<![CDATA[Jon Eskudero | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 08 Jul 2020 12:59:30 +0200 hourly 1 <![CDATA[Jon Eskudero | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Hezetasuna izan da berritasuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2091/021/002/2020-06-25/hezetasuna_izan_da_berritasuna.htm Thu, 25 Jun 2020 00:00:00 +0200 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/2091/021/002/2020-06-25/hezetasuna_izan_da_berritasuna.htm
Inor gutxik esperoko zuen halako zerbait gerta zitekeenik jaialdiaren hasieran. Izan ere, berritasunak berritasun eta oztopoak oztopo, pilotariak lehian ikusteko gogo ikaragarria zegoen. 200 lagunetik gora hurbildu ziren Eibarrera, eta, orain arte ez bezalako egoera bizi behar izan zuten. Frontoira sartzerako garaian, barra kode bidez irakurri zitzaien sarrera; harmailetan eserita egon zirenenean derrigorrezko distantzia mantendu behar izan zuten; musukoa eranzteko aukera ez zitzaien utzi; eta apustu egin zutenek ere teniseko pilotarik gabe jokatu behar izan zuten, paperak eskura jasota, alegia. Ezohiko egoera eduki arren, ilusioz zeuden pilotazaleak. «Etxean egotea baino hobea da frontoira neurri hauekin etortzea, eta pozik nago. Urte asko daramatzat jaialdiak ikusten, eta faltan sumatzen nuen», adierazi zuen Pako Rodriguez pilotazaleak.

Aspe eta Baiko enpresetako arduradunek ere irribarrea zuten ahoan jaialdi hasieran, baina baita ardura ere. Fernando Vidarte Aspeko zuzendaria pozik mintzo zen. «Hastea zen kontua, eta lortu dugu. Zailena egin dugula iruditzen zait. Orain jarraipena eman behar zaio honi, eta horretarako guztion jarrera egokia beharrezkoa da». Joxerra Garai Baikoko arduradunak beldur zantzu bat agertu zuen. «Beldur apur bat ematen du egoera honek, baina espero dugu dena ondo joatea».

Beroa eta desinfektatzailea

Bada, haien nahia azkar zapuztu zen, hezetasunak gogor astindu baitzuen kantxa. Jaialdiko lehen partidan hor nonbait moldatu ziren pilotariak, baina bigarrenean ez zegoen zer eginik. Neurketa hasi egin zuten, baina Imaz birritan hankaz gora joan zen eta aldageletarako bidea hartu zuten protagonistek. Gerora beste saiakera bat egin zuten, baina Ezkurdia eta Aranguren 4 eta 2 aurretik zirela bertan behera geratu zen lehia. Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak azaldu zuen hezetasunaren zergatia. «Zehazki ez dakigu zergatik agertu den. Baliteke beroagatik izatea, baina egun hauetan kantxa desinfektatzen aritu gara, eta horrek ere izan dezake eragina. Erabaki zentzudunena hartu dugu-. Horretan bat zetozen Altuna III.a eta Ezkurdia. «Inork ez du minik hartu, eta hori da garrantzitsuena. Pena da horrela itzuli beharra, baina gertatzen diren gauzak dira». Astelenako pilotazale batek aitortu zuen 70 urtean ez zuela halakorik ikusi.

Enpresek berri eman zutenean jaialdia bertan behera geratzen zela txistu hots bat edo beste entzun ahal izan zen, baina oro har, jarrera ona azaldu zuten pilotazaleek. Aspek eta Baikok jakinarazi zuten sarreraren dirua itzuli egingo dutela. Partida noiz jokatuko den ez zuten berri eman.

]]>
<![CDATA[Garaipenik onena, itzultzea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/032/001/2020-06-21/garaipenik_onena_itzultzea.htm Sun, 21 Jun 2020 00:00:00 +0200 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1956/032/001/2020-06-21/garaipenik_onena_itzultzea.htm erremontearen katedralak atzo zabaldu zituen ateak berriz ere, eta ez edonola. 200 lagunetik gora elkartu ziren Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian, eta guztiek izan zuten irribarrea ahoan. Protokolo zorrotza jarraitu behar izan arren, pozik eta ilusioz egon ziren harmailetan jaialdia ikusten, eta sekula baino gehiago baloratu zuten aukera hori. «Luze joan da geldialdia, buruhauste ugari izan ditugu, baina berriz ere hasteak sekulako ilusioa piztu digu. Pilotazaleak oso pozik egon dira», aitortu zuen Joxe Mari Barrenetxea Oriamendiko arduradunak. Eta bai, gustura hartu zuten etxerako bidea pilotazaleek.

Jaialdia abiatu baino ordu erdi lehenago suma zitekeen egun berezia zela pilotarentzat. Ezohiko itxura zuen Galarretaren kanpoaldeak, ohi baino auto gehiago baitzeuden aparkatuta. Ilusioaz gain, urduritasun apur bat ere nabari zitekeen pilotari zein pilotazaleen artean. Frontoira sartu baino lehen, neurri zorrotzak bete behar izan zituzten guztiek. Besteak beste, banaka-banaka tenperatura hartzen jardun zuten Oriamendiko kideek, eta eskuak desinfektatzea ere derrigorrezkoa zen. Behin frontoira sartuta, harmailetako aulki ugari zigilatuta zeuden. Barrenetxearen esanetan, beharrezkoa baitzen bi metroko distantzia mantentzea. «Ertzaintzaren bisita jaso dugu, ziurtatu nahi baitzuten dena egoki genuela, eta halaxe izan da. Jendearen erantzuna bikaina izan da, guztiek bete dituzte ongi neurriak, eta etapa berri baten hasiera izan da». Pilotazale orok izan zuen maskara jantzita.

Neurriak zorrotz bete ahal izateko, Oriamendik ohi baino lagun gehiago ipini zituen lanean, batez ere jendearen jarrera kontrolatzeko. Dena den, pilotazaleek ez zuten inolako arazorik eragin. «Etxetik etortzerako bagenekien nolako egoera topatuko genuen, eta gure helburu bakarra partidak ikustea zen. Ez da oso erosoa maskara jantzita egon beharra, baina puska batean hala egon beharko dugu», adierazi zuen Patxi Jauregik, Galarretara bildutako pilotazale batek. Haren esanetan, premia zuen frontoi batean izateko. «Telebistan bideoteka bidez eskaintzen dituzten partidak pozik ikusten dira, baina ez da nahikoa. Pilota zuzenean ikustea beste gauza bat da». Jauregiren iritzi berekoa da Lurdes Zabala ere. «Sarritan etortzen nintzen Galarretara, eta faltan sumatu dut. Pilota zuzenean ikusteaz gain, gustatzen zaigu gainerakoekin iritzia partekatzea, eta oso pozik egon gara. Gainera, gutxitan bezalako jendetza bildu da, eta horrek poz bikoitza eragiten du».

Pilotariak ere gustura

Pilotazaleak ez ezik, pilotariek ere sentimendu pozgarriak azaldu zituzten. Horietako bat izan zen Imanol Ansa. «Emaitza zen gutxienekoa. Pilotarion artean komentatzen genuen nolako egoera topatuko ote genuen, eta Galarretak izan duen jarrera bikaina izan da. Sinatuko genuke larunbatero berrehun lagun batzea. Ez gaude jendetza horietara ohituta, eta baikorrak gara aurrera begira».

Galarretaren 50. urteurrenaren Txapelketako emaitzei dagokienez, Ansa-Larrañagak 35-23 irabazi zieten Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.ari. Beste partidan, berriz, Juanenea-Endika izan ziren garaile, Urriza-Zubiriren kontra: 35-28. Txapelketak datorren larunbatean izango du jarraipena, ligaxkako bigarren saioarekin.]]>
<![CDATA[Kastaz eta distiraz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/038/001/2020-03-08/kastaz_eta_distiraz.htm Sun, 08 Mar 2020 00:00:00 +0100 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1943/038/001/2020-03-08/kastaz_eta_distiraz.htm
Irabazleek bazekiten oso garrantzitsua zela lehen tantoetan aurkarien neurrian egotea, besteak beste, pilotek distira gehien daukatenean zabaltzen baititu tarte handienak Zabaletak. Ordea, bilatu zituen neurriko zapatak Etxarrengo atzelariak. Martijak hasiera ona egin zuen, eta piloteoari eutsi ez ezik, tarteka bizkarra erakutsi zion Zabaletari. Ondorioz, Ezkurdiak atera zion etekinik handiena atzeko koadroetako oreka horri. Beste behin, izar baten pare aritu zen; hark hartu zuen partidaren zama, eta erasoan trebe jokatu zuen etengabe. Erritmo handia ezarri zuen kantxan, eta Jaka defentsan aritzera behartu. Ezker airea nahi bezala baliatzerik ez zuen izan lizartzarrak. Aurrean eginiko lehen tantoa 8-6koa izan zuen.

Ordura arte oreka izan zen nagusi, baina 8-6kotik 13 eta 8ra igaro zen norgehiagoka. Bost tantoren alde garrantzitsua eskuratu zuten gorriek, batez ere kastari esker. Lan erdiak arte pilota bana besterik ez zituzten galduak Jakak eta Zabaletak, baina Ezkurdiaren inspirazioa apartekoa izan zen atzoko norgehiagokan. Gogoangarria izan zen 11-8an egin zuen tantoa. Lehenbizi, zabalean ezinezkoa zirudien pilota bat altxatu zuen, eta gero hark bukatu zuen tantoa. Pilotazaleak zutik jarri zituen lau eta erdiko txapeldunak. Laineza hartuta zegoen, eta Jaka eta Zabaleta, berriz, egoera zail bat kudeatu beharrean. Tentsioak gain hartuta, akaso.

Bazirudien garaileek alde polita zutela partidaren bigarren zatiari aurre egiteko, baina urdinak ez zeuden amore emateko. Pilotak pixkanaka gastatuz joan ziren, eta horrek mesede egin zien Jakari eta Zabaletari. Atzelariak gehiagotan erakutsi zion bizkarra Martijari, eta Jakak ere asmatu egin zuen tantoak bukatzen. Aldea murriztuz joan ziren: 15-10, 15-13 eta 17-16. Tanto soil batera ere hurbildu ziren, eta baina hortxe bukatu zen haien itxaropena. Fisikoki apur bat behera egin zuen Martijak, baina kasta izugarria duela erakutsi, eta azken txanpari berria bezala ekin zion. Berriz ere partida irabazteko aukera eskura jartzean, beldurra sartu zitzaien urdinei, eta ez zuten asmatu egoera kudeatzen. Ezkurdia egon zen horretan ondoen. Aspaldiko mamuetatik urrun, aurpegia eman zuen Arbizukoak, eta azken tantoetan burutsu aritu zen. Taktikoki ongi, eta jokoz ere bai.

Besteak beste, unerik erabakigarrienean jokoan asko sartzea erabaki zuen Ezkurdiak. Boleaz ordura arte baino gehiago lagundu zion Martijari, eta ezkerrez ere ezin hobeto asmatu zuen pilota zabaltzen. Jakak bi bider huts egin zuen pilota ezker hormara biltzerako garaian. Beste martxa bat sartuta, gorriak zuzenean heldu ziren 22ra, eta oso puntu garrantzitsua eskuratu zuten. Teorian, ligaxkako bikote faboritoari irabazita, finala gertuago dute. Jakak eta Zabaletak, bestalde, ezingo dute ia hutsik egin geratzen zaizkien bi partidetan.

Gaur, Bilbon

Bada, finalerdietako ligaxkako bigarren partida gaur jokatuko da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, 17:00etatik aurrera. Azken orduko aldaketa batengatik, Olaizola II.ak ez du Urrutikoetxearekin jokatuko, baizik Arangurenekin. Hortaz, Laso eta Albisu izango dira faboritoak. Azken horiek nabarmen gora egin dute aspaldian. Albisu azken denbora luzeko sasoirik onenean dago, eta Lasok ere badu motiborik konfiantza izateko. Dena den, hobe izango dute ez fidatu, Olaizola II.ak berak ere hobekuntza nabarmena izan baitu azken hilabetean. Ezker airez min handia egin dezake, eta, Arangurenek laguntzen badio, baliteke partidak arriskua izatea.]]>
<![CDATA[Kastaz eta distiraz]]> https://www.berria.eus/albisteak/178528/kastaz_eta_distiraz.htm Sat, 07 Mar 2020 22:00:57 +0100 Jon Eskudero https://www.berria.eus/albisteak/178528/kastaz_eta_distiraz.htm ]]> <![CDATA[Eskarmentuari esker, beteranoak finalerdietara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/034/001/2020-03-01/eskarmentuari_esker_beteranoak_finalerdietara.htm Sun, 01 Mar 2020 00:00:00 +0100 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1943/034/001/2020-03-01/eskarmentuari_esker_beteranoak_finalerdietara.htm
Ez zuen hasiera ona izan partidak. Elkarri errespetu handia agertu zioten bi bikoteek, eta huts gehiegi egin zituzten. Ordea, azkar berotu ziren kontuak. Bi atzelariek erraz kentzen zieten pilota aurrelariei, eta luze joan ziren tantoak. Oreka izan zen nagusi bosnakora arte. Hortik aurrera Olaizola II.ak hartu zuen aginte makila. Normala zenez, Urrutikoetxea eta Imaz nekatzen hasi ziren, eta pilota gehiago aurrean uzten. Aukerak hobeto baliatu zituen goizuetarrak. Ezker airearekin direnak eta ez direnak egin zituen. Artolak, berriz, ez zuen batere asmatu aurreko koadroetan. Luze ibili zuen pilota, baina hori ez zuen aski partida irabazteko. Lehen errematea 11-7koan egin zuen, txokoan pilota utzita. Garai horretarako bostehun pilotakada bazituzten joak.

Partidaren gidoia nahi bezala zihoakien beteranoei, eta asmatu zuten aldeari eusten: 13-9, 16-12 eta 18-14 joan ziren. Tanto bat baino gehiagotan Urrutikoetxea erori beharrean ibili zen, nekearen erruz, baina sufritzen jakin izan zuen bizkaitarrak. Eskuetatik ere sufritzen ari zela sumatu zitzaion sarritan, baina ez zuen etsi. Berean jarraitu zuen. Artolak eta Imazek izan zuten aukerarik aurkariengana gehiago hurbiltzeko, baina huts gehiegi egin zuten. Tanto dotore bat edo beste egin arren, jarraipenik ez zion eman bere lanari Alegiako aurrelariak. 20-17 ere hurbildu ziren gazteak, baina azken txanpan berriz agertu zen Olaizola II.aren lana. Defentsan eta erasoan aritu zen bikain, eta oraindik ere zer erakutsia badaukala begien bistan geratu zen. Urrutikoetxea eskuetatik sano iristen bada ligaxkara, kontuan hartzeko bikotea izango da bi beteranoek osatzen dutena.

Gaur, Eibarren

Ligaxka horretan laugarren bikotea nor izango den gaur erabakiko da, Eibarko Astelena pilotalekuan (Gipuzkoa). Olaizola eta Urrutikoetxeaz gain, Jaka-Zabaleta eta Ezkurdia-Martija lehenagotik sailkatuta daude, ligaxkan; bada, Altuna III.a-Galartzak edo Laso-Albisuk hartuko dute laugarren tokia.

Hasiera batean, partida orekatua eta gogorra espero da, ez baitago faborito argirik. Altunak eta Galartzak gorabehera handiko txapelketa izan dute, eta badirudi Baikoko bikotea hobeto iritsi dela gaurko partidara. Laso osatu da lesio txiki batetik, eta Albisu saiatuko da azkenaldiko sasoiari eusten. Partida bikainak jokatu ditu ataundarrak, eta konpromisoko lehia batean neurria eman nahi du. Hori bai, Altuna kantxan egonda, edozer gauza gerta daiteke.]]>
<![CDATA[Mozorrorik onenarekin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1954/027/001/2020-02-23/mozorrorik_onenarekin.htm Sun, 23 Feb 2020 00:00:00 +0100 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1954/027/001/2020-02-23/mozorrorik_onenarekin.htm
Inauteri giroa baliatuta, inork baino mozorro hobea hautatu zuen atzo Realak, Pep Guardiolak zuzentzen zuen Bartzelona erraldoi haren itxura hartu baitzuen bete-betean. Hasi eta buka, distiratsu eta gustagarri jokatu zuten txuri-urdinek, eta hankapean ibili zuten Valentzia. Astebete pasako atsedenaldiak mesede handia egin zion Imanol Alguacilen taldeari, eta lehen zatia aski izan zuen partida bideratzeko. Kalitatea lagun, Merinok eta Monrealek egin zituzten golak, eta bigarren zatia hasi eta berehala Januzaj batu zen golegileen zerrendara. Denboraldia une erabakigarrian sartzen hasi den honetan, Realak baikor izateko motiboak eman zituen, eta zenbakiek ez diote bestelakorik. Sevillak eta Atletico Madrilek gaur egingo dutenaren zain, Txapeldunen Ligako postuetan dira txuri-urdinak. Gainera, kontuan hartu behar da neurketa bat falta dutela jokatzeko, Eibarren aurkako derbia.

Erabat plan ezberdinarekin zelairatu ziren bi taldeak. Realak atseden luzea izan zuen partida prestatzeko, eta ez zen hori Valentziaren kasua. Izan ere, joan den asteazkenean kolpe gogorra jaso zuen Txapeldunen Ligan, Atalantaren aurka 4-1 galduta. Ordezko jokalari askorekin jokatu zuten bisitariek, eta etxekoek ederki baliatu zuten aukera. Bizi jokatu zuten hasieratik, baloiaren kontrola bereganatuta, eta Valentziaren asmoa kontraerasoan irtetea izan zen. Horretara mugatu zuen bere jokoa, Gameiro eta Ferran Torresen abiadura baliatu nahirik. Realak ezin hobeto deuseztatu zituen haien planak. Defentsako lerroa bikain aritu zen goian presio egiten, eta erasoko jokalariak distiratsu aritu ziren. Ordu laurdena bete aurretik heldu zen 1-0ekoa. Zalduaren erdiraketan ez ziren fin egon Valentziako atzelariak, eta Merinok bakarrik bidali zuen baloia sareetara, buruz.

Golak lasaitasuna eman zion Realari, eta atsedenaldira bitarteko jokoa oso gustagarria izan zen. Isakek izan zituen pare bat aukera bigarren gola egiteko, baina ez zuen asmatu. Valentziak, ordea, ia usaindu ere ez zuen egin Remiroren atea. Gauzak hala, bazirudien 1-0eko emaitzarekin helduko zirela bi taldeak atsedenaldira, baina 47. minutuan Monrealek egin zuen gola. Odeegardek kornerra atera, Aritzek baloia orraztu eta nafarrak ez zuen barkatu. Gol sena duela erakutsi zuen berriro.

Atsedenalditik bueltan, bere planak aldatu beharrean zen Valentzia, eta aldaketa bat ere egin zuen. Ordea, plan horiei erantzuteko modurik onena hautatu zuen Realak: hirugarren gola egitea. Januzajek sekulako ezkerkada bidali zuen sareetara 48. minutuan. Hirugarren gol horrek guztiz erabakita utzi zuen lehia. Gehiagorako aukerak ere sortu zituzten txuri-urdinek, baina ez zuten golik egin. Bada, Imanolen taldeak bolada onari jarraipena emateko aukera izango du datorren ostiralean, Valladolid hartuko baitu etxean.]]>
<![CDATA[Txapeldunen Ligako postuetan dira txuri-urdinak]]> https://www.berria.eus/albisteak/177873/txapeldunen_ligako_postuetan_dira_txuri_urdinak.htm Sat, 22 Feb 2020 21:18:53 +0100 Jon Eskudero https://www.berria.eus/albisteak/177873/txapeldunen_ligako_postuetan_dira_txuri_urdinak.htm <![CDATA[Jada ez da kasualitatea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1969/029/001/2019-11-19/jada_ez_da_kasualitatea.htm Tue, 19 Nov 2019 00:00:00 +0100 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1969/029/001/2019-11-19/jada_ez_da_kasualitatea.htm
Finalak eragiten duen presioa ahaztuta, lasai igaro zituen partidaren aurreko egunak txapeldunak. Lasaiegi, haren ingurukoen esanetan. «Lo oso ondo egiten nuen, eta inoiz baino lasaiago nengoen finalari begira». Ziurrenik, guztiek Altuna III.a oso faborito jotzen zutelako. «Presio guztia harengan jarria zuten, eta horrek niri mesede egin zidan, eta hari kalte. Prentsak lasai utzi ninduen finalaren atarian, eta entrenamenduetan bikain prestatu nuen finala». Ilusio berezia zeukan txapela janzteko. «Erakutsi nahi nion neure buruari iazkoa ez zela kasualitatea izan. Ingurukoekin eta neure buruarekin sentitzen nuen zor hori. Lehen txapela beti izaten da berezia, baina hau ere oso maitatua izango dut». Dagoeneko tokia egin dio txapel berriari. «Amaren etxean jarri dut, beste bien alboan. Inork ez ditu amak baino hobeto zainduko».

Ezkurdiak bazekien ongi iritsi zela finalera, baina inoiz baino gehiago gozatu zuen. Asko lagundu zioten final aurreko minutuek. «Beroketa lanean ari nintzela, ongi ikusten nuen neure burua, baina lanak erdi eginda banitu bezala sentitzen nintzen. Akaso tentsio apur bat falta nuen». Horregatik, entrenatzaile fisikoak eten egin zion beroketa lana, sorpresa bat emateko. «Bideo bat erakutsi zidan sakelakoan, eta bideo horretan nire inguruko guztiak azaltzen ziren: familia, lagunak eta abar. Guztiek mezu bana bidaltzen zidaten, eta nik ez nekien ezer. Horrek izugarrizko bultzada eman zidan partidarako. Emozioz negar egin nuen, eta oso lagungarri egin zitzaidan txapela irabazteko».

Hotz pentsatuta, finalak bizpahiru gako izan zituela gogoratu du. «10-7 galtzen ari nintzela, apuratu samar sentitu nintzen, eta zortzigarren tanto hori nik egin izanak arnasa eman zidan. 16-12 aurretik ere joan nintzen, eta tanto bakarrera gerturatu zitzaidan gero, 16-15. Sakez min handia egiten zidan, baina hortzak estutzeak asko balio izan zidan». Hemezortzigarren tantotik aurrera sentitu zen ondoen. «Banekien azken txanpan beste indar bat atera behar nuela, eta hor erabat sinetsita jokatu nituen azken tantoak. Egun biribila izan zen». Fisikoaren garrantzia aipatu zuen Arbizukoak. «Oso fresko sentitu nintzen une oro, gorputzari bikain ematen bainion buelta. Entrenamenduetako sufrikarioak emaitza ekarri zidan. Altuna III.ak behera egin zuen fisikoki bigarren zatian».

Amets, buruz burukoa

Denbora gutxian jauzi izugarria eman du Ezkurdiak, eta noizbait buruz buruko txapela janztea gustatuko litzaioke. «Horixe daukat jomugan. Ez da obsesio bat, baina bai ametsa. Lehiaketa guztietan txapela duten pilotarien zerrendan sartzea gustatuko litzaidake. Lanean jarraituko dut». Buruz burukoaren aurretik, binakakoan parte hartuko du nafarrak. Gaur aurkeztuko dute txapelketa, Bilbon.

Iaz binakakoan garaile izan zen Ezkurdia, Jose Javier Zabaleta atzelaria lagun zuela. Hura izan zen profesionaletan irabazi zuen lehen titulu handia, lau eta erdiko lehen finala irabazi baino zazpi hilabete lehenago. Banakako txapela zain du oraindik.]]>
<![CDATA[Bigarren txapela nahi dute]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/028/001/2019-11-17/bigarren_txapela_nahi_dute.htm Sun, 17 Nov 2019 00:00:00 +0100 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1942/028/001/2019-11-17/bigarren_txapela_nahi_dute.htm
Hemezortzi urteren ondoren, bi finalistak galdu gabe iritsi dira finalera, eta horrek are erakargarriago egiten du neurketa. Azkenekoz, 2001ean jokatu zuten finaleko bi pilotariek elkarren aurka txapelketan partidarik galdu gabe, eta aurten berrituko da egoera hura. Orduko hartan, Patxi Eugik eta Abel Barriolak neurtu zituzten indarrak. Bada, Ezkurdiak eta Altuna III.ak hartuko diete lekukoa, baina biek egindako bideak antzekotasun txikia izan du orain arte. Amezketarra erraz antzean sailkatu da finalera, bai, behintzat, emaitzei erreparatuta. Erik Jakaren aurka komeriak ikusi zituen final-laurdenetako ligaxkan (22-20), baina bestela ez du asko sufritu. Ezkurdiak, ordea, hortzak estutu behar izan ditu. Final-laurdenetan, 22-21 menderatu zuen Unai Laso, 13-21 atzetik joanda. Finalerdietan, bestalde, 22-20 irabazi zion Jakari. Iaz txapeldun izan zenean, bestelako joko freskoa erakutsi zuen Arbizukoak, baina aurten azaldu du goraka egin duela psikologikoki. Horrek konfiantza emango dio finalean.

Dena den, inork esperientziarik badu lau eta erdiko finaletan, hura Altuna III.a da. 23 urte besterik izan ez arren, laugarren finala izango baitu segidan. Lehena galdu egin zuen Oinatz Bengoetxearen aurka (22-21), hurrengo irabazi Mikel Urrutikoetxearen kontra (22-21), eta iaz ez zuen txapela janzterik izan Ezkurdiaren beraren aurrean (22-17). Gaztea izanagatik, izen handien artean sartzen hasia da amezketarra. Izan ere, historian soilik hiru pilotari izan dira lau eta erdiko lau final segidan jokatzeko gai izan direnak: Eugi bitan, 1991-1994 eta 1998-2001. urte arteetan, Juan Martinez de Irujo 2008 eta 2011 artean, eta Aimar Olaizola 2011 eta 2014 artean. Olaizola da inoiz txapel gehien jantzi duena: zazpi, guztira. Zenbaki horiek urrun dauzkate oraindik gaurko bi finalistek, irabazten duenak bigarrenez jantziko baitu lau eta erdiko txapela.

Pilotalekuaren kezka

Nafarroa Arena pilotalekua da bi finalisten kezka iturri nagusietako bat. Beste ekitaldiren batzuk tartean zirelako, ezin izan dira nahi adina entrenatu bertan, eta aste honetan pare bat aldiz soilik izan dira. Ez da gehiegi ezagutzen duten frontoia, urtean zehar ia ez delako jokatzen partidarik bertan. Pilotalekua egin gabe dago oraindik, bere onera ekarri gabe. Horregatik, Ezkurdia eta Altuna III.a ez daude lasai. Ezker horman gauza arraroak egiten ditu pilotak, eta horrek izugarri zailtzen die sake-errestorako lana. Iazko finalean ere min handia egin zuen Ezkurdiak sakearekin, bost tanto lortu baitzituen. Hortaz, bi pilotariek erne ibili beharko dute lan horretan. Sakeak eta errestoak berebiziko garrantzia izan dezakete, eta lehiak boladaka joateko arriskua du.

Dena den, sakeaz eta errestoaz gain, norberak nolako eguna duen izango da garrantzitsuena. Urduritasuna kontrolatzea ezinbestekoa izango da, baita fisikoki sendo egotea ere. Altuna III.ak esana du aste barruan ez diola beldurrik partida luzatzeari, eta hori seinale ona litzatekeela berarentzat. Bi pilotariek erakutsi dute bikainak direla defentsako lanean, baina Amezketakoa aztiagoa da tantoak amaitzeko garaian. Ezker-eskuin ezin hobeto bilatzen ditu ertzak, eta Ezkurdiak hobekuntza erakutsi beharko du tantoak amaitzeko garaian, defentsarekin ez duelako aski izango. Edonork irabazten duela ere, Aspe enpresak beste titulu bat eskuratuko du, zazpigarrena jarraian.]]>
<![CDATA[«Ez gara Iruñean nahi adina entrenatu ahal izan, eta ez da serioa»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1928/019/001/2019-11-13/ez_gara_iruean_nahi_adina_entrenatu_ahal_izan_eta_ez_da_serioa.htm Wed, 13 Nov 2019 00:00:00 +0100 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1928/019/001/2019-11-13/ez_gara_iruean_nahi_adina_entrenatu_ahal_izan_eta_ez_da_serioa.htm
23 urte besterik ez duzu, eta dagoeneko profesionaletako seigarren finala izango duzu igandekoa. Gaizki ohitzen ari ote zara zure ingurua?

Baliteke, bai. Nire lehen finala Bigarren Mailako lau eta erdikoa izan zen, Artolaren kontra Donostian jokatu nuena. Inoizko ilusio handienarekin hartu nuen partida hura. Artolaren aurrean blokeatuta geratzen nintzen beti ordura arte, eta ez nuen pentsatzen finalera iristeko gai ere izango nintzenik. Pentsa kontuak zenbat aldatu zaizkidan urte gutxian. Orain finaletara iristea helburu bihurtu zait, eta ohartu naiz txapelketak beste sentipen batekin hartzen ditudala. Lehen, final-laurden batera lasai joaten nintzen, baina orain ematen du derrigorrezkoa dudala dena irabaztea. Ez diot neure buruari batere presiorik jartzen, baina beti faborito jotzen naute, eta aurkariak gogoz egoten dira niri irabazteko.

Esan duzu presiorik ez diozula jartzen zeure buruari. Hori sentituta bakarrik, ez al dituzu partidak aldez aurretik erdi irabazita edukitzen? Besteak beste, lasaiago kantxaratzen zarelako.

Egia da presioaren kontu hori gero eta gehiago ari garela ikusten pilotan. Partida asko ikusten ditugu erdipurdikoak, pilotariak euren onena ezin emanda dabiltzalako, presioa dela eta. Bai Lehen Mailan, baita Bigarren Mailan ere. Badakite presioa sentitzea kalterako dutela, eta, halere, ezin dute saihestu. Nik normalean lasai jokatzen dut; ez dakit izaera kontua den edo zer. Ez da landu dudan gauza bat. Nik garrantzirik handiena neure buruari ematen diot, eta ez aurkariari. Beti esaten da, kontrarioa nolakoa den, joko ezberdina egin behar dela. Ados nago horrekin, baina zerbait ikasi badut urte hauetan, zera izan da: neure buruak duela lehentasuna.

Dena den, zuk ere egun txarra izan zenezake. Hau ez da matematika, ezta?

Nik ere sentitu dut presioa pilota munduan. Buruz buruko txapeldun irten, eta uda horretan presio izugarria ezarri nion neure buruari. Partida guztietara irabazteko beharraz joaten nintzen, txapelduna nintzelako-edo, eta ez nuen batere gozatu hiruzpalau hilabetetan. Gero lesioa etorri zitzaidan, akaso horregatik. Lezioa jaso, eta ikasi nuen neure buruarengan konfiantza edukitzen. Uste dut oraindik pilotari asko daudela euren jokoa zehaztu gabe, eta Erik Jakaren kasua ikusi besterik ez dago. Lau eta Erdiko Txapelketan sentitu du bere jokoa eginda min izugarria egiten diela aurkariei, eta edonori irabazteko gai dela. Joseba Ezkurdiarena ere aipa daiteke. Tentsioak alde batera utzi, eta beragan sinesten hasi denean iritsi zaizkio emaitzarik onenak.

Oraindik berezi izaten jarraitzen al dute final baten atariko egun hauek?

Bai, baina aldaketa handia sumatzen dut lehen final hartatik. Amezketan ilusio handia dago, baina bazirudien derrigorrezkoa nuela finalerako sailkatzea. Ematen du meriturik ez duela lortu dudanak, eta ez da hala. Urrutikoetxea eta Olaizola II.a lau eta erdikotik kanpo geratuko zirela jakin zenean, denek errazago kokatzen ninduten finalean. Baina ikusi besterik ez dago bi finalistok zenbat sufritu dugun partida batzuetan. Txapelketa oso ona izan da. Gogoan dut Urrutikoetxearen aurka Donostian jokatu nuen buruz buruko final-laurdenean inork ez zuela ematen sosik bat nire alde. Soilik bi lagunek esan zidaten herrian irabaz nezakeela, eta ni oso sinetsita nengoen egingo nuela. Jokatu eta irabazi egin nuen, eta txapeldun izan. Orduan ez zuen inork hitz egiten txapelaz, eta orain, denek.

Herrian zale mordoa dituzu, oso gertukoak, baina kuadrillakoei garesti aterako zaie zu hainbeste finaletarako sailkatzea.

Egia da, baina lehen final hartatik niri soilik ez, kuadrillakoei ere aldatu zaie bizitza. Orain, zorionez, denak lanean ari dira. Halere, asko eskertzen diet egiten duten guztia. Badakit Amezketako paper fabrikan komeriak izaten dituztela nire finaleko egunetan lan txandak osatzeko, denek nire partidara joan nahi izaten baitute. Gustatzen zait kuadrillakoek ikustea nik balio handia ematen diodala egiten dutenari, eta hitzeman diet txapelketa amaieran afari eder bat ordainduko diedala.

Amezketa hain herri txikia eta pilotazalea izaki, nola deskonektatzen duzu?

Guk ez daukagu hegazkin pribaturik futbolari batzuek bezala, eta zaila da deskonektatzea. Halere, esan dezaket nik lortzen dudala pilotatik ihes egitea. Esaterako, Realak Leganesen aurka jokatu zuen partidara joan nintzen, Igor Zubeldia Realeko jokalaria laguna baitut, eta afari bat baino gehiago ere baditut bi asteotan, lagunekin. Momentu txikiei ematen diet garrantzia. Horretan ere ikasi egin dut. Lehen, partida garrantzitsuren bat baino bost egun lehenago hasten nintzen jada etxetik gertu egoten. Gero konturatu nintzen horrek ez zuela zerikusirik partida ona edo txarra egitearekin, eta orain askeago ibiltzen naiz. Abel Barriolarekin tertulia batzuk izan ditut horri buruz, eta ez dago hura baino maisu hoberik.

Halere, zenbateko beharra daukazu zuk pilotatik deskonektatzeko? Izan ere, pilotatik ez ezik, pilotarako ere bizi zara.

Halaxe da, pilotari profesionala izan edo ez, garbi neukan pilotarako biziko nintzela. Bizi egiten dut pilota, sentitu, eta gustatu egiten zait bere inguruan ibiltzea. Txikitatik, gainera. Beti poltsikoan pilota bat izaten nuen, eta minutu bat eduki orduko frontoian aritzen nintzen hormaren aurka. Edozein momentu aprobetxatzen nuen horretarako. Gogoan dut asteburuetan zein izaten zen plana: goizean pilotan ibili, bazkaldu, pilota saioa egin, telebistan pilota ikusi, afaldu eta pilotan ibili. Ez neukan besterik. Garai batean Euskal Telebistak futbol partidak ematen zituen larunbat gauetan. Partida denak ikusten nituen, baina atsedenaldiak ere baliatzen nituen pilotan aritzeko frontoian. Gustatu egiten zitzaidan, eta gustatu egiten zait. Orain ere telebistan jaialdi guztiak ikusten ditut, lehen, bigarren eta hirugarren partida guztiak. Edozein pilotariren bilakaera jarraitzea gustatzen zait. Adibidez, Brasilen badut lehengusu bat bertan ikasten ari dena, eta harekin maiz hitz egiten dut pilotari buruz.

Teknikari aritzeko ere balioko zenuke, orduan?

Ez dakit, Baina gustatzen zait denen jokoa aztertzea. Gertatu izan zait beste pilotari profesional batekin pilotari buruz hizketan hastea, eta hark erantzutea: «Hi, ez al zagok beste gairik?». Batzuek ez dute nahi izaten pilotari buruz aritu. Nire ustez, ordea, lanaren parte ez da bakarrik partidak jokatzea, baizik horrek inguratzen duen guztia. Eta partidak telebistan ikusiz eta hitz eginez, asko ikasten da. Haurrek ere nahi dute soilik pilota eskolako orduekin pilotari izan, baina ezinezkoa da. Afizioa eduki behar da lehenik, afizio handia. Eta gurasoek ere jakin behar dute hori. Akaso, nik pilotarekiko gaixotasun bat izango dut, baina beharrezkoa iruditzen zait zerbait lortu nahi izanez gero.

Pilota eskolen kasuan, haurrak mugiarazi behar luke gurasoa pilotarako, baina alderantziz gertatzen da askotan. Gurasoek gogo handiagoa dute, haurrek baino. Zure kasua nolakoa izan zen?

Niri etxean ez zidaten sekula bultzadarik eman behar izan, ni nahikoa bainintzen. Jaio orduko hasi nintzen pilotan, eta odolean daramat. Txikitatik kuadrillako batekin jokatzen nituen txapelketa guztiak, eta nahiz eta bera ez izan munduko atzelaririk onena, oso harro nago harekin jokatu izanaz. Gaur egun, gurasoak hor aritzen dira euren seme-alabentzat bikotekide onenaren bila, baina ez luke hala behar. Herriko norbaitekin jokatu behar luke ume horrek. Irabaztea dute helburu gehienek, baina ongi pasatzea eta gozatzea izan behar du, horrek ekarriko baitu norbera pilotan gustuz aritzea. Nik aholku hori emango nieke guraso eta umeei.

Orain ere ez duzu enpresako atzelari onenekin jokatzen. Bidesaria ez da garestiegia?

Egia da Rezusta eta Zabaleta guztien gainetik daudela orain, eta niri kostako zaidala haiekin txapelketa bat jokatzea. Gustatuko litzaidake noizbait binakako txapela lortzea, hiru lehiaketetako garaileen zerrenda handi horretan sartzeko. Ametsa litzateke hori lortzea. Dena den, 23 urte dauzkat oraindik. Rezusta eta Zabaleta ni baino zaharragoak dira, eta denbora sobera daukat binaka txapeldun izateko. Gainera, gehiago beteko ninduke binakakoa beste norbaitekin irabazteak bi atzelari handi horietako batekin baino. Adibidez, Martijarekin izugarri gustura jokatzen dut, eta hitzemana diot noizbait izango garela txapeldun.

Orain, igandeko finalean duzu jomuga. Adituek dioten bezala, hain faborito al zara?

Inola ere ez. Egia esan behar badut, oso fresko eta indartsu sentitu naiz orain arteko partidetan, baina inoiz ezin da jakin zer gerta daitekeen egun soil batean. Ezkurdiak nabarmen egin du gora, eta elkarren kontra jokatu ditugun partidak ia beti izan dira estuak. Nik arantza barruan daukat. Iazko finala galdu nuen, eta gustatuko litzaidake horri buelta ematea. Galtzea ez litzateke atzerapausoa izango niretzat, baina bai mingarria. Partida luzatzeak uste dut mesede egin diezadakeela, eta ea tantoa amaitzen ondo ibiltzen naizen.

Pilotalekua azkarra da. Ezkurdiarentzat mesede, akaso?

Lur bizia du frontoiak, eta agintzen duenak asko izango du irabazita. Frontisean pilota ez da oso zuzen ateratzen beti, eta ezkerreko horman behera egiten du. Pilotalekua biontzat bera izango da, eta ez dago aitzakiarik. Dena den, badut kexa bat. Biotako inor ezin izan zen bertan entrenatu joan zen astean, beste ekitaldiren bat zegoelako-edo. Ez zait serioa iruditzen enpresen aldetik, lau eta erdiko final bat antolatu, eta bertan entrenatu ezin izatea astebete lehenago. Pilotaleku horretan lau bat aldiz aritu izango nintzen guztira, eta ez da nahikoa final bat berme osoz jokatu ahal izateko.]]>
<![CDATA[«Pilotan ez naiz ari iaz bezain erraz, baina buruz indartsuagoa naiz»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/030/001/2019-11-12/pilotan_ez_naiz_ari_iaz_bezain_erraz_baina_buruz_indartsuagoa_naiz.htm Tue, 12 Nov 2019 00:00:00 +0100 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1909/030/001/2019-11-12/pilotan_ez_naiz_ari_iaz_bezain_erraz_baina_buruz_indartsuagoa_naiz.htm
Finaletako protokoloa ezaguna egingo zaizu jada. Zer moduz daramazu?

Ez dut uste nire indargune nagusia elkarrizketak ematea denik, baina dagoeneko ohitu egin naiz kazetariekin hitz egitera eta protokoloa betetzera. Nire hirugarren aldia da halako zerbait biziko dudala, eta egun pare bat ezohikoak pasatu behar badira ere, oso gustuko lana da, seinale ona baita denek zugana jotzea. Oso pozik nago kazetari guztiak Arbizun jasotzen ari naizelako. Sinatuko nuke hala jarraitzea.

Finaletan esperientzia dutenek esaten dute finalak ez ezik, aurreko egunak ere gozatu egin behar direla. Zuk lortzen al duzu hori?

Bai, dudarik gabe. Politena ez da helmuga, bidea baizik, eta ni momentu txiki askok betetzen naute. Herri txiki batekoa naiz, jendea ilusioz gainezka sentitzen dut, familia ere gogotsu eta pozik dago, eta ni zer esanik ez. Goizero esnatzen naiz pentsatuz gozatu egin behar dudala finalaren kontu honekin, izan nire denbora librean edo izan entrenamenduetan. Oso pilotari gutxiren eskura egoten da finalak jokatzea, eta, horretarako aukera izanda, ez ditut gozamen momentuak alferrik galdu nahi. Lehenengo finalean, urduritasuna gehiago antzematen nuen, baina, orain, bezpera egun hauek lasaiago daramatzat.

Lehen final hura binakakoa izan zenuen, eta ondorengo biak banakakoak dituzu. Zer aldatzen da batetik bestera?

Bereziagoa da banaka final bat jokatzea. Nik zortea izan nuen binaka Zabaletarekin iritsi nintzelako finalera, eta bailara berekoak garenez eta gainera lagunak, elkarrizketak eta halakoak elkarrekin egin genituen. Dena den, banakako kontu honek beste xarma bat du. Denak daude zure gainean, eta horrek harro sentiarazten zaitu. Gustatuko litzaidake buruz buru kantxa osoan final bat jokatzea, urteko egunik handiena dela esaten baitute. Halere, orain burua igandeko finalean daukat.

Inguruko guztiak gainean izateak zaildu egingo du pilota eta finalaren pentsamendutik ihes egitea. Zuk nola lortzen duzu hori?

Ez dakit lortzen ote dudan, oso zaila baita. Entrenamendu fisikoetan eta teknikoetan ahaztu egin ohi dut finala, gozatu egiten baitut egiten dudanarekin. Niri gehien gustatzen zaidan gauza pilotan aritzea da, eta, horretan ari naizenean, ez dut beste ezer izaten buruan. Ezta finala ere. Zailagoa izaten da denbora librean deskonektatzea. Herrian sentitzen naiz erosoen, familiarekin egonean edo lagunekin kafe bat hartzen, eta futbola ikustea ere izugarri gustatzen zait. Garrantzitsuena da gorputza lasai eta patxadatsu edukitzea. Lo egiteko ere ez daukat arazorik.

Nolako giroa nabari duzu Arbizun?

Oso giro ona. Nahiz eta hirugarren finala izan, herritarrak ilusioz gainezka daude igandea iristeko, eta herriaren herenak Iruñean izango dira. Kalera ateratzen naizenean, denek animatzen naute, eta maitatua sentitzen naiz. Arbizun beti egon da pilotarako afizio handia, baina nire gorakada honek beste bultzada bat eman dio herriari. Pilota profesionaleko jaialdiak ekartzen hasi da udala, eta pilota eskolan ere gero eta ume gehiago ari dira izena ematen. Urte luzez bi lagun aritu dira eskola koordinatzen, eta haien lekukoa guraso talde batek hartu zuen. Entrenatzaile bat jarri zuten umeekin aritzeko, eta berriz ere osasun onean dago Arbizuko pilota eskola.

Eta inork ba al du bizkarrean zure abizenik jarrita?

Bai, batek baino gehiagok. Akaso ni ez naiz egokiena hori esateko, baina batzuk ikusten ditut bizkarrean Ezkurdia abizena dutela. Harro sentitzeko modukoa da hori. Ni ere saiatzen naiz haurrei maitasuna itzultzen, eta batzuetan joaten naiz haien entrenamenduetara kasu egitera. Beste batzuetan, berriz, nire entrenamendu saioak egiten ditut Arbizun bertan, eta haurrak begira egoten dira. Lau eta erdiko final honetarako, adibidez, herrian egin dut lan saio bat, Jokin Etxanizekin eta Juan Martinez de Irujorekin.

Finalari begira jarrita, Jon Apezetxea Aspeko teknikariak zera esan berri du: «iazko final bera izango da, baina Altuna ez da iazkoa izango, hobea baizik». Ados al zaude?

Bai, biok iristen gara garai ezberdinean. Txapelketari begira jarrita, egia da berak errazago lortu duela finalerako sailkatzea, eta nik lana gogotik egin behar izan dudala. Laso eta Jakaren kontra larri irabazi nuen, baina horrek ere badu alde ona: buruz indartsu nagoela uste dut. Orain arte egindakoak ez du ezertarako balio izango igandean, eta ikusi beharko da bakoitzak zer-nolako gorputzaldia daukan. Pilota horregatik da pilota, inoiz ez dakizulako zer gerta daitekeen. Faboritoa bera izango da, baina nire sentipenak gero eta hobeak dira; joan den astean baino freskoago sentitzen naiz orain, eta uste dut txapelketako sasoirik onenean iritsiko naizela finalera.

Ikusi al dituzu telebistaz Jokin Altunaren partida guztiak?

Den-denak ez, baina gehienak bai. Lasoren aurkako finalerdia ikusi nuen, eta akaso hobe nuen ez ikusi, sekulako erakustaldia egin baitzuen. 5-1 atzetik hasi arren, burua hotz mantendu, bere dohainetan sinetsi, eta partida aurrera atera zuen, erraz. Halere, lehen gehiago kikiltzen nintzen, baina orain ikasi dut soilik neure buruari begiratzen. Garrantzitsuena ni naiz; badakit indartsu nagoela, eta nire jokoa ondo egiten badut garaipenetik gertu egongo naizela. Soilik horrek axola dit. Gainera, sekretu gutxi dago nire eta Altunaren artean.

Bi aurpegi izan dituzu txapelketan, ona eta txarra. Ez al da hala?

Ados nago, bai. Batzuetan oso fresko sentitu naiz, eta bestetan, ez hain ondo. Bengoetxearen kontra, esaterako, izugarri gustura bukatu nuen, eta Laso eta Jakaren aurka gehiago kosta zitzaidan. Halere, kontuan hartu behar da aurkari oso onak izan ditudala. Akaso, ezkerrarekin tantoa amaitzea ari zait kostatzen; zabaleko ertza bilatzea, alegia. Sentipen hori daukat, iaz pilotan errazago egiten nuela aurten baino. Izan liteke partidak irabazteko presio hori sentitu dudala eta asko arriskatu beharrean nahiago izan dudala pilotak boleaz jo. Ez dakit zer arrazoirengatik ari zaidan kostatzen gehiago tantoak amaitzea. Garbi dago finalean ez dela aski izango defentsa ona egitea.

Pilotalekuak mesede egiten al dio zure jokoari?

Baliteke. Frontoia oso azkarra da; Gasteizkoaren antzekoa, esango nuke. Lurrean bizi ibiltzen da pilota; niri izugarri gustatzen zait, eta horregatik ezinbestekoa izango da pilotari abiadura ematea. Ausarta izan behar dut, eta aurrea hartu hari. Horretarako, pilota azkarrak aukeratuko ditut. Momentu zailak ere izango ditu finalak, baina, hasi eta buka, lehian sartuta egon behar dut.

Aurrerapausoa, dudarik gabe, buruz egin duzu.

Bai, baina ez aurten soilik; uste dut iaz hasi nuela bide hori. Esan dudan bezala, iaz baino gehiago ari zait kostatzen pilotan egitea, baina buruz oso indartsu sentitzen naiz. Gustura aritzen naiz defentsako lanean; ez diot beldurrik galtzeari eta sufritzeari, eta hortik etorri da nire gorakada. Iazko bi txapel horien presiorik ez dut nabaritu inoiz, baina lau eta erdiko honetan erakutsi nahi nion neure buruari iazkoa ez zela kasualitatea izan. Eta izugarri pozik nago, beti esaten baita zailena mantentzea izaten dela.

Kritikak entzundakoa zara, sufritzeko adorerik ez omen zenuelako. Nola ematen dio buelta horri pilotari batek?

Lehenengo pausoa onartzea da, eta hurrengoa, ikasteko prest egotea. Urteetan aurrera egiteak lagundu egiten du gauzak beste modu batean hartzen, baina nik landu egin dut gai hau. Eta lantzen jarraitzen dut. Bere garaian laguntza eskatu nuen sufrimendu hori kudeatzen ikasteko, eta orain beste modu bateko pertsona naiz. Bai pilotarako, bai bizitzarako. Entrenamendu fisikoetan daukagun taldea gakoa da niretzat, eta metodoa aldatzea erabaki genuen. Orain sarritan hitz egiten dugu partidei buruz; bakoitzak bere iritzia ematen du, nik nire barrenak askatzen ditut, zalantzak galdetu, eta mesede egiten dit horrek guztiak. Irujo da gertuen daukadan pertsona. Psikologia entrenamendu fisiko eta teknikoak bezain garrantzitsua da. Beste kirolen aldean, pilota atzerapen batekin doa, baina gero eta pilotari gehiagok beharko dute laguntza mentala, presioa jasaten ikasteko.

Punta-puntako pilotari bilakatu zara, eta, halere, udan erdi itzalpean ibili behar izan duzu, partida gehiegi jokatu gabe. Ulertzen al duzu enpresak izandako jarrera?

Nahi baino gutxiago jokatu dut, egia esan. Uda hasiera bikaina izan nuen. Sanferminetan lau eta erdiko finaletik kanpo geratu nintzen ozta-ozta, baina binakakoa irabazi nuen. Gasteizko torneoan ere txukun aritu nintzen, baina, gero, beherakada etorri zitzaidan. Hogei bat egunez burumakur samar egon nintzen, ez dakit zergatik. Nekeagatik edo. Enpresak ez zidan aukera askorik eman torneoetan, baina ni ere ez nengoen onenean. Zaila da urte guztian sasoiko egotea. Garrantzitsuena da berriz buelta eman diodala horri. Gustatuko litzaidake uda iristen denetan partida gehiago izatea, baina hori ez dago nire esku.

Buruz buruko txapeldun izatea zenuke aldarrikapenik onena?

Hori gorengo ametsa betetzea litzateke. Iaz faboritotzat jotzen ninduten, eta finalerdietan kale egin nuen. Oraindik urte asko geratzen zaizkit profesional mailan, eta izango dut aukera horretarako. Binakako eta lau eta erdiko txapelak baditut dagoeneko, eta izugarria litzateke hiru txapelak irabazi dituztenen artean sartzea. Halere, balioa ematen diot urte guztian erregularra izateari. Hemendik eta erretiratu bitarte horixe egin nahi nuke, urte guztian erregularra izan.]]>
<![CDATA[Ohitura bilakatu du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1970/019/001/2019-08-18/ohitura_bilakatu_du.htm Sun, 18 Aug 2019 00:00:00 +0200 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1970/019/001/2019-08-18/ohitura_bilakatu_du.htm
Eibar. Dmitrovic; Roberto Correa (De Blasis, 83. min.), Oliveira, Ramis, Tejero; Pedro Leon, Sergio Alvarez, Escalante (Edu Exposito, 31. min.), Orellana; Kike Garcia eta Enrich (Quique Gonzalez, 76. min.).

Golak. 1-0: Dani Rodriguezek (4. min.); 1-1: Oliveirak (57. min.). 2-1: Oliveirak, bere atean (75. min.).

Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Mallorcako Joan Sastreri eta Salva Sevillari; eta Eibarreko Sergio Alvarezi, Edu Expositori eta Orellanari.

Bestelakoak. 15.127 ikusle Son Moixen.

Aurtengo denboraldia ere ez du nahi bezain egoki abiatu Eibarrek. Eskarmentua lagun, aurreko sasoietako akatsak zuzentzea zuen helburu Jose Luis Mendilibarren taldeak, eta entrenatzaileak abisua emana zuen oso zela garrantzitsua lehiari bide onean ekitea. Bada, kale egin zuten eibartarrek. Iaz Huesca igo berriaren kontra bezala, atzo ere galdu egin baitzuten beste igo berri baten aurka, Mallorcaren kontra, haren zelaian. Galtzeaz gain, irudi kaskarra eskaini zuten, gainera. Denboraldi-aurreko jokotik urrun aritu ziren. Partidari ekin bezain laster hartu zuen aurrea Mallorcak, eta bigarren zatian Eibarrek lanak berdindu bazituen ere, ez zuen puntuari eusterik izan.

Ezin okerrago hasi zuen partida Eibarrek. Lehen bi minutuetan bi abisu eman zituen etxeko taldeak, eta hirugarrenean ez zuen barkatu. Defentsako lerroan aurreratuta kokatu ziren Mendilibarren jokalariak, baina goian presiorik egiten ez zutenez, eroso jardun zen Mallorca. Zelai erditik arearako bidea erraz egiten zuten etxekoek, eta era horretan heldu zen 1-0ekoa, Dani Rodriguezen eskutik. Urduri eta galduta sentitu ziren eibartarrak, ohiko izaera eta nortasunetik urrun. Sormen jokoan azaldu ere ez ziren egin lehen ordu erdian, eta zertara jokatzen zuen ere ez zuen jakin izan taldeak. Oso kezkagarria izan zen neurketaren lehen zati luzea.

Hori ikusita, aulkia mugitu eta lehen aldaketa egin zuen Mendilibarrek. Escalante kendu eta Exposito zelairatu zuen 31. minutuan. Goiz izan arren, beste erremediorik gabe sentitu zen zaldibartarra. Eta asmatu egin zuen. Izan ere, pixkanaka behetik gora egin zuen Eibarrek. Mallorca bera ere sendotu egin zen, baina bestelako jokoa egiteari ekin zioten bisitariek. Irizpide gehiagorekin jokatu zuten baloia, eta batez ere Orellana eta Pedro Leonen arteko jokaldiek mesede egin zion taldeari. Bi hegaletatik min egin zuten bi jokalariok. Lehen zati amaieran bezala, bigarrenaren hasieran ere nabaria zen Eibar gehiago zela, eta 57. minutuan iritsi zen banakoa. Korner batean jasotako aldaratzea sareetara bideratu zuen baloia Oliveirak.

Zoritxarreko jokaldia

Berdinketa egin eta lehen helburua beteta, Eibarrek berak ere intentsitatea jaitsi egin zuen apur bat. Kontuak asko berdindu ziren lehiaren azken ordu erdian, baina bazegoen alde nabarmen bat: Eibarrek aurkariaren areara iristeko baloia asko mugitu beharra zuen, eta Mallorcak aski zituen bi pase zuzen arriskua sortzeko. Era horretan egin zuten etxekoek garaipenaren gola. Zuzen jokatu, eta hegaletik egindako erdiraketa batean bere atera bidali zuen baloia Oliveirak. Zoritxarreko jokaldia izan zen. Azken txanpan saiatu zen binakoa egiten Mendilibarren taldea, baina ez zuen lortu.

Gauzak horrela, beste behin gorako joera hartu beharrean dago Eibar, baina ez du erraza izango, laugarren jardunaldira arte ez baitu Ipuruan jokatuko.]]>
<![CDATA[Lehia parekatua espero dute]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/023/001/2019-06-22/lehia_parekatua_espero_dute.htm Sat, 22 Jun 2019 00:00:00 +0200 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1879/023/001/2019-06-22/lehia_parekatua_espero_dute.htm
Izan ere, Tolosa eta Oberena indartsu iritsiko dira finalera, taldeko pilotari onenekin. Bi taldeetako arduradunak ez dira eskarmentu handikoak entrenatzaile lanetan, baina dagoeneko ondo baino hobeto dakite Berria txapelketak nolako garrantzia duen pilotaren egutegian. «Pilotariek urte osoan partida gutxi izaten dituzte klubaren izena bizkarraldean eramaten dutenak, eta, txapelketa hau taldekakoa izanik, oso gustukoa dugu. Klubaren lana ezin hobeto islatzen du. Seinale ona da bigarren urtez jarraian finalean egotea, eta pozik gaude», esan du Olaetxeak. Barbajerok, berriz, lehen urtea du Oberenako arduradun gisa, eta aitortu du «handia» litzatekeela halako garaipen batekin ekitea bideari. «Aurreko urteetako arduradunak esan zidan gehien gustatzen zitzaion txapelketa hau zela, eta ilusioz gainezka gaude finala jokatzeko. Nafarroako pilotarentzat bultzada litzateke txapela lortzea. Zaila izango da irabaztea, baina ez ezinezkoa».

Kadeteen arteko partidarekin hasiko da finala, eta bi bikote on lehiatuko dira: Amiano-Sodupe Tolosakoak eta Laso-Illarregi Oberenakoak. Euskal Herriko bikote txapelduna da Tolosakoa, eta, ustez, faborito dira. «Sodupek pilota urrun jartzen du ezker-eskuin, eta Amiano abila da aurrean. Oso bikote indartsua osatzen dute, eta itxaropen osoa dugu partida hori irabazteko», adierazi du Olaetxeak. Horrekin bat dator Barbajero. «Laso eta Illarregi oso pilotari onak dira, baina egia da gauzak zail izango dituztela. Ea lanak ematerik dugun».

Irekiagoa izan daiteke gazteen artekoa. Altuna-Etxeberriak ordezkatuko dute Tolosa, eta Oskoz-Ganboak Oberena. «Duela lau hilabete inguru bi bikote hauek lehiatu ziren Euskal Herriko txapelketan, eta haiek 22-6 irabazi zuten. Gogoan dugu han gertatutakoa, baina iruditzen zait gauzak aldatu egin direla ordutik. Batez ere Altunak gora egin du», esan du Olaetxeak. Bere pilotariengan «konfiantza osoa» du Barbajerok. «Partida irekia ikusten dut, eta gakoa izango da pilotariei egun ona tokatzea. Ganboa atzelariak sendotasun handia ematen digu, eta Oskoz ohitua dago konpromiso handiko partidak jokatzen. Irabaztea ezinbestekoa izango da guretzat».

Ziurrenik, erabakigarria izango da nagusien artekoa, eta sendotasun handiko bi bikote lehiatuko dira: Elola-Telletxea, Kanabal-Aldaberen aurka. Tolosak hutsune garrantzitsua izango du, Labakak ez baitu jokatuko, baina, halere, Olaetxeak konfiantza du bikotearengan, baita Barbajerok ere. «Gazteak dira Kanabal eta Aldabe, baina inork baino hobeto dakite sufritzen. Partida polita izango da».

Hasteko, emakumezkoak

Hamasei urtean lehen aldiz, emakumeen arteko finala ere jokatuko dute. Jaialdiko lehen partida izango da. Arrate Bergara eta Nora Mendizabal ariko dira Miriam Arraiza eta Amaia Aldairen aurka. Lau pilotariak oso gazteak dira, eta ezinbestekoa izango da urduritasunari eustea. Hortaz, finalari ondo ekiten dionak asko izango du irabazia.]]>
<![CDATA[Iazko final bera izango da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/021/001/2019-06-19/iazko_final_bera_izango_da.htm Wed, 19 Jun 2019 00:00:00 +0200 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1879/021/001/2019-06-19/iazko_final_bera_izango_da.htm
Beste behin, talde sendoa eta ona duela erakutsi zuen Tolosak finalerdietan, azpeitiarren aurka. Kadete mailatik hasita, nagusi izan ziren. Amiano-Sodupek 22-12 irabazi zuten lehen partida, Egiguren-Labakaren aurka. Indarrez gehiago izan ziren tolosarrak, eta Amianoren distira ez zen ustekabean igaro. Antzeko gidoia izan zuen gazte mailako partidak, eta Altuna-Etxeberria tolosarrek 22-15 menderatu zituzten Alberdi-Elosegi. Bi atzelariak nor baino nor gehiago aritu ziren, eta aurrean nagusitu zen ikuskizuna. Altuna erabakigarriago aritu zen Alberdi baino. Azken partida hasterako, lanak erdi eginda zituzten tolosarrek, baina irabaztera kantxaratu ziren Elola-Telletxea. Ondo jokatu arren, amore eman behar izan zuten Apezetxea-Murgiondo azpeitiarren aurrean. 22-17 nagusitu ziren azken horiek, eta ohorezko puntua lortu.

Beste finalerdian, are errazago irabazi zuen Oberenak, hirutik hiru partidetan gailendu baitzitzaion Lazkaoko Lapkeri. Ez lanik egin gabe, ordea. Kadeteetan, Laso-Illarregi Oberenakoek 22-20 menderatu zituzten Naldaiz-Telleria. Neurketa ona eta gogorra izan zen. Gazte mailan, Oskoz-Ganboa nafarrek 22-9 irabazi zieten Larrañaga-Urangari. Emaitza horri esker, azken partidan lasai kantxaratu ahal izan zuen Oberenak, baina nagusien mailakoa ere irabazi egin zuen. Mata-Iruritak 22-15 menderatu zituzten Zubizarreta-Quina. Oberena, beraz, konfiantzaz helduko da finalera.

Lehen finalerako prest

Hamasei urtean estreinakoz, emakumeak ere ari dira Berria Txapelketan. Bi finalerdi jokatu ziren asteburuan, eta larunbaterako sailkapena eskuratu zuten bi bikote onenek. Batetik, Arrate Bergarak eta Nora Mendizabalek 22-17 irabazi zieten Naroa Agirre eta Leire Garairi. Eta, beste finalerdian, Miren Arraiza eta Amaia Aldai 22-20 nagusitu ziren Ane Mendiburu eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurrean. Emakumezkoen finala ere larunbat honetan jokatuko dute. Jaialdiko aurreneko partida izango da.]]>
<![CDATA[Gipuzkoar kutsuko finalerdiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/027/001/2019-06-12/gipuzkoar_kutsuko_finalerdiak.htm Wed, 12 Jun 2019 00:00:00 +0200 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1879/027/001/2019-06-12/gipuzkoar_kutsuko_finalerdiak.htm
Joan den igandean bi kanporaketa ziren jokatzekoak, baina bakarraz gozatu ahal izan zuten pilotazaleek. Zeanuriko Joko Alaik erretiratu egin behar izan zuen pilotarien lesio batzuk tarteko, eta Oberena zuzenean jokatu gabe sailkatu zen. Beste kanporaketan, LAPKEk 2-1 irabazi zion Orozkoko (Bizkaia) Olgetani.

Azken urteetan gorakada handia izan duten bi pilota elkarte aritu ziren nor baino nor gehiago Orozkokon, eta bientzat ere sari handia zen Berria Txapelketako finalerdietara sailkatzea. Bada, pronostikoek ez zuten hutsik egin. Lehen partidan, kadeteen artekoan, bizkaitarrak ziren faborito, eta argi erakutsi zuten zergatik. Hasi eta buka, askoz gehiago izan ziren Olaizola-Arbaiza, eta 22-7 irabazi zieten Naldaiz-Goikoetxeari. Arbaizak agindu zuen atzean, eta horixe baliatu zuen Olaizolak jokoari distira emateko.

Susperraldi ezin hobea izan zuten goierritarrek kanporaketako bigarren partidan. Larrañaga-Urangak ezin zuten hutsik egin, eta 22-13 menderatu zituzten Solatxi-Arandia. Jaialdiko partidarik onena izan zen gazteen artekoa. Hasiera gogor joan zen (5-5), baina hortik aurrera behetik gorako bidea hartu zuten gipuzkoarrek. Atzean lehia ona eduki zuten Urangak eta Arandiak, baina aurrean egon zen aldea. Larrañagak zuku gehiago atera zien aukerako pilotei. Horiek hala, nagusien arteko partidak erabaki zuen guztia, eta Zubizarreta-Quina lazkaotarrek 22-8 irabazi zieten Barbara-Olaguenagari. Neurketan ez zen lehiarik izan, eta Zubizarreta izan zen laukoteko pilotaririk onena. Era guztietako tantoak eskaini zituen.

Finalerdiak asteburu honetan jokatuko dira. Tolosa eta Ilunpe lehiatuko dira batetik, eta Oberena eta LAPKE bestetik. Bi kanporaketak dira irekiak, eta irabazleek hilaren 22an jokatuko dute finala, Hernanin (Gipuzkoa), sanjoanetako egitarauaren barruan.]]>
<![CDATA[Hazten jarraitzen dute]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/026/001/2019-06-05/hazten_jarraitzen_dute.htm Wed, 05 Jun 2019 00:00:00 +0200 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1879/026/001/2019-06-05/hazten_jarraitzen_dute.htm
HERNANIN
Tolosa 2-Erreka (Doneztebe) 1

Kanporaketa orekatua espero zen Tolosaren eta Errekaren artean, batez ere gipuzkoarrek hutsune garrantzitsuak zituztelako nagusien mailan. Ondorioz, Tolosak bazekien gauzak bideratuta utzi beharko zituela lehen bi partidetan, eta ederki bete zuen helburua. Kadeteetan, Amiano-Sodupek Mikelarena- Telletxeari irabazi zieten. Sodupek ongi astindu zuen pilota ezker-eskuin, eta segurtasun handia azaldu zuen, gainera. Aginte horri fruituak atera zizkion Amianok aurreko koadroetan.

Bide beretik jo zuen gazteen arteko partidak ere, eta are errazago irabazi zuen Tolosak. Altuna- Etxeberria 22-3 nagusitu ziren Loiarte-Agirreren aurrean. Azken horiek euren mailatik oso behera aritu ziren, eta gipuzkoarrek txukun jokatzea aski izan zuten oso erraz irabazteko. Etxeberriaren aginteari distirarekin erantzun zion Altunak.

Horiek hala, dena erabakita zegoen nagusien partida hasterako, baina jaialdiko tantorik onenak eskaini zituzten lau pilotariek. Partida erdira arte gogortasuna izan zen nagusi, eta lehia ona ikusi ahal izan zen aurreko koadroetan, baina azken txanpan gehiago izan ziren Barandiaran-Gorriti nafarrak, eta 22-17 irabazi zieten Goikoetxea-Elolari.

USURBILEN
Ilunpe (Azpeitia) 2-Pagazpe (Usurbil) 1

Etxean jokatzeari ez zion abantailarik atera Usurbilgo Pagazpek, eta amore eman behar izan zuen Azpeitiko Ilunperen aurrean. Azken urteetan emaitza distiratsuak lortzen ari dira azpeitiarrak, eta berriro erakutsi zuten aurten ere hautagai sendoa direla Berria txapelketa irabazteko. Nagusitasun osoz irabazi zituzten lehenbiziko bi norgehiagokak. Kadeteetan, Egiguren-Elosegik 22 -10 menderatu zituzten Garaiar-Albeniz II.a. Partidak ez zuen orekarik izan sekula, berehala aurreratu baitziren azpeitiarrak: 8-3, 11-3 eta 15-4. Elosegi nagusi izan zen atzeko koadroetan, eta aurrekoetan, agerian geratu zen Egigurenen joa eta kalitatea.

Emozio handiagokoa izan zen gazteen arteko lehia. Berdinduak izan ziren lehen tantoak, eta 11-8kora arte bazirudien edonork irabaz zezakeela. Nor baino nor gehiago aritu ziren bi aurrelariak ordura arte. Ordea, Alberdi II.a-Larrañaga gehiago izan ziren bigarren zatian, eta 22-12 irabazi zuten Galarraga-Iruretagoienaren aurka. Alberdi izan zen laukoteko pilotaririk onena. Hala, nagusien norgehiagokan ez zegoen ezertxo ere jokoan, eta ohorezko puntua eskuratu zuen etxeko taldeak. Santxo-Exposito 22-10 nagusitu ziren Apezetxea-Murgiondoren kontra.]]>
<![CDATA[Nagusitasunez aurrera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/020/001/2019-05-29/nagusitasunez_aurrera.htm Wed, 29 May 2019 00:00:00 +0200 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1879/020/001/2019-05-29/nagusitasunez_aurrera.htm
ZEANURIN
Joko Alai (Zeanuri) 3 -  Zugarralde (Burlata) 0

Etxean hartu zuen Joko Alaik Zugarralderen bisita, eta etxekoek ez zuten abantaila alferrik galdu. Kadeteetatik hasita, nagusitasuna erakutsi zuten bizkaitarrek. Beitia-Emaldik 22-10 irabazi zuten Itoiz-Maizaren aurka. Lehen tantoak gogor joan ziren, eta 8-6kora arte oreka nagusitu zen, baina gerora Beitiaren erritmoak agindu zuen. Aurrelari bizkaitarrak erabaki zuen lehia. Gazte mailako partida eguneko gogorrena izan zen, eta Etxeita-Erkiagak 22-14 irabazi zieten Villanueva-Lergari. Lehen erdian paretsu aritu ziren bi bikoteak, eta seina eta 11na joan ziren, baina gerora eskuin eskua mindu zitzaion Lergari, eta bigarren zatiak ez zuen lehiarik izan.

Horiek hala, Zugarraldek oso zail zituen lanak nagusien partidan, tanto alde handiz irabazi beharra baitzuen. Baina porrota baino gauza okerragoa gertatu zitzaien nafarrei, min hartu baitzuen Alduntzinek 13-11koan. Ordura arte partida ona jokatzen ari ziren Zeanuriko Urigoitia-Beldarrain eta Burlatako Antso-Alduntzin. Ordea, pilota bat bueltatzera joandakoan orkatila bihurritu zuen Alduntzinek, eta erretiratu beste aukerarik ez zitzaion geratu.

HERNANIN
Oberena (Iruñea) 3 - Oiarpe Oiartzun 0

Zeanuriko gidoitik jo zuen Hernaniko jaialdiak ere, hiru partidak irabazita menderatu baitzuen Iruñeko Oberenak Oiartzungo Oiarpe. Kadeteetan, 22-15 irabazi zuten Laso-Ilarregik Sein-Etxeberriari. Oso partida interesgarria izan zen, lau pilotariak, gazteak izan arren, bikain aritu baitziren. Bi atzelariek jo handia azaldu zuten, eta aurrelariek, inspirazioa. Mota guztietako tantoekin, zortzina, 11na eta 15na egon ziren. Nekea gehiago antzeman zuten gipuzkoarrek, eta freskotasunik gabe jokatu zuten bukaeran, nafarren mesederako.

Emozio eta maila gutxiago izan zituzten gazte eta nagusi mailetako partidek. Gazte mailan, besteak beste, 22-7 irabazi zuten Zugarraldeko Igoa-Ganboak Oiarpeko Aranburu-Iñarraren aurka. Enpresek begiz joa duten pilotaria da Igoa, eta haren mailaren berri eman zuen. Denetariko tantoak eskaini zituen. Nagusietan, berriz, Canabal-Aldabe nafarrak 22-9 nagusitu ziren Ugalde-Azpirozen aurrean. Alde handia egon zen bi bikoteen artean. Oberenakoak maila horretako pilotari onenetakoak dira, eta partidak ez zuen lehiarik izan.]]>
<![CDATA[Beste urtebetez goian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/028/001/2019-05-22/beste_urtebetez_goian.htm Wed, 22 May 2019 00:00:00 +0200 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1879/028/001/2019-05-22/beste_urtebetez_goian.htm
HERNANIN
Lapke (Lazkao) 2-Hernani 1

Aurreikusi bezala, kadeteen arteko neurketa giltzarri izan zitekeen Hernani eta LAPKEren arteko kanporaketan, eta halaxe gertatu zen. Seriotasun handiz kantxaratu ziren Apaolaza-Etxarri Hernanikoak eta Naldaiz-Telleria Lazkaokoak, eta azken horiek gehiago izan ziren (15-22). Hasieratik, gainera. Telleriak ondo agindu zuen atzean, eta Hernanikoek defentsan oinarritu zuten euren jokoa. Ez zuten aski izan, maila oso txukuna azaldu baitzuten irabazleek.

Gazteen arteko partidak ez zuen kolorerik izan, eta Senar-Garmendia goierritarrek 22-5 irabazi zieten Salaberria-Lasari. Maila horretako aurrelaririk onenetakoa da Senar, eta hark agindu zuen. Haren erritmoari ezin izan zioten eutsi aurkariek. Kontuak horrela, dena erabakita zegoen nagusien partida hasterako, eta Hernanik ohorezko puntua eskuratu zuen. Arrieta- Lizeagak 22-9 hartu zituzten mendean Zubizarreta-Quina. Zubizarreta saiatu zen aurrean bazterrak nahasten, baina biren aurka ezer gutxi egin ahal izan zuen.

ANDOAINEN
Olgetan (Orozko) 2-Gazteleku (Andoain) 1

Antzeko kanporaketa jokatu zuten Andoainen Gaztelekuk eta Orozkoko Olgetanek. Lehia estua aurreikus zitekeen, baina hasieratik nagusitu ziren bizkaitarrak. Izan ere, kadeteen mailan 22-6 irabazi zuten Olaizola-Arbaizak Arrillaga- Uriaren kontra. Faborito ziren lehenak, baina uste baino erosoago eskuratu zuten puntua. Aski izan zuten serio jokatzea eta pilota atzeko koadroetara bideratzea. Arrillaga salduta aritu zen une oro.

Gazteen arteko neurketa zen erabakigarria, hura irabazten zuenak aukera handia baitzuen final-laurdenetara igarotzeko. Bada, hasieratik hartu zuten aurrea Orozkoko Ibarrondo-Solatxik. Ohartzerako, 10-3 aurreratu ziren. Susperraldi baten ondorioz, buelta eman zioten emaitzari Artola-Mujika gipuzkoarrek, eta 10-12 jarri ziren aurretik. Ordea, bigarren zatian berriz gehiago izan ziren Orozkokoak, eta 22-16 irabazi zuten. Ez zegoen ezer jokoan nagusien partidan, eta Gaztelekuko Alberdi-Elizegik 22-7 irabazi zieten Olaguenaga-Beaskoetxeari. Gipuzkoarrek erakutsi zuten bikote ona osatzen dutela.]]>
<![CDATA[Bueltan da Urrutikoetxea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1946/030/001/2019-05-19/bueltan_da_urrutikoetxea.htm Sun, 19 May 2019 00:00:00 +0200 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1946/030/001/2019-05-19/bueltan_da_urrutikoetxea.htm
Iraupena. 68 minutu.

Sakez. Urrutikoetxeak lau; eta Ezkurdiak bi

Markagailua. 1-0, 1-1, 3-1, 3-3, 4-3, 4-4, 14-4, 14-7, 15-7, 15-10, 16-10, 16-12, 20-12, 20-14 eta 22-14.

Bestelakoak. Harmailak erdia baino gehixeago bete ziren Bilboko Bizkaia pilotalekuan, 1.700 ikusle inguru. Partida hasieran dirua Ezkurdiaren alde, 100, 80ri.

Bueltan da Mikel Urrutikoetxea. Duela lau urte buruz buruko txapela jantzi eta onenen artean tokia egin eta gero, aspaldian ilundu samar zegoen bizkaitarraren ibilia. Besteak beste, iazko udan mononukleosiak jota egon zelako eta eskuetako arazoak ere izan zituelako. Ordea, pilotak urte osoan duen egunik handienean galtza zuriak jantzita izango da berriro, ondo merezita lortu baitzuen atzo banakako finalerako sailkatzea, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Partida biribila jokatu ez arren, Joseba Ezkurdiak baino askoz lan hobea egin zuen, eta hirugarrenez jokatuko du finala. Akaso, orain arteko bereziena izango du, gaixotasunak eragindako kalbarioa ez baitu ahazteko. «Sufrimendua izugarria izan da, eta berriz maila gorenean nagoela sentitzea sari handia da». Garaipena lortu orduko, gurasoak besarkatu zituen Urrutikoetxeak.

Finalerdia ez zen espero bezalakoa izan, tanto onak jokatu arren bere osotasunean ez baitzuen inor bete neurketak. Bi pilotariak egungo onenetakoak izaki, joko izugarriaren zain ziren pilotazaleak, baina tentsioa antzeman zitzaien protagonistei. Horren eraginez, huts nabarmenak egin zituzten. Jokatu zuten erritmoa ere oso handia izan zen. Ziurrenik, partidaren hasieran jokatu zituzten tantorik onenak. Erritmo itogarrian aritu ziren, eta launakora arte denetariko tantoak ikusi ahal izan ziren. Ezkurdia bizi aritu zen tantoa bukatzen, batez ere horma bikoaren bitartez, eta Urrutikoetxeak defentsari esker eutsi zion parean aurkariari.

Launako berdinketatik aurrera aldatu zen lehia. Bazirudien fisikoki osoago zegoela nafarra, eta luze egingo zitzaiola finalerako bidea Urrutikoetxeari, baina Ezkurdiak berak amildu zuen bere burua. Pare bat tanto polemiko gertatu ziren hasieran, eta bere gidoitik atera zen Aspekoa. Birritan egin zion traba aurkariak, eta ez zuen jakin izan haserreari eusten. Pilotazaleen txistuek ez zioten mesederik egin. «Aztoratuta ibili naiz tarte horretan, eta garesti ordaindu dut, gero alferrik izan baita atzetik aurrera egitea», aitortu zuen partida amaieran. Hori baliatuta, ihes egin zuen markagailuan Urrutikoetxeak: 14-4. Dena komeni zitzaion bezala gertatu zitzaion. Tanto ia denak motz joan ziren, eta, fisikoki gehiegi nekatu beharrik gabe, bideratuta utzi zuen lehia. Hori bai, merezita lortu zuen halako aldea. Sakea ederki baliatzeaz gain, norabide egokian ibili zuen pilota. Tantoa bukatzen ere inspiratuta egon zen.

Hortik aurrera, aldea kudeatzen asmatu zuen. Susperraldiak izan zituen Ezkurdiak, batez ere haserrea alde batera utzi zuenean, eta gerturatu ere egin zen: 16-12. Urrutikoetxeak berak opari dezente egin zituen, erabaki okerrak sarri hartu baitzituen. Horrekin batera, partidan sartu zen Ezkurdia, eta ordura arteko joko onena erakutsi zuen. Ordea, ez zitzaion egunik onena tokatu. Une erabakigarrietan kale egin zuen. Nabarmentzekoa izan zen bizkaitarrak aldea kudeatzeko erakutsi zuen gaitasuna. Aulkian aholku emailerik ez izan arren, bete-betean asmatu zuen atsedenak eskatzen eta aurkariari gehiago gerturatzen ez uzten. Gainera, une garrantzitsuenetan tantoak amaitzen asmatu zuen: 20-12.

Garaipena gertu ikusteak ez zion urduritasunean eragin, eta Ezkurdiak ez zuen inolako aukerarik izan gehiago gerturatzeko. Azken txanpan arrisku handiak hartzea erabaki zuen, eta, horri esker, goi mailako bi tanto eskaini zituen ezker airez. Ordea, ezin izan zuen besterik egin. Pena itzela zeukan barruan partida amaieran. «Nire mailaren erdirik ere ez dut eman, eta zapore txarrarekin noa etxera. Galtzea gauza bat da, baina entrenamenduetan eman dudan mailan eskaini ezinak sortzen dit amorrua. Ez dut eroso jokatu, gozakaitz aritu naiz, eta itxaron egin beharko dut buruz buruko lehen finala jokatu ahal izateko». Urrutikoetxea, aldiz, oso pozik zen. «2015ean txapela jantzi nuen, eta hurrengo urtean, finala galdu. Berriz halako aukera bat izatea ederra da. Badakit ez dudala partida biribila jokatu, huts gehiegi egin ditudalako, baina oparia berbera da. Oso pozik nago».

Irribarria, faborito argia

Urrutikoetxeak aitortu zuen gustatuko litzaiokeela finalean Danel Elezkanoren aurka jokatzea, herrikidea duelako. Dena den, Zaratamokoak gauzak oso ondo egin beharko ditu gaur Iker Irribarriari irabazteko, Eibarko Astelenan (17:00, ETB 1). Finalerdietan sasoi izugarria azaldu zuen gipuzkoarrak, Jokin Altuna egungo txapeldunaren aurka. Hala ere, galtzeko ezer ez duela kantxaratuko da Elezkano II.a, eta arriskatu egingo du hasieratik. Elezkano II.ak eta Irribarriak ez dute inoiz jokatu elkarren aurka buruz buru.]]>
<![CDATA[Gipuzkoarrak aurrera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/021/001/2019-05-15/gipuzkoarrak_aurrera.htm Wed, 15 May 2019 00:00:00 +0200 Jon Eskudero https://www.berria.eus/paperekoa/1879/021/001/2019-05-15/gipuzkoarrak_aurrera.htm
HERNANIN
Ilunpe (Azpeitia) 2-Buruzgain (Ultzama) 1

Kanporaketa zoragarria jokatu zuten Ilunpek eta Buruzgainek. Emozioa ez ezik, kalitatea ere izan zuen. Kadeteen mailan, garaipen erosoa lortu zuten azpeitiarrek, 22 eta 5 nagusitu baitziren Egiguren eta Labaka Martikorena eta Sarasa II.aren aurka. Bosnakora arte oreka egon zen, baina, gerora, gipuzkoarrek maila hobea azaldu zuten. Bestelako bidea hartu zuen gazte mailako lehiak, eta De la Fuente eta Arce nafarrek 22 eta 11 irabazi zieten Alberdi II.a eta Elosegiri. Bi aurrelariak mailako onenetakoak izaki, lehia bikaina espero zen, eta ez zuten hutsik egin. 9-8kora arte, denetariko tantoak egin zituzten biek. Bigarren zatian, ordea, inspiratuago jokatu zuen Nafarroako bikoteak, eta, azkenerako, erraz irabazi zuen.

Nagusi mailak erabakiko zuen irabazlea, eta esperientzia handiko bi bikote kantxaratu ziren, Apezetxea eta Murgiondo Ilunpetik, eta Iriarte eta Sarasa Buruzgainetik. Lau pilotariek euren onena eman zuten, eta oreka izan zen nagusi partida osoan zehar (8-7 eta 15-14). Hogeinakoa egon zen, eta azken bi tantoak azpeitiarren alde rori ziren (22-20). Txapelketak orain arte eskainitako partidarik onena izan zen.

ANDOAINEN
Pagazpe (Usurbil) 2-Paz Ziganda (Atarrabia) 1

Oreka gutxiago izan zuen Paz de Ziganda eta Pagazperen arteko kanporaketak, eta gazte eta nagusien mailetako garaipenei esker egin zuten aurrera usurbildarrek. Kadete mailako partida izan zen etxekoek irabazi zuten bakarra. Ibarra eta Murillok 22 eta 7 menderatu zituzten Garaiar eta Albeniz II.a. Nafarroako bikote txapeldunak agerian utzi zuen bere maila ona. Aurkakoa gertatu zen gazte mailan, Usurbilgo Galarraga eta Iruretagoienak 22 eta 3 irabazi baitzieten Lakabe eta Primi.

Nagusi mailako partidan erabaki zen kanporaketa. Bi aurrelari aritu ziren Pagazperen izenean, Huizi eta Exposito hain zuzen, eta Paz de Zigandatik Barbajero eta Mina aritu ziren. Oreka izan zen nagusi hasieran, baina Exposito sakea egiten hastearekin bat aldatu zen guztia. Hark agindu zuen, eta 22 eta 10 nagusitu zen Pagazpe.]]>