<![CDATA[Joxerra Garzia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 22 Oct 2019 00:44:02 +0200 hourly 1 <![CDATA[Joxerra Garzia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Euskara: bizi badugu, biziko gaitu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/019/002/2018-11-10/euskara_bizi_badugu_biziko_gaitu.htm Sat, 10 Nov 2018 00:00:00 +0100 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1943/019/002/2018-11-10/euskara_bizi_badugu_biziko_gaitu.htm
Arrakastaren albo kalteen artean, bi hauek behintzat: batetik, zabaltzen ari garen euskararen kalitatearena; bestetik, euskararen erabilera ez dela ezagutzaren erritmo berean hazten. Azken horrek kezkatzen bide gaitu gehien, baina ohartu —eta onartu—behar genuke euskararen kalitate eskasaren ondorio dela, neurri handi batean, erabileraren desertzioa.

Egoera berriak estrategia eta bide berriak eskatzen ditu. Euskaraldia da horren adibide: jarrerak jarrera, zuzenean jokabidean (erabileran) eragitea da orain kontua (Mintzalaguna eta Mintzodromoen bidetik).

Aldez, estrategia egokia deritzot, euskara jakin arren erdaraz aritzen diren gehienak euskaltzaleak baitira (eta D ereduan heziak, dena esateko): maite-maitea dute euskara, baina egoera eta esparru gutxi batzuetan baino ez zaie baliagarri. Kalitate kontua da, azken batean (oroit Mitxelena: hizkuntzaren kalitatea eta aizkorarena irizpide berberaz neurtu behar dira).

Euskal hiztun elebakarrik ez dago, euskaldun guztiok gara gutxien jota bi hizkuntzaren jabe. Beraz, kuttun-kuttuna duen hizkuntza, euskara, motz geratzen zaion egoeretan, hiztunak hain maitea ez duen beste hizkuntza, erdara, erabiliko du beti edo gehienetan.

Euskal hiztun gazte gehienak euskaraz aiseago moldatzen dira egoera formaletan, informaletan baino. Bizitzaren zatirik handiena egoera informaletan doakigu, ordea, eta hor komeriak dituzte gazte horiek, askok estandarra beste erregistrorik ez baitute.

Iñaki Segurolak, ohiko bere estilo bizian, euskaraz aritzeko kontzientziak harrapatzen ez dituen une, egoera eta esparruen zerrenda eskaintzen digu: «... ezin harrapatu ditu jolas-ordu guztiak edo estualdiak, edo oihu egin beharreko orduak, edo neurri gabeko poz edo etsimenduzkoak, onerako edo txarrerako samurraldi gordinenak, ostiaputako amorrazioak; (...) Ez du eskurik doinu zuri neutro batetik haratagoko esanetan: hor ez da euskararik ahoraino iristen...».

Erregistro informalen eskasia (gabezia?) ez da gaitz arina, euskarak duen arazorik larriena baizik. Hala, bada, euskararen baitan erregistro informalak lantzeari erabateko lehentasun estrategikoa eman behar genioke. Hori gabe, Euskaraldia eta gisako ekimenak antzu ez bada herren geratuko dira beti: jendeak euskarari «kaixo!» esatea lortuko dugu, baina ekitaldia amaitu orduko «adio» ere esango dio, axola dioten kontuetan euskara baliagarri ez zaiola ikusita.

Uste nire ustez ustel batek sinonimotzat-edo jotzen ditu euskara estandarra eta erregistro formala. Bide arriskutsua da hori. Irene Arraratsek, BERRIAk ireki duen leiho honetan bertan ondo zioenez, «estandarra malguago» behar dugu, «erregistro informaletarako ere balioko» duena. Estitxu Garaik ere antzera: «Euskara informala batuan (ere) izango da, edo ez da ezer izango».

Estandarraren aitzakian, hizkera zurrun bat, eredu astun eta monolitiko bat hedatu da bazter guztietara. Erabileraren gainbehera geldituko badugu, nahitaezkoa da askotariko erregistroak landu, zabaldu eta erabiltzea.

Ez da egin ezinezko ezer: idazle eta itzultzaile onek lan miresgarria egina dute hor, eta euskarak dentsitate handia duen inguruetan egunero baliatzen dira erregistro informal biziak. Tamalez, idazle-itzultzaileen aurkikundeak ez dira euskaratik bizi diren profesionalengana iristen, eta tokian tokiko esapideak sortutako lekuan geratzen dira, euskararen nazio osorako bidea aurkitu ezinik.

Hedabideak eta hezkuntza sistema dira oker hori zuzentzeko tresnarik eraginkorrenak. Hor ari diren profesionalei, Anjel Lertxundik Zu eleberrian aipatzen duen Ebaristo Uranga sendagilea jarriko nieke eredutzat: «medikuntzatik bizi naiz, bai» esaten omen zuen Urangak, «baina medikuntza biziz». Euskararen profesionalei ere badagokie, euskaratik bizi direnez gero, euskara bizitzeko ardura.

Erakundeei, berriz, euskara bizitzeko estrategia argi bat eskatuko nieke aurrena, euskaratik moldatua. Eta, horren hurrengo, hauxe: baliabide guztiak horretara jar ditzatela, inertzia, konplexu eta beldur guztien gainetik.]]>
<![CDATA[Euskaltzale baten galderak liburumortu baten aurrean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1990/010/001/2018-04-01/euskaltzale_baten_galderak_liburumortu_baten_aurrean.htm Sun, 01 Apr 2018 00:00:00 +0200 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1990/010/001/2018-04-01/euskaltzale_baten_galderak_liburumortu_baten_aurrean.htm
Euskal herritarrek liburuak eta musika kontsumitzeko dituzten ohiturei buruzko azterlana egin berri du, Elkar Fundazioaren mandatuz, Siadeco Ikerketa Elkarteak. Martxoaren 15ean eman ziren ezagutzera ikerketa horren emaitzak, eta, berehala izan ziren erreakzioei erreparatuta, esango nuke euskarazko hedabideek, oro har, oinetako saltzaile ezkorraren bidea hautatu dutela: «Euskaldunen erdiek baino gehiagok ez dute euskal kultura kontsumitzen (BERRIA), «Euskal herritar guztien %6k baino ez du euskal libururik irakurtzen» (Zuzeu). Gainerakoetan, espainiar nazionalistek malko zuri ugari, eta euskal nazionalisten artean etsipena nagusi, zenbait kasutan burlaize errez adierazia: «Erdaraz (eta dohainik), eskerrik asko» (Gara).

Nik dakidala, oinetako saltzaile baikorraren bidetik abiatu den bakarra Elkar Fundazioko Joxemari Sors izan da: «Euskarazko ekoizpenak badu merkatua handitzeko aukera, euskaldunek euskaraz gehiago irakurtzea lortzen badugu».

Eskertzekoa iruditzen zait Sorsen ikuspegia, ezkorretik lehendik ere ederki gizenduta gaude eta. Koxka bakarra ikusten diot: azken helburua lortzeko (hots, euskarazko ekoizpenen merkatua handitzeko) proposatzen duena (euskaldunek euskaraz gehiago irakurtzea) ez ote den, berez, azken helburua bera baino zailago.

Sorsen diagnostikoak honako galdera honetara garamatza: zergatik ez dute euskaldunek euskaraz gehiago irakurtzen? Siadecoren txosten zabalean iruzkina merezi lukeen beste hamaika kontu badago ere, gainerako guztiak bazter utzi eta arestiko galdera horren hari muturrari tiraka osatuko dut hemendik aurrerakoa.

Txostenak dioenez, hamar euskaldunetik lauk «euskaraz irakurtzeko erraztasunik eza» aipatzen du euskaraz liburu gehiago ez irakurtzeko arrazoitzat, eta hori da, alde handiz, arrazoirik aipatuena (irakurtzeko ohitura liburu formatura mugatzen du txostenak -paperezko zein digitalera-, eta horixe du herrenik nabarmenenetakoa).

Erantzun horiek ikusita, ez dirudi arazoa euskarazko liburuen eskaintzan dagoenik, irakurleen gaitasun-jarreretan baizik. Alde horretatik, beste galdera zabalago baten baitan kokatu beharra dago gure lehen galdera hori: euskararen kasuan, zergatik da urtetik urtera handiagoa ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala? Hots: zergatik dira gero eta gehiago euskaraz jakinda euskaraz hitz egiten ez dutenak?

Alorrez alorreko neurriak hartzea komeni da, jakina, baina ez dut uste neurriokin konpon daitekeenik arazoa, hain baita zabal eta sakona.

Hezkuntza sistema eta hedabideak (aldez edo moldez gure esku daudenak, behintzat), horiexek dira euskarazko irakurle potentzialen «irakurtzeko zailtasunak» gainditu eta hiztun atzenduak atzera berriz hiztun bizi bihurtzeko ditugun tresna nagusiak. Hori lortuko badugu, ordea, gauza asko aldatu beharko ditugu, bai D ereduan bai euskarazko hedabideetan (batzuetan gehiago beste batzuetan baino): aurren-aurrena, zuzen-jatortasunaren morrontzatik askatu eta irizpide nagusitzat egokitasuna (eraginkortasuna) hartu behar genuke, teorian onartua behingoz praktikara eramanda.

Herri honek onar ez dezakeen luxua da eskolaren egiteko garrantzitsuena «zintzaizkiokete» eta «zeniezadake» bezalako puzzleak osatzen ikastea izatea, edota Gaztea bezalako irrati batek gazte hizkeraren ardura (ere) bere gain ez hartzea. D ereduari eta euskarazko hedabideei, euskaraz aritzeaz gain, euskarazko tradizioaren transmisioa bermatzea dagokie. On Kixote Mantxakoa edo Cyrano Bergerakekoa ezagutzea ondo dago, baina Peru Abarka, Bettiri Sanz edota Milia Lasturkoak haiek bezain etxeko behar lukete izan.

Albokoen aldean txiki garela onartu, eta gure txikian gauzak komeni zaigun bezala egiten hasi beharra daukagu, homologazio konplexuak behin betirako uxatuta. Bestela, urtean behin Durangora erromes joan eta autoestimu-txutea hartuta ere, Frantzia eta Espainiaren sukurtsal huts izango gara, eta haiek bedeinkatutako idazleen obrak izango dira, euskaraz ere, salduenak.]]>
<![CDATA[Oparigintza. Zientzia baten hasi-masiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/018/001/2016-07-02/oparigintza_zientzia_baten_hasi_masiak.htm Sat, 02 Jul 2016 00:00:00 +0200 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/018/001/2016-07-02/oparigintza_zientzia_baten_hasi_masiak.htm
Fisika, kimika, matematika eta kontu ziur-zuhur horiek alde batera utzita, gezurra dirudi Politika, Kazetaritza edota Publizitatea bezalako jakintza alor duda-mudakoek bai eta Oparigintzak ez edukitzea, oraingoz behintzat, bere lekua ikasketa akademikoetan.

Hutsune nabarmen eta eskandaluzko hori neurri apal batean betetzera dator, hain zuzen ere, esku artean duzun txosten xume hau.

Oparigintza, berez, zehar-jardun erabatekoa da alde, aldi eta maila guztietako gizarteetan. Hainbeste, non giza-izateari berari darion jarduna dela ondorioztatu beste erremediorik ez dagoen: hizkuntza gaitasunarekin batera, oparigintza da gizakia gizaki bihurtzen duena. Pertsona sano samar bat egon daiteke bizi guztian politika, publizitatea edo kazetaritzan aritu gabe, baina nekez egongo da inoiz oparirik egin edo jaso gabe.

Ameskeria litzateke orain arte akademian guztiz baztertuta egon den jakintza alorra lan xume honen bidez kolpetik goren gradura jaso daitekeela uste izatea. Ohartzen naiz neure jakinduria ez dela behar lukeen bezain zabal-sakona, eta horregatik aitortu dut, izenburuan berean, zientzia behar lukeen zerbaiten hasi-masiak zirriborratzera mugatuko naizela hemen, ezinbestean.

Hasteko eta behin, antolatu nahi dugun jakintza alorraren aztergaia ahalik zehazkien mugatu eta zedarritu behar dugu, Descartes filosofo handiak nahi lukeen bezala: gauzak argi eta garbi buruan, eta beti norabide berean ibili munduan.

Gure ikerketan metodo nagusi den behaketa fenomenologiko ezinago zorrotzari esker, berehala ohartuko gara lau direla oparigintzan aintzat hartu eta ikertu beharreko eragile nagusiak: oparigilea, opari-hartzailea, oparia bera, eta oparigintzaren testuingurua.

Atzekoz aurrera hasita, esango nuke oparigintzaren testuingurua oso dela eragile garrantzitsua; aukeran, garrantzitsuegia ere bai, hau bezalako txosten labur batean ganoraz jorratzeko. Sortuko ahal dira ikerlari berriak, hasiera pattal honi segida sendoagoa emango diotenak! Berriak iritsi bitartean, tamalez, oparigintzaren beste hiru eragileetara mugatu beste erremediorik ez dugu hemen.

Argi eta garbi dago beste hiru osagai horien arteko harremana konplexua dela oso: bihurria eta norabide askotarikoa (dialektikoa, garai ahaztu bateko eran esanda).

Hortik aurrera, ikerketa ildo desberdinak eratu litezke, lehentasun metodologikoa zeri ematen zaion: oparigileari, opari hartzaileari edota opariari berari.

Orain arte ikuspegi ez-zientifiko batetik aztertu izan denez, opari hartzailearen ikuspegitik aztertu izan da, eskuarki, Oparigintza. Alegia, zure koinatua bizikletaz ibili zalea bazen, normaltzat jotzen zen hari bizikletaz ibiltzeko zerbait oparitzea. Hots: hartzaileari buruzko dedukzioak egiteko hartu izan da orain arte Opari(gintz)a.

Ikuspegi zientifiko batetik, ordea, kontuak ez dira hain sinpleak. Aitzitik, jeneralean opari batek askoz gehiago adierazten du oparigileaz, opari hartzaileaz baino.

Eta hortxe dago koxka, ezen, bizikleta zalea izan ordez koinatua (edo dena delako opari hartzailea) erretzailea bada, esaterako, zein da, oparigilearen ikuspegitik, jokabide jatorra? Hautsontzia, tabakoa edo petaka oparitzea, ala erretzeari erraz (ezen ez errez) uzteko metodoa azaltzen duen liburua? Horra hor Oparigintzaren zientzia berriak besteak beste erantzun beharko dituen galderetako bat.

Irakurle erne hori: honezkero igarriko zenionez, mundu akademikoan eta erakunde ofizial gehienetan nagusi den idazteko era dotore-uste, barru-huts eta etxe-kaltearen parodia besterik ez da txoko honetako nire azken artikulu hau. Ez esan despedida-opari kaxkarra denik: artikulua irakurriz, argi eta garbi ikusiko duzu nola ez zenukeen sekula idatzi behar.]]>
<![CDATA[Bidegurutze bat gurutzebidean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/001/2016-06-25/bidegurutze_bat_gurutzebidean.htm Sat, 25 Jun 2016 00:00:00 +0200 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/001/2016-06-25/bidegurutze_bat_gurutzebidean.htm
Bihar Hegoaldean izango diren bozak direla eta aipatu (eta aipatuko) du batek baino gehiagok bidegurutzearena. Gaur hausnar eguna da, ordea, eta ezin horretaz deus esan: irentsitako lasto-hitz guztiak marruskatu eta listukatzearekin konformatu beharko.

Finantza krisia lehertu eta zortzi bat urtera, hortxe goaz (garamatzate), antza bidegurutzerik ez duen bide estu eta sasitsuan aurrera (edo). Hasieran, bazirudien krisia eragin zuten gorbatadun lapur esku-zuriek larrutik ordainduko zutela beren akzioa, baina arian-arian boterearen haria hartu zuten berriro, eta, sinesten lanak baditu ere, orain eurak ari zaizkigu eurek eragindako krisitik ateratzeko bidea erakusten. Ez dute horretan (ere) irudimen handirik erakutsi. Funtsean, estrategia bakarra onarrarazi (barka: proposatu) digute: murrizketak hemen, murrizketak han, murrizketak nonahi gerriaren bueltan (gure gerriarenean, jakina, ez eurenean).

Murriztu beharrak (sic) penatuko balitu bezala agertzen zaizkigu murriztaileak, baina bistan da poz-pozik daudela, krisiari esker hankartean jartzen zaien guztia egiteko modua aurkitu dute eta. Beti mantra bera darabilte: «Lanpostuak eta baliabideak murriztuko ditugu, baina eskaintzen dugun zerbitzuaren kalterik gabe, beti ere». Besterik ezin bada, kaka irentsiko dugu, zer erremedio! Ez, ordea, kaka ederra dela dioen propaganda.

Unibertsitatean ezagutu nuen estrategia hori, Bolonia Planarekin. Alemanian unibertsitatean aritua naizenez, aurki ohartu nintzen jukutriaz. Alemaniako irakasleen antzera aritzea eskatzen ziguten, baina haien baliabideen laurdenik gabe eta, batez ere, laurogei ikasle eta gehiagoko taldeekin. Horra ekina ezinez desegina.

Hezkuntzaren beste mailetan ere, jarreraz eta gaitasunez izugarri ona den jendea etsipena hartuta ikusten dut, erreta, eguneroko martxari jarraitu ezinda, burokrazia eta formalismo antzuan itota. Wert ministro ohiarena da errezeta, Espainiako epaileek berretsi berri dutena: irakasle bakoitzak eskola ordu gehiago eman, eta kito!

Osasun alorrean ere, antzera. Plantillak eta baliabideak murrizten badira, gaixotasunak murrizterik ez dagoenez, lehengo lan bera gutxiagoren artean egin beharko dute sendagile, erizain eta enparauek. Baldintza horietan, inoren osasuna zaintzeko ahaleginean tematzeak norberak osasuna galtzeko arriskua dakar, bistan denez.

Bizi guztia gizarte langintzan aritu den lagun baten bidez jakin dudanez, berez uki ezina behar lukeen esparru horretara ere iritsi dira murrizketaren onurak. Aurreneko urratsa: zerbitzua erakundeek eurek eskaini beharrean, azpi-kontratatu egiten da (ikus-entzunezkoetan eta beste esparru askotan aspaldi deskubritu zituzten azpi-kontratatzearen abantailak). Gero, gizarte langintzaren izatearen kontrakoak diren arauak ezartzen dizkie azpi-kontratak azpi-kontratatutako langileei: esaterako, bezero bakoitzarekin denbora muga jakin bat (demagun, 45 minutu) gainditzeko debekua.

Aurrekoan, nire lagun horrek ordu eta erdiko kontsulta egin zuen pertsona batekin, haren egoerari bereziki larria iritzita. Zerbitzuaren kalterako ari zela eta, berehala kaleratu zuten nire laguna.

Horra lau adibide, lauak hemen gurean gertatuak. Gurutzebide horretatik ateratzeko hurrengo bidegurutzearen zain gera gintezke noski, baina hobe genuke lehenbailehen bide berri bat egiten hasi eta bidegurutzea guk geuk sortzea, guri komeni zaigun lekuan, komeni zaigun norabidean eta komeni zaizkigun lagunekin.]]>
<![CDATA[Hori bera da denen ixtoria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/001/2016-06-11/hori_bera_da_denen_ixtoria.htm Sat, 11 Jun 2016 00:00:00 +0200 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/001/2016-06-11/hori_bera_da_denen_ixtoria.htm Boutade kutsu nabarmena du sententziak, bai, baina hala ere...

Litekeena da norbaitek maitasuna dastatu gabe amaitzea bere mundualdia; bizi ordez irautearekin konformatzen direnak ere ez dira gutxi. Maitatu eta bizi gabe bizi liteke; ez, ordea, hil gabe.

Hiltzea baita gu guztiok ziur egingo dugun gauza bakarra. Badakit oso zoru irristakorrean sartzen ari naizela, ezinezkoa baita denboraz, maitasunaz edo heriotzaz ezer originalik esatea, gure aurrekoek esana eta idatzia utzi baitute horretaz esan eta idatzi litekeen guztia. Topikoan erortzeko arriskua gorabehera, ordea, heriotzak gure inguru hurbilean kolpea jotzen duen aldiro sentitzen dugu gure aurrekoek idatzi eta esandakoak geure egin eta errepikatzeko premia. Horixe da oraingo honetan nire kasua.

Heriotzari buruzko gure esan-idatziak topiko errepikatuak izan litezke, baina gertuko heriotza batek eragiten dizkigun sentipenak aldiro berriak dira. Platon filosofoa bere maixu Sokratesen heriotza bidegabearen lekukoa izan zen, Kristo aurreko 399. urtean. Guri, berriz, adiskide min bat hil zaigu joan den astean, modu ezinago ankerrean. Esan-idatzietan eskasa baino eskasagoa naiz ni Platonen aldean, baina nekez izango zen haren oinazea nirea baino handiago eta benetakoagoa: herioak berdintzen handi-ttipiak.

«Mendebaldeko zibilizazioa» esaten diogun horretan (oraingo eta inoizko zibilizaziorik gorentzat dugun horretan) koldar jokatzen dugu heriotzaren aurrean. Heriotza adin txikikoen begien bistatik ezkutatzen saiatzen gara, hildakoak etxeko epeletik tanatorioetako hotzera deserriratu ditugu, heriotzaren gertakari guztiz naturala eufemismotan baltsamatzen tematuta gaude.

Joan den astean hil zaigun adiskide hori koinata ere bagenuen. Marian zuen izena, bizi guztian lana besterik egin ez zuena, bere burua ukatuz ingurukoei laguntzea beste afanik ez zuena. Erretiroa hartu berritan, behingoz lasaitu eta gozatzeko aukera zuenean hil da, senarrarekin Kanarietara oporretara joanda. Berea ez ezik, senarrarena ere bai patu puta: emaztearekin oporretara joan, eta emaztearen errautsekin itzuli.

Patuak badaki hain puta ez izaten ere. Gu, emaztea eta biok, Madrilen ginen Marian hil zenean, han lau egun pasatzera joanda, Paul MacCartneyren kontzertua entzuteko aitzakian. Astelehenean iritsi ginen Madrila, eta asteazkenean hil zitzaigun koinata. Kontzertua entzun gabe itzuli ginen etxera. Madrilen ginela, pare bat liburu denda bisitatu nituen, ohi bezala.

Ezer zehatzik bilatu gabe aritzen naiz horrelakoetan, han-hemenka begiratzen, xede jakinik gabe. Halaxe egin nuen topo, asteartean, Eduardo Galeanoren azken liburuarekin (El cazador de historias).

Ez filosofiak ez literaturak ez ezerk kentzen digu maite dugun norbaiten heriotzak eragiten digun oinazea. Bai filosofiak eta bai literaturak, ordea, eramangarri bihurtu lezakete bestela jasan ezina litzatekeen min hori.

Maite genuen hori geure baitan biziko dela, horra beste topiko bat, eta horra, hala ere, hildakoari zor diogun ahalegina: haren berri geure ondorengoei ematea. Irakurtzen ditugun liburuen artean, tarteka-marteka, gu irakurtzen gaituen libururen bat izaten da, oraingo honetan niretzat Galeanorena bezala. Hona hemen, itzulpen librean, egunotan kontsolatu nauen pasarte bat: «Atso batek pegar bat aurkitu zuen behin, lurrean, txiki-txiki eginda, baina hala ere Palermoko ardo bikainaren usaina gordetzen zuena. Atsoari gozagarri zitzaion, oso, ardo lurrin hori. Gozamen betean, honako hauxe esan zion behin pegarrari: Hauek badira zure arrastoak, nolakoak ote ziren zure urratsak?».

Topikoak topiko, hainbeste zor diegu gure hildako kuttunei, hainbeste zor diot nik Mariani.]]>
<![CDATA[Eskaileran beherakoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2016-05-28/eskaileran_beherakoa.htm Sat, 28 May 2016 00:00:00 +0200 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/023/001/2016-05-28/eskaileran_beherakoa.htm
Belarriz txalo jotzeko gogoari eutsita, aurrera jarraitu nuen, udaltzaina txilibituari begira-begira utzita, begiak harridura ikur.

Benetan gertatua izateko politegia dirudien arren, zin dagit halaxe gertatu zela. Jeneralean, ordea, trantzea pasatu eta gero bururatu ohi zaizkigu horrelako zirto asmatsuak, tamalez.

Frantsesez izen bat ere bada erantzun egokia abagunea pasatu eta gero etortze hori izendatzeko: «L´esprit de l´escalier» («eskaileran beherako asmamena», neuk halamoduz itzulita). Antza denez, Denis Diderot (1713-1784) ilustratuak asmatutakoa da kontzeptua. Psikologian ere utzi du bere arrastoa («eskaileran beherako sindromea»), eta ez da harritzekoa, ezer gutxi baitago amorragarriagorik, erantzun edo ateraldi egokia hartaz luzitzeko garaia pasatu eta gero bururatu zaigula jabetzea baino. Ez dut uste munduan inor izango denik amorrazio min hori sekula sentitu gabekorik.

Besterik da hori gertatu eta gero zer egiten duen bakoitzak (edo, oraingo estilo hanpatuan esanda, bakoitzak nola kudeatzen duen ezinegon hori). Bada bere berankortasun baldarra argi eta garbi aldarrikatzen duenik. Horrelakoen buru Jean Jaques Rousseau filosofoa (1712-1778) da, dudarik gabe. Aitorkizunak bere liburu ospetsuan (eleberri modernoaren aitzindaritzat jo ohi den horretan), aski modu grafiko eta jatorrean aitortzen du bera askoz solaskide hobea zela gutun bidez aurrez aurre baino. Enrique Vila-Matas idazleak, berriz, sindromearen alde ona azpimarratzen du, hotz eta motz dioelarik literatura, azken batean, eskaileran beherako asmamenaren kontrako mendekua besterik ez dela.

Garbi dago gizakiok ez dakigula ezinegonarekin bizitzen, eta bakoitzak bilatzen duela ezinegon hori baretzeko biderik errazena. Sarri, gertatutakoa «apur bat» aldatuta kontatzea izaten da biderik errazen hori. Ezin esan tranpa handia denik: azken batean, eskaileran behera bururatu zitzaiguna apur bat lehenxeago bururatu zitzaigula esatea baino ez da, segundo xixtrin batzuen gorabehera baino ez. Hala, lagun plantak eginez etorri zitzaigun nagusi zitalari muturrera «aizu, nagusiak ez ditut nik aukeratzen, baina lagunak bai» bota geniola kontatzen dugu, ateraldi hori lantegiko eskaileretan behera gindoazela bururatu zitzaigun arren. Azkenerako, kontatuaren kontatuz gu geu ere sinetsita geratzen gara kontatzen ditugun bezala gertatu zirela gauzak.

Baliteke literatura, Vila-Matasek zioen bezala, eskaileran beherako estrategiaren kontrako mendekua izatea. Badira, ordea, beste bi lanbide edo jardun esparru, estrategia (edo martingala) horri literaturak baino askoz gehiago zor diotenak: politika eta kazetaritza.]]>
<![CDATA[Euro misio eta bisioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/001/2016-05-14/euro_misio_eta_bisioak.htm Sat, 14 May 2016 00:00:00 +0200 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/001/2016-05-14/euro_misio_eta_bisioak.htm
Neure eta nire ingurukoen zoriona lortzen saiatzeaz gain, ez dut nik, ustez behintzat, bestelako misio zehatz jakinik mundu honetan (eta are gutxiago noski bestean). Bisioak bai, mordoa izaten ditut, eta ez ametsetan bakarrik.

Hiltzear nagoela jainko, jainkosa, sorgin edo aztiren batek azken borondatea eskatzeko aukera emango balit, esaterako, aspaldi erabakia daukat zer eskatuko nukeen: zer-gara-gu-nor-gara-gu bileretan galdutako denbora guztia berriz bizi ahal izatea.

Ez dakit zertan emango nukeen balizko bizialdi gehigarri hori, baina Eurovisión izeneko kantu lehiaketa ikusten ez behintzat.

Lehengoan, hala ere, asteartean zehazki, telebista piztu eta hantxe ari ziren, aurtengo ekitaldiari dagokion finalerdia ematen. Katea aldatzeko ere nekatuegi, begira egon nintzaion aldi batez.

Ez da erraza asmatzen nik izan nuen euro-bisio horren azpian zer misio egon ote litekeen, non eta ez den antzinako erromatarren «panes et circenses» («jana eta dibertsioa») haren ordezko izatea. Egia esan, erromatarrek herritarrak entretenituta edukitzeko antolatzen zituzten ikuskariak nekez izango ziren Eurovisión delako hori bezain kitsch, zaharkitu eta afrusak.

Une jakin batean, lehiaketa eten eta dantza emanaldi bat eskaini zuten. Hogei bat dantzariz osatutako balleta zen, dantza garaikide estilokoa. Kontu horietan ezjakin petoa banaiz ere, dantzari onak zirela esango nuke, eta koreografia ere itxurosoa. Estetikoki ikuskizun polita, beraz... irudikatu nahi zutena zer zen jakin ezean behintzat.

Ballet emanaldiak «Grey People» («Jende Grisa») zuen izena, gizonezko esatariak jakinarazi zigunez (bere garaian Espainiako telebistan ospetsu izandako euskal herritar bat zen esataria: Iñigo). Une batez, Erorien Haranetik atera berria ote zen otu zitzaidan (kasu honetan, Peña anaienean ez bezala, gu guztion diruarekin, jakina).

Jende Grisa, gaztigatu zigun gure Iñigok, metaforatzat hartu behar da: ikus ezina zaigun jende anonimoa adierazi nahi du. Bai, ballet emankizunak gerraren eta miseriaren ihesi Europan sartu nahi duten iheslari eta etorkinen drama bistaratzea (eta salatzea?) omen zuen helburu. Non?, eta Europak bere izate ustelean atsegin hartzeko antolatzen duen ikuskari higuingarriaren erdi-erdian. Noiz?, eta Europak berak iheslari jende hori Turkiari saldu dionean, etxeko mugak burdin hesiz eta txarrantxaz itxi eta gero.

Nagiari nazkak gain hartuta, telebista itzali nuen, eta orduan izan nuen eguneko azken bisioa: Europak izenean berean daramala grabatua izana. Horixe baita Euro-pa honen misio bakarra: euroari muxu eman eta emanaraztea. Gainerako guztia, «liberté, egalité, fraternité» eta antzeko pitokeriak, gu funtsezkoaz ahantz gaitezen asmatutako euro-bisioak baino ez dira. Estetikoki negargarri, etikoki higuingarri, Europa.

Gauzak horrela, beharbada eskerrak eman behar genizkieke euroari muxuka ari diren horiei, zentzugabekeriaren festa horretan ikurrinari sarbidea debekatzeagatik.]]>
<![CDATA[Kapitalaren kalapita pornografikoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/024/001/2016-04-30/kapitalaren_kalapita_pornografikoak.htm Sat, 30 Apr 2016 00:00:00 +0200 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/024/001/2016-04-30/kapitalaren_kalapita_pornografikoak.htm The Independent egunkari britainiarrak duela zortzi urte, 2008ko martxoaren 28an.

Garbi dago krisia hasi berri samarra zela The Independent egunkariak aldarri hori jo zuenean. Garai hartako hedabideetan sarri agertu ziren horren tankerako adierazpenak, baita are gordinagoak ere. Hamaika porroten ur hotzetan errea, esango nuke hala ere ilusio izpiren bat edo beste piztu zidatela profezia apokaliptiko haiek. Bueltan-bueltan, egiten nuen neure kautan, azkenean Marx zaharrak arrazoi: kapitalismoa, Franco bezala, ez da kanpoko faktoreen eraginez hilko, berez lehertuko da, hartarako baldintza objektiboak berak bere baitan ereinda.

Tokitan geratu dira profezia haiek guztiak: Kapitalismoak primeran asmatu du krisia bere mesedetan erabiltzen. Suntsitu ordez indartu, gotortu eta harrotu egin da (hurrenkera horretan), alternatibarik eza, jendearen beldurra eta indarraren arrazoia baliatuz, besteak beste.

Ekonomia kontuetan (ere) ezjakin petoa naiz, eta ez dakit arrastorik ere gertatzen ari denaren errua nor deabruk duen. Deabruak deabru, dakidana da badirela munduan (han urrutian bezala hemen inguruan ere) santu itxurako asko, «krisia ez da guk sortua» esanda sekulako etekina ateratzen ari zaizkionak gainerako gehienentzat tamalgarria den egoera honi.

Hasierako ikara baretuta, laguntza handik eta laguntza hemendik, zuloak (inoren) diruz estali, eta berehalaxe baretu zen diru-jendailaren kalapita, kapitalak atzera berriz lehengo zorroetara itzulita. Gobernuek kapitala erreskatatu orduko, kapitalak gobernuen gobernua berreskuratu zuen, ordu arteko disimuluak bazter utzita, inoizko erarik nabarmen eta lotsagalduenean. Handik aurrera, eginak egin inork zaunkarik ere egiten ez ziola ohartuta, suntsiketari ekin dio kapitalak. Ez, ordea, profeziek zioten bezala, bere burua suntsitzeari, ongi-izate estatutik geratzen zen apurra suntsitzeari baizik.

Suntsitze lan sistematiko horren sintoma eta arrastoak nonahi ageri dira, toki, alor eta maila guztietan. Estrategia garbia da: murriztu, murriztu eta murriztu (soldatak, gizarte babesa, eskubideak...). Jakina, kapitalak ez dauka zertan berak dantzatu aizturrak, gobernuek egiten diote lan zikin hori, limosnatxo baten truke.

Bitxiena da eskubideak (bideak eta eskuak) mozten zaizkien horien hobe beharrez egiten bide dituela beti botereak murrizketa horiek. Gipuzkoako Diputazioak arrazoi hori aipatu du, besteak beste, Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza (DSBL) kentzeko (beste herrialdeek ez dute lanik izan sekula ezarri ez duten laguntza kentzen): laguntza horrek betikotu egiten duela hartzaile koitaduen menpekotasuna. Aipatzen den beste arrazoia, etorkinen erakarpen eraginarena, pornografiaren sailean sartzekoa da, zuzen-zuzenean.

Kontu larriagorik baden arren, xehetasun batek nauka ni guztiz gaitzitua: DSBL kobratzen ari ziren (eta diren) batzuei nola itzularazten zaien orain lehenago sobera kobratu omen dutena. Kasurik onenean ere hileko mila eurora iristen ez den laguntza jasotzen dutenei bai, horiei azken xentimora arte itzularaziko zaie ustezko zorra (85.000 lagun inguru omen trantze horretan), nahiz kasu askotan administrazioaren beraren erruz ordaindu zaien gehiegi. Banketxei-eta ez, noski, jakinik ere jaso zituzten dirutzetan (Espainian bakarrik, 60.000 milioi eurotik gora), lehen xentimotik azkeneraino, den-dena zela soberakoa, den-dena lizun pornografikoa.

Kapitalak lasai egiten du lo. Gobernuek emandako legeren bat edo beste dela eta inoiz kezka eta haserre plantak egin arren, badaki behorraren ostikoak ez diola kumeari kalterik egingo.]]>
<![CDATA[Atari Putz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/001/2016-04-16/atari_putz.htm Sat, 16 Apr 2016 00:00:00 +0200 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/001/2016-04-16/atari_putz.htm
Gaztetako beste kontu asko bezala, ahaztuta ez bada atzenduta eduki dut orain arte gure pertsonaia. Aurrekoan etorri zitzaidan berriro gogora, Bilbon eman berri dudan ikastaroko ikasle baten iruzkin baten harira.

Ahotsa lantzeko ariketa bat egiten ari ginen, eta, ohi bezala, jendaurrean ari garenean segurtasunez aritzea komeni dela esan nien nik. Orduantxe egin zidan Xabierrek (demagun hala zuela izena) gero zer pentsatua franko eman didan iruzkina: «Eta zer dela eta ibili behar dugu jendaurrean beti segurtasun plantak egiten, gure zalantzak eta ahuleziak lotsagarri balira bezala?».

Ez nintzen ganorazko erantzunik emateko gauza izan. Iruzkina, ordea, hor geratu zitzaidan, garuneko bihurguneetan jira-biraka, kontu horri buruz ordu arte nuen ikuspegia kordokatuz.

Ez du ahuleziak ospe onik mendebaldeko gure gizarte (ustez) aurreratuotan. Aitzitik, badirudi nor izatera iristeko modu bakarra pitzadurarik gabeko nortasun gogor batean gotortzea dela, ukatu egiten zaigula ahul agertzeko (eta izateko) eskubidea. Alde horretatik, gu guztiok Atari Putz izatera bultzatzen gaitu gizarteak (edo, askotan bezala, geuk bultzatzen dugu geure burua horretara, gogo-zangoak inoren zer-esangoaren sasiartean kateatuta).

Amesten hasita, ederra litzakete pentsatzea politikari batek botoak irabaziko lituzkeela honelatsuko mezu batekin: «Herkide maiteok: sentitzen dut, baina ezjakinegia naiz zuen arazo horrentzat taxuzko konponbideak proposatzeko; kontu korapilatsua da, eta ez dut garbi ikusten. Erabateko ziurtasuna nahi baduzue, eman boza oposizioko alderdiren bati, guk erantzunak baino galdera gehiago dauzkagu eta».

Maila pribatura jaitsita (edo igota, nork daki?), artikulu hau idazten ari nintzela Angel Errok martxoaren 19an argitaratutako zutabea etorri zitzaidan gogora. Lehendik ere aitortu izan dut hemen, berripaper honetan egunero idazten duten bi aingeruek (Angelek eta Anjelek) harrituta ez ezik miretsita ere banaukatela, euren testuen batez besteko mailarekin.

Paragrafo honetarako adibide bat neukan apuntatua, baina Angelek beste bat, askoz hobea, eskaini zidan aipatutako zutabe hartan. Ez naiz sekula izan San Joserik edo San Ramonik ospatu zale (gurean urtebetetzea soilik izaten zen ospagai), eta are gutxiago naiz marketingaren eraginez irentsarazi nahi dizkiguten beste eros-festa horien zale (San Balentin, Amaren eguna, Aitarena...), baina aitortu behar dut txundituta geratu nintzela zutabe horretan Angelek bere aita maite izateko aipatzen dituen arrazoiak ikusita. Aita «otzana, isila, esanekoa, ziurtasunik gabea, ahula, tontotzat hartua, beldurtia...» begitantzen zaiolako maite duela diosku Angelek, bide batez ezaugarriok bere begiradak ezarriak izan litezkeela aitortuz.

Honaino iristeko pazientzia izan duen balizko irakurleak barkatuko ahal dit, baina oraintxe ari zait biriketan airea agortzen, eta orrialdearen bebarruan ezkutatu beharra daukat, putz egin eta hurrengo artikuluan ohi bezain tente-potente (eta jator-koherente) agertuko banaiz.]]>
<![CDATA[Paradisua infernu denean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2016-04-02/paradisua_infernu_denean.htm Sat, 02 Apr 2016 00:00:00 +0200 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/001/2016-04-02/paradisua_infernu_denean.htm
Zortzi bat urte nituen arestiko hitzok entzun nituenean, Irungo Lasalletarren ikastetxean. Ezin dut ziurtatu fraide beltzak hitzez hitz horixe esan zuenik, baina bai horren oso antzeko zerbait esan zuela, eta, batez ere, ni neu nola etxeratu nintzen egun hartan (ere): izuaren izuz koskabiloak (eta gogo aldartea) zimur-zimur eginda.

Behin baino gehiagotan galdetu izan dit semeak, begiak arranpalo, nola litekeen horrelako pitokeriak sinestea. Ez da erraza izu hori bizi izan ez duenari behar bezala erantzuten. Olentzero eta Errege Magoak aipa litezke, noski: txikitan nola sinisten dugun guztiz benetakoak direla, eta abar. Azaltzen zailagoa da, ordea, ume izateari utzi eta hala ere nola jarrai dezakezun horrelako ipuinak sinesten.

Kontua da guretzat Aiako Harria, sukaldeko mahaia edo osabaren ehize zakurra bezain erreala zela garai hartan infernua. Bestalde, orduko sermoilariak oraingoak baino trebeagoak ziren diskurtso bidez objektuak eraikitzen. Eternitatearena ez zen noski izugarriena izango, fraide eta apaiz jendeak izua baitzuen orduan lanabes nagusi, batez ere aste santuko misioetan. Bada horri buruz liburu ederrik; besteak beste, honako hauek: Aldi hartan eta Arantzazuren inguruan, Eugenio Agirretxerena; Oraingo gazte eroak. Gogoetak ETAren sorrera inguruko giroaz eta gaurkoaz, Joxe Azurmendirena; eta Euskaldun Fededun, Belen Altunarena... Kontuak kontu, kristau fedea galdu genuen arte infernuko suaren beldur bizi izan ginen gu, eta hori ulertu gabe ez dago ulertzerik garai hartan gu zer ginen.

Aste santuak santutik gero eta gutxiago duen honetan, Bruselako atentatuak direla eta berpiztu zait infernuzko eternitatearen kontu hori.

Atentatuen ostean, hedabide guztiak etengabeko kalaka antzu nardagarrian aritu zaizkigu, egunero-egunero eta egunean hogeitalau orduz, kaka esplikatzen.

Beste disparate latz askoren artean, atentatugile suizidak «koldarrak» direla ere entzun eta irakurri dut. Sutan jartzen naiz horrelakoekin, frankismoaren ondorengo ETA gaitzetsi nahi zuten batzuei ETAkideak «mertzenarioak» zirela entzun eta irakurtzen nienean bezala. Errealitatea den bezala onartu ezean, ez dago errealitate hori ulertzerik (eta are gutxiago aldatzerik). Baliteke ETAkide batzuk, beharbada asko edo are gehienak ere, fanatiko itsuak izatea, baina ziur nago ETAn ez dela inoiz inor dirua irabaztearren sartu.

Oraingora etorrita, zer arrazoi izan dezake Belgikan jaio eta (materialki dezente ondo) bizi den batek bere burua horrela suntsitzeko? Arrazoia koldarkeria dela esaten tematzen bagara, ez dugu behin ere deus ulertuko. Eta konponbidea aurkituko bazaie, aurrena arazoak behar bezala ulertu beharra dago.

Guretzat infernua bezala, oraingo atentatugile suizidentzat ere ez dago suntsitze trukean irabaziko omen duten paradisua baino errealitate errealagorik. Hori ulertuta ere, egoera gainditzen lanak izango genituzke, jakina; hori ulertu ezean, ordea, eternitate guztia horretan saiatuta ere ez diogu arazoari konponbiderik aurkituko.]]>
<![CDATA[Hiri berorika egingo dizut]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/019/001/2016-03-12/hiri_berorika_egingo_dizut.htm Sat, 12 Mar 2016 00:00:00 +0100 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/019/001/2016-03-12/hiri_berorika_egingo_dizut.htm
Handik laster, kalean doala, hara non etortzen zaion, espaloian pare-parean, Don Antonio apaiza. Aitaren errieta gogoan, Patxikuk: «Arratsalde on, apaiz jauna, zer moduz da berori?» Don Antoniok, horrelakorik espero ez, eta: «Joño, Patxiku, nolatan ba hik niri berorika?». Mutikoak, orduan, aitarenak aitaren batean ahaztuta: «Aitak esan zidak hiri berorika egiteko!».

Berorika guztiz galtzeko bidean doa, zorionez. Hitanoa ere bai, baina horri, nire ustez, eutsi egin behar genioke, kosta ahala kosta.

Nik neuk, ikasleei hika hitz egiten diet (ia) beti. Gero, ikasle ohi izatera bihurtzen direnean, saiatzen naiz haiek ere nirekin hika hitz egin dezaten. Animatzen direnen e-mailetan eta, sarri nahasten dira, esaldi berean, hika eta zuka. Hala ere pozik ni, ez baita hori hitanoarekin dugun arazo nagusia.

Munduan ez dago hiztunik, kideekin eta nagusiekin berdin hitz egitea gustuko duenik, eta premia hori hor dago, eskolan eta hedabideetan hitanorik ez balego bezala jarduten tematzen garen arren. Kidetasuna markatzeko baliabidea da hitanoa. Bere arauak ditu, jakina, baina garrantzitsuena ez dira arauak, hiztunarentzat bete dezakeen funtzioa (eta hari egin diezaiokeen onura) baizik.

Euskal hiztunek (ere) beti sentituko dute kideekin «nagusiekin ez bezala» hitz egiteko premia. Adin batetik behera ez dago euskal hiztun elebakarrik, eta euskarak (hezkuntza sistemaren eta hedabideen bidez osatu dugun euskara-edo horrek) ez badie horretarako aukerarik eskaintzen, beste hizkuntzara joko dute solaskidearekiko gertutasuna markatzeko, euskarazko jario ederrean «tío» eta gisakoak txertatuz hiruzpalau hitzez behin.

Muturreko bi joera txatxu antzematen ditut nik, hitanoaren erabilerari dagokionez. Batetik, guraso eta irakasle hiper-demokratak daude, seme-alabei eta ikasleei eurekin hika hitz egiten uztearen aldekoak. Ideologiak ideologia, astakeria latza da hori, gazte jendeari nagusiekin hika aritzeko baimena emanez gero hitanoak ez bailuke balio izango solaskideen arteko kidetasuna markatzeko. Eta gaur egun euskarak horretantxe du, erregistro informal-ludikoetan, gabeziarik larriena.

Beste muturrean, berriz, hezkuntza sistema eta hedabideak daude, euskarazkoak. Hor hutsaren hurrengo presentzia du hitanoak. Progre-usteena baino dezentez okerragoa da hori, nire aburuz. Ezagutzaren eta erabileraren arteko koxka gero eta handiagoa da euskararen kasuan, eta dena ez da alboko estatu gaiztoen erru, guk ere badugu horretan geure erru puxka. Hori onartzen ez dugun bitartean, nekez antolatuko dugu euskara politika egokirik.

Geure premietatik abiatuta antolatu behar genituzke nazio izaerari eusteko ditugun tresna nagusiak, batez ere hezkuntza sistema eta hedabideak. Kultura normalduetan ez bezalako eskola eta hedabideak behar baditugu, izan dezagun ausardia eskola eta hedabide ez-normalak antolatzeko.

Hezkuntza sistemarena alde batera utzita, Gaztea Irratiarena zait lazgarriena. Badakit latoso samarra naizela kontu horrekin, baina neure buruari zin egin diot aukera dudan aldiro saiatuko naizela Gazteak kontu hauetan erakusten duen utzikeria salatzen. Horrek ez du inola ere esan nahi Gaztea gutxiesten dudanik. Aitzitik, gazteen artean halako presentzia baitu, argi eta garbi daukat gazte hizkeran eragiteko tresna ezin hobea litzatekeela... hartara jarriko balitz.

Gazteari gazte hizkeran eragitea (eta tarteka hika jardutea) ere badagokiola erabaki eta behar diren neurriak hartzea eskatzen diot, beraz, zuka gutxi dela berorika, horretarako eskumena duen horri.]]>
<![CDATA[Paradisuen zaharkitze programatua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/019/001/2016-02-27/paradisuen_zaharkitze_programatua.htm Sat, 27 Feb 2016 00:00:00 +0100 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/019/001/2016-02-27/paradisuen_zaharkitze_programatua.htm
Bartzelonan amaitu berri den Mobile World Congress delakoari buruzko albisteetan irakurri dudanez, 2025ean 100.000 milioi Internet konexio izango omen da munduan. Horietatik, 7.000 milioi «besterik ez» omen dira gizakien artekoak izango (gainerakoak, gizaki baten eta objektu baten artekoak, edota bi objekturen artekoak izango omen dira). Ez da gutxi, 7.000 milioi konexio: munduko biztanle bakoitzeko bana, ozta-ozta bada ere, eta horrek aukera emango luke gizaki bakoitza bere buruarekin konektatuta egon dadin. Tamalez, konexio kopuru hori ez da lortuko gizaki bakoitzak konexio bana izango duelako, baizik eta batzuek (betiko aberatsek) konexio asko eta beste batzuek (betikoago pobreek) batere konexiorik izango ez dutelako.

Batzuen konektatze erabateko horretara iristeko, ordea, orain baino Internet azkarragoa behar omen da. Zentzu bietan azkarragoa: indartsuagoa (aldi berean konexio eta gailu gehiagori eutsi ahal izango diona), eta lasterrago dabilena. Horixe da Bartzelonan bildu diren teknologiaren guruen zakur-ametsa, eta badu izen propioa ere: 5G Interneta. Bosgarren belaunaldiko Internet azkarrago hori gabe, ezin izango omen dira behar bezala garatu bizitzeko ustez nahitaezkoak diren zerak: Errealitate Birtuala, Googleren automobil autonomoak eta eskifaiarik gabeko hegaldiak, besteak beste.

Günther H. Oetingger Gizarte eta Ekonomia Digitalerako Europako komisario jaunarenak dira orain arte hemen jaso ditudan profezia baikor horiek, eta baditu jarraitzaile sutsuak. Europar Batasunak 2020. urterako nahi du 5Garen ametsa gauzatu. Koreak, berriz, 2018rako, Joko Olinpikoak egingo baitira orduan han.

Iritzi kritikorik ere izan da, ordea, eta ez teknologia berrietan ni bezalako ezjakina den norbaiten aldetik, edota Saramagorekin batera «sekula ez da malkoz e-mailik lardaskatuko» aldarrikatzen duten horietako batenetik ere. Aitzitik, Mark Zuckerberg Facebooken asmatzaileak ohartarazi du ustezko paradisu horrek arriskurik ere baduela.

Zuckerberg jaunaren arrazoiak ez dira sistemaren (etengabeko garapenaren) kontrakoak, haren iraupena bermatzearen aldekoak baizik: «Ezinezkoa da gure industria haztea, baldin eta aberatsek gainerakoena halako bi lasterragoko Internet konexioa baldin badute». Zuckerbergen iritziz, 5G kontu horrekin itsutu ordez, Internet munduko zoko eta bazter guztietara helarazteari eman beharko litzaioke lehentasuna.

Jai dago, ordea, mundu aberatsean inork ez baitio (ustezko) aurrerapenari galga jarri nahi. Orain 5Ga bezala, oraindik orain 4Ga zen guztizko panazea, eta haren aurretik 3a, eta lehenago 2a, eta horrela beti, Josemiel Barandiaran handiak bildutako ipuineko ardiak bezala, «aurrerago eta goxoago, aurrerago eta goxoago, aurrerago eta goxoago» dioskun marmarraren mezua xalo-xalo (edo inozo-inozo) irentsita gabiltza eta.

Belarra aspaldi mututu zenez, artaldearen jabeak dira orain belarri ertzera lelo hori behin eta berriz xuxurlatzen digutenak. Horrez gain, aurrerago joateko belardirik sekula falta ez dakigun, gero eta maizago eskaintzen digute sekula eztako paradisuren bat, ia estreinatu orduko zaharkitzen dena. Egingo nuke urte pare bat gabe hasiko zaizkigula 6G Internetarekin kalaka ematen.

Gauzak horrela, bi aukera ditugu. Bata, argi ibiltzea. Bestea, ardi ibiltzea.]]>
<![CDATA[Mozorroak zomorro]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/021/001/2016-02-13/mozorroak_zomorro.htm Sat, 13 Feb 2016 00:00:00 +0100 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/021/001/2016-02-13/mozorroak_zomorro.htm
Aurtengoetan Lantzen ETBko neska kameralariari eraso egin zioten hiru gizonak mozorropeko inpunitatetik aritu zirela diote hedabideek (eta ardoak adoretuta, ziur asko, adore latza behar baita horretarako).

Beste hainbeste esan liteke Gasteizko erasotzaileez ere, baina hemen bada alderdi are lazgarriago bat: bi neska adingabe izan ziren biktimak; erasotzaileak, berriz, sei mutil, haiek ere adingabeak. Taberna batean izan zen, eta mutilak mozorrorik gabe aritu ziren.

Tolosan ere berdin, protagonista helduagoekin. Biktimak aurrena erasotzaileari aurre egin, eta gero denuntzia jarri zuen. Ertzantzak 38 urteko gizonezko bat atxilotu du. Herrian elkarretaratze jendetsu bat egin zen, mugimendu feministak antolatuta, erasoa salatzeko.

Tolosako Udalak bat egin du erasoaren salaketarekin, Lantzeko Udalak barkamena eskatu du, eta Arabako ahaldun nagusiak esan du «intrantsigente» izan beharra dagoela horrelakoetan.

Bortxakeria matxista gaitzetsi beharra dago, konforme (bide batez: zergatik tematu «bortxakeria matxista» ordez «genero bortxakeria» esaten, begien bistakoa bada norabide bakarreko kontua izaten dela?).

Erasotzaileei merezi duten zigorra ezartzearekin ere konforme, baina ahaztu gabe zigorrak zertarako diren (edo izan behar luketen).

Ezinbestekoa da hori guztia; ez, ordea, aski. Niri, behintzat, hortik gorako kezka sortu zait, aspaldion kontu horren inguruan iristen zaizkigun albisteekin.

Honako bi galderotan eman liteke kezka horren funtsa: Zer gertatzen ari zaigu? Zergatik ugaltzen ari dira gizonkeriazko jokabideak? Galdera handi-mandi horiez gain, txikian ere bada zer galdetua eta zer kezkatua franko. Esaterako: nola liteke gizonezko batek plazer hartzea emakume bati, berak nahi ez duela, zirri eta igurtzi eginez?

Batzuetan, zirri-igurtzi higuingarriak begiz eginda etsitzen du hainbat gizonezkok, eta hori ez da gutxiago harrigarri. Hor daude, esaterako, gure inguruko hainbat kiroldegitako aldageletan (neskenetan, jakina) jarritako bideo kamerak edo kanpotik begiratu ahal izateko hormetan egindako zuloak.

Ez dakit parekatzeko modukoak diren eraso fisikoak eta begizko erasoak, ziur asko ez. Dakidana da batzuk bezala besteak ere sakonagoko gaitz baten sintoma direla, nabarmen. Gizonkeria, matxismoa da gaitzaren muina, bai, baina bada hor beste zerbait ere: nahi ditugun gauza (eta pertsona) guztien jabe izateko joera eragabekoa.

Gaitzespen-zigor sistemarekin gaitzaren sintomak ezabatuko ditugu akaso, baina gaitzaren erroetara jotzen ez badugu gero eta gehiago izango dira gaitzetsi eta zigortu beharrekoak.

Heziketan dago gakoa. Ez hezkuntza sisteman (bakarrik), baizik eta oro har gizartean nola edo hala nagusi garenok gazteagoei eskaintzen dizkiegun balio, erreferentzia eta ereduetan. Etengabe ari baikara gure ume eta gaztetxoak mezu ezinago ustelez bonbardatzen, baita (beharbada bereziki) ustez entretenimendu hutsezkoak diren formatuen bidez ere. Dragoi Bola marrazki bizidunetan, esaterako, Iratxo Dordoka arte martzialetako maixu gorenaren ikasle izan nahi duen mutikoari, Son Gokuri, baldintza bakarra ezartzen dio maixuak: mutikoak lagun duen neskari ipurdia ukitzen uztea. Adibide bat baino ez da, semea alboan nuela neuk ikusi eta entzuna.

Errotikako kontu horiek errotik aldatu ezean, sekula ez dugu jakingo noiz gauden mozorrotuta: inauterietako parentesian, edo gainerako egunetan.]]>
<![CDATA[Txantxangorria txantxate]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/002/2016-01-30/txantxangorria_txantxate.htm Sat, 30 Jan 2016 00:00:00 +0100 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/020/002/2016-01-30/txantxangorria_txantxate.htm
Gustagarri zaigun edo ez, horixe da, ordea, gutxienekoa.

Komunikazioa ez baita estetika kontua, eraginkortasun kontua baizik: jendeari eskaintzen zaizkion mezu eta piezen oinarrian estrategia zehatz eta egoki bat dagoen edo ez, horixe da axola duen bakarra. Bistarako zein belarrirako bikaina izanagatik ere, hartzailearengan eragiteko balio ez badu, deus ere ez du mezu pertsuasibo batek balio. Zehatzago esanda: jendea gure markaren aldekoago bihurtzeko balio behar dute mezu pertsuasiboek, jendearen gurekiko jarreran eta jokabidean eragiteko, betiere geuri komeni zaigun norantzan, jakina.

Gustukoa izan zein ez, irizpide horixe da gure txantxangorri txantxatea epaitzeko irizpide egoki bakarra, kasu honetan euskara delarik, ustez behintzat, indartu beharreko marka.

Unibertsitatean ia hogei bat urtez publizitatea, pertsuasioa eta gisako gaiak jorratzen aritu eta gero, badut, zorionez, lankide (eta, batez ere, ikasle) ohiz osatutako sare halako bat (Twitter, Facebook eta enparauak baino dezentez sozialagoa). Oraingoan ere egin dut (sare)kideren artean galdeketatxo ez batere zientifiko bat (bestela nola ausartu gai hori hemen hizpide hartzera?)

Gutxitan bezalako adostasuna aurkitu dut eta, estatistikoki, «zentzugabe» hitza gailendu da beste guztien artean. Horrez gain, noiztik behar du hizkuntza batek logo bat? Gustuak gustu, inork ez dio tankerarik ere hartzen, zein izan ote litekeen txantxangorri hori plazaratzeko arrazoi estrategikoa. «Zer esan ganorazkorik ez badaukazu, kantatu zerbait», dio publizitate munduko lelo zahar ezagun batek, eta bakarren batek aipatu dit gomendio hori aintzat hartuta sortua izango dela, beharbada, gure papogorria.

Funtsean, gure marka indartzeko nori zer (eta nola) esatea komeni zaigun kalkulatzea besterik ez da estrategia. Esaten errazago, ondo egiten baino. Sormenik distiratsuenak ere ez du deus balio, aurrez estrategia behar bezala landu ez bada. Eta eskarmentuz dakit horixe dela dugun gabeziarik nabarmenena: gurean oro har, eta euskalgintzan bereziki.

Gure txantxangorriak ere horretan du herrenik nabarmenena, horrexegatik ez dakit zer onura ekar diezaiokeen euskararen markari. Jendeak garunean dituen (edo ez dituen) karpeta gisakoak dira markak. Arreta-ekonomiaren gizartean bizi garenez, gutako bakoitzak karpeta asko izaten ditu, baina karpeta bakoitzaren barruan oso item gutxi dago: marka horri hautematen dizkiogun ezaugarri bereizgarri gutxi batzuk baino ez (hiruzpalau edo, guretzat garrantzitsuenak direnak). Markak ez dira berez sortzen. Ahalegin handia, ildo estrategikoekiko koherentzia erabatekoa, eta denbora asko behar dira gure hartzaileen garunean geure markari dagokion karpetan komeni zaizkigun ezaugarriak sartzeko.

Horrela sortuak dira munduan diren marka indartsu ezagun guztiak. Euskara, aldiz, badirudi zernahi izan daitekeela: amona xaharra zeneko garaia ondo gogoan daukat. Tarteko agerkariak bazter utzita, oraindik orain birus kutsakor bihurtu ziguten. Eta baita aire-aire lelopeko haizagailu ere...

Eta zer, txarrak al dira ba metafora (ateraldi, burutazio) horiek guztiak? Estetikari dagokion galdera baldin bada, nahiago nire iritzia neuretzat gorde. Komunikazioaren ikuspegitik, berriz, ezin argiago eta argiago daukat: bakoitza ona balitz ere, denon artean osatzen duten komunikazioa penagarria da, aldrebeskeria latza, estrategia jakinik gabeko txantxa gorria.]]>
<![CDATA[Alferrikako gauzen zerrenda gizentzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/021/001/2016-01-16/alferrikako_gauzen_zerrenda_gizentzen.htm Sat, 16 Jan 2016 00:00:00 +0100 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/021/001/2016-01-16/alferrikako_gauzen_zerrenda_gizentzen.htm gurra basoan, egunez ilargia eta itsasoan euria. Beste hiru ere aipatzen dira behin edo behin. Bat, bitxi samarra, atsotitzen testuinguruan behintzat: gizonezkoen titiak. Beste biak, ziur asko gerora gehituak: aberatsaren indarra eta pobrearen arrazoia.

Munduan mundutar izateko bide bakarra tradizioa ezagutu eta gure gaurko premietara konplexurik gabe egokitzea baita, alferrikako gauzen zerrendari beste bi ale (edo, nahiago bada, item) eransteko proposamena egitera nator gaur: fundazio-patronatuak kultur egitasmoetan eta aholku batzordeak non-zernahitan. Zori onez edo txarrez, dezenteko eskarmentua izan dut nik bietan ala bietan.

Politikariek izan ohi dute horrelako erakundeetan agintea, baina jainkoek guarda nazatela egitasmoak oztopatu eta zapuztearen errua haiei egoztetik.

Hastear dugun 2016ko kultur hiruburutza, jakina denez, Donostiari dagokio, eta badirudi azken aldian, oso baina azken aldian, mamiari lehentasuna emateko aukera izan dutela. Bidean, ordea, zenbat denbora, diru eta kemen ez ote da alferrik galdu(arazi)? Eta, ondorioz, zenbat jende baleko (eta baletik gorako) ez ote da, oztopoak oztopo ideiak hala ere aurrera ateratzeko ahaleginean erre, edo alferrikako prozedura formal antzuetan ito? Eta hor dago Tabakaleraren ibilbide luzea (ezen ez oparoa) ere (orain txukunago ari dela dirudien arren, alor batzuetan behintzat). Non daude alferrikako gastu tzar horien erantzuleak?

Bertsiorik baikorrenean, honela izaten dira gauzak: norbaitek egitasmo interesgarri bat aurkezten du, eta hura aurrera ateratzeko fundazio bat sortzen da; fundazioa kudeatzeko, berriz, patronatu bat, sarri alderdien arteko oreka (edo adar) jokoan katramilatuta dena lardaskatzen duena. Are okerragoa da fundazioa egitasmo garbirik gabe sortzen denean, non edo han txabola (eraikin) zabal ederren bat sobratua geratu delako edo...

Fundazio-patronatuena negargarria da; aholku batzordeena, berriz, barregarria. Dozena erdi bat aholku batzorde ezagutzen ditut barrutik, eta beste hainbeste zeharka. Zuzenean ezagutzen ditudanen artean, euskararenak dira batzuk (Jaurlaritza, Donostia...), eta kulturarenak besteak. Euskararenak bazter utzita, kulturaren aholku batzordeei helduko diet hemen.

Izenak izen, horrelako bitan izan naiz partaide. Aurrena, Jaurlaritzako Kultura Saila EAJren esku zegoenean. Miren Azkarate buru zela, Ramon Zalloren egitasmoa gauzatzen ahalegin handia egin zen han, kulturaren alor gehienak inplikatuz. Gero, PP eta PSEren arteko Jaurlaritza osatu zenean, Blanca Urgell izendatu zuten sailburu, eta hark Antonio Riveraren esku utzi zuen legegintzako kultur politikaren ildo nagusiak zedarritzeko ardura.

EAJrenarekin kritiko samarra izan nintzen ni bere garaian, baina ondoren etorri zena jarrera kritiko hartaz damutzeko modukoa izan zen: lau urte, aurrekoek landutako dokumentuetan singularrak plural bihurtzen: Kultura ordez, kulturak; Herria ordez, hiritarrak; Plana ordez, proposamenak...

Kultur politikak izan litezke onak edo txarrak, gustukoak edo ez. Kultur politikarik txarrena, ordea, agintaldiro aldatzen dena da. Kulturak (eta hezkuntzak) epe luzeko planak eta jardunak behar dituzte, norabide aldaketa sarriak noraeza baitakar beti. Hauteskunde garaian esanak esan, bi alor horietan jarraikotasun gutxieneko bat hitzartzeko gauza ez diren politikariek ezagun dute kultura eta hezkuntza paratuak dituztela, buru-buruan, alferrikako gauzen euren zerrendan.]]>
<![CDATA[Hitzak eta hortzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/019/001/2015-12-19/hitzak_eta_hortzak.htm Sat, 19 Dec 2015 00:00:00 +0100 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/019/001/2015-12-19/hitzak_eta_hortzak.htm
Aristotelesek sekulako ekarpena egin zion mendebaldeko filosofiari, eta horrixe zor dio bi mila eta hirurehun urte igarota ere batere apaldu ez den ospe itzela. Bere aldiko bururik argiena izanda ere, ordea, bere aldiaren kume eta jopu da beti gizakia, eta arlo askotako ekarpen harrigarriekin batera arlo askotako pitokeria galantak ere utzi zizkigun filosofo greziarrak (denean eta beti geniala ezin izan!).

Aristotelesen pitokeria horietako bat, hauxe: emakumeek gizonek baino hortz-hagin gutxiago dituztela. Dedukzio bidez iritsi zen ondorio horretara: emakumea, izatez, hiritar petoaren eta jende izatera ere iristen ez den esklaboaren arteko kate maila galdu halako bat da; ahulago izanik, odola meheago du gizonak baino, eta gorputz tenperatura apalagoa; beraz, gizonak baino hortz-hagin gutxiago izan behar, nahitaez.

Arrazoibide txukuna, premisak ontzat hartzeko modukoak balira. Hori esan zuenerako, jakintzaren guru erabatekoa zen Aritoteles, eta jendeak itsu-itsuan sinetsi zuen andreen hortz-haginen kontua. Luzaroan ez zitzaion inori otu maixuaren esana zalantzan jartzea.

Norbaiti harrigarria gertatuko zaio hain erraz egiaztatu (edo gezurtatu) daitekeen kontua nola irentsi litekeen horrela. Aristoteles bera birritan ezkondua zen, baina beste edonork ere aski zuen inguruko emazteki baten hortz-haginak kontatzea, filosofoa oker zegoela frogatzeko (horretarako baimena lortzea erraza ote den, horixe ez dakit nik, ez naiz eta inoiz inoren hortzak zenbatzen saiatu). Kontuak kontu, inork ez zuen hortzen kontaduria egiteko lanik hartu.

Hauteskunde kanpaina honetan sarri etorri zait burura filosofia ikasten ari nintzela gogoan iltzatuta geratu zitzaidan pasadizo (peri)patetiko hori.

Azken lau urteotan, erabateko gehiengoa baliatuz, Espainiako erresuman ongizatea kimatzen, ustelkeria gizentzen eta frankismoaren espirituari lustrea ateratzen aritu direnak ongizate gizartearen bermetzat aurkezten zaizkigu orain. Inkesten arabera, badirudi jendeak sinetsi egiten diela, gainera; antza, boterean denari dena barkatzen zaio hegoalde (z)urrun hartan. Nola ulertu, bestela, Prestige itsasontziaren isuriak «plastilina izpi ziztrintzat» jotzen eta 2011ko martxoaren 11ko atentatuak ETAri egozten setatu zena presidente izatera iritsi izana, eta orain kargua berritzeko aukerak izatea?

Egia esan, boterea eskuratzeko arriskua duten beste alderdi espainiarrak ere ez zaizkit suziriak jaurtitzen hasteko modukoak begitantzen, baina txarren artean ere graduak daude, eta aukeran zuhurragoa dateke txar zahar ziurra baztertu eta balizko txar berriari txanda ematea. Klima aldaketaren kontra gaude, baina giro aldaketaren alde.

Euskal Herria ia desagertu egin da estatu espainiarreko eztabaidetan (Txirritarena, akaso: «errespetua guardatu zuten / beldur ziraden artean»). Gurean, berriz, oro har deseroso atzeman ditut nik Hegoaldeko hautagaiak (Espainiako sukurtsal huts ez diren alderdietakoak, behintzat), lehiatu nahi ez eta hala ere lehiatu beharraren arteko talkan edo.

Bistan da ez dugula asko aurreratu Aristotelesen garaitik: atzo ttunttun, gaur ere ttunttun...

Emakumeak hortz-hagin kopuruan (ere) gizonon berdin direla egiaztatzea bezain erraza baita, azken batean, politikariek hauteskunde garaian diotena sinesteko modukoa den (edo ez) erabakitzea.

Tratulari ezinago kaxkarrak ginateke, kuanto, saldu nahi diguten astoaren hortzei erreparatu ordez saltzaileen hitzetan fidaturik egingo bagenu erosketa.]]>
<![CDATA[Ehun eta ehun, berrehun]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/021/001/2015-12-05/ehun_eta_ehun_berrehun.htm Sat, 05 Dec 2015 00:00:00 +0100 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/021/001/2015-12-05/ehun_eta_ehun_berrehun.htm
Begien bistakoena (eta nire aburuz garrantzitsuena), paralelismoan oinarritutako egitura da. Egia da paralelismoa bigarren mailako baliabide poetiko-erretorikotzat jotzen dutela batzuek, baina, gero ikusiko dugunez, arrazoibide gisa oso eraginkorra izan liteke. Hori gutxi balitz, metonimia ere ikasi du gure poeta berriak, horko «ikurrin» hori «euskal usaina duen edozer» edo horrelako zerbaiten ordez baitago hor (gauzaren ordez, haren sinboloa).

Hitzez hitz esaten dena baino gehiago esatea da poesia, eta hori hagitz ongi lortzen du Esparzak. Bestalde, kontuan hartu UPNko presidenteak ehun egun pasatxo besterik ez dituela oraindik egin oposizioan, eta auskalo noiz dastatu zuen orain hurrena deserri horren garratza. Astia behar du, horixe da dena, eta nire aldetik, Kavafisen mailara iritsi ahal izateko adina denbora opa diot orain dagoen atakan, politikari txarra baino kaltegabeagoa baita poeta kaxkarra.

Formulazio poetikoak, ordea, arrazoibide ustelak mozorrotzeko erabiltzen dira sarri. Esaterako, pentsatzen duguna gordin esanez gero barregarri geratuko ginatekeela ohartzen garenean, mami ustela formulazio distiratsuan ostenduta emanez gero entzuleek gure mezu iruzurtia inozo-inozo irentsiko dutelakoan. Bide batez esanda: publizitatean, propagandan (eta baita kazetaritzan ere), irudiak antzeko funtzioa betetzen du sarri.

Esparzaren kasuan, egingo nuke honelako zerbait zuela buruan: «Nafarroa ostu digun Gobernu Basko honi ikurrina eta kontu identitarioak bakarrik interesatzen zaizkio. Bazter guztietan ikurrina jarri behar hori dela eta, oihal asko erosi behar izan dute, eta horretarakoxe igo dituzte zergak. Gainera, ikurrina begien bistan ikusi nahi ez dugun benetako nafarron (hots, bozak boz niretzat nafar gehienon) askatasuna bidegabekiro zapuztu dute, nonahi eta noiznahi ikurrina ikustera behartuta».

Horrexegatik sartu zaigu orain poeta, bere amorrua eta ezin ikusia gordin adierazi izan balitu bi urteko umeek ere barre egingo liotekeelako muturrera. Nire «itzulpena» ez da xalo-xaloa ere, baina, ziriak ziri, nekez uka daiteke «ikurrin gehiago, zerga gehiago eta askatasun gutxiago» leloan espresuki ageri ez dena dela garrantzitsuena: ikurrinaren eta zorigaitzen arteko kausa-ondorio erlazioa. Zorigaitz guztiek (zergek eta askatasunik ezak), diosku poetak, kausa bat bakarra dute Nafarroan: euskal izurrite malapartatua.

UPN agintean izan den bitartean zer egin duen kontuan hartuta, Esparza jaunak hobe zukeen Xabier Leteren harako «isilik egoteak zenbat balio dun» hura aintzat hartzea. Bide batez, oposizioan egunak luze baitira, euskara ikastea ere ez letorkioke gaizki, etsaiak zer dioen jakitea komeni delako beti. Jakin beza, halere, gaztelaniaz isilik egotea ere berdin-berdin estimatuko diogula.

Nafarroa aireberritzen ari den seinale dira Esparzarena bezalako zaunkak, eta nahi badu segi dezala lasai horretan. Nik neuk, berez Astigarragari dagokion atsotitza proposatzen dut, Nafarroan piztu den ilusioa adierazi eta aldarrikatzeko: «Ehun ta ehun, berrehun, ta biba Nafarroa!»]]>
<![CDATA[Sasiak laino, lainoak sasi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/026/001/2015-11-21/sasiak_laino_lainoak_sasi.htm Sat, 21 Nov 2015 00:00:00 +0100 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/026/001/2015-11-21/sasiak_laino_lainoak_sasi.htm
Behialako sorgin haiek erratza nola, nik bizikleta hartzen dut ahal bezain sarri hankartean, bizi naizen hirian, Donostian, batetik bestera ibiltzeko. Neure buruari ez ezik, herkideei, hiriari, ingurugiroari eta are planeta osoari ere mesede egiten niolakoan nengoen orain arte.

Gure (h)agintariek onartu berri duten araudiak ireki dizkit begiak: izurrite beldurgarria da bizikleta, trafikoan dugun arazorik larrienenetakoa. Horregatik erabaki dute eskura dituzten arma guztiak haren kontra erabiltzea.

Originaltasun erakustaldi ikusgarrian, isuna hautatu dute arma nagusitzat: espaloian bizikleta gainean doanari, isuna; bidegorrian ibili arren kasko bidez musika entzuten ari denari, isuna; lastertasun muga ezinago ezinezkoak (orduko 5 kilometro!) gainditzen dituenari, isuna. Urriaren 12an (ederra eguna!) ekin, eta lehen hilabete honetan egunean 8,7 isun jarri omen dituzte, batez beste, Donostian: ez dira beti hain sutsu aritzen, ez.

Bidegorri kilometro mordoa daukagu aukeran, Donostian, Gipuzkoan, Euskadin eta Euskal Herri osoan; lehen baino askoz hobeto gaude, dudarik gabe. Donostian, kanpotarrei inbiria eragiteko moduko bidegorri puskak dauzkagu: Aietekoa, munduko zabalena, hor nonbait; Kontxakoa, ikuskizun paregabea eta guzti, eta, oroz gain, Amara eta Antigua lotzen dituen tunela, koroaren harri bitxi distiratsua...

Koxka, ordea, zera da: bidegorrira iristea (edo bidegorri zati batetik bestera igarotzea) odisea dela sarri. Guk, esaterako, Antiguan bizi garenez, Kontxako bidegorria baliatzen dugu hiribarrenera joateko. Horra heltzeko, baina, kilometro erdi inguru daukagu ahal den bezala pasatu beharra.

Nola, ordea? Aukera bat, bidegorrira bide gorritik joatea da, errepidetik. Isun festa antolatu dutenek probatu ote dute inoiz Donostian errepidetik ibiltzea zer den? Nahi dutenean, gonbidatuta daude, nirekin inkognito etorri eta osteratxo bat egitera: autozaleen aldetik dozena erdi bat irain eta beste hainbeste eraso jasan gabe ordu bete egiten badugu, nire kontu tragoak eta pintxoak.

Bigarren aukera, bizikletaz bai, baina ahal den lekutik joatea da, baita espaloian barrena ere noski (orain, 50-90 euroko isuna). Hirugarren aukera: bizikleta eskutan hartuta joatea bidegorrian sartu arte (bizpahiru umerekin joanez gero, plan bikaina). Azkenik, etsi-etsian bizikletak autoan sartu eta bidegorriraino autoz joatea ere badago (baina bizikletaz ibiltzeko autoa hartzea ez da parte oneko kontua).

Politikoki polita denez, boladan dago bizikleta goraipatzea, baina hirian bizikletaz ibili zaleok aurki lurpean ibiltzen hasi beharko dugu martxa honetan, eta han ere larri ibili metroak izatea lehentasuna. Erratz gaineko sorginak su-metan erretzen zituzten; bizikleta gainekook, berriz, sasi guztien azpitik eta laino guztien gainetik ibiltzera kondenatu nahi bide gaituzte, Jesus Mari Mendizabal adiskide bizar-gorri ohiari zor diodan esapidea erabiltzearren.

Isunka-lizunka aritu partez, Zurich-eko parke batean aspaldi ikusi genuen oharra izan liteke irizpide egokia, bidegorrirako ez ezik baita bide gorrirako ere: «Hemen, traba egiten ez duen guztia da zilegi».

Elkarrekin bizi da Donostia 2016ko lelo nagusia. Ez dago noski bidegorrietarako pentsatua, baina, horrelako kontu txikietan aplikatzen asmatu ezean, nekez asmatuko dugu gatazka gaitzetan aplikatzen, eta hori da hiriburutzaren funtsa eta xede nagusia, ala?]]>
<![CDATA[Fokupeko esperpentoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/001/2015-11-07/fokupeko_esperpentoak.htm Sat, 07 Nov 2015 00:00:00 +0100 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/001/2015-11-07/fokupeko_esperpentoak.htm
Europar Batasunak eta Greziak Atenasko aireportuan antolatu berri duten esperpentoari dagokio argazkia, jakina. Goi mailako hizlari gehiago ere bazen, Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentea guztien buru zela. Horrez gain, bigarren eta hirugarren mailako hizlariak, bakoitzaren jarraigoa eta enparauak, guztira 40 bat lagun. Hizlariek beirazko atril batetik egin zituzten beren mintzaldiak, atzean hiru amonen argazki erraldoia zutela.

Siria eta Irakeko infernuetatik ihesi Greziara iritsitako 30 errefuxiaturi agur esatea zen ekitaldi esperpentiko haren ageriko helburua. Hitzaldien ostean, hizlariak errefuxiatuen haurrak besarkatzen aritu ziren, argazki eta bideo kameren fokupean.

Greziara iritsitako errefuxiatuak milaka baitira, ez da harritzekoa sare sozialetan (eta baita zenbait hedabidetan ere) ekitaldi lotsagarri horren kontrako iritzi zorrotz mordoa plazaratu izana. Tsiprasek berak aitortu zuen «ozeano zabalean tanta bat» baino ez zela 30 errefuxiatuei Luxenburgon bizilekua eskaintzearena, baina horixe zela noski bidea.

Tanta bat izanik ere, hiru aste pasatxo behar izan ditu Europar Batasunak 30 horiena antolatzeko, atera hortik kontuak noizko emango dion ganorazko erantzuna errefuxiatu eta etorkinek osatzen duten ozeanoaren tragediari.

Nik «esperpento» deitu diodan horri «tragikomedia» deitzen zion Angel Errok osteguneko bere zutabean. Errok dioenez, tragediaren osteko generoa izan da beti tragikomedia. Gustatu zitzaidan ekarpena, Angelen zutabeetan beste gauza asko eta asko bezala.

Niri, hala ere, tragikomedia horren baitan dagoen albo tragediara joaten zaizkit begiak eta gogoa. Hots, milaka errefuxiaturen artean kasualitatez (edo nik ezagutzen ez dudan arrazoiren bat dela medio) katastrofetik libratu diren 30 lagun horiengana. Pozik dirudite irudietan, baina ez dute kontzientzian karga makala hartu izango, nik uste.

Antzeko sentipena izan nuen duela aste batzuk, Osama Abdul Mohsen errefuxiatu siriarrarekin eta Zaid haren semearekin. Hungaria eta Serbiako mugan zihoan Abdul, Zaid besotan zeramala, poliziaren ihesi, Petra Laszlo kazetari andreak zangotrabatu eta eraitsi zuenean. Irudi lazgarri haiek berehala barreiatu ziren munduan, eta horri «esker» Madrilen dira gaur egun aita-semeak, familiako gainerako kideak noiz etorriko zain. Bernabeu futbol zelaian ikusi nituen hurrena, irribarretsu, baina irribarre haien ostean ere tragediaren marka ikusten nuen nik, zangotrabatu ez zituztelako salbatu ez zirenen zamak eragindakoa.

Osama eta Zaid, fokupean suertatu izanak salbatu zituen hondamenditik. Atenasko 30ak, berriz, auskalo zer dela eta salbatu izanak ekarri ditu fokupera. Nolanahi ere, tragikomediatik sortutako tragedia baten hasiera sumatzen dut nik, hedabide gehienek happy end gisa aurkeztu dizkiguten bi irudiotan.

Aylan Kurdi, Turkiako hondartza batean hilik agertu zen hiru urteko ume siriarrena, berriz, tragedia, tragikomedia, esperpento eta gainerako genero guztien gaindi dago. Harentzat berandu iritsi ziren fokuak, eta hil ondoren izan duen ospeari salbazio postumoaren usain ustela hartzen diot nik, horrelakorik ez dagoela badakidan arren, edo hain zuzen horrexegatik.]]>
<![CDATA[Aldez aurreko porrotak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/019/001/2015-10-24/aldez_aurreko_porrotak.htm Sat, 24 Oct 2015 00:00:00 +0200 Joxerra Garzia https://www.berria.eus/paperekoa/1955/019/001/2015-10-24/aldez_aurreko_porrotak.htm
Bartzelonarako trena eta Txirritak aipatzen duena, hor nonbaiteko lastertasunez ibiliko ziren: Txirritarena «goizean irten Irundik, eta / iluntzerako Madrila» iristen zen; gurea, berriz, iluntzean abiatu Irundik, eta goiza ondo argituta heltzen zen Bartzelonara.

Ausarkeria hartatik oroitzapena besterik ez zait geratzen: ez argazkirik, ez jaialdiko afixarik, ez hari buruzko dokumenturik... ezeren deusik ez. Alde ederreko atarramentua, haur jaio berriaren lehen putza hamaika argazki eta hamalau bideotan jasoa geratzen den garaiotakoarekin alderatuta.

Internetari eta Lleidako funtzionari jator batzuei esker jakin berri dut 1976ko urriaren 23an izan zela kantaldi hura, eta entzuleak seiehun bat izan zirela. Antza, han kantatu beharrak sorrarazi zidan izuaren arabera kalkulatu izango nuen nik entzule kopurua, hamar bat milaren aurrean kantatu genuelakoan bainengoen.

Diario de Lérida egunkariak ateratako kronika ere helarazi didate aipatu funtzionario jatorrok. Hasieratik igartzen zaio kazetariari nazionalismoaren kontrako herra, eta berehala ateratzen du horren araberako ondorioa: Galeusca hura porrot erabatekoa izan zen, berak aurrez uste (eta desio) bezala, jakina.

Kronika hori irakurri arte, garbi samar neukan apurra, hauxe: Maria del Mar Bonet tarteko zela, eta Euskadiren ordezkari Jon Bergaretxe eta gu aritu ginela. Gu, Herrezpalak (Herri-ezpalak), alegia: ni neu eta Iñaki Ugarte Irungo adiskidea, nire gitarra txartxoa beste musika laguntzarik gabe.

Sekulako larria sortu zitzaidan Bonet eta haren talde jendetsuaren emanaldia entzutean: erakustaldi haren ostean nola atera jendaurrera gitarra soilarekin? Etxamendi eta Larrralderen kantuez gain, guk geuk sortu edo itzul-moldatutakoek osatzen zuten gure errepertorioa. Mamiz indartsu, doinuz eder, baina interpretazioaren aldetik motza zen gurea, eskasa.

Izututa, zera erabaki nuen: gu kantari hasi baino lehen, jendeari astia eman behar geniola Boneten bandaren sonoritateaz ahazteko. Testu bat idatzi, eta Bartzelonan ikaskide izandako lagun bati eman nion, katalanera itzul zezan. Oholtzara igo, eta hamar bat minutuko mitina egin nuen, jendea sutu eta Maria del Marrez ahazteko haina denbora igaro zela iruditu zitzaidan arte.

Espainiako bandera errepublikano asko zegoen entzuleen artean, eta horixe hartu nuen nire mintzaldiaren ardatz. Ondo zegoela, esango nuke esan nuela, Errepublika zale izatea, baina, berez, nazio hainbat errepublika sortzea zela helburua...

Sekulako txalo zaparrada jo ziguten, eta orduan hasi ginen gu kantari: Non dira gure lagunak, Oriol, Mendiz joan nintzen ihesi, Hantxe Ibardingo mugan...

Diario de Lérida egunkariko kronikan oso tarte txikia eskaintzen digute Euskadiren ordezkari izan ginenoi. Nahikoa, hala ere, hamaika aldiz hanka sartzeko:

«Ian Bergareche (sic) eta Hegaraz-Palat (sic) bikotea hain izan ziren euskaldun, ezen deskuidatuta ere ez zuten Cervantesen hizkuntzako hitzik erabili. Egiazki, Ian Bergareche (sic) areago izan zen mitinlari kantari baino».

Ia berrogei urte geroago ere hemen gabiltza, monarkia eta Espainia handi bakarraren erresuman nazio hainbat errepublika aldarrikatzen. Eta orduan bezala, hedabide gehienek, Diario de Lérida bihurtuta, gure porrota aldarrikatzen dute, aldez aurretik. Zer gura, hura ikusten baitu jendeak, bai lehen eta bai orain.]]>