<![CDATA[Jose Ignazio Ansorena | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 26 Jun 2019 20:17:13 +0200 hourly 1 <![CDATA[Jose Ignazio Ansorena | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Sarriegiren adiskideak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/018/002/2019-01-16/sarriegiren_adiskideak.htm Wed, 16 Jan 2019 00:00:00 +0100 Jose Ignazio Ansorena https://www.berria.eus/paperekoa/1939/018/002/2019-01-16/sarriegiren_adiskideak.htm
Sarriegik adiskide ugari eta onak izan zituen bizi zen bitartean. Agian gertukoena Eusebio Basurko, oriotar donostiartua, garai hartako Udalaren txistulari taldeko zuzendaria. Hain lotura estua zuten bi adiskideek, non Basurkok bere seme bati Raimundo izena jarri zion eta aita ponteko aukeratu gure Sarriegi. Honek, esker onez, txistulari talderako obra ederrak eskaini zizkien aita-semeei.

Eusebio eta Martxelino anaiak musikari bikainak ziren eta biek ala biek hainbat tresna menderatzen zituzten: pianoa, flageoleta... Martxelino, zeharkako flauta jotzaile, Europan famatu zen. Parisko Kontserbatorioan ikasi zuen, Claude-Paul Taffanel ospetsuarekin, haren ikasle kuttunena izan zen eta askorentzat orduko flauta jotzailerik onena. Europa osoa korritu zuen emanaldiak eskaintzen eta Parisko Operako Orkestran zein Madrilgo Teatro Realean ere lehenengo flauta bakarreko izan zen. Ondoko argazkian ditugu bi anaiak lehenengo txistua eta txistu handia jotzen, ezkerretik hasita lehenengoa Eusebio eta hirugarrena Martxelino. Bigarren txistulari potolikoa Julian Unanue, hori ere musikari ona eta gure birramona Generosaren lehengusu txikia. Atabalari agertzen da Luis Castañeda, Xagar Arbola dinastiakoa eta Ainhoa Zubillaga mezzosoprano finaren birraitona. Laurak Sarriegiren adiskide onak.

Sarriegirekin batera artista ugari zebiltzan XIX. mendearen amaiera eta XX.aren hasierako urteetan Donostian: Antonio Arzak, Ramon Artola, Pepe Artola, Rosario Artola, Jose Zapirain Txapillo, Fermin Imaz, Jose Antonio Santesteban, Serafin Baroja, Norberto Luzuriaga Luxu, Marzelino Soroa, Toribio Alzaga, Eugenio Gabilondo... Idazleak, musikariak, kantariak, bertsolariak, margolari eta marrazkigileak, kazetariak, antzezleak... Batzuek denetarik egiten zuten. Iritzi eta aukera politiko-erlijioso desberdinetakoak. Denak, ordea, oso euskaltzaleak eta elkarren adiskide. Donostian horren biztanle gutxi izan arren, gelditu gabe aritzen ziren eta maila oneko emaitza artistikoak eskaintzen zituzten euskaraz eta gaztelaniaz. Abertzaletasun sortu berriak ekarri zuen hizkuntza garbizalekeriak apur bat baztertu zuen horien jokabide literarioa eta itzalean geratu dira gure historia koskorrean.

2019 honetan ehun urte beteko dira, irailaren 19an, adiskide eta kolaboratzaile horietako gertukoen bat, Victoriano Iraola hil zela. Jaiotzez San Juaneko pasaitarra baina umetatik donostiartua zen, eta merezi du efemeridea baliatzea idazle umoretsu, marrazkigile trebe eta jenio biziko artista horren obraren ezagutza zabaltzeko, nahikoa ahaztuta baitago.

Denetarik egin zuen eta maila hoberenaz: bertsoak, poemak, antzerkiak, bakarrizketak, zarzueletarako libretoak, marrazkiak... Horrela On Raimundo poztu egingo da, eta agian sortu zituen doinu eta abestien aitzakian antolatzen ditugun gehiegikeria eta harropuzkeriak barkatu egingo dizkigu.

Saia gaitezen gu ere Sarriegiren adiskide izaten.]]>
<![CDATA[Egoskor plastifikatuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1962/015/002/2018-09-12/egoskor_plastifikatuak.htm Wed, 12 Sep 2018 00:00:00 +0200 Jose Ignazio Ansorena https://www.berria.eus/paperekoa/1962/015/002/2018-09-12/egoskor_plastifikatuak.htm
Eskaera hori medio, herriko emakume talde batek euren adierazpen askatasunarekiko errespetua eskatu dio eta hainbat informatibotan Alarde tradizionalaren (horrela esaten diote) aldekoen ahotan hainbeste errepikatu diren hitzak entzun ditut: «Kanpokoek ez digute esan behar gure festa nola bizi behar dugun». Ahuntza kanpandegitik behera botatzea, zezenak lantzaz jostea edo oilo-antzarak hiltzea, laguntza musikalez, maite dutenen diskurtsu berbera.

Ez zait garbi azaltzen kanpotarren muga non kokatzen den. Udatiar asko, jatorri desberdinetakoak, tente ibiltzen dira Alarde egoskorrean (horrela hobe) eta hortzaka defendatzen dute. Hauei parte hartzea eta iritzi ematea ongi hartzen zaie, oztoporik gabe. Galdetu behar dut jada txinatarrik, judurik edo ijiturik baden tartean. Edo pasaeran den errefuxiaturik. Beti arrak noski.

Gogoan dut Alardera joan izana. Adiskide batek parte hartzen zuen eta behin eta berriz agertzea eskatzen zigun. Gazteak ginen, hogei urte edo gutxiago, eta hainbat konpainiatan neskak ibiltzen ziren (lagunak oraindik argazkiak ditu gordeta). Baina gomendatutakoak ziren, saltsako nagusien alabak, ilobak edo beste zerbait. Tematiek ere onartzen dute eta berehala gehitzen: «Dena ondo zihoan, ordea. Progreak etorri eta dena birrindu zuten arte». Gaiztoak dira gero!

Txoro kontu hau hasi zenean, artikulua idatzi nuen eta iragarlearena egiten ausartu nintzen: «Berandu baino laster emakumezkoek Irungo eta Hondarribiko alardeetan gizonezkoen antzera hartuko dute parte. Eta azkeneko boladan inozokeria gaiztoak esan dituzten asko, lotsatuta, isilik geratuko dira». Ezin nuen orduan susmatu ere egin hainbesteko setakeria bil zitekeenik honen inguruan. Gaitzespen eta mehatxu telefono dei ugari hartu nituen ordainetan. Batek horrela esan zidan: «No se le vuelva a ocurrir aparecer por Fuenterrrrrrabía (rrrrrrr horrek argi azaltzen zuen dei egilea euskalduna zela, baina espainolez hitz egin zidan), que tenemos buena memoria». Nire jakintasun apurrak honela erantzuteko eman zidan: «Voy a donde quiero, cuando puedo», eta eskegi egin nuen.

Handik gutxira, emakume lagun hondarribiar bat hil zen. Arrantzale familiakoa eta herrian oso ezaguna. Hiletara joan nintzen eta, ohi dudanez, mezako jaunartze ondorengo tartean txistuaz elegia modukoa josi nuen. Eliza lepo zegoelarik, funtzioa hunkigarri gertatu zen. Irteeran, jendetzak inguratuta, belarri ondoan ahots batek xuxurlatu zidan: «Ansorena, ya puedes volver a Hondarribi. Estás amnistiau». Zertaz ari zen konturatu orduko jiratu nuen burua, baina ez nuen barkatzailea identifikatu ahal izan. Susmoa dut oraingo lerro hauek zigor berria ekarriko didatela, erreintzidentziak larriagotua.

Donostian ere bizi izan genuen honen gaineko ika-mika orain urte hamarkada batzuk. Kresala Elkarteko emakume bazkide talde batek Danborradan parte hartu nahi zuen eta, ohi denez, ederki planteatu zuten. Neroni elkarteko presidenteorde suertatu orduan eta fronte instituzionala defendatzea egokitu zitzaidan. Hasieran liskarrak izan ziren (harrika ere egin ziguten), baina, hogei urteren ondoren, garai hartan hain epel jokatu zuten Udal ordezkariek Hiritar Merituaren Domina eman zieten bazkide haiei, pertsonen arteko berdintasunaren alde egindako lanarengatik. Eta garai hartan sutsuki aurka egin zuten elkarte eta pertsona gehienek egun ez dute gogoratu nahi eta aditzera ematen dute euren danborradetan emakumeak berdintasunez aritzen direla. Batzuetan egia da. Plastifikatutakoei igualtsu gertatuko zaie.

Plastikoaren gehiegizko erabilera ekologikoa izan ez eta kolorea jaien giroarekin ez datorren arren, ongi pentsatuz gero, agian egoki izan daiteke plastiko beltzak ateratzea. Hauen atzean ezkutatzeko, argazkietan atera ez eta etorkizunean ondorengoei ez kontatu behar izateko zer arraio ari ziren hor erridikuloa egiten. Bestela, kontua ulertarazteko, akaso beste guztiok Alarde temosoa pasatzean, espaloietan jarri beharko dugu eta kolore horiko plastikoen atzean gorde. Adierazpen askatasunaren kontuarengatik.]]>
<![CDATA[Sarriegi ez da Donostiako martxaren egilea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/022/003/2018-01-18/sarriegi_ez_da_donostiako_martxaren_egilea.htm Thu, 18 Jan 2018 00:00:00 +0100 Jose Ignazio Ansorena https://www.berria.eus/paperekoa/1832/022/003/2018-01-18/sarriegi_ez_da_donostiako_martxaren_egilea.htm Marcha de San Sebastian izenekoa sortu zuen eta 1883an partitura argitara eman Euskal erria aldizkarian. Ez zuen hitzik, ezta danborrentzako laguntzarik ere, eta, aldizkari hartan bertan aipatzen denez, gure konpositoreak San Sebastian santuaren omenez egin zuen, San Ignaziok edo San Juanek euren himnoak zituzten bide beretik, ez hiriaren himnoa izateko. Beraz, San Sebastian martxa sortu bazuen ere, Donostiakorik ez.

Hasieratik izan omen zuen arrakasta Sarriegiren honek eta azkar batean hartu zuten garai hartako danborraden errepertorioan. Danborrada horiek ez zuten antz handirik egungoekin. Oso gutxi ziren, bakarra gehienetan, jotzaileak mozorrotuta irteten ziren -txinatar jantzita, lanperna itxuran...- eta guztiz inauteri giroan. Eta bestelako doinuak jotzen zituzten, Sarriegi geroago hasi baitzen sortzen orain ezagunak diren besteak, 1882tik aurrera. Egun ezagutzen dugun danborrada uholdea (1976an hamasei ziren; 2013an, ehun eta hogeita bost) eta berarekin daraman histeria kolektiboa ere oso kontu berria da, berrogei urte ingurukoa.

1898 urtean, A. Diaz y Cia argitaletxeak El Carnaval de San Sebastian partitura liburua editatu zuenean, Marcha de San Sebastian zelakoa musikalki jantziagoa zetorren eta jada danborrentzat idatzitako lerroa bazekarren, baina, liburu bereko beste hainbatek ez bezala, hitzik ez. Lehenago hainbati bururatu zitzaion doinu horri hitzak jartzea: 1882an Pepe Artola famatuak prestatu zizkion eta 1884an La Semana egunkariak gonbit egin zuen idazleak horretara bultzatzeko. Un pensamiento de plata jarri zuen sari, festa giroa mantendurik, hitz ederrenen sortzailearentzat. Batzuk aurkeztu baziren ere, eman gabe geratu zen saria. Serafin Barojak, ordea, berehala idatzi zuen eta argitara eman -berak sortutako El Urumea egunkarian- proposamen bat. Ez zuen arrakastarik izan eta inor gutxik ikasi zuen. Hitz horietan dago, hala ere, ziaboga: San Sebastian himnotik Donostiako martxara. Zehatzago, Donostiako inauterien hasierako martxa izatera.

1960an Donostiako kronikagile ofizialak, Jose Maria Donostyk -Leonardo Fernandez Eleiceguiren izengoitia- prentsan proposatu zuen Barojaren hitzei bultzada ematea, donostiarrek kanta zezaten eta, urte batzuetan kasu handirik egin ez bazitzaion ere, azkenean CAT (Centro de Atraccion y Turismo) udal erakundeak, elkarte batzuk ahalegin horretan lagun hartuta, zabalkunde lana egin zuen, Barojaren bertsioaz aldaketa txikiak zituzten orriak banatu, donostiar belaunaldi berriek pixkana -ikastolen bitartez batez ere- ikasi, eta abesten hasi ziren. Harrigarria da horrelako testu bromosoa hiriko himnotzat arazorik gabe denok onartu izana: agian, euskaraz izanik, askok ez zutelako ulertzen edo egia delako donostiarrok kaskarin xamarrak garela.

Hitz gutxitan, Donostiako Martxaren sortze prozesua ez da bakar baten lana izan: Sarriegik santuarentzako doinua sortu, Barojak inauteri abiapunturako hitzak jarri, ez dakigu nork hainbat zuzenketa egin, beste batzuek horrela zabaldu eta donostiarrok hiriaren himnotzat hartu. Hatzen ume jolasaren antzekoa: «Honek arrautza erosi, honek gatza jarri...».

Bide hori egin ondoren, orain dator ustezko tradiziozaleen azken babokeria: Donostiako Martxa bakarrik San Sebastian egunean jo omen daiteke. Hainbat elkartetan istiluak eta haserreak sortu dira horren inguruan. San Sebastian egunetik kanpo joz gero, anatema. Indar eta kemen horiek beste kontu batzuetarako gordeko balira, denontzat hobe. Hainbesteko malgutasuna eta aldaketak (askotxo artean Sarriegi bizirik zela) izan dituen abestia zergatik soilik honetan zurruntasunez erabili? Ez al du Donostiak urtean zehar bere Martxa jotzea egoki den beste egun edo egokierarik? Gipuzkoako hainbat herritan egiten da. Eta nire ustez, abuztuko 31n, esaterako, inauteriak badatozela kantatzearen absurdoa azalekoa besterik ez da. Etorri badatozelako eta betoz behin eta berriz.

Niri, aldiz, belarrian eta gogoan mingarri zaizkit honen inguruko beste alderdi batzuk. Adibidez, azaro amaieraz geroztik, astean hainbatetan, era errepikakorrean, San Sebastian Martxa entzun behar izatea leku desberdinetan danborradetako beste hainbat doinurekin batera: kaian, Loiolako Erriberetan, Ategorrieta inguruan, Ibaetan, Altzan... Haurren danborren entseguak hasita daudelako ikastetxeetan. Haur gaixoak: gehienei ezinezko zaie ongi jotzea, Alderdi Ederren geldirik dauden tarteaz gainerako guztietan megafoniaren desfaseak ez dielako aukerarik ematen. Inpiusiblea bada ongi jotzea, zertarako hainbeste entsegu? Helburua, gainera, ongi pasatzea beharko luke izan, ez besterik. Aspaldi adierazi nion horren antolamenduan dabilen nagusietako bati nire ikusmoldea: «Arautegian jarri behar duzue hiru aldiz baino gehiago entseatzen duen danborrada debekatu egiten dela».

Eta Donostiako banderaren igoeran, izadan alegia, egiten den bezala, bi aldiz jotzea Martxa? Edo okerragoa, horren ondoren ia ordu laurdenero danborrada bana plantatzea Konstiko oholtzan eta, besteak beste, Martxa behin eta berriz jotzea? Ez da kontu barregarriagorik gehiegizko solemnitatea baino. Tartean dabilen alkohol eta droga dosi handiengatik ez balitz, inork ez luke hori onartuko. Baina pasatuta dagoen jendearen ezaugarria da txaplata nekagarriak izatea.

Denean neurria komeni da -zioen gure aitona zenak-, baita neurrian ere. Gero eta gehiago kontrakoa zabaltzen ari da gure festetan: desneurria denean, baita desneurrian ere. Inork horren kontura patrika ongi betetzen duelarik, noski.]]>