<![CDATA[Jose Mari Pastor | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 28 Oct 2020 16:10:26 +0100 hourly 1 <![CDATA[Jose Mari Pastor | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Aresti ametsen hilerrian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1931/008/002/2020-10-24/aresti_ametsen_hilerrian.htm Sat, 24 Oct 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1931/008/002/2020-10-24/aresti_ametsen_hilerrian.htm
Esaterako: non dago Euskal Herri askatu eta sozialistaren ametsa? Zenbateraino dago hilda, zenbateraino bizirik? Euskal Herria ez dugu euskalduna, independentea eta sozialista; erabat erdalduna -eta zatika euskalduna- autonomista eta kapitalista baizik -errepasatu azken hauteskundeen emaitzak-. Gure amets horiek zapuztu dizkigute edo zapuzten utzi diegu. «Euskaldun guztiak izan gaitezen anaiak / euskaldun guztiak izan gaitezen berdinak / euskaldun guztiak izan gaitezen libreak». Horixe idatzi zuen Gabriel Arestik Harrizko herri hau liburuan. Noraino bete da Bilboko poetaren ametsa?

Euskal Herri euskalduna nahi genuen. Nola gaude? Euskarak aurrera egin du, baina erdarak askoz ere gehiago: gizartean, kulturan, hedabideetan... Tanta ñimiño bat gara ozeano zabalean. Euskarazko irakaskuntza genuen amets, baina A eta B ereduen fabrikak erdaldun elebakarrak ekoizten segitzen du. Gure agintariek beste alde batera begiratzen dute, bake sozialaren aitzakian babesturik. Erdara barruraino sartu digute; haren ustezko dirdirak itsutu egiten gaitu. Kazetaritza ikasten ari diren gazte euskaldunen ametsa Teleberri aurkeztea da, ez Gaur Egun -beraiek esanda-. Eta zeure buruari galdetzen diozu zer arraio egiten ari zaren gelan, ikasle euskaldunak erdaraz barra-barra ari diren bitartean.

Lurraldetasuna genuen amets, baina ikasle euskaldun horietako askoren buruan Hegoalderik ez dago. Euskal Herria komunitate herria da. Alde batetik EAE dugu; bestetik, Nafarroa. Ipar Euskal Herria ez da existitu ere egiten. Ez ditugu kanpoko mugak eta barne mugak bereizten. Gure iruditerian Pirinioetakoa da nazioarteko muga, ez Revilla jaunaren lurraldekoa.

Sozialismoa aldarrikatzen genuen, baina sozialismoaren arrasto gutxi daude gure gizartean. Are gutxiago testuinguru soziopolitiko eta ekonomiko honetan. «Iberdueroko akzioak sal itzazue», idatzi zuen Arestik, baina Franco hil aurretik joan zen hura. Geure burua finantzetan trebatu dugu geroztik, burtsan inbertitzeko. Kapitala humanizatu egin dela sinetsarazi nahi digute orain. Erosotasun digitala dakarren aurrerapen teknologikoari humanismo digitala deitzen dio Bankiak. Bai, morroi batek 24 orduz Whatsappen bidez gure dirua xurgatzeko erraztasunak izatea humanismoa da, horixe. Nork agintzen du bankan? Montaignek ala Goirigolzarrik eta Neguriko jendeak? -Azkuek asmatu zuen Getxoko eskualde horrentzako izena, eta Arestik txantxetan esan zuen egokiagoa izango zela lekuak Euskaltzaindiko buruaren bigarren abizena hartu balu: Aberasturi-.

Amnistia nahi genuen, eta kartzelek beteta segitzen dute. Bitartean, Rafael Verak torturarik ez dela izan esan dezake kopeta zimurtu gabe telebistan eta faxistek frankismoaren zeharkako apologia egin Espainiako Kongresuan eta Meliton Manzanas omendu. Ez aipatu bertan Jose Migel Beñaran Ordeñanaren izena, barrura joango zara eta. Bata estatu frankistako torturatzailea izan zen; bestea erregimen haren kontra borrokatu zen.

Ametsak. Gehienak hilak. Hala ere, bada salbuespenik, eta horrek esperantza izpi bat pizten du. Elixabete Garmendia eta Josu Landa euskal prentsari buruz mintzatu ziren iaz, Durangoko Azokan. Borroka gehienak galdu dituela azaldu zuen Landak. Garaipen bakarra aipatu zuen: euskarazko egunkariaren aldeko borroka, euskaltzale eta abertzale askok proiektuan sinesten ez zuten arren. Amets horri esker idazten ari naiz gaur, irakurle maite hori.]]>
<![CDATA[Mugaren hegoaldean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1979/010/002/2020-10-17/mugaren_hegoaldean.htm Sat, 17 Oct 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1979/010/002/2020-10-17/mugaren_hegoaldean.htm
Maria Bouabdellah —benetako izen-abizenak dira— Kataluniarekin eta katalanarekin maiteminduta dago. Kazetaritza ikasten ari da, Aitziber bezala. Canal Malaia plataforma digitalean dihardu sarean katalanezko edukiak hedatzeko. Maria Gironako herri batean jaio zen. Gurasoak marokoarrak ditu. Deitura arabiarra du, baina katalana da. Katalanez ederki mintzatzen dela esaten diotenean, hauxe erantzuten du: «Ondo hitz egiten dut katalanez katalana naizelako, hemen hazi naizelako, lagunak katalanak ditudalako, katalanez ikasi dudalako eta katalanez bizi naizelako».

Ez da txikia Aitziberren eta Mariaren arteko aldea. Aitziberrek ez daki euskaraz. Ez du ikasi nahi izan. Areago: ez du euskara ikasteko batere asmorik. Hala ere, badirudi guri berdin digula. Katalunian inoiz gertatuko ez dena gertatzen da hemen: euskaldunok —hau da, euskaraz dakigunok— ez dugu begi txarrez ikusten hemen jaiotako lagun batek euskara baztertzea. Alderantziz: besoak zabalik hartzen dugu, txalotu ere bai, japoniera ikasten ari delako. Euskaldunok baino mendeko eta otzanagorik gutxi munduan. Hizkuntzari dagokionez, behintzat.

Hemen jaio, hemengoak izan eta hemengoak ardura ez dien gazteetako bat da Aitziber. Bera bezalakoak baldintzatzen ari dira gure etorkizuna, eta ez onerako. Zer-nolako itxura du etorkizun horrek haiek eta haien ezjakintasunak, indiferentziak edo mespretxuak agintzen badute gure giza harremanetan? Zertarako hainbeste kanpaina, Euskaraldia bukatu eta biharamunean Aitziber guregana etorri eta haren aurrean guk guztiok erdaraz egiten badiogu elkarri, hark japoniera euskara baino gogokoago duelako?

Geure jokaera aldatzeko bide luzea dugu aurretik, inoiz aldatuko badugu: lehenik eta behin, euskaldunon artean euskaraz egin beharko genuke —borroka horretan ari gara oraindik—. Gero, euskaldunon artean euskaraz egiten segitu, tartean erdaldun bat egon arren. Eta azkena: erdaldunari euskaraz egin, zuzenean. Baina hori gehiegizkoa izango litzateke. Gatazka linguistikoa piztuko luke —orain gatazka linguistikorik ez balego bezala— eta hemen gatazka bakarrak politikoa izan behar du. Besteak, nonbait, ez du lehentasunik.

Teorian hizkuntza eskubideak ditugu, baina Aitziber bezalako euskal herritarrek eskubide horiek kentzen dizkigute praktikan. Aitziber larrutzea izango litzateke errazena, baina erru osoa ez da Aitziberrena. Aitziber zerbaiten sintoma da: gure gizarteak eta erakundeek orain arte euskararen arloan izandako porrota erakusten du. Makal jokatzen dugu mugaren iparraldean zein mugaren hegoaldean. Ez du ematen arazoa epe ertainera konponduko denik. Datozen urteetan are malguagoak eta ulerkorragoak —are mendekoagoak— izan beharko omen dugu erdaraz alaitsu eta kementsu ari diren erdaldun elebakarrak alde subiranistara erakartzeko. Gora Irlanda!

Oso neska jatorra da Aitziber. Ezagutzen dutenek horixe esango dizute. Egun batean ametsa beteko du: mangak irakurriko ditu eta sakea edango du Tokion. Shinjuku aldeko pubetan jazza entzungo du: Duke Ellington-en Star-Crossed Lovers eta Nat King Cole-ren South of the Border. Eta hizkuntza bikain ikasiz gero, Yasushi Inoue, Chiyo Uno edo Haruki Murakami-ren eleberriak itzuliko ditu, baina ez euskarara. Eta guk Aitziber miretsiko dugu, «oso azkarra» baita. Pena da. Izan ere, mugaren hegoaldean —eta iparraldean— Aitziber baino Maria gehiago behar ditugu, Euskal Herria inoiz euskalduna izatea nahi badugu.]]>
<![CDATA['Mucho visio, Maurisio']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1887/008/002/2020-10-10/mucho_visio_maurisio.htm Sat, 10 Oct 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1887/008/002/2020-10-10/mucho_visio_maurisio.htm L'endemà de la teràpia izenburua du lan kaleratu berriak. Guru baten kontsultara joan den herritar baten gorabeherak kontatzen ditu testuak, gizajoari terapiaren biharamunean zer gertatu zaion azalduz. Medikuntza ofizialarekin ez ezik, alternatiboarekin ere kritikoa izatea komeni dela dio idazleak.

Musika mistikoa hedatzen duen jatetxe dotore eta itxuraz alternatiboko zerbitzariari ez dio ardura horrek guztiak. Menuaren berri ematera hurbildu da. «Nahi duzu musukoa janztea?». Leku itxia da, mahaia oso urrun dago atetik. Ez du aurpegi onik erakutsi baiezkoa entzun duenean. Nire maskara seinalatu du. «Minbizia sortzen du».

Lagun esoterikoa minbiziaren beldur da, antza —eta nor ez?—. Lepoa egingo nuke gehiago sinesten duela indar ikusezinetan zientzian baino. Antzina jainkoaren zigorrak omen ziren gaitz guztiak, minbizia barne. Orain beste ordena kosmiko batenak. Batean zein bestean, errua gurea beti. Batzuen ustez, minbizia baduzu, bizitzan egin duzun hautuaren ondorioa da. Zergatik egiten duzu lan fabrika kutsatzaile batean? Zergatik bizi zara auzo zikin horretan? Ez pentsatu mediku ustel salduek osatuko zaituztela, papao horrek!

Zer esatea nahi duzue, bada. Orain arte botika ofizialetan baino diru gehiago gastatu dut erremedio naturaletan. Eskarmentuak diost sendabide horiek asmatu egiten dutela batzuetan; beste batzuetan, ez. Medikuntza ofizialak bezala. Bi sendabideak konbinatu daitezke, zergatik ez, baina dogmarik gabe: minbizia zaldiak laztanduz osa daitekeela esaten entzuten badidazue inoiz, baimena duzue behar den lekura deitu eta bertan giltzapean sartzeko betiko.

Gure lagun esoterikoari kostatu egiten zaio hori onartzea, baina. Berea da onena; beste guztia, zaborra. Lagun esoterikoaren iritziz, zientzialari eta medikuek esaten duten guztia susmagarria da, baina mundu ezkutua edo antzeko izen misteriotsua duen web orri ilun bateko gurua zuzen dago. Etorri, ondo jarriko dizkizut txakrak; buelta eman, suavesito... Karma txarra duzulako gaixotu zara, karmaren legeak agintzen baitu munduan. Ez dira, ba, zerri gutxi hil ohean, goxo-goxo eta batere sufritu gabe! Non zegoen orduan haien karma? Barbadosen oporretan? Edo benetan amaiera hobea merezi zutenak izorratzen?

Denok dugu geure burua kontsolatzeko edo engainatzeko eskubidea, baldin eta aurrekoaren kaltetan ez bada. Amesteko ere bai, 120 urtez biziko garela pentsatuz —18 urteko sasoiarekin eta mende luzeko jakinduriarekin, noski—. Eta edozerengatik kexatzeko. Baina zenbateraino? «Mucho visio, Maurisio», esan zidan behin Aranburu doktoreak bere irribarre maltzurraz, kontsultan horretaz ari ginela. Agian hori izango da arrazoia. Bizioa.

Lagun esoterikoak guztiz librea izan nahi du. Ni, nire askatasuna, nire eskubideak! Darwinista hutsa da. Inor hiltzen bada, ez da bera beharbada arduragabea izan delako, lehenagotik gaixo zegoelako baizik. Asma zuen. Diabetesa. Edo sistema immunologiko pattala. Gaitz horiek hil dute. Eta zaharra bazen, bizi-legea izan da: urtebete baino ez zuen aurrean. Munduan jende ahula badago, ez da haren errua.

Maitasuna txertorik onena dela dio. Eta bai, betor maitasuna, peace and piece, baina txerto horrek sendatuko gaitu? Ez dut ezagutzen meningitisa, elgorria edo paperak izan dituen umerik, soilik etxekoen musuei esker hobera egin duenik. Gurutzetako haur-onkologia unitatean ospitaleraturik daudenek gurasoen laztantasuna jaso dute txikitatik, baina horrek ez ditu eritasun horretatik babestu. Eta sendatzen direnak ez dira ingurukoen maitasunari esker osatzen, mediku ustel saldu horien lanari esker baizik. Aitaren edo amaren laztanak lagun izan dituzte, besterik ez.

Lagun esoterikoa. Joan dadila Burundira txerto barik. Esan dezala bertan maitasuna dela txertorik onena. Maitasunaren txertoa ipiniko diote, bai, ederto ipini ere. Mucho visio, Maurisio.]]>
<![CDATA['¡Qué gais!']]> https://www.berria.eus/paperekoa/2139/016/002/2020-10-03/qu_gais.htm Sat, 03 Oct 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/2139/016/002/2020-10-03/qu_gais.htm ¡Me han matao!¡Qué gais!». Euskaldunak dira umeak. 10 bat urte izango dituzte. Ordura arte euskaraz jardun dute, baina badakigu adierazkortasuna nolakoa dugun ezustean barren-barrenetik zerbait ateratzen zaigunean.

Gay esan duen umeak oso barneratua du berba hori iraintzeko erabil dezakeela. Horrela mespretxua eta diskriminazioa ere hedatzen ari da, seguruena horren jakitun egon ez arren. Hitza kolpetik irten zaio. Automatikoa izan da. Zergatik? Gaztetxo horri diferentziak errespetatzeko jokabidea irakatsiko diote eskolan, noizbait. Hori gertatu aurretik gay deitzen dio iraindu nahi duenari. Hala egingo du etorkizunean ere?

Hamaika ahalegin egin ditugu —eta egiten ari gara— geure pentsaera eta hizkera aldatzeko, eta hara non txikienak guk umetan esaten genuena errepikatzen ari diren. Aurreratzen ari garela uste dugu, baina batzuetan badirudi gauza batean baizik ez dugula aitzina egin: lehen, marikoia esaten genuen; orain, gay esaten dute. Desagertzen hasia zen hitza entzuten dugu egun Donostiako hondartzetan, zenbait umeren ezpainetan: marica. Ume euskaldunek gay esaten dute; erdaldunek, marica. Zer ardura du, bata edo bestea esan? Funtsean biek ala biek zama semantiko bera dute. Halaxe kontuak. Gay hitza erdeinuz erabiltzen dugun bakoitzean harri bat botatzen dugu pertsona batzuen duintasunaren aurka. Eta mendez mende zabaldu den estigmatizazioa elikatzen dugu.

Hemen, legez, inor ez dugu hiltzen bere orientazio sexualagatik. Hemen, gehienez, pertsona bat jipoitzen dugu mutil-lagunari agur moduan musu bat ematen ikusi dugulako. Hemen, Europan, diskriminazio light jakin bat hauspotzen segitzen dugu. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruak adierazi du Brusela erne ibiliko dela arazo hau dela eta. Eta hauxe esan du, Polonia gogoan: Bruselak ez die dirurik emango LGTBI kolektiboaren eskubideak urratzen dituzten herriei. Polonian ez ezik, etxean ere badu lanik Von der Leyen andreak: Friedrich Merz, CDU alderdiaren presidentea izateko lehian sartu da —CDUko politikaria da Ursula von der Leyen ere—. Kantziler bat homosexuala izatearen aurka ote dagoen galdetu berri diote Merzi. Erantzuna: ez, kontu pribatua da hori. Eta gero, harria bota du: «Legearen barruan jokatzen duen eta umeei eragiten ez dien bitartean». Pedofilia homosexualen monopolioa da, antza. Aurreko batean ere hautsak harrotu zituen Merzek. Berlingo alkate Klaus Wowereit homosexuala izateak ez ziola ardura esan zuen. Eta harria bota zuen, berriro ere: «Niregana hurbiltzen ez den bitartean». Merz jauna sustengatuko du Von der Leyen andreak alderdiaren presidentea izateko?

Ahaleginak ahalegin, LGTBI kolektiboaren aurkako diskriminazioa eta kriminalizazioa bizirik ditugu. Aurrera egin dugu, ezin uka, baina hala ere... zertarako balio du haurrek berdintasunean oinarritutako hezibidea jasotzeak, unibertsitatera heldu eta ikasgelan irakasle batek —gizonezkoa, noski— esaten badie arropa arrosa edo morea janzten duten gizonez ez dela fidatzen kolore horiek «gay koloreak» direlako? —ez dut asmatu; iaz lagun bati kontatu zion alabak—. Ez, neska gazte horrek ez zituen hitzak Opus Deiren unibertsitate batean entzun, unibertsitate publiko batean baizik.

Behin batean Donostiara joan ginen lagun bat eta biok, arratsalde pasa. Larunbat eguzkitsua zen, eta Kontxa ingurua jendez gainezka zegoen. Adarra jo nahi izan nion. «Ea, bada, ez lotsatu». Eta eskutik oratu nion. Ziztu bizian urrundu zen niregandik, gaitz kutsakor sendaezin hilgarri bat banu bezala. «Niri ez heldu eskutik, marikoi horrek!». Eta hor segitu zuen oihuka. Gero lasaitu egin zen. Erreakzioaren arrazoia azaldu zidan. Kezkatuta zegoen jendeak gu ikusi eta ¡qué gais! pentsatuko ote zuen.]]>
<![CDATA[(Euskal) maitasun istorio bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1915/010/002/2020-09-26/euskal_maitasun_istorio_bat.htm Sat, 26 Sep 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1915/010/002/2020-09-26/euskal_maitasun_istorio_bat.htm
Zergatik eskatu behar diezu gazteei udako maitasuna baztertzeko? Odola behar den lekura behar den bezain azkar eta indartsu jadanik jaisten ez zaizulako? Esaiezu udan maitasuna, sexua, piztea, ligatzea eta antzeko kontuak bizitzeko modu desberdinak asmatzeko, kontuz ibiltzeko, baina ez hil haien bizi gogoa. Ez ahaztu: lehen maitasuna, askotan, udan loratzen da.

Lehen maitasuna du ardatz, hain zuzen, En kärlekshistoria filmak, Roy Andersson zuzendari suediarrak 1970ean sortutako lanak. Berez, pelikulak Maitasun istorio bat izenburua zuen, baina atzerrian suediar hitza gehitu zioten, exotikoagoa edo izango zelakoan, agian: A Swedish Love Story. «Orain egiten ez den film horietako bat da», idatzi du pelikulari buruz Sueddeutsche Zeitung egunkariak, lanaren 50. urteurrena gogoan. Lanak 15 urteko mutil baten eta 14 urte betetzear dagoen neska baten arteko amodioaren berri ematen digu. Filma suediarra izan arren, gaia unibertsala da: maitasun istorio suediarra euskal maitasun istorio bat ere izan zitekeen.

60ko hamarkada amaitu berria da. Olof Palme dugu Suediako lehen ministroa, haren aurrekoak, Tage Erlanderrek, 23 urtean munduko ongizate-estatu sendoenetako bat eraiki eta gero. Giro ederra bizi eta maitatzeko. Eta musika eta motorrekin gozatzeko. Gazteek ez dute besterik buruan. Eta Annika eta Pär gazteak dira, oso.

1970. urtea guztiz bestelakoa izan zen Euskal Herrian. Batez ere, Hegoaldean: diktadura, errepresio odoltsua, Burgosko prozesua... Hala eta guztiz ere, gazteen arteko maitasunak sortzen ziren gurean ere. Gaztetako pasioak eta pultsioak berdinak dira han eta hemen, hori azaltzeko moduak lekuko ohiturek eta kontsentsu eta kontrol sozialek baldintzatzen dituzten arren. Gaztaroa ez dute berdin bizi demokrazia formal garatua duen nazio subirano bateko gazteek eta herri zapaldu batekoek, baina desioak eta bizi nahiak bizirik segitzen dute edonon.

Annika eta Pär hemengo Miren eta Mikel izan zitezkeen, beste testuinguru batean. Udako maitasunak bere lekua du Euskal Herrian ere, beste edonon bezala. 1970eko udan edo 2020koan. Pertsona erreprimitu eta hotzen irudia osatu du euskaldunei buruz espainiarrek hedatu duten estereotipoak. Badirudi 1970ean munduko pertsona liberalenak zirela gure lagunak. Gurasoak egun-pasa kanpora joan eta 13 urteko alaba 15 urteko mutil ezagutu berriarekin etxean bakarrik geratzea onartzen al zuten, bada? Suedian ez dakit, baina Espainian, ez. Pelikulako tarte hori ez zatekeen sinesgarria izango Espainian girotua izan balitz. Suedian kokatuta dago. Akaso Segovian Donibane Lohizunen baino gehiago egiten zuten larrutan 1970ean? Baionako herritarrak autoa hartu eta Madrileraino joaten ziren, Espainiako hiriburuko zinemen aurrean ilarak egiteko asteburuan, film pornoek buztankada eta betekada eragin arte?

Behin batean oso bikote gaztea ikusi nuen Suedia hegoaldean, Malmo hirian sartzen zen autobusetik. 14 urte izango zituzten biek. Mutila zain zegoen, espaloian zutik, eta neskak hara hurbildu eta musu samur bat eman zion ezpainetan. Eskutik helduta urrundu ziren. Ez ziren Pär eta Annika, baina Maria eta Mikael izan zitezkeen. Edo Miren eta Mikel. Hogei urte geroago, batzuetan oraindik gogoratzen dut udako arratsalde hartan gogoa alaitu zidan nerabe parea. Eta elkarrekin segituko ote duten galdetzen diot neure buruari.

Gazteen odola borborrean dago, eta haren jarioa geldiezina da beti. Ez espero haiek maitasuna baztertzea. Ez. Contra natura izango litzateke. Uda joan zaie. Maitasuna eta bizi gogoa, ez.]]>
<![CDATA[Hiltzeko hizkuntza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1908/006/001/2020-09-19/hiltzeko_hizkuntza.htm Sat, 19 Sep 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1908/006/001/2020-09-19/hiltzeko_hizkuntza.htm Radar COVID, birusaren arrastoari segitzeko aplikazioa, berandu helduko da gure telefonoetara. Zergatik, eta hari buruzko xehetasunak oraindik euskaratu ez dituztelako. Zertarako nahi dituzte euskaraz, gazteleraz badakite?

Horixe pentsa lezakete batek baino gehiagok egunkari unionista batek argitaratu duen berria irakurri ondoren. Albistearen arabera, oraindik aste bat edo bi beharko ditugu aplikazioa izateko, itzulpenik ez dagoelako. Kazetariak bazuen titulua beste era batera jartzea. Izan ere, Osasun Sailak azaldu duenez, atzerapena «xehetasun teknikoek eta euskarazko itzulpenak» eragin dute. Soilik itzulpenaren kontua aipatu du.

Badirudi euskaldunen apetak noiz aseko zain egon behar dutela erdaldunek. Errealitatea desberdina da, ordea. Hemen euskaldunoi dagokigu itxarotea -kasu hau dugu salbuespen bakanetako bat-. Madrilek «Espainiako beste hizkuntzetan» -hala dio konstituzioak- prestatu balu aplikazioa, ez zen halakorik gertatuko. Baina Espainia ez da Suitza konfederala. Ondorioz, aplikazioa berandu etorriko da. Eta baten bat gaixotuz gero, birusaren arrastoa detektatzeko modurik izan ez duela esan dezake. Eta protesta egin. Errua atzerapenari bota, nolabait esateko.

Euskaldunok protestaka hasiko bagina geure hizkuntza baztertzen duten bakoitzean, etengabeko greba mugagabean egongo litzateke Euskal Herria. Geldirik, euskaldun bakoitza jaio eta hil artean. Duela bi aste Loiura heldutako hegazkinean ingelesez eta espainieraz eman zizkieten jarraibideak bidaiariei. Aire-konpainia horrek katalana erabiltzen du Bartzelonara doanean. Hemen euskararik ez. Izorra hadi, euskaldun txotxolo hori! Abisuak soilik ingelesez eta euskaraz eman balitu, salaketa Arartekoaren bulegoan egongo zen honezkero. Hedabide guztietan. Iraina! Laidoa!

Eraikinaren barruan ez geratzeko esan zidaten ertzainek hegazkinetik jaitsi ondoren. Erdaraz. Ez, ez tematu haiekin, euskaraz dakiten edo ez. Berandu da eta batek daki nola amaituko den kontua. Baliteke autobusa galtzea. Edo auskalo... Zenbat ertzain euskaldun daude Euskal Herriko aireportu internazionalenean? Ertzain horietako batek euskaraz egin balio herritar erdaldun bati, nola erreakzionatuko zuen pertsona horrek? Zer gertatu da euskaldun bat euskal aginte autonomikoaren ordezkari armadunen aurrean euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko uzkur edo beldur izateraino iristeko?

Birusa eta hizkuntza-normaltasuna. Kanpaina eta abisu batzuk elebidunak; asko eta asko, erdara hutsez. Eta kexatu egingo dira aplikazio hori beranduago ailegatuko delako itzulpenagatik. Burutik ez zaie pasatu ere egiten haiek inoiz ez dutela itzulpenik behar. Hango eta hemengo kanpainek erdara dutela jatorria. Eta gero itzulpena datorrela. Baldin eta itzulpenik bada.

Diskriminazioa, nahi gabea izan edo ez, behetik gorakoa da. Supermerkatuan zenbat lagunentzako lekua dagoen soilik erdaraz agertzen duen monitoretik lehendakaritzaraino. Abuztuan Iñigo Urkullu ikusi genuen neurri zorrotzagoak ezartzeko posibilitatearen berri ematen, Facebook-en. Erdara hutsez. Eta gu itzulpenaren zain geratu ginen. Zergatik, baina? Lehendakari euskaldun batek jatorrizko mezua euskaraz idaztea izango litzateke logikoena. Itzulpena erdarazkoa izatea. Baina Euskal Herria ez da Logikaren Herria. Eta diskriminazio linguistikoa eguneroko kontua da.

Diskriminazioa edonon dugu. Zahar-etxeetara ere iritsi da, Pau Vidal idazle eta filologo katalanak zorrotz salatu duenez. Etxekoen konpainia barik zendu diren lagun horietatik zenbati errespetatu zaie beren hizkuntzaz hiltzeko eskubidea? Ezer gutxi mintzatu da horretaz. Zahar-etxeetako langileei ez zaie hizkuntza-eskakizunik exijitu behar. Seguru? Nik dakidala, exijitu egiten zaie, ederki exijitu ere. Ondorioz, euskaraz bizitzeko eskubide teoriko zapaldua hutsaren hurrengoa dugu hiltzeko garaian. Euskarak nekez ematen du bizitzeko. Hiltzeko, are gutxiago.]]>
<![CDATA['Videri quam esse']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1902/009/001/2020-09-12/videri_quam_esse.htm Sat, 12 Sep 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1902/009/001/2020-09-12/videri_quam_esse.htm
Aurtengo eskola sartzea lelo honen bidez iragarri du saltoki erraldoi batek: eskolara itzultzearen gauzarik onena zapatila berriak erakustea da. Bai, eskolara joatearen gauzarik onena matematikak ikastea da ez da lelo komertzialik onena umeek gurasoak presionatu eta erostera bultza ditzaten. Hala ere, bazegoen beste mezu edo baliorik hedatzea. Esaterako: eskolara bueltatzearen gauzarik onena ikaskideekin elkartzea dela. Edo lagun berriak egitea. Edo begietan bizipoza pizten dizun ikaskide berezia berriz ikustea. Baina ezer salduko lukete, hala egingo balute?

Zapatila berriak erostea da garrantzitsuena. Hori baino askoz inportanteagoa duzu zapatila berriak eskolako lagunei erakustea. Zapatila horiek egiten zaituzte pertsona, haiek gabe ezer gutxi zara besteen aurrean. Esse quam videri —izan, eta ez itxura izan— dio latinezko esamolde zaharrak. Zizeronek eta bestek aipatu zuten haien lanetan, eta mendez mende iraun du gaur arte. Hitz horiek etxeko horman jartzen zituzten Ingalaterran Viktoria erreginaren garaiko familia aristokratikoek. Antzinako leloa alderantzizkoa dugu egun: videri quam esse. Izan ere, egun inportanteena ez da izatea, itxura izatea eta erakustea baizik. Erakutsi gabe ez gara ezer. Inoiz ez gara izan, baina muga eta neurririk gabeko erakustaldi digitalaren sasoian inoiz baino are gutxiago gara, ezer erakusten ez badugu.

Nola azaldu alaba edo semeari ekainean erositako zapatilak, bere ikaskideek ikasturtea bukatu aurretik ikusi zituztenak, oraindik baliagarriak direla, ez direla berri-berriak, baina bai berriak, hiru hilabete dituztelako? Nola egin hori, umeak kalean gora eta behera joan eta halako iragarkien erasoa jasaten duenean? Erosi eta erakutsi.

Erosi eta erakutsi bai, baina ez edozer. Gure denboran ez zen oso arraroa izaten etxeko txikienak anaia edo ahizpa zaharrenaren arropa janztea, bien arteko adin tartea eta gorpuzkerak oso diferenteak ez baziren. Krisi garaia izan edo ez. Gerra ondoko mentalitatea zuten gurasoek, eta horrela moldatzen ziren. Orain esaiozu haur txikienari anaia nagusiaren prakak janzteko, krisi latzean bizi edo krisiaren ondoko makalaldian. Ez du halakorik onartuko. Eta gutako askok ere ez. Nolatan bidaliko dugu umea eskolara marka ospetsuaren logoa ez duten zapatila arruntak oinetan?

Mota anitzetako erasoez jabetu eta kontra egiteko sentsibilizatuta gaude. Haurtzaroa zaindu eta babestu egin nahi dugu, bizitzaren zati hori gero eta txikiagoa bihurtzen ari den honetan. Alta, apenas altxatzen dugun ahotsa burua eta zentzu kritikoa oraindik osatu gabe dituztenei zuzendutako kanpaina manipulatzaileen aurka. Agian, gu ere horren parte garelako —kontzientea edo ez— eta guk ere horrela jarduten dugulako geure neurrian. Haurrei pentsaera eta jokaera horiek transmititzen dizkiegulako txikitatik.

Umeak geure produktuaren marka bihurtu ditugu, geure etxearen ikurra dira gizartearen erakusleihoan. Ez da denbora luzea erreportaje batean irakurri nituela guraso batzuen kexak. Semea garbi eta txukun joaten zen ikastetxera, baina arropa xumeak jantzita. Horregatik, pobre deitzen zioten zenbait gelakidek. Zapatila berririk ez. Espainia aldean gertatu zen, baina Euskal Herrian pasa zitekeen, lasai asko. Izan ere, pobrea izatea baino gauza lotsagarriagorik ez dago egungo gizartean, antza. Etorri eta erosi da kontua. Zapatila berriak erakutsi. Pobrea ez zarela erakutsi, pobrea izan arren.]]>
<![CDATA[Marilyn, 'golfa'!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/009/001/2020-07-25/marilyn_golfa.htm Sat, 25 Jul 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1921/009/001/2020-07-25/marilyn_golfa.htm Marilyn!!!»- eta guk harekin batera osatzen genuen esaldia: «Gooolfa!!!». Hitz hori ez zegoen Itoizen diskoaren kantan, baina saltsa ematen zion zuzeneko emanaldiari.

«Oh Marilyn, Marilyn, larrosa eta krabelin, ximeldu da hire oroimena». Laster, abuztuaren 4an, 58 urte beteko dira Norma Jeane Baker hil zenetik. Bi urte barru, sei hamarkada. Gazterik joan zen golfa, gure aiten edo aitonen sex symbol hura -ez galdetu gure amek zein aktorerekin egiten zuten amets, emakumeek ez baitute desiorik, soilik neska gazte heldugabe kaskarinek dituzte sex symbol-ak, institutuan Robert Redford-en aurpegia karpetan eramaten zuten txatxala haiek, baina gero ezkondu egiten dira, eta kito-.

Marilyn ez zen etxerako modukoa. Gau bateko ametsa, lilia zimeldu arte. Gainera, kirastu egiten zuen. Behea jota zegoenean utzi egiten zuen bere burua, ez ei zen garbitzen. Hori azaldu zuen Joe DiMaggio ahozabalak, haren bigarren senarrak. Eta, jakina, ba al da ezer nazkagarriagorik emakume atsitu bat baino? Areago hilekoa izan eta inoiz baino zikinago dagoenean. Urtebete eskas eman zuten ezkonduta. «Where have you gone, Joe DiMaggio?», galdetu zuen hurrengo hamarkadan Simon and Garfunkel bikoteak, The Graduate filmeko abestian. Kirolari handia, amets amerikarra, joana zen.

Marilyn golfa? Yves Montand frantsesarekin afera bat izan zuelako, artean Arthur Millerren andrea zenean ala gure zaharrak berotzen zituelako, haize-lasterrak jantzia altxatzen zionean? Ameriketatik etorri eta aktorearen irudi handi bat zintzilikatu zuen kantako artzain gizajoak zer espero zuen, Marilynekin oheratzea? Zenbat istorio, zenbat kontu ez ziren Mendebalde urrunean entzuten euskal artzain gazte sendo birjinei buruz. Bi titi biribil ikusi bezain laster maionesa ateratzen omen zitzaien, adurra zeriela -artzainei, ez titiei-. Baina golfa Marilyn zen.

Golfa. Oso hitz berezia emakume batentzat. Aproba egin, guraso batzuei esan, txantxetan: «Golfo galanta duzue semea!». Ez da ezer gertatuko. Esan hori alabari buruz, eta akabo bromak. Esan lagun bati, hildako gurasoei buruz: «Zuen aita golfo samarra zen, ezta?». Eta gero: «Zuen ama golfa samarra zen, ezta?». Igarriko diozue zer alde dagoen. Izan ere, golfo horrek esanahi asko ditu erdaraz, baina golfa berbak, bakarra. Emakumea tuntuna, harro tentea, ezpain estua, xuhurra, traketsa edo nahi duzuna izan daiteke, dena barkatu ahal zaio. Golfa izatea, ez.

Golfo-ak eta golfa-k. Batzuei dena onartu; besteei, ez. Aste honetan betiko kopla irakurri dut psikologo bati egindako elkarrizketan: gizonek sexua nahi dute, baina desio hori maitasunez mozorrotzen dute; emakumeek maitasuna nahi dute, baina sexua eman behar dute hori lortzeko. Planteamendu xinpleegia. Emakumeek ez dute sexua maite, ez dute sexuaz gozatu nahi? Aski duzu My Secret Garden, Nancy Friday-ren liburua, irakurtzea. Eta ez zaitez eskandalizatu bertan ageri diren testuekin. «Ene, gure amak, andreak, alabak… halako fantasiak dituzte?». Akaso gizonok ez dugu maitasunik nahi? Hain zaila da hori ere nahi dugula bueltarik gabe aitortzea?

Marilyn hil eta bost urtera, The Graduate filmaren casting-a egitera joan zen gizon bat. Zuzendariak, Mike Nichols-ek, atzera bota zuen eta aktoreak kargu hartu zion. Zuzendariak argi hitz egin zion: «Bob, arazorik izan duzu inoiz neska bat erakartzeko?». «Arazorik? Ez dut ulertzen», erantzun zuen gizonak. «Horretaz ari nintzen, ba», esan zion Nicholsek, eta ispilu baten aurrera eraman zuen. «Uste duzu hor ikusten duzun gizonak inoiz arazorik izango lukeela edozein emakume seduzitzeko?». Nicholsen ustez, aktore hura filmeko protagonista izanez gero, istorioa ez litzateke sinesgarria izango. Eta Dustin Hoffman aukeratu zuen. Robert Redford esku hutsik itzuli zen etxera, bere aurpegia mundu zabaleko emakumeen karpetetan eta bihotzetan zegoela jakinda. Bob, golfo!]]>
<![CDATA[Mesetaz bestaldeko koloniak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/009/001/2020-07-18/mesetaz_bestaldeko_koloniak.htm Sat, 18 Jul 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1921/009/001/2020-07-18/mesetaz_bestaldeko_koloniak.htm Cuba, la soledat que no s'acaba liburu argitaratu berrian. Lana Karibeko uhartera egindako bisitan oinarrituta dago. Testua kritikoa da AEBek eta EBk Kubari buruz duten jarrerarekin, baina are kritikoagoa dugu kolonia espainiar ohiko sistema politikoarekiko.

Nyholm sozialdemokrazian kokatu beharko genuke. Jyllandsposten egunkariaren berriemailea izan zen Londresen, Thatcherren agintaldian. Gero, Balkanetara joan zen hango gerraren berri emateko. Errusian eta Ukrainan ere jardun du. Egun Vienan bizi da.

Liburuaren epilogoan Kataluniari buruz eta, neurri txikiago batean, Euskal Herriari buruz idatzi du kazetariak. Haren ustez, bi herriak koloniak dira, baina Gaztelatik hain hurbil egoteak horretaz jabetzea eragozten digu. Metropolitik urrunago egongo bagina, askoz argiago ulertuko genuke kontua. Antzera mintzatu zitzaidan Christian Karembeu Euskaldunon Egunkaria-rentzat eginiko elkarrizketa batean. Futbolariak esan zuenez, Euskal Herria milaka kilometrora egongo balitz, Kaledonia Berria legez, ez genuke arazorik izango kolonia garela konturatzeko. Karembeuren sorterrian urrian egingo dute erreferenduma. Eta hemen?

Kazetari daniarrak dioenez, urtero katalan independentisten portzentajea soilik %1 igoko balitz, 10-15 urteren bueltan masa kritiko esanguratsua osatuko lukete burujabetzaren aldekoek. Zer gertatuko litzateke? Espainiak bereari eutsiko balio, tentsioa areagotu egingo litzateke, baina Europak ez luke ezer egingo istilu larriak izan arte. «Bruselak ez du eskurik sartuko soilik manifestazio baketsuak eginda. Errepideak moztuta, argindarra moztuta. Halakoak, eta ez soilik 200.000 lagun Gran Vian», agertu du elkarrizketa batean.

Nola gaude Euskal Herrian? Ba al dugu masa kritikorik? Eusko Legebiltzarra gero eta abertzaleagoa da. Hala ere, planteamenduei dagokienez, gero eta moderatuagoa dela idatzi dute prentsa unionistan, eta ez dabiltza oso oker.

Beste alde batetik, Idoia Mendiak argi utzi du sozialistek ez dutela denborarik galduko identitate-eztabaidetan. Ez dute zertan. Arlo horretan geuk inbertitu behar dugu denbora. Edo galdu, trabatu eta aurrerantz egiten ez dugulako. Espainiarrek hain barneratua eta normaldua dute haien identitatea, non ez baitute pentsatu ere egiten nazionalistak direnik. Michael Billig psikologo sozial britainiarrak aipatzen duen banal nationalism delakoak elikatzen ditu. Nazionalismo ikusezin hori arnasten dute, dela Cervantes goresteko, dela Iniestak duela hamar urte sartutako gola berriz ospatzeko. Identitatea ekintza, gertakari edo ospakizun horiei lotuta eraikitzen dute egunero, ohartu gabe.

Bozen emaitzak jakin ostean euskararen inposizioa ez duela onartuko esan zuen Amaia Martínezek, Voxeko politikariak. Hitz horiek Idoia Mendiaren ahotik ere irten zitezkeen. Bai, sozialistek ez dute EITB edo Euskaltzaindia suntsitzeko proposamen probokatzailerik egiten. Abilagoak dira: badakite diskurtsoa ondo neurtzen eta moldatzen. Baina euskararen kontuan, funtsean, bat datoz faxista espainiarrekin: euskara ez da inposatu behar; euskara borondatez ikasi behar da. Espainiera, aldiz, derrigortasunean. Eta kito. Halakoxeak ditugu PSE-EEkoak eta horretan jardungo dute datozen lau urteotan, EAJren makulu gisa: euskal eraikuntza nazionala oztopatzen eta errealitate nazional espainiar ustez ez identitarioa sendotzen.

Espainiako errege-erreginek mesetaz bestaldeko koloniak bisitatu zituzten atzo. Katalunian egotekoak ziren, baina bidaia atzeratu behar izan zuten, boikot eta liskarren beldur. Bartzelonara aldez aurretik abisatu barik joango ei dira. La Vanguardia egunkariaren zuzendari ohi José Antichek hala azaldu du Elnacional.cat hedabide digitalean: duela urte batzuk esan baligute Espainiako errege-erreginak gaur Euskal Herrian Katalunian baino lasaiago ibiliko liratekeela, ez genukeen sinetsiko. Bada, sinetsi.]]>
<![CDATA[Erizain gaiztoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/012/001/2020-07-11/erizain_gaiztoak.htm Sat, 11 Jul 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1921/012/001/2020-07-11/erizain_gaiztoak.htm machito bat maskara kirurgiko fin ziztrin batekin ito? Ez dakit, bada...

Birusaren kontrako neurriei buruzko eztabaida areagotu du Ordiziako agerraldiak. Batez ere, maskararen erabilera dela eta. Arau horiek gu kontrolatu eta mendean hartzeko tresnak omen dira. Adin jakin bat dutenei zuzendutako galdera: nolakoa zen mundua duela 30 edo 40 urte? Nolakoak ziren orduko boterearen egiturak, indar-korrelazioa, giza harremanak, balizko alternatibak gauzatzeko aukerak? Nolakoa da egungo mundua?

Birusa hemen genuen Txina urrunean pangolin delako horrek motxila hartu eta tipi-tapa Donejakue bideari ekin aurretik. Askoz lehenagotik. Erraietaraino sartu ziguten eta erraietan dugu: indibidualismo egoistaren birusa, konformismo koldarraren birusa, kontsumismo itsuaren birusa. Birus horiek kolpatu eta moldatu gaituzte azken hamarkadotan. Akaso uste dugu botereak jadanik COVID-19aren beharra duela gu mendean hartzeko? Benetan?

Lan eta ekoizpen arloan ez ezik, aisialdian ere makurrarazi gaituzte. Begiratu nola gabiltzan kalean, autobusean, metroan, burua telefonotik altxatu ezinik. Eta orain koronabirusaren bidez geure erlazio eta komunikazio super sakonak suntsitu nahi dizkigute (kar, kar, kar). Zuckerberg jendarme unibertsalari geure poz eta miseriak oparitu dizkiogu, 2.500 milioi laguneko talde baten kideak izateko. Hark badaki zer joera hedatu eta mezu hori nori, nora, nola eta noiz zuzendu. Ez du polizia trajerik janzten, kamiseta xume bat baino. Trenean maskara jartzeko eskatzen digun etorkina da polizia, bera da zapaltzaile bakarra. Horixe.

Maskararik ez, Ni ez zapaldu gero! dira herritar batzuen leloak. Gipuzkoako erizainek arduraz jokatzeko eta maskara erabiltzeko esan digute aste honetan. Hara! Erizainak ere zapaltzaileak ditugu, mundua kontrolatu egin nahi dute. Zeinen gaiztoak diren. Hiru hilabetean txalo egin diegu eta begira nola ordaintzen diguten geure heroiek. Ezkutuko botere horren peoiak ziren, eta gu jakin gabe. Baina maskara erori zaie, guri maskarak janzteko eskatu digutenean.

Bai, gehiegikeria batzuk egin dira eta egiten ari dira krisiaz baliatuta, ezin ukatu. Alta, hortik mundu mailako konspirazioa dela pentsatzeraino... Konspirazioa, izatekotan, bestea izan zen, guk hain modu gozoan irentsi genuena. Orain burua altxatzen dugu, errebelde plantan. Eta duda egiten dut kasketa moduko matxinada horrek ez ote duen eskuindar libertario puntu bat, hainbeste gorrotatzen ditugun estatubatuar zuri faxista horien jarreratik oso urrun ez dagoena.

Koronabirusa. Hurrengoan, kontratu umiliagarri bat sinatzen dugunean ezer ere esatera ausartu gabe, kanporatuko gaituzten beldur; auto dirdiratsuago bat erosten laguntzeko aparteko orduak beltzean ordaintzea onartzen dugunean; protesta egin duen lankide baten alde egiten ez dugunean, arrazoi duela jakin arren; beste bat barne promozioan argi eta garbi nagusitzen zaigunean, eta isilean epaimahaira jotzen dugunean geure planak zapuztu dituen garaile zuzenaren kontrako jokaldi zikina egiteko asmoz... Hurrengoan, geure nagusiari zapataren zola miazkatzen diogunean -beste gauza bat ez esateagatik-, badakigu: COVID-19ari bota ahal diogu horren guztiaren errua.

Oso artzain onak omen gara euskaldunok. Oso ardi onak ere bai, batzuetan, baina badirudi beste artaldeetako abereak baino ez ditugula ikusten. Arazoa izan daiteke artalde batean egotea, baina bada zerbait larriagorik: artalde batean egotea -edo batean baino gehiagotan, kontuz!- eta horretaz ez konturatzea. Eta horregatik munduko pertsona jator, libre, alternatibo, apurtzaile eta iraultzaileenak garela sinestea. ]]>
<![CDATA[Sabino Lekeition]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/015/001/2020-07-04/sabino_lekeition.htm Sat, 04 Jul 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1898/015/001/2020-07-04/sabino_lekeition.htm Belar etzana izeneko kondaira. 1975eko irailean, Poliziak Iñaki Mujika Arregi Ezkerra atxilotu zuen Madrilen, ETAko beste kide batzuekin batera. Bilboko idazleak Euskal Alderdi Sozialista (EAS) sortu berriaren informazio harremanak zeramatzan Ezkerrarekin. Hori zela eta, alderdiko buruek astebeterako Iparraldera joatea aholkatu zioten, badaezpada. Horixe egin zuen Kintanak, eta Ramuntxo Kanblongen etxean hartu zuen ostatu.

Lapurdin eman zuen «astebete labur-luze hartan» hainbat lagunekin egon zen idazlea. Egun batean Donibane Lohizunera joan zen, Telesforo Monzon bisitatzera. Hurrengo egun baterako hitzordua lotu eta Ainhoan bazkaltzera gonbidatu zuen Monzonek. Jatetxean izan zuten solasaldian hainbat gairi buruz mintzatu ziren. Kintanaren arabera, etorkinen arazoak biziki kezkatzen zuen buruzagi abertzalea. Monzonen iritziz, EAJk ez zuen ordura arte lortu euskal gizarteko zati inportante hori Euskal Herriaren aldeko borrokan sartzea. ETAk, berriz, bai. Eta Jon Paredes Manot Txiki jarri zuen adibide gisa. Bere solaskideak «Bilboko PNVkoen arrazismoa» aipatu zion. Arrazismo horrek «erro luzeak» zituela esan zion, «Sabinok berak horretaz ikaragarriak idatzi baitzituen». Monzonek arrazoia eman zion Kintanari, baina batekin: «Okerrena da abertzaleok ez dakigula Sabinok esandakoak ulertzen». Eta Arana ezagutzeko aukera izan zuen lagun bati gertatutakoaren berri eman zion.

Monzonen adiskide hura Lekeitiora joan zen egun batzuk igarotzera. Sabino Arana han zegoela esan zioten lagun batzuek. Ea ezagutu nahi zuen. Baietz. Eta bertan elkartu ziren bi gizonak, orduan oso gazteak. Bere doktrinari buruz zer pentsatzen zuen galdetu zion Sabinok Monzonen lagunari. Harekin bat zetorrela esan zion besteak, euskal nazioa askatasunerantz eraman beharra zegoela. Desadostasun bakarra azaldu zion: kanpotik etorritakoak, «maketo horiek», pertsonak zirela; errespetua merezi zutela, «baztertu eta mespretxatu gabe». Orduan Sabinok bide hegaletik belar bat hartu eta mintzaideari erakutsi zion: «Ikusten duzu belar hau? Alde batera makurturik dago, okerturik. Nik zuzenki, gora begira, ipini nahi badut, beste aldera eraman beharra daukat, kontrako indarrez lehen harturiko joera txarra gal eta pixkanaka erdira etor dadin».

Arrazakeriaren aurkako mugimendua gero eta indartsuago dabil munduan zehar. Estatuak eta oroitarriak daude jomugan. Zer gertatuko litzateke joera hori gurera iritsiko balitz? Asteartean bota zuen lehen harria Jaime Ignacio del Burgok, Diario de Navarra egunkarian. Haren ustez, behin horretan hasiz gero, Sabino Aranaren figura ez litzateke salbatu behar: «Gogora etorri zait Sabino Aranaren estatuak gehitu behar liratekeela suntsitu beharrekoen zerrenda horretan, arrazista eta matxista baitzen; haren estatuak nonahi daude Euskal Herrian, eta hari omen egiten dio etengabe EAJren Sabino Arana Fundazioak».

Sabino Arana arrazista eta matxista izan zela bota zuen Del Burgok eta, hala ere, alde guztietatik omentzen dutela. Aranaren kontrako kanpaina bultzatzeko gogoa antzematen zaio Iruñeko espainiarrari —eta estatus berria zehazteko aditu taldean dugu gizona, ene, ene!—. Tira, ni ez nau kezkatzen Del Burgo jaun txit demokrata, aurrerakoi eta feministak hori esateak. Beste kontu batek ematen dit zer pentsatua: nola erreakzionatu beharko genuke euskaldunok norbaitek, Del Burgoren hitzei jarraituz, Sabino Aranaren omenezko estatua baten aurka egingo balu? Prest gaude Sabino Aranaren pentsamendua modu kritikoan defendatzeko, denborak ematen duen ikuspuntutik? Zenbateraino eta zer kontraesanekin?

Belar etzana testua Nazioarteko ipuinak deritzon liburuan dago. 1980an kaleratu zuen Hordago argitaletxeak. Koldo Mitxelena liburutegian ale bat dute. Bigarren orrian, Xabier Kintanak berak idatzitako eskaintza dugu, haren eskuz sinatuta: Koldo Mitxelenari adiskidetasunez. Donostian, 1980-V-30.]]>
<![CDATA[Gogorik ez gaur arratsean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/014/001/2020-06-27/gogorik_ez_gaur_arratsean.htm Sat, 27 Jun 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1921/014/001/2020-06-27/gogorik_ez_gaur_arratsean.htm Pas envie ce soir: le consentement dans le couple —Gogorik ez gaur arratsean: onespena bikotean— liburuan. Batez ere, bikote heterosexualenak.

Ikerlaria France Inter irratian mintzatu da kaleratu berri duen lanari buruz. Hark adierazi duenez, oraindik badago tabu bat bikotean. Tabu hori desira da. Haren ustez, Me Too mugimendua ez da ohera iritsi. Kalean arrakasta izan du, baina logelan betiko arauek agintzen dute oraindik: andre askok gogorik gabe izaten dituzte sexu harremanak. Erlazio intimoetan tabu bat dago desirarik eza azaldu, ulertu eta onesteko garaian. Soziologoak elkarrizketatutako hainbat emaztek aitortu dutenez, sexu-gogorik izan ez arren gizonari bere lana egiten uzten diote, hura ez frustratzeko. Ezkontzako eginbidea barneratu dute. Ez dira zama horretatik askatu. Haien jokaerak aspaldiko esaldia gogorarazten du: «Masturba zaitez nire izterren artean eta lehenbailehen bukatu, mesedez».

Kaufmannen arabera, kontraesan batean bizi gara. Gaur egun inoiz baino libreago hitz egiten dugu sexuari buruz. Hamaika liburu, bideo eta tutorial ditugu eskura. Horiei esker, hainbat teknika ikasi ei ditugu. Kleopatra felazioen erregina eta Rasputin zakil fina amateurrak dira gure ondoan. Baina bada kontu bat, deskodetzen ikasi ez duguna: desira.

Izan ere, adituak jakinarazi duenez, emakumearen sexu-onespena eremu gris bateko alderik grisena da. Ezezkorik ez agertzeak, «ez» ez esateak, ez du nahitaez «bai» esan nahi. Gizonak baiezkoa dela pentsa dezake, baina emakumeen aldetik ez da horrela. Kaufmannen ikerketan agertu denez, erlazio sexualak andrazkoaren desirarik gabe izaten dira sarri. Indarkeria, bortxarik gabekoak dira, baina emazteak ez du sexu jardun hori nahi. «Gaur ez dut gogorik», esaten du batzuetan, baina ez beti. Orduan, makurtu egiten da, senarraren nahiari men egiteko. Semaforo berdea ematen dio gizonari. Eta ezkontzako eginbidearen itzalak logela argitzen du berriro ere. Onespenari dagokionez, Erdi Aroko arauek agintzen dute gure XXI. mende moderno hipersexualizatuan.

Liburuan azaltzen denez, emakumeek ez dute desirarik ezaren berri eman nahi, bikotea hautsiko ote duten beldur. Bestalde, andreak desirarik ez izatea maitasuna bukatu izanaren seinaletzat jotzen dute gizonek. Inkomunikazio itzela. Esperientzia horretan «sufrimendu sexualaren mugagabetasuna» sumatu du Kaufmannek. Hala ere, bikote asko «drama horrekin» bizitzera ohitzen dira. Sexua tristea bada ere, senar-emazteek aurrera segitzen dute erlazioan. Sexuarekin edo sexurik gabe. Plazerarekin edo plazerik gabe. Izan ere, Kaufmannen esanetan, bikotearen barruan egotearen plazera plazer sexuala bera baino plazer handiagoa da: «Sexualitatea pastelaren gaineko gerezia da». Gerezia gozoa da, baina segituan amaitzen da. Pastela, ez.

Maitasun erotikoa desirari lotua da. «Maite zaitut, baina ez zaitut desiratzen». «Desiratzen zaitut, baina ez zaitut maite». Zein da esaldirik mingarriena? Bada okerragorik: «Ez zaitut maite eta ez zaitut desiratzen». 40 urte izango ez zituen emakume ezkondu baten kasua ezagutu nuen behin, horren adibidea. Lantokiko bulegoko mahaian bi argazki jarriak zituen. Eskuineko koadroan, seme-alabak zeuden, bi ume txiki irribarretsu. Ezkerrekoan, gizon eder bat —guapo-a, esango genuke euskaldun modernook—. Halarik ere, ez dut uste haien aita zenik. Haurrak inoiz bulegora joan balira, ez zuten jakingo gizona nor zen. Eta ez zuten ulertuko zer egiten zuen koadro horretan, haien argazkiaren ondoan. Urte batzuk geroago, bai: ezagutu egingo zuten. Eta, agian, aise ulertuko zuten haien amak zer sentitzen zuen goizero Hollywoodeko aktore ezagun haren begirada seduzitzaileak bere desira laztantzen zuenean.]]>
<![CDATA['Bon dia']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/016/001/2020-06-20/bon_dia.htm Sat, 20 Jun 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1921/016/001/2020-06-20/bon_dia.htm
Fikzio horretan zer gertatuko litzatekeen argitu digu errealitateak, asteon. Bai. Izan ere, Kataluniako eta Balear Uharteetako gobernuekin «esparru linguistiko bereko» hizkuntzaren bidez erlazionatzeko eskubidea ukatu dio Espainiako Auzitegi Gorenak Valentziari.

Auzitegiak baliogabetu egin du Valentziako Generalitateak 2017an onartutako dekretuaren arau bat. Halaxe azaldu du El Pais egunkariak: «Arau horietako batek zera dio: 'Valentziako Erkidegotik kanporako direnean, jakinarazpenak eta komunikazioak valentzieraz eta gaztelaniaz idatziko dira, non eta autonomia erkidego horiek ez diren valentzieraren eremu linguistiko berekoak, eta, hala izanez gero, soilik hizkuntza horretan idatziko dira. Gaztelaniaz ere idatziko dira interesdunak hala eskatzen duenean'. Letra etzanez dago ezabaturiko zehaztapena».

Erabakia katalanaren batasunaren kontra ez doala argudiatu dute Madrilen. Autonomien eskumenak noraino heltzen diren ebatzi dute, besterik ez. Kontua argi dago, baina. Berdin dio zure berezko hizkuntza -euskara edo, kasu honetan, katalana- beste lurralde batzuetan ere mintzatzen bada. Azken hitza Espainiak du. Zu ez zara inor horiekin euskara hutsez komunikatzeko. Hamaika bide egongo dira inposizio hori saihesteko, baina debekua hor dugu. Egunen batean, euskaltzaletasun-mozkorraldi baten ondorioz, Gasteizek eta Iruñeak elkarrekin euskara hutsez komunikatzea erabakiko balute, badakigu zer etorriko litzatekeen. Baina hori oso urrun dago, hainbat arrazoi direla medio. Adibidez: euskarak ez du erabateko ofizialtasunik Nafarroan. Eta abar... Gainera, ofizialtasunak ez ditu ezagutza eta erabilera bermatzen. Euskal Herrian ez, behintzat. Ez duzu Nafarroara joan behar: zer hizkuntzatan hitz egiten dute Jaurlaritzaren gobernu kontseiluan? Zenbat aurikular ikusi dituzue saio horietan? «Egun on», bai -buenos dias batek oso kastillanoa ematen du-, baina gero...

Badakigu zer partida jokatzen ari garen. Eta non. Sonia Perez sailburuak ondo baino hobeto kokatu du egunotan EAEren esparru naturala zein den «las comunidades autonomas de la España verde» aipatu dituenean. Jakin nahi nuke, EAEn Valentziakoa bezalako araudi bat onartuz gero, nola erreakzionatuko luketen Revillak eta bestek hemengo agiriak euskaraz eta erdaraz, ordena horretan, bidaliko balizkiete, nahiz haiek erdara hutsez igortzen dizkiguten.

Espainia berdea, bai. Bardeak ez dira berdeak. Hendaiak kolore horri eutsiko lioke, baina Kantabriak eta Asturiasek protesta egingo lukete, «Frantzia» delako. Oso logikoa. Ahots horiek Jaurlaritzaren barruan ere adituko genituzke. Horixe da kezkagarriena.

Auzitegi Gorenaren erabakiaren biharamunean bon dia zioen mezu bat bidali zien Valentziako Gobernuko Hezkuntza sailak Balear Uharteetako Hezkuntza sailari eta Kataluniako Generalitateko Kultura sailari, konplizitate keinu bat eginez. Agur berdina jaso zuen bueltan. Compromis-eko komunikazio arloko kide Ricard Chulia Peris-ek «Bon dia i puta Espanya!» txiokatu zuen. Eta norbaitek gogoratu zituen Josep Plak bere herriaren mugak zehazteko esan omen zituen hitzak: «El meu pais es aquell on, quan dic 'bon dia', em responen: 'Si, sembla que fa bon dia'». Zer dugu Euskal Herria: «Egun on» esan, eta «bai, badirudi egun ona dugula» erantzuten diguten herria ala «si, parece que hace buen dia» esaten digutena?]]>
<![CDATA['Veranea en Euzkadi']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/015/001/2020-06-13/veranea_en_euzkadi.htm Sat, 13 Jun 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1921/015/001/2020-06-13/veranea_en_euzkadi.htm Veranea en Euzkadi. Itxura guztiaren arabera, EAJko gazteriak bultzatu zuen kanpaina. Uda hemen igarotzeko eskatzen zuten EGIko kideek.

Veranea en Euzkadi. Ez nion itxura onik hartu The Basque Route hari. Batetik, oporretan nora joan neuk erabakitzen dudalako, neure poltsikoaren eta gustuen arabera. Gure Euskal Herri maiteak astebeteko eguzkialdia bermatzen ez duenez, leku beroagoak gurago ditut. Bestetik, egitxu haien aitatxo eta amatxo ez gutxik bigarren etxebizitza zutelako Espainian. Edo etxerik izan ez arren, hara joaten zirelako. Kantabriara, esaterako.

Kantabriak bizkaitarrak erakartzen ditu. Batez ere, bihotz (bilbotar) autonomista eta mingain erdalduna dituztenak -ez dut esango salbuespenik ez dagoenik, baina Bizkaiko soziologiak ondo ezagutzen dituenak badaki zertaz ari naizen-. Castrok, Laredok, Nojak eta bestek milaka eta milaka euskal herritar hartzen dituzte udan. Besoak zabalik, eta poltsikoak are zabalago. Herri horiek ez dira Euskadi, baina delathleticpues-tar askok Euskadi bihurtzen dituzte, haien poztasun folkloriko-kiroleroa lagun.

Kantabriara joateko arrazoi nagusia hurbiltasun geografikoa dugu. Alta, hurbiltasun emozionala eta linguistikoa ere badaude -nire ustez, udatiar basko ugari erosoago daude Kantabrian Lekeitio, Ondarroa edo Gipuzkoako kostaldeko herri batean baino. Han behintzat dena ulertzen dute-. Eta arrazoi ekonomikoak. Normalean, merkeago aterako zaio bilbotar bati bigarren etxebizitza bat Nojan, Bakion edo Zarautzen baino. Patrikak gutxiago sufritzen du Kantabrian. Bost kilometroko aldea dago Bilbo-Noja eta Bilbo-Zarautz ibilbideen artean. Hala ere, udan familia bigarren etxebizitzan baduzu eta zuk Bilbon segitzen baduzu lanean, ezetz asmatu norainoko bidaia aterako zaizun askoz garestiago egunero?

Kasu honetan argi dago: AP-8 autobideak elkarrengandik urruntzen gaitu euskaldunok. Beste adibide bat: duela lau urte Bilboko lagun bat eta bere andrea Donostiara joateko ziren Silvio Rodriguezen kontzertu batera. Sarrerak agortuta zeudela eta, Gijon hiriko kantaldia izan zuten azken aukera. Eta haraino joan ziren. Bidaia merkeago atera zitzaien: Bilbo-Donostia. Joan-etorria: 200 kilometro; autobidea: 23,10 euro; erregaia: 12 euro. Guztira: 35,10 euro. Bilbo-Gijon. Joan-etorria: 530 kilometro; autobidea: doan; erregaia: 31,80. Guztira: 31,80 euro. Gijonerako bidaia Donostiarakoa baino 3,30 euro merkeagoa zen.

Kantabria hurbil eta eskura. Kontxara ez, baina Sardinerora bai, modu onean joan zaitezke Bilbotik. Koronabirusak hankaz gora jarri du egoera, baina. Revilla oraindik ez dago prest bidea irekitzeko. Haatik, laster konponduko dute arazoa.

EAEren eta Nafarroaren arteko komunikazioa ere noizbait normalduko da berriro. Hala ere, ez dirudi horrek Kantabriakoa irekitzeak adinako presa duenik. Bai, Nafarroarekin «relaciones de hermandad» daude, baina, antza denez, Gasteizek garrantzi handiagoa ematen dio mendebaldeko mugari. Ezaguna da esaldia: Bizkaia batzoki bat da -Ezkerraldea ere bai; zer egin (ez) duzu, ezker abertzale horrek?-. Eta Bizkai jakin batek Kantabria maite du. Urkulluk ezinbestean hautatu beharko balu uda osoan zer eduki itxirik, Kantabriako muga ala Nafarroarako bideak, ez nuke esango Nafarroaren alde egingo lukeenik. Hego Euskal Herria zatituta, baina Bizkaia eta Kantabria lotuta. Eraikuntza nazionala versus eraikin bakazionala. Que bonito es Castro, mas son las castreñas…

Ostegun Santuan konfinamendua hautsi, eta Kantabriara abiatu zen neska bizkaitar bat, bigarren etxebizitzan zubia igarotzeko. Guardia Zibilaren kontrol batekin egin zuen topo bidean. Aurrean zeuden hainbat gidari Bizkaira itzularazi zituzten musker berdeek, baina hura ez zuten gelditu ere egin. «Autoan bakarrik doan ilehori irribarretsu batek guardia zibilak desarmatzen ditu», esan zidan.]]>
<![CDATA[Aguirre eta Inchausti]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/021/001/2020-06-06/aguirre_eta_inchausti.htm Sat, 06 Jun 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1921/021/001/2020-06-06/aguirre_eta_inchausti.htm Afectados por la inmersión lingüistica. Halaxe deskribatu ditu Juntak.

Katalunian «Andaluziako hizkuntza modalitatea ezagutzea eta erabiltzea» da Juntaren xedea, «hizketa desberdinetan». Hara! Tokian tokiko hizkerak ere indartu nahi dituzte: mendebaldeko andaluziera, ekialdeko andaluziera... Katalunia plazan ceceo-a, seseo-a eta jejeo-a ozen aditzea da kontua. Arbaso andaluziarrak dituzten alemaniarrak ere babestuko ditu Juntak? Tristeena da neurri hori bultzatu duen alderdian Andaluziako herritar pobreak sorterritik alde egitera bultzatu zituzten jauntxoen ondorengoak daudela.

Andaluzian geure hizkuntzak babesteko neurriak eskatzen hasi beharko dugu euskaldunok, katalanek eta galiziarrek, bertan bizi diren herrikideen seme-alaba, biloba edo birlobak gogoan? Astero hautazko ordubeteko eskolak, besterik ez. Ez dugu esan Espainia anitza dela? Duela gutxi, Andaluziako neska bat azaldu zen telebistan, Españoles en el mundo programan. Katalana ikasten ari da Erlangen hiriko unibertsitatean (Alemania). «Harritu egin naiz hemen, Sevillako unibertsitatean ez baitago katalana ikasteko aukerarik. Eta Alemanian, bai».

Euskal Herritik ere joan zen jendea Kataluniara, frankismoan. Ez ziren edonolako etorkinak. Ikasketak izanik, lanpostu onetan jardun zuten. Haiek ere gaztelera eraman zuten Kataluniara, baina katalan askok ez zituzten xarnego-tzat jotzen. Gainera, oso gutxi ziren. Xarnego-ak Espainia hegoaldekoak ziren. Pobreak. Eta espainiartasuna bete-betean bizi zutenak.

Katalanen eta euskaldunen artean bazegoen enpatia, arrazoi politiko eta kulturalengatik. Hala ere, ez pentsa bertara joandako euskal herritar guztiak lehen edo bigarren belaunaldian integratu zirenik. Ez. Horietako batzuek kolono moduan jardun zuten, argi eta garbi esanda. Haien bilobak eskolari esker hasi ziren katalanez mintzatzen.

50 urteren bueltan dabiltzan bi lagunen kasuak ezagutzen ditut. Aguirreren aita gipuzkoarra zen. Euskalduna. Ama, katalana. Aguirre Katalunian jaio zen. Ez daki euskaraz. Katalanez, bai. Intxausti jaunari lanpostu ederra eskaini zioten multinazional batean. Semeak ez daki ez euskaraz, ez katalanez. Katalanez ulertzen du, baina inoiz ez du egin nahi izan. Orain ez dakit, baina lehen esan liteke katalanen argi berdea zuela. Inchausti abizenak plus bat ematen zion. Bulda berezia zuen. Vargas izan balitz, ez. Zeinen erraza zen Katalunian itxurazko euskalduna izatea.

Hori guztia etorri zait gogora aste honetan, euskal jatorriko kirolari katalan bati telebistan egin dioten elkarrizketa ikusi ondoren. Haren gurasoak Kataluniara joan ziren, eta bera han jaio zen. Hamasei euskal abizen dituela esan zuen kazetariak. Hamazazpigarrena ez? Pena! Ez nago seguru euskaraz ba ote dakien —ezetz esango nuke— edo katalanez —baietz esango nuke—. Kontua da ez dakidala zergatik atera zuen hamasei abizenen kontua. Are gutxiago zergatik hedatu zuen kazetariak hori. Edo bai, baina susmo hutsak dira.

Tira, halakoak gara euskaldunok. Alde etnikoa ateratzen zaigu erlaxatzen garenean. A mí, Sabino, que los arrollo. Ekintza erreflexua dela esango nuke —Patxi Ruiz presoaren deiturak direla eta idatzitako zenbait irain ere horren adibide ditugu—. Ordea, badirudi hizkuntzak ez duela hainbesteko garrantzia. Are gutxiago 32 edo 64 euskal abizen dituzten zenbait erdaldunen artean. Hemen hizkuntza-arazo bat dago, baina euskaldunok ez dugu hizkuntza-arazorik sortuko. Lasai egon daiteke Andaluziako Junta. Inoiz ez du Euskal Herrira etorri beharko arbaso andaluziarrak ditugun euskaldunok erreskatatzera. Eta deskuiduan señorito horiek halakorik egiten badute, hau esango diet, argi eta garbi: sar itzazue zeuen laguntza guztiak aipatuko ez dudan leku batean. Barru-barruan. Hortxe, bai.]]>
<![CDATA['Mandla' eta Maphotho]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2020/014/001/2020-05-30/mandla_eta_maphotho.htm Sat, 30 May 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/2020/014/001/2020-05-30/mandla_eta_maphotho.htm Mandla, ANC Afrikako Kongresu Nazionala alderdiko kidea. Nelson Mandela zuen aitona.

Nelson Mandelak sortutako MK (Umkhonto we Sizwe, Nazioaren Lantza) erakunde armatuak bonbak jarri eta herritar zibil errugabeak hil zituen, nahi gabe. Mandelak aurrera begiratu beharra nabarmendu zuen espetxetik irten ostean, baina inoiz ez zen iraganaz damutu. Hala ere, Zwelivelile Mandela, Mandla-ri inork ez dio esan Legebiltzarrean «terrorista baten biloba» denik. Ez dut uste Cayetana Alvarez de Toledok halakorik esango liokeenik. Euskal Herrian hiltzea txarto egon zen matrakarekin dabiltzan abadekiak ere ez lirateke hori egitera ausartuko. Nahiz Mandelak zibilak hiltzea «istripua» izan zela esan zuen, «gerraren prezio altua». «Borroka armatuari ekin izanaren ondorio saihetsezina». Mandelak zibilen heriotzak deitoratu zituen, baina errepresioa bultzatu zutenak hil izana, ez. «Zenbaitetan, suari suaren bidez baizik ezin diozu erantzun», azaldu zuen bere liburu autobiografikoan.

Pablo Iglesiasi «terrorista baten semea» izatea egotzi dio Alvarez de Toledok. FRAP Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Abertzalea erakunde armatu espainiarraren mezuak hedatzen zituzten eskuorriak banatzeagatik atxilotu zuten Francisco Javier Iglesias, 1973an. Iglesiasek ez zuen armarik; diktaduraren kontra ari zen, baina horrek berdin dio markesari: terrorista zen. Pablo Iglesias aita defendatzen hasi da, bistan dena. Gizona ez zen terrorista. Eta hortik dator Hegoafrikaren eta Espainiaren arteko diferentzia: han freedom fighter-ek edo askatasunaren aldeko borrokalariek irabazi zuten. Espainian berenari eutsi zioten frankistek. Francisco Javier Iglesias eta harekin batera borrokatu zirenak heroiak izango lirateke Hegoafrikan. Espainian haien senideek nahikoa dute terroristak ez zirela esatearekin, ia-ia lotsatuta. Hiltzea txarto egon zen leloarekin hasten zara eta, azkenean, barra librea: armarik ezin da hartu, ez demokrazian ez diktaduran. Neuk esaten dudalako.

Espainian Franco hil zen, baina frankismoa, ez. Estatuaren aparatuak bere horretan segitu zuen. Bestela ezin uler liteke Guardia Zibilaren inpunitatea tortura kasuetan, esaterako. Presoen egoera ere aipatu behar da. Hegoafrikan eta Ipar Irlandan preso politikoek ez zuten luzaz segitu barruan, armak utzi eta gero. Espainian ez. Espainian gure kontsolamendu bakarra PSOEk gobernatzen segitzea da, presoak Logroñoraino hurbil ditzaten, bozak besteek irabaziz gero, Perejilera bidaliko dituzte eta.

Horregatik, presoak gora eta presoak behera segitzen dugu oraindik. Eta horrek giro politikoa gaiztotzen du. Batzokietan pintaketak egin izana gaitzesteko eskatu dio EAJk EH Bilduri. Ekintza horiekin nolabait bat egiten dutenak uztailaren 12ko hauteskunde mahaietan egon litezkeela ere iradoki du baten batek. Duda egiten dut, Bilboko herriko taberna batean ere pintaketak egin dituztela jakinda. Baina kontu honetan ez dut zalantzarik: sakabanaketa eta urruntzea bultzatu zituzten alderdi nagusien ordezkariak uztailaren 12ko hauteslekuetan egongo dira. Mahai guzti-guztietan.

2019ko uztailaren 21ean ehunka lagun elkartu ziren, estatuburua bertan zela, Hegoafrikako Limpopo probintzian, Polokwane-ko hilerrian, Isaac Lesiba Maphotho-ri azken agurra emateko. Mandelak sortutako erakunde armatuaren komandantea izan zen Maphotho. 88 urteko beteranoa Heroien Akrean ehortzi zuten. Maphotho heroia da Hegoafrikako demokrazian, bere erakundeak abiarazitako borroka armatuak hainbat lagun hil zituen arren. Erregimen felipistan, aldiz, terrorista deitzen diote diktaduran eskupaperak banatzen zituen gizon bati, eta ez da ezer gertatzen. Hiltzea txarto egon zen. Bai, jauna, bai. Eta ez hiltzea ere bai, antza.]]>
<![CDATA[Loreak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/017/001/2020-05-23/loreak.htm Sat, 23 May 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1921/017/001/2020-05-23/loreak.htm
Pasadizo horretaz gogoratu naiz, Catorze.cat kultura webgunean Marta Pallares katalanaren testua irakurri ondoren. No arribo a tot -Ez naiz guztira heltzen- titulua du lanak. Pallaresek idatzi duenez, oso gustukoak ditu liliak. Loradenda bat ikusten duenean, landareen izenak ikasten saiatzen da. Hala ere, loreak lantzeari utzi dio: «Garai batean, geranioak erosi eta erosi ibiltzen ginen etxean, eta lili mota horren serie hiltzaile bihurtu ginen».

Izan ere, ondoko etxebizitzako andre zahar gozoa hala mintzatu zitzaion Pallaresi igande goiz batean, balkoitik: «Ez zaitez kezkatu landareak hazteaz; orain umeak hazi behar dituzu. Landareak hazteko garaia iritsiko zaizu». Ordura arte Ez naiz guztira heltzen leloaren esklabo bizi zen ama gaztea, baina bizilagunaren aholkuak ikuspuntua aldarazi zion. Bizitza beste era batera hartzen ikasi zuen. Koronabirusak eraginiko berrogeialdian areago barneratu du pentsamolde hori.

Krisiak hausnartzeko aukera eskaini (omen) digu, baina aprobetxatu egin dugu? Ondo zehaztu dugu zeintzuk diren gure loreak, gure lehentasunak? Humanoagoak bihurtu gara? Hobeto komunikatzen ikasi dugu? Beste galdera bat, horren harira: hain ondo komunikatuta geunden lehen, bada?

Normaltasun berrira itzuliko garela esaten ari zaizkigu. Tranpa semantikoa. Normaltasunera ezin gara itzuli, normaltasun hori berria bada. Hobe genuke normaltasun berria sortuko bagenu, baina ez dirudi hala izango denik. Ez, lagunok. Ez naiz guztira heltzen eta Ez dut guztira heldu nahi. Zein lelo nagusituko da normaltasun berri faltsu horretan?

Lehengo normaltasunera itzuliko gara. Funtsean, normaltasun zaharrera, baina lehen baino okerrago egoteko, itxura batean: pobrezia handiago, askatasun txikiago eta eskubide gutxiagorekin. Hara zer kalapita izan den Espainian Gobernuak eta EH Bilduk lan erreforma bertan behera uzteko lotutako akordioagatik. Hara zer esan duen Frantzian Philippe Gosselin-ek, Errepublikanoak alderdiko diputatuak, Liberation egunkarian: «Krisiak beste begirada bat izatera behartuko gaitu, baina horrek ez nau komunista bihurtuko». «No pasaran», esaten dugu. Eta hor geratzen gara, izan zitekeenaren nostalgian mozkorturik. Eta ia beti pasatzen dira. Garaipen bakanekin konformatu egin behar, lorpen txiki horiek bihar, etzi edo lau orduren buruan berriro kenduko dizkiguten beldur.

Beste alde batetik, arlo pertsonalean oso panorama beltza iragarri du Byung-Chul Han filosofo korearrak: «Bizirik irautea helburu absolutua izango da. Gure ahalegin guztiak bizitza luzatzera bideratuko dira. Eta biziraupen-gizarte batean bizitza onaren zentzu osoa galtzen da. Plazera sakrifikatu egingo dugu norberaren osasunaren aldeko helburu gorenaren mesedetan». Hala izango bada, mereziko ote du?

Nik ere badakit zer den geranio-hiltzaile, serial killer bat izatea. Etxeko egongelan landare handi eder bat jarri genuen. Ez zuen mimo askorik behar: tarteka eguzkitara atera; tarteka arrosatu. Hortxe ihartu zen. Gure erlazioaren bilakaeraren metafora botanikoa izan zela pentsatu dut, tarteka.

Geroztik ez dut lorerik izan -balkoian, uler ezazue-. Loreak maite ditut, baina lorezaintza, ez. Horrek ez dit batere arazorik sortzen. Parke edo etxe batean loreak ikusten ditudanean, paisaia koloretsuaz gozatzen naiz. Eta neure artean eskerrak ematen dizkiot landare horiek, nire begiak eta gogoa pizten dituztenak, hain modu ederrean landu eta hazten dituen lorezain trebeari. Itsasoa ere maite dut eta harengana joaten naiz kresalaren kantak deitzen didanean. Eta nire alde femeninoa landu nahi dudanean, (hala moduzko) bertso bat idazten dut. Tarteka.]]>
<![CDATA[Aurrera 'bolie']]> https://www.berria.eus/paperekoa/2020/015/001/2020-05-16/aurrera_bolie.htm Sat, 16 May 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/2020/015/001/2020-05-16/aurrera_bolie.htm
Futbolaren nonahikotasun menderatzailea salatu dute Alemaniako zenbait hedabidek. Futbolak negozio eta dirutza handiak mugitzen ditu, ez soilik zaletuak. Hortik haren eragina. Alemania kirol herria zela esan dute. Orain, ordea, futbol herria besterik ez da. Futbola jaun eta jabe dugu. Beste kirolak hiltzen ari da. Alemanian eta Euskal Herrian ez da umerik izango, futbol talde baten zalea ez denik. Susmagarria izango litzateke. Futbola barik pianoa jotzea gogokoa balu, analisiak egingo lizkiokete Mozart txikiari, hormonak ondo dituen edo ez jakiteko.

Tageszeitung egunkariak zorrotz kritikatu du Bundesligaren hasiera. Zergatik utzi bazterrean saskibaloia, eskubaloia eta antzeko kirolak? Non daude beste kirolariak? Non haien lobbyak? «Etsi eta onartu egin dute futbolaren elite moralki ez hain abangoardista batek duen lehentasunezko tratua?», galdetu du hedabideak. Baztertutako kiroletako ia inork ez du ahotsa altxatu. Ez zaletu, ez amateur, ez profesionalek. Eliteko kirolariek ere ez. Egunkariak adierazi duenez, bada garaia beste kirol horietan jarduten dutenek beren eskubideak aldarrikatzeko. Baina Alemanian isildu egin dira. Gurean berdin egingo dute futbola hasten denean?

Gizonezkoen futbola, noski. Saskibaloia ere hor dago, airean, baina hori ere soilik gizonen arloan. Emakumezkoen kirola desagertu egin da hemen. Ligak bertan behera utzi dituzte. Ez dira profesionalak. Ez dute produzitzen. Koronabirusak andrazkoak sakrifikatu ditu lehenik, krisi garaietan gizonezkoak duelako lehentasuna. Emakumeak beren rol tradizionaletara itzul daitezela. «Etxera joan zaitezte aitona-amonak zaintzera. Etorriko dira sasoi hobeak», xuxurlatu die birusak, goxo.

Ondo gogoan dut Euskal Telebistan ari nintzen garaietan Radio Euskadira deitzeko agindu zidatela, saskibaloi partida baten emaitzaz galdetzeko. Hango kazetariak, pope horietako batek, nire adinaz galdetu, eta ahots zeremoniatsuz esan zidan: «Saskibaloiari buruz galdetzeko deitu didazu? Gogoratzen zara umea zinenean nork jokatzen zuen saskibaloian?». «Neskek», erantzun nion. «Horixe. Neskek, pololoak jantzita». Kazetari horrentzat ia iraingarria zen berari saskibaloiari buruz galdetzea. Gizona naiz; niri futbolaz galdetu. Utzi saskibaloia neskato bigun negartientzat.

Futbola eta matxismoa. Futbola eta politika. Futbola eta erlijioa. Futbola ez dela politizatu behar esaten dute futbola erlijio bihurtu dutenek. Nik neuk politikaren eremuan gurago dut futbola. Batez ere, politika egiteko modua izan daitekeelako politika egiten uzten ez diguten eremuan. Euskal talde bat -edo bi- Espainiako Kopako finalean? Bada, aukeran, nahiago nuke nire taldeak galdu baina kolonialisten estatuburua belarriko eta buruko minaz itzuliko balitz etxera, txistuen harrabotsak jota, nire taldeak irabazi, eta euskaldun guztiok 155. artikuluaren satrapari txorimalo moduan txalo egiten ikustea baino. Politizatzen ari naizela esango dute batzuek. Horixe! Haiek bezalaxe, baina jokaera eta arrazoi guztiz desberdinak lagun.

Futbola politizatzen dugunean disidentziarako tarte bat uzten dugu oraindik. Erlijio bihurtzen dugunean beste kontu bat da. Orduan, geure jainkoaren aurrean -geure taldea- makurtzen gara. Jainko horrek batzen gaitu gu guztiok. Alemanian eta hemen. Berdin dio fededuna, agnostikoa edo ateoa bazara. Eskuindarra edo ezkertiarra; unionista itsua, autonomista edo independentista. Horrexegatik hasiko da, berriro ere, futbola. Aurrera bolie.]]>
<![CDATA['Absurdistan' eta 'Bildotsistan']]> https://www.berria.eus/paperekoa/2020/017/001/2020-05-09/absurdistan_eta_bildotsistan.htm Sat, 09 May 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/2020/017/001/2020-05-09/absurdistan_eta_bildotsistan.htm livestream bidez, nazien porrotaren 75. urteurrena ospatzeko. Alemaniako abeslari mitiko, ezagunenetako bat da Konstantin Wecker. Duela 72 urte Munichen jaioa, gazterik piztu zitzaion kontzientzia antifaxista, Junge Welt egunkariari jakinarazi dionez. Koronabirusaren krisian dagoen arriskua nabarmendu du Weckerrek elkarrizketan: herritarrek baldintzarik gabeko obedientzia barneratzea. Jokaera horrek autoritarismorantz eramango gintuzke.

Autoritarismoa eta otzantasuna. Duela bi aste, Espainiako hiri batean, poliziengana joan zen ama gazte bat, ume txikia eskutik helduta. «Errege Mago berriak zarete haientzat», esan zien agur moduan. Zenbait lekutan, haurrei zorion-kantak abesteko eskatu diete gurasoek poliziei, umeen urtebetetzean. Lehen, harriak botatzen genizkien poliziei. Orain, txalo egiten diegu.

Euskal Herrian Errege Magoak ala Olentzero eta Mari Domingi ditugu ertzainak? Otzantasuna Espainiako herritarrena dela pentsatzen dugu, sarritan. Zenbait espainiarren ustez, aldiz, geu gara akritikoak. Bildotsak. EAEn hauteskundeak egiteko asmoa dela eta, hitz hauek irakurri ditut Madrilgo egunkari batean: «Soilik oso gizarte soraio batek onar dezake bozak alarma egoeratik irten eta hamabost egunera egitea, mugimenduak mugatuta, hedabideak kontrolatuta, oposizioa isilduta eta eztabaida publikoa desagertuta». Iritzi-emaile horren arabera, kanpaina laburragoa izango da, mitinik gabe. Eta abstentzioa handia izan liteke, kutsatzearen beldurrak astinduta. Haren iritziz, mendean hartutako gizarte batek baino ez luke halako baldintzetan bozkatuko: euskal gizarteak. Una sociedad profundamente aborregada.

Euskal Herria ez da Bildotsistan, baina ezin uka presa handia dagoela bozak egiteko. Handiegia. Batzuengatik balitz, datorren astean bertan joango ginateke bozkatzera. Alarma egoeran hauteskundeak «ezin hobeto» egiteko modua egongo litzatekeela eman du aditzera Josu Erkorekak. Ezin joan zure autoan ondoko probintziara, baina hauteskunde-mahai batean 12-15 orduan ezezagunez inguratuta egoteko arazorik ez. Absurdoa. Herritar batek uko egingo balio mahaian egoteko aginduari, kutsatzearen beldur delako edo 4-5 hilabeteren ostean izuak jota dagoelako, zigortu egingo lukete?

Suspertzea da inportanteena. Ekonomia eta hazkundea. Lana galdu duten herritarrak trebatzeko egitasmo bat iragarri du Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak. Horrela, beste lan eremu batean jardungo dute. Zahar-etxeetan, bertako beharginen lan baldintzak eta adinekoen egoera hobetzeko? Nork jakin. Bitartean, egoitza horietan hildakoen datuak betiko moduan ematen segituko dugu, hilean behin edo. Beste leku batzuetan egun batzuen buruan ematen dituzte krisi larri honetan, baina hau Bizkaia da. Egun on, Bizkaia, y al que no le guste, que se vaya.

Bozak eginez gero, agerikoa da kanpaina ez dela normala izango. Birusak bahitu egingo du. Zer lelo, zer mezu hedatuko dute? Erregionalistek, autonomistek eta ez-dakit-noiz-derecho-a-decidiristek abenturarako momentua ez dela argudiatuko dute. Pandemiaren ondorioz, batasunaren aldeko aldarriak ugaldu dira Irlandan. Hego Tirolen Italiatik bereizteko mezua zabaltzen ari dela azaldu du Frankfurter Allgemeine Zeitung-ek. Kanaria uharteetan, Gomerako Kabildoko buru Casimiro Curbelo halaxe mintzatu zen El Día egunkarian, apirilaren 13an: «Estatuak erantzuten ez badu, independentzia lortu beharko dugu». Gure kexa bakarra «zentralizazioa» izan da. Birusa unionista dugu Euskal Herrian?

Konstantin Weckerrek Absurdistan kanta sortu zuen 2011. urtean. Abestia gaurko kontzertuan joko du. Testuak kapitalismoa kritikatzen du, ironiaz. Alemanian eta esportazioetan sinesten du kantariak —hori ere txantxetan—. Eta G-8an, «funtzionatzen duten umeak» behar ditugulako. «Nork behar du ume bat, barre egiten duena?», dio bukaeran. Nork behar du atso, agure zahar bat, negar egiten duena?]]>
<![CDATA[Islandiarren zortea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/017/001/2020-05-02/islandiarren_zortea.htm Sat, 02 May 2020 00:00:00 +0200 Jose Mari Pastor https://www.berria.eus/paperekoa/1921/017/001/2020-05-02/islandiarren_zortea.htm follower kopuru hori ez da kirolari edo artista ospetsuenek izaten dutenera hurbiltzen, ezta gutxiago ere, baina badu meriturik. Izan ere, hark bere hizkuntzaz baino ez du txiokatzen. Katalanez.

Herenegungo mezuan hauxe idatzi zuen Joel Joanek: «75.000 jarraitzaile baino gehiago, eta katalanez txiokatzen. Ez da deusik, hizkuntzak baino gehiago amorrarazten dituenik. Erabil ezazue». Eta espainiar unionista ugarik katalanari dioten gorrotoa nabarmendu zuen.

Joel Joan duela zortzi urte hasi zen Twitterren. Geroztik denetik esan diote katalan hutsez idatzi eta ez itzultzeagatik. Independentista izateagatik eta pentsamolde hori modu zirikatzailean azaltzeagatik. Duela bi urte mezu hau zabaldu zuen: «Gaur Espainian demokrata izateko modu bakarra independentista katalana izatea da, izan Mollerussakoa, izan Cuencakoa edo Bilbokoa». Orduan ere biziki asaldatu zitzaizkion. Eta galantak bota.

Euskal Herrian badira Twitterren euskara hutsez ari direnak, baina zenbat? Gainera, euskararen hiztun kopurua hizkuntza katalanarena baino askoz txikiagoa da. Hainbat lagunek batera erabiltzen dituzte euskara eta erdara. Esango nuke euskal politikari, pertsonaia publiko eta celebrity gehienek hala egiten dutela. Batzuetan garrantzi handiagoa du mezuen eduki motak erabileraren portzentajeak baino. Ondo dago Euskararen Nazioarteko Egunean edo Euskaraldian euskara erabiltzea. Hollywooden kontratu bat sinatu duzula edo Premier League-ko talde batek fitxatu zaituela euskara hutsez jakinaraziko zenuke? Zure informazio garrantzitsua euskara hutsez zabaltzeak balio, plus bat ematen dio euskarari.

Koronabirusaren garaian antzera gertatzen ari da. Desberdina da supermerkatuko atean Mesedez, soilik bi lagun barruan / Por favor, solo dos clientes dentro kartela jartzea, ordena horretan, edo alderantziz ipintzea. Edo soilik euskaraz. Lehengoan, aurrezki-kutxako ilaran: bertako langilea etorri eta zer nahi dugun galdetzen hasi da, banan-banan. Euskaraz. Andre bat aurreratu zaio: «¿Me puedes hablar en castellano, que no entiendo?». Emakume horrek bere eskubidea aldarrikatu zuen. Zer gertatuko zatekeen langile horren lehen hitzak espainieraz izan balira? Zenbat lagunek erantzungo geniokeen: «Euskaraz egingo duzu nirekin, erdaraz dakidan arren?».

Hizkuntza txikien patua dela argudiatuko dute. Euskarak baino hiztun gutxiago dituzten hizkuntzak badira munduan. Batzuk egoera hobean daude. Kasu gehienetan estatu bat dute atzean. Islandiera da horietako bat. Hiztun gutxi dituzten mintzairez hitz egiten dutenek errazago erakusten dute begirunea antzeko egoeran dauden hizkuntzekin. Audur Ava Olafsdottir idazle islandiarraren nobela bateko protagonista gaztea atzerriko herri batera joan eta bertako hizkuntza ikasten hasi da. Aitak azaldu dio ez dela beti praktikoa hain hiztun gutxi dituen hizkuntza bat ikastea, batez ere zureaz mintzo direnak ere gutxi direnean. Hala ere, datu hau eman dio gero: nonbait irakurri du astero hizkuntza bat desagertzen dela munduan.

Hizkuntzen estatusa, prestigioa. Erdaldun batzuen ustez, denbora galtzea da euskaraz sortzea. «Zergatik idazten duzu euskaraz?». Eta geure burua justifikatzen hasi behar dugu. Islandierak 320.000 hiztun baino ez ditu, baina islandiar bati ez liokete halakorik galdetuko. Hori zortea! Jaume Cabre idazleak erantzun borobila eman zion kazetari espainiar bati, hark zergatik idazten duen katalanez galdetu eta gero: «Zer hizkuntzatan idatzi beharko nuke, bada?».

Bai, zenbaitek ez dute ulertu nahi. Iraintzen hasten dira. Duela dozena bat urte, Whatsapp hedatua ez zen sasoian, SMS bat bidali nahi izan nion lagun bati. Euskaraz. Okerreko telefonora igorri nuen mezua, antza. Handik gutxira ailegatu zitzaidan erantzuna, penintsulako leku ezezagun batetik: «Tu puta madre, por si acaso». Ez dut hemen idatziko zer erantzun nion.]]>