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo) koalizioaren hautagai den Pili Zabala da, eta lehenengo aldiz Eusko Legebiltzarreko bozetara aurkezten den Podemos alderdiko hautagaia da. GALek eraildako Joxi Zabalaren arrebak egindako adierazpenetan argi eta garbi zabaldu duen mezua «politika gizartiartu» behar dela izan da, bera horretarako aurkezten dela azalduz. Nola egingo duen beste kontu bat litzateke.

Baina badirudi lan hori egiteko oposizioan egon beharko dela. Orain arte egin diren galdeketei erreparatzen badiogu, EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak. Gizakierrek egindako azken galdeketaren arabera, ekaineko datuak kontuan dituena, EAJk 27 legebiltzarkideei eutsiko lieke; bigarren lekuan EH Bildu izango litzateke, 17 ordezkarirekin; eta hirugarrena, Elkarrekin Ahal Dugu. Koalizio horrek 14 diputatu lortuko lituzke. PSE-EEk botoak eta legebiltzarkideen erdiak galduko lituzke, eta, ondorioz, zortzi parlamentari izango lituzkete. PPk zortzi ordezkari bereganatuko lituzke, egun baino bi gutxiago, eta, azkenik, UPyD. Eusko Legebiltzarretik desagertu egingo litzateke; Ciudadanosek hartuko luke haren lekua (botoen % 2,7 eta parlamentari bat izango lituzke).

Gakoa berriz ere itunen jokoan egongo da. EAJk orain arte PSE-EEren laguntzarekin gobernatu du, eta ez bakarrik Jaurlaritzan, udalerritan eta foru aldundietan ere bai. Baina, galdeketen azkenengo emaitzak kontuan edukita, ezingo dio gehiengoari heldu PSE-EEren laguntza soilarekin. Eta paktuen jokoan, PPk Eusko Legebiltzarrean eduki ez duen protagonismoa irabaz dezake, EAJ eta PSE-EE ituna babestuz. Ezinezkoa dirudi EAJk PPren kontra daukan diskurtsoa entzun ondoren, baina gogoratu behar dugu Mariano Rajoyren alderdiak idazkaritza bat laga diela jeltzaleei PPk, PSOEk eta EAJk osatuko duten Senatuko Mahaian, jeltzaleek eta Alderdi Popularrak akordioa lortu ondoren. Gainera, EAJk talde propioa izango du Senatuan, PPrekin lortutako adostasun bati esker. Jeltzaleen arabera, ez da akordiorik izan PP eta EAJren artean; PPren «kortesiazko ekintza» izan da «ezeren truke». Baina PPko Alfonso Alonso lehendakarigaiak EAJ «oroit dadila» espero duela adierazi du.

EAJk, EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu koalizioekin akordioak lor ditzake? Ortuzarren adierazpenak kontuan edukita, badirudi horretarako intentziorik ez daukatela. Alderdiak zehazki aipatu barik, San Ignazio egunean, «itsaslaminen kantuaz» ohartarazi zuen EBBko buruak eta abenturazaleen kontra agertu zen: «Abenturek koste bat dute, koste garestia, azkenean hiritargoak ordaindu beharko duena». Bere diskurtsoan Mariano Rajoyk hauteskunde kanpainan erabilitakoaren antzekotasunak agerikoak dira, abenturetatik eta esperimentuetatik ihes egitea, hain zuzen.

Dena den, BERRIAk gogoratzen digun moduan, azkenaldian izan diren boz edo galdeketetako inkestak eta emaitzak ez dira maiz bat etorri. Beraz, iraileko hauteskundeetan galdeketen emaitzak irailaren 25ean bozka dezaketen 1.778.776 gizon eta emakumeen esku egongo dira, eta horietako ia 64.000k lehenengo aldiz bozkatu ahal izango dute. Patti Smith abeslariaren hitzak errepikatuz, people have the power.]]>