<![CDATA[Jesus Mari Begoña | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 27 Mar 2023 01:55:38 +0200 hourly 1 <![CDATA[Jesus Mari Begoña | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Mahler-Inbal]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2064/035/002/2019-04-27/mahler_inbal.htm Sat, 27 Apr 2019 00:00:00 +0200 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/2064/035/002/2019-04-27/mahler_inbal.htm BOSEgitaraua: Gustav Mahlerren 5. Sinfonia. Zuzendaria: Eliahu Imbal. Lekua: Bilboko Euskalduna Jauregia. Eguna: Apirilak 25.

Eliahu Inbal zuzendariaren etorrera zorionekoa izan da, bai Bilboko Orkestrarentzat, bai Euskalduna Jauregira Gustav Mahlerren 5. Sinfonia entzutera hurbildu zen publikoarentzat. Izan ere, orain dela bi urte gozatu genuen israeldar zuzendariaren gaitasunaz eta BOSen mailaz —hasieran kostata izan bazen ere— konpositore berberaren 7. Sinfonia interpretatzeko sasoian. Aurtengo 5. Sinfonia-ren kasuan, errepikatu egin da Imbalen bikaintasuna eta BOSen esfortzua hark jarritako mailari eusteko, publikoaren gozamenerako.

Mahlerren 5. Sinfonia ezagunena da, aniztasunez beterik dago-eta konpositoreak dituen gaien bilduma. Diferentzia dago hasierako zatiaren eta gainontzeko zatien artean, hala intonazioaren mailan nola gaietan. Hasierako zatiak bi mugimendu ditu, eta zati malenkoniatsua eta tristea da, barruko dardara du. Gure kontzertuan, Inbalek tentsioa zabaldu zuen bilbotar musikarien artean Trauermarsch edo Hileta Martxa deritzon elegia airearekin. Tronpeta bakarlariak protagonismoa hartu zuen bertan fanfarrearen aurrean, eta modu egokian gainera. Ubide triste beretik doa bigarren mugimendua: Sturmisch bewegt edo ekaitz moduan. Bertan, lehenengo martxaren gelditasuna apurtu egiten da. Eta gure orkestrak egoki jo zituen lehenengotik zetozen gaiak, dinamika eta tonalitate desberdinetan, haizezko metalezkoek korala abestu zuten arte. Hirugarren mugimenduan hasiko zen bakea, baretasuna, poztasuna eta amodioaren zatia, ezohiko scherzoarekin. Gure saioan tronpa bakarlariak hartu zuen protagonismoa, modu ederrean, eta horrek hasiera eman zion izadia, bizitza eta poztasunari eginiko aipamen ia neurotikoari, Landler eta Balsen karruselen bitartez, bata bestearen atzetik baina ez Straussen moduan, baizik eta iturri desberdinetatik datozen doinu independente manipulatuz. Laugarren mugimendua da Mahlerrek duen doinurik unibertsalena, Luchino Viscontik Heriotza Venezian filmean erabili zuen gai nagusia: Adagietto ospetsua, amodioari eginiko kantua, Alma emaztea gogoan. Gure kontzertuan, zuzendariak modu orekatuan konbinatu zuen harparen protagonismoa harizko orkestraren adierazkortasunarekin. 5. Sinfonia bukatzeko, Rondo Finale dator allegro giocoso denboran, eta lied baten aipamena egin zuten fagotak, oboeak, tronpak eta klarineteak. Hortik aurrera, orkestrak estilo fugatuari ekin zion ondo —ironiaz garatua batzuetan—, azken koral apoteosikora heltzeko. BOSen ahalmena adierazteko, egokiena.

Eliahu Imbalek modu ederrean zuzendu zuen benetan konplexua den sinfonia: instrumentu eta familia guztiei sarrera emanez, espresioa atereaz uneka, harmonia horizontaleko labirintoan gidari eta monumentu musikalaren arkitekto. Gozamena!]]>
<![CDATA[Bilbao Ars Sacrum 2]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/002/2019-04-24/bilbao_ars_sacrum_2.htm Wed, 24 Apr 2019 00:00:00 +0200 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/002/2019-04-24/bilbao_ars_sacrum_2.htm Bilbao Ars Sacrum: Egurra eta soka.Egitaraua: Johann Sebastian Bach-en Pasioa San Markoren arabera, BWV 247. Bakarlari, abesbatza eta orkestrarentzako oratorioa. Interpreteak: Conductus Ensemble. Zuzendaria: Andoni Sierra. Non: Gizakunde elizan. Noiz: Apirilaren 16an.

Ikusmina sortu zuen Bilbao Ars Sacrumek erlijio zikloaren azkenetan aurkeztu zuen eta galduta omen zegoan J. S. Bachen Pasioa San Markoren arabera-k (eta zoritxarrez, denontzat lekurik ez elizan). Conductus Ensemblek eskaini zuen, Andoni Sierraren zuzendaritzapean. Eisenacheko konpositore bikainak bost nekaldi asmatu zituen, eta horietatik hiru desagertuta omen ziren oraindik. San Markorena, esaterako, Dresden hiriaren gainean aliatuek II. Mundu Gerran egin zuten bonbardaketaren eraginez ezabatu omen zen. Bada, aspalditik zebiltzan musikologoak eta historiagileak pieza hori berreskuratzeko ahaleginetan, eta gaur egun esan daiteke, azken ikerketen ondorioz, nekaldiaren 50 aleetatik 25ek jatorrizko bertsioa izateko sinesgarritasuna dutela, den-denek berme osoa izan ez arren.

Eta Gizakunde elizan, Conductus Ensemblekoek lortu zuten Bachen usaina ematea, ez bakarrik partituragatik, interpretazioagatik ere bai. Izan ere, San Markoren pasioa ezagutzen ditugun beste nekaldien antzekoa da, bi zatitan banatua (garaian garaiko elizkizunen arabera). Partaideen eta egituraren aldetik parekotasun handiak ditu. Hau da, nekaldiaren narratzaileak errezitaldien bitartez —tamalez ez dira jatorrizkoak— Jesusen azken uneak kontatzen ditu. Gurean Christian Zenker tenorrak kontakizunari zentzua eman zion, fraseatze bikainarekin, ebanjelariaren rolari tinbre atsegina emanez. Aldiz, Manfred Bittner baxu baritonoak ozenegi ekin zion Jesusen predikuari, nahiz eta tinbre oneko printzak adierazi. Beste nekaldietan azaltzen den maila lirikoa Markosenean ere agertzen da, eta ikerlarien arabera, jatorrizkotzat onar daitezke. Hain zuzen, ariak edo ariosoak dira, eta ondo abestu zuten Lucia Gomez mezzoak, Jone Martenez sopranoak, birritan, Ariel Hernandezek bi ariatan, Gabriel Diaz kontratenorrak eta Jesus Garcia Arejula baxuak.

Koralak dira, hain zuzen, nekaldien beste adierazpen erlijiosoak, eta fidagarriak dira oso. Abesbatzaren egitekoa zen hori, herriari irakasteko, moral pietistza eta eduki teologikoez igurtziz; deboziozko testuak, askotan himno zaharretatik ekarriak. Horren adibide parodikoa da hiru bider erabili den Haupt voll Blut und Wunden-en (Buru Odoltsua) musika zoragarria, bestelako testu desberdinekin osatua, edo Wach auf, oh Mensch (Itzartu zaitez, gizon). Bukatzeko, koru monumentalek —hasierako eta azken koroak jatorrizkoak omen ziren— herriaren partaidetza zekarten, bai narrazioaren ekintzan (hots, juduen jarrera adierazterako), bai kristauen debozioa aldarrikatzeko. Agerraldi luze honetan Conductus Ensembleko abesbatzak eta orkestrak interpretazio ona eskaini ziguten, Andoni Sierraren eskuetan, bikain.]]>
<![CDATA[Askotariko erlijio doinuak Bilbon]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1959/024/002/2019-04-18/askotariko_erlijio_doinuak_bilbon.htm Thu, 18 Apr 2019 00:00:00 +0200 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/1959/024/002/2019-04-18/askotariko_erlijio_doinuak_bilbon.htm Bilbao Ars Sacrum. 'Egurra eta soka'Taldeak: She'Koyokh, Singer Pur. Non: Bilboko Gizakunde elizan. Noiz: Apirilaren 11tik 16ra.

Bilboko erlijiozko musika zikloak, hogei urte igarota, sendotuta dagoela egiaztatu du, eta aurten erakutsi duen maila ona da horren adierazle. Zikloa osatu duten sei kontzertuetatik badira nabarmentzeko moduko zenbait.

Klezmer musika jo zuen She'Koyokh taldeak, oso ona edo aurrera bezala itzul daitekeen Erresuma Batuko taldeak. Klezmer hitza, Yiddish edo Ekialdeko juduen hizkuntzan, K´ley eta Zemer berbetatik dator, eta doinu-ontzia esan nahi du, beste adiera batzuen artean. Halako taldeen jatorria Ekialdeko Europan eta Behe Erdi Aroan zeuden askenazi edo diasporako juduen sorlekuetatik letorke, eta ezkontzetan eta jaietan —Janukka, Purim eta Shabathen bukaeran— jotzeko dantzak izaten ziren. Gurera etorri zen klezmorin talde bikainak juduen tradiziozko jazan edo beren erlijiozko kantinelen oihartzuna zekarren, batez ere, Balkanetako folkloreko ekarpenekin joa —eta nola joa gainera—, abeslariek lagunduta batzuetan. Tradiziozko instrumentuak baliatu zituen taldeak, hala nola klarinetea, biolina, eskusoinua, gitarra, kontrabaxua, perkusioa eta Bulgariako kaval deritzon artzainen flauta zaharra, hain justu.

Hasieran, akustika nahasi batekin —laster konpondu zuten— interpretatu zuten ohiko dantza pot-pourri zoragarria, eta bi kantu sefarditan murgildu ziren ondoren. Taldeak bere aberastasuna azaldu zen ijitoen bi abesti erromaniz eta serbieraz kantatuz, baita Armenia, Mazedonia, Turkia eta Serbiako dantzetan ere. Dantza horien artean, klarineteak, Susi Evansen eskuetan, aieneak eta barreak tartekatu zituen, ahotsen oihartzuna erakarriz, baita mendeetako jazarpenak gogora ekarriz ere.

Singer Pur ahots taldea, berriz, Erromako katolikoen tradizioan oinarritu zen, Jeremiah izeneko egitarauarekin. Berpizkundeko erlijiozko piezak interpretatu zituen, Carlo Gesualdorenak, Giovanni Pierluigi da Palestrinarenak zein kantu gregorianokoak, jatorriz a capella, ahots hutsez abestekoak. Kasu honetan, baina, David Orlowski klarinete jole apartaren laguntzarekin.

Singer Pur bikaina soprano batek, hiru tenorrek eta baritono bik osatzen dute, eta emanaldian oso ondo elkartu zen taldea tinbre, dinamika eta erritmoetan. Eskarmentu handia erakutsi zuten Berpizkundeko polifonia sacroan, afinazioan, arnasketan eta fraseoan. Klarinetearen partehartze malenkoniatsu edo mistikoa ondo uztartu zen Nekaldiaren edukiekin —klezmer klarinetea zirudien batzuetan— beste ahots bat balitz bezala uztartzen zenean. Aldiz, ez hain ondo intentsitatea bortxatzen zuenean, ahotsen gainetik jarriz, edo are okerrago gregorianoko abestiei oihartzun modukoa, kontrapuntua egiten zienean. Horiek horrela, esan daiteke Matan Porat musikagile garaikidearen abestietan konbibatu zirela hobekien ahots taldea eta klarinetea, gaur egungo konposizio disonanteetan, hain justu ere.]]>
<![CDATA[Zorte oneko data]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1903/030/002/2019-04-16/zorte_oneko_data.htm Tue, 16 Apr 2019 00:00:00 +0200 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/1903/030/002/2019-04-16/zorte_oneko_data.htm BOSEgitaraua: Wolfgang Amadeus Mozart eta Dmitri Xostakovitxen obrak. Zuzendaria: Pablo Gonzalez. Piano bakarlaria: Katia Buniatixvili. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: Apirilak 12.

Publikoak ia bete egin zuen Euskalduna Jauregia, BOS Bilbao Orkestra Sinfonikoaren denboraldiko 13. kontzertuko egitarau boteretsua eta piano jole on-ona entzuteko, eta uste dugu kontzertuak ez zuela hutsik egin, inolaz ere, Pablo Gonzalez zuzendariaren ardurapean. Mozarten 20. kontzertua piano eta orkestrarako re minorrean-ek aldaketa eragingo zuen, bai haren ekoizpen propioan bai geroko konpositore batzuetan. Lan horretan Erromantizismoaren printzak Klasizismo moderatzaile eta bertutezkoarekin batera ageri baitira. Eta hortik abiatuta lortu zuen Katia Buniatixvili piano jole apartak oreka interpretatiboa Euskaldunako kontzertuan: dramatismoa menperatzea, hain zuzen ere. Jole georgiarrak egun erdietsia duen heldutasunari zor zaio hori. Buniatixvilik, baina, ez zuen teknika hutsa adierazi. Atzamarren zehaztasuna, eskalak oktabetan eta prestissimoan, esaldien biribiltasuna, apaindurak... Horrez kanpo, sentipenak kontrolpean edukitzea lortu zuen. 2. Mugimendu zoragarrian nola, hala cadenzetan... Azkenean, eta publikoaren berotasuna eskertzeko, bakarlariak bi pieza labur eskaini zizkigun, txalo zaparrada artean.

BOSen kasuan, berriz, ez zuen aprobetxatu partiturak orkestrari ematen dion protagonismoa, gure ustez. Hasierako mugimenduan, esaterako, partiturak dakartzan bizitasunak alboan utzi eta piano joleari laguntza mekanikoa ematera bakarrik mugatu zen.

Aldiz, gure orkestrak distiraz interpretatu zuen Xostakovitxen 11. sinfonia erraldoi eta konplexua, Op. 103 «1905 urtea» deritzona. Komunista bazen ere, Xostakovitx ez zegoen guztiz ados Sobiet Batasunean indarrean zegoen Stalinen diktadura burokratiko eta ustelduaren politikarekin, eta, Errealismo Sozialistari muzin egiteagatik omen, jazarpena nozitu zuen. Stalinen heriotzaren ostean idatzi zuen konpositoreak 11. sinfonia; libreago, teorian, nahi zuen estetika lantzeko. Alderantziz, baina: aurrekoetan baino errealistago azaldu zen Tsarren Errusia, 1905eko aurre iraultza komentatzeko. Igande odoltsuko jazarpen bortitza, biktimei eginiko omenaldia eta balizko iraultzaren etorrera agertu zuen. Ez hori bakarrik, ordea. 1956ko lan horretan —iraultza gertatu eta 40 urte geroago—, hainbat eta hainbat doinu eta kantu herrikoi eta iraultzaileren artean, azken mugimenduko azken aurreko pasartean, bere desengainua adierazi zuen konpositoreak, hasierako giro petrala, hau da, Tsarren garaikoaren moduko zapalketa egoera iradokiz, herri gaixoagatik pena sakonean murgildurik. Pablo Gonzalez zuzendariak oso ondo kontzertatu zituen sobietar sortzailearen partitura beti konplexuak, eta horretan lan handia eta emankorra egin zuten musikarien familia guztiek. Bakarlari batzuk nabarmendu ziren, hala ere: tronpeta (sasi hutsekin eta guzti), tinbalak, korno ingelesa, flauta, zelesta, harpak...]]>
<![CDATA[Opereta ala zarzuela?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1863/031/001/2019-04-05/opereta_ala_zarzuela.htm Fri, 05 Apr 2019 00:00:00 +0200 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/1863/031/001/2019-04-05/opereta_ala_zarzuela.htm 'Luna de miel en El Cairo'Egilea: Francisco Alonso. Musika zuzendaria: Miquel Ortega. Eszena zuzendaria: Emilio Sagi. Musikariak: Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Abesbatza: Rossini abesbatza. Non: Bilboko Arriaga Antzokian. Noiz: 2019ko martxoaren 3an.

Franco diktadorearen errepresio gordinaren erdian, eta naziei eta faxistei hark emaniko sostengu kriminalaren sasoian, Francisco Alonsok 1943ko otsail gorrian eta Madrilen estreinatu zuen Luna de miel en El Cairo, haren esanetan, opereta. Granadan (Espainia) jaiotako musikari emankor hori ezagunago egin da Las Leandras eta La calesera zarzuelak konposatzeagatik. Gure ustez, opereta baino gehiago hiru generoren nahaste-borrastea da: amerikar musikalarena, europar operetarena eta, noski, espainiar errebista edo zarzuelarena. Horren froga dira Ven que te espero en El Cairo fox-trota, Amores Primeros martxa eta Una princesita de alma soñadora pasodoblea, beste charleston, bals eta iberiar kutsuko doinu batzuekin batera. Egia da zarzueletan baino zati mintzatu gutxiago daudela, baina Jose Muñozen jatorrizko libretoak ez du ez hanka ez buru —zer espero behar genuen zentsura militarraren azpian idatzita—. Hala, Emilio Sagi berak esku hartu zuen zati batzuk ebakitzeko, besteak laburtzeko eta Maitetxu mía zortzikoa Alonsoren partituraren gainetik jartzeko. Gure ustez, sobera zegoen pasartea; izan ere, musikologoen arabera, zortzikoa ez da jatorriz euskalduna. Alabaina, aitortu behar dugu Sagik ondo menderatu zuela eszena Daniel Blanco eszenografoaren laguntzarekin, antzerkia antzerkiaren barruan primeran kokatzeko: lehen ekitaldian, hiru eskailera mugikor abiaraziz entseguaren esparruan barrena, eta abesbatza eta dantza taldeak bikain mugiaraziz bigarren ekitaldian, espektakuluaren agerraldiaren barruan.

Abeslari bakoitzak ondo abestu zuen bere kantaldia, aktore rola jokatuz. Horretan lan gehiago izan zuen Beatriz Diaz sopranoak, eta gaitasun sendoa erakutsi zuen; Mariola Cantarerok, berriz, eskarmentua erakutsi zuen, eta egoki kantatu zuen. David Menendez baritonoak ez zuen eroso abestu, nahiz eta tinbre oneko ahotsa adierazi. Asko gustatu zaizkigu Itxaro Mentxaka mezzoaren eskarmentua eta kantu erregularra, nahiz eta asko luzitzeko tesiturarik ez izan: Tapatía esaterako. Beste horrenbeste esan behar dugu Jose Manuel Diazi buruz: ederki haizeratu zuen garaian garaiko sexu anbiguotasuna.

Miquel Ortega musika zuzendariak polito bete zuen lana, eta ez zuen inolako arazorik izan ez abeslariekin eta ez Bilbao Orkestra Sinfoniko murritzagoarekin. Biek bietara eder islatu zuten konpositorearen partitura alaia eta ondo orkestratua. Aipatu behar ditugu Nuria Castejonen koreografia egokia, dantza taldea eta baita Rossini abesbatzak ikuskizun osoan egindako lan ona ere.]]>
<![CDATA[Musika lan berreskuratua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2078/025/002/2019-03-23/musika_lan_berreskuratua.htm Sat, 23 Mar 2019 00:00:00 +0100 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/2078/025/002/2019-03-23/musika_lan_berreskuratua.htm BOSZuzendaria: Diego Martin-Etxebarria. Bakarlariak: Marina Monzo sopranoa eta Nicolas Carpentier oboe jotzailea. Egitaraua: Mozart, Lebrun, Salieri eta Mendelssohnen lanak. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Martxoak 21.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak ez zuen lan handirik eskaini denboraldiko hamabigarren kontzertuan, ez lehenengo zatian behintzat. Baina, aldiz, galduta omen zegoen lan bat berreskuratu eta berpiztu zuen Bilbon: hain zuzen, Alemaniako Ludwig August Lebrunen 5. Kontzertua oboe eta orkestrarako Sol Maiorrean. Zorioneko aurkikuntza Joseba Berrocal musikologoak egin zuen, eta Nicolas Carpentier BOSeko oboe bakarlariak jo zuen kontzertuan, orkestraren laguntzarekin.

Lebrun oboe jotzaile eta konpositorea Mozart eta Salieriren garaikidea izan zen, eta hamahiru oboe kontzertu idatzi bazituen ere, apenas izan zen ezaguna gure artean. Bilduma horretatik ez dugu uste bosgarren hau denik onena. Hiru zatitan banatzen da —Allegro, Pastorella eta Rondo—, Barroko eta Klasizismo garaian egin ohi zuten bezala.

Kontzertura itzulita, Carpentier bakarlariak ez zuen eragozpenik izan oboearekin soinuaren garbitasuna eta afinazioa lortzeko, ezta oreka intentsitatean ere; fraseo egokia eta cadenza orbanbagea entzun ziren haren eskutik, aretoan sakelako batek zarata egiten zuen bitartean.

Kontzertuaren lehen saioa osatzeko, oboeak lagunduta, bi aria entzun genituen, gure artean jada ezaguna den Marina Monzo sopranoaren ahots atseginean: Mozarten Vorrei Spiegarvi, oh Dio eta Salierien Quando piu irato freme. Sopranoak tinbre atsegina, teknika ona gurguiluetan, arnasketa egokia eta fraseoa agertu zituen, eta bereziki harrigarriak izan ziren Salieriren arian jaurti zituen sobreagudoak. Publikoaren berotasuna eskertzeko, oboe jotzaileak eta sopranoak egitarautik kanpoko erlijiozko pieza zati bat ere eman zuten.

Kontzertuaren bigarren zatian, Felix Mendelssohnen 4. Sinfonia, Italiarra ere deitua, interpretatu zuen BOSek, Diego Martin-Etxebarriaren zuzendaritzapean. Hasierako Mozarten Cosí fan tutte operako oberturan bezala, sinfonia horretan ere zuzendariaren modu eraginkorrak eta zehatzak ikusi genituen; beharbada ez ziren ikusgarriak izan, baina BOSen exekuzioa biribila izan zen. Adibidez, lehen mugimenduan tentsioa eraman zioten hasierako gai dantzagarriari, eta, samurtasuna hurrengoari. Bigarrenean, elegiaren ikuspuntua zabaldu zuten bi ahotsen arteko kontrapuntuarekin. Hirugarrenean —konpositorearen partetik epelena—, minue klasikoa egin zuten. Eta azken uneetan, arin-arinean, saltarello itxuraz baina tarantella-ri gehiago hurbilduz, distiraz eta baikortasunez bukatu zuten kontzertua.]]>
<![CDATA[Anglosaxoiarren musika II]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1906/031/002/2019-03-07/anglosaxoiarren_musika_ii.htm Thu, 07 Mar 2019 00:00:00 +0100 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/1906/031/002/2019-03-07/anglosaxoiarren_musika_ii.htm Musika-Musica jaialdiaOrkestrak: BBC Philarmonic, Bilboko Udal Banda, EOS. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregian. Egunak: Martxoaren 2an eta 3an.

Beharbada, aurtengo jaialditik igaro den orkestrarik interesgarriena izan da Juanjo Mena euskaldunak gidatutako BBC Philarmonic. Ez bakarrik frogatutako kalitateagatik, baita programagatik ere —gure artean gutxi ezagutzen dena—. Beraz, interes bikoitzak mugitu ditu zaleak Euskalduna jauregiaren areto nagusira. Nazioartean ospe handia dute ingelesek antzerkirako, irratirako eta telebista saioetarako propio sortzen dituzten musika piezek. Bada, W.Waltonek Scapino izeneko komediarako sortutako doinuekin hasi zen emanaldia. Bat balira bezala azaldu ziren 90 musikariak: kide bakoitzaren tinbre berezitasuna eta erritmo indartsua umorezko ikuspegi batetik emanda. Aldiz, E. Elgarren In the South Op.50-ek Italiako Rivierara lekualdatu gintuen, izadia oparoa azalduta eta erromatar inperioa gogora ekarrita. Orkestrak ez dio muzin egin gai nagusiari; ez biolaren protagonismoarekin, ez bi interludioek erromatar legioen paradarekin edo herrikoi jaiekin. Bestelako musika, agian gogorragoa, izan ziren Peter Grimes operatik ateratako 4 interludioak; suite batean bildutako Four Sea Interludes. Benjamin Britten konpositorearen jaioterriaren deskribapen atmosferikoa, arrantzaleen herriak eta itsasoa. Orkestra batentzat benetako erronka. Juanjo Menak ez ditu galdu lehengo freskura, zuzendaritza orojokilea eta zehaztasuna; ez eskarmentu gehiago izan arren.

Bestalde, Bilboko Udal Musika Bandak merezi du orain arte eduki duena baino arreta handiagoa. R. Pascual-Vilaplana zuzendariarekin maila handia lortu du, eta musikari taldea ez da atzean geratzen alboan dauden orkestren aldean, nahiz eta euren baliabideak murritzagoak izan —41 musikari inguru, eta harizko instrumenturik gabe—. Egitarau erakargarria izan da udal banda baten agerraldia izateko, eta erabatekoak izan dira ingelesen lanak; batez ere, banda militarrentzat asmatuak. Hala nola Gustav Holst, Ralph Willians eta Samuel Barber. Soinu garbia, baretasuna, tinbreen oreka, askotariko dinamikak, in crescendo-a, afinazioa... dira haren dohainak.

Jaialdiaren bukaeran Euskadiko Orkestra Sinfoniko erraldoiak (100 musikari inguru) urregorrizko saioa eskaini zuen Gustav Holst-en Planetak-ekin, Jonathan Blooxhamen agindupean. Fantasiazko zazpi planetetan banatuta, gure orkestrak indarra erakutsi zuen Marten, magikotasuna Venusen, mugimendu hegatua Merkurion, dantza Jupiterren, iluntasuna Saturnon, indar barregarria Uranon eta beste munduko musika eta ahotsak Neptunon. Interpretazio ederraren artean, emakumeek goiko ahotsetan arazotxoak izan zituzten, eta, organoaren hasieran (Marte), tronpetista barrokoak altuegi eta aldiro denboraz kanpoko jo zuen, gero ondo zuzendu arren.]]>
<![CDATA[Anglosaxoiarren musika]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/025/002/2019-03-06/anglosaxoiarren_musika.htm Wed, 06 Mar 2019 00:00:00 +0100 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/1891/025/002/2019-03-06/anglosaxoiarren_musika.htm Musika-Musica jaialdiaLekua: Bilboko Euskalduna jauregian. Egunak: Martxoaren 1, 2 eta 3an.

Britainia Handiaren inperioak eta Estatu Batuen hegemonia politiko, ekonomiko eta militarrak artegintzaren loraldia erraztu zuten lurralde horietan XIX. eta XX. ordura arte eta mendeetan zehar izandako domeinua kenduz Europari. Horretarako, lagungarri izan zitzaien oso Europako diktadura desberdinengandik ihesean joandako hainbat intelektual eta musikari; baita irratiaren eta telebistaren asmakizun ere, musika klasikoa zabaltzeko bereziki. Musika horri, jazzari eta zinemari begiradatxoa ematea izan da aurtengo Musika Jaialdiaren helburua.

Esaterako, Les Disonances izeneko orkestra gazteak, naziengandik AEBEtara arrapaladan ospa egin zuten bi musikariren, Erich Wolfgang Korngolden eta Bela Bartoken, lanak interpretatu zituen, David Grimal biolin jolea bakarlari zela, eta zuzendaririk gabe ( a ze ustekabea !). Ezezagunagoa da Korgold gure artean, zinemako musikagatik ez bada, eta ederra da haren Biolinerako Kontzertua Re Maiorrean. Erromantizismo osteko eta zinemako musiken artean mugitzen den hiru mugimenduko kontzertuan, biolinari eusteko da orkestra, eta harritu egin gintuen zuzendaririk gabe musikariek lortu zuten amalgamak.

Gure ustez, Bela Bartoken Orkestrarako Kontzertua-k hobeto lagundu zion zuzendaritza gabeko saioari, konpositoreak bakarlari moduan lantzen zituelako instrumentuak, eta nabarmen asmatu zuen biolin-bakarlariak instrumentuari emandako trataera urratuagoan, eta vibratorik gabe. Kontutan hartzekoa da bigarren mugimendua, non instrumentu bikoteak interbalo diferentetan jokatzen duten, edota, azkenean, Hungariako dantzak oinarri harturik, etengabeko mugimendu musikalean fugan bukatzeko. Baleko emaitza iruditu zitzaigun gazteen ahalegina eta, publikoaren arreta beroari eskerrak emateko, David Grimal biolin joleak egitarautik kanpoko pieza eskaini zigun.

Beste aldetik, asko gehiago espero genuen Judith Jauregi eta Gerard laukotearen egitarautik eta kontzertuaren iraupenetik. Bil Evansen Danny Boy-k, Amy Beachen Four Sketches-ek eta Granadosen pianorako lanek ez daukate kontzertua osatzeko adina mamirik, gure ustez. Musikari gazteen ariketak ziruditen, eta ez zituzten joleen balioak azaleratzeko biderik eman. Biek ala biek mailarik eman ez arren aukeraketan, Jauregik garbitasuna adierazi zuen teklatuan, pedalaren erabilpen egokia, dinamika desberdinak, tenpo rubatoak... Gerard laukoteak ere batasuna, teknika eta gustua erakutsi zuen.]]>
<![CDATA['Semiramide' distiratsua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1914/032/001/2019-02-21/semiramide_distiratsua.htm Thu, 21 Feb 2019 00:00:00 +0100 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/1914/032/001/2019-02-21/semiramide_distiratsua.htm 'Semiramide'Musika Zuzendaria: Alessandro Vitiello. Eszena zuzendaria: Luca Ronconi-Marina Bianchi. Non: Euskalduna jauregian. Noiz: Otsailaren 19an.

Zailtasunen gainetik, OLBEk arrakastaz aurkeztu zuen Bilbon Rossiniren azken opera serio, konplexu eta luze-luzea —jatorrian lau ordukoa—, Napoliko San Carlo antzokiaren ekoizpena. Izan ere, Semiramide melodrama tragikoa da, Voltaire-ren izen bereko tragedian eta Asiriako erregina mitikoan inspiratutakoa. Operaren kasuan, libreto apal eta motzean oinarritua, hain zuzen. Bada, abesteko mailan, tragediari bidea gauzatzeko, konpositoreak estilo rococo-berantiarra landu zuen koloraturak paroxismora eramanez.

Gure kasuan, hirukote bakarlaria iaioa da bel cantoaren arloan, eta eder ekin zion partitura konplexuari. Horra hor, azken unean fitxatu zuten Silvia Dalla Benetta sopranoa ondo baino hobeto aritu zen erregina menperatzailearen rolean (nola botere politikoan hala sexualean), bai antzezpenean, bai kantuan: igorpen afinatua, gurguiluen eta dinamika desberdinen kontrol zehatza... Horren adibide argia Bel raggio lusingher aria izan zen. Agian, nota altuak juxtu antzeman genituen, baina gutxitan. Ahozko apainduretan oso trebe entzun genuen.

Daniella Barcellona mezzoa Arsace gizonaren rolean aritu zen. Nahiz eta hasieran —gutxitan— haren vibratoa beheranzko muga arriskutsuan ibili, haren kantaldia ziurra eta sinesgarria izan zen, esaterako, Ah, quel giorno ognor rammento arian. Fiorituretan, ahozkotasunean, noten abiaduran, fraseoetan... denetan maila handia erakutsi zuen. Asko gustatu zitzaigun Simon Orfila baxu-baritonoa ere, Assur gaiztoaren rolean: ia une guztietan bularreko ahots indartsuarekin, entregatua, ondo menperatuz eszena desberdinak. Beste horrenbeste baina erantzukizun txikiagoarekin, Jose Luis Sola tenorrak kantaldi fina bete zuen Idreno amorante arbuiatuaren rolean; lerro kantuan,fraseoan eta altuetan argia. Antzeko argitasuna erakutsi zuen Itziar de Undak Azemaren rol laburragoan. Richard Wiegold baxuari, Oroeren rolean, kantaldi zuzena egin arren, nekaldia sumatu genion tinbrearen printza politen artean.

Beste aldetik, orkestran, Alessandro Vitiello maisuak oso ondo zuzendu zuen Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Rossinik garai hartan egin zuen operaren antologiaren unibertsoa azalduz. Ez bakarrik bel cantoarena, baizik eta orkestraren aberastasun musikalarena: tinbreetan, etengabeko modulazioetan, errezitatiboei lagunduz, testuari jarraituz musikaren effeti-ekin. Eta musikariek Obertura luzetik aurrera erakutsi zuten haien maisutasuna.Bilboko Opera Abesbatzako kantariek ere —oraingoan zulo barruan eta estu—, Grezia klasikoko koru moduan polito abestu zuten, tragediaren barruan solasaldiak eginez.

Aparteko iruzkina merezi du Luca Ronconiren eszena zuzendaritza lana, hemen Marina Bianchik landu duena. Aprobetxatu du testua musika Rossiniri utziz-, zatitzear dagoen mundu aristokratiko eta krudela islatzeko. Horretarako, umeen jolaserako zegoen txotxongiloen antzokitxoa erabili du. Baina hor ez zegoen demiurgoaren kontrola hariak maneiatzeko.Pertsonaia nagusiek, nobleek hain juxtu, tramankulu mugikorretan sartu-irteerak egin zituzten, kartoizko irudi estatikoak balira bezala, alboetatik batez ere, apenas ibili gabe. Agertokiko horma grisak pitzatuta zeuden, sistema erortzearen seinale. Egoera horretan, herria ez da ezer, ez da inor; ia biluzik bizi da inframunduan, zolatik gorputz erdiak bakarrik azalduz , handikien utzikeriaren artean. Zalantzarik gabe, egungo metafora, beharbada Italiako maisu zenak utzi diguna.]]>
<![CDATA[Amerikaren oihartzunak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1990/032/001/2019-02-05/amerikaren_oihartzunak.htm Tue, 05 Feb 2019 00:00:00 +0100 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/1990/032/001/2019-02-05/amerikaren_oihartzunak.htm Bilboko Orkestra SinfonikoaZuzendaria: Carlos Miguel Prieto. Bakarlaria: Philippe Quint, biolinean. Egitaraua: Aaron Copland, Leonard Bernstein, George Gershwin eta Alberto Ginasteraren lanak. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: Urtarrilaren 31.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak askotariko mamia duen egitaraua aurkeztu du bere denboraldiko hamargarren kontzertuan, ibilbide amerikarrean barrena bidaia eginez. Izan ere, ikusgarriak bezain arinak izan dira egitarauaren bi muturretako piezak —hasiera eta bukaerakoak— eta kalitate hobekoak, berriz, erdialdekoak. Bestalde, Carlos Miguel Prieto mexikar zuzendariak ez du lortu, kasu guztietan, orkestrak duen potentzialtasuna ateratzea: zehaztasun eta azentu falta txikiak eta denbora pasa batzuk izan dira joaldi orokorrean zuzenaren akats arinak.

Aldiz, gozagarria izan da Philipe Quint biolin bakarlariaren joaldia Bernstein polifazetikoaren Serenata-n (Platonen Sinposioa lanean oinarritua). Bertan, biolin bakarlaria elkarrizketan aritzen da orkestrarekin, Platonen obrako sei pertsonaiek oturuntza batean amodioaren inguruan dituzten gorabeherak azaltzeko. San Petersburgoko artistak garbitasuna atera zion Stradivarius biolin gardenari: fraseatze txukuna, hari bikoitzak, portamento goxoak, stacatto-ak... tartekatu ziren orkestraren eta bakarlariaren arteko elkarrizketa amaigabean. Zaleen txalo zaparrada eskertzeko, egitarautik kanpoko pieza bat oparitu zuen, Porgy and Bess operaren zati dotore bat, hain justu.

Aaron Coplanden Mexiko aretoa —hasieran jo zutena— ez da konpositore estatubatuarraren piezarik onenaren, ezta BOSek jotako onena ere. Coplandek mexikar doinua zatikatzen du, ohikoan haren lanetan ageri diren perkusio kolpeak tartekatuz.

Bestalde, publiko zabalarentzat erakargarriak dira Gershwinen doinuak, are gehiago bere lanik onenaren gainean egindako SuiteaPorgy and Bess operatik hartua, Robert Russell Bennettek egin zuen konponketa dotorea—. Zuzendariak eta orkestrak azentua landu dute bederatzi edo hamar zatitan banatzen den suitean. Oso estimatuak izan dira zatikien arteko bitartekoak, partituraren musikalitatea, eta sentimendu lirikoa ateratzeko zuzendariak egindako ahalegina.

Alberto Ginasteraren Egonaldia, dantza-suitea iritsi zen kontzertuaren bukaeran. Lau zatitan banaturik, hirutan perkusioaren erakustaldia egiten da, amaigabeko ritornello-an amaieran. Argentinako gautxoen bizimodua agertzen da obran, indiarren dantzak oinarri hartuta; sinkopak eta kontra erritmoak dira nagusi, marinbek eta familia guztietako danborrek lagundurik. Hunkigarria bigarren dantza Gariaren dantza deritzona; dantza geldoa eta lirikoa.]]>
<![CDATA[Lana, ondo egina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1998/023/001/2019-01-25/lana_ondo_egina.htm Fri, 25 Jan 2019 00:00:00 +0100 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/1998/023/001/2019-01-25/lana_ondo_egina.htm 'Il Lombardi alla Prima Crociata'Musika zuzendaria: Riccardo Frizza. Eszena zuzendaria: Lamberto Puggelli. Bakarlariak: Ekaterina Metlova, Roberto Tagliavini, Jose Bros, Sergio Escobar, Jessica Stavros. Abesbatza: Bilboko Opera Abesbatza. Musikariak: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Urtarrilak 22.

OLBEk kalitate handia erakutsi du Parmako Teatro Regioren ekoizpenean; oso gutxi taularatzen den opera bat: G. Verdiren Il Lombardi, hain zuzen. Arriskutsua da erlijio folletoia duen libreto zaharkitua gaur egun antzeztea; are gehiago, gaztaroko asmakizuna denean. Baina kasu honetan, opera emanaldiak interesa zeukan: Verdi bezalako egile baten ibilbide musikala ezagutzea; baldintza batekin: hots, ondo asmatzea musikariekin, abeslariekin eta eszenarekin. Riccardo Frizza zuzendariak Verdi jatorra eskaini du, guztiz korala den operan. Haren eskuetan Euskadiko Orkestra Sinfoniko boteretsuak bikain jo du epikoak diren fanfarreetan zein tarte liriko edo dramazkoetan. Aipatu behar da Waldemar Machmar EOS-eko concertinoak biolinarekin erakutsi zuen bertutea, hirugarren ekitaldiko preludioan. Beste horrenbesteko edertasuna aitortu behar diegu Bilboko Opera abesbatzak eman zituen kantu ugariei. Nabarmentzekoak dira O signore, dal tetto natio erromesen koroa zein emakumezkoek abestu zituzten erreguak edo bakerako deialdiak.

Bakarlarien alorrean, berriz, guztien gainetik Ekaterina Metlovaren kantaldia goraipatu behar dugu, Giselda protagonistaren rolean. 2010ean, Bilboko Kantu Txapelketa irabazi zuen sopranoak aise gainditu zuen Verdik sopranoari jarritako oztopo lasterketa; hau da, ia denbora guztian abesten dabil, deabruzko tesituretan saltoka. Errusiarrak teknika, garbitasuna eta indarra erakutsi zituen, eta zati lirikoetan ñabardurak egin. Roberto Tagliavini baxuak ez zuen adierazi afonia zantzurik, eta zabal-zabal abestu zuen, Pagano gaiztoaren interpretazio ederrean. Pena handia hartu genuen Jose Bros-en kantaldian. Nabari zen eztarrian duen gaixotasuna, eta, nahiz eta hasierako ahots erasoetan bere tinbre polita haizeratu zuen, ezin izan zituen esaldiak ondo biribildu. Asko gustatu zitzaigun Sergio Escobar tenorraren kantaldia, Arvinoren rolean. Ahots distiratsua, zabala eta ñabardurez beterikoa.

Eszenari dagokionez, Lamberto Puggellik baleko irudien bitartez girotu zuen kartoizko istorioa, ia dekoraturik gabe. Ikuspuntu baketsua erantsi zion gurutzaden epopeiari, horretarako, gerrako kantuetan errealitatea erakusten zuten irudiak jarrita —Picassoren Gernika, juduen aurkako txikizioarenak, eta abar—. Argiztatzea ere egokia: hasieran, Milango grisa erabili zuten, eta Jerusalemeko argitasuna bukaeran, jantzi aproposekin.]]>
<![CDATA[Antzezpen boteretsua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/032/002/2018-11-30/antzezpen_boteretsua.htm Fri, 30 Nov 2018 00:00:00 +0100 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/1904/032/002/2018-11-30/antzezpen_boteretsua.htm 'Fidelio'Musika zuzendaria: Juanjo Mena. Eszena zuzendaria: José Carlos Plaza. Non: Bilboko Euskalduna Jauregian. Noiz: Azaroaren 27an.

OLBEk maila handiko operarekin ospatu nahi zuen bere historiako 1000. opera-emanaldia. Eta eder ospatu ere! Izan ere, Fidelio da Beethovenek idatzitako opera bakarra —asko kostata gainera—, eta errepertorioan dagoen zailenetarikoa delako, konpositoreak eraiki baitzuen bilbatura sinfoniko konplexua bai musikarientzat bai abeslarientzat. Emanaldi honetan, Juanjo Menak deskorapilatu egin zuen konpasez konpas goian esandako bilbatura sinfonikoa, zuzendaritza zehatzaren eta sakonaren bitartez. Gauza da diskurtso beethovendarra ñabarduraz beterik dagoela askatasuna, maitasuna, diktaduraren zapalkuntza eta emakume ausartaren balentria adierazteko. Hori guztia ateratzeko, zuzendariak buru-belarri ekin zion lanari, eta, haren eskuetan, Bilbao Orkestra Sinfonikoak maila gorena erakutsi zuen hasierako Obertura-tik azken kontzertante zirraragarri eta indartsuraino, publikoaren emozioarako.

Bada, pentagramak konplexuak badira orkestrazioan, beste horrenbeste esan dezakegu abeslariek aurre egin dioten lerro-kantuari. Erreskate-opera honek, non preso baten emazte heroia kartzelari mozorrotzen den espetxean eta hil arriskuan dagoen senar torturatua askatzeko, kalitatezko ahots dramatikoak behar ditu, eta beste instrumentuak balira bezala ekin. Afera horretan, maila eman du bikote protagonistak, eta baita ziurtasuna erakutsi ere, nahiz eta bolumenik eza jasan bakoitzaren kantaldian. Elena Pankratova soprano dramatikoak neurriz abestu eta antzeztu zuen dramaz eta maitasunez beterik dagoen rola. Peter Wedd tenor dramatikoak antzezmodu egokiak azaldu eta dramatismoz abestu zuen preso torturatuaren rolean. Kartzelariaren rola jokatzen duen Tijl Faveyts baxuak lan handia egin zuen abesten, erregular eta ondo antzeztuz. Asko gustatu zitzaigun Anett Fristsch sopranoa: tinbre atsegina, potentzia eta ukitu ezinezko fraseoa azaldu zituen amodio errugabea azaltzeko. Mikel Atxalandabaso tenorrak ondo abestu zuen amorante errefusatuaren rolean. Sebastian Holecek baritonoari egokitu zaio maltzurraren rola jokatzea, eta modu sinesgarrian ekin zion zapaltzaile, torturatzaile eta hiltzailearen pertsonaiari. Aparteko aipamena egin behar diogu Bilboko Opera Koroari; gizonezkoek presoen koro harrigarria abestu eta, emakumeekin batera, oso ondo interpretatu zuten askatasunaren aldeko azken koraldia.

Jose Carlos Plaza eszena zuzendariaren dekorazioak ilunera jo zuen, eta primeran jolastu zen mugimendu eszenikoarekin. Espainiako ziegetan torturatzen diren preso politikoen tokia irudikatzeko, ia eszena osoa okupatzen zuten bi lauza jarri zituen, bata zolaren gainean eta bestea presoen buruen goitik zintzilikaturik. Batzuetan, goiko lauzak presoak zapaltzeko keinua egin zuen, harik eta azken eszenan presoen eta herri osoaren besoek tirania birrindu eta euren burua askatu zuten Beethovenen jenio musikalaren apoteosioan.]]>
<![CDATA[Arteta boteretsua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1926/031/001/2018-10-26/arteta_boteretsua.htm Fri, 26 Oct 2018 00:00:00 +0200 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/1926/031/001/2018-10-26/arteta_boteretsua.htm 'La Bohème'Abeslariak: Ainhoa Arteta, Teodor Ilincai, Artur Rucinski, Jessica Nuccio, David MenEndez, Kriyztof Baczyk. Musika zuzendaria: Pedro Halffter. Eszena zuzendaria: Mario Pontiggia. Orkestra: EOS. Abesbatzak: Bilboko Opera Koroa eta Bilboko Koraleko umeak. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Urriaren 23an.

Operan antzeztueneritakoa den Giacomo Pucciniren La Bohème obrarekin hasi du 67. denboraldia OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak, modu onean hasi ere. Gure izar kontsakratua den Ainhoa Artetak maistraki antzeztu eta abestu du Mimi pertsonaiaren egoera dramatikoa, batez ere hilurreneko erian. Horregatik, ez dugu ulertzen hasierako Mi chiamano Mimi arian zergatik atera duen bere gorputz zabaleko ahotsa, goi tesituran uhin zabaleko vibratoekin, eta ondoren zergatik geldiarazi duen erritmoa. Suposatzen da pertsonaia delikatu eta makala dela Mimi, eta haren rola interpretatzeko egokiagoa zela ahots argalagoa, bigarren zatian egin duen moduan. Baina aitortu behar da horrelakoak hasierako ekitaldian izan direla, ez guztietan. Esaterako, Rodolfo maitalearekin izandako duoetan, Artetak oso ondo kontrolatu du bolumena, eta berdindu egin du igorpena Ilincai tenorrarekin.

Azken horrek, nahiz eta beheko tesituran eta ahots-erdian une ilunak izan, ahots dirdiratsua erakutsi du goi tesituran, bularreko do argian. Orokorrean, interpretazio ausarta izan du, baina hotzegia agian maitale apurtuarena gorpuzteko. Berak eta beste hiru pertsonaiek osatu dute bohemio intelektualen laukotea, oso ondo osatu ere, hasierako elkarrizketan kaleko mintzabidera hurbilduz orkestraren laguntzarekin. Horien artean, Artur Rucinski baritonoak kantu gustagarria eman du, eta Krzysztof Baczyk baxuak Vecchia zimarra aria polita eskaini du azken unean. David Menendezek eta Fernando Latorrek ziurtasuna erakutsi dute. Eta harritu egin gaitu, onerako, Jessica Nucciok, Musetta kaskarinaren rolean, tinbre ederreko ahots atseginarekin.

Abesbatzei dagokienez, Bilboko Operako korukideek kantaldi ederra eman dute, batez ere bigarren ekitaldiko esparru laburrean. Baita Bilboko Umeen Koroak ere: profesionalen moduan abestu dute eta mugitu dira agertokian. Asko gustatu zaigu Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren joaldi koloretsua, eta hunkigarria iruditu zaigu Pucciniren musika zoragarria birsortzeko Pedro Halffterrek erakutsitako trebetasuna.

Eszenari dagokionez, Mario Pontiggiak, bide tradizionaletik, esparru handiko grisak erabili ditu bohemioen etxerako, eta askotariko koloreko esparru eskasak kaleko eszenarako, taberna eta kiosko txundigarriekin. Argiztatzea eta arropa egokiak izan dira. Horren haritik, espazio zabalagoak eska litezke hainbeste jendek mugitu behar duen eszena horretarako.]]>
<![CDATA[Tradizioaren ildotik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/031/002/2018-10-16/tradizioaren_ildotik.htm Tue, 16 Oct 2018 00:00:00 +0200 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/1877/031/002/2018-10-16/tradizioaren_ildotik.htm Bilboko Orkestra SinfonikoaZuzendaria: Erik Nielsen. Pianista: Andrew von Oeyen. Organista: Aaron Ribas. Egitaraua: Samy Moussaren eta Ludwig van Beethovenen lanak. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Urriaren 11.

Bilboko Orkestra Sinfonikoa Beethovenengana itzuli zen denboraldiaren bere bigarren kontzertuan. Entzuleak ustekabean harrapatu zituena, baina, Samy Moussa gaztearen organo eta orkestrarako A Globe itself infolding izeneko obra izan zen —Iberiar penintsulako estreinaldia izan zen Bilbokoa—. Izan ere, aspalditik ez zen entzuten organoaren eta orkestraren arteko halako konbinaketa armonikorik soinu-esparruaren konkistan. Obra honetan, Lurbira beren burua besarkatzen izenburuak berak nabarmen adierazten du organoaren eta orkestraren arteko sinbiosi armoniko atsegina, batera entzuten direnean sortzen den amalgama horren barruan soinua norena den ez jakiteraino. Noski, bai orkestrak bai organoak, bakoitzak bere jokoak egin zituen, baina beti mugitu ziren soinu besarkada horren barruan. Pieza labur eta polit horren amaieran, publikoak txalo zaparrada luzearekin zoriondu zuen konpositorearen asmakizuna, baita Aaron Ribas organistaren interpretazioa nahiz Erik Nielsenen zuzendaritza zehatza ere.

Baina, zalantzarik gabe, Beethovenen piezek, Klasizismotik Erromantizismo bidean doazenek, eman zioten nortasuna kontzertuari. Piano eta Orkestrarako 3. Kontzertua-n, esaterako, zaila izan zen asmatzen nork erakarri zuen nor emanaldian, hau da, zuzendariak bakarlaria edo alderantziz. Zergatik? Biek ala biek Erromantizismoaren kutsu nabarmenez interpretatu zutelako kontzertu dramatikoa: kontrasteak dinamika mailan zein altueran, tempo rubato edo erritmoaren etenaldiak, eta adierazkortasun berezia esaldietan. Andrew von Oeyen pianista trebea da; sentsibilitate handia du, digitazio azkarra, eta musikaltasun erromantikoa, eta baliabide asko dituen musikaria dela azaldu zuen, batez ere lehenengo mugimenduaren kadentzia luzean. Amaieran, entzuleen txalo zaparradak eskertzeko, egitarautik kanpoko pieza erromantiko bat oparitu zuen bakarlariak.

Kontzertuaren bigarren zatian, Nielsen zuzendariak ikuspegi erromantikoaren bidetik jarraitu zuen Beethovenen 6. Sinfonia-n, konpositoreak Izadiari eskainitakoan. Beethovenek, Izadiaren deskribapena egitea baino gehiago, beregan sortzen zuen emozio delikatua adierazi nahi izan zuen sinfonia horretan.Nahiz eta hainbati interpretazioa indar gutxikoa edo hoztasunez betea iruditu ahal izan zitzaion, baliogarritzat eta atsegintzat har daiteke zuzendariak egin zuen emoziozko irakurketa, zeina kontraste handiekin eraman zuen, konpas batetik bestera laztanez landua, eta ondo orekatua soinu-bolumenari dagokionez.

Nielsenen aginduetara, BOSek oso ondo funtzionatu zuen orokorrean. Nabarmentzekoak izan ziren harizko tresnen adierazkortasuna eta oboearen lan ona.]]>
<![CDATA[Luxuzko parte hartzailea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1973/031/001/2018-10-06/luxuzko_parte_hartzailea.htm Sat, 06 Oct 2018 00:00:00 +0200 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/1973/031/001/2018-10-06/luxuzko_parte_hartzailea.htm Bilboko Orkestra SinfonikoaEgitaraua: West Side Story filmaren proiekzioa BOSen interpretazioarekin. Zuzendaria: Ernst van Tiel. Non: Euskalduna jauregia, Bilbo. Noiz: Urriaren 5ean.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak ilargi betearen moduan dir-dir egin zuen West Side Story eguzki-filmaren aurrean, hau da, pelikularen proiekzioari orkestraren soinua zuzenean gehituz. Film hartan, Robert Wise eta Jerome Robbins zuzendariek gaurkotu egin zuten Shakespeareren Romeo eta Julieta-ren amodiozko tragedia, gaur egungo gizarte arazoen kritika eginez: immigrazioa, aberatsen eta pobreen arteko gatazka, hori justifikatzeko sistemaren errepresioa —Gee, Officer Krupke—, arrazakeria, sexismoa... AEBetan, New Yorkeko auzo bazterrekoetan, hain justu.

Kontzertu honetan, irudi indartsuez gain, jatorrizko soinu bandaren tokiko zaratak, ahotsak, txistuak eta atzamarren klaskadak mantendu egin ziren, eta BOSek musika instrumentala bakarrik jo zuen, jatorrizko kantaldiei eta bestelakoei akonpainamenduak egiteko. Hori bai, filmaren eta orkestraren arteko soinu emaitza berdintzeko, teknikoek modu trebean jarri zituzten mikrofonoak instrumentu senideek betetako leku estrategikoetan. Jakina da halakoetan zuzeneko soinuaren aberastasuna galdu egiten dela, baina osotasunaren soinu oreka lortzeko beharrezko ordain-saria zelakoan gaude. Soilik tinbalen nahiz tubaren zenbait adibide txikitan sumatu zen gehiegikeriarik bolumenari dagokionean.

Hala ere, zalantzazkoa da ea honelako esperientzia bat egokia ote den ala ez den orkestraren denboraldiari hasiera emateko. Zergatik? Bada, nahiz eta orkestraren interpretazioa ezinbestekoa izan zen film musikala laguntzeko, pelikulako irudiek izan zutelako protagonismorik handiena: filmaren eszenek —Wisek bikain zuzenduak—; koreografiek —Robbinsen eta dantzarien saio ederren eskutik—; aktoreen kantuek —esaterako, filmean Maria pertsonaiaren kantuak abestu zituen Marni Nixon sopranoarenak—, eta abar. Beraz, kontzertuaren entzuleak ikusle bihurtu ziren emanaldian, orkestraren ahalegina maila batean bazter utziz.

Halere, Leonard Bernsteinen partiturarik onena ederki haizeratu zuen orkestrak, jatorrizko orkestra gaindituz tinbreen aberastasunean —biolinen familiakoak, perkusioak eta haize-metalezkoak, orokorrean, bikain—. Ernst van Tiel zuzendaria eskarmentu handikoa da filmak eta zuzeneko orkestrak sinkronizatzen, eta kasu honetan, zaila izan arren, erabateko sinkronia lortu zuen, eta primerako musikaltasuna atera zioten Bernsteinen obra handiari.]]>
<![CDATA[Bernstein zatikatua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2149/037/001/2018-06-24/bernstein_zatikatua.htm Sun, 24 Jun 2018 00:00:00 +0200 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/2149/037/001/2018-06-24/bernstein_zatikatua.htm 'I Hate Music'

Egitaraua: Leonard Bernsteinen lanak. Ahots bakarlaria: Ainhoa Arteta. Musika zuzendaria: Karl-Heinz Steffens. Piano bakarlaria: Michal Friedlander. Piano laguntzailea: Ruben F. Aguirre. Orkestra: BOS. Abesbatza: Bilboko Koral Elkartea. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Ekainak 21.

Baliabide handiak mugiarazi ditu Arriaga udal antzokiak Leonard Bernsteinen mota askotako lanak eskaintzeko -gehienak gutxi ezagutuak- denboraldiaren amaieran. Izan ere, Bernstein izan da XX. mendean AEBek kultura mailan izan duen pertsonaiarik garrantzitsuenetarikoa. Ukrainako sendi judu migratu batekoa izanik, bere nortasuna eta obra alde anitzekoak izango dira. Polifazetiko eta bakezalea, estilo eta eduki desberdinetan lan musikalak asmatuko ditu, herri musikatik klasikoraino, jazzetik igaro eta gero. Beraz, Arriaga antzokiaren asmo baliotsua unibertso horren erakustaldi mugatua ematea izan da, 1944tik 1988rartekoa. Baina egitarau eklektiko honetan, pisua dauka bere 2. sinfoniak -piano eta orkestrarako musika-, W.H. Audenen The Age of Ansiety poeman oinarritutakoa, hiru zatitan banatua dagoena. Eta hortxe zegoen koska. Kontzertu klasikoan, osotasunean ematen den lan instrumentala ezin da nahi duzunean hiru zatitan moztu, eta tartean ama desberdinen abestiak sartu egile berarenak izanda ere. Esaterako, Beethovenen edozein sinfoniaren tarteetan haren opera zatiak indarrez sartzea irudikaezina litzateke. Bada, horrela egin zuen programatzaileak: sinfoniaren sarrerari -The Seven Ages ilun eta metafisikoa- jarraian zetorren diskurtsoa moztu, eta music hall-eko dantza sartu zuen, argitasun handiaren eta petardoen artean... gehiegi iruditu zaigu! Horren atzetik etorri ziren mota guztietako abestiak: Ainhoa Artetak irregular abestu zuen I feel Pretty Bilboko Koral Elkartearekin batera. Gero, sopranoak, Ruben Fernandez Agirre piano laguntzaile zehatz eta entregatuarekin, Dream With Me polita, Welcome Home... eta My House gustuz abestu zituen. 2. sinfoniaren 2. saila (The Seven Stages) eder jo zuten BOSek eta Michal Friedlander pianistak - «ametsen odisea» egilearen hitzetan-, eta noski, aurreko abestien beste muturrean egon ziren. Horren atzetik tartekatu zituzten Mass-en abestiak. Arteta erakargarri Thank You orkestrarekin batera abestu zuenean, eta Bilboko Korala sinesgarri Gloria-n. 2.sinfoniaren bukaera dodekafonismoaren aienarekin hasten da gerraren trauma dela eta, jazzera igaroz bizitza eta jaiaren guraria gero, musika atonalarekin bukatzeko Jainkoaren bila. Emanaldi honetan bikain egon zen pianoan Friedlander , sendo BOS -oso ondo bere pianista ere -, Karl-Heinz Steffensen zuzendaritzapean. Azken zatian, Artetak gozo eta graziaz interpretatu zuen I hate music umeen kanta, liriko Two Love Songs-en bi kantu, dramatikoago Piccola Serenata, eta ahotsaren apoteosian Some Other Time etaWest Side Story-ko Somewhere.]]>
<![CDATA[Ravelen magia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2088/025/001/2018-06-09/ravelen_magia.htm Sat, 09 Jun 2018 00:00:00 +0200 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/2088/025/001/2018-06-09/ravelen_magia.htm BOSZuzendaria: Erik Nielsen. Ahots bakarlaria: Klara Mouriz. Egitaraua: Maurice Ravelen lanak. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Ekainak 7.

Tinbredun apoteosian bukatu zuen BOSek denboraldia, Maurice Raveli gorazarre eginez, kontzertu osoa berari eskainita. Izan ere, duela 80 urte Ravel BOSen aurrean zuzendari gisa jarri zen, Filarmonika aretoan. Ziburuko musikagilea gogora ekartzeko, hasteko, orkestrak oso gutxi interpretatu diren gaztaroko haren lanak entzuteko aukera eman zuen; maisuak bere bizitzan argitaratu ez zituenak eta Bilbon estreinatuak: Shéhérazade obertura magikoa eta hiru abesti, garaiko orientalismoaren modari jarraituz.

Oberturaren kasuan, Erik Nielsen zuzendariak egoki islatu zuen konpositorearen ezaugarri nagusia, hots, haren koloretasuna, oso ondo jokatuz egurren eta metalen sonoritateekin, hautu guztiz egokia dena atmosfera miragarria irudikatzeko. Ravelek berak, ordea, bere garaian arbuiatu egin zituen hiru abestiok, «trakestasun handiz» eginak zirela argudiatuz. Aldiz, guri atsegin handia eragin ziguten, lehenak batez ere, Asie izenburukoak, eta baita hirugarrenak ere, L'indifférent izenekoak, Clara Mouriz mezzoak kantatu zuena. Abeslariak, bolumen eta ahoskera egokiak azaldu zituen, baita behe erregistroan belusezko tinbrea ere, eta sentimenduz eta gustuko fraseoz bete zuen kantaldia.

Bestalde, bemol handiko lana da Daphnis et Chloé, jatorrian Diaghileven balleterako asmatua, eta gero bi suitetan emateko moldatu zena. Ravelen lanik luzeena da, eta orkestrarik handiena behar duena. Atseginez entzun genuen 2. suitea, zuzendariak eta musikariek partituraz egindako irakurketa zuzenari eta musikariek denak eman izanari esker. Hiru zatitan banatua, XVIII. mendeko margolariek konpositorearen irudimenean utzitako Greziaren irudi estetikoa da lanaren xedea, baina Ravelen ekarpen musikalekin: instrumentu bakoitzaren azterketa tinbrikoa egin, eta horien arteko harmonikoen konbinazioa, koloretasuna, azken batean. Asmo horretan, arreta berezia eskaini zien perkusiozko instrumentuei, egurren ñabardurei, glissandiei, tremoloei, harizkoak banatzeari, erritmo desberdinei eta dinamika paregabeei. Aintzat hartzeko da nola kudeatzen dituen crescendo-ak pianissimo-tik fortissimo-raino. Hala entzun ziren Lever du jour adierazgarrian, Pantomime konplexuan eta bukaerako Danse generale-n, maitasun fisikoari emandako gailur dionisotarra.

Bolero ospetsuarekin amaitu zen Ravelen omenaldia; haren lan unibertsalena eta ezagunena, areto klasikoetatik kabaretetaraino. Musikologoek lan arrunt gisa izendatu zuten pieza, eta, aldiz, minimalistek goraipatu egin zuten daukan indar hipnotikoagatik, errepikapenen eta aldaketen bidez lortzen duena, trantze sexualaraino eraman arte. Bertan, zuzendariak eta musikariek beren onena eman zuten.]]>
<![CDATA['Norma' zoragarria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2566/027/001/2018-05-25/norma_zoragarria.htm Fri, 25 May 2018 00:00:00 +0200 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/2566/027/001/2018-05-25/norma_zoragarria.htm 'Norma'Musika zuzendaria: Pietro Rizzo. Eszena zuzendaria: Davide Livermore. Abeslari bakarlariak: Anna Pirozzi, Diana Axenti, Gregory Kunde, Roberto Tagliviani, Itxaro Mentxaka, Vicenç Esteve. Musikariak: Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Abesbatza: Bilboko Opera Koroa. Lekua: Bilboko Euskalduna Jauregia. Eguna: Maiatzaren 22a.

OLBEk —distiraz arte mailan eta gustuz operazaleentzat—, bukatu du aurtengo opera denboraldia, zein eta Belliniren Norma tragediarekin; Bartzelonako Palau les Arts eta Madrilgo Reina Sofia eta Teatro Realekin batera egindako koprodukzioarekin, hain justu. Izan ere, zaila da, egun, protagonistak behar duen soprano ahotsa aurkitzea, hau da, tragediaren eta lirismoaren artean kulunkatzen den ahots zabalkundea izatea, baita bel cantoa menperatzea eta dramatismo plantak adieraztea ere.

Hori ondo bete zuen Anna Pirozzi sopranoak, eta zaleen garra bereganatu zuen antzoki honetan inoiz gutxi ikusi dugun oihu eta txaloaldiekin. Ahotsaren kontrol dotorearekin, Napoliko sopranoak argi eman zituen behe notak eta dirdai nota altuak, legato luzeak kateatu, gurguiluak, filadoak, messa di voce, intentsitatearekin jolastuz, emakume traizionatuaren rol dramatikoan: hala Casta Diva aria ezagunenean nola duo edo trioetan beste bakarlariekin batera.

Gregory Kunde tenorrak, berriz, nota altu indartsuak eta antzezmodu onak ditu, eta senar desleialaren rola sinesgarri bete zuen. Baina hasieran emaniko kantaldi ederrak ez zuen jarraipenik izan Adalgisarekin izandako duetoan. Une horretan, ahotsaren kontrolean zehazgabetasuna sumatu genuen, eta nekea hurrengoetan. Diana Axenti mezzoak, aldiz, bere ahots dardarkari baina zuzenarekin, gustuz abestu zuen emakume inozente eta engainatuaren rola. Sopranoarekin batera duo bikainak konbinatu zituen bai tinbrez zein adierazpenez. Roberto Taglivianik beharbada ez dauka horrenbesteko sakontasunik pertsonaiarako, baina, bere ahots-mailan, zabal, ziur eta ondo antzeztu zuen Oroveso druidaren rola. Rol laburragoetan, Itxaro Mentxaka mezzoak eta Vincenç Estevez tenorrak egoki abestu zuten.

Bilboko Opera Abesbatzak nik entzun diodan kantaldirik biribilena eskaini zigun, hasieran gizonezkoen koru indartsuarekin, eta gero kantaldi mistoarekin, bietan Boris Dujinek ondo zuzenduak.

Soinu eta ahots guztien aurrean, Pietro Rizzoren gaztetasuna ez da aitzakia izan abeslarien eta musikarien arteko mihiztadura kontzertatzeko: abeslari bakarlariaren tempoari egokitu zitzaion arietan, egoki atera zituen Bilboko Orkestra Sinfonikoaren ñabardura lirikoak eta tragediaren bonbaziak, operaren osagaiak ondo adieraziz...

Davide Livermore eszena zuzendariak liluratu egin gintuen bere lanarekin. Dekoraturik gabe, eszenaren aurrean eta atzean bi pantaila fin-finak jarri zituen basoaren irudiak, suak, pertsonaien jarrera edo sentipenak azalarazteko. Bideo irudi bikainak izan ziren, eta zerikusi zuzena zeukatenak diskurtso musikalarekin edo historiarekin. Oholtzaren erdialdean, zuhaitzaren mukur erraldoia — agian haritzarena— ipini zuen biraka eta askotan irudien kontrako birak kontrajarriz. Enbor horrek balioko zuen aldarearen, emakume apaizaren pulpituaren, umeen etxearen edo zelten sinbolo moduan, argiztapen eta arropa egokiekin, Galiaren konkista irudikatzeko.]]>
<![CDATA[Gizadiaren nekaldia?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1964/032/002/2018-04-18/gizadiaren_nekaldia.htm Wed, 18 Apr 2018 00:00:00 +0200 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/1964/032/002/2018-04-18/gizadiaren_nekaldia.htm Bilboko Orkestra Sinfonikoa Egitaraua: Oratorio eszenaratua; J.S. Bachen Johannes Passion BWW245. Eszena zuzendaria: Calixto Bieito. Musika zuzendaria: Erik Nielsen. Abeslari bakarlariak: Joshua Ellicott, Berit Norbakken, Carlos Mena, Robert Murray, Jonathan McGobern, James Newby. Orkestra: BOS. Abesbatza: Bilboko Opera Korua. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilak 13.

Ia zortzi minutuko txaloaldiarekin eskertu nahi izan zuen Bilboko Arriaga Antzokira hurbildu zen publikoak Bachen Joan Deunaren araberako Nekaldia-ren gainean antzeztutako Oratorioa. Egia da, bakarlariak, abesteaz gain, agertokian ibili zirela antzez-modu sinesgarri eta nekosoetan; egia da, baita ere, musikariek izan zuten musika-jarduera luzea: 105 minututik gora ondo jotzen; egia da Calixto Bieitorekin bat nengokeela, haren ikuspuntu humanistarekin, hau da, Jesukristoren irudia har genezake gizadi pobre eta jasangarri osoaren sinbolotzat... Baina, balizkoa da Bachen Nekaldiek duten eduki teologiko-musikala aprobetxatzea gizadia bera Jesukristo dela nabarmentzeko? Beraz, uste dugu gure eszena zuzendaria arrisku handian sartu dela eta hauek dira gure zalantzak: Hasteko, Bachen Nekaldia lan erlijiosoa da, kristautasunaren dogmak erakusteko egindakoa —Jesus jainkoaren heriotza eta berpizkundea azaltzeko—. Garaian garaiko gizarte analfabetoa irakasteko katixima sonoroa, luterotarren ildo pietista eta aszetikoen ezaugarriekin. Bere helburua, narratibaren atzetik, kontzientzia erlijiosoak heztea da (luterotar koralak, ariak, koroak). Erabilitako musika garai hartarainoko ezagupen bilduma da, maisulana; eta bestetik, biribila eta itxia. Elizetan jotzeko eta kantatzeko egindakoa, inoiz ez antzeztekoa. Zergatik? Arreta testuetan jarri behar delako, kontzientzien azterketa egiteko, meditatzeko. Bachek, musikaren egokitzapen bikaina egin zuen, pasarte bakoitzari bere esanahi musikala emanez, noski, espiritualtasun sakonean murgilduta.

Zer egin du Bieitok? Bada, antzezpen profanoa bihurtu nahian, bakarlari abeslariak eta koroak giza aktoreen modura itxuraldatu: kaleko arropekin, estetika espresionistaren barruan, eta gizakiaren ekintzetan jardunez —amodio, gorroto, tortura edo errukian—. Batzuetan musikaren kaltean. Esaterako, nahiz eta antzezpenak egokiak izan, hasierako eta bukaerako koruek makaldu egiten zuten orkestraren sonoritatea, publikoaren aurrean jarri zirelako eta orkestra eszenaren barruko esparruan zegoelako, akustikaren kaltetan. Abeslari bakarlarien kasuan, uneoro eszenan zebiltzan, publikoaren arreta desbideratuz: odola nonahi, Jesus korrika andere batekin (Magdalako Madalenarekin, agian) edo harekin sexu-jolasean, edo Pedroren gehiegizko lintxamenduan Jesus hiru bider ukatu ondoren, edo juduen ohiturari jarraituz, hilotzaren gainean harri koskorrak gorpuaren gainean jarriz, eta koruaren predika kaltetuz... edo askotan zer egin jakin gabe. Onar dezakegu bakarlariek interpreta dezaketela, kantatzeko lekutik mugituz, Joshua Ellicot tenorrak egin zuen moduan: ahots liriko ziurra, ahoskera eta intonazioa bikainak eta interpretazio biribila lortuz. Baina sopranoak eta kontratenorrak bi aria baino ez zituzten abestu eta ez ziren gelditu ere egin. Berit Norbakken emakumezkoak bolumen gutxiko ahotsa erakutsi arren, zuzen abestu zuen; Carlos Mena izan zen gure ustez teknika gehien erakutsi zuen abeslaria, indartsu kontratenorraren tesituran. Asko abestu zuen Pilatosen rolean eta besteetan Jonathan Mc Govern baxuak: eder. Eta itxuraz eta kantuz, ondo bete zuen Jesusen rola James Newby baxuak. Eskarmentu handiko abesbatza da Bilboko Opera Korua eta ondo baino hobeto abestu zuen jarrera guztietan, baita zoruan multzoan etzanda ere. Konplikatua zuen Erik Nielsenek osagai guztiak ondo konzertatzea. Parisko Chatelet izeneko antzokiarekin batera egindako ekoizpena kontuan edukitzeko lana da, nahiz eta zalantzak ere sortu zizkigun.]]>
<![CDATA[Gorputz eta arima Bilbon]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/027/001/2018-03-30/gorputz_eta_arima_bilbon.htm Fri, 30 Mar 2018 00:00:00 +0200 Jesus Mari Begoña https://www.berria.eus/paperekoa/1943/027/001/2018-03-30/gorputz_eta_arima_bilbon.htm Bilbao Ars SacrumTaldeak: Soqquadro Italiano, L'Arpeggiata, El Leon de Oro, Kea Ahots Taldea, Musica Fiata Koln, Vespres D'Arnadi, Intonationes eta Lasala. Non: Bilboko Gizakunde Elizan. Noiz: Martxoaren 18tik 27ra.

Aspaldi da Bilbao 700 Fundazioak BAS zikloa antolatzen duela Aste Santuaren inguruan, eta arrakastarekin gainera. Formatu txikiko erlijio musika saioak dira, Berpizkundeko eliza batera eramanak. Eta hortik datorkigu zalantza: arraro samarra egiten zaigu hain latza den estetikari horrenbeste zale atxikita egotea: hots, orain dela mila urte —eta batzuetan gehiago— egindako erlijio desberdinetako musika zaharrak atseginak izatea, elizakoak ez balira bezala. Dena den, aurten polifoniatik barrokora doazen konposizio espiritualak eta doktrinazkoak entzutera etorri direnek bete egin dute elizaren esparrua ia kontzertu guztietan.

Hasieran, Soqquadro Italiano taldeak Wagnerrek bere garaian nahi izan zuen arte osoa —edo egun, batzuen ustez, mestizajea dena— egiteko asmoa erakutsi zuen. Izan ere alemaniarrak sei arte nagusiak agerraldi bakarrean bildu nahi izan zituen, hain justu. Gure ustez, helburu ezinezkoa bere garaian, eta guztiz zaila gurean ere. Horretarako Antonio Vivaldiren Stabat Mater-en oinarritu ziren lau musikariak, dantzari-abeslaria eta grabatutako musika —gehien bat elektronikoa, jazz sistemari keinu batzuk eginez—. Gure ustez, ez dute lortu lan estetiko bateratua ateratzea, nahiz eta arlo batzuk ondo gauzatu. Esaterako, ondo nahastu zituzten alderdi elektronikoa eta taldearen musika, baina bateria modernoaren joaldia ez zen egokiena Vivaldiren konposizio erlijiosoei laguntzeko, eta batzuetan, latorriaren zarata beste soinu delikatuen gainetik entzuten zen. Gero, melodika izeneko instrumentua taldearekin harmonizatzeko baliagarria izan arren, ez zuten doinua eramateko maila-soinua eduki. Beste horrenbeste gertatu zen jolasteko pianorekin.

Nolanahi ere, jotze maila ona eman zuten haizeek, teklatuek eta kontrabaxuak, eta Vicenzo Capessutok kontratenorraren ahots aienekoa eta sentimenduzkoa guztiz aproposa izan zen Ama Birjinaren arimaren egoera erakusteko. Abeslari berberaren dantzaldi modernoak batzuetan balioko zuen mina eta etsipena erdiesteko, baina beste batzuetan ulertezinak izan ziren yoga edo karate borroka itxurak Vivaldi apaizaren konposizio erlijiozkoak irudikatzeko.

Zikloaren bukaeran, Gorputz eta Arima izeneko agerraldia izan genuen Vespres D'Arnadi instrumentu taldearekin Dani Espasaren zuzendaritzapean, Intonationes ahozko laukotearekin eta Lasala dantza bikotearekin Judith Argomaniz-n koreografia eta zuzendaritzapean. Iluntasunetik argitasunera egin zuten, bakarkako instrumentuek, ahotsek eta dantzariek talde osoa osatu arte. Johann Sebastian Bachen musika teologiko eta zoragarrian oinarritu ziren joaldi guztian. Aukera paregabea. Sei musikari eta lau abeslari Alemaniako jenioaren pieza ahozkoak eta instrumentalak interpretatzeko.

Nabarmentzekoak izan ziren Ciaconna errepikakorra, Mateo Deunaren Nekaldiko koral bat, kantatak eta ariak. Baina guk uste dugu Lasalaren dantzaldiak ez zeukala zerikusi handirik Bachen musika eta hitz pietista edo espiritualekin. Ados gaude dantza erabili daitekeela musika erlijiosoarekin, Erdi Aroan eta elizetan egiten zen bezala, baina gaiek, gorputzek eta arimek bat egin behar dute zeresan estetiko edo erlijiozko konkretua burutzeko.]]>