<![CDATA[Jose María Esparza Zabalegi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 02 Aug 2021 14:47:25 +0200 hourly 1 <![CDATA[Jose María Esparza Zabalegi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Zumalakarregi, Foruak, Independentzia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/017/001/2021-05-19/zumalakarregi_foruak_independentzia.htm Wed, 19 May 2021 00:00:00 +0200 Jose María Esparza Zabalegi https://www.berria.eus/paperekoa/1876/017/001/2021-05-19/zumalakarregi_foruak_independentzia.htm Printzea-ren egilea hartan inspiratu zela. Horrela, espainiarrek bost mende daramatzate gu doktrinatzen, hurbileko intelektual ugariren laguntzarekin. Gure berezitasun nazionala gogorarazten duen oro, edota askatasunaren aldeko iraganeko gure borrokak, historiagile horiek desitxuratu eginen dute kontakizun ofizial eta faltsu batekin, ondo apainduta, hori bai, akademizismoaren zelofanarekin.

Zumalakarregiren eta karlistaldien adibidea argigarria da. Ohiko korronte historikoaren kontra, duela hamarkada batzuk historiografia ofizialak dio Zumalakarregi espainiar patriota bat baino ez zela izan, Foruek ez zutela zerikusirik izan Euskal Herria astindu zuen altxamendu herrikoiarekin, eta soilik «Tronua eta Aldarea» defendatzeak bultzatu zituela borrokatzera euskal pobreak, aberats liberalen aurka. Hori bai, badiote Foruak, jende arruntarentzat, kinta, kontribuzio eta aduanetara mugatzen zirela, eta, gainera, liberalismoaren garaipenak inplizituki zekarrela, bertzeak bertze, herri-lurren pribatizazioa (eta halaxe gertatu). Haatik, gure aitona-amonak tuntunak izanen ziren, ez baitzitzaien axola gerrara zortzi urte joatea, kontribuzio gehiago ordaintzea edota oinarrizko produktuak garestitzea. Ez eta herri-lurrak galtzea ere. Haiei Foruak bost axola! Errege, Inkisizio eta Erlijioagatik baizik ez ziren hiltzen eta erailtzen. Zumalakarregik, orain diotenez, ez zuen nehoiz foru-banderarik altxa.

Nahita ahantzi egiten dute nolaz, gerraren hasieran (1833-11-14) akta bat egin zen Lizarran, zeinean buruzagi matxinatuek kontrakoa esaten baitzuten. Altxamendua «Karlos Nafarroako VIII.a eta Gaztelako V.a Erregearen» eskubideak defendatzeko zela, eta, hartara, tropen agintea Zumalakarregiren esku uztea erabaki zutela, erregeari atxikimenduaz gain, «Erresuma honetako foruei eta legeei atxikimendua» ere bazuelako. Aktaren kopiak bidali zitzaizkien lau diputazioei, eta, egun batzuk geroago, Etxarri Aranatzen bildurik, «denek batera erabaki zuten euskal indarretako buru izendatzea». Akta garrantzitsu honetan Erlijioa ez da aipatzen, gure historialariek akta hori aipatzen ez duten bezalaxe.

Areago: handik bost hilabetera, Zumalakarregi garaiezina da, Euskal Herria bere menera dauka eta, halarik ere, ez dago Erregearen berririk, denek Portugalen dagoela uste baitute. Eta preseski une horretan agertu zen eskuz idatzitako gutun famatua, Sorauren historialariak aurkitu zuena. 1834ko apirilaren 9an idatzi zuen Zurbanok, Madrilgo Diputazioko negozio-agenteak, José Basset idazkariari zuzendurik. Hau da, Nafarroako instituzio liberalen maila goreneko komunikazioa. Zurbanok jakinarazten duenez, Madrilera iritsi da «Zumalakarregiren aldarrikapen bat, non erraten baitu ezen, Don Karlosek bere kausaren defentsari heltzen dion ezintasun eta utzikeriagatik, Nafarroako Erresuma eta euskal probintziak Errepublika Federal gisan deklaratzen direla».

Batzuek uste genuen testu horrek euskal historiografia iraultzen zuela, garaiko autore askok erran zutenarekin bat zetorrelako (Mackencie, Xaho, Wilkinson, Laurens, Lassala, Legia, Somerville, Lataillade, Aviraneta, Viardot eta beste). Pirala famatuak ere erran zuen bazirela «probintzien independentzia deklaratzen zuten zurrumurruak». Bistan denez, Zumalakarregi handia euskal independentismoaren eta errepublikanismoaren aitzindaria zela onartzea irensteko apo handiegia zen. Eta katedrak mespretxuaren eta isiltasunaren artean hautatu zuen.

Baina puzzle bat balitz bezala, non pieza berriak gero eta hobeto ahokatzen baitira, 1834ko udaberrian gertatutakoaren irudia gero eta argiagoa da. Jose Antonio Urkijok berak, gure «independentismokeriaz» hitz egiten duten historialarietako batek, datu solteak ematen ditu, Soraurenek aurkitutakoa indartzen dutenak. Izan ere, Diputazioko goi-funtzionarioez gain, Harispe jeneralak, Pirinio Behereetako komandante nagusiak, gutun bat idatzi zion Frantziako Gerra ministroari maiatzaren 6an, esanez iritsi zitzaiola «bide desberdin eta nahiko seguruetatik, arras albiste berezia: Nafarroako Juntak, ikusirik nola Don Karlosek abandonatzen duen jokoa, Zumalakarregirekin akordio bat egin zuela, Nafarroako eta hiru euskal probintzietako independentzia aldarrikatzeko eta errepublika federal bat eraikitzeko [...] Izan ere, ezin da ukatu banaketa hori oso erraza eta oso arrakastatsua izanen zela probintzia horietan, lotura oso ahulen bidez soilik lotzen baitzaizkio Espainiari».

Harispe Euskal Herriaren arazoaren inguruko aditua zen aspaldi. Baigorriarra zen, eta goi-kargua zuen zer gertatzen zen ikusteko talaiarik onena, bera baitzen mugaren arduraduna. Hortaz, hilabete geroago «bide desberdinetatik eta nahiko seguruetatik» Zurbanok zioen gauza bera erratea oso kontuan hartzekoa da. Albistea, gainera, Europa osora zabaldu zen: maiatzaren 14an, L'Europe Centrale egunkari genevarrak jakinarazi zuenez, «Zumalakarregik lau probintzietako biztanleentzat agiri bat argitaratu du eta, horren bidez, independenteak direla adierazi du, eta Karlos jaunaren edo Erreginaren agintaritzatik salbuesten ditu». Albistea hain zen garrantzitsua ezen egunkaria Von Metternich Austria-Hungariako Inperioaren kantzilerraren ohar batean erantsi gisa agertzen baita. Italian, ekainaren 14ko Giornale del Regno delle Sue Sicilie-k gauza bera egiten zuen, eta ez litzateke zaila izanen erreferentzia gehiago aurkitzea. Hau da, euskal aldundiek, prentsak eta Europako gobernuek jaso zuten gero kronista askok berretsi zutena: euskaldunek Erregea atera zezaketela ekuazio politikotik, ez ordea Foruak ez eta euskal libertateak ere. Louis Viardot hispanista frantsesak erran zuen, 1836an: «Behingoz onartzen bada Nafarroa eta euskal probintziak beren independentziagatik baino ez direla borrokatzen, eta ez kausa karlistagatik, auzia sinplifikatu egiten da».

Gainerakoa gauza jakina da: Karlos erregegaia azkenean sartu zen Nafarroan, eta Zumalakarregik baztertu egin zuen errepublika federal independente baten ideia, zeren berrikuntza politiko hura amildegirako jauzi bat zen erabat monarkikoa zen Europa hartan. Baina gertatutakoa hor dago, eta goiz edo berandu onartu beharko dute, Nafarroako konkista bortitza edo 1936ko sarraskiak onartu behar izan zituzten bezala. Bitartean, alai gaitezen: udaberri hartan, herriak bultzaturik, etorkizuneko euskal errepublika federalaren, independentearen eta komunalariaren aitzindari bat sortu zen: Tomas Zumalakarregi.]]>