<![CDATA[Jaione Dagdrommer | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 31 Mar 2020 17:21:13 +0200 hourly 1 <![CDATA[Jaione Dagdrommer | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Lehentasunak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/031/003/2020-03-22/lehentasunak.htm Sun, 22 Mar 2020 00:00:00 +0100 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/031/003/2020-03-22/lehentasunak.htm
Zeren ziur Zea Mays, Zetak, Gartxot Unsain eta beste hainbat musikarik musutruk streaming bidez eskaini dituzten kontzertu eta abestiak sekulako ideia iruditu zaizkizula. Honen inguruan Iker Laurobak hausnartzeko asko ematen duen testua argitaratu du: «Azken bi egunetan etxetik egiteko sei kontzertu eskaintza izan ditut eta horrek zer pentsatua eman dit. Ez dut zalantzan jartzen antolatzaileen borondate ona, agian batean edo gehiagotan parte hartuko dut, baina non daude eskaintza horiek pandemiarik gabeko garaietan?».

Esango nuke eskaintzarik ez dagoela ez dagoelako publikorik. Hau al da kontzertuen etorkizuna? Streaming-a? Baina streaming-eko kontzertuak ordaindu beharko balira harrera berbera izango lukete? Jakina ezetz. Guztiok apreziatzen dugu pantailaren bestaldetik gu entretenitzeko sortzaileek egin duten esfortzua atsegin dut bat eta komentario hunkigarri bat oparituz, baina jatekoa ezin da iruzkin politekin ordaindu.

Berrogeialdi honetan egia da guztiok aterako garela kaltetuak, batzuk gehiago, besteak gutxiago, baina guztion poltsikoak narriatuko dira. Garai baten amaiera da, horretaz ez dago dudarik. Kulturarena da, ordea, kolektiborik zaurgarrienetakoa.

Ez dut pesimistegi azaldu nahi, ordea. Horregatik sinetsi nahi dut osasun krisi hauek benetan garrantzitsua denaz ohartu eta lehentasunak berrantolatzeko positiboak izango direla; eta behin bukatuta, jendeak zuzeneko musika entzuteko komuneko papera erosteko baino ilara handiagoak egingo dituela. Ba al da gauza ederragorik, konpainia onean, garagardo hotz batekin eta ondorengo parrandatxoaren promesarekin, horrenbeste hunkitzen gaituzten melodiez gozatzea baino?]]>
<![CDATA[Ni ere 'manira' noa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/044/004/2020-03-08/ni_ere_manira_noa.htm Sun, 08 Mar 2020 00:00:00 +0100 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/044/004/2020-03-08/ni_ere_manira_noa.htm
Orain dela hiru urte hil zen, baina nolabait bizirik jarraitzen du, bere heriotza gainditzen duten abesti eta poemak utzi baitzituen guztion gozamenerako. Gata Cattanak ez zuen musika garaiko joerei begira sortzen arrakasta izateko helburu hutsarekin, eta horretan datza bere magia. Betierekotasuna bilatzen zuen hitz eta erritmo bakoitzean, eta horregatik du, oraindik ere, horrenbesteko zentzua haren lanak.

Horren adibide garbia naiz ni, esan bezala, berandu iritsi bainintzen haren lanetan murgiltzera, baina oso nire sentitzen dut artista andaluziarrak aldarrikatzeko zuen guztia. Haren mezua sinplea zen: mundu hobeago bat nahi zuen. Harentzat lehia bakarra, anbizio bakarra, arrakasta bakarra, askatasunean, berdintasunean eta justizian oinarritutako mundu bat eraikitzea zen. Horregatik, bizirik balego ez zatekeen arraroa izango Altsasukoak aske kamisetarekin ikustea oholtza gainean.

2017ko martxoak 2an bihotzak huts egin zion, ordea. Urte hartako martxoaren 8ko manifestazioan ez zen egon, baina, aldi berean, ez du bakar bat ere galdu. Gaur nire gogoan doa voy pa' la mani abestia ahapetik kantatuz Hartz taldearen euskarazko bertsioan: «Ez dugu memoria arazorik izango seme-alabok, / eta historia errepikatzen da: beti erotzen dira onak eta fobia hedatu. / Ama, ni ez naizela gaiztoa, hemen gaiztoak eurak dira, / zuk badakizu ez naizela isiltzen, aurpegira begiratzen didate eta gainera botatzen zaizkit, / ama, ni manira noa, beharbada ez naiz itzuliko, / orain terrorista bainaiz eserita lurrean oihuka banago. / Ama, nire aitona-amonen gerrak ez ditu inork oroitzen, / eta altxatzen den langilea hiltegira eramaten dute. / Ama, ni manira noa, beharbada ez naiz itzuliko...»

Gata Cattanak gatazka sozialei abesten zien, itsusiari. Baina batez ere emakumeon ezinegonari ahotsa jarri zien, eta gaur ere manian egongo da lehen lerroan. Zu, ba al zatoz?]]>
<![CDATA[Musikaltzaindia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/039/004/2020-02-23/musikaltzaindia.htm Sun, 23 Feb 2020 00:00:00 +0100 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/039/004/2020-02-23/musikaltzaindia.htm Mainstream eta undergrounden gisako banaketek ba al dute zentzurik gaur egun? Inoiz zentzurik izan badute, noski. Izan ere, Shakespeare ezaguna izan da beti, baina inork ez du dudan jartzen harena artea denik.

Artea hunkitzen duen oro dela esan genezake orduan, mundu eta esperientzia berrietara ateak irekitzen dizkizun makila magikoa. Emozioak horren aldakorrak dira, ordea... noizbait hunkitu nauenak orain ez banau hunkitzen, entretenimendu hutsal bihurtzen da? Orduan, entretenimendua artea izan daiteke? Zenbat metro daude entretenimendutik asperdurara?

Xabi Bandinik bere azken diskoan dioen bezala, «ez dut erantzunik galdera hobea bada». Baditut urteetan jasotako erantzunak, ordea, musikak hunkitu nauenetan gordetako emozioen hiztegi oso bat. Azkenaldian, ordea, hiztegiko orriak horitzen hasi dira; badirudi zintzotasun hitza ez duela jada Musikaltzaindiak onartzen, eta, horren ordez, pose kontzeptua erabiltzen dela.

Geroz eta gehiago kostatzen zait benetan emozionatzen nauen disko bat aurkitzea garrantzitsuagoa bilakatu denean bideoklip ikusgarri bat plazaratzea abesti on bat egitea baino. Zertarako egiten da ba musika, eta artea oro har, barruak askatzeko, komunikatzeko ez bada? Hasieran gustukoa izan ez arren, musika zintzoa dela sentitzen badut, aukera bat eman diezaioket, zerbait esateko izatea baita gakoa. Mezuren bat daukanak beti aurkitzen du moduren bat berau aldarrikatzeko. Kea saltzen zaigu, ordea, inoiz baino gehiago. Nik, aldiz, azaltzen ez dakidan baina sentitzen dudan zintzotasuna exijitzen dut, berdin zait mainstream-ean edo undergroundean. Ba al da, ordea, zerbait esateko duenik edo norbait entzun nahi duenik 30 segundo baino gehiagoz?]]>
<![CDATA[Menpekoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/038/003/2020-02-09/menpekoak.htm Sun, 09 Feb 2020 00:00:00 +0100 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/038/003/2020-02-09/menpekoak.htm
Menpekoak izateaz gain, inoiz baino nagiagoak ere bagara. Single bat bera ere osorik ikustea —bai, ikustea diot, badirudi-eta ikus-entzunezko euskarririk gabe jada ez duela abesti batek interesik— erronka bilakatu da. Zer esanik ez disko oso bat, azaletik bada ere, entzutea. Beharbada horregatik, jada diskoak baino EPak ari dira nagusitzen, 5-6 abestiko diskoak. Baina, hala ere, jendeak ba al du interesik musika berria ezagutzeko? Niri duda sartu zait gustuko dudana benetan gustuko dudan ala Spotifyren algoritmoek gomendatzen didaten musika inertziaz entzuten ote dudan. Bandcampen ezagututako artista lokala Spotifyn ez baldin badago, ez du merezi entzunaldi bakar bat ere. Zertarako? Ez da erosoa, eta, gainera, nire Instagrameko Stories-etan ez da horren ondo geratzen. Azken finean, nork irakurtzen, ikusten edo entzuten du zerbait, soilik jarduera horietaz gozatzeko intentzio hutsagatik? Ez gara kulturazaleak, ez; besteen onarpenaren beharrean gauden menpeko ezdeusak gara.

Artikulu hau gustatu bazaizu, partekatu, mesedez.]]>
<![CDATA[Kantuan ez dakigunontzat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/031/004/2020-01-26/kantuan_ez_dakigunontzat.htm Sun, 26 Jan 2020 00:00:00 +0100 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/031/004/2020-01-26/kantuan_ez_dakigunontzat.htm
Irudikatu otutzen zaizun abestirik tristeena, eta, orain, sartu zaitez dutxan. Ur tantek zure azala besarkatzen duten bitartean, jar zaitez kantuan... zaila da irribarrea ez ahoratzea, ezta? Ispilu aurrean koreografia baldar batekin laguntzen baduzu, gainera, abestia are gozagarriagoa bihurtzen da, muturreko interpretazio dramatikoak sendatzeko ahalmena balu legez.

Horretan nenbilela, orrazia mikrotzat hartuta, otu zait sendatzeko ahalmena gugan dagoela, eta musika dela horretara iristeko eskura dugun tresnarik eraginkorrena. Horixe besterik ez, hori dena. Azken finean, kadentziak agintzen duen mundu honetan, gugan espero ez genituen irribarreak aterarazten baitizkigute gaizki abestutako melodia irregularrek, hasieran harrituz —noiz galdu nuen hau egiteko gaitasuna?—, eta, ondoren, ahaldunduz. Ahotsa apur bat goratuz pixkanaka, oihu ezin desafinatuago baina era berean askatzaileagoa bilakatzen da hasierako kantu baldarra. Axola duena ez baita abestia bera, baizik eta bere bitartez gure ahotsa bilatzea.]]>
<![CDATA[Hamarkada azkarrari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/030/004/2020-01-12/hamarkada_azkarrari.htm Sun, 12 Jan 2020 00:00:00 +0100 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/030/004/2020-01-12/hamarkada_azkarrari.htm slow motion-en. Beharbada kontraste hori areagotzen da kontuan hartzen bada aurreko eguna azken orduko opariak erosteko presek inbaditzen dutela, auskalo.

Kontua da 25 goizean ordenagailua piztu eta nire urteko deskubrimendu pertsonala jarrita (Pomme Grandiose abesten dabil momentu honetan) idazteari ekin diodala jakin gabe oso ondo nola egituratu testua. Ezinbestez, atzera begira jarri naiz eta konturatu hamarkada bati agur esatera goazela. Beraz, urte bukaeran atzera begiratzeko gehienok dugun joera hori areagotu egin da. Alabaina, ohartzen naiz beti gaudela atzeregi edo aurreregi begira, baina nork gozatzen du orainaz multitasking-a hamarkadako hitz bihurtu dugun honetan?

Zorionez, Pomme bezalako artisten abestiak beti azaltzen zaizkit istantaz gozatzeaz ahazteko puntuan nagoenean. Nire salbamendu txalekoak dira abestiak. Eta bat-batean, hamarkada honetako nire diskoen zerrenda egin beharrean, ikasi dudana zerrendatzen hasi naiz: maitasuna eguneroko detaile txikietan ezkutatzen dela, lagunak urriagoak direla baina lagunagoak urteak aurrera egin ahala, denborak hegan egiten duela eta zorion momentuak identifikatzen ikasi beharra dagoela horiek unean bertan gozatzeko (oroitzapenetatik edanez bizitzeak ez baitu balio, jada ez), nire txakurraren konpainia nahiago dudala pertsona askorena baino (hain justu, erakutsi baitit orainaldia zeinen preziatua den); baina batez ere, musika dela inoiz izan dudan maskotarik fidelena, beti prest perspektiba ezberdin bat eskaintzeko.

Datorren hamarkadarako nire nahia: entzuteko ahalmena ez galtzea horrenbeste zarataren artean.]]>
<![CDATA[Xerkan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/032/004/2019-12-15/xerkan.htm Sun, 15 Dec 2019 00:00:00 +0100 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/032/004/2019-12-15/xerkan.htm
Finean, kulturak ba al du helburu zehatzik? Norabiderik eza bere horretan ez al da norabide bat? Mundu honetan zertarako dagoen galdetuko baliote, beharbada esango luke ahalik eta disko gehien entzuteko dagoela. Musikaren bitartez estimulu berriak bilatzeko, besterik gabe. Maite du beste pertsonen mundu ikuspegiak arakatzea, hausnartzea, haietan galtzea. Kulturazaleak voyeur emozionalak gara. Mundu ezberdinak bisitatzeko aukera ematen digute melodiek eta hitzek. Liburu edo disko batek hegazkin txartel batek baino gutxiago balio du. Kulturaren helburua bere bitartez hausnartzea dela iruditzen zaio, bere bitartez besteen emozioekin gozatzea, negar egitea, masturbatzea eta aurkikuntzak merezi duten pertsonekin partekatzea.

3:01. Emozioz mozorrotutako galderak izarren pare bere gaua argitzen. Horiexek nagusitzen zaizkio disko eder bat edo liburu on bat irakurtzen duenean. Gogoko ditu galderak, beti dira zerbaiten hasiera. Erantzunak lasaigarriak dira denbora labur batez, baina azkar agortzen dira. Zoriontasuna etengabeko galderak dira, erantzuna mihi puntan edukitzea. Benetako poza oraindik ezagutzen ez duen hurrengo sortzaile gustukoenaren xerkan etengabe ibiltzea da, eta horixe eskaintzen dio, hain justu, musikak, disko edo artista berrien aitzakian, bere buruaren ezagutza etengabea.]]>
<![CDATA[Bada zerbait]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/039/004/2019-12-01/bada_zerbait.htm Sun, 01 Dec 2019 00:00:00 +0100 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/039/004/2019-12-01/bada_zerbait.htm
Alta, arnasgune bezala Durangoko Azoka dagoela konbentzitzen saiatzen naiz neure burua. Milaka lagun hurbiltzen dira kultur gosez, urtero, euskal liburu eta disko nobedade ugariak ezagutzeko asmoz. Jakin-minez paseatzen dira stand batetik bestera, liluraturik euskal kulturak oparitzen duen eskaintza zabalaz.

Ahotseneko karpa lepo, kulturazaleak artista berriak ezagutzeko gogoz, edo lehendik gustuko duten talde horren eskaintza berria zuzenean entzuteko kartsu. Osorik DA! dio aurtengo leloak, eta horrela irudikatu nahi luke azoka, osorik, kulturari osotasuna berau eskuratu eta gozatzen duenak ematen baitio. Iruditzen zaio, ordea, gutxik sartzen dutela poltsikoetan eskua diru-zorroa atera eta gure sortzaileek egindako esfortzua ekonomikoki laguntzeko.

Landako inguruko tabernetan, ordea, kañetan barra-barra dirua xahutzen jende andana gogoratzen dut urtea joan urtea etorri. Urtean behin bada ere, kulturak elkartzen ditu, eta ez futbolak. Bada zerbait.]]>
<![CDATA[Atzera goaz aurrera ez bagoaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/037/004/2019-11-17/atzera_goaz_aurrera_ez_bagoaz.htm Sun, 17 Nov 2019 00:00:00 +0100 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/037/004/2019-11-17/atzera_goaz_aurrera_ez_bagoaz.htm
Nostalgiaren labirinto zirkularrean, irribarre bat atera digu Hemendik At-en abesti onenen eta karaokeko bertsioak dakartzan diskoak, La Polla Records-en itzulerak BEC bera gaztetxe erraldoi bihurtu du, Hertzainak-en abestiak abesteko goraino bete zen Kafe Antzokia, eta Dut taldearen liburua ziur Durangoko Azokako erosleen zerrenda askotan ezinbestekoen artean dagoela.

Bitartean, Pelaxek esperimentu ezin interesgarriagoa egin du AB eta DE disko bikoitz berezien bitartez, Physis versus Nomosek urteko diskorik borobilenetako bat argitaratu duela iruditzen zait, Liherren zuzeneko indartsuek ez dute iraganekoen inbidiarik, eta beste hamaika talde ere ari dira beren bidea egin nahian. Nire duda da norbaiti axola ote zaizkion. Euskal musikaren iragana oparoa izan zen, hori ez dago ukatzerik, eta hor edukiko ditugu disko eta abestiak eskura nahi ditugunean entzuteko, baina beharrezkoak al dira berpizte hauek? Nostalgia pozoia da kasu honetan, izan ginen horren inbidia, triste jarri baina aldi berean lasaitzen gaituen droga. Sorrentinok La Grande Bellezza filmean zioen nostalgia distrakzio bakarra dela etorkizunean sinisten ez duenarentzat.

Nola edukiko dugu ba etorkizunik atzera begiratu besterik egiten ez badugu?]]>
<![CDATA[Hatz-markak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/036/004/2019-11-03/hatz_markak.htm Sun, 03 Nov 2019 00:00:00 +0100 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/036/004/2019-11-03/hatz_markak.htm
Ohartu naiz bizitzan egindako musika aukeraketek asko esaten dutela nitaz. Behin eta berriz bueltatu naizen disko horiek nolabait, naizenaren edo izan nahiko nukeenaren oroigarri dira. Horregatik maitatzea zer den gogoratu behar dudanetan, Mcenroe jartzen dut; nerabezaroko inozentzia faltan sumatzen dudanetan System of a Down-en Toxicity entzuten dut, edo Refused-en The Shape of Punk to Come eta segidan Berri Txarrak-en Libre, Incubus-en Morning view ala Deftones-en White Pony; eta saltoka hasten naiz ispiluari abesten.

Mundutik deskonektatuz, nire barneko zoko esploratu gabeak bisitatzeko Explosion in the Sky jartzen dut, begiak itxi eta unibertso berriak ezagutzen ditut.

Errealitate krudelari begietara begiratzeko ausardiarik ez dudanetan berriz, Anariren hitzek euren gordintasunez animatzen naute, eta, galduta nagoenean, Lisaboren Ezlekuak buklean entzuten dut: Bizirik darraien distantzia heriotza da!

Amaz oroitzen naiz Rammstein-en Mutter entzuten dudan bakoitzean, eta orduan ezinbestean Ezra Furmanen The Year of no Returning jarri behar izaten dut, nostalgiak irribarre bat lapurtzen didan bitartean. Death Cab for Cutie-ren Transatlanticism abestiak, berriz, oroitarazten dit ondoan ditudan pertsonen falta sumatzea askoz ere tristeagoa dela. Halatan, gogorarazten naiz neure burua maitatzen ikasi behar dudala lehendabizi, Matt Maltesseren In a New Bed EP sentsualak limurtzen nauen bitartean.

Zenbat hasperen, zenbat irribarre, zenbat malko, zenbat dantza nire gelako lau hormen artean. Bakarrik, musikarekin hunkituta, pasatu ditudan une horiek naiz ni. Batez ere une jakin horiek naiz benetan ni.]]>
<![CDATA[Egoerak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/047/004/2019-10-20/egoerak.htm Sun, 20 Oct 2019 00:00:00 +0200 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/047/004/2019-10-20/egoerak.htm
Zoritxarrez ohikoa denez, musika talde gehienetan gertatzen den bezala, emakumezko bakarra naiz. Eta ez, ez naiz abeslaria, usu hala gertatzen den bezala, eta kontzertua hasten dugun arte denek pentsatzen duten bezala. Bateria jotzen dut. Nire ustez, gainera, nahiko modu txukunean, baina tira, hori nire iritzia da. Badira bestelako iritzia duten pertsonak ere, eta zuk entzun nahi ez badituzu ere, iritzi horiek hitzetan jarri arte onik ez dute izaten. Banindoan ni furgonetatik antzokira sartzeko instrumentuen bila, eta halako batean: «Hey! A ze groupiea zarena, mutilei instrumentuak eramaten ere laguntzen diezu eta!».

Kontzertuetan:

Meshuggah taldea nire lagunartean ez da ezaguna. Baina, azkenean, nire kuadrillako mutil bat, ez izanagatik oso musikazalea, parranda usaina duen edozein planetatara apuntatzen dena, nirekin etortzeko konbentzitu dut. Kontzertua hasi eta minutu gutxira argi geratu da suediarren muturreko soinu gogorrak ez direla haren gustukoak, eta, tanpez, galdera hau bota dit: «Bueno, eta zein taldekiderekin egin nahi duzu txortan kaka zahar hau ikustera etorri behar izateko?».

Tabernan:

Larunbat gau batez, tabernan nago lagunarte ederrean trago batzuk hartzen. Inongo arrazoi berezirik gabe, taldea gustuko izatetik harago, Converge taldearen Jane Doe diskoaren azala duen kamiseta daramat. Horren harira, gau hartan frogatu ahal izan nuen mutil askori garuna kolapsatzen zaiela musika gogor samarra gogoko duen neska bat ezagutzean, edo, besterik gabe, beraiek baino musikazaleagoak diren emakumezkoak topatzean. Bestela irakurri hurbildu zitzaidan mutil batekin izandako elkarrizketa:

-Hara, kamisetako taldea ezagutzen duzu?

-Bai, noski, bestela ez nuke kamiseta jantziko.

-A bai, e? Eta zenbat disko dituzu ba? Zaila da gero horrelako taldeak gustuko dituen neska bat ezagutzea.

-A! Eskerrik asko babo arraioa!

Bakarra al naiz?]]>
<![CDATA[Beharbada]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/040/004/2019-10-06/beharbada.htm Sun, 06 Oct 2019 00:00:00 +0200 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/040/004/2019-10-06/beharbada.htm benetako lanbideek taldeari eskaini nahi lioketena baino denbora libre gutxiago uzten dietela.

A!, baina musikariek dirua behar al dute bizitzeko? Hala omen. Elezaharrek diotenaren aurka, sortzaileek, dirudienez, dirua behar dute. Bai, bai, kontzertu ostean zoriontzeko bizkarrean emandako esku-zartek ez omen dute balio. Baina ez al da ba afizio huts bat? Nik uste nuen asteburuan mendira egun-pasa joatearen parekoa zela. Dirudienez, ordea, orduak eta orduak igarotzen dituzte nik larunbat gauetan, pote batekin eskuan, ordubete eskas batez gozatzen ditudan kontzertuak entseatzen. Eta egun erdia igarotzen omen dute furgoneta kargatu eta kontzertu lekura iristeko.

Horri, gainera, beste ordutxo batzuk gehitu behar omen zaizkio kargatutakoa deskargatu eta soinu probak egiteko. Hori gutxi ez eta, oholtza gainean defendatu dituzten eta nire momenturik ilunenetan lagun izan ditudan abestiak sortzen eta grabatzen ere beste ordu piloa sartzen omen dituzte, emozioetan eta dirutan zenbaki gorrietan geratuz.

Gainera, hor nonbait entzun dudanez, kontzertua amaitu ostean, askori 50 euro eskas ordaintzen omen dizkiete soilik. Horiek hartu, berriz ere dena furgonetan kargatu eta irabazitakoa gasolinan inbertitzen omen dute etxera bueltan.

Baina, tira, gustukoa dute, ezta? Eta, gainera, zerbait ordaintzen diete. Ez dute, ba, horrenbeste aspertzen dituen baina hain ongi ordainduta dagoen bulegoko benetako lana utziko, ba, musikagatik! Azken finean, afizio bat da.

Hausnarketa horien ondoren, ordea, susmo xume bat gainetik kendu ezinik nabil: beharbada, diruak ez du guztia justifikatzen. Beharbada, afizioek beharko lukete gure benetako lanbide. Nire egunik ilunenetan garrantzitsu izan zitezkeen zenbat abesti geratu ote dira sortu gabe lanbide beharrean afizio huts zirelako?]]>
<![CDATA[Errepidean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/035/004/2019-09-15/errepidean.htm Sun, 15 Sep 2019 00:00:00 +0200 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/035/004/2019-09-15/errepidean.htm
Eta loreak kolorea dira, itxaropena; lorerik gabeko mundu bat irudikatu al dezakezu? Erdibitzen gaituen edertasun tximista da musika, gure bihotzak loratuz. Horrelakoetan autoa ekaitzaren erdigunera doan euri tanta da, besteekin elkartuz udako asfalto lehorra hezetzeko prest. Lagunekin joanez gero, gainera, abesti gustukoenak hondatu daitezke elkarrekin irribarreak elkarbanatuz.

Mcenroe taldearen La distancia izan da udan autoan gehien entzun dudan diskoa. Lasaitasunezko urmaelak dira bertan abestiak, sosegurako leku seguruak. Musika min ematen digun horretatik babesteko aterpea ere badela gogorarazten digu diskoak, aldarrikatuz soilik «txikiak» axola duela, «angelu inperfektuek».

Ingurua beste begi batzuekin begiratzeko balio du horrelakoetan musikak, eta etxetik ateratzean irrikaz desiratzen zenuen helmugara iristeko bidea motzegia iruditzea lortzen du. Helmuga partekatzen duguna baita askotan, barrez egindako kilometroak, desafinatutako abestiak. Beraz, tentazioak berehala azaltzen dira: «Oraindik ordubete falta da kontzertua hasteko, eta jada hurbil gaude; zergatik ez dugu bide luzeago hau hartzen?».

Noizean behin tentazioetan erortzea ezinbestekoa da udak eskaintzen duen askatasunaz gozatu eta benetan axola duena egunero dugula eskura ohartzeko, baita datorren neguko egunik grisenetan ere.]]>
<![CDATA[Autofagia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/036/004/2019-06-23/autofagia.htm Sun, 23 Jun 2019 00:00:00 +0200 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/036/004/2019-06-23/autofagia.htm musika hitza jartzerakoan lehenengo iradokizunean musika doan azaltzen da. Joan den ostiralean, ekainaren 21ean, Musikaren Eguna izan zen. Gurean, Baiona bezalako hiriak musikaz janzten dira. Festa horien helburua, batetik, musikari afizionatuei kalean jotzeko aukera ematea omen da, eta, bestetik, publikoak estilo ezberdinetako talde eta bakarlariez doan gozatzea.

Doan. Baiona jendetzaz bete ohi da doan denean musika, ezin jakin musikazalez. Kaleko edozein txokotan aurki daitezke kontzertuak egun horretan. Doan. Musikaren Egunean, boluntarioki eta musu truk erabakitzen omen du sortzaileak kalean jotzea. Debalde. Alabaina, beste modurik gelditzen al zaio? Egun batez doan. Eta hurrengo batez ere bai. Doan maizegi. Entzuleak ez baitu ordaindu nahi musikagatik Googlek dioenez. Batzuek argudiatuko dute musika manifestazio popular bat dela, eta nahi duen ororen eskura egon behar lukeela.

Ziur hasiera batean behintzat ados zaudela baieztapen horrekin, baina guztion eskura egotea-k eta doan-ek sinonimoak izan beharko al lukete? Oro har, gero eta normalizatuagoa dugu 10 euro ordaintzea Netflixi telesail eta filmak ikustearen truke; oraindik, ordea, kontzertu edo disko batengatik 10 euro ordaindu behar ditugula ulertzea zail egiten zaigu. Alta, norbaitek irudikatzen al du bizitza musikarik gabe? Prest egongo al ginateke musikak eskaintzen dizkigun emozioak alde batera uzteko? Gure haragi propioari hozka egiteko?

Musikariek boluntarioki aukera dezaten doan jo ala ez, entzuleok boluntarioki ordaindu behar dugu gustatzen zaigun hori. Halere, jarraitu dezakegu musika doan entzuten. Batak ez du bestea kentzen. Zenbat erositako disko ote ditudan apaletan, ezagutu ere ez nituzkeenak egingo, aurretik debalde ez banitu entzun! Musutruk entzuten den guztia ez baita maitatzen; hori ez da arazoa. Arazoa maitatzen den guztiari merezi duen balioa ez ematean datza.]]>
<![CDATA[Inori axola ez zaionaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/037/004/2019-06-09/inori_axola_ez_zaionaz.htm Sun, 09 Jun 2019 00:00:00 +0200 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/037/004/2019-06-09/inori_axola_ez_zaionaz.htm
Idazteak ere lasaitzen du, baina aspaldion hitzek ihes egiten diote, pantaila zuria gero eta aratzagoa iruditzen zaio, eta hitzak zuritasun eder hori zikintzeko beldur dira. Gero eta zailagoa egiten zaio maite duen musikari buruz mintzatzea. Dena den, nork baloratzen du hori? Abesti batzuk norberarentzat duten esanahia norbaiti azaltzea denbora alferrik galtzea da. Zertarako balio du esatea amaz oroitzen denean Nick Caveren disko beltzaz akordatzen dela, eta entzuten duen bakoitzean miragarriki zoragarria iruditzen zaiola minetik horrelako disko ederra erditu izana. Musika bidez tristura lasaigarri zaio, pozgarri nolabait. Edota, batzuetan, orain hain modan dagoen nostalgiaz kutsaturik, nerabezaroko taldeak entzuten dituela partekatu nahiko luke, baina nori axola zaio hori azken nobedade efimeroak garrantzitsuagoak diren gizarte honetan? Nork jakin nahiko luke oraindik zenbat gozatzen duen Toxicity diskoarekin, edo zein freskoa iruditzen zaion Incubusen diskografia, Sick Sad Little World-eko soloa entzuten duen bitartean? Lisabö lehenengoz entzuten jarri zeneko hori agian norbaiti axolako zaio? Nola irundarren bidez Anariz ere maitemindu zen. Bere bizitza musika bidez azaldu dezake. Norbait ezagutzen duenean bere playlist-a eskatu nahiko lioke, edota bere etxeko apalategiak arakatu. Haatik, nori axola zaio hori, egun abestiak Instagrameko publikazio hutsalak apaintzeko filtro bat gehiago baino ez direnean?]]>
<![CDATA[Usoak fenixak dira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/026/004/2019-05-26/usoak_fenixak_dira.htm Sun, 26 May 2019 00:00:00 +0200 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/026/004/2019-05-26/usoak_fenixak_dira.htm
Esan bezala, hamar urte igaro dira bai jaialdiarentzat eta baita niretzat ere. Egun festibalek ez didate lehen sortzen zidaten irrika pizten, eta, hain zuzen, horregatik dut hain gustuko Iparraldeko jaialdi hau, jaialdia izenez bakarrik delako. Bertan ez daude multinazionalen iragarki erraldoiak benetako protagonista behar luketen talde eta bakarlarien izenak estaltzen. Alderantziz, Usopop ezagutzen ez nituen taldeak deskubritzeko aukera paregabea izan da niretzat. Noiserv bezalako izenak ez nituen sekula ezagutuko, ez banintz bertara hurbildu; eta orain, portugaldarraren Almost Visible Orchestra diskora behin eta berriz itzultzen naiz. Asteazken batez idatzita dago hau, eta momentu honetan irrikan nago egun Euskal Herrian ditugun artista interesgarrienez gozatzeko (Lisabo, Madeleine, Anari, Joseba Irazoki), baina are gogo handiagoa dut nire talde faborito berria zein izango den jakiteko.

Maluruski, formatu honetan azken urtez gozatu ahal izango da festibalaz, baina antolatzaileak, usoak baino gehiago, fenixak dira, eta, berandu baino lehen, ziur proposamen berri bezain interesgarriren batekin itzuliko direla. Bitartean eskerrak eman besterik ez nire bizitzako playlista osatzen laguntzeagatik.]]>
<![CDATA[Kontrasteak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/043/004/2019-05-12/kontrasteak.htm Sun, 12 May 2019 00:00:00 +0200 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/043/004/2019-05-12/kontrasteak.htm
Baina negu hotza iritsiko da. Musikazaleen kopurua harrigarriro apalduko da, eta musikazale gisa izugarri tristatuko nau interes falta horrek, noski. Alta, gaztetxe eta aretoek musika eskaintza zabala eskainiko dute nahi duenarentzat. Areto txikiek badute magia berezi bat, eta pertsona mota ezberdinak musikaren aitzakian elkartzen dituzte. Eskaintzaren batera hurbiltzera animatuko bazina, zure lagunekin une ederrak igaroko dituzu, oroitzapenak sortu, eta baita betirako iraun dezaketen laguntasunak indartu ere. Musikaren uhinen bidez sentsazio berriak eskuratuko dituzu, maitasuna egin, maitasuna sentitu, eta besteak maita zenitzake, akordez inguratuta. Zure abestirik gustukoena 100, 50, hogei edota lau musikazale sutsurekin oihukatuko duzu, hutsaren hutsez kasik oihartzuna bueltatzen dizun areto mortuan. Bitartean, udan diskoak gomendatzen zebilen sasi aditua ondoko modako tabernan egongo da azken abestirik hutsalena hasieratik bukaerara hunkituta abesten.]]>
<![CDATA[Musika-zuziak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/035/004/2019-04-28/musika_zuziak.htm Sun, 28 Apr 2019 00:00:00 +0200 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/035/004/2019-04-28/musika_zuziak.htm
Helduleku horretatik eskuek irrist egin liezazkigukete, ordea. Mugikorreko pantailan hamaika pertsona, euren aurpegiak sugarrez argituak, kantuan ikusten nituen bitartean ezinegon batek inbaditu ninduen: eta musika ere hilkorra balitz? Beti izan dut ziur musika nirekin izango dudala azken liparreraino. Ezinezkoa zait egun bakar bat melodiarik gabe irudikatzea. Datorren etorkizun iluna argitzen duten lastargiak dira niretzat kantuak. Nahiz eta batzuk itzaltzen joan, beste batzuek beti pizturik diraute, unerik zailenetan gu erreskatatzeko. Musika-zuziak infinituak iruditu izan zaizkit beti, edo hori uste nuen, XIII. mendeko sinbolo betierekoa sutan ikusi nuen arte. Orduan neure burua larritzen hasi zen, eta ordura arte pentsatzera ere ausartzen ez nintzen galdera planteatu zidan: ziur al zaude zure musikarekiko pasioa betierekoa dela? Betiere iraun al dezake zerbaitek?

Pasioa muturreko emozio bezala ulertu ohi dugu, baina argi dago muturreko emozioek energia andana eskatzen dutela, adikzio moduko bat baitira, une oro zerbait muturrekoagoaren bila. Musikari dagokionez, oilo ipurdi etengabean bizi nahiko nuke, geroz eta iragankorragoa den mundu honetan. Oraingoz, beti azaltzen da merezi duen diskoren bat, hotzikara eragiten didan abestiren bat. Haatik, beldurrak hor dirau, emozioen pasioa, sufrimenduaren pasio atsekabegarri bihur daitekeen eguna edozein momentutan irits litekeela dion ikara anker hori.]]>
<![CDATA[Grina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/047/004/2019-04-14/grina.htm Sun, 14 Apr 2019 00:00:00 +0200 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/047/004/2019-04-14/grina.htm
Behingoagatik kulturaz —edota bederen, musika talde batez— ohi baino gehiagotan hitz egiteagatik kirolzale asko asaldatuta daude. Ezin al da ba kulturaz futbolaz bezain beste hitz egin, ala? Zergatik dago batzuen grina besteona baino justifikatuagoa? Futbol partida bat ikusteagatik 90 euro ordaintzen duten batzuei harrigarriki 30 euroko prezioa garestia iruditzen zaie; edota kanpora bidaiatzea kontzertu bat ikusteko, mundialetan herrialde ezberdinetatik jende andana joan ohi denean futbolaz gozatzera.

Zer axola du, baina, zerk mugitzen gaituen? Argi dago grinarik gabe ezinezkoa dela bizitzea. Nik, behintzat, ez dut nahi. Zu futbolak mugitzen zaituenetakoa bazara, ederto iruditzen zait; ni musikak mugitzen nau. Eta niri ere gustatuko litzaidake komunikabideetan eta, oro har, gizartean kulturak merezi duen tokia edukitzea data jakin batzuetatik harago, eta ez Berri Txarrak taldeari gertatu zaion bezala, bere agurra iragarri ondoren erdiestea beraiek ere espero ez zuten arrakasta uholdea. Badirudi, bizitzako esparru gehienetan bezala, zerbait galtzera goazenean edo galdutakoan ematen dizkiogula merezi dituen arreta eta garrantzia. Futbolean izan ezik, noski.]]>
<![CDATA[Galderak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/038/004/2019-03-31/galderak.htm Sun, 31 Mar 2019 00:00:00 +0100 Jaione Dagdrommer https://www.berria.eus/paperekoa/1938/038/004/2019-03-31/galderak.htm
Nola ordaintzen ditu taldeak bere partaideen gastuak? Nola joan-etorriko furgonetaren alokairua eta gasolina? Nola, ordaintzen dietena gastu horiek baino gutxiago bada, betiere ordaintzen badiete? Baina, aldi berean, nola esan ezetz jotzeari, jakin arren galtzen aterako direla, oholtzara igotzeko aukerarik urrienetako bat izan badaiteke hori? Taldea promozionatzeko, bederen, balioko du, ezta? Halere, musikariak ezin du duda saihestu. Zer da duinagoa: baldintza eskasak ez onartzea, edo jo eta, behintzat, proiektua ezagutarazteko pausoak ematea?

Musikak jateko ere ematen ez duela jakin arren, jotzera joan eta tabernan lau katu daudela ikusten duen musikariak jarraitzeko gogo berbera izaten ote du kontzertua bukatu ostean? Taldekideen artean sortzen den konplizitateak eta musikaren uhinek eragiten dizkioten zirrarek konpentsatzen al dute? Beharbada, publiko urri horretan dagoen baten bat buruari bortizki, emozioaren emozioz, eragiten ikusteak indarrak berritzen ote dizkio?

Finean, talde eta artistek debalde jotzea onartu beharko lukete? Benetan al da etorkizuneko inbertsioa? Ordaintzen den kasuetan, zein da ordaindu beharko litzatekeen gutxieneko duina? Eta zein sarrerarik merkeena, galerak ez izateko eta BBKrako bonua erosi duen musikazale horrek kontzertuko sarrera garestia dela esan ez dezan? Azkenik, kontzertura hurbiltzera animatu den hori, bederen, ohartuko ote da burua astintzeari ezin utzi dabilela hunkipenez? Iritsiko al da ongi xahututako dirua izan deneko ondoriora? Hau da, kontzertuak inbertsio emozionalak direneko konklusiora?

Zeren eta ziur denok askotan aldarrikatu dugula musikarik gabe tristea litzatekeela mundua; baina zer litzateke musika musikaririk gabe?]]>