<![CDATA[Joxerra Senar | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 17 Sep 2019 12:51:53 +0200 hourly 1 <![CDATA[Joxerra Senar | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Bihurguneak igarota]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/008/001/2019-08-28/bihurguneak_igarota.htm Wed, 28 Aug 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/1872/008/001/2019-08-28/bihurguneak_igarota.htm
Sakanan gertatzen ari denaren ispilu izan liteke Sunsundegui. Orain industria horretako enpresak lanez gainezka badaude ere, krisiak gogor jo zuen bailara. Altsasun (Nafarroa), enpresa askok ateak itxi zituzten. Besteen aldean, abantaila bat izan zuen Sunsundeguik. Mende erdi baino gehiagoko enpresa enblematikoa izanik, Nafarroako Gobernua sartu zen tartean, 1980ko hamarkadan egin bezala. Sodena arrisku kapitaleko sozietatearen bitartez, 35 milioi euro inbertitu zituen, eta, erosleen bila aritu bazen ere, azkenean Juan Ignacio Murillo enpresaburuak gidatutako zuzendaritza taldearen (%51) eta langileen (%49) esku utzi zuen.

Zuzendaritza, egiazko jabe

Partaidetza horrekin, zuzendaritzaren kontrolpean geratzea bermatu zuen, eta urteotan horretaz kexatu dira bere garaian akzioak erosi zituzten langileak. «Urte horietan ez zitzaigun aukera utzi kooperatiba gisa edo lan sozietate moduan aritzeko. Agian ez zen bideragarria izango, baina ez zen utzi ere egin», kritikatu du Oscar Telletxeak, langileen batzordeko presidenteak (LAB). Haren ustez, «iruzurra» izan zen hura. Batzordea hilero biltzen da zuzendaritzarekin enpresaren nondik norakoak jakiteko, eta urtero kontuen berri ematen zaie langileei. «Tramite moduko bat da».

Formula egokia izan edo ez, enpresak bilakaera ona izan du urteotan, batik bat nazioartean. «Estatuko merkatua ez atzera ez aurrera dago», dio Telletxeak. Europa, Asia eta Afrikako hamasei herrialdetara esportatzen du Sunsundeguik, eta, Volvo txasisen hornitzaile nagusi den heinean, ekoizpen handia ziurtatu du. Hala ere, MAN edo Scaniarentzat ere egiten du lan.

Bi herrialde nabarmentzen dira esportazioei dagokienez: batetik, Dubaiko errepide eta garraioen arloko agintaritzak hiri garraiorako 373 autobus egiteko kontratua izenpetu du Sunsundeguirekin. Bestetik, NTA Irlandako Garraio Agintaritzari 150 autobus salduko dizkio, eta Ipar Irlandako Translink enpresari, beste 120.

Abenduan, hauteskunde sindikalak egin zirenean, 350 langile zituen enpresak, eta, egun, bostehun inguru ditu. Produkzioaren erritmoa bikoiztu egin da, eta, lan eskari handi horri erantzuteko, ehundik gora kontratazio egin dira. Langile berriak sartu ahala, prestakuntza jaso behar dute, eta egokitu egin behar dira. Behin-behineko kontratua egiten zaie, baina, baliagarri suertatuz gero, enpresak finko egiten ditu. «Lan hitzarmenean aurreikusia genuen baino kontratu finko gehiago egin dira», dio Telletxeak.

Urteetan, sindikatuak kexatu egin dira Sunsundeguiko fabrika zaharkituta zegoelako eta ez zituelako betetzen lan segurtasunaren araudiak. Azken bi urteotan zazpi milioi euro inbertitu ditu lantokia berritzeko eta zabaltzeko. Nafarroako Gobernuak foru intereseko inbertsio izendatu zuen iaz.

Horrekin batera, produkzio sistema moldatzen ari dira. «Trantsizio batean gaude, eta egokitu egin behar dugu produkzio hazkunde horretara. Antolamendu arazo batzuk daude». Telletxearen arabera, langileen batzordeak ondo ikusten du egokitzapena, betiere langileen lan baldintzak hobetzen diren neurrian.

2017an sinatu zuten lan hitzarmena LABek, UGTk eta CCOOk: metalgintzako hitzarmenaren gainetik soldatak igotzea lortu arren, «oraindik hobetzeko asko» dagoela deritzo Telletxeak. Batzordeak errelebo kontratuak izenpetzeko eskatu zion zuzendaritzari, eta hark oraingoz ez dio jaramon egin.

Halaber, sindikatuek uste dute alde handia dagoela langile berrien eta zaharren artean, eta «lan osasunean ere» asko dago egiteko». Krisia atzean utziagatik, hobekuntza hori lan baldintzetan islatzea nahi du, funtsean, langileen batzordeak.]]>
<![CDATA[Gobernu egitura handiagoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/009/001/2019-08-20/gobernu_egitura_handiagoa.htm Tue, 20 Aug 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/1872/009/001/2019-08-20/gobernu_egitura_handiagoa.htm
Adibidez, Barkosenak 22 zuzendari nagusi zituen, eta Txibiterenak 33 izango ditu. Horietako gehienak (26) jada izendatu dituzte egunotan, baina oraindik zazpi falta dira. Goi kargudun kopurua handitu bada ere, horrek ez du esan nahi UPNren garaietan egitura handiagoak ezagutu ez dituela Nafarroak. Adibidez, Miguel Sanzen azken legealdian (2007-2011) 38 zuzendari nagusi zituen gobernuak, eta Yolanda Barcinak PSNrekin gobernu koalizioa osatu zuenean, 33 zuzendari nagusi zituen, oraingoaren moduan. Hain zuzen ere, koalizio gobernu hark lehen neurri gisa nabarmendu nahi izan zuen egitura murriztea lortu zutela eta herritarrentzat aurrezpena lortu.

Ordu hartan, Barcinak eta Roberto Jimenezek gerrikoa estutu izanagatik harro agertu baziren ere, datuek erakusten dute egitura txikieneko gobernua Barkosena izan dela. Ezin esan liteke eraginkortasunari begira gaizki funtzionatu duela, alderantziz baizik. Barcinaren garaiko gobernuarekin alderatuz gero bederen, planifikazioari eta kudeaketari dagokionez hobeto funtzionatu du.

Orain, berriz, krisi garaiko argudioak agortu direla ematen du, eta gobernu berriak bestelako arrazoiei heldu die egituraren handitzea justifikatzeko. Aurreztea jada ez da lehentasuna; hiztegitik desagertu da kontzeptua.

Gobernuaren arrazoiak

Inbestidurako hitzaldian Maria Txibite lehendakariak erabilitako diskurtsoaren ildotik, Javier Remirez bozeramaileak arrazoitu du «Nafarroako gizarteak dituen erronka handiei erantzuteko gobernu egitura egokitu» duela. Erronka horien artean daude migrazio politikak, berdintasuna, klima aldaketa eta ingurumenaren zaintza, ekonomia zirkularra eta lurralde kohesioa. Hala, Ramirezen aburuz, horregatik sortu dituzte departamentu berriak: hala nola Migrazio Politikak eta Justizia; Lurralde Kohesioa; Lurralde Antolamendua, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoak; eta Unibertsitateak, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala. «Hori guztia gizarte osoari itzuliko zaio garapenaren, aurrerapenaren eta gizarte kohesioaren bitartez. Inbertsioetan eta baliabide publikoen kudeaketan eraginkor jokatuko dugu», nabarmendu du Remirezek.

Bestela pentsatzen du EH Bilduk. Gobernu egitura jakin eta berehala, salatu zuen antolamendua «erabat neurriz kanpokoa» dela. «Nafarroako gizarteak ez du merezi halako gastu eta neurrigabekeriarik jasatea», kritikatu zuen prentsa oharrean. Gobernuko eledunak adierazitakoaren kontra, gobernua osatzeko negoziazioetan alderdien artean boterea banatzeko asmoei erantzun die egituraren handitzeak. «Botere beharrari soilik erantzuten dio». Horregatik, berehala parlamentuan galderak egingo dizkio gobernuari horrek guztiak izango duen gastua neurtzeko: «Justifikaezinak diren diru xahutzeak eragotz ditzala eta gobernu antolaketa herritarren beharrei erantzutera egokitu dadila».

Izan ere, gobernuak oraindik ez du argitu zenbateko kostua izango duen goi egitura horrek, eta, aurrekoarekin alderatuta, zenbateko igoera esan nahiko duen. Parlamentuan egindako galderetan, EH Bilduk hori azaltzeko eskatu dio gobernuari. Galdetu dio ere ea aurtengo aurrekontuetatik nondik aterako duen dirua igoera hori finantzatzeko.

Akordio programatikoan jasota dagoenez, departamentuetako egiturak aztertuko dituzte «funtzioen bikoizketak saihesteko». Halaber, administrazio publikoaren lege berri bat landu nahi dute, administrazioaren egitura aztertzeko eta karguak hautatzeko sistema berritzeko.]]>
<![CDATA[Txinparta ez da erabat itzali]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2044/032/001/2019-08-17/txinparta_ez_da_erabat_itzali.htm Sat, 17 Aug 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/2044/032/001/2019-08-17/txinparta_ez_da_erabat_itzali.htm
Ondoren, ohar bat bidali zuten talde horietako ordezkariek, azaltzeko nahiago izan zutela balkoitik plazara jaistea: «Festen hasiera hau baliatzen dugu ahotsa emateko Burlata herria kultura arloan bizia eta aberatsa izan dadin lan egiten duten kolektiboei». Halaber, borroka feminista aldarrikatu nahi izan zuten, eta bereziki gogoan izan zituzten indarkeria matxistaren ondorioz herrian hil dituzten bi emakumeak (Jeanella Zaruma eta Blanca Marques). Hain justu ere, atzo eguerdian omenaldi bat egin zen Francisco Zubiate plazan aurten hil dituzten emakumeen oroimenean.

Suziriaren polemikaz harago, Ana Gongora Navarra Sumako alkateak herri mugimenduko beste jarduera batzuetan ere esku hartu nahi izan du. Gongorak ekitaldi batzuk egitarau ofizialetik atera egin ditu. Haren hitzetan, «ETAko presoen omenaldiekin zerikusia duten jardureak dira, eta beste batzuk, gaztetxeak antolatuak». Ekitaldiok «arazoak eragin ditzakete», Gongoraren arabera, eta Espainiako Gobernu ordezkaritzari eman dio horien berri, eta isunak egon daitezkeela ohartarazi.

Jaien erdialdean

Iragan hauteskundeetan lehen indarra izateak eta PSNk beste indarrekin hitzarmenik egin nahi ez izateak alkatetza ziurtatu zion Ana Gongorari. Hala ere, bost zinegotzirekin, ez du gehiengo osorik, ezta hurrik eman ere -EH Bilduk eta PSNk launa dituzte, Burlata Aldatuz taldeak bi, Ahal Dugu-k eta Geroa Baik bana-. Hala ere, gainerako alderdien iritziaren kontra hartu ditu erabakiok Gongorak. Ahal Dugu-ren arabera, «diktadura bateko jarrera» hartu du alkateak.

Polemikaren txinparta horiek guztiak itzali ez badira ere, ez dute festa oztopatu. Honezkero, erdialdera iritsi dira jaiak, eta beste hiru egun geratzen dira amaitzeko. Jai orotan bezala, protagonistetako bat buruhandi eta erraldoien konpartsa da. Aurten, 50 urte betetzen ditu. Egunero ateratzen dira kalera, txikienen gozamenerako; baina biharkoa berezia izango da. Lehenik, goizean kalejira egingo dute udalbatza txikiarekin batera, Haurren Eguna izango baita. Ondoren, arratsaldean, 18:30ean, beste kalejira bat egingo dute, San Joan kaletik Larrañeta plazara. Han, egun berezia ospatuko da.

Janak ere badu garrantzia. Gaur, Ermitaberri ikastetxean, kultur aniztasunaren eta migrazioaren alorrak bultzatuta, kuadrillek arroza prestatuko dute, hainbat jatorritako kultura eta gustuen arabera. Etzi, berriz, Kalderete Eguna izango da. Izena emateko hamabost euro jarri behar dira. Oraindik bada gozatzeko aukera.]]>
<![CDATA[Maria Txibiteren «traizioa»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/008/001/2019-08-16/maria_txibiteren_traizioa.htm Fri, 16 Aug 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/1872/008/001/2019-08-16/maria_txibiteren_traizioa.htm
Duela lau urte ere antzera gertatu zen. Aldi hartan, Ainhoa Aznarez orduko Parlamentuko presidentea joan zen omenaldira, eta «irainak zein mehatxuak» jaso izana salatu zuen. Osatu berri zen gobernuak ordezkaririk bidali ez izana kritikatu zuen UPNk. Hilabete geroago,Uxue Barkos Leitzan (Nafarroa) ETAk hildako guardia zibil baten omenaldira joatean, alargunak Barkosi aurpegiratu zion hara joan izana.

Ondorengo lau urteen hitzaurrea izan zen hura. Gobernuak, bake eta bizikidetza zuzendaritzaren bidez, ETAren biktimen aitorpena ez ezik polizia indarkeriaren biktimena ere bultzatu nahi izan zuen. Biktima batzuek ez zuten hori gustuko, eta «ETA zuritu» nahi izatea leporatu zioten, UPNrekin eta PPrekin bat eginez.

Gatazka iaz iritsi zen punturik gorenera. Gobernuak ETAren biktimen omenez egin zuen ekitaldiaren kontra agertu ziren. AVT elkarteko presidenteak bat egin zuen omenaldiarekin, eta salatu zuen biktima horiek aukera politiko baten alde ari zirela. Hitzok soka luzea ekarri zuten, eta haren ondotik sortu zen Anvite.

Orain, gobernua osatu eta berehala, elkarte horrek Barkosen gobernuaren kontra erabilitako arrazoiak erabili ditu orain Txibiteren aurka. Bi ohar plazaratu zituzten: bata uztailaren 30ean eta bestea atzo. Euren aburuz, ETAk indarkeria alboratu izanak eta antolamendua bera desegin izanak «ez du esan nahi helburuei uko egin dietela eta erakundeak baldintzatu nahi ez dituztela». Elkarte horren arabera, «iragan terrorista zuritu nahi dute instituzioetan tokia izateko, eta horrek arriskua dakar, hori ikusten ez dakienarentzat edo ikusi nahi ez duenarentzat». EH Bilduri ETAren «gaitzespen irmoa» exijitu diote.

Adierazpenon ondotik, Berriozarko omenaldia izan zen. Vecinos por la Paz taldeak antolatzen du, eta hango eledun Maribel Vals «harrituta» agertu zen «beti biktimen alboan izan den PSNk» orain bizkarra erakutsi dielako: «ETAren aldekoen aurka egon beharrean haien atzaparretan erori da. Benetan laidogarria eta umiliagarria da». Aurreko legealdian, Nafarroako Gobernuaren aurka egin ziren manifestazioetako baten antolatzaileetako bat izan zen Maribel Vals.

Hitzok zein Anviterenak oihartzuna eragin dute. Herenegun, Javier Remirez gobernuko eledun eta presidenteordeak nabarmendu zuen biktimei «errespetu gorena» dietela. Remirezen arabera, Txibiterekin batera urtero izan da Casanovaren omenaldian, eta ez dute hitz txarrik zuzendu nahi edo memoriaren erabilerarik egin nahi: «Ondare eta balio kolektibo bat da memoria». Hausnartzeko eskatu zuen ea halako adierazpenek «elkarbizitzaren alde egiten ote duten» eta ea egokia den halakorik egitea ETAren biktima baten omenaldian.

Gogoan taldea, «kezkatuta»

Polemikaren harira, Gogoan memoria duinaren aldeko elkartea «kezkatuta» agertu da Berriozarren gertatutakoagatik, eta irainok «sobera» daudela uste du. Urteetan enpatia falta sufritu ostean, orain gizartearen elkartasuna piztu behar dela deritzo. Gogoan elkartearen ustez, ETAren biktimen auzia «konfrontazio politikorako» erabiltzen da. «Terrorismoaren biktimak oroitzeko saihestu egin behar dira intolerantzia, iraina eta modu txarrak».

Martin Zabalza gobernuko bake eta bizikidetzako zuzendari berriak txalotu egin ditu hitzok. Asteon eman da haren izendapenaren berri, eta, horregatik, Foro Sozialak ongietorria egin zion Zabalzari, Twitterren. «Elkarbizitza demokratikoaren legealdia izan beharko luke honek. Elkarrekin bidea egiteko borondatea dugu, askatzeke diren korapiloei irtenbidea emateko».]]>
<![CDATA[Glovoren aurkako lehen salaketa jarri du LABek Nafarroan]]> https://www.berria.eus/albisteak/169904/glovoren_aurkako_lehen_salaketa_jarri_du_labek_nafarroan.htm Mon, 12 Aug 2019 09:03:24 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/albisteak/169904/glovoren_aurkako_lehen_salaketa_jarri_du_labek_nafarroan.htm <![CDATA[Askatasunaren gailurra xede]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1946/006/001/2019-08-11/askatasunaren_gailurra_xede.htm Sun, 11 Aug 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/1946/006/001/2019-08-11/askatasunaren_gailurra_xede.htm Mila egun, mila mezu mila muxu kanpaina abian jarri zuten. Sakanaren eta Euskal Herriaren bihotzetik liburuxka bat atera zen, eta datozen egunetan herriz herri elkartasun mezuak bilduko ditu. Azken helburua da zazpi gazteak espetxetik atera eta askatasunaren gailurrera heldu ahal izatea.

Urriaren 15ean hiru urte beteko dira Altsasun (Nafarroa) gazte batzuek liskarra izan zutela taberna batean bi guardia zibilekin eta euren bikotekideekin. Covitek salaketa jarri eta terrorismo delitua egotzita, Auzitegi Nazionalak hartu zuen kasua. Epaiketa iazko apirilean egin zen, eta, Carmen Lamela epaile instruktorearen argudio nagusia baliogabetu bazuen ere, epaimahaiak zigor gogorra ezarri zien zortzi gazteei: bi urteko zigorrarekin Ainara Urkijok espetxea saihestu zuen, baina beste zazpientzat bederatzi eta hamahiru urte arteko zigorrak ezarri zituen. Aurten, Auzitegi Nazionaleko Apelazio Auzitegiak berriro aztertu zuen auzia, baina epaia bere horretan utzi zuen. Fiskalak ontzat jo zuen, baina defentsak Auzitegi Gorenera jotzea erabaki du, eta hark berriro gaia aztertuko du irailaren 18an.

Egun hori gogoan, atzo, goizean goiz, Unanun, ehunka pertsona bildu ziren Beriainera igotzeko asmoz. Euren artean zeuden gazteen guraso eta lagunak. Laino artean, gorantz egin zuen adin guztietako lagun talde handi batek. Eguerdian, San Donatoko ermitaren inguruan ekitaldi bat egin zuten. Lehenik, Mila egun, mila mezu mila muxu zioen pankarta zabaldu zuten.

Ondoren Bel Pozuetak hartu zuen hitza, eta «bidegabekeria eta astakeria hori» behingoz amaitu dadila eskatu zuen. «Hori izango da gure gailurra». Gurasoen izenean, Bel Pozuetak nabarmendu zuen preso diren euren semeak harro egon behar direla herriak egin duen lanarekin. «Ikus dezatela ere jende horri esker, zuei esker, gailur horretara iristen ari garela. Adin guzietako zenbat pertsona ari diren euren ekarpena egiten askatasunaren eta justiziaren aldeko borrokan».

Beriaingo tontorretik abiatuta, talde batek elkartasunaren liburua hartu, eta mendiko bizikletetan Urbasako Santa Marinaraino eraman zuen, handik parapentean jaisteko. Azkenik, irristailuekin eta oinez 20:00etan Altsasuraino heldu ziren. Ordu horretan egin zen gazteen askatasunaren aldeko elkarretaratzea.

Atzo abiatu zen kanpainaren lehen geltokia izan zen. Asmoa da liburu horrek Euskal Herria zeharkatzea, bertan gazteen aldeko mezuak biltzeko. Gainera, herritik igaroko ez balitz ere, edozein tokitan antzeko ekintzak egitera eta ondoren argazki bidez sare sozialetan jartzera deitu dute #AltsasuakoakAske traola erabiliz.

Elkartasuna Katalunian

Atzo bertan Bartzelonan, 20:00etan, Katalunia plazan, elkarretaratze bat egin zuten. Euskal Herritik kanpo, beste hainbat tokitan izan du oihartzuna gazteen aldeko aldarriak, baina horien artean, batik bat Katalunia nabarmendu da. Fiskalaren zigor eskaera neurrigabeak eta Auzitegi Nazionalaren azken erabaki gogorrak elkartasuna piztu du, eta Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketarekin gogoratu dira kataluniar asko.

Atzo, Quim Torra Kataluniako presidenteak euskaraz gazteen aldeko mezua idatzi zuen Twitterren: «Ez zaituztegu ahazten. Berehala aske uztea exijitzen dugu. Elkartasuna adierazi nahi diegu beraiei eta beraien familiei eta Euskal Herri osoari». Gabriel Rufian ERCko diputatuak gogoan izan zuen zazpi gazte daudela espetxean, «guardia zibil bati orkatila hausteagatik». «Mundu guztiak daki Palencian gertatu izan balitz etxean leudekeela», gaineratu zuen. Oriol Junqueras espetxean bada ere, bere Twitterreko kontuak gogoan izan zuen efemeridea.

Arnaldo Otegik ere idatzi zuen, eta «harrituta» agertu zen hainbat agintari «isilik» daudelako auziaren inguruan. Ahal Dugu-ko Mikel Builek salatu zuen Altsasuko auziaren erabilera politikoak «etekin politiko arriskutsuak» eman dizkiola eskuin muturrari, eta auzi horri heldu zaiola Nafarroa estatu auzi bihurtzeko asmoz. Builen ustez, «bidegabekeria judizial» bat da, eta espero du Europako epaitegiek arrazoi ematea, nahiz eta inork ez dizkien itzuliko egun horiek guztiak gazteei.]]>
<![CDATA[Herriak eman dio hauspoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2044/027/001/2019-08-10/herriak_eman_dio_hauspoa.htm Sat, 10 Aug 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/2044/027/001/2019-08-10/herriak_eman_dio_hauspoa.htm
EH Bilduk hirugarren agintaldia du Agoizko udal gobernuan, baina ekainaren 15az geroztik udal talde berria dago. Hartara, jaiok «bereziak» izango dira Angel Martin Unzue alkatearentzat zein Corerarentzat. «Gogoz, ilusio handiz eta apur bat urduri» dago Corera, baina antolakuntzari dagokionez, «ia-ia %100» prest topatu dute dena; izan ere, lan asko aurreratuta utzi du aurreko udal taldeak. Aurtengo jaiek 91.404 euroko aurrekontua dute, eta herena musika emanaldietarako izango da. Udalaz gain, beste hainbat jarduera eta emanaldi antolatu dituzte herriko Angiluerreka elkarteak eta Txinparta gazte mugimenduak.

San Miguel Abesbatza

Aurten, San Miguel Abesbatzari egokitu zaio suziria botatzeko ardura, 75 urte bete baititu. Azken urteetan, Kultur Gunearen bitartez, herritarrei festetan parte hartzeko eta erabakiak hartzeko aukera ematen diete, eta gune horretan aho batez erabaki dute ohore hori abesbatzari ematea, egindako lanaren aitortza gisa. «Arrazoirik ez da falta, ibilbide luzea baitu». Urteurrenean murgilduta, kontzertu ugari ematen ari dira. Festetan, asteartean, ahots lodien kontzertua eskainiko dute: «Halakorik ez zen egiten duela urte asko, eta aurten berreskuratuko dute».

Suziria bota aurretik, udalean hainbat sari banatuko dira. «Lehenik, kartel lehiaketen sariak emango ditugu, eta, ondoren, urte osoan lorpenak izan dituzten pertsona edo kolektiboak sarituko ditugu, gehienbat Agoitzen izena Nafarroan, Euskal Herrian edo kanpoan zabaltzeagatik». Aurten, Irati SA enpresari buruzko proiektuaren egileak eta Agoizko istorioak erakusketa landu dutenak omenduko dituzte. Aitortza berezia izango dute hainbat kirolarik.

Hain zuzen, kirolak badu garrantzia egitarauan. Gaur, bi pilota partida jokatuko dituzte, 18:00etan, Toki Eder pilotalekuan. Lehena, emakumeen eskuz binakakoa (Naroa eta Maite vs. Andrea eta Olatz); bigarren partidan, gizonezkoen eskuz binakakoa izango da, Elezkano II.a eta Ladis Galarza pilotariak Jaka eta Martijaren aurka arituko dira. Sarrerak 17 eta 22 euro artean salduko dira.

Musika egongo da jaiaren erdigunean. Coreraren ustez, azken urteetan eman den aldaketetako bat da. «Gero eta gehiago» bermatu nahi dute herriko taldeen zein elkarteen presentzia. Agoiztarren eskuetan egongo da zuzendari makila, hortaz. Adibidez, gaur joko duten DJak bertakoak dira, baita asteazkenean 20:00etan kontzertua eskainiko duen Simplex taldea ere. «Pozgarria da herriko talde batek jotzea, gehienbat gazteentzat».

Halaber, Agoizko txistulariak, gaiteroak eta Txaranga Iraunkorra arduratuko dira festetako ekitaldi nagusietan musika jartzeaz: adibidez, gaur txupinazo osteko kalejiran parte hartuko dute, baita biharko prozesioan ere, eta asteazkenera bitarte egingo diren beste ekitaldi askotan.

Udalbatza txikia

Gazteek, zaharrek eta haurrek, nork bere eguna izango dute festetan. Txikiei dagokienez, udalbatza txikia antolatzen da, alkate eta guzti. «Txupinazo txikia ere egiten dugu, eta gero eta garrantzi handiagoa ematen diegu. Ez da mugatzen haurren egunera, eta urtean ere hainbat ekitalditan parte hartzen dute», azaldu du Corerak. Adibidez, jaien azken egunean udal nagusia eta txikia elkarrekin joan ohi dira kalejiran.

Aurten ere berdintasunean oinarritutako jaiak bultzatuko dituzte. Astebete lehenago tailer eta hitzaldi batzuk egin dituzte, jai berdinzaleak eta errespetua sustatu asmoz. Sexu eraso bati nola aurre egin jakiteko protokolo bat ere ezarria dute, eta informazioa banatzen dute tabernarien eta ostalarien artean. «Berdintasunezko eta sexu erasorik gabeko jaien alde egiten dugu».]]>
<![CDATA[«Arduraz eta ilusioz», hartu dute jada kargua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1873/004/001/2019-08-08/arduraz_eta_ilusioz_hartu_dute_jada_kargua.htm Thu, 08 Aug 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/1873/004/001/2019-08-08/arduraz_eta_ilusioz_hartu_dute_jada_kargua.htm
Nafarroako jauregiko aretorik dotoreenean, Tronuaren Aretoan, egin zuten zin. Gobernuaren egituraren barruan bi presidenteorde izango ditu gobernuak: bata, Maria Txibiterekin batera ibilbide politikoan bat egin duen Javier Remirez, eta bestea, Geroa Baikoa, Jose Maria Aierdi. PSNk zortzi kontseilari izango ditu, guztira; Geroa Baik, lau, eta Ahal Dugu-ko Eduardo Santosek Migrazio Politikak eta Justizia. Zin egiteko orduan, kontseilarietako zazpik —Geroa Baikoek, Eduardo Santosek eta PSNko Elma Saizek eta Santos Indurainek— ele bitan egin zuten. Besteek, gazteleraz.

Tramite hori amaituta, Txibitek hitz batzuk egin zizkien. Ana Ollo eta Manu Aierdi kontseilari izan dira aurreko gobernuan, eta Jose Mari Aierdi Nasuvinsa sozietate publikoko zuzendari. «Oso lagungarri izango zarete besteok egunean jartzeko eta ahalik eta azkarren lanean has gaitezen». Gainerako kontseilariei argi esan zien «ikasteko eta elkarri laguntzeko» daudela. Hain zuzen ere, akordio programatikoa izango dute bide orri. «Beraz, mahai gainean izateko eskatzen dizuet, erabakiak hartzeko ere, zailtasunak datozenean».

Kontseilarien lehen hitzak

Ondoren, banan-banan hitz egin zuten kontseilariek kazetarien aurrean. Txibiteren hitzak gogoan, Ana Ollok gogoan izan zuen hasiera «oso gogorra» izan ohi dela administrazioa barrutik ezagutu behar delako. Horregatik, «laguntza guztia» emateko gertu azaldu zen. Herritarrekiko Harremanetako departamentua kudeatuko du Ollok, eta haren baitan Europako politikaz, hizkuntz politikaz eta bake eta bizikidetzaz arduratuko da. Hala ere, azken arlo horretako zuzendaria PSNk izendatuko du. «Ilusioz hartzen dut kargua, bigarren agintaldia delako eta lau urteotako politika askori jarraipena emango diogulako».

Javier Remirez presidenteordeak Lehendakaritza, Barne eta Funtzio Publikoko departamentua izango du. Trafiko eskumena leheneratzeko asmoa du, «Espainiako Gobernurekin batera». Urriaren 31n Pedro Sanchezek hitzeman zuen eskumen hori itzuli behar zitzaiola Nafarroari, baina oraindik ez da gauzatu. Polizien Legea garatzea dagokio ere Remirezi, baina «poliki» joan nahi du.

Hain zuzen, lau urteotan Beaumontek bere gain izan dituen hiru atal kudeatuko ditu. Laugarrena, Justizia, Eduardo Santosek izango du. Alta, bere departamentuaren berritasuna Migrazio Politika da. «Erronken artean daude pertsona migranteak Nafarroako gizartean integratzea, euren ekarpen positiboari erreparatuz, eta nola barneratu zerbitzu publiko guztiak pertsona horiei laguntza emateko», azaldu zuen.

Oraindik ez dute esan nor izango den bozeramailea. Beste presidenteordea Jose Mari Aierdi izango da: Lurralde Antolamendua, Etxebizitza eta Proiektu Estrategikoak izango ditu bere gain. Etxebizitzaren plan estrategikoa aurrera ateratzeko asmoa du.

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria da. Aurrean dituen gaietako bat amatasun baimenen zerga kenkariaren afera da. Txibitek 2014tik 2018ra arteko kenkariak itzultzea promes egin zuen hauteskunde kanpainan, baina beste bazkideak, aurreko legealdian, neurriaren aurka zeuden. Beste erronken artean, aipatu ditu 2020ko aurrekontuak prestatzea edo hurrengo bost urteetarako ekarpenaren kalkulua (2020tik 2024ra).

Manu Aierdi, berriz, politika ekonomikoaz arduratuko da: «Gauza asko daude egiteko, eta erronka ugari. Nafarroako etorkizuna epe motzean baina bereziki epe luzean kudeatu behar dugu». Orain arte esku artean izan duen herri lanen ardura hartuko du Bernardo Ziriza sozialistak. Haren hitzetan, Nafarroako Ubidearen bigarren faseari ekin behar dio gobernuak, eta «prestazio handiko trenarekin» jarraitzeko asmoa du. Ekonomiarekin erlazioa duen beste departamentua Berrikuntza eta Eraldatze Digitalaren Saila da. «Ezin ditugu begiak itxi, eta zenbat eta lehenago eraldatze digitalari aurre egin, orduan eta hobeto», azaldu zuen Juan Cruz Cigudosa kontseilariak. Gobernu barruan «gerra emateko» gertu azaldu zen.

Unibertsitateen ardura ere izango du Cigudosak, baina Hezkuntzaz Carlos Gimeno arduratuko da. PSNko parlamentari gisa, gogor jo zuen aurreko legealdian Maria Solana Hezkuntza kontseilariaren aurka. «PSNk orain gobernu honen lehendakaritza badu, gizartearen aurrean eta parlamentuan egin duen lanagatik du. Hori oso argi dut. PSNk Hezkuntzaren ardura badu, lan horregatik da». Gaur bilduko da lehen aldiz gobernu kontseilua.]]>
<![CDATA[Esanahi bereziko unea eta ekitaldia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1947/002/001/2019-08-07/esanahi_bereziko_unea_eta_ekitaldia.htm Wed, 07 Aug 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/1947/002/001/2019-08-07/esanahi_bereziko_unea_eta_ekitaldia.htm
Hauteskunde gauetik 73 egun iragan dira, eta, negoziazio prozesu luzea amaituta, politikari asko oporretan izango dira aurki. Irailean, legealdi zailari aurre egin beharko dio gobernu berriak, 23ko gehiengo sinplea besterik ez baitu. Dena den, hori guztia heldu aurretik, erakundeetara heltzeak berezko dituen tramiteak bete behar dira. Atzo, lehendakariak karguaren zina egin zuen, eta, gaur, hamahiru kontseilariek gauza bera egingo dute.

Atzo goizean, Parlamentuaren kanpoaldean atariko foruzainak dotore zeuden jantzita, eta hainbat pertsona garrantzitsuren joan-etorriak zein bizkartzainen presentziak aditzera ematen zuen ez zela ohiko eguna. Sarasate pasealekuan, herritarrek kuriositatez begiratzen zuten ikuskizuna.

Eraikin barruan, atari handian, Nafarroako gizartearen ordezkari ugari zeuden: hiru unibertsitateetako errektoreordeak; UGT, CCOO eta EHNEko idazkari nagusiak; Iruñea, Erriberri, Zangoza eta Tuterako alkate eta alkateordeak; hainbat gizarte elkarteetako ordezkariak —Unicef, Gurutze Gorria, Anfas, Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundea...—. Ordezkaritza politikoari dagokionez, hutsune batzuk deigarriak izan ziren. Lehendakari ohien artean, Uxue Barkos eta Juan Cruz Alli soilik joan ziren, eta UPNren agintaldietako azken bi presidenteak ez ziren agertu. Aldiz, Parlamentuko presidente ohi eta UPNko sortzaile Javier Gomara, 95 urterekin, han izan zen.

Ekitaldia hastear, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Uxue Barkosen eskutik sartu zen aretoan. Atzetik, Maria Txibite zihoan, Jose Luis Abalos PSOEko Antolamendu idazkaria, Luis Planas Espainiako jarduneko Elikadura ministroa eta Unai Hualde Parlamentuko lehendakaria alboan zituela.

Nafarroako ereserkiak eman zion hasiera ekitaldiari. Protokoloak gidatu zuen erabat, eta oso formala izan zen. Nahiz eta Hualdek Parlamentuari «nafarren etxe» eta «hitzaren tenplu» deitu, atzokoak herrikoitik oso gutxi izan zuen. Hori bai, Hualdek konpromisoa azaldu zuen legebiltzarreko ateak gizarteari ireki eta gardentasunean aurrera egiteko, Ainhoa Aznarezek ekindako bidetik.

Euskara, tantaka

Hala ere, atzoko protagonista nagusia Txibite bera izan zen. Lau legealdi egin ditu parlamentuan —dena den, 2011ko legealdian berehala eserlekua utzi zuen Senatuko ordezkari gisa—. Atzo, gazteleraz zin egin zuen lehendakari kargua. Amaieran, eskerrik asko soilik esan zuen euskaraz. Inbestidura egunean egin bezala, akordioaren eta aniztasunaren garrantzia azpimarratu zituen. «Nafarroa plurala eta zabala da, eta hori balio handi bat da. Horregatik, pentsatzeko, sentitzeko, bizitzeko eta maitatzeko modu guztiak errespetatuko ditut. Horrelakoak baikara, eta horrelakoak izan behar baitugu aurrerantzean ere». Halaber, nafar guztien lehendakari izateko eta interes orokorraren mesedetan aritzeko konpromisoa agertu zuen.

Hala, tantaka bada ere, euskarak izan zuen tokirik. Maiorga Ramirez Parlamentuko idazkariak Barkosen kargua eteteko dekretua euskaraz irakurri zuen, eta Unai Hualdek hitzaldia ele bitan egin zuen. Iruñeko Orfeoiak Benito Lertxundiren Erribera euskaraz kantatu zuen, eta, ekitaldi amaieran, Salvador Ruiz de Lunaren El Roncalés, gazteleraz. Amaitzeko, Duguna taldeko dantzari batek aurreskua dantzatu zion.

Ekitaldia amaituta, sendiaren agurra jaso zuen Txibitek. Ordezkari sozialisten artean poza zen nagusi. Gaur kargua hartuko duten kontseilarietako asko ere ekitaldian izan ziren.]]>
<![CDATA[«Oraintxe, ez dut beldurrik: guztiz fidatzen naiz PSNrekin»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1882/003/001/2019-08-07/oraintxe_ez_dut_beldurrik_guztiz_fidatzen_naiz_psnrekin.htm Wed, 07 Aug 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/1882/003/001/2019-08-07/oraintxe_ez_dut_beldurrik_guztiz_fidatzen_naiz_psnrekin.htm
Bi hilabete iragan dira hauteskundeetatik. Zer gogoeta egin duzue emaitzez?

Batetik, Pedro Sanchezen eta sozialismo berriaren presentziak eragin handia izan du. Gobernu euskaltzale bat izan arren, Espainiako komunikabideen atzaparra nabaritu da. Bestetik, Ahal Dugu jaitsiko zela espero nuen, baina ez horrenbeste. Gainera, Uxue Barkosen gobernuak komunikazioan huts egin du. Tamalgarria da, lehendakaria bera kazetaria delako. Komunikazioa ez dugu behar beste landu. Uste genuen jendeak ez zituela komunikabide batzuek saldutako gezur horiek erosiko, baina erosi egin ditu. Hala ere, boto kopuruan gora egin dugu.

Emaitza horiek esku artean, zergatik ekin diozue bide honi?

Hirugarren geratu ginelako, eta bigarrenari egokitzen zitzaion lehen bultzada hori. Halaber, gure apustua betidanik gobernu aurrerakoia bultzatzea izan da, eta lehen gauean Uxue Barkosek esan zuen Geroa Bairen konpromisoa zela gobernu aurrerakoi, plural eta iraunkor baten alde egitea. Gu aritu gara gure ahaleginak egit en PSN laguntzen, gure ideologia alde batera utzi gabe.

Zer zailtasun egon dira?

Akordio programatikoa aurrera ateratzeko ez dugu arazo berezirik izan. PSNk aurkeztutako testua aurrekoaren ildotik zihoan neurri handi batean, eta gure programatik hartutako hainbat gauza ere agertzen ziren. Onartu ez diren gauzak Ezkerrarekin eta Ahal Dugu-rekin izan ditugu gehiago. Adostasuna handia izan da PSNren eta Geroa Bairen artean.

Zailtasun gehiago izan al ditu azken faseak, gobernu osaerak?

Arazotxoak izan dira, baina horiek ere gainditu ditugu. Jendeak oraintxe esaten digu lau kontseilari bakarrik ditugula. Nik zera erantzun ohi dut: Geroa Baik ez du ezer eskatu; aldiz, badu zer eskaini. Eskaini dugu gure lana eta esperientzia. Adibidez, Nafarroa osoak zekien sozialistek bakarrik egingo balute gobernu bat Manu Aierdi berekin eramango luketela. Edo Erakundeekiko Harremanen Departamenduan izan dugu desadostasunen bat, baina, azkenean Ana Ollok izango du, eta hizkuntza politika bere esku egongo da. Bake eta bizikidetza arloan, zuzendari orokorra PSNk izendatuko du, baina departamentu barruan dago.

Gobernu barruan egoteko apustua egingo duzue. Arriskuak hartzen ari al zarete?

Bai, edozein erabaki hartzean, alde positiboak eta negatiboak hartzen dituzu kontuan. Erantzukizunez erabaki dugu gobernuan egotea. Apustu bat da, Nafarroa oso plurala delako, eta horrek esan nahi zuen hor egon behar genuela. Ez genuen nahi PSNk bakarrik gobernatzea.

Nola dago zuen arteko konfiantza?

Begira, aurreko egunean sozialistei aitortzen nien lau urteotan ez dugula aurrerapauso handirik egin geure arteko konfiantza sakontzen. Baina goazen lau urte atzera. Zer-nolako konfiantza zegoen kide izan garenon artean? Batzuekin zertxobait, beste batzuekin gutxi eta besteekin ia deus ez. PSNrekin bazegoen nolabaiteko mesfidantza, baina, kartak mahai gainean jartzean, ikusi dugu fida gaitezkeela elkarrekin.

PSN iraganetik aldendu dela dirudi. Zenbateraino da euren apustua serioa?

Nik ere mesfidantza hori neukan. Oraintxe, ez dut beldurrik: guztiz fidatzen naiz PSNrekin. Adibidez, gauzak ez zihoazen batzuek eskatzen ziguten abiaduran, eta pentsatzen genuen, Madrilen gertatzen zenaren arabera, hemen ere gauza bera gertatuko zela. Txibitek, Ramon Alzorrizek eta Santos Cerdanek esaten ziguten gauza bat dela Madrilgoa, eta beste bat hemengoa. Geure burua hori sinestera behartzen genuen, eta egia izan da. Konfiantza lanean sortzen da, elkarlanean.

EH Bildu baztertu nahi izan du. 23ko gehiengo bat dago. Zer gertatuko da betoarekin?

23k ez du gehiengorik ematen. Bildukoei esan genien guretzat eurak direla lehen bazkideak, baina Bildu baztertzea PSNren erabakia izan da. Dirudienez, horrela gertatu da, eta hari zegokion gobernua adosteko eta gehiengoak lortzeko lidergoa. Bakoitza da norberaren erabakien erantzule. PSNk bere erantzukizuna du Bildurekin ez hitz egiteko. Bilduk bere erantzukizuna izango du hemendik aurrera.

Hala ere, EH Bilduk bide eman dio gobernu honi. Zer iruditu zaizue erabaki hori?

Politika erresistentzia lasterketa bat da, eta batzuetan emozioetan oinarritutako erabakiak hartzera bultzatzen zaituzte. Zuhurtziaz jokatu behar da, eta EH Bilduk hala egin du. Argi daukat erabaki batzuk Bilduren onespena izango dutela, eta beste batzuk ez.

Euskararen kasuan, zer lortu nahiko duzue?

Aurrerapauso nabariak egin dira lau urteotan, zarata ikaragarria izan da, eta ez diogu zarata horri erantzuten jakin, ez genion behar adina erantzun. Urratsik esanguratsuena administrazioan euskararen erabilera arautzen duen dekretua da, eta urtebete eman dugu ikusteko zer eragin duen herritarren artean eta administrazioan. Horren arabera ikusiko dugu aurrera egin, gelditu edo atzera egin. Espero dut atzera ez dugula egingo, baizik eta aurrera.

Navarra Suma oposizioan geratu da berriz. Krisia izan dezake.

Ez dakit zer gertatuko den, baina Nafarroarentzat txarrena litzateke elkarrekin jarraitzea ikusita zer diskurtso atzerakoia duten. Ziurrenik, Esparzak tentazioa izan du koalizioa hausteko, eta UPNren 15 eta PSNren 11 parlamentariekin historiako akordioei jarraipena emateko. Ez dut alderdi sozialista joko horretan ikusten. Leialtasunez jokatuko dugunez denok, ez diot inolako arriskurik ikusten.]]>
<![CDATA[«Aralar borroka armatuagatik sortu zen, eta arrazoi beragatik desegin zen»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1899/012/001/2019-08-04/aralar_borroka_armatuagatik_sortu_zen_eta_arrazoi_beragatik_desegin_zen.htm Sun, 04 Aug 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/1899/012/001/2019-08-04/aralar_borroka_armatuagatik_sortu_zen_eta_arrazoi_beragatik_desegin_zen.htm
Nola hasi zinen politikan?

Enpresa metalgintzakoa zen, eta sektore hura zen langileen borrokaren abangoardia. Grebak oso indartsuak ziren. 16-17 urterekin hasi nintzen Liga Komunista alderdi troskistan. Han elkartu nintzen Ramon Contrerasekin, Patxi Urrutiarekin... Aurretik prestakuntza jaso behar zen, eta urte oso bat egon nintzen begirale batekin, ikasten. 18 urterekin sartu nintzen alderdian.

Zein zen zure egitekoa?

Gazte Komunista langileen elkartea sortu genuen, eta Berriozarren 40 militante lortu genituen. Troskismoaren oinarrietako bat entrismoa zen: helburua zen erakunde sozialdemokrata batean sartzea eta barrutik eraldatzea. Halaxe, UGTn sartu ginen, eta hasieran lortu genuen sindikatu osoa kontrolatzea, baina, trantsizioarekin batera, alderdi sozialista indartuz joan zen. Ni Gabriel Urralburuk pertsonalki bota ninduen, oraindik fraide zenean. Oso bitxia izan zen. Batzarrean geundela, idazkari nagusi izateko Julian Rezola Potasaseko langile bat proposatu zuten. Hitza hartu nuen, eta adierazi nien nolatan proposatzen zuten haurrak galbidera eramaten zituen gizon hura. Jarraian, Urralburuk ni berehala sindikatutik kanporatzeko eskatu zuen. Bozkatu, eta bota egin ninduten. Horrela amaitu zen nire karrera UGTn.

UGT aipatu duzunez, maiz aipatzen da garrantzi berezia duela PSNrekin duen harremanean.

UGT sindikatu bat da, jakina, baina erdibidean dago, sistemaren, enpresaburuen eta PSNren artean. Haien zerbitzura dagoen instrumentua da. Haren jokoa izan da beti Nafarroako erregimena finkatzea, eta enpresek beste sindikatuen aurka egiteko erabili dute. Beti izan da prest joko horretarako.

LKIko militante gisa, German Rodriguez ezagutu zenuen?

Bai. 78ko Sanferminak Gogoan taldearen inguruan mugimendu handi bat sortu da, eta jende asko dago bertan. Ez du zerikusirik garai hartako kontuekin. Oso gutxi ginen. Ikusten baduzu Germanen argazki erakusketa, hiru argazkitan azaltzen naiz: batean, hilotza eramaten; beste batean, bandera komunista batekin; eta azkenekoan, pankarta batean aurrean. Horrek esan nahi du ez ginela hainbeste. Eraso hura astakeria bat izan zen, baina garai hartan erlatibizatu egiten genuen. Garai hartan, hildakoak edozein unetan eta edozein tokitan zeuden.

Herri Batasunan sartu zinen 80ko hamarkadan, eta 1995ean utzi zenuen. Zergatik?

Nafarroako Herri Batasunan prozesu bat hasi genuen, 1993-1994 aldera. Orkoien izendatu genuen, han egin genuelako lehen batzarra. Aldarrikatzen genuen HBko politika nafartu egin behar zela. Geroago etorri zen lurralde bakoitzak erabaki ahalmena eduki behar zuela, bere erritmoekin, baina gure proposamena hamar urte lehenago egin genuen. «Honaino iritsi zarete», esan ziguten. Ondoren, Oldartzen txostenaren eztabaida etorri zen. Nafarroako mahai osoa kontra geunden, eta negoziatu genuen uztea. Jarraian, Patxi Zabaletaren proposamena etorri zen, eta osoko zuzenketa egin zion txosten hari. Proposamen pertsonala zen, baina bidea egiten hasi zen hura izan zen Aralarren hazia.

HB utzita, zer egin zenuen?

Txalapartan ibili nintzen, entziklopediak saltzen, ETAren entziklopedia barne. Halako batean, Txalapartak eskatu zidan ea gai izango ote nintzen entziklopedien argitaletxe bat sortzeko. 20 milioi eman zizkidaten, eta enpresa bat antolatu nuen Andoainen. Aralar izena jarri nion, Aralar alderdia sortu aurretik. Gerora, zurrumurruak sortu ziren horren inguruan, baina zin egiten dut halabehar hutsa izan zela izenarena! Hala ere, hura ez zen nire bokazioa, ez eta nire gaitasuna ere, baina, orain garai hartako entziklopedia haiek hartzen badituzu, irakur daiteke: «Editore: Txentxo Jimenez». Enpresa hura oso errentagarria zen, baina desberdintasunak izan nituen Josemari Esparzarekin, eta euro baten truke saldu nuen enpresa.

Lizarra-Garazi hautsi ondoren, Aralar, barne korronte bat izateari utzi, eta alderdi bihurtu zen.

Onartu behar da Patxi Zabaletak mantendu zuela, Herri Batasuna barruan, oso jarrera kritikoa borroka armatuarekiko. Ez naiz gai esateko ea printzipio moralagatik zen, baina, ezagutu dudan geroztik, argi zuen eragozpen bat zela eta gure aurka bihurtzen zela. Egoera horretara iritsi baino lehenago ere aldarrikatzen zuen, eta Mahai Nazional barruan gatazka handiak izan zituen.

Ezker abertzalearen barruan garrantzi handia eman izan zaio barne kohesioa gordetzeari.

Beti erabili zen argudio hori: edozein kritika egiterakoan, edozein barne egoera arriskuan jarriz gero, ia etsaiarekin elkarlanean aritzea aurpegiratzen zizuten. Beharrezkoa zela kohesioa mantentzea, eta, kontra agertuz gero, isil-isilik alde egin, baina barruan ez zegoen inondik ere eztabaidatzerik. Publikoki are gutxiago. Hori izan zen mantra ukiezina.

Gerora bizi izan dituzu haustura gehiago, Nafarroa Bain, Aralarren... Hori izan al zen gogorrena, zauri ugari eragin zituelako?

Bai. Egoera desberdina zen. Onartzen dut, nahiz eta borroka armatuaren kontra egon, hainbat kasutan ETAren jarduera baikor ikusi izan genuela, justifikatu genuela. Denborarekin, gero eta gehiago ikusten zen ezin zitzaiola egoera hari eutsi, eta komenigarria zela behin betiko uztea. Barne egoera gogor eta itsusi bat sortu zen. Hasieran ez zegoen argi zer egin behar genuen. Sortu zen barne oposizio gisa, baina koordinatuz joan ginen, eta, azkenean planteatu genuen alde egitea. Aralarren lehen liberatua izan nintzen, 2001 amaieran edo 2002an. Kalean pintadak egin zizkidaten, baina okerragoa zen barrutik bizitakoa. Hori ez zen ikusten.

Zer ekarri zuen Aralarrek?

Izenetik hasita, berritasuna. Mendikate baten izena jarri genion alderdiari. Sortu ginen planteamendu berritzaile eta ausart batekin. Euskal Herriak egoera itxi bat bizi zuen, borobila, bakoitza bere tokian, mugitzeko aukerarik gabe. Agertu, eta erdian jarri ginen; guztia zalantzan jarri genuen.

Garai hartan hasi zen estatuaren aldetik ilegalizazioen estrategia.

Bai, baina, sakonean, borroka armatuaren auzia zegoen: borroka armatuagatik sortu ginen, eta horregatik desegin ginen.

2003an, Nafarroan lau parlamentari lortu zenituzten, eta, handik urtebetera, Nafarroa Bai sortu. Hamabost urte atzera eginda, bakoitzak bere istorioa kontatzen du. Nola izan zen?

Hura ere apustu ausarta izan zen. Gerora, baten batek esan ohi du: «zer ideia ona izan nuen». Koldo Martinezek independenteek jokatu zuten rola aldarrikatzen du, eta Koldo Amezketak EArena. Egiaz, Aralarren proposamen bat izan zen, eta kosta zitzaigun. Bakarrik EAJ zegoen konbentzituta, Nafarroan ez zuelako ezer. EAk hasieran ez zuen nahi inondik ere, eta kosta zitzaien onartzea. Hala ere, Madrilgo hauteskundeak ziren, eta ez genuen ezer galtzeko... Orain esaten da Uxue Barkos aurkikuntza handi bat izan zela, baina, egiazki, bosgarren aukera izan zen. Iñaki Perurenarengana joan ginen, gero Bittor Aierdirengana, Emilio Majuelorengana... Ez zuten nahi. Azkenean, Koldo Amezketak proposatu zigun bazela Madrilen ETBko kazetari bat, kongresua ezagutzen zuena, eta onar zezakeela. Horrela izan zen. Asmatu genuen, eta horrek politika ere aldatu zuen.

Hala ere, Nafarroa Bairentzat benetako ordua 2007an heldu zen. Foru hauteskundeetan bigarren geratu eta PSNrekin negoziazio luze eta konplexu bati aurre egin behar izan zenioten.

Orain ikusten ditudanean PSOEkoak Podemosekin negoziatzen, argi dut: ez naiz fidatzen. Niretzat, alderdi arriskutsuena PSN-PSOE izan da. UPNkoak ez dira arazo. Badakit zer diren, eskuinekoak. Salbuespenak salbuespen, harreman normalizatuak izan ditzakezu, eta ez dugu arazorik kafe bat hartzeko. Baina sozialistekin zer zaila den! Ezin zara fidatu. Ahalegindu ziren gu gidatzen.

Zein zen estrategia: eutsi, amaiera arte?

Jokoan zegoen azkenean gizarteak nori botako errua, eta argi genuen ezin zigutela guri errua bota. Gerora, UPNkoek esan zidaten benetako erabakia Mallorcan hartu zela. Antonio Catalan enpresaburua (Miguel Sanzen lagun mina) oporretan zela, belaontzi batean zehaztu zuen dena, agintari sozialista batekin. Gero bilatu zuten nola buelta eman egoerari, eta saiatu errua guri botatzen.

Atal hura itxi zen, baina argi geratu zen nor zen erruduna: PSN. Gaur ere nabari da egoera hari buelta eman nahian dabiltzala?

PSNrentzat hura izan zen bigarren kolpea. Aurretik Urralburu eta Otanorena izan zen, eta, burua ateratzeko aukera izan zutenean, hori egin zuten. Oraindik ere ordaintzen ari dira. Oraingo jokabidea desberdina da, badakitelako ezin dutela berriro ere egin. Sortutako itxaropenak zapuztuz gero, prezio garestia ordaindu behar da.

Egia da, horrez gain, 2007koaren ondoren, barne krisia ez zutela sozialistek ordaindu, Nafarroa Baik baizik. Zergatik?

Amaieraren hasiera hasia zelako. Ezker abertzalearen ibilbideari lotuta egon zen. Estrategia aldaketaren konpromisoa finkatu zenean, eta Gernikako Akordioa abian jarri, Aralarren barruan pil-pilean zegoen barne eztabaida.

2011 urte berezia izan zen, aldaketa askokoa. EA NaBaitik kanpo geratu zen, eta Bildun sartu. Aralar erdibidean geratu zen. Asmatu zenuten?

Ziur nago Nafarroa Baik aukera handiak zituela, eta etorkizuna bazuela. Ez zen kontraesana ezker abertzalearekin batera aurrera egitea, baina ezker abertzaleak bere arma guztiak atera zituen NaBairen kontra. Alde batetik, garrantzitsuena; EA euren aldera eraman zuten. Bestetik, Aralar barruan gatazka sortu. Lortu zuten. Saiatu ginen kudeatzen, eta izan nituen bilerak Txelui Morenorekin eta Juan Kruz Aldasororekin NaBai barruan sartzeko. Guztiok genekien asmo hura ez zela benetakoa.

Zer ondare utzi du Nafarroa Baik?

Nafarroa Baik garrantzi handia izan du. Utzi du ondare bat oso baliagarria. Nafarroan beti izan da oztopo handi bat EAJrik ez egotea. Nafarroak behar du EAJ bat; zenbat eta indartsuago, orduan eta hobeto.

Batzuek ez dute hori ulertuko. Zergatik diozu hori?

Zergatik du UPNk nagusitasuna zentroan eta eskuinean? Haren esparruan ez dagoelako beste identitate bat ordezkatuko duen lehiakiderik. EAJ hautsi zenean, Nafarroako EAJ guztia joan zen Carlos Garaikoetxearekin Eusko Alkartasunara, baina ez da gai izan ezer sortzeko, ezer egiteko. Bizirik iraun besterik ez dute egin. Hori arazo handi bat izan da. NaBai gai izan zen egoera gainditzeko eta apur bat zuzentzeko.

Zer iruditu zaizu azken lau urteetan egin dena?

Oso gestio ona egin da, baina oso motel joan da, eta politikoki nabarmendu gabe. Nire ustez, gauza bat da aldaketa lasai bat, eta beste bat oharkabean pasatzea.]]>
<![CDATA[23 urte geroago, PSNk du lema]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1928/004/001/2019-08-03/23_urte_geroago_psnk_du_lema.htm Sat, 03 Aug 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/1928/004/001/2019-08-03/23_urte_geroago_psnk_du_lema.htm
Herenegun bozketa 19:15ean egin zuten, eta parlamentuko araudiak behartzen du bigarren bozketa 24 orduren buruan izatera; hortaz, atzo ordu berean egin zuten bigarren itzulia. Unai Hualdek ez zuen atzerapenik nahi. Espero bezala, lehendakari izendatzeko behar zuen gehiengo soila lortu du Txibitek: PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak inbestiduraren alde egin dute, Navarra Sumak eta EH Bilduko bi parlamentarik, kontra. Azkenik, koalizio abertzalearen bost abstentzioek ahalbidetu dute Txibitek ezezko baino baiezko gehiago lortzea: 23 alde, 22 kontra.



Hala ere, nolabaiteko emozioa izan zuen bozketak. Nahiz eta EH Bilduko militanteek taldearen jarrera hori babestu, emaitza esku artean izan arte ez zegoen ziur ezer esaterik. Botoa sekretua izateak ustekabe handi baterako zalantza nimiño bat eragin zezakeen. Banaka deitu zituzten parlamentuko mahaiko kideek legebiltzarkideak. Dena den, EH Bilduk ez zion ustekabeari tarterik txikiena utzi. Saski batean bildu zituen zazpi legebiltzarkideen papertxoak, eta bakoitzak berea hartu zuen deituak izan ahala.

Zenbatzeko orduan, halabeharrak ere eman zion tentsio dosia saioari. Une oro ezezkoak hartu zuen aurrea, eta EH Bilduren bi ezezkoak ere -euskaraz idatziak- berehala atera ziren. Une batez, hamasei ezezko eta 11 baiezko zeuden bozketan. Ezinbestean, baiezko papertxoak ugaritu egin ziren, eta bi botoren faltan 21na geratu ziren. Ez zen pilota partida, ordea. Ondoren 22na, eta lau abstentzio. Azken bi papertxoek erabaki zuten dena: baiezkoa eta abstentzioa. Txibite, presidente.

Hautatua izan eta berehala, PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrako harmailetatik txalo zaparrada jaso zuen Txibitek, baita gonbidatuen artetik ere. Lehenik eta behin, Txibitek eta Barkosek besarkada handia eman zioten elkarri. Kargua hartu arte oraindik ere jarduneko lehendakari denak zerbait esan zion belarrira. Gero, hala jarduneko kontseilariek nola PSNko kideek zoriondu zuten. EH Bilduko parlamentariek ez zuten zirkinik mugitu, eta ganberaren beste aldean, estualdia pasatu zuen Esparzak. Berehala joan zen, adierazpenik egin gabe.

Zorionak jaso ahala, hunkitu egin zen Txibite. Urteotan alboan izan duen komunikazio arduradunari besarkada estua eman zion, eta bien aurpegietan ageri zen bidearen ostean helburua lortu izanaren poza eta emozioa.

Berehala hitza hartu, eta akordioagatik esker ona adierazi zien hura babestu duten lau alderdiei. Halaber, legealdira begira promes egin zuen gobernuak «elkarrizketa eta lana» eskainiko dituela. «Elkarrizketa izango dugu ardatz, Nafarroa hobea eraikitzeko eta, batik bat, elkarbizitzarako». EH Bilduko kide Adolfo Araizek eskatu zion «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko, eta «bazterketa alboratuz akordioa bilatzeko».]]>
<![CDATA[«Konfiantza eskatzen dut»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1928/002/001/2019-08-02/konfiantza_eskatzen_dut.htm Fri, 02 Aug 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/1928/002/001/2019-08-02/konfiantza_eskatzen_dut.htm
Horregatik, ordubeteko hitzaldian, elkarrizketaren eta akordio politikoaren aldeko apologia egin du Txibitek. PSNko hautagaiaren arabera, azken asteetan, Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazio prozesuak eta Espainian porrot egindako lehen inbestidura saioak agerian utzi dute adostasunak lortzen saiatu behar dela: «Gizarte osoaren interesen alde egiteko helburuarekin egin behar dira akordioak, eta ez soilik alderdien estrategia modura». Haren ustez, desadostasunak albo batera uztea nahi dute herritarrek, eta horrek exijitzen du desadostasunetan ez kateatzea. «Aitzitik, zenbaitek uste dute hitzartzea amore ematea dela, eta negoziatzea, trukean aritzea. Nik horiei eskatzen diet entzun dezatela zer dioen gizarteak».

Horregatik, lortutako itun programatikoari balioa eman nahi izan dio Txibitek: «Akordio zabala da, eta elkar ulertzeko ahalmenari esker gauzatu ahal izan da». Era berean, hautagai sozialistak goraipatu du «ezkerraren eta nazionalismoaren arteko itun bat» dela. «Ez da lehen aldia: ez Nafarroan, ez eta Espainian ere. Akordioak eraginkorrak izan ohi dira eragileak zentraltasunean kokatzen direnean eta sakoneko gaiak lehenesten dituztenean, albo batera utziz demokrazian legitimoak diren desadostasunak».

Zentraltasunaren ideia goraipatu du. Haren esanetan, izan ere, «herritar guztientzako gobernua» izango da, eta kontuan hartuko ditu «beste alderdiei botoa eman dieten herritarrak ere». Izan ere, Txibiteren ustez, gizarte osoak ditu aurrean dituzten erronkak. Horregatik, kontsentsurako deia egin du: «Prozesu honen guztiaren beroa pasatzen denean eta arreta mediatikoa itzaltzen denean, egunerokoaren normaltasunera itzultzen garenean, desberdinen arteko akordioa, posible soilik ez, errealitate izango da». Txibiteren arabera, gobernuak zentraltasuna izango du jarduteko ardatz: «Ezer arriskuan jarri gabe, hondamendirik eragin gabe». Lehendakarigaiaren esanetan , gobernuaren helburuen artean daude, besteak beste, Nafarroaren garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzea, desberdintasunen aurka egitea, eta «leialtasun instituzionalaren barruan autogobernua defenditzea».

40 minutuz, akordio programatikoaren nondik norakoak laburbildu ditu Txibitek, baina herritarrei gonbit egin die dokumentua bera zuzenean irakur dezaten. «Zarata alde batera utzi eta ikuspegi kritiko batetik baloratzeko». Hainbat gairen artean, iragan hurbileko memoriaren garrantzia azpimarratu du: «Urte eta erdi da ETA desagertu zela, eta zortzi urte terrorismoa utzi zuela. Izu politikoak memorian geratu behar du, baina inoiz hartu behar ez zen bidearen ardura izan zutenek egindako mina aitortu behar dute, akatsak onartuz».

Hizkuntza politikari dagokionez, «kontsentsua» aipatu du: «Horrek laburbiltzen du hizkuntza politika». Txibitek beharrezko ikusten du euskararen inguruko «akordio sozial eta politiko zabal bat lortzea, ez dadin alderdien interesen menpe geratu eta konfrontaziorako erabili». Gobernuak 1986ko Euskararen Legea hartuko du oinarritzat: «Errealitate soziolinguistikoaren arabera egingo da edozein araudi aldaketa edo garapen, erabilera sustatuz eta borondatea eta aukeren berdintasuna oinarri gisa hartuz».

Beste taldeei erantzuna

Hitzaldi nagusia amaituta, taldeei erantzun behar izan die hautagaiak inbestidura saioan. Javier Esparza Navarra Sumako eledunaren diskurtso gogorraren aurrean, Txibitek ohartarazi du «23 parlamentari 20 baino gehiago» direla. «Demokraziaren funtsa da gehiengoak osatzea. Ematen du eskuinak ez badu gobernatzen ez dagoela gobernu legitimorik. Ulertzen dut zure etsipena». Suminduraren estrategia alboratzeko eskatu dio Esparzari.

EH Bilduk galdera egin dio Txibiteri: legealdian nora begiratuko duen, eurengana edo eskuinera. «Guk herritarrei eta haien interesei begiratuko diegu», erantzun dio Txibitek, eta oposizio eraikitzailea egiteko eskatu. Zilegitzat jo du EH Bilduk aurreko gobernuaren lana aldarrikatzea: «Baina hura beste gobernu bat zen, beste garai bat».]]>
<![CDATA[Iraganak zama handiegia du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1949/003/001/2019-08-02/iraganak_zama_handiegia_du.htm Fri, 02 Aug 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/1949/003/001/2019-08-02/iraganak_zama_handiegia_du.htm abuztuko kolpe sonatu hura egin zuenetik, eta hamarkada oso bat ez da alferrik pasatu. Gobernua osatzeko prozesua, maiatzaren 26ko biharamunean hasi eta atzo burutu zena, ziurrenik inoiz ez zen iritsiko atal hura gertatu izan ez balitz. Eskuinari boterea ahalbidetzearen faktura gogotik ordaindu dute sozialistek, eta filmeko gaiztoaren rola jokatzeaz aspertuta edo, PSNk beste bide bati ekin dio.

Zalantzak, ordea, ez ditu erabat uxatu. Aurrekoak ez bezala, 23 parlamentarik osatutako gehiengoa besterik ez du hiruko gobernu honek. Horregatik, giltzarri da argitzea zein den legealdira begira PSNren benetako asmoa. Etorkizunerako jokaleku berria eratzeko borondatea du, ala Nafarroan agintzen duten beste botereen zerbitzuan, gobernu barrutik, aurreko legealdian eraikitakoa desegiteko asmoa du? Galdera horren erantzunak markatuko du ezinbestean X. legealdiaren patua. Ezer ez dago aurrez idatzia, eta, abiapuntu honetan, alderdi bakoitzak bere arriskuak hartu ditu.

EH Bilduk abstentzioaren alde egingo du azkenik. Betoarekin, irudi luke PSN EH Bildu gonbidatzen ari zela hauteskundeak berriz egitera, gobernu «aurrerakoi» bat oztopatu izanaren errudun gisa seinalatzeko, eta, nork daki, beste erremediorik gabe, eskuinaren gobernu bati bide emateko... Bide hori itxi du koalizioak, jakinda hauteskunde batzuek ez luketela ekarriko maiatzaren 26ak utzitako mapa politikoaren oso desberdina litzatekeen jokaleku bat; ez, bederen, euren interesekoa. Orain, jakinik gobernuak euren edo Navarra Sumaren botoen beharra izango duela gehiengoa osatzeko, eskuak libre ditu oposizioa egiteko edo politiketan eragiteko.

Arrisku handiagoa hartu dute haren bazkide ohiek. Ezkerra parlamentutik desagertzear geratu da ozta-ozta, eta gobernuan eragiteko modua aurkitu du. Ahal Dugu-k gainbehera handia jasan du. Nahiko lan izango du xurgatua izateko arriskua saihesten eta datozen lau urteotan egonkortasuna ematen bere proiektuari. Neurri batean, akordio programatikoarekin, aurreko lau urteetako politika batzuk onartu ditu PSNk, baina gobernuaren departamentu nagusiak bere eskuetan izango ditu. Horregatik, Ahal Dugu-k eta batik bat Geroa Bai-k gobernu barrutik soka motzean lotu nahiko dute PSN. Gobernu ekintza bateratua behar den heinean, PSNk biekin hitzartu beharko du ildo politikoa. Euren arteko konfiantza horren araberakoa izango da gobernuaren sendotasuna. Uneotan zail egiten da antzematen legealdia amaitzeko moduan izango diren.

Ahultasun horren jakitun, gogor joko du Navarra Sumak. UPNk oraindik ez du barneratu PSNk nahiago duela bide zail honi ekin, eskuinaren morroi gisa agertu baino. Azken orduan Esparzak Txibiterekin biltzeko deia egiteak asko du etsipenetik. Gobernura iristeko edozein saiotarako, gaur-gaurkoz ezinbesteko dute PSN, eta, horregatik, are eskuinerago joateak ez dirudi hauturik onena. Gobernua higatu eta etekinak bil ditzakete, baina, halaber, zentroan kokatuko dute PSN. Navarra Sumaren apustuak derrigorrean behar zuen boterea ukitzea, eta ikusi beharko da hiruren artean banatzeko eserlekurik gabe zer gertatzen den aliantza horrekin. PPk eta Ciudadanosek presentzia ziurtatu dute parlamentuan, baina ahotsik gabe geratu dira, eta UPNk, berriz, haiekin partekatu behar du mezua. Zenbat iraun dezakete elkarrekin? Espainiako eskuin gogorrenari kateatuta egoteak UPNren ahuldadea islatzen du.

Legealdiak galdera marka handi baten tankera hartuko du. Erregimenaren instrumentu moduan, abuztuko kolpearen ideia legealdi oso batera eraman dezake PSNk, azken lau urteetan egindakoa eta lortutako kohesio politikoa desegiteko helburuarekin. Azpikeriaz jokatuz gero, Nafarroako politika are zailago egingo lukeen jokaleku baterantz eraman dezake. Haatik, euren ikuspegitik abiatuta, lau urteotan egindako bidean aurrera egin eta beste erritmo batzuekin, jokaleku berri bat sortzen has daiteke. Bere diskurtsoan hori islatu nahi izan zuen Txibitek. Erantzunaren araberakoa izango da legealdiaren iraupena. Ez dago oraintxe arrazoi ugari pentsatzeko garai berri baten hasiera izan daitekeela, baina, mesfidantzan kateatuta, iraganak zama handiegia du batzuetan: ez soilik PSNrentzat, bai eta gainerako eragileentzat ere. Egia esan, guztiontzat.]]>
<![CDATA[EH Bilduk ahalbidetu egingo du Txibiteren inbestidura, bost abstentzio emanda]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/004/001/2019-08-01/eh_bilduk_ahalbidetu_egingo_du_txibiteren_inbestidura_bost_abstentzio_emanda.htm Thu, 01 Aug 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/1877/004/001/2019-08-01/eh_bilduk_ahalbidetu_egingo_du_txibiteren_inbestidura_bost_abstentzio_emanda.htm
Ikusmin handia eragin zuen atzoko agerraldiak. Azken batean, jokoan zegoen gobernua osatzerik izango ote zen edo hauteskundeak berriz egiteko arriskua handituko ote zen. Araizek nabarmendu du parte hartze handia izan duela kontsultak. Maiatzaren 26az gero, koalizioko kideek hausnarketa egin dute bozek ekarritako egoera politikoaren eta inbestidura saioari begira izan beharreko jokabidearen inguruan. Batzarrak egin dituzte, eta, horren ondotik, asteburuan, mahai politikoak abstentzioaren aldeko ikuspegia finkatu zuen. Azken egunetan, 900 pertsona gehiagok eman dute izena kontsultan parte hartzeko. Hala, 2.600 inguruko erroldatik %73k parte hartu dute azkenik. «Horrek adierazten du zer-nolako interesa zegoen eta erabakiak zer garrantzi zuen».

Araizek azaldu bezala, hiru laurdenek abstentzioa hobetsi dute, eta beste laurdenek ezezkoaren alde egin dute. Hala ere, Araizek PSNri eta Txibite hautagaiari ohartarazi die ez dezatela balorazio okerrik egin: «Ezezkoaren edo abstentzioaren alde bozkatu duten guztiek bazterketa politika deitoratzen dute, eta irmo adierazten dute hori aldatu egin behar dela».

EH Bilduko parlamentariaren arabera, makina bat militantek helarazi diete erabakia zaila zela. «Balioa eman nahi diogu ezezkoari; pertsona askok esan digute zail egin zaiela ezezkotik abstentziora pasatzea». Izan ere, Araizen arabera, «erabaki konplexua» izan da. Eskuina gobernura iristeari atea ixteko jarrera irmoa izan arren, PSNren politikek «berme gutxi» ematen diete. «Ez zen eztabaidarako abiapuntu onena bazterketan oinarrituta Iruñe, Barañain eta Lizarrako alkatetzak Navarra Sumari oparitu izana, edo eskuin horrekin berarekin hitzartuta Sartagudan eta Uharten EH Bilduri agintea kendu izana».

Araizek nabarmendu du bai ezezkoa eta bai abstentzioa «erabat zilegi» zirela, badaudela nahiko arrazoi bien alde egiteko. Halaber, militantzia haserre dago PSNren jarrerarekin, eta ez du nahi alderdi horri hegalak ematerik. Dena den, mahai politikoak emandako argudioak ulertu dituzte kide askok: «EH Bilduk ez du babesten gobernu akordioa, eta ez du inongo konpromiso politikorik gobernu horrekin. Momentu bakoitzean ikusiko dugu zer gertatzen den».

Batzarre, alde

Ezkerra koalizioko kide gisa, Batzarrek baiezkoa eman dio inbestidurari. Gobernu akordioari buruz galdetuta, 104 ordezkaritik %95ek baiezkoaren alde egin dute.

Hartara, bidea libre du Txibitek presidente hautatua izateko. Gaur, 12:00etan ekingo dio inbestidurari: gobernu programaren nondik norakoak azalduko ditu mugarik gabe. Etenaldia egingo da bazkaltzeko, eta 15:30ean jarraituko du saioak. Navarra Sumatik Ezkerraraino, ordezkaritza handienetik txikieneraino, talde bakoitzeko eledunek agerraldiak egingo dituzte, gehienez ordu erdiko tartearekin. Txibitek askatasuna izango du banaka edo denek amaitutakoan ihardesteko. Alderdiek ere tarte txiki bat izango dute ondoren. Bozketa 20:30erako aurreikusi dute, baina luzatu egin daiteke bilkura. Ordua garrantzitsua izango da, bigarren bozketa erabakigarria 24 ordu geroago egingo baitute.]]>
<![CDATA[Abstentzioaren alde bozkatu dute EH Bilduko militanteen hiru laurdenek]]> https://www.berria.eus/albisteak/169509/abstentzioaren_alde_bozkatu_dute_eh_bilduko_militanteen_hiru_laurdenek.htm Wed, 31 Jul 2019 07:09:52 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/albisteak/169509/abstentzioaren_alde_bozkatu_dute_eh_bilduko_militanteen_hiru_laurdenek.htm Eskuina gobernura itzul ez dadin hartutako erabakia izan da, finean, abstentzioaren alde bozkatu duten militanteena. Dena den, Araizek aurreratu duenez, bihar arratsaldean egingo den lehen bozketan ezezkoaren alde egingo du alderdiak -jakina zen Txibitek ezin izango zuela lehen bozketa gainditu eta bigarrena egin beharko zela-. Ostiralean, bigarren bozketan, EH Bilduk bi ezezko eta bost abstentzio egingo ditu -gehiengo sinplearekin nahikoa du Txibitek, ozta-ozta bada ere-. EH Bilduk hasieratik nabarmendu zuen azken erabakia militanteena izango zela eta bozketan hartutako erabakia errespetatuko zutela. Hala, Araizen esanetan, parte hartzea handia izan da, eta azken unean 900 pertsona gehiagok eman dute izena bozkatu ahal izateko. 2.600 inguruk parte har zezaketen guztira, eta eta azkenean 1.900dik gora izan dira euren botoa eman dutenak, eta horietatik %75ek, 1.432k, abstentzioaren alde egin dute. Dena den, Araizek ohartarazi dio PSNri ez dezala interpretazio okerra egin, EH Bildu bazterketaren aurka dagoelako. ]]> <![CDATA[Ahal Dugu-ko militantziak baiezkoa eman dio gobernu akordioari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/007/001/2019-07-31/ahal_dugu_ko_militantziak_baiezkoa_eman_dio_gobernu_akordioari.htm Wed, 31 Jul 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/1872/007/001/2019-07-31/ahal_dugu_ko_militantziak_baiezkoa_eman_dio_gobernu_akordioari.htm
Ahal Dugu-k hiru aukera eman dizkie militanteei: inbestiduraren alde bozkatu eta gobernuan sartu, baiezkoa eman baina gobernuan sartu gabe, eta abstentzioaren alde egin. Akordioaren arabera, gobernuak izango dituen hamahiru departamentuetatik bat Ahal Dugu-k kudeatuko luke (Migrazio Politikak eta Justizia), eta, gainerakoan, PSNk zortzi departamendu eta Geroa Baik lau lituzkete.

Hala, militanteen %79,4k (597 boto emaile guztira) gobernuan sartzearen alde egin dute; beste 116 militantek (%15,4) inbestidura babestearen alde baina gobernutik at, eta gainerako %5,2k abstentzioa hobetsi dute. Horiek hala, PSNk, Ezkerrak eta Geroa Baik bezala, Nafarroako Ahal Dugu-k ere baiezkoa emango dio akordioari eta inbestidurari .

Dena den, EH Bilduk baldintzatuko du azken bozketa. Atzo, bozketa telematiko bidez eta hainbat egoitzatan, militanteei galdetu zien zer egin. 21:00etan amaitu zen prozesua, eta hamahiru ordu geroago emango du emaitzaren berri Adolfo Araiz parlamentariak: gaur, 10:00etan. Eztabaida handia egon da koalizioan zer egin. Nafarroako EH Bilduko mahai politikoak abstentzioaren alde egin du, baina herenegun bertan Bakartxo Ruiz parlamentariak aurreratu zuen militanteena dela azken erabakia, eta, hartzen den erabakia hartzen dela, hura defendituko dute irmo taldeko zazpi ordezkariek.

Nafarroako biktimen iritzia

Nafarroako ETAren biktima batzuk Anvite elkartean bildu ziren 2018 hasieran. Talde horrek, ohar bidez, gogor kritikatu du PSNk «etikaren marra gorria zeharkatu izana». Anviteren arabera, EH Bilduren babesarekin gobernatuko du PSNk, eta horren aurrean «ezintasuna, etsipena eta lotsa» sentitzen dute. Elkarte horrek aurreko gobernuari leporatu zion «Bilduren presentzia zuritu izana» eta biktimen alde lan ez egitea. Salaketa horretan PSN alboan izan dutela diote oharrean, eta horregatik ez dute ulertzen zergatik «Arnaldo Otegik eragingo duen politiketan». Bidegabetzat jo dute.

Iaz, Alfonso Sanchez AVTko presidenteak berak salatu zuen elkarte horretako biktimak «alderdi baten zerbitzuan» daudela. «Hildakoak botatzen dizkiote elkarri, alderdi batzuk edo besteak boteretik kentzeko».

Atzo, Javier Esparza Navarra Sumako hautagaiak elkartasuna adierazi zion Anviteri: «Ulertzen dugu zuen haserrea. Jakin ezazue ez zaudetela bakarrik. Ez zaituztegu bakarrik utziko».]]>
<![CDATA[EH Bilduren abstentzioa ziurtatzeke, Maria Txibite aurkeztu da inbestidurarako]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/002/001/2019-07-30/eh_bilduren_abstentzioa_ziurtatzeke_maria_txibite_aurkeztu_da_inbestidurarako.htm Tue, 30 Jul 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/1877/002/001/2019-07-30/eh_bilduren_abstentzioa_ziurtatzeke_maria_txibite_aurkeztu_da_inbestidurarako.htm
Aurreko egunetan, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin akordio programatikoa eta gobernuaren antolamendua hitzartu zuen PSNk, eta, igandean, eduki horri buruz galdetu zien militanteei. Bozkatu zutenen %89k baiezkoa eman zuten, eta, emaitza jakin bezain azkar, Maria Txibitek Unai Hualde parlamentuko presidenteari deitu zion. Hark inbestidurako osoko bilkura egiteko ezinbestekoa den tramitea bete zuen, eta alderdietako eledunekin banaka bildu zen atzo.

Maiatzaren 26ko gauean pozarren ziren Navarra Sumako ordezkariak, baina, PSNren urratsak ikusita, ilundu egin zaie begirada. Javier Esparza Navarra Sumako hautagaiaren esanetan, alderdi sozialista «EH Bilduren besoetan» erori da. Esku batean ETAren aurkako manifestazioaren irudia zuela eta bestean asteburuan Hernanin (Gipuzkoa) eginiko omenaldiaren irudia, Esparzak sozialistei aurpegiratu zien «demokraten ordez ETAko hiltzaileen lagunak» hautatu izana. Salatu zuen orain Pedro Sanchez «Arnaldo Otegiren bazkide» dela.

Esparzaren aurretik hitz egin zuen Ramon Alzorriz PSNko Antolamendu idazkariak. «Askatasunak eta demokrazia defenditu ditugu lurralde honetan eta Espainian, eta alderdikideak hiltzen ikusi ditugu». Halaber, PPk eta Ciudadanosek Espainian erabili dituzten argudioen aurrean, politika «lokaztea» egotzi zien: «Etengabe bilatzen dute gatazka eta haustura». Era berean, ez du kezkatzen gutxiengoan egoteak. «Kezkatuta geundeke gobernu programa hitzartu ez bagenu edo Nafarroako estatusa errespetatzeko akordioa egin izan ez bagenu». Alzorrizen arabera, beste hiru alderdiak dira lehentasunezko bazkideak, eta, gehiengorik ez den gaietan, parlamentuan, «guztiek, Bilduk eta Navarra Sumak, politiketan eragiteko ahalmena izango dute».

Emaitza, bihar 10:00etan

Inbestidurarako ere ez dute nahikoa gehiengorik. EH Bilduk gaur galdetuko die militanteei, eta emaitzaren berri bihar emango du, 10:00etan. Militante bakoitzari galdetuko dio ea inbestiduraren aurrean zer egin behar duen EH Bilduk, eta bi aukera utziko dizkio: ezezkoa edo behar diren abstentzioak. Bozketa telematikoki egin daiteke, edo hainbat tokitan: Iruñeko, Lizarrako edo Tuterako egoitzetan; Agoizko udaletxean; Etxarri Aranazko kultur etxean; Tafallako alkartetxean; Leitzako Aurrera Elkartean edo Doneztebeko Azkarretan. EH Bilduko mahai politikoak egin bezala, Nafarroako EAk proposatu du abstentzioaren alde egitea.

ELAk prentsa ohar bidez kritikatu du PSNk, Geroa Baik,Ahal Dugu-k eta Ezkerrak lortutako akordioa, «benetako aldaketa baterako gutxienekoak ez dituelako betetzen». Sindikatuaren ustez, osasunean edo hezkuntzan aurrekontua nabarmen handitzeko konpromisoa agertu arren, ez du zehazten «nondik aterako den dirua». ELAk uste du anbizioa falta zaiola.]]>
<![CDATA[«Gobernuak aurrera egiten badu, betoa bere kabuz eroriko da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/003/001/2019-07-30/gobernuak_aurrera_egiten_badu_betoa_bere_kabuz_eroriko_da.htm Tue, 30 Jul 2019 00:00:00 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/paperekoa/1909/003/001/2019-07-30/gobernuak_aurrera_egiten_badu_betoa_bere_kabuz_eroriko_da.htm
Zergatik proposatu du abstentzioa EH Bilduko zuzendaritzak?

Estrategikoki, Nafarroan helburu argi bat dugu: urte luzez pairatu dugun erregimenari ateak itxi, eta bestelako politika eta egoera bat bilatu. Hauteskundeetako emaitzek utzi diguten aritmetikak ez ditu baldintzak sortzen azken lau urteetako bideari bere horretan jarraitzeko, baina iruditzen zaigu erregimena ahultzen jarraitzeko bidea izango litzatekeela abstentzioarena. Navarra Suma oposizioan egotea inportantea da.

Bozak berriz egiteak Navarra Sumaren eta PSNren arteko akordioa erraztu dezake?

Ez dago elementu objektiborik pentsatzeko egoerak hobera egingo lukeela. Eskuinaren eta PSNren arteko entente bat egoteko aukera irekita geratuko litzateke, eta, abstentzioaren bidez, ate hori ixteko urrats bat egingo genuke.

Abstentzioak zer aukera ditu?

Oposizio lan horretan, EH Bilduk giltza izango luke gobernua baldintzatzeko, eta, eskuak libre, eragiteko gaitasuna izango luke. Gure helburua argi dago: aldaketaren edukietan aurrera egitea eta zirrikituak baliatzea, bai gure proposamenak eginez, bai gobernuak egin dezakeena babestuz. Argi dugu giltza izango dugula, edozein atzerapauso planteatuz gero, horri ateak ixteko. Nafarroa demokratizatzeko bidean edozein atzerapauso planteatuz gero, oposizio irmoa egingo dugu .

Ezezkorako arrazoiak ere badaude. Kezkagarria da bi hilabeteotan EH Bildurekiko betoa finkatzea?

Egia da PSNk zailtasun gehigarriak jarri dizkiola hartu beharreko erabakiari. Udaletan izan duen jarrerak badauka bere pisua, eta ez da erraza izango gure militanteen artean sortu duen kontrakotasuna gainditzea. Bazterketa politika hori lau haizeetara aipatu izanak ez du laguntzen, batez ere kontuan izanik fikzioa dela.

Urak baretzen direnean, beraz, uste duzu harremanak normalizatuko direla berriz?

Ez dut zalantzarik. Gobernuak aurrera egiten badu, betoa bere kabuz eroriko da. Gobernuan PSNz gain Ahal Dugu eta Geroa Bai egoteak nolabaiteko bermea ezartzen du, indar horiekin harreman normalizatua dugun neurrian. Txibitek argitu beharko du inbestidura saioan ere nola bilatu nahi dituen gehiengoak, baina, ezkerrera begiratu nahi badu, EH Bildurekin negoziatu beharko du, bai ala bai.

PSNk bi aukera aipatzen ditu: EH Bildu edo Navarra Suma. Hori errealista da?

Alderdi sozialistak hautu bat egin beharko du, eta, Navarra Sumarekiko bitartekaritzaren aldeko hautua egingo balu, pentsatzen dut bai gobernukideek bai guk geuk zeresana edukiko genukeela. PSNk gobernua eskuratu nahi badu Navarra Sumarekin entente bat osatzeko, hori euren erantzukizuna litzateke, eta abuztuko kolpe berri bat litzateke.

Haien borondatea da gakoa. Nola ikusten duzu PSN?

Nafarroako alderdi sozialistaren kasuan, hitzek baino, ekintzek balio dute. Ohituta egon gara urte luzez PSNri gauza bat entzuten eta gero praktikan beste bat ikusten. Oraingoan ere praktikan ikusiko dugu benetako borondatea.

Eskuinak salatu du gobernua EH Bilduren menpe egongo dela, eta akordioa duzuela PSNrekin.

Eskuinak argi dauka: gehiengoa ez duen gobernu bat osatuko litzateke, eta gobernu hori EH Bilduk baldintza dezake. Horretan ados gaude, matematika hutsa baita. Beste kontu bat da hori erabiltzea manipulazioaren eta gezurraren bidez, presio egiteko alderdi sozialistari. Eskuina oso urduri ikusten dut; hori beste gako bat da pentsatzeko gobernuari bide ematea erabaki zuzena litzatekeela.

Eskuinaren erreakzioak bilatzen al du PSN irmo erantzutera behartu eta horrekin zuen militanteen erabakian eragitea?

Giroa nahasten saiatzen ari dira, denok hartu behar ditugun erabakietan eragin ahal izateko. Ahuldade zantzu bat da, eta agerian uzten du oso latza egingo litzaiokeela oposizioan beste legealdi bat egitea. UPN alderdi sistema bat da, eta botere instituzionaletik besterik ez da elikatzen. Navarra Sumako sentsibilitateen artean errazago aterako lirateke desadostasunak eta eztabaidak, oposizioan egonez gero.

Sinatutako akordio programatikoa nola ikusten duzue?

Funtsezkoak diren gaietan ez du ikuspegi argirik ematen -zerga sisteman, hizkuntza politikan edo abian jarritako udal maparen erreforman-. Legealdian giltzarri izango diren hainbat eztabaida atzeratu egiten ditu. Egia da akordio programatikoan nolabaiteko jarraipena dagoela eskubide sozialei eta bestelako esparruei dagokienez, baina funtsezkoak diren gaietan ez dago zehaztasunik.

Zer iruditu zaizue bazkide ohiek izandako jarrera betoarekiko?

Batzuetan gustatuko litzaiguke askoz ere modu agerikoagoan PSNri publikoki esan izana gutxiengoan egongo den gobernu baten ameskeria dela, eta bai ala bai EH Bildurekin hitz egin beharko lukeela. Egia da Ezkerrak jarrera irmoa erakutsi duela, eta Geroa Baik Txibiteri publikoki esan diola ezin dela izan ate faltsu bat Navarra Sumarekin hitzarmena egiteko. Eta egia da bilera egin dugula...

Bilera, noren artean?

Bilera Ahal Dugu, Geroa Bai eta Ezkerrarekin. Gure kezkak plazaratu genizkien: ea gobernu horrek gehiengoak bilatuz gero zer aldetara begiratuko duen. Gutxienez, konpromisoa hartu dute EH Bildu solaskide zuzena izango dela.]]>
<![CDATA[EH Bilduren mahai politikoak proposatu du Txibiteren inbestidura ahalbidetzea]]> https://www.berria.eus/albisteak/169393/eh_bilduren_mahai_politikoak_proposatu_du_txibiteren_inbestidura_ahalbidetzea.htm Sat, 27 Jul 2019 22:18:29 +0200 Joxerra Senar https://www.berria.eus/albisteak/169393/eh_bilduren_mahai_politikoak_proposatu_du_txibiteren_inbestidura_ahalbidetzea.htm