<![CDATA[Jone Arruabarrena - Ekhi Erremundegi Beloki | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 02 Apr 2023 11:41:28 +0200 hourly 1 <![CDATA[Jone Arruabarrena - Ekhi Erremundegi Beloki | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Dokumentazioa lortzea erraztuko diete etorkin adingabeei]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/012/001/2021-10-20/dokumentazioa_lortzea_erraztuko_diete_etorkin_adingabeei.htm Wed, 20 Oct 2021 00:00:00 +0200 Jone Arruabarrena - Ekhi Erremundegi Beloki https://www.berria.eus/paperekoa/1879/012/001/2021-10-20/dokumentazioa_lortzea_erraztuko_diete_etorkin_adingabeei.htm
Gizarte eragileen kezka iturri izan da iritsitako adingabeen egoera 18 urte bete ostean. Izan ere, adin nagusitasunera iritsi eta administrazioen tutoretzapetik atera ostean, babesgabe geratzen dira gehienak. Orain arte, gutxienez 500 euroko diru sarrerak eduki behar izan dituzte bizileku baimena berritzeko, eta behin lortutakoan, lan egitea debekatua zuten. Arau berriarekin, berriz, 500 euro baino gutxiagoko diru sarrerekin ere baimena lortu ahalko dute; gainera, diru sarrera horiek bizitzeko gutxieneko errentatik edo antzeko laguntzetatik eratorri ahalko dira.

Gainera, prozesu administratiboak ere sinplifikatu nahi dituzte, adingabeek aurkeztu behar duten agiri kopurua gutxituz. Hala, Espainiako Gobernuak saihestu nahi du 18 urte betetzean gazteek oraindik dokumentaziorik ez edukitzea. Orain 18 eta 23 urte bitarte dituzten paperik gabeko etorkinei ere eragingo die arau berriak, eta baldintza berdinak eskatu zaizkie haiei ere: lanetik edo diru laguntzetatik lortutako diru sarrerak izatea. Neurriek 15.000 etorkini eragingo diela aurreikusi du Madrilek; Hego Euskal Herrian ehunka adingabe eta gazte bizi dira egoera horretan.

Hala eta guztiz ere, erreformak ez du bide erraza izan. Jose Luis Escriva Migrazio ministroak egin zuen proposamena, etorkin gazteen integrazioan beharrezko pausua zela argudiatuta. Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa, ordea, aurka agertu izan da, araudia malgutzeak «erakartze efektu» bat eragin dezakeelakoan «milaka» gazterentzat. Abuztuan, proposamena Ministroen Kontseilura heltzekotan zela, bertan behera utzi zuen negoziazioa. Azkenean, ordea, Escrivak lortu du proposamena onartzea.

Ijitoen kontrako neurriak

Bestalde, Frantziako Gobernuak ijitoen kontrako neurriak gogortu ditu. «Harrera eremuetatik» kanpo aparkatuko duten bidaiariek 500 eta 1.000 euro arteko isuna arriskatuko dute aurki. Frantziako hiri nagusi batzuetan atzo hasi ziren neurria aplikatzen, eta ondoko asteetan Ipar Euskal Herrira ere zabal daiteke. Ijitoen elkarteek hainbatetan salatu dute botere publikoek ez dituztela dagozkien neurriak hartzen; «harrera eremu» anitzek ez dituzte baldintzak betetzen, eta horregatik jotzen dute beste lekuetara.]]>