<![CDATA[Jon-Mirena Landa Gorostiza | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 21 May 2022 20:44:31 +0200 hourly 1 <![CDATA[Jon-Mirena Landa Gorostiza | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Beste» indarkeria politikoa eta Autokritika]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1987/019/003/2021-12-11/beste_indarkeria_politikoa_eta_autokritika.htm Sat, 11 Dec 2021 00:00:00 +0100 Jon-Mirena Landa Gorostiza https://www.berria.eus/paperekoa/1987/019/003/2021-12-11/beste_indarkeria_politikoa_eta_autokritika.htm
ETAren biktimak behar bezala tratatuz gero, poztekoa behar du izan. Aurrekoak ez du kentzen, aitzitik, tristatzekoa, ordea, behar duela izan, Estatuaren biktimak gizalegez tratatzen ez direnean. Giza eskubideen zatiezintasunak zera galdatzen du: giza eskubideen bortxaketa larri guztiak, guzti-guztiak, serio hartu eta justizia estandar parekideekin tratatu behar direla. Eta hori ez da gertatzen ari Estatuko biktimekin.

Estatuko biktimaz ari naiz, funtzionario publikoek, autoritateek, edota haien estalduraz, pertsonak hil, lesionatu edo torturatu zituztelako. Zentzu hertsian hor giza eskubideen urraketa larriak gertatu dira eta horren aurrean egile indibidual jakin batzuez gain, Estatuak berak du erantzukizuna. Baina hemendik aurrera hasten dira arazoak. Nola jarri martxan justizia, poliziek eta talde paramilitarrek gure Herrian egindakoaz?

Lehenengo bide bat epaiketa penala izan liteke. Baina hura ez da erabili nahi izan. Hamarkadatan epaileek, fiskalek, auzi-medikuek, ofiziozko abokatuek, egunkari nagusiek, unibertsitateek, eta enparauek, alde batera begiratu zuten. Poliziek edo haien laguntzaileek hil, torturatu, lesionatu eta erasotu eta gero, ia dena estali egin zuten, eta horren kontrola egin behar zutenek ez zuten ia ezertxo ere egin, ez bazuten, besterik gabe, kontzientzia osoz estali, begi aurretik pasatzen zena. Denboraren poderioz egin ezak bide penala itxi du: horri deitzen diote, batzuetan, amnistia; batzuetan preskribatzea; beste batzuetan «ez zen frogatu» edo «ez zen existitu»; aspaldi honetan, «polizia-abusua».

Bigarren bidea legeen bitartez saiatzen ari da. Besterik ezean, merezi duen bidea: objektiboki adabakia, bigarren mailakoa. Euskadin 12/2016 eta Nafarroan 16/2019 legeen bitartez gauzatzen ari da, eta ikusteko dago Memoria Demokratikoaren Lege-egitasmo berriaren bitartez ere antzeko zeozer egiterik dagoen. Legeotan jada justizia-estandarra jaitsi egin da: ez da erantzukizun indibidualik egongo, justizia penala albo batera utzita. Beraz, biktimen tratamendu parekidea, justua, errotik desagertzen da, izan ere bakarrik kalte konponketa eta egia, zatikakoa, ezarri ahalko baitira. Gainera, legeok, berez mugatuak izan arren, bai Nafarroan bai Euskadin, oztopoz beterik daude. Bidean zangotraba etengabekoa izan da jaio aurretik ere. Alegia, legeen kontrako errekurtsoak tartekatu dira eta tartekatuko dira, beraien eginkizuna gelditzeko; espedienteak osatzeko informazioa ez da heltzen, ezkutaturik jarraitzen duelako, ilunpetik atera nahi ez delako. Askotan, herritar askoren ikuspegitik gainera, arrazoibide funtsatuez, ez du ematen, aipatu legeak aplikatzeko orduan «Herri»-politika baizik eta alderdikeria nagusitzen denik; ez du ematen bitarteko nahiko jartzen direnik; ez du ematen horren berri zabala herri-plazan benetan jarri nahi denik; ez du ematen, beraz, erabat serio eta lehentasun gorenez kudeatzen direnik.

Oztopoak oztopo, eta, gutxi batzuen borondate ona gorabehera, legeen emaitza objektiboki oso urria izaten ari da: ez daude biktima guztiak, horien oso ehuneko txikia baizik. Hain berandu iritsi ondoren eta konfiantza nahiko sortu ez denez gero, biktima gehienak ez dira hurbiltzen. Biktimak bidean galdu ditugu, biktimak hil zaizkigulako; biktimek konfiantza galdu dutelako; biktimek legeen zentzua eta zertarakoa ulertzen ez dutelako; biktimek alderdien arteko ika-mikarako gaia izan nahi ez dutelako.

Hurbildutako biktimen kasuan kalte-konponketa xumea da eta egia oso zatikatua heltzen ari da, oso motel. Tantaka. Apurka. Mila zatien puzzle amaigabean, desitxuratua. Eta, gainera, egia horren inguruan egon beharko lukeen estaldura politikoa bigarren mailako sentitzen da, nori erantzukizuna eskatu behar zaion desagerturik. Hau da: biktimen kaltea azalarazten da, baina erantzukizuna, norena da ba? Ez badago egilerik, nori eskatu behar zaio erantzukizuna? Estatuari? Zeinek eskatzen dio Estatuari indarrez, koherentziaz, irmotasunez, maiztasun nahikoz erantzukizun hori? Nork eskatzen die Guardia Zibilari, Polizia Nazionalari, Fiskaltzari, Epaileei, Auzi-medikuei, isilik egon diren Egunkariei, intelektualei, gobernuei... haien erantzukizuna hartzeko? Nork exijitzen die aldiro, behin eta berriro barkamena eskatzeko, hildakoen, lesionatuen, torturatuen erantzukizun penalak argitzeko? Nork altxatzen du abotsa erakunde publikoek lehentasun ez-zilegiak ezarri ezin diren kasuetan, hierarkia injustuak eraikitzen dituztenean? Horren guztiaren faltan indarkeria politikoen arteko asimetria, amildegia, ez da desagertzen. Eta desagertu ezean sinesgarritasuna galtzen da.

Estatuko indarkeria politikoa serio hartzeak ez du botorik ematen. Estatuko indarkeria politikoa serio hartzeak ez du ematen realpolitik denik. Baina etengabeko diskurtso etiko-moral absolutuen izenean hainbeste aldiz entzuten dugunean ETAko biktimen kasuan, arrazoi osoz gainera kasu gehienetan, justizia ezin dela erlatibizatu, zergatik besteen kasuetan bai? Hildako guztiak ez al dira berdinak? Estatuko biktimen kasuan baimenduta dago Justizia indibidualari uko egitea? Baimenduta dago egia zatika eta astiro ematea, lausotzea? Baimenduta dago bitarteko urriekin aritzea? Baimenduta dago, laburbildurik, parekideak ez diren estandar ahulekin aritzea?

Gaur Euskadiko 12/2016ko legearen aurrean estatuko biktima bezala aitortua izan ahal izateko eskari-epea ixtekoa da. Biktima gehienak ez dira hor izango. Zergatik ez ba? Autokritika egin dezagun... eta ondorioak atera. Ezta?]]>
<![CDATA[Adingabeen itzulketa Ceutan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1896/018/001/2021-08-29/adingabeen_itzulketa_ceutan.htm Sun, 29 Aug 2021 00:00:00 +0200 Jon-Mirena Landa Gorostiza https://www.berria.eus/paperekoa/1896/018/001/2021-08-29/adingabeen_itzulketa_ceutan.htm
Aipatu zalantzak gorabehera, itzulketa kolektiboa martxan jarri zen baina berehalaxe egin zuen porrot. Ehunka adingaberen artean, gutxi batzuk besterik ez zituzten bidali mugaz beste aldera , esaterako logo ofizialik ez zuen furgonez baliatuta. Itzularazteko operazioa martxan jarri bezain pronto geldiarazi egin zuten epaitegien erabakiek. Justiziaren erantzuna etorri zen, bai gobernuz kanpoko erakundeetako kideen baita bestelako langileen jardun azkar bezain egokiari esker.

Handik aurrera nahastea itzela izan da eta ez du ematen inork bere gain hartu nahi duenik bidali izanaren agindua. Deigarria da, oso, Barne Ministerioak esan izana haiek ez omen zutela inolako «agindurik» eman. Hortaz, telebistaz argi asko ikusi ahal izan zen gaztez beteriko furgonetaren irudia, ez ei zen izan inongo aginduaren ondorioa: adingabeak beren kabuz igoko ziren, hara ezerezetik helduriko furgoneta batera eta gidariak Maroko aldera jo zuen inork atzetik hori guztia agindu edota antolatu gabe? Sinesgarria al da hori?

Operazio honek gogora dakarkit aspaldiko partez Aznar presidentearen aldian, etorkin batzuk hegazkin batera igoarazi eta Espainiatik kanpo bidaliak izan zirenean. Une horretan erabili zen esamoldea zera izan zen: «arazo bat geneukan eta konpondu egin da!»

Benetan konpontzen dira gauzak horrela? Gauzak egiteak ez du esan nahi ondo egiten direnik. Galdera bada, halako itzulketa legezkorik ba al da?

Adingabe bat Espainiara heldu bezain pronto, bere ardura duen adinez nagusirik ez badago, Herri-administrazioak hartu behar du adingabeen gaineko ardura eta tutoretza. Giza eskubideen estandarren zentzua da adingabeak zaurgarriak direla eta, ondorioz, bereziki babestu beharrekoak. Beraz, horiei abegi eman behar zaie eta, ahal dela, adingabearen beraren interes gorenaren mesedetan zaindu behar dira. Babeste aldera beraien gurasoak non diren bilatu beharko da, eta ahal dela ziurtatu beraiengana itzultzeak arriskurik ez dakarrela adingabearentzat.

Beste hitz batzuetan: babes-funtziorik betetzen duen gurasoen faltan, estatuak hartzen du horren ardura, gurasoak balira bezala. Handik aurrera Marokora bueltan bidaltzeak «aita-ama» izateari uztea dakar, babes-funtzioa berriro ere beste norbaitengana baitoa. Eta horregatik banan-banakako espedienteen beharra. Ez da arinkeria, ezta legezalekeria ere, babes-funtzioa galtzen ez dela ziurtatzea baizik.

Hori egiten ez bada, alegia, itzulketa kolektiboari ekiten bazaio, prozedura guztiz alboraturik, dirudienez gertatu den bezala, Espainiako estatuak guraso funtzioa betetzeari egitez uko egiten dio adingabea guztiz babesgabe utziz. Horri haurren giza eskubideen urraketa larria deitzen diogu, babesteko funtzioa Estatuak legearen gainetik pasatuz bertan behera uzten duelako.

Konpara dezagun itzulketa kolektiboa hura guraso batek egin lezakeen pareko jardunarekin. Imajina dezagun guraso batek erabakitzen duela bere semea, besterik gabe, egun batetik bestera, bidaia batera bidaltzea modu zehatzean baieztatu gabe nora doan, zein arrisku dakarren bidaiak, noren eskuetan gelditzen den... Ez al genuke esango guraso-ahalari uko egin diola? Ez genuke legezko erantzunkizunik eskatuko? Ba hori da hain justu Espainiako estatua egiten ahalegindu dena, itzulketa kolektiboaren bitartez. Bota ditzagun hemendik «gureak» ez diren adingabeak eta hor konpon!

Egindako horrek, era teknikoagoan, nazioarteko erantzukizuna eduki dezake, giza eskubideen hitzarmenak urratzearren, 1989ko Haurraren Giza Eskubideen Hitzarmena behinik behin. Baina Estatuko erantzukizunaz aparte, erabaki horietan parte hartutakoei erantzukizun disziplinarioa ezarri ahal izango litzaieke, legezko oinarririk gabe erabakia hartu eta aurrera eraman dutelako. Areago: Barne Ministerioak jakin badaki jardun horiek nola egin behar diren eta erabakia hartu bada prozeduraren protokoloa erabat albo batera utzita, erantzukizun penalak ere egon litezke tartean. Batek baino gehiagok pentsa lezake azken hau ziurrenik gogorregia izan litekeela. Baina ezaguna da, zoritxarrez, beste hainbat esparrutan erabiltzen den zorroztasuna, zuzenbide penala bitan pentsatu gabe aplikatuz. Prebarikazioa legez kontrako atxiloketa edo behintzat, konstituzio-bermeen aurkako delitua egoteko abiapuntua izan liteke, estatukide batzuek beraien kabuz guraso-ahala besterik gabe ukatzea erabaki dutelako, prozedura erabat albo batera lagata.

Eta esandakoa ez da aldatzen geo-estrategia kontuan edukitzearen ondorioz. Garbi dago zelako joko zikina egin zuen Marokok, adingabeak (eta adin nagusikoak) jaurtigai bezala erabilita, Ceutako mugaz beste aldera bidali zituenean. Baina noiztik besteek egindako gaitzak zuritzen du norberak ematen duen tenore-berdineko erantzuna? Demokrazia erabatekoa eta heldua ez da gauzatzen aldarrikapen hutsen bitartez, egoera jakinetan giza-eskubide zehatzak babesten direlako baizik. Barne Ministerioak ez badu hemen giza-eskubiderik babestu, epaitegiek konpon dezatela eta horrek barne hartu beharko luke, itzulketa kolektiboa gelditzeaz gain, erantzuleak topatzea eta zigortzea. Ikusiko dugu.]]>
<![CDATA[Euskadiko 'Estrasburgo txiki']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/019/001/2021-07-10/euskadiko_estrasburgo_txiki.htm Sat, 10 Jul 2021 00:00:00 +0200 Jon-Mirena Landa Gorostiza https://www.berria.eus/paperekoa/1876/019/001/2021-07-10/euskadiko_estrasburgo_txiki.htm
Batzuek hori ez dute gertatu zela inolaz ere aitortu nahi. Jakina, halako egitate larrietan Estatuaren egiletza baieztatuz gero, halabeharrez ondorioak aterako beharko genituzkeelako. Alegia: jakin beharko nork erabaki zuen; nork planifikatu egin zuen; nork baimendu zuen; nork begiratu zuen beste albo batera… Aztertu beharko da erakunde-mailan neurri egokiak hartu al diren berriro ere hori gerta ez dadin. Galdetu beharko dugu zein ideologiaren izenean egin zen hori guztia. Galdera deserosoak baina beharrezkoak demokrazia hobetu behar izatekotan.

Horregatik biktima hauen existentzia ukatu egin da eta beste erremediorik egon ez denean errealitate hori gutxietsi edota bere benetako traza eta tamaina desitxuratzen ahalegindu da: «ez dira hainbeste»; «ez da hainbesterako»; «asmatzen ari dira»... «abusuak» dira. Abusu? Hiltzea al da abusu? Sexu-bortxaketa komisarian al da abusu? Ia hiltzeraino itotzea ez al da abusu? Gorputza fisikoki lesionatzea egun oso bat, bi, hiru edo gehiagotan zehar betiko zauriak uzten al da abusua? Pertsona psikologikoki barrutik apurtzea al da abusua? La Manada kasuan, arrazoiz esaten zen: hau ez da abusu, hau bortxaketa da! Ba hemen ere gauza bera: dei dezagun gertatutakoa izen propioz, alegia, giza eskubideen bortxaketa larriak ditugu, ez abusu soila.

Aurreko Ekainaren 23an aurkeztu zen Eusko Legebiltzarraren Giza eskubideetako urraketa larrien biktimen lehenengo txostena. Legea onartu zenetik ea 5 urte igaro eta gero! Nola hain berandu? Nolatan ba 5 urte legea onartzen denetik lehenengo emaitzak ikusten hasi arte? Legea onartzearekin batera legearen aurkako erasoak hasi egin zirelako. Beste kasutan edo beste biktimekin pentsaezina dena hemen eguneroko egia bilakatu da: alegia, legearen aurka errekurtsoak eta trabak jartzea, martxan jar ez dadin. Baina azkenean zailena lortu egin da: martxan dago.

Lehenengo aldiz legez tortura eta beste hainbat estatu-urraketa larriak modu ofizialean aitortzen eta zehazten dira. Egia da aurreko beste kasutan halakoak ere tokiko (inoiz ez estatu zentraleko) erakundeen aldetik aitortu direla baina beti edo txostenen bitartez edo 107/2012ko Dekretu baten esparruan gertatu zen. Azkeneko hauek duten meritua gutxietsi gabe, legez gauzak aitortzeak bestelako indarra du. Izan ere, legea baita herri-subiranotasunaren adierazlerik garrantzitsuena. Legez onartzen bada ez da jada gobernu honen eta halako alderdi baten kontua. Bilakatzen da denon zerbait: herri-gai, mailarik gorenean herri-plazan jarria. Duintasun-kontua ere bada: bizitza-eskubidea eta beste funtsezko eskubideak jokoan daude eta horrek lege-arauketa, ez bestelakoa eskatzen zuen.

Baina hitz egin dezagun egiten ari den lanaz. Nolako aitorpena da hau? Has gaitezen aitorpen honi falta zaionarekin. Zoritxarrez, erantzukizun penala ezartzeko ez du balio. Luze hitz egin genezake horri buruz: alegia, poliziek egindako lanaz delituak ezkutatzeko; fiskalek eta epaileek beste alde batera begiratzeko modu sistematikoaz; legegile eta politiko batzuen jarreraz eta lanaz hau guztia ezagutu gabe eta zigorgabe ilunpetan manten dadin; komunikabide asko eta askoren ezkutatze, zuritze eta justifikazio lan osagarriez. Justizia penala ez da inoiz gertatu eta pendiente dago. Hortaz, erantzukizun indibidualak ezin izan dira bentilatu.

12/2016ko mekanismoa ez da errudunak identifikatzekoa, ez: bai, ordea, gertatu zen giza-eskubide larri baten berri ematekoa, hori baita kaltea konpontzeko aurresuposamendua. Horra hor bere indarra. Ezkutatu nahi izan dena, azkenik ateratzen hasten da. Seriotasunez, lanbidez giza eskubideez ezagutzen dutenen eskutik, izan ere kasu bakoitza legelariek, auzi-medikuek, psikologoek, historialariek, biktimologian aditu-talde batek aztertzen baitute, ahalik eta konbentzimenduz eta fundamentuz esan ahal izan arte: bai horixe gertatu zen!

Jada ez da gehiago zure edo nire iritzia. Jada ez da kontua izango noraino dauden batzuk sinisteko prest, fede-kontua balitz bezala.

Aitortzaren hizkuntza ere bereziki egokia da. Gaiotan gauzak esateko modua eta horren indar sinbolikoa funtsezkoa dugu. Horregatik legearen izenarekin bat eginda, zer gertatu zen ezartzeko orduan, Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiaren doktrina erabili da biktimok aitortzen dituen Balorazio-batzordearen aldetik. Bere hizkuntza, bere autoritatea egitateak deskribatzeko eta oinarritzeko erabili egin da. Eta hori biktimen aldeko berrikuntza izatearekin batera, bereziki aproposa da, izan ere Estrasburgoko Goi-auzitegiaren kasuan bezala Balorazio-batzordeak ez baitu eskumenik erantzukizun penalik ezartzeko. Giza Eskubideen Auzitegiak epaia ematen duenean bakarrik, eta ez da inolaz ere gutxi, «arrazoia» ematen du: «bai halako edo bestelako urraketa suertatu zen» dio tribunalak. Eta askotan nahikoa da lehenengo justizia-maila asetzeko, zeren eta egia zapaldua denean egia bera aitortzea da lehenengo urratsa. Eta egia-egarri sakona denean, egiaren lehenengo ur tanta horrek zelako zapore goxoa dakarren!

Egarria, dena dela, ez da ase. Lehenengo tantak dira: bidearen hasiera. Denon esku dago 12/2016 Legea erabiltzea bideari ekiteko. Oraindik eskariak aurkezteko epea zabalik dago. Probestu dezagun aukera, Balorazio-batzorde xumeak agian Estrasburgo txiki baten lana gure herrian egin dezan.]]>
<![CDATA[Adierazpen askatasuna: berri on bat Estrasburgotik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2021-04-02/adierazpen_askatasuna_berri_on_bat_estrasburgotik.htm Fri, 02 Apr 2021 00:00:00 +0200 Jon-Mirena Landa Gorostiza https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2021-04-02/adierazpen_askatasuna_berri_on_bat_estrasburgotik.htm
2021eko martxoaren 9an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak (Benitez eta Fernandez v. Espainia 2021) epaia eman zuen, adierazpen-askatasunarekin zerikusi duen gai baten harira, hain zuzen ere, Espainiako Estatua aipatu eskubidea (Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren 10. artikulua) urratu duelakoan. Gaiak ez du komunikabideetan aparteko zalapartarik eragin baina, nire iritzi apalean, badakar halako berri ona, nabarmentzea merezi duena.

Egitateak Teruelgo halako herri txiki batean, 70 biztanletara ere iristen ez denean, gertatu ziren, Aguilar del Alfambra izenekoan. 2007an enpresa batek (Watts Blake Bearner España SA: WBB-k) aipatu herri udalaren aurrean meategi bat martxan jartzeko baimena eskatu zuen, eta, hasiera batean horri ekiteko lizentzia eman bazioten ere, geroxeago udalbatzak, lizentzia arrunta ez baizik eta inpaktu-ebaluazio sakonago bat behar zelakoan, erabaki berri baten bitartez aurreko lizentzia deuseza aldarrikatu egin zuen. Erabaki hori, meategia martxan jartzea galarazten zuena, izan zen enpresak auzitegietara, administrazioarekiko auzi-prozesu batera hain justu ere, eraman zuena.

Meategiak eztabaida publikoa eragin zuen Aguilar del Alfambran eta horretan modu eraginkorrean GKE gobernuz kanpoko erakunde batek parte hartu zuen, meatze-enpresaren aurka eta ingurumenaren defentsan: Plataforma Ciudadana Aguilar Natural zuen izena. GKE honek ez zuen formalki auzi-prozeduran parte hartu baina, noski, hura jarraitu zuen eta horren inguruko bere iritzia eman ere, tokiko egunkari batean gutuna argitaratzeraino. Eta hemen dator gatazka. Epaileak enpresaren aldeko lehenengo erabaki bat hartu zuen 2009an eta oraindik gora jotzeko errekurtsoa erabaki gabe zegoen bitartean, GKEak aipatu eskutitza bidali zuen prentsara, oso modu gordinean epailearen aurka joz. Besteak beste, leporatzen zion ez zuela konpetentzia teknikorik ez interesik auzia justiziaz erabakitzeko: ez zuela aintzakotzat hartu txosten teknikoen edukia; erabakia hartua zuela eta gero jantzi besterik ez zuela egiten. Bi hitzetan, partziala zela, guztiz. Gutunaren bukaeran, esaterako, zera esaten dio epaileari: «boterea (autoritatea) izango duzu, baina ez zara justiziaren ordezkaria».

Horren aurrean, bere ekimenez, Fiskaltzak kereila kriminala aurkeztu egin zuen Plataformako kideen aurka eta publizitatez egindako ohorearen aurkako delitua (Zigor Kodearen 208., 209. eta 211. artikuluetakoa) leporatu zien gutunaren egileei: irainak omen ziren epailearen aurka botatakoak. Epaile penalak Fiskaltzaren interpretazioa bere egin eta akusatuak kondenatu egin zituen isuna ordaintzera (2.400 euro), bai eta egunkari berberean eta haien kostura (beste 2.758 euro) epaia argitaratzera eta, azkenik, erantzun zibila ere (beste 3.000 euro) ordaintzera. Orotara 8.000 euro baino gehiago ordaindu behar zuten.

Akusatuek, Benitez eta Fernandez izenekoek, Estrasburgora jo zuten haien adierazpen askatasuna urratua zelakoan, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak arrazoia eman berri die, joan den martxoan. Arrazoia ematean ez ezik, arrazoibidean ere berri ona dago. Ikus dezagun.

Estrasburgok bere ohiko doktrinari ekiten dio, eta hasten da aldarrikatzen adierazpen askatasuna eskubide absoluturik ez dela eta, hortaz, mugatu daitekeela «demokraziarentzat beharrezkoa denean». Esamolde tekniko horrekin, atzeko interes-gatazka baloratu beharra dagoela esan nahi da: zeinek balio du gehiago? Espainiako Fiskaltza eta epaileentzat, epailearen ohoreak; Estrasburgorentzat, ordea, adierazpen askatasunak. Zergatik?

Lehenik eta behin, gaiak badu interes publikoa: ez da gatazka pribatu bat, baizik eta ingurumenaren gaineko kontua, modu publikoan eztabaidatzea merezi duena. Bigarrenik, epaileek badute ohorea, eta, gainera, askotan, beraien lanbidea dela-eta, ezin dute beraien burua defendatu; esaterako, norbaitek gutun publiko batean zeozertaz akusatzen badute. Dena dela, epaileak pertsona publikoak direnez gero, kritika jasotzeko prest egon behar dute, norbanakoek baino gehiago. Hau da, demokrazia batean pertsona publiko horiek, botere-ordezkariek ohore txikiagoa eduki behar dute, kritika publikoak lekua irabaz dezan. Azken honek demokrazia sendotzen duelako. Eta esandakoaz, aparte, baina ildo beretik, kritika egiten duena gobernuz kanpoko erakunde bat bada, azken honi prentsa-estatus berbera aitortzen zaio: alegia, watchdog edota atari-txakur modukoa, demokrazia-begirale, bermatzailea, izatearen estatusa. Gobernuz kanpoko erakundeak, gainera prozeduran parte formala ez denak, badu kritika publikoa egiteko esparru oso zabala, prentsak eduki behar duen bestekoa.

Kritika publikoa, gai publikoez egindakoa, zibilizatua eta edukatua izan daiteke; baina halaber, Estrasburgok dioenez, gogorra eta ia ofentsiboa, txunditzeko modukoa izateraino irits liteke. Horrek bermatzen du inork ez duela beldurrik izango boterea kritikatzen duenean. Horrez gainera, gutuna egunkari batean argitaratzeagatik ezarri zen zigorrak, isuna izan bazen ere, espetxe zigorra ekar zezakeen ordaindu ezean, eta hori ez da proportziozkoa: horrek aipatu beldurra zabal dezake ez bakarrik gutuna idatzi dutenengan, baizik eta edonorengan, bitan pentsatuko baitute boterea kritikatu aurretik. Funtsezko eskubideen chilling effect edo etsipen-ondorioa (badaezpadako isilik egotea) saihestu behar da demokrazia on eta bete-betekoan.

Estrasburgok Espainiako Estatua kondenatzen du, azken buruan, adierazpen-askatasuna urratzeagatik, eta 9.341 euro ordaindu beharko dizkie akusatuei. Ez al da, akusatuentzat ez ezik, gu guztiontzat eta oro har demokraziarentzat ere berri on bat?]]>