<![CDATA[Jone Rubio | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 06 Jul 2022 11:47:15 +0200 hourly 1 <![CDATA[Jone Rubio | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Prekaritate kolektiboak eta alderantziz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2022-06-21/prekaritate_kolektiboak_eta_alderantziz.htm Tue, 21 Jun 2022 00:00:00 +0200 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2022-06-21/prekaritate_kolektiboak_eta_alderantziz.htm 'Pause'Artista: Iñigo Villafranca. Non: Uharteko zentroan (Nafarroa). Noiz arte: Uztailaren 3ra arte.

Pause titulupean, Uharte zentroak eta haren ekosistemak izandako garapenaren inguruan hausnartzeko saiakera egin nahi du zentroko Habitación espazioan egituratzen ari den azkenengo proiektuak. Zentroaren zuzendaritza berriaren esperoan, orain arte egindakoaren atzera begirakoa zein egungo testuinguruan izan duen eragina aztertzen du. Iñigo Villafranca artista da, zentroarekin elkarlanean, hausnarketaren ehulea.

Prozesu horretan, hausnarketa orokor eta lausoa proposatu beharrean, Nafarroako testuinguru artistikoaren parte den agente espezifiko baten kasua ikusarazten da, zeinak, inguruko agente artistikoen testuinguruak bildurik, ondorio anitz atera dituen. Testigantzen artean beti errepikatzen da egoera homogeneo bat: prekaritatea. Noiz hasten eta amaitzen dira lanaldiak? Beste zerbaitetan aritu behar al dira bizirauteko? Ba al dago lana eta bizitza banatzeko aukerarik?

Hortik abiaturik, hein batean dikotomikoak diren bi espazio eraiki ditu artistak: logela eta bulegoa. Lehenik, espazio ilun, gris eta zurrunak eginen digu harrera; bulegoak. Bada, gristasun hori urratzen duen proiekzio bat sumatzen da alboan, espazioaren kutsu hieratikoa zeharkatu, eta gristasun hori kolore morearekin argitzen duena.

Kontrastea sorrarazten du espazioak, artistaren lantokia eta artisten tailerraren iruditeria desegiten baitu. Mahai bat, aulkiak, ordenagailua... Alabaina, gerturatu eta materialak irakurri ahala, espazio estatiko eta neutro horren irakurketa ironikoaz ohartuko gara. Burua mahaian dauden objektuak aztertzeko makurtzen dugun unean, eskuorrian hurrengoa irakur baitezakegu: «Zailtasunik al duzu zure lanaldia noiz hasten eta noiz amaitzen den zehazteko? Nik ere bai, ez daukat konponbiderik, baina entzun dezaket».

Orduan, begirada altxatu eta albora zuzentzen dugun momentuan, testu bera mantentzen duten eskuorriek lurra zipriztintzen dutela ikusiko dugu, ordena deseginez, eta hitzak aldarrikapen bilakatuz. Desegite hori progresiboki handitzen da, eta txikitutako paper zati anitzek murrua inguratzen dutela sumatzen dugu. Instituzioek artisten lanekin duten harreman garratzaren kritika ikusarazten du modu horretan artistak. Askoren sustengua deialdietara aurkeztutako proiektuak dira; alabaina, bakarra da diru laguntza lortzen duena. Aukeratuak ez direnak espazioan aurkezten zaizkigun paper zati bihurtzen dira: txikituak, zatikatuak, deseginak...

Proiektuka lan egiteak eragiten duen deskonexio faltarekiko loturak eta tranpak igorririk, hurrengo espazioan logela dugu. Aurreko gunearekin kontrastean, espazioan zuritasuna da nagusi, artistaren bizipen propioekin lotutako iruditerien bitartez bizitasuna eta erritmoak sortzen dituena.

Deigarriena erdialdeko ohea da, katedun alfonbra baten gainean kokatua dagoena: hausnarketekin jarraitzeko espazioa, deskantsatzeko gunea, ezinegonak azaleratzen dituen atmosfera?

Espazioak, arrotza izan beharrean, alegiazko ipuin baten estetika eta iruditeria goxoak errepikatzen ditu, eta ikusleokin zuzen-zuzenean konektatzen du.

Artista baten egoera espezifikotik abiatuta, egoera hedatzen dela ikustarazten du. Nolabait ere, bertaratzen garenon egoera pertsonalekin bat egiten baitute ezaugarriek, istorioek eta irudiek.

Egoera indibidual hori kolektiboa dela ikusarazten da. Bi espazioek sorrarazten dituzten kontrako egoerek zeharkatuko gaituzte, erosoa eta deserosoa, intimitatea eta esposizioa... Eta, hein handi batean, espazioak aztertu eta okupatu ahala, ondorioztatuko dugu hain kontrakoak diruditen horien ezberdintzea ez dela hain bortitza. Koloreek, ezaugarriek, irudien istorioek eta artxiboek ikusaraziko digute kontrakoa den horrek alderantzizkoa blaitzen duela, eta alderantziz.]]>
<![CDATA[Irudien geruzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-06-07/irudien_geruzak.htm Tue, 07 Jun 2022 00:00:00 +0200 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-06-07/irudien_geruzak.htm 'Azken eguna parkean'Artista: Paula Huarte. Non: Montehermoso kulturunea, Gasteiz. Noiz arte: Ekainak 12ra arte.

Zerbaiten amaierak beste zeozeren hasiera ekar dezake; alegia, amaitzear dagoen horrek zerbait berri bihurtzeko arriskua, onura, zoria dakar. Arteak prozesu horiek ikusarazteko onura du zenbaitetan, amaitzear dagoen horren transformazio prozesuaren sintomak kristalduz. Bada, kristaltze prozesu horretan kokatzen dela sentiarazten digu Paula Huartek, Gasteizko Montehermoso Kulturunean dagoen Azken eguna parkean erakusketaren bitartez.

Haurtzaroa samurtasunarekin, goxotasunarekin lotu izan dugu askotan: inozentzia, ezjakintasunak luzatzen duen alaitasun lausotua, etengabeko jolasa... Hortxe kokatzen gaitu mostrak hasieran, Jovellanos erakusketa aretora ailegatzeko zeharkatu behar den pasabide estu, isil eta luzearen iluntasunean barneratu ostean. Espazio ireki, karratu eta txiki hartan, koloreek, marrazki bizidunen iruditeria goxoak eta naturarekin lotutako soinuek zeharkatzen gaituzte: loreak, txorien txioak, haurren barreak... Momentu horretan bertan, erakusketa aretoa atzean utzi dugula, alegiazko ipuin oniriko baten eszenografiak inguratu gaituela sumatzen dugu.

Aretoaren erdigunean, aldare baten kokapenarekin alderatu genezakeen instalazioa dugu, zeinak espazioranzko ongietorria egiten digun: edozein kontakizun tradizionalekin aldera genezakeen piknik baten eszena. Haurrak jolasean, animaliak, kafe pitxerrak...

Espazioa irekia den heinean, ibilbidea askea da. Bada, bertan urperatzen garen momentuan, idulkietan goratutako hainbat zeramika sumatzen dira. Eta horiek dira, nolabait, gorputzak espazioan egituratu behar dituen mugimenduak zehazten dituztenak. Halatan, erritmoak sortzen dira, orekatuak, leunak, lasaiak... eta prozesu hori murruetan esekita dauden artilezko tapizetara hedatzen da. Halatan, prozesua ez da hormetan amaitzen, sabaian zintzilik eszenografia osatzen duten konposizioak baitaude.

Alabaina, lehenengo begi kolpean ikusten dugun horrek bigarren kolpe batean ikusten dugunaren bestelakoa den zerbait adieraz diezaguke. Horrek ez du esan nahi aldaketarik dagoenik, ikuskatze prozesuan informazioa ehundu, lotu eta osatzen dela baizik. Eta hori da, hain zuzen, erakusketa aretoan sumatzen dena. Hasierako poztasun melenga horrek geruzak dituela ondorioztatzen dugu; gozotasuna garraztu, zikindu eta ilundu egiten da.

Horren adierazle nagusia da espazioaren hasieran aurkezten zaigun pieza: loreontzia. Idulkian goraturik zeramikaz eginiko loreontzia ikusten da, zeinetan loreek moduren batean arroztasuna igortzen diguten. Beherantz daude begira. Gerturatzen garen heinean, haren azpian ispilu bat dagoela ikusten da. Eta bertan, loreek ezkutatzen dituzten adierazpenek zeharkatuko gaituzte. Ez baitira ohiko landareak, haien tristurak beheratzen dituen heinean aurpegiak ezkutatzen baitizkigute. Marrazki bizidunetako pertsonaiak balira bezala karakterizatuak baitaude.

Azalak geruzak dituen bezala, baita Huartek ehundutako piezek ere. Iruditeria kolektibotik eratorritako irudiak begiratzen ditugun lehen aldian ondorioztatzen baitugu badakigula zertaz doan gauza: haurtzaroa, marrazkiak, natura... Espazioaren konposizio murgilgarri horri esker figurek harrapatzen gaituztenean, barrenak arrakalatzen zaizkigu.

Eta arrakalatze hori areagotzen da espazioaren azkenengo idulkiak begirada barreiarazten digunean. Neskatila bat dugu bertan, eserleku batean eseria. Patxadaz eta lasaitasun osoz, pospoloz betetako kaxa bat esku artean duela. Eta patxada eta lasaitasun horrekin ingurua erretzen du, desagerrarazten du, inguratzen duen oro eraldatuz eta osotasun hori su bihurtuz. Orduan, goxotasuna mikazten da, indartzen da, erretzen da.

Tentsioak sortzen dira ezagutzen dugun eta ezagutzen ez dugun horren artean, iruditeria oniriko eta errealen artean, denaren eta ez denaren inguruan... Halaber, tentsio kontraesankor hori materialetara ere hedatzen da. Artistak artilezko ehungintzaren biguntasuna zeramikaren hauskortasun zurrunarekin uztartzen baitu. Betiere, dena elkarrekin ehuntzen duen instalazio bateratu baten bitartez.]]>
<![CDATA[Maskulinitate uzkurtuen memoriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2004/033/001/2022-04-26/maskulinitate_uzkurtuen_memoriak.htm Tue, 26 Apr 2022 00:00:00 +0200 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/2004/033/001/2022-04-26/maskulinitate_uzkurtuen_memoriak.htm Jaime Eguaras. 'Azalaren azpian. Itzulpenak eta disonantziak' Non: Ziudadelako Labea aretoan, Iruñean. Noiz arte: maiatzaren 15 arte.

Sorgune dugun gizarte, sistema, inguru heteropatriarkal honek definitutako genero rol zurrunek inguratu, zapaldu eta jan egiten gaituzte askotan. Nahiz eta azken hamarkadetan zurruntasun hori lausotzeko pausoak eman dituzten mugimenduak egon badiren. Eta horiek ikusarazi digute moldatze irmo horretatik kanpo bizitzeko aukerak badirela, nolabaiteko arnasguneak. Bada, non geratzen dira gizarte horren erosotasunean amildutako maskulinitate hegemonikoak? Hotza, arrotza, zurruna...

Prozesu horren barruan bizitzeak sorrarazi dizkion hausnarketak, ezinegonak, suminak... azaleratzen ditu Jaime Eguaras artistak Azalaren azpian. Itzulpenak eta disonantziak erakusketan. Horren barruan egoteak eta aldi berean horren parte ez sentitzearen adierazpenak arnasarazten dizkigu.

Gizarteak genero hegemoniaren inguruan eraiki izanak, estereotipo zehatzak onartzen baititu soilik, askoren irtenguneak estutu ditu. Feminitate eredu kanonikoak zalantzan jartzen dituzten mezuak zabalduz eta zabalduz doazen arren, non daude maskulinitate toxiko, kanoniko, hegemonikoak era sakonean birplanteatzera garamatzatenak?

Hor kokatzen gaitu Eguarasek, hausnarketa horren erdi-erdian, bortitzak bezain zuzenak diren konposizioen bitartez. Nolabait, azalaren azpian gordetzen dugun zikinkeria ateratzea, ikusgai bihurtzea, bat-batekotasunaren aldarri bihurtzen da, eta hori sumatzen dugu erakusketa espazioarekin talka egiten dugun momentuan. Bat-batekotasun hori guztiz azkartzen da, euskarrien askotarikotasunak berau areagotzen baitu: ikus-entzunezko bat, eskulturak, argazkiak... Eta, horrekin batera, materialen bortiztasunak azala, barrenak... kitzikatzen dizkigu, bertan ikusiko duguna ez dela erosoa izango iragarriz.

Erakusketa espazioaren forma zirkularrak pieza guztien uztartzea gauzatzen du. Eta, era berean, espazioaren nortasun propioa —harlanduak, harrizko zoruak, sabaia...— uztartze horren parte bihurtzen da. Alabaina, espazioan barneratzen garen lehen momentuan erdialdean kokatutako piezak harrapatzen gaitu, hein handi batean. Zoruan artistaren beraren argazki bat dago, momentuka agertzen eta desagertzen dena. Haren gainean, artilezko instalazio batek bueltak ematen ditu bitartean. Bertan aurkezten da artista bera, baina, oraingoan, pertsonaia arketipiko bati erreferentzia egiten dio.

Berau zuzen-zuzenean lotzen da haren atzealdean, harlanduzko murruan eskegitako triptikoarekin, zeinak gorputz adierazpenak biltzen dituen. Hiru argazki dira, baina, berez, ezin dugu ondorioztatu nor den gorputzaren jabea. Gorputza uzkurtzen da, belzten da, lehenik. Eta belztasun hori, azalaren barnetik ateratako ezinegon bihurtuz, estutzen gaituen gerriko zurrun bat bihurtzen da, hein batean; mugimendua, hasierako ezinegon hori, izoztu egiten baita. Gorputza harri pisutsu bihurtzen da, argazki gainean zintzilik dagoen eskulturak adierazten duen moduan.

Eta, prozesu horretan, figurazioak bestelako adierazpideei uzten die lekua. Argazkietatik eskulturaranzko trantsizio leuna gauzatzen da espazioan barrena. Moduren batean, trantsizio hori mostra bururatzen duen triptikoaren oihartzun bihurtzen da.

Halaber, hausnarketaren azkenen erpin moduan, Uraren gizona izendatuko ikus-entzunezko lan laburra sumatzen da irteerarantz gerturatzen garen heinean. Bertan, irudiak hitzekin uztartzen dira, ikusten dugunaren itzulpen poetikoa egia bihurtuz. Basoan gaude, eta gizon bat biluzten da, geldo, mantso, lasai... eta uretan barneratzen da. Testuak irudiekin fusionatzen dira, eta barnealdeko emozioa, samina, hausnarketa isurtzen du pixkanaka, sekuentziaz sekuentzia, irudiz irudi.

Sinbiosi hori ez da ikus-entzunezkora mugatzen, erakusketaren katalogoak ere hitzen eta irudien loturak ehuntzen baititu. Halatan, estuki-estuki ikusten duguna, hitz bihurturik:

«Epidermisa, gorputz-hesia, kanpoko babesa.

Ikusten dena eta ikusten ez dena.

Geruza, geruza zehargarria. Oihalak».]]>
<![CDATA[Pinturaren logika berriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2022-04-12/pinturaren_logika_berriak.htm Tue, 12 Apr 2022 00:00:00 +0200 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2022-04-12/pinturaren_logika_berriak.htm Taxio Ardanaz. 'Saja' Non: Apaindu arte galerian, Iruñean. Noiz arte: Apirilaren 29ra arte.

Pintura abstraktuaren plastikotasunak gauzak igortzen dizkigu askotan; nahiz eta haien jatorria zein den ez ezagutu, hor daude pintzelkaden bitartez igortzen diren sentipenak. Hausnarketa honek ez du abstrakzio prozesu guztiekin bat egiten, baina bada Taxio Ardanazek Iruñeko Apaindu espazioan aurkeztutako erakusketaren ondorio gordina.

Saja titulupean, Ardanazek 2019. urtean Erroman egindako egonaldi artistikoaren ondorio dira bertan aurkezten zaizkigun pinturak. Tituluak berak erreferentzia zuzena egiten die aretoan bildutako margolanei, nolabait ere mozketa bortitz bati egiten baitio men. Eta hori baita erakusketa espazioaren leihora gerturatzen garen momentuan bertan ikus dezakeguna.

Erakusketa espazioa txikia da, baina haren nortasunak guztiz egiten du bat Saja konposatzen duten piezekin. Erakusketa bi espaziotan egituratzen da. Bietatik zabalenean eskala handiko pinturak aurkezten dira, horman egindako muralekin uztartzen direnak. Beste espazioa ezkutuan dago nolabait, gunearen burdinazko ate mardularen atzealdean. Esan bezala, euskarria pintura da, baina ez da mihiseetara mugatzen, eta, horrela, pintura kanonikoaren logikak urratzen dira.

Artelanen kokapenak dagoeneko urratze horren aztarnetara gerturatzen gaitu. Izan ere, ez dago simetriarik edota erritmo orekatuak sortzeko inolako intentziorik. Kontrara, bat-batekotasunean oinarritutako sentipenak azaleratzeko asmoz, erritmoak eragiteko nahiak igortzen dira.

Lehenengo espazioan barneratzean, ingurua zatitzen duen murru zurian gainjartzen diren pinturak topatuko ditugu. Bata bestearen gainean zuzen-zuzenean murruan esekita, nolabaiteko puzzle bat izango balitz bezala. Koloreen dirdirak kontrastea sortzen du euren artean. Piezarik handienak suaren mugimenduak helarazten ditu, pintzelkada lodiz eginak, eta begiekin uki dezakegula sentitzen dugu momentu batez. Haren azpian, berriz, pintura horren bortizkeria baretzen digun konposizioa ageri da, urdina eta zuria, esprai pinturaz egina izatearen inpresioa dakarkiguna. Lasaia, fina, malgua...

Bada, kontrasteak kontraste, eta koadroen kokapen zurrunarekin hautsiz, puzzle honen azken pieza dugu. Goi-goian kokatua, ia sabaiaren parean. Pinturarik txikiena da, eta erritmoa bizkortzen du, espazioari bertikaltasuna emanez.

Alabaina, lehenengo espazio horretan aurkitu dezakegun piezarik deigarriena puzzlearen pareko adreiluzko murruan eskegitako mihise txiki-txikia da. Murru zabalean ezarritako pieza bakarra da, eta, ondorioz, bertaratzera behartzen gaitu: koloreak, pintzelkadak, irudiak... horiek ulertu, ikertu eta dastatu ahal izateko.

Halatan, konposizioen eraldatzea gertatzen da bigarren espazio estura gerturatzen garen momentuan. Izan ere, bertan uler edo lot ditzakegun zeinuak daude. Artistak Erromako egonaldian landutako piezak dira horiek; 1920ko eta 1930eko hamarkadetako abangoardiak eta garai hartako propaganda faxisten inguruko ikerketa landu zuen han.

Ildo horretan, guztiz harrapatzen gaitu espazioaren hondoan dagoen pinturak, zeina sabaitik gertuago dagoen lurretik baino. Zera jartzen baitu bertan: Inoiz ez bezala. Ponpeiako aztarnategietatik ateratako gorpuen irudiak agertzen dira, eta, nolabait, Mussolinik indartutako indusketa prozesuarekiko lotura aurkezten du, zeinak irudiok bihurtu zituen bere aldarrikapenen ikur.

Pintzelkadek ezkutuko mezuak igortzen dizkigute, zeinak begiekin ikertu ahala deszifratzen, ulertzen eta dastatzen ditugun. Poliki-poliki, bat-batekotasunaren osteak dakarren zentzumenen baretzearekin batera, hausnartze prozesuarekin egiten dugu bat. Eta, azkenean, igorritako sentsazioa inguruan aplikatu dezakegun pentsamendu bihurtzen da. Hori da erakusketa atzean uztean bereganatuko dugun sentsazioa. Prozesu bortitza eta erakargarria aldi berean; zuzena eta arrotza; gazia eta gozoa.]]>
<![CDATA[Kontrasteak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2030/032/002/2022-03-15/kontrasteak.htm Tue, 15 Mar 2022 00:00:00 +0100 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/2030/032/002/2022-03-15/kontrasteak.htm 'Begi igarokorra. Irun Zineklubaren proiektua'Non: Oteiza museoan, Altzuzan (Nafarroa). Noiz arte: Apirilaren 24ra arte.

Hezkuntza sistemak ezarritako ereduez gaindi formatzeko aukerak askotarikoak izan daitezke. Horren eredu, besteak beste, adierazpen artistikoetatik abiaturik proposatzen diren hausnarketak zein egiteko erak. Curriculum zurrunak astintzeko asmoarekin kritikotasunaren kritikotasunez pentsatzera gonbidatzen baikaituzte.

Hori da, alegia, Pentsatzeko leku bat. Arte eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian mostrak aurkezten duena. Erakusketak 1957tik 1979ra bitartean egindako zenbait hezkuntza-proiektu bistaratzen ditu, garaiko panoraman azaleratu ziren kezken aldarri. Artearen funtzio soziala aldarrikatzen zuten egitasmoak eta proiektuak aurkezten ditu, hala. Testuinguru horretan kokatzen da zehazki Oteiza museoan egituratzen den ikerketa lagina: Begi igarokorra. Irun Zineklubaren proiektua. Erakusketa proiektu bihurturik, 1961eko Arte Astean parte hartu zuten hainbat artistaren lanak dokumentu grafikoekin eta artxiboarekin uztartu dituzte, ikusleak perspektiba osotu bat bereganatzeko asmoz.

Artiumek Oteiza museoarekin lankidetzan eta komisariotza kolektibo baten pean ehundutako proiektua da hura, Mikel Onandia, Rocio Robles Tardio eta Sergio Rubira baitira kuradoreak. Bada, bi instituzio artistikoen artean egituratutako komisariotza proiektuaren ikerketa kasua da Altzuzako Oteiza museoan kokatutako Begi igarokorra. Irun Zineklubaren proiektua mostra.

Izan ere, Jorge Oteiza bera izan zen 1958. urtean Irunen leku hartu zuen proiektuaren bultzatzaileetako bat. Hamabostean behin egiten ziren proiekzioak eta ondorengo tertuliak, zeintzuetan adituen parte hartzearekin publikoa hausnartzera bideratu nahi zuten. Halaber, proiektua ez zen horretara mugatzen, solasaldiekin batera liburutegi espezializatu bat sortu baitzuten; eta, aldi berean, jardunaldi anitz antolatu baitziren urteek aurrera egin ahala.

Horietako bat da 1961. urtean egin zen Arte Astea, zeinetan garaiko adierazpen artistikoetan oinarritutako programa zabal bat osatu zen, askotariko euskarri, hausnarketa eta adierazpenak uztarturik: zinema, musika, erakusketak... Halatan, mostra egituratzen duten euskarriak askotarikoak dira: pintura, eskultura, proiekzioak, musika... Eta bi espaziotan banatzen da.

Lehenik, garaiko adierazpen plastikoetan oinarritutako erakusketa aurkezten zaigu. Erakusketa espazioarekin lehenengo kontaktua izan bezain pronto, biolin soinuak sumatzen dira lehenik, eta, bigarrenik, tamaina ertaineko pintura abstraktu bat, nolabait ere ildo hori mantenduko duen erakusketa batean barneratzen garela iradokiz. Espazioaren hondoan Rafael Ruiz Balerdiren pintura bat agertzen da, horma zurian eskegita, eta begirada harrapatzen digu guztiz.

Alabaina, hura atzean utzi eta ezkerretarantz bira egiten dugunean, nolabaiteko kontrasteez ohartuko gara. Bertan, 1960ko hamarkadako artisten lanak uztartzen dira, figurazioaren eta abstrakzioaren arteko tirabirak eta auziak agerian utzirik. Artearen Astean bistaratu ziren hainbat artistaren lanak dira horiek, eta, oso era eraginkorrean ehundurik, testuinguru hartako hausnarketa ildoak azaleratzen dira.

Biolin soinu zorrotzak erakarrita, jardunaldi hartatik ateratako egunkariak, idatziak, grabazioak... aztertzeko aukera izanik, hausnarketa zabaldu eta inguruan ikusten dugunarekin ehuntzen da. Era berean, bigarren espazioan bistaratzen diren euskarriekin lotura bat bideratzen da.

Lehenengo espazioa atzean uzten dugunean, zineklubaren jarduerekin lotutako dokumentazioa dago bitrinetan kokatuta; nolabait ere, zineklubaren eginkizunak askotarikoak izan zirela adieraziz. Halaber, hori ikusirik, zineklubean proiektatutako bi film ditugu erakusketan: Javier Agirreren A ras del río (1964) eta Javier Zuatzuren Txapeldun (1968).

Bada, ikus-entzunezkoak dira deigarrienetan deigarrienak. Izan ere, ikusle gisa horiek ikusteko aukera dugularik, ez dugu izanen ondorengo solasaldirik. Bai batak, bai besteak garaiko testuinguru zehatz bat helarazten digute, ikuspuntu bat, molde bat. Begirada bat, zeinak, mostran sortzen diren erritmo eta kontrasteekin uztarturik, Irungo zineklubean egituratu ziren ildoak igortzen dizkigun.]]>
<![CDATA[Soinuak gorpuztuz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-03-08/soinuak_gorpuztuz.htm Tue, 08 Mar 2022 00:00:00 +0100 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-03-08/soinuak_gorpuztuz.htm 'She Recalibrates'Artista: Aura Satz. Lekua: Gasteizko Artium museoa. Noiz arte: martxoaren 27ra arte.

Nola bilakatu irudi soinu den hori? Soinuek ba al dute formarik, irudirik, gorputzik? Nonahi daude soinuak, doinuak eta zaratak; inguratu, zeharkatu eta blaitzen gaituzte, oso-osorik. Izan ere, gu ere soinua gara. Horiek inguruarekin lotzen gaituzte eta harekin komunikatzeko aukera eman. Bada, soinuen bitartez doinuak konposatzen ditugun heinean, mezuak eta sentsazioak sorarazteko aukera ere badugu. Kasu honetan deigarria da antzematea zenbat eta zenbat diren soinuak bereganatu eta mezuak konposatzeko aukerak, makinak, instrumentuak, prozedurak... Eta, era berean, ulertzea soinu, doinu edo zarata konposatu horiek grabatzen direnean, mezu soinudunak biltzen dituzten objektu kristaldu bihurtzen direla.

Kristaltze horien eredu dira Aura Satz eskultore, performer eta zinemagileak egituratzen dituen lanak, ikus-entzunezko euskarriak sortzen dituen heinean, soinuak irudi bihurtzen baititu, nolabaiteko itzulpen bisualak balira bezala. Besteak beste, teknologiek gizakion soinuak luzatu eta birplanteatzeko dituzten gaitasunak azaleratzen dira bere lanetan. Bada, gure eta makinen artean uztartzen diren soinuak musika bihurtzen dituzten artisten lanak ikusarazten ditu Satzek Gasteizeko Artiumen She Recalibrates titulupean aurkeztutako erakusketan.

Mostra Z aretoan dago kokatua, eta, esan bezala, ikus-entzunezkoak biltzen ditu. Alabaina, ez horretara mugatzen, erakusketa espazioaren lehenengo gunean dokumentuak eta Satzek egituratutako irudiak baitaude. Nolabaiteko prestakuntza prozesua izango balitz bezala, bertan aurkeztutako materialek hurrengo espazioan proiektatzen diren hiru filmi uzten diete lekua. Halatan, aurkeztutako filmak Oramics: Atlantis Anew, Little Doorways to Paths Not Yet Taken eta Hacer un diagonal con la musica dira. Zeinetan Satzek musika elektronikoaren aitzindari izandako hiru emakumeren lanak ikustarazten dituen.

Esan bezala, lehenengo espazioarekin talka izan bezain pronto, haren hormetan, oso era orekatu eta simetrikoan, murruei erritmo harmonikoa ematen dieten binilozko diskoak gogorarazten dizkiguten hamarnaka pieza daude zintzilik. Bada, horietara gerturatzen garenera arte, ez gara bertan grabatuta dauden irudiez ohartuko. Eskuak dira, botoiak, kableak, objektuak ukitzen dituzten eskuak.

Alboan, hurrengo espazioan aurkeztuko zaizkigun artisten materialak biltzen dituen bitrina aurkezten zaigu. Haien artxiboen parten diren objektuak, alegia. Partiturak, idatziak, diskoak, testuak... nolabait ere, hurrengo gelaren atmosferan sartzen lagunduko gaituzten baliabideak dira. Baina gortina zeharkatu eta filmak ikusi arte, ez dugu guztiz ulertuko zeintzuk diren partitura, material eta testu horien emaitzak.

Lehenik, mamuen testuinguru arrotza gogorarazten duten uhin soinuak antzematen dira. Baina, ez da ez mamurik, ezta haien atmosfera ere gogoraraziko digun irudirik agertzen. Bertan, marradun zeluloideak agertzen dira, Daphne Oramek sortutako Oramics Machine delakoa zeharkatzen dutenak. Zeluloideetan marraztutako uhinek patroi bat jarraitzen dute. Hasieran irudi dena soinu bihurtzen da; eta, era berean, Satzen filmaren bitartez soinu bihurtzen den hura antzinako irudi bihurtzera pasatzen da berriz ere.

Jarraian, ereduak aldatzen dira, Little Doorways To Paths Not Yet Taken filmari hasiera emanez. Objektuak aurkezten zaizkigu, erloju bat, makinak, kableak... ordenagailu bat ematen du, baina oraingoan Laura Spiegel konpositoreak sortutako teknikak sumatzen dira. 1980ko hamarkadako soinu elektronikoak gogora ekartzen digun konposizioaren pean. Eta, azkenik, pantaila berean, Hacer una diagonal con la musica filma proiektatzen da, zeinetan Beatriz Ferreyra konpositoreak bere teknikak aurkezten dizkigun.

Filmek harrapatzen gaituzte guztiz. Alabaina, bigarren espazio horretan proiektutako filmak bata bestearen atzean aurkeztu izanak —aurreko espazioan egituratutako material eta piezetatik banandurik—, nolabaiteko zurruntasuna ematen dio mostrari. Eta loturak ukaezinak dira. Aurreko espazioan bezala, eskuek objektuak ukitzen dituztelako, eta ukitze horren bidez soinu elektronikoak sortzen dituztelako eskuek.

Hala, soinuak sortzeko ekintzen nolabaiteko testigantzak dira irudiak. Urrunean ikusten ez ditugunak, horien aitzindari izan ziren emakumeen jardueren eran. Bilatzen, ikertzen eta aztertzen ez baditugu, ez zaizkigulako agertuko.]]>
<![CDATA[Iruditeria hibridoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-02-15/iruditeria_hibridoak.htm Tue, 15 Feb 2022 00:00:00 +0100 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-02-15/iruditeria_hibridoak.htm Maite Iribarren. 'Gelditzen dena'

Non: Ziudadelako Labean, Iruñean. Noiz arte: Martxoaren 27ra arte.

Testuinguru jakinetan jaio, hazi eta hezten gara, eta horrek eragiten digu. Alabaina, testuinguru horiek ez ezik, hezten gaituztenen ondareak ere gugan memoriak, oroitzapenak sortzeko gaitasuna du, geure arbasoen eta orainaren arteko loturari hari ikusezin batek eutsiko balio bezala. Hari hura geure nortasuna zipriztintzen duen tanta txiki bat da, erabakitzekotan, iragana orainalditik arakatzeko aukera ematen diguna. Eta, hein batean, lekukotasunak eraikitzen gaituela hala bada ere, migratzaileen kasuan eraikitze hori plurala da. Halatan, oroitzapenak, memoriak eta nortasuna zipriztintzen dizkieten tantak biderkatzen dira.

Heterogeneotasun horretan kokatzen dira Maite Iribarren artistak Gelditzen dena mostrarako konposatu dituen piezak, kasu honetan objektu eta irudi hibridoak baitira. Alegia, identitate bataren edo bestearen arten kulunkaturik identifikatu ezin ditugun objektu eta egoera arraroak, satirikoak sortu ditu artistak. Izan ere, haren oinordekoen historiak eta bereak ere horren eredu baitira. Iribarrenen familiak Espainiatik Kubara migratu zuen, frankismotik ihesi; ondoren, Kubatik Miamira migratzeko, eta, azkenik, Miamitik New Yorkera. Testuinguru batetik bestera salto eginez, egoera politikoak zirela medio istorioak ehunduz. Eta, ehuntze horretan, irudiak eta objektuak bildu eta nahasten dira.

Artistaren oinordekoek jatorria Abaurrepean (Nafarroa) dutela jakinik, erakusketaren bitartez prozesua biribiltzen dela esan genezake; erakusketa Iruñeko Ziudadelako Labean baitago egituratua. Hartan, landa eremuko estetika bere lekukotasuna eraikitzen duten bestelako testuinguruen objektuekin nahasten du.

Eraikinaren izaera zirkularrak eta hura konposatzen duten harrizko murruek landa eremuko eraikin batera eramaten gaituztela ondorioztatzen da espazioan barneratu bezain pronto. Orduan, burdin zaharkituak, kateak, behien edota ahuntzen irudiak, larreak, adarra... aurkeztuko zaizkigu. Halatan, espazioa irekia izanik eta bere jatorrizko estetika mantendurik, piezei zuzen-zuzenean integratzeko aukera ematen die, gehienak murruetan kokatzen baitira.

Atearen ondoko horma inguratuz lehenengo pausoak ematen ditugun heinean, horman elizako pontearekin alderatu daitekeen objektua aurkezten da. Honela, eraikina mendiko borda batekin alderatzearekin batera, kutsu liturgikoa duen espazio batekin alderatzeko gonbita egiten duela sumatzen da. Baina ez, hor duguna ez da pontea, behiek erabili ohi zuten edangailua baizik. Eta haren barrenak ez ditu ur bedeinkatuak betetzen, ronak baita. Hala, loturak lotura, artistaren jatorri kubatarra haren Nafarroako iparraldeko arbasoek erabiltzen zuten lanabesean murgiltzen da, bateratze horretatik nolabaiteko objektu liturgikoa sorturik.

Bada, konposizio eredu horiei eusten diete jarraian aurkezten diren piezek. Baina ez dira soilik Iribarrenen jatorriekin kontrastean jartzen, landa eremuko eta eremu urbanoko estetikekiko tentsioak sumatzen batira. Hari hartatik tiraka, deigarria da apain-orrazidun zaldiaren irudia. Hasiera batean, iletik zintzilik herdoildutako objektu bat duela sumatzen baitugu, hartan integratzen da, kontraste askorik gabe. Baina argazkia atzean utzi eta espazioan aurkezten zaigun hurrengo objektuarekin talka egiten dugun momentuan, ile-orraziaren apaingarriez ohartuko gara: plastikozko harribitxiak.

Halaber, ildo bera mantentzen du plastikozko domina mantentzen duen burdinazko kateak; bada, oraingoan behi batek darama lepotik zintzilik. Alabaina, interbentzioak ez dira objektu edota animalietara mugatzen. Paisaian bertan iruditeriak eraldatzeko saiakera aurkezten du, besteak beste gizonezko kubatarretan ohikoak diren ile orrazkerak moztutako larreetan irudikatzen baititu. Honela, iruditerien bereganatzea zein urratzea mugara eramanez.

Artistak, bereetan edota bere arbasoen objektuetan mantentzen diren memoriak eta funtzioak hartu, bereganatu, eraldatu eta birsortzen ditu. Betiere, haien materialtasuna erroetan mantendu, eta paisaia, iruditeria eta ikuskera berriak sortzen ditu Maite Iribarrenek.]]>
<![CDATA[Kontrasteen kontrastea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-02-08/kontrasteen_kontrastea.htm Tue, 08 Feb 2022 00:00:00 +0100 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-02-08/kontrasteen_kontrastea.htm 'Suite Máshreq. Visiones de Oriente Próximo'.Artista: Roger Grasas. Non: Iruñeko Ziudadelako Mistoen Eraikinean. Noiz arte: Martxoaren 13ra arte.

Ziudadelako Mistoen Eraikinera joan, eta, egurrezko atea zeharkaturik, beheko pisuan barneratzen naiz. Hasiera-hasieran, horman, mimo askorik gabe itsatsitako testu elebakar bat aurkezten zait, Suite Máshreq. Visiones de Oriente Próximo titulupean; halatan, elebakartasun hori mostra osoko informazio iturrietan mantentzen da.

Roger Grasas argazkilariaren proiektua dugu hau, zeinetan Ekialde Hurbilera hurbilduz bertako gizartearen egiturak aztertzen eta ikusarazten dituen; era berean, Persiar Golkoko testuinguruarekin kontrajartzen ditu.

Proiektua urte luzez egindako bi argazki seriez osatuta dago. Min Turab, alde batetik, eta Ha Aretz, bestetik. Lehena 2008. urtean hasi zen egituratzen, eta, urteen poderioz, Persiar Golkoko paisaiak pairatu izan duen eraldaketa katartiko eta masiboaren testigantzak biltzen dituen proiektu bihurtu da. Bigarrena 2010. eta 2017. urteen bitartean izan zen sortua, gaur egun Lurralde Santuko lurrak osatzen dituzten estatuetan barrena: Egipto, Jordania, Israel, Palestina, Libano eta Siria.

Halatan, oso era interesgarrian ehuntzen dira bi serieak, era xume eta leunean hitz egiten diguten irudi isilen bidez, kapitalismo basatiak izan duen prozesuaren bi aldeak aurkezten baititu. Mostra bi espaziotan dago banatua, eta bertan argazkiak dira nagusi. Alabaina, bigarren gunean Min Turab-eko irudiei mugimendua ematen dien bideo dokumentala dugu. Hain zuzen, bertatik helarazten diren soinu, doinu eta ahotsak izanen dira espazioan murgildu bezain pronto blaituko gaituztenak.

Tamaina handiko argazkiak txikiagoekin tartekatzen dira, mostrari erritmoa emanik. Handiek gai nagusiak azaleratzen dituzte, eta txikiek, berriz, horien ñabardurak aurkeztuko dituzte. Geruzak bailiran, irudiekin dugun lehenengo harremana azalekoa dela adierazten digute hala. Bada, argazki txikiak zenbaitetan ikusezin bihurtzen dira, haiek biltzen dituzten marko lodiek jaten baitituzte.

Bestelako hizkuntza bat entzuten da zenbaitetan, eta, horrekin batera, musika, soinuak... Horren parean Iruñetik urrunduko gaituen irudi huts eta bakartia dugu, bidaia honen lehenengo aztarnak, alegia. Desertua, irudi hondoak, ia monokromatikoak... Konposizioak ez dira horretara mugatzen, urrun hartzen gaituen gizarte baten irudi idilikoak aurkeztu ezean, kolore bakunen apaltasuna urratzen baitute objektuek, haien sinbologiek, aztarnek, arkitektura ahantziek eta pertsonek.

Izan ere, mostran kontrasteak dira nagusi. Bai, kontrasteak. Koloreen kontrasteak, paisaien kontrasteak, pertsonen kontrasteak, eredu ekonomikoen kontrasteak, politikoak, klase kontrasteak... Azken finean, kontraste horretan, orain dela gutxira arte xumeak ziren espazio horietan, kapitalismo basatiaren ereduak barneratzen dira guztiz. Horrela, gaurko gizartearen sintomak aurkezten dituzten ereduaren nolabaiteko mugak aurkezten dira, alde batetik bestera.

Ez dira irudi goxoak, ezaguna eta ezezaguna egiten zaigunaren artean kulunkatzen baitira argazkiak. Testigantza gordinak dira, alegia. Inolako apaindurarik gabe errealitatea aurkezten baitigute. Horrela, zuzen eta irmo, begiak ziztatzen dizkigute. Dirdiratsuak eta arrotzak dira, aldi berean. Koloretsuak bezain ilunak: errealak.

Hain zuzen, hori da sortzen diguten kitzikatzearen arrazoi nagusia. Arroztasun horrek errealitatea aurkezten baitigu, ingurua, espazioa, pertsonak husten dituen gizartearen sintomak azaleratuz. Gutxiren ongizateak besteengan eragiten duen zapalkuntzaren aztarnak, hain zuzen. Onirikoa dirudien arren, kontrasteak kontraste, erreala den panorama.

Ezin dugu ahaztu nondik egiten dugun guk interpretazioa, distantzien distantzian perspektibak ezberdinak baitira. Alabaina, distantziak ez dio hurrenkerari men egiten, eta, ordena zehatz bat mantendu ezean, irudi bakan goxo horiek geure inguruko aztarnetan bilatzeari ekiten badiogu, gertutasuna sumatzeko aukera izanen dugu. Kontrasteak kontraste, errealitatea hura baita, inguru, pertsona eta espazio guztiak blaitzen eta zipriztintzen dituena.]]>
<![CDATA[Disidenteen tripak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-01-25/disidenteen_tripak.htm Tue, 25 Jan 2022 00:00:00 +0100 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-01-25/disidenteen_tripak.htm 'Gu beti hemen, lehenengo lerroan!'

Lekua: Iruñeko Kondestablearen jauregia. Noiz arte: urrtarrilaren 30era arte.

Inguruak moldatzen gaitu, ezin dugu saihestu. Mendebaldeko gizarte heteropatriarkalak, modu batean edo bestean, haren esanetara eraikitako erreminta anitzen bitartez jarraitu beharreko pautak zehazten ditu. Bestelako moldeak baztertuz, alegia, bestelakoak bazterretara bidaliz. Baina, molde zurrunak bigundu eta birmolda daitezke, eta giltzarria ekintzetan dago. Ekintzek espazioetan barneratu eta bestelako ereduak badaudela argi uzten baitigute, eta hitz bihurtutako ideiak gorpuzten dituzte. Diskurtso hegemonikoek erosoak ez zaizkien hitzak ezabatzen dituzte denboraren poderioz; halatan, antzinako ekintzak ahanzturan murgiltzen dituzte pixkanaka-pixkanaka.

Ekintzek arrastoak uzten dituzte, eta horietaz baliatzen da Fefa Vila komisarioa Gu beti hemen, lehenengo lerroan! erakusketa egituratzerako orduan. Espainiako Estatuko disidentzia sexualek gauzatutako aldarrikapenak eta ekintzen artxiboak nahiz adierazpen plastikoak bistaratzen baititu Iruñeko Kondestablearen jauregiko azkenengo solairuan kokatua dagoen erakusketak. LGTBIQ+ mugimenduaren agerraldiak bistaratzen ditu erakusketak, hainbat eta hainbat euskarriren bitartez: egunkarietatik hartutako eranskinak, argazkiak, ikus-entzunezkoak, material grafikoak...

Erakusketak blaitzen duen espazioa irekia da, eta perspektiba osotu bat izateko aukera ematen digu. Alabaina, espazio arkitektonikoarekin integraturik, erakusketa espazioen neutraltasun zuri eta zurrunarekin hausten du guztiz. Izan ere, jauregiaren erdialdeak klaustroaren egitura mantentzen baitu. Beraz, pausoz pauso eskailerak igotzen ditugun heinean, hirugarren solairua bistaratzen dugu. Eta, distantzian barandetatik eskegitako pankarten letra zuzen eta zorrotzak irakurtzeko beharra sumatzen dute geure begiek: Ni sexo asignado, ni género demostrado (Ez egokitutako sexua, ez egiaztatutako generoa).

Orduan, azkeneko eskailerak igotzean, testuinguruak blaitzen gaitu, bertan zintzilikatuta dagoen oihalaren testua irakurtzean: «Lesbianen Arrisku eta Errehabilitazio Sozialari Buruzko Legea indargabetzearen alde». Erakusketaren abiapuntuak testuinguruan kokatzen gaitu, frankismoaren ondare nazionalkatolikoaren sustraietan errotzen den sisteman, zeinetan ereduak bakarrak eta bakunak diren.

Azkeneko espaziora ailegatzean estimuluak biderkatuko zaizkigu. Esan bezala, erakusketa espazio ireki batean egituratzen da, bazter guztietatik puntu guztiak distantziatik edota gertutasunetik aztertzeko aukera izanik. Alabaina, bost gune tematiko dira espazio ireki hori osatzen dutenak: Maitasuna ezagutzea ez da legea, Plazerari lotutako gorputz intsumisoak, Lehenbiziko iraultza bizirik irautea da, Zure luma ez bazaie gustatzen, iltzatuiezu!, eta azkenik, We are here, we are queer.

Halatan, koloreek, letrek eta formek hartuko gaituzte, adierazpen artistikoak artxiboko materialekin uztartzen baitira. Eta, era ezberdinetan diskurtso eta memoria osatu eta kritiko bat bideratzeko aukera ematen digute. Halaber, publikoaren parte hartze aktiboa bultzatzen da hein handi batean; alegia, ikusleak ikerlari bihurtzen gara. Disidentzia sexualei lotutako adierazpenak biltzen dituzten artxiboen tripak aztertzeko aukera ematen baitizkigute hainbat instalaziok.

Deigarriena, idulkietan goratutako ehunka paperez osatutako pieza izanik, zeinetan letra larriz «Eraman nazazu» esaten digun. Bertara gerturatuta, argi geratuko zaigu historia berridazteko baliagarriak diren memoria disidenteen zatitxo kristalduak direla.

Erakusketak oraindik borborka dirauen garai hurbil baten tripak aurkezten dizkigu, guztiz. Baina, zenbaitetan informazioak gainezka egiten du... Espazioa txikia da, eta, beraz, letren, testuen eta objektuen arteko nolabaiteko gainjartzea sumatzen da zenbait puntutan. Hori da, hain zuzen, artxiboak erakusketa espazioan aurkezteak dituen arriskuetako bat.

Dena dela, erakusketak sortzen digun ikusizko ziztada ukaezina da. Uholde bat sortzen da, zeinetan kaleak zipriztintzen zituzten objektuek eta ekintzek espazio itxiak irekitzen dituzten. Moldeak urratzen dira, eta eraikinaren barnealdea kale bihurtzen da.]]>
<![CDATA[Denak ez du balio]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-11-02/denak_ez_du_balio.htm Tue, 02 Nov 2021 00:00:00 +0100 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-11-02/denak_ez_du_balio.htm 'Audiovisiones'

Non: Ziudadela, Iruñea. Noiz arte: 2022ko otsailaren 13ra arte.

Audiovisiones, hori da hurrengo urteko otsailera arte Iruñeko Ziudadelako Arma aretoan erakusgai dagoen mostraren izena. Bada, mostra Iruñeko Udalak 9915 Arte Garaikideko Bildumagile Pribatuen Elkartearekin elkarlanean egituratu du. Horrekin bat, Iruñeko Udalaren arte bildumaren zenbait pieza garaikide bilduma pribatuetako parte diren piezekin artikulatzea da erakusketaren helburua. Mundu garaikideari zuzendutako hausnarketak azaleratzeko asmoz, garaikideak diren adierazpen eta euskarri artistikoak erakusten ditu.

Komisarioak azaldu duenez, hainbat bildumak arte garaikidearekiko apustua egiten dutela erakutsi nahi du erakusketak. Bilduma pribatuek ikus-entzunezko piezak erosten dituztela adierazi nahi du? Mostra Arma espazioaren bigarren solairuan egituratu dute, eta bertan, osotara, 27 sortzaile garaikidek egindako 27 bideo, eskultura, instalazio... kokatu. Zehazki, hogei artelan 9915 elkartearen kideen bilduma pribatuen parte dira, eta Iruñeko Udalaren bildumakoak zazpi dira.

Kontuan hartzekoa da espazioa zabala dela; alabaina, piezak pilatzen dira bata bestearen aurrean, ondoan, atzean, gainean... Hori bai, panelek nolabaiteko zirkuitu zirkularra sortzen dute gai ireki batean oinarritzen den erakusketan. Izan ere, helburua artelanak ikuslea zeharkatzea eta hausnarketa propiora bideratzea baita. Baina, erakusketa espaziora barneratzean esperimentatzen den sentsazioa hurrengoa da:

Alegria eta Piñero Eugenio Ampudia Manu Arregi Jaime de la Jara Juan del Junco Karin Dolk Nezaket Ekizi Pep Fajardo Fiumfoto Paco Guillen Cao Guimaraes Fermin Jimenez Landa, Glenda Leon Ignacio Llamas Mario M. Martinez Begoña Montalban Coco Moya eta Ivan Cebrian Angel Nuñez Jacco Oliver Sergio Prego Samuel Orti eta Nelo Vinuesa Eder Santos Karina Skvirsky Tim White-Sobieski. Ez dago etenik, punturik, ezta komarik. Ez dakigu non hasten eta non amaitzen den artelan baten eta bestearen arteko lotura. Eta, era berean, ez dakigu zein den lotura. Kontuan hartzekoa baita pieza gehienek arnasa eskatzen dutela beraien artean, soinuagatik, tamainengatik... eta hori ez da mostran ematen. Barneratzean hamarnaka soinu entzuten dira: ahotsak, musika, motor zaratak... Ezinezkoa da artelan bakarrean zentratzea, ezinezkoa baita pieza zehatz batek esaten duena entzutea; batak bestearen mezua jaten du. Bada, artelanak era bateratuan ulertzeko ezintasunaz gain, ez dago artelan bakoitza era autonomoan aztertzeko aukera handirik ere.

Erakusketa esparruetan ikus-entzunezko piezak egituratzerako orduan denborak nahitaezko papera jorratzen du. Piezen luzerak erakusketaren erritmoa markatzen baitu gehienetan. Bada, ildo hori mantentzen duten hamarnaka pieza espazio berberean sartzean, erritmoak konpasa galtzen du.

Egia da erakusketa kolektiboak ehuntzeak zailtasunak dituela, ahots ezberdinak kontakizun baten pean bildu behar direlako gehienetan. Halatan, komisarioaren papera ez da erraza guztiz. Alabaina, haren lana ahots horiek publikoarengan eragina izatea da, nolabait.

Artearen autonomian zentratzen diren ideietatik at, arteak inguruan eragiten du, inguruari buruz hitz egiten baitu. Halatan, artelanek testuinguru batean zerbait esan dezakete, eta beste batean bestelako mezu bat igorri. Baina, espazioetan integratu behar dira, ehuntze bat behar dute, zeinetan espazioa, ingurua, publikoak... aztertu behar diren. Integrazio horretatik abiaturik diskurtsoak sortzen dira. Bestela, Lisa Rosendahlek aurreko larunbatean Eremuak-en jardunaldietan argi eta garbi azaldu zuen moduan: distantziak sortzen dira.

Audiovisiones mostran ez da sumatzen komisarioaren esku-hartzerik. Eta kezka bat azaleratzen zait ildo horretan: komisariorik ba al dago Iruñean? Hirian arte komisariotzarekin lotutako bi master daudela kontuan izanik, komisarioak badirela ondorioztatu dezaket. Bada, galdera bestelakoa izan beharko luke. Iruñean komisariotzaren ildoak lantzen dituzten ikasketak daudela kontuan izanik, zergatik ez dago haien lanak azaleratzeko laguntza eskainiko lukeen inolako programa publikorik? Ziudadelan badira hainbat eta hainbat erakusketa espazio. Beraz, non daude komisarioak?]]>
<![CDATA[Begidun gorputzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-09-21/begidun_gorputzak.htm Tue, 21 Sep 2021 00:00:00 +0200 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-09-21/begidun_gorputzak.htm 'Arkitekturarik gabeko erakusketa bat'

Artista: Xabier Salaberria. Non: Gasteizeko Artiumen. Noiz arte: Urriaren 17ra arte.

Erakusketa bat egituratzeko espazioa baldintzatzen duten elementuek ezinbesteko papera jorratzen dute, erakusketa ehuntzen duten artelanen koherentzia, zentzua, diskurtsoa edo istorioak batzen baitituzte. Mostrak egituratzeko aukerak askotarikoak izan daitezke, bai. Baina, erakusketa espazioak artelanekin fusionatzen direnean bestelakoa da esperientzia, aurretiko espazioarekiko izan genezakeen ikuspuntua eraldatzen delako.

Hori da Xabier Salaberria artistaren Arkitekturarik gabeko erakusketa bat mostran aurrera egin ahala nik, ikusle moduan, bizi izan dudan sentsazioa.

Ez beldurtu! Erakusketak badu arkitektura, baina artistak bideratutako interbentzioek artelanen eta espazioaren arteko muga lausotu egiten dute. Eta, ondorioz, bataren eta bestearen artean ezberdintzea zailtzen zaigu espazioak atzean utzi ahala.

Artistaren bestelako esku-hartze zein lanetan aurkezten den ezaugarri bereizgarria hori da: espazioa, diseinua, eskultura eta instalazioaren arteko uztartzea. Alabaina, Artiumeko mostrak adierazten duen eran, uztartzeak ez dira helburu estetikoetara mugatzen, hausnarketa anitzek bideratzen baitituzte.

Mostrak hiru espazio ditu, zeinetan euskarriak askotarikoak diren: artelanen instalazio tradizionalak urratzen dituzten eskulturak, instalazioak, argazkiak, marrazkiak…

Espazioan barneratu aurretiko testuak erakusketak nolabaiteko espazio abstraktura bidaiaraziko gaituela esaten du, eta lehenengo espazioan murgiltzean, hiru artelanez osatutako espazio hutsa aurkeztu zait: mahai bat, metalezko xafla zulatuak (Bezier) eta hondakinez goratutako mendi artifizial baten argazkia.

Ezaugarri industrialez beteriko eta osatutako hiru piezek gune hutsaren neutraltasun zuria urratzen dute, hein handi batean; herri baten aztarna industrialen objektu arkeologiko bakartuak bihurtzen baitira. Alegia, objektu bakoitzak bere istorioa eta diskurtsoa sortzen du, bata besteari lotzen zaio eta bizitza ematen dio gune abstraktuaren geldotasunari.

Bada, hurrengo espaziorantz goazela, atzean utzitakoaren aztarnek blaitzen gaituzte. Aurreko espazioarekiko lotura mantentzen da. Besteak beste r de radio instalazioan erakusten diren kristal zatiak Bezier izeneko piezaren hutsuneekin lotzen direlako zuzenean. Kristal hautsiak eta metalezko xafla horien hutsuneak, mugimendu ezaren seinale, eta, aldi berean, noizbait ekintza hura existitu zenaren adierazle zuzenak dira.

Eta, orduan, espazioaren erritmoa azkartzen da, bertan aurkezten diren instalazioek lehia zuzena egiten baitiote erakusketa espazioaren konbentzioei. Prozesu horren igorle zuzena da Inkontziente/Kontziente 4 instalazioa, hormetan hormak eraikitzen dira, eta material gainjarriek arkitekturari berari lehia egiten diote, beraien funtzionaltasun propioa aldarrikatuz.

Instalazio hori atzean utzi eta azkeneko espazioan barneratzean ordura arte egituratutako eskemak urratuko zaizkigu guztiz. Bertan, espazioarekiko lehia areagotzen baita, mugimendua galarazten eta bideratzen diguten hamarnaka panel aurkezten baitira: bata bestearen ondoan, atzean eta aurrean. Espazioaren barnean beste espazio bat sortzen da.

Eta, artelanak aurkeztu ez ezik, erakusketaren egituratze prozesuaren tripak sumatzen dira paneletan eskegitako hainbat eta hainbat planotan. Zeinetan, nik planoak adi begiratzen ditudan era berean, artelanak zuzen-zuzenean aztertzen dituzten begidun gorputzak agertzen diren. Eta hala ondorioztatzen dut ni ere begidun gorputza naizela, eta, era berean, zu ere begidun gorputz hura izango zarela inoiz.

Trantsizioa suertatzen da bertan, zeinetan artelana, arkitektura berarekin fusionatzen den. Tentsioan; ikusi dezakeguna espazioa berreraikitzen duten paneletan eskegitako plano bidimentsionalak baitira. Zeinetan irudi lauek artelanen kokapena zehazten dituzten eta ikusleak ikusi beharko zukeen pieza zein den igortzen diguten. Azken espazio horretara heldu eta panelak zeharkatu ahala, erakusketa bera biltzen duen arkitektura desagertu dela ulertzen dut, erakusketa bera baita arkitekturaren funtzio espaziala egituratzen duena. Eta, trantsizio horretan murgildurik, mostraren izenburuak hausnartzera bultzatzen nauela, erakusketak arkitektura jaten du. Eta, azkenik, arkitektura bihurtu den erakusketan barneratu naizela sentitzen dut, nire azalean.]]>
<![CDATA[Arkitektura publiko intermitentea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/040/001/2021-06-22/arkitektura_publiko_intermitentea.htm Tue, 22 Jun 2021 00:00:00 +0200 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/040/001/2021-06-22/arkitektura_publiko_intermitentea.htm Orekari estudioa'Periferia birpentsatuz'

Non: Ziudadela, Iruñea. Noiz arte: Ekainaren 27ra arte.

Zein da hirien eremu periferikoek jorratzen duten papera? Mendeetan zehar hirien egitura eraldatu egin da. Orain dela bizpahiru hamarkada hiri ondoan zeuden herrien birmoldatzea horren eredu da, metropoli eremuen parte bihurtu baitira askotan. Era berean, biztanleriaren gorakada asetzeko helburuarekin auzo berriak sortu dira. Halatan, egun, eskema mantentzen dela esan genezake: zentroa eta periferia, erdigunea eta bazterra, barnealdea eta kanpoaldea...

Nola eragiten die hirien bazterretan bizi diren pertsonei halako ezberdintzeak eta zein da jarduera kulturalen presentzia?

Hausnarketa prozesu hartan murgiltzen gaitu Iruñeko Ziudadelan egituratutako Periferia Birpentsatuz erakusketak. Salome Wackernagel arkitektoak eta Orekari estudioak lankidetzan egindako proiektua da; hain zuzen, 2017. urtean garatzen hasi zena. Periferiak zeharkatzen dituzten espazio publikoak aktibatuz eta guneen behar espezifikoak oinarrian harturik, eremu publikoari zentzu sozial eta kolektiboa ematea da proiektuaren helburua. Bada, hiriko hiru gune periferikoen kasuak hartzen ditu bere ardatzean mostrak: Uharte, Etxabakoitz eta Lezkairuko Zaldua (eraikitze prozesuan dagoen periferia berria).

Hiru guneak Iruñeko kanpoaldean kokatuak daudela kontuan izanik, kultur prozesuak garatzeko behar ezberdinak dituztela erakusten digu mostrak. Izan ere, Ziudadelako Mistoen Aretoan aurkituko duzuena ez da artelanez egituratutako erakusketa, hausnarketa eta ekintzen uztartzeen testigantzak biltzen dituen prozesu baten adierazlea baizik. Ekintzak periferietan gertatu ziren. Halatan, erdigunearen bazterretan jazotako gertakizunak Iruñeko zentro zentroan dute beren azkeneko parada.

Mostra osatzen dituzten euskarriak risografiak, argazkiak, planoak, testuak eta proiektuaren giltzarri izandako arkitektura efimeroak dira. Aniztasun hura biltzen duen instalazioa izango da ibilbidea zehaztuko diguna eta Mistoen Aretoan sartu eta bigarren solairura igotzen garen momentuan geure ikuseremuan barneratuko dena guztiz. Harrizko arkitektura mardularen barnean egurrezko arkitektura arin eta fina sortzen baita, zeinaren gainean hamarnaka landare hazten diren. Beraz, jatorrizko eraikinaren egitura zein izaera eraldatzen du instalazioak, periferian aurkezten diren eraikinei egiten baitie erreferentzia.

Proiektuaren egituratze prozesua zehaztuko luketen hainbat gune aurkezten zaizkigu ibilbide kronologiko eta linealean. Abiapuntua Uharte da, alegia, Uharte Arte Garaikideko Zentroa biltzen duen herria. Kultura arloan maizago planteatu beharko litzatekeen hausnarketa proposatzen du eremu horrek: sortu al daiteke zentroaren eta herritarren arteko lotura? Edota... nola egin diezaioke mesede zentroak inguruan duen testuinguruari? Zentroa kalera ateraz eta horretarako haren erreferentzia izango litzatekeen arkitektura efimeroa sortuz. Horren emaitza da mostran aurkezten den Totema, erabilera anitz dituen altzari gurpilduna: zinema, erakusketa gunea, tailerrak... garatzeko aukera ematen du.

Abiapuntua atzean utzi eta espazio linealean aurrera egin ahala inguruarekiko perspektiba eragozten duen nolabaiteko pasabidea dugu, eta bestelako arkitektura efimeroen eraikitze prozesuak sumatzen dira bertako argazkietan. Hura zeharkatu ondoren emaitza finala argitzen da: urre eta zilar koloreko paper dirdiratsuz egindako dorrea. Lezkairu Zailduari dagokio arkitektura eta, espazio publikoetan kultur ekintzak garatzerako orduan, horien seinale bihurtzeko helburua du. Izan ere, dorrearen distirak hura distantzian bistaratzeko aukera ematen baitu.

Bestelako beharrak asetzen ditu azkenengo arkitekturak. Etxabakoitz auzoan sortutako kontzertu, hitzaldi eta bestelakoen aterpe efimeroaren testigantzak ditugu azkenik. Plastikozko burbuila erraldoi baten argazkiak, planoak, instrukzioak... tamaina dela eta erakusketa espazioaren kanpoaldean puztuta dagoena, hain zuzen.

Oraingoan, protagonistak periferiak izan dira, eta zentroa horien testigantzak biltzen dituen espazio xumea bihurtu da. Esan bezala, mostrak proiektuaren tripak erakusten dizkigu, ikusleok prozesuaren parte bihurtuz.

Halaber, prozesu hartatik atera genezakeen hausnarketa edota galdera hurrengoa da: noren mesedeen arabera diseinatzen da espazio publikoa? Horren diseinuak baldintzatzen baititu bertan garatu daitezkeen ekintzak. Periferia birpentsatuz proiektuaren arkitekturek baldintza horiek urratu eta berreraiki egin dituzte, eta kale zein eraikitzear dauden orube lauei kolorea eta dirdira ematen diete. Hausnarketa kritikotik abiaturik arazoei erantzunak emanez.]]>
<![CDATA[Koreografia berriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-06-08/koreografia_berriak.htm Tue, 08 Jun 2021 00:00:00 +0200 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-06-08/koreografia_berriak.htm Patricia Esquivias. 'Cardón Cardinal'.Non: Artium museoa, Gasteiz. Noiz arte: Ekainaren 27ra arte.

Ikus-entzunezko produkzioek erakusketa aretoetan jorra ditzaketen rolak askotarikoak dira, bai eta horiek erakusteko erak ere. Baina, prozesu horretan zalantzak sortzen dira: zer da erosoena erakusketa jakin bati lotutako ikus-entzunezko bat muntatzerako orduan? Zinema aretoen parametroetara egokituz filma ordu jakinetan proiektatzea, eta publikoa isil-isilik eta gorputzarekin mugimendu minimoak eginik proiekzio aretoko besaulkietan esertzera gonbidatzea/behartzea?

Egia da, zinema zirkuitu tradizional eta komertzialetan ikus genitzakeen film asko arazorik gabe dasta ditzakegu parametro horietara egokiturik. Alabaina, ikusizko parametro tradizionaletatik aldendu eta bestelako lengoaiekin esperimentatzen duten egileen lanak kolokan geratzen dira. Horiek aurkezteko erak ez baitatoz bat zinema areto tradizionalek zehaztutako arauekin. Halatan, auzi horrek sortzen dituen hausnarketak azaleratzeko, Artiumek erakusketa proiektu berri bat aurkeztu du, Garbiñe Ortegaren komisariotzapean: Z aretoa.

Artiumeko Z aretoa hibrido bat da, erakusketa aretoaren eta zinemako gelen artean kulunkatzen den espazioa. Beraz, orain arte erakusketa espazio izandako gune horren arauak ez dira ez batean ez bestean jarraitu beharrekoak. Alabaina, ba al dago araurik? Filmaren proiekzioak ez du ordutegi jakinik. Bertaratzean, tramaren hasiera, amaiera edo erdialdea aurkeztu ahal zaigu. Inolako etenik gabe filma behin eta berriz errepikatzen baita. Bada, filmak zinema areto tradizionalek ezarritakoen bestelako eretan aztertu, begiratu eta ulertzeko aukera ematen du.

Proiektu berri horren lehenengo erakusgaia Patricia Esquivias artistaren Cardón Cardinal filma dugu, zeinak, ikus-entzunezko lengoaien bidez, Kalifornia Behereko basamortutik Sevilla 92ko Erakusketa Unibertsalera eramandako kaktus erraldoiaren istorioa azaleratzen duen.

Espazioa bi gelatan banatzen da. Lehenik, erakusketa gela dugu, eta bertan, filmarekin lotutako hainbat eta hainbat dokumentu aurkezten dira. Nolabait ere, hurrengo espazioan aurkeztuko zaigunaren aztarnak: kaktusaren irudiak, gutunak, antzinako liburuetan margotutako landareak... Gure gorputzaren koreografia ez da ohikotasunetik aldentzen: minutu pare bat testuak irakurtzeko, beste tartetxo bat geldi-geldi bitrinan ezarritako objektuak begiratzeko...

Baina, egoera guztiz aldatzen da hurrengo espazioan sartzen garenean. Gela hibridoan barneratzean gure gorputzak bereganatu ditzakeen posizioak askotarikoak dira: zutik, besaulkietan eserita, zoruan eserita... Erakusketa areto batean eskegitako pintura balitz bezala, pantailara gerturatu gaitezke, proiekzioa era zehatzagoan aztertzeko helburua izatekotan.

Filmean irudi asko tartekatzen dira. Eta, tartekatze horretan, irudiekin bat, istorioak zein datuak ere uztartzen dira. Baina, muinean, aretoaren pantaila erraldoira egokitzen den ordenagailua dugu, kontakizuna teklen klikatzeaz arduratzen diren eskuek eta off-eko ahotsak zuzentzen duten heinean. Hain zuzen, Esquiviasek Sevillan ahantzitako kaktusaren presentzia ulertzeko helburuarekin egin zuen ikerketaren berri ematen du ahotsak. Zein izan zen 17 metrotik gorako eta 18 tonako landare erraldoia Sevillara eramateko arrazoia?

18 tonako kaktus erraldoia Sevillara eramateak sor dezakeen nahasmenaz aparte. Kontuan hartzekoa da hura bere espaziotik atera zuten momentuan jatorrian izan zuen sinbologia galdu zuela, eta, gaur egun, Sevilla 92ko dekadentziaren nolabaiteko ikur bihurtu dela esan genezake. Aitzitik, mendeetan zehar emandako kolonizazioarekiko paralelismoak ukaezinak dira. Baina, kasu horretan, globalizazioaren mesedetan kolonizazioak bestelako moldeak bereganatu ditu.

Halaber, kontakizunaren muinetik sustraiak ateratzen dira eta istorioak beste gertaera historikoetarantz garamatza prozesuan. Eta horrela, kaktusak bere jatorrizko testuinguru kulturalean bereganatzen duen zentzu etnologikoa ulertzeko aukera ematen digu Esquiviasen lanak. Momentu berean galdera bat sortzen zaigu: jatorrizko espazioetatik hartutako ondorea bestelako testuinguru batean ezartzean, nork du haren jatorrizko balio eta zentzu sinbolikoa errespetatu, zaindu eta mantentzeko ardura?]]>
<![CDATA[Ispiluen bidean oinez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2021-05-25/ispiluen_bidean_oinez.htm Tue, 25 May 2021 00:00:00 +0200 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2021-05-25/ispiluen_bidean_oinez.htm 'Basati / Salvaje/ Wild'Artista: Gentz del Valle. Non: Nafarroako Museoko kapera. Noiz arte: 2022ko martxora arte.

Edertasuna ene aitzinean, oinez noa ni...». Hori da aretoan sartu aurretik hartutako eskuorrian irakurri dudan lehenengo esaldia. Navajoen gau kanta bat da, hain zuzen ere, Gentz del Vallek bere erakusketan barrena gidatuko gaituen testuaren parte dena. Halatan, oinez noalarik, Nafarroako Museoko kapera hartu duen erakusketan sartu naiz: Basati / Salvaje / Wild.

Museoak sustatutako Arte oro garaikidea da proiektuaren barruan dago erakusketa, zeinak azkeneko hamarkadetan ekoiztutako artisten lanak publikoari gerturatzeko helburua duen. Gisa horretan, duela gutxira arte Celia Eslavaren lana bildu zuen kaperak orain Gentz del Valle artista bizkaitarraren proiektua biltzen du.

Tamaina txikiko erakusketa da, bistaratzeko denbora asko eskatzen ez diguna. Bada, zoru gainean oin bat bestearen aurrean mugitzen dugun heinean, jaiotza, bizitza eta heriotza uztartzea gauzatzen duen prozesu sakonean murgiltzen gara. Espazioan integratzen diren euskarriak askotarikoak dira: oihalak, ikus-entzunezkoak, pinturak, eskulturak… Eta denek era orekatuan esku hartzen dute espazioan. Kaperaren elementuekin integratzen dira, eta haren parte diren bi elementuk ezarriko dute erakusketaren ardatz tematikoa: bataiarria eta zoruan ezarritako hilarria.

Espazioan aurrera egin ahala, lurrean isuritako ispilu jario batek gidatzen gaitu. Bataiarritik abiatzen da ispiluz egituratutako ibilbidea, eta hori izanen da erakusketaren zirkuitua markatuko duena. Instalazioak, zirkuitua zehaztearekin bat, espazioarekiko perspektiba eraldatzen du guztiz, era oso eraginkorrean ispiluen isla izatera mugatzen baitira murruak, sabaia eta erretaulak. Honenbestez, espazioaren horizontaltasunak haren altuera gainditzen du, eta, koreografia hartan, gorputzak bat egingo du zoruarekin.

Ispiluek askatzen gaituztenean, begirada zorutik altxatu eta erakusketaren espazioa bitan banatzen duten oihalak ditugu pare-parean. Perspektiba eragozten duten oihalok bat-bateko bizia ematen diote ibaien isuriak sorrarazten duen erritmo geldoari. Oihalen gainean isuritako tinta gorriak haren zuritasuna urratzen du. Nolabait ere, bizitzea esan nahi duen prozesuan gauzak gertatzen dira, geure istorioei kolorea emanez.

Erakusketaren espazioak zehaztu duen bideak behartu egiten gaitu oihalek sortzen duten murrua zeharkatzera. Espazioaren nortasunarekin era oso orekatu eta eraginkorrean integratzen den instalazioa egituratzen da bertan. Ispiluak mantentzen dira, baina atmosfera bestelakoa da: gauarekin, iluntasunarekin, heriotzarekin… lotutako konposizioak hornitzen dute hura. Alabaina, gai horiek sor dezaketen kutsu tetrikoa arnastu ezean, bertan sumatzen dena misterioa da.

Ildo hari jarraikiz, bideak hilarrirantz gidatzen du ikuslea. Haren inguruan sortzen den instalazioa guztiz deigarria da. Sabaian zintzilikatutako egitura zuri bat islatzen da zoruko ispiluetan, zeinak sugeen azalaren aldatzeari erreferentzia zuzena egiten dion. Halaber, instalazioaren kutsu poetikoa ez da egitura hartara mugatzen, hilarriaren gainean museoak daukan hezurdura aurkezten baita. Eta, beirazko bitrina baten barnean dagoenez, haren itzalak hilarrian islatzen dira. Esku hartze horren eraginkortasuna ukaezina da, espazioaren ezaugarri propioak indartuz hainbat eta hainbat irakurketa egitera bideratzen baikaitu.

Nahiz eta erakusketaren muina kaperan dagoen, oraingoan erakusketa ez da espazio hartara mugatzen. Museoaren bigarren plantara gidatzen gaitu erakusketak. Pintura gotikoak biltzen dituen espazioan, Del Vallek ehundutako eta margotutako bionboa integratzen da. Arte garaikidea eta museoaren parte diren beste garaietako piezen sinbiosia gauzatzen da.

Eta han, Erdi Aroko pinturak bere garaia utzi, eta adierazpen artistiko garaikideak bihurtzen dira. Edo, alderantziz, pintura gotikoz inguratutako ohialezko bionboa artearen historian atzera egin eta Erdi Aroan sortutako pinturen parte bihurtzen da?

Pausoz pauso erakusketa atzean uztera noalarik, hasieran irakurritako Navajoen gau kantaren azkeneko esaldiak biltzen nau oso-osorik: «Edertasuna ene inguruan, oinez noa ni...».]]>
<![CDATA[Irudien irakurleak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2021-05-11/irudien_irakurleak.htm Tue, 11 May 2021 00:00:00 +0200 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2021-05-11/irudien_irakurleak.htm Ana Teresa OrtegaIzenburua: Iragana eta oraina, memoria eta haren eraikuntza. Lekua: Nafarroako Unibertsitateko museoa. Noiz arte: Urriaren 10era arte.

Iragana eta oraina, memoria eta haren eraikuntza da Ana Teresa Ortega argazkilariak Nafarroako Unibertsitateko Museoan aurkeztutako mostraren izena. Atzera begirako erakusketa da hura, eta Valentziako (Herrialde Katalanak) artistak 90eko hamarkadatik egunera arte egindako ekoizpen artistikoak aurkezten dizkigu. Nahiz eta aurkeztutako artelanak garai ezberdinetakoak izan, mostrak ardatz zehatz bat jarraitzen du, zeinak frankismoaren eta memoria historikoaren inguruko hausnarketa egitera gonbidatzen gaituen.

Hari horretatik tiraka, memoria, historia eta kultura bisualaren arteko uztartzea gauzatzen da museoaren zorupean kokatua dagoen erakusketa espazioan. Hain zuzen, horiek dira Ortegaren lan ildo nagusiak, artxibo edota elkarrizketen bitartez egindako ikerketetatik abiatzen baita. Bertan azaleratutako edukiak ikusizko adierazpen artistiko izatera pasatzen dira: argazkiak, ikus-entzunezkoak... betiere, kutsu eskultoriko baten pean sortuak dira obrak.

Memoria, historia eta irudiak oinarrian egonik, kronologikoa den ibilbidea sailka egituratzen da. Alegia, sail bakoitza erakusketa espazioaren guneetara egokitzen da. Honela, osotara gai zehatzak jorratzen dituzten bederatzi mikro-espazio aurkeztuko zaizkigu geletan zehar aurrera egin ahala: Erbesteko irudiak, Oroimenaren lorategiak, Pentsalariak, Isildutako kartografiak... alabaina, nahiz eta komisariotza lanak aipatutako sailkatzea gauzatu, badira guztiz definituak ez dauden atalak. Eta horrek nolabaiteko desoreka sortarazten du mostraren egituran, artelanekiko perspektiba galtzeko arriskua baitago.

Erakusketa aretoaren atarian kokatutako Foto-eskultura seriea da Ortegaren mostrak aurkezten duen lehenengo espazioa. Artistaren hastapenetako ekoizpen artistikoa dugu hori, hain zuzen, hark eskulturarekiko duen lotura baieztatzen diguna. Argazkiek bolumena hartzen dute, eta euskarriak irudiak bezainbesteko garrantzia bereganatzen du. Honela, argazkiei zentzu bat edo beste ematen diete euskarriek.

Deigarria da, esaterako, lehenengo espazio horretako zoruan ezarritako eskultura, hilkutxa baten forma ekartzen baitu gogora. Halaber, barnera begiratzen dugun momentuan, erreferentzia zuzena dela baieztatuko digu hondoa hornitzen duen argazkiak. Bertan, lur gainean amildutako gorpu baten zapatak azaleratzen baitira.

Argazkilaritzaren eta materia eskultorikoaren arteko tentsio hori mantentzen da Erbesteko irudiak izeneko sailean ere. Gerra garaian erbesteratutako hainbat pertsonaren irudiak hedatzen dira hor; argazki soil izateari uzten diote, eta psikologiaz beteriko erreminta eraginkor bihurtzen dira. Irudiekin batera, soinu bat sumatzen dugu: itsasoa. Material, euskarri eta irudien bateratzeak egoera latz horrek sortzen duen barne hausnarketa egitera bideratzen gaitu.

Erakusketaren espazio handiena hartzen du Isildutako kartografiak atalak. Zezen plazak, eskolak, lantegiak, mendi tontorrak... Argazki seriea biltzen duen espazioan barneratzen garenean, hamarnaka irudi biltzen dituen instalazio xumea aurkezten zaigu. Baina, irudiok eta haien kartelak arretaz aztertzen hasten garen momentuan, argazki haien ezkutuko memoriak zeharkatuko gaitu. Karteletan agertzen diren izenak eta datak 1936-1975 urteen artean kokatzen baitira. Egungo eszena kostunbrista horiek zerbait ezkutatzen dutela igorriko digu artistak: kontzentrazio esparruak, kartzelak, presoek eraikitako espazio publikoak...

Halaber, mostraren hurrengo espazioetan argazkiaren eta irudiaren irakurketaren inguruko hausnarketak indartzen dira, eta euskarrien inguruko lanketak bigarren planora pasatzen dira.

Eta trantsizio horretan barrena, Liburutegia izeneko espazioan eskalak eraldatzen dira guztiz, espazio karratuaren hormak betetzen baitituzte bi proiekzio erraldoik. Batean, liburu baten barnealdea dugu, eta bestean liburutegi baten apalak. Eta erdian horien arteko elkarrizketa oztopatzen duen aldamio bat agertzen zaigu memoriaren berreraikitzeari dei egiten. Liburuek eta idatziek memoriaren bizirautea bermatzen baitute.

Honela, hurrengo espazioek ildo horri eusten diote, betiere idazkera eta irudien uztartzea eginez, memoriaren eraikitzeari egiten baitiote dei. Prozesu horretan memoria, historia eta irudien irakurle aktibo bihurtzen gara. Eta, honela, gaur eta orain iraganean ezkutuan mantendutako historiaren jarraipena bermatzen dugu.]]>
<![CDATA[Ni, zuek, haiek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2021-04-27/ni_zuek_haiek.htm Tue, 27 Apr 2021 00:00:00 +0200 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2021-04-27/ni_zuek_haiek.htm 'Impossible Translations'Artista: Alberto Lomas. Non: Gasteizko Montehermoso zentroan. Noiz arte: Maiatzaren 9ra arte.

Globalizazioak dakarren gain-informazioarekin bat, beste herrialdeekiko mugen lausotzea eman dela entzun dugu askotan, eta, besteak beste, kulturaren eskuragarritasuna horren ondorio argia da. Baina, beste gizarteak batzuk ezagutzea dakarren kutsu exotiko estereotipatutik haratago, nola ulertzen ditugu edo erlazionatzen gara gureak ez diren testuinguruetatik datozen identitate pluralekin? Eta haien hizkuntzekin? Edota haiek hona etortzera bultzatu dituzten arrazoiekin?

Testuinguru horretan kokatuko gaitu Alberto Lomasen Impossible Translations mostrak. Alegia, barne aztertze sakonean murgiltzen du ikuslea Montehermosoko Ur Biltegian egituratzen den proiektu artistikoak. Honela, erantzun zehatz eta egituraturik gabe, zuzen-zuzenean nork bere hausnarketa propioa garatu, konpartitu edota eztabaida dezan.

Harlanduz egituratutako erakusketa espazioan ikus-entzunezkoak, collageak, ur jarioak, soinuak... ehuntzen dira. Ondorioz, mostran aurkeztuko diren euskarriak askotarikoak direla argi dago. Bada, bateratasun argi bat sortzen da elementu guztien artean, eta horrek bete-betean espazioan murgiltzen gaitu.

Ildo horri jarraikiz, erakusketaren izenak osotasun horri men egiten diola antzematen da bertan barneratzen garen momentuen ere. Translation hitzak mugimendu esan nahi duen heinean, bisitariok espazioan egin beharreko trantsizioei egiten baitie erreferentzia. Halaber, aldi berean, pertsona batek herrialde batetik bestera egin beharreko mugimenduekiko lotura zuzena du hitzak.

Erakusketa espazioan barneratzen naizen momentuan, espazioaren erdialdea guztiz zeharkatzen duen alfonbra gorri batek ematen dit ongietorria. Hura zapaldu eta haren gainetik ibiltzeari ekiten diot. Alboetan dauden burdinazko hari arantzadunek bidea zehazten didaten bitartean, burura datorkit Rosa Luxemburgek esandakoa: «Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentituko». Harekiko nolabaiteko lotura sumatzen baitut mostraren foku den alfonbra gorri dotorean zein hura zeharkatzea eragozten diguten burdinazko hari arantzadunetan.

Izan ere, erakusketaren ibilbideak bideratutako zirkuitu eroso hura mantentzekotan, inguruko piezek bidaltzen dituzten mezuak eta sorrarazi al dizkiguten hausnarketak atzean utziko genituzke. Bestalde, kontrara eginez, erosotasun hura baztertu eta Lomak ezarritako muga/kate sinbolikoak apurtzekotan, istorioa bestelakoa izanen da.

Ezarritako bidea baztertzen dugunean esan genezake ezjakintasun atmosfera batek biltzen gaituela. Zoruan gorriz tindatutako kartoi handiak sumatzen dira, eta hamarnaka hitzez zulatuak daude. Horrela, hitz berdinak espazioaren erdialdea zeharkatzen duten paneletan ere agertzen dira.

Oraingoan, argi foku dotoreek ez dituzte alboetan aurkezten zaizkigun panel handiak argitzen. Ahots jario zurrunbilotsuarekin egiten al dute bat bertako paneletan agertzen diren hitzek?

…Eadar. Skirtumas. Njirimara. Erro. Identitas. Prabedam. Identidad. Tapatype. Identitat. Rereke. Perbedaan. Nasname. Oko'a. Idanimo. Ike. Diffarantza. Rozdí. Rülönbseg. Idanimo. Diferença. Ënnerscheed. Aldea…

Batzuk mantentzen dira, baina badira sabaitik behera isurtzen diren ur tantek erdi ezabatutakoak ere. Honela bada, urak instalazioan duen kutsu sinbolikoa agerikoa da, eta itsasoa egungo migrazio krisiarekin ehuntzeko bulkada sumatzen da. Hark ere bizitzak, hitzak eta istorioak ezabatzen baititu. Baina, paneletan ere urak ezabatzen ez dituen proiekzioak aurkezten zaizkigu. Siluetak agertzen dira, leku batetik bestera mugitzen diren itzal ilunak, alegia. Pixkanaka, bertara gerturatzen naizenean, uraren hezetasuna azalean nabaritzen dudalarik, nire itzalak besteekin egiten du bat.

Istoriodun mamu itzaldunak gara geure gorputza erakusketan integratzen den heinean. Ezjakintasun horretan gabiltza, noraezean besteekin bat egiten dugulako eta hizkuntza, ahots eta hitzen jario hartan gu ere besteak garelako. Mugak desagertzen dira orduan, eta ulergarritasunik ezak nolabaiteko ezinegona ere sorrarazten du, ez delako inolako hausturarik ematen, nire, zure eta haien esperientzien arteko lotura baizik.]]>
<![CDATA[Museoaren tripak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-04-13/museoaren_tripak.htm Tue, 13 Apr 2021 00:00:00 +0200 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-04-13/museoaren_tripak.htm Katinka Bock. 'Logbook' Non: Artium museoa, Gasteiz. Noiz arte: Irailaren 12ra arte.

Erakusketa espazio tradizionalen murru zuri, zabal eta zurrunei bizia ematen diete artelanek. Halaber, badira espazioaren logika eta zentzua guztiz eraldatzeko gai direnak, alegia, murruak barreiatuz bestelako atmosfera bat sortzen dutenak. Artiumeko A2 espazioan murgiltzen garen momentuan sentsazio horrek blaituko gaitu, murruen irekidurek, bertan ezkutatutako artelanek edota espazioa argitzen duten leihatilek bestelako logika bat ematen baitiete aretoari eta espazioak biltzen dituen artelanei.

Hain zuzen, Katinka Bock artistaren Logbook (Ontziko liburua) erakusketa da espazioa eraldatzearen arrazoia, haren adierazpen artistikoaren eredu baita museoaren murruetan gauzatutako esku hartzea. Hainbat eta hainbat materialez egituratutako argazki, eskultura eta instalazioak aurkeztuko zaizkigu bertan: buztinezkoak, zuraren ezaugarri naturalak mantentzen dituztenak, altzairuzkoak, brontzezkoak... edota bere jatorrizko testuingurutik kanpo esanahi berriak bereganatzen dituzten objektuak.

Kasu honetan, erakusketa aretoa itsasontzien barnealdearekin alderatzen du Bockek. Halatan, barnealde hari zein itsasoarekin lotutako literaturari men eginik, kutsu metaforiko zein sinbolikoetan murgildurik, baleen tripekin nolabaiteko paralelismoa sortzen du artistak.

Hari horri tiraka, Bockek museoarekiko, artelanekiko eta lekukotasunarekiko lotura bilatzen duela kontuan harturik, euskal itsas historiaren aztarnak agertuko zaizkigu, mostraren azkeneko guneetan batez ere. Erakusketarekin lehenengo kontaktua izan bezain pronto izanen dugu lotura horren berri, espazio guztiekiko perspektiba izatea ahalbidetzen duten irekidurek islatzen baitute. Alabaina, espazioan egindako esku hartzea arina, leuna eta xumea da.

Ildo horri jarraiki, erakusketa aretoan sartu aurretik aluminiozko plaka batek eragozten digu ikusmira; hori zeharkatzean aldatzen da gauza, eta hainbatetan bisitatu dudan espazioaren eraldatzeaz ohartzen naiz. Izan ere, aurretik esan bezala, gela ezberdinak daude, baina artistak sortutako irekidurek espazio guztiekiko perspektibak geureganatzen dizkigute. Ondorioz, eremu gehienetan inguruko gelen eduki guztiak ezagutzeko aukera dugu, eta nolabaiteko perspektiba interesgarria eskuratzen dugu.

Alegiazko atmosfera batean egongo bagina bezala, murruak irekitzen dira, leihatilak agertzen, edota horma zurien arrakaletatik objektuak irteten. Honela, nahiz eta ikusleok jarraitu beharreko zirkuitua lineala izan, ingurua moldatzen duten hainbat ezaugarrirekin egingo dugu topo.

Hasiera batean ezagun egin ahal zaizkigun hainbat objektu izango ditugu, baina, haiek irreal bilakatzen dituzten ukitu txikiak izanen dituzte. Batez ere, materialen plastikotasunari edota objektuen jatorrizko eskalen eraldatzeari men egiten diotenek harrapatuko gaituzte: haritz-zurak zeharkatutako erradiadoreak, zeramika zatiek hartutako leungailua edota One to eight of eight instalazioa.

Halaber, deigarria da guztiz murruetan eskegitako piezen kokapena, arretaz aztertu behar baititugu hormak, sabaiak eta bertan sortutako irekidura berriak. Alegia, Confusions possibles instalazioa izanen da xehetasun gehien eskatuko diguna, indusketa arkeologiko bat izango balitz bezala, murruen tripetan barneratu behar baikara bertan ezkutatutako piezak aztertzeko.

Bocken sortze prozesuak modu intimo eta zuzenean ikusarazten ditu objektuen lekua, jatorria, materialak eta ibilbidea, hein handi batean. Baina, azpimarratzekoa da hura ez dela objektuen ezaugarrietara mugatzen, landutako objektu eta materialen muga fisikoak zeharkatzea lortzen baitu artistak, espazioaren beraren ezaugarri eta istorio propioen aztertzea gauzatuta.

Gai zehatz baten pean, irudi eta objektu solteek istorio bat edo beste geureganatu ahal dizkigute, beraz, geure oroitzapen eta pertzepzioetatik abiaturik istorio bat edo beste ehuntzera gonbidatzen gaitu inguruak. Honela, eskulturak, instalazioak eta argazkiak espazio bihurtzen dira, eta, era berean, espazioa bera museoaren tripak bistaratzen dituen pieza eskultorikoa izanen da.]]>
<![CDATA[Apaindurarik gabeko errealitate irreala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-03-30/apaindurarik_gabeko_errealitate_irreala.htm Tue, 30 Mar 2021 00:00:00 +0200 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-03-30/apaindurarik_gabeko_errealitate_irreala.htm 'Marina Nuñez. Azalik gabe'. Non: Kubo Kutxa aretoan, Donostian. Noiz arte: Apirilaren 25era arte.

Estetikoki erakartzen gaituen oro ederra al da? Artearekin lotu genezakeen iruditeria tradizionalen arabera, hala beharko luke izan. Hori ez da Marina Nuñezek Kubo Kutxan egituratutako erakusketak igorriko diguna, azaleko edertasuna transmititzen duten piezak eraiki beharrean, inguruarekiko zalantzek eta kezkek sorrarazten dizkioten hausnarketen tripak azaleratzen baititu artistak. Alegia, inolako apaindurarik gabe, zuzen-zuzenean, ederra, beldurgarria, arrotza eta erakargarria denaren artean kulunkatzen dira Azalik gabe mostra eraikitzen duten artelanak.

Egun ingurumen-krisia dela medio geure inguruak sufritzen dituen eraldatze eta txikitze prozesuen inguruko hausnarketak dira Nuñezek gorpuzten dituenak. Alabaina, hausnarketa horiekin batera, bestelako gaiak jorratzen dituzten lanak ere badira, hein handi batean, mostrak artistaren lanaren nolabaiteko atzera begirakoa gauzatzen baitu. Baina artelanak eta haien euskarriak atzera begirakoek gehienetan definitzen dituzten egitura kronologikoan antolatu beharrean, gaika egituratu ditu mostraren komisario Susana Blasek. Eta esan beharra dago horrek artistaren lanak era sakonagoan irakurtzeko aukera ematen duela.

Gaika egituratutako espazioak ez dira edonolakoak, bestelako izaki eta ingurumenaz ehundutako unibertsoetara eramaten gaituzten lau orbita bezala definitzen baititu komisarioak. Hala, lau orbita haietan askotariko euskarriak aurkeztuko zaizkigu: ikus-entzunezkoak, pinturak, irudi digitalak... Horiek espazio eredu ezberdinek baldintzatzen dituztenez, sentsazio, emozio edota hausnarketa ezberdinak sorrarazteko gaitasuna izanen dute modu nahiko heterogeneoan.

Lehenengo orbitan barneratzen garenean, esaterako, ohiko erakusketa gelen antzera hormetan eskegitako hainbat artelanekin elkartuko gara. Alabaina, nahiz eta egitura hori ohikotasunetik ez den aldentzen, argi geratuko zaigu haren parte diren piezen edukiak beste zerbaitez hitz egingo digula; hein handi batean, zientzia-fikziozko atmosfera batez blaitutako pertsonaiak eta espazioak agertzen baitira Nuñezen konposizioetan.

Zientzia-fikziozko film baten partaide garela sumatu dezakegu bigarren espaziora gerturatzen garen heinean, pertzepzioen eztanda bigarren eta hirugarren orbitak biltzen dituen espazio zabalak eskaintzen baitu. Izan ere, jada lehenengo espazioan sartzen garenean soinuak sumatzen ditugu, eta, haiek erakarrita gerturatzen garenean, ikaragarria bezain erakargarria den ikus-entzunezko batek hartuko gaitu. Murru altu, zabal eta luze batean proiektatzen da hura, eta bestaldean beste proiekzio bat izanen dugu. Batak eta besteak naturarekiko erreferentzia zuzenak igortzen dituzte.

Haien edukia bera ere kontrajarria da, batean pertsonaia femeninoek okupatutako natura arrazional, geometriko eta hipnotikoa dagoen bitartean, beste aldean, naturaren botere neurrigabeak txikitzen duen pertsonaia maskulino baten arrastoak baititugu. Hain zuzen, ildo horri jarraitzen diote ingurua hornitzen duten beste piezek, eta lotura zein hausturen artean elkarrizketa irmo bat sortzen da.

Aipatzekoa da mostraren azkeneko gelan aurkeztutako pieza solte geratzen dela, artista beraren lanen edukiaren inguruko hausnarketa tematiko hura urratzen baitu. Alegia, hein batean, mostra konposatzen duen ildotik ateratzen gaitu, eta Nuñezen lana osotara aztertzera gonbidatzen gaitu espazio hark. Beraz, nahiz eta edukien erakargarritasuna ukaezina den, hark mostra eraikitzen duten beste gelen hausnarketa prozesutik ateratzen ditu ikusleak.

Nuñezen lanek sorrarazten didaten zapore groteskoak E.T.A. Hoffmanek esandako aipu hau ekartzen dit gogora: «Gizakiak nahiago du beldurrik okerrena mamuen munduari dagokion azalpen naturala baino; inola ere ez du gure unibertsoarekin ase nahi; beste mundu baten mende dagoen zerbait ikusi nahi du, gorputzaren bitartekaritzarik gabe mantentzeko gai dena». Eta konturatzen naiz hori ez dela gertatzen Marina Nuñezen mostran, errepresentazio oniriko eta arrotzen bidez egun mantentzen diren auziak azaleratzen dituelako. Halaber, erreala den hura era irrealean eta apaindurarik gabe igortzen digun hark gorputza zeharkatzen baitigu. Eta, ondorioz, erakusketa gela atzean uzten dugun momentuan, nolabaiteko sentipen gazi-gozo batek blaituko gaitu.]]>
<![CDATA[Silueta ahantziak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-03-16/silueta_ahantziak.htm Tue, 16 Mar 2021 00:00:00 +0100 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-03-16/silueta_ahantziak.htm 'Desdoméstica'Non: Bilboarteko Urazurrita Aretoan. Noiz: Martxoaren 18ra arte.

Tuk, tak, tak, tak... entzuten da Bilboarteko Urazurrita aretoaren atea zeharkatu bezain pronto. Estibaliz Sadabaren Desdoméstica mostrari dagokio soinua, eta, hein batean, hura izango da erakusketa dastatzen dugun bitartean gure erritmoa zehaztuko duen pauta. Prozesu horretan, emakumeek tradizionalki espazio publiko zein pribatuekin izandako esperientzia intimo, indibidual edota kolektiboen inguruko hausnarketa bisualak helaraziko dizkigu.

Mostra bi espaziotan egituratzen da. Lehenengo espazio irekian, collageak, argazkiak eta bideoak aurkeztuko zaizkigu. Halatan, lehenik bideo batekin egingo dugu topo, non zapata takoidun oinak pertsonaia printzipalak diren, haiek baitira bidearen mugimenduak zuzentzen dituztenak. Ez dago gorputzik, takoidun hankak baizik. Espazio domestikoak zapaltzen dituzte zapatek, nolabaiteko kontrastea sortuz. Publikotasunak eskatzen duen dotorezia eta edertasun kanonaren baitan erabilitako horiek, espazio pribatu eta itxiaren itzaletan baitaude oraingoan. Kaleko zoru gordina izango balitz bezala, zapatok sukaldeko gainazalak zapaltzen dituzte, besteak beste, eta publikoa denaren eta pribatuaren arteko arrakala urratzen dute.

Espazioko eskailerak igo eta galeria zabalean barneratzen garenean, feminitate kanonikoari esleitutako espazio ereduen ezaugarriak dituzten irudiak sumatzen dira. Hormetan daude ezarriak irudi gehienak, alde batean eta bestean, aurrez aurre eskegiak. Modu horretan, irudien arteko elkarrizketa interesgarria sortzen da.

Horren eredu dira Subversiones domésticas eta Las sobrantes. Emakumeen siluetak ageri dira bietan, baina batak identitaterik gabeko silueta arinak aurkezten dituen bitartean, besteak harrizko eskultura klasiko mardulen irudiak erakusten ditu. Horrela, konposizioen arteko tentsioa sortzen da hein batean, eta, era berean, haien arteko lotura estua ehuntzen da. Harrizko emakumeek historiak ahantzitakoei erreferentzia egin liezaieketen bitartean, besteen kasuan, etxekotasunari lotutako objektuek betetzen dituzte identitaterik gabeko silueten hutsuneak. Alegia, espazio publiko patriarkalak sistematikoki ahantzitako pertsonaia zein jarduera femeninoen sintesi izan daitezke horiek.

Jarraian, irudiek atzean uzten dute aurreko kutsu onirikoa: egunerokotasunetik gertu dauden argazkiak biltzen ditu gehien bat. Halaber, aurkeztutako instalazioak ildo bera mantentzen badu ere, ikuspegia zabaltzen digu, Sadabak urteetan zehar egindako lanen irudiak baitira bertan. Murru zuriari erritmo bizia ematen dion mapa bat da, zeinetan argazkiak edukiaren arabera ordenatuak dauden.

Kaleak, aulkiak, harrien artean utzitako sukaldeko tresnak... erakusten dizkiguten argazkiak ditugu. Hutsik daude, aurretik bertan egon zirenen arrastoak baitira; baina ez dago gorputzik. Argazkiotan agertutako elementuak geure iruditeria kolektiboarekin konektatzen dute. Eta, atlas ikonografikoan aurrera egin ahala, emakumeen gorputzak etxeko tresnekin fusionatzen dira, material bizigabeak pertsona eta objektu arteko hibrido bihurtzen direlarik. Performanceranzko progresioa sumatzen da konposizioetan, non gorputzak objektuei eta irudiei zentzu bat ematen dieten ikur politiko bihurtzen diren.

Tuk, tak, tak, tak... hasieratik entzundako soinu gordina zabaltzen duen gelarantz bideratuko gaitu espazioak; bideoaren barne soinua da bertara gerturatzen gaituena. Kaos orekatu baten bitartez, emakumeen eta eremu publikoen arteko erlazio historikoa islatzen da espazioan. Murgiltzean instalazioarekin egingo dugu topo, zeinak hainbat euskarri eta irudi aurkezten dituen: planoak, pinturen detaileak, performanceak, testuak...

Era honetan, Sadabaren lanak erakusten digu emakumeek espazio publikoetan jorratutako bidea jan egin zuela historiaren ikuspegi androzentrikoak. Beraz, gertaera horiek ikusezin bihurtzeak eragin zuzena du emakumeek kaleetan, herrietan edota hirietan bizitzeko moduei lotutako genealogia ahantzietan. Baina, pixkanaka-pixkanaka, hegemonikoki gorputz femeninoei esleitutako domestikazio prozesuak deseraikitzen dituzten lengoaia plastikoek gorputza, begirada eta pentsamendua zeharkatzen dizkigute. Alegia, genealogia ezkutu horiei jarraipen bizi bat ematen die mostrak.]]>
<![CDATA[Eztabaida mahai gainean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2021-03-02/eztabaida_mahai_gainean.htm Tue, 02 Mar 2021 00:00:00 +0100 Jone Rubio https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2021-03-02/eztabaida_mahai_gainean.htm 'Habitación 6+4'. Non: Iruñeko Uharte zentroan. Noiz arte: Apirilaren 18ra arte.

Egunotan, Uharte Arte Garaikidearen Zentroak Nafarroako Gobernuarekin batera sustatutako laguntzen emaitzak aztertzeko aukera izanen dugu Habitación: 6+4 erakusketan. Gai zehatz baten pean eraikitako komisariotza proiektuak askotarikoak izan daitezke. Bada, aniztasun horretan murgildurik litekeena da erakusketa bat hornitzen duten artelanen arteko lotura tematikoak proposamenari nolabaiteko osotasuna ematea. Hain zuzen, obren eta komisariotza proiektuaren irakurketa errazten duena.

Kasu honetan, Uharte Zentroan leku hartzen ari den Habitación: 6+4 erakusketa ez da parametro horietara egokitzen. Sei artista (Irene Holguin, Jose Castiella, Alvaro Gil, Xabier Barrio, Alberto Oderiz, Irati Urrestarazu) eta Protokolektibo taldearen instalazioak biltzen ditu. Alabaina, nahiz eta espazio berean egituratu, Uharte Zentroko erakusketa espazioaren tamaina handia kontuan harturik, lan bakoitzak bere txoko zehatza okupatzen du. Modu horretan, instalazio bakoitza nolabaiteko mikro-erakusketa bat bezala ulertzera bideratzen gaitu espazioak.

Hain zuzen, erakusketa egituratzen duten mikroespazioen artean aurkitu dezakegu Irene Holguinek sortutako artxiboa, Beste artxibo bat izena duena. Espazioan barneratu bezain pronto sumatzen da instalazioa: tiraderaz eta bitrinaz hornitutako mahai zabala. Horien barnean aldizkariak, komikiak, argazkiak, posterrak, liburuak... daude. Halatan, mahaira gerturatu ahala, bestelako artxiboaren edukiak haren berezitasunaz ohartaraziko gaitu, hegemonikoki emakumeen kontsumorako sortutako materialak baitira.

Holguinek hainbat urtez egindako ikerketa sakonaren etekinak dira mahaiaren gainean, azpian, barnean eta alboan ezarritako material guzti-guztiak. Halaber, materialak biltzen dituen euskarria bera ere nolabaiteko komisariotza proiektu konpaktu gisa ulertzea interesgarria suertatzen zait. Tiradera eta bitrinen txukuntzea estrategikoa izanik, artista berak aurkeztutako produktuen arteko kontraesanak, antzekotasunak eta desadostasunak erakusten saiatzen baita. Ondorioz, tiradera bat edo beste irekitzeak erakusketa tradizional batean espazioan mugitzearen zentzu berdina bereganatzen du.

Artxiboa biltzen duen mahaian maitasun erromantikoaren atzaparretan murgiltzen gaituzten fotonobelak, edertasun kanon zehatzei jarraitzeko pautak ematen dizkiguten aldizkariak eta emakumeen gorputzak sexualizatzen dituzten komikiak ditugu, besteak beste.

Era berean, materialak sortu ziren testuinguruak gaurkotasunetik aldentzen gaitu, 1960, 1970, 1980 eta 1990eko hamarkadetan egindako material grafikoak aurkezten baitzaizkigu bertan. Hain zuzen, feminitate eredu ofizialen eraldatzeak igortzen dituzte horiek, non frankismo garaiko emakumetasun eredu nazional-katolikoa urratu eta kontsumo-gizarteari lotutako bat sortzen den. Alegia, prozesu horretan, mahaia eztabaida gune bihurtzen da.

Eztabaida gune hura hiru ardatzen gainean sostengatzen da: egunerokotasuneko errealitatea, feminitate eredu zehatz bat sortzen duten erremintak eta irakurleekin konektatzen duten elementuak. Horien bidez, feminitate estereotipoak sortzen dira, zuzen-zuzenean geure egunerokotasunean txertatzen diren ereduak, alegia. Oso-oso onak diren subjektu femenino atseginegiak, maltzurrak diren emakume sexyak... Horiek dira, besteak beste, mahaiaren aurreko partea hornitzen duten material literarioetan topatuko ditugun ereduak.

Era berean, mahaiaren beste aldean, errealitatea zeharkatu eta subjektu femeninoei zuzendutako aldizkarietan sumatuko ditugu halakoak. Bada, bertan aurkeztutako materialak ez dira egun kontsumitzen diren ereduetatik aldetzen, askoren ekoizpena mantentzen baita: maitasun testak, horoskopoa, pertsonaia ezagunen bizitza zoragarriak kontatzen dituztenak...

Askotan, bestelako artxibo horietan topatzen diren materialak zuzen-zuzenean errefusatu egin dira. Ordea, beharrezkoa da horrelakoak mahai gainean jartzea eta feminitate eredu ezberdinekin lotutako produktuon ekarpenak eta kalteak aztertzea, horien existentzia ahaztu ez dadin. Hari horretatik tiraka, artxiboaren, ikerketaren eta fetixearen arteko lerro estuan mantentzen da Holguinen lana, non zentzuaren eta apetaren arteko muga urtzen den. Alabaina, ez al da artxiboen egituratzea parametro horien magalean eraikitzen?]]>