<![CDATA[Jon Ordoñez Garmendia - Urtzi Urkizu | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 28 Mar 2023 06:38:21 +0200 hourly 1 <![CDATA[Jon Ordoñez Garmendia - Urtzi Urkizu | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Lau emakume kazetari hil dituzte azkeneko egunetan, tiroz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1861/035/001/2022-05-14/lau_emakume_kazetari_hil_dituzte_azkeneko_egunetan_tiroz.htm Sat, 14 May 2022 00:00:00 +0200 Jon Ordoñez Garmendia - Urtzi Urkizu https://www.berria.eus/paperekoa/1861/035/001/2022-05-14/lau_emakume_kazetari_hil_dituzte_azkeneko_egunetan_tiroz.htm
Txilen 36 urte ziren azkeneko kazetaria hil zutela. Francisca Sandoval Maiatzaren Leheneko ekitaldien berri ematen ari zenean tirokatu zuten, eta ostegun gauean hil zen, hamabi egunez ospitalean egoera oso larrian egon ostean. Sandoval Señal 3 La Victoria hedabide komunitarioarentzat ari zen lanean, Maiatzaren 1ean. Gizon ezezagun batzuek tirokatu egin zuten, sindikatu baten protestaren berri ematen ari zela, Santiagoko Meiggs auzoan. Langileak protestan ari zirela, gizon batzuk pistolekin atera ziren, eta jendeari tiro egin zioten. Tiroketan hiru pertsona zauritu zituzten, eta horietatik larrien, Sandoval.

Kazetariaren hilketak Txile astindu du. Izan ere, tiro egin zutenean, karabineroak han gertu zeuden, eta ez zuten ezer egin erasotzaileak atxilotzeko. Txileko Poliziaren «konplizitatea» salatu dute hainbat kazetarik, elkartek eta herritarrek. Txileko Gobernuak gaitzetsi egin du Sandovalen hilketa. Txileko Amnesty Internationalek, berriz, nabarmendu du estatuari dagokiola kazetarien segurtasuna bermatzea.

Jose Carrasco izan zen Txilen lanean ari zela hil zuten azken kazetaria; 1986an hil zuten, Augusto Pinocheten diktadura indarrean zela. Demokrazia iritsi zenetik hil duten lehen kazetaria da Sandoval. Karabineroen inguruko eztabaida aspaldikoa da, erabiltzen duten indarkeriagatik. Konstituzio berriaren prozesu betean da egunotan Txile, eta, puntuetako batean, konstituziogileek azpimarratu dute poliziak ez direla militarrak, eta indarkeriaren erabilera neurtu behar dutela, eta giza eskubideak errespetatu.

Abu Akleh-ren hileta

Indarkeria erabili ohi dute sarri Israelgo poliziek ere. Atzo, esate baterako, Xireen Abu Akleh kazetari palestinarraren hiletan, hilkutxa zeramatenei jazarri zitzaizkien poliziak, Jerusalemen. «Hil ondoren ere, hura isilarazi nahi du Israelek», salatu zuen kazetariaren iloba Lina Abu Aklehk. «Hileta bat ere ez daukagu bakean egiterik». Israelgo armadaren erasoaldi baten berri ematen ari zela, Israelgo militarrek tirokatu zuten Xireen Abu Akleh kazetaria, asteazkenean, Jeninen (Zisjordania). Han bertan hil zen. Erasoan beste kazetari bat zauritu zuten, eta hark kontatu zuen Israelen erasoaren berri ematen ari ziren kazetari guztiek zutela babesteko eta kazetari gisa identifikatzeko arropa. Abu Akleh Jerusalemen jaioa zen, eta 1997an hasi zen Al-Jazeera telebistan lanean. NBE erakundeak hilketa sakon ikertzeko eskatu du.

Mexikon ere arrisku betean ari dira kazetariak. Urtea hasi denetik 11 kazetari hil dituzte Erdialdeko Amerikako herrialdean; azkeneko biak, Yesenia Mollinedo eta Sheila Johana Garcia. Astelehenean, Veracruz estatuko Cosoleacaque herrian, hamasei tiro jaurti zizkieten moto batetik, auto batean zeudela. Mollinedo El Veraz hedabide digitaleko zuzendaria zen, eta duela urte eta erdi mehatxuak jaso zituen, Poliziaren eta krimen antolatuaren arteko harremanaren inguruko artikuluak argitaratzeagatik. Garciak ere El Veraz-en egiten zuen lan, erreportari. 2000tik hona, 152 kazetari hil dituzte Mexikon.]]>