<![CDATA[Jone Rubio Mazkiaran | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 26 Sep 2022 12:20:11 +0200 hourly 1 <![CDATA[Jone Rubio Mazkiaran | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Eraldatzearen immanentzia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-05-24/eraldatzearen_immanentzia.htm Tue, 24 May 2022 00:00:00 +0200 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-05-24/eraldatzearen_immanentzia.htm 'Azaleratu'Artista: David Bestue. Non: Altzuzan, Oteiza museoan (Nafarroa). Noiz arte: Urriaren 15era arte.

Azalak eraldatu, urratu, higatu edota desagertzen dira denboraren poderioz. Ildo horretan, objektuen materialtasuna iragankorra dela esan genezake. Artearen historia zeharkatzen duten sorkuntza eskultoriko kanonikoei so egitean, haien materialtasunak zurruna, higiezina izatea helburu duela ondorioztatzen dugu: harria, burdina, egurra... Irmoa, eraldaezina, gogorra... Bada, tradizio eta logika horietatik aldentzen da David Bestue artista, Oteiza museoan mustu berri duen Azaleratu erakusketan aurkezten duen lanean. Irmotasun horretatik aldendurik, objektuen, materialen, gainazalen eraldatze gaitasunak bereganatzen baititu.

Uharte zentroak eta Oteiza museoak elkarrekin garatu duten Hazitegia programaren parte da proiektua; egin duten bosgarrena da. Haren bitartez, Jorge Oteizaren lanaren inguruko hausnarketak bideratzen dituzten erakusketa proiektuak garatzea da helburua. Halatan, Bestueren proposamenak artistaren lanarekiko loturak eta hausturak ikusarazten ditu. Prozesu garaikideen bitartez, Oteizaren produkzioko eta idatzietako hausnarketak eta birformulazioak ikusarazten baitira.

Aurkezten diren piezen nortasuna etengabeko eraldaketan murgiltzen da, eta, prozesu horretan barrena, denboraren menpe geratzen dira. Halatan, Oteizaren lanarekiko loturak eta hausturak arnasten dira espazioetan barneratzen garen heinean. Betiere, modernitateko eskulturen ildoekiko perspektiba kritiko bat zabalduz.

Materialak birplanteatzea du oinarri proposamenak, eta, beraz, aurkeztuko zaizkigunek azukrea, gantza, gatza, fruituak, arrosak eta beste izanen dituzte osagai nagusi. Horietatik abiaturik, artistak forma irmo eta zurruneko eskultura iragankorrak sortzen ditu.

Erakusketa, ibilbide lineal batean oinarriturik, hainbat espaziotan egituratzen da. Alabaina, artelanen antolaerari dagokionez, bi espazio uztartzen dira: Trastelekua eta Arasa. Lehenak kontserbazio espazio bati egiten dio erreferentzia, zeinetan piezak gorde eta mantentzen diren, iraganetik orainera. Arasa, kontrara, elikagaiak gordetzeko espazioa izanik, etengabeko aldaketan dagoen gune bat izanen da. Bada, piezak konposatzen dituzten materialak daude bereizketa horren erroetan; batzuk orainaren itzal eraldagarriak baldintzaturik daude, eta besteak irmotasunaren nolabaiteko aldarri bihurtzen dira.

Materialen iragankortasunak erakusketaren pisua bereganatzen duela kontuan izanik, eta hari loturik, Bestuek Samuel Luiz gaztearen hilketa eta memoria hartzen ditu prozesuaren aldarritzat. Nolabait ere, gertatukoaren oroitzapena bizirik mantentzeko saiakerak proposatzen dituzte hainbat piezak.

Loreak, gantza, gatza, fruituak... espazioak zeharkatzen ditugun heinean, eskulturaren alor formalaren eta poetikoaren arteko tentsioak sumatzen dira. Forma, edo edukia, mezua edo materiala, istorioa edo irudia...

Eta, aldi berean, galerari, desagerpenari egiten diote erreferentzia; horietako batzuk denborak aurrera egin ahala desagertuko baitira. Izan ere, artistak azaltzen duen eran, eskultura errealitatearen filtro bihurtzen da. Horrela, artistak eskulturaren galeraren eta heriotzaren arteko zubi bat eraikitzen du, eta espazio guztiak blaitzen ditu ikuspuntu horrek.

Azkenean, moldearen barneko edukiak moldea bera gainditzen du, eta materialaren nortasunean zentratzera bideratzen gaitu. Prozesu horretan murgiltzen garenean, zentzumen guztiak pizten zaizkigu, eta piezen gaitasunak areagotzen direla sumatzen dugu: usaina, zaporea, testurak... Begietatik sartzen zaigun hura barrenetan aztertu, ulertu eta konposatzen baitugu.

Denbora da ezaugarri horien guztien biziraupenaren arduradun nagusia, eta orain ikusi, dastatu eta aztertu dugun hau eraldatu, mugitu, higitu eta urratuko da. Amaieran, inguratzen gaituen guztia desagertzen den arte.]]>
<![CDATA[Sinergiak ehuntzea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-05-10/sinergiak_ehuntzea.htm Tue, 10 May 2022 00:00:00 +0200 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-05-10/sinergiak_ehuntzea.htm 'The Voice of the Valley'Artista: Erlea Maneros Zabala. Non: Artium museoan. Noiz arte: Irailaren 18ra arte.

Irudiek euren istorioak igortzen dizkigute, begirada gainean jarri eta aztertzen ditugun heinean. Alabaina, irudiak, sakonki aztertzen ditugunean, deskonposatu egiten dira, partekatzen dira, alegia, zatikatzen dira, bestelako irudiei, objektuei lekua utziz. Figurazio edo istorio bat zen hura elementu abstraktu bihurtzen da. Berregin egiten da irudia, hondoko istorioa atzean utzirik, eta, hala, ateak irekitzen dizkio ikusten dugun irudi berri horri. Eta, ate berri horiek zeharkatzen ditugunean, istorio zaharrak ez dira desagertzen; aitzitik, hor daude, baina bestelako lekuetatik, perspektibetatik edota begiradetatik aztertzeko aukerak helarazten dizkigute.

Tirabira eta estutze horretan kulunkatzen dira Erlea Manerosek Artiumen aurkeztu duen erakusketako artelanak, The Voice of the Valley titulupean. Abstrakzioa, figurazioa, iragan hurbila... memoria zahar eta berrien arteko tentsioak. Irudien eraikuntza zein erreprodukzio tekniken inguruko hausnarketak biltzen baititu bere lanak, askotariko euskarrien bitartez. Pintura, ikus entzunezkoa, argazkilaritza, instalazioak edota beste artistek egituratutako lanak darabiltza, eta haien bidez egiten ditu interbentzioak espazioetan. Ildo horiek lantzen ditu The Voice of the Valley erakusketak ere, artistak azkenengo bost urteetan garatutako bost produkzio bilduz.

Erakusketa espazioan barneratu baino lehen ohartzen gara han bertan eman den eraldatze espazialaz. Aurreko hilabeteetan erakusketa espazio bakarra zena, birmoldatu egin baitute, eta freskotasun puntu argia eskaintzen dio horrek erakusketa berriari.

Halatan, mostra bi espaziotan banatzen dela sumatuko dugu. Argazki seriea biltzen duen nolabaiteko korridore bihurtzen da erakusketaren lehenengo espazioa; Ainara Elgoibarren erakusketaranzko bidean baitago. Eta bi erakusketak ehuntzen dituen nolabaiteko trantsizio gunea sortzen du horrek.

Manerosen marrazki seriea ikusiko dugu trantsizio gune horretan: beltza, zurruna, estatikoa, eta, aldi berean, malgua eta testuraz josia. Irudi horietan, gainjartzen doaz gainazalak, eta koadrikulek zeharkatzen dituzte guztien loturak. Baina, horrekin hautsiz, azkeneko geruzen pintura ziztada azkar eta malguek konposizioaren irmotasuna lausotzen dute. Halatan, tentsio guneak seriea konposatzen duen pintura bakoitzean errepikatzen dira, behin eta berriz, eta erritmoak sortzen dituzte murru zuri zurrunean.

Harekin kontrastean dugu hurrengo espazioa, zeinak ikus-entzunezkoa bestelako instalazio handiekin uztartzeko aukera ematen duen. Hondoko paretan dagoen Excercises on Abstraction IV Series pintura seriea da bigarren espazio horren buru, bertan hedatzen diren beste instalazioen disposizioaren ardatz bihurtzen baita. Izan ere, piezak kokatuta dauden moduan, lehen kolpean harrapatzen baitu ikuslearen begirada.

Alde batean, Prompt Book instalazioa dago, eta bestean dugu erakusketari izena ematen dion ikus-entzunezkoa. Bada, elkarrizketa interesgarriak sortzen dira bi piezen artean, batak frankismo garaiko iruditeria artistikoei erreferentzia zuzena egiten dien bitartean, besteak artistaren lan prozesuak garaiko mezu kontserbadore eta liberalekin uztartzen dituelako. Piezen arteko nolabaiteko sinergiak eta ehuntzeak gauzatzen dira horrela.

Halaber, sinergiak ez dira bi pieza horietan zentratzen, espazioetan aurrera egin ahala eta piezak aztertzen ditugun heinean, hedatzen baitoaz elkarguneak. Bere arnasgunea eta espazioa du lan bakoitzak, betiere, eta, ondorioz, pieza bakoitzak bere zentzu propioa mantentzeko aukerak ditu. Bada, ildoak estutu, uzkurtu eta lausotzen dira: figurazioa edo abstrakzioa, iragana edo oraina, irmotasuna edo malgutasuna...]]>
<![CDATA[Mugimendu kristalduak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-03-29/mugimendu_kristalduak.htm Tue, 29 Mar 2022 00:00:00 +0200 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-03-29/mugimendu_kristalduak.htm 'Gorputzak momentu batez'

Artista: Ion Munduate. Lekua: Gasteizko Artium museoa. Noiz arte: maiatzaren 23ra arte.

Gorputza eta mugimendua elkarrekin datoz. Eta, era berean, gorputzak egituratutako koreografia propioak definitzen gaituela ondorioztatu genezake. Hanka bat tolestu, besoa altxatu, oin bat aurreratu… Bada, errepikapen horietan ere mugimendu bat bestearen atzetik dator eta, hala, aurreko mugimenduak atzean uzten ditugu. Eta, prozesu horietan gu aldatzen gara, gorputzak esperientziak bereganatzen ditu, eta mugimenduak sortzeko aukerak biderkatzen dira. Ildo horiei tiraka, hausnarketa prozesu batean murgiltzen gara Artiumeko Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren barnean egituratzen ari den mostran.

Gorputzak momentu batez da Ion Munduate dantzariaren lanak aztertzeko aukera ematen digun mostraren izena. Hartan fisikoki espazioa hartuko duten gorputzak gureak izanen dira, eta murruetan proiektatutako ikus-entzunezkoetan beste gorputzen koreografiak ikusarazteko aukera dugu. Hiru pieza aurkezten dira, Caja Roja, 1998koa, Lucia con zeta, 1998koa, eta Traduciendo Locus, Cuaderno 1, 2016koa.

Mostra espazio bakarrean egituratzen da, zeinetan proiekzioak murruetan aurkezten diren. Prozesu interesgarria sortzen da, izan ere, gorpuztasuna ardatz izanik, eta espazioa guztiz irekia izanik, geure koreografia propioak aztertzeko aukera baitugu nolabait. Edota, bideoetan agertzen diren irudien mugimenduek blaitzen gaituzten heinean, horiek errepikatzeko bulkada izanik, espazioa berregituratzeko aukerei ateak irekitzen baitzaizkie.

Espazio ireki eta zabal horretara barneratzen garen momentuan, eskala handiko proiekzio batek hartzen gaitu, alegia, harrapatzen gaitu nolabait. Alde batetik, murrua hartzen duelako, eta, bestetik, hartan agertzen diren gorputzen eskala naturalak gertutasuna sorrarazten digulako. Eta, hein batean, erreproduzitzen dituzten koreografien partaide bihurtzen gara momentu horretan.

Bideoan lau pertsonaia aurkezten dira, bakoitzak liburuxka bat duela. Lurrean uzten dituzte, eta etzaten dira: irmotasunez, mugimendu zehatzez, zurruntasun artifiziala azalaraziz. Eta orduan hasten da dantza: koadernoak ireki, eta agertzen diren irudien posizioak berregiten dituzte, momentu horretan bertan lurra eszenografia bilakatuz.

Ikus-entzunezko horrekin kontrastean, laukizuzenean proiektatutako bestelako proiekzio bat ere badugu, zeinak, hein batean, kutsu klaustrofobikoa duen. Hartan, gorputz bat aurkezten da mugimendu azkarrak eta geldoak tartekatuz. Momentu jakin batean, bigarren gorputz bat agertzen da: proiekzio bat da hura. Bada, dantzariak koreografia partekatu bat sortzen du harekin ere. Sekuentzia horretan, Munduatek berak interpretatzen dituen bi koreografia sortzen dira, norberaren irudien bidez identitateari buruz hausnartzeko. Dantzatzen den heinean, gorputzak bat bihurtzen dira, gero banatzen dira, lehia egiten diote batak besteari… ez dakigu non hasten eta non amaitzen den gorputz bat, eta bestea.

Halaber, erakusketa espazioaren zabaltasunak eta hango bankutxoan kokatutako partituren koadernoak bertan agertzen diren posizioak berregiteko aukera ematen dute. Eta, era berean, artistaren sortze prozesuaren tripak azaleratzen dira. Irudia baita haren koreografien abiapuntua: partituretan marraztutako gorputzak, alegia. Mugimenduak ez dira desagertzen, kristaltzen baizik. Hala, posizioak berreginez, momentu jakin horretan, ikusleak performer bilakatzeko aukera sortzen da. Erlojuak markatutako momentu jakin batean, gorputzik gabeko gela hura mugimenduz blaitu dezagun.]]>
<![CDATA[Nerabezaroa kritikotasunetik eraiki?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-01-11/nerabezaroa_kritikotasunetik_eraiki.htm Tue, 11 Jan 2022 00:00:00 +0100 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2022-01-11/nerabezaroa_kritikotasunetik_eraiki.htm Eric Baudelaire. 'Un film dramatique'

Non: Artium museoa, Gasteiz. Noiz arte: Urtarrilaren 23ra arte.

Ikus-entzunezkoak egituratzeko parametroak, lengoaiak, irudiak... askotarikoak izan daitezke; alabaina, egia da horien inguruan izan genezakeen aurreiritzia molde zehatzetara egokitzen dela. Hain zuzen, errealitatea eta fikzioa, edota pelikularen eta dokumentalaren arteko mugak lausotzeko aukerak mugatzen dituzte horiek. Hala ere, fokuetatik aldentzen diren zirrikituak badira, zeintzuetatik moldeak malgutzen dituzten lengoaia estetiko eta diskurtsibo berriak aurkezten zaizkigun. Malgutze lauso eta bigun horretan kokatzen da, alegia, Artiumeko Z aretoan kokatutako Un film dramatique ikus-entzunezkoa.

Film gehienen moduan, horrek baditu zuzendari jakin bat, editore bat... Baina kolektiboa da guztiz. Eric Baudelaire zinemagileak Parisko Saint Denis auzoan kokatutako Dora Maar eskolako ikasleekin batera sortu baitzuen hura. Bada, prozesu baten testigantza da erakusketa/zinema aretora barneratzen garen momentuan helaraziko zaiguna.

Filmaren erroak deigarriak dira jada, enkargu baten emaitza baita hura. Frantziako eraikin publikoak irekitzen diren momentuan, artelan batekin omentzen dira. Beraz, Dora Maar ikastetxearen irekierarekin bat, artearen materialtasunetik aldenduz, Eric Baudelaire zinemagileari egin zitzaion filma sortzeko enkargua. Halatan, zinemagileak lau urte eman zituen ireki berria zen ikastetxeko lehenengo belaunaldiko ikasleekin lankidetzan, 11 eta 15 urte bitartekoekin, zehazki.

Lehenengo espazioan, nolabaiteko epilogo baten eran, horma zuriak blaitzen dituzten bideoak proiektatzen dira, zeintzuetan haurren ahotsak eta kaleko soinuak tartekatzen diren. Alabaina, kasu horretan ez dago egileen inolako aztarna zehatzik, susmoak baizik.

Espazioak banatzen dituen gortina beltza zeharkatzean baieztatuko diren susmoak, alegia. Ikasleak baitira, askotan, kamera esku artean dutenak. Baina haien interbentzioak ez dira horretara mugatzen, proiektuan parte hartu duten hogei ikasleek, irudiak eta ikusteko erak sortzearekin bat, hausnarketak partekatzen baitituzte.

Aurretik esan bezala, filma prozesu baten testigantza da. Alegia, haur izatetik nerabe izatera pasatu diren hogei pertsonaren aztarna, zeinetan inguruarekiko kontzientzia bereganatu eta eraikitzen duten. Egile eta partaideak haurrak direla kontuan izanik, askok ondorioztatu dezakegu nolabaiteko inozentzian zentratzen dela ikus-entzunezkoak bidaltzen digun hausnarketa. Ba... ez! 11 urteko haurren hausnarketek zuzen-zuzenean eragiten digutela argitzen baitzaigu filmaren zenbait ataletan.

Nabarmentzekoa da, bereziki, bi gazteren arteko eztabaida. Donald Trumpi eta Marine Le Peni kritikak bideratzen dizkietenean, jatorria, jaioterria eta nazionalitatea ezberdintzen dituzten parametroen inguruko hausnarketetara ailegatzen dira: nazionalitatea jaioterrira mugatuta dago? Jaioterriak gure jatorriarekin lotzen gaitu? Edo ez du zertan nazionalitatearekin lotura izan?

Erantzunak ez dira absolutuak, irekiak baizik, ikusleak hausnarketen partaide bihurtzen baikara. Eta, era berean, ikus-entzunezkoa egituratu den testuingurura gerturatzen gaituzte. Izan ere, kontuan hartzekoa da ikastetxea kokatua dagoen auzoarekiko ikuskera estereotipatua, hark dakartzan aurreiritziekin bat...

Alabaina, diskurtsoa ez da hausnarketa politikoetara mugatzen, hizkuntza filmikoen inguruko eztabaidak, ekintzak eta sorkuntzak aurkezten baitzaizkigu, baita ere. Ikasleek beren bizimodua aurkezten digute zenbaitetan, eta, alderantziz, kameraz baliaturik ingurua filmatzeko baliabideak ikertzen dituzte, eta, horrela, espazio berriak eraikitzen dituzte. Halaber, beren gatazka propioak azaleratzen dituzte partaideek, baina azken finean gatazka intimoak diren horiek konpartitu, eta kolektibo bihurtzen dira, baita ere.

Un film dramatique-k molde zehatzera egokitutako ikuskera horiek hartu, bereganatu eta berreraikitzen ditu. Halatan, ironiaz eta kritikotasunez blaitzen gaitu. Eta, era berean, adinaren ondorioz gutxietsitako ahotsei soinua, doinua eta zarata ematen die errealitatearen eta fikzioaren artean kulunkatzen den filmak.]]>
<![CDATA[Izaten jarraitzeko esperoan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2021-12-14/izaten_jarraitzeko_esperoan.htm Tue, 14 Dec 2021 00:00:00 +0100 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2021-12-14/izaten_jarraitzeko_esperoan.htm 'Baginen bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak'Non: Donostiako San Telmo museoan. Noiz arte: 2022ko martxoaren 13ra arte.

Emakume artisten inguruko informazio urriaren zergatia gizartearen egitura patriarkalean oinarritutako logika baztertzaileetan dago. Euren lanak biltzeko aukera eskasak kontuan izanik, eta hutsune sakon batean murgilduta, asko eta asko dira ahantziak izan direnak. Eta logika horietan barneratzeko aukera izan zutenek parametro zehatzak mantendu behar izan zituzten euren adierazpen artistikoak aurrera eraman ahal izateko. Bada, denboraren poderioz mugak eta parametroak eraldatu edota lausotu egin diren arren, aztarnak mantentzen dira.

Alabaina, emakume artisten erakusketak eratzeko orduan, euren lanak aurkeztu eta lotzen dituen ildo komun bakarra emakumetasuna denean, ez al da haien lanen eraginkortasuna murrizten? Egoera honetara nola eta zergatik iritsi garen ulertzea beharrezkoa baita. Izan ere, neutraltasunetik harago, instituzioen autokritika beharrezkoa baita, ez?

Logika horietan murgiltzen da guztiz Baginen Bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun-(ez)aren logikak, Garazi Ansak eta Haizea Barcenillak elkarlanean komisariatutako mostra. Halatan, San Telmo museoan kokatutako erakusketaren diskurtsoak komisarioek bideratutako ikerketa du giltzarri, zuzen-zuzenean hausnartzera bultzatzen gaituena: non, nola, zer baldintzatan daude eta zeuden euskal testuinguruko emakume artistak eta haien lanak?

Atalez atal, zirkuitu zirkularra mantendurik, erakusketan diskurtsoak eraikitzen dituzten faktoreak ikusarazten dira. Bidea era kronologikoan egituratzen da eta, mostraren beraren izenburuari men eginez, Baginen hitzak ematen dio hasiera ibilbideari. Puntuz puntu hausnarketa prozesuan barneratzen gara: Nola eratzen da bilduma bat?; Emakumeen arte hezkuntza; Legitimazio bila; Geometriaren ikuskera anitzak; 90eko hamarkadako eztanda... Eta, azkenik, Bagara hitzak burutzen duen espazioak harrapatzen gaitu. Hein handi batean, hitzen bidez sortzen den ehuntze horrek antzinako eta egungo emakume artisten presentzia aldarrikatzen du.

Mostran barneratzean, lehenik XIX. eta XX. mendeen hasierako artisten lanak aurkezten zaizkigu. Betiere, artelanen konposizioari eta egituratzeari zentzua ematen dien testuinguru baten barnean. Bertan aurkezten zaizkigun pezetatxo batzuek artean ematen den euskarrien kategorizazioaren logika patriarkalak urratzen dituzte, bertan ehungintzari men egiten dioten adierazpenak, natura hilak edota eskala txikiko pinturak aurkezten baitira. XIX. mendean jada egonkortu ziren feminitate ereduen baitan, horrelako adierazpenak eredugarriak baitziren, batez ere, emakume burgesen hezkuntzan.

Abiapuntua hori izanik, espazioetan barneratu ahala, perspektiba eraldatzen zaigu, eta kritikotasun uholde batek kitzikatzen digu gorputza. Hausnarketa aktiboa eskatzen digu mostrak, inguratzen gaituen oro zalantzan jartzeko bulkada eraginez.

Erosotasunean oinarritutako diskurtso neutroa urraturik, kritika feministaren betaurrekoak janzten dizkigu erakusketak; San Telmo museoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumaren parte diren emakumeen presentzien zein absentzien zergatiak ulertaraziz. Oraingoan, diskurtsoak emakumeen esperientziak hartzen baititu barrenetan. Alabaina, ez ditu gizon garaikideak baztertzen, haietako askok ere badutelako beren espazioa erakusketan. Izan ere, haiek aztertzeko eta ulertzeko perspektiba, diskurtso hegemonikoetatik landu ezean, bazterretik garatzen da.

Museo baten bildumak iruditeria zehatz bat sortzen du, zeinak azkenik memoria kolektiboan eragin zuzena duen. Alegia, museoen bildumek eta horiek erakusteko erek diskurtsoak sortzen dituzte, eta diskurtso horiek eragin zuzena dute gizartean, iritziak bateratzeko orduan. Baginen Bagara behin-behineko mostra da, zeinak martxoaren 13an ateak itxiko dituen. Momentu horretan bertan, erakusketan aurkeztutako artisten lan asko gordailuetara bueltatuko dira... argia berriro noiz ikusiko zain. Bada, mostra museoaren bildumarekin egituratu dela kontuan izanik, ez litzateke zilegi izanen Baginen bagara-k, izaten jarraitzeko, mostra iraunkorrean eragin zuzena izatea?]]>
<![CDATA[Distantzien formula]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-11-30/distantzien_formula.htm Tue, 30 Nov 2021 00:00:00 +0100 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-11-30/distantzien_formula.htm 'Do Mess With Me'Artista: Lorea Alfaro. Non: Gasteizko Artium zentroan. Noiz arte: 2022ko urtarrilaren 16ra arte.

Irudien munduan bizi gara. Irudiak, formak, argazkiak, bideoak... egunerokotasunaren parte bihurtu dira. Halatan, zer puntutaraino datoz bat proiektatzen dugun irudia eta geure identitatea? Eta, gorpuztasunetik at, beste pertsona bat geure irudia kaptatzeaz arduratzen denean, zer da gertatzen dena? Momentu horretan, jarrera, aurpegiaren espresioa eta beste parametro zehatzetara egokitzen dira, eta, klak,argazki, bideo edo Tick tock hartan kristaltzen da hori. Zentzurik izan dezake edo ez, baina zerbait sortzen da hartatik.

Nolabait, egunerokotasuneko lengoaia horietatik abiatzen diren zentzu estetikoez baliatzen da Lorea Alfaro Artiumen aurkeztutako Do Mess With Me mostran, zeina Testuinguruak bilduma batetik abiatuta izeneko programaren parte baita. Programa horren helburua museoak erositako pieza berriak bistaratzea da, eta euskal testuinguruan egun ekoizten eta sortzen ari diren adierazpen artistikoei oihartzuna eskaintzea.

Erakusketa museoko A02 gelan dago kokatuta, espazio bakarreko areto txikian. Gerturatzen garen heinean, gelan barneratu aurretik artistaren lehenengo aztarna sumatzen da: LA (Lorea Alfaro). Halatan, bere siglak erakusketaren testua biltzen duen hormaren gainean bistaratuz, Alfarok bere presentzia aldarrikatzen du, nahiz eta bera espazioan ez egon. Nahiz eta ez ikusi, bertan egon badago. Nahiz eta espazio fisikorik ez okupatu, bere izenaren siglak haren presentziaren sintesi baten moduan ulertu baititzakegu.

Ildo berean, espazio txiki eta karratuan sartzen garenean, bisitaria da hura okupatzen duen bakarra. Bai, espazioaren fisionomia da mostran aurkezten zaigun lehenengo gauza, eta orduan bideo bat pizten da, gero beste bat, beste bat... eta, azkenik, horma zati bat biltzen duten bi argazki gainjarri. Ingurura egokitzen dira horiek, hormetan proiektatzen diren heinean. Halatan, bi hausnarketa sortzen zaizkit lehenengo talka horretan. Lehena: nola erlazionatzen gara hutsik dagoen espazio horrekin? Bigarrena: nola eragiten digute harreman horretan bertan proiektatzen diren bideoek?

Lehenengo bideora gerturatzen naiz, justu ondoko paretan beste bideo bat pizten den bitartean. Bietan irudi geldoak errepikatzen dira, behetik gora. Nolabaiteko eskaner bat izango balitz bezala, gorputzak eta haiek biltzen dituzten arropen tolesturak, ehundurak, markak... geldi-geldi aztertuko balitu bezala. Agertzen diren pertsonek besoak zabaltzen dituzte, eta estatikoak dira, eta irudikatzen duten eszenari nolabaiteko artifizialtasuna ematen diote. Izan ere, bideoan bertan agertzen diren pertsonen aztarnak arakatzen dira, geldo-geldo eta banan-banan. Ondorioz, pertsonaiek proiektatzen duten irudi bateratuen osotasuna desagertzen da.

Adierazkortasun murriztu horretan, nolabaiteko distantzia sortzen da. Egia da egunerokotasuneko eszenak aurkezten direla bertan, baina egunerokotasun haren aztarnak eszena konposatzen duten elementuetan aurkezten dira soilik. Hura filmatzeko era eta bertan agertzen diren figurak aztertzean, egunerokotasun hori desagertzen da. Besoak, arropak, ahoak, begiradak zein filmatzeko erak, euren testurak, mugimenduak, koloreak, aztarnak eta abarrekoak arakatzeko, ulertzeko eta aztertzeko eskaera egiten baitigu.

Haren parean, horma osoa hartzen duten argazki gainjarriak aurkezten dira. Hondoan, horma-paperaren funtzioa gogora ekar diezagukeen estanpatua sumatzen da, zeinak iruditxoen erritmoan bertan gainjartzen den beso bat urratzen baitu. Kontrastea areagotzen da, irudi haren gainean ezartzen den argazkiari so egiten diogun momentuan; hondoko estanpatuaren erritmoa berreskuratzen baita tatuajearen bidez, alde batetik, eta tatuajea haren mihisea den azalak guztiz urratzen duelako, bestetik.

Estanpatuari egindako erreferentziak ez dira amaitzen, kontrasteek eta erritmoek bizia hartzen baitute ondoan proiektatzen ari den bideoan. Bada, estanpatua zetazko alkandoran agertzen da, eta alkandorak Yung Beef trap abeslariaren gorputza biltzen du. Orain, estanpatuaren eta Beef-en tatuajea zein gorputz adierazpenen artean sortzen da elkarrizketa. Berriz ere, kamerak gertu-gertutik filmatzen du pertsonaia, eta, nahiz eta gertu egon, distantzia sortzen da.

Gertutasun, zehaztapen, aztertze horrek distantzia sortzen du, espazio huts eta ilun batean gaudelako kokaturik. Baina, mostran atzera egite hori intermitentea da, intimotasunaren eta publikotasunaren pautak zehazten dituzten ezaugarrien arteko nolabaiteko tentsioa sortzen baita. Halatan, formula berrietara egokitutako forma berriak sortuz.]]>
<![CDATA[Sistema kapitalistaren bazterretatik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-11-16/sistema_kapitalistaren_bazterretatik.htm Tue, 16 Nov 2021 00:00:00 +0100 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-11-16/sistema_kapitalistaren_bazterretatik.htm 'Patriarcado y capital es alianza criminal'Artista: Lastesis kolektiboa. Non: Iruñeko Gaiarre antzokian. Noiz: Azaroaren 10ean.

Iruñeko Gaiarre antzokiko ateak zeharkatu, eta, jendeak gidatuta, areto nagusirantz bideratzen ditugu geure hankak, buruak, eskuak, gorputzak... geldo-geldo, inguruko pertsonekin talka ez egiten saiatuz. Publikoaren ahotsak pilatzen dira aretoan barneratzean. Ahotsen pilatze horrek, estetika guztiz klasikoa mantentzen duen antzoki dotorearekin egiten du talka.

Pare-parean dudan agertokian ez baita operarik, antzerkirik, monologorik eta abarrekorik egongo; Lastesis kolektibo txiletarraren performancea baizik. Jada, titulua irakurri bezain pronto, goitik behera eta alde batetik bestera zeharkatzen nauen ekintza da Patriarkatua eta kapitala, aliantza kriminala izenekoa.

Espazioaren handitasunarekin kontrastean, agertokia hornitzen duen instalazioa xumea da guztiz. Alabaina, mikroerakusketa baten moduan uler genezake: mahai bat dago erdi-erdian, eta haren gainean bi makina, bata bestearen aurrean kokatuta. Bada, bertan kokatutako bi makinek, iruditeria patriarkalari men eginik, nolabaiteko mezu dikotomikoa sortzen dute mahaiaren bi bazterretan. Bata inprimagailua da, bestea josteko makina; lan tresnak dira, eta lanaldi femeninoarekiko lotura zuzena adierazten du azkenak. Ikuspuntu horretatik aldendu, eta bi makinen funtzioak aztertzen badira, mugak desagertu eta funtzioak ehuntzen dira: bi makinek irudiak, mezuak, testuak... sortzeko ahalmena dute.

Mahai azpian kolektiboko lau kideek egindako kartelak daude zintzilik: «Kapitalismoa emakumeen gizarte- eta ugalketa- esklabotasunean oinarritzen da» irakurri daiteke haietan.

Bat-batean aretoko argiak itzaltzen dira, eta hondoko pantaila pizten da. Segur aski, mila milioi aldiz entzun eta ikusi duzun abesti baten bideoa proiektatzen da: Milikiren Los días de la semana delakoa.

Arretaz entzuten dut pailazoak dioena, neskatxa bati buruz hitz egiten du. Neskatxak astean zehar ez du jolasteko inolako aukerarik, astelehenean lisatu, asteartean josi, asteazkenean erratza pasatu, ostegunean kozinatu, ostiralean arropa garbitu, larunbatean arropa eseki eta igandean otoitz egin behar duelako.

Martha Roslerrek Semiotics of the Kitchen performatzen zuen hamarkada berean sortu zen abestia. Bada, hori da 1970eko hamarkadan helarazten zen mezua, ez Roslerren parodia, eta esparru askotan gaur egun dirauena. Neskak ez du inolako espaziorik, bere lekua zaintzara dago bideratua, ez aisiara, are gutxiago hausnarketara. Alabaina, zaintza lan horiek ez dute inolako legitimaziorik merezi?

Eta, orduan... Tuntun pa! Tuntu pa! Tuntun pa! Tuntun pa! Abesti beldurgarri hori desagertzen da, espazio osoan erritmoa hedatu, eta Lastesis kolektiboko lau kideak agertzen dira. Mahaiaren bi bazterretako bakoitzean esertzen dira bi, eta fabrika batean egongo balira bezala, makinak martxan jarri, eta mugimendu mekanikoak egiteari ekiten diote. Bitartean, beste bikoteak mikrofonoak hartu, eta, eserita dauden kideen antzera, kutsu mekanikoa mantentzen du. Mugimendu zehatzak eta mezu zuzen-zuzenak sortuz, gorputzen zein ahotsen adierazkortasuna bigarren planoan utzirik. Silvia Federici autorearen lana hartzen dute oinarritzat, eta, handik abiaturik, teoria marxistaren kritika feminista sustatzen dute, jatorrizko teorien hutsuneak osatzeko helburuarekin. Kritika esparru estetikora eramanez, logika kontsumistaren metodoak bereganatzen dituzte, eta espazio guztietan harrapatzen gaituzten iragarkien zuzentasuna, bat-batekotasuna, abiadura jartzen dute ekintzaren erroan.

Hori da kolektiboaren helburua, performancearen leitmotiv bihurtzen den mezua helaraztea: «Ezin da ulertu klase borroka, bi azpiklasetan banatzen dela kontuan hartu gabe. Emakumeak eta gizonak. Eh! Zu jabetza pribatua! Nire gorputza ez da gehiago izango sostengu kapitalista». Aldi berean, atzeko pantailan mezua osotzen duten collageak eta irudiak agertzen dira; musikak markatzen duen erritmoa mantentzen dute.

Performancea esparru eta momentu ezberdinetan gauzatu dute artistek. Errepikapenean oinarriturik, mezua ahalik eta urrutien irits dadin. Ekintzak barrenak urratzen dizkit, hein handi batean. Baina argi geratzen zait gure posizioa erosoa dela.

Ekintzak xamurra ez den testuinguru batean du jatorria, 2019ko testuinguru txiletarrean. Bada, artistek azaltzen duten eran, nahiz eta hedabideek ez duten egungo egoerari buruz hitz egiten, ezinegona, jazarpenak eta abortuaren legearen auzia mantentzen dira. Eta, haiek artistak diren heinean, beren buruei galdetzen diete: nola borrokatu zerbaiten alde, sistemaren begietan ez baduzu inolako eraginik, eginkizunik, balorerik...? Artearen botere eraldatzailearekin, arteak gorputzak zeharkatzen baititu; emozioekin konektatzen du, eta barrenak urratu ondoren hausnarketara bideratzen gaitu, prozesu haren azkeneko pausoa ekintza izanik. Beraz, azkeneko ekintza performancea ikustera joan garenon esku dago.]]>
<![CDATA[Ikusleak partaide]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/041/001/2021-10-19/ikusleak_partaide.htm Tue, 19 Oct 2021 00:00:00 +0200 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/041/001/2021-10-19/ikusleak_partaide.htm 'Jantzizazu artefakta'

Artistak: Beatriz Sanchez, Dogartzi Magunagokoetxea eta The Zuzenders. Non: Dulantziko Mikaela Portilla kultur etxean (Araba). Noiz arte: azaroaren 7ra arte.

Euskal testuinguruan, arte garaikidearen erdigunea espazio urbanoetan dagoela ukaezina da. Formakuntza, erakusketa espazio edota sormen guneei dagokienez, zeintzuk dira landa eremuetan arteak dituen aukerak? Izan ere, arte sare egonkorrik ez dagoen gune batean arte garaikidea sustatzeko helburua izanik, erakusketa bat egituratzea ez da nahikoa. Halatan, edukien saretzea eta inguruko biztanleen partaidetza sustatzen dituzten jarduerak beharrezkoak dira guztiz; hau da, mediazioak jorratzen duen rola beharrezkoa da.

Ildo horretan kokatzen gaitu, hein batean, Dulantziko Mikaela Portilla kultur etxean egituratutako Jantzizazu artefakta mostrak. Eremuak proiektuaren barnean, landa eremuetan eragitea du helburu Harriak programak, saretze hori sustatzeko, eta programa horren barruan antolatu dute erakusketa.

Maite Martinez de Arenaza izan da mostraren bitartekaria, eta Dogartzi Magunagokoetxea, Beatriz Sanchez eta The Zuzenders taldearen adierazpen artistikoak bildu ditu. Erakusketak eskema guztiak urratzen dizkigu, jai giroan zentratutako pertsonaia folklorikoen iruditeriak bereganatu eta berregiten baititu. Hain zuzen, jaia baita erakusketa eta haren testuinguruan egituratzen diren ekintzak zeharkatzen dituen ardatza.

Lehen espazioranzko barneratze prozesuak zuzen-zuzenean ohartarazten gaitu horretaz. Kolore. Objektu. Jantzi. Formen eztanda! Nahaste horretan jantzi arraroz atondutako figura ez-folklorikoak aurkezten dira. Gogora ekartzen digute elementu bat edo beste: buruhandi hegalariak, ihauterietako pertsonaien arrastoak mantentzen dituzten irudiak... Litekeena da gerturatzen garen ororentzat pertsonaiak ezagunak eta, aldi berean, ezezagunak izatea. Arrotzak bihurtzen dira pertsonaiak gerturatu eta begiekin aztertzen ditugun heinean, objektuek bestelako izaerak bereganatzen baitituzte. Halaber, pertsonaien mugimendurik eza kontuan izanik, arroztasuna biderkatu egiten da.

Hurrengo espazioan barneratzean aldatzen da egoera. Bertan, hamarnaka aulkiz betetako gelan, Ex Tradizional proiektuaren arrastoak aurkezten dira horman proiektatuta. Eta orduan, aurreko espazioko pertsonaia estatikoetako batzuek mugimendua eta bizia berreskuratzen dituzte. Beren jatorria ulertu eta aztertzeko aukera ematen digute bideoek.

Bilboko kaleetan sortutako pertsonaiak dira. San Frantzisko kaletik Dulantziko erakusketa espaziora lekualdatu direnak. Eta, ildo honetan, objektuak, pertsonaiak, irudiak... aurkezten diren testuinguru berri horretan, esanahiak, zentzuak eta irakurketak bestelakoak dira; testuinguruarekin bat, publikoa ez baita Bilboko kaleak okupatzen dituen bera.

Alabaina, zirkuitu artistikoetatik at, arte garaikidearekiko dagoen ikuspegi estereotipatu eta elitista kontuan harturik, zein da erakusketak ikusleengan izango duen eragina? Izan ere, euskarriak heterogeneoak dira eta estetika tradizionalak urratzen dituzte guztiz. Bada, proiektuaren mediazioa izango da giltzarria, oraingoan. Fikziozko pertsonaia berriak sortzeko tailerrak sustatuko baitira herrian, eta emaitzak erakusketan bertan erakutsi.

Egoerak gogora ekartzen dit Danele Sarriugartek Erraiak eleberrian ekoizpen artistikoen inguruan planteatzen zuen deskribapena: «Hura artea izan zen, artea ulertzen baldin bada gutxienez pertsonen erraiak atzamarkatzeko eta barrutik kanpora astintzeko eta azazkalen azpian pilatutako zikinkeriarekin kritikotasunez gaiztotzeko gai den ariketa estetiko gisa; edo, besterik gabe, hainbesterainoko fisikotasunik gabe, kaskoari pare bat buelta gehiago ematera behartzen zaituen ariketa».

Arteak kitzikatzen du. Erakusketak ezjakintasunean murgiltzen gaitu lehen momentuan, eta seriotasun faltari men eginik, barrenak kitzikatzen dizkigu modu batean edo bestean. Batzuk hausnartzera bideratuko ditu, eta beste batzuk ez; baina bertan sortzen den talka estetikoaren eragina ukaezina da. Eta, talkaz talka sortze prozesuan murgildurik, herritarrak eurak izango dira mostraren egile, partaide eta ikusle.]]>
<![CDATA[Koreografia kolektiboak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-10-05/koreografia_kolektiboak.htm Tue, 05 Oct 2021 00:00:00 +0200 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2021-10-05/koreografia_kolektiboak.htm 'Mugimendu batek eragiten duen mugimendua'

Non: Iruñeko Ziudadelan. Noiz arte: Urriaren 24ra arte.

Gorputzarekin, eskuekin, ezpainekin, begiekin... egindako keinuak eta ekintzak gure emozioen islak dira. Emozio indibidual eta kolektiboen arrastoak izan daitezke, baita behin nonbait barneratutako mugimendu kodifikatuen errepikapenak ere, edota bat-batekotasunaren bulkadaz gure gorputzek, eskuek, ezpainek eta begiek gauzatzen dituzten koreografia inprobisatuen emaitzak. Bada, emozioek gidatzen dituzten mugimendu horiek, buruan hasi, gorputza zeharkatu eta espazioak blaitzen dituzte.

Hain zuzen, testuinguru, auzi edota hausnarketa horren magalean kokatzen gaitu, Mapamundistas programaren barruan eta Mugimendu batek eragiten duen mugimendua titulupean, Iruñeko Ziudadelan kokatutako erakusketa sareak. Alegia, mugimenduarekin lotutako kontzepzioak dira Itsaso Iribarrenen eta German de la Rivaren, Lee Shulmanen, Marianne Mispelaereren eta Maria Kourkoutaren lanak ehuntzen dituzten hariak.

Lee Shulmanen lanarekin talka egiten dugunean hasten da hausnarketa prozesua; eta mistoen eraikinera mugitzen garen momentuan Iribarrenen eta De la Rivaren, Leeren, Mispelaeren eta Kourkoutaren lanek emango diote prozesuari jarraikitasuna.

Nahiz eta espazio batean baino gehiagotan egon, eta instalazio bakoitzaren espezifikotasuna aldean utzi gabe, nolabaiteko bateratasuna sumatzen da erakusketen artean. Euskarriak askotarikoak dira: eskulturak, ikus-entzunezkoak, argazkiak... Heterogeneotasun horrek erritmo ezberdinak sortzen ditu espazioak hornitzen dituzten artelanak aztertzeko denboretan.

Labean barneratzen garen momentuan guztiz hartzen gaitu eraikinaren egitura propioan integratzen den instalazioak. Eraikinaren erdialdean, behin eta berriz uretara salto egiten duen gorputza dago. Hura inguratzen duten argazkietan ekintza, mugimendu, koreografia... berberak errepikatzen dira. Pertsona anonimoak daude hainbat garaitan eta agertokitan egindako argazkietan. Baina mugimendua berbera da kasu guztietan. Haren bitartez, beste espazio batera egiten dute salto, beste ur baten hezetasunak azalak bil diezazkien.

Mistoen aretoko bigarren solairurantzako eskailerak igotzen ditugun momentuan guztiz desagertzen da mugimendu azkar eta dinamikoa. Gorputz zatikatuak gogora ekartzen dituzten eskultura multzoak daude bertan. Zoruan, hormaren kontra sostengatuak... baina, gorputzak gogora ekarri arren, ez dute bizitza ematen dieten haragirik; arropak baitira. Egunerokotasunean gorputzak mugitzen dituen horiek gorputzik gabeko gorputz zurrunak dira.

Bat-batean, mugimendua hasten da berriz ere. Kaleak, poemak, kaleak, testuak, kaleak, aurpegiak. Kaleen isiltasuna goratzen duten horien aurka, espazio publikoen bizitza eta nortasuna goraipatzen duen ikus-entzuneko bat aurkitzen dugu. Alboko espazioan barneratzen gara. Maria Kourkoutaren filmak harrapatzen gaitu. Eta, filmaren dinamikotasunaren aurrean erakusketaren erritmoa azkartzen da. Alabaina, begiratzen dugun hura azkartzen bada ere, oraingoan gelditzen dena gure gorputza da.

Irmotasun hura berriz ere atzean utziko dugu espazioan aurrera egin ahala; hain zuzen, Marianne Mispelaeren lana aurkezten zaigunean. Ehunka pertsonak eskuekin egindako keinu mutuen zaratak hartzen gaitu. Indibidualtasunetik kolektibotasunera eramaten gaituzte eskuekin sortzen diren forma kodifikatuek.

Eta, era berean, keinu zehatz bat egitera bultzatzen gaituzte, keinu isilen mezuak ulertzeko eskuak ere behar ditugulako. Argazkien azpian testuak daude, eta testuek keinuen zergatia eta jatorria azaltzen dituzte. Ondorioz, espazioa soinuz betetzen dituzten argazki isilak eskuekin altxatu behar ditugu. Koreografia bateratua sortzen da orduan, erakusketa espazioetan ukimena berriz ere berreskuratzen ari garela goraipatuz.

Halaber, bateratasuna arnasten da Mugimendu batek eragiten duen mugimendua erakusketa proiektuetan murgiltzean. Proiektuak askotarikoak dira, eta bakoitzak bere nortasun propioa du. Alabaina, nahiz eta instalazio bakoitzak hausnarketa zehatz bat bideratu, ondokoekin ere ehuntzen da. Halatan, erakusketaren amaierak, nolabait, ehuntze prozesu hura ekartzen digu gogora.]]>
<![CDATA[Agertoki neutroak?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1945/033/002/2021-01-05/agertoki_neutroak.htm Tue, 05 Jan 2021 00:00:00 +0100 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1945/033/002/2021-01-05/agertoki_neutroak.htm 'Uholdeak. Klaustrofilia'Non: Altsasuko Iortia kulturgunea (Nafarroa). Noiz arte: Urtarrilak 17ra arte.

Hilabete luzeak pasatu dira lehen aldiz, osasun larrialdiak behartuta, konfinamendua pairatu genuenetik. Alabaina, geure bizilekuetako lau hormen barnean egotera behartuak egon ez arren, ezin dugu ukatu inguruarekin erlazionatzeko moduak eraldatu direla guztiz. Landa eremua, besteak beste, eraldatze horren testigu izan da. Hein handi batean, espazio itxiak ekiditeko aholkuei men eginik, askoren aukera kutun bihurtu baitira ibilaldiak zein landa-turismoa. Baina, nondik okupatzen dituzte askok halako espazioak?

Litekeena da dinamika hurrengoa izatea: kotxea hartu, eta helmugara gerturatzen zarela, kotxeko leihotik inguratzen zaituen paisaia bukolikoak liluratuko zaitu. Kotxea hor nonbait aparkatuko duzu, eta espazio bukoliko hori denbora tarte zehatz batez okupatzeari ekingo diozu. Jarraian, argazki pare bat atera eta lagunekin, familiarekin, lankideekin... saretuko dituzu. Eta, azkenik, hirira edo herrira bueltatuko zara, zure bizilekuko lau hormen gozotasunean murgiltzeko irrikan. Dinamika horrek egungo gizarteak sustatzen duen natura zein landa eremuarekiko distantzia igortzen du, bisitak egiteko agertoki neutro bihurtzen baitira halako espazioak.

Distantzia horren inguruan hausnartzeko pautak eskaintzen dizkigu aurtengo Uholdeak programaren aldarri den Klaustrofilia mostrak. Hain zuzen, aurreko edizioan bezala, erakusketak Nafarroako hainbat herri bisitatuko ditu, eta, oraingoan, Altsasuko Iortia Kultur Gunea da mostra biltzen duena. Komisariotza lanak Kanpoko Bulegoa kolektiboak garatu ditu, eta, zehazki, landa eta naturarekiko deserrotze prozesuak mapan jartzen ditu.

Kasu honetan, hausnarketa prozesu horretan murgiltzen gaituzten euskarriak askotarikoak dira: liburuak, hormetan eskegitako testuak, maketak, argazkiak, ikus-entzunezkoak... Bada, heterogeneotasun horretan bateratasuna igortzen da, abiapuntua Marc Badalek idatzitako testuak baitira. Haiekin batera, espazioan barneratu bezain pronto, Kanpoko Bulegoko kide diren Anne Ibañezen eta Marc Badal beraren irudiak aurkezten zaizkigu ikus-entzunezko batean; erakusketaren nondik norakoak emango dizkigute. Horrela, mostraren egituratzea kritikoa bezain didaktikoa dela sumatzen da, harekin lehen kontaktua izan bezain pronto.

Tamaina handiko bideoa atzean uztean, hamarnaka liburu sostengatzen dituen egurrezko egitura zabal eta arina dugu: liburutegi iragankorra, alegia. Espazio mugatu hartan kokatutako liburuen luzera, forma, kolorea eta edukiak askotarikoak dira, eta objektuok lotzen dituen hari ikusezina gaiek jorratzen duten naturarekiko harremana da. Mostrak kokatzen gaituen testuinguruarekiko iruditeria askoren sortzaileak ere badira liburuok: landa eremua ezer txarrik gertatu ezin daitekeen espazio bukoliko gisa aurkezten dituztenak, ikerketa objektiboak aurkezten dituztenak, edo erakusketaren tituluarekin lotutako irakurketa utopikoak.

Liburuek gugan ikuspuntu bat edo beste bat sortzeko aukera ematen digute; alabaina, espazioa hornitzen duten euskarri artistikoek geure pertzepzioen loratzea gauzatuko dute. Loratze horretan, ordea, tirabirak sortzen dira, naturala eta artifiziala denaren arteko tentsioak, alegia. Ildo horretan, Iosu Zapataren soinu-ekoizpenera gerturatzen naizenean, begiak itxi eta ibai baten ondoan kokatzen dut nire gorputza, baina begiak irekitzen ditudanean, ilusioa desagertu egingo da.

Bestalde, Iranzu Antonaren lanaren kasuan, erakusketa aretoan bertan artistaren iruditeria afektiboarekin lotutako harriak ditugu, Arbeitzako haitzetik hartuak, hain zuzen. Kontraste deigarria sortzen da orduan, haitzaren irudiak eta laginak jatorrizko eremutik atera baititu artistak.

Kontrara, Altsasuko iruditeria lokalari men egiten dion maketa txiki batek Txuspo Poyok herriko basoko zuhaitz batean eraikitako etxolarantz bideratzen nau. Honela, mostrak erakusketa aretotik ateratzen nau, eta arte garaikideak espazio publikoetan jasan dezakeen harreraren pistak emango dizkit. 2007an berria zen eraikinaren kristalak desagertu dira, egurra zahartu da, eta sarrera debekatu zaigu. Etxola izateari utzi dio Poyoren lanak, zuhaitz batean eraikitako egurrezko eskultura erraldoia baita gaur egun. Etxola bere jatorrizko erabileratik aldendu bada ere, paisaian guztiz integratu dela ukaezina da.

Landa eremuan kokatua dagoen herri industrialean ezarritako komisariotza lan honek inguruarekin zer-nolako harremana dugun aztertzera bultzatzen gaitu. Eta, era berean, arte garaikideak naturan nahiz hirigunetatik kanpo jorratu dezakeen rola aztertzera bultzatzen gaitu.]]>
<![CDATA[Memoria zatien edukiontzia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2020-12-08/memoria_zatien_edukiontzia.htm Tue, 08 Dec 2020 00:00:00 +0100 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2020-12-08/memoria_zatien_edukiontzia.htm 'Oinez eta eskuz 2'Artistak: Teresa Sabate eta Virginia Santos. Non: Iruñeko Ziudadelako Bolborategian. Noiz arte: Urtarrilaren 17ra arte.

Michel Certeauk esan zuen kontakizunak bidaien kontakizunak zirela, norberak espazio zehatz batekin izandako esperientzia biltzen duen prozesua, hain zuzen. Hari hartatik tiraka, etxetik irten eta edonora joateko zapaldu behar ditugun kaleetan barneratzean zerbait sortzen dugu. Kaleek geure pausoen bidez zentzu bat edo beste hartzen dute, eta, esku-hartze horren bitartez, memoria ardatz duen istorio bat ehuntzen dugu. Kontakizun txiki horiek manten ditzaketen edukiontziak askotarikoak izan daitezke: guretzat gorde ditzakegu, lagunekin konpartitu, nonbait idatzi… edo, Teresa Sabate eta Virginia Santosek Oinez eta Eskuz 2 erakusketan egin duten eran, kontakizun bihurtutako esperientziak josi, pintatu eta marraztu ditzakegu.

Iruñeko Ziudadelako Bolborategian egituratutako erakusketak Teresa Sabate eta Virginia Santosek lankidetzan ehundutako piezak biltzen ditu. XVII. mendean eraikitako erakusketa aretora barneratu bezain pronto, espazio bakarrean, inguruaren estetika klasikoa urratzen duten koloreek, landareek, animaliek… harrapatzen gaituzte. Halaber, oihan basati batekin alderatu genezakeen instalazioan zehar lehenengo pausuak egiterakoan, irudiok bide baten testigantza direla argi geratuko zaigu. Horrela, beraz, Bolborategia, erakusketa gela izateari utzita, artelan anitzetan kristaldutako memoria zatien edukiontzi izatera pasatu daitekeela sumatzen dut. Sabateren eta Santosen oroitzapenak konposatzen dituzten elementuak geure memoriaren parte bihurtzen baitira.

Adreilu mardulez eraikitako gangaren azpian dauden horma zuri eta lauetan zintzilik, mapa bilakatu den prozesu baten arrastoak ditugu. Hain justu ere, erakusketa konposatzen duten artelanen buruan, bide luze bat irudikatzen duen mural zabala dugu. Egileek auzoko tailerretik Uharte zentrora egindako bidean esperimentatutako sentsazioak, bizipenak, objektuak… aurkezten zaizkigu bertan.

Mapa hori ez da bidaia haren froga bakarra, hormetan zintzilikatutako bozetoek edota kaletatik hartutako tramankuluek kontakizun horren zertzeladak emango baitizkigute. Hain zuzen, bisitarion ikuseremua hartzen duten piezen tamainak eta fisionomiak askotarikoak dira: mihiseak, mural luzea, ispiluak, boxeo eskularruak… Artisten bizipenen arrastoak dira; pausoz pauso bildutako materialak, alegia.

Erakusketan bi pertsonak elkarlanean jositako lanak ditugu: Teresa Sabate eta Virginia Santos. Kasu honetan, elkarlanak bateratasuna gauzatzen du; ez dago bata eta bestearen arteko mugarik. Preseski, oroitzapen, lengoaia eta esperientzia pluralek sortzen duten adierazpen estetiko osotu bat dugu, non, hainbat eta hainbat ñabarduraz blaiturik, sortzaileek istorio bakarra kontatzen diguten.

Bada, nahiz erakusketa espazio bakarrean egituratu, kontuan hartzekoa da bi fasetan banatzen dutela Sabatek eta Santosek. Lehena Uharte zentroan ehundu zuten. Bigarrenari, berriz, tailerrean eman zioten hasiera. Alabaina, pandemiak bigarren fasea zeharkatu, eta elkarlana distantzian egitera behartu zituen artistak. Faktore hori sumatzen da erakusketan. Mapa atzean utzi eta aurrera egin ahala, nire begiek ezagutzen ez dituzten pertsonak agertzen baitira. Sabate eta Santosen tailerra, auzoa edota taberna okupatzen dituztenen irudiak dira. Alegia, haiek konfinamendu garaian faltan sumatu zituzten lagunak.

Kutsu horri jarraikiz, erakusketa biltzen duten lau murruen arteko laugarrenarekin kontaktua izaterakoan ispilu batekin egiten dut topo, eta nire irudia islatzen da bertan. Publikoaren, irudikatutako pertsonen eta hormetan eskegitako piezen arteko lokarria estutzen duen sarea sortzen da erakusketa aretoan. Adierazpen artistikoaren bidez eraikitako afektuen sareak dira erretratuak, beraz. Murruetan esekitako irudietakoak nor diren jakin ez arren, testuinguruan murgiltzen gaituzte.

Egoerarekin konektatzen dugu, askok esperimentatutako sentsazio, bizipen eta esperientzia baten isla baitira. Askotan arretaz aztertzen ez ditugun seinaleak, alegia. Egunerokotasunaren hausnarketa sakona egitera bultzatzen gaituzte erakusketan ehuntzen diren bateko eta besteko elementuek, orduan. Lotura horretatik abiaturik, memoria zatien edukiontzi horretan, nork bere buruari galdetzen dio zer-nolako pisua duten bere bizitzan okupatzen dituen espazioen parte diren pertsonek, animaliek eta objektuek.]]>
<![CDATA[Begietatik hatz puntetara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2020-11-24/begietatik_hatz_puntetara.htm Tue, 24 Nov 2020 00:00:00 +0100 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2020-11-24/begietatik_hatz_puntetara.htm 'Galerna'Artista: Jon Cazenave. Noiz arte: 2021eko otsailaren 14ra arte. Non: Donostiako Tabakaleran.

Espazio zehatz bat bizitzea bertan integratzea, barneratzea eta inguratzen zaituen ororekin bat egitea da. Hori da Galerna erakusketa konposatzen duten memoria zatitxoek gugan sortzen dutena. Gorpuztasunak bat egiten du inguruarekin, eta ez dago haragiaren, esperientziaren eta paisaiaren arteko ingeradak banatzen dituen erremintarik. Irudi bakar batean esperientzia bat kristaltzen da, eta, nahiz eta argazkia izan, errealismotik aldentzen den zerbait agertzen zaigu bertan. Hain zuzen, errealismoa baino gehiago, jarduera artistikoaren kutsu erromantikoarekiko lotura sumatzen da Jon Cazenaveren argazkietan: gaua, paisaia onirikoak, naturaren elementuekiko ikuskera sublimea...

Zortzi sailetan banatu dituzte erakusketak bildutako 410 argazkiak, preseski, era kronologikoan antolatuta. Hein handi batean, euskal identitatearen inguruko hausnarketez baliaturik hasi zuen Cazenavek Galerna proiektua egituratzeko barne bidaia. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, testuinguru zehatz hark sortzen zizkion galderak erantzuteko asmoarekin hasitako ikerketa bisuala zabaldu egin zen. Modu honetan, argazkilariak hamar urte luzez egindako barne eta kanpo bilaketa baten emaitza dugu Tabakalerako Kutxa Kultur aretoan kokatutako erakusketa.

Artistaren beraren hausnarketa prozesua argazkiek sortutako iruditerian azaleratzen dela argi geratuko da hasierako kontaktua izan bezain laster. Atmosfera lainotsuetan kokatuta zeharkatzen gaituzten begirada ilunak, naturaren materialtasuna igortzen duten azalerak… Lekukotasunarekiko lotura sumatzen da bertan, nolabaiteko iluntasunak barnebiltzen gaituela. Argazkiotan figurak eta irudiak sumatzen badira ere, ingurua aztertzeko aukera ukatzen digu irudietan nagusitzen den belztasunak.

Hala gertatzen da euskal gatazkari lotutako sailean ere; izan ere, ezjakintasun horrek testuinguruetatik ateratzen ditu irudiak. Ateratze horrek aukera ematen du irudiek igortzen dituzten sentipenak azaleratzeko, eta kontzeptuen transmisioa unibertsal bihurtzen da.

Hausnarketa horrek, espazioarekin bat eginik, beste leku batera bideratzen du ikuslea: basorantz. Zuhaitz zahar eta ilunez konposatutako baso lainotua dugu oraingoan. Ikuspuntu horri jarraikiz, materialen azalerak begien bidez barneratu, eta, irudion materialek, eskuekin ukitzen ari garelakoan, hatz puntetarantz egiten dute bidaia. Prozesu honetan barrena, zuhaitzak atzean utzi eta kobazulo batean kokatzen gaitu hurrengo instalazioak. Momentu honetan eguzki izpiek paisaia ilunak blaitzen dituzte, eta kobazuloetako pinturen erreferentziak biderkatzen dira. Alegia, identitatearen bilaketa honetan antzina-antzinako adierazpenak hedatzen dira gure ikus-eremuan.

Bigarren solairura igotzerakoan irudien materialtasuna arintzen da, oraingoan zuriak hartzen baitu beltzaren lekua. Talka suposatzen du, txiki sentiarazten baikaitu gunea hornitzen duten irudien bertikaltasunak. Lurraren kontra urratzen diren olatu altuak izango ditugu bertan, zeinak bat-batekotasunaren adierazle baitira. Eta, horien aurrean, bat-batekotasun hori isilarazi eta baretuko duten paisaia geldoak hartuko gaitu: mendi elurtu zabal eta altuak.

Azkeneko gunea da hau, eta, era berean, Cazenavek hamar urte luzez egindako lan prozesuaren azken puntua. Naturaren zikloa bezalaxe, amaitu eta berriz ere hasten da. Amaiera hura beste zerbaiten hasiera izanen da? Espazio zuri hartan, gune zabalenaren atzean, kolorearen azaleratzeak zipriztintzen gaitu okrez margotutako harritxoen argazki xumeak begiratzen ditugunean. Aldaketa bat sumatzen da beraz, eta argazkiok igortzen duten adierazpen berrituak dira haren aldarri.

Kontrastea eta erritmoa sortzen da aldi berean, paisaien irekiera sublimatzaile hori harrien materialtasun gogorrarekin ixten baita. Alabaina, harriek txiki sentiarazten gaituzten paisaietan dute beren jatorria eta, ondorioz, amaieraren eta hasieraren arteko haria ez da eteten.

Herri baten identitatearen inguruan hausnartzeko helburuarekin egindako bidaia, artistaren identitate indibiduala ezagutzeko prozesu bihurtzen da. Era berean, kontzeptu lokalekin lotutako iruditeriak eraldatu eta arketipo unibertsalekin lotura zuzena duten aztarna bihurtzen dira erakusketan zehar. Ez dago errealitatearen eredu mimetikoa kristaltzen duen irudirik, ez, baizik eta espazio horiek okupatzeak argazkilariarengan sortu duen esperientzia estetikoaren bilkura bat. Hain zuzen, hori da erakusketa aretora barneratu bezain laster gure azala blaitzen duen esperientzia. Begietatik sartuz gorputza zeharkatzen digun prozesua.]]>
<![CDATA[Emakumeen espazio liturgikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/040/001/2020-10-27/emakumeen_espazio_liturgikoa.htm Tue, 27 Oct 2020 00:00:00 +0100 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/040/001/2020-10-27/emakumeen_espazio_liturgikoa.htm 'Develare'Artista: Celia Eslava. Non: Iruñean, Nafarroako Museoan. Noiz arte: 2021eko martxoaren 14ra arte.

Iruñetik nenbilela, Nafarroako Museora gerturatu nintzen Celia Eslavaren mostra bisitatzeko helburuarekin. Eraikinera hurbildu ahala, deigarriak iruditu zitzaizkidan bertako erakusketen berri ematen duten fatxadako kartelak: Isabel Bakedano museoko atarian; Lydia Anozen erakusketa txikia azken plantan; eta Celia Eslavaren Develare kaperan. Hiru artistari eskainitako hiru mostra, hain zuzen. Egia da artista bakoitzaren adierazpen artistikoak aurkezteko erak ezberdinak direla; Lydia Anozen eta Isabel Bakedanoren kasuan, komisarioen bitartekaritzak sortu du mostraren diskurtsoa, eta, aldiz, Celia Eslava izan da bere erakusketa proiektuaren egilea. Alabaina, zenbait museotan ez bezala, artistak ez dira inolaz ere gonbidatuak, Nafarroako Museoak bereganatu duen diskurtsoaren parte baizik.

Zeri egiten diote men mostrek? Artisten lanari, edo emakume artistaren figurari? Lydia Anoz historiografia patriarkalak mapatik ezabatu duen artista dela kontuan hartuta, bere figura berreskuratzeko erakusketa eredua dela ondorioztatu daiteke. Eta, Isabel Bakedanoren kasuan, nahiz eta mostra era kaotikoagoan egituratu, berdin. Celia Eslavaren egituratzea bestelakoa da, artista bera mostraren antolaketaren partaide izan denez, bere lanak espazioarekin bat egiten duelako guztiz; eta bat egite honetatik abiatuta diskurtso osotu bat sortzen du.

Izan ere, espazioarekin erlazionatzeko helburuarekin sortu ditu Eslavak berak aurkeztutako hainbat lan, eta horiek eta biltzen dituen XVI. mendeko kaperaren arteko sinbiosia bultzatu du. Horra hor erakusketa aretoan barneratzean sortzen den talka. Tradizionalki artisautzarekin, askotan emakumeen jarduerekin, lotutako euskarriek, kanon artistiko klasikoarekin lotutako pinturak urratzen baitituzte. Halaber, ezohiko eszena horrek espazioaren irakurketa berria egitera gonbidatzen gaitu, iruditeria berri bat eskaintzen baitio bertaratzen den orori.

Oihal hegalariak, portzelanaz egindako gorputz zatiak, sabairantz igotzen diren eskailera bigunak... Erretaula barroko mardulen artean zintzilik, harlandu zabaletan eskegita, edota zoruan kokatuak. Ez dira espazio liturgikoetan aurkezten diren ohiko objektuak, ez, baina erakusketaren kontakizuna ehunduko dute. Liturgia katolikotik aldendu, eta, hein batean, ezkutuko liturgia baten istorioak biltzen dituzte espazioa moldatzen dute artelanok. Alegia, pintura eta eskultura gauzatzeko materialak bestelakoak dira: finak, hauskorrak, bigunak... Kaperan kutsu mistikoa mantentzen da, baina, oraingoan, mistikotasuna emakumeen esperientzien sustraietatik abiatzen da. Handitasunarekin lotutako adierazpenak desagertzen dira honela.

Xumeak, soilak eta kolore bakarrekoak dira lanok: zuriak. Ezkutuko ekintzak publiko bihurtzen dituzte sarrerako koadro geometrikoek, esaterako. Mihiseek ez dituzte pinturak bilduko; aitzitik, euskarriaren fisionomia eraldatzen duten kotoizko hariak agertuko zaizkigu. Eta, beraz, ehunok adierazpen artistikoen hierarkia androzentrikoa urratzen dute.

Besteak beste, keinu txikietan errotutako piezek hartzen dute geure ikus-eremua; zeramikaz eginiko hamarnaka zatitxok, esaterako, bata bestearen alboan kokatuta, lagin arkeologikoak izango balira bezala. Gorputz atalak dira, emakume ezezagunen gorputz atalak: ahoak, lepoak, esku bat... eta, bat-batean, II. mendeko jainko erromatar baten bustoa ikus daiteke. Denbora tarte luzea dago zeramikaz egindako zatien eta marmolez egituratutako irudiaren artean; haatik, lanek gogorarazten digute artearen historian behin eta berriz errepikatu izan direla emakumeen irudiak, mendeek aurrera egin ahala.

Alabaina, non daude testigantzak, istorioak eta esperientziak? Interesgarri suertatzen zait ezezagutza hori inguruan aurkezten diren kutxa zurien edukiarekin lotzea. Lihozko kutxen edota kutsu guztiz transzendentea igortzen duen harzurizko kutxaren barrua ez baitugu ezagutzen.

Hari honetatik tiraka, ahots mutuei soinua ematen die Celia Eslava artistak. Tradizio patriarkaletik at, emakumetasunarekin lotutako esperientziak biltzen baitituzte haren obrek, gorputzik gabeko gorputz ahantzi ikusezinei moldeak, kontakizunak eta ezkutuko mitologia bat eskainiz. Irudiak mantendu badira ere, emakumeen bizipenen testigantzek ahanztura tratamendu bera pairatu dute. Antzinako emakumeen esperientzia galduak izanen al dira inoiz irekiko ez ditugun kutxek gordetzen dutena?]]>
<![CDATA[Izan zena eta orain ez dena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/024/001/2020-10-13/izan_zena_eta_orain_ez_dena.htm Tue, 13 Oct 2020 00:00:00 +0200 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/024/001/2020-10-13/izan_zena_eta_orain_ez_dena.htm 'Mapamunditarrak'

Non: Iruñeko Ziudadelan, Uharte zentroan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Atarrabiako Pilategian. Noiz arte: urriaren 25era arte.

Transformazio terminoaren emaitzak askotarikoak izan daitezke: itxuraldatze fisikoa, barne eraldatzea, norbanakoaren identitatea ezkutatzeko balio duen antzaldatzea... Termino horren bariazio ugariez baliatzen da aurtengo Mapamunditarrak komisariotza proiektua, Iruñerriko hainbat guneetara hedaturik arte garaikidea sustatzea helburu duena, hain zuzen. Ziudadelaren, Nafarroako Unibertsitatearen, Uharte Zentroaren eta Atarrabiako Pilategiaren artean sakabanaturiko sei erakusketa eredu aurkezten zaizkigu oraingoan. Hots, euren arteko lotura kontuan izanda, alde batetik, espazio ezberdinetan egituratutako super-erakusketa dela uler genezake. Edo, mostra bakoitzak igartzen duen barne diskurtsoan murgiltzekotan, mostra independenteak direla ondorioztatu.

Aukeratutako espazio ereduak askotarikoak dira, eta instalazioak baldintzatzen dituzte. Beraz, mostretan sortzen diren atmosferak heterogeneoak dira guztiz. Tell me how close we are to a riot argazki seriearen kasuan, esaterako, instalazio xumeak nolabaiteko sentsazio anbiguoa sortzen dit. Irudiak ez baitaude ohiko erakusketa espazio kanoniko batean eskegita, unibertsitateko estetika soila mantentzen duen espazioan baizik. Baina, zergatik ez? Kontuan hartzekoa da argazki seriearen kokapen estrategikoa, gazteen eraldatze prozesuari men egiten dion hau gazteek okupatu ohi duten espazio batean ezarrita baitago. Ezin da ukatu Helena Goñiren argazkien kalitatea, zeintzuek, intimitatea estetika punkarekin uztartuz, Bilboko lagun taldearen heltze prozesua biltzen duen. Bortizkeriaren eta goxotasunaren artean kulunkatzen dira irudiok; beraz, euren potentzia estetikoak espazioaren ahulezia gainditzen du.

Hala ere, Iruñeko Ziudadelan egituratutako hiru erakusketetan sortzen den atmosfera bestelakoa da. Labera gerturatzerakoan, sartu aurretik, ahots grabe hipnotiko batek hitz egiten digu. Ahotsak gidatuta barneratzerakoan, inguruan sortzen den atmosferak harrapatzen gaitu, eta alegiazko ipuin baten partaide bihurtzen gara. Alabaina, dekorazioa ez da hutsala, bertan topatzen diren bideo instalazioen objektuak baitira murruetan zintzilik daudenak, haurrentzako ipuinen iruditeriaren bitartez batere samurrak ez diren istorioak kontatzen dizkigutenak. Orduan ohartzen gara zertaz doan kontua: irudi alaien atzean, egungo egoera politikoaren kritika sakon-sakona jasotzen du. Zer da gobernu on bat? Gizartearen egoera makurtzen denean, zer egin dezakegu? Borrokatu ala ihes egin? Hausnarketa, galdera eta barne gatazka zurrunbilo batek zeharkatuko du gure gorputza orduan.

Halako mundu onirikoari eusten dio Caroline Delieutrazen lanak. Mistoen aretoko eskailerak igo, eta bat-batean hari ikusezinetatik zintzilik dauden hamarnaka trollen maskarek hartzen baitute gure ikus-eremua. Haiekin inolako segurtasun distantzia mantendu gabe, aretoan aurrera egin eta ezagutzera ematen da artistak sortu nahi duen hausnarketa, egun sare sozialetan identitate faltsuaren maskararekin barrandan dabiltzan pertsona anonimoei egiten baitie erreferentzia. Hala, aurreko hamarkadetan telebistaren atzean ezkutatzen ziren pertsonaia maltzurrek pantaila zeharkatu dute, eta egunerokotasuneko eragile gaiztoak izatera pasatu dira.

Iruditeria hegemonikoak uxatu dituen maskulinitate ereduaren irudiak argitzen ditu Pablo Lermak bere lanean. Edukirik gabeko silueta maskulinoak dira, edota maskulinitate eredu heterozentrikotik aldentzen direnak. Bada, egunerokotasunetik gailentzen dira Blanca Gracia, Caroline Delieutraz eta Pablo Lermaren lanak. Eta, behin distantzia hartu dugunean, berriz ere, egunerokotasunean eragiten diguten faktoreei inguruan hausnartzera bultzatzen gaituzte.

Bestalde, Iruñerrian zehar sakabanatutako puzzlearen piezen artean, deigarria da Fase-aldaketa etengabeko transformazio prozesuan dagoen erakusketa. Sortze prozesuaren tripak argitzen ditu Mireia Martinek eta Jorge Martinezek Uharte Zentroko Gela espazioan sortu duten kobazuloak. Belaunaldien arteko iruditerien eraldatzean jartzen dute fokua artistek. Abiapuntu horretatik, izan zenaren eta gaur ez denaren, edo egun denaren eta lehen ez zenaren arteko gogoetak azaleratzen dira. Izan ere, halako prozesuen pertsonaia nagusiak bi dira: denbora eta gorputza. Gorputzak ezinbesteko rola jokatzen du prozesuan, haren testigu edo euskarri izanik, transformazioak guztiz zeharkatzen duelako. Artea, esaterako, transformazio prozesu baten emaitza zuzena dela esan genezake. Eta, era berean, egunerokoan norberari eragiten dioten prozesuen gauzatzea euskarri bisualean biltzeko erreminta eraginkorra izan daiteke.]]>
<![CDATA[Kontatu ez diguten istorioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2020-09-29/kontatu_ez_diguten_istorioa.htm Tue, 29 Sep 2020 00:00:00 +0200 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2020-09-29/kontatu_ez_diguten_istorioa.htm 'Desataduras'

Artista: Nerea Lekuona. Lekua: Gasteizko Montehermoso Kulturunea. Noiz arte: Azaroaren 15era arte.

Memoria eta historia ez dira gauza bera, lotura zuzena duten kontzeptuak badira ere. Memoriak oroitzapen kolektibo bati erreferentzia egiten dio, eta historia, berriz, iraganaren antzezpena da; horren eszenifikazioa, alegia. Esaterako, Espainiako trantsizioko testuinguruari so egiten badiogu, agerikoa da memoria eta historia ofizialaren arteko arrakala. Zulo iluna da hura, batez ere garai hartan jazotako gertakarien testigu izan ez ginenontzat, kontakizun ofizialetatik at kontakizunak bestelakoak baitira.

Hain zuzen, trantsizio garaiko kontakizun ofizialak eusten duen soka askatzeko pistak uzten dizkigu Nerea Lekuonak Gasteizko Montehermoso Kulturunean aurkeztutako Desataduras erakusketan. Eraikinaren lehenengo solairuan dago, eta hainbat espaziotan egituratzen da Lekuonak proposatzen duen gogoeta bisual eta grafikoa. Ofizialtasunetik aldendurik, norberak testuinguru hartaz izan lezakeen interpretazio askea aktibatzea bultzatzen du artistak. Horretarako, espazioan aurrera egin ahala, garai harekin lotura zuzena duten hitzak eta iruditeriak ematen ditu aditzera. Oroitzapenek, hitzek eta irudiek historiaren soka estutzen dute, eta estutzeak horren pitzadurak bistaratzen ditu.

Lekukotasunak ere paper zehatza jorratzen du erakusketan, trantsizio garaiko Gasteizko testuinguruarekiko erreferentziak baitaude. Erakusketaren lehenengo espazioarekin kontaktua izan bezain pronto ohartuko gara faktore horretaz. Mapak, mapak eta mapak aurkezten zaizkigu nonahi: Iberiar penintsularen ingerada mantentzen duten hamarnaka mapa. Alabaina, penintsularen barnean sumatzen diren irudiak bestelakoak dira, mapak berriz ere, baina beste eremu batzuetakoak: Gasteizkoak, Euskal Herrikoak, Europakoak, Madrilgoak, munduko mapak... Badira eduki bera errepresentazio eredu ezberdinekin irudikatzen du tenak ere, mapen egitura bera ere perspektiba kontua baita. Segun eta nork egituratu, horren edukiak gauza bat edo beste adierazten duela helarazten dute tamaina anitzetako irudiok.

Mapen ilustrazioa partziala den era berean, historiaren kontaketa ez dela absolutua, perspektiba kontua dela jakinarazten digute hurrengo geletako piezek. Horren adierazle da, esaterako, hurrengo espazioko horman esekitako kartel gorri handia. Zerbait dago idatzita letra beltz, handi, larri eta estuez, aurreko ispiluan begiratu arte argituko ez dugun mezua. Horren pare-parean kokaturik, nire islaren atzean agertzen den hitzak nolabaiteko ezinegona sortzen dit: «DIKTADURA». Prozesu baten abiapuntu izango balitz bezala, irakurketa irekia eta anbiguoa da. Espazio berean garai hartako iruditeriak oraingoekin integratzen dira, objektu bakarrean, bi aroen arteko jarraitutasunari dei eginez.

Hurrengo espazioetan topatuko ditugun elementuek anbiguotasuna zein ironia mantentzen dute. Irudiak desagertu, eta hitzek hartuko dute gure ikus-eremua. Aurreko espazioan igarri den eran, hitzak edota esaldiak irudikatzeko eretan egonen dira artistak argitu nahi dizkigun koskak: tipografian, hitzen tamainan, euskarrietan...

Esaterako, behin eta berriz irakurri dezakegu, hirugarren gela zeharkatzen duen paperezko biribilki luzean, honako esaldi hau: «Hitzeman dezaket eta hitzematen dut». Hitzen tipografia gotikoa, tartekatzen diren kolore beltz eta gorriak... Kutsu espektrala igartzen da. Hitzaren eta akzioaren arteko amildegia handitzen du artistak. Izan ere, zenbatetan entzun ditugu inoiz gauzatu ez diren promesak? Ez al dira ba botereak erabilitako manipulazio sistema eraginkorrak? «Hitzeman dezaket eta hitzematen dut», baina ez dut egingo.

Era berean, aurretik esan bezala, lekukotasunarekiko erreferentziek ezinbesteko papera dute erakusketan, eta 70eko hamarkadako bigarren erdialdera garamatzate. Bada, 1976. urteko martxoaren 3an kokatzen gara lurrean esekitako paper zati handi batean idatzitako hitz luzeak deszifratzen ditugunean: «Kalea nirea da». Hitzak esperientzien testigantzak dira, eta testigantzak, idatzita ez dagoenaren froga. Boterearekiko talkak eta tirabirak sumatzen dira erakusketan aurrera egin ahala, memoria eta kontakizun historiko ofizialen arteko tentsioak. Hain ondo lotuta dagoen soka urratzen hasiak direnak, alegia.]]>
<![CDATA[Gorputzak dantzan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2020-09-15/gorputzak_dantzan.htm Tue, 15 Sep 2020 00:00:00 +0200 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2020-09-15/gorputzak_dantzan.htm 'Steve Paxton. Drafting Interior Techniques'Non: Bilboko Azkuna Zentroan. Noiz arte: Irailaren 20ra arte.

Gorpuzkeratik abiatzen diren adierazpen artistikoei buruzko erakusketak garatzea zaila da. Halaber, argi dago zailtasun hori areagotu egiten dela erakusketak omentzen dituen gorputz adierazpenak iraganekoak badira, efimeroak izanik momentuan desagertzen baitira. Performanceak, dantzak, antzerkiak... Zeintzuk dira mugimenduan oinarritutako praktikak erakusketa aretoaren molde estatikoetara egokitzeko aukerak? Peggy Phelan teorikoak azaltzen duen eran, ekintzok berriz ere errepikatuko ez den denbora tarte batean ematen dira. Horrela bada, ekintza performatiboak orainaldira ekartzeko erreminta bilakatzen dira momentu zehatzen testigantzak, bideoak, argazkiak...

Hari horri eusten dio Steve Paxton. Drafting Interior Techniques erakusketak. Steve Paxton (Phoenix, AEB, 1939) koreografoak ikertu eta sortutako gorputz adierazpenak biltzen ditu Azkuna Zentroan kokatutako erakusketak. Alabaina, artistaren omenezko atzera begirako lineal eta homogeneoa aurkeztu beharrean, espazioa zortzi sailetan banatutako dantza estudio bihurtu dute Romain Bige eta Joao Fiadeiro komisarioek. Modu horretan, ikus-entzunezko euskarriekin batera, geure gorputza ere esperimentaziorako esparru bilakatzen da, erakusketan integraturik, ezinbesteko papera jorratuz.

Aipatzekoa da hasiera batean ikuslearen gorputzak erakusketan izan lezakeen partaidetza aski murriztu dela, egun bizi dugun osasun larrialdiak eraginda. Orain dela hilabete batzuk erakusketa otsailaren 20an mustu zuten- esertzeko, etzateko, dantzatzeko edota patxadaz irakurtzeko esparruak zirenak gune ilun eta bakartiak dira orain; hein batean, espazio publikoetan debekatuak dauden ekintzen nolabaiteko aldarri bilakaturik.

Debekuak debeku, egungo egoerara moldatutako erakusketak jatorrizko esentzia mantentzen du, norbanakoaren gorputzaren berezko mugimenduei erreparatzera bultzatzen gaituen heinean. Lehenengo estudioarekin kontaktua izan bezain pronto ohartuko gara faktore horretaz. Oinezkoen mugimenduari buruzko estudioa da, bat-batean erakusketa aretoaren murruan tamaina errealeko hamarnaka pertsona agertzen dira oinez: batzuk tente, beste batzuk makur, gurpildun aulkietan... Honela, dantza klasikoaren birtuosismotik aldentzen den koreografia xumearen parte bihurtzen gara; geure gorputzak egunerokotasunean sortzen dituen mugimenduen dantzari printzipalak, alegia.

Dantza xume hori garatu eta aurrera egin ahala, tipi-tapa, espazioak zabaltzen dira, baita euskarriak aniztu ere: izkinetan ezarritako telebistak, hormetan proiektatutako dantzak, dokumentalak, erakusketan zehar gidatzen gaituzten esaldi sakonak...

Ildo berean, aurkezten zaizkigun elementuetan deigarriena gimnasioetan ezarri ohi diren koltxonetekin aldera daitekeen gune zabala da. Contact improvisation izeneko dantza teknika gauzatzeko estudioa da. Alegia, beste pertsona batekin kontaktua mantendu bitartean, inguruko gorputzekin lankidetzan mugimenduak sortzera bideratzen gaituen teknika da Ukituari buruzko estudioa-n ikasi, aztertu eta landuko duguna. Alabaina, agerikoak dira beste pertsonekin kontaktua mantentzea helburu duen teknika praktikara eramateko zailtasunak.

Teknika hori praktikara eramateko aukerarik ez dagoenez, estudio honetan aurkeztutako euskarriek dantzaren atmosferan murgiltzen gaituzte. Horrela, Paxtonen ikerketa prozesuen zertzeladak azaleratzen dira. Modu horretan, geure gorputzaren portaeren eta mugimenduen kontziente izatera bultzatzen gaitu erakusketak. Halaber, erakusketak koreografoaren lana bistaratzea helburu zuela kontuan harturik, hura ehuntzen duten euskarrien pluraltasunarekin bat egiten du ikusleak. Gorputzak erakusketa aktibatzen baitu, Paxtonen lanari bizia emanez.

Era berean, erakusketa atzean uztean egoera eraldatzen da, eta gorputzaren adierazpen askea proposatzen duten teknikak, batez ere kontaktuarena, desagertzen dira. Oraingoan, koreografia bestelakoa da, geure gorputzaren jatorrizko mugimenduak espazio publikoetan ezarritako legedi berriekin integratzen baitira. Eta, honela, inprobisaziorako aukerak murrizten dira guztiz: jarraitu gezia irteteko, eskailerak igotzean eskuinetik mesedez, metro eta erdiko distantzia mantendu, besarkadarik ez...]]>
<![CDATA[Biografia bisualak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2020-06-16/biografia_bisualak.htm Tue, 16 Jun 2020 00:00:00 +0200 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2020-06-16/biografia_bisualak.htm 'Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez'Non: Donostiako Kutxa Kultur Artegunean. Noiz arte: Urriaren 12ra arte.

Artearen historia tradizionalean lekua hartu izanaren seinale dira atzera begirakoak. Artistaren lana biltzen duen erakusketa handi eta zabala, Nathalie Heinich soziologoaren esanetan, artistaren kontsakrazioaren seinale da. Haatik, kontsakrazio prozesu horretan askotarikoak dira eragileak: sexua, generoa, bizilekua, zirkulu sozialak, hezkuntza... eta ez soilik artistaren sortze prozesua edota piezen kalitatea. Atzera begirakoak adierazten duen kontsakrazioaren ildoan, 2013. urtean Bilboko Arte Ederren Museoak Nestor Basterretxearen omenezko atzera begirako handia aurkeztu zuen. Beraz, Peio Agirrek komisariatutako erakusketa hark artistaren lanean murgiltzeko aukera eman, eta, hein handi batean, Basterretxeak egindako eskulturak, kartelak, pinturak, altzariak... omentzen zituen.

Oraingoan, bestelako ikuspuntu bat eskaintzen du Donostiako Kutxa Kultur Arteguneak aurkezten duen erakusketak, Basterretxeak egindako argazki eta bideoetatik abiatzen den erretratu biografikoa aurkezten baitu. Halaber, Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez erakusketak Bilboko Arte Ederren Museoan leku hartu zuen atzera begirakoarekiko lotura mantentzen du, Peio Agirrek zuzendu baititu komisariotza lanak, Elias Kerejeta Zine Eskolako komisariotza masterreko ikasle talde batekin elkarlanean.

Biografia bisual gisa uler genezakeen erakusketa honek elkarrekin uztartzen ditu Basterretxeak 1960. eta 1974. urteen bitartean egindako lan grafikoak, argazki pertsonalak eta ikus-entzunezkoak. Sailka banatuak, zirkuitu lineala egitera gonbidatzen gaitu, eta, honela, Basterretxearen sortze zein esperimentazio prozesuan pisua zuten ezaugarriak aurkezten ditu. Erakusketa espazioan aurrera egin ahala, sailak aurkezten zaizkigu: Folklorea, Erretratuak, Eskultura, Intimitatea, Rayogramak...

Artistaren ezaugarri eta kezka estetikoetan murgiltzen gara. Zuri-beltzean egindako erretratuek figurekiko ikuspuntu filmiko argia sortzen dute, eta pertsonaien begirada xume eta zuzenek haiekin elkarrizketa bisuala edukitzera bultzatzen gaituzte. Era berean, pertsonen edota eskulturen, eta natura hilen irudiak biltzen dituzten argazkiek ardatz komun bat mantentzen dute: argi-ilunen jolasak sortzen duen figurazio eskultorikoa. Nahiz eta bi dimentsioko piezak izan, argi jokoek lortzen duten sentsazioek bolumenak, testurak... sortzen dituzte azaleretan, begiekin dastatu ditzakegunak, hain zuzen.

Sailetan aurrera egin ahala, Basterretxearen kutsu esperimentala sumatzen da: eskulturek helarazten dizkiguten sentsazioak aldatu egiten dira, eta, oraingoan, espazio soil batean psikologiaz beteriko begiradek betetzen dute gure ikus eremua. Familia erretratuen kasuan batez ere, osotasunean begiratzea eragozten diguten loreek, kristalek eta begiraden zuzentasunak aldendu egiten gaituzte argazki eredu tradizionaletik.

Halaber, irudigintzarekiko kutsu esperimentala harago doa rayogrametan. Hein handi batean, figurazioaren eta abstrakzioaren arteko zubi lana egiten dute irudiok. Hondo beltz baten gainean irudikatutako figurek, ingeradek... beste leku batera eramaten dute ikuspuntu eskultorikoz egindako argazkien argi jokoa, eta, hala, argiaren eta iluntasunaren ahalmena igartzen da rayogrametan aurkeztutako irudietan.

N.B.ren erretratu bat izeneko doku-entsegua da erakusketaren ibilbide osoa blaitzen duena, Basterretxearen ikuspuntu pertsonal eta intimoa helaraziz, erakusketan aurkezten zaigun obra grafikoa beste leku batetik ulertzeko aukera ematen baitu. Jada erakusketa espazioan sartzen garenean, zerbait sumatzen da. Paretan eskegitako lan grafikoak banan-banan begiratzen ditugun bitartean, ahots bat entzuten da espazio osoan. Maider Oleagaren ahotsa da, eta norbaitekin ari da hizketan. Norbaiti zuzenean hitz egiten dio, bizipenak gogorarazten dizkio. Aretoan zehar hedatzen den off-eko ahotsa ezkutatzen den gelara barneratzean, hitzak Basterretxeari bidaltzen dizkiola agerian geratuko da, horrela atmosfera intimoa areagotuz. Alabaina, ahotsaren jabea eta igorlea ez dira bideoaren protagonistak; argazkiak, gutunak, dokumentuak eta bestelakoak dira elementu nagusiak: Basterretxearen bizipenen oroitzapenak.

Ikus-entzunezkoa ehuntzen duten argazki pertsonal eta intimoekin kontrastean, bestelakoa da erakusketaren muina osatzen duen gela horretatik kanpo dauden irudien ildoa, baina hura ere beste ikuspuntu batetik ulertzeko aukera ematen digu N.B.ren erretratu bat filmak. Hari berari jarraikiz, Nestor Basterretxea argazkiaren bitartez erakusketak ehuntzen dituen euskarri eta piezen uztartzeak aldendu egiten gaitu eskultorearekiko ikuspuntu ikoniko eta kanonikotik; modu horretan, ikuslea Basterretxea sortzaile esperimentalaren atmosfera pertsonal eta intimoan murgilduz.]]>
<![CDATA[Eta hala da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/034/001/2020-05-05/eta_hala_da.htm Tue, 05 May 2020 00:00:00 +0200 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/034/001/2020-05-05/eta_hala_da.htm
Artista: Damaris Pan. Non: Bilbo Arteko erakusketa aretoan. Noiz arte: Apirilaren 8ra arte.

Momentu arraro hau bizi dugun honetan, kutxa hermetikoetan eraldatu dira artelanak biltzen dituzten museoak, galeriak eta erakusketa aretoak. Isolamenduan daude hustear zeuden erakusketak, muntatze prozesuan zeudenak edota mostra ireki berriak. Halakoa da Adarrak bistara erakusketaren egoera, Damaris Pan artistaren bakarkako erakusketa, alegia; martxoan publikorik gabeko irekiera izan zuena. Alabaina, publikoa artelanen elkarrizketek sortzen dituzten erakusketa aretoetan barneratu ezinean, espazioei forma, zentzua eta hitzak ematen dizkieten pinturak, eskulturak, instalazioak... bakardadean, atmosfera biziak sortzen jarraitzen dute. Beste askoren artean, hori da Damaris Panen erakusketak biltzen dituen pinturen parada ere. Hots, harekin kontaktu zuzena izatea ezinezkoa bada ere, Bilbo Arteko webguneak erakusketa bisitatzeko esperientziara gerturatzen gaitu; bideoak, argazkiak eta erakusketaren katalogoa eskaintzen baitizkigu.

Erakusketak, espazio bakarrean gorpuztuta, hormetan eskegitako hemeretzi pinturak elkarrekin hautemateko perspektiba zabala ematen du. Formatu anitzeko mihiseak aurkezten zaizkigu bertan, handiak eta ertainak nagusitzen badira ere, formatu txikiko olio-pinturen presentzia adierazgarria da. Hain zuzen, tamaina txikiko koadroak pintura handien ondoan daude zintzilik, eta horiekiko lotura zuzena igartzen zaie, nolabaiteko sateliteak balira bezala. Erakusketa aretoaren murruei erritmo bizia ematen diete pinturek: handia, txikia, ertaina, txikiago bat, markoan sartutakoak, markorik gabeak...

Halako batean, hondo geometriko gris eta zuri baten aurrean margotutako esku bat aurkezten zaigu, pintzelkada lodiz margotutako kapa trinkoen gainean irudikatua; pinturan mugimendu motela sortzen du. Eta, pare-parean, gelaren aurreko paretan zintzilik, dantzan dauden hankekin aldera daitekeen konposizio bat dugu, trazu azkar eta lausoz irudikatutako forma arina. Kontrastea sortzen da hormak hornitzen dituzten mihiseen artean, aurreko paretan ezarritako pinturaren eta ingurukoen erritmo motelak urratzen baitituzte dantzan dauden oinek. Halaber, forma organiko eta geometrikoen arteko tentsioak sumatzen dira pinturen konposizioen artean.

Era berean, gune kromatiko lau eta estratifikatuak nagusitzen dira aretoak biltzen dituen margolanetan. Kapa bat bestearen gainean margotuta, konposizioetan testura anitz sorturik, pinturaren izaera propioa eta materialtasuna bera agerian geratzen dira. Horren eredu da Mrs. & Mr. mihisea, aretoaren hondoko paretan kokatua dagoen formatu handiko irudia, alegia. Bi figura agertzen dira, konposizioaren ardatzean tente pintaturik daudenak, margolanaren egiturari heltzen diotenak: esaterako, trazu lodiz koloreztatutako hondo arrosa eta urdinak, bertan irudikatutako figurekin bat eginik, nolabaiteko osotasuna harmonia igortzen du.

Tonu hotz eta argiz konposatutako erakusketa honen mihiseei zentzua ematen dieten pinturetan hankak, eskuak, gorputzak, aurpegiak... forma geometriko eta abstraktuekin ehuntzen dira. Nahiz eta irakurketa zehatz batera bideratu ahal gaituzten formak egon, irudiok ez dute ezer ezkutatzen: interpretazioa esplizitua da, ez dago narratibotasunik. Denaren eta ez denaren arteko eztabaida horretan, erakusketak lantzen duen gaia pintura da, pinturaren plastikotasunak sortzen dituen ereduak, hain zuzen; etengabeko talkan edota sinbiosian.

Izan ere, Damaris Panek bere sortze prozesuan uztartzen dituen hausnarketak askotarikoak izan arren, margotzeak dakarren ekintzan sintetizatzen ditu guztiak. Artistak azaltzen duenez, «materiala antolatu eta eraldatzeko beharretik, arauak, balioak, konbentzioa, pertzepzioa eta gauzen destinoa aldatzeari buruz hausnartzen dut. (…) Eta esango duzue, ondo, baina margotzen besterik ez zara ari. Eta hala da». Beraz, ildo berean, sortze eta margotze prozesuaren pistak emanik, bertan murgiltzen gaituzte Adarrak bistara ehuntzen duten margoek. Koloreak, figurak, formen konbinazioak eta nahasteak dira mihise karratuek mugatzen dituzten pinturen gaiak, eta, aldi berean, horien uztartzeak sortzen dituen kontrasteak eta erritmoak.]]>
<![CDATA[Irudien hitzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/039/001/2020-03-10/irudien_hitzak.htm Tue, 10 Mar 2020 00:00:00 +0100 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/039/001/2020-03-10/irudien_hitzak.htm Gema Intxausti

Non: Gasteizko Artium museoan. Noiz arte: Irailaren 20ra arte.

Gema Intxausti. Jendetzaren artean atxiloketa behatzen artista gernikarraren formatu handiko lehenengo bakarkako mostra dugu, Artiumen kokatua zehazki. Intxaustik azkeneko hamarkadan landutako hausnarketa prozesuan murgilduko gaituzte Gasteizko museoko murruek. Hots, aurreko hamarkadetako hainbat pieza topatuko baditugu ere, artelan garaikideenek ehunduko dute erakusketaren gidoia.

Egunerokotasuneko objektuak eta materialak beren jatorrizko zereginetatik aterata, esanahi eta izaera berritu bat ematen die artistak. Alabaina, oraingoan, testua izanen da erakusketaren nortasuna zehaztuko duena, artistaren eskultura eta irudiaren desmaterializazioa bideratzen duena, hein handi batean. Gidoiak, pankartak, marrazkiak, testuak, liburuak... gaztelaniaz, ingelesez eta euskaraz idatziak. Bada, euskarriotan plazaratutako gogoetak bideratzeko, artistak zineman, literaturan eta artean jatorri duten hamaika erreferentzia eskaintzen dizkigu: William Shakespeare, Andy Warhol, Pier Paolo Pasolini, Janet Frame, Sylvia Plath, Alfred Hitchock...

Intxaustik zinemarekin duen harreman estua igortzen dute mostrako lehenengo espazioa betetzen duten argazkiek. Paretan eskegitako eszenak, bata bestearen ondoan. Besteak beste, Berlin, Londres eta Bilboko fotomatoietan ateratako irudiak aurkezten dizkigu artistak. Irudioi erreparatzean ezinezkoa da horien berezitasunaz ez ohartzea. Argazki bera behin eta berriz errepikatzen dela dirudi, baina batetik bestera ñabardura txikiak antzematen dira, bata bestearen lokarri baita, eta film sekuentzia baten itxura hartzen du serieak. Fotomatoiak bideratzen duen bat-batekotasunaz eta zoriaz baliatuz, artistak, makinak ahalbidetzen dituen lau argazkien bitartez, istorioak eta mezuak konposatzen ditu. Godard-en urtebetetzearen ospakizuna; ezezagun baten eskuen artean desagertzen den txanpona; Andy Warhol eta Piero Manzoniren potoen kontrajartzea.

Argazki ñimiño horiekin kontrastean, hondoko murrua betetzen duten letra larriek «Something smells like Denmark (Zerbaitek Danimarka bezala usaintzen du» esaten digute, eta Shakespeareren Hamleti erreferentzia eginez egungo gizartearen ustelkeria salatzen dute. Eta, era berean, idazle ingelesaren lanak planteatzen duen moduan, erotasunaren eta zuhurtasunaren arteko mugak kolokan jartzera bultzatzen gaituzte letra erraldoiek. Hurrengo gelan topatuko dugun Ofelia piezarekin harreman zuzena dute pareta betetzen duten hitz desorekatu horiek. Ustelkeriari, heriotzari eta erotasunari lotutako kontzeptuak biltzen ditu idulki batean goratutako objektu kiribilak, eta gainean zelo itsasgarriz eginiko O letra hornitzen du.

Idulkietan goratutako piezen inguruan, paragrafotan egituratutako kontakizunak «Who do you think you are? (Zein uste duzu zarela?)» galdetzen dio publikoari. Bertan, bidaiaren ideiatik abiatzen den hitzaren eta irudiaren arteko elkarrizketak norbanakoaren nortasuna egituratzen duten egunerokotasuneko gertakizunak biltzen ditu. Markoetan bildutako orriek gelaren murruak inguratzen dituzte. Irakurgai horien ahotsek Intxaustiren aitak AEBetan izandako bizipenak eta artistak berak Londresen bizi izandako esperientziak kontatzen dizkigute, eta patroi berdinei jarraitu dietela erakusten digute horrela. Zeintzuk izan dira bizitzan jarraitu izandako patroiak?

Paragrafoz konposatutako orrien txikitasunarekin kontrastean, kartelek goitik behera eta behetik gora betetzen dituzte museoko hurrengo gelak. Esaldien bitartez geure buruan irudiak egituratzeko gonbita egiten dute horiek. Pier Paolo Pasolinik jasotako isun eta auziak biltzen dituzte espazioetako batean, haren heriotzaren ondorioz bertan behera geratu zirenak, alegia. Alfred Hitchocken agerraldiak deskribatzen dituzten hamarnaka kartelen artean, irudirik gabeko gertakizunen ikusle bihurtzen da publikoa, museoko gelatik filmeko eszenetara eramaten baikaituzte horiek. Eszena horietara eramanez, zuzendariaren filmek bideratutako hausnarketak azaleratzen dira, errua, handinahikeria, eta ongiaren eta gaizkiaren arteko mugak, besteak beste.

Azkeneko espazioan bertan barneratzean deigarria da On Previous Works izeneko serie zabalak sortzen duen talka. Izan ere, hasiera batean zuri mantentzen diren kartel mordo horietara gerturatzean, arkatzez idatzitako nolabaiteko fitxa teknikoak direla antzematen baita. Horietan Intxaustik sortze prozesuetan planteatutako gogoetak, artelanen ezaugarriak eta horiekin sortu nahi dituen sentsazioak biltzen dira. Berriz ere, testua bitartekari izanik, irudiak sortzen dira geure buruan.

Mostran landutako hausnarketek ahozkotasunaren, kontakizunen egituratzearen, hitzaren eta irudiaren arteko uztartzea bideratzen dute. Bada, erakusketa borobilduz, aurreko gelen estetika mantentzen delarik, kartelez josia dagoen azkeneko gelak Intxaustiren lanean hitzaren presentziak irudia gainditu duela baieztatzen du, eta hitzek irudien ñabardurak utziko dizkigute gelaz gela murgildu ahala.]]>
<![CDATA[Gorputzarekin birkonektatzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2020-02-25/gorputzarekin_birkonektatzen.htm Tue, 25 Feb 2020 00:00:00 +0100 Jone Rubio Mazkiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2020-02-25/gorputzarekin_birkonektatzen.htm 'Olafur Eliasson: bizitza errealean'Non: Bilboko Guggenheim museoan. Noiz arte: Ekainaren 21era arte..

Sentitzeko, adierazteko, ukitzeko, ikusteko, mugitzeko eta ulertzeko erak baldintzatuta, ingurua hautemateko orduan, ezinbesteko rola jokatzen dute argiaren, espazioaren eta gorputzaren artean sortzen diren harremanek. Aitzitik, birtualtasunaren eta teknologiaren garroak luze hedatzen ari diren gizartean, geroz eta zailagoa zaigu hiru elementuok gugan duten eraginaz ohartzea. Garro horien eraginek esperientzien bizipen lanbrotua izateko arriskua baitakarte beraiekin. Erakusketa sentitzeko, ezinbesteko erreminta da norbanakoaren pertzepzioen inplikazioa, eta egunerokotasun lanbrotu horretatik ateratzen gaitu Olafur Eliassonen Bizitza errealean erakusketak. Modu honetan, kutsu sentsorial batek estaltzen ditu Guggenheimeko erakusketa aretoak, eta publikoa harrapatzen dute guztiz. Londresko Tate Modern museoak Bilboko Guggenheimen lankidetzarekin garatutako superprodukzioaren emaitza da Olafur Eliassonen atzera begirako erakusketa.

Eliassonen sortze prozesuan murgiltzen gaituzten hainbat keinu aurkezten zaizkigu erakusketan aurrera egin ahala. Lehenengo gelak, esaterako, ehunka maketa eta prototipo biltzen ditu, denak nahastuta. Kristalezko bitrina batek banatzen gaitu haietatik; alegia, kiribilduak, bere gain uzkurtuak, lauak, borobilak, geometrikoak diren ikerketa eskultorikoetatik.

Sortze prozesuarekiko bigarren keinua Estudio hedatua izenekoak adierazten du: museoko horma zabalean eskegitako nolabaiteko artxiboa da hau, eta testuak, gogoetak eta irudiak gaika antolatzen dira. Eliassonen estudioan sortzen diren eztabaidak eta hausnartze prozesuak zeintzuk diren azaleratzen da modu honetan. Eta, aldi berean, estudioan bideratzen den talde-lanaren garrantzia argitzen da; izan ere, artista kanonikoen izenak askotan horren atzean dagoen talde sendoaren ikusgarritasuna lausotzen baitu.

Fisikaren, naturaren eta teknologiaren arteko sinbiosia gertatzen da aretoetan, eta horren testigu izanen gara erakusketa bisitatzean. Materialak askotarikoak dira: baporez, urez, landarez edo lainoz konposatutako piezekin batera, hegemonikoagoak izan daitezkeen materialek ere hornitzen dituzte museoko gelak. Alabaina, nahiz eta eskulturen, pinturen, instalazioen eta argazkien materialtasuna guztiz heterogeneoa izan, igartzen da helburu komunak jarraitzen dituztela. Helburuok ikusgarritasunak eta espazioaren birmoldatzeak publikoaren pertzepzioengan sortzen duten bat-bateko talkari egiten diote dei, sublime erromantikoarekin lot genezakeen talka sentsorialari, hain zuzen.

Alegiazko mundu anbiguo batean egongo bagina bezala, instalazioetan erabilitako efektuek geure gorputzaren sentsazioak eraldatzen eta, zenbaitetan, engainatzen dituzte. Ondorioz, inguratzen gaituen munduarekiko loturak eta pertzepzioak kolokan jartzera bideratzen gaitu Eliassonek. Zure kolore atlas atmosferikoa izeneko gelako kolorezko keak ikusmena murrizten digu, eta honela, gorputzarekin konektatzera bideratzen gaitu. Izan ere, hamaika koloreko atmosfera lainotsuan murgiltzean, noraezean gaudelarik, geure gorputzaren presentzia da espazio hartan berma dezakegun bakarra.

Ezjakintasun horrekin kontrastean, Kolore batentzako gela izeneko instalazioak inguratzen gaituen jendearekin konektatzera bideratzen gaitu. Hori koloreko argia da espazioa hornitzen duen elementu bakarra. Lanparek gure azala blaitzen duten momentuan gris bihurtzen da, eta inguruan dugun jendeari so egitean, film klasiko batean egongo bagina bezala, zuri-beltzean ikusten ditugu. Bada, birtualtasunaren aroan gorputzarekin birkonektatzeko onura eskaintzen digute instalaziook.

Inguru sentsorial horretan badira naturarekiko harreman zuzena sortzen duten piezak ere. Nolabait, krisi klimatikoaren ondorioak salatzen dituzte, bai eta publikoa arazoaren aurrean aktibatu ere.

Erakusketako azkeneko gelara ailegatzean, binaka antolatutako glaziarren argazki serie bat aurkeztuko zaigu. Konparazioa da: alde batean, 1999. urtean egindako argazkiak, eta, bestean, paisaia berean, 2019. urtean eginikoak. Batean, izotz zuri mardulez estalitako mendiak agertzen dira; bestean, izotza grisa da, eta aurretik estaltzen zuen ingurua laku bihurtu da. Argazkien gainean, sabaian zintzilik, gelan biraka dabilen haizagailua alferrik saiatzen da glaziarren urtze hori saihesten. Aktibo izan beharrean, zeharkako ekintza dela argi geratzen da. Krisi klimatikoaren aurrean instituzio askok hartutako itxura hutsezko jarrera ekar diezaioke gogora publikoari.

Eta, ildo berean, zein zilegitasun dute artistak eta museoak krisi klimatikoa salatzeko? Sabaiko haizagailu birakariaren moduan, beren ekintzak eta lanak garatzen dituztenean onurak ekartzen ez badituzte, kutsatzen jarraitzen badute, zilegi al da horrelako salaketak egitea?]]>