<![CDATA[J.M. López | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 09 Apr 2020 19:49:34 +0200 hourly 1 <![CDATA[J.M. López | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Urtebete da Estatu Islamikoa Iraketik kanporatu zutela, baina zauriak ez dira sendatu ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/018/001/2020-03-28/urtebete_da_estatu_islamikoa_iraketik_kanporatu_zutela_baina_zauriak_ez_dira_sendatu.htm Sat, 28 Mar 2020 00:00:00 +0100 J.M. López https://www.berria.eus/paperekoa/1913/018/001/2020-03-28/urtebete_da_estatu_islamikoa_iraketik_kanporatu_zutela_baina_zauriak_ez_dira_sendatu.htm pick-up batean eraman zituzten batzuk. Haien ondoren, nire txanda heldu zen. Bidean, emaztea eta nire hiru seme-alabak bakarrik nituen gogoan, zer gertatuko ote zitzaien. Gero, ilaran jarrarazi gintuzten, eta bizkarrean tiro egiten hasi ziren nekazaritza eremu batean. Nik min zorrotz bat sentitu nuen besoaren atzeko aldean, eta lurrera erori nintzen. Burua estaltzen ahalegindu nintzen, balek nire ondoan jotzen zuten bitartean», dio atsekabetuta. Hobi komunak Kojoko kanpoaldea hobi komunez beteta dago. Uste da seiehun biztanle inguru lurperatu zituztela han. Tragediaren neurria jakiteko ikerketa ofizialik zabaldu ez duten arren, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak ondorioztatu du EIk yezidien aurkako genozidio bat egin zuela Sinjar eskualdean. Hunkitu egiten da oraindik gertatutakoari buruzko xehetasunak azaltzen dituenean, eta oroitzapenek min egiten diote. «Hauts asko zegoen, eta jendea hilzorian zegoen nire inguruan. Une horretan ohartu nintzen ez nengoela hilda, zango batean eta ukondoan bakarrik nituen bala zauriak. Ez nintzen bakarra, beste bi ere bizirik zeuden. Jihadistak beste talde baten bila joan zirenean, muino gaineraino igo ginen nola-hala. Nire lagunek atzean dagoen herri batera joan nahi izan zuten, ezkutatzera, baina ni ez nintzen fidatzen. Bizilagunek iristen ikusi zituztenean, hil egin zituzten, odol hotzean. Errukirik gabe. Nire begiekin ikusi nuen guztia. Horregatik erabaki nuen ezkutatuta jarraitzea gaua egin arte. Ingurua ondo ezagutzen dudanez, mendietara jo nuen. PKK-ko [Kurdistango Langileen Alderdia] milizianoak zeuden han, eta jaso eta sendatu egin ninduten. Horrela atera nintzen bizirik», amaitu du. Nadia Muraden anaia da Khalid. Giza eskubideen aldeko ekintzailea zen Nadia, eta Bakearen Nobel saria eman zioten 2018an, sexu indarkeria gerra arma gisa erabiltzearen aurka egindako lanagatik. Hura ere Kojoko eskolan zegoen, beste guztiekin batera. Haren arabera, gizonak hil zituzten egun berean, emakumeak eta haurrak Solakhera eraman zituzten, Kojo eta Sinjar arteko herri batera, eta han beste toki batzuetatik eramandako emakume yezidi gehiagorekin elkartu. Zaharrenak taldetik banandu zituzten, eta hutsik zegoen igerileku baten inguruan jarri. 68 emakume inguru hil zituzten tiroz, eta igerileku barrura bota. Ondoren, lurrarekin estali zituzten, eta uste da haietako batzuk bizirik lurperatu zituztela. Gainerako guztiak jihadisten sexu esklabo bilakatu zituzten. Nadia bera eta Muraden emaztea eta seme-alabak hainbatetan saldu zituzten, eta jipoitu eta bortxatu egin zituzten. Azkenik, berriz ere aske geratu ziren, bahitzaileei erreskate bat ordaindu ondoren. Orain Alemanian bizi dira, errefuxiatuei bizi izandakoa gainditzen laguntzen dien gizarteratze programa bati esker. «Zoriontsu naiz beraiengatik, baina nik ezin dut nire herria utzi. Eraso zigutenek eta genozidio hori egin zutenek gure lurrez jabetzeko egin zuten. Ni bizirik irten naiz, eta ez naiz geldituko errudunak zigortzen dituzten arte. Hori da jainkoek niretzat erabaki dutena», baieztatu du milizia xiitaren bere uniformea erakutsiz. Eta azaldu: «Horregatik sartu nintzen armadan, hilobi hauek eta gure etxeak babesteko, baita orain hemen inor bizi ez bada ere. Hau toki zoragarria da, baina itzultzen den arabiar sunita oro hila izango da; mendekua bakarrik nahi dut, herrialde honetan, yezidientzako justiziarik ez dagoelako», esan du atsekabetuta. Muradek mitxoleta batzuk kendu ditu igerilekuaren aldamenera heldu denean. Erabakitasunez, barrura jaitsi da, eta maitasunez jarri ditu loreak lur gainean. Bere ama han dago lurperatua. Bere inguruan, burezurrek, hezur eta bala zorroekin batera, erakusten dute sarraskia gertatu zen tokia. Sakon hartu du arnasa, hasperen egin du, eta, belaunikatuta, otoitz egiten hasi da. Bazterrean utziak eta ahaztuak izatearen sentipena iltzatuta dago herritarren begietara, eta beldurrak itzultzea eragozten die. Gutxi izango dira kideren bat galdu ez duten edo haren bila jarraitzen ez duten familiak. Bizitza noiz itzuliko zain, inor ez da arduratu hobiak hustu edo hilotzak identifikatzeaz. Horrela bakarrik berreskuratu ahal izango dituzte zelaiek beren uztak, eta hildakoek lasai atseden hartu ahalko dute. ]]> <![CDATA[Aterpe more bat Kurdistanen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/018/001/2020-03-13/aterpe_more_bat_kurdistanen.htm Fri, 13 Mar 2020 00:00:00 +0100 J.M. López https://www.berria.eus/paperekoa/1917/018/001/2020-03-13/aterpe_more_bat_kurdistanen.htm
Ametsa bete egin zaie hainbat urtez lanean aritu ostean, demokrazian, aniztasunean eta ekologismoan oinarrituta. «Emakume guztiak aritu dira etxeak eraikitzen. Lurra, buztina, bazka eta zura erabili dituzte, produktu naturalak guztiak; ez dute kutsatzen, eta ez diote kalterik egiten ingurumenari. Elektrizitatea ere energia berriztagarrien iturrietatik lortzen dugu, nagusiki eguzkitik», azaldu du Nujinek.

Komunak triangelu forma du, eta 30 etxek osatzen dute; logela batekoak, bikoak edo hirukoak dira. 2018ko azaroaren 25ean jarri zuten martxan, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, eta, oraingoz, etxe horietako hamabi daude okupatuta; emakume kurduak, yezidiak eta arabiarrak bizi dira etxe horietan, eta espero da udaberri hasieran askoz gehiago iristea. «Denak dira ongi etorriak. Babesleku bat ere izango da edozein motatako abusuak jasotzen dituztenentzat eta gerra garaian senarra galdu zuten eta seme-alabak dituzten alargunentzat, baita gizarte kapitalistatik urrundu nahi dutenentzat ere», dio Nujinek.

Fatima Umm Nasrinek 34 urte ditu. Emakume kurdu horren bizitza zeharo aldatu zen duela lau urte, senarra hil zitzaionean Kobanen, EIren aurka borrokatzen ari zela. Jinwarren bizi da duela hiru hilabetetik. «Ni emakume aktibista nintzen, eta ezagutzen nuen proiektu hau; horregatik erabaki nuen hona etortzea. Niretzat, gizarte beregain batean bizitzea aske izatea da», esan du, sei alabetan txikiena besoetan duela. «Hiri kontserbadore batetik nator, eta nire familia oso tradizionala da; han, emakumeoi ez digute uzten independenteak izaten, baina ni saiatuko naiz nire alabak beste modu batean hezten, bizitzan arrakasta izan dezaten. Ez dut asmorik berriz ezkontzeko; Jinwarrekin maitemindu naiz, eta nire bizia eskaini nahi diot», adierazi du.

Komunak oinarrizko zerbitzuak ditu, bertan bizi direnak beren kabuz moldatu ahal izan daitezen. Emakumeek lurra lantzen dute, abereak zaintzen dituzte, formakuntza ikastaroak jasotzen dituzte, eta umeak hezten dituzte eskolan. Gainera, herrixkaren erdialdean, okindegi bat, liburutegi bat, medikuntza naturaleko kontsultategi bat eta sukalde komunal bat daude, baita parke bat ere, txikiak jolastu daitezen. Aurreikusia dago udarako bukatuta egotea igerileku bat egiteko lanak, eta denak bainatu ahal izango dira han; izan ere, handik kanpo gizonek bakarrik dute bainatzeko eskubidea.

Etxeek osatzen duten triangeluaren izkina batean, Hawan Suli bizi da. Ez da haren benetako izena; identitatea ezkutuan mantendu nahi izan du. Suleimaniyan bizi zen, eta lehen aldiz ezkondu zenean 13 urte zituen. «Oso gaztea nintzen; ez nekien ezer bizitzaz, eta ez nekien zer esan nahi zuen ezkonduta egoteak. Senarra abusatzailea zen, eta asko jotzen ninduen; bost seme-alaba izan nituen harekin. Dibortziatu egin nintzen, eta berriz ezkondu nintzen. Bigarren senarrari esan nion alarguna nintzela, berak onar zezan nirekin ezkontzea, eta haren bigarren emaztea izan nintzen, baina egoera ez zen hobera joan. Asko sufritu dut. Gizonekin izan dudan esperientzia oso txarra izan da», kontatu du, atsekabetuta. «Neure buruaz beste egiten saiatu nintzen bi aldiz, neure buruari gasolina botata, baina jendeak eragotzi egin zuen», gehitu du.

Irakeko Kurdistanen ohikoak dira halako kasuak, eta gobernuak ez die inongo babesik ematen; babes etxeetan sartzen dituzte, besterik ez, eta, babes etxe baino gehiago, kartzelak dira horiek. Hawanek hilabete egin zuen han, eta, azkenean, ihes egitea erabaki zuen, inori ezer esan gabe. «Telebistaren bidez ezagutu nuen Rojava; orduan, harremanetan jarri nintzen YPGren gertuko alderdi politiko batekin, eta haiek ekarri ninduten, Sinjartik», esan du. Kontatzen segitu du: «Hasieran, zail samarra egin zitzaidan, bakarrik nengoelako eta kurdueraren beste dialekto batean hitz egiten dudalako, baina, orain, oso ondo sentitzen naiz familia hauekin. Gauzak egiten ikasi dut; okindegian eta landan aritzen naiz lanean. Beren buruaz beste egiten saiatzen diren beste emakumeei esango nieke badaudela irtenbideak; Jinwar, adibidez. Denak animatu nahi nituzke hona etortzera, beren burua aska dezaten».

Komuna autogobernatu egiten dute, kontseilu asanbleario baten bidez, eta hilean behin biltzen dira. Han, emakumeek elkarri ideia berriak proposatzeko aukera dute, elkarbizitza hobetze aldera; iritzi guztiei egiten zaie kasu, eta guztiek dute balio bera. Tarte egokia izaten da lanak banatzeko ere: txandaka aritzen dira, denek aukera bera izan dezaten lanbide guztiak ikasteko.

Haien asmoa da proiektu hau ez izatea bakarra, eta laster ekoherrixka gehiago egotea Siriako Kurdistan osoan. Herrixka horiek YPJ Emakumeen Babes Unitateen sorreran dute jatorria: emakume kurduen armada bat da, arabiar munduan lehendik inoiz existitu gabea, eta Siriako gerra zibila piztu zenean hasi ziren emakumeak izena ematen. Gizonekin batera borroka armatuan aritzeak parekatu egin zituen, eta borroka sozialak patriarkatutik askatu zituen.

Bizitza hobearen bila

Qamixlitik 60 kilometrora dago Jinwar, laborantzarako lurren eta fruta arbolen artean. Guda frontetik urrun, Estatu Islamikoak bere kalifa herri beldurgarria galdu zuen tokitik urrun, ekoherrixka hau sortu zen, bakezko, elkarbizitzarako leku bat izateko asmoz. «Komuna ez da espazio itxi bat», esan du Nujinek. «Bertan bizi direnak nahi dutenean sartu eta atera daitezke, eta edonor etor daiteke bisitan. Gizonak, ordea, ezin dira lotan geratu».

«Bizimodu hobe bat izateko aukera bakarra Jiwarrera etortzea zen», esan du Bedra Darwishek. Arabiarra da, Deir Ezzor probintziakoa. 35 urte ditu, eta zazpi seme-alaba. Duela urtebete, senarra hil zitzaion, EIren aurkako borrokan, eta ezin zituen seme-alaba guztiak zaindu bere kabuz. «Ni Estatu Islamikoarekin bizi izan nintzen, eta oso egoera zaila zen emakumeentzat; beti estalita joan behar nuen, eta ezin nuen ezer egin. Senarra ere nekatuta zegoen EIn egoteaz, eta, beraz, aukera izan zuenean, YPGn izena eman zuen. Ezingo naiz inoiz berriro ezkondu; hainbeste seme-alaba izanda ez nau inongo gizonek maitatuko», esan du, atsekabetuta. «Niretzat, hauxe da lehen aldia askatasun pixka bat dudala; inork ez dit esaten nola jantzi behar dudan, ezta zer egin behar dudan ere. Nire bizimodua zeharo desberdina da orain. Jinwarren, kurduak eta arabiarrak daude, eta denak ondo moldatzen gara. Nik ez dut ulertzen kurduera, baina jendeak lagundu egiten dit itzulpenarekin. Orain nire herrira bueltatuko banintz, ez nindukete onartuko; horregatik, betiko hemen geratzea erabaki dut».]]>
<![CDATA[«Terroristen» emazte damutuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1910/006/001/2019-12-15/terroristen_emazte_damutuak.htm Sun, 15 Dec 2019 00:00:00 +0100 J.M. López https://www.berria.eus/paperekoa/1910/006/001/2019-12-15/terroristen_emazte_damutuak.htm
Al-Holera bere bi alabekin iritsi da Leonora Lemke. Habibak 16 hilabete ditu, eta Mariak 20 egun besterik ez. «Siriara etorri nintzenean, 15 urte nituen. Alemanian bizi nintzen, eta etxetik ihes egin nuen islamaren arauen pean bizi nahi nuelako, baina orain hasi naiz jabetzen hanka sartze bat izan zela», esan du, goibel. «EIk kontrolatutako lurraldera iritsi eta egun batzuetara ezkondu nintzen senarrarekin, baina bera ez da gudularia; ordenagailu eramangarriak konpontzen zituen, eta ni etxekoandrea nintzen», azaldu du, alaba zaharrena besoetan daukala.

Kontua da haren senarra kartzelan dagoela preso, eta etorkizuna ez dela oso itxaropentsua haientzat. Lemkeri eta haren senarrari, biei leporatu diete talde terrorista baten parte izatea. Alemania, Europako beste herrialde asko bezala, mesfidati azaldu da haiek hartzeko. «Oso inozoa izan nintzen. Uste nuen kalifa herria estatu indartsua zela eta bere herritarrak babestuko zituela. Azkenean, ez neukan jatekorik seme-alabentzat».

Atertu egin du, eta ortzadar erraldoi bat ageri da esparruko denden gainean, gero eta biziago. Jihadista atzerritarren emazteek leku bat gordea dute eremuan, beste zibilengandik bereizita. Oraingoz 566 familia daude erregistratuta atal horretan. 1.800 pertsona guztira, emakumeak eta haurrak, 40 nazionalitatetakoak. Hainbeste kultura eta ideologia nahastuta, ez da harritzekoa liskarrak sortzea. Europako herrialdeetatik datozen emakumeak kexu dira Kaukasokoek eta Tunisikoek gorriak ikusarazten dizkietela eta. Jihadarekin bat egiten ez dutenak ere badira eremuan, eta haiek ere beldurrez bizi direla esan ohi dute. SDF Siriako Indar Demokratikoen milizia kurdu-arabiarretako 400 bat kidek zaintzen dute eremua. Turkiak Rojavaren kontrako erasoa hasi zuenetik, urriaren 9tik, tentsioa handitu egin da eremuan.

Damuaren zama

Lisa Andresson Suediakoa da. Haren begi berdeek eta azal zurbilak sorlekua salatzen diote, nikabaren oihalen artetik. 29 urteko gazte horrek kontatu duenez, 2013an iritsi zen Siriara, Estatu Islamikoa sortu baino urtebete lehenago. Hasieran, Raqqan bizi zen; gero, hiri batetik bestera aldatuz joan zen, kalifa herriak lurrak galdu ahala; azkenean, Baghuzera iritsi zen. SDFk eta AEBek Baghuzen aurkako erasoa hasi zuten orduan; eraso hartatik ihesi, milaka lagun inguru iritsi ziren Al-Holera.

Damu da Andresson ere. «Senarrari jarraika iritsi nintzen hona, jendeari laguntzeko, ikusia bainuen nola zeuden ospitaleak; gero, egoera honetan harrapatuta geratu nintzen. Senarra ezagutu baino urtebete lehenago aldatu nintzen islamera. Orain, bera kartzelan dago», dio, seme-alabetako bat oinen artean jolasean dabilkiola. «Ez dut ulertzen jendeak zergatik esaten duen terrorista naizela; nik nire bizitza egin dut, besterik ez, eta ez daukat ezeren errurik. Behin barruan zaudela, ezin duzu borondatez alde egin; nik ihes egin nuen duela bi hilabete. Azkenean, ez genuen jatekorik, eta landako belarra janez iraun dut bizirik».

Landan, egoera oso txarra izan zen joan den neguan; hotzaren, elikadura kaskarraren eta osasun arreta eskasaren ondorioz, ehun haur baino gehiago hil ziren, Erreskaterako Nazioarteko Batzordearen arabera. Azken hilabeteetan 24.000 lagun iritsi dira esparrura, nekatuta eta desnutrizioak jota; populazioa hirukoiztu da. Andressonek urtebeteko alaba bat zuen, eta hil egin zitzaion joan den hilabetean. «Hona etorri izanaren alde on bakarra seme-alabak edukitzea izan da; haiek dira garrantzitsuena niretzat. Aldatu egin naiz; beste pertsona bat naiz. Nire herrialdera itzuli nahi dut, baina badakit nire herrialdeak ez nauela han nahi. Egin nuena barkatzeko eskatzen dut, besterik ez. Esparru honetan, nire bizitza infernua da. Triste sentitzen naiz, umiliatua, adoregabetua», esan du, negar zotinka.

Senarrak hilak edo kartzelan izanik, emakume horiek eta haien seme-alabak lege aldetik linbo batean egotera kondenatuta daude. Inork ez daki noiz arte. Eremuko emakume gehienak siriarrak eta irakiarrak dira; europarren artetik, gutxik aitortuko dute Estatu Islamikoarekin borrokatzera etorri zirela. Fatima du izena haietako batek, eta Txetxeniakoa da. «Kalifaldiaren parte izan nahi nuelako etorri nintzen. Berehala ezkondu nintzen, Mohammed Walid izeneko jihadista australiar batekin; hil egin zuten borroka batean. 3 urteko seme bat dut, eta orain dena damutu zait. Ihes egiten saiatu naiz, eta, horregatik, kartzelan izan nintzen bost hilabetez».

Donald Trump AEBetako presidenteak eta SDFk atzerriko estatuei eskatu izan diete beren herrialdeetako jihadisten ardura har dezatela, edo nazioarteko auzitegi bat sor dezatela haiek epaitzeko. Ez dira Al-Holeko errefuxiatuak bakarrik: preso dauzkaten jihadistak ere hor daude. Oraingoz, oso gutxi itzuli dira sorterrira. Yolanda Martinez, Luna Fernandez eta Lubna Miludi Siriara joan ziren 2014an, beren senarrekin. Ukatu egin dute talde terrorista baten parte izatea, eta itzuli egin nahi dutela esana diote Espainiari. Bik hila dute senarra, eta besteak kartzelan du. Martinezek eta Fernandezek 30 urte bete berri dituzte, eta launa seme-alaba dituzte; Fernandez, gainera, haurdun dago. Miludik, berriz, hiru seme-alaba ditu.

Asko daude antzera. Shamina Begumena izango da, agian, kasurik entzutetsuena. Hura ere Al-Holen itxita egon zen. Gazte britainiar horrek etxetik alde egin zuen, 15 urte zituenean; Siriara joan zen, eta, handik egun gutxira, 27 urteko jihadista herbeheretar batekin ezkondu zen, Raqqan. Lau urtez kalifa herrian bizi izan ondoren, Baghuztik alde egin zuen duela aste batzuk. Ez dago damututa, baina bere herrialdeari exijitu dio bera onartzeko, eta auzitara jotzeko mehatxua egin die. Haur bat galdu zuen erditzen ari zela, eta beste bi seme-alaba ere hil zitzaizkion, desnutrizioaren ondorioz.

Haur talde bat lasterka dabil lokatzetan; zikin daude, gaizki jantzita. Beste batzuk futbolean ari dira, ate ikusezinak dituen zelai inprobisatu batean. Hemen ez daukate besterik egiteko; ez dago eskolarik, ezta irakaslerik ere. Batzuek ura garraiatzen dute ur biltegitik beren kanpadendetara, edozein edukiontzi erabiliz. Azal koloreek berresten dute askotariko nazionalitateak dituztela.

Begum Azerbaijandik iritsi zen Siriara, senarrarekin. Duela lau urte izan zen hori. Estatu Islamikoarekin bat egin nahi zuten. «Gure herrialdeak eskaintzen zigun baino bizimodu hobe baten bila etorri ginen; sinetsi egin genuen propaganda bideoetan esaten zutena. Senarra hil egin zidaten bonbardaketa batean, eta nik bi ume ditut: haiengatik borrokatuko naiz», kontatu du, begirada lurrean galdua duela. «Duela bi hilabete iritsi nintzen esparrura, eta damu naiz, senarrak hartu baitzuen erabakia. Nik jarraitu egin nion, besterik ez. Orain etxera itzuli nahi dut, nire familiarengana eta lehengo bizimodura».]]>
<![CDATA[EIk Kurdistanen egindako zauriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1988/012/001/2019-08-08/eik_kurdistanen_egindako_zauriak.htm Thu, 08 Aug 2019 00:00:00 +0200 J.M. López https://www.berria.eus/paperekoa/1988/012/001/2019-08-08/eik_kurdistanen_egindako_zauriak.htm
Xarihanentzat 2014ko abuztuaren 3an hasi zen amesgaiztoa. Egun hartan, 19 urteko neska gaztea etxean zegoen, eta aita begitartea ilunduta eta oihuka agertu zitzaien: EIko jihadistek Sinjar hegoaldeari eraso egin ziotela, eta hango biztanleak sarraskitu zituztela. «Nik, orduan, ez nuen ulertzen zer ari zen gertatzen, baina berehala jabetu nintzen egoeraren larriaz», gogora ekarri du, mingots, negar malkoei eutsi nahian.

Genozidioa hasia zen. Milaka pertsona erail zituzten, modu sistematikoan, eta gainerakoak mendialdera ihes egiten ahalegindu ziren, hiritik iparraldera. «Guk, Sinune-n bizi ginenez, artean ere bagenuen astia Siriako mugalderaino iristeko eta hantxe geure burua babesteko borrokalari islamistak agertu baino lehen». Eta kontaketan segitu du: «Baina, hainbeste izanda, ez ginen denok kabitzen autoan; hortaz, ama, neba eta hirurok etxean geratu ginen berriro gure bila etorri artean».

Handik gutxira, komunikatzeko bideak eten egin zituzten, eta Xelef -Xarihanen aita- ezin izan zen itzuli haien bila. Orduan, mendialdean ezkutatzea erabaki zuten, ordurako beste milaka eta milaka pertsona ezkutatuak ziren bezala. «Han, hiru egunean iraun genuen, ez urik eta ez jakirik, harik eta zerbaiten bila itzuli behar izan genuen arte. Etxetik irtendakoan, noranahiko pick-up gorri bat geneukan zain, bi jihadista zekartzana barruan. Amak otoi erregutu zien eraman zezatela bera bakarrik, eta utz nintzatela ni nebaren begirale, hura elbarria izaki, baina haiek entzungor egin zioten, eta denok igoarazi gintuzten noranahikora», adierazi du.

Mendialdea bihurtu zitzaien ihesbide bakar. Hil edo bizi. Haraino iritsiak ziren Dilbrin eta haren bost haurrak ere, aterpe bila. 29 urteko emakume hura familiarekin bizi zen Tel Qeseb-en, Sinjar hegoaldeko herri batean. Estatu Islamikoaren saldoak iritsi zirenean, Dilbirinen senarrak eta herriko beste bizilagun batzuek haien kontra borrokatzea erabaki zuten, behinik behin emazteek eta haurrek ihes egin ahal izan zezaten. «Ibilian ibili ginen bederatzi egunean, zer jan ez genuela, eta urik ere askorik ez. Latza izan zen oso. Hilabete gutxi batzuetako haur bat nuen, eta ez zuen bizirik iraun», esan du, damurik, hasperenka eta tristezia agerikoa begietan.


Emakumezko baten arropak izandakoak hobi komun baten ondoan, Sinjarren. J.M. LOPEZ

EIk gorrotatutako herria

Dilbrinek eta beste hainbat milaka desplazatuk mendialdea izan dute bizileku bakar. Elkarrekin eratu dute Serdadht-eko errefuxiatuen eremua: bat-batean egindako denda mordoa, eta etxolak, lokazti baten erdi-erdian, euria egiten duen aldiro urak itota geratzen direnak; neguan, ezin eramanezkoa da hotza. «Zorionekotzat daukat neure burua; izan ere, pexmerga dut koinatua, eta, haren lansari koskorrari esker, denok ere badugu zer jan, baina galdua dut bizimodu hobea izateko itxaropen guztia», adierazi du, atsekabetuta.

Xarihan eta haren familia yezidien komunitateko kide dira, antzina-antzinatik Sinjar eskualdean bizi direnetakoak. Milioi erdi bat pertsona izango dira, eta, horiez gainera, beste 200.000 daude Sirian, Turkian eta Iranen sakabanatuak. Gutxiengo erlijioso horretakoek Melek Taus aingeruari otoitz egiten diote; aingeru hori pauma batek irudikatzen du, eta jainkoaren borondatearen betetzailea da, jainkoa hain maila gorenean kokatua dagoenez ezin baita zuzenean gurtu. Estatu Islamikoaren erradikalek gehien gorrotatzen duten herria da, deabruaren gurtzailetzat baitauzkate, eta haiexentzat zuten gordea zigorrik krudelena.

Alboan du aita, adi entzuten diola, urrunean galdua begirada, erre eta erre, etengabe. «Pick-up-ean eraman gintuzten hiri baten aldirietaraino, Tal Afar edo Mosul aldera edo. Bat-batean, gure amak, etxetik hartua zuen pistola atera, eta tiro egin zion gidariaren ondoan zihoan gizonari, eta hantxe bertan hil. Orduan, gidariak, autoa gelditu, eta tiro egin zion gure amari; gero, autotik atera zuen, zakarki, eta errepide ondoan errematatu, eta hantxe zerraldo utzi», kontatu du neska gazteak.

Orduz geroztik, kalbario huts gertatu zaio bizitza. Hala dakar akordura gaur, etxeko zoruan eserita dagoela, honaxe bizitzera itzulia baita aitarekin eta familiako beste batzuekin batean. Gutxi ausartzen dira itzultzera; are gutxiago, beren historia kontatzera. «Ezin ahaztu dut nebaren begitartea, banandu gintuztenekoa. Ezin dut irudi hori oroimenetik ezabatu. Zera izan zen entzun nion azkena: arren barka niezaiola edozer gertatuta ere, berriro ez baldin bagenuen elkar ikusten sekula. 'Barkadazu, besterik ez'. Beharbada, egun hartantxe hilko zuten, edo beste noizbait».

Gizonen patua heriotza zen; emakume askorena, batez ere Xarihanena eta beste hainbat neska neraberena, jihadisten esklabo sexual bihurtzea. Kalkuluen arabera, Daexek 6.000-7.000 bat yezidi bahitu zituen oldarraldi hartan. Gatibualdian, berriz, bortxatu egin zituzten, tratu txarrak eman zizkieten eta enkantean saldu zituzten, aziendarekin egin ohi zuten antzera. Zoririk onena izan zutenek askatasuna berreskuratu ahal izan dute, Kurdistango Gobernuak edo familiakoek berek erreskate bat ordaintzearen truke.

«Eskola batera eraman ninduten, beste neska batzuekin batean. Han, zapia erantzarazi ziguten, eta gizon batzuen aurrean desfilatzera behartu gintuzten. 15 urte nituen, eta, ordura arte, ez nuen sekula pentsatu gizakiak saleros zitezkeenik; baina, orduz geroztik, ez dut gogoan zenbatek salerosi izan nauten ni; gutxienez, hamabost batek, hiru urte eta erdian», kontatu du, zehatz-mehatz.

Siriara eraman zuten, eta, besteak beste, Raqqa eta Alepo hirietan egon zen. Haurdun ere geratu zen, baina galdu egin zuen, haurdun zegoela jakindakoan bahitzaileek eman zioten jipoiaren ondorioz. «Neure buruaz beste egiten ahalegindu nintzen, baina ausardia falta izan zitzaidan. Nire familiakoengan pentsatzen ematen nituen egunak, eta nebarengan; pentsatzen zer gertatu ote zitzaion amaren gorpuari, hantxe bide bazterrean botata geratu baitzen, ea animaliaren batek irentsiko ote zuen edo norbaitek jaso ahal izan ote zuen. Salba nintzatela, edo nola edo hala erail, horixe baino ez nuen espero».


18 urteko Jiyanda, YJS unitateko kidea, atzean Ocalan PKK-ko liderraren argazki bat duela. J.M. LOPEZ

Hiria, suntsituta

Askatu eta lau urteren buruan, mamu hiri bat da Sinjar. Beldurra dabil kalerik kale, eta suntsipen kiratsa dario giroari. Hiriko eraikinen %70 baino gehiago suntsituta daude, kiskalita, arpilatuta. Hemen ez da inortxo ere bizi; hiriko 50.000 bizilagun haien arrastorik ere ez dago. Katu saldo bat baino ez, eta soldaduren bat edo beste, hiriaren sarrerako kontrolguneetan bisitariei harrera egiten; hirira sartzeko, berriz, baimen berezi bat behar da.

Jiyandak 18 urte ditu, eta YJS Sinjarko Emakumeen Babes Unitateko kidea da; talde militar bat da, eskualde horretako segurtasunaz arduratzeko sortua, eta emakumez osatua dago bakarrik. «EIkoek eraso zigutenean, eskolan ikasten ari nintzen, eta mendialdera ihes egin behar izan genuen aldean generamanarekin. Ezkutuan egon nintzen hamar egunean, jatekorik gabe. Gero, PKK-koek korridore bat ireki zuten, eta Siriaraino pasatzea lortu genuen. Han, errefuxiatuen eremu batean geratu ginen. Beldurgarriak ziren hango baldintzak, eta nire ahizpa txikia, urtebetekoa, hil egin zen», kontatu du kikara bat te zurrutaka hartzen ari dela bere unitatearen kuartel nagusian, hirian oraindik zutik dirauten etxe bakanetako batean. «Urteak pasatu ziren, eta pentsatu nuen zerbait egin beharra neukala, eta horregatik izena eman nuen unitatean, nire herriari eta nik bezainbeste sufritu duten emakumeei laguntzearren», esan du miliziako emakume horrek, ziur, bere idealengatik borrokatzearren gaztaroari uko egiteko prest.

Denbora gupidagabe zihoakion Xarihani, harik eta egun batean sakelako telefono bat inguratu eta nebetako bati hots egin ahal izan zion arte. Komunikatu ahal izan zen, eta bera Idliben atxikia zeukan Jabat al-Nusrako kideak onartu egin zuen senideei 13.000 dolarren truke saltzea. Itzuli zenean, 30 kilo pisatzen zuen, eta txikituta zegoen, gorputz eta arima. Irudipena dauka betiko galdu zuela haurtzaroa, eta horixe duela bizi eskarmentu bakarra. Horregatik, tarteka, bere buruaz beste egin nahi izaten du oraindik ere. Laguntza psikologikoa behar du, baina errehabilitazio programak ez daude eskura mundu guztiarentzat.

Kanpoan, euria hasi du. Xarihanek ausart gurutzatzen du etxeko atalasea, eta labore lur batzuk zeharkatzen. Lehenbiziko aldiz, dena hasi zen tokira itzuli da. «Sekula ez naiz ausartuko berriro errepide hori gurutzatzera»; ez da gauza besterik esateko. Eta, hurrena, braust erori da, eta, yezidien lur sakratua esku artean estutuz, amaren alde hasi da otoitzean, negar zotinka.]]>