<![CDATA[Jone Bastida Alzuru | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 15 Aug 2022 20:44:55 +0200 hourly 1 <![CDATA[Jone Bastida Alzuru | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Aitzol eta Ainhoa, bidaiarako gonbit bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2001/036/001/2022-07-10/aitzol_eta_ainhoa_bidaiarako_gonbit_bat.htm Sun, 10 Jul 2022 00:00:00 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/paperekoa/2001/036/001/2022-07-10/aitzol_eta_ainhoa_bidaiarako_gonbit_bat.htm Bidaia da. Kontzertuak beti planteatzen ditugu bidaia bat izango balira bezala, eta jendea gonbidatzen dugu gurekin bidaiatzera». Ainhoa Urteaga zumaiarrak eta Aitzol Ibarloza donostiarrak lehen diskoa kaleratu dute: Ezbaian. Bederatzi kantaz osatutako lana da, eta «barne bidaia» egitea proposatzen die entzuleei. Musika erregistro zabala erabili dute, instrumentu ugarirekin eta ingurukoen kolaborazioarekin.

Unibertsitate garaian ezagutu zuten elkar musikariek, Bilbon, eta han hasi ziren elkarrekin abesten. Pianoa jotzen zuen Urteagak, eta gitarra Ibarlozak. Separatu egin ziren gero, eta urte batzuen buruan berriz heldu zioten harremanari. Kontzertuak ematen hasi, eta galdera sortu zitzaien: zergatik ez disko bat egin? Hala sortu dute Ezbaian.

Biek zituzten eurek sortutako kantak, «ez disko bati begira eginikoak», Ibarzolak zehaztu duenez, baina grina piztu zitzaien hiru-lau abesti horiei jarraipena emateko. «Nire musikako maletan banituen melodia batzuk eta letra batzuk». Baita Urteagak ere, eta, hala, melodia eta letra horiei forma ematen hasi ziren.

Ibarlozaren arabera, musika sentipenak askatzeko baliatzen du: «Sortzen nituen melodiak niretzat izaten ziren, idazteko modu bat bezala». Landutako gaiak egunerokoak dira: maitasuna, heriotza, laguntasuna... Hori horrela, jendea islatuta senti daitekeela uste du: «Mundu guztia ukitzen duten gaiak dira, eta zuk abesti bat entzuten duzunean, zure ikuspuntutik entzuten duzu».

«Forma eta kolore asko»

Barruak eskatzen zienaren arabera erabaki dute kantuei zer forma eman. Diskoa kaleratu aurretik, akustikoan jotzen zuten dena —piano eta gitarrarekin—, baina horri beste buelta bat eman diote: «Konturatu ginen gure inguruan musikari pila bat zeudela, familiakoak, lagunak, baita ezagunak ere». Abesti bakoitzak zer behar zuen hausnartu, eta haiengana jo zuten. «Adibidez, Lore. Laguntasunari buruzkoa da, eta pixka bat goxoagoak diren instrumentuak sartu nahi genituen, biolontxeloa eta». Baxua, bateria, ukelelea, panderoa eta beste ere erabili dituzte. Hainbeste kolaboraziok diskoari «aberastasuna» ematen diola iritzi dio musikariak.

Buruhaustea izan daiteke disko bati izena jartzea, hura definitzen duen hitz gakoa aurkitzea. Inprobisaziotik jo zuten Urteagak eta Ibarlozak: «Zerk bereizten du disko hau? Gure ustez, mota askotako abestiak izateak: batzuk rockeroak, besteak oso melodikoak, eta derrepente txaranga bat ere baduzu. Forma eta kolore askokoa da». Ideia zaparradaren artean bururatu zitzaien Ezbaian, «nahasketa horregatik», ildo definitu bat ez izateagatik. Halaber, euren izenekin osatu dute taldearen izena: Ainhoa eta Aitzol. «Ez zegoen ezer Ainhoa eta Aitzol baino gehiago konbentzitzen gintuenik».

Jada egin dituzte diskoa aurkezteko lehen kontzertuak, eta, uztailean atseden hartu ondoren, abuztuan ekingo diote berriz bidaiari. Ibarlozak azaldu du diskoa sortzeko prozesua aberasgarria izan dela, baina, aldi berean, «nekagarria». «Ez genituen horretarako baliabideak, ez pertsonalak eta ez ekonomikoak. Prozesua nahiko luzea izan da. Orain, diskoa kaleratu eta kontzertuak ematen hastea energia txutea izan da guretzako». Gustura daude izandako harrerarekin.]]>
<![CDATA[Aner Peritzek irabazi du aurtengo Basarri bertsopaper saria]]> https://www.berria.eus/albisteak/215395/aner_peritzek_irabazi_du_aurtengo_basarri_bertsopaper_saria.htm Fri, 01 Jul 2022 14:55:16 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/albisteak/215395/aner_peritzek_irabazi_du_aurtengo_basarri_bertsopaper_saria.htm <![CDATA[Pasazaite argitaletxeak jarduna etetea erabaki du hamar urteren ostean]]> https://www.berria.eus/albisteak/215288/pasazaite_argitaletxeak_jarduna_etetea_erabaki_du_hamar_urteren_ostean.htm Wed, 29 Jun 2022 09:52:45 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/albisteak/215288/pasazaite_argitaletxeak_jarduna_etetea_erabaki_du_hamar_urteren_ostean.htm <![CDATA[Literaturazale feministak, elkartuta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1873/034/001/2022-06-29/literaturazale_feministak_elkartuta.htm Wed, 29 Jun 2022 00:00:00 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/paperekoa/1873/034/001/2022-06-29/literaturazale_feministak_elkartuta.htm
Nork bere bizipenak eta esperientziak bestei kontatu, eta etorkizunerako abiapuntu modura baliatu nahi dituzte topaketak. Horretarako, euskal literatura aztertuko dute, ikuspegi feminista batetik. Jardunaldiak prestatzeko ere hainbat online elkarrizketa egin dituzte antolatzaileek euskal literaturako eragile feministekin, eta hala garatu dituzte proposatutako gaiak.

Bi egunetako egitaraua osatu dute: hitzaldiak, mahai inguruak, lantegiak eta omenaldi bat izango dira, eta, besteak beste, idazleek, irakasleek, argitaratzaileek, irakurleek eta bestek hartuko dute parte.

Tailerrak eta omenaldiak

Iratxe Retolaza Sareinak taldeko kidearen hitzaldiarekin abiatuko dira topaketak, eta, Alvarez-Uriaren arabera, mahai inguruetarako, «eremu diferenteetako» eragile feministen presentzia bilatu dute. Argitaletxe eta liburu dendetako ordezkariak izango dira aurrenekoan, eta Leire Lopez Ziluaga, Nerea Fillat eta Maria Mur editoreak arituko dira hizlari. Larunbatean, hainbat belaunalditako idazleak elkartuko dituzte; hala, Karmele Jaiok, Laura Mintegik eta Itziar Ugartek osatuko dute genealogiei eskainitako mahai ingurua. Irakurle talde feministei buruzkoa egingo dute gero.

Lantegiak ere prestatu dituzte. Bi egunetan izango dira, eta joaten denak aukeratu egin beharko du egun bakoitzean nora joan. Ostiralean, hiru lantegi izango dira: irakaskuntzari, kritikari eta hedabideei eskainitakoak. Antolatzaileen hitzetan, hainbat eremutara eraman nahi baitute «hausnarketa kolektiboa».

Larunbatean bi arte izango dituzte ardatz lantegiek. «Ilustraziotik eta antzerkitik begiratuko diogu literaturari», azaldu du Alvarez-Uriak. Maite Caballerok eta Paula Estevezek gidatuko dute ilustrazioaren atala, eta Amancay Gaztañagak antzerkitik landutakoa.

«Bertaratzen direnek parte hartzeko aukera izango dute. Ez da izango soilik adituei entzutea», nabarmendu du Alvarez-Uriak. Horregatik jarri dituzte kaferako tarteak saioen artean, «elkarrekin egoteko, eta ahalik eta ahots gehien entzuteko». Hainbat belaunalditako eta eremutako jendea biltzea izan da asmoa.

Alvarez-Uriaren arabera, bidea egiten ari dira euskal literatura feministan, baina oraindik asko dago egiteko: «Belaunaldi berriekin batera, ahots diferenteak agertu zaizkigu. 80ko hamarkadan hasi ziren aitzindariak lehenengo hurbilpen feministak egiten, eta, egun, baditugu beste belaunaldi batzuk, beste hurbilpen batzuk, beste hizkera batzuk». Lan eta idazle erreferentzialak daudela dio, baina zera gogoratu du: oraindik ehuneko txikia dela emakume idazleena. «Gehienez jota, %20-25era iristen da». Baina badaude ahots indartsuak, proposamen berritzaileak eta proiektu interesgarriak.

Hain zuzen, 80ko hamarkadan publikatzen hasi ziren idazleei egingo diete omenaldia larunbatean. Itxaro Bordari, Mariasun Landari eta Arantxa Urretabizkaiari egindako omenaldi batekin itxiko dituzte topaketak; «euskal emakumeen ikusgaitasuna aldarrikatzen hasi ziren idazleei». Korronte kontra aritu zirela esan du Alvarez-Uriak: «Orduko egoera ez zen oso abegikorra, gaur egun baino askoz heteropatriarkalagoa zen. Bidea urratu zuten, eta, horri esker, egun baditugu beste batzuk bide hori zabalik topatu dutenak, edo ez hainbeste sasirekin, behintzat».

Sareinak

Sareinak taldea duela hamabost urte sortu zen, literatura eta feminismoa euskaraz uztartzeko asmoz. «Blog batekin hasi ginen, eta urtean behin gure urteurrena ospatzen genuen mahai inguru batekin». Emakume idazleen lanak ikusgarri egin eta partekatzea zen mahai inguru horien asmoa. Omenaldi batzuk ere egin zituzten; eta topaketetarako jauzia eman dute orain. «Garai bakoitzak gauza diferenteak eskatu dizkigu».]]>
<![CDATA[Miroren munduan barrena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/035/001/2022-06-29/miroren_munduan_barrena.htm Wed, 29 Jun 2022 00:00:00 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/paperekoa/1872/035/001/2022-06-29/miroren_munduan_barrena.htm Miro Zabalagan. Artista kataluniarrari tokia egin, eta haien arteko harremana omentzeko modua ere bada. Erakusketa abiapuntutzat hartuta, hainbat jarduera paralelok borobilduko dute egitasmoa; besteak beste, Alain Planes pianistaren kontzertuak. Miroren obrak, euskal eskultorearenak bezala, arrasto sakona utzi zuen, eta ibilbide prestigiotsua du.

Erakusketaren zatirik handiena baserriko bigarren solairuan dago, eta kanpoaldean jarrita dauden bi eskulturek osatzen dute proposamena. Ez da ohikoa Txillida Leku museoko erakusketara kanpoko artelan bat ekartzea, eta nobedade gisa aurkeztu dute horregatik arduradunek. Ez dira, gainera, nolanahikoak: tamaina handiko eskulturak dira, argi bereizten direnak: Eguzki txoria (1968) eta Emakumea (1970) dira bi obren izenak.

Eguzki txoria-ren parean geratu dira Estela Solana Txillida Lekuko erakusketen arduraduna eta Nausica Sanchez Hezkuntza arduraduna, eta han hasi dira azalpenak ematen: «Oso famatua da Miroren produkzioan. Bi tona pisatzen ditu. Galeria batean sartuta zeukaten, eta, nolabait, askatu egin dugu txoria». Forma metamorfikoa du lanak.

Sanchezek adierazi duenez, natura inspirazio iturri gisa erabiltzen zuen Mirok. Dioenez, paisaia «aproposean» kokatuta daude, beraz, haren obrak; naturarekin elkarrizketan. Miroren lan egiteko moduari ere erreparatu diote: «Esaten zuen isiltasuna behar zuela. Batzuetan ematen zituen ez dakit zenbat ordu lan egin gabe, eta derrepentean ideia bat zuen. Bitartean, meditazioan edo isiltasunean zegoen. Oso prozesu interesgarria da».

Totema eta baserria

Urrats batzuk aurrera egin, eta baserriko armarriaren aurrean egin dute bigarren geldialdia. Hor dago Emakumea obra. Solana: «Emakumearen unibertsoa irudikatzen du. Muntaketa bat da. Objektu batzuk hartzen ditu: barraskilo bat, pote bat... eta bata bestearen gainean jarriz egiten du eskultura». Sanchezek jarraitu dio: «Inguruan dituen objektuak hartu, eta txoke poetiko bati buruz hitz egiten du. Eskultura magia moduko bat sortzen da». Horrez gainera, artistak bere «lengoaia pertsonala» duela nabarmendu dute.

Obraren kokapena ere ez da ausazko erabakia izan, eta eraikinarekin elkarrizketa bilatu nahi izan dute: «Nolabait, totema baserria agurtzen ari da». Barrualdean ere, mimoz sailkatu dituzte artelan guztiak.

Eskailerak igo, eta goiko solairuan dago Miro Zabalagan erakusketaren zatirik handiena. Aretoka banatuta daude obrak, gaika. Lorategiaren ideia nabarmentzen da aurrenekoan. «Denak muntaketak dira». Argazkiak ere badaude paretetan, «artelanaren prozesua ulertzeko», Sanchezen esanetan. «Mirok garrantzia ematen zion normalean ematen ez diogunari. Naturan aurkitzen zituen elementuak jartzen zituen, eta, komatxo artean, gauza sinpleak dira, baina berak zentzu magikoa emango dio horrelako objektu bati. Elkartzen zituenean, pertsonaia enigmatikoak sortzen zituen». Brontzezkoak dira erakusketako obra guztiak, kanpoaldean dagoen Eguzki txoria eskultura salbu. Fundizio bakoitzak bere patina «sekretua» duela esplikatu dute.

Hurrengo aretoan, landan erabiltzen diren tresnak topatuko ditu bisitariak. Solanak defendatu du Mirok pinturaren arauak «apurtu» nahi zituela, eta artistaren irudimena «amaiezina» zela. «Eraldatzailea zen».

Hainbat artelan jarraian jarrita daude pasilloan aurrera egin ahala. Sanchez: «Hemen unibertso berarekin jarraitzen dugu. Objektuak dira, eta horiekin sortzen ditu pertsonaiak, formak; batzuk oso poetikoak».

Eskutitz trukea

Eta baserriaren kanpoaldean dauden bi eskulturez gain, badago barrualdean tamainagatik nabarmentzen den beste bat: Femme. «Sinplea da, baina oso elegantea». Zulatutako xaboi pastilla baten gainean Pazko arrautza jarriz sortu zuen, eta emankortasuna irudikatzen du.

Azken aretoan daude Miroren eskulturarik zaharrenak. Eguzki txoria, brontzezkoa eta tamaina txikikoa, eta Ilargi txoria, tartean. Hastapenetan buztinarekin lan egiten zuela azaldu dute bisitan; geroago hasi zela muntaketak egiten. Erakusketan, badaude obra grafikoak ere. Halaber, Josep Royok egindako tapiz bat ere jarri dute, artista kataluniarraren Urrezko lumadun muskerra liburuko litografia batetik abiatuta. Eta, pareta batean zintzilikatuta, Txillidak eta Mirok elkarri idatzi zizkieten eskutitz batzuk, haien harremanaren frogatzat.

Oinarrietan kokatuta daude artelanak, banaka, bakoitzaren «indibidualtasuna» edo «izaera» indartzeko: «Bakoitzak du bere presentzia, espazioa, lekua». Miroren munduan murgiltzeko aukera azaroaren 1era arte egongo da, Txillida Lekun.]]>
<![CDATA[Historiaurre garaikide bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/034/001/2022-06-28/historiaurre_garaikide_bat.htm Tue, 28 Jun 2022 00:00:00 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/paperekoa/1872/034/001/2022-06-28/historiaurre_garaikide_bat.htm Ekain, munduko ondarea.

Nonahi daude afixak, errepidearen alde batean eta bestean, kale horretan eta albokoan. Oinez joan behar da haraino. Belarra moztu berri, eguzki printzen epelean; lasai dago ingurua, goxo. Erreka zarata eta bide laua ez guztiz. Harrizko zubi bat igaro, eta seinaleei segitu: Ekainbidea. Familia bat dago Lili Jauregiaren parean; kuriositatez begiratzen diote eraikinari. Aurrera segitu, Olalde baserria pasatu, eta konturatzerako hor dago: parean prehistoriara jauzia, labar pinturen etxea. Zainduta dago ingurunea; halakoa da kobak naturarekin duen harremana ere. Lasaitasuna, atsedena arnasten da. Ekainberri da, 2008an ireki zuten Ekaingo kobazuloaren erreplika.

Eta bertan talde bat dago zain. Jertsea jantzi dute, badaezpada, barruan nolako tenperatura egingo. Ez da beharrezkoa; ez janztea, ez eranztea. Eraikinaren barrura doaz, eta bankuetan eseri dira, gidariaren azalpenen zain. Argazki bat ateratzeko -selfie bat- aprobetxatu du tartea bikote batek. Jarraian gorde dute mugikorra; behin koba barrura sartuta ezin da argazkirik atera. Azalpen labur batzuekin testuinguruan jarri, eta haitzuloan sartu dira. Iluntasunak «beldurra» ematen dionik ere bada. Historiak harrapatu du berehala, eta ahaztu zaizkio ikarak. Historiaurreko arteaz gozatzen ari dela dirudi.

Aurrea doaz. Zirkularra da bidea, eta isiltasunean egin dute lehen buelta, lurrean dauden argiei segika. Bidaiariak adi, paretetako irudiei so. Maskara jantzia dute batzuek; erabiliko ez duen argazki kamera lepoan zintzilik du beste batek. Historia dago arroketan idatzita. 14.000 urte egin dute atzera, eta hasi da bakoitzaren imajinazioa dantzan, denboran jauzika. Sentsitiboa da lehen itzulia: entzun, begiratu, sentitu, pentsatu. Pauso arinean doaz. Labar pinturak ikustean, are gehiago mantsotzen dute ibilia. Komentarioak ahopean: «Begira hori». Zaldiak, bisonteak eta hartzak; baina, gehienbat, zaldiak. Eta, halako batean, bideo baten erreprodukzioa. Irudiak jarri dituzte lurrean, garai hartako bizimodua irudikatuz. Bisitariak, adi.

Zaldiak totem

Bestelakoa izan da bigarren itzulia; gidaren azalpenek gidatutakoa. Hasteko, argi azaldu du: «Ikusiko duguna Ekaingo haitzuloaren erreplika da, baina ez kobazulo osoarena, bere ezaugarri berezienarena baizik, barruan daukan labarretako artearena». Kobazuloko margoen %85 inguru dago erreproduzituta. 500-600 metrotara dago jatorrizko haitzuloa, itxita.

Laserra du lagun gidariak. Argiak dira paretetako irudi batzuk, baina interpretatu beharrekoak besteak; horregatik, eskertzen da argi gorriarekin forma ematea. Hasieran kostatu zaie hainbati margoak ulertzea: «Non dago bisontea? A bai, hor». Garbi ikusi dituzte aurrerago daudenak. Duela 13.000-14.000 urte inguruko gizakiek egindako margolanak dira horiek, Goi Paleolito bukaeran marraztutakoak -Madeleine deitzen zaio aldi horri-.

Arkeologoek Zaldi buru harkaitza deituriko arroka da lehen kolpean ikusten dena; zaldi baten antza du, eta baliteke haitzuloaren izanarekin lotura izatea. Arrokaren alboetan, bisonte bat eta zaldi buru bat daude marraztuta. Kobaren ezkerraldean, beste zaldi buru bat ikus daiteke, «berezia». Batetik, duen tamainagatik; bestetik, hura margotzeko moduagatik: manganeso mineralarekin egina dago -Ekainen bi irudi bakarrik daude hala eginak; egur ikatza erabiliz eginikoak dira besteak-. Estalagmitak eta estalaktitak ere ikusten dira.

Galeriak datoz jarraian, eta bi panel: handia eta txikia. Zaldiak dira protagonista, haiek dutelako toki gehien «santutegian». Geziz zaurituta ageri dira bi, eta horra galdera: ehizatutako animaliak marrazten zituzten? Ezezkoa da erantzuna; ez Ekainen kasuan behintzat. Baztertuta dago teoria hori; han ehiza ez baitzen zaldietan oinarritzen: «Sakratuak dira zaldiak; totemismo moduko bat da». Beste panelean, mirestekoa den «kalitate teknikoz» egindako zaldien margoak daude, xehetasun guztiekin.

Urrats batzuk, eta beste geldialdi bat egin dute. Bi hartz daude oraingoan margotuta: ama eta kumea dirudite. Hobeto ikusten dira makurtuta, eta gorputza beheratu dute askok. Gidariak azaldu duenez, manganesoarekin marraztuta daude horiek ere. Eta bada beste bitxikeria bat: kobazuloan dauden ia zaldi guztiak hartz horiei begira marraztuta daude.

Apur bat aurrerago, berriz, hartzen hobi bat dago: «Ekaingo jatorrizko haitzuloan hauen antzeko ehun zulo inguru daude». Halaber, badaude hartzek kobazuloa okupatu zutela adierazten duten bestelako hainbat zantzu; hormetan eginiko atzaparkadak, esaterako. Neguko lozorroa edo hibernazioa egitera sartzen omen ziren. Itzulia bukatu aurretik, beste panel bat; zaldiak berriro protagonista. Irudiak eskematikoagoak dira oraingoan, eta ez daude halako xehetasunez marraztuak. Beste irudi berezi bat arrokan: grabatutako gezi bat, eta, azpian, behorraren margoa. Ikatzez marraztutakoak dira aurretik ikusitako geziak, baina grabatuta dago azken hori.

Osatu dute itzulia. Pare bat galdera egin dituzte bisitariek, azken zalantzak uxatzeko asmoz: «Jatorrizko koba bizirik dago?». Baietz erantzun die. Ez dago duda gehiago, eta, erreplika atzean utzita, aire zabalera irten dira; ilunpetik argitara. Gidariari eskerrak eman, eta bueltako bidea hartu dute, ikusitakoa komentatzen, lasai, patxadaz. Historiaurretik irten, eta orainean dira berriro.

HISTORIAURREKO ARTEA
Urtea. Duela 13.000-14.000 urte inguru.
Lekua. Ekainberri, Ekaingo kobazuloaren erreplika, Zestoan (Gipuzkoa).]]>
<![CDATA[Beyond Spain, «Espainiako erakustalditik at» ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1871/022/001/2022-06-24/beyond_spain_espainiako_erakustalditik_at.htm Fri, 24 Jun 2022 00:00:00 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/paperekoa/1871/022/001/2022-06-24/beyond_spain_espainiako_erakustalditik_at.htm Frankismoaren sarea sendoa da. 45 urte «deep state» Espainiako justizia, polizia eta politikan mahai inguruarekin ekingo diote, eta Carlos Babio Albert Botran eta Iñaki Egaña historialariak izango dira hizlariak. Picassoren Gernika-ren inguruko ekitaldia ere egingo dute. Gero, errepresioaren gaiari eutsiko diote, eta Espainiaren demokrazia zalantzan jarri, Demokrazia Espainian? Gerla zikina, mugimendu demokratikoen kontrako errepresioa eta giza eskubide eta narrazioaren aldeko borroka hitzaldiarekin. Hizkuntza eskubideen aldeko egitasmoak eta estrategiak ere landuko dituzte, eta aztertu zein den hiru hizkuntzen «benetako» errealitatea. Azkenik, erabakitzeko eskubidea izango dute hizpide, Josu Etxaburu, Julia Lleixa eta Via Galega hizlariekin. Tokia izango dute literaturak eta musikak ere; besteak beste, Edorta Jimenez, Raul Zelik, Laura Mintegi, La Basu, Fito Rodriguez, Joan Pons eta besteren eskutik. Egitarau oparoa Elserren arabera, egitasmo herrikoia da, eta garrantzia eman dio horri. Programa «aberatsa» dela dio, hiru komunitateen ikuspegiak jasoko dituena. «Hitzaldiak eta ekitaldiak kalitatezkoak dira». Adierazi du egitaraua ontzeak esfortzu handia exijitu duela, baina«lorpena» ere badela. «Frankfurteko liburu azokan publiko handia biltzen da, eta aukera bat eskaintzen du gauza batzuk ezagutzeko». Espainiak Sormenez gainezka lelopean antolatu du programa, eta haren «alde iluna» azaleratzen saiatuko da Beyond Spain. «Kontzienteki» kokatu nahi izan dute hortik kanpo: «Ez dugu Espainiak antolatutako ekitalditan parte hartu nahi». Hain zuzen, «alde ilun» horretan jaso dute, besteak beste, Espainian hainbat artistari espetxe zigorra ezarri zaiela monarkiarekin kritiko izateagatik; «koofizialak» deritzen hizkuntzak sistematikoki baztertzen direla; eta mugimendu demokratikoek jazarpen juridikoa eta indarkeria poliziala zein instituzionala jasaten dutela. ]]> <![CDATA[Kepa Junkerari buruzko dokumental bat kaleratuko dute udazkenean]]> https://www.berria.eus/albisteak/215004/kepa_junkerari_buruzko_dokumental_bat_kaleratuko_dute_udazkenean.htm Wed, 22 Jun 2022 17:02:54 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/albisteak/215004/kepa_junkerari_buruzko_dokumental_bat_kaleratuko_dute_udazkenean.htm <![CDATA[Doinu berriak sortu, ikasi eta plazaratzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/024/001/2022-06-22/doinu_berriak_sortu_ikasi_eta_plazaratzeko.htm Wed, 22 Jun 2022 00:00:00 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/paperekoa/1879/024/001/2022-06-22/doinu_berriak_sortu_ikasi_eta_plazaratzeko.htm Arkupehotsak proiektuari, eta egitasmo bat martxan jarri dute aurtengorako: sei musika talde edo bakarlari gaztek sormen egonaldiak egingo dituzte irekitzear den Azpeitiko (Gipuzkoa) Dinamoa sormen gunearen soinuaren eremuan. Egonaldietan «musikari bidelagun» bat izango dute —besteak beste, Olatz Salvador eta Tomas Lizarazu—, eta, amaitzean, kontzertu bat emango dute Sanagustin kulturgunean, «bidelagun» izan duten musikariaren kolaborazioarekin. Musika estilo desberdinak jorratzen dituzten sei artistak hartuko dute parte, eta bakoitzak bi asteburuko egonaldia egingo du. 16 eta 25 urte bitarteko musikariek parte hartu dezakete, eta jadanik irekita dago izen-ematea —uztailaren 15era arte egongo da zabalik—. Egonaldietan lotarako lekua eta otorduak ere sartuta daude.

Egitasmoaren hiru gako azpimarratu ditu Kulturaz kooperatibako kide den Aitor Bengoetxeak: doinuak sortzea, ikastea eta plazaratzea. «Proiektu honi forma ematerakoan, osotasun bati erantzun nahi genion. Prozesuari balioa eman nahi izan diogu, eta lanketa zabaldu». Azaldu du musikan hasierako pausoak ematen, taldeak sortzen edo lehen akordeak jotzen ari direnei begirakoa dela proiektua.

Esperientzia «osoa» izango dela nabarmendu dute, eta Dinamoaren soinuaren eremuan izango dutela «sormenari lekua egiteko» aukera. Ikaste prozesuan ere jarri dute arreta, formazioan eta bidelaguntzan. «Soinu teknikari eta adituak izango ditugu. Eta guretzat gako diren musikari erreferentzialak, proiektuari babesa emateko eta musikarientzat akuilu lanak egiteko». Esperientzia horren ostean egingo dute «plazaratzea», Sanagustin kulturguneko oholtzan zuzeneko bat emanez. Modu horretan, hiru jardun landuko dituzte: formazio teknikoa eta artistikoa; zuzenekoa prestatzeko entseguak; eta kolaborazioa musikari «erreferentzial» batekin, bai prestaketan, bai kontzertuan.

Hautatuko dituzten sei talde edo bakarlari horien «bidelagunetako bat» izango da Bulego taldeko Lizarazu. «Ilusioz» heldu dio proiektuari, eta hastapenak gogora ekarri ditu: «Alde batetik, [proiektua] oso beharrezkoa dela uste dut; gazteentzat eta talde berrientzat aukera ezin hobea izan daiteke. Beste alde batetik, oroitzapenak ekarri zizkidan, gu, Bulego taldearekin, Arkupehotsa egitasmo honen barruan egon ginelako orain dela urte batzuk». Babesa eta hasierako bultzada eskertu ditu, eta adierazi du esperientzia bizitzeko «gogotsu» dagoela. Salvador izango da beste bidelagunetariko bat. Gainerakoak, berriz, hautatutako bakarlari edo taldeek jorratzen duten musika motaren araberakoak izango dira.

Bestalde, proiektuan bidelagun izan dute Azpeitiko Udala. Eneritz Albizu Udaleko Kultura batzordeburuaren arabera, azken urteetan gogorarazi izan dute oholtzari garrantzia eman eta sortzaileari agertokiak eskaini behar zaizkiola, baina hortik harago doa kultur sustapena, haren hitzetan: «Oholtza gaineko jardun horren atzean dagoenari eman nahiko genioke garrantzia; sorkuntzari eta ondoren datorren lan guztiari».

Horri erantzun nahian jarri zuten martxan Dinamoaren egitasmoa. Proiektu horrek hainbat proiektu biltzen ditu, eta eremuetan banatuta dago: hitza, irudia, gorputza eta soinua. Bakoitzak badu «proiektu ardatz bat» edo eremu horren izaerari «bultzada» ematen dion egitasmo bat; soinuaren eremuan, Arkupehotsak litzateke. Bukatzeko fasean dago eremua.

Berriro plazaratu

2017an abiatu zuen Azpeitiko Kulturaz kooperatibak Arkupehotsak egitasmoa, «sortzaile berrien plaza izan nahi duen proiektua». Lau edizio egin dituzte aurreko formatuarekin, eta, Bengoetxea kooperatibako kidearen arabera, orain arteko emaitzak, ibilbidea eta esperientzia kontuan hartuta, «arnasa» hartu dute egungo baldintzetara ekarri eta atontzeko. Hala, beste forma bat eman diote proiektuari, eta esperientzia «osoago» bat eskaini: «Musika sortu, formatu, prestatu eta plazaratzeko aukera bat da».

Ikasteko eta esperimentatzeko espazioa ere izango da Arkupehotsak proiektua. Xedea da sortzaile berriei jarduteko tresnak eskaintzea, inguruan dauden sortzaileei balioa ematea eta belaunaldi berriei plaza bat ematea. Komunikazio eta promozio berezia ere egingo zaie parte hartzen duten musikariei.]]>
<![CDATA['Amatu', amez espero denaz harago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/031/001/2022-06-21/amatu_amez_espero_denaz_harago.htm Tue, 21 Jun 2022 00:00:00 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/paperekoa/1872/031/001/2022-06-21/amatu_amez_espero_denaz_harago.htm Amatu saiakera idaztera; euskarazko lehen sorkuntza lana du. Alberdania argitaletxeak kaleratu du, eta Aritz Galarraga izan da editore. Amatasunaren inguruko bizipen pertsonaletatik eta kezketatik abiatuta, hainbat hausnarketa jasotzen ditu. Hala dio epilogoan: «Emakumea noiz amatzen den itaunka jardun izan dut sarritan. Baita amatzeak balizko esanahi unibertsala ote zuen beldurrez igaro ere erditu aurretiko zein ondorengo hilabete luze asko. Ama bihurtzeak homogeneizatzen omen zaitu, eta horren ikarak eragindako aseezintasunak sortutako liburua da hau».

Galarragak azaldu duenez, izenburuak dioen bezala, amatzeari edo ama bilakatzeari buruzko liburu bat da; baina galdera ere egin du: «Zer da zehazki ama izatea edo ama bilakatzea? Noiz bilakatzen da emakume bat ama? Noiz amatzen da?». Galdera horiei tiraka osatu du liburua Lopez Las Herasek.

Idazleak adierazi du amatasuna gizarte guztia ukitzen duen gaia dela. «Jaiotza bera gai unibertsal bat da. Haurdunaldia gai sakona da, landu beharrekoa. Askotan, gai hauek bigarren mailakotzat hartzen dira. Denok gatoz ama batengandik». Haren ustez, amatasuna esperientzia pertsonala da, baina baita instituzio gisa ulertu beharrekoa ere. «Amatasunak hainbat esparru ukitzen ditu, eta askotan soilik amaren esku uzten da. Guztion ardura da, gizarte osoarena».

Bestalde, Lopez Las Herasen esanetan, amatasuna estuki lotuta dago zaintzarekin, eta zaintzak, egun, genero «femeninoa» du. «Jakintzat ematen da ama batek, erditu ostean, haurra zaintzeko ardura hartuko duela. Baina nork zaintzen du ama bat?». Haren ustez, hutsune bat dago hor, erreparatu beharrekoa.

Literatura arloan ere, gabezia bat sumatzen du idazleak: amatasunak ez duela leku propiorik. Beharrezkotzat jo du literatura amatasunez erditzea: «Badirudi orain gero eta gehiago idazteko korrontea dagoela, baina ez da nahikoa». Dioenez, garrantzitsua da amei, ama ez direnei edo izan nahi ez dutenei ahotsa jarri eta literatura bozgorailu gisa erabiltzea.

Ifrentzuan, beste gabezia bat ere atzeman du: aitatasunarena. Esan du inork ez duela galdetzen zergatik ez den idazten aitatasunari buruz, eta hori hausnartu eta aztertu beharrekoa dela dio: «Agian, gizonek bigarren mailako gaitzat hartzen dutelako da; edo beharrik ikusten ez dutelako; edo eroso daudelako».

Liburuan, eskaintza «zirikatzaile» bat egin du: aita guztiei eskainita dago. Azaldu du: «Askotan, amatasunari buruzko liburuak ama direnek edo izango direnek irakurtzen dituzte, baina ez du hala behar». Irakurle mota guztiengana iritsi nahiko luke; izan ere, «bada espero denaren aurkako aldarri bat-edo».

Galarragaren arabera, amatasunaren inguruko liburu bat da, baina ikuspegi «desberdin bat» jasotzen du: «Ez da bereziki ikuspegi onbera: pixka bat azidoa da». Kronika pertsonalaren eta amatasunaren inguruko gida baten artekotzat jo du saiakera. Maiz erabiltzen da bigarren pertsona ere, eta hainbat pasartetan «halako elkarrizketa moduko bat» dago, editorearen hitzetan.

Aurretik eta ondoren

Liburua bi zatitan banatuta dago: erditu aurretikoak kontatzen dira lehen erdian, eta ondorengoak bigarrenean. «Aurretik atalean, amek jasan behar dituztenak ageri dira: besteen begiradak, iruzkinak, sabel ukitzeak... Zer espero den ama batengandik, eta haurdun dagoenak zer espero duen». Ostekoan, berriz, jendearen iruzkin kritikoak landu ditu, haurtzaindegiak, lanera bueltatu beharra, aitona-amonei zaintzaren ardura gainjartzea, edoskitzaroa... «Liburuaren atzean, halako gizarte kontsumistaren kritika dago. Eta hori egin nahiko nuke. Ez bakarrik amatasunean bertan gelditu, baizik eta aztertu horretara zerk bultzatzen gaituen».

Liburuan, hainbat egoera «kotidiano» jasotzen dira. Galarraga: «Adibidez, ama izateko ikasi behar den hiztegi berria; edo gauza bat eta kontrakoa aholkatzen dizuten pertsonak; haurraren adimena, kakotx artean, garatzeko erabiltzen diren estrategiak...». Idazleak dio liburuko bizipenak ezagunak egingo zaizkiola edonori: egunerokoak, kalekoak, gertukoak baitira. «Ez dira bakarrik amek bizi dituzten egoerak». Halaber, amatasuna «plurala» izanik, hori deskribatu nahi izan du. «Nirea beste lekukotza bat da».

Izenburuari dagokionez, polisemikoa da amatu hitza; eta, besteak beste, ama bihurtzea edo maitatzea esan nahi du. «Ama bati zer eskatzen zaio, umea maitatzea? Ama izatea maitatzea? Agian, ez da beti horrela izaten, eta hori esan behar da». Azalari ere egin dio erreferentzia. Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak egin du. «Amatzeari buruzko liburuetan, azala izaten da emakume bat haurdun edo umetxo bat... Nik ez dut hori nahi izan. Erakutsi nahi izan dut kolore eta forma askotakoa dela amatasuna».]]>
<![CDATA[Leteren ildoan, hitzez eta pianoz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2010/023/001/2022-06-09/leteren_ildoan_hitzez_eta_pianoz.htm Thu, 09 Jun 2022 00:00:00 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/paperekoa/2010/023/001/2022-06-09/leteren_ildoan_hitzez_eta_pianoz.htm Txori kantazale disko liburuan. Pianorako obrak sortu eta azalpen literarioekin osatu dute lana, Leteren mundu poetiko eta musikaletik abiatuz. Hala, batetik, piano musika duen disko bat egin dute; eta, bestetik, liburu bat, azalpenak jasotzen dituena; biak uztartuz osatu dute proiektua. Gurrutxagak jarri ditu hitzak, eta Otxoa de Alaizak musika.

Lotura estua du Gurrutxagak Leterekin, eta hainbatetan aztertu ditu haren lanak. Duela bi urte egin zuen Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa bat tesia. Gerora, Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria liburua ere idatzi zuen. Eta orain, «so akademikoaz gain, so kreatibora» jo du. Modu horretara, Txori kantazale izan daiteke disko liburua, baita liburu diskoa ere. «Badirudi bakoitzak baduela bizitza propioa, baina pena litzateke bata bestea gabe ulertzea eta edukitzea; batak bestearen beharra du». Hala definitu dute proiektua: «Ez dugu Txori kantazale espektakulu gisa ulertzen; Leteren barne munduan elkarrekin murgiltzeko enkontru gisa baizik».

Gurrutxagak lana abiatzeko hastapenak azaldu ditu. Haren esanetan, 2019an, tesia aurreratu samar zuela, hasi zen pentsatzen ikerketa munduko lanak gero jendeari nola iritsarazi, nola transmititu: «Dibulgazio eremua dago, eta, gero, mundu artistikoa». Orduan eskatu zion laguntza Otxoa de Alaizari, eta bien artean hasi ziren proiektua ontzen. Proposamenak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria jaso zuen 2020an, eta horrek beste bultzada bat eman zion. Otxoa de Alaizak dio prozesua elkarrizketa luzeekin hasi zutela: irakurketak gomendatuz, diskoak entzunez...

Musikaria hainbat kantatan zentratu zen: harentzat esanguratsuenak eta askotarikoenak ziren horietan. «Gero, hori pianora eramaten saiatu nintzen: bere mundu poetikoa nire ikuspegitik. Berrinterpretazio lana izan zen».

Hogei piezak osatzen dute diskoa, eta bost multzotan banatu ditu Otxoa de Alaizak: Leteren musika, haren belaunaldikideena, kantu tradizionala, musika klasikoa eta pianistak berak sortutakoa. Iturri horiek fusionatuta osatu dute Txori kantazale diskoa. Adibidez, Leteren musikan oinarritutako berrinterpretazio bat da diskoan Argi-ilunak deitzen den pieza; Leteren Ni naiz abestian inspiratuta dago. «Gaztaroko kanta bat da, oso iluna. Amorrua atera behar izan nuen kanta horretan; biolentzia, kontraesanak bilatu. Argia eta iluna aurkitzen ditugu. Pianoa muturrera eraman nahi izan nuen». Egitura ere aipatu du, eta azaldu saiatu direla pieza batetik besterako trantsizioak «ondo josten», narratiba bat izan dezan eta batetik besterako pasartea malgua izan dadin.

Testuak, berriz, bi helburu ditu: musika entzuten ari dena Leteren munduan gidatzea, eta, aldi berean, pistak ematea Otxoa de Alaizak egiten duen interpretazioa esplikatzeko. «Halako elkarrizketa konplexu moduko bat da; ez da erraz-erraza, baina bai oso interesgarria».

Halaber, Gurrutxagaren arabera, Txori kantazale egitean haien konfort eremutik atera dira, eta, halakoetan, askotan, «gauza emankorrak» ateratzen dira. «Sinisten dut konfort egoeratik ateratakoan, orduantxe pasatzen direla gauza arraroenak, magikoenak edo berezienak». Bidean izan duten lan egiteko modua ere nabarmendu du.

Disko liburua ilustrazioz josita dago. Manu Urbieta artistak egindakoak dira horiek; eta Itziar Garaluzek egin ditu obren erreprodukzio fotografikoak.

Zuzenekoak

Disko liburuaz gain, zuzeneko emanaldiak ere egiten ari dira, Joxan Goikoetxea soinu jotzailearen kolaborazioarekin. Hain zuzen, diskoko bi abestitan hartzen du parte. «Hitzez lagundutako piano kontzertu bat da, edo, bestela esanda, piano musikaz jantzitako kontakizun bat». Ordubeteko iraupena du emanaldiak, narrazio etengabea lagun. Hala dio Gurrutxagak: «Ez du zerikusirik testu bat irakurtzeak edo entzuteak. Eta jendaurrean egiten duguna eta disko liburukoa, muina berdina izanik ere, oso gauza ezberdinak dira». Zuzenekoa «kontzertu esplikatu bat» edo pianoarekin egindako «kontalari saio bat» dela dio.

Gurrutxagaren arabera, zuzenekoetan lan egin dute gauza soilekin ahalik eta jolas, bariazio eta dinamika gehien sortzeko. «Nik ez dut disko batean kantatuko, baina zuzenekoan, agian, egoerak eskatzen du, eta gerta daiteke». Hain zuzen, aurrez aurreko emanaldiek ematen diete inprobisaziorako aukera ere.

Hiru emanaldi egin dituzte dagoeneko, bi Gasteizen eta bat Bilbon, eta uztailaren 8an egingo dute hurrengoa, Astigarragan (Gipuzkoa).]]>
<![CDATA[«Bi partida geratzen zaizkigu, eta bigarren postu hori dugu buruan»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1948/022/001/2022-05-03/bi_partida_geratzen_zaizkigu_eta_bigarren_postu_hori_dugu_buruan.htm Tue, 03 May 2022 00:00:00 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/paperekoa/1948/022/001/2022-05-03/bi_partida_geratzen_zaizkigu_eta_bigarren_postu_hori_dugu_buruan.htm


Rayori 4-0 irabazita, Txapeldunen Liga jokatzeko aukera lortu duzue. Gustura zaudete?

Bai, noski. Ikusita denboraldia nola joan den, Txapeldunen Ligarako sailkatu nahi genuen, baina egia da bigarren postuaren bila goazela. Oraindik sei puntu daude jokoan, eta horren bila goaz.

Azken partidan, gainera, protagonista izan zinen, hiru gol sartuta. Momentu ona hat-trick bat egiteko, ezta?

Bai, bai. Oso pozgarria da niretzat halako partida batean taldeari laguntza hori eskaintzea. Eta gainera, hemen goian [Zubietako Z7 zelaian] bizi izan genuen guztiagatik, are gehiago.

Realarentzat egun historikoa izan zen igandekoa, estreinakoz sailkatu baitzen Txapeldunen Ligarako. Konturatzen zarete zer lortu duzuen?

Hain gertu ikusi dugu azkenaldian sarrera hori, uste baitut oraindik ez garela ondo jabetzen zer egin dugun. Historia egin dugu. Emakumezkoetan, klub honen posiziorik onena bosgarren postua izan da. Eta oraintxe bertan bigarren postuan gaude, Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortuta.

Barneratzeko denbora beharko duzue?

Bai. Agian, behin dena amaitutakoan, orduan konturatuko gara zer lortu dugun, eta noraino iritsi garen.

Zer sentitu zenuten epaileak amaiera adierazi zuenean?

Sentimendu asko: poza, lehenengo. Jendea, taldea, emaitza... Oso zaila da hitzekin deskribatzea, baina hainbat gauza sentitu nituen: ilusioa, poza, harrotasuna... Gauza positibo asko.

Zelaian bertan ospatu zenuten garaipena, zaleekin batera. Nolakoa izan zen une hori?

Izugarria. Egia esan, atzo [herenegun] zegoen giroa ez dut nire ibilbide osoan beste inoiz ikusi. Zerbait magikoa izan zen. Hasiera-hasieratik, lehenengo gola sartu genuenetik, jendea bizkarrez jarri zenean eta bufandak airean... Ez dakit, izugarria izan zen, eta niri oilo ipurdia jarri zitzaidan partida erdian, partida osoan.

Eskertzen da zaleen bultzada?

Bai, eta ez bakarrik aurrekoan. Igande askotan egon dira hemen, Z7an, hotzarekin, euriarekin, haizearekin... Eta jendeak laguntza eman digu, jendea egon da, eta hori beti da eskertzekoa. Baina igandekoaren inguruan denok diogu gauza bera: berezia izan zen.

Ikusi duzu partidaren laburpena? Edo ospakizunen bideoak ikusi dituzu?

Egia esan, telefonoa ez dut asko hartu. Mezu asko ditut, eta uste dut guretzako momentu bat zela, ez telefonoarekin egotekoa. Ikusi nituen laburpeneko hiru minutu edo, baina ez gehiago. Taldekoak egon ginen, denak elkarrekin, eta nire ustez hori da garrantzitsuena.

Eta biharamuna, nolakoa izaten ari da?

Oraindik bi partida geratzen zaizkigu, eta bigarren postu hori dugu buruan. Orduan, egia da pozik gaudela, ilusioz beterik, baina lanean jarraitu behar dugu.

Diozun moduan, denboraldia oraindik ez da amaitu, eta saria handiagoa izateko aukera dago. Bigarren postuan bukatuko duzue geratzen diren beste bi partidetan puntu bat urratuz gero.

Bai. Denboraldi osoan egon gara bigarren postu horretan, eta oso zaila da hain erregularrak izatea. Argi daukagu Txapeldunen Ligara sartu behar genuela, eta hori zela helburua, baina benetako helburua bigarren postua da.

Horrek Txapeldunen Ligan kanporaketa bat gutxiago jokatzea ekarriko luke. Alde handia dago?

Bai. Datak kontuan izanda, oso desberdina da postuaren arabera. Asko ematen dizu hurrengo denboraldia hobeto prestatzeko.

Horretaz gain, kontuan hartuta Bartzelona, ligako txapelduna, beste maila batean dagoela, lurtarren artean onenak izatea lortuko zenuten.

Bartzelonaren aurka lehiatzea oso zaila da. Saiatzen gara, baina oraindik ez dugu lortzen. Eta beste liga horretan edo, bai, gu geundeke hor goian.

Sasoiaren hasieran espero zenuten hain goian egotea? Udan hamar jokalarik taldea utzi ostean, zalantzak sortu ziren.

Egia da dudak dituzula. Hamar jokalari joan ziren, garrantzitsuak zirenak, zelaian eta zelaitik kanpo. Azkenean, beti sortzen zaizkizu duda horiek. Baina denboraldiaurrea hasi genuenetik, ikusten nuen taldean zer maila ematen genuen entrenatzen eta lehiatzen, eta konfiantza osoa nuen. Hasieran ezjakintasun hori duzu, baina gero, konfiantza osoa nuen taldean. Eta emaitzetan ikusi da. Hasiera-hasieratik egon gara bigarren postu horretan, eta hori ez da batere erraza.

Zein izan da gakoa?

Uste dut lehiatzen jakitea izan dela. Azkenean, egia da joko mota bat dugula, konbinatiboa, asoziatiboa... aukera asko sortzen ditugu. Baina momentu txarretan eta partida zailetan jakin dugu trantsizioetan golak sartzen edo ondo defendatzen. Talde izate horren ondorioa izan da.

Zaila da halako denboraldi erregularra egitea?

Zaila da maila ona ematea hasieratik bukaeraraino. Realak egin duena eta egiten ari garena oso zaila da.

Batasuna transmititu duzue zelaian eta handik kanpo. Horrek laguntzen du?

Talde izatearen indar hori nabaritzen da. Gauzak gaizki doazenean, partida zailak daudenean... Egon dira denbora tarteak, Bartzelona, Atletico, Kopa... dena batera izan zen, garai zailak izan ziren. Baina elkarrekin pasatu genituen, elkarrekin atera ginen, eta orain elkarrekin ari gara gauzak ospatzen.

Eta taldeak behin helburua lortuta, datozen urteetan hazten jarraitzea da asmoa?

Bai. Gelditzeko etorri gara.

Jokalari garrantzitsua izan zara aurten ere. Kolektiboki helburuak lortzeaz gain, pertsonalki gustura zaude egiten ari zaren lanarekin?

Bai, noski. Urte osoan, hasieratik, eta nola amaitzen ari naizen ere, oso gustura nago egindakoarekin. Eta lanak fruituak ekarri dizkidala uste dut.

Hamasei gol eta zortzi asistentzia daramatzazu. Ez dago batere gaizki.

Niretzat oso datu politak dira.

Garrantzitsua zara taldean, eta, Nerea Eizagirrerekin batera, arreta gehien piztu duen jokalaria zara. Presiorik eragin dizu horrek?

Alderdi psikologikoa ere landu behar da, eta lantzen dut. Bestela, zaila izango litzateke. Dena ondo doanean eta gauzak ateratzen direnean erraza da, baina denboraldi txarrak datozenean-eta taldeari begiratzen zaio, eta batzuk erakusleiho horretan gaude. Horrek psikologikoki lan bat dakar.

Zama sumatu duzu?

Agian hasieran apur bat gehiago kostatu zitzaidan, baina prozesu bat da. Lanketa psikologiko hori egin dut, eta ondo eraman ditut gauzak.

Igandeko partida amaitzean, Natalia Arroyo entrenatzailea airatu zenuten. Funtsezkoa izan da lorpenean?

Esango nuke baietz. Honen guztiaren gida hura da; hura da lemazaina, eta haren bideari jarraitzen diogu.

Aho asko itxi ditu, uda gorabeheratsu baten ondoren.

Kritikak beti egon dira, eta beti egongo dira. Pertsonalki, ez dut ikusten ahoak ixtea bezala, eta uste dut hark ere ez duela horregatik egin. Berea defendatzeko egin du.

Nola definituko zenuke entrenatzaile gisa? Zer eman dio taldeari?

Oso garrantzitsua den gauzetariko bat taldeak zelaian duen nortasuna da. Berdin du noren kontra jokatzen dugun, etxean edo etxetik kanpo, Realak nortasun finko bat du. Joko mota ikusgarria du; asko ausartzen gara, eta uste dut dibertigarria dela egiten dugun jokoa: aukera asko, trantsizio asko, joko polita... Uste dut hori dela Nataliak eman diguna. Nortasun hori guk ere horrela sentitzea, eta horregatik egitea. Sentitzen duguna egiten dugunean, errazago dira gauzak. Nataliak ausardia hori eskatzen digu. Uste dut hori dela haren alderdi onenetako bat.

Erraz barneratu dituzue haren ideiak?

Gauden jokalarioi hori gustatzen zaigu. Nortasun horrekin oso identifikatuta sentitzen gara. Realaren identitate horrekin ondo sentitzen gara.

Eta zuri zer eman dizu?

Ausarta izate hori uste dut garrantzitsua dela, eta Nataliak hori eskaini dit. Egia da lehenengo urtean agian hasieran pixka bat kostatu zitzaidala sartzea, eta hark horrela erabaki zuen; baina hortik aurrera, konfiantza osoa eskaini dit, eta oso eskertuta nago.

2025era arte luzatu zenuen kontratua: proiektuaren parte izaten segitu nahi duzunaren seinale.

Bai. Oso ondo nago hemen, oso pozik. Pribilegiatua sentitzen naiz proiektu honen parte izateagatik. Uste dut nik klubari eta klubak niri, eskutik helduta, gauza on asko eman diezazkiokegula elkarri.]]>
<![CDATA[«Atal mentala lantzea emaitzak ematen ari zait»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/020/001/2022-04-28/atal_mentala_lantzea_emaitzak_ematen_ari_zait.htm Thu, 28 Apr 2022 00:00:00 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/paperekoa/1857/020/001/2022-04-28/atal_mentala_lantzea_emaitzak_ematen_ari_zait.htm
Caparician (Portugal) jokatutako txapelketaren ondoren, Challenger Series-erako sailkatzea lortu zenuen. Gustura zaude?

Bai, erronka zaila izan da. Emakumezkoen surfeko maila igotzen ari da, abiadura handian. Erronka anbiziotsua zen. Gainera, ez zegoen akatsik egiteko tarterik. Izandako konstantziarekin gustura nago. Nahiko nuke txapelketa batean final-laurdenetako barrera hori pasatu izan banu, baina pozik nago izandako jarraitutasunarekin. Kostatzen zitzaidan zerbait zen.

Aurtengo helburuetako bat zen sailkapen hori lortzea?

Bai. Azkenean, Challengerrean egoteak aukera ematen dizu surfean ametsa izan daitekeen hori lortzeko: CTra igotzea eta olinpiadetan egotea. Gero, lana dago aurretik bi helburu horietako bat edo biak lortzeko, baina pausoz pauso joan behar da. Eta aurrena hori da. Inportantea da aukera izatea munduko onenen aurka lehiatzeko eta borrokatzeko.

Konfiantza ematen dizu?

Erregularra izatea kostatu egiten zitzaidan: oraintxe txanda onak egiten nituen, eta gero beste batzuk txarrak. Konstantzia hori izatea garrantzitsua da. Entrenamenduek eragina dute, baina askotan handiagoa du alde emozionalak; anbiguoena eta konplexuena izan ohi da. Kasu honetan, kirol heldutasunak ere eman dit hori. Lehen, uretan lan asko eginda ere, ez nuen egonkortasuna lortzen, eta frustratu egiten nintzen. Konstantzia lortu izanak konfiantza ematen dit datorrenari aurre egiteko.

Jarraitutasuna lantzen aritu zara, beraz.

Bai. Azkenean, ligak, zirkuituak eta beste ez dira lortzen txapelketa edo txanda batean. Batzuetan, kostatzen zaigu presioa kudeatu eta ondo egitea. Apurka, esperientziak eta erronkak pilatuz joanda, eta horren ondo egin ez duzun horretatik ikasita, lortzen zoaz. Baina lan asko egin behar duzu, eta arduratu egindako akatsez eta gabeziez. Asko lantzen dut atal hori. Kirol honetan, erabakiak hartzea, ziurtasuna, frustrazioa eta itsasoak ematen dizun ziurgabetasun hori kudeatzea ez da erraza; eta askotan hori dena etxetik kanpo egin behar da. Atal mentala lantzea, psikologikoa eta emozionala, emaitzak ematen ari zait.

Eta orain, nola helduko diozu sasoiari? Zer erronka dituzu?

Erronka argi dago. Aukera dut Challengerretan egoteko, eta prestatu behar ditut. Aurreko urtean lehiatu nintzen lehen aldiz, eta horren ongi kudeatu ezin izan nituen gauzak landu nahi ditut. Presio handia sentitu nuen; denboraldiak jota utzi ninduen. Bigarren aldian esperientzia apur bat gehiagorekin zoaz, eta badakizu zeri egingo diozun aurre. Esperientzia hori erabiliko dut modu libreago batean lehiatzeko. Uste dut hori dela lehiatzeko era onena. Ez horrenbeste beldurrez, baizik ilusioz eta gozamenez.

Udan Tokioko Olinpiar Jokoak jokatu ziren. Han egoteko xedea zenuen, baina ez zen posible izan. Arantza gelditu zaizu?

Egia da kolpe gogorra izan zela. Urte askoan nengoen ilusio horrekin; begiz jota neukan. Orain, denbora pasatuta, beste modu batera ikusten dut: egia da gustatuko litzaidakeela egotea, baina ikasketa handi bat ere izan zen. Eta hori ere ari zait egun emaitzak ematen. Oxala, 2024an Parisen egongo banintz, baina ikasi dut niretzako sanoena eta justuena aurten dudanari erreparatzea dela. Gauza asko ez daude nire esku. Hasieran 2020an ziren Jokoak, gero bizkarreko ebakuntza bat izan nuen, pandemia bat... Luzera ere begiratu behar duzu, baina batik bat luze gabe. Disfrutatzen saiatzea eta Australiako lehiarako prest egotea da orain egin dezakedana.

Ibilbide oparoa duzu. Besteak beste, Espainiako txapeldun izan zinen 2017an eta 2018an, eta Europako txapeldunorde 2017an. Gero, lesio batek markatu zizun ibilbidea. Gogorra izan zen?

Bai, ustekabean etorri zen. 26 urte nituen, urte eta erdi falta zen Tokiorako, urtebete sailkapenerako... Horrez gain, hasieran esan zidaten ezingo nuela gehiago surf egin. Lehen orduetan ez nekien berriro ibiltzerik izango nuen ere. Handi samar geratu zitzaidan. Uste dut inoiz ez zaudela prestatuta; inoiz ez duzu halakorik espero. Baina uste dugun baino askoz indartsuagoak gara. Gogorra ez zen izan entrenatzea, errehabilitazioa... Niretzat gogorra esperantza izatea izan zen, merezi zuela pentsatzea: mediku batek ezetz zioen, hurrengoek ere berdin, eta beste batek, agian. Eta hala ere operazio gelan sartzeari aurre egitea... aukera ere bazen ez operatzea. Ibili ahal nuen, baina ezin nuen kirola egin. Erabaki asko hartu behar izan nituen, ziurtasunik izan gabe. Gogorra izan zen, baina ikasketa prozesu handi bat ere bai. Dena ondo atera zen, eta zortea izan nuen. Indarrak atera behar dituzu ez dituzun tokitik. Alboan, baina, jende asko izan nuen.

Fisikoki bakarrik ez, psikologikoki ere lanketa handia egin behar izan duzu.

Bai. Iruditzen zait kirolari batentzat errazena entrenatzea eta gimnasiora joatea dela. Zailena, lesioak alde batera utzita, sakrifizioei aurre egitea da. Kirolari izatea erabakitzen duzunean, zer ez izan ere hautatzen duzu, zer ez egin: ez egotea zure bizitzako momentu inportante batzuetan. Eta lesioak zulo hori ireki zidan: ez banaiz surflaria, nor naiz? Horri aurre egitea gogorra izan zen. Gero, itzulitakoan, beste askatasun bat eman dit horrek. Sentitzea kirolari izatea erabaki bat dela, eta ez behar bat. Laguntza handia izan dut, Gorka Alegriarena eta kirol psikologoarena.

Aurrerantzean, zein dira zure helburuak edo ametsak?

Nire ametsa, orain, apur bat gehiago disfrutatzen saiatzea da. Gozamenez eta ilusioz aritzea, ez horrenbeste beldurrez eta presioarekin. Uste dut, gainera, hobeto lehiatzen naizela horrela. Eta gustatuko litzaidake bidea txikitatik ondoan izan ditudan pertsonekin partekatzea. Gustatuko litzaidake hori guztia integratzea, eta horrek emaitzak ekartzea. Baina horrenbeste sakrifikatu gabe nire bizitza. Hainbeste bakartu gabe; hori gero bueltan dator. Uste dut hori izan daitekeela egiteko modu bat. Nahiko nuke Parisen egotea, CTra sailkatzea, baina, izan dudan esperientziagatik, gertura begiratu nahi dut: Australia dut laster, eta han zenbat eta hobeto egin, gertuago egongo naiz helburu horietatik.]]>
<![CDATA[Onena emateko ilusioarekin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1901/020/001/2022-04-22/onena_emateko_ilusioarekin.htm Fri, 22 Apr 2022 00:00:00 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/paperekoa/1901/020/001/2022-04-22/onena_emateko_ilusioarekin.htm
Eta, horretarako, dituen arazo fisikoak gainditzea izango da lehen urratsa. Horretan dabil: «Bi hilabete egon naiz ibili ere ezin nuela egin, orkatilan edema bat nuelako. Duela hilabete eta erdi hasi nintzen berriro bizikletan, eta orain arteko sentipenak oso txarrak izan dira. Indarrik gabe nengoen. Amstel Gold Race proban, ordea, hobeto sentitu nintzen». Ordura arte, entrenatzeko garaian ere ez zebilen eroso. «Oraindik ez dut indarrik eraso gogorrak jotzeko, baina uste dut pauso bat eman dudala aurrera». Euskal Herriko Itzulirako osatu nahiko luke: maiatzaren 13tik 15era egingo da. Hala, tartean jokatutako probak prestakuntza moduan hartuko ditu: «Lasterketa bat da entrenamendurik onena». Egin du jada Fleche Brabançonne lasterketa, eta Lieja-Bastogne-Lieja du hurrengo proba, Itzuliaren aurretik.

Lehen sasoia du Merinok Le Col-Wahoo taldean. Italiako Monex taldean jardun zuen iaz; ez ditu oroitzapen samurrak: «Oso urte gogorra izan zen. Ez nuen talde bat. Arropa eta bizikleta eman zidaten pertsona batzuk zeuden, baina ez askoz gehiago. Ez nuen sostengurik, ezta talderik ere. Lasterketetan bakoitza bere aldetik zihoan: ez genuen talde moduan korritzen». Azkenean, desagertu egin zen Monex, eta, ondorioz, denboraldi bukaerako proba asko ezin jokatuta geratu zen txirrindulari bizkaitarra. Aitortu du ez ziotela ezer esan. «Bolada txarra pasatu nuen». Bai fisikoki eta bai psikologikoki neurria ezin hartuta aritu zen.

Beste aldarte batekin ekin dio aurtengo sasoiari: gogotsu eta ilusioarekin. Gustura dago taldean: «Hasiera-hasieratik, familia baten moduan tratatu naute, eta beti animatu naute borrokan jarraitzera. Ez da talde handi-handia, baina talde bat osatzen duten pertsonek egiten dute hura handi». Gainera, alboan dituen kideak fisikoki «indartsuak» direla dio, eta multzo on bat dutela ziurtatu.

Itzulia begiz jota

World Tour baino koska bat beherago ari da Merino, baina, azaldu duenez, nahi zituzten gonbidapen guztiak lortu dituzte: «Niretzat, inportanteena Frantziako Tourrean egotea zen, eta lortu dugu hori ere». Gogotsu dago, beraz.

Igotzaile petoa izanik, lasterketa gogorretan ibiltzen da erosoen. Hala ere, taldeak aukera eman dio bere ezaugarrietara horren ondo egokitzen ez diren lasterketetan parte hartzeko. Ontzat hartu du, hartara «beste arlo batzuk» ere landu ahal dituelako.

Sasoiari erreparatuz, hainbat proba ditu egutegian gorriz markatuta. Itzulia da horietako bat: «Etxeko lasterketa da, eta badakigu nolakoak diren Euskal Herriko zaleak: errepide guztiak beteko dituzte. Aipatze hutsarekin oilo ipurdia jartzen zait». Oraindik ez daki nolakoak izango diren etapak, baina gogor samarrak izatea espero du. «Maiatza nire garai erabakigarrietako bat izango dela uste dut». Itzuliaren ondoren, Burgosko Itzulia du begiz jota, eta jarraian Frantziako Tourra. Emakumezkoen lehena izango da, eten luze baten ondotik. «Maila handia egongo da: guztiek joan nahiko dute, eta lehenengo irabazleak izan». Espainiako Vuelta eta Munduko Txapelketa ere aipatu ditu; denboraldi amaieran izango dira.

Eta argi du zein den bere nahia: «2018ko Eider Merino aurkitzea eta gainditzea». Hain zuzen, goia jo zuen urte horretan. Haren lorpenak ez ziren nolanahikoak izan: hirugarren izan zen Ardecheko Itzulian; zortzigarren Italiako Giroan, eta errepideko Espainiako txapelketa irabazi zuen; Movistarren zebilen orduan. Geroztik, baina, beherantz egin du, eta herrenka aritu da. «Ia-ia arrastaka», dioenez. Gogotsu itzuli da aurten, eta duela hiru urteko maila lortu eta gainditzea du asmoa. «Kirolariok beti nahi dugu gehiago». Horretarako ari da lanean, onena emateko ilusioarekin.]]>
<![CDATA[Maldan gora, balazta sakatuta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1840/025/001/2022-04-12/maldan_gora_balazta_sakatuta.htm Tue, 12 Apr 2022 00:00:00 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/paperekoa/1840/025/001/2022-04-12/maldan_gora_balazta_sakatuta.htm
Halako egoera konplikatuetan, gainera, min berezia egiten dute herenegungoa bezalako porrotek. Partidaren hondarrean joan zitzaion Alavesi Osasunaren kontrako derbia. Bi taldeek berdinketa ontzat ematen zutela zirudienean, Ante Budimir azaldu zen, eta sareetara bidali zuen baloia, 93. minutuan. Esku hutsik geratu ziren arabarrak beste behin.

Entrenatzaile aldaketak, oraingoz, ez du lortu taldearen dinamika aldatzea. Julio Velazquez Alaveseko teknikari berriak ohartarazi zuen zaila eta gogorra izango zela, baina mezu argia eman zuen: mailari eustea posible dela. Esperantza horri eutsi eta lanean segitzea tokatzen zaie orain.

Garaiz dago azken kolpea barneratu eta altxatzeko, baina azeleragailuari sakatzen hasi beharko du, berandu baino lehen. Zazpi final ditu aurretik.

Denboraldi amaierako neurketek bestelako kutsua izango dute Osasunarentzat. Ustez, eginak ditu sasoi honetako lanak, baina ez du azken hitza esan: zeharka Europara begira jarraitzen du. Nafarrek 41 puntu dituzte, eta bostera dute Vila-Real, zazpigarren sailkatua. Zaila dirudi, baina ez ezinezkoa.

Gertuago begiratzen dio Europari Athleticek. Hain zuzen, puntu bat lortu du asteburuan toki horren lehian dabilen Vila-realen aurka. Berdinketak, gainera, badu balio berezi bat: sasoia berdinduta amaituz gero, bi taldeen arteko partidetako emaitzek Athletic jarriko lukete aurretik. Ate aurrean eraginkorragoa izatea da talde zuri-gorriak findu beharko duen arloetako bat. Gainerakoan, erakusten ari da onenei aurre egin eta goiko postuetan egoteko gai dela.

Martxa hartuta

Bolada onean da Reala. Azken hamabi puntuetatik hamar eskuratu ditu, eta bete-betean sartu da Txapeldunen Ligan postu bat lortzeko lehian.

Oraintxe, seigarrena da, 54 punturekin; 56 ditu bosgarrenak, Betisek, eta 57 dituzte Atletico Madrilek eta Bartzelonak —kataluniarrek bi partida gutxiago jokatu dituzte—. Txuri-urdinek ondo bideratua dute datorren sasoian Europan izatea, baina beren eskuetan dute sari handiagoa lortzea. Ikusiko da ea hasi bezain ondo amaitzen duten sasoia.]]>
<![CDATA[Bihar abiatuko da Korrika]]> https://www.berria.eus/albisteak/211509/bihar_abiatuko_da_korrika.htm Wed, 30 Mar 2022 18:34:41 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/albisteak/211509/bihar_abiatuko_da_korrika.htm Korrika debekatu egin dute Madrilgo Chamberi barrutian Jarraipena Euskarazko komunikabideek 22. aldiaren jarraipen berezia egingo dute, eta kilometro guztiak ikusi ahalko dira Internet bidez zein telebistaz: BERRIAk eta beste hainbat hedabidek -hala nola Hamaikak eta EITBk- streaming bidez emango dute Korrikaren ibilbide osoa. Komunikabideek zuzeneko saio berezia egingo dute lehen eta azken egunetan. BERRIAk, gainera, luze eta zabal emango du Korrikaren berri, eta webgunean atal berezia izango du; Julen Aperribai kazetaria eta Olatz Artola multimedia arduraduna Korrikaren furgonetan joango dira. Berria telebistan Ekin! saioa egingo dute egunero: 08:00etan, ibilbidea zabalduko dute sare sozialetan; 10:00etan, bideo kronika bat egingo dute Aperribaik eta Artolak -aurreko egunak zer eman duen eta egunak zer dakarren aztertuko dute-; 16:00etan, elkarrizketaren txanda iritsiko da, eguneko Kilometro eta protagonista berezi batekin; eta 20:00etan, musikari batek egindako kanta emango dute. 11 musikarik sortuko dituzte kantak: STR-k, La Basuk, Eneko Axpek, La Furiak, Maite Arroitajauregik, Leire Etxezarretak, Ines Osinagak, Eneritz Furyakek, Nahia Zubeldiak, Odei Barrosok eta Gartxot Unsainek. Gainera, webgunean mapa interaktibo bat egongo da erabilgarri: Korrika non dabilen eta egun bakoitzean nondik nora ibiliko den kontsultatu ahalko da. Argazki bildumak ere zabalduko ditu. Papereko edizioan, berriz, Julen Aperribairen kronikak irakurri ahalko dira.]]> <![CDATA[Korrika debekatu egin dute Madrilgo Chamberi barrutian]]> https://www.berria.eus/albisteak/211503/korrika_debekatu_egin_dute_madrilgo_chamberi_barrutian.htm Wed, 30 Mar 2022 09:44:55 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/albisteak/211503/korrika_debekatu_egin_dute_madrilgo_chamberi_barrutian.htm Bihar hasiko da Korrika, Amurrion (Araba). Egun osoko jaiak girotuko du lasterketaren hasiera. Hala, gogoan izateko zenbait ohar eman dituzte. Ekitaldi nagusia 16:00etan abiatuko da; lasterketa, berriz, 16:30ean jarriko da martxan. Ohartarazi dute lekukoaren, pankartaren eta furgonetaren artean ezingo dela inor sartu: «Eremu hori guztiz errespetatu behar da. Plazan, furgoneta ez denez egongo, antolakuntza talde batek mugatuko du tokia». Furgonetan egongo den antolakuntza taldearen argibideak aintzat hartzeko ere eskatu dute. Lasterketako argazkiak webgunean argitaratuz joango dira, eta zuzeneko emankizuna egingo dute.]]> <![CDATA[Tanzaniako presa baten proiektuak alarmak piztu ditu, baina aurrera segitzen du]]> https://www.berria.eus/albisteak/211470/tanzaniako_presa_baten_proiektuak_alarmak_piztu_ditu_baina_aurrera_segitzen_du.htm Tue, 29 Mar 2022 09:05:46 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/albisteak/211470/tanzaniako_presa_baten_proiektuak_alarmak_piztu_ditu_baina_aurrera_segitzen_du.htm <![CDATA[EITBko Erredakzio Kontseiluak Pablo Gonzalez askatzeko eskatu du]]> https://www.berria.eus/albisteak/211401/eitbko_erredakzio_kontseiluak_pablo_gonzalez_askatzeko_eskatu_du.htm Mon, 28 Mar 2022 11:42:48 +0200 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/albisteak/211401/eitbko_erredakzio_kontseiluak_pablo_gonzalez_askatzeko_eskatu_du.htm maiatzaren 29ra arte egongo dela preso. Kazetariaren egoeraren inguruan, ohar bat kaleratu du EITBko Erredakzio Kontseiluak, eta Gonzalez askatzeko eskatu du: «Poloniako agintariak Gonzalezek herritar eta kazetari bezala dituen oinarrizko eskubideen kontra ari direla salatzen dugu». Adierazi dute ezin dela kazetari baten espetxeratzea justifikatu haren nazionaniltatea, hizkuntza edo kazetaritza lana aitzakiatzat hartuta: «Informazio eskubidearen alde agertzen gara». Kritika egin diote Espainiako Gobernuak eta euskal erakundeek auziari emandako erantzunari ere, eta horien jarrera «epela» izan dela salatu dute. Eskatu dute «gehiago» egiteko Gonzalezen eskubideen alde. Halaber, babesa helarazi diote familiari.]]> <![CDATA[Sentipen onak itzuleran]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/020/001/2022-03-23/sentipen_onak_itzuleran.htm Wed, 23 Mar 2022 00:00:00 +0100 Jone Bastida Alzuru https://www.berria.eus/paperekoa/1898/020/001/2022-03-23/sentipen_onak_itzuleran.htm
Itxialdiaren ondorengo lan saioetara itzuli eta gutxira hartu zuen min Areitiok. Ebakuntza egin zioten, baina gauzak okertu egin ziren gero. «Bakterio bat bilatu zidaten belaunean. Bigarren ebakuntza hori dezente gogorragoa izan zen». Lesionatu zenean trialetik «apartatu» zela adierazi du: «Ez ditut lehiaketak ikusi, eta ez dut aurkarien jarraipena egin». Baserrian hartu du babes, hango eguneroko lanetan: «Baserria niretzat beti izan da oso garrantzitsua, eta oraindik ere bada». Halere, etenaldian, beti izan du presente triala: «Gorputza hobeto sentitzen hasi nintzenean, fisikoki hobeto nengoenean, trialean berriro hasteko grina sortu zitzaidan. Behin ere ez dut pentsatu bizikleta uzteko garaia iritsi denik».

Bi urte eta erdiren ondoren itzuli da lehiatzera, hain zuzen. Eta, aspaldiko partez, disfrutatu egin zuen Murtzian. «Asteburuan inoiz baino gehiago gozatu nuen triala egiten. Lesioa izan aurretik, beste perspektiba bat nuen kirolarekiko: helburu finko batzuk nituen. Asteburuko sentsazioa guztiz desberdina izan zen». Dominak lortzeko lehian egon nahi du berriro, baina bestelako bizipen eta esperientzietan ere arreta jarriz, eta horiei balioa emanez.

Bide horretan, Munduko Txapelketara joatea da haren nahia denboraldi honetan. Abu Dhabin (Arabiar Emirerri Batuak) egingo da, azaroan. Han izateko sailkatu nahi du: «Momentu honetan, Espainiako selekzioaren barruan nago, baita egiten diren entrenamenduetan ere. Baina azaroan izango da Munduko Txapelketa, eta hara joateko postua irabazi behar dut». Halere, Murtzian izandako sentipenekin jarraituz gero, onartu du «gehiagorako» aukerak ere izan ditzakeela. Oraingoz, baina, hor jarri du xedea.

Irene Caminosek ere (Tolosa, Gipuzkoa, 1998) Munduko Txapelketan du begirada jarria: «Hori da helburu garrantzitsuena. Urte guztiko lana egun batean jokatzen dugu; proba batera da». Azkenekoan ezin izan zuen parte hartu, lehiaketa hasi baino bi egun lehenago koronabirusean positibo eman zuelako. Gaitzak gogor jo zuen, gainera, eta galarazi egin zion gero Munduko Kopan bere onena ematea. Indarrak berrituta itzuli da orain, eta ondo ekin dio denboraldiari. Caminosek ere Murtzian izan zuen sasoiko lehen proba, Espainiako Kopan. Hirugarren postua lortu zuen. «Oso gustura nago. Lehengo urtean gauzak ez zitzaizkidan nahi nuen moduan atera. Asko prestatu nintzen Munduko Txapelketarako, eta ezin izan nintzen joan. Denboraldia nahiko markatuta geratu zitzaidan. Aurten sentsazio onekin hastea nahi nuen. Eta, ematen duenez, ondo hasi gara». Ilusioz ekin dio sasoiari, eta badu beste pizgarri bat ere: «Ion berriro bueltan da. Bere falta sumatzen nuen». Trialeko entrenamenduak elkarrekin egiten saiatzen dira.

Garaipen zerrenda oparoa dute bi trial txirrindulariek. Areitiok Europako Txapelketa irabazi zuen 2018an, baita taldeka Munduko Txapelketa ere; urte horretan, bigarren egin zuen banakakoan. 2016an, 2017an eta 2019an, berriz, brontzezko domina eskuratu zuen Munduko Txapelketan. Caminosek ere brontzezko domina lortu zuen 2017an Munduko Txapelketan, banaka; urrezkoa, berriz, taldeka, 2018an. Iaz Europako txapeldun ere izan zen.

Tolosarrak onartu du kostatu zitzaiola lorpen horiei balioa ematea: «Brontzezko domina 2017an lortu nuen, eta ez dut sinetsi duela gutxi arte. Ionekin batera eskuratu nuen; biok lortu genuen hirugarren postua. Oso polita izan zen».

Ametsa ere berbera dute: banaka ostadar maillota lortzea; hau da, Munduko Txapelketa irabaztea. Lanean jarraituko dute horretarako. Areitio: «Ez dakit lortuko dudan ala ez, baina, behintzat, trialean lehiatzen jarraitzen dudan momentutik hori izango da nire azken helburua, edo betetzeko geratzen zaidan bakarra».

Elkarrekin bidea urratuz

Areitiok eta Caminosek pasioz hitz egiten dute trial txirrindularitzaz. «Trialari dena zor diot», onartu du Hondarribikoak. Estimu handia diote elkarri, eta nabaritzen da harreman ona dutela. Caminosek adierazi du bidelagun duela Areitio: «Ion nire anaia bezala da. Hasi nintzenetik bera izan dut alboan. Bide honetan asko lagundu dit, eta asko dut eskertzeko». Aldebikoa da sentipena, eta Areitiok azpimarratu du «bidaide ezin hobea» dela Caminos.

Sarritan elkarrekin entrenatzeaz gain, elkarrekin joan ohi dira txapelketetara, eta dominak ere lehiaketa berean lortutakoak dira. Pasadizo moduan, hala kontatu du Areitiok: «Azkeneko Munduko Txapelketan ez nuen parte hartu, belaunetik lesionatuta nengoelako. Bera [Caminos] hautatuta zegoen, baina azkenean ez zen joan, positibo eman zuelako. Anekdota izan zen: zu ez bazoaz Munduko Txapelketara, ni ere ez noa [barrez]». Hala, bidea urratzen segitzeko asmoa dute, elkarrekin.]]>