<![CDATA[Josep Solano | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 08 Dec 2022 01:13:47 +0100 hourly 1 <![CDATA[Josep Solano | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Otso Borrokalaria, sendoago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1981/004/001/2022-10-16/otso_borrokalaria_sendoago.htm Sun, 16 Oct 2022 00:00:00 +0200 Josep Solano https://www.berria.eus/paperekoa/1981/004/001/2022-10-16/otso_borrokalaria_sendoago.htm
Txinak argi eta garbi azaldu du jarrera horretan segituko duela atzerri politikan hemendik aurrera ere, Xi Jinpingen hirugarren agintaldi aurrekari gabean, nahiz eta Mendebaldeko diplomazialariek kritikak eta kexak egin izan dizkioten, ugari, Otso Borrokalariaren estrategiari. CNNko Ben Westcott eta Steven Jiang kazetariek asmatu zuten Otso Borrokalaria terminoa, oldarkor tankerako diplomazia estilo berri horren sortzaileak izendatzeko. Kazetari horien arabera, Otso Borrokalariak oso bestelako diplomazialariak dira azken hamarkadetako ordezkari txinatarren soslai apalarekin konparatuz gero. Hala izenak nola jarrerak aurreko hamarkadako film arrakastatsuetatik atereak dirudite. Adierazpen luze eta xehe-xeheak egin ordez, funtzionario txinatar horiek Twitterren eta beste sare sozial batzuetan erantzuten diete, zuzen-zuzenean, Txinaren edo Alderdi Komunistaren kontrako kritikei. Maiz samar, funtzionario horiek nahiko garratz aritu zaizkie jendaurrean kritikoei, eta, zenbaiten iritziz, etxe barruko publikoari begira aukeratutako jokabidea da hori.

Halako lehen adibidea 2019ko udakoa da: Txinaren Pakistango enbaxadako aholkulari batek, Zhao Lijian-ek, Twitterren segurtatu zuen AEBek ezin zutela Txina kritikatu giza eskubideen kontrako gehiegikerien harira, AEBetan bertan arazo handiak dituztelako arrazakeriagatik, diru sarreren inguruko desberdinkeriagatik eta indarkeria armatuagatik. Hori esateak ez zion inolako arazorik ekarri Zhaoren diplomazialari karrerari, aitzitik baizik: gaur egun, Txinako Atzerri Ministerioaren hiru goi bozeramailetako bat da, eguneroko prentsaurrekoa antolatzen duen taldekoa. Horretaz gainera, mundu guztiko diplomazialari txinarrak Zhao imitatzen hasi ziren, haren taktika oldarkorrak antzeratzen, non eta Twitterren, zeina Txinan debekatua baitago hasiera-hasieratik. Era berean, Txinak Erresuma Batuan duen enbaxadore Liu Xiaoming-ek ere bereganatu du Otso Borrokalariaren estiloa, eta maiz erabiltzen du Twitter sarea Europan Pekin kritikatzen dutenen kontra ekiteko. Egunotan Txinako Herri Batzar Nazionala izan bitartean komunikabide ofizialei egindako adierazpenean, Liuk esan zuen Txinaren atzerri politikaren inguruko gaizki-ulertu bat zela Otso Borrokalariaren terminoa, haren ustez Txinaren «atzerri politika independentea bakezkoa» baita, baina erantsi zuen gogor jokatu beharra dagoela tarteka-tarteka.

2018rako, politika berri horretaz ohartarazi zuen Kanpo Harremanen Alemaniako Kontseiluko ikertzaile Tim Ruhlig-ek, Stockholmeko Segurtasun eta Garapen Politikaren Institutuaren bitartez. 2017ko urrian, Txinako Alderdi Komunistaren XIX. Biltzar Nazionalerako egindako txostenean, Xik argiro esan zuen nolakoa izango zen Txinaren jokabidea nazioartean handik aurrera: «Txinatar herria zutik jarri da, aberatsagoa da, indartsuagoa, eta begi aurrean du gaztetzearen ikusmira distiranta... Oraingo aroan, Txina hurbildu egingo da jokalekuaren erdialdera, eta ekarpen handiagoak egingo dizkio gizadiari». Gainera, azaldu zuen Txinako Herri Errepublika «indar boteretsu bat» dela nazioarteko aferetan, eta hauxe nabarmendu zuen: «Armadak borrokarako ahalmena izan behar du irizpide nagusi gisa bere lana betetzeko orduan, eta nola gailendu, horretantxe jarri behar du arreta, hala eskatzen zaionean». The New York Times-ek ohartarazi zuen alderdiko lehengo buruzagiek sekula ez diotela Xik adina aldiz deitu «potentzia handia» edo «botere indartsua» Txinari ekitaldi horren hasierako mintzaldian.

Hainbat alorretakoek -diplomaziakoek, politikakoek, ekonomiakoek- hanka sartzetzat jo dute planteamendu liskarti hori, eta asko bat datoz François Godement historialari frantsesarekin, zeina Parisko Ikerlan Politikoen Institutuko Nazioarteko Harremanen irakaslea baita, eta Txinako gaietan aditua: hark Montaigne Institutuan berriki egindako txosten batean adierazi duenez, Txinak soslai apala izan behar luke ostera ere, baina Putinen Errusiarekin duen aliantza «oraingo bide berri horren parte bat» da. Munduko zenbait herrialdetako iritzi publikoari egindako inkestetan, garbi ageri da Txinaren kontrako jarrera handitzen ari dela 2019az geroztik, besteak beste Europa, Australian, Japonian eta AEBetan. Singapurko kanpo harremanen arduradun ohi Bilihari Kausikan-ek esan izan du Txinako Otso Borrokalariak askozaz hobeto ari direla, mundu guztian txinatarren kontrako ezinikusia pizteko orduan, diplomazialari estatubatuar guztiak baino.

Inoiz baino oldarkorrago

Txinako Otso Borrokalarien auzia ez da maila globaleko geopolitikan kezkagarria den bakarra: eskualde hartan, tentsio larri-larria eragiten du Pekin Hego Txinako itsasoan egiten ari den politikak. Hego Txinako itsasoa beretzat eskatzen dutenen artean, Txina da oldarkorrena: uharte artifizial handi samarrak eraikitzen hasi zen 2013an, eta orain instalazio militarrak jartzen ari da, lurreratze pistak, kaiak, kuartelak eta misil bateriak barne, Spratly uharteetako arrezifeetan.

Xiren politika argi baino argiagoa izan da: bere nahia inposatzea auzoko ahulenei - Vietnami, Japoniari, Indonesiari eta Filipina uharteei, besteak beste-, saiatu beharrean hitzarmen diplomatiko bat osatzen, denentzako modukoa. Nazio batzuek partekatutako itsaso horretan ekintza gauzatuen bitartez gailentzea da politika horren beste erakusgarri bat; izan ere, Txinako Gobernuak ez ikusiarena egiten dio nazioarteko hitzarmenari, nahiz eta berak ere sinatu zuen. Pekinek, bere jokabidearen zurigarri, adierazi ohi du «eskubide historikoak» dituela Hego Txinaren itsasoaren gainean, eta eskubide horiek lehentasuna dutela Itsas Zuzenbideari Buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren gainetik; gainera, erdeinuz arbuiatu zuen Arbitratzeko Auzitegi Iraunkorraren epaia 2016an.

Urruneko toki horietan tropak edukitzea, Txina kontinentaletik hain urrun, baliteke zama bat izatea Txinako Herri Errepublikarentzat gatazka garaietan, lagungarria izan ordez. Periferia urrunean dauden base horiek ikusirik, nazioarteko behatzaileak jabetu ziren Xi oldarkortasuna eransten ari zitzaiola Txinaren atzerri politikari, eta gailendu egin nahi zuela, eta ez Indo-Pazifikoko tirabira geoestrategikoak gobernatu.

Itsasoz bestaldean, izozturik daude Txinak AEBekin dituen harremanak. Garairik makurrenetan ere, estatubatuarrek eta sobietarrek hizketan eta elkarri aditzen segitu zuten; gaur egun, AEBek eta Txinak apenas duten kontakturik. Pekin eta Mosku, berriz, egunean baino egunean hurbilago daude, orain dela egun batzuk The New York Times-ek esan zuen bezala: «Ez da gerra hotza izango, baina badu antz galanta». Txinak eta AEBek gero eta lehia handiagoa dute talka karrera moduko batean, eta badago Gerra Hotzaren beste bertsio bat pizteko arriskua, diplomazialari eta analista askoren iritzirako. Hortxe daude bi potentzien arteko tirabira militar, ekonomiko eta ideologikoak, kontrolik gabe, eta AEBek Asiaren Pazifiko aldean dituzten aliatuak beldur dira Pekinek ez ote dituen irentsiko, bere arma nuklearrak sortu eta erdieroaleen lehian sartzen denean.

Badago beste auzi bat, oso ezaguna eta garrantzi handikoa: Txinak Taiwanekin duen harremana. Xik erakutsi du ez duela asmorik konponbide irudimentsurik emateko Txinaren partetzat daukan uharte horrekiko harremanetan, baizik eta politika bat eta bakarra duela: bere aurreko buruzagiek bezala, presio militarra egitea, indar handiagoz egin ere, nahiz eta orain arte porrot egin duen jokamolde horrek. Nahiz eta urteetan Hong Kongeko herrialde bat, bi sistema formula proposatu izan den, taiwandarrek garbi ikusi dute Xirentzat kontzeptu horrek ez duela balio, eta bazter batera geratu dela Deng Xiaopingek Sortaldeko Perla berreskuratzeko asmaturiko formula. Pekinek martxan duen behartze politikaren ondorioz, taiwandarrek gero eta erresumin handiagoa diote Txinari, eta independentziaren aldeko jarrerak gero eta babes handiagoa dauka: orain bere esku ditu bai presidentetza eta bai legebiltzarreko gehiengoa. Taipeik sendotu egin du erresistentzia militarrean aritzeko gaitasuna, eta berretsi AEBen babesa duela. Japoniak berak ere gogoan ibili du Taiwan Txinaren gose espantsionistatik defendatzeko aukera.

Lur guztiak menderatuz

Txinak du, hain zuzen, mundu osoko mugarik luzeena: ia 23.000 kilometro dira, eta beti ez da oso garbi egon noraino iristen zen muga, aldakorra izan baita denboraren joanean. Xiren aurrekoek, menderik mende, apaldu egin dituzte lurraldeei buruzko eskaerak, baina Xiren agintaldian Tianxiari ekin diote ostera -zerupeko lur guztia menderatzean datza Tianxia-, eta argi utzi dute munduko lehen potentzia izan nahi duela Txinak, eta beretzat jotzen duen azken milimetro koadro ere kontrolatu nahi duela. Hamalau herrialde ditu mugakide; kontrolpean dauzka bi administrazio barruti berezi, hau da, Hong Kong eta Macao, eta hortxe puri-purian ditu lurralde liskar gehienak: Myanmar, Vietnam, Bhutan eta Nepal dira horietako batzuk, baina bakarrik Indiarekin izan ditu liskar militarrak, askotan gainera.

Hurrengo agintaldia bost urtekoa izango da gutxienez, eta ez dirudi politika hori leunduko denik ez auzi horietan eta ez luze gabe Txinak aurre-aurrean izango dituen erroka eta liskarretan. Otso Borrokalariak hazi eta indartu egingo dira: estatuaren egitura berri bat izango dira, munduko txoko guztietara iritsi nahi duen Txina berri horrentzat.]]>
<![CDATA[INDONESIA, AUTO ELEKTRIKOAREN ERDIGUNEAN]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/012/001/2022-10-02/indonesia_auto_elektrikoaren_erdigunean.htm Sun, 02 Oct 2022 00:00:00 +0200 Josep Solano https://www.berria.eus/paperekoa/1932/012/001/2022-10-02/indonesia_auto_elektrikoaren_erdigunean.htm
Indonesia munduko herrialderik berritzaileenetako bat da, baita gehien hazten ari direnetako bat ere: hango ekonomia Asiako hego-ekialdeko handienetakotzat jotzen da, eta planetan gorabidean diren merkatu guneetako bat da. Gaur egun, diru sarrera ertainak dituenez eta G20ko kide denez, Indonesia berriki industrializatutako herrialde gisa sailkatuta dago: munduko ekonomiarik handienetan hamazazpigarrena da barne produktu gordin nominalaren (BPG) arabera, eta handienetan zazpigarrena BPGaren arabera.?

Kopuru horiek kontuan hartuta, Jokowik —horrela esaten diote presidenteari— duela gutxi egindako elkarrizketa batean adierazi zuenez, bere helburua da herrialdea «auto elektrikoen ekosistema erraldoi bat» bihurtzea, baliabide naturalak bateriak egiteko soilik erabili beharrean. Presidenteak eta gobernuko goi funtzionarioek bilera batzuk egin zituzten urte hasieran Elon Musk Teslaren sortzailearekin; bilera horietan, esan zuten multinazionalari eskatu ziotela Asiako hego-ekialdeko herrialde horretan fabrikatzeko automobilak, bateriak egiteaz gain, jakina.

Teslak Indonesian egin duen mugimendu hori ez da lehenengoa, ezta bakarra ere: Asiako hainbat enpresak inbertsio handiak eta garraio elektrikoko proiektu jakinak egin dituzte dagoeneko Asia hego-ekialdeko herrialde horretan, hala nola Hyundaik eta LG Vitaliy Answer Hego Koreako bateria fabrikatzaileak, baita Txinako CATL enpresa handiak ere. Bide horretatik, Japoniako Toyota ibilgailu enpresak ere badu asmoa ibilgailu hibrido eta elektrikoetarako ekoizpen unitate bat sortzeko han.

Elkarrizketa hartan, Jokowik baieztatu zuen Indonesia aztertzen ari dela aurten nikelaren esportazioei zerga bat ezartzea, diru sarrerak handitzeko.

Industriak ibilgailu elektrikoetara egin berri duen erabateko aldaketak berekin ekarri du baterietarako metalen eskaria handitzea, nikela, litioa eta kobaltoa barne.

Azken hilabeteetan, Indonesiak etekina atera ahal izan dio nikelaren prezioen igoerari; aldi berean, Jokowik nahi du nazioak aurrera egin dezala ibilgailu elektrikoen hornidura katean. Indonesiak balio handiagoa eman nahi dio tokikoari, horrela estaturen diru sarrerak handitzeko eta herritarrei lan aukera gehiago emateko. Horretarako, besterik ezean, baliteke lehengaien esportazio guztiak geldiaraztea.

Gaur egun, nikela Indonesiako esportazio nagusietako bat da, ikatzarekin eta palma olioarekin batera, baina altzairu herdoilgaitzaren ekoizpenagatik izan da ezaguna herrialdea historikoki. Urte hasieran, herrialdeak munduko merkatuak astindu zituen palma olioaren esportazioak aldi baterako debekatu zituenean, inflazioa kontrolpean mantentzeko. Ondoren, gobernuak bertan behera utzi zuen neurria, baina barne merkatuaren betebeharra deritzona ezarri zuen, zeinaren arabera ekoizleek tokian bertan saldu behar duten palma olioaren parte bat, tokiko hornidura bermatzeko.

Elkarrizketa hartan, presidenteak halaber baieztatu zuen Indonesiak karbonoaren gaineko zerga bat ezartzeko asmoa duela urtea amaitu baino lehen, eta hori lehen urratsa izango litzateke isurketen neutraltasunaren aldeko konpromisoan. 2021ean iragarri zen lehen aldiz zerga hori, eta urte honen hasierara atzeratu zen; izan ere, Jokowiren arabera, gobernuak herritarrak babestu nahi ditu elikagaien eta erregaiaren prezioen igoeratik. Hemendik aurrera, isuriei zerga bat ezartzen dien Asiako hego-ekialdeko lehen herrialdea izango da Indonesia. Herrialdea, gainera, zentral elektrikoetan erabiltzen den ikatz termikoaren esportatzailerik handiena da munduan, eta batez ere Indiara, Txinara eta Japoniara esportatzen du

Jokowiren arabera, herrialdeak «helburu anbiziotsu bat» dauka: 2060rako zero emisiora iristea; baina, horretarako, teknologia eta finantzaketa beharko ditu. «Potentziala dugu energia berriztagarrien arloan, baina ez da erraza ikatzetik energia berriztagarrira aldatzea, ikatzaren prezioak merkeagoak baitira oraindik ere».]]>
<![CDATA[Japonia zentral nuklearrei lotu zaie berriro, Ukrainako gerra dela eta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1885/009/001/2022-08-26/japonia_zentral_nuklearrei_lotu_zaie_berriro_ukrainako_gerra_dela_eta.htm Fri, 26 Aug 2022 00:00:00 +0200 Josep Solano https://www.berria.eus/paperekoa/1885/009/001/2022-08-26/japonia_zentral_nuklearrei_lotu_zaie_berriro_ukrainako_gerra_dela_eta.htm
«Errusiak Ukraina inbaditu izanak izugarri eraldatu du munduko panorama energetikoa», eta, beraz, «Japoniak aintzat hartu behar ditu krisi egoera posible guztiak». Hitz horien bidez adierazi zuen Japoniako lehen ministro Fumio Kishidak, joan den asteazkenean, belaunaldi berriko zentral nuklearrak garatu eta eraikiko dituztela, 180 graduko bira behin betikoa emanik energia hornidurarako estrategiari. Iragarpen polemiko horrek mugarri bat ezarri du herrialde horren ekonomia eta energia politiketan, 2011n Fukushiman izandako hondamendiak dozenaka erreaktore nuklear geldiaraztea eta erretiratzea eragin baitzuen, segurtasun kontuak zirela bide.

Zentral berrien eskaera

Lehen ministroak adierazi zuenez, «berriro ere lanean diharduten hamar erreaktoreen jarduera segurtatzeaz gain, gobernuak behar den guztia egingo du gainerakoak berrabiarazteko, egiaztatuta baitago seguruak direla». Kishidak bideokonferentziaz eta etxetik parte hartu zuen bileran, aste hasieran positibo eman baitzuen COVID-19an, eta hau ere eskatu zuen, irmo: «Belaunaldi berriko erreaktore nuklearrak egitea, segurtasun mekanismo berriz hornituak». Japoniako lehen ministroak gobernuko arduradun exekutiboei eskatu zien, hain zuzen, gai horren inguruan «erabaki jakin batzuk hartzea urte amaierarako», bai eta zenbait komunikazio egitasmo lantzea ere, jakiteko «nola ulertarazi herritarrei» energia jasangarriari eta energia nuklearrari buruzko kontuak.

Paradigma aldaketa horrek helburu bat du azkenean: mundua energia krisi betean den honetan, Japoniari laguntzea bere energia mendekotasun handia murrizten, eta, hala, ahaleginak egitea sare elektrikoaren tentsioak eragozteko, sare hori kolapsatzeko zorian egon baita uda honetan, argindarra eteteko abisuak emateraino, Txinan gertatu bezala. Japoniaren helburua zera da, energia fosilen eredua bertan behera uztea eta klima neutraltasuna erdiestea 2050erako, eta hilabeteotan dezente mugatu zaio energia hornidura, Errusiako indarrak Ukrainan sartu zirenez geroztik.

Herrialdeak energia gabeziari aurre egin behar dionez, herritarrek pixkanaka aldatu egin dute gai horren inguruan duten jarrera, batez ere Ukrainako gerra hasi zenetik. Jiji Press albiste agentziak ikerlan bat egin berri du uztailaren amaieran gai horri buruzko iritzia aztertzeko, eta, hor erakutsi dutenez, inkestatuen %50 herrialdeko erreaktore nuklear ez-aktiboak berriz abiaraztearen alde agertu ziren. Galdeketaren arabera, japoniarren %48,4k begi onez ikusten dute erreaktore nuklearrak berriz martxan jartzea, baldin eta segurtasuna egiaztatua badute; %27,9 bakarrik agertu ziren kontra, eta gainerako %23,8k ez zuten iritzirik eman, edota adierazi zuten ez zekitela ezer gai horretaz. Duela hamarkada bat, herritarren %80 baino gehiago zeuden kontra, alegia, energia lortzearren erreaktore nuklearrak erabiltzearen kontra.

Aurrezteko deia

Joan den hilaren hasieran, Japoniako Gobernuak energia aurrezteko deia egin zuen, eta herritarrei eskatu zien itzaltzeko, besteak beste, argiak, telebista, aire girotua eta han hain ezagunak diren komunontziko jarlekuak, kolapsorik ez sortzeko sare elektrikoan. Ekaina izan zen Japonian 1875etik inoiz izan den hilabeterik beroena, eta abuztuak ere antzeko bidetik jo du; hala, operadoreek zenbait planta berrabiarazteari ekin zioten, hasieran baztertuagatik ere berriki konpontzen ibiliak baitziren; tartean dira zenbait zentral nuklear.

Kishidarentzat, bada beste arrazoi bat ere erreaktore nuklear horiek ezinbestean berrabiarazteko: Errusiako presidente Vladimir Putinek dekretu bat promulgatu berri du, konpainia bat sor dadin eta hark bere gain har ditzan Sakhalin-2 gas proiektu erraldoiaren eskubideak eta betebeharrak; horrek eragotzi egingo die atzerritarrei gasbidearen proiektu horretan parte hartzea, baina Japoniak dirutza bat jarria du gasbide horretan.

Shakhalin da Japoniatik gertuen dagoen gasbidea, kanalizazio bidez iristeko bi egun baino gutxiago behar duena; ezin erosoagoa, kontuan izanik AEBetatik eginiko inportazioek hilabete inguru behar dutela. Gasbide horren bitartez iristen dira Japoniara gas natural likidotuaren inportazio guztien %9; Txinaren ondoren, Japonia da munduko gas inportatzailerik handienetan bigarrena. Japoniako Mitsubishi eta Mitsui konpainiek, elkarren artean, Sakhalin-2 proiektuaren %22,5 inguru dute; proiektu horren bitartez, Japoniara bideratu nahi zuten ekoizpenaren erdia, baina litekeena da Putinen nazionalizazio ezkutuko horrek arriskuan jartzea bi konpainiak, eta ataka gaitzean jartzea sortaldeko herrialdea.

Apustua

G7ko gainerako herrialdeek kritikatu egin zuten Kishida, jarrera epela izan zuelako Putini eta Ukrainako gerraren ondorioz jarritako zigorrei dagokienez, eta Kishidak eten egin behar izan zituen Errusiatik eginiko ikatz inportazioak, baina ez zuen txintik ere esan gasari buruz, Mitsubishik eta Mitsuik inbertsio handiak eginak baitzituzten, eta ezin baitzion berehalakoan utzi Errusiako gasaren mendeko izateari. Eta nahiz eta Tokiok aurrerabide handiak egin energia berriztagarrietan, gobernuko arduradunek diote zentral nuklearrak berrabiarazi besterik ezin dela egin.

Joan den hamarkadan, Shinzo Abe lehen ministroak apustu bat egin zuen energia iturriak dibertsifikatzearen alde —eta Errusia auzoarekiko harremana handitu eta estutzearen alde, Alemaniako kantziler ohi Angela Merkelek ere egin bezala—, baina apustuak huts egin du.]]>
<![CDATA[Aita ponteko neoliberal sotila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/003/002/2022-07-09/aita_ponteko_neoliberal_sotila.htm Sat, 09 Jul 2022 00:00:00 +0200 Josep Solano https://www.berria.eus/paperekoa/1932/003/002/2022-07-09/aita_ponteko_neoliberal_sotila.htm
Japoniako ministro ohi Shinzo Abe karismatikoa erail du lanik gabe zegoen militar ohi batek, eta ekintza horrek lurrikara politikoa eta izugarrizko hunkidura eragin du Japoniako gizartean, han urteetan ez baitute izan halako magnizidio politikorik. Abe, lehen ministro bat baino gehiago, figura mediatiko bat zen Asia osoan, eta oraindik ere eragin oso handikoa, hala bere alderdian nola Japoniako gizarte osoan.

2006an iritsi zen lehenbizikoz boterera, 52 urterekin, eta historiako lehen ministrorik gazteena bihurtu, eskarmentuari eta adinduei oraindik ere izugarrizko errespetua dieten herrialde batean. Lehen legealdian, 2006 eta 2007 bitartean, ez zuen zorte handirik izan herrialdeko ardurarik handiena hartu zuelarik: hautesleek bizkarra eman zioten Japoniako Dietako goi ganberaren hurrengo hauteskundeetan, eta, handik gutxira, dimisioa emango zuela iragarri zuen, argudiaturik hautesleek ez zutela konfiantzarik bere kudeaketan.

Abek, baina, politikari «odol-urdin» bat izaki, oraindik ere bazuen zer esana ugari: 2012an, gobernuburu postura itzultzeko gai izan zen, eta, horrez gainera, kargu horretan luzaroen iraun duen politikaria bihurtu zen. 2020ko udan, pandemia bete-betean zelarik eta herrialde hartan gainerakoen aldean kutsatze indize ezin txikiagoak zituztelarik, Abek uko egin zion karguari, osasun arazo kroniko bat zela kausa: lehen ministro ohiak kolitis ultzeraduna zuen nerabezarotik, eta tratamendu mediko bidez kontrolatu beharra zeukan.

Politikari sotila zen, eta aurkariek oso buruargitzat zeukaten; hain zuzen ere, hasiera-hasieratik, Abek aldeko amorratuak bezain kontrako porrokatuak eragin zituen. Lehen ministro karguari ekin aurretik ere, artean Atzerri Ministerioko jardunean ziharduelarik, Abe oinarrizko pieza bat izan zen 2002an, Japoniako Gobernuaren negoziatzaileen buru gisa, Ipar Korean bahitu zituzten japoniarrak askatzeko prozesuan; halaber, orduko lehen ministro Junichiro Koizumiren eskuin eskua izan zen, hura Ipar Koreako orduko buruzagi Kim Jong-il-i bisitan joan zitzaionean.

Lehen ministro ohiak bere politika ekonomiko neoliberalean oinarritu zuen legealdia, Abenomics izenekoan; horren bidez, zenbait eraldaketa bultzatu nahi izan zuen, besteak beste hauetan oinarriturik: diruaren bulkada masiboa, erreforma ekonomiko zenbait eta gastu publikoaren igoera. Abe, txiki-txikitatik, aitonaren urratsei jarraitzeko hazi eta trebatu zuten; Nobusuke Kishi lehen ministro ohia zuen aitona, eta hark 30eko urteetan ezin ospe txarragoa zuen Mantxurian, zeina Japoniak okupatua baitzuen. Abe prest agertu izan zen beti Japoniako Konstituzioaren 9. artikulua aldatzeko, zeinak eragotzi egiten baitio Japoniari armada bat edukitzea.

Kanpo politikari dagokionez, sakondu egin zuen AEBekiko aliantza, baina garraztu egin zituen auzorik hurbilenekiko harremanak; besteak beste, Txinarekin eta Hego Korearekin zituenak. Harremanen garrazte horren arrazoi nagusia zera izan zen, politika nazionalista kontserbadorea baliatu izana, eta Yasukuni santutegi polemikora maiz bisitan joan izana: Bigarren Mundu Gerrako gerra kriminalak ohoratzen dituzte han. Era berean, Japoniako nazionalismo kontserbadorearen aurpegi atsegina izaten ahalegindu da Abe, harreman onak mantentzeraino itxuraz aurkakoak diruditen buruzagiekin ere, hala nola Xi Jinpingekin eta Vladimir Putinekin; Putini, adibidez, japoniar arrazako txakur bat oparitu zion. Aberen eragin politikoa hain zen entzutetsua, Tokio olinpiar hiri hautatu baitzuten, oraintsuko pandemiak erabat baldintzaturiko olinpiar jokoetan.

Karguari uko egin zionetik, Abe foku mediatikoetatik aldenduta ibili zen, baina sekula ez zion utzi boterean zegoen alderdiaren hariak ezkutuan mugitzeari: haren ondorengoa, Yoshihide Suga, gobernu idazkari izan zuen atzeneko urteetan, eta kolaboratzailerik leialena; gaur egungo ministro Fumio Kishida, berriz, bere delfinetako bat izan zuen. Aberen galerak, aro baten amaia ez ezik, familia politiko baten eta Japonia ulertzeko era baten amaia ere badakar.]]>
<![CDATA[«Hong Kongek Txinako hirien antza izango du, baina askatasun gutxiago» ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1924/016/001/2022-07-01/hong_kongek_txinako_hirien_antza_izango_du_baina_askatasun_gutxiago.htm Fri, 01 Jul 2022 00:00:00 +0200 Josep Solano https://www.berria.eus/paperekoa/1924/016/001/2022-07-01/hong_kongek_txinako_hirien_antza_izango_du_baina_askatasun_gutxiago.htm . Kazetari izandakoa da, giza eskubideetan aditua, Amnesty Internationaleko arduradun ohia, eta Ikasketa Transtestual eta Transkulturaletako ikertzailea. Egun, Japonian erbesteratuta dago, Europako zenbait unibertsitate prestigiotsutan ikertzaile gonbidatu gisa aritu ondoren. Tokioko geltoki zentraletik gertuko kafetegi bat da elkartzeko tokia. Garaiz iritsi da. Ezaguna da nolako konpromisoa izan duen beti Txinako giza eskubideekin, kantonerarekin, kristautasunarekin eta LGTB mugimenduarekin, eta baikorra da, baina, Hong Kongi dagokionez, Erresuma Batuak Txinari bueltatu zionetik 25 urte bete diren honetan, ez du uste egoera laster hobetuko denik, ezta luzera begira ere. Batzuek esaten dute 2014ko Aterkien Iraultzan hasi zirela aldarrikapenak… Demokraziaren aldeko protestak 80ko hamarkadan hasi ziren: garai hartan, Erresuma Batuko Gobernua eta Txinakoa eztabaidan ari ziren Hong Kong eskuz nola aldatu 1997an, eta protestariek bi herrialdeei exijitu zieten ziurtatu zezatela Hong Kongeko herritarrek sufragio unibertsala izango zutela. Horregatik idatzi zen Hong Kongeko Oinarrizko Legean herrialdeak bermatua izango zuela sufragio unibertsala. Manifestazioak gero eta handiagoak eta biziagoak izan dira urtetik urtera, eta hori argi utzi dute Aterkien Iraultzak eta estradizioaren lege proiektuaren kontra 2019an egindako protestek. Txinako Gobernuak eta Hong Kongekoak etengabe hautsi dute sufragio unibertsalaren promesa, eta muturreraino eraman dute jendea. Oinarrizko Legearen 45. artikuluak dioenez, «azken helburua da gobernuburu bat hautatzea sufragio unibertsalaren bidez, ordezkapen zabaleko izendapen batzorde batek proposatuta, prozedura demokratikoen arabera». Baina, egiatan, bozkatzaile guztien parte txiki bat baino ez du ordezkatzen. Manifestatzaileek benetan nahi al zuten hauteskunde demokratiko eta libreak izatea? Txinako Gobernuak eta Hong Kongekoak aukera faltsua ematen diete Hong Kongeko herritarrei: talde txiki bateko gutxi batzuk hautatzeko aukera. Manifestariek egiazko hauteskundeak eta sufragio unibertsala nahi dituzte, hori baino ez, eta Txinako Gobernua eta Hong Kongekoa herriari gezurra esaten aritu zaizkio. Zer esan nahi izan zuen 2014ko iraileko Aterkien Iraultzak? Gogoan iltzatua dugu, bizi-bizi, 2014an 79 egunez egindako Aterkien Iraultza. Oso baketsua izan zen: pertsona asko, hainbat arlotakoak, interpelatuta sentitu ziren ikasleen liderrek eta gizarte zibileko beste gidari batzuek egindako ekintzen harira, eta bat egin zuten mugimenduarekin. Hala ere, Hong Kongeko Gobernuak ez entzunarena egin zien eskari guztiei. Orduan, asko baikorrak ziren oraindik; izan ere, mugimenduaren ondoren erakunde asko sortu ziren komunitatean demokraziaren eta askatasunaren aldeko mezuak zabaltzeko: Hong Kongen, jende askori begiak ireki zizkion. Nazioartean, ez zen gauza handirik egin orduan Hong Kongeko biztanleen alde. Mendebaldeko herrialdeen babes irmoa falta izan zen? Nazioartean arreta handia eman zitzaion orduan, baina penagarria izan zen presio hori ez izatea nahikoa Txinako eta Hong Kongeko gobernuak behartzeko Hong Kongeko jendearen eskariak betetzera. Bistakoa da erregimen autoritarioak ez zuela batere ordaindu Hong Kongeko herritarrei traizio egin izana. Txinako Alderdi Komunistak benetan dirua eman al zion jendeari Aterkien Iraultzaren aurka protesta egin zezan? Ageriko sekretua da Txinako Alderdi Komunistak ordaindu egin ziela Pekinen aldeko talde batzuei, demokraziaren aldeko manifestariei oldartzeko protestak antolatzearen truke. Bideo eta txosten askok agerian utzi dituzte Pekinen aldeko talde horien ekintza lotsagabeak. Nola bukatu zen Aterkien Iraultza 2014an? Admiraltyko kaleetan, Hong Kongeko Gobernuaren egoitzarik gertu, Polizia jendetza sakabanatzen hasi zen, eta orduan bukatu zen Aterkien Iraultza. Manifestatzaileak leher eginda zeuden, protestek 79 egun iraun baitzuten. Gero, handik bost urtera, berriz piztu zen… Zure ustez, zergatik sortu zen berriz protesta? Carrie Lam gobernuko presidenteak Estradizioaren Lege proiektua bultzatu nahi zuen: polemikoa eta lausoa zen, eta askori kezka piztu zien ez ote zituzten Hong Kongeko herritarrak Txina kontinentalera lekualdatuko delitu bat egiteaz akusatzen bazituzten, are adierazpen askatasunarekin lotutako delitu bat leporatzen bazieten. Horren ondorioz, jende asko kalera atera zen berriz, gobernuari eskatzeko bertan behera utz zezala proposatutako lege proiektua. Lege proiektuak kezka handia sortu zuen ez ote zen hirian are gehiago urratuko askatasuna. Bi milioi lagunek baino gehiagok bat egin zuten protesta masiboekin ekainaren 12tik 19ra bitartean, Carrie Lam oraindik lege proiektua bultzatzen ari zela, protestak protesta. Protestak zergatik ez ziren eten Carrie Lamek estradizio legea bertan behera utzi eta gero, 2019ko irailaren 4an? Protestetan, Poliziak indarkeria erabili zuen jendea atxilotzeko, eta negar gasa bota zuen hainbatetan; manifestatzaileen artean sumindura handiagoa eragin zuen horrek. Manifestari asko hain haserre zeuden Poliziak kide batzuei egindakoagatik, indarkeriara jo baitzuten erantzuteko. Gobernuak ez ikusiarena egin zuen Poliziaren indarkeriaren inguruan, eta, ondorioz, protesta eta liskar biolento gehiago izan ziren Poliziaren eta manifestarien artean. Demokraziaren aldekoek 2019ko azaroaren 24an hauteskundeak irabazi zituztenean hasi zen Txinako Alderdi Komunista mugimendu demokratikoaren beldur izaten… Bistakoa zen Txinako Alderdi Komunista zeharo beldurtuta zegoela ikusita zein babes handia jaso zuten demokraziaren aldeko taldeek 2019an Barruti Kontseiluen hauteskundeetan. Parte hartze handiak eta demokraziaren aldeko politikariek lortutako eserleku kopuruak argi utzi zuten zer nahi zuten Hong Kongeko herritarrek. Argi eta garbi esan genien Pekini eta mundu osoari sufragio unibertsala nahi genuela: benetan hautatu, eta ez multzo txiki bat bakarrik. Zure ustez, Txinako Alderdi Komunistak pandemia baliatu zuen mugimendu demokratikoaren aurka jotzeko? Hong Kongeko gobernuak, Txinako Alderdi Komunistaren Hong Kongeko agente gisa jokatuz, hainbat lege eta araudi ezarri zituen elkarretaratze publikoak mugatzeko, eta horrek ikaragarri zaildu zuen protestak eta batzarrak antolatzea pandemian. Pandemian ezarritako politika asko, hain zuzen, biltzeko askatasuna mugatzeko ezarri ziren. Lehen, Hong Kongen manifestazio bat egiteko baldintza bakarra zera zen, Poliziak objekziorik ez zegoela zioen gutuna ematea: prozedura formal bat baino ez zen, eta kontua ez zen Poliziaren onespena lortzea manifestazio bat egiteko. Baina pandemian gobernuak erabilitako politikek legitimatu egiten dituzte Poliziak edozein bilkura publiko gerarazteko egiten dituen ekintzak. Eta zer ekarri zion Segurtasun Nazionalerako Legeak Hong Kongi? Segurtasun Nazionalerako Legea ezarri izanak esan nahi du bukatua dela herrialde bat, bi sistema motako politika. Herri Batzar Nazionaleko Batzorde Iraunkorrak inposatu zuen legea, indarrez, Pekinen, Hong Kongeko biztanleei kontsulta egokirik egin gabe. Hong Kongeko Gobernuko funtzionarioek ere ez zeukaten legearen edukiaren berri hura argitaratu baino ordu batzuk lehenago. Inposizio horren ondoren izandako hainbat eta hainbat atxiloketatan argi geratu denez, «lege» hori Txina kontinentalekoen antzekoa da: gobernuaren tresna bat, disidente guztiak isilarazteko erabiltzen duena. 25 urte beteko dira Hong Kong entregatu zutenetik. Zer esan nahi du horrek, eta alde demokratikoak nola helduko dio ospakizun horri? Pentsa liteke Hong Kongen jende gutxik hitz egingo duela oraindik Txinako Gobernuak hitzemandakoaz, «50 urtean aldaketarik ez» egiteko promesaz alegia, baina eskualdaketaren 25. urteurrena ospatzeak esan nahi du Txinako Gobernuak goitik behera aldatu duela Hong Kongeko sistema, kalte egin diola zuzenbide estatuaren sistemari, eta Txina kontinentaleko beste hiri bat balitz bezala tratatzen duela. Ez dago inongo kontrolik eta orekarik gobernuari dagozkion kontuetan. Hong Kongeko Gobernuko funtzionarioak eta gobernuburua bera, zeina aukeratua izan baita baina ez demokratikoki hautetsia, Txinako Alderdi Komunistaren alde bakarrik aritzen dira. Zer etorkizun ikusten diozu Hong Kongi? Hong Kong Txina kontinentaleko beste hiri bat izango da, Shenzhen edo Shanghai bezalakoa, baina askoz askatasun gutxiago izango du. Jendea dirua irabazi nahian besterik ez da aritzen. Txinako Alderdi Komunistak sufragio unibertsalaren inguruan hitzemandakoak promes ustel bihurtu dira. Besterik gabe, ez dago itxaropenik askok espero bezala sufragio unibertsala lortzeko, baldin eta ez bada nazioartean presio nahikorik egiten Txinako Gobernua eta Hong Kongekoa estutzeko beren betebeharrak eta nazioarteko promesak bete ditzaten. Zuk zeuk dezepzioa hartu duzu nazioarteko komunitatearekin? Begi bistakoa da AEBek eta Europako Batasunak nazioartean egindako presioa ez dela nahikoa. Txinako Gobernuak eta Hong Kongekoak ez dituzte aintzat hartzen zigorrak, ez baitute egiazko ondoriorik giza eskubideen urratzaileentzat. Euskal Herria eta Hong Kong antzeko egoeran daude? Nik uste dut jende guztiak izan behar duela benetako autonomia, dagoen tokian dagoela. Espero dut euskal populuak autonomia handiagoa izango duela eta eskubideak errespetatuko zaizkiola. Gainera, espero dut euskal jendeari ez gertatzea Hong Kongekoei gertatu zaiena, espero dut euskal jendeak askatasuna ez galtzea. Noizbait itzuliko zara Hong Kongera? Ez dut uste Hong Kongera bueltatu ahalko naizenik giza eskubideen eta demokraziaren alde lanean segitzen badut. Segur aski Hong Kongera itzuli ahal izango naiz pertsonen askatasuna errespetatzen hasten denean eta denen sufragio unibertsalerako eskubidea bermatzen duenean, baina ez dirudi halakorik gertatuko denik. ]]> <![CDATA[Mendebaldeko superinflaziotik aparte]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/015/001/2022-06-16/mendebaldeko_superinflaziotik_aparte.htm Thu, 16 Jun 2022 00:00:00 +0200 Josep Solano https://www.berria.eus/paperekoa/1872/015/001/2022-06-16/mendebaldeko_superinflaziotik_aparte.htm
Ikusirik nola prezioak garestitu eta garestitu ari diren iazko udaberriaren amaieratik eta udaren hasieratik —1980ko hamarkadatik ez zen hainbeste handitu inflazioa—, Europako banku zentralek eta AEBetako Erreserba Federalak asteak daramatzate inflazioaren kontra borrokan. Hainbat herrialdetan, herritarrak poltsikoan bertan nabaritzen ari dira finantza kolpe hori.

Dena dela, prezioak mundu osoan goraka badoaz ere, herrialde jakin batean enpresak irtenbide bila dabiltza —oraingoz behintzat— inflazioaldiak ez diezaien eragin produktuei eta, ondorioz, prezioei: Japonian, hain justu.

Asiako ekonomiarik oparoenetan bigarrena da Japoniakoa, eta munduko hirugarrena. Inflazioak apal iraun du han dozenaka urtez: dirua malgutzeko neurri sendoak hartu dituzte, suspergarri ekonomiko askotarikoak ezarri, eta energia eta lehengaiak ez garestitzeko estrategiak baliatu. Egia da osasun krisiaren ondorioz mundu osoan kostuak igo izanak nabarmen eragin diela handizkako prezioei, baina, dena dela, garestitze horrek kontsumoari ez eragitea lortu du Japoniak.

Yusuhiro Ueda ekonomialaria burtsa aditua da, eta BERRIAri azaldu dio 1990eko lehen urteetan hasi zirela eragozten produktuen garestitzeak zuzenean kontsumitzaileei eragitea: etxebizitzen burbuila lehertu zenean. «Japoniako enpresek, gaur egun, kapital erreserba handiak pilatzeko aprobetxatzen dituzte etekinak, eta, garai ezegonkor laburren bat etortzen bada, ahaleginak egiten dituzte prezioak igotzen lehenak ez izateko, merkatu kuota galtzeko beldurrez». Uedaren arabera, Japonian goranzko presioa ez da AEBetan bezain gogorra. AEBek, hain zuzen, %8,8ko inflazioa izan zuten martxoan, 1982az geroztik handiena. Eurogunean ere %7,5eraino igo zen, Eurostat sortu zenetik erregistratu den handiena.

«Japoniari ere eragiten dio, noski, energiaren eta lehengaien garestitze globalak. Baina enpresa askori iruditzen zaie unean unekoak direla halako goraldiak, eta nahiago dute mozkinak apaldu, kontsumitzaileak uxatu baino», ziurtatu du Uedak.

Umaibo eta joera aldaketa

Japoniak laguntza ugari ematen dizkie enpresei —petrolio konpainiei, esaterako— prezioek goregi egin ez dezaten. Hala eta guztiz ere, Europan pandemian nabaritzen hasi den fenomeno batean liderrak dira japoniarrak: inflazio kamuflatu delakoan. Hainbat enpresak askotariko estrategiak erabiltzen dituzte produktu batzuk lehengo prezioan saltzeko produktuaren tamaina pixkanaka-pixkanaka murriztuz; horrela, modua dute lehengaien kostu gero eta handiagoak konpentsatzeko. Maiz kontsumitzen diren jakien ontziei eragiten die batik bat praktika horrek, produktu izoztuei eta ramen izenekoei —istanteko fideoak—, besteak beste. Gero eta anoa txikiagoetan saltzen dituzte: adibidez, patata frijituen poltsetan 5-10 gramo patata gutxiago sartzen dituzte orain, baina lehengo prezio berean.

Halako neurriak gorabehera, urtarrilean gertatu zen Japoniako garestitzearen erakusgarririk argienetako bat: Umaibo, arto harrotuz egindako barra ezaguna —barra gozo-gozoa, hitzez hitz—, sortu zenetik lehen aldiz garestitu zen, 1979tik alegia. Beraz, produktu hori merkaturatzen duen Yaokin enpresa 12 yenean saltzen hasi zen barra bakoitza (0,088 euro), ordura arte bezala 10 yenean saldu beharrean (0,072 euro).

Enpresak zenbait arrazoi eman ditu: besteak beste, garestitu egin direla AEBetako artoa, landare olioak, paketatzeko materialak eta bidalketa gastuak. Egiaz, 2007an ere igo zituen prezioak Yaokinek, ezkutuan, arto barra bakoitzari gramo bat kendu baitzion kostuei apal eusteko; baina oraingo honetan garestitu ditu lehen aldiz kontsumitzaileentzako prezioak, berrogei urte pasatxoan aurrenekoz.

Hortaz, enpresek kapital erreserbak handitu arren, eta gobernuak neurri ekonomikoak ezarri eta gasolina banatzaileei laguntzak eman arren, Umaibo garestitu izanak agerian utzi du Japoniako enpresek ezin dietela jada aurre egin mundu osoko merkatuaren tentsioei. Japoniarrek inoiz ez bezalako inflazioaldi bat izango dute orain, nahiz eta ez izan AEBetan eta Europan bezain larria.

Japoniako Bankuko gobernadoreak, Haruhiko Kurodak, duela aste batzuk ohartarazi zuen prezioak behin-behinean garestituko zirela, baina ziurtatu zuen —batez ere Ukrainako gerrak eragindako «ziurgabetasun ikaragarria» gorabehera— inflazioaren aldagai batzuk hobera egiten ari direla, eta Japoniako ekonomia eta merkatua bere onera etorriko diren seinale dela hori.]]>
<![CDATA[Malaita, independentzia gogoetagai]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1916/015/001/2022-06-04/malaita_independentzia_gogoetagai.htm Sat, 04 Jun 2022 00:00:00 +0200 Josep Solano https://www.berria.eus/paperekoa/1916/015/001/2022-06-04/malaita_independentzia_gogoetagai.htm
Malaita probintzia, hain zuzen, Malaita uharte nagusiak eta Hego Malaita, Sikaiana eta Ontong Java uharteek osatzen dute, eta herrialdeko eskualderik jendetsuena da, duela zenbait urtetatik mugimendu independentista sendo bat duena. Txinarekin egindako segurtasun itunak, gobernu zentraleko lehen ministro Manasseh Sogavarek babestuak, sakondu eta bururaino eraman du agintari probintzialen eta zentralen arteko gatazka luze bat, eskualdearen ordezkaritza faltarekin eta garapenarekin zerikusia duena.

Barne gatazka alde batera utzita, Sogavarek 2019an egindako aliantza aldaketak ere kezka eragin du Pazifiko osoan; izan ere, itun horren bidez, formalki hautsi egin ziren Taiwanekiko harremanak, eta Txinako Herri Errepublikarekiko harremanak ezarri, ordura arte ohiko aliatu izandako Australiatik eta AEBetatik aldenduz.

Canberrak piztu zuen lehen alarma seinalea itun horren inguruan; izan ere, akordio haren zirriborro bat filtratu zitzaion prentsari, baina Australiako diplomaziak ez zuen lortu Sogavarek Pekinekiko ituna berriro atzera botatzerik, eta Sogavarek hautsi egin zuen Australiarekin zeukana.

Itun zirriborro hartan ziotenez, Txinako gerraontziei baimena emango zitzaien basea Salomon Uharteetan ezartzeko, eta, hartara, Txinako Polizia hedatu ahalko zuten, artxipelagoaren eskariz, «ordena soziala» gordetzera.

«Gure polizia ahalmena indartzeko eta sendotzeko asmoa dugu, etorkizuneko edozein gorabeherari aurre egin diezaion; horretarako, Polizia behar bezalako ekipamenduaz hornituko dugu, aurrerantzean erantzukizun osoa izan dezan herrialdeko segurtasun arloko ardura guztietan, horrela ez baitigute sekula eskatuko aldebiko gure segurtasun itunetako batez baliatzeko», adierazi du berriki Sogavarek parlamentuan.

Txinako Atzerri Gaietarako Ministerioaren bozeramaile Wang Wenbinek, berriz, «bi herrialde subirano eta independenteren arteko truke eta elkarlan normaltzat» jo zuen ituna, eta esan Mendebaldeko potentziak «nahita» ari zirela «esajeratzen eta tirabirak sortzen» itunaren harira.

Itunaren kontrakoak

Malaitako lehen ministroaren aholkulariak azaldu duenez, herriak ez du begi onez ikusten ituna: «Tratu hori ez du sekula defendatu gobernuaren jarrera politikoa moldatu duten alderdi politikoetako bakar batek ere».

Talifiluk salatu du «eroskeria eta diru trukeak» egon zirela aliantza aldaketaren jatorrian, eta aldaketa hori diru truk egitearen erantzule izatea leporatu die uharteetan zeuden Txinako enpresariei. «Ordezkari horiek laguntza eskaini zieten egun parlamentari diren batzuei, gaur egungo gobernu zentraleko alderdi politiko nagusian dauden horiei».

Malaitako lehen ministroaren aholkulari politikoak zehatz-mehatz azaldu du: «Aldaketa babestu zuten kideei agindu zieten, besteak beste, bost milioi dolar ordainduko zizkietela behin aldaketa hori egin eta gero. Horrez gainera, bereganatu zituzten oposizioko diputatuei hektarea bat lur hitzeman zieten, eta milioi bat dolar ordainduko zietela urtean».

Azkenik, Talifiluk «bene-benetako arrisku» batez ohartarazi du: Salomon Uharteak Txinaren estatu txotxongilo bihurtzekoa, «gaur egungo gobernuaren erruz». «Hain zuzen ere, gertatzen hasia da, eta areagotu baino ez da egingo beste eskualde potentzia batzuek ez badute neurririk hartzen hala gerta ez dadin».]]>
<![CDATA[Australia, ezkerrerako bidean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1914/016/001/2022-05-21/australia_ezkerrerako_bidean.htm Sat, 21 May 2022 00:00:00 +0200 Josep Solano https://www.berria.eus/paperekoa/1914/016/001/2022-05-21/australia_ezkerrerako_bidean.htm
Frank Bongiornok, Australiako Unibertsitate Nazionaleko irakasle eta analistak, uste du aukera handia dagoela gobernua alda dadin. «Oraintxe errealista iruditzen zaidan beste emaitza bakarra hau da: gutxiengoen koalizio gobernu bat osatzea, independenteen eta alderdi minoritarioen babesari esker», azaldu du.

Hiroya Sugitak, Kanagawako Unibertsitateko irakasle eta Australiako politikako adituak, bat egin du Bongiornoren iragarpenekin, baina gogorarazi du galdeketek 2019an ere zentro-ezkerreko koalizioa jotzen zutela garaile eta azkenean Scott Morrison liberala izan zela lehen ministro: «Anthony Albanesek [laboristen buruak] kanpainan hanka sartzeren bat edo beste izan badu ere, Alderdi Laborista hobeto moldatu da kanpainan, baita hiru liderren arteko debatean ere».

Gobernu berriak aurre egin beharko dien erronka nagusiei dagokienez, bi adituek uste dute zailtasun handiak izango dituela zenbait kontu garrantzitsutan, hala nola ekonomian, osasunean, eta eskualdeen segurtasunean eta egonkortasunean, bereziki kontuan hartuta egun Txinarekin duen tentsioa eta Ukrainako gerra. Sugitak azaldu duenez, laboristek «gutxieneko soldata inflazioarekin bateratzearen alde egiten dute, eta hori arindu handia izango da diru sarrera txikiak dituztenentzat», baina, «gobernu kontserbadorearen agindupean aurrekontu defizita nabarmen igo» dela eta, gobernu berriak «neurriak hartu beharko ditu gastuak txikitzeko».

Bongiornok, berriz, ez du errotiko aldaketarik espero arlo horietan. «Ekonomiari dagokionez, oraingo gobernuak dituen arazo berak izango ditu [gobernu berriak], ezin landuzkoak: defizita, zorra, igotzen ez diren soldatak eta inflazioa». Akademiko australiarraren arabera, gobernu berriak «ezingo du askorik egin prezioen, aurrekontu defizitaren eta zorraren inguruan; izan ere, konpromisoa hartua du diru sarrera handiak dituztenei gobernuak ezarritako zergen murrizketa handiak babesteko».

Bai gobernua eta bai oposizioa bat datoz zerbaitetan: segurtasun politikan eta egonkortasun nazionalean. Sugitak ziurtatu duenez, «Penny Wong senatariak, Kanpo Harremanen itzaleko ministroak, esan du bi alderdiek akordio bat daukatela AEBekin duten aliantzaren inguruan, defentsan KPIaren %2 gastatzearen inguruan eta AUKUS itunaren inguruan; hortaz, ez da aldaketarik espero».

Bongiornok uste du AUKUS aliantzak eragotzi egingo duela herrialdeak denbora tarte arrazoizko batean itsaspeko nuklearren flota bat izatea: «Ondo informatutako iritzi emaile batzuen ustez, itsaspekoak ez dira inoiz egingo, eta anakronikoa da pentsatzea Australia berriz ere Erresuma Batuaren orbitara bueltatu eta segurtasunerako haren kide nagusia izango dela. Gainera, gertatu denaren ondorioz, herrialdeari ahuldu egin zaizkio harremanak Pazifikoan presentzia handia duen nazio boteretsu batekin, Frantziarekin alegia, eta desagertu egin zaizkio Europako Batasunarekin merkataritza akordio bat egiteko benetako aukera guztiak».

Txinarekiko harremanak

Bi akademikoak eszeptiko agertu dira gobernu aldaketak Txinarekiko harremanak hobetuko ote dituen, azken urteetan hainbat tirabira izan baitituzte bi herrialdeek, baina, edonola ere, baztertu ere ez dute baztertzen. «Kontuan izanda sortzekoa den gobernu laboristak ez duela asko aldatuko Txinaren inguruko jarrera, ez dut uste aldaketa drastikorik izango denik harekiko harremanetan; nolanahi ere, lehen ministroa eta Kanpo Harremanetarako ministroa berriak izateak aukera ematen du harreman hori leuntzeko», esan du irakasle japoniarrak.

Bongiorno kritiko azaldu da oposizio laboristarekin eta atzerriko politikarako oraingo kabinete liberalarekin, eta Morrisoni egotzi dio maiz «propio probokatzaile izatea, bai ekintzetan, bai erretorikan; laboristek hitzik esan gabe onartu dute hori, ez baitute nahi inork pentsatzea Txinarekin samurregi jokatzen ari direla». «Canberran beste gobernu bat egotea egungo tentsioak amaitzeko aukeratzat jotzen duen Txinak edo ez: horren araberakoak izango dira gauza asko», esan du Bongiornok, eta gehitu du egun Txinako ministroek ez dietela erantzuten beren homologo australiarrek egindako deiei.

Txinak eta Salomon Uharteek sinatu berri duten segurtasun hitzarmenari dagokionez —Australiak eragin handia izan du uharte horietan—, Bongiornok iritzi dio Pazifikoa joko taula bihurtu dela Txinaren eta Mendebaldearen arteko lehian, baina ziurtatu du gai jakin horrek ez diela interes berezirik pizten hautesleei. Sugitarentzat, Australiako kanpo politikaren porrota da hitzarmen hori, «ez baitu kontuan hartu Hego Pazifikoko nazioek eskatua dutela klima aldaketaren aurka modu esanguratsuan ekiteko». Akademiko japoniarraren arabera, laborismoak agintzen badu, «gobernu berriak serio ekingo dio klima aldaketaren kontra, eta handitu egingo ditu Hego Pazifikoko nazioentzako laguntzak».]]>
<![CDATA[Errusiaren gerra lokartua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/012/001/2022-05-13/errusiaren_gerra_lokartua.htm Fri, 13 May 2022 00:00:00 +0200 Josep Solano https://www.berria.eus/paperekoa/1876/012/001/2022-05-13/errusiaren_gerra_lokartua.htm
Japonia eta Errusia Bigarren Mundu Gerraren amaieratik daude teknikoki eta formalki gerran, bi herrialdeek ez baitute sinatu gatazka amaitzeko bake hitzarmenik. Japoniak XIX. mendean kolonizatu zituen lehen aldiz gatazka iturri diren uharte horiek, baina gerraren amaieran sobietarren kontrolpean geratu ziren, Japoniako Inperioa Kuriletatik eta Sakhalin uhartearen hegoaldetik kanporatu zutenean. Kalkulatzen da garai hartan 17.000 pertsona baino gehiago deportatu zituztela lurralde horietatik; gehienak Hokkaido uhartean bizi dira gaur egun, herrialdearen iparraldean.

Oraindik ere, Japoniako mapek herrialde horren barruan kokatzen dituzte «Iparraldeko Lurraldeak», lurraldearen parte balira bezala. Askotan, «Errusiak okupatuak» oharra jartzen diete. Moskurentzat, uharte horiek gerran lortutako altxor baten modukoak dira, garrantzi estrategiko handia baitute Ozeano Barera arazorik gabe iristeko.

Tokioren mugimendu horri erantzuteko, Moskuk jakinarazi zuen bertan behera utziko zituela Japoniarekin zituen bake negoziazioak, eta Atzerri Ministerioak, komunikatu baten bidez, baieztatu zuen ezinezkoa iruditzen zaiola gaur egun dokumentu bat sinatzea «argi eta garbi etsai baten gisara jokatzen duen» eta Errusiaren interesei kalte egin nahi dien herrialde batekin. Komunikatu ofizial horrek honakoa baieztatu zuen: «Tokiorena da aldebiko lankidetzari eta Japoniaren interesei egindako kalteen erantzukizun osoa. Tokiok ondorioen jakitun egonda erabaki du Errusiaren aurka egitea, bi herrialdeentzat onuragarria litzatekeen lankidetza eta hurbiltasuna garatu beharrean».

Tokiorekin bake negoziazioak bertan behera utzi aurretik, eta Tokioren aurkako giroa garrazten hasi baino lehen, Vladimir Putinek abisu batzuk eman zituen, Japoniarekin zuen politika aldatu zuela iragartzen zutenak: hasteko, zuzenketa bat onartu zuen Zerga Kodean, Kuriletan muga zergarik gabeko eremu bat ezartzeko. Zuzenketa horri esker, Moskuk erregistratutako konpainiak salbuetsita egongo dira uharte horietan negozioak hasten dituztenean, baita hurrengo hogei urteetan ere, eta ez dituzte ordaindu beharko zerga handi batzuk: besteak beste, enpresei, jabetzari eta lurrari dagozkienak.

Erantzuna zigorrei

Lege aldaketa horrekin, Kremlinek bultzada bat eman nahi die uharte horietarako inbertsioei, baina Tokiok baieztatu du plan horiek kontraesanean daudela Errusiarekin batera eta bi herrialdeen lege egoerari kalte egin gabe «Iparraldeko Lurraldeetan» jarduteko asmoarekin. Japoniako Gobernuak, Hirokazu Matsuno idazkari buruaren bitartez, deitoragarritzat jo du neurri hori. Dena dela, analista batzuen ustez, Kremlinen erabakia zigor ekonomikoei emandako erantzun bat da, Tokiok ere zigor ekonomikoak ezarri baitizkio Errusiari, Ameriketako Estatu Batuekin eta Europako zenbait estaturekin batera, Ukrainan egindako operazio militarragatik.

Japonia kontrol militarra areagotzen hasi zen duela hilabete batzuk, Errusiaren eta Txinaren arteko ariketa militarrak hasi eta gero, eta, batez ere, jakin ondoren Errusiak misilak jaurti dituela orain dela gutxi Japoniako itsasoan urpeko batzuetatik. Duela egun batzuk, Japoniako prentsak jakinarazi zuen Errusiako armadak Kalibr motako bi gurutzaldi misil jaurti zituela inguru horretara bere itsaspekoetatik; misil horiek 2.000 kilometrora baino gehiagora jaurti daitezke. Proba militar horiek egin zituzten garai berean, Japoniak eta Amerikako Estatu Batuek iragarri zuten itsasoko ariketak egingo zituztela toki horretan bertan.

Tokiok izan du beste motiborik autodefentsa indarren jarduna areagotzeko: Errusiako Senatuko presidente ohi eta Kremlinen aldeko Bidezko Errusia alderdiko buruzagi Sergei Mironoven adierazpenak, hain zuzen; Mironoven arabera, Errusiak Hokkaido uhartearen gaineko eskubide guztiak ditu. «Aditu askoren arabera, Errusiak Hokkaidoren gaineko eskubide guztiak ditu. Espero dut Japoniako politikariek ez dituztela erabat ahaztuko Bigarren Mundu Gerrako irakaspenak eta Kwantungeko armadaren patua; bestela, gogorarazi egin beharko dizkiegu», adierazi zuen Mironovek hedabideen aurrean, gogora ekarriz Josiv Stalinek uhartearen erdiaz jabetzeko asmoa izan zuela 1945eko abuztuan; Harry S. Truman AEBetako presidente zenak irmo eragotzi zuen asmo hori. Gaur egun, gerra oraindik ez da amaitu, formalki behintzat, arriskua baitago zauria guztiz ireki eta Putinek beste fronte bat irekitzeko ia Ukrainaren antipodetan.]]>
<![CDATA[Marcostarrak, presidentetzara bueltatzeko abagunean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/015/001/2022-05-07/marcostarrak_presidentetzara_bueltatzeko_abagunean.htm Sat, 07 May 2022 00:00:00 +0200 Josep Solano https://www.berria.eus/paperekoa/1879/015/001/2022-05-07/marcostarrak_presidentetzara_bueltatzeko_abagunean.htm Bongbong, izen bereko diktadorearen semea —zeina boteretik kendu baitzuten 1986an—, edo Leni Robredo abokatu, ekintzaile sozial eta gaur egungo presidenteordea. Inkesta gehienetan, Marcosen semea atera da faborito, baina Robredo aurrez gailendua zaio Bongbong Marcosi, 2016ko presidenteordetzarako bozetan hain justu, botoen %0,64ren alde estuaz irabazi baitzion, azken orduan.

Garaileak Rodrigo Duterteren osteko aroa kudeatzeko desafioa izango du, pandemiaren ondorioz uharte horiek nahiko ahulduta dauden honetan. Anna Malindog-Uy irakasle, analista politiko eta ikerketa estrategikoetako Filipinetako adituak BERRIAri esan dio ekarpen handiak egin dituela Duterteren administrazioak, hots, orain kargua uztekoa den presidentearen agindupekoak, eta erantsi du «Filipinetako azpiegituren urrezko aroa» izan dela hau, Duterteren Build Build Build programa dela medio. «Duterteren administrazioak burutan atera ditu 214 aireportu proiektu, eta mundu mailako 451 itsas portu; horrez gain, 29.264 kilometro errepide egin ditu, 5.950 zubi, uholdeen eragina arintzeko 11.340 azpiegitura, 150.149 ikasgela, 223 ebakuazio zentro, eta 1.253 kilometro autobia eta autobide», eta beste zenbait azpiegitura handi. Christian Esguerra kazetari eta analista filipinarrak, berriz, BERRIAri adierazi dio baietz, gaur egun presidente den horrek ahalegin handia egin duela inbertsioetan, baina aldi berean «esparru demokratikoa mugatu» egin duela, «desinformazioa hedatu, prentsa askatasuna mugatu, eta instituzio demokratikoak ahuldu».

Hauteskunde kanpaina honetan, sare sozialak izan dira botoak bereganatzeko gudu zelai nagusietako bat, erabiltzaile gehien duten herrialdeetako bat baitira Filipinak, are gehiago orain, berrogeialdiz, konfinamenduz eta mugaz josiriko bi urte pasatxo hauen ondoren. «Sare sozialen bitartez, filipinarrek askoz ere gehiago eta biziago parte hartu dute herrialdeko diskurtso eta bizimodu politikoan», iritzi dio Malindog-Uyk. Haren ustez, sare sozialak lagungarri dira herritarrek beren kexak helaraz ditzaten eta nahi duten gobernariari babesa ager diezaioten. Esguerra, berriz, beldur da halako teknologiak hain modu masiboan erabiltzeak ez ote dituen filipinarrak desinformazioaren menpeago jarriko: «Bereziki, hauteskundeei buruzko desinformazioaren menpe, zeren gaur egun ikusten ari baikara okerrera doala arazo hori».

Hala Malindog-Uyk nola Esguerrak uste dute oraintxe Bongbong Marcos dela irabazteko hautagai nagusia, baina Esguerrak ez du baztertzen Robredok atzaparkada ematea, 2016an egin zuen bezala: «Izan ere, azkenaldian jendetza ikaragarriak ikusten ari gara Robredoren kanpainako mitinetan». Malindog-Uyk, ordea, zalantzan jarri du gaur egungo presidenteordeak hain gora egingo ote duen, Marcosek Duterteren babesa ez ezik «alderdi politiko txiki batzuena eta are eskualde mailako zenbaitena ere bai baitu; gainera, herrialde osoko tokiko agintari gehienak ere haren alde daude». Zera ondorioztatu du: «Filipinarrek, segur aski, Bongbong aukeratuko dute. Beste hautagai batzuek ez bezala, eskarmentu handia du gobernuan eta jardun publikoan, eta horixe nahi dute filipinarrek».

Debateetan parte hartu gabe

Dena den, guztiek ez dute hain argi hori denik aukerarik onena: Focus Economics think tank-ean —Bartzelonan du egoitza—, zenbait adituk iritzi diote Marcos semearen politika ekonomikoak lauso samarrak direla Robredo presidenteordearen politika zehatz-zehatzaren aldean. Haien aburuz, «argitasun falta da, beharbada, Bongbong Marcosen politika ekonomikoaren oinarriaren ezaugarririk nabarmenena», eta azpimarratu dute Marcosek uko egin diola «hauteskundeen aurreko betiko debateetan parte hartzeari».

Focus Economicsek dioenez, Marcosen hautagaitzaren webgunean «ez da argi azaltzen zein diren haren konpromiso politikoak», eta kritika bat ere egin dio: «Kargu horretan egin duen ibilbidea pobrea dela esan daiteke: Senatuan aplikatu zituen legeen ia %70 festibalekin eta jaiegunekin lotuta zeuden; errepideen izenak berritzen eta probintzien eta hirien arteko mugak berriz zedarritzen aritu zen».

Adituek bestela ikusten dute Robredoren webgunea. Haien ustez, «presidenteorde gisa pobreziaren kontrako programa garrantzitsu bat ezarri du, bai eta gobernuak COVID-19ari emandako erantzunaren parte bat gidatu ere». Eta honela erantsi du: «Robredoren politika funtsezkoenetako batzuk hauek dira: ustelkeriaren kontrako neurri kementsuak hartzea, burokrazia arintzea, eta monopolioen kontrako kontrol organismoa indartzea, merkatuan hala lehia nola negozioak egiteko modua hobetzeko. Haren konpromisoen artean orobat dago klima aldaketara egokitzeko eta goi teknologiako enpresetarako inbertsioa sustatzea, bai eta langabezia aseguruaren plana indartzea ere».]]>