<![CDATA[Jokin Labaien | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 03 Aug 2020 11:40:16 +0200 hourly 1 <![CDATA[Jokin Labaien | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ez datorren etorkizuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1912/021/002/2018-07-31/ez_datorren_etorkizuna.htm Tue, 31 Jul 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/1912/021/002/2018-07-31/ez_datorren_etorkizuna.htm
Bete dira aurreikuspen horietako batzuk. Bete dira, hein batean. Eta, hala ere, ez dakit ekarri duten 2011n horiek irudikatze hutsak sortzen zuen irrika, arrakala eta baita aldaketa orok eragiten duen izua ere. Berritik duen adina baitu gaur, zazpi urteren ondoren, zaharretik telebistak. Aldaketa horien ernamuina bizi ohituretan baitago, inon egotekotan, telebistaren funtzionamenduan baino gehiago. Gailuan eta haren erabileran bainoago, mamian, eskaintzan, begiradan, funtzioan sakontzetik etorriko baita, etortzekotan, telebistak izan dezakeen aldaketarik eta berrikuntzarik handiena. Telebista non eta nola ikusi anekdotikoa izango da, dirutzak mugitu arren. Ekarpenaren berritasuna, izango bada, zer, zergatik eta zertarako telebista ikusi izango da. Eta, horretan, oraingoz eta oraindik, gaur ez da bihar. Eta ni, agian zu bezala, haurtxo bat baino ez naiz, aitona-amonei galdezka, erantzunik jaso gabe, galduta, ulertu ezinik eta frustrazioz beteta.]]>
<![CDATA[Kirola soilik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/019/003/2018-07-26/kirola_soilik.htm Thu, 26 Jul 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/1881/019/003/2018-07-26/kirola_soilik.htm
Atentzioa horrek ematen dit, ezerk ematekotan. Alegia, pertsona talde batek, gainontzekoek egin bezala, zale izan eta gozatzeko aukerari muzin egin, protesta egiteko beharra plazeraren gainetik jarri, eta haien helburuaren muinari inork ez begiratzeak. Hainbestetan etena eta protesta aipatu, txirrindulariak geldirik ageri diren irudiak eman, negar gasak kirolariei eragindakoa aipatu, polizia manifestariak era oso makurrean tratatzen erakutsi eta ia inor ez ahalegintzea azaltzen haien protestaren arrazoiak eta helburuak. Zergatik egin zuten, zerk eraginda, nori ari zitzaizkion protestan, zeren kexu, zeren eske. Hori bailitzateke emanaldi oso eta erakargarria niretzat, aukera baliatu eta kirol emanaldiari testuinguruaren balio gehigarria txertatzen diona. Munduaren eta testuinguruaren konplexutasuna egiteko zehatzaren barruan txertatzen duena. Nik ikusi nueneraino, ez zen halako ahaleginik izan. Irudiak bakarrik eman dituzte, azalpenik gabe, batzuk gehiago eta besteek gutxiago bada ere, protestaren benetako helburuaren kaltetan. Gauean, Gorka Izagirre txirrindulariaren hitzak iritsi zitzaizkidan. La1 telebista katean gertatuaz galdetuta, protestan ari zirenek egin zutena egiteko haien arrazoiak izango zituztela erantzun zuen. Ez da ohikoa kirolariak halako erantzuna ematea, umil, lasai eta argi; eskertzekoa da, oso. Esanguratsua da zuzenean kaltetua izan denak —bere neurrian— sentsibilitate handiagoa erakustea gaiaz, informazioa eskaintzeko ardura dutenek baino. Nekagarri eta frustragarria da garaiotan, oraindik ere, kirola kirola soilik ez dela aldarrikatzen aritu beharra.]]>
<![CDATA[Estrategia berriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/027/002/2018-07-24/estrategia_berriak.htm Tue, 24 Jul 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/1880/027/002/2018-07-24/estrategia_berriak.htm
Aditu horietako bati irakurri diot izatez ona dela telesail bat elkarrekin ikusteko ohitura hartzea. Esan nahi duela, egunerokoaren abiada bizi eta eroan, tarte bat hartzea elkarrentzako. Sortzen duela lotura bat elkarrekiko. Baliteke hala izatea. Sinesten dut halakoek ekar dezaketela elkarrenganako ilusio bat. Nekeza egiten zait, ordea, sinestea ohitura hori apurtzeak benetan halako kaltea eta mina eragiten duenik. Egon behar da, atzean, beste zerbait, ezin bada elkarren parean eseri eta konpondu.

Eta horretan guztian, tamalez, irabazle irteten direnak gugandik hain urruti baina gugan hain sustraituta dauden enpresa edo konpainia erraldoiak dira. Estrategia zehatz eta zorrotzez, kontu korronte lodi-lodiz eta puztu-puztuz, ustez gure zerbitzura jarduten diren eta benetan gure ezjakintasunaren kontura bizi diren erakunde horiek, zehatz-mehatz. Ulertzeko zaila da, bestela, haien ekoizpenak, azkenerako, nola bihurtzen diren gure bizitzetan bestelako gaietan eragiteko gai. Nola iritsi diren eragitera gure ohituretan, pentsaeran, harremanetan, ordutegietan…

Erakunde berri horiek ez dira hori egiten bakarrak. Lehengoek ere, telebistak berak ere, egin dute halakorik. Ordea, oraingo hauek badute jarduteko modu desberdin bat, basatiagoa, eta kolpera iristeko gaitasuna. Badirudi jende ona dutela atzean, ezagutzen duena zer eta nola egin behar den, hain azkar, gure ohiturak aldatzeko.]]>
<![CDATA[Esanahia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/021/003/2018-07-19/esanahia.htm Thu, 19 Jul 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/1881/021/003/2018-07-19/esanahia.htm Ez dago Harana ukitzerik leloa duen argazkia eta Francisco Francoren irudia dituen gonbidatuari elkarrizketa egiteak? Zer esanahi pertsona horri mikroa eskaintzeak esateko orain arteko erregimenen artean onena Francorena iruditzen zaiola? Zer esanahi hura elkarrizketatzen tematzeak haren argudioak baldin badira Erorien Haranean protestan bildu zirenak lau katu ez direla eta Francoren gorpuzkiak bertatik ateratzeak espainiar gisa dauzkaten eskubideak urratzen dituela? Zer esanahi, eztabaida behar dela erabakiz gero, Movimiento por España deritzon elkarte bateko kidea egoki eta interesekoa dela erabakitzeak?

Abiapuntu horretatik aurrera, Tele5 kateko Ya es mediodía saioan gertatua erraza da sinesten. Baita mintzaideak Francoren garaiaren defentsa egin, haien jardunari lotutako berriak gezurrezko gisa definitu eta arranodun bandera legezkoa dela defendatzea ere. Nago, beste behin, sasieztabaidek benetako eztabaidak itzalean uzten dituztela, horretarako dagoen saio motak, gaien eta gonbidatuen aukeraketak eta beste hainbat faktorek eraginda. Nago, beste behin, gakoa ez dela edonork edozer gauza adierazteko eskubidea duen edo ez zehaztea. Batzuetan baietz iruditzen zait, bestetan ezetz. Lortu behar genuke, ordea, horren gainetik jartzea helburuak eta funtzioak, intentzionalitatea eta hainbat jarrera jokoz kanpo uzteko desira.

Genuke diot; izan ere, aspaldi utzi nion Tele5eko programazio eta edukiengatik urdaileko ultzerak izateari. Orain, programazio eta eduki horiek gure probintzia batzuetan duten jarraipen ikaragarriak sortzen dizkidate zauri odoltsuak. Ideologikoki gustuko ez ditugun arren, barruko arrak asetzen dizkigutelako emanaldi horiek. Haiek badakite, sendo ukatzen dugun arren, ez garela haiengandik hain desberdinak, eta, 2018ko uztailean, elkarrizketatuaren jarduna eta tonua erabat lekuz kanpo dauden arren, horrek ikusleak erakarriko dituela.

Horra gakoak: zer nahi dugun, gaurko arazoei lotutako edukiak egoki eskainiko dituen programazioa, edo kazetaritzaren izenean abiapuntu okerrak aukeratuta audientziaren lidergoa mantentzeko edozertarako gai dena; eta ea bagaren koherentziaz aukera egiteko gu desberdinok.]]>
<![CDATA[Isilpeko izurriteak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/019/003/2018-07-17/isilpeko_izurriteak.htm Tue, 17 Jul 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/1879/019/003/2018-07-17/isilpeko_izurriteak.htm Bakardadearen izurritea izeneko erreportajeko narratzailea. Erresuma Batuak Bakardadearen ministro bat izendatu zuen joan den urtarrilean, gero eta larriagoa den arazoari aurre egiteko. Batetik, arazoa saihesteko. Bestetik, arazoaren ondorioei, pertsona horiek sentitzen dituzten beldur eta depresioei, erantzun bat emateko. Egoera horretatik abiatuta, noizbait sinesgaitzak baina gero eta sinesgarriagoak egiten zaizkidan kasuak, egoerak eta irtenbideak ageri ditu erreportajeak. Londrestik kontatzen du egoera, eta, gurearekiko desberdintasunak nabarmenak diren arren, honetan ere antzekotasun handia dugula esango nuke, tamalez.

Joan den astean ikusi nuen erreportajea. Asteburuan, Europako eta Espainiako suizidio datuen berri eman didate. Heriotza naturalen ondoren, hura omen da jende gehien hiltzen duena. Ez dakit zenbaterainokoa den bakardadearen eta datu horien arteko lotura. Baina lana ikusi eta datuon berri izan orduko, ezin izan diot utzi horiek lotzeari. Izan ere, badakigu badela protokolo bat suizidioaren inguruan. Erakundeek, hedabideek eta, kasu honetan, telebistak asko zaintzen dutela gertakari horien berri ematea. Adituen gomendioei jarraikiz egiten da prebentzio lan hori. Kontua da Erresuma Batuan erroldatuta dauden 63 milioi biztanleetatik 9 beti edo askotan bakarrik sentitzen baldin badira, gurean kopuru hori zein izango den kalkulatzen aritu naizela. Eta kopuru handia iruditzen zaidala, beldurtzeko modukoa. Eta hedabideetan, kasu honetan telebistan, gutxitan lantzen dela gai hori. Eta, agian, izan litekeela modu bat arazoa sozializatu, biztanleak sentsibilizatu eta prebentzioa egiteko.

Ez diot telebistari —eta han ari direnei— beste zama bat erantsi nahi. Baditu nahikoa lehendik. Ordea, programazioan hainbeste arinkeria ikusita, aukera izan liteke halakoei pisu pixka bat emateko. Zentzuzkoa delako gaiarekin tentuz aritzea, baina, agian, landu litezke horretara garamatzatenak, hainbat sufrimendu saihesteko edo arintzeko.]]>
<![CDATA[Batzuk eta besteak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1878/025/002/2018-07-12/batzuk_eta_besteak.htm Thu, 12 Jul 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/1878/025/002/2018-07-12/batzuk_eta_besteak.htm
Kontua da zer pentsatu handia eman didala hamahiru desagertuak aurkitu, erreskatea antolatu eta burutu bitartean telebistan albisteak izan duen jarraipenak. Ohi bezala, ez gertakariak eta haren larritasunak duten pisu edo garrantzia faltagatik, ezpada bestelako kasu batzuk ez dutelako halako minutu oroko jarraipenik izaten. Badaudelako albiste direla aho batez erabakitzen diren kasuak eta, ziur asko, aho batez ez bada ere, agendaz kanpo geratzen direnak. Honek osagai guztiak zituen: tragedien garaiotan fokua Europatik kanpo jartzeko beharra, distantzia, inozentzia, haurren sufrimendua, larritasuna eta premia, naturaren faktorea, heriotzaren drama, heroi salbatzaileen beharra, exotismoa… Azkenerako, erabat ongi ez bada ere, ia miraria lortu dela dirudi, eta, laster, Katalunian ikusiko ditugu futbolzale gazteak eta haien entrenatzailea, haien idoloak besarkatzen, baloiarekin jolasean, kamisetak soinean, argazkietan irribarretsu… Ez harritu noizbait film eta dokumentalak ekoizten dituztenean, benetako gertakarietan oinarrituta.

Zenbat gertakari larri dago egunero Thailandian edo gertuago? Zenbat haur arriskuan? Zenbat gertakari garrantzitsu uzten da albora premiazkoen mesedetan? Zer da premiazkoa? Zer garrantzitsua? Nola erabakitzen da hori guztia? Nola erabakitzen dugu zer gogoratuko dugun eta zer ez? Bila aritu naiz. Eta ez dira gutxi, adibidez, Thailandian azken bi hamarkadetan gertatutako tragediak. Gaur astebete, bat aipatzearren, itsasontzi bat hondoratu da ekaitzaren eraginez. 30 hildakotik gora izan dira, erreskatatu dituzte beste batzuk, eta desagertuta jarraitzen dute askok. Irakurri dudanaren arabera, bertan behera utzi dituzte bilaketa lanak.

Iristen zaizkigu batzuk, beste batzuk ez. Eta ukitzen gaituzte batzuek, beste batzuek ez. Are, arreta ematen digute batzuek, beste batzuek ez. Ez du horrek esan nahi, ordea, gertatzen ez direnik, Thailandian, Europan eta hemen bertan.]]>
<![CDATA[Bestelako entzierroa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1878/017/002/2018-07-10/bestelako_entzierroa.htm Tue, 10 Jul 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/1878/017/002/2018-07-10/bestelako_entzierroa.htm
Pentsatzen hasita, nahigabeko aldaketaren arrazoi bakarra bururatu zait: entzierroan, lehen, korrikalariengan jarri ohi nuela begia, haien ausardian eta merituan; orain, ordea, ezin dut burutik kendu zezenek arratsaldean izango duten azken krudela. Ez da berria sentsazio hori nigan, baina uste dut poliki-poliki ohitura aldatzera eraman nauela. Izan ere, atzo goizean, lanera abiatu aurretik, etxe azpiko tabernan kafea eskatu nuen. Bost minutu falta ziren entzierroaren ordurako. Kikara hartu eta tabernatik kanpora egin nuen. Eta, entzierroak iraun zituen bi minutu eta erdi horiek, pantailari begira zegoen zegoen jendeari so egin nituen. Langileak zereginak eten zituen, taberna betetzen zuten bezeroek hizketari utzi zioten, ai, ai, ai, eta ui, ui, ui... Tabernaren kanpoko kristaldegia oinezkoz bete zen, haien bidea une batez utzi eta pantailari begiratzeko.

Ez du alferrik egiten RTVEk sekulako erakustaldia. Entzierroaren ibilbideak dauzkan 875 metroetan, 27 kamera jartzen dituzte. Aurten, lehen aldiz, tirolina kamera bat jarri dute Santo Domingoko aldapan. Sarean, errealitate birtuala ere jarri dute lanean, ikus-entzuleen eskura. Hori dena, goizero, ordu eta laurdeneko zuzeneko emankizunarekin: entzierroa, erreportajeak, elkarrizketak, laburpenak, analisiak... Ez dakit nola ez zaidan askorik interesatzen kontatzeko daukatena, atzo ikus-entzuleen %71 haien emankizunari loturik bazeuden.

Agian, gaur, bihar, etzi eta etzidamu, tabernara inguratuko naiz, eta nire ikuskizun propioaz gozatuko dut, hainbesterainoko erakustaldia egin gabe.]]>
<![CDATA[Aferaren muina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/025/003/2018-07-05/aferaren_muina.htm Thu, 05 Jul 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/1879/025/003/2018-07-05/aferaren_muina.htm The program filma 23:00etan ematekoak ziren. Aurretik, ohi bezala, 21:00etan hasita, Teleberri 2; 22:10ean, Eguraldia; 22:35ean, La noche de... Filmaren amaiera 01:00etarako zegoen iragarrita. Noski, logalea eta iragarki sortak anitzak ez baitira elkarren etsaiak. Egutegiak dagoeneko irentsi dituen orrialdeek dakarten neke pilatuaren ondorioz, banekien hasi eta buka nire burua esna mantentzea balentria txikia izango zela. Hala izan zen, loaren lehen mendateak gaina hartu zidan.

Amorratuta esnatu nintzen sofan. Hala jarraitzen dut. Ez da filma ikusi nahi eta amaieraraino iritsi ez izanagatik. Gehiago du, ulertu ezin aspaldiko gero eta nekezagotik. Arazoaren muina, gurean, ez baita prime time-ari zein ordutegi ezartzen zaion —Hegoaldean, noski—, ezpada nork ezartzen dion. Hau da, nor bihurtzen dugun eredu, nor jarraitzen dugun, zein erreferentzia eta logika darabilgun. Izan ere, hegoaldera gabe, iparraldera begiratu bagenu, azkar asko ohartuko ginateke beste hainbat herrialdetan —horien artean, gurean— kontua oso bestelakoa dela. ETB2ren puntako saioak 22:30 pasatxoan hasten diren bitartean, beste batzuk 20:00etan hasten direla, edo 21:30ean, edo... Eta, honetan ere, eredu interesgarriagoak hartuko bagenitu, orduan bestelako gako batzuen arabera funtzionatzen hasteko aukera geneukakela ohartuko ginateke. Esaterako, prime time-aren aferan, honakoak egitekoa: albistegiei beste ordutegi bat jartzea, albistegion eta eguraldi saioen luzeera birplanteatzea, audientzia nagusien aurretik sartzen dituzten adabaki horiek kentzea, saioaren osagarri erakargarriekin ikus-entzuleak sareko plataformara erakartzea, emanaldi izar horien luzera egokia bideratzea, iragarkiak behar duten neurrira ekartzea… Agian, datu hobeak lortuko lirateke era horretan. Ordutegi tarte hori, Hegoaldeko ereduan, ikusleak kolpez galtzen ari bada, oihan zentzugabean, guk are gehiago galduko ditugulako, bestela.]]>
<![CDATA[Inpunitatea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/023/002/2018-07-03/inpunitatea.htm Tue, 03 Jul 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/1886/023/002/2018-07-03/inpunitatea.htm Preguntes Frequents saioan egindako adierazpenek ez dute ondorio praktikorik ekarri. Ez dute inor asaldatu, betikoetatik aparte. Indarrean da sistema oraindik.

Billions telesailari lotuta nabil azken egunetan. Boterezalekeria eta inpunitatea; horra enpresari eta fiskal gupidagabe bana parez pare jartzen dituen gudaren zutabeak. Biak, makur, nor baino nor, sistema nahieran moldatuz eta erabiliz. Haiek pantailara lotzen gaituzten pertsonaiak ez izan arren, argi erakusten dute sistema jakin batek emandako inpunitatearen indarra. Igande gauean, Antena3en, bigarrenez Spotlight filma ikusten ari nintzela, mugarri berak eman zidan arretan. Massachusetts hiriko hainbat apaizek egindako sexu erasoak salatzeko lanean ari den kazetari taldeak erabaki bat hartu behar du: mira erasotzaileengan jarriz duten informazioa argitara ematen lehenak izan edo erakundeak gertakariak ezagutu eta babesten zituela frogatzen saiatu, horrek esklusiba galtzea ekar badezake ere. Askotan, errealitatea eta fikzioa ezin dira bereizi. Urrunean ala gertuan, sistema, oinarrian, antzekoa da. Eta inpunitatea, bera.]]>
<![CDATA[Intuizioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/037/002/2018-06-28/intuizioak.htm Thu, 28 Jun 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/1876/037/002/2018-06-28/intuizioak.htm Altsasukoak aske, muntaia polizialik ez lelodun kamiseta zeramalako.

BERRIAn inkestaren albistea irakurri eta gorputzaldi txarra sentitu nuen. Urrun daude ETBren euskarazko kateak ikus-entzuleekiko identifikazioa sortzetik, urrun ikus-entzuleak egunero haiengana gerturatzetik, urrun ikus-entzuleek kalitatearekin lotzetik... Edozertan ari garela, erantzunak gabe, galderak sortzea interesgarriagoa dela entzun izan dut maiz. Ez dira, ordea, gauza bera galderak eta zalantzak. Eta zalantzak uxatze aldera inkesta bera aurkitzen saiatu nintzen. Lortu nuen, pixka bat kostata, zabaldutako dokumentu laburtu eta ofiziala aurkitzea. Hura irakurri eta, argi dago, kontsolatzen ez dena... Alde positiboak nabarmentzen zituen, nabarmen. Ezkorrago bat, baikorrago bestea, dokumentu laburtuaren oineko lotura klikatzea onena, norberak erabakitzea. Begiratu orokorrak adierazi zidan, beste behin, neuzkanak baino denbora eta jakintza gehiago behar nituela hura ulertzeko; jakintzaren faltan, intuizioekin konformatu beharko nuela.

Intuizio horiekin du zerikusia, handia, Aiaraldea hedabideko bigarren albisteak. ETB2ko saioan agertu behar, eta grabaketarako aipatu lelodun kamiseta jantzia zuelako, ez zutela gizon baten adierazpenik jaso. Ekoizpen etxeko langileen arabera, EITBko arduradunen erabakia izan zen. Sartu gintezke hala, horregatik, horrela izan zen edo ez eztabaidatzera, sarritan ohi dugun eran. Horrelakoetan, kasu bakoitzaren xehetasunei so egin ordez, joerari begiratzea egiten zait sinesgarri niri. Eta, inkestako erantzuleek ETBko albistegiei fidagarritasun handia eman arren, gutxik uste du horiek presio politiko eta komertzialetatik libre daudenik. Eta, lehen ere, hainbat saiotan gertatuekin, arduradunek hartutako erabakiekin eta gai arantzatsuen inguruan eskainitako lanketekin, zentsura kasuarena sinesgarria egiten zait, oso.

Eta, hala ere, kontraesanak. Inkestatuek identifikazio handiagoa sentitzen baitute La Sexta eta Tele5 kateekin, ETB1ekin baino. Horretan ez dauzka EITBk soilik etxerako lanak. Euskaldunok badugu zer hobetu eta hausnartua.]]>
<![CDATA[Interes informatiboa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/036/002/2018-06-26/interes_informatiboa.htm Tue, 26 Jun 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/1879/036/002/2018-06-26/interes_informatiboa.htm
Espero izatekoa zen, eta laster iritsiko da gure pantailetara. Elkarrizketatuak izango dira hainbat platotan, trukean dirutza negoziatuta. Jarriko diete elkarrizketei kazetaritzaren funtzioaren eta adierazpen askatasunaren izenburua, eta eskainiko diete mikroa, nahi dutena esan dezaten. Nahi duten hori bai, izan ere, haien ikuspegia emana dute dagoeneko. Haiek epaiketan, eta haien ordezkariek auzitegiaren atarian, auzoan gertukoek. Bestelakoa da asmoa. Eta kendu egin behar zaio adierazpen askatasunaren babesa. Kazetariak bere funtzioa egoki beteko balu, haien mezuak interes informatiborik ez duela erabakiko luke, zalantzarik gabe. Horregatik ez litzaieke, nire iritziz, dirurik eta urrezko minuturik eskaini behar telebistan. Defenda daitezela defendatu behar duten lekuan. Han ere badute nahikoa laguntza, tamalez.

Espero izatekoa zen; laster iritsiko da gure pantailetara, eta ondorioak latzak izan daitezke. Esateko dutena ezaguna baitzaigu. Mezu hori defendatzeko zilegitasuna eskainiko zaie, ordea. Eta, agian, elkarrizketatzailea bikaina bada, utziko ditu nabarmen, zortea aldeko badu. Normalean, baina, entzulearen desioaren baitan jokatuko da auzi hori. Galtzekoa da abiapuntua. Esaerak ere hala dio: ez eztabaidatu (...) batekin, haren eremura eramango zaitu, eta, bertan, zu baino hobea da. Hobe luke kazetaritzak ekarpenak egiteko dauzkanari luzatu mikroak, ez zurrunbiloaren erdian egon nahi duenari. Emaitzaren arabera epaituz gero, ergelkeria eta gaizkia gauza bera dira, Margaret Atwoodek dioenez.]]>
<![CDATA[Ura eta olioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/036/002/2018-06-21/ura_eta_olioa.htm Thu, 21 Jun 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/1881/036/002/2018-06-21/ura_eta_olioa.htm
Nekez bereizi baitaiteke kultur eskaintza edozein gisako telebista programaziotik. Kultur eskaintzan sakontzeko Internet aukeratuta ere, horretarako estrategia perfektua diseinatu eta garatuta ere, ezin izango dira inoiz bereizi kultura eta gainontzekoak ura eta olioa balira moduan. Atzean dagoena bestelako eztabaida bat da. Hain zuzen ere, kulturaren definizioari, kultur ereduei, kulturari eman nahi zaion lehentasunari eta beharrezkoak dituen baliabideei buruzkoa. Zaila, ziur asko, zailetan. Alde batera utzia, denbora luzez, erakunde publikoetan. Deskuidatua, luzaz, asteartean, galdetzen zein erantzuten aritu ziren alderdi horien guztien aldetik.

Ez dakit nik girorik baden horretarako. Baina nahiago nuke, nire ikuspegitik urruna balitz ere, proposamen bat desenkusa baino. Absolutismorik gabe ere, esan liteke «horrela ulertzen dugu hau, honako helburuak dauzkagu eta honela lortzen saiatuko gara». Erantzuteko ardura duenak egin lezake hori. Eta hark egin ezean, adostu lezakete galdetzen ari direnek, elkarrekin presioa egiteko. Kultur eskaintzari zein ildo orokorrari dagokionez. Bestela, haiek dirudite ura eta olioa.]]>
<![CDATA[Kopa eta presidentea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2064/044/001/2018-06-19/kopa_eta_presidentea.htm Tue, 19 Jun 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/2064/044/001/2018-06-19/kopa_eta_presidentea.htm
«Une honetan gola sartzen badute, nire kapela jango dut». BBC kateko Thomas Woodrooffe esatariarena da esaldia. 1938an Preston North End eta Huddersfield futbol taldeen arteko Kopako partida telebistaz ematen ari zirela esan omen zuen; hain zuzen ere, George Mutch eskoziarrak 119. minutuan gola sartu baino lehentxeago. Bigarren futbol emanaldia izan zen telebistan. Orduko hartako irudi ederrak ere badaude sarean.

Munduko Kopari dagokionez, Suitzan 1954an jokatua izan zen eman zuten lehena. Jugoslavia eta Frantzia izan ziren parez pare, eta bederatzi herrialdek erosi zuten nazioarteko seinalea. Geroztik, gauza asko gertatu da munduan, futbolean eta telebistan. Nik hiruetatik duen bat hautatzekotan, esatari hegoamerikarren pasioa aukeratuko nuke. Haiek kapela eta gauza gehiago jango lituzkete maite dituzten taldeek aurrera egin dezaten. Inoiz, futbolariak gabe, gola haien energiak sartu duela ere iruditu zait. Beste batzuei kazetariaren eta atezainaren muxua gelditu zaie begi ninietan iltzatuta. Bakoitza gure eroak bizi gaitu.

Futbol zelaian kamerari so zeuden Londresko taldeko jokalari horiek denak are txundituago egongo lirateke, ziur asko, inork VAR sistema aipatuko balie. Eta, agian, sistemak adina harrituko lituzke kazetariaren tituluak, Frantziak VAR sistemari esker irabazi duela irakurtzean. Penaltia kamerek sartu balute bezala; kamerak zalantza argitu ez balu penaltirik izan ez zela adierazten baitu lerroburuak.

Talde bakoitzak baitauzka bere ultrak. Askotan, gordinenak, esatariak. Hala imajinatzen dut Brasilen alde, kartzelatik, Luiz Inacio da Silva Lula. Kartzelatik egingo ditu komentarista lanak, telebista eta irrati kate banarako. Atzo izan zen haren estreinaldia. Berak idatziz jaso, bidali, eta pantailan azaldu zituzten. Hurrengo hauteskundeetarako alderdiko hautagaia izaten jarraitzen duela jakinda, ez zait kanpaina hobea aurreikusi litekeenik iruditzen. Brasilek kopa altxatzen badu, ez izan zalantzarik, Lula presidente izango da, berriro. ]]>
<![CDATA[Huts erretorikoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2064/036/001/2018-06-14/huts_erretorikoak.htm Thu, 14 Jun 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/2064/036/001/2018-06-14/huts_erretorikoak.htm
Orduak eta orduak eskaini dizkiogu —igorleek adina hartzaileek— telebistan marrazki bizidun bateko pertsonaiak diruditen bi handi-mandi horien arteko negoziaari. Eguna iritsita, asper-asper egin gara haien arteko esku ematearen eta irribarre behartuen irudiei begira. Hitzartua zer den, zertarako den, beharrezkoa den, beteko ote den ebatzi behar ondoren, adituak balira bezala, bagina bezala. Marrazki bizidunetako pertsonaien hitza eta sinadura aintzat hartzekoak direlakoan. Esango dit batek baino gehiagok baietz, haien mugimenduak nik uste baino garrantzitsuagoak direla. Ados nago. Baina nonbait irakurri dudan esaera gordeko dut niretzat: astelehenekoa, izatekotan, akordio erretorikoa dela. Hutsa gertuago du, mamia baino. Erretorikoak, beste behin, errealitatea jan du, gure laguntzarekin.

AEBak eta Ipar Korea gutxi ez, eta Errusiara begira jarriko gara gaur gehienok, atzo despistatu eta hala egin ez bagenuen. Ez soilik epizentroa Asteasun ere baduen eta espainiarren buruhauste handi bilakatu den albiste sortagatik. Bihar hasiko da haurtzaroan poz, arreta eta ilusio iturri zitzaidan gizonezkoen futboleko Munduko Kopa. Atzo egunkari honetan irakurri ahal izan genuenez, aurreikuspenen arabera, partidek 3.500 milioi ikus-entzule izango dituzte munduan barrena. Ekitaldiak dirua barra-barra mugituko du, ostera. Gurean, Mediaset etxearen kateetan eta TF1 katean ikusi ahalko da. Mediasetek —heldu gogor— partida denak eskainiko ditu irekian, 64, Tele5, Cuatro eta Be Mad-en. Erotzekoa, bai. TF1en, horietatik 28 ikusi ahalko dira irekian. Gainontzekoetarako, ordaindu egin beharko da. Gehitu ordu kopuru horri saio berezi, albiste, erreportaje, partiden aurreko eta osteko, eta beste. Pentsa, erretorikaz ez bada ere, zenbat hitz egingo zaigun arinkeriez eta epika nahiaz, munduak eta gure buruek baloiaren forma dutela aitzakia hartuta. Hutsaren hurrengo bihurtuko dira mamia duten asko eta asko, hilabetez gutxienez.

Ez uste, niri ere ahaztu egingo zait, egun batzuetan, adibidez, hau idazten ari naizela noraezean doan itsasontzi madarikatuarena. Nik ere elikatuko dut kontraesan globala hainbat partidari, irekian, begira. Espainiarenei ere, ziur asko. Ni ere, nola ez, hutsaren parte bainaiz.]]>
<![CDATA[Kanpora begira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2064/036/001/2018-06-12/kanpora_begira.htm Tue, 12 Jun 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/2064/036/001/2018-06-12/kanpora_begira.htm 360 grados saioa ikusiz amaitu dut astea. Gustura ikusi ditut, esaterako, azken bi atalak, Los tentáculos de Interior eta Operación Ciudadanos: ¿qué hay detrás? izenekoak. Gaiak, oro har, interesekoak eta ongi landuak iruditu zaizkit. Elkarrizketatuak ere, salbuespenak salbuespen, esatekoa zutenak. Eta aurkezlea, kasuren batean izan ezik —parekoaren pisuak eraginda edo—, galdera interesgarriak eginez eta gaiari ongi helduz.

Dena den, baditut zalantza txiki batzuk. Esaterako, eta ikasturteko erreportajeen izenburuei erreparatuta frogatu litekeen bezala, ETB1en begia inguruan jartzen den bitartean, ETB2ren ardatza hegoalderago jarrita dago. Aipatu bi gai horiei, Gürtel auziari, Konstituzioaren egoerari edo Espainia hartzen ari den eskuinerako joerari eskaini dizkiote saioak. Beste batzuk Kataluniako egoerari eskaini dizkiote. Batez ere, azken aldian, badirudielako onartua dagoela, gurean, Madrilgo erakundeak iparra galduta daudela, demokrazia terminotan. Ziur naiz, pribatuan galdetuko bagenu, onartuko litzatekeela hori lehen ere gertatzen zela. Gaur publikoki baztertzen diren estrategia horiek ez direla berriak, inondik inora. Iduri du, ordea, horiek iraganean edo gaur modu esplizituan publikoki onartzeak debekatuak zilegitzea esan nahi zuela eta duela, zenbait gairen kasuan. Lantzen diren moduagatik, estatuaren ustelkeria gaur goizean sortu dela iradokitzen da. Eta ez da horrela. Bestalde, gutxi izan dira gure inguruari eskainitako saioak. Eta, begirada hori ere, kezkagarria zait. Izan ere, aipatu gaiak ez zaizkigu, inolaz ere, arrotzak. Izango dute, hemen ere, enpresek eragina gure alderdi eta erakundeetan. Hemen ere, badira hainbat kasu irekita auzitegietan, erakunde eta ordezkari politikoen jardun desegokiak direla medio. Eragingo dute erakundeek eta alderdiek hedabideen egunerokoan. Edo ahaleginduko dira horretan, behinik behin. Eta, txosten ofizialen arabera, tabu den gai horietako batean izan zuen esku hartzerik gure polizia erakundeak. Sinesgarritasun horretan du, izatekotan, arrakala 360 grados-ek. Kanpoan erraza da hazka egitea, batez ere, ustelkeria eta praxi okerra onartuak direnean. Etxekoak ipurdi bistan uztea ez da hain erraza. Hori egin artean, nekez sinetsiko dugu alde orotarako begirada daukatela. ]]>
<![CDATA[Pertzepzioaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2064/034/001/2018-06-07/pertzepzioaz.htm Thu, 07 Jun 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/2064/034/001/2018-06-07/pertzepzioaz.htm
Aipatutakoak behin eta berriz irakurri, eta paperean zentzuzko dirudiena praktikan zepo nola bihurtzen den ulertzera iritsi zaitezke. Eskubide ugari aipatzen da, baina guztiak utz daitezke bertan behera errespetuaren izenean edo epaile baten aginduz. Hor dago gakoa. Errespetua, izatez, kontzeptu erlatiboa dela, hartzailearen pertzepziotik abiatzen dela, kasu honetan, epailearen pertzepziotik. Hori horrela, adierazpen askatasunaren aurka hartu diren neurri judizialei gainbegiratu bat emanez gero, erraz ikusten da zein den pertzepzioaren abiapuntua: espainiartasun jakin baten zutabeak betikotzeko asmoa. Hona batzuri eskandalagarri zaizkigun gertakarietan ustez zer erasotu den: koroa, Guardia Zibila edo indar armatuak, biktima jakin batzuk, erlijioa, familia eredu jakina...

Asteartean ezagutu baikenuen azken eskubide urraketa. Gustuko ez duten familia ereduari buruzko dokumentalak haur eta gazteen babesa urratzen duela erabaki eta filmaketa debekatu du Adin Txikikoen Espainiako Fiskaltzak, gai horietaz hitz egitea umeei kalte egin diezaiekelakoan. Lidiak eta Montsek kanpoan filmatu eta sarean jarri beharko dute. Zain izango gara, irrikaz.]]>
<![CDATA[Heroia ala traidorea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2064/044/001/2018-06-05/heroia_ala_traidorea.htm Tue, 05 Jun 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/2064/044/001/2018-06-05/heroia_ala_traidorea.htm Snowden filmarekin bete nuen errituala. Aseta irten zen aretotik nire baitako konspiratzaile txikia.

Igande eguerdian, filmaren iragarkia ikusi nuen La1 katean, gauean eskaintzekoak baitziren. Berandu harrapatu arren, bukaerak harritu ninduen. Hain zuzen ere, filmaren kredituetan egiten den galderarekin osatu baitzuten. Edward Snowden heroia ala traidorea ote den galdetzen du off-eko ahotsak. Stoneren lana ikusi duenak badaki galdera erretorikoa dela, ez besterik, heroi gisa azaltzen baitu zinemagileak, zalantza izpirik gabe.

TVEko langileek filmaren mesedetan, baina haien printzipioen kaltetan, zalantza egitea da deigarria. Haien larruan sartuz gero, gazte estatubatuarrak herrialdeko legeak hautsi eta bere ekintzekin batasun nazionala arriskuan jarri zuela pentsatuko luke edonork. Eta, noski, iragan urrunari zein hurbilari begira, langileok ez dute inolako zalantzarik egiten herrialdea Espainia denean. Ohituta gaude horretara, gaizkilea euskalduna edo kataluniarra denean. Berriki, euskaldunekin edo kataluniarrekin batera modu demokratikoan testuinguru politikoa zeharo aldatu duena ere sartu dute zaku berean. Ez, noski, zuzenean, ezpada zeharka. Ez, agian, albistegian; bai, ordea, analisi eta tertulia guztietan, Espainia eta Espainiarekin hautsi nahi duten horiekin bat egiteak zilegitasunik ez duela defendatzen duten gonbidatuen ahotik.

Bakar batek ere ez dio kontrakorik, azken aldi luzean. Posible da, iragarkia prestatu duten langileek Espainia demokratikoa eta AEB antidemokratikoa desberdindu izana. Edo desberdindu izana errealitatearen seriotasuna eta fikzioaren arina. Edo, katearen programazioan, atal batzuk besteak baino malguagoak izatea, ildo ideologikoan. Edo, jokamolde antzekoak izanagatik, benetan, auzoaren jardunean zuloak ikustea, eta norberarenean ez. ]]>
<![CDATA[Espirala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2064/036/001/2018-05-31/espirala.htm Thu, 31 May 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/2064/036/001/2018-05-31/espirala.htm
Maria Escario kazetariak erantzun egin dio RTVEko presidenteari, Twitterren. Izan ere, Jose Antonio Sanchezek Kongresuan esan zuen ostiraleko protestetan beltzez janzten diren langileak «gutxiengo gutxitu bat» direla. Beste harribitxi batzuk ere bota zituen, baina Escariok horri erantzun zion. «RTVEko Presidente Jauna: 33 urte daramatzat etxe honetan, eta sekula ez dut halako gutxiengo gutxitu handirik ikusi». Bera ere gutxiengo gutxituko kide zela esanez amaitu zuen.

EITBko langile batzordeak eta sindikatuek ETBren gatazka kolektiboa Madrilera bideratu izana salatu dute. Hedabide publikoko zuzendaritzak gatazka horiek Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzeko erabakia hartu du, hemen negoziatu ordez.

Bi erantzunak zilegi iruditzen zaizkit, eta beharrezkoak. Ordea, hona kezkatzen nauena: ez ote den hori, hain zuzen ere, hedabide publikoetako arduradunen estrategiaren helburua; alegia, benetako eztabaida desbideratzea. Lehenek, gutxi batzuen kexatzat saltzea protesta ekintza. Betiere gutxi batzuk izateak —izango balira ere— automatikoki arrazoia kenduko balie legez. Bigarrenek, han edo hemen ebatzi behar den erabakitzen jartzea mundu guztia, ez arrazoi duten edo ez. Izan ere, espirala dirudite hedabide publikoon aurkako kexak. Abiapuntuaren jiran hasi, baina aldiro abiapuntutik urruntzen dira, gutako asko gehiegi ohartu gabe. Ohartzerako, abiapuntua eta espiralaren muturra urrunegi daude, zertaz ari garen eta zertaz ari beharko ginatekeen jakiteko. Bien bitartean, ardura publikoa lurrundu eta kalte pertsonalak areagotu egiten dira.

Hori gertatzen da, tamalez, etxeon albistegietako gaiekin ere. Hasi hemendik, okertu haren adierazpenean, urrundu hari emandako erantzunean, sakondu nahaspilan, eta, azkenerako, muina ahaztu eta geruzan gelditzea. Bakoitza bere geruzan. Hori gertatzen ari da, tamalez, gizartean bertan. Ez baikara gu, gutako bakoitza, mamiari heldu eta arazoak begietara begira eta arduraz konpontzekoak. Bestela, suminduko gintuzke ETBn eta RTVEn gertatzen denak ere.]]>
<![CDATA[Kontra( )esanak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2064/036/001/2018-05-29/kontra_esanak.htm Tue, 29 May 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/2064/036/001/2018-05-29/kontra_esanak.htm
Zelaian gola ospatzen den bitartean, bakea munduan. Eta, beste behin, han eta hemen ikusle datuak zenbatzeko aparailuak lehertu dituen futbol partidak eman du zeresanik. Txilenak txilena eta hanka sartzeak hanka sartze, partidaren amaieran zelaian bertan telebistari egindako adierazpenak itzalean utzi du gainontzeko guztia. Baita nagusi den alderdi politiko zigortuaren krisia ere.

Haiek kaka eta guk amen esaten dugulako. Willy Toledok ipurdi bistan utzi baitzuen La Sexta kateko kazetaria duela egun batzuk. Zuzenean kateak egiten zion boikota salatu ondoren, kasualitatez eta aspaldiko partez, gonbidatu egin baitzuten platora. Ipurdi bistan gelditzea alde nola erabili gogoetatuko zuten, eta haien burua zuritu.

Ez gara ezer eta ez gara inor. Kate berean, egun bat beranduago, azalduko da alderdi baten burua eta esango du bera ez dela nor beste alderdi bateko arduradunen etxearen erosketaren inguruan iritzia emateko. Badituela bere ideiak, beretzat gordeko dituenak. Berdin dio kazetariari. Argudioen indarrari, lotuko dio gaiari buruzko galdera pila, bila eta bila.

Ez dut aurrerantzean naizen hau izaten jarraitu nahi. Buruz buruko txapelketaren finala ETB1en. Iragarkietan, gaurko Ur handitan saioaren aurrerapena. Apustuen gorakadaz eta arriskuez ariko dira. Artekariez oroitzen hasi zarenean, beste iragarki bat. Apustu etxearena, zehazki. Egin apustu: jokatu hamar euro eta emango dizkizute beste hamar opari. Iragarkien zerrenda diseinatu duenarekin akordatu zarenean itzuli dira frontoira. Eta tantoaren erdian, pantailaren oinean, beste iragarki bat, apustu egitera bultzatzen zaituena hori ere.

Parez pare dira kontraesanak eta kontra esanak. Denok ditugu, denok gara kontraesan. Denok esaten ditugu, denoi esaten dizkigute kontra. Azken irtenbidea abestiaren hitzekin osatu nahi nuke zutabea, baina ez naiz ausartzen. Etorriko zaizkit, bestela, Jerezera edo, atxikitzera berdez jantzita. Ez baita gauza bera, atxiki eta atxilotu, ondorioa eta larritasuna berdintsuak izan arren.]]>
<![CDATA[Merkeegia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2064/032/001/2018-05-24/merkeegia.htm Thu, 24 May 2018 00:00:00 +0200 Jokin Labaien https://www.berria.eus/paperekoa/2064/032/001/2018-05-24/merkeegia.htm
Kanpaina arrakastatsuak behar dituen osagai guztiak izan zituen larunbatekoak: helburu eta hartzaile argiak, mezu ongi egokitua, hartzaileentzat erakargarri izan daitezkeen amuak, kanal eta komunikazio bide paregabeak eta diseinu nahiz eszenaratze eraginkorra. Eta, nola ez, funtzionatu egin zuen. Ase zituen zaharragoak, ase gazteagoak. Emaitza onak eman dizkie urteetako hauts zaharkitua gainetik kentzen ari den erakunde berrituaren estrategiak. Hitz egin da, asko, protagonisten dotoreziaz eta edertasunaz. Gonbidatuen zerrendan ikusi ditugu ikusi beharrekoak, eta horiek bakarrik. Izar sinpatikoak denak, musikagintzakoak, ikus-entzunezkoetakoak, kiroletakoak. Harrapatu du kamerak printzea printzesari laudorio perfektua eskaintzen, ezpaina hozkatzen zuen bitartean. Gospel doinu, paseo erromantiko eta jendetsu, jantzi aldaketa, sermoi aurrerakoi eta beste. Dena Lady Diren aura maitatu horrek lurrindua. Ezinezkoa zirudiena lortu dute: Galesko printzea —lehendik asko estimatzen ez genuena— eredugarri eta jator azaltzea, munduaren begietara.

Horrek denak, tamalez, munduko beste herrialde batzuetako monarkiak zilegitzen ditu. Inor gutxik egin du zalantza TVEk hitzordua zuzenean eman izanaren inguruan. Bestelako gertakariei zuzenekorik ez eskaintzea eta hala behar duten informazioak zentsuratzea erabaki duen telebista publikoak Anne Igartiburu jarri zuen lanean. Pozez azaldu zen hitzorduaren kontakizuna egiten. Espainian, %30eko ikusle kuota lortu zuen, 2,5 milioi ikus-entzule. Kontrako asko izan arren, datua argia da Erresuma Batuan ere: %64ko ikusle kuota, 17 milioi ikus-entzule.

Izango da denok dauzkagula kontraesanak, denok dugula barruan kontakatilu txiki bat, eta ez dugula jendaurrean onartzen benetan pentsatzen duguna edo ez gaudela uste bezain prestatuta sistema honi aurre egiteko.]]>