<![CDATA[Josean Gil-Garcia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 25 Sep 2023 22:49:05 +0200 hourly 1 <![CDATA[Josean Gil-Garcia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Lamezana, Eltziegoko hezegunea ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1897/019/001/2023-09-19/lamezana_eltziegoko_hezegunea.htm Tue, 19 Sep 2023 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1897/019/001/2023-09-19/lamezana_eltziegoko_hezegunea.htm Altun izena daraman etxolatik igaroko gara. Handik gertu, ibarra estutzen den tokian bertan, nekazari bidea laga eta ezkerretik gora jotzen duen bidexkari helduko gatzaizkio. Goratasuna hartuko dugu, beraz, eta Lamezanako ordokiaren gainean ikuspegi zabala izango dugu. Alta, ez gara hatsanka Otuñoko ordokira, gainaldera, iritsiko, ibilbidean barrena zer ikusia bada eta. Hala, zidor estuak bidea emango die ezkai, erromero, izpiliku eta ote landare arantzadunei, eta landareok usain gozoa utziko digute. Aldapa amaituta, ezkerrera jo, eta Eltziego eta Lapuebla lotzen dituen errepidera iritsiko gara. Eskuinetik jaitsita, hilerri paretik igaro eta kaleen artean ibili ondoren, udaletxea kokatzen den El Plano plazara helduko gara. Eltziegorako bidea Erret kale zabala hartu eta elizara iritsita, tenplua ezkerraldetik inguratu, eta Gazteluko plazara iritsiko gara. Gazteluaren Beheko Zeharkalditik gora egingo dugu. Errepidearen azpiko tuneletik eta okindegi paretik igaro ostean, herriko upategiak kokatzen direneko kalera iritsiko gara. Ezkerrera egingo dugu han goian. Zehar-zehar ibiliko gara orduan, harik eta 69 zenbakia daraman upategia ikusi arte. Une horretan, eskuinera joko dugu, eta kalean gora egingo. Kalea amaituta, bide asfaltatu bati lotu eta ur biltegira iritsiko gara aurki. Pitin bat aurrerago, lepo xume batean izango gara. Lepotik distantzia laburrera, ezkerretik doan bidea laga eta Mesamayor talaia atzean dugularik, iparrera pausoak egingo ditugu. Bigarren kable elektriko lerroaren azpian gaudela, ezkerreko bidea hartu eta aurrera segituko dugu, Pisarnoso bideari lotuta. Beste bidegurutze batera helduko gara bizkor. Harrizko etxola baten harriak ikusiko ditugu pikupean. Etxola hura ezkerreko muinoan utzita eta nekazari bideari men eginda, Horca izena duen muinoaren ondora iritsiko gara. Ezkerrera joko dugu Horcako lepoan, eta mendebalderako urratsak egiten hasi. Metro batzuk egin ostean, ordea, asfaltoa utzi, eta ezkerretik doan nekazari bide zabalari oratuko gatzaizkio. Desbideratzerik hartu gabe, San Roke parkera iritsiko gara, mahastiek troxatutako tapaki galanta zeharkatuta. Gero, behera doan bideari heldu, eta Eltziegon emango diogu amaiera zirkuituari. ]]> <![CDATA[Undurragako urtegia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/038/001/2023-07-23/undurragako_urtegia.htm Sun, 23 Jul 2023 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1917/038/001/2023-07-23/undurragako_urtegia.htm
1973. urtearen amaieran hasi zen lanean hornikuntzarako eta urak erregulatzeko urtegi otzana. Orotara, 2 hektometro kubiko ur kubeta luzexkan biltegiratuta. Arrigorriagako Venta Altako ur araztegiraino iristearen kariaz, haraino bideratu zituzten Zadorra sistemako ur apetatsuak, betiere ur emariak eraman zitzakeen materia solidoak, magnesioa, burdina eta bakterioak araztu zitezen. Kontsumo sarean sartu aurretik egin beharreko ohiko lana, beraz. 2018az geroztik, ordea, desbideratze bat baliatzen dute araztegirako bidea hoditeria baten bidez gauzatzeko.

Igorreko eremu funtzionaleko paisaia-interes bereziko eremuaren barruan sartuak daude gaur egun Undurragako ur laminaren bazterrak eta urtegia bera, 2023ko urtarrilaren 31n onartutako lurralde plan partzialean paisaiari buruzko zehaztapenetan azaltzen denez. Urtegiko ipar-mendebaldeko ertzak lehengoratu dira funtzio ekologikoa berreskuratu eta ibai paisaia hobetzeko asmoz. Hala, igarobide natural bat egokitu berri dute urtegiaren inguruan, besteak beste bisoi europarraren (Mustela lutreola) mugimenduari bermea emateko xedez, batik bat urtegiko hezegunearen eta presa azpiko Arratia ibaiaren arteko zonan. Denera, 5.000tik gora landarek topatu dute ostatu urtegiko ertzetan. Hori guztia, gainera, paisaiari dagozkion balio ekologikoei lotutako elementu estrukturalak bermatzearen kariaz.

Zeanurin, ibilian-ibilian

Zeanuri herria (Bizkaia) izango da Undurragako urtegiko bira egiteko aukeratutako abiapuntua. Kultur etxe parean, hau da, autobus geralekuaren aurreko bidebanatzean hasiko da txangolaria ibilian-ibilian. Aita Urraburu plazan sartu eta idi proben plazatxoa igaro bezain laster, zubia gurutzatuko du. Ondoren, ezkerrera egin eta Undurragara doan errepidetxoarekin topo egingo du. Altzibar dorretxe parean jarrita, asfaltoan aurrera egingo du bihotza soseguan. Autobiaren azpitik igaroko da ziztuan. Errotabarri errota zaharberritua aurrerago ikusiko du, errepidearen ertzean, errekaren altzoan. 1785ean eraikitako errota izango du bisean bis. Irina egiteko baliatu ohi zuten behiala. Hala diote, bederen, ohar historikoek. Arto eta gari aleak harri bitarteetara sartuta, errotarri egoskorrek txikitu egiten zituzten ur isilen jarioan. Hala, errotari nekaezina inguruko baserrietako bezeroengana abiatzen zen astero-astero, asto eta idien laguntzaz, eskatutako urre preziatua saltzera. 1975era arte.

Errota atzean utzi eta jarraian agertuko den bidebanatzean, Arratia ibairen gainetik egurrezko barandak erakusten dituen zubi bat ikusiko du. Handik egingo baitu itzulera, bide tentagarri horri muzin eginda urtegiko ubidearen azpitik igaroko da. Errepideak paisaian marrazten duen bihurgunea egitean, Undurragako presa edo hormara iritsiko da azkenik. Bazter ederrez gozatuko du han ibiltariak; izan ere, talaia pribilegiatua da lan hidrauliko artifizialari erreparatzeko. Keinu arranditsuaren moldean-edo, zuhaitzek eta landaretza trinkoak maindire berdez jantziko dituzte ur laminaren ertzak eta mazelak. Bertaratutako orok paraje basatia izango du opari. Ikusmenerako eskaintza oparoa, benetan, urtegiko urek ez baitute huts-mina ezagutzen.

Undurragako ertz oparoa

Presa gurutzatu gabe, errepidean aurrera egingo du, urtegia bera hego-ekialdetik estutzen duen asfaltoari segika. Pinpilin-panpilin besoak dantzan eta pauso luzexkak bidean, Undurraga auzora iritsiko da bidaztia. Urtegi ertzera jaisteko aukera emango dion bidea bazter utzita, zehar-zehar jarraituko du, betiere ingurumariari darion distirak goxo-goxo lagunduta. Errepide nagusiari men eginda, beraz, Arratia ibaia gurutzatuko du aurrerago. Ipiña eta Ipiñaburu auzoetara doan errepidea eskuinean lagata, ezkerrera hartuko du, Zeanurirako itzulera hasteko xedez.

Arrogeta baserri paretik igarota, Palomares auzora igotzen den errepidea utzi eta ur laminatik hurbil doan korridore ekologikotik jarraituko du. Arbinako erreinuan sartuta, hartxintxarreko bideari ondo helduko dio ibiltariak, eta bazterretan hazten den landaretzaz gozatzen hasiko da. Izan ere, bada zertaz gozatu Undurragako ertzetan. Basabidera bilduko dira lizarrak, intxaurrondoak, hurritzak, haltzak, akaziak eta astigar meharrak, , besteak beste.

Korridore ekologikoa amaituta, presara helduko da berriz ere. Pasarela deigarri bezain luzea hasiko da han. Ereinotzaren erreinuarekin bat egingo du orduan ibiltariak. Akaso, Madeira eta Kanaria uharteetako landaretza oparoa etorriko zaio gogora mazelako tapiz trinkoan barrena igarotzean. Landaretza termofiloak egingo dio harrera zirraragarria, oihan batean egongo balitz bezala. Adaburu trinko eta erregularrak oinetik adarkatuta ikusiko ditu, hostoak elkarren gainean desordena naturalean egokituta. Hosto berde ilunak adarrei josita-edo, «asko nekatzen dira hostoak zintzilik adarretan, zuhaitza menderatzeko ahaleginetan», Juan Kruz Igerabide idazleak esango lukeen legez.

Behin oihanetik irtenda, ezkerrera hartuko du bidebanatzean, eta, jaitsiera xume bat egin ostean, Zeanurirako bideari lotuko zaio.]]>
<![CDATA[Toloñoko eguerdiko haitza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/038/001/2023-07-22/tolontildeoko_eguerdiko_haitza.htm Sat, 22 Jul 2023 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1917/038/001/2023-07-22/tolontildeoko_eguerdiko_haitza.htm
Peñaslasdoce esaten dioten talaia bitxia deskubrituko du ibiltariak urratsak mendebaldeko mendi urdinxkarantz eginez gero. Ortadako belardiaren eta Tabornigako etxe gainean gailentzen diren Pikatxoen artean agertuko da talaia hura. Esaten dute izena eguerdian proiektatzen duen itzaletik datorrela. Nonbait, garai batean eguzki-erloju lanak egiten zituen oinarrian finkatzen diren herrientzat. Ezohiko parajea da, benetan. Izan ere, harritzarra txapel handi baten moldean banantzen da goialdeko ezproitik. Ikaragarria! Egunaren xarma solasaldirako aproposa izan daiteke haren babesean. Hegaztiak ere pausatu nahirik ikusiko dira horma ospelean, hara-hona, haize garbiaren abaroan.

Aspaldi Toloñoko gainaldeak ermita xume bat ezagutu zuen moduan, gaztelu bat ere gailendu zen han goian. Nafarroako erresumaren defentsa gotorlekuetako bat izan zen. XV. mendearen erdialdean-edo liskarrak baretu zirenean, ordea, behin bizi baldintzak aldatu zirelarik, gaztelua gain behera joan zen. Erabat desagertu arte. Mende batzuk geroago, baina, protagonismo osoa bereganatu zuen gaztelutik gertu eraikitako santutegiak. Calahorrako apezpikuak jeronimoen ordenako fraideei utzi zien XIV. mendean. Han bizi izan ziren komunitate moduan; akaso, munduko arazoez ahantzirik. Argiaren azkenak, ordea, 1422an ikusi zituzten fraide umilek. Antza denez, bizi baldintza latzek erlijiosoen erretiratzea ekarri, eta erreinu sotila betiko laga zuten. Inguruko hiribilduek Dibisa eratu ostean, adore handiz aritu ziren herritarrak, jo eta su, Toloñoko santutegiak erdietsitako ospea berreskuratzeko nahian. Karlistaldiak iritsi ziren arte. Orduan, urre kolorez tindatu ziren Bastidako zeru-lurrak. Anda (Kuartango, Araba) herritik ekarritako marmol beltzak eta Urizaharreko harlandu zuriak araztasunari eutsi ezinik, suteak hunkitura eta samina ekarri zituen. Akabo, orduan, erromesak eta erritualak. Kito elurtegietako urre zuria. Eta fini ilargiaren dirdira tenpluaren horma garbietan.

Bastidatik Aireko atakara

Bastidako (Araba) San Gines parkean emango zaio hasiera Tolo-ñoko tontorreraino lagunduko duen ibilbide zirkularrari. Ibiltaria aparkalekuaren muturrean jarriko da abian. Bertan dauden bi nekazari bideetatik, alboan utziko du Toloñoko monasteriora doana -ohiko igoera da Toloñoko gailurrera joateko-. Bisitariak bestea hartuko du, magaletik barrena suabe-suabe doana, hots, Tresenraya izenburua hartu duen ibilbidea. Beraz, Peñalacruz eskuinaldean altxaturik duela, aurrez aurre San Cristobal mendiko muraila dela, ibilian-ibilian hasiko da sosegu handiz.

Arte dotore bat ikusiko du berehala, aurri egoeran dagoen eraikin baten parera iristen denean. Enebros bidea ezkerretik batu, eta, noranzkoa aldatu gabe, aurrerapausoak egingo ditu, goratasun handirik hartu gabe oraingoz. Alepo pinuak eta arte trinkoak hazten diren lekuan, Silorako bidea eskuinaldean utzi eta beherago doana lehenetsiko du. Hurrengo bidebanatzean, Tresenraya deituriko harria agertuko da bide ondoan. Kontatzen denez, bertan aritzen ziren parajeok bisitatzen zituzten artzainak soseguaz, baretasunaz eta jostetaz gozatzen.

San Julian bidean aurrera egingo du gero, betiere alde batera utzirik ibarrera doan bidea. Hala, zehar-zehar jarraituko du, alepo pinuak (Pinus halepensis) eta arteak bidelagun dituela. Berehala hasiko da goratasuna hartzen. Basabide nagusiak ezkerrera egiten duenean, konpainian eraman duen bidea utzi eta haren eskuinetik irteten den basabidean gora egingo du. Gain-gainean Toloño mendilerroko mendebaldeko punta nabarmenduko da, desafiozko keinu baten erara. Hormatzarraren goiko erpina helburua izanda ere, proposatutako bideak inguruka eramango du txangolaria, betiere Aireko atakatik goiko ordokiak eta malkarrak aise gailentzearen kariaz. Majadas putzua bide ondoan lagata, konglomeratuzko blokeen artetik igaro eta Pikatxook atzean lagata, Aireko atakara iritsiko da.

Eguzki erlojua

Langa gurutzatu, eta eskuinera joko du. Toloñoren ipar isurialdera igaro da, eta horren eragina ziztuan nabarituko du. Tarteka-marteka, pagoak eta haritzak ikusiko dira, hezetasunaren eta goratasunaren eraginaren seinale. Basabideak goratasun guztia hartutakoan, adi ibiliko da desbideratzea hartzeko. Beraz, une horretan, pistatik irten eta eskuinetik doan zidorrari jarraituko dio. Tinda berdeko arrastoek eta bidarritxoek bapo-bapo lagunduta, aurrez aurre hazten den pagadira joko du, zuzen-zuzen. Sigi-saga ibiliko da hasieran, ezpela eta ipuruak izurtzen. Zelai batera iritsita, belazea alderik alde zeharkatu eta, azkenik, bat egingo du pagadiaren errainuarekin. Basotik irtenda, Toloño mendilerro karstikoa bete-betean harrapatuko du. Mendebaldeko muturrean, gainera, Eguerdiko haitza izena duen harkaitz berezia agertuko da. Begirada estanpa horretan jarrita, bidezidorrak belardi zabal batera iristen lagunduko du. Belardian gora egin, eta lepora iritsiko da.

Soa lepotik behera luzatuta, Pikatxoen erpin konglomeratikoak nabarmenduko dira artadiak osaturiko itsaso berdean. Lepoan, ezkerrera egin eta hesiaren ondoan ibiltzen hasiko da. Noranzkoari men eginez, lepora iritsiko da. Eskuinaldean, bi gain karstiko bezain pintoresko izango ditu. Ederrak, benetan! Ezkerraldean, berriz, txapela erakusten duen hormatzarra ikusiko du, Eguerdiko haitza izena hartu duen gandorra.

Txapelaren azpian jarrita, naturak harkaitzean sorrarazitako forma apetatsuaz gozatzea besterik ez da. Gero, inguruan sona handia duen harkaitz hori eskuinaldean laga, eta, bidexkari segika, haren gain-gainean jarriko da. Hor Toloño izena duen postontzia ikusiko du. Panorama itzela irekiko zaio handiko goitik. Errioxaldeko ordokia bete-betean harrapatuko du gainaldeko talaiatik. Atze-atzean, gainera, San Lorenzo eta Demanda mendiguneko hainbat zoko eta bazter.

Toloñoko santutegia

Postontziari bizkarra eman, eta Gaztelu aldera egingo du, hots, lerro berean harrizko dorre baten erara altxatutako monolito erraldoiaren aldera. Galdorretik ibili gabe, bidexkak goi ordoki aldera joko du, eta, astiro-astiro, Toloñoko monasteriora iritsiko da. Tenplua eskuinaldean utzita, Bastidara xendari ekingo dio. Bidexkak behera egiten lagunduko du. Santutxora iritsita, eskuinera hartu eta goratasuna galtzen segituko du. Bide nagusitik irten gabe, eta ibilian hainbat minutu eman ostean, Artzainen harria izena duen harri puska baten ondoan izango da. Haren atzetik jarraituko du, sigi-saga doan xendari men eginez. Basabide batekin topo egingo du beherago. Orduan, eskuin-ezker eginda, xendari oratu eta San Gines parkean amaituko du ibilbidea.

Bihar: Undurragako urtegiko bira.]]>
<![CDATA[Zuberoako kulturguneak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/038/001/2023-07-21/zuberoako_kulturguneak.htm Fri, 21 Jul 2023 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1917/038/001/2023-07-21/zuberoako_kulturguneak.htm
San Antoniko kapera 1385. urtean eraiki zuten, Agaramont eta Lüküzeko jaunek sinatutako bake hitzarmeneko berme gisa. San Gregori baselizatik hurren, ordea, Gaztelüzarre izeneko muinoa topatuko du ibiltariak lerro batzuk beherago deskribatzen den zidorrean. Gaur egun, eraikuntza historikoen artean katalogatuta dago, eta lurrez gotortutako eremu zirkular bitxia ikusiko du hurreratzen denak. Nafarroa Behereko muga-mugan izanda, bista harrigarriaz gozatzeko aukera eskaintzen dute gailur biek: Arbailako mendigune karstikoa, Basabürüko mendia eta Zuberoako ibarretan barreiaturik diren etxaldeak eta larre zabalak, beste leku askoren artean.

Muskildi eta Urdiñarbe ibilbide bakar batera ekartzeko asmoa ez da ustekabea izan. Pier Paul Berzaitz kantari eta autore ezaguna Muskildi herrian sortua da, eta betidanik izan du lotura hertsia San Antoniko kaperarekin. Urdiñarbeko herri pintoreskoan, berriz, Jean Mixel Bedaxagar dantzari, txirula jotzaile eta kantaria sortua da. Artista biak dira pastoralen idazle, eta bi-biak kantuan emanak. Izan ere, euren ahotsa ederki baliatu dute doinu sarkorrez blaitzeko Euskal Herriko plazak. Berzaitzek dioenari segika, «kantagintza gauza indartsua da, gizarte baten egoera berezia salatzen duena. Oroz gainetik, lekukotasuna da». Badira kantuak, beraz, bihotzeraino iristen direnak, hots, lehen konpasak aditu bezain laster kemena eta adorea ematen dutenak. Nor ez da emozionatu amets sekretuz beteriko baratze bat imajinatzean?

San Gregori baseliza

Jar ditzala bidaztiak belarri biak dantzan, kantuaren xarmak ederki ferekatuko baitu, San Gregori, Gazteluzarre, Urdiñarbe eta Muskildiko bazterretan barna pinpilin-panpilin doalarik. Xantza on, bidazti!

San Gregoriko talaiara doan bidea Muskildi (Zuberoa) herrian hasten da. Gainaldea zapaltzeko ez da abiapuntu bakarra, baina Muskilditik abiarazten dena hartuta, ibiltariak mendilerro bereko makina bat tontor eta gune historiko bisitatzeko profitatuko du. Eliza ondoan hasiko da ibilian, udaletxea, frontoia eta beste eraikin batzuk altxatzen diren lekuan. Errepidean gora egingo ditu lehen pausoak, Oskaxeko mendate aldera. Bostehun metro inguru egin ostean, ur biltegi ttipi bat ikusiko da errepide ondoan. Erreferentzia ona izan ohi da eraikin xumea; izan ere, pittin bat aurrerago, asfaltoa utzi eta eskuinetik doan basabidea hautatuko du. Astigar xumeak, lizarrak eta haritzak bidaide, osteratxo polita osatuko du baso ttipian barrena. Bidea bitan banatzen denean, ezkerreko bidea hartu eta goratasuna hartzeari eutsiko zaio han. Belardi eremuetan sartu gabe, ordea, errepide estu batera iritsiko da.

Eskuinera egingo du errepidean, eta maldan gora jarraituko. Itsasargi baten erara egokitua, San Antoni baseliza ikusiko du lerro berean airoski altxatua. Jarraitzen ari den errepideak lepoan lagako du oinezkoa. Ezkerraldean, Larregi izeneko muinoa altxatzen da. Errepidea laga, eta eskuinera joko du orduan. Nekazari bideaz baliatuko da orain hegiz hegi jarraitzeko. Kakoeta muinoa parez pare ikusiko du, landaretza trinkoak hertsiki harrapatuta. Izan ere, otaka alorrak eta lahar bihurriek ez dute errazten gora doan bidea. Beraz, muinoaren mendebaldea janzten duen belazearen azpitik jarraituko du, gailurrerako bideari muzin eginda. Kakoeta muinoa inguratu ostean, lerroari atxikita jarraituko du, betiere noranzkoari eutsirik. Gazteluzarre tontor aldera bideratuko ditu gero pauso geldoak. Tontorrera igotzeko, bi aukera izango ditu: eskuinetik edo ezkerretik. Behin gainaldean, sakonunea inguratu eta San Gregori tontor azpian zabaltzen den lepora jaitsiko da bizkor-bizkor. Edanleku batzuk ikusiko ditu lepoan.

Urdiñarbe jomuga

Behin lepoan, maldan gora egingo du, zuzen-zuzen. Aldats pikoari aurre eginda, baseliza inguratzen duen parkera iritsiko da. Baselizaraino iristen den errepidea hartuko du han, eta jaitsiera egingo. Horretarako, parkeko hesia igaro, eta, bide asfaltatua lagun, goratasuna galtzen hasiko da. Aintzirako bideari ekinez, bidebanatze batera helduko da. Lanbarako bidea alde batean utzi, eta eskuinetik jarraituko du, Larregiko bidetik.

Bihurgune itxira heltzean, asfaltoa utzi, eta eskuinetik doan basabidea hautatuko du, betiere Urdiñarberako bideari oratzeko. Beraz, aldatsari aurre eginda, eskuinetik batuko zaio San Gregoriko lepotik jaisten den zidorra. Ezkerrera okertu eta zehar-zehar jarraituko du han, behera egin gabe, gaztainondoak, hurritzak eta lizarrak gidari. Aurrera egin ahala, ordea, goratasuna galtzen hasiko da. Ürrütiagerrea etxaldera helduko da, paisaiaz bapo gozatu ondoren. Etxaldearen erditik igaro, eta aurrera jarraituko du. Larzabaleko bidexka beherago batuko zaio. Noranzkoa aldatu gabe, aurrera joko du, asfalto gainetik. Urdiñarbe eta Muskildi herriak lotzen dituen errepidera iritsita, ezker-eskuin egin eta Urdiñarbeko eliza aurreko parkera iritsiko da.

Pilotalekuaren atzeko zubia igaroko du GR-78a bidelagun. Bidebanatzean, eskuinera hartu, eta Jauregibehereko bidexkatik jarraituko du. Errepidera iritsita, ezkerretik jarraitu, eta, ehunka metro egin ostean, hots, Iratzabaleko bidea ezkerrean utzita, Ahünzbordako bidexka daraman nekazari bideari oratuko zaio. Metro batzuk baino ez ditu egingo; izan ere, berehala ezkerrera hartu beharko du, Arjelako bidean aurrera egiteko. Arto sailak eta belardiak inguruan dituela, hartxintxar bidean gora egingo du. Harik eta Organbideko lepora iritsi arte. Izen bereko baserria ikusiko du han. Eskuinera egingo du lepoan, eta Ehüzako leporantz abiatuko da. Aurrerago, Miranda Kaparreko bide asfaltatuarekin bat eginda, leporako bidea utzi eta behera doan bideari jarraituko dio, Muskildi aldera. Abarakia errekastoaren gainetik igaro ostean, Muskildin itxiko du San Gregoriko itzulia.

Bihar: Toloñoko eguerdiko haitza.]]>
<![CDATA[Berrotzako naturaren erlikiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/030/001/2023-07-20/berrotzako_naturaren_erlikiak.htm Thu, 20 Jul 2023 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1917/030/001/2023-07-20/berrotzako_naturaren_erlikiak.htm
San Gregorio Ostiense basilika barrokoa Sorlada herriaren gainean altxatzen da. Urtero-urtero bisitari ugari joaten da Piñalbako talaiara Los Arcos eta Sorladako alkateen aginte makilen trukea ikusteko asmoz. Beste batzuek, ordea, ez dute santuaren zilarrezko erlikia ontzia ikusteko aukera galdu nahi. Izan ere, eskualdean ez ezik, geografiaren luze-zabalean ere, oso tradizio handikoak izan dira San Gregorio monje beneditarraren bertute miragarriak. Ostiako (Erroma) apezpikua izaki, izurriteen santua goitizena hartu zen, XI. mendean otien izurritetik libratu baitzuen Nafarroa. Santu babeslea zendu zenean, baina, gorpua asto batean jarri eta animalia gelditzen zen lekuan, hantxe bertan lurperatuko zuten. Halakoxea izan omen zen gizonaren azken nahia. Hortaz, trakatan-trakatan, nora gabe, Piñalbako talaia ederrean bat-batean gelditu zen animalia. Denborak aurrera eginda, Iberiar penintsula osotik lortutako dohaintzekin egungo basilika ikusgarria eraiki zuten.

Ospe handiko altxorrak

Santuaren erlikiak ospe handia hartu zuen berehala. Zilarrezko busto bat sortu zuten 1728an, haren barrualdetik ur miragarria pasarazi eta labore soroetan barreiatzearen kariaz. Erlikia ontziaren ospea hain zen handia, non herri askok -beharrak hala aginduta seguruenik- zilarrezko altxorra hurbil-hurbil izatea eskatzen baitzuten. San Gregorioren buruak, orduan, penintsulan barreneko bidaia miresgarria hasi zuen. Protokolo zehatz bati jarraika, Ostiakoaren buruak herriz herri jarraitzen du gaur egun, ibilbide amaigabeari eutsita.

Berrotza ibarrak beste sekretu bat badauka ezkutu-ezkutuan: hiru hanka sendo dituen arte kurioso bat (Quercus ilex). Mendaza herriaren gaineko parajean dago. Itxuraz, ageriko bakardade batean. Baina ez da norbere baitan biltzeko kontua: herritarrek zuhaitzaren ondora igotzeko ohitura dute, baita hiru hanken artetik zeharkaldi magikoa egitekoa ere. Igualtsu egiten omen zuen aspaldi ganaduak, bizkarraren kilimak baretzeko enbor zimurtsua bezalakorik ez zen eta.

Nazartik Costalerara

Nazar herrian (Nafarroa) hasiko du ibilbidea. Herrira iristean, eskuinera hartuko du lehen bidebanatzean, eta, eliza aldera jo gabe, kale bazterrean lagako du autoa. PR-NA 189 zidorraren arrastoak ikusiko ditu Loreto auzoko kale banatzean. Izen bereko ermita ezkerrean utzirik, eskuinera hartu eta Nazar mendatera doan bideari oratuko zaio. Nekazari bideak banantzen diren lekuan, eskuinetik segitu eta barrera bat igaro ondoren, ezkerrera okertuko du. Ibilian-ibilian bide zabalak ezkerrera egingo du laster, eta ipar-mendebaldera begira jarriko da ibiltari so egilea. Arte xumeak, erkametz trinkoak, ezpelak, gorostiak eta txarak, besteak beste, bide ondora etorriko zaizkio harrera botanikoaren antzera.

Terraza batean gaindi ibiliko da, Gallet malkartsuari begia kendu gabe. Mazela urratzen jarraituko du leun-leun, lerro berean gailentzen diren hormatzarrak eta ertz zorrotzak parez pare dituela. Aurrerago, futbol zelaitik igotzen den zidorra batuko da basabidera. Mugarritxo batek adieraziko du bidegurutzea. Noranzkoa aldatu gabe jarraituko du, Nazar mendatera jotzen duen bideari ederki oratuta. Poliki-poliki, artadia nagusituz joango da, erkametza atzean uzteaz batera.

Desbideratu gabe, beraz, Nazar mendatera iritsiko da. Santikurutze Kanpezu (Araba) barrutiarekin bat egingo da han goian. Ibernalo baselizan eta Arabako Mendialdeko eskualdean sartu-irtenik egin ordez, eskuinera hartu eta, La Plana, San Kristobal eta Joar aldera doan zidorrari bizkarra emanda, maldan gora egingo du, harkaitzean gaindi. Soka luze bat ikusiko du igoeran; akaso igokariari lagungarri gerta dakiokeelakoan -hobe lurrean bakean utzi-. Hari segika, gandorrera igoko da. Arabako Mendialdeko eskualdea bete-betean harrapatuko da talaia paregabe horretatik.

Pago eta ezpel alorretan

Gandorra korritzen hasiko da gero, mendebalderantz. Malkarra izurtzen ibilita, une batez pago txiki baten aurrean kokatuko da. Zuhaitz apetatsua ez da oharkabean pasatzen diren horietakoa; izan ere, bide erdian altxatzen da, eta bidea oztopatuko du hein batean. Pagoa atzean utzi eta amildegira hurbilduz gero, La Dormida edo Uxerriko artadi trinkoaz gozatzeko aukera paregabea izango du txangolariak. Bidexkara berriz bueltatuta, gandorretik segituko du, harik eta xendak bitan banatzen diren arte. Orduan, Costalera tontor malkartsua inguratzeko, ezkerreko xenda hautatuko du, eta tontorrera zuzen-zuzen doan xenda arriskutsua alboan utziko.

Costalera mendiko iparraldeko isurialdera igaro bezain pronto, goratasuna galtzen hasiko da, pago eta ezpelen artean. Jaitsiera sigi-sagatsua egin ostean, talaia natural batean jarriko da. Uxerriaz, artadi trinkoaz eta Lokiz mendiguneaz gozatzeko abagune ederra izango du balkoi natural horretatik. Paraje zirraragarria, zinez. Zidorrari ondo-ondo oratuta jarraituko du. Hala, mazelan irekitako terrazak lagunduta, alderik alde zeharkatuko du Costalerako basoa. Harrizko igarobide baten erara irekitako hustubidea da.

Mazelari gortea egiten jarraituta, belardi batera iritsiko da. Leku interesgarria izaten da hura iparraldeko isurialdean barrena eginiko zeharkaldia bertatik bertara ikusteko. Pagadian sartuta, bidaiaria gora eta behera eramango du zidorrak. Azkenik, ezpelak sorrarazitako galeriatik irten berritan, Fuentes Altas iturburura iritsiko da. Hara iritsi baino hamar bat metro lehenago, ezkerretik jarraitzen duen zidorra hartuko du. Laster batean, behin txondor apal batera iritsita, bidexkak eskuinera egin eta gora joko du pago eta ezpelen artean.

Basoa soilduz joan ahala, aurrez aurre gailenduko da Gallet eta Costalera lotzen dituen malkarra, baita harritzak eta pagadi-hariztiak ere. Une batez, mazelako zeharkaldia amaituta-edo, bidexkak eskuinera egin eta lepora iristen lagunduko du. Gandorreko alanbrea gurutzatuko du orduan, eta, ezkerrera eginda, hariaren parean 70 metro inguru egingo ditu. Lepoko hesia berriz gurutzatuta, maldan behera hasiko da, betiere harritzan maskaratutako zidorrari men eginez. Gallet mendiko hormatzarra inguratuta, bidexkak metro dezente galdu ostean, basabidearekin bat egingo du. Igotako bidetik egingo du azken paseoa, edota futbol eremutik doan zidorra aukeratuta.

Bihar: Muskildi eta Urdiñarbe, Zuberoako kulturguneak.]]>
<![CDATA[Apotzaga eta Untzilla elizateak bat eginez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/030/001/2023-07-19/apotzaga_eta_untzilla_elizateak_bat_eginez.htm Wed, 19 Jul 2023 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1917/030/001/2023-07-19/apotzaga_eta_untzilla_elizateak_bat_eginez.htm Mundua ametsa da, Li Bai poeta txinatarrak idatzita utzi zuenez. Oriol, Iruatxeta, Tellamendi, Asentsiomendi eta Murugain muinoek ibarra ondo mugatzen dutela ikusiko da handik. Alabaina, Anboto eta Udalatx erraldoiek atentzio osoa erakarriko dute, malkar larderiatsuaren antzera-edo.

Baina, akaso, beste zerbaitek xarmatuko du Apotzagara lehen aldiz hurreratzen dena: auzoko kanposantu biribilak. Anastasio Otadui abadearen ekimenez eraiki zuten, 60ko hamarkadan, Done Mikel parrokiatik urrats gutxira. Nonbait, Otaduik kanposantuei buruzko liburu mardul batean iltzatu zuen begirada. Formak eta sinboloak zehatz aztertuta, hilerri berria altxarazteko asmoa etorri zitzaion, Joxe Ramon Okarantza Otaduik Ahotsak.eus atarian eginiko adierazpenen arabera. Hilerria gauzatzeko toki jakin bat aukeratu behar zuela, auzoko ekialdeko muinoaren azpiko ur-lasterrak gogoan hartu zituen abadeak. Parrokiaren azpian gertatzen den bezala, Anastasiok bazekien misterio aura bat zegoela. Uren emarian bihotza eta arima arazten direlakoan, lanean jo eta su ibili zen han, ur-lasterren bidegurutzean. «Ondasun handiak arima txikientzat», Juan Kruz Igerabide idazlearen hitzetan.

Jada 30 urte igaro dira Eusko Jaurlaritzak monumentu multzo izendatu zuenetik. Tantaka bada ere, makina bat bisitari joaten da monumentu bitxi hori miresteko. Kanpoko egiturari jarraituz, zirkuluan dago antolatuta barrualdeko guztia. Txukun-txukun eta maina handiz. Interes historiko-artistikoari dagokionez, besteak beste, disko formako hilarri modernoak, Galartza auzoko bataiarri erromanikoa eta Maringo muga-gurutzea ikusi daitezke 20 metroko diametroa hartzen duen zirkuluaren barruan.

Ibilian hasita, txangolariak Apotzagako harbideari jarraitu eta Untzilla (Aramaio, Araba) herrian hartuko du merezitako atsedena. Ondoren, Muruatik behera egingo du, pagadi xumean barrena, eta Gellao auzoan Barrengarroerrekarako bideari oratuko zaio, Apotzagara iritsi aurretik.

Apotzagako harbidea

Apotzaga herrira iritsita (Eskoriatza, Gipuzkoa), Done Mikel elizaren atzealdeko aparkalekuan utziko du autoa, hilerri biribila altxatzen den tokiaren aurrean. Ibilian hasiko da PR baten bide seinaleei jarraituz. Tenpluaren eskuinaldetik doan kalean aurrera egingo du. Zarrao baserri handiak atentzioa emango dio lehen urratsak egiteaz batera. Bai ederra alboko palmondoa! Okarantza baserri armarridunera iristean, ezkerrera hartu eta, ondoko bidebanatzean, eskuinera egingo du, goratasuna hartzeko asmoz. Iturrira heldu baino metro batzuk lehenago, PR zidorra laga eta eskuinetik doan porlan bidetik jarraituko du. Hasieran, zehar-zehar; gero, aldats gora. Aldapa pikoa amaituta, egurra pilatzeko baliatzen den zabalgune batera iritsiko da. Bertako ur biltegiaren ezkerraldetik jarraituko du; betiere, porlanez jantzitako bide nagusitik atera gabe.

Altuera gehiena hartuta, Urigaraiko parajetik datorren PR zidorraren markak ezkerreko bidetik batuko zaizkio. Eskuineko basabidea hautatu, eta, noranzkoari men eginda, pinudiaren babesean jarraituko du. Latako lepora bizkor iritsiko da. Gaur egun pinudia bota baitute, basabide sarda bat agertuko da han. Haritz baten enborrari helduta, Mendiko Ama estanpa xumea ikusiko du. Porlan bidea uzteko garaia izango da, baita eskuineko bidetik ekitekoa ere. Gaztainondo eta haritz sendoek hartuko dute lekukoa orduan. Pagalderreka zeharkatu ondoren, hariztian barrena jarraituko du, eta basabide batera irtengo da. Aurrera jarraituko du orduan, astigarrak, haritzak eta gaztainondoak aldamenean dituela. Bidebanatze batean, Ajostako txabola agertuko da. Bidebanatze horretan, Leintz Gatzagara doan GR 121 utzi, eta Untzillara doan zidorrari ekingo dio. Untzillatik gertu, herria parez pare duela, eskuinera hartu eta elizarantz egingo ditu urratsak.

Baserriz baserri

Untzillako elizaren eskuinetik doan errepidetxoa jarraituko du gero. Mendibitzu baserriaren parean, Mendikurtz santutxoa ikusiko du. Haren eskuinetik jarraituko du, astiro-astiro. Murugaingo tontorrera igotzeko aukera alde batera utzita, zehar-zehar jarraituko du ibiltariak. Murua auzoko hiru baserrien aurretik igaro ostean, galtzadari berriz oratu eta paseo ederraz gozatuko du. Iturri baten ondotik igaro eta bi minutura-edo, erne ibiliko da. Izan ere, pinu sendo baten ondoan, PR zidorraren arrastoak ikusiko ditu. Lubaki moduko paraje batean sartu, eta maldan behera abiatuko da. Pagadi-hariztian barrena ibilita, bidexka nagusiak basabide batera aterako du ibiltaria. Orduan, eskuinetik jo eta Arangoitigaraiko baserrira helduko da.

Asfaltoa lagun hartuta, aurrera egingo du paraje ederraz bapo-bapo gozatuta. Intxaurdi baserrirako desbideratzea atzean geratu eta berehala, errepidea utzi eta ezkerretik abiatuko da. Etxola baten ondoan, eskuinera egin eta jaisten jarraituko du, harik eta Gellaoko errepidera irten arte. Elexondoko plazari bizkarra emanda, eskuinetik jarraituko du, asfaltoa eta PR seinaleak gogaide. Halaxe ibiliko da txangolari prestua, bost minutu inguru. Etxabeazpiko, Santakoa, Iturbe, Etxebarrialdebekoa eta Etxabarrialdegoikoa baserrietara doan errepidea ikustean, errepide nagusia utzi eta ezkerrera egin baserri horiek bisitatzera abiatuko da zoli eta zalu.

Etxabe baserri ondoan igarota, bideak Iturbe errekak hondeatzen duen ibarrerantz zuzenduko du. Hala, Iturberreka gurutzatu eta gora egingo du. Etxaberrialdebekoa eta Etxaberrialdegoikoa baserri biak atzean utzita, Barrengarroerreka gurutzatu eta ezkerretik jarraituko du, goratasuna hartzeko asmoz. Bide nagusiari men eginda, Apotzagara iritsiko da.

Bihar: Berrotzako naturaren erlikiak.]]>
<![CDATA[Aldamiñape eta Egiriñao]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/038/001/2023-07-18/aldamintildeape_eta_egirintildeao.htm Tue, 18 Jul 2023 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1917/038/001/2023-07-18/aldamintildeape_eta_egirintildeao.htm herrixka edo saroi horrek. Aldamingo kareharrizko harresiaren atarian agertuko da tupustean, magia trikimailu baten erara.

Han dauden eraikin askok xarma berezia gordetzen dute oraindik ere. Ez dago Aldamiñapera joatea bezalakorik iraganaz gogoeta sosegatua egiteko. Antzinako bizimoduaren bila abiatu liteke bisitaria, zeru sabaian hegaztiak aise murgiltzen diren legez. Palasioko txabole delakoak, esaterako, zutik irauten du zuhaizpetik hurren. Zotalez estalita dago, aspaldi etxola gehienek erakusten zuten janzkera dotorea bistan duela. Azken hamarkadetan, ordea, etxolok aldaketa handiak izan dituzte, artzainek egungo beharretara moldatu baitituzte. Tamal handia da, baina txabola batzuk behera etorri dira denboraren poderioz: hondakin xumeak barreiaturik ikusiko dira alde guztietan.

Azken txabolatik abiatzen da Arratebaltzetako atakara doan Lapurzulo izeneko bidexka. Handik joko du ibiltariak, betiere goraxeago altxatzen den Egiriñaoko aterpetxe multzoa ezagutzeko xedez. Horren harira, iazko uztailaren 9an ehun urte bete ziren Eleuterio Goikoetxea zeanuriztarrak Egiriñaoko mendiko aterpetxe-ostatua inauguratu zuenetik. Eleuterio bera mendiko turismoaren aitzindaritzat jo daiteke. Mendizaletasuna indar handia hartzen ari zen XX. mendearen hasieran, eta diru sarrera osagarriak eskuratzeko aitzaki-maitzakian ibili zen zeanuriztarra, egitasmoa erabat erdietsi zuen arte.

Gorbeiako urtegiak

Gorbeiako harrobietan egokitutako aparkalekuan emango zaio hasiera ibilbideari. Murua herrian (Zigoitia, Araba) abioa hartuta eta asfalto gainean 3,5 kilometro inguru egin ostean, urtegi sonatuetara iritsiko da ibiltaria. Gorbeiako bazterrok, Gasteizko hiriburua urez hornitzeko xedez, hagitz ezagunak egin ziren XX. mendean. Eskualdeko erraldoiaren erraietatik isuritako ur turrustak izugarri estimatuak izan ziren behiala, batez ere eskualdeko bizilagunen eta gasteiztarren artean. Orduan, prozesioak eta derrigorrezko bisitak paratu ohi zituzten ibarreko errota sorta ezagutzeko, baita uren emaria goraipatzeko asmoz ere. Gaur egun, ordea, mendizale andanak jarraitzen du urtegietako zokondora joaten, baina Gorbeia mendi gailurra miresteko asmo apalarekin.

Urtegietara iristean -ur laminak landaretza trinko batek maskaratuak agertuko dira-, bide seinale ugari ikusiko dira. Ibilian hasi ordez, autoa aurrerago utziko da, behialako harrobietan egokitutako atsedenerako parkea igaro eta berehala. Abian, beraz, zabalgune horretan jarriko da mendizalea. Ibilbide biologikoa izena hartu duen zidor tematikoarekin bat egingo du oinezkoak basabidean barrena lehen urratsak egiteaz batera. Izan ere, Azero eta Aldamiñapeko parajeetara doan zidorrak Zubialde errekaren ondoan jarraituko du hasieran, hots, baso igel jauzkarien, zuhaitz igel arrunten eta uhandreen kontserbazioa bermatzeko atondutako zidorretik beretik.

Azeroganetik Aldamiñapera

Erreka gurutzatzea izango da hurrengo pausoa. Haltzak, pagoak eta haritzak gogaide, basoari darion edertasunaz bapo gozatuta, ur laminaren ondoan jarriko da berriz ere. Igel berde batez seinalatutako zidorra alde batera lagako du orduan, eta ezkerretik jotzen duen bide harritsuari lotuko zaio. Goratasuna ziztuan hartuko du mendizaleak, behe laino urdinkarak zerumugaren argi zurbilean bat egiten duen bezala. Hala, natur parkeko Zubialde deritzan ibilbideari ongi helduta, muinoko bizkarrean gora eta gora eginda, Azeroganeko tontorrerantz bideratuko ditu pausoak.

Hareharrizko tapizaren gainean ibilian, aukera izango du tarteka-marteka Oraiturritik eta Igiñiger malkarretik behera amiltzen den kareharrizko harresi galantari erreparo egiteko. Ederrak harrizko harresi biak! Baso ilunean berriz bildu, eta lau basabideko elkargunera iritsiko da bizkor. Orduan ezkerrera jo, eta, pagadiaren altzoan begi betegarri, lurrazaleko astindua nabarmenduko du zoli eta zalu. Harri puska ederrak ernaturik ikusiko ditu han, mazelan barreiarazita.

Pagadia atzean utzi, eta igarobide berdean gaindi jarraituko du. Su ebaki baten antzo zabalduko da basabidea. Bideok banantzen diren lekuan, baina, eskuineko basabidea hobetsi eta, ahalegin xumea egin ostean, Azerogana zapalduko du. Gailurrera iritsi delako berria postontzi txikiak emango dio ibiltariari; izan ere, gainaldeko ertza iparralderantz urrutiratzen da herrestan, eta zaila izaten da punturik gorena zehaztea. Aurrerago, basabidearen ondoan, Zeanuri (Bizkaia) eta Zigoitia (Araba) udalerrietako behialako mugarria ikusiko du.

Belazez jantzitako lerroan aurrera egingo du, parez pare Igiñiger, Aldamingo dorrea eta Dulauko Atxa nabarmenduko direla. Laster batean, bide nagusiak ezkerrera egingo du bira, eta pagadiaren ilunduran sarraraziko du ibiltaria. Ezkerreko zokondoan, Pagaluzeta aterpetxea utziko du. Orduan, eskuinera egingo du bidebanatzean, eta hesi batek inguratuta dauzkan bi etxola ikusiko ditu bide ertzean. Zuhaizpean aurrera jarraituko du gero, zehar-zehar, pagadiaren lurrin garbia agurtuta. Hasieran, saihestu egingo ditu aldatsean gora zuzen egingo dituzten zidor zorrotzak. Hasieran, hesi bat izango du bidelagun, eta erreferentziatzat hartuko du. Minutu batzuk sigi-saga, eta bidexka apetatsuak sakonune batera zuzenduko du zalea. Beheragunea zeharkatu ostean, beste batera iritsiko da segidan. Iturri bat ikusiko du han. Sakonunetik irten, eta ezkerretik gora doan zidorrari segika arituko da. Aldamiñape eta Ubide inguruak lotzen dituen basabidera irtengo da laster. Ezkerreko bidetik jarraituko du orduan, eta Aldamiñapeko txaboletara iritsiko da.

Iraganaz jantzita

Etxolen artetik igaro, ibarrean aurrera egin eta zaharberritu duten azken etxolara iritsita, erne ibili behar du oinezkoak Egiriñaora doan bidexkari heltzeko. Horretarako, sakonunean behera egin ordez, ezkerretik doan bidexkatik jarraituko du, ibarra inguratzen ibiliko balitz bezala. Goratasuna hartzen lagunduko dio berehala zidor ezkutuak. Tarte batez, Lapurzuloganaren azpian dela, aldapa pikoa agertuko zaio irudi pitoresko baten moldean. Lapurzulo izena hartzen duen bide sonatua da. Handik egingo du igoera nekosoa, bide harritsuan barna. Aldatsa amaitu eta Bacigalupe mendizalearen omenez altxaturiko gurutzea ikusiko du malkarrean. Gurutzeraino iritsi gabe, ordea, ezkerrera egin eta, Arratebaltzetako atakatik igarota, Egiriñao eta Arrabako aterpetxea lotzen dituen bidexkarekin bat egingo du. Egiriñaoko aterpetxea Aldamin eta Gorbeiako magal erraldoiaren oinaldean dagoenez, ezkerrera egingo du bidebanatzean, eta, pagadia zeharkatu ostean, Egiriñaora iritsiko da.

Bihar: Apotzaga eta Untzilla elizateen arteko harbideetan.]]>
<![CDATA[Txabolapea, Legutioko gerra eremua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/029/001/2023-06-27/txabolapea_legutioko_gerra_eremua.htm Tue, 27 Jun 2023 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1865/029/001/2023-06-27/txabolapea_legutioko_gerra_eremua.htm Memoria ibilbideak izenburua hartu dute zidor horiek. Naturan egokitutako mural eta bide seinaleei jaramon eginda, ibiltariak aukera ona izan ohi du, besteak beste, 1936ko altxamenduak sorraraziko triskantza eta artegatasuna bertatik bertara ezagutzeko.

Legutio Arabako iparraldean dago, Bizkaiko mugatik hurbil-hurbil. Hiribildua urtegiaren ertzean ikusten dugu gaur egun, kulunka mantsoan. Bagarik gabeko itsasoaren abaroan izanda ere, ez du beti merezitako soseguaz profitatu. Ez, bederen, historia handiko gune estrategiko bati dagokion neurrian. Izan ere, zeru lurrak astintzen hasi ziren 36koan, eta, gauzak zer diren gero, protagonismo bizia hartu zuen bazter ezagunak. Txabolapea pinudi trinkoa eszenatoki odoltsua izan zen orduan, eta, tamalez, magal leunak odoleztatuak izan ziren urrikalmendurik gabe. Hilotzek pinudiko bazterrak hartu zituzten, bi bandoen artean baja ugari gertatu zirelarik.

Borroka egun horietako agertokiak irudikatzearen karietara, ibilbide bat egingo dugu Legution hasita, baita Basatxiko muinoa inguratuta ere. Igoera xumea bezain eztia gauzatuko dugu hasieran, hariztiak eta belaze zabalaz jantzitako landen artean. Txuliando eta Basatxi parajeon gaindi Txabolapeko pinudiarekin bat egingo dugu ziztuan. Defentsarako lubaki bihurgunetsuak eraiki zituzten hantxe bertan, eta, gaur egun bazterrok sastrakez eta astoarrosez beztituta ikusi arren, orain dela urte gutxi lurpetik atera zituzten liskar haietan hildako bi gudulariren gorpuzkiak.

Legutioko bidea

Legutioko eliza inguruan hasiko gara ibilian. Pilotalekuaren aurretik igaro bezain laster, kale nagusia utzi eta eskuinera egingo dugu Urrunagako urtegia elikatzen duen Bosibaieta errekara jaisteko asmoz. Muinotik behera egiten lagunduko diguten eskailerak baliatuko ditugu. Hala, porlanezko mailak lagun, Albinagoitik mantso-mantso nabigatzen duen emari apetatsua zeharkatuko dugu. Bidebanatzean, eskuinera hartu, eta Memoria Ibilbidearekin bat egingo dugu. Bide seinale metaliko batzuk ikusiko ditugu bidean, tinda urdineko marra bikainez markatuak.

Aldatsa amaituta, asfaltoa utzi eta basoan sartuko gara bizkor-bizkor. Bidean aurrera eginda, inguruko landaretzak erakarriko du gure interesa: urkiek, haritz amerikarrek eta hurritzek, besteak beste, ederki zedarriztatuko dute bidexka. Ur biltegia ezkerrean laga, eta altzifreak lerrokatuak ikusiko ditugu goratasun pitin bat hartuta. Azkenik, pinudi ezagunera iritsiko gara. Mugarri txikiak Legutioko barrutian gaudela gogoraraziko digu; Txuliandoko parajean, hain justu ere.

Bide nagusitik irten gabe, gudularien gorpuak agertu ziren tokira iritsiko gara. Ezkerraldean Basatxiko belardiak ikusiko ditugu eta, urrunago, atze oihal baten erara, Gorbeia eta Lekanda handiak. Maldan behera jarraituko dugu gero, eta itxitura batera helduko gara berehala. Hariztian sartu, eta, elorri zuriak, gorostiak eta ametzak bidelagun, zeharkaldi polita egingo dugu basoan zehar. Lau bide elkargune batean, eskuin-ezker egin gabe, zuzen jarraituko dugu. Enbor lodia eta zimurtsua erakusten dituzten haritz batzuk izango ditugu aurrez aurre, magal zabalean ederki sakabanatuta.

GR 25 zidorra batuko zaigu xendak banantzen direnean. Orduan, ezkerrera jo eta seinale zuri-gorriak lagun, zehar-zehar jarraituko dugu. Meategiak izan direneko parajetik hurbil, langa metaliko bat zeharkatu, eta, porlan bidea alde batera utzita, meategiko esparrua zeharkatuko dugu, alderik alde. Pistara berriz irtenda, eskuinera egin eta asfaltoari men eginez, goratasuna galtzen hasiko gara. Bosibaieta erreka gurutzatu ostean, ezkerrera egin, eta, Saindurdi kalean aurrera egin ostean, Legutioko plazara iritsiko gara.]]>
<![CDATA[Marinda, Kuartangoko itsasargia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/027/002/2023-04-25/marinda_kuartangoko_itsasargia.htm Tue, 25 Apr 2023 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1865/027/002/2023-04-25/marinda_kuartangoko_itsasargia.htm atso bat bizi zen Arriano inguruan, Sendadiano herritik hurren. Adintsua izateaz gain, aski indartsua zen. Izan ere, atsokerietan ibili gabe, Arkamu mendiguneko Orao leiho karstikoa bat-batean egin omen zuen. Marinda tontorrera igoa zela entzun izan da inoiz edo behin. Nonbait, Marindako talaia lainoak jantzita egon ohi zenez, gaitza izaten zen gailurrera igo eta sosegu hartzea. Baina, gure protagonista bolada oneko egon zen. Tontorrean hara-hona ibilita, paisaiak erabat sorginduta geratu zen. Irudikatzekoa da, hortaz, atso zaharraren zirrara eta lilura.

Gu ere Marindako tontorra zapaltzeko asmoz jarriko gara abian. Sendadiano (Kuartango, Araba) izango da abiapuntua. Bazterrak ezagutzearen kariaz, ibilbidearen inguruko jakingarriak irakurtzeko parada izango dugu zoko batean. Hori guztia ibilian hasi aurretik. Gero, kale nagusiari men eginda, herriguneko bazter eta txokoak ezagutzeko abagune ederra izango dugu. Metalezko langa batera helduko gara ziztuan. Herriko ur biltegiaren ondoan.

1913ra arte Kuartangoko ibarreko hiriburua izandako herria atzean utzita, basabiderik behinenari jarraituko diogu, presarik gabe. Hortaz, astiro-astiro egingo ditugu urratsak, ibiltari behatzaile finak antzo. Erkametz eta ler gorriek inguratuta, udazken amiragarriak utzi ohi dituen opari kromatikoak miresteko aukera baliatuko dugu oraingoan ere goratasuna eztiki hartzeko. Marinda tontor piramidalera hurreratu ahala, ikuspegia zabalduz joango zaigu. Soa atzera itzulita, Badaiako goi ordokiaren mendebaldeko harresi gaindiezina antzemango dugu. Hantxe finkatuko dugu guk ere gure begirada, Kuartangoko ibarra korritzen duen Baia ibaiak mendigune aparta tinko-tinko mugatzen du eta.

Kruziagatik Marindara

Kruziagako lepoan izango gara berehalakoan. Ondoan, Sendadianoko gaina eta Gordobil muinoa. Eskuin-ezker egin gabe, aurrera jarraituko dugu, betiere Kuartangoko Cervino itxura hartzen duen ertz koskatua helburu hartuta. Lepotik metro batzuetara ikusiko dugun bidebanatzean, eskuinekoa utzi eta, sestra kurbari eutsita, ate berde bat ikusiko dugu aurrerago. Marindako Izkina deritzan tokian gaude. Jokano, Marinda eta Sendadiano herrietako natura esparruak bereizten dituen hesia gurutzatu eta, ertzari estuki lotuz, magalari gortea egingo diogu. Bidexkak, sigi-saga, hegalean gora bideratuko gaitu tuparriak eta kareharri xaflatu zabalak zapalduta. Uste baino arinago, Marindako tontorrean izango gara. Karkamu lerro aldapatsua bistaratuko dugu hegoaldean, Badillo ibarraren gainean zutituta. Atze-atzean, Errioxaldeko muga-mugan, Toloño mendilerroko silueta apartak ikusiko ditugu. Iparraldean, ordea, Gorbeiako mendiguneak hartuko dugu protagonismo osoa. Gertu baino gertuago, Gibilloko ordokiak eta baso trinkoak izango ditugu, Iartuko ibarraz beste aldean.

Takolo pagadia

Itzulera egiteko, gandorretik jarraitu eta, amildegia ezkerraldean daramagula, goratasuna galtzen hasiko gara. Tentu handiz ibiliko gara zorua ez baita sendoa. Pinudi-hariztian sartuko gara une batez. Enbor xumeak izurtzen arituko gara orduan, haien artetik doan bidexka apetatsuari begia kendu gabe. Basotik irtendakoan, behera egiteari utzi eta eskumatik irekiko zaigun igarobidea baliatuko dugu zeharkaldi laburra egiteko. Ehunka metro ibili ostean, Orramutako lepora iritsiko gara, hots, Haitzaren barrera izena hartzen duen lekura. Langa igaro eta Orramutako zelaira jo ordez, eskuinera hartu eta Traselpico bideari oratuko gatzaizkio. Marinda eta Iartu Komunitateak bereizten dituen bidean aurrera egingo dugu, betiere basook larrazkenetan hartu ohi dituzten kolore eta formaz gozatuta.

Lapurren iturriaren ondoan barrera bat ikusiko dugu. Marinda, Sendadiano eta Iartuko Komunitateak bat egingo dute han. Ostogozabaleko larrean aitzina eginda, bideak bihurgune zabala egingo du Takolo pagadia beherago utzirik.

Basabidetik irten gabe, Kruziagako lepoan izango gara berriz. Sendadianora berehala iritsiko gara.]]>
<![CDATA[Ribabellosako ingurubira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/025/001/2023-02-28/ribabellosako_ingurubira.htm Tue, 28 Feb 2023 00:00:00 +0100 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1865/025/001/2023-02-28/ribabellosako_ingurubira.htm
Horiek horrela, Somo izeneko lepora iritsita, herriko ur biltegia ikusiko dugu bide ondoan, baita galtzada zaharrari buruzko jakingarriak ere. Lepotik behera egingo dugu segidan. Sei elizak deritzan naturbidea Armiñongo ur-biltegian batuko zaigu aurrerago. Bide seinale horiek izango dira, hain zuzen, Erriberabeitiko ingurubira egiten lagunduko dutenak. Trenaren azpiko tunela aurrez aurre dugula eta Armiñon herrian sartu gabe, ezkerrera hartu eta burdinbidearen paraleloan jarraituko dugu. Hala, igoera xumearen ostean, bazter egingo dugu GR 1 zidor historikoa. Horren ordez, aurrerapausoak ematen jarraituko dugu Zadorra ibai emaritsuari begirik kendu gabe. Manzanos herriko Geltokiko auzoa bistan dugula, sestra kurbari men egingo diogu. Hala, sigi-saga, magala zeharkatuz joango gara, astiro-astiro. Vallemonteko ibarrarekin bat egindakoan, bihurgune zabala egingo du bideak eskuin aldera, eta Manzanos herriraino lagunduko digu.

Quintanilla eta Melledes

Eliza aurreko plazan, Donibane kalea hartu eta Melledes eta Quintanilla Erriberabeiti aldera doan errepidean gora abiatuko gara. Asfaltoak ezkerrera jo baino pitin bat lehenago, eskuinetik doan nekazari bideari ekingo diogu. Hasieran, errepidearen paraleloan ibiliko gara. Osilla iturri inguruan, hots, bideak eskuinera egin eta metro gutxira, erne ibiliko gara mendian gora egiten duen bidexka bati ondo heldu gakizkion. Txilarra, ezkaia, ipurua, erkametzak eta ler gorriak gogaide, sigi-saga arituko gara magaletik barrena. Lasa-lasai ibiliko gara, goratasuna hartu ahala bidea pitin bat zabaldu egingo da eta. Leporaino jarraituko gaitu. Toloño, Umion eta Arcenako mendiguneak, besteak beste, izango dira talaia horretatik bistaratuko ditugun mendigune nagusiak.

Ondoren, ezkerrera egin eta Sobresanjuan muinoa inguratzen hasiko gara. Hego-mendebaldera eginez, beraz, goratasuna galduz joango gara apurka-apurka. Basoak sorrarazten duen galeriaz bapo gozatuta, Melledes herrira helduko gara. Gero, asfaltoan behera jarraituta, Quintanilla herrian izango gara. Pikota ondoan hartuko dugu elizara doan kale nagusia. Tenpluaren eskuinetik igaroko gara artadiak bete-betean hartu gaitzan. Aurrerago, baina, bideak eskuinera egingo du. Herriaren gaineko talaia eder batean kokatuko gara ziztu batean. GR 1 zidorrak eta Donejakue Bideak lagunduta, Sobrevilla deritzan parajetik jarraituko dugu. La Sernako errepidera irten aurretik, ezkerrera egingo dugu bidebanatze batean. Horiek horrela, 50 metro inguru egin ondoren, basabide hura lagako dugu, eta eskuinetik irteten den GR 1 zidorrari men egingo diogu. Xenda ederra bezain liluragarria da, hots, Quintanilla eta Igai herriak behiala lotzen zituen harbide maiztua.

Galsoroak eta basoa tartekatzen ikusiko dugu bizkor. Uste baino arinago, Igai herrira doan errepidera irtengo gara. Metro batzuk behera eginda, herrigunean sartuko gara. Elizaren aurreko parketik igaro bazin agudo, ezkerrera hartuko dugu Baia ibaira jaisten den zidorrari oratze aldera. Herritik 400 metrora, Igaiko zubira iritsiko gara. Ibaia gurutzatu gabe, ezkerrera okertu eta ur emariaren ondoan jarraituko dugu, errepide estutik. Igaiko errepidera irten eta berehala, asfaltoa atzean utziko dugu. Hortaz, eskuinetik ikusiko dugun tunel azpitik igaroko gara. Tuneletik irtenda, eskuinera egin, eta, ehunka metro egin ostean, burdinbidea zeharkatzeko aprobetxatuko dugu. Segidan, ezkerrera egin, eta trenbidearen paraleloan jarraituko dugu. Desbideratzerik hartu gabe, Ribabellosara iritsiko gara berriz ere.]]>
<![CDATA[Valderejo malkartsua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/023/002/2022-11-08/valderejo_malkartsua.htm Tue, 08 Nov 2022 00:00:00 +0100 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1865/023/002/2022-11-08/valderejo_malkartsua.htm
Barrera igaro eta Portillako atakara doan zidorra bazter utzita, zehar-zehar jarraituko dugu hegala korritzen. Astigarrak, erkametzak, urkiak, hurritzak eta gorostiak aldamenean daramatzagula, behatoki moduko gune batera helduko gara berehala. Valderejoko egitura geologiko bereziaz ohartzeko aukera bikaina izango dugu handik. Izan ere, erraz egingo zaigu antzematea Valderejo haran zabala bezain ederra dela. Akaso, harrituko gaituen fenomenoa tapiz berdearen gainean latxarazitako kareharrizko hormatzarraren presentzia bera izango bide da. Alde bietan antzemango ditugu gandor malkartsuak. Atentzioz begiratuta, ordea, forma geometriko perfektua irudituko zaigu, simetria apetatsu baten antzo landua. Geologoek diotenez, Valderejo harana itsaso zabal batek hartu zuen orain dela 200 milioi urte. Begirada, beraz, oso atzera bota beharra dago prozesu geologikoa ulertzeko. Lurraren indarrek ganga moldeko goragune bat sortu zuten orduan, itsas plataformaren baitan. Bestela esanda, antiklinal eder bat da Valderejokoa. Onenetakoa, adituen ustetan. Eta, nola ez, magiaz beteriko mendigunea.

Riberako ondasuna

Muinoa zeharkatzen jarraituko dugu. Gure pausoak pinudiak eta artadiak osatzen duten basorantz bideratuko ditugu. Bidebanatzean, ezkerreko bideari muzin egin eta, behera hainbat metro egin ostean, eskuinetik abiatzen den zidorra hartuko dugu. Hari segika, goratasuna galtzen hasiko gara. Maldan behera eta paisaia sorginduak erabat bilduta. Ler gorrien artetik ibilita ere, pago kromatikoak basoan barrena sakabanatuta ikusiko ditugu. Opari galanta, zinez, larrazkenaz gozatzeko.

Polledo errekarekin bat egingo dugu basabidearekin bat egindakoan. Eskuinera joko dugu orduan, eta haren ondoan jarraituko. Laster, ordea, gugandik ihes egingo balu bezala, alde batera utziko dugu. Harrizko galtzadari begia kendu gabe jarraituta, Ribera herri hustura iritsiko gara. Puron ibaia zeharkatuko dugu han, zubitik. San Esteban elizako (XIII) altxorrak ezagutzeko aukera ezin hobea izango dugu ondoko bidebanatzera iritsita. Besteak beste, 80ko hamarkadan azaleratutako horma pinturen sorta.

Puron, ibai dantzaria

Bisita egin ostean, behera egin eta Riberako atsedenlekura iritsiko gara. Hegoalderantz abiatuko gara gero, betiere larre zabalaren erditik doan zidorrari jaramon eginez. Santa Ana mendi piramidalak Puron ibaiko haizpitartera iristen lagunduko digu. Bidexka bihurgunetsuaren eskutik goxo-goxo ibiliko gara ibaiaren paraleloan. Han, ia-ia ezkutuan, Puron ibaiak sorraraziko lehen ur-jauzia ikusiko dugu. Ez da bakarra izango, haitzarteko paraje karstikoan hainbat turrusta irtengo baitira barrunbeetatik.

Zubira iritsita, paraje ezagunaren aurrean izango gara. Arabari dagokion zatirik ederrenean gaude. Derrigorrezko argazkiak egiteko eta paisaiaz soseguz gozatzeko unea da. Haitzartea atzean utzita, arte eta pinuen artean jarraituko dugu, Obarenes-San Zadornik (Burgos) natur parkeari lotu arte. Makal batzuk hazten diren lekutik hurbil, San Felices eta San Roque ermitak ikusteko gonbita egingo digu bide seinaleak. Aztarnategitik jaitsi eta bide behinenari segika, Herran herrira helduko gara.

Lalastrara bueltatzeko aukera batzuk direlarik ere (San Lorenzotik, Santa Anatik...) ibilbide beretik itzultzea aholkatzen zaie bertaratzen direnei.]]>
<![CDATA[Goikobidea, Maurgako eraztuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2046/023/002/2022-09-27/goikobidea_maurgako_eraztuna.htm Tue, 27 Sep 2022 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/2046/023/002/2022-09-27/goikobidea_maurgako_eraztuna.htm Goikobidea izena hartu du eraztun berde honek, eta Javier Goikoetxea zigoitiarraren omenez diseinaturik dago. Abadelaueta etnografia elkartearen sortzaileetako bat izaki, Goiko lagunak eskualdeko iraganaren eta memoria historikoaren gainean interesa pitzarazi zuen zigoitiarren artean.

Maurga herrian (Araba) emango diogu hasiera ibilbideari. Eliza parean, errepide bazterrean dauden edukiontzien ondoan abiatuko gara. Goikobidea izenburupean ezaguna den ibilbidearen nondik norakoak irakurtzeko aukera dago argibide taulan. Elizara igo gabe, Aldape kalean aurrera egingo dugu. Axpeko zubiraino laguntzen duen bidean aurrera egingo dugu segidan. Berehala, bihurgunera iristean, eskuinera jo, eta belarrez jantzitako bideari atxikiko gatzaizkio. Metro batzuk goxo-goxo ibilita, bide nagusitik irten, eta ezkerretik doan bidexkatik jarraituko dugu. Bi hesiek mugatuta, Izua errekaren gainean izandako zentral elektrikora iritsiko gara. Presa eta uhatea, bista aurrean. Ehun arte atzera egin behar dugu haren inaugurazioaren berri izate aldera. XX. mendearen erdira arte ibili zen martxan.

Murabeko herri hustua

Errekaz beste aldean antzemango dugu hartu beharreko zidorra. Euri jasa handiak gertatzen direnean, ordea, urak gainezka egiten baitu, jauzi polita sorrarazten da hormako presan. Halakoetan, hobe da ibarrean gora ehunka metro egin, eta pasarela zeharkatzea. Gero, errekan behera jarraitu eta basabide batekin topo egingo dugu. Eskuinean, bidebanatzetik metro gutxira, arku bakarreko Izubarri zubia (XIX) ikusteko aukera dago. Bestela, ezkerrera hartu, eta maldan gora abiatuko gara hariztiaren babesean. Zurrunpo trokea laster batean agertuko zaigu, mazelaren ezkutuan.

Bide nagusiari men eginez, aurrerapausoak emango ditugu, ler gorriak, haritzak eta izeiak gogaide. Bidean eskuinaldera egingo dugu aurrerago. Orduan, basoko enbor meheak izurtzen ibiliko gara Murabe herri hustura doan bidebanatzera irten aurretik. Aurrez aurre, Murabeko Donibane baseliza altxatzen zeneko parajea dugu. Goiko lagunari eskainitako monumentu xumea ere ikusiko dugu bertan, baita azken hilotan egindako indusketa lanen arrasto esanguratsua ere. Bide nagusira berriz irtenda, eskuinera hartu (iparra), eta, aldatsa amaitzean, hesia igarota, bidebanatze batean izango gara. Eskuineko bidea utzi, eta mugarri zahar baten eretzetik igaroko gara. Harritik hogei metrora edo, eskuinera egin, eta, ler gorriak eta ametzak bidelagun, Gorbeiako natur parkean sartuko gara. Paseo gozoan, langa batera helduko gara. Ezkerreko bidea Axpe zubitik dator, baita Maurga herritik ere. Behera egin gabe, baina barrera igaro eta eskuinera hartuko dugu. Jaitsiera xumea egingo dugu GR-25 Lautadako zidorrak lagunduta. Muruako ur hartunea ikusiko dugu Boilaran errekan.

Elurtegia eta Lihosina

Erreka gainetik igarota, aldapa xumeari aurre egin ostean, Ametzua errekastoaren ondoan jarriko gara. GR-25 zidorra uzteko garaia izango da orduan. Ametzua errekari begia kendu gabe jarraituko dugu guk. Zubizar inguruan, ertzaz aldatu eta Muruako elurtegira iritsiko gara. Eraikinari sabaia falta zaiolarik ere, erraz da imajinatzen harrizko hormok hartu zuten dimentsioa. Kurtzeburu muinoaren iparraldean metatutako urrezuria Gasteizko eta inguruko herri handietako beharrei erantzuteko baliatu zuten.

Basabidean aurrera egin eta berehala, Lihosineko putzura iritsiko gara. Ametzua erreka gurutzatu gabe, uraren ertzetik doan zidorrari jarraitu, eta Muruara doan nekazari bidera irtengo gara. Herria zeharkatzen hasita, eskuinera hartuko dugu bidebanatzean. Muruako pozadera-iturri paretik igaro ondoren, hilerri parean jarriko gara.

Eskuinera hartuko dugu han. Igoera xumeak Eltaldarrateko lepoan jarriko gaitu, oso leku aproposean Birigako gaina zapalduko bada. Maurga herri gaineko bista polita dugu lepotik zein tontorretik. Nekazari bidean behera egin eta eskuinera hartuta, Larrinoabidetik jarraituko dugu Maurgaraino.]]>
<![CDATA[Ebro ibaiaren abaroan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/038/001/2022-07-24/ebro_ibaiaren_abaroan.htm Sun, 24 Jul 2022 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1917/038/001/2022-07-24/ebro_ibaiaren_abaroan.htm
Ur lasterraren alde bietan, antzerako substratuak, terrazak eta muinoak agertuko dira. Izan ere, mendeetan zehar eskualdeko paisaian eragin handia izan du Ebro ibaiak. Parajeotara aurreneko aldiz hurbiltzen denak ongi daki zer den so egitea paisaia ondulatuan barrena. Baina, gero, ibar xumeetan begirada zorroztuta, pikor fineko hareharrizko material ugari antzemango ditu han eta hemen, batik bat Ebro ibaiko ohantzera hurbiltzeko pausoak ematen dituen heinean. Alabaina, Errioxakoan ez da dena kolore okre-horixka; mahastiek hartutako ordokien gainean muino deigarri batzuk goitituta ikusiko ditu-eta: tontor batzuk piramideen antzo tupustean gailenduta antzemango ditu; eta beste batzuk, menturaz higadurari aurre egite aldera, mahai zabal batzuen itxura hartuta. Edonola ere, muino horietako lurzorua egongaitza izanagatik ere, besteak beste sastraka xerofiloak, artadi trinko xumeak eta, oro har, hegoaldeko klimari dagokion landaretza bitxiak jantzita agertuko dira.

Meandro itxurako eremua izaki, Ebro ibaiko pilaketa alubialak gertatuko dira han-hemenka, lurzoru hareatsuarekin batera. Meandroaz beste aldean, ordea, akaso ezponda bertikalak atentzioa emango dio behatzaileari. Remolinos atsedenlekuaren inguruan, uholde lautadaren gainetik galeria osatzen duten zuhaitzak ikusiko ditu bidaztiak. Beste batzuen artean, makalak, hosto txikiko lizarrak, sahatsak eta haltz beltz bakan batzuk.

Ebroko jauzia

Lapuebla de Labarca (Arabako Errioxa) herrian emango zaio hasiera ibilbideari. Herriko plazatik behera egingo du, Fuenmayor aldera, eta lehendabiziko bihurgunean gelditu egingo da. Izan ere, atsedenleku baten antzera kokatuta, Ignaziotar Bide sonatuari gorazarre egiteko parkea egokitu baitute. Errepidean behera jarraituko du gero, eta atxitamatxien inguruko xehetasunen berri izango du parke xumean. Ebro gaineko zubira iritsiko da jarraian. Tentu handiz, baina, errepidearen paraleloan jarraituko du, eta Geltokiko auzorantz (Fuenmayor, Errioxa) bideratuko ditu pausoak.

Castejon-Bilbo trenbidearen azpiko tuneletik igaro gabe, ezkerretik doan zidorrari men egin eta Ignaziotar Bideko tinda laranjako markei jarraituko die. Zuzen-zuzen joko du silo aldera, eta, espero duenaren kontrara, mahasti zabalean sartu gabe -debekatuta dago-, burdinbidearen ondoan ehunka metro egingo ditu hosto txikiko lizarrak eta intxaurrondoak bidaide dituela. Haien hostoek seguru asko ez dute dardaraka hasteko ere indar nahikorik izango; izan ere, bero sapa itsaskorra gertatzen denean -uda partean, batik bat- ezer gutxi mugituko da parajeotan. Une batez, trenbidea gurutzatuko du, eta Molino Quemado izena hartzen duen bidetik jarraituko du, astiro-astiro.

Mahastiak alde bietan dituela, bidebanatze batera helduko da. Ignaziotar Bidea lagatzeko unea izango da orduan. Ezkerrera egin, eta Remolinos bidearen esanetara jarriko da ibiltaria. Bihurgune helikoidal batek trenbidearen azpiko tunelean utziko du oinezkoa. Hango ilunpean barneratzearekin batera, irudipen arraro samarra izango du. Izan ere, buru gainetik trenak igarotzen diren bitartean, ur-masa ondoko aintziran bil-bil egina ikusiko du. Baita El Cortijoko presa uhateduna ur lasterra baretzen ere. Aurrerago, urtegiko uhatetik datorren jauzi hotsa entzungo da. Isil-isil jarraituko du haraino, ur emariaren paraleloan doan nekazari bideari helduta. Bizkitartean, urtegia bisitatzen duten hegaztien urrumaz gozatuko du.

Rincon eta Gaztelua

Saltoko uhate multzoa ezkerraldean duela, ikusiko du gaur egungo trenek bestelako trazadura daramatela. Laster jakingo du Castejon eta Bilbo lotzeko asmoz 1863an inauguratutako trenbidea El Cortijo auzoan gelditu zela aurreneko aldiz, 1934an. Baina, gauzak zer diren gero, zerbitzua hainbat hamarkadatan eman eta gero, Ebro ibaiko meandroak inposatutako bihurgunea bazterrean geratu zen betiko. Gaur egun, beraz, Ribapedron azpitik jarraitzen du tren arinak.

Eskuin-ezker egin gabe, ibiltariak aurrez aurre duen tunel xumea hautatuko du. Aho ilunetik irtenda, ezkerrera egin eta utzietsitako trenbide berdera igoko da. Remansoko begiratokia aproposa da Ebroko ura ikuskatzeko, baita El Cortijoko zentral hidroelektrikorako eraikitako zazpi uhateetan arreta fintzeko ere. Iparralderako urratsak egingo ditu ondoren, eta bigarren behatokira helduko da. Toloño eta Kodes mendilerroei begira jarraituko du. El Cortijo auzotik hurbil-hurbil, bidea gotortu eta behialako geralekura iritsiko da. Markesina atzean utzi eta errepidean gora egingo du gero, elizako plazara iristeko.

El Cortijo auzoan hasita, Gaztelua eta Rincon gainetara igotzea erraza da. Lehena karlistada garaiko dorre optikoa da, talaia ederra Arabako eta Errioxako bazterrak hartzen dituen mahasti itsasoaz gozatzeko. Auzoko igerilekuetatik gora eginda, erraz asmatuko du ibiltariak tontorrerainoko bidea.

Rincon muino piramidala bisitatuko bada, ordea, hobe da auzoan sartu eta pilotalekuaren atzetik jarraitzea. Gero, Logroñoko hiribidean aurrera egingo du, bihurgunera iritsi arte. Orduan, asfaltoa laga, eta, Toloño mendigunean begirada jarrita, trenbide berdearen gainetik igaroko da. Bidebanatzearen erdi-erdian, Jesus Barcenas bizilagunak egokitutako eguzki erloju bitxia ikusiko du. Eskuinetik segituko du orduan, Mantible zubi erromatarra helburu duen nekazari bideari ekinez. Azkenik, tontorrera zuzen-zuzen egingo du, muinoaren ertzetik bertatik doan zidorrari ondo-ondo atxikita.

Demanda eta Toloño mendilerroen arteko paisaia zabalaz gozatu ostean, tontorretik jaitsi, eta, ibilbide berdea lagun, Lapuebla de Labarcarako bideari oratuko zaio berriz ere.]]>
<![CDATA[Athekagaitzeko leihoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2308/030/001/2022-07-23/athekagaitzeko_leihoa.htm Sat, 23 Jul 2022 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/2308/030/001/2022-07-23/athekagaitzeko_leihoa.htm
Artzamendi eta Mondarrain tontor ezagunak udalerriaren hegoaldean agertuko dira. Tentagarriak, zinez, Itsasu inguruko bazterrak deskubrituko badira. Halere, oinezkoarentzat proposamen egokiagoak badaude inguruan, hain zorrotzak ez direnak: Atharri, Kondixingogaina eta Urtzumu, esaterako. Itsasu inguruan zirkuitu interesgarri bat osatzeko aukera polita emango dute muino horiek.

Fruitu txiki gorrixkak ahogozatzeko parada ere bada Itsasun. Urtero-urtero gereziaren besta antolatzen baita. Plazak eta karrikak bisitariz mukuru jartzen dira orduan. Alta bada, jende andana hurbiltzen da gereziaren laborea bertatik bertara ikusteko asmoz. Ekaineko lehen igandea gorriz markatzen da egutegian, hortaz, gereziak miresteko aztura aspaldikoa baita. Izan ere, gerezien garrantzia agerikoa da, eta herriko armarrian ere protagonismoa hartzen dute.

Begiak ez ezik, gainerako zentzumenak ere dantzan jarriko ditu festazaleak fruitu mamitsu eta azukretsua ahoratzean. Marmeladan jarrita ala hutsa. Egun seinalatuan, egitarau oparoa antolatzen da musika, dantzak eta gastronomia uztartuta. Beraz, Ezpeletako piperraren sor-marka ez ezik, peloa, xapata eta beltxa gerezi barietateak ere franko ezagunak dira itsasuarren artean. Milaka gereziondo erroitzen dira mendi hegaletan, eta urteko produkzioa 15-20 tona ingurukoa izaten da.

Harrizko leihoa

Athekagaitzeko leihora doan ibilbidea Itsasu herriko plaza nagusian hasiko da, pilotalekua eta Hotel du Fronton altxatzen diren lekuan. Arrabota eskuinaldean lagata, karrika nagusitik goratasuna galtzen hasiko da ibiltaria. Balaki trinketa aurrez aurre dela, eskuinera egin eta San Fruktuoso elizarantz joko du. Metro batzuk karrika horretan, eta berriz hartuko du eskuinera, elizako bideari oratuta. Asfaltoan behera egiten ari dela, Arrokagarai eta Atharri muino luzeen artetik irekitzen den arroila xumea antzemango du. Muino bien artean, Artzamendi erraldoia. Athekagaitzeko leihoa zokogune horretan dagoenez, haranzko pausoak emango ditu oinezkoak, paraje magikoak sorginduta.

Esponda baserriaren parean (1690), ezkerreko karrikari oratuko zaio ibiltaria, Bidarteko eta Berrueteneko bideei muzin eginda. San Josep eskola atzean utzi eta berehala, eliza ondoan izango da. Atharriko patarra adierazten duen seinaleari jaramonik egin gabe, pauso zuzenak egingo ditu Pas de Roland edo Athekagaitzeko harriaren aldera. Errobi ibaia jauzika doan bezalaxe, hola abiatuko da. Bide zaharra galipotez beztitzen baita, turisten autoetatik itzurian ibiliko da erne-erne, harik eta harri sonatuaren alboan jarri arte. Orduan, bai sosegua! Harriaren azpiko pasabidea Errobi arroilaren hasieran ikusiko du. Leihoa eta guzti. Errolanek egin omen zuen zulo hori, seguru asko ezpata ezaguna eskuan zuela.

Dena dela, harri sendoak bertan dirau, tinko-tinko, bisitarien aiduru, Errobi biziaren altzoan altxarazita. Arroilara gerturatu ahala antzeman badaiteke ere, Athekagaitzeko bazterra ezin liteke txundigarriagorik. Alta bada, gertakarien kronologiak begirada hainbat mende atzerago botatzera behartuko du. Kondairaren arabera, parajeotan ibili zen Errolan, Karlomagnoren iloba. Jenio indartsua izan omen zen hura, eta ezaguna egin zen harri izugarriak jaurtitzen zituelako mendi punta batetik bestera. Itsasuko inguruan, ordea, tradizioak jasotako elezaharrek erraldoitzat hartzen dute Errolan ahalguztiduna.

Atharriko gaina

Latseko auzotik hur-hur, atseden hartzeko gonbita egingo du hondartza xumeak. Bordagaineko errekak eta Errobi zabalak bat egiten duten bazterrean, hain zuzen, sosegurako deia egingo du ur emariak. Oin punttak busti ez ezik, soina freskatzeko aukera ere baliatu izan du orain arte haraino gerturatzen zen orok. Bizkitartean, zoriak lagunduta, ur laster bizian behera joan ohi diren txalupak igarotzen ikusteko paradaz gozatuko du. Ibaia gurutzatu gabe, Bidarrai aldera egin gabe, Atharriko lepora doan bidea hartuko du. Auzoa igaro berritan, Heleteneko patar ezti bati goiti jarraituko du. Malda amaituta, asfaltoa utzi, eta, kuartzitaz eta eskistoz osatutako harbide baten moldean, Atharriko lepora doan zidorrari oratuko zaio.

Haritzen eta gaztainondoen babesean, goratasuna hartuz joango da, Bordagaineko errekak irekitako ibar xumearen gainean ikuspegi ederrak dituelarik. Bide sardara iristean, xenda nagusitik irten eta eskuinetik gora egingo du, Atharriko lepora iristeko. Patar xumearen abaroan egonda, ziztuan kokatuko da goialdea janzten duen zelaian. Porlanez egindako gurutze bat ikusiko du lepoan. Ezkondrai tontorra eta, gorago, Mondarrain handia bistaratuko ditu hegoaldean. Ezkerrera egingo du lepoan, eta mendebaldera emango ditu pausoak. Iraztorra alde bietan duela, hinki-hankarik egin gabe tontorrera joko du zuzen-zuzen. Antena txiki bat dago Atharriko gailurrean. Garo artetik doan zidorrari jarraituko dio gero. Berehala, Legarreko lepora iritsiko da. Zuharretako lepora eta Mondarrain mendi ezagunera doan bidegurutze sonatuan dago. Ezkondrai tontor piramidalari bizkarra emanez, eskuinera hartu eta Gerastoko bideari jarraituta, Haraneko baserri multzorantz abiatuko da, aldats behera. Errepidean sigi-saga, Haraneko bordara iritsiko da aurrena. Panparrin (Pamparinia) etxe ikusgarrira hurrena, eta Basaburuko errepidera azkena.

Itsasuko aerodromoa

Haraneako lepoan, errepidea gurutzatu, eta Urtzumuko itzuliari ekingo dio. Lehen bidebanatzean, bide patartsua laga eta haren eskuinetik doan bide samurretik jarraituko du. Eskisto eta konglomeratuak basabidean zapalduta, Kondixingogainera iritsiko da, hots, Urtzumu mendiko hego-mendebaldeko goi ordokira. Hiru pago dotore ikusiko dira han. Zelaiko Itur Xokoan altxatzen den ur biltegia inguratu ostean, eskuinera hartu eta Urtzumuko bideari helduta, Itsasuko aerodromora iritsiko da.

Aerodromoko hangarraren parean, Touring Club de France elkarteak 1925ean jarritako mapa harria ikusiko du, baita atseden hartzeko parke bat ere. Errepide estuan aurrera eginda, Maxarrea baserri ondotik igarota, gaztainondoak eta haritzak bidaide, Itsasuko plazan amaituko du ibiltariak Athekagaitzeko ingurubira.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (eta VI): Ebro ibaiaren ingurua.]]>
<![CDATA[Leitza, harriaren gorazarretan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/030/001/2022-07-22/leitza_harriaren_gorazarretan.htm Fri, 22 Jul 2022 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1917/030/001/2022-07-22/leitza_harriaren_gorazarretan.htm Peru Harri izenekoa. 2010etik hona sona handia hartu du paraje horrek. Behin kareharrizko arkuaren azpitik igarota, artez eta kulturaz beztituriko gune horrek sorgindua sentituko da bisitaria. Muinoaren oinaldean ikusiko duen 300 urte baino gehiagoko baserri zaharberrituak arreta guztia erakarriko dio. Etxe barruko hiru solairuetan, argazkiak, txapelketetan erabilitako arropak, oroitzapenak eta, batez bere, harri puska ugari ikusiko ditu. Lan eskergaren egileak Iñaki Perurena eta haren familia dira. Museoan, beraz, ez dago motiborik etsipenerako. Harrizko artelanez osatutako itsasoan ilusioa eta pasioa ezinbestekoak dira, eta ontziburuak ahaleginak egingo ditu emozioari eusteko. Ezin esanguratsuagoa Perurenak harriari eskainitako bertsoa: «Zu zera nire bidelagun, baita bide luzeetan ere. Zu zara nire ametsen ispilu, zu zara nire leiho ta zu zera nire kabi. Zu zara amestutako egiaren egiazko ametsa».

Lemari maisukiro eraginda, hortaz, toki batetik bestera gidatzen du Perurenak turista saldoa. Katapulta aldera, aurrenik. Txikitxoek ere parte hartzen dute afera horretan. Tirriki-tarraka bada ere, kablea ardatzera eramatea lortzen dute azkenik. Gero, xuxurla estrainio baten ondoren, hatsa zintzurrean trabatzeko moduko isilunea nagusi dela, harrizko bola handia zerua zeharkatzera abiatzen da, tximista baten antzo. Parabola zabal eta nabarmena marraztuta, harriak eremuko soropila joko du azkenik, jendetzaren txaloen artean.

Naturarekin eta mitologiarekin topo egiteko leku aproposa da Leitzakoa. Baina ez da toki bakarra. Leitzatik kilometro batzuetara, Leitzalarrea izeneko basoa dago. Leku bakartua bezain ederra da, paseatzeko eta naturarekin ontzak egiteko aproposa. Leitzalarrekoan, aspaldiko izeidi bat hazten da. Ibiltaria monumentu natural hura ezagutzera abiatuko da Ixkibarreko atsedenlekuan abioa hartuta. Parkean barrena sakabanatutako monumentu megalitikoek argi asko erakusten dute gizakiaren presentziaren antzinatasuna.

Leitzalarreko parkea

Ibiltariak, Leitza herrian, Donostiarako errepidea hartuko du aurrena; Plazaolara doan asfaltoa hurrena; eta, azkenik, Leitzalarrea seinaleari men egingo dio. Guztira hamar kilo metro inguru autoan, errepide estuak eskaintzen dion paisaia dotoreaz bapo gozatuta. Hala, pago lirain eta haritz zimurtsuen artetik, Ixkibar izena hartzen duen parajeko atsedenlekura iritsiko da. Bide seinaleak ikusiko ditu basabide bazterrean. Eskuineko zidorrari ekingo dio, hots, SL-NA 284 kodea egokitu zaion ibili laburreko xendari. Hari segika, Leitzalarreko hainbat zoko-moko bisitatuko ditu: Aritzaundi, Urdola eta Sarasain, besteak beste.

Olanzko erreka eskuinean duela, geldoki hasiko da, basoa inola ere ez lozorrotik atera gabe. Ibilian hasi eta metro gutxira, Olantzeko bazterrean, ezkerretik doan xendari men egingo dio. Alertze basoaren babespean, Aritzaundira iritsiko da. Oroitarri batek azalduko du haritz sendo bat izan zela han. Harriko epitafioak gogora dakar 1888ko martxoko elurte oparoaren afera. Maindire zuria hain astuna izan zen, non errotik atera baitzituen ama lurrarekiko lotura estuak. Haritz zaharraren zainen ondoan haritz berri bat ikus daiteke egun, behialakoa ordezkatuz.

Sosegua hartu ondoren, eskuineko bidetik jarraituko du, malda samurraren abaroan. Basabideak eskuinera egiten duenean, ibiltariak zuzen joko du goratasuna hartzen segitzeko gogoz. Pagadia atzean utzi berritan, bidebanatze bat ikusiko du. Ezkerreko bideari ekingo zaio han, eta, tamaina ederreko haritzak gogaide, burdinazko barrera baten aurrean geldituko da. Zeharkatu ondoren, Urdolako zelaia aurrez aurre izango du. Bidexkak gainaldera zuzen jo gabe, zehar-zehar abiatuko da, ofitazko mazelari gortea eginez. Zinez eskertuko du xendaren deliberamendua. Izan ere, hanka punttak belardian murgiltzeko aukera baliatuta, paraje ederra korritzeko abaguneaz ederki gozatuko du ibiltariak. Aurrerago, basoaren iluntasunean berriz sartu aurretik, agindu bi beteko ditu bide batez: muinoko sabaian atanda edo mapa harri bat ikusiko du Leitzalarrea inguratzen duten bazterrak eta mendiak identifikatzeko; urrutiago, muinoaren muturrean, Urdolako harrespila antzemango du.

Izaieta, izei batzarra

Mapa harritik ehun bat metro aurrera egingo du, Urdolako gainari bizkarra emanez. Basoaren atarian ikusiko duen hesia gurutzatu gabe, pagadiaren ertzetik jarraituko du, ipar-ekialderantz urratsak eginez. Etxola erori baten inguruan, bideak eskuinera egin, eta, alanbre bat igarota, Urdolabarrenean zehar gidatuko du ibiltaria. Aldapa behera gozatu ondoren, basabide batera irtengo da. Ezkerretik jarraituko du aurrera. Errekaren ondora iritsita, eskuineko bidea hautatu, eta Sarasain iturrira helduko da. Basabide nagusitik jarraitu gabe, noranzkoa aldatuko du. Hala, Koskain aldera egingo du, hareharri gorri eta grisez jantzitako harbidean gora. Olaetako errekasto xumea gurutzatu ondoren, hariztiaren domeinuan sartuko da.

Koskaingo aterpetxera helduko da ziztuan. Etxearen atzealdetik doan bidexkari jaramon egingo dio ibiltariak. Errekastoa ondoan duelarik, pago eta haritzak itzuriko ditu, harik eta basabidera berriz irten arte. Orduan, ezkerrera hartuko du han, eta Izaieta monumentu naturala hazten den lekurantz abiatuko da. Aldats xumearen bukaeran Sarasain Bizkarrera helduko da. Pistatik hur-hurrean, izen bera daraman mairu baratzea ikusteko aukera izango du.

Lepoko bidebanatzean, beraz, eskuinekoa hartu eta minutu gutxiren buruan Izaietako basora helduko da. Parkearen sarreran azaltzen denez, Izeia esaten diote 1832ko izei talde horri. Garai hartako haztegi batetik geratzen diren aleak dira. Udegiko eta Egimearreko errekastoek mugatuta, naturazaleak, izei zuri erraldoiak ez ezik, bertantxe hazten diren espezie ugari ere ikusiko ditu. Bisita egin ostean, bide nagusira irten, eta basabidean aurrera egingo du Sagarmiako errekari begirik kendu gabe. Laster batean iritsiko da Ixkibarreko atsedenlekura, eta Leitzalarrean barnako ingurubira amaituko du.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (V): Atakagaitzeko harri zulatua.]]>
<![CDATA[Arantzazuko karstaren aitzakian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/030/001/2022-07-21/arantzazuko_karstaren_aitzakian.htm Thu, 21 Jul 2022 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1917/030/001/2022-07-21/arantzazuko_karstaren_aitzakian.htm
Fenomeno guztietatik harridura sorrarazten duena Gesaltza-Arrikrutzeko konplexu karstikoa da. Sareak hamalau kilometroko garapena dauka eta, geologoen aburuz, Euskal Herriko parajerik ikusgarrienetako bat osatzen du. Azalean baino, lur azpian errainu magikoagoa eraikitzen du. Baina, paradoxikoa bada ere, Arantzazu ibaiak lehor-lehor egiten du bidaia, goibeltasunez beterik. Euriari euri aritzen duenean, ordea, jauzika eta saltoka abiarazten da Arantzazukoa, lurrazaletik sartu-irten arina eginez. Xirmi-xarma desagertua batzuetan.

Gesaltzako ur-zuloa

Gesaltza auzoaren ondoan, kar harrizko horma bertikal grisaxkak ikusiko ditu ibiltariak. Eta hormatzarron oinarrian, ur zulo erraldoi bat. Gipuzkoan zabalenetako bat omen da hura. Esploratzaile ausarta mira-mira eginda geratuko da konplexuak hartzen duen handitasunaren aurrean. Bisean bis, 50 metroko ezohiko isurbidea. Eta aho durduzagarriaren atarian, harrizko bloke handiak antzemango ditu. Aliziaren lurralde miresgarrian legez, bisitaria iratxoen pare ibiliko da.

Ur emari eskasa izaten du Arantzazukoak. Zulo barrenetik erbesteratu baino lehen, Iritegi iturbegiko emaria indar elektrikoa sortzeko baliatzen dute beheragoko zentral hidroelektrikoan. Horren ondorioz, ibaiko ohantzea harri koskorrez beztituta agertuko da sarri. Baina, begiak arranpalo, ibiltariak harago finkatuko du soa. Izan ere, ibaian goxo-goxo kulunkatzen den ur gardena ez baita tupustean lurruntzen, ez eta tak! betiko galtzen ere. Finean, ur bihurriek konplexu karstikoko galerietatik zehar jarraitzen dute harmonia adeitsuan.

Ura, haitzuloak eta konplexu karstikoaren funtzionamenduaz jabetzeaz gain, Aizkorri-Aratz natura parkeko beste altxor batzuk deskubrituko ditu ibiltariak, baserririk baserri ibiltzen den bitartean. Arantzazu ibaiaren altzoan asko dira-eta magalean uzkurtzen diren baserriak. Albitxuri eta Arrolakoak, beste batzuen artean.

Sigi-saga harbidean behera

Arantzazuko santutegiaren aurreko aparkaleku zabalean GR eta PR ugari daude. Horietako batzuk argibide tauletan ondo marraztuta agertuko dira. Erabat tentagarriak, Arantzazu ibaiaren arroila gainean amu gisa jarrita baitaude. Talaiatik bertatik paisaia astintzeak errespetu pixka bat ezartzen du. Izan ere, oinen azpian desnibel handia dago: ehun metro baino gehiagoko erorketa librea Arantzazuko ibairaino, ederki marraztuta Pirinioetako arroila zirraragarri baten moldean. Baina, zorionez, bisitariaren begiradak labirinto karstikoko zoko-mokoak zeharkatuko ditu talaia beretik, eta Aitzabal tontor piramidalean sosegu hartuko du. Hain da ederra!

Panorama ezin liluragarriagorik izaki, Artaso, zuhaitz motzen ibilbidea lagun hasiko du ibilbidea oinezkoak, PR zidorrari dagozkion seinaleak ardatz hartuta. Maldan behera abiatuko da kareharrizko eskailerak sendo-sendo zapalduta. Lizarrak, haritzak, hurritzak eta gaztainondo xumeak ondoan, sigi-saga egingo du bidexkan barna, Kantabriako Tresvisoko meatze bidean tipi-tapa ibiliko balitz bezala. Lau minutu hara eta hona, eta bidebanatze batera helduko da. Ezkerreko zidorra aukeratuko du, aldapatsua izanagatik ere, xenda garbi-garbi azalduko zaio-eta. Beraz, Kortakogain, Artaso eta Arrikrutz inguruko zidorrak bertan lagako ditu. Oraingoz.

Arantzazu ibai lehorraren aurrean, eskuinera jo eta, asfaltoa lagun, sakanean behera jarraituko du. Aurrerago, ibaia gurutzatzeko aukera ikusiko du. Joan-etorria egingo du hor, Iritegi iturburua ikusteko xedez. Beraz, ezkerraldean dagoen zubia gurutzatu eta alanbrea igarota, ibaira jaisten den zidorrari men egingo dio. Arantzazu ibaia elikatzen duen iturbegi emaritsua ikusiko du laster, hots, kareharrizko horma bertikaletik indarrez isuritako urre gardena.

Iturburua ikusi eta gero, bide nagusira irtengo da berriz. Asfaltoari atxikita minutu batez egingo du ondoren. Kortakogainera iritsi gabe, ezkerretik irteten den zidorrari men egingo dio. Hurritzak, pagoak eta astigarrak itzurtzen Akuegiko errotara iritsiko da azkenik. Suspirio bat entzungo da han, etxetzarretik hurrean. Aukera izenez gero, harri biribil eta labainkorren gainetik saltoak eginez, ur-jauziraino iritsiko da. Ur-masaren kolpeak basoaren iluntasuna urratzen du, baina ibilguan ez du errotarririk topatuko, aspaldi eten baitzuten bere jarduna.

Ibaian behera jarraituta, zentral hidroelektrikoraino gidatuko du bidexkak. Ur-masa bertan pilatzen da, dikearen atexkak noiz zabalduko zain. Ibaiko ura iraulka ibili ondoren, sosegua topatuko du orain, baina emariari dagokion ohantzetik aldenduta. Bahitutako urak ubidetik jarraituko du zoli, indar elektrikoa sorraraztera. Bidaia on!

Baserriz baserri

Bidexkak banantzen direnean, ibaira jaisten dena utzi, eta zehar-zehar jarraituko du, ubidearen menpe. Gesaltza auzora hurbildu ahala, paisaia handitu egiten da. Hormatzarren oinaldetik ur biziak erbesteratzen dira hinki-hankarik egin gabe. Euri jasa handiak gertatzen direnean, ibaiko urek, ez bat ez bi, aho aztoragarrian barrena bidaia iluna egingo dute. Ikaragarria, orduan!

Auzoa zeharkatu eta Arantzazura doan errepidera irtengo da jarraian. Asfaltoa zapaldu gabe, ordea, ezkerretik jarraituko du inguruko baserriak ezagutzeko asmoz. Aldats txiki bati aurre egin eta gero, Aitzabal eta Aizkirri baserrietara iritsiko da. Eta Albitxuri baserri ederrera pitin bat aurrerago. Albitxuri-Zabal baserri paretik igarota, Azpilletara doan bidea laga, eta zuzen egingo du, Arrola izeneko baserrirantz. Arrolako eraikinek osatzen duten plazatxoan, eskuinera egin eta, harbide zaharrari jarraituta, Karoigaingo etxolara iritsiko da. Maldan behera joko du han, Iritegiko iturbegia helburu. Langa bat igaro ostean, ezkerreko xendari oratu eta, harrizko eskaileretan saltoka ibili ostean, zelai batera irtengo da. Ezkerretik hartuko du han, eta, gaztainondoak lagun, Iritegiko iturburura doan bidearekin bat egingo du, arin-arin. Arantzazuko aparkalekura igo, eta Arantzazuko ingurubira ixteko, harbide harritsua baliatuko du berriz ere ibiltariak.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (IV): Leitzalarrea.]]>
<![CDATA[Lanestosa malkartsuan barrena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/030/001/2022-07-20/lanestosa_malkartsuan_barrena.htm Wed, 20 Jul 2022 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1917/030/001/2022-07-20/lanestosa_malkartsuan_barrena.htm
Gaztelatik itsasora iristeko bide naturala zenez, arraina garraiatzen zen barrualdera, Los Tornos mendatea zeharkatuta. Lanestosar ugari bidetik eta mandazainei eta ibiltariei emandako zerbitzu eta arretatik bizi izan ziren denbora luzez. Mende batzuk geroago, ordea, Peña del Moro haitzaren geomorfologia malkartsuan jartzen hasi zen arreta. Mendi erraiak ikuskatu ziren XIX. mendetik aurrera. Horren harira, hondeatze lanen arrasto ugari ikusiko dira Kobenkobatik Peña del Moro talaiarainoko tartean. Arrakala beldurgarriak ere antzemango dira goialdeko ordokian.

Kobenkoba

Txomin meategiko sozietatea izan zen ama lurraren erraietatik ateratzen ziren berunaren eta zinkaren ustiapenaren onuraduna. Ez ziren mineral bakarrak, baina bai garrantzitsuenak. Lanestosatik ipar-ekialdera sakabanatuta dauden galeriok konplexu handi bat osatu dute, kanpoaldera iristen ez ziren tximinia franko direla. Lanestosako parajea, zalantzarik gabe, espeleologiaren mundurako parerik gabeko erreinu bilakatu da azkenaldion. Ustekabeak sortzen dituen mundu liluragarria: galeriak eta leizeak kateatu egiten dira harkaitz masaren azpian. Hori dela eta, espeleologoek goxo-goxo amore ematen diote lur azpiko xarmari.

Argiaren urratzaileak diren leize zuloetan barneratu gabe, ibiltariak badu zer ikusia Lanestosa inguruan. Besteak beste, Kobenkoba haitzulo sonatua ezagutu dezake. Europako Paleolitoko labar artearen lehen interpretazio zentroa da hura. Pandemiak eraginda, ordea, arreta itzali omen zaio haitzuloari. Barrualdea ezagutzeko parada izan duena mira-mira eginda geratu izan da erakusketa gelak eta galeria argiztatuak ikustean. Harpe barreneko ibilbide erosoa eginda, lehen gizakien garaiko artelan bitxiak bertatik bertara ikusteko aukera izan da.

Rellanos bidea hartuta, baina, Severina haitzuloa ere bisitatzeko aukera dago. Kobenkobatik ehunka metrora, kareharrizko harbideak behera egiten duenean, basoan gora egin eta, tupustean, 18 metro zabal eta 3 metro garai den harpe handia ikusi daiteke. Harpeko sarreran egindako indusketei esker, hainbat orein hezur topatu dituzte.

Lanestosako zidorrak

Lanestosa (Bizkaia) hiribilduan hasiko da tipi-tapa ibiltaria. San Pedro elizaren aurretik igaro, eta, Dantzari plaza burutik buru zeharkatuta, Karrantza aldera egingo du, Bi-3622 errepidea lagun. Metro batzuk egin ostean, bihurgunean bertan, Lanestosa inguruan egin daitezkeen zidorren mapa eta Kobenkoba haitzulo sonatuaren inguruko jakingarriak agertuko dira argibide taula batean. Halere, denboraren igarotzeak min egin dio informazio taula maiztuari, eta nekez irakur daiteke bertan idatzitakoa. Asfaltoa lagako du han, eta ezkerretik abiarazten den kalexkatik ekingo du zuzenean. Arbelaizko lauzez jantziko da pasealekua. Harbide modernoan gora abiatuko da gero, Calera ibaian zehar hedaturiko baserri multzo aparta begi bistan duelarik.

Haritzak, arteak, hurritzak, lizarrak eta gaztainondoak, besteak beste, modu mardulean bilduko dira galtzadara, eguneko argitasunaren urratzaileen antzera. Erdi Aroko xarmaren eraginez, kalexka gotortu eta bi harresien artetik goratasuna hartzen lagunduko du. Lehen aldatsa amaituta, ordea, deskantsua hartzeko parada izango da. Judios meategi eta haitzuloa agertuko dira laster eskuinaldean, bide ondoan, ahoa zaintzen duten akazien eta lizarren abaroan. Tunelari freskotasuna dariola, tentagarri egingo zaio ibiltariari, mendigunearen barruko osteratxo laburra egin daiteke eta. Bide nagusian, berriz, Kobenkobako Europako arte paleolitikoaren interpretazio zentrora iritsiko da. Paradoxikoa bada ere, burdin sare ahalguztidun batek babestua agertuko da haitzulo ezagunaren atari magikoa. Historiaurrea pandemiak eragindako lozorroan erori izan balitz bezala.

Xendan aurrera egingo du jarraian. Rellanos izena hartu duen ibilbideari men eginez, eskuinetik jarraituko du lehen bidebanatzean. Aurrerago, meategietara doan basabidea bazter utzi, eta ezkerretik jarraituko du, arte trinkoez jantzitako mendi hegala zeharkatuta. Artadian barrena doalarik, ezustekoa azalduko da berehalakoan, harbideak behera egiten duen unean. Orduan, mendian gora egin ordez, harbide zaharrak behera joko du. Artaditik irteteko zorian, aitzitik, bidexkak eskuinera eta gora egingo du, aurrez aurre hazten den pinudira gerturatu gabe.

Eskaileretan gora

Aldez aurretik abisua eman gabe, mendi hegaleko hezetasuna eta freskura aprobetxatuz hazten diren pago ikaragarrien itzalak besarkatu egingo du ibiltaria. Hinki-hankarik egin gabe, aldatsean gora egingo du, gain-gainetik eguterari eta tenperatura epelari aurre egiteko gai diren arte bihurriak utzita. Aldapa amaituta, basabide batera irtengo da. Bide zabalaren erosotasuna alde batera lagata, gora egiteari eutsiko dio. Hala, paraje karstikoan barrena egingo ditu urrats ederrak, pago segailek bidezidorra ederragotzen dutela. Artadian sartu-irtena egin ostean, mira eginda geratuko da harrizko gandorrak eta orratz zorrotzez osatutako aldapa formako pila handiak ikustean. Harritzan gora egingo du orduan, pasarela estonagarri bat luzatzen den balkoira iristeko asmoz. Barandaren eskutik Kantabria eta Bizkaiko mendebaldeko bazterrak deskubritzeko so egingo du, Lobera haitza eta Ramales de la Victoria herriaren gainean altxaturiko tontor ezagunak bistan izango ditu eta.

Korridore batek belarrez tapizaturiko goi lautadara iritsiko da gero. Horrekin batera, sosegua eta lasaitasuna. Hurbil-hurbil, Peña del Moro gandor karstikoa ikusiko du. Bertaratzeko, hobe meategietako zuloguneak, pitzadura eta arrakala durduzagarriak alboan utzi eta basabide nagusia abandonatu gabe jarraitzea. Ehunka metro aurrerago, bideak eskuinera egiten duenean -honaino itzuliko da ibiltaria Moro haitzera iritsi ostean-, tinda urdinez markatutako xenda bat ikusiko du ezkerretik. Hari segika, lurrikaren detekzio sareko estazioa ezkerrean utzi eta meatze bideari oratuko zaio zalea. Hala, meategietako bidezidorra lagun, tontorraren oinarrira iritsiko da. Harbideari jaramon eginda, zuzen-zuzen joko du lepo aldera. Buru biko mendia denez, lepo gainean altxatzen diren tontor bietara iritsiko da, Kantabria aldeko paisaia ederra baita handik goitik.

Tontorretik estazio sismikora itzuliko da gero, eta bide nagusira irtengo da. Bide nagusia alboan utzi gabe jarraituko du, harik eta errepidera irten arte. Orduan, asfaltoa zapaldu gabe, berriz egingo du eskuinera, eta zehar-zahar jarraituko. Etxola baten aurrera iristean, maldan behera abiatuko da. Azkenik, ur biltegiaren aurretik igaro ostean, amaiera emango zaio Lanestosako ingurubirari.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (III): Arantzazu.]]>
<![CDATA[Añanako diapiro babestua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/030/001/2022-07-19/antildeanako_diapiro_babestua.htm Tue, 19 Jul 2022 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1917/030/001/2022-07-19/antildeanako_diapiro_babestua.htm
Babes ofizialaren itzalaren azpian jarri zuten Añanako paisaia orain dela urte batzuk. Caicedo Yuso eta Arreoko aintzira naturala eta gatzaga bera babesteaz gain, interes geologikoa ere erantsi zitzaion eremu babestuari. Izan ere, Añanako eskualdean gatza zergatik dagoen ulertzeko, arreta jarri beharko zaio diapiro izeneko fenomeno geologikoari. Prozesua geldiro-geldiro joan da denboraren poderioz, Añanako bisita gidatuetan azaltzen dutenez. Duela 200 milioi urte inguru hasitako mugimendu bat da, beraz. Behealdetik azalera joan den isil-gordeko higidurak esplikatzen du egungo Añanako paisaian harri hauek agertzea: karniolak, ofitak, kareharriak, tuparriak, buztinak eta igeltsuak, besteak beste.

Piquillos meategiaren harira

Horiek horrela, Euskal Herriko Interes Geologikoko Inbentarioan aipamen berezia egiten zaio Añanako diapiroari. Eremu babestuaren hego-ekialdeko mugetan, Pobes herriaren eta Tejera mendatearen artean, Padul herria dago. Bazter ezkutu horretan, ler gorri lirainek maskaratuta, harrobi zahar bat ikus daiteke. Igeltsutegi bat izan zen han aspaldi: Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat, adituen ustetan. Inguruan beste fabrika txikiago batzuk izan baziren ere, Padulgoak -Piquillos izenekoak- bizilagun franko enplegatu zituen. Langileen artean, harri-zulatzaileak, barrenatzaileak, kable-konpontzaileak eta beste espezialista batzuk izan ziren jo eta su, ordu amaiezinen menpe. Igeltsuaren eskariak gora eta gora egiten zuen garaian, Añanako diapiroak behar beste material eskaintzen zion Zarate familiari, meategiko kontzesioa hartu zuen azken ekintzaile taldeari.

Lehenengo urteetan, igeltsua modu artisauan ustiatu zen. Minerala mendi barrenetik aterata, idiek garraiatzen zuten bide nagusiraino, tirriki-tarraka. Lan egiteko era, ordea, guztiz aldatu zen XX. mendea etortzearekin batera: zurezko hogei dorre altxatu zituzten basoan, betiere materiala arin-arin jaiste aldera. Euskal Herriko beste toki askotan bezala, aireko kableen eta balde lerroen bidez garraiatzen hasi zen materiala, harrobitik fabrikara. Ibiltariak aukera izango du ibilbidean dorre horietako bat ikusteko.

Padul herritik hurbil, Piquillos meategiko haitzuloak isil-misil jarraitzen du basoan. Horma urratuak meategira hurbiltzen denaren arreta erakarriko du. Buztin okreak eta igeltsu zuri, gorri eta beltzak elkartuko dira han, kanpoaldean, aho ilunaren atarian. Behiala egindako zauria itxiz joan da apurka-apurka, baita lurrazala orbaintzen ere.

Meategiko dorrea

Somo mendia Añanako diapiroaren hego-ekialdean dago, Padul herriko (Araba) bazter ezkutu batean, hain zuzen ere. Behiala, harrobi zaharra existitu zen han, aho ilunaren atarian. Zokogunea ezagutzeko, Padul herrira joango da ibiltaria. Pobestik etorrita, errepidearen ondoan utziko du autoa, herrigunera doan kalearen ertzean. Hala, Manzanera kalean aurrera egingo du astiro-astiro, alde bietan txaletak dituela. Bidebanatzean eskuinera egin, eta, Cabaña Rural seinalea ardatz hartuta, iturri publikora helduko da. Bisean bis, XX. mendeko turrusta biko iturri panpoxa.

Elizako plazan, ezkerrera hartu, eta harrobi edo meategi zaharrera doan bide zabalari ekingo zaio. Ez dago galtzerik: hartxintxarrezko bideak hegoaldera joko du zuzen-zuzen, Larrasa eta Somo mendien artean zabaltzen den basoaren aldera. Hasieran, arte xumeak bilduko dira basabidera, baina, ibilian-ibilian, ler gorriekin bat egingo du ibiltariak. Zirku baten moldean agertuko zaio paisaia berde-urdinxka. Inork ez luke esango igeltsutegi bat izan zela basoan ezkutatuta. Meategiak zurezko dorre batzuk izan zituen, eta, aireko tranbia baliatuta, herriraino garraiatzen zen mineral desiratua.

Eskuinaldera bihurgunea egin, eta, handik metro gutxira, bidebanatze batera helduko da. Aurrez aurre, magal gorrixka eta zurixka bat agertuko da. Haren oinaldean, igeltsutegian barneratzeko gonbit tentagarria. Orain dela urte gutxira arte, bi zulo beltz ikusi zitezkeen han, baina, azken urteotako euriteek luiziak sorrarazi ostean, aho horietako bat erabat estalita dago. Leize zulora iritsi gabe, eskuinera begiratuz gero, garai hartako dorre bat ikus daiteke, pinu gorri lirainek maskaratuta.

Santa Marina eta Somo

Haitzuloan sartzea aski arriskutsua da, meategiko obra zibila osatzen duen egitura multzoa ez baita uste bezain sendoa. Padulgoak ezin izan omen dio eutsi denboraren igarotze errukigabeari. Kanpoaldeko bisita amaituta, ibiltariak metro batzuk atzera egin, eta eskuinera hartuko du bidebanatzean. Aldats gora abiatuko da segidan, sigi-saga basabidean. Larrasako lepora helduko da ziztuan. Gain-gainean, goi tentsioko dorreak izango ditu. Lepo horretan, aukera dago Santa Marina baseliza bisitatzeko. Ezinbesteko bisita da parajeok ezagutu ezean. Caicedo Sopeña eta Castillo Sopeña herri barrutian dago tenplua, eta bertaratzen denak panoramika zabalaz gozatuko du.

Baseliza ikusteko, beraz, ibiltariak ezkerrera egingo du lepoan, eta, ehunka metro egin ostean, begi bistan izango ditu Erriberagoitiko zoko-mokoak. Aukera ona izango du talaiatik Badaia eta Arkamu mendigune sonatuen hegoaldeko magalak ikusteko. Eta multzo bien artean, mendigune karstikoa erabat erdibituta, nabarmen ikusiko du Tetxako arraila edo ebakia. Soa hegoaldera luzatuta, baina, Toloño eta Kodes handiek emekiro beteko dute urrutiko paisaia.

Ikuspegiaz bapo aseta, lepora bueltatuko da ibiltaria. Meategira jaitsi gabe, baina, gainaldeari gortea egiten dion basabideari oratuta jarraituko du. Aurrerago, basabide bat batuko zaio ezkerretik, baina, sestra kurbari men egin behar zaionez gero, Somo talaia inguratzeari eutsiko dio. Une batez, bide zabalak behera egingo du, Tejera mendate aldera -Gesaltzako mendatera-. Pitin bat lehenago, ordea, Castrejon muinoko bide sardara iritsiko da. Tarte hori aproposa iritsi da Somo mendian joan-etorria egiteko. Horiek horrela, ezkerrera egin eta aldapa pikoari aurre egingo dio serio demonio. Aldatsa amaitu bezain laster, ezkerretik doan zidorrak lagunduko du erpin geodesikoraino. Mendiak ikuspegirik eskaintzen ez duenez, Castrejon lepora bueltatuko da, bizkor-bizkor. Tejera mendatera doan pista bera baztertu, eta jaisten segituko du. Basabide bakarra denez, ibiltariak ez du egingo hinki-hankarik, minutu gutxiren buruan Padulgo elizako plazan izango da eta.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (II): Rellanos.]]>
<![CDATA[Albertiako eraztuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2143/025/001/2022-04-26/albertiako_eraztuna.htm Tue, 26 Apr 2022 00:00:00 +0200 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/2143/025/001/2022-04-26/albertiako_eraztuna.htm
Aramaio aldera doan errepidea hartuko dugu GR 282 zidorraren eskutik. Lehen urratsak egitearekin batera, ibar pintoreskora doan galipota laga, eta Albina presagainerantz abiatzen den basabideari jaramon egingo diogu. Jaitsiera xumearen ostean, Bostibaieta ibaiaren gainetik igaro, eta ezkerretik jarraituko dugu hosto firfira leunaren abaroan.

Aurrerago, ibaiaren ertzean eraikin batzuk antzematen ditugula, basabide nagusitik irten, eta eskuinera egingo dugu atzera pauso batzuk emango bagenitu bezala. Aurrena, ur-biltegi bateraino lagunduko digu basabide horrek. Eraikin handiago bateraino, hurrena. Azkenik, magalean gora jarraitzeko gonbita egingo digu bide hareatsuak. Paduretako bazterrean, malda jadanik gozatuta, sigi-saga bideratuko gaitu bidexkak, betiere amezti gaztea itzurtzeko asmoz.

Larragoiengo zelaia

Aldatsa makur eginda, bide nagusia bazter egin eta eskumatik jarraikitzen duen bidexkari oratuko gatzaizkio. Bidezidorra urratuz joango gara apurka-apurka, nagitasun gozoan. Zuzia argimutilaren gainean bezalaxe, halaxe agertuko zaizkigu berehala ehun urtetik gorako pago mardulak. Ziurrenik aurrerago nagusituko zaigun paisaiaren atari. Gosegarri on batek gosea piztu behar duela, pagadi trinkoak magal osoa jantzaraziko du gero. Erne ibili bertaratzean; izan ere, eskuinaldeko sakonunean, mazelaren ezkutuan, harrizko aterpe edo haitzulo kurios bat dago.

Xenda behinenean berriz, hegiz hegi jarraituko dugu. Une batez, bide zabal batera irtenda, Albertiako tontorrera doan aldatsari muzin egin eta mazela zeharkatzeari eutsiko diogu. Zidorrari gortea eginez, Larragoien (Erregoien) izena hartzen duen zelaira iritsiko gara berehala. Lepo xumea bezain interesgarria da, biribilgune horretatik abiatzen baitira makina bat bide.

Gaur egun Albertiako basoak sosegua eta edertasuna ezagutzen dituen bezala, parajeok momentu latzak ere pairatu zituzten 36ko gerra garaian. Inguruko bazterrak korritu baino ez da lurrazalak maskaratuta dituen zauriez ohartzeko. Larregoiengo monumentua altxatu zuten orain dela urte batzuk garai latza memoriara ekartzeko xedez.

Albertiara doan zidorra alde batera lagata, zelaia alderik alde zeharkatu eta Legution marraztutako eraztuna ixtera abiatuko gara orain. Tontorra gainean dugula, hegia korritzen duen basabideari ekingo diogu. Lehen bidebanatzean, eskuinekoa hartu eta maldan behera segituko dugu. Albertiaosteko iturria antzemango dugu bizkor, ezkerraldeko mazalean irekitako arrakalari ura saltoka dariolarik. Minutu batzuk ibilian-ibilian, eta lepo batera helduko gara. Zurezko zutoin bat egon ohi da han. Basabidea uzteko ordua da. Ezkerrera egingo dugu lepoko bidebanatzean, eta, Pagola errekak hondeatu duen ibarrari begia kendu gabe, Albertiako harrobi zaharrera helduko gara.

Harrobia atzean utzi eta basoak lagunduta, Albinako Goikopresatik igaro eta Legutiorantz bideratuko ditugu gure pausoak.]]>
<![CDATA[Guardiatik Logroñora]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/028/002/2022-03-15/guardiatik_logrontildeora.htm Tue, 15 Mar 2022 00:00:00 +0100 Josean Gil-Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1865/028/002/2022-03-15/guardiatik_logrontildeora.htm
Carravalsecako sakonunea inguratzen hasi eta eremu babestutik irtendakoan, lepo ttipi batera helduko gara. GR-38 Ardoa eta Arrainen zidorreko arrasto zuri-gorriei jarraituko diegu. Betiere hegoalderantz abiatuta, ur biltegi baten ondotik igaroko gara. Gero, nekazari bide bat ezkerrean lagata, ureztatze sareko porlanezko hodi bat ikusiko dugu bidebanatze baten erdian. GR-38 zidorra alboratu eta GR-120 Inaziotar Bideari men egingo diogu han. Carbon mendilerroari gorte egite aldera, eskuineko bidetik joko dugu beraz. Toloño mendilerrotik Ebro ibairainoko erliebe leuna begiz begi izango dugu orduan. Logroño hiria ere bistaratuko dugu meandro bihurgunetsuaren atzealdeko ordokiaren altzoan kulunkaturik.

Remolino atsedenlekua

Jaitsiera mailakatua egingo dugu Carbon talaiatik. Lapuebla bistan delarik, Hamarren eta Arrain kaleek elizaraino gidatuko gaituzte. Atari nagusiaren aurrean garela, ezkerrera hartu eta Plano enparantzara iritsiko gara. Udaletxe ondoko begiratokiak Ebroko ibarraren ikuspegi zabala eskaintzen baitu, hartaz baliatuko gara naturaz bapo-bapo asetzeko. Atseden hartu ondoren, behatokiko labarretik behera egingo dugu, sigi-saga, Ebro ibaiaren gaineko zubira iristeko xedez.

Zubia gurutzatu eta Errioxako Erkidegoan sartuko gara. Geltokiko auzogunera joko dugu asfaltoak lagunduta. Gero, oinezkoentzako bidea baliatuta, kanpinera iritsiko gara. Eta pitin bat aurrerago, Heras Cordon upeltegira. Une horretan, Fuenmayorrera bidea utzi eta ezkerrera eginez, Boca del Rio izeneko paraje aldera egingo dugu. GR-99 Ebro naturbideak ederki lagunduko digu. Mayor ibarra eta Valloque muinoa eskuinaldean gailenduta direla, Ebroko ertzeraino hurreratzen lagunduko digu bide nagusiak. Ur-laminara iritsi aurretik, ordea, bihurgune helikoidal bat egingo dugu, eta Tutera-Bilbo trenbide azpiko tunelera helduko gara.

Aho iluna igarota, Remolino atsedenlekura iritsiko gara. Hartxintxarreko bideari oratuta, ibaiaren paraleloan jarraituko dugu. Ribapedron muinoa ehunka metro aurrerago ikusiko dugu altxaturik, gainaldeko ordokian antena batek hartua duela. Daramagun bideak haraino gidatuko gaitu. Muino horren ondora iritsita, tunel txiki baten aurrean jarriko gara. Azpitik igaro gabe, baina, ezkerrera egin eta Cortijoko Saltoko zentral hidroelektrikoaren ondo-ondoan jarriko gara. Buruz buru, zazpi uhate ikusgarri, argindarra ekoizteko helburuarekin XX. mendeko bigarren hamarkadan eraikiak.

Instalazioak atzean utzi eta berehala, eskuinera egin eta ondoko bihurgunean agertuko zaigun zubiaren azpitik igaroko gara. Paseo lasaiaren ostean, El Cortijo auzora helduko gara. Elizaren aurreko plazatxoan, osasun etxearen ezkerraldetik abiatzen den bideari oratuko diogu. Igoera arina eginda, igerilekuen eta hilerriaren paretik igarota goratasuna hartzen jarraituko dugu, sosegurik gabe. Igoera egiten ari garela, asfaltoa utziko dugu une batean, noiz eta ezkerretik nekazari bide bat agertzean. Castillete harrizko gaztelua gain-gainean dugula, El Viñedo behatokian geldiune patxadatsua egingo dugu. Izan ere, orientazio mahai batek paisaia interpretatzeko laguntza eskainiko digu.

Behera egiten hasita, ezkerrera egingo dugu lehen bidebanatzean. Animaliak zaintzeko udal instalazioetara iritsita, aurrera egingo dugu errepidetik. Gero, zabortegiko sargune paretik igaro eta metro gutxira, ezkerrera jo eta Ebro aldera begira jarriko gaitu bideak. Betiere trenbidearen paraleloan, Kristo baselizara helduko gara Logroñoren atarian. Gertuko biribilgunean, ezkerrera hartu eta, ibaia gurutzatu gabe, gaztainondoak, astigarrak, lizarrak, makalak eta ezkiak bidelagun, Burdinazko zubira iritsiko gara. Harrizko zubira gero. Itzulera autobusez egingo dugu, hogei minutuko bidaia merkea bezain erosoa baita.]]>