<![CDATA[Javi West Larrañaga | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 30 May 2023 03:36:17 +0200 hourly 1 <![CDATA[Javi West Larrañaga | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Aldaketa zantzuak Gernikan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/010/001/2023-05-30/aldaketa_zantzuak_gernikan.htm Tue, 30 May 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/1872/010/001/2023-05-30/aldaketa_zantzuak_gernikan.htm
Domekan erantzun zen galdera, baina are itaun gehiago sortu ziren. EH Bilduk lortu zuen boto gehien (2.844), Guztiontzako Herriak bigarren postua (2.628), eta EAJk hirugarrena (2.500). Hirurak oso parekatuta egonda, EH Bilduk eta GHk jesarleku kopuru bera erdietsi zuten, sei, eta EAJk bost.

Aurreko agintaldian, Gorroñok EAJrekin zeukan zerrendak hamar zinegotzi atera zituen, eta EH Bilduk, zazpi. Indar harremanak aldatu egin dira orain, baina Gorroñok jakin du zatiketa aprobetxatzen, eta emaitzek iradokitzen dute gainerako alderdi guztiengandik edan dituela botoak, foru hauteskundeetarako boto kopuruan ikusten denez. Izan ere, EH Bilduk 3.180 boto atera ditu Batzar Nagusietarako bozetan, eta 336 gutxiago udal mailan. EAJren odolustea handiagoa izan da: 3.748k eman diote botoa foru erakundeetarako, eta 1.248 pertsona gutxiagok udal zerrendari. PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta PPk ere boto gutxiago lortu dute udalean.

Lehen indarra izan da EH Bildu, baina emaitzak ez dira izan aurreko hauteskundeetan baino hobeak. Zinegotzi bat galdu dute, eta botoen ehunekoa %36,38tik %33,49ra jaitsi zaie. Urrun daude gehiengoa osatzeko beharrezko bederatzi zinegotzietatik, baina GHk eta EAJk akordioa egin ezean, EH Bilduko Jose Ramon Bilbao Catala Buli alkategaiari egokituko zaio agintea.

Alderdien zulo horietatik bete du bere poltsa Guztiontzako Herriak, baina ez du ematen Gorroñok alkatetza eskuratuko duenik, EH Bildurekin berdinduta egon arren. Lagunak falta zaizkio. EAJrekin apurtu zuen «errespetu faltak» eta «kudeaketari ipinitako oztopoak» argudiatuta. EH Bilduk gogor kritikatu du haren agintea azken zortzi urteetan, eta pertsonalismoa, gardentasun falta eta lege urraketak egotzi dizkio.

EAJk, bere bidea

EAJk izan dezake giltza. Hirugarren indarra izan da, eta bost zinegotzi dauzka, baina beste bi hautagaietako edonor egin dezake alkate. Aukera hori baztertu egin du Xabier Irazabal EAJren alkategaiak. Emaitzak «txarrak» izan arren, alde positiboa ikusi die azken hilotako aldaketei, EAJ bakarrik aurkeztean «pertsonalitatea eta askatasuna» berreskuratu dituelako. «Guk gure bidea egin behar dugu, gure proiektua sendotu eta erantzukizunez jokatu, baina gu geu izanda, ez inoren laguntzaile», adierazi du.

Irazabalek ukatu egin du Bizkai Buru Batzarrak agindu diezaiokeenik Gorroñori emateko botoa, EH Bilduk alkatetza lor ez dezan. «Gauza horiek Gernikako Uri Buru Batzarrak erabakitzen ditu», esan du, eta pausoak «besteek» eman behar dituztela gehitu.

Alkatetza dagokiela uste du Bulik, EH Bildukoak, eurek lortu dutelako boto gehien. Elkarrizketaren alde berba egin du, hala ere: «Gernikan, azkenengo legegintzaldietan, gobernatzeko era izan da bi batzea eta hirugarrena baztertzea. Guk uste dugu eredu hori amaitu behar dugula, eta saiatuko gara guk gidatuko dugun gobernu batetik denekin berba egiten eta kolaboratzen». Ikusteko dago Guztiontzako Herriak nor babestuko duen.]]>
<![CDATA[Ebazpena ere, «tokiz kanpo»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1978/011/001/2023-05-27/ebazpena_ere_tokiz_kanpo.htm Sat, 27 May 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/1978/011/001/2023-05-27/ebazpena_ere_tokiz_kanpo.htm
Ertzaintzak 2019ko otsailaren 7an atxilotu zituen Barbado eta Zelaia, Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon instrukzio epailearen aginduz. «Armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristekin gordetzea eta trafikatzea» egotzi zieten bi gazteei, Ertzaintzak berak hilabete batzuk lehenago Duran (Arratzua-Ubarrundia, Araba) aurkitutako lehergaien arduradun zirelakoan. Bi gazteek ia urte erdi egin zuten behin-behineko espetxealdian, urte hartako uztailean atera ziren arte, epaiketaren zain.

2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an egin zen epaiketa, Madrilen. Orduan, Jose Perals fiskalak zortzi urteko kartzela zigorra eta zazpi urteko zaintzapeko askatasuna eskatu zuen bakoitzarentzat. Defentsak, berriz, absoluzioa, argudiatuta bi gazteen aurkako frogak «lausoak» zirela, eta epaiketa bera «lekuz kanpo» zegoela. Hamar urte igaroak ziren ETAk behin betiko su etena iragarri zuenetik, eta hiru urte erakunde armatua desegin zenetik.

Bien kontra erabilitako frogen artean daude Ertzaintzak aurkitutako materialean zeuden hatz markak eta Aitor Zelaiaren etxean topatutako motxila baten edukiak. Naiz-ek epaiketaren ostean argitaratu zuenez, Ertzaintzak argudiatu zuen Zelaiak motxilan bridak, eskularruak, walkie-talkieak, sakelako telefonoak eta zinta amerikarra zeuzkanez, «kale borrokarako motxila bat» zela. Bertsio hori gezurtatu zuen Zelaiak epailearen aurrean. Azaldu zuen Ertzaintzak konfiskatutako materiala Hatortxu Rock jaialdian txanda bat egiteko erabili zuela, eta bere bertsioa baieztatu zuen lekuko batek.

Barbadok epaiketan aitortu zuen ezker abertzaleko «militantea» dela, eta mugimenduak egun duen estrategiarekin «bat egiten» duela. Atxiloketaren zergatia ukatu, eta erantsi zuen bere etxean soilik «militantzia politikoarekin lotutako materiala» aurkitu zutela.

Handik egun gutxira, ordea, Auzitegi Nazionaleko epaile Angela Murillok gazteen aurka ebatzi zuen, «helburu terroristekin lehergailuak egiteko elementuak gordetzeagatik». Lau urteko espetxe zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zion bakoitzari, baina defentsak eta fiskaltzak helegitea jarri zioten epai hari; horri erantzun dio Gorenak orain.

Akusatuek adierazi dute oraingoz ez dutela mintzatu nahi, eta datorren astean egingo dutela analisi politikoa.

Joan den apiril amaieran jakin zen Gorenak aurki ebatzi behar zuela kasua, eta hainbat elkarretaratze egin zituen Ankerkeriari Stop plataformak akusatuei babesa adierazteko. Dinamikaren arabera, haien aurkako prozesua «fartsa bat» izan da; «bost urte beteko dituen amesgaiztoa». Are gehiago, azaldu zuten «normalizaziorako eta bakerako bide bat» egin nahian ari dela euskal gizartea, baina Espainiako Estatuak herritarrei jazartzeko «tresnak eta mekanismoak» erabiltzen jarraitzen duela.

«Militantziagatik zigortuak»

Zelaiak eta Barbadok 2021eko otsailean adierazi zioten BERRIAri «militante politikoak izateagatik» zigortu nahi zituztela. Barbadoren arabera, atestatuan «milaka orrialde» zeuden haien jarduera politikoari buruz, «eta oso gutxi aurkitutako zuloaren inguruan». Gainera, azpimarratu zuen euren kontrako auzia ez zela etorri «auzitegietatik», baizik eta Euskal Herrian bertan «kozinatu» zela: «Larriena da operazio honek izen-abizenak dituela, eta ez dela auzitegitik atera: Ertzaintza eta EAJ». Erakutsitako elkartasuna eta babesa eskertu zuten biek. «Ez gara kriminalak; militanteak gara, eta ez dugu onartuko absoluzioa ez den beste epairik. Makurtu nahi bagaituzte, oker dabiltza», adierazi zuen Barbadok orduan.

Barbadok berak iaz salatu zuen Guardia Zibilak kolaborazio eskaerak egin zizkiola. Sorturekin batera egindako agerraldian kontatu zuenez, kontrol batean gelditu zuten beste hiru lagunekin, eta agenteetako batek esan zion gauzak kontatzen bazizkion epaiketarekin lagunduko ziola, eta Bilbon kafe bat hartzera gonbidatu zuen. Hortik aurrera, jarraitu egin zuten zenbaitetan, eta telefonoz deitu ere bai.]]>
<![CDATA[Ezkerraldea. Gorritik berde ilunera igaroa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2542/007/002/2023-05-25/ezkerraldea_gorritik_berde_ilunera_igaroa.htm Thu, 25 May 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/2542/007/002/2023-05-25/ezkerraldea_gorritik_berde_ilunera_igaroa.htm
Auzoan, baina, egon da mugimendurik. Azken hamarkadetan, EAJk PSE-EErena zen gotorleku bat bereganatzea lortu du: Ezkerraldea. Luzaro alderdi sozialistarekin lotu da eskualde hori, kanpotik fabriketara lanera etorritako langile askok hari ematen ziotelako botoa nagusiki. Garrantzia dauka eremuak, hartan daudelako Bizkaiko bost herririk populatuenetako hiru.

2003. urtearen hasieran, PSE-EEren eskuetan zeuden Barakaldo, Portugalete, Sestao, Santurtzi, Abanto, Ortuella eta Trapagaran, eta EAJk Muskiz, Zierbena eta Alonsotegi bakarrik zeuzkan, biztanle gutxiko hiru herri. 2003ko hauteskundeetan galdu zituen PSE-EEk Ortuella, Abanto eta Sestao -lau urtez berreskuratu zuen gero-; 2007an Santurtzi, eta 2015ean Barakaldo, Bizkaiko udalerririk populatuenetan bigarrena. Orduan galdu zuen PSE-EEk bere udalerri garrantzitsuena. Ordutik, Portugalete bakarrik geratzen zaio, 1979tik orain arte kolore bakarrari eutsi diona.

EAJk gutxika higatu du sozialisten nagusitasuna. Hamarkada askoan, eskualdearen jaun eta jabe izan zen PSE-EE, eta, orain, Ezkerraldeko gizon gaixoa bihurtu da. EAJrekin daukan gobernu itunak, gainera, seguruenik ez dio mesederik egiten bere burua alternatiba eta oposizio moduan aurkezteko.

Barakaldon, esaterako, zortzi jesarleku lortu zituen PSE-EEk 2015ean, eta zortzi EAJk. Botoetan erabaki zen afera. 12.542 lortu zituen EAJk, eta 12.490 PSE-EEk. 52 botoren alde txikiarekin eroan zuen alkatetza Amaia del Campok (EAJ). Hurrengo hauteskundeetan, baina, lehenak alde askoz handiagoa atera zion bigarrenari: ia 6.000 boto gehiago erdietsi zituen EAJk PSE-EEk baino (19.101 eta 13.341).

Baliteke EAJren igoerak zerikusia izatea PPren beherakadarekin ere. 2011n, Alderdi Popularrak 8.000 boto inguru lortu zituen; 2019an, 3.000 ere ez. Kontrara, EAJ 11.000 bototik 19.000ra igo zen tarte horretan.

Inkestek iragarri dutenez, PSE-EEren gainbehera are nabarmenago baino ez da egingo. EITB Focusen arabera, alderdi abertzaleek gora egingo dute Barakaldon. EAJk 12 zinegotzi aterako lituzke oraingoan, eta PSE-EEk 7. Era berean, EH Bilduk bat gehiago lortuko luke, eta PSE-EEk bat gutxiago. PP berdin geratuko litzateke, zinegotzi bakarrarekin.

Sestaon, are agerikoagoa da PSE-EEren beherakada. 2007an zortzina jesarleku atera zituzten EAJk eta PSE-EEk, eta 2015ean, hamahiru eta hiru, hurrenez hurren. Orain, 11 dauzka EAJk, eta bost PSE-EEk.

Portugaleten, PSE-EE nagusi

Portugalete da erromatarrei aurre egiten dien herrixka. Kontrakoa gertatu da han. 1995ean, berdinduta zeuden PSE-EE eta EAJ, baina, 2019an, sozialisten jesarleku kopurua jeltzaleena halako bi zen; gehiengo absolututik oso hurre izan ziren. Mikel Torres alkateak 2008tik daroa agintean, eta, domekan emaitza onak lortuz gero, bosgarren agintaldia izango luke.

Industria jardueran oinarritutako eskualdea izan bada ere, ezker abertzaleak ez du lortu jendea bere marken inguruan batzea azken urteetan. Portugaleten, Sestaon, Santurtzin eta Barakaldon, EH Bilduk ez du lortu HBk 1979an bezainbeste boto biltzea. Izan ere, urte hartan Herri Batasunak 13.189 lortu zituen Barakaldon, EAJk 14.445 eta PSE-EEk 11.726. Pare-parean zeuden hirurak.

Denborarekin behera egin zuen ezker abertzaleak, eta, 2019an, 5.600 boto inguru lortu zituen hirian. Hala ere, itxaropentsu daude koalizio subiranistan. Iker Casanovak kanpaina hasieran iragarri zuen aldaketa bertatik etorriko zela: «EH Bilduk Barakaldon eta Ezkerraldean lortuko dituen aurrerapenak Bizkaian eraikitzen hasiko den ezkerreko alternatibaren indargunea izango dira».]]>
<![CDATA[Soldatak %23 igotzea lortu dute Bizkaiko zahar etxeetako langileek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/010/001/2023-05-24/soldatak_23_igotzea_lortu_dute_bizkaiko_zahar_etxeetako_langileek.htm Wed, 24 May 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/1877/010/001/2023-05-24/soldatak_23_igotzea_lortu_dute_bizkaiko_zahar_etxeetako_langileek.htm
Hitzarmenak 5.000 langileri baino gehiagori eragiten die. Guztira, %23,22 igoko zaie soldata lau urtean: 2023an, %8,78; 2024an, %5,10; 2025ean, %5,10; eta 2025eko urritik aurrera, %2,55. Gainera, ELAk azaldu duenez, itunak bermatu egiten du langile taldearen %85 finkoa izatea, eta ordezkapenak lehen egunetik betetzea. Ez dira hobekuntza bakarrak: berdintasun planak eta euskara sustatzeko neurriak onartu dituzte, eta domeketako plusak eta antzinatasuna %22 igotzea.

Langileek bazekiten hurre zegoela, eta, atzo goizean egindako manifestazioan, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean batu ziren, irribarretsu, saltoka eta txaloka, albistearen esperoan. Negarrak eta besarkadak ere egon ziren. Lan gatazka luzea izan baita. Sindikatuak nabarmendu zuen aurreko hitzarmena sinatzeko 378 greba egun egin zituztela, eta sektore «feminizatu eta ikusezina» izateak eragina daukala: «Ezin da ulertu greba hau aurrekoa gabe. Orduan 378 egun egin genituen, eta orain 68 egin ditugu».

Kalean egon direnei ez ezik sindikatuaren afiliatu guztiei ere adierazi zieten esker ona. «Eskerrak eman nahi dizkiegu ELAko 100.000 afiliaturi baino gehiagori, haiek barik ez litzatekeelako egongo gure borroka posible egin duen erresistentzia kutxarik», adierazi zuen Alaine Fernandezek, hitzarmena sinatu ostean. «Oraindik dardarka nago», esan zuen harekin batera negoziazioan zegoen Ana Romanek.

Borroka ez da amaitu

Borrokak «merezi» izan duela aldarrikatu zuen Pilik, Barakaldoko zahar etxe bateko langile batek: «Baina errealistak izan behar dugu; borroka ez da amaitu oraindik, ratioena borrokatzeko dago eta hori ez du hitzarmenak arautzen». Izan ere, Eusko Jaurlaritzak erabakitzen ditu ratioak.

Sindikatukoen arabera, akordioa sinatu izanak lotura izan dezake hauteskundeak hurre egotearekin, azken greba egunetan patronalaren blokeoa deitoratzen ibili baitira. ELAko Julio Fombellidak azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak «behartuta» ikusi du bere burua patronalaren eta haien arteko bitartekaritza egitera. «Litekeena da hauteskundeen ondorioz sortutako propaganda interesek lagundu izana prozesua bizkortzen», esan du. Uste berekoa da Ander Akarregi ELAren sektore arduraduna: «Ez da kasualitatea Bizkaibuseko hitzarmena sinatzea, hau [zahar etxeetakoa] sinatzea, etxez etxeko laguntzakoena sinatzea... Horiek denak [hauteskundeak baino] apurtxo bat arinago izan dira».

Hitzarmena ELAk eta UGTk sinatu dute patronalarekin, baina CCOO eta LAB ez dira batu. CCOOk esan du oraindik aztertu egin behar dutela akordioa; LABek, ordea, ez du ontzat jo hitzartutakoa, «foru hauteskundeetarako lau egun falta direnean Bizkaiko egoitzetan lortutako aurreakordioak EAJren politika neoliberalak indartzen» dituelakoan. Sindikatuak ohar bidez onartu du «borrokarekin» lortu dela «soldata eguneratzea», baina uste du sinatutakoak ez duela «hobekuntza sozialik» jasotzen. Hala ere, ELAk gehiengoa dauka sektorean —ordezkaritzaren %64—; beraz, azken detaileak finkatzea besterik ez da geratzen.]]>
<![CDATA[Gorroño, bosgarrenaren bila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1996/007/001/2023-05-23/gorrontildeo_bosgarrenaren_bila.htm Tue, 23 May 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/1996/007/001/2023-05-23/gorrontildeo_bosgarrenaren_bila.htm
Urte kopuru handia ez da berez bereizgarria, baizik eta hiru sigla desberdinekin aurkeztu dela alkatetzara eta lau bider irabazi dituela hauteskundeak. 1987an sartu zen zinegotzi udaletxean, Eusko Alkartasunarekin, eta, oposizioan hogei urtez egon eta gero, aginte makila lortu zuen 2007an, EAE-ANVren (ezker abertzaleak orduan erabili zuen marka) laguntzarekin. 2011n Bildurekin aurkeztu, eta alde handiz irabazi zituen hauteskundeak. Hamabi jesarleku lortu zituen koalizioak, eta bost EAJk.

Hauteskundeak birritan irabazi arren, EAk erabaki zuen Gorroño ez zela izango EH Bilduren zerrendaburua 2015ean, ez zetorrelako bat alderdiaren «naziogintza eta estatugintza ikuspegiekin». Segituan etorri zen haren erantzuna. EAJrekin egin zuen akordioa haien zerrendan joateko, eta, horretarako, EA siglak erabili zituen, baina ez Eusko Alkartasunaren izenean, baizik eta EAJk erregistratutako Eusko Abertzaleak markaren laburdura moduan. Arrakastatsua izan zen apustua. EH Bildu hamabi jesarlekutik seira igaro zen; eta Gorroñok EAJrekin zeukan zerrenda, bostetik 11ra. Ezin da ukatu alkateak daukan tiradizoa.

Udaletxeko giltza

Oposizioan, pertsonalismoa, gardentasun falta eta lege urraketak egotzi zizkion EH Bilduk udal gobernuari. Udalbatzan aurpegiratu zioten 67.000 euro kobratzea urtean -gaur egun, 73.400, gordin-. 2019an, Gorroñok eta EAJk akordioa berretsi zuten, eta emaitza bertsuak atera zituzten: EA-EAJk, hamar; eta EH Bilduk, zazpi.

Eztei bidaia luzea, baina hura ere amaitu zen. 2022ko azaroan jakin zen Gorroño eta EAJ banatzekoak zirela. «Errespetu faltak» eta «kudeaketari ipinitako oztopoak» argudiatu zituen alkateak, eta segituan sortu zuen Guztiontzako Herria (GH) udal hauteskundeetarako.

Ikusteko dago zer gertatuko den domekan. Azken hauteskundeetan, EA-EAJ zerrendak hurre eduki du EH Bildu. Baliteke banaketak koalizio subiranistaren alde egitea, baina GH markak Gorroñori ahalbidetu diezaioke inoiz EAJ bozkatuko ez luketen horien botoa bereganatzea, 2015eko hauteskundeek erakusten dute-eta badaukala karisma. EH Bilduk eta EAJk ez dute argitu GHren jesarlekuak behar izatekotan zer egingo duten. Xabier Irazabal EAJko alkategaiak ez du aurreikusten Gorroñorekin negoziatzea: «Gure esperantza da ez dugula inoren laguntasunik beharko gobernatzeko. Hortik aurrera, egia esan, hartu emanak ez daude batere ondo Jose Mari Gorroñorekin». Uste berekoa da Jose Ramon Bilbao Catala Buli EH Bildukoa, proiektu «sendoena, errealistena eta onena» daukatelako: «Gure esperantza da bozkatuenak izango garela eta gobernatzeko moduan egongo garela». Argi dago, baina, hamasei urtean ondo gorde eta gero, Gorroñok izan dezakeela udaletxeko giltza berriro ere.]]>
<![CDATA[Urteurrena, protestan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1884/008/001/2023-05-20/urteurrena_protestan.htm Sat, 20 May 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/1884/008/001/2023-05-20/urteurrena_protestan.htm
Jende andana bildu zen SATSE, ELA, LAB, Medikuen Sindikatua, CCOO eta UGT sindikatuek Bilbon, Donostian eta Gasteizen antolatutako manifestazioetan, eta salatu zuten negoziazioak etenda daudela. Eurekin jesartzeko deia egin zioten Osasun Sailari. «Urte hauetan galdutako erosahalmena berreskuratu nahi dugu, eta duela hamalau urteko lan hitzarmena eguneratu», aldarrikatu zuen ELAko Esther Saavedrak.

Kalera atera ziren beharginek erreibindikazio ugari dauzkate: lehen mailako arretan gehiago inbertitzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, behin-behinekotasun tasa %8tik behera mugatzea, 2018-2019ko LEPa ebaztea, 2022ko lan deialdira deitzea eta Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Zentrokoei onartzea ospitaleetako langileek kobratzen duten %4ko plusa.

Sindikatuen arabera, greban %65eko parte hartzea izan zen atzo -herenegun, %50eko datua eman zuten- baina Osasun Sailak dio %14,51koa izan dela -herenegun, %10ekoa-. Datuen dantza hori gurata egitea leporatu zioten Osasun Sailari, «grebaren eragina gutxiesteko». Sindikatuek azaldu dutenez, Osakidetzak langile kopuru osoaren arabera kalkulatu zuen ehunekoa, eta ez gutxieneko zerbitzuen ondorioz greba egiteko eskubidea zenbatek daukaten kontuan hartuta.

Hala ere, SATSE sindikatuko Amaia Mayorrek adierazi zuen oztopoak ipini dizkietela zenbaketa egiteko, Osakidetzako zentralak osasun zentroei agindu dielako ez emateko parte hartze datuak. Haren berbetan, grebak herenegungoak baino oihartzun handiagoa izan zuen, batez ere lehen mailako arretan, «haren egoeragatik».

Bilboko manifestazioan ere argi ikusi zen zerbitzu ugari batu zirela. Lehen mailako arretako langileen pankartaren atzetik, Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Zentrokoak zebiltzan. Eta horien atzetik, Gurutzetako Larrialdien Asanbladakoak, Osasun langileak oso erreta gaude: osasungintza publikoa defendatu zioen pankarta batekin. Biltegietako langileak ere han zeuden, biltegiak ez pribatizatzeko eskatzen. Pentsiodunak ere batu zitzaizkien protestara, txaloen eta elkarren aldeko oihuen artean.

Osasun langileen prekarizazioan ipini zuen arreta Mayorrek: «Langileek ez dituzte kontratu duinak, eta oso zaila egiten zaie lana eta familia bateratzea». Oraingoa bide luzeko arazoa da, Jessica Gondra LABeko bozeramailearen ustez: «Ez da bakarrik osasun langileen falta, pribatizazioa eta inbertsio falta ere arazoaren parte dira».

Sindikatuek lan eskaintza publikoen aferagatik ere kritikatu dute Osasun Saila. Izan ere, langile askok oposizioak alferrik egiteko arriskua dute, 2018-2019 aldiko LEP lan eskaintza publikoko azterketen emaitzak ez direlako ebatzi. Ez dakite egindako azterketarekin postua lortu zuten ala ez, eta batzuek hilabeteak eman behar dituzte berriro ikasten, badaezpada.

Berriro harro egoteko

«Langile falta», «lan karga handiak», «lantaldearen zahartzea» eta «bete bako akordioak» zerrendatu zituen UGTko Mari Feli Camposek, eta azpimarratu osasungintzako «itxaron zerrenda luzeak» horien ondorioz sortzen direla. «Osakidetzaren sorreratik 40 urte igaro direla ospatu nahi badute, kontuan izan behar dituzte langileen eskaerak: entzun, negoziatzera jesarri eta baldintzak hobetu», nabarmendu zuen.

Osasungintza publikoan «dinamika aldaketa bat» egon dadila eskatu zuen SATSEko Mayorrek txalo artean, manifestazioaren akaberan: «Nahi dugu Osakidetza berriro izatea hartan lan egiten dutenak eta euskal gizartea harro egoteko modukoa».]]>
<![CDATA[Greba, «lehengo gozotasuna» eskatzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2037/012/001/2023-05-19/greba_lehengo_gozotasuna_eskatzeko.htm Fri, 19 May 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/2037/012/001/2023-05-19/greba_lehengo_gozotasuna_eskatzeko.htm
Langile publikoak direla aldarrikatu dute, eta zaintza sistema «aldatu» behar dela. Besteak beste, galdegin dute lan baldintzak zahar etxe publikoetako langileekin berdintzea, ordezkapenak lehen egunetik betetzea, eta ratioak handitzea: gauez bi zaintzaile hamabost egoiliarreko, egunez zaintzaile bat lau egoiliarreko, eta 24 orduko erizaintza zerbitzua. Izan ere, gaur egun oso bestelakoa da egoera, LABeko Monica Rojok azaldu duenez: «Orain bertan, egunez zaintzaile bat dago 40-45 adineko jagoten, eta gauez egon daiteke bat ehun edo gehiagorekin; enpresariaren borondatearen araberakoa da».

Izurritetik hona langileen egoera ez dela hobetu uste du Rojok: «Pandemia erdiragarria izan zen. Erakundeek ez zuten indartu plantilla, eta maila emozionalean oso gogorra izan zen buruko gaitzen bat daukatenak —dementzia, alzheimerra...— gelan 24 orduz giltzaperatuta edukitzea». Kontatu duenez, gelaz gela joan behar izaten zuten langileek; garbitu, egoiliarrei jaten eman, eta alde egin.

Pandemiaren irakaspenei begira, zaintza sistema aldatu behar dela deritzo: «Denbora tarte laburrean garbitu eta altxatu behar ditugu, eta erakundeak inposatzen digun lan erritmoa basatia da: adineko bati dutxatzeko eta jateko presa sartzeak guri sortzen digu estresa, ito egin daitezke eta».

Kezka bera du Ainhoa Anparan Agirrek. Hamabi urte daroaz zahar etxeetan, eta langile faltak «lehengo gozotasuna eta berotasuna» galtzea ekarri duela dio: «Zaintza, niretzat, ez da bakarrik jaten ematea, paseoan eramatea eta orraztea. Zaintza da denbora pixka bat edukitzea haien ondoan egoteko, berba egiteko, eta haien galderei erantzuteko».

ELA ere kalera irten da

ELA sindikatua ere greba ziklo propioarekin ari da sektorean. 60 greba egunetik gora egin ditu jada azken hitzarmena sinatu zenetik. Haiek ere Bizkaiko Foru Aldundiari aurpegiratu diote «egoeraren erantzule zuzena» izatea. CCOOk ere lanuzteak egingo ditu datorren astean Bizkaiko egoitzetan.]]>
<![CDATA[Espainiako Etxebizitza Legea Bilbon aplikatzeko asmoa adierazi du PSEk]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2108/004/001/2023-05-13/espainiako_etxebizitza_legea_bilbon_aplikatzeko_asmoa_adierazi_du_psek.htm Sat, 13 May 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/2108/004/001/2023-05-13/espainiako_etxebizitza_legea_bilbon_aplikatzeko_asmoa_adierazi_du_psek.htm
Abeteren arabera, hainbat erronkari egin behar zaie aurre —digitala, demografikoa, ingurumenarena—, eta «errazagoak» izango dira «erantzun sozialistekin», eurak baitira «erabaki ausartak» hartzen dituztenak. «Sozialistok beste modu batean gobernatzen dakigu, entzuten dakigulako, eta arreta ipini behar den lekuan ipintzen: pertsonetan», azpimarratu zuen Bilboko hautagaiak.

400 proposamen bildu dituzte programan, «Bilborentzako 400 erantzun». Horien artean dago «hurbileko polizia eredu baten aldeko apustua, prebentziozkoagoa izango dena, gogorragoa delituekin eta hurbilagoa hiritarrekiko». Santutxun eta Zorrotzan polizia etxeak zabaltzeko asmoa adierazi dute.

PSE-EEkoek jakinarazi dutenez, programa ontzeko hainbat hilabete behar izan dituzte, eta «jende anonimo askok» eta «hiriko gizarte eragileek» parte hartu dute prozesuan PSE-EEeko udal taldeaz gain.

Bilboko udal etxebizitzen kopurua ere handitzeko helburua daukate, eta Abandoko, Olabeagako, Zorrotzako Muturreko eta Zorrotzaurreko etxebizitzen %10 gorde nahi dituzte horretarako. Andueza harro agertu zen oraintsu Espainiako Kongresuan onartutako Etxebizitza Legearekin: «Duda barik, sozialistok, autogobernuak ematen dizkigun aukerekin, legeak ahalbidetzen duen marko legal osoa aprobetxatuko dugu etxebizitza politika askoz osoago bat egin ahal izateko». Dardo bat jaurti zion EAJri. «Eskumak eta interes ekonomiko eta espekulatiboak legearen aurka baldin badaude, jakina sozialistok bide eta norabide onean gaudela».

Arratsalde euritsua izanda ere, dendaz denda joan ziren. Emozioz agurtu zuen dendari batek Abete. «Bilboko hurrengo alkatea!», esan zion alderdikide batek.]]>
<![CDATA[«Bilbon zeozer egiten baduzu, atxilotua eta zigortua izan zaitezke»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1855/006/001/2023-05-12/bilbon_zeozer_egiten_baduzu_atxilotua_eta_zigortua_izan_zaitezke.htm Fri, 12 May 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/1855/006/001/2023-05-12/bilbon_zeozer_egiten_baduzu_atxilotua_eta_zigortua_izan_zaitezke.htm
Zelan joan da agintaldia?

Agintaldi oso zaila izan da guztiontzat: gizartearentzat eta erakundeentzat. Azpimarratu nahi nuke zelan egin diogun aurre pandemiari: elkarlanarekin. Alderdi guztiak izan gara kapaz bakoitzaren iritziak eta ideiak alboan utzi eta akordioetara heltzeko. Pozik nago horrekin.

Zein da EAJren proposamena datozen lau urteetarako?

Ez zait gustatzen promesak egitea, baizik eta konpromisoak hartzea. Hiru lehentasun dauzkagu. Lehenik, pertsonak; pertsona guztiak, inor atzean gera ez dadin. Bestetik, auzoak. Bilbo 42 piezako puzzlea da, eta piezaren bat falta bada, ez dago polito. Auzo guztiek sentitu behar dute Bilbo honen parte; hiri orekatua behar dugu. Azkenik, garapen ekonomikoa eta kalitatezko enplegua. Gizarte kohesioa lortzeko, beharrezkoa da garapen ekonomikoa. Garapenak ez badakar gizarte kohesioa, ez dugu nahi garapenik.

Espainiako Etxebizitza Legeak leku batzuk tentsio eremu izendatzea aurreikusten du, alokairu igoerak mugatzeko. Izendatuko zenuke Bilbo tentsio eremu?

Legean agertzen da nola egin, errenta baldintzak, zailtasunak... Hori egiteko, Euskadik badu eskumena, estatua sartu barik. Hori esanda, ezin dugu aurreiritzirik eduki. Aztertuko dugu, eta ikusiko dugu, baina ezin dugu ahaztu Bilbon daukagun babes publikoko etxebizitza ratioa estatuko altuena dela. Euskadiko etxebizitza legea geneukan aurretik, baita diru sarrerak bermatzeko errentarekin lotuta geneuzkan etxebizitzaren prestazio osagarriak ere. Ezin dugu ahaztu etxebizitzaren arazoa konpontzeko tresna nagusia enplegu duina izan behar dela, ondo ordaindutakoa. Hortik aurrera, gure politikak alokatzera bideratu behar dira; ezin dugu babestu etxe baten jabea izatea. Laguntzak eman behar ditugu, eta etxebizitzak eraiki alokatzeko.

Zuen aurreko programaren puntuetako bat zen euskararen erabilera sustatzea Bilbon eta udalaren funtzionamendu hizkuntza izatea. Bete da?

Prozesu bat da, eta barrura begira hobetu egin da. Gero eta gehiago egiten dugu gure lana euskaraz, baina bide luzea daukagu aurretik. Kalean ere hainbat programa egin ditugu, merkataritzaren alorrean, familienean, kirolarenean... Gero eta jende gehiagok daki euskaraz; orain, erabilpena da erronka.

Basurtuko ospitaleko osasun langile ugarik zerbitzuaren «pobretzea» salatu zuten iaz, eta zuri eskatu zizuten euren alde egiteko. Zer iritzi duzu aferaz?

Argi esango dizut. Ez daukat behar den ezagutza jakiteko bihotzeko kirurgia egon behar den Basurtun eta Gurutzetan edo bateratuta egon behar den. Nik nahi dut bilbotar batek bihotzeko kirurgia behar duenean arreta onena eman diezaiotela. Ezin dira arazo artifizialak sortu. Ni Basurtuko ospitalea txikitzearen kontra nago; ospitale integrala izatea nahi dut. Elkarlanean aritu naiz [Gotzone Sagardui] Osasun sailburuarekin, eta aurreratu dezaket Basurtuko ospitalea handitu egingo dela hurrengo urteetan.

Hautagaitzaren aurkezpenean, zera esan zenuen: «Egurra gaizkileari. Jakin dezatela Bilbon atxilotu eta zigortu egiten zaituztela». Bilbo hiri arriskutsua da?

Ez nuke esango. Hiri segurua da, baina ez du esan nahi ez denik ezer gertatzen. Urtero ematen ditugu datuak, gardentasun osoz. Segurtasun hitzarmena alderdi guztiok sinatu genuen. Egin duguna alderdi guztiok egin dugu. 2018tik hona, 250 polizia gehiago jarri ditugu Bilboko kaleetan. Momentu honetan, 900 udaltzain daude. Indarrez lapurtzen dutenetatik, bitik bat atxilotzen dugu. Hortaz, Poliziaren efikazia izugarria da. Atxilotuak %233 ugaritu dira. Sendo ibiliko gara gaizkileen aurka, baina zigorgabetasuna ezabatu behar dugu. Harremanetan gaude epaileekin epaiketa arinak lortzeko. Gure asmoa da sentsazio hori ezartzea: Bilbon zeozer egiten baduzu, atxilotua eta zigortua izan zaitezke.

Basaurin, Iruñean, Ermuan, Donostian, Gasteizen... emakumeen etxeak daude. Bilbon ere eskatu dute talde feministek.

Bai, egia da, Bilbon ez dago. Programan jaso dugu datorren agintaldian eraikitzeko asmoa.

Aurreikusi duzue non?

Leku batzuk egon daitezke. Momentu honetan, Telefonicaren etxe bat aztertzen ari gara, Alde Zaharrean.

Iaz polemika egon zen Atxuriko saskibaloi kantxan lo egiten zuten etorkin adingabeen aferagatik. Udalak hesi batzuk ipini zituen, eta gauetan zarratzea erabaki. Egin diezue jarraipenik?

Zehazte aldera, ez ziren adin txikikoak: adin nagusiko gazteak ziren. Lehenik eta behin, areto futbolean eta saskibaloian jokatzeko eremu bat egin genuen Atxurin. Ezin zen behar den moduan erabili, pertsona horiek geratzen zirelako lo egitera eta euren beharrizanak egitera. 2019an, 203 leku geneuzkan etxegabeentzat. Orain, lau urte pasatuta, 539 dauzkagu, eta neguan, beste 276 gehitzen ditugu. Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuen Plangintzaren arabera, Bilbori 59 leku eskaintzea dagokio.

Etxegabeekin dugun konpromisoa izugarria da. Norbaitek ezagutzen badu gurea baino konpromiso handiagoa, esan dezala. Bilbok egin beharrekoa egiten du, baina udal guztiek egin behar dute gauza bera. Egiten dute? Arrigorriaga daukagu hortxe bertan. Bilbora pertsona asko etortzen dira beste leku batzuetatik. Guk ezin dugu muga barik eman arreta. Eta bikoiztu baino gehiago egin dugu lekuen kopurua. Hori esanda, Atxuriko pertsona guzti-guztiei arreta eskaini genien. Batzuek onartu zuten, eta beste batzuek ez. Auzokoen eskutitza daukagu, esanez ados zeudela udalarekin eta jarritako hesiekin.

SOS Arrazakeriak San Frantzisko auzoaren «militarizazioa» salatu zuen orain dela hil batzuk. Bertan ibiltzen den polizia kopurua egokia iruditzen zaizue?

Bertako auzo elkarteek dioskute pozik daudela Polizia euren kaleetan ikusiz. Nik ez dut militarrik ikusi handik, baizik eta udaltzainak eta ertzainak, eta esango nuke herritik sortutakoak direla. Haien lana da auzotarrak babestea. Horrexegatik uste dut beharrezkoa dela daukagun Polizia eta gero eta polizia gehiago izatea. Hiritarrek inkestetan esaten dute poztekoa dela gero eta polizia gehiago egotea Bilbon. EH Bilduk, PPk eta EPk ere beharrezko ikusi dute, hala zehaztu zuen-eta sinatutako segurtasun hitzarmenak.]]>
<![CDATA[«Beharrezkoa da hurbileko polizia eredu bat, duda barik» ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/007/001/2023-05-10/laquobeharrezkoa_da_hurbileko_polizia_eredu_bat_duda_barikraquo.htm Wed, 10 May 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/1857/007/001/2023-05-10/laquobeharrezkoa_da_hurbileko_polizia_eredu_bat_duda_barikraquo.htm <![CDATA[«Batzuetan oztopoak izan ditugu Segurtasun Saila ikertzeko»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/010/001/2023-05-05/batzuetan_oztopoak_izan_ditugu_segurtasun_saila_ikertzeko.htm Fri, 05 May 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/1864/010/001/2023-05-05/batzuetan_oztopoak_izan_ditugu_segurtasun_saila_ikertzeko.htm
Abenduan 45 ohartarazpen bidali zenizkieten hainbat administraziori; apirilean esan zenuen agian Fiskaltzarengana joko zenutela, eta apiril amaierarako denek erantzun zizueten. Gutxietsita sentitzen zara??

Ez dut uste mespretxua denik, baina ezta errespetu handirik dagoenik ere. Burokraziaren ondorioak dira, alde batetik, baina kontrola onartu nahi ez izatea ere bai. Askotan ez da gustukoa Arartekoak esaten duena. Saiatzen naiz eraikitzailea izaten gure kritikekin: proposamenak egiten —«Hau txarto dago, baina horrela egin dezakezu»—, eta elkarrizketaren bidez konpontzen. Baina, batzuetan, erantzunik ez dagoenean, adierazi behar izan dut.

Zein da arrazoia?

Pandemiaren ondorioa izan dela uste dut. Garai hartan, malgutasun handiagoa eman genien, eta gure kontra etorri da. Normaltasuna itzuli denean, eroso egon dira erantzun barik, eta guk urtebete geroago ezin dugu gure lana ondo egin, ezta herritarren eskubideak ondo babestu ere. Ni Fiskaltzarengana joan aurreko egunean erantzun zigun azken udalak, bazekielako hara nindoala.

Ez da beti hala gertatu??

Nik Europako erakundeetan egin dut lan 30 urtez, nire bizitza profesional gehiena. Euskal Herrira etorri nintzen arartekoa izateko. Hemen, ikusi nuen noizbehinka ohartarazpenak bidaltzen zirela, baina erabaki nuen bide hori ez erabiltzea. Diplomaziako mundutik nentorrenez, nahiago nuen bestelako estilo bat: alkateari, diputatuari, lehendakariari... deitu eta esan, «begira, hau gertatu da; mesedez, konpondu». Iazko abenduan ia 50 kasu geneuzkanez, erabaki genuen ohartarazpenekin hastea. Ez da nire gustuko estiloa, baina bideratu da arazoa.

Nafarroako Arartekoak isunak jar ditzake. Horrekin konponduko litzateke arazoa?

Gutxienez, aztertu behar dugu. Nafarroako Arartekoak esan zidan pozik zegoela ahalmen horrekin. Ez du erabili behar izan oraindik, udalek ez dutelako nahi agertu egunkarietan isunak ordaindu behar izateagatik. Eskatu diot Euskadira etortzeko esperientzia legebiltzarrean azaltzera.

Arartekoaren legeak ia berrogei urte dauzka. Zer beste mekanismorekin hobetu daiteke?

Kataluniako Sindic de Greugesek esku har dezake zerbitzu publikoak —telekomunikazioak, energia...— eskaintzen dituzten enpresa pribatuetan. Irlandakoak botere handia du ustelkeria borrokatzeko. Beste leku batzuetan, diskriminazioaren aurka egiteko eman zaie ahalmena. Nahiko nuke legebiltzarrak hausnartzea ea halakorik behar dugun.

Zuen ebazpenak ez dira bete beharrekoak. Bete beharko lirateke, ala arartekoen izaeraren kontra doa?

Mundu guztian da hala, baina, lotesleak izan ez arren, uste dut lan egin behar dela arlo horretan. Oraintxe begiratzen aritu naiz nik eginiko ebazpen bat, hamar orrialdekoa, eta hor dena dago ondo adierazita: zergatik dagoen txarto administrazioak egindakoa, herritarren eskubideak ez direla ondo babestu... Baina administrazio horri berdin izan dio, eta erabaki bat hartu du, jakinda bidegabea dela. Guk bi hilabetez aztertu dugu gaia legelari espezializatu batzuekin, aldeak entzun ditugu, legeak eta jurisprudentzia ikertu; eta esan dugu ez dagoela ondo eginda. Ez zait gustatzen gero eurek esatea ez didatela kasurik egingo. Ados, gure ebazpenak ez dira bete beharrekoak, baina gutxienez erantzun zergatik ez diguzun kasurik egingo, motibazioaren ahalegina egin dezazun.

Osakidetzaren inguruko kexak %220 igo dira 2020arekin alderatuta. Izurriak zerikusia dauka?

Bai, baina arazo berriak ere agertu dira; bereziki, profesionalen falta, medikuarekin aurrez aurre egoteko oztopoak, telefono bidezko hitzorduen funtzionamendu ez hain ona... Ikusi da atzerapenak daudela eta oraindik zerbitzu guztiek ez dutela berreskuratu funtzionamendu egokia. Horrez gain, ezkutuan zeuden arazo batzuk azaleratu dira, eta jendeak gugana jo du. Ezaguna da mediku gehiago behar ditugula.

Iaz adierazi zenuen Ertzaintzak «bere burua ikertzeko zailtasunak» dauzkala. Hobetu da egoera ordutik?

[Josu] Erkorekak [Jaurlaritzako Segurtasun sailburua] otsailean esan zidan barne sistema diziplinarioa aldatzeko asmoa zutela. Oraintsu, neskato adingabe bat ertzain etxe batera joan zen sexu eraso bat salatzera, eta ez zuten behar bezala tratatu. Hor akats itzelak ikusi genituen, eta horregatik atera genuen ebazpena. Ez nuke esan nahi arazo orokorra denik, baina egoten dira kasuak, eta ertzainen hezkuntza eta protokoloak ez dira ondo ari kasu batzuetan. Horregatik, ezin dut esan konpondu duten ala ez. Aipatutako kasu horretan, ikerketa oso makala izan zen, eta ez zituen Europan ezartzen diren baldintzak betetzen. Ezin diozu ertzain bati galdetu: «Egin duzu hori?». «Ez, ez dut egin». Hori da dena? Eta ez bakarrik ertzainek, udaltzainek ere bai. Mundu hori aztertu egin behar da. Ez da bakarrik Euskal Herrian gertatzen. Nork kontrolatzen du kontrolatzailea? Hobetu egin behar da sistema.

Segurtasun Saila opakua da? Ikertzea zaila egiten zaizue?

Batzuetan —ipini batzuetan— oztopoak izan ditugu. Ertzain etxeetako edo udaltzainen komisarietako irudiak lortzeko, esaterako. Zenbaitetan, bertara jotzen dugunerako, ezabatu egin dituzte, 30 egun igaro direlako. Guk esan diegu ez ezabatzeko, gure edo epailearen ikerketarako funtsezko tresna direlako. Eta batzuetan polizien aldekoak ere izan daitezke.

Iazko Euskararen Egunean, hau argitaratu zuen Arartekoak: «Edozein herritarrek eskubidea du bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan modu erosoan eta normaltasunez arreta jasotzeko zerbitzu publikoetan». Azkenaldian, hainbat epaik adierazi dute administrazioak ezin duela baldintza moduan ezarri euskaraz jakitea. Zer egin dezake Arartekoak epaileek kontra egiten dutenean?

Nahiko kezkatuta nago horrekin. Ez dakit zer egin dezakedan. Euskaraz bizitzea euskal herritarren eskubidea da. Eskubide naturala. Euskadin gaude, Euskal Herrian gaude. Gero eta jende gehiagok euskaraz bizi nahi du, oso argi daukat. Ertzain etxe batean salaketa ipintzera joan, eta «euskaraz dakiena ez da etorri gaur, bajan dago». Hori onartezina da. Edo pediatra erdaldun bat euskaraz bakarrik dakiten umeekin, eta aita itzulpen lanak egiten. Horrek min ematen dio euskal herritar bati. Noren betebeharra da hori ez gertatzea? Administrazioarena. Eta ezin badu baldintza moduan ipini euskaraz jakitea, zer gertatzen da? Hori da nire kezka. Nolabait konpondu beharko da.

Orduan, ari zarete?

Bai, gure aditua, Roberto Moreno, horretan dabil lanean, agertzen ari den jurisprudentzia hori legezkoa den ala ez ikertzen. Epaitegietan zenbat epaiketa daude euskaraz? Egin daitezke, ala oztopo asko daude euskaraz egin nahi baduzu? Justizia gaur egun atzeratuena da euskararen normaltasunaren bidean. Anekdota pertsonal bat kontatzen utziko didazu?

Bai, noski.

Ospitalera joan nintzen, eta larrialdietan suspertu egin ninduten. Larri nengoen, txarto eta triste, jakin gabe bizirik nengoen ala erdi hilda. Momentu txarra izan zen, eta niregana etorri zen medikuak euskaraz egin zidan. Arnasa eman zidan. Nire mundua zabaldu zen. Itxaropena eman zidan. Horregatik ulertzen dut hain ondo guraso batek nahi izatea etxean euskara izan dadila lehenengo hizkuntza. Gero eta ume gehiago daude Euskadin euskaraz bakarrik dakitenak, aukera bat delako, eta bidezko aukera bat delako. Zaila egiten zait onartzea administrazioek ezin dutela baldintza moduan ezarri euskaraz jakin behar izatea.

Urteak daramatzazue parekidetasuna eskatzen Hondarribiko eta Irungo alardeetan (Gipuzkoa). Zer egin daiteke arazoa konpontzeko?

Arazo zaharra da, baina uste dut nahiko bideratuta dagoela. Pauso batzuk gehiago ematekotan daude, jendea eskatzen ari delako. Agertu dira alardearen munduan ahotsak esanez onartezina dela. Itxaropena daukat hauteskundeen ostean beste pauso batzuk emango direla egoera osorik normalizatzeko. Gutxienez Irunen nahiko baketsua izaten ari da egoera. Egia da bi alarde daudela, baina uste dut biak egon daitezkeela. Ez da nire gustukoa, baina agian ohitu beharko gara. [Espainiako] Auzitegi Gorenak esan zuen gauza pribatua bada egin daitekeela. Hori bai, ez litzateke desberdinkeriarik egon behar. Alkateek biak onartu eta agurtu behar dituzte. Jose Antonio Santano eta Txomin Sagarzazu alkateei [Irungo eta Hondarribiko alkateak, hurrenez hurren] behin eta berriz esan diet, eta uste dut buruan daukatela azken oztopoak gaindituko direla hurrengo hiletan.

Gipuzkoako Foru Aldundian mahai instituzional bat zegoen udal biekin, Arartekoarekin eta Emakunderekin arazoa bideratzeko. Orain ez da batzen?

Ez. Alardearen mahaia orain ez dago. Egon den bitartean, beti joan gara, eta gure ekarpenak egin ditugu. Uste dut pandemiatik hona ez dela egon. Orain udalekin gabiltza lanean ideia berriak bultzatzen. Ez dago mahairik.]]>
<![CDATA[«Parte-hartze eremuek ahalmen txikia dute politikan eragiteko»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/005/001/2023-05-02/parte_hartze_eremuek_ahalmen_txikia_dute_politikan_eragiteko.htm Tue, 02 May 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/1857/005/001/2023-05-02/parte_hartze_eremuek_ahalmen_txikia_dute_politikan_eragiteko.htm
Herritarrek gehiago parte hartu behar dute udal gobernantzan?

Ez dakit beharra den berba. Administrazioak askotan egiten du berba inperatiboekin, baina, benetan, herritarrek egin dezatela gura dutena. Kontua da badagoela parte-hartze arkitektura bat eraikita, non, ustez, ahotsa ematen zaien herritarrei udal politikari buruz iritzia emateko. Baina, egiatan, espazio horiek kontsulta eta informaziorako daude eginda batez ere, eta ahalmen txikia daukate politikan benetan eragiteko. Eta bestaldean, zuzeneko gobernantzan, hor bai hartzen dute parte botere ekonomiko eta faktikoek. Arazoa da botererik ez dagoen eremuetan ipintzen direla parte hartzeko espazioak, eta ezin dugu parte hartzeaz berba egin botereaz eta desberdintasunaz berba egin barik.

Aldatu egin behar da eredua?

Parte-hartze eredu honek parte hartze indibidualari eman dio lehentasuna, kontsentsua bilatzeari eta gatazka kudeatzeari. Eta hori egin du parte hartze kolektiboaren gainetik, trantsizioan egon zen parte hartzetik, arlo politikoari indar handiagoa ematen dion horren gainetik.

Zelakoa zen herritarren parte hartzea trantsizioan, bada?

Herritar antolakundeek eta administrazio publikoek hurbileko harremana zuten. 1970eko hamarkadan dena zegoen egiteko. Frankismoaren 40 urteak atzean utzita, udal demokratikoak eratu ziren. Auzoetan eta lantegietan antolakuntza handia zegoen, eta urte haietan aurrera eroan ziren politika publikoek bi elementu horien elkarrizketatik edan zuten. Bartzelonan auzo askok ez zeukaten azpiegitura publikorik, ekipamendurik, estolderiarik edo kale asfaltaturik, eta hori dena auzo erreibindikazioen bidez lortu zen. Batez ere Nou Barrisen, auzokoek kudeatzen zituzten kultur espazioak, baina 1990eko hamarkadan, udalak erabaki zuen ezetz; hiri ekipamenduen kudeaketa azpikontratatu egingo zuela. Orduan, bezero-zerbitzu harremanaren logikakoa bihurtu zen.

Bartzelonan aurrekontu parte hartzaileak erabili dira azken legegintzaldian. Zelan funtzionatu dute?

Eztabaida asko izan genituen horren harira. Ondo nahi genuen egin, eta ondo dago Bartzelonaren moduko hiri batek herritarren parte hartzerako tresna berriak probatzea. Geure buruari baimena eman behar diogu politika publikoen laborategi izateko, azkenean praktikarekin ikasten da eta: eginez. Apustu ausarta izan da; eta eredua, oso-oso ondo pentsatua. Zailtasunak zailtasun, saiatu dira eztabaida prozesu bat edukitzen —aurrez aurreko espazioekin eta sareetan—, ez bakarrik azken bozketa.

Prozesua arrakastatsua izan da, orduan?

Nik ez dut azken inplementazioa bizi izan, baina erronka da aurrekontu parte hartzaileak egiteko udalak berak ipini behar duela lanean horren alde: arlo tekniko-administratiboa eta politikoa. Kanpotik ikusi dudanagatik, heldu da herritarrengana. Baina egia da azkenean lehiaketaren antzeko logika ikusi diodala lankidetzaren gainetik. Zaila da horri aurre egitea erakundeetatik.

Zer zentzutan?

Niri auzoko sareetatik heltzen zitzaizkidan mezuak: «Bozkatu nire etxe aurreko plazaren alde». Eta egia da plaza oso ahaztuta dagoela, baina beste proposamen batek irabazi zuen. Kontua da benetan zentzu handiagoa daukala auzoa bere osotasunean aztertzeak eta horren arabera erabakitzeak non inbertitu.

Agian, halako parte-hartze prozesuetan, jendeak ikuspegi globala galtzen du batzuetan?

Asko ikusi dut hori auzo kontseiluetan. Jendea etortzen da bere etxe ondoan ipini duten zaborrontziagatik kexaka, baina ez dauka auzoa buruan, are gutxiago barrutia edo hiria. Hori da arazorik handiena herritarrekin politika publikoa eraiki nahi duzunean. Gure pentsamoldea bakarrik mugatzen bada guri traba egiten diguten gauzetara... Eta hori gertatu da horretara bideratu delako parte hartzea. «Esan zelan nahi duzun zure kalea». Hainbeste mugatu da parte hartzea, ezen bakarrik uzten ari bazara bankuaren kokalekua aukeratzen, bada jendeak esango dizu: «Ez ezazu ipini nire etxepean, zarata egingo dutelako jesartzen direnek». Hori frustragarria da.

Zer egin behar da hori hobetzeko?

Arazo handienetakoa da erritmo politiko-administratiboak ezin egokitzea herritarren erritmoetara. Obra bat egiteko, urtebete behar duzu. Horretarako, administrazioak aldatu egin behar du bere logika.]]>
<![CDATA[Gernika-Lumo «memoria leku» izendatuko du Espainiako Gobernuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2054/004/002/2023-04-27/gernika_lumo_memoria_leku_izendatuko_du_espainiako_gobernuak.htm Thu, 27 Apr 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/2054/004/002/2023-04-27/gernika_lumo_memoria_leku_izendatuko_du_espainiako_gobernuak.htm
«Gernikarron oroimenak inspiratzen du gure demokrazia», esan du. «Bonbardaketak ez zuen lortu bere helburua. Gaur egun, Espainia demokrazia aurreratua eta europarra da, balioena, askatasunena eta eskubideena». Ministroak adierazi du Gernika-Lumoren bonbardaketa «sasoi hartako gobernu legitimoaren» kontra egin zela, eta Bolaños bera ari dela gobernu hori ordezkatzen orain. «Oso sinbolikoa izan zen Gernikako haritza lehendakariek zin egiten diotena eta Euskadiren askatasunaren sinbolo dena zutik gelditzea».

Urteetan Eusko Jaurlaritzak hainbat bider eskatu izan duen arren, Bolañosek ez du barkamenik eskatu Espainiako Gobernuaren partez. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ontzat jo du ministroaren bisita. Sare sozialetan zabaldutako bideo batean adierazi duenez, «urrats positibo bat» da, baina «arraroa» da izatea lehen aldia, Francisco Francoren diktadura amaitu zenetik 45 urtetik gora igaro den honetan. Gehitu du estatuak oraindik «egiteke» duela «justizia errestauratiboko keinuren bat».

Gehienetan biluzik egoten diren balkoi eta bentanetan xingola beltza duten ikurrinak eskegi zituzten herritar ugarik. Urte asko igaro badira ere, egun hartan gertatu zen «dena» dauka gogoan Crucita Etxabek. 6 urte zeuzkan bonbardaketaren egunean, eta Lumorako bidean harrapatu zuen erasoak. «Karkaban egon ginen lau orduz», gogoratu du. «Gernikara jaistean, dena erreta ikusi genuen. Amak esan zuen: 'Etxeko giltza poltsikoan, baina etxerik ez'». 6 urte zeuzkan haren lagun Marikarmen Agirrek ere. Bonbardaketa hastean, ez zen babeslekuetan sartu; mendira jo zuen. Zorte handiagoa eduki zuen, haren etxeak zutik iraun baitzuen, herriaren kanpoaldean zegoenez gero.

Urtero bezala, hainbat ekitaldi egin zituzten egun osoz Gernika-Lumon, herria suntsitu zuen bonbardaketa eta haren biktimak gogoan hartzeko. Sirena hotsa entzun zen 1937ko apirilaren 26an bonbak erortzen hasi ziren ordu berean. Astrako sirena Oihana Goirienak isiotu zuen, Polonian atxilotuta dagoen Pablo Gonzalez kazetariaren bikotekideak. Pasealekukoa, berriz, Martxoak 3 elkarteak piztu zuen. 16:30ean, lore eskaintza egin zitzaien biktimei hilerrian, eta bertan egon ziren Urkullu eta Bolaños, besteak beste. Gauean, Gernika garretan kale antzerkia egin zuten herritarrek.

Goizean, omenaldia egin zioten George L. Steer kazetari ingelesari. Erasoaren berri eman zuten kazetarietako bat izan zen, eta The Times eta The New York Times egunkarietan argitaratu zuen bonbardaketaren biharamunean idatzitako kronika. Lagundu zuen nazioartean gezurtatzen faxistek zabaldutako bertsioa; alegia, jakinarazi zuen faxistek erre zutela Gernika, eta ez errepublikanoek.

1936ko gerrako gertakari nagusietako bat izan zen Gernika-Lumoko bonbardaketa. 1937ko apirilaren 26an, Alemaniako Kondor Legioak eta Italiako Aviazione Legionariak Bizkaiko herri hori bonbardatu zuten, merkatu egun batean, orduan jenerala zen Francoren aginduz. Eraikinen %85 suntsitu zituzten osorik, eta beste askori kalte egin.

Espainiaren «keinuak»

60. urteurrenean eskatu zuen barkamena Alemaniak bonbardaketagatik. Eusko Jaurlaritzak urteetan eskatu izan dio Espainiari gauza bera egiteko, baina Eneko Andueza PSE-EEren buruak argudiatu du Pedro Sanchezen gobernua Espainiako Bigarren Errepublikaren «oinordekoa» dela.

Izan ere, diktaduran, erregimenak aldarrikatu zuen «gorriek eta separatistek» erre zutela Gernika. Diktadura ondoren ere, hainbat historialarik zabaldu zuten ehun eta hirurehun artean izan zirela Gernika-Lumoko bonbardaketan hildakoak. Xabier Irujo historialariak gezurtatu zituen hura eta beste hainbat datu, Gernika: Genealogy of a Lie liburuan. «Guk baditugu 50 dokumentu gutxienez, hildakoak 2.000 baino gehiago izan zirela ziurtatzen dutenak», esan zion BERRIAri. Gernikak 5.000 biztanle zeuzkan orduan, eta, merkatu eguna izanik, herrian 10.000 lagun zeudela kontatzen du Irujok.]]>
<![CDATA[Negoziatzeko deia egin diete itunpeko patronalei sindikatuek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/005/001/2023-04-26/negoziatzeko_deia_egin_diete_itunpeko_patronalei_sindikatuek.htm Wed, 26 Apr 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/1872/005/001/2023-04-26/negoziatzeko_deia_egin_diete_itunpeko_patronalei_sindikatuek.htm
Steilas sindikatuko Javi Kerexazu ordezkariak salatu du negoziazioak blokeatuta daudela, patronalek ez daukatelako negoziatzeko «inongo borondaterik». Azaldu duenez, urtebete daramate patronalekin jesarrita, eta 2022ko martxotik dakite sindikatuek zer aldarrikapen dituzten. Kerexazuren arabera, denbora tarte horretan ez diete «inongo edukizko proposamenik» egin. «Azken bilera aurtengo otsailaren 2an egin genuen, eta patronalek argi eta garbi esan ziguten ez dutela beste proposamenik egingo», esan du.

Lan hitzarmen honek 9.000 langile ingururen baldintzak arautzen ditu, eta grebak 200 ikastetxeri eta 130.000 ikasle ingururi eragin die. Patronal nagusiak Kristau Eskola eta IZEA dira. IZEAk Lanbide Heziketako hainbat ikastetxe eta eskola erlijioso biltzen ditu, besteak beste. Sindikatuek adierazi dutenez, 5.000 pertsona irten dira kalera protesta egitera, eta grebak eragin «nabarmenagoa» eduki du Bizkaian.

ELAko Miren Zubizarretak negoziazioen nondik norakoak eman ditu. 2021eko abenduan amaitu zen aurreko lan hitzarmenaren indarraldia, eta ordutik hamahiru negoziazio batzar egin dituzte. «Ez dugu ikusten negoziazioan aurrera egiteko inolako borondaterik; [...] beraz, ez daukagu mobilizazioetara deitzea beste aukerarik». Hala ere, berretsi du sindikatuak «negoziatzen jarraitzeko prest» daudela. Aurrera egin ezean, kalean segituko dute. «Erantzunik ez badago eta ez badago kontsentsurik sortuko duen proposamenik, areagotu beharko ditugu mobilizazioak», aldarrikatu du Zubizarretak.

Aurrekoa ere, grebekin

Kristau Eskolak bestelako bertsio bat eman du. Ohar bidez jakinarazi du bere langileen %21ek egin dutela greba: 1.397k. «Lasaitasun mezua» helarazi die familiei, eta adierazi du «alde guztiek» nahi dutela langileen lan eta soldata baldintzak hobetzea. «Negoziazioekin jarraitzeko deia» egin die sindikatuei. Kristau Eskolaren arabera, otsailaren 2ko negoziazio batzarrean proposatu zieten patronalek sindikatuei Eusko Jaurlaritzarengana elkarrekin jotzea, «finantzaketaren arloan dauden aukerak aztertzeko».

Kristau Eskola eta IZEA patronal nagusiak dira, baina badaude beste pare bat hitzarmen berak eragiten diena: Ikasbiltza eta EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak. Ikastolen Elkarteak hitzarmen propioa negoziatzen du Jaurlaritzarekin.]]>
<![CDATA[Bizikidetzarako, ahanztura ala memoria?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2072/006/001/2023-04-25/bizikidetzarako_ahanztura_ala_memoria.htm Tue, 25 Apr 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/2072/006/001/2023-04-25/bizikidetzarako_ahanztura_ala_memoria.htm
Arkatzen Gauean gertatutakoa ekarri du gogora Diazek. 1976ko irailean, Junta Militarrak hamar ikasle bahitu zituen La Plata unibertsitate hirian, eta horietatik sei «desagerrarazi». Euren gorpuak ez dira inoiz agertu. Diaz bera bahitu zuten, eta atxilotuta zegoela maitemindu zen Claudia Falconez. Kontatu duenez, autobusa hartzeko ikasle deskontua eskatzeagatik bahitu zituzten militarrek ikasle mugimenduan aktibo zeuden gazteak. 15 eta 19 urte artean zeuzkaten.

Diazen arabera, pentsamendu kritikoa edukitzea zen bahiketaren arrazoi nagusia. «Claudia Falconeren fitxan ipintzen zuen: Arrisku maila: txikia. Baina oharretan jartzen zuen antolakuntzarako gaitasuna eta pentsamendu kritikoa zeuzkala», adierazi du. Diazek zortea eduki zuen. «Bizirik atera nintzen, aitak, estortsio bahiketa batean moduan, koronel bati ordaindu ziolako gure ondarearen zati bat». Claudia Falconek ez zuen zorterik eduki. «16 urte zeuzkan bortxatu, torturatu, hil eta desagerrarazi zutenean».

Diktadura jaustean, Pertsonen Desagerpenari Buruzko Batzorde Nazionalak (bertako egiaren batzordeak) lortu zuen juntako arduradunak epaitzea. Diazek datuak eman ditu: «Argentinan, 273 sententzia izan ditugu, eta 1.078 errudun zigortu. Oraindik, 46 urteren ostean, 504 daude kondenatu barik, baina auzipetuta».

Bestelako bidea egin zuten Hegoafrikan, apartheidaren erregimena jaustean, 1994an. Kasua hurretik ezagutu duen Daniel Nina abokatu eta unibertsitateko irakasle puertorricarrak eman ditu nondik norakoak. 1960tik 1994ra artean gertatutako gizateriaren aurkako krimenak ikertu zituen bertako egiaren batzordeak, eta, jendearen arteko desberdintasun politikoak «gainditzea» lortu bazuen ere, desberdintasun sozioekonomikoek dirautela azaldu du: «Merezi izan zuen, baina gauza batzuk ez ziren ondo irten, eta konpondu behar lirateke». Haren berbetan, «politika publikoen aldaketarekin» eta «hezkuntza narratiba» berriekin lortu zuen Hegoafrikak «arrazakeriarekin lotutako bazterkeria eta bortizkeria» baztertzea.

Konpondu bakoak

Hegoafrikako egiaren batzordea «arrakastatsua» izan zela esaten den arren, Ninak nabarmendu du «oraindik konpondu bako desberdintasun sakonak» daudela, bertako «kapitalismo neoliberal beldurgarriaren» erruz. 21.000 biktima zenbatu zituen batzordeak, izen-abizenekin, baina Argentinakoaren eta Txilekoaren aldean, bide «oso desberdina» hartu zuen, Ninaren ustez. «Hegoafrikak atea itxi zuen; ez zuen ia inor auzipetu eta espetxeratu», esplikatu du. «Ahanztura nagusitu zen. Argentinan esaten dute debekatuta dagoela ahaztea, baina hori akats bat da jende askorentzat. Hegoafrikan gakoa izan zen. Ahaztu behar dugu komeni zaiguna, orainean bizikidetzan bizi ahal izateko».

1974 eta 1999 bitartean Indonesiako armadak Ekialdeko Timor inbaditu zuenean alde guztiek egindako krimenak ikertzea izan zen Ekialdeko Timorreko egiaren batzordearen eginkizuna. Hiru funtzio izan zituen, Jovito Rego de Jesus Araujo abade katolikoak azaldu duenez: egia bilatzea, adiskidetzea sustatzea eta etorkizuneko giza eskubide urratzeen prebentzioa lantzea. 2.000 orri baino gehiagoko txostena osatu zuten batzordean, baina estatuak ez du gomendioetako bat ere aintzat hartu orain dela gutxira arte, haren arabera Indonesiarekiko duen menpekotasunagatik.

Abadearen esanetan, menpekotasun hori dela-eta eratu zuen Ekialdeko Timorrek egiaren batzorde bilateral bat Indonesiarekin. «Ez egia bilatzeko, baizik eta arrazoi politikoengatik», zehaztu du. «Adiskidetzea egin da jada, baina egia eta justizia behar ditugu orain».]]>
<![CDATA[13 eguneko greba zikloari ekin dio ELAk Bizkaiko zahar etxeetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/007/001/2023-04-22/13_eguneko_greba_zikloari_ekin_dio_elak_bizkaiko_zahar_etxeetan.htm Sat, 22 Apr 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/1872/007/001/2023-04-22/13_eguneko_greba_zikloari_ekin_dio_elak_bizkaiko_zahar_etxeetan.htm
«Espero dugu deialdi honekin patronala mugitzea, eta aldundiak exijitzea gatazka hau konpontzeko, behingoz lanean hasi gaitezen kalitatezko zerbitzua bermatzen», aldarrikatu du Ander Akarregi ELAren sektore arduradunak. Haren arabera, azken lan ituna sinatzeko 378 greba egun egin zituen ELAk. 5.000 langile inguru dira sektorean, eta ordezkaritzaren %68 dauka ELAk.

Guggenheimetik abiatu zuten manifestazioa, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzan amaitu, lan gatazkan erantzukizuna daukala salatzeko. «Jaurlaritza ez da ari ezertan laguntzen», adierazi du Ainhoa Tirapu ELAko Eskuinaldeko arlo soziosanitarioko arduradunak. «Gutxieneko zerbitzuak handitzen ari dira, eta gero feminismoaz hitz egingo dute, soldata arrakalaz, eta esango dute Martxoaren 8ak jaieguna izan behar duela», esan du, Idoia Mendiaren Lan Saila zuzenean aipatuz. Haren arabera, gutxieneko zerbitzuen igoerak greba luzatuko du; %70etik %80ra handitu dituztela azaldu dute.

Lan gatazken luzeraz ere aritu da Tirapu, eta salatu du emakumeak gehiengo diren sektoreetan «beti» luzatzen direla gehiago: «Garrantzitsua da nabarmentzea prozesua luzatzen den bitartean lanaren kalitatea galduz joaten dela, eta zerbitzuarena ere bai». Bozeramaileek adierazi dute patronala jesarri ezean grebekin jarraituko dutela.

LAB ere atera da kalera

LAB sindikatuko zaintza sektoreko langileek ere egin dituzte elkarretaratzeak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. «Langile publikoak» direla aldarrikatu dute eta «dagokien aitortza» eskatu, «sektorearen pribatizazioa arbuiatuz». Sindikatuak azaldu du negoziazio kolektiboa «blokeatuta» dagoela; «miseriazko» soldatak, «izoztuta»; eta bizi eta lan baldintzak, «okerrago». Horri aurre egiteko «gatazka ziklo berri bat» iragarri du.]]>
<![CDATA[Zabalzaren heriotza «egokiro» ikertu behar dela uste du Zupiriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1846/012/001/2023-04-21/zabalzaren_heriotza_egokiro_ikertu_behar_dela_uste_du_zupiriak.htm Fri, 21 Apr 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/1846/012/001/2023-04-21/zabalzaren_heriotza_egokiro_ikertu_behar_dela_uste_du_zupiriak.htm
Zabalzaren heriotza «era egokian» ikertzeko eskatu zuen Zupiriak, «egon daitezkeen gaizki ulertuak argitzeko». Apiril hasieran igo zuen mailaz Espainiako Gobernuak auzian nahastuta egon zen Arturo Espejo guardia zibila. Teniente jeneral izendatu zuten.

«Urte horietan, estatuak modu bidegabean eta ez-legitimoan erabili zituen boterea eta bortizkeria», adierazi zuen Zupiriak. Haren berbetan, «ondorio izugarriak» izan zituen gizartearentzat, eta sasoi hori hobeto ikertu behar dela azpimarratu zuen.

EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek segituan salatu zuten maila igoera, eta esan zuten erabakiak biktimak «umiliatu, iraindu eta berriz biktimizatu» dituela. Eusko Legebiltzarrean salatu zuten erabakia ez dela kasu bakana: «Zoritxarrez, estatuko indarkeriaren egileei emandako maila igoeren, kondekorazioen eta sarien beste kasu bat da».

Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak igoera defendatu du asteon, Espainiako Senatuan, Espejo ez delako inoiz egon «inongo ebazpen jakinetan inputaturik».]]>
<![CDATA[«Buelta eman behar diogu Osakidetzaren pribatizazioari»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/008/001/2023-04-20/buelta_eman_behar_diogu_osakidetzaren_pribatizazioari.htm Thu, 20 Apr 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/008/001/2023-04-20/buelta_eman_behar_diogu_osakidetzaren_pribatizazioari.htm
Zer aldarrikatuko duzue zapatuan?

Osasungintza publikoa kalitatezkoa eta hurbilekoa izatea, eta bertan behera uztea gaur egun pairatzen ari garen murrizketak eta desegite prozesu programatua. Hori ez da herritarrok nahi dugun osasungintza publikoa. Gainera, prozesu hau agerikoa da, lotsarik gabe egin dute, publikoki. Gotzone Sagarduik [Jaurlaritzako Osasun sailburuak] duela hil batzuk egin zituen adierazpenak, eta aurrera doaz plan horrekin: «kultura aldaketa», herritarrok «harreman berria» izango dugula osasun sistemarekin... Aurreratzen ari dira zer egin nahi duten Osakidetzarekin, eta ikusten ari gara horrek zelan eragiten dien herritarrei.

Zerk kezkatzen ditu herritarrak?

Herritarrek ikusten dute desegite hau interes pribatuen mesedetan dela. Batez ere, lehen mailako arretaren eraispena da kezka nagusia. Datuek erakusten dute klinikek eta mutualitateek gora egin dutela. Bide horri jarraitu nahi diogu, eta salatu behar dugu. Askotan hitz egiten dugu Osakidetzaren kudeaketa txarraz, baina are larriagoa da. Ez da bakarrik kudeaketa txarra. Bide orri bat dago programatuta hori aurrera eramateko eta beste eredu bat sartzeko.

Bide orri hori sumatzen al da?

Herritarrok ikusten ari gara askoz gehiago kostatzen dela medikuarekin harremanetan jartzea. Ez hori bakarrik: itxaron zerrendak, arreta presentzialaren falta, telefono bidezko hitzorduak... Hori ez da hurbileko eta kalitatezko arreta ematea.

Osasun krisiaz ohartarazi duzue. Pandemiak eragin du?

Ez. Pandemia aitzakia izan da prozesua azkartzeko eta aurreratzeko, baina aurretik programatuta zegoen. Ikusi dugu langileen planifikazioa ez dela egin, nahiz eta jakin medikuak faltako zirela. Jakina zen zenbat erretiro egongo ziren, baina nahi zuten egoera hau izatea, eta, konturatu garenerako, prozesua oso aurreratuta egon da. Asteon Osakidetzak aurkeztutako plan estrategikoak ere erakusten du.

Zer zentzutan egiten die mesede prozesu honek mutualitateei eta klinikei?

Jendeak ikusten duenean ez daukala euren beharrizanei erantzungo dien kalitatezko osasungintza publikorik, arreta hori beste nonbaiten bilatzen du. Bizitzarako beharrezkoa delako. Datuek erakusten dute zelako bilakaera izaten ari diren IMQren moduko klinika pribatuak eta nortzuk ari diren etekina lortzen horrekin. Gainera, osasungintza pribatuak ez ditu arazoak konpontzen. Ez da eskuragarria jende guztiarentzat, eta gaitasun ekonomikoaren araberako arreta ematen dute. Areago, batzuek uste dute hilean 30 euro ordaintzeagatik dena sartzen dela aseguruan, baina larria denean beti bideratzen zaituzte sistema publikora. Horren helburua da osasungintza pribatuaren poltsikoak betetzea eta arreta sistema publikoak ematea arreta. Osakidetzaren pribatizazioaz hitz egin behar dugu; ezinbestekoa da.

Herritarren parte hartzeaz egin duzue berba. Gehiago parte hartu behar dute Osakidetzan?

Herritarrok parte hartu nahi dugu, baina ez digute uzten. Hori ere salatu nahi dugu. Guk, herri plataforma bezala, Osakidetzari informazioa eskatu genion bide ofizialetatik, jakiteko zehazki Barakaldon zein zen benetako egoera. Lehen arretari eta itxaron zerrendei buruzko informazioa jaso nahi genuen, eta jakin zenbat denbora behar den arreta presentziala izateko. Balorazioak egiteko nahi genuen informazioa, baina ukatu egin dizkigute datuak behin eta berriro. Parte hartzea galarazten dute. Gardentasuna aipatzen dute planetan, baina errealitatea guztiz kontrakoa da.

Eragile feministak ere ari zarete parte hartzen plataforman.

Bai. Garrantzitsua da ikuspuntu feminista ere txertatzea, emakumeok are gehiago pairatzen ditugulako murrizketen ondorioak. Mamografiak egiteko itxaron zerrenda ia urtebeteko atzerapenarekin dabil, eta horrek zuzenean eragiten du gure osasunean. Arreta presentzialaren faltak berekin dakar emakumeek botika gehiegi hartzea, jarraipenik gabe, eta indarkeria matxista kasuak identifikatzeko zailtasunak ere eragiten ditu. Emakumeok lan prekarioagoak dauzkagu, eta, osasun publikorik gabe, gure egoera are zaurgarriagoa izango da. Horregatik da inportantea osasun publikoa defendatzea.

Zein da konponbidea?

Gotzone Sagardui sailburuaren dimisioa eskatzen dugu, baina hori ez da nahikoa. Horrekin ez dugu konponduko Osakidetzaren egoera. Desegite prozesua gelditzea nahi dugu, eta hutsetik beste sistema publiko bat eraikitzea, herritarren parte hartzearekin, eta errotik bertatik izatea unibertsala, kalitatezkoa, hurbilekoa, irisgarria eta egokitua pertsona guztientzat. Buelta eman behar zaio pribatizazio prozesuari.]]>
<![CDATA[Sagardui: «Lanpostuen egonkortzerik handienaren erdian gaude»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1894/007/001/2023-04-18/sagardui_lanpostuen_egonkortzerik_handienaren_erdian_gaude.htm Tue, 18 Apr 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/1894/007/001/2023-04-18/sagardui_lanpostuen_egonkortzerik_handienaren_erdian_gaude.htm
Gaur egungo egoeraren balorazioa ere egin zuen sailburuak agerraldian. Haren berbetan, COVID-19ak eragindako itxialdiaren ostean «bizitza soziala» arinago normaldu arren, Osakidetzak 2022ko urrian hartu zuen ostera arreta osorik, eta ordutik itxaron zerrendak «hobetuz joan dira etengabe». Emandako datuen arabera, 2022ko abuztuan 84 egunekoa zen kirurgien itxaron zerrenda, eta, gaur egun, 2023ko apirilean, 66 egunekoa da. Pandemia aurretik hona, 384 euro igo da Jaurlaritzaren osasun gastua buruko: 2.114 euroan dago orain.

«Hazi egin da medikuen eta erizainen kopurua; figura profesional berriak batu dira; egiturazko plantilla handitu egin da; eta Osakidetzako historian lanpostuak egonkortzeko egin den prozesurik handienaren aurrean gara», adierazi du Sagarduik. Datorren urteko aurrekontuak aurreikusten du egiturazko 919 lanpostu sortzea, eta gogorarazi du iaz 2.467 sortu zirela; 358 lehen mailako arretan. Plan estrategikoa hiru urterako izango da, eta sei ildo estrategiko edukiko ditu, 33 helburu, 116 jarduera eta 44 estrategia.

Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Jon Hernandezen ustez, hutsuneak dauzka plan estrategikoak. Adierazi du ez duela gauzatzen «osasungintza publikoak behar duen indartzea»: «Planen edo pazienteen kostuen araberako analisiek analisi ekonomizista bat egitera garamatzate. Uste dugu kalitatezko arretak izan behar duela lehentasuna».

«Langileak finkatu»

«Negoziatzeko borondate falta» aurpegiratu dio EH Bilduko Rebeka Ubera legebiltzarkideak Sagarduiri, eta esan dio legegintzaldi osoan ez direla prest egon inoren ekarpenak jasotzeko, plan estrategikoak ez daukala «inolako sinesgarritasunik», eta «betiko gauza bera» dela.

«Osakidetzaren bizkarrezurra da plantilla, eta haren erronkari heldu behar zaio», gehitu du, eta salbuespen neurriak eskatu ditu kontratu eredua aldatzeko. «Langileak badoaz, kanpoan edo pribatuan lan baldintza hobeak eskaintzen zaizkielako. Profesional gabezia baldin badaukagu, finkatu guztiak».]]>
<![CDATA[Alokairuen prezio igoera mugatzeko akordioa egin dute Madrilen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/006/001/2023-04-15/alokairuen_prezio_igoera_mugatzeko_akordioa_egin_dute_madrilen.htm Sat, 15 Apr 2023 00:00:00 +0200 Javi West Larrañaga https://www.berria.eus/paperekoa/1872/006/001/2023-04-15/alokairuen_prezio_igoera_mugatzeko_akordioa_egin_dute_madrilen.htm
Matuteren arabera, «azkenik», onartuko da lege bat «etxebizitzarako eskubidea aintzat hartzen duena» eta alokairuak «erregulatzen dituena, espekulazioa zedarritzeko». Erkidegoek eta udalek zenbait leku izendatu ahalko dituzte tentsio handiko eremu, eta horietan alokairuen prezio igoerak mugatuta egongo dira.

Matutek adierazi du «arduraz» eta «diskrezioz» negoziatu dutela hamazortzi hilabetez: «Beste behin, ezkerreko indar subiranistak dira aurrerapen sozial handiak ahalbidetzen eta lortzen dituztenak, lege honen modukoak». Gainera, haren berbetan, gazteei «euren auzoetan eta hirietan» bizitzeko aukera emango die, «euren soldata prekario ia guztia horretara bideratzeko beharrik barik».

Matutek esan du Espainiako Gobernuak Ministroen Kontseiluan orain dela hamazortzi hilabete aurkeztutako proposamenaren hainbat alde hobetu ahal izan dituztela, eta «izaera sozial nabarmena» erantsi. Gainera, haren arabera, testua jada ez da izango «proiektu zentralizatzaile bat», baizik eta herritarrei «etxebizitza politika aurreratuak eta bermedunak» eskainiko dizkiena. «Gaurtik hasita sustatuko ditugu gure erakundeetan lege honek ahalbidetzen dituen baina aplikatzen ez dituen tresna guztiak», aldarrikatu du.

ALOKAIRU IGOERAK

Akordioaren arabera, tentsio handiko eremuetako jabeek %2 igo ahalko dute alokairua 2023an, eta %3 2024an. 2025eko indizea erabakitzeko dago oraindik, baina KPIaren azpitik egon beharko du. Matuteren esanetan, gurata bereizi dituzte igoera indizeak KPItik, horrek «kontrol bako igoerak» eragin ditzakeelako. 2025erako indize berri bat sortuko dute, «egonkorragoa», eta KPIaren azpitik egongo dena.

Matutek eta Vallugerak adierazi dute gero eta ohikoagoa dela jabe batzuek etxea gelaka alokatzea, eta, horren bidez «tranpak» egin ditzaketelakoan, jakinarazi dute lantalde bat eratu dutela arazo horri heltzeko. Orain adostutako legeak ez dio afera horri erantzuten.

TENTSIO HANDIKO EREMUAK

Tentsio handiko eremuak ezartzeko baldintza bi egongo dira, eta bata zein bestea betetzen bada, nahikoa izango da leku jakin batzuk horrela izendatzeko. Batetik, hipoteken edo alokairuen kostua -gehi gastuak- familien batez besteko errentaren %30 baino handiagoa izatea; eta, bestetik, etxebizitzaren salmenta edo alokairu prezioa gutxienez KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana tentsio handiko eremu izendatu aurreko bost urteetan.

Espainiako Gobernuaren lehen proposamenean, baldintza biak bete behar ziren, eta KPIa baino bost puntu gorago zegoen langa, ez hirutan.

JABE HANDIAK

Erkidegoek jabe handien definizioa aldatu ahalko dute. Orain, hamar higiezin edo gehiago dauzkatenak hartzen dira jabe handitzat, baina lege berriarekin, bost higiezinetan ipini ahalko da langa. Vallugerak esplikatu du jabe horiei beste neurri batzuk aplikatu ahalko zaizkiela tentsio handiko eremuetan, «putre eta inbertsio funtsen espekulazioa eta higiezinen metaketa murrizteko».

MAIZTERREN BABESA

Legeak aurreikusten du jabeak ordaindu beharko dituela etxe -agentzien gastuak alokairuen kasuan, eta ez maizterrak. Nahiz eta kontratua eta maizterra berria izan, jabeek ezingo dute alokairua indizearen gainetik igo tentsio handiko eremuetan. Maizterrek dokumentazioa eskatu ahalko diote jabeari, egiaztatzeko ez dela ari iruzurrik egiten.

Horrez gain, legeak debekatu egingo du alokairuak igotzea gastu berriak argudiatuta. Matutek azaldu duenez, Europako zenbait lekutan aukera eman diete jabeei prezioa igotzeko obra batzuk eginez gero. «Horrek ekarri du batzuetan jabeek eskailera bat kentzea irisgarritasuna hobetzeko eta alokairua igotzea. Kasu horretan ez; obrak gutxienez higiezinaren balioaren %10 izan beharko du hori egin ahal izateko».

ETXEGABETZEAK

Diputatu biek aurreratu dutenez, akordioak «babes handiagoa» emango die egoera zaurgarrian dauden familiei etxegabetzeetan. Vallugerak azaldu du «data eta ordu bako» etxegabetzeak «amaitu» egin direla. Epeetan luzapenak aurreikusi dituzte, eta administrazioek automatikoki esku hartu beharko dute familia zaurgarrien kasuan. Orain arte, gerta zitekeen administrazioak ez jakitea ere.

«ESKUMENEN BLINDAJEA»

ERCk eta EH Bilduk jakinarazi dutenez, legeak erkidegoen eta udalen eskumenak errespetatuko ditu. Horretarako, kendu egin dituzte proposameneko «hainbat arau», «mendekotasun harreman bat ezartzen zietenak» Espainiako Gobernuarekiko.

Halere, lortutakoa baino gehiago nahi zuten EH Bilduk eta ERCk, Vallugerak azaldu duenez: «Gustatuko litzaiguke urrunago heltzea, baina gobernuaren itxikeriarekin egin dugu topo».]]>