<![CDATA[Joan Cabases Vega | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 26 Sep 2022 12:17:52 +0200 hourly 1 <![CDATA[Joan Cabases Vega | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Israelek sustatutako sarraskia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/018/001/2022-09-18/israelek_sustatutako_sarraskia.htm Sun, 18 Sep 2022 00:00:00 +0200 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1942/018/001/2022-09-18/israelek_sustatutako_sarraskia.htm
Libanoko milizia falangistak lasai ibili ziren bertako kale estuetan eta errefuxiatuek egindako eraikinen artean, inork geldiarazi gabe. Triskantzak hiru egun eta bi gau iraun zuen. Joan zirenean, 2.000 hildako baino gehiago utzi zituzten atzean. Heriotza kiratsak sei hilabetez eutsi zion inguruan, baina bizirik irten ziren askok oraindik nabaritzen dute.

Egunotan, berrogei urte geroago, Libanon babesten diren ehunka mila palestinarrek tristuraz gogoratzen dute Sabrako eta Xatilako sarraskia. Beit Aftal Assumud erakundearen sortzaile eta zuzendaria da Kassem Aina; Libanoko palestinarren aurkako sarraski horretako eta horren aurrekoen biktima izan zirenen familiei laguntzeko sortu zuten erakundea. Xatilan du egoitza, eta, han, Jerusalemgo Al-Aqsako meskitaren bi metro koadroko irudi bat bizkarrean duela, bere komunitatearen izenean hitz egin du BERRIArekin Ainak. «Berrogei urte eta gero, barruan daramagu oraindik sarraskiaren mina», dio tristuraz. Haren esanetan, are handiagoa da samina biktimen senideen kasuan, falta sumatzen dutelako eta zigorgabetasuna mingarriagoa delako: «Noski, palestinarrok atsekabetuta gaude egunotan, ez delako egin justiziarik; kriminalek zigortuta behar lukete».

Ibilgailuen azpietan eta atari galdu txikietan ezkutatutako gorpuak ikus daitezke sarraskia amaitu berritan hartutako irudietan. Heriotzatik ihesi zihoazen gazte eta helduak ziren. Erasotzaileei ez zitzaien axola izan. 1982an Libanon zegoen nahasmena erabatekoa zen. Herrialdeak zazpi urte zeramatzan gerra zibilean, eta talde palestinarrak Israelen aurka borrokatzen ziren Libanotik; bitartean, Israelgo armadak hartua zuen herrialdearen hegoaldea. Israelgo indarren helburua zen Libanon aterpetzen zen erresistentzia palestinarra suntsitzea, eta haiek Libanoko falangistekin zuten kidetasuna kontuan hartuta —biek partekatzen zuten palestinarrekiko etsaitasuna—, askok jotzen dute Israelgo Gobernua gertatutakoaren erantzule.

«Ezin dugu Sabra eta Xatilaz hitz egin, eta falangeak bakarrik aipatu. Haiek egin zituzten krimenak, baina Israelek babestu egin zituen», nabarmendu du Ainak. Ariel Sharon, ordu hartan Israelgo armadaburu zena —lehen ministro bilakatu zen gero—, Xatilatik berrehun metrora kokatutako eraikin batean zegoen bilduta militarburu israeldarrekin. Handik eman zien bere onespena mendeku bila palestinarren errefuxiatu guneetara zihoazen indar falangistei. Aurreko egunean, bonba batez hil zuten haien buruzagi Baxir Gemayel, hark Libanoko presidente kargua bereganatu eta hiru astera. «Errefuxiatuen kanpalekuetan ez zegoen milizianorik, zibilak bakarrik zeuden. Israelgo agintariak sarraskiaren aurka egon izan balira, geldiaraziko zituzten, baina ez zuten egin. Begira geratu ziren», deitoratu du Ainak.

Falangeak eta Mossad

Orain, Israelgo auzitegi bat ikertzen ari da orduko gobernuak Libanoko milizia falangistekin izan zuen harremana. Eitay Mack abokatu israeldarraren eskaerak bidea eman du Mossaden Israelgo espioitza agentziaren dokumentu bat argitara ateratzeko. Horretan berresten dute Israelek Sabra eta Xatilako sarraskia gertatu aurreko urteetan armatu eta trebatu zituela Libanoko falangistak, eta urte horietan ere sarraskiak gertatu zirela; bestak beste, Tal Zaatarrekoa. Beiruteko beste errefuxiatuen kanpaleku bat da hura, eta 1976an milaka pertsona hil zituzten. Mackek berak kontatu dio egunkari honi: «Dokumentu horrek gure susmoak baieztatzen ditu, tartean Mossadek harremanak izan zituela Libanoko falangeekin 1976an. Jasotzen du ere Israelek falangeei saldutako arma kopuru izugarria; eskaini zizkieten trebakuntza ikastaroen berri ere ematen du. Armada bat sortzearen pare izan zen».

Mossaden dokumentuaren arabera, Israelgo Gobernuak eta garai hartan lehen ministro karguan zen Menahem Beginek kudeatzen zituzten armadak Libanon egiten zituen ekintzak, eta eragina zuten falange libanoarrek Libanon egiten zituzten operazioetan. Gainera, buruzagi israeldarrek bazekiten ankerkeriak egiteko baliatzen ari zirela falange libanoarrei emandako armak. «Horrek, derrigor, mendekuan pentsatzera eramaten gaitu. Israelgo buruzagiak aurrez gertatutako sarraskien jakitun baziren, ezin dute defendatu ezin zutela aurreikusi zer gertatu zitekeen Libanoko falangeei Sabran eta Xatilan sartzea baimenduz gero», hausnartu du abokatuak.

Macken esanetan, Israelgo estatuaren inguruko ikuspegian mugarri bat izan zen askorentzat Sabra eta Xatilako sarraskia: «Porrot bat izan zen. Agintarien aldeko konfiantza amaitzea eragin zuen. Jendea uko egiten hasi zen soldaduska egiteari eta burokrazian aritzeari».

Bitartean, Libanon, horrenbeste jasan duen komunitate palestinarra ozta-ozta bizi da, Mendebaldearentzat ulergaitza den moduan: «Utz diezaiogun jendeari etortzen, ikus dezaten zenbateraino sufritzen dugun gure etxeetan, eta aldera dezatela Palestinako gure lurrak okupatu zituztenek duten bizimoduarekin», esan du Ainak. Bera da Libanon bizi diren eta agintariek baztertu eta legez 37 lanetan aritzea debekatzen dieten 500.000 palestinarretako bat. «Libanora heldu nintzenean, bi urte nituen. Orain, 76 ditut, baina ez didate etxera itzultzen uzten. Non dago justizia?».]]>
<![CDATA[«Zauriak ezin dira sendatu justiziarik gabe» ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1924/002/001/2022-08-04/laquozauriak_ezin_dira_sendatu_justiziarik_gaberaquo.htm Thu, 04 Aug 2022 00:00:00 +0200 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1924/002/001/2022-08-04/laquozauriak_ezin_dira_sendatu_justiziarik_gaberaquo.htm
Beiruteko portuaren inguruko auzoak beldurrezko film bihurtu ziren. Batzuk negarrez, beste batzuk batera eta bestera odoletan, eta asko beren kabuz ibili ezinik. Ateak eta leihoak airean irten ziren alde guztietara, eta beirutarren gorputzak jo. Hirian anabasa zabaltzen ari zen, eta Beirut hautsezko hodei batean zegoen. «Hiroshima edo Nagasaki ematen du». Horiek izan ziren Beiruteko orduko gobernadore Marwan Abbuden lehen hitzak 2020ko abuztuaren 4ko arratsaldean. Kristalak zapaltzen zituen bitartean eta negarrari ezin eutsiz, Abbudek aitortu zuen inoiz ez zuela ikusi halako hondamendirik. Beiruteko portuko leherketak triskantza handiagoa egin zuen segundo gutxi batzuetan, gerra zibilak hamabost urtean baino. Eztandak 218 pertsona hil zituen gutxienez, eta 7.000 baino gehiago zauritu. 300.000 lagun baino gehiago etxetik bota zituen, aldi baterako behintzat. Guztiaren jatorria: ehunka tona amonio nitrato lehertu ziren, 2013az geroztik Beiruten bihotzean biltegiratuta zegoen lehergai bat. Laster argitaratutako dokumentu batzuek frogatu zuten ministerio askok bazekitela portuan amonio nitratoa zegoela, baina ez zutela ezer egin. Human Rights Watch erakundeak, 2021eko abuztuan argitaratu zuen ikerketa anbiziotsu batean, ondorioztatu zuen politikari batzuena zela gertatutakoaren erantzukizuna. Dokumentu horretan, leherketaren aurretik edo leherketa gertatu zenean gobernuko kide ziren zenbait gizon seinalatu zituzten: Ali Khasan Khalil Finantza ministro ohia, eta Ghazi Zeaiter eta Yussef Fenianos Lan Publikoetako ministro ohiak, besteak beste. Horiek guztiek bazekiten arriskutsua zela hangarrean lehergailuak izatea, hala portuarentzat nola hiriarentzat. Haietakoren bat garaiz jarri zuten jakinaren gainean, 2014. urtean. Ebidentzia horiek eduki arren, hondamendia gertatu eta bi urtera ez dute inor ere kondenatu. Izan ere, ikerketa judiziala ez dago martxan. Kasua daraman epaileak, Tarek Bitarrek, zazpi hilabete daramatza lanik egiteko modurik gabe, klase politikoak ikerketa blokeatzea lortu baitu. «Gobernua ikerketa sabotatzen ari da, eta kasua berriz martxan jartzea eragozten», azaldu du Ghida Frangieh abokatuak. Legal Agendako kidea da, Libanon sistema judizialaren funtzionamendu egokiaren alde egiten duen erakundeko kidea. «Finantza Ministerioak ez du sinatu nahi Libanoko auzitegirik gorenean epaileak jarriko lituzkeen dekretu bat, hau da, Kasazio Auzitegiko Batzar Nagusian», azaldu du Frangiehk. «Eta auzitegi hori gai litzateke ministro ohiek aurkeztutako salaketei aurre egiteko. Beraz, kasua etenda dago politikariek hala eskatu dutelako». Frangiehk salatu du sistema judiziala ez dela independentea inondik ere, eta horrek ekartzen duela herrialdeko boteretsuak gai sentitzea epaileei mehatxu egiteko. Portuko leherketagatik edo gerra zibilean egindako krimenengatik, epaileei eraso egiten zaie haien aurkako auzi eskeak aurkeztuz, baita prentsan difamazio kanpaina handiak eginez ere. Urteetan eta urteetan, nazioarteko auzitegietan ebatzi dituzte Libanoko kasu garrantzitsuak, uste baitzen hango sistema judiziala ez zela gai izango kriminalak ikertzeko, eta ez zuela horretarako borondaterik izango: «Ondorioa da ez dugula sortu krimen garrantzitsuak ikertzeko gai den sistema judizialik». Gogoeta egin du Frangiehk: «Portuko ikerketaren bidez, Libanon justizia egiteko gai izango den sistema judizial bat sortu nahi dugu, nazioarteko auzitegien mende egon gabe». Atzerrian ematen ari dira, ordea, Libanoko ikerketa berriro abiatzeko pausoak. Hildakoen bederatzi senideren izenean, Suitzako Accountability Now fundazioak amonio nitratoa Beirutera eraman zuen enpresa salatu du Texasen. Helburua zera da, konpainia horren eta Libanoko agintarien arteko harremanak ezagutaraztea. «Biktimek Beiruteko portuko leherketa eragin zuen ustelkeria sarea ezagutarazi nahi dute», esan du fundazioko abokatu Zena Wakimek. Baieztatu du zalantzazkoa dela Libanoko Energia Ministerioak eta Spectrum enpresak -lehergailuak eraman zituena- sinatutako kontratua: «Industria sismikoko enpresa batek zergatik pleitatu zuen 2.750 tona lehergai zeramatzan ontzi bat Beirutera, Siriako gerra etenda zegoen garaian?», galdetu du Wakimek. Bien bitartean, Beiruten bizi diren milaka pertsona borrokan ari dira trauma hori atzean uzteko: «Oso zaila da aurrera egitea heriotza ikusi duzun leku batean, lazgarrikeria bat ikusi duzunean», esplikatu du Myriam Zarzur psikiatrak, Libanon osasun mentalaren alde lan egiten duen Embrace taldeko kideak: «Askok esan digute jada ez direla portuaren inguruan bizi edo Libanotik alde egin dutela, zer gertatu zen ez gogoratzeko». Hala ere, Zarzurrek argitu du, arranguraz, egungo egoeran ezinezkoa dela mina gainditzea: «Zauriak ezin dira sendatu justiziaz hitz egin gabe». Ikusi gehiago: Bere historiaren aurka borrokan ]]>
<![CDATA[«Borroka egingo dugu, azkenean hamar baino ez bagara ere»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1999/003/001/2022-08-04/borroka_egingo_dugu_azkenean_hamar_baino_ez_bagara_ere.htm Thu, 04 Aug 2022 00:00:00 +0200 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1999/003/001/2022-08-04/borroka_egingo_dugu_azkenean_hamar_baino_ez_bagara_ere.htm zigorgabetasunaren erregimen esaten dioten horren kontra borrokatzen da talde hori, baina baita herrikideen eszeptizismoaren kontra ere, biztanleek ez baitute uste prozesu judizialek ezer ekarriko dutenik.

Bi urte borrokan. Indartsu zaudete oraindik? Zenbateraino?

Leherketa izan zenean, Libanoko politika nola doan ikasi behar izan nuen, zer gertatzen ari zen ulertzeko. Orduz geroztik, lana utzi dut, eta justiziaren aldeko borrokara emana bizi naiz. Ezin dugu esan indartsu gaudenik, baina esan dezakegu justizia nahi dugula eta horretarako ari garela borrokan.

Hemen, Libanon, zerbait txarra gertatzen den aldiro, jendeak besterik gabe espero izaten du ez dela berriz gertatuko, eta kito, aurrera. Baina oraingoan ez da posible. Munduko leherketarik handienetan hirugarrena izan zen. Biktima guztiak etxean zeuden, edo lanean. Ez zebiltzan ezein gatazkatan, borrokarako asmoz armak hartuta.

Agintariek kanpaina bat abiarazi dute leherketa ikertzen saiatu diren bi epaileen kontra.

Tarek Bitar buru duen ikerketak blokeatuta darama zazpi hilabete. Horren aurretik beste epaile bat izan genuen, Fadi Sawan. Eginahalak egin zituzten hura ikerketatik egozteko. Motiboa, hauxe: haren emazteak etxe bat zuela Axrafiehn [Beiruteko portuko barrutian], eta etxe hori suntsituta geratu zela leherketaren ondorioz. Paradoxa da, zeren, hasieran, beraiek jarri baitzuten epaile hori kargu horretan, kasua ikertu zezan. Baina, orduan, Sawan zenbait ministro ohiri deitzen hasi zen galdeketa egiteko, eta orduantxe hasi zen klase politikoa etxe horretaz hitz egiten.

Zer sentitzen duzu politikariak ikusten dituzunean ikerketaren kontra egiten?

Gure familian, ni baino ez naiz ari justiziaren alde borrokan. Ama atzerrian dago, eta esaten du Libanon sekula ez dela justiziarik izango. Nik, berriz, beti esaten dut ez dela esperantza galdu behar. Borrokan segitu behar da. Azkenean hamar lagun baino geratzen ez bagara ere. Ni libanoar-armeniarra naiz; ehun urte pasatxo pasatu dira armeniarren genozidiotik, eta beti ari gara horretaz hizketan. Bada, beste hainbeste egin behar dugu leherketarekin ere. Klase politikoak ekinean dihardu ea zein nekatzen den lehenago: beraiek edo gu.

Maiatzeko bozetan, jendeak politikari berberei eman die botoa.

Jendeak irudipena dauka politikariek ematen dietela bizitzeko modua herritarrei, eta sinetsarazten diete norbanakoek ezingo luketela ezer askorik egin talde politikoei bizkarra emanez gero. Horrez gainera, botoak erosi ere egiten dira. Manipulazioa da.

Zer gertatu zen leherketa izan zen egunean?

Gure ahizpa amarekin zegoen, Mar Mikhaelgo tailer batean zurezko pieza batzuk lantzen, portuaren aurrez aurre. Eraman zieten zura ez zen ona, eta, beraz, amaren etxera joan ziren. Zorionez; zeren, bestela, biak galduko bainituen.

Ni lantokian nengoen. Irteteko prestatzen ari nintzen, eta, bat-batean, lurrikara sentitu nuen. Sekulakoa izan zen. Berehala pentsatu nuen eraikina gainera eroriko zitzaigula. Kanpora irten nintzen korrika. Lehen leherketa entzun nuen, eta bigarrena ere bai. Gure klinikako horma gainera zetorkigun, baina eutsi egin zion zerbaitek. Mirari moduko bat izan zen guretzat.

Pentsatu nuen amari deitu behar niola, eta, erantzun zidanean, garrasi besterik ez zuen egiten. «Ahizpa, hila» eta halakoak esaten zituen. Lanetik atera, eta etxerantz jo nuen korrika. Hogei bat minutu behar izaten dira. Bidean zer gertatu zen ez naiz batere gogoratzen.

Etxera iritsi besterik ez zenuen nahi.

Iritsi nintzenean, eraikina ikusi nuen, txiki-txiki eginda, goitik behera eroria. Gaia bizkarrean hartuta eraman behar izan genuen ospitalera, baina erietxea ere suntsituta zegoen. Gogoan dut ez ginela gai xuxen pentsatzeko. Gauza katastrofikoak gertatu zitzaizkigun, eta gauza katastrofikoak ikusi genituen. Halako batean, lortu genuen anbulantzia bat. Zazpi ospitaletara eraman gintuzten, baina bakar batean ere ez gintuzten hartu, beteta zeuden eta. Azkenekora iritsi ginen arte. Han hasi zen odoletan.

Nolakoa izan zen zer gertatu zen ulertu arteko bide hori?

Lau egun behar izan nituen ulertzen hasteko. Lauzpabost egun igaro ondoren, lehen aldiz telefonoa hartu, eta orduantxe ikusi nituen leherketaren bideoak. Etxera bisitan zetorren jendeak, gainera, kontatu zigun amonio nitratoa egon zela tartean. Baina nik beti pentsatzen nuen: zer amonio nitrato klasek eragin dezake halako eztanda bat? Beharbada, hangarrean bazen beste zerbait ere, baina ez digute kontatu.]]>
<![CDATA[«Israeli ez zaio axola erosleak zertarako darabilen Pegasus»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1929/006/001/2022-05-22/israeli_ez_zaio_axola_erosleak_zertarako_darabilen_pegasus.htm Sun, 22 May 2022 00:00:00 +0200 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1929/006/001/2022-05-22/israeli_ez_zaio_axola_erosleak_zertarako_darabilen_pegasus.htm
Pegasus programaren erabilera arautu behar da, edo demokraziek ohitu egin behar dute halako tresnetara?

Lehen, uste nuen halako sistemen erabilera arautu egin behar zela, baina, azken urtean argitara atera direnak ikusita, arrunt debekatzearen aldekoa naiz. Interes politikoen mesedetan programa neurriz kanpo erabiltzeko tentazioa handiegia da, eta giza eskubideak urratzea dakar. Katalunian gertatutakoa horren erakusgarri da: Espainiak, zeina demokrazia bat baita arazoak izan arren, politikari, abokatu eta ekintzaile katalanen aurka egiteko erabili du Pegasus. Herrialde are okerragoetan hala nola Hungarian, Arabiar Emirerri Batuetan, Saudi Arabian eta Azerbaijanen, halako sistemek askatasuna edo bizia galaraz diezaieke pertsekutatzen dituzten horiei.

NSOk adierazi du Pegasusek gaizkileak geldiarazteko balio duela.

Kontua da NSOk ez duela bere kabuz lan egiten, baizik eta Israelgo Defentsa Ministerioak emandako esportazio lizentzien bidez. Bertze herrialdeetako barne aferetan ez esku hartzean datza Israelgo Gobernuaren politika, inork ez dezan esku hartu Palestinaren auzian. Erosleak Pegasus honetarako zein hartarako erabili, Israelek ez du esku hartuko horretan.

Israelgo Poliziak israeldarrak zelatatzeko erabili du Pegasus. NSO kezka iturri da herrialdean orain, lehen ez bezala?

Ez, alderantziz. Autoritateek erran zuten agindu judizial batekin egin zela dena, eta gizarteak ahantzi egin du gaia. Eta NSO indartu egin da, legea aplikatzeaz arduratzen diren autoritateen oniritzia lortu baitu. Izan ere, autoritate horiek berek Pegasus erabiltzen dute.

Kalitate demokratikoa okertu zelarik hasi ziren Pegasus erabiltzen?

Bai, baina, Israelen, herrialdea sortu zenetik izan ditu gabeziak kalitate demokratikoak, erregimen militarren pean ezarri baitituzte palestinarrak.

Israelgo hedabide anitz lotuak daude gobernuarekin, eta horietan aritzen diren kazetariek Defentsa Ministerioaren bozeramaileak dirudite. Israeldarrak ez daude ongi informatuta: mundu guzian Pegasusen berri zabaldu zenean, gaia ez zen ia aipatu ere egin Israelen. Baina ez da Pegasusekin bakarrik gertatzen: arazoak ditut kontzientzia pizteko Israelek esportatzen dituen bertzelako armen eta entrenamendu militarraren inguruan.

Zure erranetan, Israelen esportazio politika bakarra da munduan.

Hala da. Badira Pegasusen gisako sistemak dituzten bertze herrialde batzuk. Alabaina, Israelgo Defentsa Ministerioaren esportazio politika da arazoa, ez baititu kontuan hartzen giza eskubideak. Ez da gardentasunik: ez dute gainbegiratzen erosleak zertarako darabilen Pegasus, eta ez zaie axola. Hain zuzen ere, herrialde anitzek Israeli erosten dizkiote sistema horiek, eta ez bertze estatu batzuei, badakitelako hark ez duela gaitzetsiko giza eskubideak urratzea.

Xede diplomatikoak lortzeko saldu izan dute Pegasus programa, eta hori arriskutsua da.

Badira hamar urte Israelek Pegasus darabilela xede diplomatikoetarako; batez ere, [Benjamin] Netanyahuren garaian egin izan da hori. Arriskutsua da, Israel prest baitago edozeini zernahi saltzeko onura diplomatikoak lortze aldera. Muga bakarra Iran da, baita Txina ere, AEBen betoagatik. Horiek alde batera utzita, Israelek diktadoreei saltzen die programa, bai eta demokrazia arazotsuei ere, eta genozidioak eta gerra krimenak egin dituzten eragileei. Ez du mugarik.

Gehiago erreparatu beharko litzaioke Netanyahuren eta Israelgo gobernuen erantzukizunari?

Bai, haiek ematen baitizkiote NSOri esportatzeko lizentziak. Nahiz eta Pegasusen erabilera okerraren inguruko eskandaluak argitara atera diren mundu osoan, Israelen ez da abiatu ikerketa bat ere. NSO bakarrik jarduten den eragile gisa irudikatzen badute hedabideetan, ez dugu konponduko arazoa. Israel hagitz eroso dago kontakizun horrekin.

Poliziak Pegasus erabili zuen zibil israeldarrak zelatatzeko, legezko ikuskatzerik gabe. Horren ondotik ere ez da deus gertatuko?

Ez. Fiskal nagusiak erran zuen agindu judizial batekin jardun zirela. Anitzetan, autoritateek ez dute gauza handirik frogatu behar agindu judizial bat lortu eta, hala, Pegasusen gisako tresnak erabili ahal izateko. Terrorearen kontrako gerra eta krimenaren aurkako borroka kontzeptuek, bertzeak bertze, modua ematen dute agindu judizialak erraz eskuratzeko.

Pegasus programak debekatua egon beharko luke, espero izatekoa baita auzitegiek bide ematea gobernuak eskatutako agindu judizialei. Katalunian jada baziren sedizioagatik auzipetutako politikariak, ezta? Madrilek agindu bat eskatzen baldin badu eta auzitegiak aitzinetik erabakia baldin badu zer iritzi duen independentismoari buruz, eman eginen dio agindu judiziala.

Nola eragin diote Pegasus erabiltzearen harira sortutako eskandaluek Israeli?

Indartu egin da. Diktadoreek atsegin dute Pegasus, eta demokraziek ere Europako Batasunekoak barne badute jada, edo eskuratu nahi dute. Erabiltzen dutenez gero, zergatik debekatu nahiko dute edo zer dela-eta eskatu nahiko dizkiote kontuak Israeli edo NSOri?

Pegasusek kalte egin diezaioke erabiltzen duenari berari; Israel da horren erakusgarri. Horrek gibelera eginaraziko die erosleei?

Ez, beren esku eduki nahi baitute programa, eta etsaien kontra erabili. Etsaiak ez dira erakunde terroristak bakarrik, aurkari politikoak ere bai. Citizen Labengatik izan ez balitz, inork ez zukeen jakinen Madrilek Pegasus erabiltzen zuela. Ikusezina da.

Ez da oposizioko kideak saldoan atxilotzearen parekoa, ezta torturatzearen eta hiltzearen parekoa ere. Ez dute pagatzen inongo prezio politikorik, baina independentismoari edo garaian garaiko oposizio mugimenduari erasaten diote.]]>
<![CDATA[«Sahararrek ez dugu onartuko su etenik gatazka konpontzen ez bada»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1896/014/001/2022-04-23/sahararrek_ez_dugu_onartuko_su_etenik_gatazka_konpontzen_ez_bada.htm Sat, 23 Apr 2022 00:00:00 +0200 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1896/014/001/2022-04-23/sahararrek_ez_dugu_onartuko_su_etenik_gatazka_konpontzen_ez_bada.htm
Mansur SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko egungo Barne ministroa da, Hezkuntza eta Atzerri ministro izandakoa, eta, ohartarazi duenez, NBE Nazio Batuen Erakundearen ebazpenen edukiarekin bat etorriko den galdeketa bat egitea da modu bakarra marokoar okupatzaileekin duten gatazka bukatzeko, ebazpen horiek sahararren autodeterminazio eskubidea jasotzen baitute.

Barne ministroak Mendebaldeko Saharatik bertatik BERRIAri errandakoaren arabera, Sanchezen erabakiak izkin egiten dio Espainiako Gobernuaren erantzukizun historikoari, eta baliteke gaizki kalkulatutako kontzesio bat izatea, Mohamed VI.ari egindakoa.

Espainiako Gobernuak gertatu denaren inguruko bere ikuspegia azaldu du egunotan. Zure iritziz, zer gertatu da eta zer ondorio dakartza Madrilek hartutako erabakiak?

Tamalgarria da Madrilek horrela amore eman izana Marokori, migrazioaren inguruko presioengatik. PSOEren programa ikusita, uste genuen NBEk Mendebaldeko Sahararako prestatutako bide orriari eutsiko ziola Madrilek, lurraldearen autodeterminazio eskubidea bermatzen baitu, eta gatazka konpontzeko bide iraunkor baten alde egin.

Madrilek inolako lotsarik gabe saldu gintuen 1975ean ere. Ondotik, armak saldu dizkio Marokori, estatu okupatzaileari, nahiz eta jakin Fronte Polisarioaren aurka erabiliko zituela, subiranotasuna eta independentzia lortzeko gerran ari diren sahararren aurka. Orain, sahararrak saldu egin dituzte berriz ere, inongo argumenturik gabe.

Zer eragin du erabaki horrek gatazkaren konponbidean?

Batere ez. Nazioarteko legediaren aurka doa. Segurtasun Kontseiluaren ebazpenekin bat ez datorren ezein erabakik ez du eraginik izanen. Kontuan hartu behar da Europako epaitegien zenbait erabakik baieztatzen dutela Maroko eta Mendebaldeko Sahara bi lurralde direla, eta Rabatek ez duela inongo eskubiderik Mendebaldeko Saharari dagokionez, ez haren kostaldean, ez haren plataforma kontinentalean eta ez haren aire eremuan.

Espainiako Gobernua horren jakitun dago, eta ez du inolako gaitasunik Espainiako iritzi publikoa konbentzitzeko. Errusiak Ukraina inbaditzearen aurka agertu da, eta inbasioa dela salatu du. Ondoan duen inbasioa, ordea, NBEk berak inbasiotzat jo duena, Marokorekin adostu du, gordeka. Noiz-eta NBEk Sahararen autodeterminazio eskubidea aitortzen duten 74 ebazpen onartuak dituenean jada.

Mendebaldeko Sahara Marokoko autonomiatzat hartu ahal izateko, Rabatek lurraldearen gaineko aginpidea eskuratu behar du. Eta 46 urtean ez du halakorik lortu, ez bide militarra baliatuz, ez bide judiziala erabiliz. Rabatek argi baldin badu saharar independentistak gutxiengoa direla, egin dezagun galdeketa bat.

Nola hartu dute sahararrek erabakia?

Lotsa eman die, eta dezepzioa piztu. Baita inguruko herrialdeei ere, Aljeria barne. Madrili hainbertze gustatzen bazaio Marokoren laguna izatea, oparitu diezaiola Errege jauregia edo Zibele iturria, baina bizilagunaren etxea saltzeak ez du itxurarik.

Sahararrei Marokoren autonomia bat izan daitezen proposatzea haiek umiliatzea da, espainiarren eta sahararren 96 urteko historia komuna pikutara botatzea. Justifikazio gisa, Madrilek erran du bertzelako harreman bat sortu nahi duela Marokorekin, kide fidagarria izan dadin. Fidagarria, zein-eta Maroko?

Hori pentsatzea zera da, Espainia eta Marokoren arteko harremanen historiari ez ikusi egitea. Rabat ez da sekula fidagarria izan, deusetan ez. Ez terrorismoaren kontrako borrokan, ez migrazioaren arloan, ez droga trafikoan, ez mugen gaian, ez deusetan. Marokorekin harreman fidagarri bat lortu nahi izatea Espainiaren eta Rabaten arteko historiari ez ikusi egitea da.

Dena azkartu egin da 2020az geroztik, Guerguerateko gertaeren ondotik.

Guergueraten [Mendebaldeko Sahararen hegoaldean] mugako pasabide bat ireki zen, Mauritaniako mugan, egoera jakin batean, eta Marokok irekita eutsi nahi izan dio, eta gehiegitan erabili du. Espero genuen NBEk ahaleginak eginen zituela arazoa konpontzeko, baina, ikusita NBEk ez zuela deus egiten, Maroko lotsarik gabe jokatzen hasi zen, eta armada bidali zuen inguru hartan zeuden zibil sahararren aurka.

Fronte Polisarioak ohartarazia zuen Marokoko armada harresiaren ekialdera dagoen Mendebaldeko Saharako eremuan sartzeak —frontearen esku dago inguru hori— 1991tik genuen su etena urratzea zekarrela, eta ezin zela halakorik onartu. Etengabe urratu da, baina ez hain modu larrian, eta are gutxiago zibil errugabeei eraso eginez. Hori horrela, Fronte Polisarioak tiro egin beharra zuen, eta su etena hautsi egin zen.

Gazte saharar anitz gerrara joan ziren, eta guda ez da bukatu oraindik.

Espero baino gazte talde gehiagok bat egin zuten Fronte Polisarioarekin garai hartan. Entrenamendu eskolak mukuru bete ziren, ez zegoen ibilgailu aski denak alde batetik bertzera eramateko, eta hainbat arazo konpondu behar izan ziren sortu ahala.

Higatze gerra bat da, ez dago bataila handirik, eta harresiaren inguruan ari dira borrokan [Marokok okupatuak dituen lurren eta Fronte Polisarioaren esku daudenen artean; lehenak kostaldean daude, eta bigarrenak barnealdean]. Marokok soldadu anitz galdu ditu, desabantailak dituelako. Posizio finkoak ditu harresian barrena, eta, gureak, aldiz, mugikorrak dira. Guk ikusten diren posizioak bonbardatzen ditugu; haiek zarata egiteko bonbardatzen dute, baina ez dakite non gauden.

Sarraski izugarria pairatzen ari dira, eta horrek, bistan denez, Marokoko armadari eta gobernuari eragiten die; hainbertzeraino, ezen orain alde batetik bertzera baitabiltza, lasterka, NBEri eta mundu guziari galdezka bi aldeen arteko su etena lor dezatela. Guk, ordea, ez dugu halakorik onartuko gatazka konpontzen ez den bitartean.

Blokeoak hiru hamarkada iraun du jada, eta, tarte horretan, Marokok inpunitatez ustiatu du Mendebaldeko Sahara. Zer interes komun dituzte Madrilek, Rabatek eta Bruselak inguru horretan?

Marokoren okupazioak xede ekonomikoak ditu. Rabati ez zaizkio axola ez sahararrak ez basamortuko eremuak. Saharako fosfatoa nahi dute, hari esker munduko ekoizlerik handienen artean bigarrena baita Maroko, eta, horrek zeresana ematen dio prezioak ezartzeko garaian. Arrantza da bertze faktore bat. Mendebaldeko Sahararen kostaldea 1.200 kilometro luze da; arrain anitz daude, eta gisa anitzetakoak.

Hain zuzen, Rabatek eta Europako Batasunak hori nahi dute. Europak ehun ontzi ditu Saharako kostaldean, eta horrek ekonomikoki eragiten dio Marokori. Egoerak bere hartan dirau, nahiz eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak bi aldiz adierazi duen Europako Batasunak eta Marokok ez luketela ustiatu behar lurralde hori sahararren baimenik gabe, ez baitago Rabaten esku.

Nekazaritza ere kontuan hartu behar da: haiek zenbait lur lantzen ari dira kostaldetik hurbil dauden zenbait eremutan, Dahla inguruan, eta baratze horiek uzta aparta ematen dute, hango klimak modua ematen baitu uzta urtean hiru aldiz biltzeko. Hala, Europak produktu freskoak ditu neguan.

Zer-nolakoa da bizimodua Sahara okupatuan?

Marokok indar militarretako 100.000 kide ditu lurraldean, soldaduak eta poliziak kontuan hartuta. Kolono zibilak daude kostalde guzian, eta arrantza sektorea monopolizatua dute. Bertze batzuk errepideak eraikitzen aritzen dira, edo saltokietan, eta nahi ez dituzten lanpostuak sahararrei uzten dizkiete. Kolonoek segidan aurkitzen dute lana, iparraldetik ailegatu eta biharamunean. Sahararrek, ordea, ez dute lanik aurkitzen beren lurraldean, ezta ikasi eta graduatuta ere.

Horrek ezinegona pizten du sahararren artean, eta ezin dute deus egin beren identitatea defendatzeko, ezta Fronte Polisarioaren alde daudela adierazteko ere. Ezin dute bandera bat erakutsi ere, eraso egiten baitiete eta jazarri egiten baitzaizkie berehala. Ezin dira beren lurren jabe izan, kolono marokoarren artean banatzen baitituzte. Lur eremu bat baldin baduzu eta kolono marokoar bat han ezartzen bada, administrazioa agertu, eta sahararrak kanporatzen ditu, indarrez. Marokok errepresioa darabil, eta sahararrak lur horietatik kanporatzea errazten du: noranahi bidaltzen ditu, pateran edo nolanahi, lurraldea modu egonkor eta seguruan koloniza dadin. Apartheid erregimen bat ezarri dute lurralde okupatu guzian.

Zer gertatuko litzateke sahararrekin eta haien eskubide sozial eta politikoekin Marokok proposaturiko autonomiaren pean?

Ez da inoiz halakorik izanen. 1975ean egindako gauza bera eginen dugu: borrokan segitu. Nazioartean borrokatzen segituko dugu, borrokak ehun urte gehiago iraun behar badu ere. Sahararrek argi dute. Borroka gogortu egin da su etena hautsi ondotik, bai Saharako lurretan, bai Marokoren hegoaldean; han ere badira saharar jatorriko herritarrak.

Ez dugu uste Marokoko erregimenak luzaz irauten ahal duenik halako egoera batean. 1991n, haiek etorri ziren negarrez, su etena egiteko eskatuz eta konponbide baketsu bat lortu nahian. Baina, hain justu, haiek urratu dituzte konponbide baketsuak, eta, orain, guk borrokari ekin diogu berriz ere. Eta ez dugu inongo asmorik su etenik egiteko Saharako Errepublika independente izan eta bere lurretan errotu arte.

Espainia Marokoren alde egotea ez da faktore erabakigarri bat. Beti egon da Rabaten alde, hitz onak goiti-beheiti. Frantziak ere esku hartu du arlo militarrean, hegazkinak bidali baititu Marokori laguntzeko, eta AEBek ere bai, gerrarako materiala eman baitiote Rabati. Baten batek uste badu horrela statu quo-ari euts diezaiokeela eta Marokok gerra irabaztea lortu, jakin dezatela ez dutela inoiz lortuko.

Ez dugu bitartekorik iritzi publikoan inpaktu handia eraginen duen gerra bat egiteko, baina sinets iezadazu: gure jarduna eraginkorra da lekuan bertan, eta Marokoko armadak dituen zailtasunek herria edo militarrak beren erregimenaren aurka altxatzea eragin dezakete.

PSOEk Voxekin batera bozkatu zuen Europako Parlamentuan, Sultana Jaya Sakharov saria eskuratzeko hautagai izan zedin eragozteko. Zer erraten ahal duzu hari buruz? Eta zeren beldur ziren PSOE eta Vox?

Espainiako Gobernuak Marokoren mesedetan jokatu zuen, eta saiatu ziren Sultana Jayak ez zezan izan eraginik Europako Parlamentuan. Berdin gertatu zen lehenago Aminatu Haidarrekin: hura ere aktibista saharar bat da, eta hainbat sari eman dizkiote. Uste dut Alderdi Sozialista lotsagarri geratu zela, Jayari sari bat emateak ez baitu sahararren independentzia ekarriko: giza ekintza bat da, ekintza humanitario bat, eta sahararrenganako errespetua erakusten du.

Saharako bandera bat erakusteagatik, Jayak urte bat eta zenbait hilabete darama etxean preso; argia moztu diote, Marokoko armadaren hainbat eraso jasan ditu, eta eraso horiek etxea suntsitu diote; gainera, bortxatu egin dute, eta gai kimikoak paratu dizkiote etxean. Denetik egin diote.

Hori guzia goiti-beheiti, Sanchezek nahi du Marokoren barreneko autonomia bat izan gaitezela. Ez baitaki Maroko zer den. Legea betetzen ez duen herrialde bat da; despota batek gobernatzen du, Mohamed VI.ak, eta bere gortea du. Kazetariak eta giza eskubideen defendatzaileak atxilo hartzen dituzte, eta inoiz ez da deus pasatzen.

Bertzeak bertze, Amnesty International eta Human Rights Watch erakundeek Maroko kritikatu dute txostenetan, baina inork ez du deus egiten. Europako agintariek inolako begirunerik gabe jokatzen dute hegoaldeko, Latinoamerikako eta Asiako herrialdeekin.]]>
<![CDATA[«Gatazka konpontzen ez den bitartean, sahararrek ez dugu onartuko Marokorekin su etenik egitea»]]> https://www.berria.eus/albisteak/212448/gatazka_konpontzen_ez_den_bitartean_sahararrek_ez_dugu_onartuko_marokorekin_su_etenik_egitea.htm Fri, 22 Apr 2022 06:16:49 +0200 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/albisteak/212448/gatazka_konpontzen_ez_den_bitartean_sahararrek_ez_dugu_onartuko_marokorekin_su_etenik_egitea.htm <![CDATA[«Okupazioan, okerrena da ez zaiela iruditzen gerra krimenak direnik»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1959/014/002/2022-03-25/okupazioan_okerrena_da_ez_zaiela_iruditzen_gerra_krimenak_direnik.htm Fri, 25 Mar 2022 00:00:00 +0100 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1959/014/002/2022-03-25/okupazioan_okerrena_da_ez_zaiela_iruditzen_gerra_krimenak_direnik.htm
Giza Eskubideen Palestinako Zentroaren sortzailea eta zuzendaria da Sourani. Palestinan zuzenbide estatua ezartzearen alde egin duen lana saritu izan dute nazioartean, baina zapaldu ere egin dute bai Israelek eta bai Palestinako Aginte Nazionalak, sei aldiz espetxeratu baitute Sourani.

Nolakoa da giza eskubideen defendatzaile izatea Gazan?

Hemen ezin zara giza eskubideen defendatzaile izan iraultzailea ez bazara, erromantikoa ez bazara, egunero garesti ordaintzen aritzeko prest dagoen norbait ez bazara.

Osloko Ituna [1993] sinatu aurretik, agenda sinpleago bat genuen: okupazioa amaitzea. Ordaindu behar izaten dugu: espetxean sartzen zaituzte, eta mehatxupean bizitzen zara, asko sufrituta. Baina, orain, Palestina giza eskubideak errespetatzearen eredu izatea nahi duten ameslariak garen aldetik, beste oztopo batzuk ditugu: Palestinako Aginte Nazionala —ni neu izan nintzen erakunde horren lehen presoa, Yasser Arafat Palestinako errege eztabaidaezina zenean— eta Hamas. Konfrontazioa daukagu Israelen okupazioarekin, baina beste arazo larri batzuk ere baditugu Palestinako Aginte Nazionalarekin eta Hamasekin, zuzenbide estatuari, demokraziari eta giza eskubideei dagokienez.

Kasu batzuk atzerrira eraman dituzu. Zergatik?

Zuzenbide estatuan sinesten dugu, eta hura lortzen saiatzen ari gara. Urte askoan, gerra krimen guztiak dokumentatu ditugu, eta Israelgo sistema judizialean aurkeztu. Nik neuk 43 urte daramatzat abokatu gisa lanean, eta Israelgo sistema judizialeko aukera guztiak probatu ditut, ezin gehiago. Ez dugu ia kasu batean ere lortu emaitza positiborik, eta lortu dugunetan garaipen sinbolikoak baino ez dira izan.

Batzuek esaten digute ergelak edo naifak garela Israelgo sistema judizialera jotzeagatik. Baina, horri esker, egitateak, dokumentuak eta auzitegiaren erabakiak baliatu ahal izan ditugu sistemaz hitz egiteko, eta datu sendoak bildu ditugu agerian uzteko Israelgo sistemak estali egiten dituela palestinarren aurka sistematikoki egiten diren gerra krimenak. Beste milaka kasuk ere frogatzen dute hori. Gainera, jurisdikzio unibertsalera jo nahi badugu, Espainiako Estatuko Auzitegi Nazionalera eta Londresera jo dugun bezala, frogatu beharko dugu, batetik, gure esku zeuden bide guztiak ibili ditugula, okupazioaren auzitegiko bideak alegia, eta, bestetik, bide horiek ez digutela balio izan duintasuna eta justizia lortzeko.

B'Tselemekin batera egin duzun ikerketan (Unwilling or Unable Borondaterik ez edo gaitasunik ez), ondorioztatzen duzue Israelek ez duela borondaterik edo gaitasunik gizadiaren aurkako krimenak ikertzeko. Nola frogatu duzue hori?

Itzuleraren Aldeko Martxa Handiari erreparatu diogu. Denbora mugatuko esperientzia bat izan zen, eta Gazako zerrendako eremu jakin batzuetan egina. Han, larri urratu ziren zenbait giza eskubide, eta ehunka pertsona hil ziren ondorioz, tartean umeak, erizainak eta elbarriak; askotan, gainera, tiroka ari ziren frankotiratzaile israeldarrak ez zeuden arriskuan. Milaka pertsona zauritu zituzten, eta beste ehunka lagunek gorputz atalen bat galdu zuten.

Kasu horietako bakoitzak Israelgo sistema judizialean izan duen bilakaerari erreparatu diogu, eta zerbait sinpleaz jabetu gara: Israelek bere lege propioak dituela. Ez ditu onartzen nazioarteko zuzenbidea, legedi humanitarioa eta giza eskubideak. Salaketa aurkeztu genuen entitate horrek berak, Abokatu Militar Nagusiak, baimena eman zuen Itzuleraren Aldeko Martxa Handian munizio erreala erabiltzeko zibil palestinarren kontra. Kasuak ez dituzte nazioarteko zuzenbidean oinarrituta ikertzen, Israelgo barne erregulazioetan oinarrituta baizik, soldaduak bete dituen edo ez aztertuz.

Palestinako Aginte Nazionalak eta Hamasek ere etekina ateratzen diote inpunitateari.

Ez nago oso harro Palestinako Agintearen errepresioa kritikatzeagatik egondako lehen preso politiko palestinarra izateaz. Adierazteko eta biltzeko askatasuna mugatzen dute, eta era masiboan atxilotzen dituzte oposizioko taldeak. Hori aspaldi izan zen, baina oraindik ere baditugu kontu horiei lotutako arazoak, besteak beste torturak eta atxilotze arbitrarioak. Arazo berak ditugu Hamasekin. Hemen, oraindik indarrean dago heriotza zigorra, nahiz eta ez den erabili duela azken bi urteetan. Hamas ez beste talde politikoen jarduna mugatuta dago: giza eskubideen urraketa bat da, argi eta garbi. Zisjordanian gertatzen da hori, baita Gazako zerrendan ere.

Nazioarteko Zigor Auzitegiak zenbait ikerketa abiatu zituen iazko maiatzeko erasoak aztertzeko. Zure ustez, horrek justizia ekarriko du?

Iazko urtea ezin bereziagoa izan zen, Nazioarteko Zigor Auzitegiak adierazi baitzuen Gaza eta Jerusalem bere jurisdikzioaren barruan daudela. Eztabaidaezina da orain: Nazioarteko Justizia Auzitegiak eskubidea du ikertzeko zer gertatzen den lurralde horietan.

Gainera, iazko martxoan, Fatou Bensouda fiskalak ausardia handiz batzorde bat sortu zuen Nazioarteko Justizia Auzitegian aurkeztu ditugun eskaera guztiak ikertzeko, mehatxu zuzenak egin dizkioten arren. Horrek esan nahi du Israelek egindako gerra krimenen eta gizadiaren aurkako krimenen aurka egin ditugun alegazio guztiei buruzko ikerketak abian egon beharko lukeela oraindik ere.

Gazan, Nazioarteko Justizia Auzitegiak zenbait auzi ikertuko ditu: batetik, 2014an zerrendaren kontra izandako erasoaldia; bestetik, 2018ko Itzuleraren Aldeko Martxa Handia eta iazko maiatzeko erasoaldia; eta, azkenik, Gazari ezarri zitzaion blokeoa.

Zisjordanian, palestinarren garbiketa etnikoa eta Jerusalemen judaizazioa ikertuko ditu auzitegiak. Apartheid krimenak eta arpilatzeak ere aztertuko ditu; izan ere, Israelek baliabideak kentzen dizkigu, besteak beste aberastasun energetikoa, petrolioa, ura eta mineralak. Azkenik, soldaduen kokalekuetako krimenak ere ikertuko ditu.

Egunero izaten dira erasoak Gazako zerrendan. Giza Eskubideen Palestinako Zentroan arrantzaleen eta nekazarien aurkako erasoak dokumentatzen dituzue, esaterako. Zer diozu horren inguruan?

Gazako zerrendan, nekazaritzarako emankorrak diren lurren %33 [Israelekiko] mugan daude. Hori asko da, are gehiago kontuan izanda munduan biztanle dentsitaterik handiena duten lurraldeetako bat garela. %33 hori kanpoan uztea mingarria da, eta, okupazioa dela eta, nekazari batzuk ezin dira beren lurretara joan. Izugarri zailtzen diete bizimodua, eta han ereitea ezinezkoa da. Batzuetan heriotza ere ekartzen die, odola, lesioak.

Beste aldean, itsasoa daukagu. Gure kostaldea 33 kilometro luze da, eta ezin gara itsas barrura joan. Normalean, itsas barrura 3-8 kilometro joaten uzten digute. Arrantzaleentzat, igerileku bat bezalakoa da hori. Jazarri egiten zaizkie, eta asko sufritzen dute... Horren eremu txikian arrantzatzen dutenez, bizigaiak oso urriak dira. Pobreziaren mugan daude.

Nola liteke armada horrek, zeinak itsaspekoak, gerra hegazkin espezializatuak eta munduko armarik teknologikoenak dituen, nekazariei apuntatzea mugen inguruan? Zenbat israeldar hil dira mugetatik gertu azken urteetan? Ia bat ere ez! Zenbat israeldar hil dira itsasoan? Bat ere ez. Orduan, zergatik apuntatzen diete nekazari eta arrantzaleei? Horregatik daude Gazako biztanleen %65 langabezian edo lansaririk jaso gabe, ia %90 pobrezia mugatik behera, eta horregatik jasotzen dute ia %85ek UNRWAren edo halako beste erakunderen baten laguntza. Are, UNRWA ere sufritzen ari da bere lana egin ahal izateko eta Palestinako herritarrei zerbitzuak eskaini ahal izateko.

Gazan gertatzen ari den guztia kontuan hartuta, hemen bizitzea ezinezkoa da. Suizidioa da. Okupazioan, okerrena ez dira krimenak, alderdi morala baizik: haiei ez zaie iruditzen gerra krimenak egiten ari direnik.]]>
<![CDATA[IHESERAKO AKUILU]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1981/002/001/2021-12-12/iheserako_akuilu.htm Sun, 12 Dec 2021 00:00:00 +0100 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1981/002/001/2021-12-12/iheserako_akuilu.htm
Osasun Ministerioak bertan behera utzi ditu sendagaien kostua merkatuko luketen subsidio gehienak; baita arrisku handia duten gaixo batzuentzat behar-beharrezkoak direnak ere. Horien artean daude, besteak beste, bihotzeko gaitzen bat dutenak eta odol presio handia dutenak. Prezioak lehen halako sei dira orain, eta farmazialariek aitortu dute bezeroen %90 esku hutsik ateratzen direla dendatik, ezin dutelako lortu behar duten sendagaia. Hori ez da inola ere salbuespena: sendagaiak lortzeko borrokak erakusten du zein zaila den oinarrizko ia edozein produktu eskuratzea Libanon.

Atzerriko dibisarik ez duenez, estatuak bertan behera utzi ditu bizitzaren prezioa demokratizatzen zuten subsidioak. Gasolina %2.000 garestiago dago duela 12 hilabete baino, eta elikagaien eta alkoholik gabeko edarien inflazio orokorra %280 da. Gehienentzat, Libanon bizitzea ezinezkoa da matematikoki: prezioak gora doaz etengabe, eta diruaren debaluazioak, azken bi urteetan %90 baino handiagoa izan baita, txikitu egiten du Libanoko gutxieneko soldata. Orain dela bi urte, 675.000 liberak 450 dolar balio zuten, eta gaur egun, berriz, 30 dolar ere ez dute balio.

Miseria segika dute Libanoko bizilagunek, oheraino segika. Estatuak ezin die energiarik eskaini egunean ordubete baino gehiago, eta herritar gehienak ilunpetan dabiltza. Herrialdean erregai gutxi dagoenez, sorgailu pribatu bakan batzuek funtzionatzen dute; gobernuak lagatako hutsunea betetzen ahalegintzen dira, eta, egunean dozena bat ordu, argindarrez hornitzen dituzte zahar etxeak, saltokiak eta ospitaleak. Baina jende gutxik eduki ahal du horrelako baliabiderik, herrialdeko soldata gutxienekoa baino gehiago kostatzen baita hilean. Txorrotako uraren etenaldiak ere ohikoak dira zenbait eremutan —baita Beiruten ere—, eta, horregatik, jende asko dutxatzeke joaten da goizean lanera, eta batzuek besteei ostatu ematen diete, bainatzeko aukera ematearren.

«Libano erabat deseginda dago», kontatu du Milik, BERRIAri egindako adierazpenetan; etxeko langile bat da, Madagaskarkoa jatorriz. «Batzuetan, ez dugu argindarrik egunean ordubete ere. Ahaztu ere egin zaigu denoi zer den oilaskoa, okela jatea, edo olioa eta esnea edukitzea». Mili emakume migranteen talde bateko kide da; emakume horiek dira gizarteko azken katebegia, eta elkarri laguntzen diote. «Jende gehiegi ari da sufritzen. Nornahiren laguntza onartzen dugu», gogora ekarri du. Alokairua ordaindu ezinik dabiltzan emakumeei laguntzen diete, eta Gabonetan jateko zerbait banatu nahi diete: «Ospakizun handia da, eta mundu guztiak merezi du pozik egotea eta sufrimendu hau guztia apur bat ahaztea». Gasolinaren prezio berria dela eta, ordea, ezin dute banaketa autoz egin.

Haserrea, kalera

Milaka manifestarik hainbat errepide blokeatu zituzten herrialde osoan joan den astelehenean. Protestan dabiltza Libanon jasan behar diren bizi baldintza latzengatik, eta klase politikoari egozten diote herritarren gosea. Hilabete eta gehiago da Najib Mikatiren gobernu berria ez dela batzartu,Tarek Bitar epailearen inguruan izandako eztabaiden eraginez; epaile hori da Beiruteko kaiko leherketaren ikerketaren burua. Hezbollahk eta haren aliatuek Bitar akusatzen dute beraiek bakarrik jartzeaz jopuntuan, eta iragarria zuten gobernuaren bilerak boikotatuko zituztela epaile hori egozten ez duten bitartean. Bestalde, oraindik ez du finantzabiderik hainbestetan iragarria duten errazionamendu agiriak, subsidioak desagertu izana arintzeko balio beharko lukeenak, eta NDF Nazioarteko Diru Funtsarekiko akordioa ere betetzeko dago.

Mikatiren gobernua ahaleginean ari da beste estatu batzuetan aurkitzeko bere estatuan bertan lortzen ez dituen eta are lortzen saiatzen ez den konponbideak. Energiaren krisian, eskualde horretako zenbait herrialderen arteko akordio bat agian adabakitxo bat izan liteke, baina behin-behinekoa zeharo. Jordania eta Egipto prest daude energia baliabideak bidaltzeko Mediterraneoko herrialde txiki horretara, Siriako lurraldea gurutzatzen duen hodiaren bitartez. Akordio horri esker, Libanoko biztanleek argindarra izan lezakete egunean sei orduz, eta hitzarmenak Baxar al-Assadi egiten dio mesede, baliagarri izango baitzaio eskualdeko zenbait eragilerekin dituen harremanak normaltzeko. AEBek onespena emana dute: nahiz eta Washingtonek zenbait zigor abiaraziak dituen Siriako erregimenaren aurka, Etxe Zuriak ontzat jo du energia Siriaren bitartez salerostea. AEBen erabaki horrek, hain zuzen, galarazi egingo dio Hezbollahri Libanon etekin politikoa ateratzen segitzea erregaia inportatuz Irandik, sustatzaile duen herrialdetik. Hala ere, zenbaitek aditzera eman dute AEBak eta Al-Assaden erregimena elkarrengana hurbiltzen hasiak ote diren. Badirudi aukera hori berresten dutela berriki argitara atera diren zenbait irudik, non Al-Assaden senide bat ageri baita Los Angelesen barna, Ferrari batean. Horren harira, siriar ugarik protesta egin dute sare sozialetan, beraiei bisak ukatu dizkietelako eta, aldiz, AEBetako agintariek ongietorria egin diotelako Al-Assaden senide horri.

Fantasiaren lurraldean

Ez dirudi Libanoren gainbehera etengabeak estresa sortzen dienik herrialdeko politikariei; izan ere, urte bat baino gehiago behar izan zuten gobernu berria osatzeko, aitzinekoek boterea utzi ondotik, Beiruteko portuko leherketa gertatu eta egun batzuetara. Hori guztia, beharbada, lotuta dago joan den astean Olivier de Schutter muturreko pobreziari eta goseari buruzko NBEko kontalari bereziak ondorioztatutakoarekin. Libanon bi aste igaro zituen De Schutterrek: tarte horretan, agintariekin bildu, eta aztertu zuen gobernua nola erantzuten ari den herrialdeari erasaten dioten askotariko krisiei. Bi aste horien ondotik, De Shutterrek ondorioztatu zuen Libanoko politikariak «fantasiaren lurraldean» bizi direla. «Buruzagi politikoen utzikeria txundigarria da», adierazi zuen diplomazialariak Libanora egindako bisitaren azken egunean. «Zinez asaldatuta nago ikusita zer-nolako deskonexioa dagoen agintarien eta pobrezia bertatik bertara jasaten dutenen artean». Mikati lehen ministroaren jarrera bat dator De Schutterrek salatutakoarekin, azaroko azken astean Erroman ikusi baitzuten agintaria, luxuzko hotel batean egun batzuk pasatzen.

«Herritarrak egunez egun irauten saiatzen ari diren honetan, gobernua denbora baliotsua galtzen ari da kontuak eman beharra saihestu nahian», gaitzetsi zuen NBEren ordezkariak, eta politikariei leporatu zien «errefuxiatuak jo izana herrialdeko krisiaren erantzuletzat, bulegoetan babestuta zeuden bitartean, eroso». Haurren egoerak ere kezka piztu zion De Schutterri. Kontalariak salatu zuen haur askok «eskola utzi, eta lanean hasi» behar izaten dutela, «baldintza arriskutsuetan». Tokiko eta nazioarteko hainbat erakunde lanean hasi dira herrialdeko milaka haurren buru osasuna babesten saiatzeko, eta, ikerketa batean, Unicefek nabarmendu du presazkoa dela umeen elikadurari arreta handiagoa jartzea. Ikerketa horren arabera, Libanon bizi diren familia gehienetan, gutxienez haurren batek ez du egin zegokion otorduren bat urrian, «bizi baldintzak lazgarriro okertu baitira». Hala Beiruten nola herrialdeko beste hiri batzuetan, gero eta haur gehiago ibiltzen dira zaborrontzietan janari bila, edo jatetxeen inguruan eskean. «Krisia hain da handia, non ohartarazpen moduko bat izan beharko lukeen», esan zuen Yukie Mokuok, Unicefen Libanoko ordezkariak.

Itzultzeko txartelik gabe

Azken asteetan asilo eskatzaileak pilatu egin dira Poloniako mugetan, eta horrek agerian utzi du Libano bezalako herrialdeek lur jotzen dutenean arriskuan jartzen direla Europako Batasunaren interesak; izan ere, milioi bat errefuxiatu siriar baino gehiago bizi dira Libanon. Errefuxiatuek ez daukate merkatuaren lan eskaintzetarako ia aukerarik, eta egungo krisi gupidagabeak bi dolar baino gutxiagora murriztu die langile askori eguneko soldatak. Ondorioz, errefuxiatu gehienek ez dute Libano aukera erakargarritzat jotzen, noizbait hala izan bazen behintzat. Horregatik, eta Siriako zenbait tokitan oraindik ere gertatzen diren bonbardaketengatik, ehunka errefuxiatuk erabaki dute Bielorrusiara joatea, probatzeko.

«Europara emigratzea espero duten horietako asko [zeinak Poloniaren eta Bielorrusiaren arteko mugan harrapatuta geratu diren] Beiruteko Rafik Hariri aireportutik igaro dira», onartu du Libanoko ministro Walid Nassarrek aste honetan egin dituen adierazpen batzuetan. Adierazpen horretan, Nassarrek eskatu zuen turismo agentziek ez dezatela Bielorrusia iragarri Libanotik joateko moduko helmuga gisa.

Hilabeteak dira hori gertatzen dela. Bielorrusiako agintariek bisa turistikoak egin dizkiete siriarrei, Beiruteko auzoetako bidaia agentzien bitartez: adibidez, Hamrako bidaia agentzien bitartez. Enpresa horietako langileek prentsari adierazi diote bulegoak eroslez betetzen zirela, eta prest zeudela 4.000 dolar ere ordaintzeko Europako Batasunaren atarira iristearen truke. Libanoko Orient Today egunkariak, besteak beste, zehatz-mehatz azaldu du bidaiariei zer plan proposatzen zitzaien Minsken lurreratu ondoren bidean aurrera egin zezaten. Teorian, kontrabandista batzuek eramango zituzten Poloniako mugara. Behin hara iritsita, beren kabuz lortu beharko zuten muga pasatzea. Beste aldean, beste auto bat edukiko zuten zain Varsoviara eramateko, Poloniako hiriburura, Alemaniako lurretara abiatu aurretik. Ekialde Hurbiletik Alemaniara iristea lortu duten hainbatek diote 15.000 euro ere ordaindu dituztela, kontrabandistek behartuta pagatu behar dutena barne.

Bielorrusiako agintariek emandako erraztasunei esker, migrazio bide berri bat zabaldu zen, eta Europara iritsi nahi dutenei aukera ematen zien arrisku handi batzuetatik ihes egiteko. Azken urteetan, jitoan nabigatzea izan da biderik ohikoena Greziako edo Zipreko kostara iristeko. Joan den udazkenean, Tripolin, Libanoko hiririk handienetan bigarrenean, ikusi zen nola ehunka libanoarrek eta siriarrek itsasora jotzen zuten ontzi kaskar batzuetan, etsi-etsian Zipreko Errepublikara iristeko, Europako Batasunaren parte baita. Bide horietan arrisku ugari daude ezkutuan, migratzaileen asmoak zapuzteko modukoak: horien eraginez, saiatzera ausartzen direnek bizia edo osasuna galtzen dute. Orain, Bielorrusiako bidea ixten bada, Libanon egongo da bide horiek hartzea pentsatuko duenik.]]>
<![CDATA[Bere historiaren aurka borrokan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1984/004/001/2021-12-12/bere_historiaren_aurka_borrokan.htm Sun, 12 Dec 2021 00:00:00 +0100 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1984/004/001/2021-12-12/bere_historiaren_aurka_borrokan.htm
Familiak borrokan ari dira Libanok eta nazioarteak gaia ahaztu ez dezaten auzia argitu aurretik. Badakite helburu hori defendatzeko indarra dutela, eta ez zaie axola beren burua arriskuan jartzea. Salatzen dute klase politikoa gotortuta dagoela Tarek Bitar epailearen erasoetatik babesteko. Epaile hori funtzionario soil bat da, Beiruteko portuko leherketaren ikerketaren ardura duena, eta, nahi gabe, inpunitate orokorra amaitzea eskatzen dutenen aldarrien ordezkari bilakatu dena.

220 hildako eragin ditu Libanon bake garaian inoiz gertatu den tragediarik handienak, eta aukera eman du herrialdearen norabidea aldatu eta, lehen aldiz, goi kargudunei kontuak eskatzeko. Libanon boterea metatzen duten alderdi tradizionalak horren jakitun daude, eta legezko eta legez kanpoko baliabideak erabiltzen dituzte justiziaren lana blokeatzeko, are gehiago Bitarrek leherketa izandako garaian ministro gisa ziharduten hainbat buruzagi inputatu zituenetik: galarazi egiten dute diputatuei immunitatea kentzea; salaketak aurkezten dituzte Bitar kargutik ken dezaten -ikerketaren ardura hartu zuen bigarren epailea da Bitar, antzeko difamazio kanpaina baten ostean Fadi Sawan kanporatu eta gero-.

Auzipetutako buruzagi guztiak matxinatu dira ikerketaren aurka. Jusef Fenianosek, leherketa gertatu zeneko Herri Lanetarako ministroak, hainbat salaketa aurkeztu ditu Bitarren aurka, «portaera arraroagatik». Beste hainbeste egin du Nohad el-Matxnuk Barne ministro ohiak ere. Hasan Diab lehen ministro izandakoak eta Ali Hassan Khalil Finantza ministro ohiak uko egin diote ikerketan laguntzeari. Ghazi Zaiter, egungo Herri Lanetarako ministroa, ez da agertu ere egin Bitarren aurrean.

Alderdi politiko eta erlijio batekoak eta bestekoak daude auzipetuen artean, baina Hezbollahek eta haren aliatuek jo dute gogorrenik Bitarren aurka, kasua politizatzea leporaturik. Urriaren erdialdean, bide judiziala gainditu zuten, eta estortsiora jo, esanez ez dutela gobernu bileretan parte hartuko, harik eta Bitar ikerketatik kanporatzen duten arte.

Auzipetuek azalpenak emateko duten interesa ez da sinesgarria, baina hainbat alderdik egoera baliatu dute beren burua botere banaketaren defendatzaile gisa aurkezteko. Hala ere, bi hilabeteko blokeo politikoaren ondoren, eta biztanleen % 80 pobreziaren atarian bizi diren herrialde batean, lider tradizionalak adostasun baterantz mugitzen hasiak dira, justiziarako bidean beste oztopo bat jarriz. Michel Aun presidenteak eta Najib Mikati lehen ministroak, zeinak politikoki esku hartzearen aurka zeuden ustez, aukera eman diote parlamentuari Bitarren boterea mugatzeko. Aunen arabera, ganberako diputatuek laster bozkatuko duten neurriak eskumenak kenduko dizkio epaileari, gobernuko kideen aurka jotzea ezinezko eginez.

«Nahikoa da azpijokoak antolatzeaz, eta justiziari oztopoak jartzeaz», aldarrikatu zuen familien bozeramaile batek abenduaren 4ko elkarretaratzean, Libanoren alde ilunena irudikatzen duen ekitaldi horretan. «Modu horretan bozkatzen duten diputatuak gure eta gure kausaren etsaitzat joko ditugu», esan zuen. Baina buruzagi tradizionalek frogatu dute euren esku dagoen guztia egingo dutela zigorgabetasuna bermatzeko.

Indarkeria eta jazarpena

Zigorgabetasunaren eta justiziaren arteko lehia ez da eremu neutral batean jokatzen. Urriaren 14an Beirut gerra eremu bilakatu zuen leherketa abisu bat egon zen. Alderdiek mezu argia helarazi zieten egun hartan herritarrei: bizimodua zailduko dizuegu kontuak eskatzen tematzen bazarete. Hezbollahk eta Amalek, gobernu koalizioko kide diren alderdi xiitek, manifestazio batera deitu zuten Beiruteko justizia jauregiaren aurrean, Bitar epailearen aurka protesta egiteko eta kasutik kanporatzea eskatzeko. Manifestarien aurka tiroka hasi ziren inguruko eraikinetan zeuden frankotiratzaileak. Manifestazioa gudu bilakatu zen, bi aldeak metrailetak eta suziri jaurtigailuak hartuta elkarren kontra hasi baitziren; borrokek bost ordu iraun zuten, eta zazpi lagun hil ziren -tartean, liskarretan parte hartu ez zuen zibil bat-.

Hezbollahko buruzagiek diote tiro egin zutenak Samir Geagea buru duen Libanoko Indarrak alderdi falangista kristauko kideak zirela -Geageak bere gain hartu du Bitarren defendatzaile rola-. Geagearen eta tiroketak izan ziren auzoko bizilagunen arabera, bizilagunek beren kabuz hartu zuten «beren burua defendatzeko erabakia», Hezbollah bertan zegoela ikusita.

Libanoko sistemaren oinarriak dira alderdiek beren militanteen bitartez bultzatzen dituzten beldurtze ekintzak, eta alderdi bakoitzak bere botere kuota du sistema horretan. Erregimenak, gobernu agintari bihurtutako gerra jauntxoak buru dituela, bahituta dauka herrialdea gerra zibilaren amaieratik, eta zigorgabetasuna ala indarkeria aukeratzera behartu du.

Hurrengo egunean heldu zen ezustekoa, eta berriz agertu zen beldurraren eta ziurgabetasunaren esku beltza: Ibrahim Hoteitek, ordura arte biktimen familien bozeramaile izanak, bideo bat argitaratu zuen goizaldean Bitar epailea kargutik kentzeko eskatuz. Bideoan, Hoteitek hainbat orrialdeko testu bat irakurtzen zuen, bi aldeetara eta kameraz kanpo begiratzen zuen bitartean. Susmoa piztu zuen Hoteiten bat-bateko iritzi aldaketak. Ekintzaileak salatu zuen Bitar epaileak «partzialtasunez jokatu eta erabaki politikoak hartu» zituela, baita AEBen «esku hartze lotsagabea» izan zela ere -Hezbollahk defendatzen dituen ideiak dira biak-. Biktimen familiek 24 ordu baino gutxiago behar izan zituzten prentsaurreko bat antolatzeko. Bertan, Bitar babesten zutela berretsi zuten, eta aldendu egin ziren Hoteitek irakurritako manifestutik.

Errudunen bila

«Zigorgabetasunaren kultura dago Libanoko arazoen oinarrian», azaldu dio BERRIAri Aja Majzubek, Libanoko Human Rights Watcheko ikertzaileak. Majzuben esanetan, kultura horrek modua eman die alderdi politikoei era guztietako gehiegikeriak egiteko, beren helburu politikoak lortu eta beren borondatea inposatze aldera, inolako konturik eman gabe. HRWeko kideak uste du horren adibide dela Beiruteko tiroketetan gertatutakoa.

Majzuben arabera, segurtasun indarrak oldartu egin zaizkie azken bi urteetan herrialdean izan diren gobernuaren aurkako mobilizazioei: «Manifestari baketsuak jipoitu dituzte, eta eraso egin diete. Behin eta berriz ikusten dugu nola segurtasun indarrek ez duten borondaterik manifestariak babesteko».

Komunikabideak alderdien esku dauden herrialde batean, HRW da 2020ko abuztuaren 4ko tragedia eragin zuten kausei buruzko ikerketarik handiena argitaratu duen erakundea. Ikerketak argi uzten du arduradunek abisua jaso zutela Beiruteko portuan milaka tona amonio nitrato zeudela, baina ez zutela behar bezala erantzun. Presidenteak, lehen ministroak eta zenbait ministrok aitortu dute alertak jaso zituztela leherketa baino aste batzuk lehenago, baina errugabetzat jo dute beren burua, esanez ez zela haien eskumena, edo ardura beste baten esku utzi zutela. Diabek ere jaso zuen txostena, non estatuko segurtasun agentziek ohartarazten zuten lehergaiek sei urte zeramatzatela portu eremuan. Gaiari buruz galdetu ziotenean, lehen ministroak erantzun zuen ez zituela irakurri dokumentuak.

42 urterekin hildako Amin Zaheden arreba da Rima Zahed, eta biktimen familien taldearen buru izan da. Haren aurretik karguan egon zenak jazarpena jasan behar izan zuen, eta desagertuta ere egon zen aldi batez, baina Zahed irmo agertu zen bere lehen ekitaldi publikoan: «Ohituta daude azalpenik ez ematera, baina biktimen familiak elkartuta gaude, eta errudunak nahi ditugu. Ordaindu egingo duzue».]]>
<![CDATA[Besteen herria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1985/006/001/2021-12-12/besteen_herria.htm Sun, 12 Dec 2021 00:00:00 +0100 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1985/006/001/2021-12-12/besteen_herria.htm
2020ko irailaren 1ean gertatu zen hori. Beiruteko portuan eztanda izan zenetik hilabete baino gutxiago igaro zenean, herrialdeko gobernuak dimisioa eman berri zuen, eta askok uste izan zuten Libanoko klase politikoak ezin izango zuela horrelako zerbait gainditu. Macron ohartu zen egoeraz, eta ez zuen aukera galdu nahi izan.

Frantziako presidenteak nazioartearen lehentasun bihurtu zuen Libano, eta ahalegindu zen argi ikus zedin herrialde hobe baterako itxaropena lotuta zegoela bere lidergo pertsonalarekin. Frantziako buruzagiak nazioarteko konferentziak antolatu zituen Libanorako dirua biltzeko, eta Libanoko buruzagiei ohartarazi zien milioiak ez zitzaizkiela iritsiko gobernurik eta erreformarik gabe, eta Parisek zigortu egingo zituela, baldintzak betetzen ez bazituzten. «Gaur hemen eskatu dudana eta alderdi politiko guztiek, salbuespenik gabe, hitzeman dutena da gobernu berri bat eratzeko negoziazioak ez direla luzatu behar hamabost egun baino gehiago», esan zuen Macronek gau hartan.

Ez zuen asmatu: Libanok 400 egun gehiago behar izan zituen gobernu berri bat osatzeko, eta Libanoko klase politikoak ez ditu erreformak bultzatzen oraindik ere. Macronek amore eman zuen, eta, nazioarteko laguntza jasotzeko baldintzak bete ez arren, Parisek ez zuen inoiz zigorrik onartu elite politikoaren aurka.

«Libanoko sistema sektarioak erresilientzia ikaragarria erakutsi du. Mota guztietako aldaketen aurrean agertu du: portuan izandako leherketaren ostean, krisi ekonomikoari aurre egitean eta erakundeek hamar urte luzez jasan duten blokeo politikoaren aurrean», azaldu dio BERRIAri Baxar el-Halabi analista politiko libanoarrak.

Agintariek arriskuan ikusi zuten beren izen ona 2019ko urrian hasitako gobernuaren aurkako protestetan, baita geroztik Libanok izan dituen hondamendietan ere. Gerra zibilaz geroztik egoera korapilatzen denean erabiltzen duten estrategia bera baliatuz erantzun zuten buruzagiek: gizartea estutu zuten, eta herritarren bizi baldintzak okertu zituzten, herritarrek haiekin bat egin zezaten. Bestela esanda: pobretu egingo zaituztegu gure beharra izan dezazuen.

El-Halabik azaldu du Libanok ez duela beste estatuena bezalako sistemarik: «Ez da oinarritzen adierazle ekonomikoetan, enpleguaren sorreran edo atzerriko inbertsioetan. Eskualdeko beste estatu batzuen babesa bilatu izan du beti, horiek aurrera egiten lagun diezaioten».

Macronek hitzemandako finantza laguntza handia ez zen inoiz iritsi, baina Libanok bere burua elikatzen du aldi berean emandako mailegu anitzen bitartez, eta horiei esker jarraitzen du herrialdeak zutik, nola hala bada ere. Horren adibide dira Munduko Bankuak aste honetan iragarri dituen 18 milioi dolarrak; horien helburua zera izango da, osasun publikoa finantzatzea, zerbitzuaren salneurriak merkatuz eta hura eskuragarri eginez aseguru pribaturik ordaindu ezin dutenentzat.

AEBek eta Erresuma Batuak milioika euroren diru laguntzak eman dizkiote armadari; izan ere, erakundea Libanoko giltzarrietako bat izanik ere, soldaduen soldataren balioa %90 baino gehiago murriztu da bi urtean.

Libanok gero eta menpekotasun handiagoa du nazioarteko giza laguntzarekiko, estatuaren ohiko hutsunearen ondorioz. «Buruzagiek ahalegin txikiena egiten dute, bizitzak aurrera egiteko adina soilik. Horrela, saihestu egiten dute alderdiei eragin diezaieketen erreformak aplikatzea», dio El-Halabik. Haren esanetan, Libanorekin lotura duten atzerriko estatuek onartu egin behar dute aldaketa esanguratsu oro, eta estatu horiek konfesio desberdinetako alderdiek ordezkatzen dituzte. «Sistema osasuntsu eta arrazional bat da? Ez da hala, baina, horri esker, zigorrik gabe jardun dezakete herrialdean», dio analistak.

Nazioarteko mosaikoa

«Etxeak, herriak, hiletak eta ezkontzak bonbardatzen ari dira Yemenen. Huthiek beren burua babesten dute kanpoko erasoetatik. Gerra zentzugabea da, eta amaitu egin behar du», zioen Al-Jazeera kateak urrian argitaratutako adierazpen batek, eta horrek hasiera eman zion Libanoren eta Saudi Arabiaren arteko gatazka diplomatikorik handienari. George Kordahik esan zituen hitz horiek, abuztuan, Libanoko Informazio ministro bilakatu aurretik. Saudi Arabiako agintariek gogor erantzun zuten, haiek baitira Yemengo huthien aurka egiten ari den nazioarteko koalizioaren buru.

Riadek harremanak eten zituen Beirutekin; debekatu egin zuen Libanoko produktuak herrialdean sartzea, eta Libanoren aurkako neurriak hartzera bultzatu zituen Golkoko zenbait estatu. Saudi Arabiako agintariek Saud familiarekiko lotura estua dute adierazi zuten zentzugabea zela Libanorekin harremanak izatea, eta ohartarazi zuten ez zutela gustuko Hezbollahk, Yemengo huthiei babesa ematen dien eta Libano gobernatzen duen talde politiko eta militarrak, horrenbeste botere metatzea.

Beste behin, Libanoko herritarrak beren kontroletik ihes egiten zuen dinamika geopolitiko batean sartuta zeuden. Nolabait, nahiz eta ez dagoen han, Ekialde Hurbilean eragina izan nahi duten hainbat potentzien inguruan dabil Libano. Horietako bi dira Saudi Arabia -Mendebaldearekin harremanak dituen erlijio monarkia musulman sunita- eta Iran -erlijio xiita nagusi den errepublika islamikoa, Mendebaldearen esku hartzeekiko kritikoa eta ekialdeko hainbat talderen babeslea, besteak beste Hezbollahrena eta huthiena -.

Hezbollahren aurkako gorrotoa ohikoa da Saudi Arabiako agintarien eta Libanoko biztanleriaren zati handi baten artean; horiek beldurrez ikusten dute alderdi-miliziak zenbait gairi heltzeko duen modua. Horren adibide dira portuko leherketari buruzko ikerketa oztopatzeko egindako erasoak eta Lokman Slimen ustezko hilketa -Hezbollahrekiko kritikoa zen Slim, eta autoan hilda agertu zen otsailean-.

Saudi Arabiako erregimenak Libanon duen eragina handitzeko urratsa egin zuen, pentsatuz Iranen babesa duten alderdiek joan den urriko Irakeko hauteskundeetan izandako emaitza txarrak eragin zuen desafekzio bera egon litekeela Beiruten Hezbollahrekiko.

Saudi Arabiak bultzatu zituen 1989an Libanoko gerra zibilari amaiera eman zioten akordioak, eta horrek herrialdearen gaineko boterea eman zion. Bilera hartan hitzartu zuten berriz ezartzea Frantziaren agintaldian inposatutako botere sektarioak, eta amnistia eman zieten konfesio bakoitzeko komandante militarrei -eta gerra krimenen egileei-, goi kargudun bilakatu zitezen; eta hala jarraitu dute gaur egun arte. Riad, gainera, funtsezkoa izan zen Libanoko hiriburua berreraikitzeko. Baina Saudi Arabiak eragina galdu zuen Libanon, gertukoen zuten buruzagiak, Saad Hariri sunitak, lehen ministro kargua hartu zuenean, Hezbollahrekin gobernua osatuz. Riad ez zen halako koalizio baten aldekoa, eta ohartarazi zuen horrek adierazten zuela Iran indarra hartzen ari zela herrialdean. Haririrentzat, zeina gobernuko kide izan zitekeen bizitza osoan, Saudi Arabia atsekabetzeak haren babesa galtzea ekarri du, baita lehen ministro izateko ondorengo saiakeretan porrot egitea ere.

Legebiltzarrerako bozak

Libanon 2022ko udaberrian egingo dituzte legebiltzarrerako hauteskundeak. Bigarren bozak izango lirateke 2009tik, ganberak bere kabuz agintaldia hiru aldiz luzatu ondoren. Zaila da esatea egingo dituzten edo ez, Libanoko politikaren azpijokoek zalantzak sortzen baitituzte, baina hainbat eragilek, eta ez tradizionalek bakarrik, hartu dute beren tokia.

Datozen hauteskundeok beste bultzada bat emango diote azken urteetan indartuz joan den gizarte zibilaren parte hartzeari; horren atzean dauden arrazoiak asko eta desberdinak dira: 2019az geroztik gobernuaren aurka piztutako protestak, ustelkeria neurrigabea eta portuko leherketak argitara atera zituen zabarkeria eta pobrezia. «Agintean dagoen oligarkiaren aurkako borroka ez da berria», azaldu du Alaa al-Sajeghek, Libanoko sistema goitik behera aldatzearen alde dagoen oposizioko Li Haqqi taldeko prentsa arduradunak. «Urte asko daramatzagu lan horretan, erregimen sektarioa jendeari alor guztietan huts egiten hasi zenetik», dio Al-Sajeghek. Hark salatzen duenez, gutxi batzuek eraikitako eredu ekonomikoaren emaitza da Libanon egun dagoen kolapso ekonomikoa eta hiperinflazioa: «Ekonomia bahituta daukate».

Li Haqqi da hauteskundeei begira indarrak batzen saiatzen ari diren talde zibiletako bat. Bozetan parte hartuko duten taldeen oinarrizko aldarrikapen batzuk hauek dira: Libanoren sekularizazioa, justizia soziala, Hezbollah bezalako miliziak desarmatzea, eta banku eta finantza sistema aldatzea. «Badakigu hauteskunde hauek ez direla demokratikoak, [alderdi tradizionalek botoak eskatzen dituzte oinarrizko zerbitzuak hobetzearen truke]. Baina ziurtatu nahi dugu parlamentuko diputatu batzuek herritarren interesa lehenetsiko dutela, eta ez bankuena», dio ekintzaileak

Erregimenak sustatutako sistematik aldentzen den gizarte zibila bultzatzearen alde egiten dute Li Haqqik eta beste talde batzuek; izan ere, erregimenari egozten diote klientelismoan, nepotismoan eta sektarismoan oinarritzea. Horregatik, Al-Sajeghen esanetan, elite politikoari aurre egiten jarraituko dute hauteskundeen aurretik eta ondoren: «Sistemari maila guztietan egin behar diogu aurre, eredu alternatiboak eraikiz: parlamentuan, sindikatuan eta herrietan, eredu alternatiboak eraikiz».

Gizarte mugimenduek aukera dute orain arreta narratiba eta arduradun berrietan jartzeko, besteak beste, Libanon dituzten bizi baldintza negargarriek eta gizarte bidegabekeriak sortutako hutsunea baliatuta. Gainontzean, ezin izango dute justiziarik lortu portuko leherketaren biktimentzat, ez eta lagundu ere banku sistemaren ondorioz bizi osoko aurrezkiak galdu dituzten herritarrei.]]>
<![CDATA[Oihuka, gobernu eta justizia eske ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1925/002/001/2021-08-04/oihuka_gobernu_eta_justizia_eske.htm Wed, 04 Aug 2021 00:00:00 +0200 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1925/002/001/2021-08-04/oihuka_gobernu_eta_justizia_eske.htm «Abuztuaren 4an, ez genuen inork lorik egin. Nola egingo genuen lo, bada? Hurrengo egunean, amesgaizto batean egon ahal izatea desiratuz esnatu ginen, baina dena erreala zen. Hondamendia, kea, heriotza, desagertuak, zaurituak», gogoratu du Avedanianek. Hala ere, nabarmendu du jendea kalera irten zela hiria konpondu beharra zegoelako: «Haien esku zegoen. Huts egindako estatu batean bizitzera ohituta dagoen jendea da». Urte bat, atxiloketarik ez Historiako leherketa ez-nuklear handienetik urtebetera, ez dago goi kargudunen aurkako epai edo zigorrik, nahiz eta badauden dokumentuak frogatzen dutenak gobernuko hainbat departamentuk bazekitela 2.750 tona amonio nitrato zeudela pilatuta portuan; horiek izan ziren abuztuko arratsalde hartan lehertu zirenak, eta oraindik ez dago argi zergatik. Lehergaiek sei urte zeramatzaten Beiruteko bihotzean pilatuta, eta horrek sentiarazi die herritar askori bonba baten gainean bizi izan zirela, eta agintariek, horren berri zuten arren, ez zutela ezer egin. Legal Agenda abokatu kolektiboa da biktimen familiei egia bilatzen eta kalte ordainak lortzeko borrokan laguntzen dien instituzio independenteetako bat. Ghida Frangieh kolektiboko kideak salatu du esku hartze politikoa egon dela Libanoko justiziak bultzatutako ikerketan: «Guretzat, oso argi dago Libanon agintzen duten alderdi politikoak ikerketa boikotatzen ari direla, eta leherketako biktimei justizia egiteko ahaleginak atzeratzen». Hark azaldu duenez, parlamentuak, gobernuak eta fiskal nagusiak uko egin diote Tarek Bitar epaileak galdekatu nahi izan dituen goi arduradunei immunitatea kentzeari. Bere garaian, ikerketa zuzentzen duen Bitar epaileak bere gain hartu zuen lana, otsailean, klase politikoak Fadi Sawan epailea kargutik kendu ondoren. Abenduaren 10ean, Sawanek jarduneko lehen ministro Hasan Diab eta beste hiru ministro auzipetu zituen. Hori gertatu zenean, klase politikoak «joera jakinak» izatea eta haien aurka egitea egotzi zion Sawani. Auzipetuek uko egin zioten epaitegian deklaratzeari; jarduneko Barne ministro Mohammad Fehmik esan zuen ez ziola Poliziari aginduko haiek atxilotzeko, nahiz eta justiziak hala eskatu, eta hainbat ministrok formalki eskatu zuten Sawan kanporatzeko. Denboran gertuago, eta horiek galdekatzeko helburuz, Bitar epaileak eskatu zuen parlamentuko diputatuek, gobernuko kideek eta Segurtasun Departamentuko goi arduradunek berezkoa duten immunitatea indargabetzeko. Beiruteko eta Tripoliko abokatuen elkarteek onespena eman zioten eskariari, eta lege babesa kendu zieten abokatu lanetan aritzeagatik immunitatea zuten hainbat diputatu eta gobernuko kideri. Baina erakunde independenteen elkarlana ez da nahikoa, kargu horietan daudenetako askok lege babesa baitute oraindik diputatu karguan egote hutsagatik. Abbas Ibrahimen kasua desberdina da. Ibrahim da Libanoko segurtasunerako arduraduna, eta Fehmi ministroak, telebistari eskainitako elkarrizketa batean, hari immunitatea kentzeko konpromisoa hartu zuen, Bitar epaileak hura galdekatu zezan. Egun batzuk geroago, Fehmik berak bere hitza urratu zuen, eta Ibrahim babestu zuen. Leherketako biktimen aitona-amonak, gurasoak eta senideak Fehmiren egoitzaren aurrean bildu zirenean haren erabakia salatzeko, Poliziaren borra kolpeak eta negar gasarekin egindako erasoak besterik ez zuten jaso. Hori ikusita, leherketan hildakoen familiek ulertu zuten ezen, kalte ordainak jasotzeko presio handiagoa egiteko asmoz bat eginda ere, indarkeria jasoko dutela justizia baino lehenago. Leherketari buruzko ikerketak helburu handiago baten aldeko borroka dakar berekin; izan ere, iazko abuztuaren 4an gertatutakoari lotuta, justizia ekartzearekin batera, arrakala bat zabal daiteke herrialdeko klase politikoaren zigorgabetasunean. «Hamarkadetan herrialdean agindu duen eta zigorgabetasunaren erregimena deitzen diogunaren aurkako gure borrokaren ikur bilakatu da ikerketa», dio Frangieh abokatuak. Haren esanetan, Libanon inoiz ez zaie konturik eskatu goi agintariei: «Ez zen halakorik egin 1980ko hamarkadan [gerra zibil betean] egin ziren gerra krimenetan, ezta ustelkeria kasuak egon direnean edo finantza krisian ere». Frangiehren esanetan, gaur, Libanoko herritarretatik gehienak porrot ekonomikoaren eta leherketaren erantzule den «erregimen kriminal baten» biktima sentitzen dira: «Gure itxaropena da leherketak eragindako hondamendi izugarria mugarri izatea, gizarte demokratiko eta justuago bat sortzeko, non agintariak euren krimenen erantzule izango diren». Pobrezia «Hasieran, hona etortzen nintzen eta lurrera jausten nintzen, negarrez», dio Jhonyk, gasolina zerbitzugune abandonatu bateko biltegi txiki bat erakusten duen bitartean. «Inoiz ez genion aurre egin horrelako egoera bati, halako une batean lehen lerroan jartzeak dakartzan sentimendu eta ezinegon guztiekin», azaldu du. Leherketa izan ta egun gutxira, erregaia banatzeko gune izan zen eraikineko hormek auzokoen esker ona islatu zuten: «Goiz batean, norbaitek hauxe idatzi zuen: Itxaropen handia eman diguzue garai ilunenetan. Zuen argiak jarrai dezala distira egiten». Leherketatik harago, Libanoko herritarrek akituta egiten dute aurrera, bata bestearen atzetik doazen hondamendien artean. 2019ko urriko matxinadetan Libano hobe batekin amets egiten zuen indar iraultzaileak tokia egin dio bizirik irauteko borrokari, edo, kasurik hoberenetan, migrazioari. Etengabeko blokeo politikoak, finantzen gainbeherak, pandemiak, abuztuaren 4ko hondamendiak eta erantzukizunik ez egoteak krisia normaltasun berria den ustea zabaldu dute kaleetan. Bere mundua goitik behera apurtzen ari zela ikusita, Jhonyk eta beste hainbat auzokidek erabaki zuten Beiruteko Geitawi auzoko gasolina zerbitzugune abandonatua erabiltzea janaria eta botikak banatzeko. Gutxik egiten dute ihes Libanoko gainbehera ekonomikotik: Munduko Bankuaren arabera, 1850etik munduan izandako finantza krisirik handiena da. Familien erosahalmena hondoratuz doa, hango diruak, dolarrarekin alderatuta, balioaren %90 galdu baitu, eta faktore horri, gainera, gehitu behar zaizkio oinarrizko produktuen inportazioari diru laguntzak kendu izana eta %200eko inflazioa. Libanoko armada, gehiengo erlijioso desberdinetako lurraldeetan banatutako herritarrak eta euren artean liskartutako buruzagi politikoak batzen dituen instituzio bakarra, mahai gainean kolpeak ematen ari da oraindik ere. Armadako buru Joseph Aun aspaldian ari da ohartarazten matxinada egon litekeela soldaduen lan baldintza txarren eta gosearen ondorioz: «Nola manten dezake soldadu batek bere familia osoa hilabeteko 80 euro baino gutxiagoko soldatarekin?». Nazioarteko buruzagiek onartu dute soldaduei laguntzea, Libanoko segurtasunaren berme gisa ikusten duten armadak bere lanak utziko dituen beldur. 2021ean bakarrik, armada osatzen duten 80.000 militarretatik 3.000k utzi egin dute lana, soldata baxuengatik. Libanon, hilabete amaierara heltzeko zailtasunak ustelkeriari lotuta doaz. Reutersen ikerketa baten arabera, bankuek eurentzat hartu dituzte NBE Nazio Batuen Erakundeak giza laguntzarekin lotutako proiektuetarako emandako 250 milioi dolar (210,4 milioi euro). Aldi berean, Suitzako Banku Nazionalak publiko egindako datuek erakusten dute Libanoko bezeroek Suitzan pilatutako diru kopurua bi heren handitu zela 2020an, orain arteko markak hautsiz. 1993tik Libanoko Banku Zentraleko gobernadorea den Riad Salame eta haren anaia Raja jomugan daude, eta Suitzako Fiskaltza biak ikertzen ari da, dirua zuritzen ari direlakoan. Bitartean, iazko abuztutik gobernua osatzeko gai izan ez diren politikariak zipriztindu ditu eskandaluak: inork ez du ahaztu 2019ko abenduan, Beiruteko kaleetan klase politikoaren aurkako oihuak nagusi zirenean, bederatzi politikari libanoarrek 2.000 milioi dolarreko (1.680 milioi euro) transferentzia bat egin zutela Suitzako kontu batera. ]]> <![CDATA[Misilak gelditu dira; mina, ez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1885/018/001/2021-06-29/misilak_gelditu_dira_mina_ez.htm Tue, 29 Jun 2021 00:00:00 +0200 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1885/018/001/2021-06-29/misilak_gelditu_dira_mina_ez.htm Nakba-z geroztik, beren nortasunaren bila ari dira, eta, beraz, Palestinan gertatzen den guztiari lotuta daude». Baina misilen amaierak ez du esan nahi eragindako mina amaitu denik.

Setiatutako eremuan, zeina autoz ordubete baino gutxiagoan zeharka daitekeen eta bi milioi pertsona baino gehiagoren bizitokia den, bonbek kaltetuta utzitako 50 bat eskola eta lehen hezkuntzako dozena bat ikastetxe daude. COVID-19a atzemateko probak egiten zituen laborategi bakarra ere kaltetutako instalazioen artean dago. Berdin gertatzen da ur hoditeria eta argindar sarearekin ere, eta, ondorioz, egunean 21 orduko mozketak daude, baita erietxeetan ere.

«Gazako jendeak soilik dakigu bonbardaketa horiek zer ondorio dituzten», dio Hassan Khurik. Bere familiarekin bizi da Rafahn, Gaza hegoaldean. Barqako erbesteratuak dira, Gazatik 37 kilometrora dagoen eta egun Israelenmenpekoa den herri batekoak: «Gure sufrimendua su-etenarekin batera hasten da. Amaitu gabeko istorio eta hondoratutako amets asko». Gazako herritarrek 40 urtean zazpi erasoaldi jasan izanak ez ditu misiletara ohitzen: «Bonbardaketen ondoren bizitzara itzultzen bagara da bizitza ez delako inoiz gelditzen, ez bonbardaketak guretzat naturalak direlako». Baina Hassanek Gazako atsotitz bat gehitu du: «Bizirik egoteak ez du esan nahi bizirik atera garenik».

Gazako herritarren erdiak 18 urte baino gutxiago dituzte, eta haietako askok gutxienez hiru erasoaldi bizi izan dituzte 2008tik. Unicefen arabera, litekeena da 500.000 haur inguruk laguntza psikologikoa behar izatea maiatzeko erasoaldiaren ondoren. Aurreko aldiarekin alderatuta, kopurua handiagoa da; orduan, laguntza psikologikoa behar zuten haurrak heren bat ziren. Beheraldia eta segurtasunik eza dira diagnostiko ohikoenak. «Galdetzen dute ea noiz izango den hurrengo gerra, eta zer egingo duten iristen denean», azaldu du Sami Owaida psikiatrak, Reutersi Gazatik egindako adierazpenetan. Suzy Eshkuntanak, artatzen duen gaixoetako batek, 16 urte ditu, eta duela hiru aste erreskatatu zuten hondakin artetik. Denbora honetan ezer gutxi hitz egin du, amari eta lau anaiei buruz galdetzeko ez bada —bonbardaketan hil ziren guztiak—.

Horiek dira Israelen eta Hamasen arteko azken borrokek utzitako ondorioetako batzuk. Israelek dio duela hamabost urtetik indarrean den Gazaren blokeoa beharrezkoa dela Hamasek erasoak egiteko modua egingo liokeen armamentua lor ez dezan. Giza eskubideen defentsarako taldeek ohartarazten dute neurri hau zigor kolektibo bat dela Gazako herritarren aurka, eta palestinar askok diote Hamas aitzakia bat dela gizarte zibilaren aurka jotzeko.

Azken asteetan, Israelgo eta Palestinako prentsak zabaldu du Tel Aviv galtzen atera dela maiatzeko erasoalditik. Tareq Baconi analistak +971 Magazine aldizkariari adierazi zionez, hiri sakratuan maiatzaren 10ean izaten ari ziren matxinadei babesa adierazteko miliziek jaurtitako suziriek gezurtatu egiten dute Hamasek Gazatik haratago eraginik ez duela dioen baieztapena. Erasoek ezustean harrapatu zuten Benjamin Netanyahu lehen ministroa, eta gaizki uzten dute Al-Fatah, zeina Hamasekin lehiatzen den palestinarren lidergo politikoa eskuratzeko. Mahmud Abbas buru duen alderdiak Israelen onespenarekin agintzen du Zisjordanian, eta bere irudia kaltetua geratzen da Hamasek Israelgo erregimenaren aurka egiten duenean, palestinarren babesle nagusia balitz gisan.

Abbasek bertan behera utzi zituen udaberrirako aurreikusiak zeuden eta hamarkada batean baino gehiagoan egitekoak zituzten presidentetzarako lehen hauteskundeak, Hamasek irabaziko zituen beldur. Baina klase politiko palestinarraren banaketak talka egiten du azken asteetan Palestina historikoaren inguruan agertutako batasunarekin. Seikh Jarrah auzoko kanporatzeen aurkako protestak eta Gazaren alde Zisjordanian eta Israelen egindako manifestazioak ezustekoak izan dira Israelgo Gobernuarentzat, eta harro egoteko arrazoia jazarpena handitzen den artean beren buruari erresistentziari nola eutsi galdetzen dioten ekintzaile palestinarrentzat. Gazaren aurkako erasoaldiak bigarren tokian utzi du gainontzeko lurraldeetan palestinarrek jasaten duten jazarpena. Zisjordanian, Israelgo Poliziaren indarkeriak dozenaka palestinarren heriotza eragin du azken asteetan, eta judu eta arabiarren arteko liskarretan atxilotutako 2.100 lagunetatik %91 palestinarrak izan dira.]]>
<![CDATA[Isiltasunaren aurka borrokan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2021-04-14/isiltasunaren_aurka_borrokan.htm Wed, 14 Apr 2021 00:00:00 +0200 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2021-04-14/isiltasunaren_aurka_borrokan.htm
«Aldaketa iraunkorrik ez dagoen bitartean, ez gaituzte isilaraziko». Halaxe aldarrikatu zuen Ascia Al-Faraj Kuwaiteko blogari entzutetsuak —bi milioi jarraitzaile baino gehiago ditu Instagramen—, eta emakumezko herrikideei galdegin zien jasandako sexu erasoak salatzeko. Eta haiek kasu egin zioten. Handik gutxira, Ez naute isilaraziko orrialdea agertu zen Instagramen (arabieraz, Lan Asket); orrialde horrek aukera eskaintzen zien emakumeei norberak jasandako erasoen berri eman eta besteen testigantzak irakurtzeko. «Ez dakit nola azaldu zer sentitzen nuen, baina egin beharra nuen». Hala adierazi dio BERRIA-ri Xaima Xamok, orrialdea ireki zuen 28 urteko medikuak. «Ikusiak nituen erasoak salatzen zituzten emakumeen bideoak, eta gauza bera egiteko garaia zela sentitu nuen. Orria ireki orduko hasi zitzaizkidan mezuak ailegatzen. Gau hartan, ez nuen lorik egin», kontatu du Xamok.

«Gizon batek jarraitu egin zidan igogailuraino. Barrenean sartu ginelarik, goitik behera begiratzen hasi zitzaidan, lizunkeriak esan eta, joan nendin eragozteko, botoia sakatzen zuen bitartean. Handik ateratzeko lasterka hasi nintzenean, halakoak oihukatzen segitu zuen, baina segurtasun agenteek ez zuten deus egin. Hijab bat eta arropa diskretua neramatzan. Beraz, modu arruntagoan jantziko bagina halakoak ez liratekeela gertatuko dioen jendeak ernatzen hasi beharko luke». Hori Kuwaiteko emakumeek atarian argitaratutako dozenaka testigantzetarik bat besterik ez da; izan ere, orriak 12.000 jarraitzaile lortu zituen berehala. Hainbat emakumek kontatu dute leku publikoetan ukituak egin izan dizkietela, eta ez dutela salaketarik paratu errepresalien beldur direlako.

Egitasmoak eragina izan du Kuwaiten: bi aste eskasen buruan, Kuwaiteko Parlamentuko zenbait kidek eraso matxistak geldiarazteko legeak proposatu zituzten. Kuwaiteko nahiz Ekialde Hurbileko hedabideek, berriz, proiektuaren berri eman zuten; izan ere, sare sozialetan abiaturiko egitasmo hori mundu guztian zabaltzen ari den aldarri baten parte da, emakumeen kontrako indarkeria desagerraraztea baitu helburu, baina baita emakumeak baztertzen dituzten legeak indargabetzea ere.

Herrialde txikia da Kuwait, lau milioi biztanlekoa, Irakeko lurren eta Persiar golkoko urek zedarrituriko lurraldea, eta, hango Zigor Kodean aurreikusitakoaren arabera, zigor murriztuak ezartzen zaizkie emakumeak erail dituzten gizonei, baldin eta emakumeak adulterio egiteaz salatuak izan badira aurrez. Kode horretako lege batzuek, gainera, alor hauetan ere diskriminatzen dituzte emakumeak: ezkontzan, dibortzioan, haurren zaintzan eta lanean. Kuwaiteko agintariak behin baino gehiagotan kritikatu izan dituzte ez aintzat hartzeagatik eraso salaketak, edota erasoak jasan dituzten emakumeak atzera beren erasotzaileengana itzularazteagatik. Iranen, ez dago indarkeria matxistaren kontrako neurririk, eta legeriak kriminal bihurtzen ditu hijaba janzteko betebeharraren kontra protesta egiten duten emakumeak, zenbait aktibista atxilotzeraino, hala nola Yasaman Ariayi eta Saba Kordafxari. Persiako herrialdean, zilegi da senarrak emazteari ukatzea atzerrira bidaiatzeko pasaportea; gainera, zilegi zaio familiaren bizilekua hautatzea, eta zer esana edukitzea emakumeek zein enplegutan lan egin behar duten. Saudi Arabian, agintariek erreformatu egin dute gizon tutoreen sistema, baina emakume aktibistek ohartarazia dute gizonek oraindik ere beto eskubidea balia dezaketela emakumeen askatasun eskuratu berrien inguruan. «Desobedientzia» esaten diote: gizonek zilegi dute horretara jotzea alaben eta emazteen kontrako salaketak aurkezteko, eta, horren eraginez, zilegi da emakumeak kartzelatzea eta tutorearen etxera itzularaztea.

«Baina legeak aldatu eta orain ditugunak bazterrean utzi aurretik, jendearen pertzepzioa aldatu beharra dago», Xamoren iritziz. «Legeria berri batek ez du ezertarako balioko baldin eta jendeak lehengo pentsaera bera badu». Hark azaldu duenez, Kuwaiten tabu da sexu erasoez hitz egitea, eta, era berean, tabu da emakumeek polizia etxera jotzea ere. Ez da inolako pedagogiarik egiten zer den sexu eraso bat: «Zenbait familiatan gai horietaz hitz egiten diete alabei, baina gehien-gehienetan zera esateko, 'gauez ezin zara irten', edo 'ezin zara horrela jantzi inork zuri erasotzerik nahi ez baduzu'».

Erantsi du, halaber, Kuwaiteko emakumeek «norbere eskarmentuz» ikasten dutela gai horri buruz: «Webguneko hainbat mezutan, eraso batzuk salatzen dira, 8-9 urteko neskato zirelarik jasandako erasoak», kontatu du Xamok, atsekabeturik. Honela dakar webgunean jarritako pasarteetako batek: «Eskolako txango batean nengoen, eta toki jendetsu batean gertatu zen. Gizon batek atzealdea estutu zidan eskuaz, eta mahai baten kontra bultzatu. Ez neukan ihesbiderik, hark segundo batzuetan gozamen hartzen zuen bitartean. Ez nion inori ezertxo ere kontatu, baina oraindik ere gogora datorkit tarteka». Ez naute isilaraziko atarian, berriz, badira infografia batzuk, azaltzen dutenak zer den eraso bat, eta zenbait aholku ere ematen dira holako erasoen zuribideak desegiten ikasteko.

Emakumeen eskubideak babesteko Kuwaiteko Parlamentuan sortutako batzorde berria albiste iturri izan zen joan den abenduan, kide guztiak gizonak direlako. Kalean, emakume kuwaitarrak eta emakume atzerritarrak batera borrokatzen ari dira andreak babestearen alde, autobus publikoak seguruagoak bihurtzeko zenbait proiektu garatuz. Kuwaiteko biztanleen bi herenak immigranteak dira, eta Indiatik, Filipinetatik eta Bangladeshtik iritsitako milaka eta milaka emakume etxeko lanetan aritzen dira, erdi esklabo. Haiek erabiltzen dute gehien garraio publikoa, eta autobusetan jasaten dituzten erasoengatik eta segurtasun faltagatik egin zuten protesta.

Lan egiten duten etxeetan, ordea, emakume immigrante horiek babesik gabe daude beren enplegatzaileen boterearen aurka. HRW Human Rights Watch taldeak, besteak beste, aldian-aldian salatzen du haietako askok sufritzen duten lan esplotazioa, eta baita sexu abusuak ere. Hala eta guztiz ere, etxeko langileek ezin dituzte beren enplegatzaileak utzi, enplegatzaileak berak baimenik ematen ez badie. Kafala sistemak lege babesa eskaintzen die emakume immigranteei beren enplegatzaileen ardurapean dauden bitartean; izan ere, enplegatzaileak haien babesle dira herrialde horretan. Langileak ihes egiten badu, linboan geratzen da, eta atxilotua izan daiteke.

Babeslekurik ez

Libanoko hegoaldeko Majdel Slim herriko biztanle eta irakasle Mona Hijazik ez du uste Ez naute isilaraziko orrialdeak funtzionatuko duenik bere bizilekuan: «Hemen, emakumeek oraindik ez daukate ausardia nahikorik beren gertukoei azaltzeko zer eraso jasaten dituzten. Emakumeen bizitza sozialari kalte handia egingo lioke horrek. Mundu guztiari axola zaio izen ona izatea», kontatu du Hijazik.

Irakasle horrek proiektu sozial batzuetan parte hartzen du: egitasmo horietan, emakumeen alde egiten saiatzen dira lurralde bereziki kontserbadoreetan. Esparru guztietan dagoen genero desberdintasuna salatu du Hijazik. «Pentsioak, adibidez, aitei bakarrik ematen zaizkie, eta ez amei. Haurrek, gainera, aitaren nazionalitatea hartzen dute, eta ez amena». Ezkontza goiztiarra ere aipatu du: «Libanoko eskualde batzuetan gertatzen da, zenbait arrazoirengatik, baina arrazoi nagusia pobrezia da. Familiek dirua aurrezteko ezkontzen dituzte alabak». Ziurtatu du herritar xumeek gero eta arma gehiago izatea ere etengabeko mehatxu bat dela hango emakumeentzat.

Emakumeen aurkako etsaitasuna areagotzen ari da Libanon, eta hala erakusten du ABAAD Genero Berdintasunerako Baliabide Zentroaren laguntzarako telefonoak. Emakumeen eskubideen aldeko erakunde horrek 4.127 dei jaso ditu 2020an, 2019an baino hiru aldiz gehiago. «Konfinamenduak eta krisi ekonomikoak areagotu egin dute emakumeen aurkako indarkeria, bai alderdi emozionalari eta bai fisikoari dagokienez, batez ere etxean», baieztatu du erakundeko kide Zeinab Mortadak. Bizirik atera diren emakumeek, Mortadak dioenez, ABAADi ondo sufrituta azaltzen diote zer esan nahi duen hainbat egunez erasotzailearekin giltzapetuta egoteak. Konfinamenduak «bakartiago sentiarazten ditu, laguntza sareetarako sarbiderik gabe, beste garai batean familia edo lagunak baitzituzten, eta orain ez». Horren ondorioz, erasotzaileek «oldartzeko motibazio handiagoa» dutela dio.

Abusuen beldur, halako egoerak pairatu behar izaten dituzten emakume askok estrategiak erabiltzen dituzte erasotzaileari ihes egiteko, baina, «zoritxarrez, askotan ezin izaten dute eragotzi indarkeria». Mortadak dioenez, azken hilabeteotan «emakume asko ari dira bikotekidearen erasoak salatzen, lehen aldiz». Arrisku sentsazioa indartuz doan heinean, emakumeen osasun mentalak «okerrera egiten du, eta arriskua izaten dute buruko nahasmenduak pairatzeko, hala nola antsietatea, depresioa eta beren buruaz beste egiteko edo substantzia gehiegi hartzeko arriskua».

Gizarte zibila antolatu egin da agintarien babes faltari aurre egiteko. ABAADen, behin-behineko aterpea eskaintzen diete «arriskuan dauden emakumeei», eta bizitza berri baterako prestatzen dituzte, euren kabuz eta bikotekide ohiarengandik urrun bizi ahal izateko.

«Gaitasun ekonomikorik ez izatea eragozpen bat da emakumeek euren erasotzaileak uzteko. Ondorioz, indarkeriaren zikloak gehiago irauten du, eta larriagotu egiten da», azaldu du Mortadak. Hala ere, gero eta emakume gehiagok eskatzen dute babes ekonomikoa.]]>
<![CDATA[«Ekialde Hurbileko emakumeak duela mende batetik ari dira hobekuntza eske»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1966/006/001/2021-03-09/ekialde_hurbileko_emakumeak_duela_mende_batetik_ari_dira_hobekuntza_eske.htm Tue, 09 Mar 2021 00:00:00 +0100 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1966/006/001/2021-03-09/ekialde_hurbileko_emakumeak_duela_mende_batetik_ari_dira_hobekuntza_eske.htm
Horixe uste du Sussan Tahmasebik, Iranen jaiotako ekintzaileak. Ibilbide luzea du: mugimendu feministen parte izan da hamarkada batez baino gehiagoz, eta, egun, Washingtonen bizi da; handik zuzentzen du Femena, giza eskubideak defendatzen dituzten Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko emakumeak babesten dituen erakundea. Eskualde horretako emakumeen egoeraren aditutzat daukate, eta Human Rights Watchek saritu egin izan du haren aktibismoa.

Zergatik sortu zenuten Femena?

Femenak giza eskubideen alde borrokatzen diren emakumeak babesten ditu. Eskualdean badira mugimendu feministak eta beste hainbat mugimendu progresista, baina, azken urteotan, bazterrean utzi dute haien ahotsa. Arabiar iraultzen ostean, mugimendu islamistak boterera iritsi ziren herrialde batzuetan, eta horietako zenbaitetan gerrak hasi ziren; Libian eta Sirian, adibidez. Beste batzuetan, Egipton eta Bahrainen, errepresioa areagotu egin zen.

Kasu horietan, kontserbadurismoarekin batera gertatzen da talde politiko erlijiosoen gorakada. Estremismoa borrokatzeko ahaleginean, nazioarteko komunitateak arreta jarri du erlijioan eta bakea lortzeko ikuspegi erlijioso batetik lan egiten duten taldeetan. Ez ditut kritikatzen halako taldeak, badira-eta batzuk lan ona egiten dutenak giza eskubideen printzipioetan sinesten dutelako, baina nazioarteko komunitatearen estrategiak bazterrean utzi ditu mugimendu progresista eta feministak.

Zer diozu ikuspuntu erlijiosoaz?

Uste dugu estremismo erlijiosoaren auzia ez dela erlijio kontua, baizik eta politika eta botere kontua. Horregatik ezin da auzi hori borrokatu ikuspuntu erlijioso batetik. Mugimendu feministak aspaldidanik ari dira borrokatzen emakumeen eskubideen alde, munduak eskualdearen bakerako eta segurtasunerako interesak izan aurretik, eta orain zera nahi dugu: mugimendu feministak berriz egon daitezela erdigunean. Hori lortzeko, babesa ematen diegu hala giza eskubideak defendatzen dituzten ekintzaileei nola egoera atzerakoietan gobernuen eta estatu mailakoak ez diren beste eragile batzuen erasoak jasaten dituztenei.

Zer herrialdetan ikusten dituzu emakumeentzat eskubide berriak laster lor ditzaketen mugimenduak?

Auzi horiek luzera begirako ikuspuntu batetik begiratu behar dira. Hamarkada luzez, giza eskubideen alde borrokatu diren emakumeen mugimenduak egon dira, eta garaipen handiak lortu dituzte, baina, tamalez, eskualdeko eta munduko egoera geroz eta zapaltzaileagoa da, eta gizarte zibilari erasotzen ari zaizkio. Talde feministek eraso horiei aurre egin behar diete, eta lanean jarraitu behar dute aktibo segitzeko, baita behatzaileentzat hautemateko ezinezkoa izan daitezkeen moduetan ere, batzuetan profil apala izan behar baitute testuinguru zapaltzaileetan.

Zaila da esatea egun zer lurraldek duen momentum-a, baina horrelako taldeak aktibo egotea itxaropentsua iruditzen zait. Iran, Egipto, Kuwait eta beste herrialde batzuk dira Me Too mugimenduak dituen adibideetako zenbait, eta horietako batzuk ez dituzte sustatu mugimendu feministek, baizik eta emakume zibilek, norbere izenean. Iruditzen zait mugimendu feministen lan gogorraren emaitza dela parte hori, kontzientziazioa eragin duelako. Horrek atea irekitzen dio eremu zapaltzaileetan bat-batean protesta mugimenduak sortzeari.

Egungo aktibismoan zer rol du Internetek?

Emakumeei eta gizarte zibileko beste talde batzuei ukatu egin zaie espazio fisikoa. Horregatik, online espazioa erabilgarri bilakatu da, jende askok horren alde egitea sustatu baitu. Aktibismo horren parte bat taldeen bidez antolatu da, baina norbanako batzuek halako espazioetan aurkitu dute hitz egiteko eta arazoak salatzeko tokia.

Batzuetan, ekintza indibidual horiek ekintza kolektibo bilakatzen dira, Me Tooren mugimenduak bezala. Bereziki murriztaileak diren herrialdeetan jartzen dugu arreta, Egipton, Iranen, Turkian eta Saudi Arabian adibidez, eta horietan estatuak sustatu egin du online espazioko errepresioa. Normalean, gobernu horiek hauxe nahi dute: jendeak ez hitz egitea, elkarrekin ez antolatzea eta kontzientziaziorik ez eragitea. Halere, Internet ihesbide bat da oraindik ere.

Gobernuek alde batera utzi behar dute aktibistenganako errepresioa, eta aitortu egin behar diete antolaketarako eskubidea, herrialde horiek sinaturiko nazioarteko konpromisoek dioten gisara. Dagoen presioaz harago, jendeak beti aurkituko du aktibismoan aritzeko moduren bat, eta horrek asko hunkitu nau. Itxaropentsua da jendea gai izatea disidentzia espazioak sortzeko, egoerarik ilunenean eta murriztaileenean egon arren.

Ikerketa batzuek iradokitzen dute eskualdeko gizon eta emakume asko sexu berdintasunaren aurka daudela. Hori kenduta, zer albiste positibo izan dira azkenaldian emakumeen eskubideen alde?

Patriarkatua mundu osoko fenomeno bat da. Adibidez, Espainiako Estatuak ere sufritzen du, modu nabarmenean. Gure eskualdeko emakumeak duela mende batetik ari dira hobekuntza eske. Ez dira exijentzia berberak, ezta Mendebaldeko eskarien kopiak ere; gure historiaren eta kulturaren parte dira. Hezkuntza defendatu zen, eta orain emakume batzuk ikasten ari dira herrialde gehienetan; zenbaitetan, gainera, gizonek baino matrikulazio indize handiagoa dute. Eraso sexualen eta emakumeen mutilazio genitalaren kontrako legeak ere onartu dira.

Saudi Arabian, esaterako, duela gutxi aitortu dizkiete eskubide batzuk emakumeei, eta, nahiz eta hori estatuak egin duen, egoera hain zapaltzailean emakumeek egindako borroka etengabearen emaitza da: estatuaren arreta bereganatzea lortu zuten, eta estatuak erantzun egin zuen.

Lege aurrerapausoek arreta lortzen dute, eta kontzientziazioa eragiten dute herritarren artean, batez ere belaunaldi gaztean. Gazteek modu askoz ere irekiagoan begiratzen diete berdintasunari loturiko auziei, eta hori lorpen bat da. Oraindik asko dago lortzeko, baina kontuan izan behar da iraganean ere lortu ditugula zenbait gauza.

Batzuek uste dute emakumeekiko errepresioak soilik erlijioarekin duela harremana. Zer esango zenieke?

Patriarkatua eta diskriminazioa mundu osoko fenomeno bat da, eta gizarte aurrerakoienetan ere ez dugu lortu berdintasuna. Emakumea atzetik doa ia egoera guztietan. Erlijioa zapaltzeko aitzakia gisa erabili da, eta emakumeen eskubideak ukatzeko; gauza bera beste talde marjinalizatuekin.

Boterean daudenek eskura duten edozein estrategia erabiliko dute beren boterea justifikatu eta mantentzeko. Erlijioa ona edo txarra izan daiteke: interpretazioaren araberakoa da. Eta interpretazio horiek boterean egon ohi direnek eginak dira, beren onurarako. Historian badira horren adibideak. Latinoamerikako ebanjelistak historia protestante batetik datoz, baina nahikoa atzerakoiak dira emakumeen eskubideei dagokienez.

Islamak ere erakusten du ez dela erlijio kontua. Badira zenbait herrialde islamiko, eta horien artean emakumearen estatusak desberdinak dira. Tunisian, esaterako, emakumeek eskubide asko lortu dituzte, Saudi Arabian eta Iranen gertatu denaz bestera. Erlijioa interpretatzeko modua herrialde bakoitzeko dinamika politiko eta sozialak eragiten du. Hortaz, ez da erlijio kontua, botere kontua baizik.

Saudi Arabiako ekintzaileek diote gizonek beto eskubidea dutela emakumeen askatasun berriei dagokionez. Zein da Mendebaldearen rola errepresio hori onestean?

Baliteke Saudi Arabiako agintariek aurrerapausoak eman izana emakumeen aldeko legeetan, iragarki kanpaina baten parte gisara, baina uste dut urteotako aktibismoari erantzuteko egiten dutela hori. Loujain al-Hathloul oraintxe atera da kartzelatik, baina ehun egun igaro ditu itxita. Beste emakume batzuek espetxean jarraitzen dute, eta ez soilik herrialde horretan. Horren aurrean, estatuak erantzun egiten du, ezin duelako jarraitu ekintzaile horien borrokari ez ikusiarena egiten. Hortaz, hori mugimendu feministen lorpen bat da, aurrerapausoak behartu dituztelako.

Saudi Arabiaren arazoa zera da: eskubide berriak onartu dituztela eta, aldi berean, emakume ekintzaileen kontrako errepresioa sustatu dutela. Mezu hau bidaltzen dute: «Herritar gisara, ez duzue estatuari hobekuntzak eskatzeko eskubiderik, eta, hala egiten baduzue, kartzelara joango zarete». Hori onartezina da. Nazioarteko komunitateak, eta batez ere Europako Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek utzi egin behar diote eskualdeko diktadoreak modu onuragarrian tratatzeari, soilik interes ekonomiko eta segurtasun arlokoak dituztelako. Giza eskubideak inporta bazaizkie, era berean tratatu behar dituzte aurkariak eta aliatuak.

Al-Hathloul eta halako ekintzaile batzuk kartzelatik atera dira, baina murrizketak dituzte. Errepresio modu berri bat da?

Espetxetik atera da, baina ez da librea. Murrizketak daude aktibismoan aritu ez dadin, ezta modu librean hitz egin ere. Turkiak, Iranek, Saudi Arabiak, Egiptok eta halako gobernu autoritarioek erabiltzen dituzten taktikak dira; baita Golkoko estatu batzuenak ere.

Emakumeek aukera behar dute antolatzeko eta exijentziak pentsatzeko. Gizarte zibila galtzeak emakumeei eragin die bereziki, aurrez jada sufritzen baitzuten antolatzeko espazio faltagatik. Nazioarteko komunitateak presio egin behar du protestarako espazioak irekita jarrai dezan aktibistentzat, eta bermatzeko horiek ez direla zigortuak izango giza eskubideak defendatzeagatik.

Duela urte batzuk, ekintzaile zinen Iranen. Zer egoeratan dago borroka herrialde hartan?

Emakumeen eskubideen aldeko mugimendua indartsua da. Bada emakumeen belaunaldi berri bat aukera berdintasunaren alde borrokan ari dena, eta hori oso itxaropentsua da niretzat. Aldi berean, errepresioa goren-gorenean dago. Gizarte zibilak presio handia du, eta ekintzaile asko kartzelatu egin dituzte giza eskubideen alde borrokatzeagatik. Etsigarria da. Giza eskubideen alde borrokatzea ez da segurtasun nazionalari eraso egitea; ez da legez kanpokoa.

Eta, halere, emakume gazteek lantegiak antolatzen dituzte indarkeria sexualari eta generokoari aurre egiteko, baita espazio publikoetan emakumeen aurka egiten diren erasoen aurkako neurriak hartzeko ere. Lantokietara ere joaten dira formakuntza lana egiteko, eta indarkeria matxistarik gabeko espazioak direla ziurtatzeko.

Mugimendu horrek modua ekarri du Irango herritarren artean indarkeria sexualaren inguruan zegoen ezagutza falta borrokatzeko. Niretzat, oso interesgarria da emakume horiek nola egiten duten lan beren burua hezten duten aldi bitartean, eztabaida aberastu eta beren erantzuna etikoena eta egokiena dela ziurtatzeko. Oso harro nago Irango emakumeen mugimenduaz. Berdintasunerako bidea luzea eta geldoa den arren, konfiantza ematen didate herrialdearen etorkizunaren inguruan.

Nola hobetu daiteke Kafala sisteman lan egiten duten emakumeen egoera?

Kafala sistema arazo bat da eskualde osoan, batez ere Golkoko estatuetan eta Libanon. Hori erreformatzeko borrokak arreta handia bereganatu du talde askoren lan onari esker; Anti-Racism Movement da horietako bat, Libanokoa. Gune komunitarioak ireki dituzte emakume langile migratzaileek aukera izan dezaten bata bestea babesteko.

Langile horien egoera latza da: ez dute eskubiderik, haietaz abusatzen dute, eta batzuetan hil egiten dituzte, inpunitate osoz. Lan bisak barnean hartu behar ditu Kafala sistemaren erreformak, baita soldaten eta langilearen eta enplegatuaren arteko lan harremanaren kontrola ere; jatorrizko gobernuaren partetik, eta herrialde hartzailearen partetik ere bai. Langile gisara babestu egin behar dituzte.

Libanoko krisiak gaizki utzi du herrialdea, eta are okerrago etxeko langileak. Horietako asko abandonatu egin dituzte, kalean, eta pasaporte gabe uzten dituzte, inora joan ez daitezen.

Pandemiak, gainera, gehiago okertu du dena. Nazioarteko komunitateak pauso bat eman behar du, Libano lagundu eta langile horiek pasaporte berria izan dezaten, presoak izateari uzteko. Krisi handi bat da, atentzio handiagoa behar duena.]]>
<![CDATA[«Mundutik kanpora bizi gara»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/020/001/2021-02-11/mundutik_kanpora_bizi_gara.htm Thu, 11 Feb 2021 00:00:00 +0100 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1913/020/001/2021-02-11/mundutik_kanpora_bizi_gara.htm
Zedroaren herrialdean bizi diren ia 500.000 palestinarretatik gehienek antzeko prozesuak izan dituzte. Palestinako erreferentzia kulturalez inguratuta eman dituzte lehen pausoak etxean, baina jaioterri duten horretan ez da hitz egiten haien arabiera dialektoa, eta herrialdeak arrotz sentiarazten ditu.

«Neba-arreba guztiok eskola libanoar batera joan ginen lehen urteetan», berriz Hiba mintzo. «Nik galdera bera izaten nuen beti buruan: 'Zergatik lagunak ez dira inoiz etortzen etxera? Zergatik ez zaizkit etortzen bisitan?'. Gerora, konturatu nintzen beren gurasoek ez zietela uzten». Gazteak dioenez, jendeak penaz begiratzen zion kontatzen zienean iheslari esparru batean bizi zela. «Galdetzen zidaten ea bagenuen elektrizitaterik etxean, edo, are, ea kanpadenda batean bizi nintzen». Hiba saiatu zen, saiatu, besteen artera ondo egokitzen, baina denak aritzen omen ziren Libanoko kontuez hizketan: «Tristatu egiten ninduen horrek, nik ez neukan-eta zertaz hitz egin, herrialderik ez eta».

Hibaren familia Burkh el-Barakhnen bizi da, Beiruten hegoaldean palestinarrentzat egindako iheslari esparru batean. Izan ere, palestinar gutxi batzuk hirietan integratuta bizi dira, baina gehien-gehienak Libano guztian barreiatuta dauden hamabi esparruetako batean bizi dira. Auzo horiek ghettoak dira funtsean, eta hango kalexka ilun eta osasungaitzetan ur xirripak ikusten dira, eta kableak zintzilik. Badira dozenaka urte esparru horiek sortu zituztela, behin-behineko konponbide gisa, orain baino askoz palestinar gutxiago ziren garaian; gaur egun, berriz, eraikin kalamastrak gero eta eskasagoak dira Libanon bizi diren palestinarren hazkunde demografikoari erantzuteko.

Palestinar horiek dira herrialdeko errefuxiatu komunitaterik zaharrena, Palestinatik 1948an irtenda 100.000 lagun iritsi ziren haien ondorengoak. Geroztik, nazioarteko zuzenbideak errefuxiatu estatusa onartu die immigrante haien seme-alabei eta bilobei. Eta, Libanon, errefuxiatu estatusa izatea bazterkeriarako kondena bat da maiz.

Ez da kasualitatea, ez, langabezia eta pobrezia kronikoak jota egotea herrialdeko palestinarrik gehientsuenak. Palestinar horiek Libanon jaiotakoak badira ere, Libanoko agintariek ukatu egiten dizkiete herritartasuna eta eskubiderik oinarrizkoenak, eta legez debekatua diete dozenaka enplegutan jardutea, baita errefuxiatu esparruetatik kanpo dauden jabetzak eskuratzea ere.

Libanoko palestinarrek esaldi batez laburbiltzen dute bazterketa politika hori: «Libanoko Gobernuak maite du palestinarren kausa, baina gorroto ditu palestinarrak». Iheslariek berek diotenez, Beirutek ukatu egiten dizkie oinarrizko eskubideak, bertan sustrairik ez egiteko. Horren arrazoi ezkutua, hain zuzen, Libanoko erakundeen funtzionamenduaren atzealdean dago: botere kuotak banatzeko, kontuan hartzen da Libanoko talde erlijioso bakoitzak duen pisu demografikoa. Ehunka mila errefuxiatu palestinar daude, eta gehien-gehienak musulman sunitak dira; horiei herritartasuna emateak desoreka lauso bat ekarriko lioke estatuaren oinarri hauskorrari.

Lege egitura ez ezik, palestinarren izena zikintzeko kanpaina bat ere badarabil etengabe klase politikoak. Maiz, palestinarrak herrialdean presente egote hutsari egozten dizkiote arazo nazionalak —baita siriarren presentziari ere azken urteotan—, eta ohikoa da errefuxiatuak ez enplegatzeko eskatzea.

Babesik ez

Palestinarrek Libanon duten egoera umiliagarria dela eta, bizi-bizi eusten diote beren herrialdera bueltatzeko gogoari, berena sentitzen ez duten herrialdetik alde egiteko gogoari. Nazioarteko legediak aitortzen die itzultzeko eskubidea, eta gehienek Libanoko mugaren beste aldean bertan dute jatorria, egun Israelgo iparraldeari dagokion tokian. Baina Tel Avivek ere baztertu egiten ditu.

Israelgo buruek ez dute onartu nahi mundu osoan sakabanatutako milioika errefuxiatu palestinar etxera itzultzea: Israelen barruan aldaketa demografiko bat egoteak arriskuan jarriko luke proiektu sionistaren izaera judua. Horregatik, lanean ari dira errefuxiatu palestinarren auzia palestinar-israeldarren gatazkatik desagerrarazteko, eta palestinarrak harrera herrialdeetan geratzearen alde.

Hala dio Mendeko Akordioa deiturikoak. Gatazkari irtenbidea emateko proposamen bat da. Neurri horrek nazioarteko legedia urratuko luke zuzen-zuzenean, baina, hala ere, Israelek eta haren aliatuek inposatu egin dute, diplomaziaren eta ekintza burutuen bitartez.

Hala ere, itzultzeko eskubidearen urraketak ez ditu aldatu Libanoko palestinar askoren planak, eta aspalditik uste dute nazioarteko legediak ezin duela konpondu euren kausa: «Ez dut uste NBEren adierazpen batek itzultzeko gure eskubidea babestuko duenik», esan du Ibrahimek, Burk el-Barakhneko gazte batek. Haren inguruan eserita dauden helduek iritzi bera dute. «Gure erresistentzian soilik dut itxaropena», baieztatu du mutikoak, eta gehitu du modu bakarra dagoela Palestinara itzultzeko: «Egun Israelek duen lur haren gaineko boterea lortzea».

Ibrahim bezala, asko babesik gabe sentitzen dira. Palestinako Aginte Nazionalaz ere ez dira fio, eta Israelekin elkarlanean aritzea leporatzen diote, trukean aurrerapenik lortu gabe aritu ere. Kezkatuta daude nekez uztartzen delako errefuxiatuen kanpamentuan eguneroko bizimoduari eusteko lana eta Palestinako borrokari adi egotekoa. «Jendeak behar handia du, eta janaria eta botikak izateko zain dago», dio 20 urteko ikasle batek, Omarrek: «Israelek nahi duena gertatzen ari da: adinekoak hil egingo dira, eta gazteek ahaztu egingo dute Palestina».

Hala eta guztiz ere, itxaropena izateko arrazoiak badaude, haien ustez. Omarrek gogora ekarri du: «Nire arrebaren senarrak Arabiar Emirerri Batuetako tipo bat ezagutu zuen. Gizonak jakin zuenean nire aitaginarreba palestinarra zela, barkamena eskatu zuen bere buruzagiek hartutako erabakiagatik», azaldu du, Israelekin harremanak normalizatzeko akordioaz ari dela. Omarrek ilusioz kontatu du. «Horrek beldurtzen ditu buruzagi sionistak», esan du Omarren aitak, elkarrizketara batuta. «Estatu batzuetako buruzagiekin soilik egin ditzakete horrelako itunak, baina ez bertako jendearekin. Kalean ez dira ongi etorriak».

Horixe da Samira Salah itxaropentsu mantentzen duena. Salah aktibista eta intelektual ezaguna izan da Libanon erbestealdian dauden palestinaren artean. Aljeria eta Kubako inperialismoaren aurkako herri erresistentziak aipatu ditu: «Iraultzak ez dituzte gobernuek egiten, herriek baizik».

Uste du eskualde horretako herrialde batzuek «mundu arabiarraren ahulaldi batean» hasi dituztela harremanak Israelekin, eta Israelek eta Mendebaldeko haren aliatuek eragindakoa da, Salahren iritziz, ahultasun hori.

«Irak, Libia eta Siria suntsitzea lortu eta gero gertatu da hori guztia; herrialde horiek Israelen okupazioaren aurka zeuden, eta ez zuten begi onez ikusten Israelek harremana izatea herrialde arabiarrekin», baieztatu du. Ameriketako Estatu Batuek Sudani ezarritako zigorrak jarri ditu adibide gisa: «Esplotatu egin zuten, eta xantaia egin zioten, Israelekin harremanak izaten hasi zen arte».

Palestinako liderrak ere kritikatu ditu Salahk. Haren ustez, 1993an Osloko Akordioak sinatu izana desegokia izan zen: «Horrek beste estatu arabiar batzuei aitzakia eman zien Israelekin harremanetan hasteko». Salahk «Palestina demokratiko bat» desio du, non batzuk ez diren beste batzuen gainetik egongo: «Estatu bakar bat herritar guztiontzat: horixe da proposamena».

Ametsa eta damua

Nadiak alde batera utziko lituzke ametsak eta damuak, horrelako Palestina bat benetan ikusiko balu. Bi ume txiki ditu, eta Burj al-Barajnehn bizi da. Irribarrez kontatu du zorionekoa dela, erbestetik itzuli eta Palestinan bisita labur-labur bat egin ahal izan duten gutxietako bat delako. Bidaia horri esker, nolabait borobildu egin zituen haurtzaroan amonak kontatu zizkion istorioak: «Amonak ezarri zidan Palestina bihotzean eta oroimenean».

Eskuratutako baimenari esker, Zisjordaniara joateko aukera zuen, baina lortu zuen norbaitek 48ko Palestinara pasatzea ere: palestinarrek hala deitzen diote Israeli. Han, Akrera heldu zen; hangoa zuen amona, eta han bizi dira ordura arte ezagutzen ez zituen familiakideak ere. «Jendea zegoen eserita; galdetu nien, eta bai, nire familiakoak ziren! Oso hunkigarria izan zen...».

Libanora itzultzean, bidaia hura nahasia iruditzen hasi zitzaion. Nadiak dio ez duela gainditu esperientzia hura, eta ez daki prest dagoen berriz Palestinara bisitan joateko: «Itzuliz geroztik, arrunt gogorra egin zait hemengo bizimodua», azaldu du, Burkh el-Barakhnez ari dela. «Hogeita hamar urtean, toki nazkante honetan bizi izan naiz, eta barkatu hala esatea, baina hemen elektrokutatuta hil zaitezke kalean zoazela, kableak zintzilik daude-eta bazter guztietan».

Korrika azaldu zaio 4 urteko alaba, atzera eta aurrera. Amak galdetu nongoa den, eta haurrak, Palestinakoa dela. Nadiak eskatu Palestina non dagoen azaltzeko, eta neskatoak, eskua bihotzean, honela erantzun dio, jakinik ama poztu egingo dela: «Nire bihotzean». Nadiak tonua aldatu du ostera: «Esparru honen eta ordezkatzen duen kausaren parte naiz, baina ez dut sentitzen hemen geratu behar dudanik». Era berean, aitortu du ez dela seguru sentitzen esparrutik kanpo dabilenean.

«Libanon gauden palestinarrok ez gaude bi munduren artean harrapatuta: mundutik kanpo gaude», adierazi du Nadiak: «Bihotza erdibitu egiten dit hau gertatzeak belaunaldiz belaunaldi». Amona ezin izan zen bere herrian hil, hala nahi bazuen ere: «Libanon hil beste erremediorik ez zuen izan. Errefuxiatu gisa ehortzi zuten, arrotz gisa».]]>
<![CDATA[Gutunik ez Xuxatik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/018/001/2021-01-23/gutunik_ez_xuxatik.htm Sat, 23 Jan 2021 00:00:00 +0100 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1905/018/001/2021-01-23/gutunik_ez_xuxatik.htm
«Hango jendea beldur da oraindik», aitortu du Kalusdianek; 50 urte inguru ditu, eta Iranen hazitakoa da, Otomandar Inperioak armeniarren kontra egindako genozidioaren ondoren milaka pertsona egotzi baitzituzten beren bizilekuetatik (1915), gaur egun Turkia deritzon eremutik. Armenierazko deitura zuten milaka familiak bost kontinenteetan barrena sakabanatu behar izan zuten, ezinbestean, eta, harrera leku izan zituzten lurraldeetan, sekulako ahalegina egin zuten berriro armeniarren komunitateak sortzeko hutsetik, eta beren hizkuntzari ere eutsi ahal izateko.

Libanon, Burj Hammoud hiria altxatu zuten, Beiruteko mugaldean, non biztanle gehientsuenak armeniarrak baitziren. Udalerri hartan daude, besteak beste, Hamazkain erakundea eta Pakin egunkaria; biek ala biek lan egiten dute mundu osoko armeniarren komunitateen kultura iraupena sustatzearren, armenierazko eskola liburuak eta armeniera irakasleak esportatuz. Hiri horren irudiak erakarririk, armeniarren diasporako hiriburu intelektuala izaki, Libanora lekualdatu zen Kalusdian, eta, denboraren poderioz, Hamazkain erakundeko presidente bihurtu.

Mediterraneoko herrialde txiki horretako 100.000 armeniar baino gehiago sinetsi ezinda daude, oraindik ere, galdu berria dutela Karabakh Garaiaren parte handi bat, bere burua Artsakh Errepublika izendatzen duena. Eskualde menditsu horrek eta Armeniako gaur egungo estatuak lurralde historiko bat osatzen dute, armeniar nazioaren lurraldea, gero eta txikiagoa. Karabakh Garaiak bere sinbolo nazionalak eta erakunde politikoak ditu, eta horiek ere bereizten dute Azerbaijango estatutik; estatu horren barruan sartua dago, ordea, eta independentzia eskatzen du. Armeniakoak ditu hizkuntza, pasaportea eta lurretiko lotura; Armenia da enklabe txiki horren sostengua, eta hark laguntzen dio arlo finantzarioan eta militarrean.

Familia armeniar askorentzat, gerra ez da bukatu oraindik. Aram, Kalusdianen anaia, ezin izan da etxera itzuli oraindik, beste asko bezala. Aram emaztearekin eta seme-alabekin bizi da, Stepanakerten: Karabakh Garaiko hiriburua da, eta armeniarrek kontrolpean edukitzea lortu duten eremuan dago, baina oraindik ez dira ausartzen hara bueltatzera. Erevanen daude oraindik ere, Armeniako hiriburuan; izan ere, beste milaka lagunek bezala, hara jo zuten Azerbaijanen aurkako gatazkatik babesteko.

Bi hilabetez gerran egon ondoren, lurraldea oso gaizki dago, eta elektrizitatea ere moztu diete negu gorrian, baina, hori alde batera utzita, Kalusdianek uste du jendeak kolpe psikologikoa dela-eta egin diola uko itzultzeari: «Mundu guztiak galdu du norbait gatazkan, eta mingarria da itzuli eta hala dela egiaztatzea». Haren anaia ere maiz joan izan da Armeniako Defentsa Ministeriora, Erevanera, seme-alabetako bat non dagoen argitzeko informazioa eskatzera, ez baitaukate haren berririk urriaren 8tik. Egun hartan, soldadu gaztea desagertu egin zen, azerbaijandarren erasoaldi handi bat zela-eta atzerantz egiteko operazio batean zebilela, baina eraso horretan ez zen ez zauriturik ez hildakorik erregistratu. «Zazpi desagertu, besterik ez», deitoratu du Kalusdianek. Gaztearen gorpua handik hilabete batzuetara aurkitu zuten: DNA proba baten bidez, haren identitatea egiaztatu zen. «Prozesu oso mingarria da», ziurtatu du Kalusdianek; Armeniara joan zen lurperatzean parte hartzeko, iragan igandean.

600 bat hilotz itzuli dituzte —horietako asko, burua moztuta—, Armeniako agintarien eta agintari azerbaijandarren arteko gorpu trukeetan. Zenbait iturriren arabera, ehunka armeniar egon litezke Azerbaijango kartzeletan, tratu txarrak jasotzen.

Horiek izan dira gerraren ondorioetako batzuk, Karabakh Garaiaren gaineko legitimotasuna dela-eta bi aldeek izandako azken gerrak eragindakoak. Lurralde horrek, historikoki, armeniarren presentzia handia izan du, eta hala erakusten dute IV. mendeko hango eliza armeniarrek, baina nazioarteko legediak Azerbaijani ematen dio subiranotasuna: Azerbaijan herrialde turkiko bat da, gehiengo musulmana duena, eta Sobietar Batasuneko agintariek eskumena eman zioten eremu hori kontrolatzeko.

Sobietar Batasunaren garaian, tentsioak ezkutuan geratu ziren, bi komunitateetako herritarrak elkarrekin nahasteraino. Baina 1988an, Perestroika garaian, Karabakh Garaiko parlamentu autonomoak erabaki zuen Azerbaijandik bereizi eta orduko Armeniako Sobietar Errepublika Sozialistan sartzea. Bi komunitateen arteko ezinikusia bizitu egin zen, eta Sumqayit hirian armeniarrei egindako sarraskiak gatazka piztu zuen.

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenean, 1991n, Armeniaren eta Azerbaijanen independentzia gauzatu zen, eta gerra hasi zen bi herrialdeen artean, lurraldea zela eta. Libanoko armeniarrak ere batu ziren gatazkara, 2020ko udazkenean gertatu bezala. Lehengo hartan, armeniarrak izan ziren garaile: Karabakh Garaiaren kontrolari eutsi zioten, eta Azerbaijango lurralde batzuk bereganatu zituzten. Lurralde horietan, «segurtasun eremu» bat ezarri zuten, eta milaka familia azerbaijandar kanporatu.

Gatazka hartan, Zakar Kexixian zuzendari armeniar-libanoarrak haur abesbatza bat eratu zuen Karabakh Garaian, Xuxa hiri berezian: poeta eta artista askoren sorlekua da, bai armeniarrek eta bai azerbaijandarrek kultur erreferentziatzat daukatena. «Gerra bat zegoenez, guk nahi genuen koruko kideak seguru eta baikor sentitzea musikaren bitartez», gogorarazi du Kexixianek. Egitasmoak aurrera segitu zuen gatazka bukatu eta gero ere, eta Kexixianek beste abesbatza biki bat sortu zuen diasporako gazteentzat, Libanon. Bi koruak senidetu egin ziren, eta truke bidaiaren bat ere antolatu zuten. Libanoko abesbatzakoek modua izan zuten familiakoek hainbestetan aipatzen zieten lurraldea ezagutzeko, eta Karabakh Garaikoek, berriz, bisita egin zioten Libanon jaioak izan arren aberkidetzat dauzkaten gazteen babeslekuari. «Handik aurrera, adiskide egin, eta gutunak bidaltzen zizkioten batzuek besteei», kontatu du Kexixianek. «Hogei urtean, Beirutera eta Xuxara joaten nintzenean, poltsa izugarri handiak eramaten nituen, eskutitzez eta opariz beteak, talde batek besteari bidaliak. Mandatari lanetan ibiltzen nintzen!».

Txikitan gutunak trukatzen zituen haur belaunaldi huraxe borrokatu da Azerbaijanen kontrako azken gerran iazko udazkenean, eta galdu egin du. Aurpegi goibelaz eta zuzenean begiratu ezinik, Kexexianek kontatu du hilak direla gazte haietako batzuk, edo haien bikotekideak. Gainerakoek alde egin behar izan dute Xuxatik —azerbaijandarrek konkistatua baitute—, Armeniako hiriburura edo ahal izan duten tokira. Kexexian harremanetan dago haiekin Whatsappeko talde batzuen bitartez: «Nik ezin erantzun diedan gauza batzuk galdetzen dizkidate, batez ere gazteek. Iruditzen zaie galdera guztietarako erantzunak ditudala. 'Zer gertatuko da gero?', 'Xuxara itzuli ahal izango gara?'. Zer erantzun ez dakidala geratzen naiz. Horretan ibili behar izatea gogorra da niretzat».

Hiru hamarkada egon dira Karabakh Garaian azerbaijandarrik gabe, baina bukatua da garai hori, egoera berriaren ondorioz. Azerbaijanek «segurtasun eremua» izenekoa ere berreskuratu du, armeniarrek Azerbaijanen lurraldean ezarri zutena, eta lekualdatutako ehunka mila azerbaijandar itzuli dira horri esker. Joan den azaroaren 10ean sinatutako akordio anbiguo horretan, lotu gabe geratu da zenbait herriren subiranotasuna, eta zibil armatuek oraindik liskarrak dituzte elkarren artean.

Sobietar Batasunaren amaieraren garaiko antzeko egoeran dago gatazka berriz ere, baina bada desberdintasun bat: Sobietar Batasunaren ondorengo bi belaunaldiak, lubakien bi aldeetakoak, odolustu egin dira gerra handi batzuetan. Azken gatazkan, 5.000 lagun baino gehiago hil dira, eta badirudi ezingo dela eragotzi gerra gehiago izatea etorkizunean.

«Hogeita hamar urte daramatzagu aurreko belaunaldiaren garaipen istorioak entzuten», dio Hrag Avedanian armeniar gazteak; Burj Hammouden bizi da: «Armeniarrok garaituak izaten ginen beti, eta Artsakh denok batzen gintuen ikur bat zen». Horrela ez sentitzeko eskatu dio amak, baina Avedanianek dio bere belaunaldia «lotsatuta» dagoela aurreko belaunaldiek irabazitakoa galdu dutelako: «Nola justifikatu gertatu dena? Zer adieraziko diegu ondorengoei? Ez dugu jakingo zer esan hurrengo belaunaldiari».]]>
<![CDATA[«Herrialde honenak egin du. Alde egingo dugu»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1988/008/002/2020-08-11/herrialde_honenak_egin_du_alde_egingo_dugu.htm Tue, 11 Aug 2020 00:00:00 +0200 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1988/008/002/2020-08-11/herrialde_honenak_egin_du_alde_egingo_dugu.htm
Sarahk, taldeko buruak, zerrenda berrikusi du berriz autoan sartu baino lehen, eta Burj Hammoud aldera joateko eskatu dio gidariari. Larunbatero, hainbat orduz bila aritzen dira topatu nahi dituzten pertsonak aurkitzeko, ematen dizkieten argibideei segika. Euren solaskideek ez dute beti izaten Interneterako konexiorik, ezta telefonorik ere. Sarahk talde bat sortu zuen, Libanon etxeko lanetan aritzen diren emakume immigranteak elkartzeko: aisialdirako daukaten tarte txiki horretan elkartzen ziren antzerkia egiteko eta lagunartean egoteko. Baina duela aste batzuk, herrialdearen gainbehera dela eta, jatekoa banatzen hasi dira.

«Gaur Madagaskarko komunitatearekin ari gara lanean», azaldu du Sarahk. 22 urte igaro dira Sarah uharte horretatik Libanora joan zenetik: «Madagaskarko 110 lagun artatzen ditugu, eta Afrikako eremu frankofonoko 200 lagun baino gehiago. Eta hilabete besterik ez daramagu honetan». Azaldu duenez, inork ez die laguntzarik ematen immigranteei, eta inor ez da harremanetan jarri Etxeko Langile Immigranteen Aliantzarekin: hala du izena Sarahk zuzentzen duen proiektuak. «Berdin-berdin zaie hiltzen bagara ere». Hori bera salatu zuten atzo gobernuz kanpoko hainbat erakundek; alegia, joan den asteartean portuan izandako leherketan paperik gabeko hainbat langile hil zirela, baina instituzioek ez dituztela zenbaki ofizialetan sartu.

250.000 migratzaile

Libanon, bost milioi biztanlek daukate pasaporte nazionala, baina 250.000 immigranteen lanari ere etekina ateratzen dio herrialde horrek: 1997tik, libanoarrek nahi ez zituzten lanpostuak hartuz joan dira immigranteak gizartean. Urte hartan, orduko lehen ministro Rafik Haririk libera libanoarraren dolarrarekiko balioa ezartzea lortu zuen—haren semea Saad Hariri da: joan den udazkeneko protestek kargua uztera behartu zutenetik, berriz lehen ministro izateko garai egokiaren zain dago orain—. Neurri horren xedea kanpoko inbertsioak erakartzea zen, hamabost urteko gerra zibil baten ondoren herrialdea berreraikitzeko. Baina beste ondorio bat ere izan zuen: Libanok inportatu egin behar ditu kontsumitzen dituen produktuen %90, eta, neurri horri esker, etekina atera ahal izan die Asiako eta Afrikako beste herrialdeetako langileei. Langile horiek 100 eta 300 dolar arteko soldata jasotzen dute, eta etxera dirua bidali ahal izateko joaten dira Libanora.

Kuwaiten eta Golkoko estatuetan gertatzen den moduan, immigranteek euren nagusien babesa behar dute Libanon egon eta lan egin ahal izateko. Haien bizitzako alderdi guztiak enplegatzaileen mende egotea ekartzen du sistemak: bisa, bizitokia, soldataren kobrantza eta dagozkien baina inpunitate osoz urratzen zaizkien eskubide gutxi horiek. Langile immigranteei aplikatzen zaien legediak, Kafala izenekoak, baztertu egiten ditu herrialdeko lan arauditik, eta enplegatzaileen esku uzten du botere osoa.

Libanoko langile etorkin gehienak emakumeak dira; Sarah eta Nadine bezalaxe, Etiopiatik, Madagaskartik, Bangladeshtik eta Sri Lankatik joandakoak. Kontratatzen dituzten familien etxeko lanak egiten dituzte, eta haiekin bizi dira, behartuta. Askatasunik gabe eta baldintza ezin okerragoetan bizi badira ere, urrunetik etxekoei bizimodua atera ahal izateak emakume asko lotu ditu ongietorririk egiten ez dien herrialde urrun horretara.

Baina gauzak aldatu egin dira. Orain, inoiz ez bezalako finantza krisi batek gogor jo du Libano, eta deuseztatu egin du hango diruaren eta dolarraren arteko lotura. Hilabete gutxian, libera libanoarrak balioaren %80 inguru galdu du, eta biztanleen %40 pobrezian erori dira; tartean, langile immigranteak kontratatzen zituzten familia asko. Guztira, %70eko pobrezia tasa dauka Libanok. Zenbaitek neskameak bakarrik uzten dituzte beren herrialdearen enbaxadako atarian. Beste batzuk, berriz, lana galtzen ari dira, eta, ondorioz, baita lege babesa ere: nagusien babesa galtzen dutenean, legez kanpo geratzen dira; baita isun handiak jasotzeko, atxilotuak eta deportatuak izateko, eta askotariko abusuak jasateko arriskuan ere.

«Laguntzen diegun emakume gehienek lanpostua galdu dute oraintsu», azaldu du Sarahk. Libanon, koronabirusa beste zailtasun bat besterik ez da panorama ekonomiko dramatiko horretan. Martxoan, behea jo zuela adierazi zuen herrialdeak. Gela bat alokatu beharrak hartaratuta, oso etxe kaskarretan pilaturik bizi dira Sarahren proiektuaren laguntza jasotzen duten emakume asko. «Lehen, 1.500 liberaren truke dolar bat genuen, baina orain ezin ditugu 9.000 liberarekin ere dolar bat eskuratu! Herrialde honenak egin du; zalantzarik gabe, alde egingo dugu!», azaldu du 50 urte inguruko emakume malgaxe batek, bizilagunen artean banatzeko poltsa batzuk lurrean egokitzen dituen bitartean. «Baina ez daukagu alde egiteko baliabiderik», aitortu du, etsipenez. Etxera bueltatzea zaila da, koronabirusaren ondorioz mugak itxita daudelako, eta azken hilabeteetan askori ez dietelako soldatarik ordaindu. Haien herrialdeen enbaxadak beldur dira, arriskua ikusten dutelako kutsatuta dauden biztanleak herrialdean sartzeko, eta, emakume horiek diotenez, ez diete batere erraztasunik eman.

Sarah eta beste taldekide batzuk lanean ari dira oraindik, eta euren egun libre bakarra erabil dezakete beste emakume batzuei laguntzeko. «Ugazabandreak ez daki honetan aritzen naizenik. Ez diot ezer esaten, nire segurtasuna bermatzeko», aitortu du Sarahk, lasaixeago, asteko banaketa egin ostean zorroko patata batzuk jaten dituen bitartean: «Badaki gizarte kontuetan aritzen naizela, eta ikusten du nire telefonoak etengabe jotzen duela; baina ez daki nik antolatzen dudala, eta nik ere ez diot esaten».

Ameskeria, borroka arrazoi

2019ko udan, ematen zuen Libanok aurrerapausoa egingo zuela langile etorkinak babesteko, giza eskubideen aldeko erakundeek eskatzen zioten bezala. Lan ministro Camille Abuslimanek esaten zuen Kafala sistema «esklabotza modernoa» zela, eta konpromisoa hartu zuen «sistema hori suntsitzeko» eta «tratu anker hori» eragozteko. Lanaren Mundu Erakundearekin eta beste gizarte erakunde batzuekin batera, ikerketa talde bat antolatu zuen, hori alde batera utzi ahal izateko estrategia bat pentsatzeko. Komisioak zera proposatu zuen: nagusien eta langileen harremana berdintzea, eta tresna batzuk martxan jartzea nagusiek legea bete zezaten. Baina, urrian, Libanon inoiz izan den protesta uholderik handiena izan zen, eta, Saad Haririk kargua utzi zuenez, haren gobernu talde osoak ere bai.

Urtebete geroago, kalera protestan irteteko aukera eta ausardia duten etxeko langileek borrokan segitzen dute, Zuen etxea gure kartzela da aldarrikatuz, eta beste talde batzuek, hala nola Asia Hegoaldeko Sindikatu Kontseiluak eta Human Rights Watch-ek, justizia trantsizionala oinarri izango duen prozesu bat eskatzen dute, Kafala sistemak kalte egiten dien emakumeen egoera konpontzeko, eta gobernuei galdegiten diete nagusiak behartzeko langileek egiten dituzten lanorduak zenbatzera. 2008an, astean etxeko langile bat hiltzen zen Libanon: beren buruaz beste eginda edo ihes egiten saiatzen ari ziren bitartean istripuren bat izanda hiltzen ziren. Gaur egun, askoz gehiago hiltzen dira.]]>
<![CDATA[Munduko herrialderik onena izan zitekeen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/020/001/2020-05-07/munduko_herrialderik_onena_izan_zitekeen.htm Thu, 07 May 2020 00:00:00 +0200 Joan Cabases Vega https://www.berria.eus/paperekoa/1913/020/001/2020-05-07/munduko_herrialderik_onena_izan_zitekeen.htm
Protestan, berrogeialdia baino lehen Libanon astero antolatzen ziren horietako batean, 150 pertsona inguru daude. Ibrahim Merheb, 43 urteko medikua, espresuki etorri da Akkartik, Siriarekiko mugan dagoen iparraldeko barrutik batetik. «Ministerioa independentea izatea behar dugu, duela hiru hamarkadatik herrialde honetan agintzen dutenek ustelkeria bultzatzen jarrai ez dezaten», laburbildu du Merhebek. «Bada garaia gauzak aldatzeko».

Urtarrilaren amaieran, agintariek gobernu berri bat iragarri zuten. Teknokrata gisa aurkeztu zituzten bai lehen ministro berria, Hassan Diab akademikoa, eta bai haren gobernuko kideak. Asko hala dira. Baina proposamenak ez ditu asebete manifestariak. «Denok dakigu betikoek nahierara aukeratu dituztela», esan du Butrosek. Libanoar askoren iritziz, ministroak aukeratzeko moduak eragotzi egiten du haiek estatuaren interesak lehenestea babestu dituztenen nahien aurretik. «Badakit Justizia ministroa pertsona ona dela, eta badituela gaitasunak, baina hori ez da nahikoa askatasunez jokatu ahal izateko», azaldu du Butrosek, Najm adibide gisa jarriaz. Herritarrek ez dute sinesten ministro berriek aske jokatu ahal izango dutenik, izendatu dituztenei konturik eman gabe. Aurpegiak aldatu dira, baina berberek agintzen dute.

1990ean, gobernuko jauntxo bilakatu ziren aurrez gerrako jauntxo zirenak, eta horiek agintetik kentzean bat etorri dira denak iraultzaren lehen egunetik. Eta adostasunak badu beste atal bat: manifestariek diote ez diotela protestatzeari utziko Libanok talde erlijioso nagusiei botere kuotak onartzen dizkien sistema atzean utzi arte. Gerra zibilean elkarren aurka aritu ziren sinesmenen arteko su-eten baten antzeko funtzioa du akordio horrek, eta, hari esker, militarrek bake akordioa hitzartu ahal izan zuten, eta aldi berean pastela euren artean banatu.

Manifestarien arabera, herrialdean indarrean den sistema konfesionala gainditzeko modu bakarra da pertsona independenteek osatutako gobernu bat lortzea, eta hori nahitaezkotzat jotzen dute, Libanoko ekonomiak hondoratzen jarraituko ez badu.

Libanoarrek ia ez dute zerbitzu publikorik; etxeek ez dute edateko urik, ez argindarrik ere egunaren zati handi batean. Urrian, Libanoko bizi baldintzak nabarmen okertu ziren: prezioak igotzen hasiak ziren; lanpostuak, berriz, desagertzen ari ziren, eta soldatak, izozten. Dolar kopurua murriztuz zihoan, eta kolokan geratu ziren erregai, botika eta elikagaien esportazioak. Herrialdeko ekonomia atzeraldian sartua zen; Libanoko zorra BPGa baino %150 handiagoa zen, eta Munduko Desberdintasunen Datu Baseak jakinarazi zuen Libanoko %0,1 aberatsenek herritar txiroenen erdiek adinako kapitala zutela.

Instituzioen ustezko gaitasunik ezaren azken ekintzak lehertu zuen politikarienganako haserrea. Urriaren 17a baino astebete lehenago, Libanon kontrolik gabeko ehun sute baino gehiago zeuden, baina gizarte zibilaren zati handi batek bere kabuz itzali behar izan zituen: estatuaren helikoptero espezializatuak zerbitzuz kanpo zeuden, nahiz eta agintariek ustez mantentze lana egin aurreko bost urteetan. Horregatik, agintari haiek zerga bilketa handitu nahi izan zutenean Whatsapp bidez, «aski da!» esan zuten.

Abenduan, protestak gorenean zeudela eta instituzioek haien eskariak asetzeko ezer proposatu ez zutela, Suitzako funtzionario batek esandakoak handitu egin zuen manifestarien atsekabea: hark ohartarazi zuen identifikatu nahi izan ez zituen bederatzi politikari libanoarrek 2.300 milioi dolar mugitu zituztela Suitzako kontuetara aurreko hamabost egunetan. Azken hamarkadetan boterea monopolizatu zuten agintariek baliabideak alferrik galdu eta estatua hondoratu zuten beste froga bat izan zen manifestarientzat. Gaur Libanoko justiziaren esku dago ustezko mugimendu haren inguruko ikerketa.

Herrialdearen egoera ekonomikoak okerrera egin du iazko urritik. Gobernu nazionalak jardunean egin du denbora honen zati handi bat, elite politikoa haren jarraipena bermatzen eta manifestariak nekarazten ahalegintzen zen bitartean. Merkatu beltzean Libanoko liberak bere balioaren %60 galdu du dolarrarekin alderatuta, eta bankuek kapitalen kontrola ezartzen jarraitzen dute AEBetako dibisen gainean; inbertsiogileen konfiantza galdu egin da, eta enpresa askok itxi egin behar izan dute. Munduko Bankuak ohartarazi du Libanon pobrezia maila baino beherago bizi direnak %30tik %50era ugarituko direla beharbada.

Koronabirusaren krisi betean lehertu dira azken protestak; arrazoi ekonomikoek bultzatutakoak horiek ere. Lau egun iraun dute oraingoek, eta hildako bat eta dozenaka atxilotu izan dira; baita militarren aurkako tortura salaketak ere. Michel Aoun presidenteak bide orri bat iragarri du krisitik irteteko, baina ohartarazi du irteera ez dela izango askok nahiko luketen bezain azkarra.

Gutxi batzuen gobernua

Hassan Diab buru duen gobernu berriak ez du hasiera erraza izan, eta ez dirudi herrialdea hondoratzen ari den krisitik modu egonkorrean ateratzeko adina babes duenik. Ministroak betikoek aukeratzeaz gain, hilabeteetako protesten ostean sortutako Diaben gobernuak galdu egin du aurrekoak zuen estatusa, batasun gobernuarena.

Diaben gobernua bultzatzeko ados jarri diren alderdien artean ez dago Libanoko espektro politikoaren bi muturretako ordezkaririk: Saad Hariri musulman sunitaren alderdia den Etorkizuna Mugimenduak eta hura buru duen blokeak galdu egin dute mahaian zuten tokia, eta gaur Hezbollah talde xiita eta haren aliatuak soilik esertzen dira bertan. Egoera horrek eragina du gobernuak herritarren artean duen sostenguan: Etorkizuna Mugimenduari lotutako hautesle sunitak eta Aurrerapenaren Alderdi Sozialistaren jarraitzaile diren herritar drusoak baztertuta senti daitezke euren ordezkariek indarra galdu ostean.

Baina gobernuaren lerrokatze berriak atzerriko babesak ere urruntzen ditu. Saad Hariri buru zuen aliantzak harremanak zituen Mendebaldearekin eta Saudi Arabiarekin, eta hori beste bloke handiak jasotzen zituen babesekin osatzen zuen, zeinak Iranekiko harreman estuagoa baitzuen. Orain, Libanoko Gobernuan eragin handiagoa du Hezbollahk, Iranen aldeko talde politiko eta armatuak, AEBetan talde terroristatzat daukatenak: Teheranek Siria bere eragin eremuan sartzea lortu ostean, Washington beldur da Libano ere behin betiko eroriko ote den irandarren aldera, Israelentzako arriskutsua izan baitaiteke.

Horiek hala, zailagoa da Mendebaldeko potentziaren batek Libanoko Gobernuari ekonomikoki laguntzea horrek gehien behar duen honetan. Diaben taldeak bere ibilbidea hasi zuen milaka milioi dolarreko mailegu bat bilatzen zuela iragarriz, baina ondoren, historian lehen aldiz, jakinarazi zuen ez zuela zorra ordainduko eta negoziatu egingo zuela diru emaileekin. Lehen ministroak argudiatu zuen Libanoko dolar erreserbak amaitzear zeudela, eta neurri horrekin herritarren oinarrizko beharrak asetzea duela helburu.

Ekialde Hurbila eta Hezbollahk Libanon duen eragina aztertu ditu Lokman Slim analista politikoak, eta bestelako analisia egin du Hassan Diaben gobernuari buruz; iritzi dio espektro politiko bakar bat ere ez duela ordezkatzen: «Argi hitz egin dezagun. Hezbollahren gobernu bat da hau, eta haren eta Irango haren babesleen nahiak betetzea du helburu». Slimek nabarmendu du Hezbollah ezin dela parekatu Libanoko beste ezein alderdirekin, eta desberdintasun batzuk aipatu ditu: «Armada bat du, Libanoko armada bera baino indartsuagoa; muga batzuen gaineko kontrola du, eta Sirian, Iraken eta Yemenen ere baditu indarrak».

Nazioarteko ekintza horien guztien ondorioz, Slimek ohartarazi du Hezbollahren mugimenduak Ekialde Hurbil osoaren baitan ulertu behar direla, eta ez soilik Libanoko interesen baitan: «Hezbollahk uste du Libanok [Ekialde Hurbilarekiko] egiten duen kontzesio oro Erresistentziaren Zutabearen aurkako mehatxutzat har daitekeela [ezizen hori du AEBek eta Israelek Ekialde Hurbilean duten esku hartzearen aurkako Iranen, Siriaren eta Hezbollahren aliantzak]».

«Modu horretan ulertzen da, adibidez, Hezbollahk nahi ez izatea Libanoko Gobernuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren arteko elkarlanik», ondorioztatu du Slimek. Baina jarrera ezkor hori aldatu egin da azken asteetan: Irango Gobernuak NDFren laguntza ekonomikoa eskatu du koronabirusaren krisiari aurre egin ahal izateko; 1962. urtetik egin gabe zegoen halako eskaera bat, hain zuzen Reza Pahlevi xahk Washingtonen onespenarekin herrialdea zuzentzen zuenetik. Handik gutxira, Hezbollahko buruak jarrera aldatu zuen publikoki, eta prest agertu zen Libanori aholkuak eman nahi zizkion nazioarteko edozein erakunderi entzuteko, baita Nazioarteko Diru Funtsari ere.

Gerra zibilaren amaiera

Mohammadek 30 urte inguru ditu, eta Justizia Ministerioaren inguruan egiten du lan, kafetegi batean: «Protestak indartsu itzuliko dira. Koronabirusaren krisia amaitzen denean, gure eskubideak aldarrikatuko ditugu egunero, duela aste batzuk egiten genuen moduan». Mohammadek uste du manifestariak ezin direla lasaitu, «edo botere politikoak baliatu egingo du». Iazko azaroan parlamentuak egindako bi ahaleginak jarri ditu adibide gisa. Jendea kalean protestan ari zen bitartean, agintariak hainbat delituz errugabetuko zituen lege bat onartzen ahalegindu zen legebiltzarra. Saioak bertan behera utzi behar izan zituzten protesta eta borroken ondorioz.

Mohammadek uste du Libanon bizimodua hobea zela 1975ean hasi eta hamabost urtez luzatu zen gerra zibila baino lehen: «Horren ondoren, beti egon da ezinikusia batzuen eta besteen artean. Talde erlijioso eta sozial bakoitzak bere buruari soilik begiratzen dio, bere alderdi politikoak ditu, eta bere auzoetan bizi da. Boterean dagoen jendearen agintzeko moduagatik ez balitz, herrialde hau munduko hoberena izango litzateke».]]>