<![CDATA[Jon Maya | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 08 Feb 2023 11:01:17 +0100 hourly 1 <![CDATA[Jon Maya | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Argia amatatzen denean...]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/038/001/2018-12-02/argia_amatatzen_denean.htm Sun, 02 Dec 2018 00:00:00 +0100 Jon Maya https://www.berria.eus/paperekoa/1938/038/001/2018-12-02/argia_amatatzen_denean.htm Dantzaria

2008. urteko azaroaren amaieran Mexiko Hirian geunden. Hnuy Illa ikuskizunarekin emanaldi pare bat egin genuen Teatro de la Ciudad delakoan; hantxe geunden elkarrekin kukaitarrak, tanttakatarrak eta beste hainbat kide. Emanaldia arrakastatsua gertatu zen. Buruan dut nola alkate batek helikopteroa eskaini zigun hurrengo egunean bere hirira joan eta Hnuy Illa bertan erakusteko. Ez genuen gonbidapena onartu; etxera itzultzekoak ginen.

Sarrionandiaren olerkietan oinarritutako ikuskizuna zen Hnuy Illa, baina emankizunak Laboatik ere asko zuen. Hegazti errariak, Oroitzen zaitudanean ama… eta ahots hari fin-fin batekin Iñaki Salvadorren etxean grabatutako poema goxoak. «Argia amatatzen bada, zaila da lehenago hasitako solasa jarraitzea», zioen olerki horietako bati ahotsa jarriz.

Ez dakit bere azken grabazioa izango zen hura, baina azkenetakoa bai, segur aski. Ez zen gure lehen aldia Laboarekin. Niretzat, Mireia Gabilondorekin lan egitea Laboaren unibertsora gerturatzea izan da. Elkarrekin egin ditugun lanetan (1937, Otehitzari Biraka, Hnuy Illa…) beti hor izan da Mikel. Kantu bat lehenengo, poematxo bat errezitatuta ondoren… eta Komunikazioa/Inkomunikazioa proiektuarekin saiatzera animatu ginen ondoren; eta unibertso horretan arakatzera, galtzera, ibiltzera, jolastera, gozatzera ere bai.

Lili bat-ekin paretan zintzilik; Kepa Artetxeren jota bat polonierazko testu baten ondoan jarrita; Hamlet-eko Izan ala ez izan Israel Galvanen aurresku flamenkoarekin bat; eta Elgetaren doinupean aulkiekin paseoan… Mireiari zor diot Laboaren leihoa ireki eta bertara gonbidatu izana; eta Laboari leiho horretatik mundu zabal baterako bidean begira jartzea. Begirada horretatik uler daiteke gaur egun saiatzen dugun lana, eta publikoak gure lana jasotzeko duen begirada.

Izan ere, kantu ederrak eman dizkigu Mikelek. Baina kantu horiek bezain inspiratzailea izan da bere egite osoa, bere leihoko paraje amaiezin hori. Bere sentitzen zuen horretan sakonduz, ikertuz eta hedatuz, mundu berrietan saiatuz, esperimentatuz, tradizioa gaurko sentituz eta kantatuz eta abangoardiaren pare jarriz. Errespetuz eta askatasunez. Sustraitua eta hedatuta. Mikelen leihotik begiratzea mundua begiratzeko modu bat da, eta nire ibilbidean oso garrantzitsua izan da begiratzeko modu hori. Sorkuntza garaikideaz eta tradizioaz hitz egiten dugunean, hortxe dugu eredu garbi bat.

Azaroaren 30ean etxeratu ginen Mexikotik. Abenduaren 1ean, Mikelek emanaldiro esan ohi zigun bezala, argia amatatu zen… Baina berak irekitako leiho handia betiko irekia geratu da, eta oraingo honetan hasitako solasari jarraitu ahalko diogu, bideak irekita geratu direlako eta bideetan mugarriak ipiniak geratu direlako.

Gure errepertorioan betiko geratu da Sakonki maite dut deitzen dioguna. Mikel Laboaren Negu hurbilak kantuaren sarreraren moldaketa batetik Iñaki Salvadorrek sortutakoa da. Sarritan dantzatzen dut, eta hura agertokian interpretatzen dudan aldiro zirrara bat sentitzen dut. Burura datozkit leihotik ikusitako paraje zein imajinarioak, eta nola bidaiatzen dudan imajinario horietan barrena. Eta, baita ere, Mexikoko itzulera dut gogoan. Mikelen ahotsak «sakonki maite dut ene herria, sakonki amorrazten dit ene herriak…» xuxurlatzen digun bitartean, nire begiradak Iñaki Salvadorrenarekin egiten du topo beti. Pianoa tartean dugula, lau begiek dir-dir egiten dute, azken jauziarekin batera entzunez: «Ematen diot ene bizia, ematen ere sakonki ene heriotzean».

Sustraiak eta hostoak, Mikelen kantuetan beti hor. Ondo errotuta eta aire zabalari emana.

Asteartean: Ainara Santamaria.]]>