<![CDATA[Joanmari Larrarte Telletxea | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 25 Jun 2019 11:58:07 +0200 hourly 1 <![CDATA[Joanmari Larrarte Telletxea | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Euskaraz biziz, eragin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2016-09-24/euskaraz_biziz_eragin.htm Sat, 24 Sep 2016 00:00:00 +0200 Joanmari Larrarte Telletxea https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2016-09-24/euskaraz_biziz_eragin.htm
Hortik abiatuta, bi ideia landu nahiko nituzke: zer egin behar den euskararen presioa azkartzeko, eta gizarte eragileen egitekoa zein den horretan, nola jokatu beharko luketen.

Euskararen presioa azkartzeko, nik uste dut oinarrizko gakoa euskara beharrezko egitea dela. Nabaria da gure inguruan ingelesa ikasteko, ingelesez ondo egiteko dagoen interesa. Hori ez da gertatzen ingelesa mundu guztiari zerbait erakargarri eta eder gertatzen zaiolako, beharrezko ikusten dutelako baizik; izan lanerako, denbora-pasarako edo bidaiatzeko, berdin dio, baina beharrezko, balio handiko. Horixe da gakoa: nola egin euskara beharrezko eta baliozko. 90eko hamarkadan, ondorioztatu zen euskara ikasteko arrazoi identitarioek ez zutela balio eta arrazoi pragmatikoen bidetik jo behar zela; baina horrek ez du asko balio izan, eta ez du balio izan pragmatikoa ez delako herri honetan euskara ikasten denbora ematea, ez baita beharrezko. Behar hori ez badago, zaila da euskal herritarrek euskara ikasi eta erabiltzeko interesik sentitzea, are gutxiago behin eta berriz elikatzen badira euskara traba dela dioten mezuak.

Euskararen beharra sentitzeko, ezinbestekoa da gero eta gehiago erabiltzea, euskaraz funtzionatzen duten gero eta eremu gehiago izatea; horretarako, beharrezkoa da jendeak euskaraz jakitea, bestela ezin baita erabili. Ezintasuna batez ere euskaraz ez dakienak jartzen du, eta hark egin behar du euskalduntzeko bidea, baina euskaldunongan jarriko dut une honetan zama nagusia: euskaraz dakienak bazter guztietan euskaraz egiten duen neurrian bakarrik ulertuko du erdaldunak arazoaren parte dela, eta euskalduntzeak bideak irekiko dizkiola bizitzeko (ingelesarekin bezala, zeinaren zama hain normal ikusten dugun).

Euskaldunon aktibatze azkar baten beharra dugu euskararen normalizazioan urrats sendo bat egingo badugu. Euskara bazter guztietan eta etengabe erabiltzen dugun neurrian, euskarari ikusgarritasuna emango diogu, eta hortik abiatuta has gaitezke beharra ikusarazten (adibidez, euskaraz dakien orok hedabideen aurrean bakarrik euskaraz egiten badu: erdaldunak ikusten hasiko dira zenbatek egiten duten euskaraz, eta euskal herritar erreferente asko euskalduna dela; euskaldunok ikusiko dugu euskaraz bizi daitekeela; eta hedabideak behartuta egongo dira langile euskaldunak hartzera). Oso lasai eta eroso bizi den elebakar hori egoeraz jabe dadin lortu behar dugu, ez egunero zer egin behar duen esanaz, gu euskaraz biziz baizik, ikusi arte arazoa ez garela elebidunak, euskara ikasi ez dutenak baizik, eta bereziki ikasi nahi ez dutenak.

Euskararen normalizazioa ezin da soilik eremu sozialeko ahaleginera mugatu: ezinbestekoa da instituzioek euskararen behar hori sortuko duten politikak egitea. Hori eragiteko, euskaraz bizitzeko giro soziala indartu behar da.

Giro soziala sortu behar da, presio soziala areagotu behar da, eta presio hori, izatekotan, euskararen gizarte eragileen ekimenari esker etorriko da. Ona litzateke gizarteko beste eragile batzuen edo norbanakoen interesarengatik gauzatzea, baina orain ez dirudi hori gerta daitekeenik.

Euskalgintzak, euskararen gizarte erakundeek egin duten ekarpena oso garrantzitsua izan da orain arteko bidean, asmatu duenean bere mezua gizartean txertatu eta jarraitua izatea. Ikastola eta gau eskolen mugimenduak gizartea mobilizatu zuen garai batean euskara ikastera, eta, hari esker, gerora hezkuntzan eredu euskalduna zabalduz joan da eta helduen euskalduntze-alfabetatzea normalizatu egin da, eskaintza sare guztietara zabalduz. Herri ekimena gauza izan denean aurrera egin eta bidea erakusteko, administrazioak ere egin ditu urratsak —Bai Euskarari Ziurtagiria eta Bikain; Behatokia eta Elebide—.

Horixe da, hain zuzen ere, gizarte ekimenaren egitekoa, aurrea hartu eta bidea markatzea, aktibatzea. Euskalgintzak asko begiratu dio azken urteotan emakumeen borrokari; bada, argi erakutsi digu mugimendu feministak indarra hartu eta urratsak egiteko gai izan denean hasi direla erakundeak eta gizartea serio hartzen emakumeen egoera. Mugimendu feminista ez da zain egon gizartearen, administrazioaren eta mugimenduaren arteko kontsentsua noiz iritsiko, eta horren arabera urratsak egin, baizik eta baldintzatzen saiatu da, egoeraren larriaz jabe gaitezen eta kezkarekin bat egin dezagun.

Euskararen gizarte erakundeak duela urte batzuk dinamika horretan zeudela esango nuke, eta gaur egun, berriz, gelditzea baino ez dakarren kontsentsu baten zain; bidean lortu behar dena, lanarekin lortu behar dena, aurretik eduki nahian. Bide propioa egin behar dugu; aurrera egiten den neurrian, gainerakoak ere etorriko dira.]]>
<![CDATA[Egitea dagokigu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2016-06-23/egitea_dagokigu.htm Thu, 23 Jun 2016 00:00:00 +0200 Joanmari Larrarte Telletxea https://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2016-06-23/egitea_dagokigu.htm
Nik uste dut komeni zaigula argi ikustea dugun egoera nahikoa normala dela, kontuan hartuta testuingurua, eta saiatuko naiz esplikatzen. Lehenik eta behin, berbazko kulturari begira, nahitaez hartu behar da kontuan euskararen beraren egoera: hizkuntza gutxitua da, eta herritarren herena baino ez da elebidun euskalduna; dudarik gabe, hori muga handia da euskaraz ekoitzitakoaren zabalkunderako. Bigarrenik, kultur egitura sendo eta antolatu baten beharra handia izan arren, ez dugu halakorik; sektoreka badaude ahaleginak, batzuk oso egituratuak eta funtzionamendu egokikoak, baina beste askotan ez dugu gaitasunik sektore mailako egituraketa eraginkorra lortzeko, eta horrela zaila da euskal kultura bere osotasunean egituratzea. Hirugarrenik, euskal eremu komunikatiboa ez da beharko lukeena: ezinbestekoa da sistema propio indartsua izatea, erdal hedabideen lehentasuna ez baita euskal kultura. Azkenik, euskararen eremua instituzio aldetik zatitua dugu, eta, gaur arte, ez da lurralde osora begirako politika bateraturako aukerarik izan, eta bakoitzak bere eremuan gauzatutakoa ere ez da euskara lehenetsiz planteatu izan. Zume horiekin, ezinezkoa da euskal kulturaren egoera beste bat izatea; beraz, ez gaitezen harritu, eta pentsa dezagun, batez ere, zer egin dezakegun hamar urte barru egoera hobea izan dadin.

Zer egin? Ez dut nik soluzio argirik, eta, dirudienez, inork ere ez, baina denon artean, helburu horrekin jartzen bagara, gai izan gaitezke bidea aurkitu eta bide hori egiteko. Durangoko Azokan Olatz Osak esandakoak hartuz, «Estatu ituna edo. Eragile politikoen eta gizarte zibilaren herri ekimenaren arteko ituna premiazkoa da». Euskal Herriak herri izan nahi badu, eta herri horrek kultur adierazpide aberatsa behar badu, kultur egitura sendoa behar du, eta hori denon artean egindako bide batetik bakarrik etorriko da. (Bide batez, gomendatzen dizuet irakur dezazuen Jakin aldizkarian, 213. zenbakian, Iñigo Astizek eta Miren Rubiok Durangoko eztabaidak jasotzeko egindako lana.)

Ezinbestekoa iruditzen zait hori, baina, era berean, oso argi daukat gaur egun ez gaudela hori lortzeko bidean: ez instituzioetatik dago horretarako borondaterik, ez euskal kultur eragileen artean egiten ari gara behar denik dugun hura indartu eta nor izateko. Hori dela eta, esango nuke bi norabidetan egin behar dela lan: alde batetik, lan egin behar dugu baldintzak sortzeko «estatu itun» hori gauza dadin epe ertainera begira; bestetik, hori ez dagoen garaian, hura gabeko errealitatean, herri ekimenetik bertatik egin behar dugu bidea. Zain bagaude noiz izango dugun benetako kultur politika egokia, hura ez da inoiz etorriko: guk geuk sortu beharko dugu bidea hori egiteko.

Euskal Herrian inoiz ez dira gauzak eginda etorri: gehienetan, herri ekimenetan aurrera egin den neurrian eman izan dituzte pausoak instituzioek, eta aurrerantzean ere berdintsu izango da. Egitura publikoetatik egiten dena egokia ez dela esanda, ez dugu ezer aurreratuko, eta horrela ez dugu inor behartuko egungo dinamikak aldatzera; herri ekimena indarrak bateratu eta urratsak egiteko gai den neurrian bakarrik etorriko dira benetako urratsak. Beraz, nire ustez, gure esku dago berriro ere ardura. Gure indarrean sinistu eta autoeratzea izan da eta da bidea, eta ez besteek neurriak har ditzaten zain egotea. Zerbaiti begiratzekotan, begira diezaiogun horri; euskalgintzaren alor desberdinetan, denok ezagutzen ditugu balio horietan eutsita bide hori egin duten elkarte, enpresa, sortzaile, talde eta norbanakoak.

Hiru mailatako eginkizunak ditugula uste dut: 1) Bakoitzak bere proiektua, enpresa, elkartea ahalik eta gehien sendotzea; 2) Ingurukoekin batera sektoreka egituratzea; 3) Sektore guztien artean euskal kultura indartu eta sustatzeko egokia izan daitekeen politika integral baterako bideak jartzen hastea. Eta hiru eginkizunak batera egin behar dira, hirurek elikatzen dutelako elkar: eragile sendo bakoitzak indartsuago egin dezake sektorea, baina, era berean, sektore indartu eta egituratu batek asko lagun dezake eragile bakoitza garatzen. Zailtasunak? Guztiak. Eta? Elkarlanaz hitz eginez pasatzen ditugu gogoeta saio guztiak, baina gure esku dagoena eginez baino ez dugu lortuko aurrera egitea, elkarrekin proiektuak martxan jarriz, sektorea antolatzea helburutzat hartu eta bidea topatu arte etsi gabe. Gure esku dago, baldin eta benetan nahi badugu eta sinisten badugu; harrokeriarik gabe baina harrotasunez esan dezakegu, orain arte egindako bidea kontuan hartuta, nahi badugu gai garela. Urrats sendoak egiten ditugun neurrian izango gara gauza baldintzak sortzeko instituzioetatik benetako politika bat egin dadin, herri ekimena eta administrazioa elkarrekin jartzeko, hori baita bidea.

Sentsazioa daukat gogoeta soberan dugula eta ekimena falta.]]>