<![CDATA[Joseba Zalakain | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 08 Dec 2022 01:10:21 +0100 hourly 1 <![CDATA[Joseba Zalakain | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Belaunaldi arteko ituna pandemian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1871/009/001/2021-06-23/belaunaldi_arteko_ituna_pandemian.htm Wed, 23 Jun 2021 00:00:00 +0200 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1871/009/001/2021-06-23/belaunaldi_arteko_ituna_pandemian.htm
Nolanahi ere, COVID-19ak gazteengan duen eraginari dagokionez, adierazi behar da eragin hori oso modu desberdinean banatu dela gazteen kolektiboan bertan, eta gazte guztiek ez dituztela modu berean pairatu pandemiaren ondorioak. Beste hainbat esparrutan bezala, generoak, jatorriak, klase sozialak eta, bereziki, pertsona bakoitzaren jatorrizko familiak baldintzatuko dute, zalantzarik gabe, COVIDak eragindako orbain horien tamaina eta sakontasuna.

Esan beharra dago, era berean, pandemiaren ondorio nagusietako bat izan dela gure gizarte-egituran gero eta nabarmenagoa den belaunaldi arteko arrakala zabaltzea eta sakontzea. COVIDak berriz erakutsi du adinak gero eta garrantzi handiagoa duela, elementu bereizle gisa, hiritarren interes, iritzi, ikuspegi eta aukerei dagokienez. Agian gehiegi sinplifikatuz, esan dezakegu helduen eta, bereziki, adinekoen osasuna eta bizitza babesteko beharrezkoak izan diren neurriek eragin biziki kaltegarria izan dutela gazteen bizimoduan garrantzizkoak diren hainbat eta hainbat esparrutan: hezkuntza, lana, harreman pertsonalak, kultura, aisialdia...

Zaila da ukatzea sakrifizio hori ezinbestekoa izan denik, bidezkoa izateaz gain. Ezin zen besterik egin eta ez zen besterik egin behar. Ez da ahaztu behar, ordea, sakrifizio horiek gertatu direla belaunaldien arteko itunaren haustura nabarmena den testuinguru batean: pobrezia, prekaritate, desabantaila eta desberdintasun egoera franko azaltzeko, adina funtsezko elementua den testuinguru batean. Ez da egoera berria: gutxienez 80ko hamarkadatik, gure lurraldeetan, lan, etxebizitza edota gizarte babes politikak helduen eta adinekoen interes eta ongizateari begira egin dira. Politika horiek ez dituzte orokorrean gazteen interesak kontuan hartu eta, izan ere, gaurko gazteen prekaritatearen eta babesgabetasunaren sorburu dira.

Noizbait gure gizarteen funtzionamendua gidatu zuen belaunaldi arteko ituna gero eta ahulagoa da, eta sakoneko berrikusketa eskatzen du. Horixe da, ziurrenik, euskal gizartearen erronka nagusietako bat. Lan merkatua, etxebizitza merkatua edota gizarte babes sistema, beste eguneroko bizitzaren dimentsio asko bezala, helduen eta adinekoen interesen arabera eratu dira gure artean. COVIDak —ustekabean, jakina— areagotu egin du belaunaldi arteko eskubide, interes eta aukera arrakala hori. Posible da, ordea, datozen urteetan berreraikuntza sozioekonomikorako egingo diren ahaleginak arrakala hori ixtea izatea helburu, gazteen eskubideak eta interesak ere kontuan hartuko dituzten politikei lehentasuna emanez.]]>
<![CDATA[Gizarte zerbitzuen jasangarritasunaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1939/006/002/2021-05-26/gizarte_zerbitzuen_jasangarritasunaz.htm Wed, 26 May 2021 00:00:00 +0200 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1939/006/002/2021-05-26/gizarte_zerbitzuen_jasangarritasunaz.htm
Egia da, alde batetik, azken urteetan Gizarte Zerbitzuen gastua gehiago handitu dela beste ekonomia adierazle batzuk eta gizarte-babesaren beste atal batzuen gastua baino. Esan behar da ere, ordea, gastu publiko osoaren zati txiki bat baino ez direla gizarte zerbitzuak, eta oso gutxi igo dela gastu hori, kontuan hartzen badira behintzat inflazioa eta zerbitzu horien onuradun potentziala den populazioaren hazkundea (80 urte baino gehiago dituzten pertsonak, alegia). Are gehiago, etorkizunari begira, nahiz eta mota horretako gizarte-gastua handituko den gehien —bikoizteraino—, oso pisu txikia izaten jarraituko du gastu publiko osoan. Beste esparru batzuk dira —pentsioak, osasuna...— gastuaren parterik handiena hartuko dutenak.

Esan behar da ere euskal erakundeek mendekotasunaren arretarako Gizarte Zerbitzuetan egiten duten gastuaren igoeran desoreka argiak gertatu direla erakundeen arabera: foru-gastuak nabarmen egin du gora (bai termino absolututan, bai kudeaketa propioko aurrekontuari dagokionez), eta, aldiz, udalen gastuak ez du ia gora egin azken hogei urteetan. Are gehiago, ia erdira jaitsi da 80 urtetik gorako biztanleko udal gastua, euro konstantetan.

Edonola ere, jasangarritasunaren ideia bi konturekin lotuta dago: bai gastu-bolumenarekin eta bai gastua finantzatzeko mekanismoekin ere. Jakina, gastu publikoa bera izanik, horri eusteko ahalmen handiagoa edo txikiagoa izan dezake lurralde batek ezartzen dituen finantzaketa-mekanismoak aski diren edo ez kontuan hartuta. Espainian edo Euskadin gertatu denaren kontrakarrean, ideia hori hartu dute oinarritzat Frantzian edota Alemanian, eta zahartzaroari aurre egiteko kotizazio edo zerga espezifikoak ezarri dituzte, horien bidez mendekotasunaren arretarako zerbitzuak finantzatzeko.

Bestalde, eskuragarri dagoen ebidentzia ekonomikoak argi uzten du gizarte-zerbitzuen gastuaren jasangarritasunak baduela zerikusirik belaunaldien arteko harremanekin eta, batez ere, gizarte gastua belaunaldien artean banatzeko erarekin. Ildo horretatik, belaunaldi arteko kontabilitatean oinarriturik azken urteetan argitaratutako literatura ugariak agerian utzi du zenbateraino dagoen zahartzaroari loturiko gastuaren jasangarritasuna, paradoxikoki, gaur gazteak diren taldeen giza kapitalaren inbertsiora bideratutako neurrietan —hau da, haurtzaro, familia eta hezkuntza politiketan— egiten den inbertsioaren mende. Ikerketa horiek frogatu dute talde gazteen hezkuntza-kapitala hobetzeak gainerako aldaketa demografikoek baino inpaktu handiagoa duela Ongizate Estatuaren jasangarritasun fiskalean, oro har. Gizarte-gastua nabarmenegi dago ordea, gaur egun, adinekoetara bideratuta, eta, paradoxikoki, horrek kolokan jartzen du etorkizuneko adinekoen —paradoxikoki, halaber, gaur egun adinekoen gastua finantzatzen ari diren pertsona helduen— gastua finantzatzeko aukera.

Labur esatearren, gastu sozial publikoa finantzatzeko ahalmenean eragin zuzena du hazkunde ekonomikoak. Hazkunde ekonomikoak, aldi berean, eragina du hezkuntzan, gazterian, haurtzaroan, jaiotza-tasan eta familien babesera zuzendutako neurriak abian jartzeko ahalmenean. Beraz, 50 urte barru mendekotasun-egoeran izango diren pertsonen zaintza-jasangarritasuna bermatu nahi bada, pertsona horien hezkuntzan eta bizi-baldintzetan gaur egun inbertitzea da modurik onena, mugikortasun soziala hauspotuz eta pobrezia belaunaldiz belaunaldi errepikatzea eragotziz.]]>
<![CDATA[Nola egiten zaio aurre mendekotasunari Euskal Herrian?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1887/009/002/2021-04-29/nola_egiten_zaio_aurre_mendekotasunari_euskal_herrian.htm Thu, 29 Apr 2021 00:00:00 +0200 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1887/009/002/2021-04-29/nola_egiten_zaio_aurre_mendekotasunari_euskal_herrian.htm
Ideia horretatik abiatuz, Eusko Ikaskuntzak aurki aurkeztuko den ikerketa bat egin du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian —edo, zuzenago, Pirinio Atlantikoetako Departamenduan— mendekotasun bat duten adineko pertsonei ematen zaien arreta ereduak konparatuz. Ikerketak, alde batetik, lurralde bakoitzeko sistema deskribatzen du eta, bestetik, eredu bakoitzari dagozkion datuak alderatzen ditu: zenbat pertsonari ematen zaien arreta, zenbat diru gastatzen den edo zenbat pertsonak egiten duten lan zerbitzu hauetan (egoitzetan, eguneko zentroetan eta etxez etxeko laguntzan, batik bat). Gainera, hiru eredu hauen arteko ezberdintasun nahiz berdintasunak identifikatu dituzte txostenaren egileek eta hiru lurraldeek partekatzen dituzten erronkak.

Ikerketaren emaitzak, neurri batean behintzat, harrigarriak dira, eredu hauen arteko ezberdintasunak uste baino txikiagoak direla ikusi baita. Gizarte zerbitzuen arreta jasotzen duten pertsonen kopurua, adibidez, nahiko antzekoa da: 3,7% Euskadin, 2,8% Pirinio Atlantikoetan eta 2,3% Nafarroan. Antzekoa da ere, adineko pertsonei dagokienez, arreta zuzena jasotzen duten hiritarren portzentajea edota erakundeek zerbitzu hauetan gastatzen duten dirua: 193 euro biztanleko Euskadin, 124 Pirinio Atlantikoetan eta 101 Nafarroan. Beste antzekotasun batzuk ere badira: zaintzen krisia, genero rolek duten garrantzia, lan baldintza kaskarren eragina, arreta komunitario baten alde erakundeek egin duten apustua edota zerbitzu hornitzaile publiko zein pribatuen parte hartzea.

Ezberdintasunak, ere, asko dira. Alde batetik, aukera askatasunari dagokiona: Ipar Euskal Herrian mendekotasuna duten hiritarrek diru laguntza bat jasotzen dute, bere errenta eta mendekotasunaren mailaren arabera, eta horrekin, teorian behintzat, aukeratzen duten zerbitzua ordaintzen dute, publikoa ala pribatua delarik. Euskadi eta Nafarroan, berriz, diru laguntza horiek gutxi hedatu dira eta Administrazioa da zuzenean zerbitzua ematen duena edo, maizago, zerbitzua hornitzaile pribatu bati kontratatzen diona. Erabiltzailearen aukera askatasuna, eredu horretan, txikia da oso. Bigarren ezberdintasuna Hegoaldean familia zaintzaileei ematen zaien diru laguntzei dagokiena da: Iparraldean horrelako laguntzarik ez dagoen bitartean, Hegoaldean nagusietakoa da, horrela zaintza familia esparruari lotuz.

Lurralde antolaketa eta erakundeen arteko eskumen banaketa ezberdinak dira ere hiru lurraldeetan: Iparraldean, sistema estatu mailan gobernatzen bada ere, Departamenduak ditu zeregin nagusiak. Nafarroan, berriz, Nafarroako Gobernuak ditu eskumen nagusiak eta, Iparraldean bezala, udalen papera bigarren mailakoa da. Eredu anitzena, eta konplexuena, Euskadirena da, hemen Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta udalen artean banatzen direlako eskumenak eta erantzukizunak, askotan aipaturiko mataza sortuz.

Ereduaren finantzaketari dagokionez, ezberdintasunak handiak dira ere: Iparraldean Frantzia osoan bezala— enpresa zein langile guztiek bere soldatari loturiko kontribuzio berezi bat ordaindu behar dute, hilero, mendekotasunaren sistema finantzatzeko. Hegoaldean, berriz, ez dago horrelako sistemarik eta gizarte zerbitzuak berez nahiko apalak diren zerga orokorren bidez ordaintzen dira.]]>
<![CDATA[Zaintzen jasangarritasuna ziurtatu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1895/006/002/2021-03-31/zaintzen_jasangarritasuna_ziurtatu.htm Wed, 31 Mar 2021 00:00:00 +0200 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1895/006/002/2021-03-31/zaintzen_jasangarritasuna_ziurtatu.htm
Zahartze demografikoa zerbitzu publikoen finantzaketarako oztopoa izango bada ere, ezin da esan, ordea, gizarte zerbitzuen jasangarritasun ekonomikoa konponbide gabeko arazoa denik. Alderantziz, badira jasangarritasun horri eusteko bideak, beste herrialde batzuen esperientziek erakusten diguten bezala.

Hego Euskal Herriko egoerara begira, alde batetik, kontuan hartu behar da, gehien hazi dena bada ere, gizarte zerbitzuetan gastatzen den dirua oso gutxi dela hezkuntzan, pentsioetan edo osasun zerbitzuetan gastatzen denarekin alderatuz. Eta datozen urteetan gastu hori bikoiztu egingo bada ere, Ongizate Estatuaren parterik txikiena izaten jarraituko du. Bigarrenik, kontuan hartu behar da zerbitzu hauetara dedikatzen diren aurrekontuak foru aldundien aurrekontu osoaren parterik handiena izatera heldu badira ere, ez dela hori gertatu udaletan edo Eusko Jaurlaritzan eta, gainera, orain dela 20 urte baino gutxiago gastatzen dugula zerbitzu hauetan adineko pertsonen kopuruaren hazkundea kontuan hartzen badugu: 2002an 4.200 euro gastatzen zituzten euskal erakundeek nagusientzako gizarte zerbitzuetan 80 urtetik gorako biztanle bakoitzeko, inflazioa kontutan hartuta; gaur 4.109 euro dira. Udalen kasuan, gastua erdira jaitsi da: 2002an ,mila euro 80 urtetik gorako biztanle bakoitzeko, eta gaur, apenas 500.

Gure inguruko herrialdeek hiru bideri jarraitzen diete gizarte zerbitzuen zaintzak finantzatzeko: Ingalaterran edo Estatu Batuetan, adibidez, arreta publikoa oso diru gutxi dutenei ematen zaie soilik. Eskandinaviar herrialdeetan, berriz, arreta beharra duen edonori ematen zaio, horretarako zerga altuak ezarriz (hiritar guztiei, ez bakarrik asko dutenei). Alemanian edo Frantzian, berriz, aseguramendu publikoa bultzatu da: Alemanian, adibidez, langileek eta enpresariek soldataren %3ko kotizazioa ordaintzen dute, hilero, mendekotasunaren sistema finantzatzeko eta, beharra duten garaian, zerbitzuak jaso ahal izateko. Hegoaldeko egoerara begira, ez bata ez bestea: Europako zerga txikienetakoak ordaintzen ditugu (gure udalak benetako paradisu fiskalak dira Europa naiz Espainiako beste lurraldeekin alderatuta) eta ez dugu kotizazio berezirik sortu nahi izan gizarte zerbitzuak ordaintzeko; baina, suediarren antzera, hiritar guztiei bermatu nahi diegu arreta zabala (eta garestia).Maiz esan den bezala, Suediako eskubideak eta Errumaniako zergak. Baina, hori ez da luzaroan posible; seguruena, laster jabetuko gara horretaz.

Demografiak ekonomian duen eragina aztertzen duten adituek argi uzten dute, gainera, Ongizate Estatua finantzatzeko behar den aberastasuna sortzeko (hau da, gizarte zerbitzuen jasangarritasuna zirtatzeko) berebiziko garrantzia duela haur eta gazteengan egiten den inbertsioak; seme-alabak dituzten familiei ematen zaizkien laguntzak, alegia, seme alaba horiek eduki eta hazteko. Horretan ere, ordea, besteen atzetik goaz eta inbertsio falta hori izango da, azkenean, gure gizarte zerbitzuen jasangarritasuna baldintzatuko duena.]]>
<![CDATA[Oinarrizko errentaren mugak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1906/005/001/2021-03-03/oinarrizko_errentaren_mugak.htm Wed, 03 Mar 2021 00:00:00 +0100 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1906/005/001/2021-03-03/oinarrizko_errentaren_mugak.htm
Diru-sarrera hori hilean 900 eurokoa izango litzateke pertsona helduentzat, Aurrekontu Orokorrek finantzatuko lukete eta eskubide subjektiboa litzateke. Unibertsalak eta baldintzarik gabeak izateak esan nahi du Euskadin bizi diren pertsona guztiek izango luketela hura jasotzeko eskubidea, lana izan edo ez izan, norekin bizi diren eta beste errenta edo ondare-iturri batzuk zein administrazio-estatusa zein den aintzat hartu gabe.

Oinarrizko errenta ez da, ordea, askok dioten aldaketa «erraz bezain iraultzailea». Bere eraginari buruz dagoen ebidentzia eta bere egokitasuna defendatzeko planteatzen diren argudioak ez dira eztabaidaezinak eta, izan ere, egozten zaizkion abantaila asko, etengabe mantra gisa errepikatzen badira ere, frogatuak edota egiazkoak izatetik urrun daude.

Zentzu horretan gogoratu behar dira, herri ekimenak aipatzen ez dituen arren, Oinarrizko Errentaren beste bi ezaugarri: gaur egun indarrean dauden beste diru laguntza eta kenkari fiskalak desagertu egingo lirateke Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta, etxebizitzarako laguntzak, bekak, Oinarrizko Errentaren azpitik dauden pentsioak…—eta errentaren gaineko zerga % 50 ingurukoa izango litzateke, diru sarrera berri hori finantzatu ahal izateko: hau da, edonork jasoko luke oinarrizko errenta, baina pertsona ororen beste diru sarrera guzien erdia Ogasunak hartuko luke, lehenengo eurotik hasita.

Neurri honen alde daudenen arabera, populazioaren % 80k ez luke aldaketa honekin galduko. Datuak ondo aztertzen badira, ordea, argi ikusten da sistema berriarekin gaur egun diru laguntzak edota pentsioak jasotzen dituzten pertsona askok ez luketela neurri honekin irabazi handirik lortuko edo, are gehiago, dirua galduko luketela (ez badira mantentzen behintzat kendu nahi diren diru laguntza baldintzatu eta selektiboak).

Izan ere, klase ertainak lirateke sistema berri honen irabazle argienak, gaur egun baino zerga gutxiago ordainduko lituzketelako edo, praktikan, jasotako diru sarrera ordaindutako zergak baino handiagoa litzatekeelako. Praktikan, errentaren gaineko zerga bilketa osoa gizartearen % 30 aberatsenak hartuko luke soilik bere gain. Hau da: pobreziaren kontrako neurri bezala aurkezten dena, klase ertainen presio fiskalaren jaitsiera dakar batik bat.

Oinarrizko errentaren ustezko beste hainbat abantaila eztabaidagarriak dira ere: esate baterako, Alaskan dagoen oinarrizko errentak argi uzten du erresidentzia legalaren inguruko kontrolak eta baldintzak areagotu egingo liratekeela eta zaila da pentsatzea lanik ez egiteak eta zergarik ez ordaintzeak? inolako estigmarik sortuko ez lukeenik. Bestalde, orain arte egin diren probek nahiko argi uzten badute ere kasu gehienetan jendeak ez liokeela lana egiteari utziko nahiz eta oinarrizko errenta jaso, ikusi beharko litzateke soldataren erdia zergetan ordaindu beharrak nolako eragina edukiko lukeen lanerako zaletasun honetan.

Muga horiekin batera, abantaila argi batzuk baditu ere oinarrizko errentak. Batetik, laguntzaren indibidualizazioa eta baldintzagabekotasunak bere gestioa erraztu eta arinduko luke, eta gaur egun nahiz eta beharra izan? jasotzen ez dutenek errazago jasoko lukete. Ez da aldaketa txikia. Bestalde, diru iturrien gaineko kontrola ez litzateke desagertuko baina gizarte zerbitzuetatik ogasun zerbitzuetara pasako litzateke. Aldaketa nabarmena hau ere.

Azkenik, eta hori izan daiteke agian bere abantailarik propio eta argiena, pertsona askorentzako lan kaskarrak ukatzeko tresna izan daiteke oinarrizko errenta, lanik ez egiteko aukera zabalduz eta, zentzu horretan, gizabanakoen askatasuna zabalduz.]]>
<![CDATA[Nork ordaintzen du gizarte babesa?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1885/005/002/2021-02-03/nork_ordaintzen_du_gizarte_babesa.htm Wed, 03 Feb 2021 00:00:00 +0100 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1885/005/002/2021-02-03/nork_ordaintzen_du_gizarte_babesa.htm
Euskadik gizarte babesean egiten duen gastua altuenetakoa da Europan. Eustaten arabera, herrialde bakoitzeko erosteko ahalmena kontuan hartuta, Euskadik 9.022 euro gastatu zituen biztanleko 2019an; horrek EB-27ren batezbestekoaren (8.709) eta Espainia (6.457) edo Irlanda (7.276) herrialdeen gainetik kokatzen du. Taularen goiko muturrean Luxenburgo (16.031) eta Danimarka (11.866) daude.

Eustaten datu horiek ez dute balio, ordea, estatu azpiko administrazioek -hau da, gobernu zentralen pean dauden udal eta herrialde mailako erakundeek- oinarrizko zerbitzu publikoetan -hezkuntza, osasuna eta gizarte babesa, alegia- egiten duten gastu publikoa alderatzeko. Ariketa hori egiten denean, emaitza interesgarriak azaltzen dira: alde batetik, Euskadin egiten den gastu publiko osoa, biztanleko, herrialde garatuen artean egiten den altuenetakoa da, batez ere osasunean, hezkuntzan eta gizarte babesean pentsioak, gizarte zerbitzuak eta beste diru laguntzak? egiten den gastua dela eta. Beste hitzetan, Euskadin egiten den gastu publikoa bereziki bideratua dago, beste herrialdeekin alderatuta, gizarte ongizatera, maila handi batetan Euskal erakundeek -beste tokiko administrazioekin alderatuta- egiten duten gastu handiaren ondorioz.

Izan ere, estatu azpiko administrazioak hartzen badira bakarrik kontuan -esaterako, Alemaniako landerrak, Suitzako kantoiak, Erresuma Batuko konderriak edota Estatu Batuetako estatuak, bertako udalekin batera-, Euskadi da osasun arloan bigarren gastu handiena egiten duen herrialdea, Danimarkako eskualdeen atzetik. Hezkuntza arloan, Euskal Autonomia Erkidegoa da laugarren gastu handiena egiten duen herrialdea, Estatu Batuetako, Belgikako eta Suitzako estatu, eskualde eta kantoien atzetik. Aldea ez da berriz horren handia gizarte babesaren arloan, hemen pentsioak direlako gastuaren parterik handiena eta alor horretan espainiar administrazioa da -Gizarte Segurantza medio- gasturik handiena egiten duena.

Zergatik gastatu dezake -edo gastatu behar du- hainbeste diru Euskadik oinarrizko zerbitzu publiko hauetan? Alde batetik, herrialde zaharkituagoa delako, inguruko herrialdeekin konparatuta, eta, bestetik, aberatsagoa delako. Ezin da ahaztu EAEko errenta maila, biztanleko, Europako altuenetakoa dela eta, baita ere, 65 urte baino gehiago dituzten pertsonen kopurua. Esan behar da, gainera, nabarmena izan dela, oro har, Euskadin hiritarrek nahiz erakundeek gizarte politiken alde agertu duten jarrera. Gogoratu behar da ere ordea, horrekin guztiarekin batera, Euskadik bere gizarte politikak finantzatzeko dituen erraztasun bereziak: alde batetik, Euskadik ez du -beste herrialde aberatsetan bezala, Katalunia edo Madril kasu- bere baliabide ekonomikoen parte handi bat Espainiako Estatuko herrialde pobreagoetara zuzendu behar, kupoaren bitartez bertan jasotako ia zerga guztiak bertan mantentzen direlako. Horrek egiten du posible osasun, gizarte zerbitzu edo hezkuntza arloan euskal erakundeen gastua horren altua izatea; era berean, Euskadi kutxa bakarraren printzipioan oinarritutako Gizarte Segurantzaz baliatzen da. Ez da ahaztu behar sistema horren onuradun direla, bereziki, komunitate zahartuenak edota garapen ekonomiko txikiena dutenak, bertan jasotzen diren kotizazioak ez baitira nahikoak -edo, hobeto esanda, bereziki urriak direlako- bertako pentsioak bere osotasunean ordaintzeko.]]>
<![CDATA[Udal gastua gizarte zerbitzuetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1912/007/002/2021-01-21/udal_gastua_gizarte_zerbitzuetan.htm Thu, 21 Jan 2021 00:00:00 +0100 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1912/007/002/2021-01-21/udal_gastua_gizarte_zerbitzuetan.htm
EAEko udalek gizarte zerbitzuetan gastatzen duten dirua aztertzen badugu, Eustatek 2018rako ematen dituen datuak erabiliz, erraz antzemango ditugu arrisku hauek: batez beste, EAEko udalek 87 euro gastatu zituzten biztanleko 2018. urtean. 23 udalek —artean, Legazpi, Oñati, Pasaia, Zornotza, Idiazabal, Urduña, Sestao, Laguardia, Ondarroa eta Gasteiz— 190 eurotik gora gastatu zituzten biztanleko. Beste 40 udalek, berriz, hogei euro baino gutxiago gastatu zituzten gizarte zerbitzuetan, betiere Eustaten arabera. 10.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriei erreparatzen badiegu soilik, batez besteko gastua 211 euro da, baina badira 150 eurora heltzen ez direnak —Gernika, Sopela, Amurrio, Bergara, Azkoitia, Etxebarri, Ermua edo Arrigorriaga—, eta baita 250 eurotik gora gastatzen dutenak ere —Barakaldo, Irun, Zornotza, Erandio, Sestao eta Gasteiz—.

Ba al da ezberdintasun horiek esplikatzen dituen arrazoirik? Udalerri bakoitzak gizarte zerbitzuetan erabiltzen duen aurrekontuak ez du harremanik gizarte zerbitzuek bere gain hartzen dituzten arazo edo beharrekin: langabezia, errenta maila, barne produktu gordina, immigrazioa edo 65 urtetik gorako biztanleen tasak ez dute harreman zuzenik udalerriek gizarte zerbitzuetan gastatzen duten diruarekin. Zein dira gastu horrekin gehien lotzen diren udal ezaugarriak? Gastu horrek udalaren aurrekontu osoan duen pisua da argiena: zenbat eta gastu handiagoa gizarte zerbitzuetan, orduan eta pisu handiagoa udaletxearen aurrekontu osoan. Horrek esan nahi du gizarte zerbitzuetan asko gastatzen duten udalerriak ez direla nahitaez orokorrean asko gastatzen dutenak, baizik eta bere baliabideen parte handi bat alor horretara bideratzea erabaki dutenak.

Bigarren ezaugarria tamaina da. Eta ezberdintasunak oso nabariak dira: 50 udalerri txikienak apenas gastatzen duten hamabi euro urtean biztanleko; beste muturrean, 50 udalerri handienak 203 euro gastatu zituzten, hamasei aldiz gehiago.

Orientazio politikoak ere badu, azalean behintzat, nolabaiteko lotura gizarte zerbitzuen udal gastuarekin: alde batetik, zenbat eta abstentzio maila handiagoa azken udal hauteskundeetan, orduan eta gastu handiagoa gizarte zerbitzuetan; era berean, EH Bilduk boto portzentaje handiagoa lortu zuen udalerrietan gastua txikiagoa da, eta, alderantziz, PSEk boto portzentaje handiagoa lortu zuen lekuetan gastua handiagoa da. Pentsatzekoa da, ordea, harreman horren atzean dagoen aldagai esanguratsua udalerrien tamaina dela eta ez, zuzenki, alderdi baten ala bestearen indarra.

Edozein kasutan, datu horiek 2018. urtekoak dira, 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legea garatzen duten mapa eta arautegi nagusiak onartu eta hiru urtera jasotakoak. Litekeena da, bai, 2015. urtean onartutako tresna horiek lortzea epe ertainean hiritarrek gaur egun pairatzen dituzten ezberdintasun horiek ekiditea.]]>
<![CDATA[Hiritarren arazoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2149/010/002/2021-01-07/hiritarren_arazoak.htm Thu, 07 Jan 2021 00:00:00 +0100 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/2149/010/002/2021-01-07/hiritarren_arazoak.htm
Zer berri ematen digu inkesta horrek? Euskadin bizi diren familien ezaugarriei dagokionez, inkestak argi uzten du Euskadiko familiak gero eta txikiagoak direla, gero eta gehiago direla bakarrik bizi diren pertsonak (herritar guztien %12a), gero eta gutxiago direla seme-alabak dituzten familiak eta hazi egin direla azken bost urteetan jatorriz beste nazionalitate bat duen pertsonez osatutako familiak (%8,8 dira gaur egun). Jaitsi egin da 2015 eta 2019 urte bitartean pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten familien kopurua —%9,3tik %6,3ra— eta mantendu egin da norbait lan prekarioan duten familien kopurua. Testuinguru horretan —XXI mendeko bigarren krisialdia agertu baino lehen—, zeintzuk ziren Euskadiko familien arazo nagusiak? Familia bakoitzari gehien eragiten dion arazo mota hartzen bada kontuan, gaixotasuna edota desgaitasuna, langabezia eta lan prekarioa eta diru eskasia dira lehen postuan agertzen diren hiru arazo nagusiak: lehenak familia guztien %16ri eragiten die, bigarrenak %10i eta hirugarrenak %9ri. Horien atzetik datoz enpleguaren kalitate kaskarra (%7), seme-alaben etorkizuna (%6) edota etxebizitzaren akats eta gabeziak (%4). Inkestak aditzera ematen du ere euskal herritarren %35ek ez dutela aztertzen diren arazo bakar bat ere pairatzen. Zentzu horretan, egoerak hobera egin du 2015 eta 2019 urte bitartean, 2015ean herritarren laurdenak bakarrik esaten baitzuten ez zutela horrelako arazorik pairatzen.

Langabezia eta lan prekarioa eta seme-alaben etorkizuna dira gehien urritu diren arazoak, beste guztien pisua antzeko mailan mantendu baita. Argi dago arazo hauek, edozein kasutan, ez direla familia mota guztietan era berean banatzen: esan bezala, familien herenek diote ez dutela horrelako arazorik pairatzen, baina seme-alabarik ez duten bikoteetan portzentajea %44koa da eta kide bakarreko familietan %48koa. Seme-alabak dituzten bikoteetan portzentajea %33koa da eta guraso bakarreko familietan %13koa. Izan ere, guraso bakarreko familiak dira aztertutako arazo gehienak era bortitzenean pairatzen dituzten familiak.

Argi dago ez direla ikerketa honetan herritarren arazo guztiak agertzen: ez dira, adibidez, bakardadearekin, hizkuntzarekin, herri-nortasunarekin edota egoera politikoarekin zerikusia duten arazoak agertzen, inkestak ez baitu arazo horiei buruz galdatzen. Baina egindako ikerketak agerian jartzen ditu, zalantzarik gabe, zeintzu diren herritarren bizi-baldintzetan eragin zuzena duten arazoak. Eta, zentzu horretan, inkestak argi uzten du norantz zuzendu beharko liratekeen datozen urteetan indarrean jarriko diren politika publikoak: diru-sarrerak bermatu, lan merkatua sendotu eta osasun arazo nahiz mendekotasuna duten pertsonen zaintza indartu, bereziki seme-alabak dituzten familiei erreparatuz. Ikusi beharko da, ordea, ia erakundeen lehentasunak, eta antolaketa bera, arazo horietara zuzentzen diren.]]>
<![CDATA[Ongizate Estatu ezkutua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2000/005/001/2020-12-24/ongizate_estatu_ezkutua.htm Thu, 24 Dec 2020 00:00:00 +0100 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/2000/005/001/2020-12-24/ongizate_estatu_ezkutua.htm
Zein dira Ongizate Estatu ezkutu honen kalteak? Alde batetik, esan bezala, zerga-bilketa murrizten dute, eta politika publikoak aurrera eramateko aukerak mugatzen. Askotan esan da, eta egia da, gure artean zerga bilketa beste herrialdeetan baino txikiagoa bada ez dela tipo apalagoak ezartzeagatik, horrelako zerga-onurak larregi erabiltzeagatik baizik. Beste aldetik, hiritar guztiek ez dituzte zerga onura hauek era berean erabiltzeko aukera eta, zentzu horretan, izaera erregresiboa dute: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionean, adibidez, errenta maila txikia duten pertsonak ez dira apenas zerga-onura horiez baliatzen, ez dutelako zerga aitorpenik egiten edota, egiten badute, ordaindu beharreko kuota osoa txikia delako eta, ondorioz, murriztu daiteken kopurua ere txikiegia delako. Gainera, hiritar gutxi dira onura horiek jasotzen dituztenaren jakitun.

Azkenik, zerga onura hauek, antzeko beharrei erantzuna emateko, hiritarrak bi taldetan banatzen dituzte: alde batetik, kenkari eta hobari horiez baliatzen diren zergadunak; bestetik, diru-laguntzak jasotzen dituzten hiritarrak. Alde batean, kontribuzioa ordaintzen dutenak; beste aldean, besteok ordaindutako laguntza jasotzen dutenak. Izan ere, gure lurraldeetan gizarte behar berdinei erantzun bikoitza ematen diogu, hiritarrak bi taldetan banatuz eta, askotan, kenkarietan laguntza zuzenetan baino diru gehiago gastatuz: etxebizitzaren arloan, adibidez, kenkarietan 350 milioi euro gastatzen dira —jasotzeari uko egiten zaio, hobeto esanda— eta laguntza zuzenetan, berriz, 100 milioi inguru. Familia laguntzei dagokionez, egoera antzekoa da: ia 300 milioi gutxiago jasotzen dituzte foru ogasunek ondorengoengatiko kenkariak direla eta, baina apenas 50 miloi bideratzen dira seme-alabak dituzten familietara Eusko Jaurlaritzaren familia laguntzen bidez.

Antolaketa modu horrek eragin zuzena —eta ez ustekoa— du familien egoeran: gaur egun, 4 urteko hiru seme-alaba eta ordaindu gabeko etxebizitza propioa duen errenta altu edo ertaineko familia batek (demagun, urtean 50.000 euroko diru sarrerak) 5.000 euro inguru jasotzen ditu zerga onuren bidez; 20.000ko diru sarrerak dituena, berriz, 1.500 inguru. Diru sarrera txikiak dituen familia batek (demagun, urtean 10.000 euro) 7.000 euro inguru jasoko lituzke familia laguntzak eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) uztartuz. Diru sarrera propiorik ez duen tamaina bereko familia batek, berriz, 13.000 euro inguru jasoko lituzke. Batzuen eta besteen arteko aldea uste baino txikiagoa da eta ez dator bat berez dituzten beharrekin.

Ba al da arazo honi aurre egiteko biderik? Bai. Herrialde askotan —Nafarroan barne— bi sistema horiek uztartzeko joera nagusitzen ari da, zerga negatiboa deritzon tresna erabiliz. Horren bidez, zerga-onurak baldintzak betetzen dituzten hiritar guziei zabaltzen zaizkie, errenta mailari erreparatu gabe. Hala, errenta nahikoa duten zergadunak zerga-onurez baliatzen diren bitartean, errenta nahikorik ez duten hiritarrek onura horiek laguntza zuzen gisa jasotzen dituzte. Bide horiek badituzte bere arriskuak baina, orokorrean, gure zerga eta diru-laguntza sistema hobetzeko bidea zabal dezakete.]]>
<![CDATA[Nork ordaindu behar ditu gizarte zerbitzuak?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1924/004/002/2020-12-10/nork_ordaindu_behar_ditu_gizarte_zerbitzuak.htm Thu, 10 Dec 2020 00:00:00 +0100 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1924/004/002/2020-12-10/nork_ordaindu_behar_ditu_gizarte_zerbitzuak.htm
Euskadin, koordainketa honen bitartez ordaintzen den kopurua ez da txikia: Eustaten arabera, adineko pertsonentzako egoitza eta eguneko zentroen erabiltzaileek guztira 300 milioi euro ordaindu zituzten 2018. urtean zerbitzu horien truke. Ordaindutakoa, ordea, oso ezberdina da, batez beste, lurralde historikoaren eta zentroaren jabetzaren arabera: Arabako zentro publikoetan, adibidez, kuota 11.000 euro ingurukoa da erabiltzaile eta urteko, batez beste; Bizkaiko zentro pribatuetan, berriz, ia 19.000 eurokoa. Ezberdintasun horiek egoiliar bakoitzaren baldintza ekonomikoekin dute zerikusia, baina baita lurralde bakoitzeko erakundeek ezartzen dituzten arauekin ere. Ezberdina da kuota horren eta leku bakoitzaren kostuaren arteko harremana ere: Euskadin, batez beste, egoitza leku baten kostuaren %48 ordaintzen dute erabiltzaileek (2.000 urtean 38%a zen). Arabako zentro publikoetan, ordea, lekuaren kostuaren %19 besterik ez dute ordaintzen, eta, pribatuetan, berriz, %73 (nahiz eta askotan kuota hori ordaintzeko diru-laguntzak jaso).

Ez dugu etxez etxeko laguntzari buruz horrenbesteko daturik, baina, Imsersoren datuen arabera zerbitzu horren erabiltzaileek zazpi milioi euro inguru ordaindu zituzten 2018. urtean Gipuzkoan eta Araban (3,7 euro orduko, batez beste). Erabiltzaileen koordainketa horrek zerbitzuaren kostu osoaren %20a inguru finantzatzen du.

Lurralde eta jabego sareen arteko ezberdintasunak ez ezik, sistema horrek badu beste arazo bat ere: batetik, pertsona bakoitzak ordaindu behar duen kuota —maila handi batean— bere errenta eta ondasunen arabera ezartzen da. Horrek, alde batetik, progresibotasuna bermatzen du, gehien daukatenek gehiago ordaintzen dutelako. Horrekin batera, ordea, sistema horrek gizarte zerbitzuen unibertsaltasuna oztopatzen du: errenta edota ondasun ertainak nahiz altuak dituztenak koordainketa maila altua egitera derrigortuta daude, eta, koordainketa hori ekiditeko, zerbitzu pribatuetara jotzen dute. Euskadin gaur egun dugun sare pribatu nagusia atzerriko emakume zaintzaileek osatzen dutena da. Horrela, orokorrean, errenta txiki edota ertainak dituzten pertsonek —edo beste erremediorik ez dutenek— zerbitzu publiko edo hitzartuetara jotzen dute, eta, errenta maila ertaina edo altua dutenek, berriz, —ahal duten bitartean— atzerriko emakume zaintzaileen merkatu pribatura, horretarako administrazioak berak ematen dituen diru-laguntzak erabiliz.

Beste herrialde batzuetan, sistema beste era batean antolatuta dago. Eskozian, adibidez, gizarte zerbitzuen bidez menpekotasuna duten pertsonei ematen zaien arreta pertsonala doakoa da, bai egoitzetan eta bai etxez etxeko arreta zerbitzuetan. Erabiltzaileek etxeko lanen arta bakarrik ordaintzen dute: hau da, egoitzetan janaria eta ostatua, eta etxez etxeko laguntzan garbiketa, erosketak edota bazkaria prestatzea. Frantziako Estatuan indarrean dagoen sistema antzekoa da, nahiz eta arreta pertsonala ez den guztiz doakoa, eta errentaren arabera ezartzen den.

Ereduak, beraz, asko dira, eta ondo legoke kontuan hartzea gure artean koordainketa arautzeko orduan.]]>
<![CDATA[Etxeak etxegabetasunaren aurka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1900/007/001/2020-11-26/etxeak_etxegabetasunaren_aurka.htm Thu, 26 Nov 2020 00:00:00 +0100 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1900/007/001/2020-11-26/etxeak_etxegabetasunaren_aurka.htm
Azken urteetan, ordea, beste ikuspegi bat nagusitu da erakunde eta herrialde askotan, gureak barne. Izan ere, euskal erakundeek onartu zuten Etxerik Gabeko Euskal Estrategiaren arabera, etxegabetasuna etxebizitza bat eskuratzeko ezintasunaren ondorioz sortzen den egoera bat da. Nahiz eta beste arazo asko eduki, etxerik gabeko pertsona guztiek duten ezaugarri komun bakarra da etxerik ez dutela. Estrategia horren arabera, etxegabetasunari erantzuteko estrategia ororen funtsezko helburua, bakarra ez bada ere, pertsona horiei behin betiko etxe bat eskuratzeko aukera ematea izan beharko luke, ahalik eta bizkorren. Ikuspegi horiek etxebizitza funtsezko eskubide gisa hartzen dute, baita gizarteko, laneko edo osasunaren arloko beste arazo batzuk konpontzeko aurrebaldintza gisa ere. Ez dago gizarteratzerik etxebizitzarik gabe: gizarteratzea ez da etxebizitza lortzeko aurrebaldintza; alderantziz, etxebizitza da gizarteratzerako lehen pausoa.

Etxebizitza ardatz duen ikuspegi horren adierazpen argi eta arrakastatsuenetariko bat Housing First izeneko metodologian txertatutako programak dira. Eredu hori etxebizitzan esku-hartze goiztiar bat egitean datza; hala, behin betiko etxebizitza merkeak eskaintzen zaizkie kalean edo larrialdiko zerbitzuetan bizi diren pertsonei, aterpez aterpe ibiltzera derrigortu gabe, eta, horrekin batera, baldintzarik gabeko esku hartze edo laguntza profesionala eskaintzen zaie.

Esku-hartze eredu honek oso emaitza interesgarriak eman omen ditu, bai Europan eta bai Estatu Batuetan, non gero eta erabiliagoa den. Argitaratu berri den ikerketa baten emaitzak benetan esanguratsuak dira zentzu horretan: ohiko aterpetxeen erabiltzaileekin alderatuz, programa horietan parte hartu zutenek aukera gutxiago dituzte kalean berriz bizitzeko, larrialdiko osasun zerbitzuak erabiltzeko, buru gaixotasunak edukitzeko, diru laguntzak jasotzeko edota espetxeratuak izateko. Alderantziz, aukera handiagoa erakutsi zuten lan bat aurkitzeko eta diru iturri propioak lortzeko. Ikerlarien arabera, programa hauek ez dira, gainera, ohikoak baino garastiagoak: horrelako programa batean urte eta erdi igaro ondoren, pertsona hauen egoera hobetzeak dakarren diru aurreztea programaren % 80 ordaintzeko nahikoa da.

Argi omen dago, beraz, horrelako egitasmoek emaitza onak eman dituztela eta gero eta hedapen handiagoa dutela, Euskal Herrian ere. COVID-19ak, gainera, berriz jarri du mahai gainean etxegabetasunaren arazoa: konfinamendu garaian egin ziren neurketek agerian jarri zuten Euskadiko kaleetan lo egiten duten pertsonen kopurua uste baino handiagoa dela, eta pentsatzekoa da, epe ertainean, etxegabetasun egoerak ugaritu egingo direla krisi ekonomikoaren eraginez. Beharrezkoa da, beraz, aipaturiko estrategiak dioen bezala, etxegabetasunaren prebentziora bideratutako politikak indartzea eta etxerik gabeko pertsonentzako egungo arreta eredua birbideratzea, batik bat etxebizitza gabeziari eta etxebizitza politikei erreparatuz.]]>
<![CDATA[Gure aberatsak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1978/004/002/2020-11-12/gure_aberatsak.htm Thu, 12 Nov 2020 00:00:00 +0100 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1978/004/002/2020-11-12/gure_aberatsak.htm
Baditugu datuak galdera horiei erantzuteko, 2008 eta 2018 urte bitarterako behintzat. Zer diote datu horiek? Alde batetik, esan bezala, diru-sarrerei loturiko desberdinkeria handitu egin da epe honetan Euskadin: populazio osoa bost zati berdinetan banatzen bada, bakoitza hiritarren %20rekin, errenta gehien zuen taldeak hilabetean 1.717 euroko diru sarrerak zituzten batez besteko 2008an; errenta gutxien zuen taldeak, berriz, 480 euro inguru jasotzen zituen hilero batez besteko. Aberatsen errentak 3,5 aldiz biderkatzen zuen pobreena. Hamar urte geroago, aberatsen errenta bi mila eurokoa da, eta pobreena, 491 eurokoa. Gaur egun edo, hobe esanda, orain dela bi urte, ez baitugu oraindik 2020rako daturik— aberatsen errentak 4,1 aldiz biderkatzen du pobreena. Beste herrialdeekin alderatzearren, Espainian sei aldiz biderkatzen du, eta Finlandian, 3,6 aldiz.

Zergatik gertatu da hau? Erantzuna argia da: pobreen errenta aberatsena baino gutxiago hazi delako. Epe horretan, errenta gutxien duen talde horren diru sarrerak %1 igo dira, eta errenta gehien duten taldearenak, %18. Aberatsen eta pobreen arteko arraila ez da, ordea, gehien hazi dena: askotan esaten ez bada ere, hamar urte hauetan errenta ertaina duen taldea eta pobreen arteko aldea hazi egin da, aberatsen eta talde ertainen aldea aldatu ez delarik. Hau da, pobreen eta talde ertainen arteko distantzia gero eta handiagoa da, baina aberatsen eta talde ertainen aldekoa, ez. Talde ertainen eta aberatsen diru-sarrerak beretsu hazi dira, pobreen diru-sarrerak baino 17 aldiz gehiago.

Aldaketa handiena, edozein kasutan, talde bakoitzak dituen diru-sarreren konposizioari dagokiona da eta, finean, talde bakoitzaren giza-konposizioari dagokiona. 2008an, errenta txikiena zuen taldearen diru sarreren %40 lanetik zetorren, %42 pentsioetatik eta %6 beste gizarte laguntzetatik. Gaur egun, soldaten pisua antzekoa da talde horretan, baina pentsioena txikitu egin da, eta beste diru-laguntzena, handitu. Aberatsen artean kontrako aldaketak izan dira: soldaten pisua txikitu egin da —%81tik %72ra— eta pentsioena, handitu —%11tik %20ra—. Honen arrazoiak bi dira: pentsioen mailak gora egin du, eta, batez ere, pentsiodunak gero eta gehiago dira aberatsen taldean. Aberastasunaren aurpegia aldatzen ari da, beraz, Euskadin: gero eta lotuago dago pentsioei eta gero eta gutxiago nahiz eta oraindik oso lotuta egon— lanari. Pobrezia, berriz, gero eta lotuago dago gizarte laguntzetara eta gero eta gutxiago pentsioetara.

Nola aldatuko du COVID-aren izurriteak egoera hau? Seguruenik, prozesu hauek sakondu eta indartu egingo ditu. Oraingoz, behintzat, pentsioak egonkorrak dira, eta gero eta altuagoak. Lanetik datozen errentak, berriz, gero eta aldakorragoak eta —langileen parte batentzako behintzat— gero eta urriagoak, soldatak txikitzen direlako edota lanorduak murrizten direlako. Aldaketa honen ondorioak ez dira txikiak izango.]]>
<![CDATA[Belaunaldi arteko ituna nola berritu? ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/007/001/2020-10-29/belaunaldi_arteko_ituna_nola_berritu.htm Thu, 29 Oct 2020 00:00:00 +0100 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1865/007/001/2020-10-29/belaunaldi_arteko_ituna_nola_berritu.htm intergenerational unfairness edo belaunaldi arteko bidegabekeria deritzoten horrekin. Aubixako kideek dioten moduan, mugarri saihetsezin eta mehatxagarri bat ageri da une honetan: arrakala bat zabaltzen ari da beren gurasoek eta aitona-amonek baino aukera hobeak izan eta zahartzen ari direnen, eta gaztaroan eta helduaroan sartzen hastean ziurtasunak ostu zaizkien belaunaldien artean. Datu batek irudikatzen du haustura hori: 2001. urtean, Euskadin, 35 eta 39 urte arteko gizonezkoek, batez beste, 16.000 euroko errenta zuten; 70-74 urte artekoek, 14.000 eurokoa. Gaur egun, 35 eta 39 urte artekoen errenta ertaina 21.000 eurokoa da, eta 70-74 urte artekoena, ia 25.000 eurokoa. Pobrezia egoerei erreparatzen badiegu, gazteen %10 bizi dira pobrezian, eta, 65 urtetik gorakoen artean, berriz, %4,2. Ez da jasangarria -demografiaren ikuspegitik, ekonomiaren ikuspegitik, justiziaren ikuspegitik- familia sortu, etxea erosi, seme-alabak hazi eta munduan leku baten bila ari direnek askoz baliabide gutxiago izatea ibilbide hori egina dutenek baino. Soziologiaren ikuspegitik esan den moduan, gaur egungo gazteek horma ikusezin baten aurrean ikusten dute beren burua, baina adinekoen erreibindikazio eta beharrek -zilegi eta errealak, horiek ere- lortzen dute oihartzun handiena agenda publikoan. Beraz, nola berritu belaunaldi arteko ituna? Hiru esparru izan daitezke zentzu horretan nagusi. Alde batetik, etxebizitzari dagokiona: beharrezkoa da etxegintza (etxeen eraikuntza, transmisioa, egokitzapena...) belaunaldi guztien beharrei lotzea, familia eta pertsona askoren ondare handiena -askotan, bakarra- etxebizitza dela jakinik. Belaunaldien arteko kontzepzioa duten etxebizitzen eraikuntza sustatzea edota etxebizitza zaintzaren truke aldatu ahal izatea aurrerapauso interesgarriak dira, jakinik gure gizartean gertatzen den ezberdinkeriarik nabariena etxebizitzaren jabetzari dagokiola, eta horri dagokionez belaunaldien arteko arrakala handia dela. Beharrezkoa da, bigarrenik, zaintzen arloan aldaketa sakona egitea: mendekotasunaren arriskua benetan partekatzea da erronka, beste giza beharretan egiten den moduan, eta horretarako beharrezkoa da zaintza eredua eraldatzea eta baliabide berriak gehitzea. Hirugarren esparrua, zabalena, gure ongizate estatuaren eraldatzeari eta indartzeari dagokio. Ongizate estatuaren ikerlariek diotenez, hiru sistema mota daude munduan: batik bat adineko pertsonei zuzentzen zaizkienak (Espainia, kasu), lana egiteko garaian dauden helduei zuzentzen zaizkienak (Alemania, adibidez), eta belaunaldien arteko oreka mantentzen dutenak (Frantzia edo herrialde eskandinaviarrak, esaterako). Ez dago haurtzaroari bereziki zuzendutako herrialderik. Desoreka hori saihesteko, beharrezko litzateke Europako Batasunak bultzatu duen gizarte inbertsioaren ideia gure artean zabaltzea, adineko pertsonei ez ezik, haur eta gazteei ere erreparatuko dien ongizate estatu bat eraikiz. Hiritar guztiek -edo gehienek behintzat- irabaziko lukete aldaketa horrekin. ]]> <![CDATA[Pobreen hizkuntzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/006/001/2020-10-15/pobreen_hizkuntzak.htm Thu, 15 Oct 2020 00:00:00 +0200 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1872/006/001/2020-10-15/pobreen_hizkuntzak.htm
Beste ikuspegi batetik begiratuta, euskara edo euskara eta gaztelera ama hizkuntza dutenak gipuzkoarren %40 dira, baina bazterketa larrian bizi direnen %11 soilik. Eta, inkesta horren arabera ere, zenbat eta gorago joan errentaren banaketaren eskalan, orduan eta handiagoa euskal hiztunen proportzioa. Antzekoa gertatzen da ikasketa mailarekin: Euskadin populazioaren %43 omen da euskaraz hitz egiteko gai, baina %8,7 bakarrik ikasketarik ez dutenen artean. Harreman hori lurralde mailan ere gertatzen da, bai Gipuzkoan eta bai Euskadi osoan: zenbat eta errenta maila handiagoa herri batean, orduan eta euskara ezagupen maila handiagoa, eta alderantziz. Harreman kausalik ez badago ere, euskararen ezagupena eta errenta maila batera doaz: bata altua denean, bestea ere altua da, oro har.

Berriak ez badira ere, ezta ere ustekabekoak, datu horiek berebiziko garrantzia dute euskaren etorkizunerako. Alde batetik, irudi honek Euskal Herriaren —eta, batez ere, Gipuzkoaren— izaera diglosikoa zalantzan jartzen du. Egia bada ere gaztelerak eta euskarak ez dutela prestigio bera, eta ez direla erregistro formaletan era berean erabiltzen, argi dago oreka hori aldatu egin dela azken hamarkadetan, hainbat lekutan guztiz itzuli arte. Pobreziaren eta erdararen erabileraren artean dagoen lotura hori kontuan hartu beharko genuke ustezko diglosia hori berrikusteko orduan.

Bigarren hausnarketa datu horien atzean antzeman daitezkeen dinamikei buruzkoa da: zaila da pentsatzea euskararen ezagupena bera denik pobrezia edo bazterketarekin lotzen den elementua. Euskara ezagutzeak ate batzuk ireki ditzakeen arren, datu horien atzean dagoena ez da hainbeste euskara jakitea ala ez, baizik eta, neurri handi batean, norberaren familiaren jatorria. Eta, hor ere, datuak argiak dira: Euskadin jaiotakoen artean pobrezia tasa %10ekoa bada, estatuan jaiotakoen artean ,%16koa, eta beste herrialdeetan jaiotakoen artean, %55ekoa. Datu horien atzean immigrazioaren integrazio ereduen ondorioak antzematen dira, eta ez bakarrik azken bi hamarkadetako immigrazioarenak. Aurreko mendearen erdialdean izan zen espainiar immigrazioaren integrazio ereduaren ondorio ere badira, eta agerian jartzen dute gure gizarteak —ondokoek bezala— mugikortasun sozialerako dituen oztopoak.

Hirugarren hausnarketa euskarak berak gizarteratze prozesuetan duen paperari dagokio. Nolako eragina du euskararen ezagutzak berak gizarteratze eta laneratze prozesuetan? Nolako neurriak hartu behar dira, XXI. mendean, euskararen normalizazioa eta hiritar guztien gizarteratzea uztartzeko? Nola da posible, alegia, euskara gizarteratzerako tresna, eta ez oztopo, bihurtzea?]]>
<![CDATA[Aukeratzeko aukerak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2272/009/001/2020-10-01/aukeratzeko_aukerak.htm Thu, 01 Oct 2020 00:00:00 +0200 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/2272/009/001/2020-10-01/aukeratzeko_aukerak.htm
Hainbat eragilek aukeratzeko eskubide hori areagotzea aldarrikatzen dute. Horien arabera, arreta emango duen zentro edo profesionala aukeratzeko eskubidea eduki beharko lukete hiritarrek, estatuaren rola arreta hori arautzera eta ordaintzera mugatuz. Horrek lehia bultzatuko luke arreta ematen duten enpresen artean, eta, ondorioz, zerbitzuen kalitatea hobetu, erabiltzaileen autonomia eta kontrola indartuz. Beste ikuspegi batzuen arabera, ordea, aukera askatasun horiek, erabiltzaileen ikuspegi, lehentasun eta hautuak adierazi eta gauzatzeko tresna egokiak izan badaitezke ere, segregazioa eta ezberdinkeria sor dezakete, baliabide nahiko dituzten hiritarrak finantzaketa publiko horretaz baliatzen baitira beste hiritarrek erabili ezin dituzten zerbitzu edo zentroak hautatzeko.

Edozein kasutan, Europa osoan —herrialde eskandinaviarrak barne— gero eta ugariagoak dira aukera indibiduala gauzatzeko tresnak ; gero eta gehiago erabiltzen dira gizarte zerbitzuetan eta, batez ere, mendekotasuna duten pertsonei zuzentzen zaizkien zerbitzuetan. Frantzian, adibidez, egoitza batera joateko edo etxez etxeko laguntza jasotzeko, estatuak dirulaguntza bat ematen du, eta horretaz baliatzen dira hiritarrak behar dituzten zerbitzuak —publiko nahiz pribatuak—aukeratu eta erosteko. Espainiako Estatuan badira antzeko hainbat dirulaguntza, baina hedapena makalagoa izan da. Orokorrean, hezkuntzan eta osasun sisteman bezala, zentro edo zerbitzu jakin bat erabiltzeko eskubidea ematen du administrazioak, eta erabiltzaileen aukeratzeko askatasuna apenas hartzen den kontuan.

Komenigarri ote da Frantziako sistema hori Hegoaldeko lurraldeetara zabaltzea? Zerbitzuen kalitatea benetan hobetuko al da zerbitzu hornitzaileen arteko lehia indartzen bada? Ba al dute erabiltzaileek nahiko informazio aukera zuzenak egiteko? Sortuko al dira lurralde guztietan behar adina hornitzaile benetako lehia egoteko? Ez ote dira ezberdinkeriak areagotuko alor horretan ere? Galdera asko eta erantzun gutxi eztabaida honen inguruan. Nahiz eta gure gizarte zerbitzuen izaera errotik alda dezakeen kontua izan, esan daiteke ez dela horren inguruan eztabaida sakonik egin gure artean.

Aipaturiko galderei ezin badiegu —nik behintzat— erantzun argirik eman, ondo legoke behintzat eztabaida horren aurrean bizpahiru ideia azpimarratzea. Alde batetik, esan behar da aukeratzeko askatasun hori bi ahoko ezpata dela: garrantzitsua da erabiltzaileek zerbitzu hornitzailea aukeratu ahal izatea; batzuetan aukerak azalekoak baino ez dira, ordea, eta aukera askatasun horrek kalteak besterik ez dizkie ekarri erabiltzaileei. Bestalde, aukeratzeko eskubidea indartzeak ez luke nahitaez zerbitzuen pribatizazioa ekarriko, nahiz eta kasu horietan logika komertzialak indartu egiten diren. Azkenik, gogoratu behar da administrazioak ez lukeela marko berri horretan lehentasunik galduko, nahiz eta haren funtzioak (agian) aldatu: zerbitzuen horniduraz ez bada arduratuko, berebiziko ardurak bete behar ditu zerbitzu horien kalitatea bermatzeko eta benetako aukera askatasuna ahalbidetzeko erabiltzaile guztiei.]]>
<![CDATA[Gora gu ta gutarrak?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1883/007/001/2020-09-17/gora_gu_ta_gutarrak.htm Thu, 17 Sep 2020 00:00:00 +0200 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1883/007/001/2020-09-17/gora_gu_ta_gutarrak.htm Gutarrak ez direnen taldea handitzen den neurrian, Ongizate Estatua mantentzeko zailtasunak areagotzen dira.

Tesi hau ez bada osotasunean frogatu, argi dago gero eta ugariagoak direla ongizatearen txaubinismoa delako horren aldeko alderdiak, eta hiritar asko dira munduan zehar ongizatearen estatuaren zerbitzu eta laguntzak bertakoei, gutarrei, mugatzearen alde azaltzen direnak. Immigrazioak ez baditu orokorrean gizarte politiken aurkako jarrerak indartu, diote adituek, gizarte politika horiek bertakoei mugatzeko nahia areagotu omen du. Frantziako Fronte Nazionala edo Espainiako Vox alderdia ongizatearen txaubinismo horren adibide argiak dira.

Badirudi, ordea, Euskal Herriko lurraldeetan hegoaldekoetan behintzat ez dela horrelako mugimendurik izan, edo oso mugatuak izan direla behintzat. Zentzu horretan, pentsa daiteke Euskal Herria nahiko kasu bitxia dela, alderdi abertzaleak nortasun nazional propio baten alde borrokatu diren bitartean, ongizate eredu zabal baten alde egin baitute, kanpokoei beste herrialdeetan, baina muga gutxiago ezarriz. Luis Sanzo ikerlariak argitaratu berri duen artikulu batean argi azaltzen da zein neurritan EAJk diru-sarrerak sermatzeko errenta (DSBE) euskal autogobernuaren tresna nagusien artean kokatu duen, eta argia da ere gizarte politika zabal batzuen aldeko ezker abertzalearen jarrera. Izan ere, EAEn ongizatearen txaubinismo hori azaleratu bada, Alderdi Popularraren eta espainiar nazionalismoaren eskutik izan da. Eztabaidagarria bada zein neurritan Euskadiko gizarte politikek etorkinen eskubideak behar bezala babesten dituzten, argi dago euskal alderdi abertzaleak ez datozela bat ongizatearen txaubinismo horrekin eta, euskal abertzaletasunaren esparru soziologikoan horren aldeko jarrerarik izan bada, isilpean izan dela. Zentzu horretan, nazioarte mailan, aparteko kasua da gurea.

Zer gera gu? Nor gera gu? Esan daiteke galdera honi, gizarte politiken arloan, erantzun zabala eman zaiola orain arte Euskadin. Are gehiago, gizarte politikak bihurtu dira eta bihurtu nahi izan dira— bertako politiken marka eta ikurra, lurralde orok marka ezaugarri bat behar duen garai honetan.

Bide horri eusteko, Eusko Ikaskuntzaren Euskal Herriko lurralde(ar)en Liburu Zuria?n esaten den moduan, gizarte inklusioa eta herritar guztien bizi-kalitatea bermatzea izan daiteke mundu globalizatuan ez desagertzeko Euskal Herriak behar duen proiektu komun baten oinarria. Beste herri txiki batzuetan bezala Eskozia, Quebec, Finlandia...—, gizarte-babeseko eredu zabal, eraginkor eta jasangarri bat garatzea herri-eraikuntzarako proiektu moduan uler daiteke Euskal Herrian, barne-kohesio eta antolaketarako tresna moduan, ongizatearen txaubinismoaren tentazioei uko eginez.]]>
<![CDATA[Igogailua gaizki dabil]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/003/001/2020-07-25/igogailua_gaizki_dabil.htm Sat, 25 Jul 2020 00:00:00 +0200 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1881/003/001/2020-07-25/igogailua_gaizki_dabil.htm
Azken asteetan datu berri ugari eman dira jakitera honen inguruan. Gizarte mugikortasunaren atlas delako bat argitaratu du Felipe Gonzalez Fundazioak, Espainiar Estatuko hiritar guztien gaur egungo errenta bere gurasoen errentarekin konparatuz eta bien arteko aldea kalez kale eta auzoz auzo irudikatuz. Mapa horrek, tamalez, ez du Euskal Herriko lurraldeei buruzko daturik ematen. Emaitzak, edozein kasutan, interesgarriak dira oso, argi ikusten baita, maparen egileen arabera, haur bat hazten den etxeak eragin zuzena duela haren etorkizuneko errentan. Diru-sarrera txikiagoak dituzten etxeetako haurrek aukera asko dituzte posizio horretan jarraitzeko 20 urte geroago, eta, era berean, diru-sarrera handiagoak dituzten familietako seme-alabek aukera gehiago dituzte gehiengoak baino errenta handiagoa lortzeko. Mugikortasun hori, gainera, bereziki txikia da Espainiako hegoaldeko hiri eta erkidegoetan.

Estatistika Institutu Nazionalak aste honetan kaleratu ditu pobreziaren belaunaldien arteko transmisioari buruzko datu berriak ere. Ondorioak nahiko argiak dira: Espainian pobrezia tasa orokorra gaur egun %20koa bada, jatorrizko etxean egoera ekonomiko txarrean edo oso txarrean bizi izan zirenen artean % 35ekoa da. Haurtzaroa egoera ekonomiko onean edo oso onean pasatu izan zutenen artean, berriz, % 13koa. Pobrezian bizitzeko arriskua 2,5 aldiz handiagoa da txikitan ere pobre izan zirenentzat: igogailua badabil, beraz, baina nahiko makal eta kosta egiten zaio gora (edo behera) egitea. Zailtasun horiek, gainera, gero eta handiagoak dira, datuen arabera.

Europa mailan, Espainia eta Italia omen dira gizarte-mugikortasuna gehien oztopatzen duten herrialdeak. Gosta Esping-Andersen soziologo ospetsuak kaleratu berri duen lan baten arabera, nahiz eta herrialde guztietan goi-mailako ikasketak dituzten gurasoen seme-alabek aukera gehiago izan gizarte-maila altuetan amaitzeko -trebetasun kognitibo txikiagoak edukita ere-, alde handiak daude herrialdeen artean. Ipar Europan, Kanadan eta Herbehereetan, adibidez, abantaila hori nahiko urria da. Espainian edo Italian, berriz, jatorrizko familiak gizarte-mugikortasunean duen eragina askoz ere nabarmenagoa da, eta hezkuntza-maila altuko eta baxuko gurasoen seme-alaben mugikortasun-aukerak oso txikiak dira.

Ikerketa hauek ez digute esaten zeintzuk diren mugikortasun hori bizkortzeko tresna eraginkorrenak. Argi adierazten dute, ordea, ezinbestekoa dela -hasieran aipatutako itun hori bete nahi bada- hainbat neurri hartzea aukera berdintasuna bermatzeko; bereziki, baina ez bakarrik, hezkuntza arloan. Frantzian eta Erresuma Batuan, esaterako, egoera honi buelta emateko neurri eta estrategia zehatzak jarri dira abian. Ez legoke gaizki gure artean ere bide horri jarraitzea, aukerak ezin badira berdindu, bizi-baldintzak, errenta eta aberastasuna berdindu beharko baitira.]]>
<![CDATA[Gizarte zerbitzuen pribatizazioaz ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1982/004/001/2020-07-18/gizarte_zerbitzuen_pribatizazioaz.htm Sat, 18 Jul 2020 00:00:00 +0200 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1982/004/001/2020-07-18/gizarte_zerbitzuen_pribatizazioaz.htm
 

Gizarte zerbitzuen arloan, Euskadin, zerbitzu gehienak erakunde pribatuen bidez ematen dira, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Euskadi mailan, alor horretan diharduten lau langiletik hiruk enpresa edo erakunde pribatuen bitartez egiten dute lan.

Horri pribatizazio deitu izan zaio, nahiz eta oso argi ez egon pribatizazio termino horrekin zer esan nahi den. Alde batetik, argi dago zerbitzuen hornidura eragile pribatuen esku dagoela maila handi batean, eta esan daiteke, gainera, norabide horretan aldaketa handi samarra izan dela gure artean (gaur egun langileen %77k erakunde pribatuetan egiten badute lan; 2000. urtean, esaterako, %65 ziren). Gizarte zerbitzuen hornidura erakunde pribatuen eskuetan egoteak ez du, ordea, pribatizazioa adierazten nahitaez: finantzaketaren aldetik, 2000. urtean familiek gizarte zerbitzuetan egiten den gastu osoaren % 13 hartzen zuten bere gain, eta 2017. urtean %13koa da familien koordainketa. Izan ere, batzuek pentsatzen omen dutenaren kontra eta ekonomiaren beste esparruetan gertatu denaren kontra, eragile pribatuek ez dute bereganatu aldez aurretik jabetza publikoa zuen baliabide, zerbitzu edo erantzukizunik. Alderantziz, ekimen pribatuak sorturiko zerbitzu eta baliabide asko erantzukizun publikopean daude gaur egun.

Askotan, bestalde, hornidura pribatua lan baldintza kaskarrekin eta arreta kalitate txarrarekin lotzen da. Lehengoari dagokionez, argi dago lan baldintzak hobeak direla sektore publikoan: adinekoen egoitzei erreparatzen badiegu, Eustatek ematen dituen datuen arabera, erakunde publikoetan lan egiten duten langileek soldata bikoitza jasotzen dute erakunde pribatuetan diharduten langileekin konparatuta. Kalitateari dagokionez nahiz eta askotan lan baldintzak eta arreta kalitatea txanpon baten bi alde bezala aurkeztu? gauzak ez daude horren argi: gutxitan neurtzen da arreta kalitatea gure artean, eta nekez baieztatu daiteke zalantzarik gabe, nahiz eta susmoa izan, erakunde publikoek ematen duten zerbitzua beti dela pribatuena baino hobea. Zaila da, gainera, pentsatzea gaur egun gizarte zerbitzuak emateko behar diren gaitasunak (malgutasuna, gertutasuna, banakako beharrei egokitzeko gaitasuna...) langile publikoen bitartez bereziki hobeto bermatzen direla. Era berean, zaila da esatea gizarte zerbitzuen arloan hornitzaileen arteko lehiak arreta kalitatean berebiziko eragina duenik.

Erantzukizun publikoa eta hornidura pribatua hau da, gure modelo mistoa bateragarri egitea ez da edozein kasutan erraza. Erakunde publikoek zerbitzu horiek planifikatzeko, zehazteko, kontratatzeko, ikuskatzeko edota ebaluatzeko gaur egun ez dituzten gaitasunak bereganatu behar dituzte, eta horretan jarri beharko genuke zerbitzuen kalitatea bermatzeko? begirada. Horretarako, beharrezkoa da alde batetik erakunde publikoen antolaketa eta baliabideak eraldatzea eta, kontratu publikoen lizitazioa egiten denean, benetako balio erantsia ematen duten erakundeei lehentasuna eman ahal izatea, kontratazio publikoetan ezarri daitezkeen klausula sozialak indartuz eta lehiari buruzko araudiaren mugak bihurrituz. Beharrezkoa izango da, bigarrenik, gai honen inguruan benetan dakitenek esan bezala, zerbitzua eman dezaketen enpresa eta erakunde pribatuen eraldaketa, besteak beste, zaintzen kooperatibizazioaren aldeko apustua indartuz. ]]>
<![CDATA[Lau erronka legealdi berrirako]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1981/009/001/2020-07-11/lau_erronka_legealdi_berrirako.htm Sat, 11 Jul 2020 00:00:00 +0200 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1981/009/001/2020-07-11/lau_erronka_legealdi_berrirako.htm
Lehena, noski, enpleguaren eta diru-sarreren esparruan osasun krisiak eragindako ondorioei aurre egitea izango da, antzeman daitezkeen pobrezia eta bazterkeria egoera berriei erantzuna emanez. Alor horretan, erronka bikoitza da: alde batetik, beharrezkoa izango da enplegua sustatzen jarraitzea —are gehiago COVID-19ak lan merkatuan egindako sarraskiaren ostean—, jakinik gaur egun lanpostuen urritasuna ez ezik, lanpostu askoren prekarizazioa dela pobrezia eta bazterkeria sortzen dutenak. Lanpostu berriak sortu behar dira, bai; baina, batez ere, lanpostu onak. Bestetik, ezinbestekoa da diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) arautzen duen legea aldatzea, horren inguruan ahalik eta adostasun zabalenak eraikiz. Jakinik lan munduaren bilakaerak diru-laguntza sistema arinago eta malguago bat eskatuko duela etorkizunean, baldintza gutxiago eta argiagoekin, nahiz eta baldintzapekoa izaten jarraitu.

Bigarrenik, COVID-19ak agerian jarri ditu zaintzen krisiari aurre egiteko Europa Hegoaldeko gizarteek ditugun zailtasunak. Beharrezko da, zentzu horretan, mendekotasuna duten pertsonei osasun eta gizarte zerbitzuetatik ematen zaien arreta hobetzea, benetako eskubide bihurtuz. Krisi honek egoitzetan bizi diren pertsonen egoera jarri badu mahai gainean, euren etxeetan bizi diren adineko pertsonen (eta beren zaintzaileen) arreta indartzea da erronkarik nagusia, teknologia berriez edota ekimen komunitarioez baliatuz. Egia da zerbitzuak emateko eskumenak foru aldundien eta udalen esku daudela, baina Eusko Jaurlaritzaren ardura da arreta eredua sendotzea eta Osasun nahiz Etxebizitza Sailek esparru honetan dituzten erantzukizunei aurre egitea.

Hirugarrenik, nahitaezkoa da erronka demografikoari erantzutea eta alor horretan Euskadik dituen arazo larriei aurre egitea. Alde batetik, beharrezkoa da etorkinen harrera sistema sendotzeko politikak garatzen jarraitzea, Migraziorako Euskal Itun Sozialaren ildotik. Horrekin batera, ezinbesteko da familiei laguntzeko neurriei beste sendotasun bat ematea. Aurreko krisietan gertatu den bezala, COVIDarenak ugalkortasun tasen beherakada eragingo du: seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntza zuzenak, lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak, gurasotasuna lantzeko programak, haur-eskola sareak, amen eta aiten arteko berdintasuna sustatzeko, arrazoizko ordutegiak ezartzeko, eskola segregazioari aurre egiteko edota gazteen emantzipazioa arintzeko neurriak... Horien guztien aldeko apustu argia ez bada egiten —Familia eta Haurtzaroaren aldeko Euskal Itunaren ildotik—, gero eta zailagoa izango da Euskadin seme-alabak edukitzeko asmoak gauzatzea.

Laugarren erronka Gizarte Zerbitzu sistemaren egituraketa berari dagokio eta, zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak arlo horretan dituen funtzio, ahalmen eta barne-antolaketari. Indarren dagoen Gizarte Zerbitzu legea orain dela hamabi urte onartu bazen ere, ez dira oraindik behar bezala garatu —arrazoi asko direla medio— sistemari behar bezalako sendotasuna eman diezaioketen osagarri asko. Zentzu horretan, beharrezkoa izango da Gizarte Zerbitzuen arloak Jaurlaritzan edukiko duen kokapen instituzionala berrikustea —Enpleguarekin batera, Osasunarekin batera, Etxebizitzarekin batera, Gizarte Segurantzarekin batera?— eta, horretaz gain, Gizarte Zerbitzuen sistema sendotzeko beharrezkoak diren egiturak eta neurriak garatzen jarraitzea.]]>
<![CDATA[Diru-laguntzak langileentzako?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1981/010/001/2020-07-04/diru_laguntzak_langileentzako.htm Sat, 04 Jul 2020 00:00:00 +0200 Joseba Zalakain https://www.berria.eus/paperekoa/1981/010/001/2020-07-04/diru_laguntzak_langileentzako.htm
Lan merkatuaren prekarizazioaren eraginez, logika hau apurtu egin da azken hamarkadetan: lanaren eta langabeziaren artean lurralde zabal bat sortu da eta, lanean arituta ere, langile askok ez dute pobreziatik ateratzeko diru nahiko irabazten, soldata txikiak edota lanaldi laburrak direla eta. Nahiz eta aspalditik egon gure artean, 2008ko krisiak working poor edo langile pobreen arazoa jarri zuen mahai gainean.

Egoera horren aurrean, herrialde askotan langile horiei zuzenduriko diru-laguntzak jarri dira abian, making work pay edo lanak merezi dezala lelopean. Herrialde batzuetan —Ameriketako Estatu Batuetan adibidez— laguntza horien bitartez gauzatzen dira pobreziaren aurkako neurriak, eta lanik egiten ez dutenentzako diru-laguntzak oso urriak dira. Beste herrialde batzuetan —Alemanian, Erresuma Batuan, Frantzian— diru sarrerak bermatzeko sistemak errotik aldatu dira egoera honi erantzuteko, soldata txikiak eta diru-laguntzak bateragarri egiteko asmoz. Aipagarria da, zentzu horretan, Frantziako kasua: langileen %15 inguruk jasotzen dute diru sarrera txikiak osatzeko prime d'activité delakoa, eta ia 10.000 miloi euro gastatzen ditu Frantziako Gobernuak diru-laguntza horretan. Gure artean, diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) aitzindari izan da bide horretan, eta aspalditik ematen zaie ere lanean ari direnei, nahiz eta, 2011tik aurrera, hiru urtez soilik. Tresna hori eraginkorra izan da oso langileen arteko pobrezia arintzeko Euskadin, eta ez ditu —pentsa zitekeenaren arabera— soldata maila orokorrak beherantz bultzatu.

Zentzurik ba al du horrelako diru-laguntzak zabaltzeak? Alde batetik, gogoratu behar da orain arte dirutza izugarria gastu dela kontratazioak egiteagatik enpresariei zuzenduriko diru-laguntza (askotan) antzuetan; beste alde batetik, gastu fiskal handia egiten da ere soldata jasotzen dutenentzako hobari fiskalen bitartez, eta horiez langile pobreenak —errenta aitorpena egiten ez dutenak, alegia— ez dira baliatzen.

Hiru argumentu daude, edozein kasutan, laguntza horien alde: alde batetik, eraginkorrak dira diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak laneratzeko eta pobreziaren tranpa deritzona saihesteko. Diru-laguntza jasotzen den soldataren heinean murrizten bada, laneratzeak ez du pertsonen egoera hobetzen: lanak ez du merezi. Garatu diren sistemek egoera hori hartzen dute kontuan eta bi diru iturri horiek bateratzea ahalbidetzen dute, lana errentagarriago bihurtuz. Bigarrenik, langile pobreen egoera arintzen du eta, maila batean behintzat, enpleguaren gaitasun gizarteratzaile hori indartu egiten du. Hirugarrenik, lanik egin gabe diru-laguntzak jaso eta lan txarrak eginez diru laguntzak jasotzen ez dituzten pertsonen arteko mesfidantza saihestu dezake, diru laguntza hauen gizarte legitimazioa bultzatuz.

Noski, laguntza hauek badituzte ere beren kontraindikazioak: lan kaskarren aldeko subentzio bezala ulertu daitezke, adibidez, eta soldatak jaitsiarazi ditzakete, nahiz eta argi dagoen gure artean hori ez dela horrelako tresnarik ez duten lurraldeetan baino gehiago gertatu. Horrekin batera, pertsona batzuen laneratzea bultzatu dezake, baina, era berean, pertsona batzuk gutxiago lan egitera bultza ditzake. Edonola ere, horrelako laguntzak deituak dira gure diru-sarrera sistemaren oinarrizko osagarri izatera. Argi badago ere langile pobreen figura desagerrarazteko beste neurri asko hartu beharko direla —soldata minimoak, hitzarmen kolektiboak eta eredu produktiboari dagozkionak—, argi dago diru sarrerak eta diru-laguntzak bateragarri egitea, ahalik eta baldintza gutxienekin, izango dela datozen urteetan gure ongizate sistemek edukiko duten erronka nagusietakoa.]]>